
67. zk., 2023ko apirilaren 5a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (411 KB - 37 orri.)
- EPUB (359 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1669
EBAZPENA, 2022ko abuztuaren 12koa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez berrikusten baita Consorcio de Residuos de Gipuzkoa - Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari Donostiako udal-mugartean (Gipuzkoa) hondakin arriskugabeak kudeatzeko jarduerarako (biometanizazioko eta zepak tratatzeko instalazioa) emandako ingurumen-baimen integratua.
EGITATEAK
1.– Ingurumeneko sailburuordearen 2018ko otsailaren 1eko Ebazpenaren bidez, ingurumen-baimen integratua eman zitzaion Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak Donostian (Gipuzkoa) sustatzen duen hondakin arriskugabeak kudeatzeko instalazioari (biometanizazioko eta zepak tratatzeko instalazioa). Eman ere, une hartan indarrean zen kutsaduraren prebentzio eta kontrol integraturako araudiaren arabera eman zen.
2.– 2020ko azaroan 19an eta 2021eko azaroaren 5ean, instalazioaren titularrak instalazio baimenduan aldaketak egiteko asmoa jakinarazi zion EAEko ingurumen-organoari, baita aldaketa horiek ez zirela funtsezkoak ere. Aldaketa horiek ez zirela funtsezkoak justifikatzeko dokumentazioa erantsi zuen.
3.– EAEko ingurumen-organoak 2021eko maiatzaren 31n eta 2022ko maiatzaren 5ean emandako ebazpenen bidez, aipatu aldaketak baimendu ziren.
4.– 2021eko irailaren 10ean, ingurumen-organoak, baimena berrikuste aldera, honako hauek igortzeko eskatu zion Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari: instalazioaren funtzionamenduaren eta ondorioetan deskribatutako teknika erabilgarri onenen arteko alderaketa bat eta instalazioari buruzko bestelako dokumentuak.
5.– 2021eko urriaren 1ean, ingurumen-baimen integratua berrikusteko eskatu zitzaion dokumentazioa aurkeztu zuen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak.
6.– Aurkeztutako dokumentazioa nahikoa zela ikusita, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2021eko azaroaren 29ko Iragarkiaren bidez erabaki zen jendaurrean jartzea, 30 egun baliodunez, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari emandako ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena, egoki irizten ziren alegazioak aurkezteko, eta 2021eko abenduaren 16ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen.
7.– Ingurumen-baimen integratua jendaurrean jartzeko izapideak amaituta, egiaztatu da ez dela alegaziorik aurkeztu.
8.– Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak txostena eskatu zien URAri, Donostiako Udalari eta Gipuzkoako Osasun Publikoari, 2022ko otsailaren 11n.
9.– 2022ko abuztuaren 10ean, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan xedatutakoa betez, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren esku utzi zen espedientea; espedientean ageri da emaitza.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
1.– 2016ko abenduaren 31n, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.
Aipatutako testu bateginaren 26. artikuluan daude ezarrita baimena berrikusteko baldintzak. Horri jarraituz, lau urteko epean, instalazioaren jarduera nagusiari dagozkion TEOen inguruko ondorioak argitaratzen direnetik aurrera, organo eskudunak ziurtatuko du instalazioaren baimenaren baldintza guztiak berrikusi direla eta, beharrezkoa izanez gero, egokitu direla, eta instalazioak aplikatu behar diren TEOei buruzko erreferentziako dokumentuen ondorioak betetzen dituela.
2.– 2018ko abuztuaren 17an, Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko Betearazpen Erabakia, zeinaren bidez ezartzen baitira hondakinak tratatzeko teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera (2018/1147/EB Erabakia).
3.– 2017ko urriaren 30ean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen urriaren 23ko APM/1040/2017 Agindua, Ingurumen Erantzukizunaren urriaren 23ko 26/2007 Legearen III. eranskinean jasotako jardueretan –ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren bidez 1. eta 2. lehentasun-mailakotzat sailkatuetan– nahitaezko finantza-bermea eratzea noiztik eska daitekeen ezartzen duena eta aipatutako agindu horren eranskina aldatzen duena.
4.– 2019ko urriaren 15ean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen urriaren 10eko TEC/1023/2019 Agindua, zeinetan ezartzen baita noiztik aurrera eskatu ahal izango zaien nahitaezko finantza-bermea Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen III. eranskinean jasotako jarduerei –ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren bidez 3. lehentasun-mailakotzat sailkatuak–.
5.– 2020ko urtarrilaren 22an eta otsailaren 4an, hurrenez hurren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ziren 209/2019 Dekretua, abenduaren 26koa, zeinaren bidez garatzen baita Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko urtarrilaren 23ko Agindua, zeinaren bidez jarraibide tekniko bat onartzen baita, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa interpretatzeari eta aplikatzeari buruzkoa, lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten bat eskatzeari lotua.
6.– 2020ko urtarrilaren 27an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 4/2020 Dekretua, urtarrilaren 21ekoa, zeinaren bidez indargabetu egiten baita irailaren 25eko 183/2012 Dekretua, Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko dena.
7.– 2020ko ekainaren 19an, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 553/2020 Errege Dekretua, ekainaren 2koa, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duena.
8.– 2021eko azaroan onartu zen Euskadiko Hondakinak Prebenitu eta Kudeatzeko 2030 Plana.
9.– 2022ko apirilaren 1ean Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 208/2022 Errege Dekretua, martxoaren 22koa, Hondakinen Arloko Finantza Bermeei buruzkoa.
10.– Ingurumen-baimen integratua eman zenetik ingurumenari buruzko araudi berria promulgatu da, eta, beraz, Ingurumeneko sailburuordearen 2018ko otsailaren 1eko Ebazpeneko haren baldintzak egokitu egin behar dira indarrean dagoen araudi berrira, ofizioz, aipatutako ebazpenaren laugarren apartatuan ezarritakoari jarraikiz.
Aipatutako legeria, eta gai honetan aplikatu behar diren gainerako xedapen guztiak aintzat hartuta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Berrikustea Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari Donostiako udal-mugartean (Gipuzkoa) hondakin arriskugabeak kudeatzeko jarduerarako (biometanizazioko eta zepak tratatzeko instalazioa) emandako ingurumen-baimen integratua, 2018ko otsailaren 1eko Ebazpenaren bidez eman zena; zehazki, Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko Betearazpen Erabakian jasotakoari jarraikiz berrikusiko da, aipatu ebazpenaren lehenengo eta bigarren apartatuen arabera. Honela geratuko da idatzita:
«Lehenengoa.– Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari (egoitza soziala: Gorostutza 2-1 20160 Donostia, Gipuzkoa, eta IFK G-20960183) ingurumen-baimen integratua ematea hondakin arriskugabeak kudeatzeko instalaziorako (biometanizazioko eta zepak tratatzeko instalazioa). Esandako instalazioaren koordenatuak UTM X: 578299,27 eta Y: 4789932,26 dira, Eskuzaitzeta 20000 Donostia, eta 16-I-01-000000000395 kodea esleitu zaio. Hala, ebazpen honen bigarren apartatuan ezarritako baldintzak ezarriko zaizkio.
Instalazioan gauzatuko diren jarduerak Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginean daude jasota, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutakoan; hain zuzen ere 1. eranskineko 5.4.a) eta 5.4.c) kategorian:
"5.4. Hondakin arriskugabeak balorizatzeko edo balorizatu eta desagerrarazteko instalazioak eguneko 75 tonatik gorako gaitasunarekin, baldin eta jarraian zerrendatuko diren jardueretako bat edo gehiago biltzen badituzte, hiriko hondakin-uren tratamenduari aplikagarri zaizkion arauak ezartzen dituen abenduaren 28ko 11/1995 Lege Dekretuan bildutakoak izan ezik:
a) Tratamendu biologikoa.
b) Errausketaren edo baterako errausketaren aurreko tratamendua.
c) Zepa eta errautsen tratamendua.
d) Hondakin metalikoen birringailuetan tratatzea, hondakin elektrikoak eta elektronikoak barnean hartuta, baita balio-bizitzaren amaieran dauden ibilgailuak eta horien osagarriak ere.
Instalazioan egiten den hondakinak tratatzeko jarduera bakarra digestio anaerobikoa denean, jarduera horren gaitasun-atalasea eguneko 100 tonakoa izango da".
Baimen honek Gipuzkoako Ingurumen Gunearen 2. faserako (GIG2) baldintzak ezartzen ditu. Hain zuzen ere, balorizazio energetikoko zepak heltzeko instalazioak eta biometanizazio-instalazioak osatua da:
– Biohondakinaren biometanizazio-prozesua (digestio anaerobioa), diseinuko 40.000 t/urte gaitasuna duena (I. fasea), etorkizunean 20.000 tona osagarri gaineratzeko aukerarekin, harik eta urteko 60.000 tonara iritsi arte (I+II faseak), baimen honek xede duen GIG2 ezartzea, aldi berean, bi fasetan egitea baitago aurreikusita.
– Gipuzkoako Ingurumen Gunean sortutako zepak heltzeko tratamenduaren prozesua, 1. fasea (aurrerantzean, GIG1), diseinuko 52.000 t/urte gaitasunarekin.
GIG2 Eskuzaitzeta industrialdean kokatuko da (D lurzatia), Zubietako administrazio-esparruan, Donostiako udal-mugartearen hego-mendebaldean, Lasarte-Oriako eta Usurbilgo hiriguneetatik gertu.
Instalazio horrek, aurre-tratamendu mekaniko-biologikoko instalazioak eta balorizazio energetikoko instalazioak osatutako 1. fasearekin (GIG1) batera, Gipuzkoako Ingurumen Gunea osatuko du.
Lurzatiaren azalera 31.988 m2 da, eta etorkizuneko industrialdearen ekialdeko muturrean dago, azpiestazio elektrikoaren alboan (W lurzatia), hain justu, etorkizuneko GIG1 instalazioen sarbide-tunelari eta haren sarrera- eta irteera-kontrolari atxikita.
Biohondakinaren biometanizazio-prozesua.
Biohondakinak jasotzea: pisatu ostean, kamioiek jasotze-zulo batean deskargatuko dituzte; deskargatzeko aurrehabearte estali batetik igaroko dira, ateak automatikoki ixten direla eta aspirazio kanalizatua duela, usaina kentzeko sisteman tratatzeko, beste sekzio batzuetan ateratako airearekin batera.
Biohondakinaren aurre-tratamendu biomekanikoa: biohondakina zulotik hartuko da, eta aurre-tratamendurako lerro mekanikoaren elikatze-toberan utziko, baztertzeko zatiak ateratzeko eta biohondakinak ondorengo digestio anaerobiorako egokitzeko.
Hamarratzak lehendabiziko errotako elikatze-sekzioan utziko ditu hondakinak, abiadura apaleko errotazio-birringailu batean. Elikatutako materiala, neurria murrizteko lehendabiziko fase horren ostean, uhal garraiatzaile baten bidez errotazio-bahe batera bideratuko da; 70 mm-ko sareta-neurria izango du bahe horrek. Granulometria horretatik behera dagoen materiala, frakzio fina, uhal garraiatzaile batekin bereizgailu magnetiko batera eramango da, eta, azkenik, digestio anaerobioko ataleko dosifikatze-unitateraino iritsiko da.
Bestalde, 70 eta 100 mm arteko frakzioa uhal garraiatzaile bidez eramango da, bereizgailu magnetiko batean zehar, harik eta bigarren birringailu batera iritsi arte; haren ostean, aipatu dugun lehendabiziko errota/birringailuetara joango da.
100 mm-tik gorako frakzioa (bahe birakariaren gainezkatzea) errefustzat hartuko da. Frakzio horretan, ferrikoak bereiziko dira, bolumen handikoen edukiontzietan utzi aurretik.
Digestio anaerobikoa: biohondakina, aurretratamendutik igaro ondoren, digestoreko materia organikoarekin nahasiko da; sarkin gisa funtzionatuko du, digestio anaerobikoa optimizatzeko. Prozesua baldintza termofilikotan egingo da, eta nahaskia digestorearen gainaldera punpatuta.
Bi zutikako zilindro formako digestore jarriko dira paraleloan, irteera eta sabai konikodunak, hurrenez hurren, 4000 m3 eta 2000 m3-ko bolumenekoak.
Artzitze-masa grabitatez mugituko da digestoreen gainaldetik behera. Digestua 2. digestoreko irteera konikotik barrena irtengo da, eta haren frakzio bat elikadura-ponparantz berrabiatuko da, sarkin gisa baliatzeko.
Digestoreetan sortutako biogasa baldintza arruntetan jariatuko da, presio-aldearen bidez, digestoretik gasometrorantz. Hortik, biogasa kogenerazio-motorretara bidaliko da. Biogasean H2S edukia murrizteko, kloruro ferrikoa edo burdina-gatza gehitu da elikatze-ponpan. Biogas-produkzioak kontsumoa gainditzen duenean, edo larrialdi-kasuetan, horretarako prestatutako zuzi batera bidaliko da.
Sortutako digestua torlojuen bidez garraiatuko da deshidratazio-unitateraino, eta, bertan, digestuak % 30 eta 35 bitarteko solidoen edukia lortuko du guztira, gutxi gorabehera.
Biohondakinak 25 egun inguru emango ditu digestorean, batez beste.
Gasaren tratamendua eta kogenerazioa: sortutako biogasa mintz-gasometro batean gordeko da aldi batez, biogas-fluxu uniformea bermatu ahal izateko energia elektrikoa sortzeko motorrez osatutako kogenerazio-instalazioan. Gasometroak 540 m3 inguru biogas gordetzeko gaitasuna izango du gutxienez.
Gasometroa esfera moztu itxurarekin konfiguratuko da, eta kanpotik babestuta egongo da, bai eguzki-erradiazioetatik, bai onddoen zein bakterioen erasoetatik, beste mintz sintetiko baten bidez. Bi mintz horien artean, aire-ganbera bat izango da, gasometroaren barruko kapa bariazio klimatikoetatik babesteko.
Instalazio hori osatzeko, kontrol-ekipo bat izango da betetze-zundekin, baita hainbat alarma ere.
Era berean, segurtasun-zuzi bat ere izango du instalazioak, sobera dagoen biogasa deuseztatzeko, ezohiko eta larrialdietako egoeretarako pentsatuta.
Kogenerazio-motorrek digestio anaerobioko prozesuan sortutako biogasa erabiliko dute erregai gisa, eta biogasaren energia termikoa energia mekaniko eta termiko bilakatuko dute.
Energia mekanikoa, modulu bakoitzaren alternadorean, energia elektriko bilakatuko da.
Kogenerazio-instalazioak bi (2) modulu-talde izango ditu, bakoitza 1000 kW-koa (I+II fasean, berriz, 1000 kW-ko hiru [3] talde izango ditu).
Motorren hozte-zirkuituko ur beroa erabiliko da digestio anerobikoko prozesuaren elikagai-korronte freskoaren (biohondakina) aurre-berokuntzan, instalazioaren energia-optimizatzea xede.
Biogas-motorrak martxan ez dauden kasuetan, ezohiko jardunetik kanpoko larrialdi-kasuetan eta instalazioa abiarazteko eragiketetan, galdara elektriko bat egongo da elikadura berotzeko ura berotuko duena.
Digeritutako hondakina deshidratatzea. Ondoren, digestua deshidratatzeko prozesua azalduko dugu.
1.– Digestua deshidratatze-lerrora iritsiko da, 2. digestorearen irteerara lotutako estrakzio-ponpak bultzatuta. Esandako digestu-korronte hori polimero-disoluzio batekin nahastuko da, osteko deshidratatzeko prozesuan eraginkortasun handiagoa lortzeko; disoluzio hori helburu horretarako gaitutako malutatzaile-unitate batean prestatuko da.
2.– Digestua prozesatzeko eskatutako gaitasuna kontuan izanda, bi (2) nahaste-unitate eta bi (2) prentsa instalatuko dira. Nahaste-prozesua batch batean egingo da. Digestuaren korrontea eta polimero-disoluzioa paraleloan jardungo duten nahaste-unitateetara elikatuko dira; lortutako nahaste-produktua dosifikatzeko hainbat torlojutara deskargatuko dute, eta ondoren prentsetara bidaliko. Prentsetan, digestu-korrontea deshidratatuko da, harik eta % 30-35 bitarteko materia lehorreko edukia lortu arte, gutxi gorabehera.
3.– Prentsatik ateratako frakzio likidoa (ura) dekantagailu zentrifugo batera ponpatuko da zuzenean, eta, bertan, lohia eta material solidoaren hondarrak bereiziko dira. Zentrifugoaren sarreran, beharrezkoa izanez gero, bigarren malutatzaile-etapa bat ere egin ahal izango da, polimero-disoluzio bat erantsita (polielektrolitoa), deshidratatzeko prozesua areagotzeko helburuarekin. Horrez gain, ezinbestekoa da apar-kontrakoa dosifikatzeko sistemak izatea (zentrifugoaren sarreran), baita uraren gogortasuna egonkortzekoa ere.
4.– Azkenean lortutako efluente likidoa birika-tangan gordeko da; prentsen eta zentrifugoaren irteeran eskuratutako frakzio solidoa (digestu deshidratatua), berriz, bildu eta siloetara bidaliko da, ondoren kudeatu ahal izateko.
Zepak tratatzeko eta heltzeko prozesua.
Zepa hezeak jasotzea eta lehortzea: guztira 6 mandio izango dira, bakoitza 500,5 m3-ko bolumen unitariokoa, zepak tratatzeko habeartean kokatuta. Nabe horren azalera baliagarria 5.800 m2 inguru izango da.
Etapa horren bidez, honako helburu nagusi hauek lortuko dira:
– Zepa hezeek eragin ditzaketen itsaspenak eta buxadurak minimizatzea (GIG1eko balorizazio-energetikoko instalazioaren [BEI] zepak kentzekoaren/hoztekoaren irteeran) tratamendu mekanikoko osteko ekipoetan, ekipoen efizientzia eta, ondorioz, esperotako errendimenduak handituta.
– GIG1eko balorizazio-energetikoko instalazioan zepak ekoiztearen eta instalazio horren jardute-baldintzen bufferra edo erregulazioa, itoguneak edota jarduerarik gabeko aldiak saihestuta.
Zepen tratamendu mekanikoa: ferrikoak eta ez-ferrikoak bereiztea, neurrien arabera bahetzea.
Lehortzeko prozesua amaitu ostean, tratamendu mekanikoa elikatzeari ekingo zaio, kusku biko koilararen bidez. Prozesuaren helburu nagusiak honako hauek dira:
– Materiala sailkatzea, hainbat baheketaren bidez.
– Metal ferrikoak eta ez-ferrikoak berreskuratzea, bereizgailu magnetikoen eta indukziozko bereizgailuen bidez.
Koilarak lehenik eta behin barra-bahe bat elikatuko du; bertan, lehendabiziko sailkapen bat egingo da, eta 300 mm baino gehiago dituzten materialak erretiratuko dira. Material horiek errefortzu-altzairu ez badira, biltegiratu egingo dira, ondoren instalazioan aurreikusitako birringailu-errotan birrintzeko. Errefortzu-altzairua biltegiratu egingo da, ondoren birziklatzeko.
Bestalde, 300 mm baino gutxiagoko frakzioak, uhal garraiatzailearen bidez, sareta poligonala duen 40 mm-ko bahe birakari batera eramango dira, eta bertan bi frakzio eskuratuko dira: bahetu gabeko 40-300 mm frakzioa, eta bahetutakoa, 40 mm baino txikiagoa. Lehendabizikoa metalak bereizteko eta ondoren birrintzeko prozesu batera bidaliko da, eta prozesua berriro hasiko da ostean. Bigarren frakzioa batez ere mineralez, beiraz, metal ferrikoz eta ez-ferrikoz osatuta egongo da, eta metalak modu elektromagnetikoan bereiziko dira; ondoren, bahetu egingo da, 10 mm baino material handiagoak eta txikiagoak bereizita, eta berriro ere bi korronteei bereizketa metaliko ferrikoa eta Focault korronteena aplikatuko zaie.
Zepak heltzea: tratamendu mekanikotik datozen zepak, uhal garraiatzaileen bidez, hormigoizko murruak dituzten mandiogune batera eramango dira (6 mandio, bakoitza 1.160 m3-ko bolumenarekin); bertan, materiala erabat inertizatuko da. Prozesu hori dimentsionatzeko gutxieneko egonaldiaren denbora bi hilabete da; edonola ere, materialaren ezaugarriek zehaztuko dute denbora hori. Tarte horretan, materiala erabat inertizatzea lortuko da, eta, hondakinak kudeatzeko hierarkia aplikatuta, material agregatu gisa, betegarri gisa edota ekoagregakin bezala baliatu ahal izango da ondoren, bat etorriz sektoreko araudiarekin.
Hartara, lehortze-sistemaren diseinuaren bidez, tratamendu mekanikoarekin (bahetzea) eta proposatutako heltze-prozesuarekin, balorizatzeko aukera izango duen material arriskugabe bat lortuko da.
Prozesua amaitu ostean, kargatzeko palak heldutako zepak bidaltzeko kamioiak zamatuko ditu, horretarako aurreikusitako zamaketa-kai baten bidez.
GIG2n guztira instalatu beharreko potentzia 1.935 kW izango da, eta zenbatetsitako kontsumo elektrikoa, berriz, 3.950.000 kWh izango da urtean.
Bestalde, I+II fasean guztira 2.068 kW-ko potentzia instalatua dago aurreikusita orotara, eta zenbatetsitako kontsumo elektrikoa, aldiz, 4.520.000 kWh izango da urtean. Era berean, gas naturala kontsumituko da district heating back-up galdaretan, baita gasolioa ere makina mugikorretan.
Instalazioak guztira 10 foku ditu, eta horietatik 2 mahuka-iragazki gaituko dira zepak tratatzeko jardueran, baita garbiketa kimikoko sistema bat ere (scrubber) NH3 neurri baten deuseztatzeko, baita aurre-hezegailu bat eta ikatz aktibatuzko bioiragazki bat ere biometanizazio-instalazioan. Jarduera arruntaz bestelako kasuetarako, abiarazteko, geldialdi programatuetarako edota larrialdietarako –hau da, kogenerazio-motorrek funtzionatu ezin duten kasuetarako–, instalazioak larrialdietarako balbulen sistema bat izango du, biogasa zuzietara bideratzeko.
Euri-ur garbiak aprobetxatzeko, autogarbiketarako kanpo-iragazki bat dago, gutxienez % 90-95eko eraginkortasunarekin, 0,1 eta 1 mm bitarteko iragazketa-graduarekin.
Euri-ur zikinak esekidura-solidoen bereizgailu batera bidaliko dira, baita olio- eta hidrokarburo-bereizgailu koaleszente batera ere. Urak, prozesu horren ostean, Eskuzaitzeta industrialdeko euri-uren sareko biltodira bideratuko dira.
Zepak biltegiratzeko gunean sortutako lixibiatuak bildu eta merkataritza-dekantagailu batera eramango dira, esekidura-solidoak erretiratzeko eta Eskuzaitzetako industriako uren eta ur beltzen sarerako zehaztutako isuri-mugak betetzen direla bermatzeko; horretarako, Añarbeko Uren konexioa dago aurreikusita.
Gainerako urak hauek izango dira:
– Biometanizazio-prozesuan sortutako hondakin-urak.
– Harreragunean eta biohondakinen biltegian sortutako lixibiatuak.
– Usainak kentzeko instalazioko hondakin-urak (scrubber-purgak eta bioiragazkiko lixibiatuak).
– Hozte-dorrean sortutako hondakin-urak (purgak), funtzionatuz gero.
– GIG2ko garbiketan eta baldekatzeetan sortutako urak.
Korronte horien tratamendu-instalazioaren tratatzeko batez besteko gaitasuna 90 m3/egun izango da lehen fasean, eta 130 m3/egun I+II fasea ezartzen denean. Modu jarraituan jarduten duen prozesu biologikoa izango da: lehendabiziko etapa nitrifikazioa izango da, eta bigarrena, berriz, desnitrifikazioa. Azkenik, biomasaren eta arazketa-uraren banaketa jarraitua egingo da, ultrairagazketako mintzen sistema baten bidez (MBR siglekin ezagutzen den prozesua).
Sortutako hondakin nagusiak zepa helduak eta digestu deshidratatuak izango dira, biak ere arriskugabeak. Era berean, sortuko dira beste hondakin batzuk ere, hala nola bereizitako metalak.
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren jardueran, teknika erabilgarri onenak aplikatzen dira, zehazki, dokumentu honetan biltzen direnak: "Hondakinen tratamendurako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, bat etorriz Europako Parlamentuak eta Kontseiluak emandako 2010/75/EB Zuzentarauarekin. 2018ko abuztua": 1. TEO, 2. TEO, 3. TEO, 4. TEO, 5. TEO, 6. TEO, 7. TEO, 8. TEO, 10. TEO, 11. TEO, 13. TEO, 14. TEO, 15. TEO, 16. TEO, 17. TEO, 18. TEO, 19. TEO, 20. TEO, 21. TEO, 23. TEO, 25. TEO, 33. TEO, 34. TEO, 35. TEO, 38. TEO eta 39. TEO.
Bigarrena.– Honako baldintza eta eskakizun hauek ipintzea Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak Donostiako udal-mugartean sustatutako hondakin arriskugabeak kudeatzeko jarduera ustiatzeko jarduerari (biometanizazioko eta zepak tratatzeko instalazioa).
A) Gutxienez seiehun mila (600.000) euroko erantzukizun zibileko aseguru bat eratu beharko da, honako hauek estaliko dituena: hirugarren pertsonei edo horien ondasunei egiten zaizkien kalteengatiko edo konponketengatiko kalte-ordainak, eta baimen honek onartutako jardueraren ondorioz aldatzen den ingurumena leheneratzeko kostuak.
Aseguru horren zenbatekoa urtero eguneratu ahal izango da, aurreko 12 hilabeteetako kontsumoko prezioen indizearen (KPI) arabera igota.
B) Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsonaren gainean Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik balego, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak aldaketa horien berri emango du.
C) Babes- eta zuzenketa-neurriak sustatzaileak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala ezarriko dira, bat etorriz indarrean dagoen araudiarekin eta ondorengo apartatuetan xedatutakoarekin:
C.1.– Hondakinak jasotzeko, manipulatzeko, biltegiratzeko eta tratatzeko baldintzak eta kontrolak.
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak hondakin arriskugabeak balorizatuko ditu, hondakin arriskugabeok kudeatzeari begira (biometanizazioko eta zepak tratatzeko instalazioa).
Instalazioan balorizazioa egiteko onar daitezkeen hondakinak hurrengo apartatuetan daude zehaztuta, horiek behar bezala kudeatzeko zehaztapenekin batera.
C.1.1.– Hondakin onargarriak.
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak Europako Hondakinen Zerrendako hondakin arriskugabeak tratatu ahal izango ditu, ondoren zehaztutako epigrafearekin. Zerrenda hori Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren bidez argitaratu zen (erabaki horren bidez aldatu egin zen 2000/532/EE Erabakia, hondakinen zerrendari buruzkoa, Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2008/98/EE Zuzentarauan xedatutakoa betetzeko).
Biometanizazio-instalazioa (R12/R3): urtean 40.000 tona tratatzeko gaitasuna I. fasean, eta beste 20.000 tona gehigarri urtean II. fasean.
(Ikus .PDF)
Errausketa-zepak tratatzeko instalazioa (R12/R5): tratatzeko ahalmena: 52.000 t/urte.
(Ikus .PDF)
Instalazioan ezingo dira inola ere onartu ebazpen honetan zehaztu ez diren hondakinak, ez eta hondakin onargarrien artean adierazitakoak izanik ere, beste hondakin mota generikoren batekin kutsatuta daudenak ere.
Jasotako hondakinek ezingo dute izan 2008/98/EE Zuzentarauaren II. eranskina ordezten duen Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014 Erregelamenduan ezarritako arrisku-ezaugarrietako bat ere.
Hondakinak beste autonomia-erkidego batetik lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egite aldera, bat etorriz Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluarekin.
C.1.2.– Hondakinen sarrera kontrolatzea.
Instalaziora balorazioa egiteko iristen diren hondakinen kontrola egin beharko da, ebazpen honen baldintzen arabera instalazioan onargarriak direla bermatzeko.
Kontrol horretan, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak onartutako tratamendu-kontratuan ezarritako egiaztapena egin beharko da. Agiri horretan, onartzeko parametro mugatzaile eta baldintzatzaileak ezarriko dira. Egiaztatze hori sarrera-kontroleko agiri batean erregistratuta geratuko da.
Ezin izango dira onartu baimen honetan adierazitakoez bestelako hondakinak. Nolanahi ere, hondakin mota gehiago kudeatu ahal izateko, beharrezkoa izango da Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzaren onarpena lortzea aldez aurretik, eta ebazpen honen H) apartatuan ezartzen dena betetzea.
Instalazioan tratatu beharrekotzat jotzen diren hondakinen jatorri bakoitzeko, operadoreak dagokion tratamendu-kontratua igorriko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, eta kontratu horretan, hala badagokio, hondakina onartzeko parametro mugatzaile edo baldintzatzaileen proposamena erantsiko da.
Hondakin bat onartzeko aukera egiaztatu eta gero, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak onarpenaren agiria bidaliko dio hondakinaren titularrari, non baldintzak eta, hondakina entregatzen ez bada, epemuga ezarriko baitira. Horrez gain, hondakina onartzeko parametro mugatzaileak edo baldintzatzaileak jasoko dira, eta, hala badagokio, hondakin-partida bakoitza hartu aurretik aztertu beharreko parametroak.
Era berean, baldin eta hondakina onartzeko baldintzen jarraipena egitean ikusten bada baldintzak ez direla bete eta, beraz, partida ez dela onartu, berehala jakinarazpen bat bidali beharko zaio organo honi, posta elektroniko bidez (ippc@euskadi.eus), honako hauen berri emanez:
– Baztertzeko arrazoia.
– Beste kudeaketa-bide bat ala hondakina bidaltzaileari itzultzea proposatzen den.
– Beste kudeatzaile bati bidaltzea proposatzen bada, nahitaezkoa izango da dagokion tratamendu-kontratua aurkeztea, betiere lekualdaketa egin aurretik.
– Ekoizleari itzultzen bazaio, kontrol- eta jarraipen-agiriko gertakarien apartatuan jaso beharko da gertakari hori, eta lekualdaketaren data eman.
Baldin eta onartu ez den partida beste autonomia-erkidego batetik badator, jatorrizko ingurumen-organoari ere jakinarazi egin beharko zaio.
Hondakinak beste autonomia-erkidego batetik lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egite aldera, bat etorriz Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluan ezarritakoarekin.
Hondakinak onartu eta jasotzeko aukera egiaztatu asmoz, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak hondakinen onarpen-parametroak egiaztatzea ahalbidetuko duten baliabide teknikoak eta giza baliabideak izan beharko ditu une oro.
Hondakin bat ezin bada onartu, zeinaren EHZ kodea hondakin baimenduen artean baitago, tratamendu negatiboaren kontratu bat egin beharko da, hondakin horiek kudeatzeko ezintasunaren arrazoiak azaltzen dituena.
C.1.3.– Zamalanak.
a) Hondakin horien zamalanak egiteko ibilgailuen geralekuek zolata iragazgaitza izango dute, eta, orobat, behar diren maldak eta balizko jarioak biltzeko sareak, horiek kutxatila itsurantz edo biltzeko putzurantz zuzentzeko, betiere bidean ibilgailuaren azpitik igaro gabe edo beste ibilgailu edo instalazio batzuetara hurbildu gabe.
b) Instalazioan egiten diren hondakinen zamalanek eta manipulazioak, baita ekipamenduen estankotasunak ere, emisio zehaztugabeak edo kontrolez kanpoak saihestu beharko dituzte, edo, bederen, ahalik eta gehien murriztu.
C.1.4.– Jasotako hondakinak biltegiratzea.
a) Bi urtez gordeko dira gehienez balorizatu beharreko hondakinak.
b) Tratatu beharreko hondakinak biltegiratzeko instalazioek lurzoru iragazgaitzak izango dituzte, aurreikusitako zamak jasateko eta izan litezkeen ihes edo isuriei eusteko gai direnak, eta biltegiratze-eremu bereiziak izan beharko dituzte hondakin onargarrien mota generiko bakoitzerako.
c) Instalazioan onartutako hondakinak biltegiratzeko orduan, prezipitazio atmosferikoak sartzea eta haizeak hondakinak arrastatzea saihestu beharko da.
d) Hauts-itxurako hondakinak eta soltean jasotakoak habeartearen barruan gorde beharko dira, multzotan eta/edo gelaxketan, tratamendua egiteko unea iritsi arte.
e) Egoera fisiko likidoan edo oretsuan daudelako edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira, ezbeharrez gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Bilketa-sistema horiek independenteak izango dira, baldin eta, hondakinen tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete.
f) Hondakinek desagertu, galdu eta ihes egingo balute, berehala jakinaraziko zaio gertatutakoa Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari eta Donostiako Udalari.
g) Instalazioaren etenaldi teknikoaren egoera berezietan, edo instalazioaren ezohiko funtzionamenduaren ondoriozko bestelako egoeretan, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak C.1.1 apartatuan adierazitako hondakinen transferentzia-zentro gisa jardun ahal izango du, hondakinak kudeatzeko beste instalazio baimendu batera eramateko.
C.1.5.– Kudeatutako hondakinen datuak erregistratzea.
Bat etorriz Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 64. artikuluan xedatutakoarekin, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak formatu fisiko edo telematikoko artxibo kronologiko bat eduki beharko du, non jasoko diren, hurrenkera kronologikoan, hondakinen kopurua, mota, jatorria, helmuga eta hondakinak tratatzeko metodoa, eta, aplikatzekoa den kasuan, garraiobidea eta bilketa-maiztasuna. Aipatutako fitxategi kronologikoan sartuko da, orobat, hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanen agiri bidezko egiaztapenean bildutako informazioa, eta bertan, gutxienez, honako datu hauek jasoko dira:
– Onartutako hondakinen jatorria (sorrera eta prozesua, erakunde sortzailea eta enpresa garraiolaria).
– Hondakin horien kantitateak, izaera, konposizioa eta identifikazio-kodea.
– Hondakin-partida bakoitzaren onarpen- eta jasotze-datak.
– Onartu ez diren hondakin sortei buruzko datuak (jatorria, kopurua, enpresa garraiolaria, ez onartzeko arrazoiak eta beste norako bat, ordezko aukera gisa).
– Biltegiratutako hondakinak instalazioko zer tokitan dauden.
– Hondakin-partidak aurretik egokitzeko edo multzokatzeko eragiketak, datak, parametroak eta partida horiei buruzko datuak, hondakinen ondorengo helmuga eta partida bakoitzari emandako EHZ kodea.
– Instalazioko kudeaketa-lanen datak edo azken kudeatzaile baimenduari bidalketa egin zaionekoa eta kudeatzaile horren identifikazio-datuak, eta, hala badagokio, sortutako Kontrol eta Jarraipen Agiriarenak.
– Bereizitako hondakin arriskutsuen mota bakoitzaren izaera eta pisuarekiko zatikia.
Ebazpen honen C.1.2 apartatuan aipatutako kontrolen emaitzak apartatu honetan araututako erregistroan jasoko dira, baita Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak egin ditzakeen kontrasteko kontrolenak ere.
Halaber, birziklatutako agregakin merkaturatuen erregistro bat ere gordeko da (kopurua eta norakoa), harrizkoak ez diren frakzioen kopurua eta norakoa, instalazioan sortutako baztertuen kopurua eta norakoa, baita zehaztu gabeko produktuaren kopurua eta norakoa ere.
Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluarekin bat etorriz, urte bakoitzeko martxoaren 1 baino lehen aurkeztu beharko da fitxategi kronologikoan jasotako informazioaren memoria laburra, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.
C.1.6.– Estatuz kanpotik inportatutako edo kanpora esportatutako hondakinak.
Baldin eta kudeatu beharreko hondakinak edota kudeatutakoak beste estatu batzuetakoak badira, Hondakinen Lekualdaketei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan ezarritakoa bete beharko da.
C.1.7.– Biometanizazioko instalazioan tratatutako hondakinak egokiro kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.
a) C.1.1 apartatuan zehaztutako biometanizazioko instalazioko hondakinak onartu, bildu, ikuskatu eta biltegiratzeko baldintzak eta kontrolak alde batera utzi gabe, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren baimenak ezartzen dituen baldintzak bete beharko ditu Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, honako xedapen hauetan ezarritako eskakizunak betetzeko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko urriaren 21eko 1069/2009 Erregelamendua (EE), gizakiak jatekoak ez diren animalia-jatorriko azpiproduktuei eta produktu deribatuei aplikatzeko osasun-arauak ezartzen dituena; Europako Batzordearen 2011ko otsailaren 25eko 142/2011 Erregelamendua (EB), aurrekoa aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena.
C.1.8.– Zepak tratatzeko instalazioan tratatutako hondakinak egokiro kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.
a) Kudeaketa-prozesuaren ondoriozko burdinazko eta altzairuzko txatarren kasuan, dagozkien adostasun-deklarazioak egin direla egiaztatu beharko da, bat etorriz Europako Kontseiluaren 2011ko martxoaren 31ko 333/2011 (EB) Erregelamenduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin. Erregelamendu horretan, txatar mota jakin batzuek hondakin izateari noiz uzten dioten zehazteko irizpideak finkatzen dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren arabera.
b) Bestetik, ingurumen-zainketarako programaren esparruan, eraikuntzako agregakin gisa bideratzen den zepari buruzko informazioa eman beharko da, dagokion araudiaren arabera, eta egiaztatu beharko da produktu gisa kontuan hartzeko ezarritako parametroak betetzen dituela.
c) Era berean, kudeaketa-prozesuaren ondoriozko burdinazko eta altzairuzko txatarren kasuan, 333/2011 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean eta materiala produktu gisa gaitzen duen araudian ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, hondakin gisako kudeaketa egiaztatuko da, kudeatzaile baimendu baten dagokion onarpen-dokumentua aurkeztuz.
C.2.– Instalazioaren funtzionamendurako baldintza orokorrak.
C.2.1.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.
C.2.1.1.– Baldintza orokorrak.
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren instalazioa ustiatzean, honako baldintza hauek bete beharko dira: atmosferara egingo diren emisioek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako balioak, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako baldintza teknikoak betetzea.
Prozesuan zehar aireratzen gai kutsatzaile oro bildu eta bide egokienetatik kanporatuko da, gai kutsatzaile horien ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren, behar izanez gero.
Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango emisio konfinatu gabeak biltzea teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria ez denean, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.
Neurri egokiak hartuko dira istripuz gertatutako emisioen probabilitate txikitzeko, eta haien efluenteek giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko moduan. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.
Proiektuan aipatzen diren atmosferako kutsaduraren inguruko neurriak beti beteko dira, bereziki hautsa ez aireratzeko neurriak, hala nola agregakin-multzoak ureztatzea edo bideak garbitzea.
Atmosfera Kutsa dezaketen Jardueretarako Instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 5. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte instalazioaren titularrek.
Honako elementu hauek atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-guneak, neurketa-portuak, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.
Organo honek foku berri bat baimendu ondoren, hura abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko entitate batek egindako hasierako IKE txosten bat igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahal izango zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.
C.2.1.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren instalazioaren jarduerak, urriaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren eranskinaren arabera, honako kode hauek ditu: B 09 10 06 00 (biogas-produkzioa edo biometanizazio-instalazioak) eta B 09 10 09 50 (biltegiratzea edo manipulazio-eragiketak gauzatzea, tartean, hondakin ez-metalezkoak edo metalezko hondakin hautsezkoak nahastea, bereiztea, sailkatzea, garraiatzea edo txikiagotzea, material horien gaineko manipulazio-ahalmena >= 500 t/egun izanik, eta hondakin arriskutsuena >= 10 t/egun). Halaber, instalazioak honako foku hauek ditu, atmosfera babesteko indarrean den araudiari jarraikiz:
(Ikus .PDF)
Era berean, digestorean sortutako biogasa erretzeko bi zuzi izango dira (I. fasean bata eta II. fasean bestea), biogasaren kogenerazio-motorrak funtzionatzen ari ez diren larrialdi-egoeretarako.
Foku ez-sistematikoetako bat urtean batez beste hamabi alditan baino gehiagotan funtzionatzen hasten bada eta aldi bakoitzak ordubete baino gehiago irauten badu, edo, maiztasuna edozein dela ere, emisioen iraupena orokorrean instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bost baino handiagoa bada, emisio-foku sistematiko gisa araupetu beharko da.
Urte jakin batean foku sistematiko batek foku ez-sistematiko gisa funtzionatzen badu, ez da foku horren gaineko kontrolik egin beharko urte horretan. Ondoko urtean egin beharko da, baldin eta kontrola salbuesteko baldintzek ez badute bere horretan jarraitzen. Ingurumena zaintzeko dagokion programan justifikatu beharko da inguruabar hori.
C.2.1.3.– Emisioen muga-balioak.
Instalazioa ustiatzean, atmosferara eginiko emisioetan ez dira muga-balio hauek gaindituko:
(Ikus .PDF)
Balio horiek baldintza hauekin lotuta daude: 273 K-ko tenperatura, 101,3 kPa-ko presioa, eta gas lehorra.
Emisio-balioak betetzen diren ebaluatzeko, abenduaren 28ko 278/2011 Dekretuaren 9. artikuluak arautzen duena beteko da. Ikusten bada emisioen muga-balioren bat ez dela betetzen, behar diren zuzenketa-neurriak hartu beharko dira luzamendurik gabe, eta, berehala, ez-betetzearen, zuzenketa-neurrien eta haien epeen berri eman beharko zaio ingurumenaren arloko eskumenak dituen sailari.
C.2.1.4.– Gasak bildu eta husteko sistemak.
Atmosfera Kutsa dezaketen Jardueretarako Instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 5. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte instalazioaren titularrek.
Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximiniak ez dira egongo bigarren apartatuko D.1.1.b) azpiapartatuan ezarritako goreneko kotatik behera. Honako elementu hauek atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-guneak, neurketa-portuak, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.
Organo honek foku berri bat baimendu ondoren, abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako neurketa-kontrol bat igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahal izango zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.
Emisio lausoak minimizatzeko helburuarekin, ihesak atzemateko ekipamenduak erabiliko dira, ingurumenaren kudeaketa egokia egingo da, eta instalazioa modu egokian diseinatuko da.
C.2.1.5.– Usainei buruzko baldintzak.
Instalazioak jariatzen dituen usainak zehaztu beharko dira. Ikerketa olfatometriko hori egiteko, irizpide hauek jarraitu beharko dira:
– Iturri konfinatuak eta lausoak identifikatu beharko dira, eta horien usain-emisioak karakterizatu beharko dira.
– Usain-iturri bakoitzean, usainaren kontzentrazioa, usain-jarioaren abiadura eta usainaren emaria zehaztu beharko dira.
– Laginketa, usainaren kontzentrazioa, hedatzeko abiadura eta usain-jarioaren zehaztapena arau honen arabera egingo da: UNE-EN 13725:2004 "Airearen kalitatea. Usainaren kontzentrazioa olfatometria dinamikoaren bitartez zehaztea".
– Usain-jario bakoitzean hiru lagin hartuko dira gutxienez.
– UNE-EN 13725:2004 arauaren araberako ziurtagiria duten erakundeek zehaztuko dituzte instalazioko usain-emisioak.
3.– Emisioen ondoriozko usainen inpaktua ebaluatzeko, aipatutako ikerketa olfatometrikoa osatzeko usainen hedapenaren modelizazioa ere egin beharko da.
Azterlan hori egitean eta horren emaitzak eta ondorioak aurkeztean, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak argitaratu duen "Dispertsio-ereduak egiteko jardunbide egokien Gidan" ezarritakoari jarraitu beharko zaio. Emaitzak bidaltzeko, ebazpen honen D.5 (Emaitzak kontrolatzea eta bidaltzea) ezarritako baldintzak beteko dira.
Hala badagokio, organo eskudunak, egoki iritzitako prozesuetan, emisioak hartzeko eta arazteko eskatu ahal izango dio instalazioaren titularrari.
C.2.2.– Isurketak egiteko baldintzak.
Atariko fasean (isurtzen hasi aurretik), ez da egongo baimenduta jabari publiko hidraulikora hondakin-urak isurtzea.
Hala, 815/2013 Errege Dekretuaren 12. artikuluak dioenari jarraikiz, titularrak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluarekin, jardueraren hasiera-data zehaztuta eta baimenean eskatutako baldintzak betetzen dituela jakinarazita.
Jabari publiko hidraulikora egindako isuriei dagokienez, titularrak organo honi eta Konfederazio Hidrografikoari aurretik aipatutako erantzukizunpeko adierazpenaren kopia bana helarazi beharko die, bai eta "Administrazio hidraulikoaren erakunde kolaboratzailearen txostena" ere (AHEK, MAM/985/2006 Aginduaren 13. artikulua), hori guztiori egiaztatzeko txosten honen oinarriko dokumentazio teknikoari jarraikiz egin zirela arazketa-instalazioak eta gainerako kontrol-elementuak eta ziurtatzeko, era berean, errespetatzen direla gehieneko emariak eta isurketen muga-balioak.
Administrazio hidraulikoaren erakunde kolaboratzailearen txostenak, halaber, "Administrazio Hidraulikoaren erakunde kolaboratzaileetara bideratutako hondakin-uren Isuriak Ikuskatzeko Protokoloa" bete beharko du, hain zuzen ere, Ingurumeneko estatu-idazkariak 2013-10-23ko Instrukzio bidez onartua.
Aipagai ditugun isurietarako, protokoloaren honako helburu hauek aplikatuko dira.
– Protokoloaren 1. eranskineko oinarrizko helburu espezifikoak (1.2.1.A apartatua), kutsatzaileak.
– Protokoloaren 1. eranskineko helburu espezifiko osagarriak (1.2.1.B apartatua), kutsatzaileak.
– Protokoloaren 5. eranskinerako helburu espezifikoak (V.2.1 apartatua), arazketa-instalazioen proiektu-konfrontazioa.
Bi baldintza horiek gehienez 2019-12-31ra arte egongo dira indarrean. Eskatzaileak ez balu aurkeztuko esandako adierazpena data hori baino lehen, arro-organismo horrek baliogabe utziko du txostena, eta espedientea artxibatu egingo da.
Isurien aldia (martxan diren arazketa-instalazioak) ez da hasiko, harik eta erantzukizunpeko adierazpena eta Administrazio hidraulikoaren erakunde kolaboratzailearen txostena jaso arte, ezta apartatu honetan adierazitako gainerako eskakizunak aurkeztu arte ere.
C.2.2.1.– Isurien sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokalekua.
Isuria sortzen duen jarduera mota nagusia: biometanizazioa eta zepa-tratamendua.
Jarduera taldea: hondakinen kudeaketa.
Mota-Taldea-EJSN: 1-7TER-3821.
Hondakin-uren jatorria eta isurgunearen kokalekua.
N02000606 - Kutsatutako eremuaren jariatzea - Biometanizazioa - Donostia.
9. fluxua: Ibilgailuak eta makinak igarotzeko eremu eta bideetako euri-urak.
Hondakin-ur motak: Euri-urak.
Husteko modua: Zuzenekoa.
Ingurune hartzailea: Latxaga erreka.
Arroa: Oria.
Masa: Oria ibaia VI
Ingurune hartzailearen kategoria: I
UTM koordenatuak: X: 578.422
(ETRS89): Y: 4.789.937
Ez da beste isuri gehiago onartuko ibilguan. Jardueran sortutako gainerako hondakin-uren fluxua inguruneko saneamendu-sarera konektatu beharko da.
C.2.2.2.– Gehienez isuri daitezkeen emariak eta bolumenak.
– 1. isuria:
N02000606 - Kutsatutako eremuaren jariatzea - Biometanizazioa - Donostia.
(Ikus .PDF)
– 2. isuria:
– Ur beltzak.
– Biometanizazio-prozesuan sortutako hondakin-urak.
– Harreragunean eta biohondakinen biltegian sortutako lixibiatuak.
– Usainak kentzeko instalazioko hondakin-urak (scrubber-purgak eta bioiragazkiko lixibiatuak).
– Hozte-dorrean sortutako hondakin-urak (purgak), funtzionatuz gero.
– GIG2ko garbiketan eta baldekatzeetan sortutako urak.
– Zepak tratatzeko eta heltzeko instalazioko biltegiratze-gunean sortutako lixibiatuak.
C.2.2.3.– Emisioen muga-balioak.
a) 1. isuria:
Saneamendu-sarera isurtzen diren euri-uren parametroak honako hauek izango dira, bakoitzerako zehazten diren gehieneko balioekin:
(Ikus .PDF)
Gainera, ingurune hartzaileko ingurumen-arloko kalitate-arauak bete beharko dira. Bestela, titularrak behar den tratamendu egokia ezarri beharko du, isurketa arauak ez betetzearen arrazoia izan ez dadin.
Baimen honek ez du babesten baldintza honetan esplizituki adierazi ez den beste gairik isurtzea, bereziki gai arriskutsurik (irailaren 11ko 817/2015 Errege Dekretuaren IV. eta V. eranskinak).
b) 2. isuria:
Saneamendu-sarera isurtzen denak parametro hauek bete beharko ditu:
(Ikus .PDF)
Ezingo dira diluzio-teknikak erabili emisioen muga-balioak lortzeko.
Gainera, ingurune hartzaileari dagozkion arauak eta kalitate-helburuak bete behar dira. Bestela, titularrak tratamendu egokia egin beharko du, isurketaren ondorioz aipatutako arauak eta kalitate-helburuak urratzen ez direla ziurtatzeko.
Baimen honek ez du onartzen baldintza honetan berariaz adierazitakoak ez diren beste substantzia batzuk isurtzea, batez ere maiatzaren 23ko 606/2003 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren substantzia arriskutsuak. Errege-dekretu horren bidez aldatzen da apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretua, Urei buruzko abuztuaren 2ko 29/1985 Legearen atariko titulua eta I., IV., V., VI. eta VIII. tituluak garatzen dituen Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamendua onartzen duena.
C.2.2.4.– Arazteko eta husteko instalazioak.
Kutsadura arrastatzeko arriskua duten euri-uretarako 6 zuzenketa-neurriak, arazketa-instalazioetara bideratuak, enpresa eskatzaileak aurkeztutako agiri teknikoetara egokituko dira, eta elementu eta jarduera hauek izango dituzte funtsean:
N02000606 - Kutsatutako eremuaren jariatzea - Biometanizazioa - Donostia.
9. fluxua: Ibilgailuak eta makinak igarotzeko eremu eta bideetako euri-urak.
– Solidoen eta hidrokarburoen bereizgailua, ganbera bikoitzekoa eta 1. motakoa, plaka koaleszenteak, buxagailu automatikoa eta eurite handietarako by-passa dituena.
– Isurketa kontrolatzeko kutxatila.
Euri-urak iragazteko garbiketako ur zikinak, aprobetxatu aurretik, inguruko hondakin-uren sarera bidaliko dira. Debekatuta egongo da ibilgura isurtzea, dela zuzenean, dela euri-uren saretik barrena.
Hartutako zuzenketa-neurriak nahikoak ez direla ikusiz gero, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak behar beste aldaketa egingo ditu arazketa-instalazioetan isurketak baimenean ezarritako baldintzak bete ditzan. Aldaketak Administrazioari jakinaraziko dizkio lehenik; behar izanez gero, baimena aldatzeko ere eskatuko du.
Azken isurketak egiteko, kontrol-puntu bat izango da, eta, bertan, Uraren Euskal Agentziak, egoki iritzitakoan, ikuskatu eta laginak hartu ahal izango ditu. Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 252., 333. eta 334. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, ahalbidetu egin beharko da, inolako atzerapenik gabe, Administrazioko langileak kontrol-puntu horretara sartzea, baita jabetza pribatuetatik pasatzea ere.
Kontroleko puntu horrek isuriak neurtzeko gailua izango du, ezaugarrien arabera aplikatu beharrekoa, bat etorriz ARM/1312/2009 Aginduaren 7. artikuluan jasotakoarekin. Bestalde, euren funtzionamenduak aipatutako Aginduaren 7. eta 8. artikuluetan zehaztutako baldintzak bete beharko ditu.
Sistema horren ordez, kasu honetan, zeharkako estimazioak erabili ahal izango dira, plubiometriaren arabera.
C.2.2.5.– Isurketen kontrol-kanona.
Uraren Legearen testu bateginaren 113. artikulua eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 291. artikulua (606/2003 Errege/Dekretua) –zeina Estatuaren 2014rako Aurrekontu Orokorren abenduaren 23ko 22/2013 Legearen 95. artikuluak aldatu baitzuen– aplikatuz, hau da isurketen kontrolaren kanonaren zenbatekoa:
(IKK): Isurketen kontrol-kanona = V x Pu
Pu = Pb x Cm
Cm = C2 x C3 x C4.
Hau honela izanik:
V = baimendutako isurketaren bolumena (m3/urte).
Pu = Isurketa kontrolatzeko prezio unitarioa.
Pb = Oinarrizko prezioa m3-ko, isuriaren izaeraren arabera.
Cm = Isurketaren maiorazio edo minorazioko koefizientea.
C2 = Isurketaren ezaugarrien araberako koefizientea.
C3 = Isurketaren poluzio-mailaren araberako koefizientea.
C4 = Ingurune hartzailearen ingurumen-kalitatearen araberako koefizientea, Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren IV. eranskineko oharrean (*****) jasotzen diren definizioen arabera, horren aplikazioan aintzat hartuta Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoan, 2013ko ekainaren 7koan, ezarritako helburuak.
N02000606 - Kutsatutako eremuaren jariatzea - Biometanizazioa - Donostia.
9. fluxua: Ibilgailuak eta makinak igarotzeko eremu eta bideetako euri-urak.
V = 27.378 m3/urte
C2 = 1,00 Industriala, 1. mota.
C3 = 0,50 Tratamendu egokiarekin.
C4 = 1,00 III. kategoriako gunea.
Cm = 1,00 x 0,50 x 1,00 = 0,500000.
Pb = 0,04207 euro/m Hondakin-ura: Industriala.
22/2013 Legeak ezarritako oinarrizko prezioa (abenduaren 26ko BOE), 2014ko urtarrilaren 1etik indarrean.
Pu = 0,04207 x 0,500000 = 0,021035 euro/m3
Urteko IKK zenbatekoa: 27.378 x 0,021035 = 575,90 euro/urte.
Isurien kontrol-kanona autonomia-erkidegoek edo tokiko korporazioek saneamendu- eta arazketa-lanak finantzatzeko ezar ditzaketen kanon edo tasekiko independentea izango da (Uren Legearen testu bateginaren 113.7 artikulua).
Uraren Legearen 113.4 artikuluak xedatzen duenez, IKKren zergaldia urte natural bakoitzarekin dator bat. Urteko zenbatekoa ebazpen honetan ezarrita gelditu da, eta ez da aldatuko isurketa baimentzeko baldintzak edo kalkuluan parte hartzen duten faktoreren bat aldatzen ez diren bitartean.
Nolanahi ere, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 294.2a) eta 294.3 artikuluetan aurreikusitako kasuetan, dena delako urteko ekitaldiko Isurketen Kontrolaren Kanonaren likidazioa dagokion ebazpenean zehaztuko da, baimena indarrean egondako egun kopuruaren arabera, urteko egun kopuru osoarekin alderatuta.
Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren 249. artikuluak xedatutako prozeduraren arabera, ebazpen honen bidez jakinarazten zaio titularrari isurketa baimentzeko baldintzak zein diren, Isurketa Kontrolaren Kanonaren (IKK) behin betiko likidazioa barne, eta jakinarazten zaio, orobat, likidazioa ez dela urtero esanbidez adieraziko; aitzitik, aurreko urteari dagokion tasa bidaliko da eta han zehaztuko da zenbat, noiz, non eta nola ordaindu behar den.
C.2.3.– Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.
Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira instalazioetan sortutako hondakin guztiak, eta, beharrezkoa bada, karakterizatu egin beharko dira, euren izaera eta helmugarik egokiena zehazteko.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bakoitzeko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.
Hondakinak kudeatzeari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, horretarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen denean. Birsortzea-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein moduren aurretik, izan materiala edo energetikoa.
Era berean, hondakinak tratatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimenduak badaude, instalazio horietara bidaliko dira lehentasunez, autosufizientzia- eta hurbiltasun-printzipioei jarraituz.
Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusi bada, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituen Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak xedatutakoaren arabera egingo da karakterizazioa, bai eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritako jarraibideen arabera ere.
Instalazioan sortutako hondakinen kantitateak –ebazpen honetan daude jasota– orientagarriak dira soilik; kantitate horiek kalkulatzeko, kontuan hartu dira jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Azken datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Hargatik eragotzi gabe abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan ezarritakoa, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan soilik eskatu beharko da baimena egokitzea: baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.
Hondakinak biltegiratzeko guneak edo guneek lurzoru estankoa izan behar dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan daudelako edo oso bustita daudelako isuriak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira, ezbeharrez gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Hauts itxurako hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.
Hondakinak lehen aldiz atera aurretik, kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko da, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, bat etorriz, betiere, honako hauetan ezarritako irizpideekin: Europako Hondakin Zerrenda, Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatzen baita Hondakinen Zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (hondakinei buruzko zuzentarau horrek zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota dauden eta beroni izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.
Hondakinak desagertu edo galduko balira, edo ihesen bat balego, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan eta Donostiako Udalean.
Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, bete egin beharko dira Estatuaren Lurraldearen Barruko Hondakinen Lekualdaketa arautzen duen 180/2015 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena.
Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, bat etorriz Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluarekin.
Nahitaezko aurretiko jakinarazpen-kasuetan, Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31. artikuluan aurreikusitako eta martxoaren 13ko 180/2015 Errege Dekretuaren 9. artikuluan garatutako kausetako bat gertatzen denean, hala organo honek nola helmugako autonomia-erkidegoko organo eskudunak hondakinak lekualdatzearen aurka egin ahalko dute; horri buruzko erabaki arrazoitua lekualdatze-jakinarazpena aurkeztu eta gehienez hamar eguneko epean jakinarazi beharko diote operadoreari.
Baldin eta hondakinak Espainiatik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan (hondakinen lekualdaketei buruzkoa) ezarritakoa bete beharko da.
C.2.3.1.– Hondakin arriskutsuak.
Sustatzaileak hondakin arriskutsu hauek aitortu ditu:
(Ikus .PDF)
a) Hondakin arriskutsu bakoitzari dagozkion izendapena eta kodea hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarrien arabera ezartzen dira, baimena izapidetzean jasotako informazioa oinarri hartuta. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, beste batzuk, oinarrizkoak direlako, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Horiek definitzen dituzte mota eta hondakinaren osagai arriskutsuak. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko eta Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Euskadiko 2030 Planean ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren tratamendu-kontratuetan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, leheneratzea edo balorizazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen tratamendu-kontratuetan lagatze- edo ezabatze-kodeak balioztatzea eskatzen bada.
b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, hondakinen tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete.
c) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak jariatuta edo lurrunduta gal ez daitezen.
d) Gainerako hondakin arriskutsuak ezin izango dira 6 hilabete baino gehiagoz biltegiratu. Salbuespenezko kasuetan, ingurumen-organoak epe hori aldatu ahalko du, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio, baldin eta gizakion osasuna eta ingurumena babestuko direla bermatzen bada.
e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartzen dituela. Agiri horretan, hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenengoz erretiratu aurretik, eta, behar izanez gero, hondakinen beste kudeatzaile batengana bidali aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.
f) Hondakin arriskutsuak lekualdatu aurretik eta horretarako egin beharreko jakinarazpena, hala badagokio, araudian zehaztutako moduan aurretiaz eginda dagoela, identifikaziorako agiria bete beharko da; agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko du jatorritik helmugaraino. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak artxiboan erregistratu eta gutxienez hiru urtez gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo agiri ofizial baliokideak.
g) Egiaztatu beharko da baimendutako kudeatzailearen instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraioak bete egiten dituela halako salgaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutako betebeharrak.
h) Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatu beharko du sortutako olio erabilia.
i) Ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak– Gailu Elektrikoen eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira. Pilen eta metagailuen hondakinek, halaber, Pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko dute. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbu egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako hiri-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei egindako entregak justifikatzeko agiriak hiru urtez gorde beharko dira gutxienez.
j) Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak PCB duten edo eduki dezaketen gailuak dituenez, kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete behar ditu poliklorobifeniloak, poliklorotrifeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatu eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen Errege Dekretuaren (1378/1999, abuztuaren 27koa) baldintzak eta Errege Dekretu hori aldatzen duen otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretukoak.
k) Europako Parlamentuak eta Kontseiluak ozono-geruza agortzen duten substantzien gainean 2009ko irailaren 16an eman zuen 1005/2009 (EE) Erregelamenduak adierazten dituen substantzia erabiliak baldin baditu Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, berreskuratu egingo ditu, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarri den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko ditu aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.
l) Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak urtero adierazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Datu horiek dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko dira.
m) Erregistro bat eramango da, eta bertan adieraziko dira kantitatea, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak.
n) Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko, hots, hondakin horiek ahalik eta gutxien sortzea, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak hondakin arriskutsuen sorrera minimizatzeko plan bat landu eta aurkeztu beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, gutxienez lau urtetik behin, Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 18.7 artikuluan xedatutakoaren arabera, baldin eta, betiere, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak ez badu 10 t/urte hondakin arriskutsu baino gutxiago sortzen edo EMAS ziurtagiria edo baliokideren bat badu.
o) Baldin eta Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa, bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.
p) Apartatu honetako f) eta g) (kudeatzaileak EAEn daudenean), m), n) eta o) letretan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira transakzio elektroniko bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskainitako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.
C.2.3.2.– Hondakin arriskugabeak.
Sustatzaileak hondakin arriskugabe hauek aitortu ditu:
(Ikus .PDF)
a) "Digestu deshidratatua" hondakina dagokion balorizazio materialeko prozedura bideratuko da, R3 eragiketarekin.
b) Bat etorriz bigarren apartatuko C.2.3 azpiapartatuan bereiztearen eta hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoen inguruan xedatutakoarekin, nahasketak izeneko hondakinak ezingo du balorizatu daitekeen hondakin-frakziorik izan. Horri dagokionez, egungo egoeran Euskal Autonomia Erkidegoan balorizatu daitezkeen hondakin-frakzioak hauek dira: papera eta kartoia, zura, plastikoak, metal ferrikoak eta metal ez-ferrikoak.
c) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzailea), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu bati emango zaizkio.
d) Baldin eta hondakin horiek deuseztatzeko badira, ezingo dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki. Hondakinen azken helburua balorizatzea bada, ordea, 2 urtez gorde ahal izango dira.
e) Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak artxiboan erregistratu eta gutxienez hiru urtez gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak edo dokumentu ofizial baliokideak, nahitaezkoak direnean, gutxienez hiru urteko epean.
f) Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, jarraipen- eta kontrol-agiria bete beharko da hondakin arriskugabea lekualdatu aurretik, bat etorriz Hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoarekin.
g) Balorizatzeko edo desagerrarazteko helburuarekin, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, bat etorriz Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluarekin.
h) Baldin eta Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa, bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.
i) Erregistro bat egingo da, hondakinei buruzko datu hauek jasoko dituena: kantitatea, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodoak eta tokiak, hondakinen sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtean behin, kontrol-erregistro horren kopia bat eta ingurumena zaintzeko programa, urte egokikoa, bidali beharko dira Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara.
j) Apartatu honetako e) eta f) letretan (kudeatzaileak EAEn daudenean), eta h) eta i) letretan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskainitako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.
C.2.4.– Ontziak merkaturatzea.
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, bere produktuak merkaturatzeko ontziak eta bilgarriak erabiltzen dituen enpresa den aldetik, ontzi horien gaineko informazioa eman beharko du urtero, martxoaren 31 baino lehen; horretarako, ontzien gaineko urteko adierazpena egin beharko du. Datu horiek dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko dira.
Era berean, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak ontzi erabiliak eta ontzi-hondakinak kudeatzeko biltegiratze- eta itzultze-sistema bat ezarri beharko du nahitaez (zuzenean edo kudeaketa-sistema integratu bati atxikita). Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, bere produktuak merkaturatzeko industria- edota merkataritza-ontziak erabiltzen baditu, aipatu betebehar horretatik salbuesteko eskatu ahalko du, Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxikitzen bazaio; atxikimendu horren bidez, ontzi horiek kudeatzeko eta ingurumen-organoari informazioa pasatzeko betebeharra produktuaren kontsumitzaileari transferitzen zaio.
Baldin eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak urte natural batean merkaturatzen ontziratutako produktuek eta, ondorioz, industria- edo merkataritza-ontziek jarraian adierazten diren kantitateak baino handiagoak diren ontzi-hondakinak sor baditzakete:
– 250 tona, beira soilik bada.
– 50 tona, altzairua soilik bada.
– 30 tona, aluminioa soilik bada.
– 21 tona, plastikoa soilik bada.
– 16 tona, zura soilik bada.
– 14 tona, kartoia edo material konposatuak soilik badira.
– 350 tona, hainbat material badira eta, banaka, bakoitzak aurreko kopuruak gainditzen ez baditu,
Enpresaren Prebentzio Plan bat egin beharko du. Plan horrek hiru urteko indarraldia izango du, eta onartutako Enpresaren Prebentzio Planaren kontrol- eta jarraipen-txostena egin beharko zaio urtero, dagokion urteko martxoaren 31 baino lehen. Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko dira bi agiriok.
C.2.5.– Lurzorua babesteko baldintzak.
Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako aginduak betez lurzoruaren egoerari buruz aurkeztutako aurretiazko txostenean jasota dauden gomendioen arabera, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak lurzorua babesa bermatzeko dagozkion neurriak hartu beharko ditu.
Halaber, urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatuta dauden eta lurzoruaren babesarekin lotura duten betebeharrak betetzeko, 2016ko azaroaren 17an ingurumen-organoak bidalitako "Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren gaineko arauzko eskakizunak aplikatzea ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioetan" zirkularrean aipatzen diren instalazioei eskatzen zaien dokumentazioa entregatu beharko du sustatzaileak. Zirkular horretan, honako hauen edukia eta entregatzeko baldintzak jasotzen dira: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena eta lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-dokumentuak. Esteka honetan eskura daiteke:
http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus/r49-pcc/eu/
Nolanahi ere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea leheneratzen diharduen erakunde ezagun batek egina. Dokumentu horretan jasoko dira lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena eta kontroleko eta lurzoruen eta lurpeko uren jarraipeneko dokumentuak. Aurrerantzean ere, emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar badira, lurzoruen agiri bakar berri bat bidaliko da.
Sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez:
1.– Aurreikusten bada aldaketaren bat egin behar dela instalazioa baimenduta dagoen lursailaren barruan, eta aldaketa horren ondorioz lurrak mugitu behar badira:
a) Bat etorriz ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25. artikuluko 1.c) apartatuarekin, induskatu beharreko materialak (lurrak, obra-hondakinak, etab.) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, ekintza kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horiek kudeatzeko modu egokiena zehaztearren.
b) Indusketa horrek hondeatutako materialen 500 m3 gainditzen dituenean, sustatzaileak gaikako hondeaketa-plan bat aurkeztu beharko du. Planak 13. artikuluan adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu behar du plana, betetzen hasi aurretik.
c) Induskatu beharrekoa 500 m3 baino gutxiago bada, aldaketaren jakinarazpenean informazio hau eman beharko da: non dagoen kokatuta, zenbat induskatu behar den, aurreikusitako hasiera-eguna, kontratista, jarraipenaren eta kudeaketaren ardura izango duen erakundea.
d) Aurreko kasu horietan guztietan, induskatzen amaitutakoan, induskatutako materialak zuzen berrerabili edo kudeatu direla ziurtatzen duen txosten bat aurkeztu beharko da ingurumen-organoan, behar bezala karakterizatu aurretik.
e) Oro har, honako irizpide hauek beteko dira:
– Soberakinak zabortegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritakoari jarraikiz karakterizatuko dira hondakinak. Oro har, lagin baten azterketa egin beharko da. Laginak hondakindegian kudeatu beharreko soberakinen 500 m3 bakoitzeko 10 azpilagin izango ditu gutxienez, baina hori aldatu ahal izango da espero daitekeen kutsaduraren heterogeneotasunaren eta homogeneotasunaren arabera. Afekzioa homogeneoa izango dela aurreikusten denean, 500 m3-tik gorako bolumena duten unitateez osatutako lagin konposatua hartu ahal izango da; aldiz, afekzio heterogeneoa aurreikusten bada, 500 m3-tik beherako bolumena duten unitateez osatutakoa.
– Soberako materialak instalazio berean berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako EBA-B (industria-erabilera) balioaren azpitikoa. Horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde akreditatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, urriaren 10eko 199/2006 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema, eta zehazten baita erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa.
– Ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutako VIE-A ebaluazioko balio-adierazleak eta TPH-etarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta beraz, onartu egingo dira baimendutako edozein betelanetarako.
– Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalaren parekoa den substratu harritsu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.
2.– Aurreikusten bada lur-mugimendua dakarren aldaketaren bat egingo dela instalazioa baimenduta dagoen lurzatitik kanpo (lurzoru berria okupatuta), eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean aipatzen den jardueraren bat, sustatzaileak lurzoru-gaiei buruzko adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.
Era berean, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluko 2. apartatuaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek ezar ditzan hartu beharreko neurriak, bat etorriz, betiere, aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluko 1.e) apartatuarekin.
C.2.6.– Zaratari buruzko baldintzak.
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak beharrezko neurriak hartuko ditu instalazioak Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskineko F taulan muga-balio gisa ezarritako zarata-mailak baino handiagoak transmititu ez ditzan kanpoko ingurumenera, betiere horiek aipatu arauaren II. eranskinean ezarritako prozeduren arabera ebaluatuta.
(Ikus .PDF)
Kanpoaldeko muga-balioek lurzoruaren mailatik 2 metroko altuerari eta, fatxada leihodunen kanpoaldean, eraikuntzaren altuera guztiei egiten diete erreferentzia.
Lokal mugakideak egonez gero, lokal horien erabilera kontuan hartuta, instalazioak ezingo du aipatutako urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskineko G eta H tauletan ezarritako muga-balioak baino zarata-maila handiagoa transmititu haietara.
Ezarritako zarata-immisioaren muga-balioak errespetatzen direla joko da baldin eta, aipatutako urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren II. eranskinean ezarritako prozeduren arabera, ebaluatutako adierazle akustikoen balioek, urtebeteko epean, honako baldintza hauek betetzen badituzte:
– Urteko batez besteko balioek ez dituzte gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulak ezarritako balioak.
– Eguneroko balioek ez dituzte 3 dB-tan gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulak ezarritako balioak.
– Lkeq, Ti indizearen batez besteko balioek ez dituzte 5 dB-etan gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulan adierazitako balioak.
Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du handituko sentiberatasun akustiko handieneko guneetako zarata-maila.
Gutxienez, sustatzaileak ingurumen-baimen integratuarekin batera aurkeztutako agirietan proposatutako neurriak hartu beharko dira.
D) Ingurumena zaintzeko programa.
Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta apartatu hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:
D.1.– Atmosferara eginiko emisioak kontrolatzea.
D.1.1.– Kanpoko kontrolak.
a) Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak emisioen kontrola egin beharko du, informazio honi jarraituz:
(Ikus .PDF)
b) Puntu honetako a) apartatuan aipatutako neurketa guztiak administrazioaren II. mailako lankidetza-erakunderen (ALE) batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan jasotzen den bezala; eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek, berriz, Ingurumeneko sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan eskatzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte, batik bat honako hauei dagozkienak: neurketaren helburua eta plana, neurketen adierazgarritasuna, neurketa kopurua eta neurketa bakoitzaren banako iraupena eta erreferentzia-metodoak hautatzeko irizpidea.
c) Halaber, a) apartatuan azaldutako emisio-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batez besteko maiztasunarekin funtzionatzen badu, emisio bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duela, edo, bestela, edozelako maiztasunarekin, emisioaren iraupen globala instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, betiere kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Inguruabar hori urteko ingurumena zaintzeko programan, dagokion urtekoan, justifikatu beharko da.
D.1.2.– Lortutako emaitzen erregistroa.
Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, honako hauetan ezarritakoari jarraikiz, betiere: Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua eta Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren III. eranskina.
Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.
D.2.– Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.
a) Sustatzaileak aurkeztutako agirien arabera, azterketa hauek egingo dira:
(Ikus .PDF)
b) Kontrol bakoitza "lankidetza-erakunde" batek egin eta egiaztatuko du (Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 255. artikulua), eta baimendutako parametro guztiei egingo zaie. Baimenean jarritako baldintza guztiak betetzen direla ulertuko da parametro guztientzat ezarritako mugak betetzen direnean.
c) Laginketak, kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira beti.
d) Autokontrolen parametroak aztertzeko, STANDARD METHODS For the Examination of Water and Wastewater (APHA, AWWA, WPCF, azken edizioa) edo ASTM Water and Environmental technology agiriko 11. atala (azken edizioa) agirietan jasotako eredu normalizaturen bat erabiliko da. Eredurik egokiena aukeratuko da, parametroaren ohiko kontzentrazioaren arabera. Gaur egun erabiltzen diren metodoak ez bezalako analisi-metodoak ezarri ahal izango dira kutsatzaileen kontzentrazioa hobeto zehazteko. Eskatutako analisien parametro bakoitzean erabilitako analisi-metodoa adierazi beharko da.
1. isurguneari buruzko txosten analitikoak Ekialdeko Kantauriar Arroen Bulegoari igorriko zaizkio (Intxaurrondo 70, 1. solairua, 20015 Donostia) laginak hartu eta hilabeteko (1) epean, eta urtean behin organo honi, Ingurumena zaintzeko programa atxikita.
Horretaz gain, emaitzak posta elektronikoz bidaliko dira (dkt-gipuzkoa@uragentzia.eus) formatu digitalean –kalkulu-orri eguneratu eta jarraitu batean–, gutxienez honako datu hauek jasota: titularra, laginketa-data, fluxua edo isurketa-puntua, emaria (hala badagokio) eta aztertutako parametro bakoitzaren kontzentrazioa (mg/l).
Aipatutako maiztasunarekin, aldi bakoitzean efluenteak ezaugarri baimenduekiko dituen balizko desbideratzeei, horien arrazoiei eta zuzentzeko hartutako neurriei buruzko gorabeheren adierazpen bat erantsiko da.
Horretaz gain, urtean benetan isuritakoa kalkulatu eta erregistratu behar da, eta datu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Uraren Euskal Agentziari bidali.
Administrazioak, egoki deritzonean, arazketa-instalazioak ikuskatu eta efluentearen emariak eta analisiak aztertuko ditu, isurketen emariek eta parametroek muga baimenduak gainditzen ez dituztela egiaztatzeko. Halaber, arazketa-instalazioen ustiapenaren arduradun bat, titulazio egokia duena, izendatzea eskatu ahalko dio titularrari.
D.3.– Jardueraren adierazleen kontrola.
Sustatzaileak jardueraren gaineko ondorengo parametro-adierazleen jarraipena egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta urtean urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztuko du.
(Ikus .PDF)
D.4.– Zarata kontrolatzea.
a) Urtero, Lkeq, Ti indize akustikoaren ebaluazioa egingo da; horretarako, jarduera egiten den lurzatiaren kanpoaldean neurketak egingo dira, zarata kanpoaldera transmititzeko arriskurik handiena dagoen eremuan.
b) Neurketa bidezko ebaluazioak akustikaren esparruan entsegu-laborategi gisa egiaztatutako ingurumen-lankidetzako erakunde batek egin beharko ditu.
c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoari egokituko zaizkio.
D.5.– Emaitzak kontrolatzea eta igortzea.
Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta azterketen emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidali, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:
https://www.euskadi.eus/baimena/ibb-ippc/web01-tramite/eu/
Era horretan, aipatutako programak zehaztutako aldian egiten diren kontrol guztiak, ibilgura eta/edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, ingurumena zaintzeko programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren.
Ezarritako baldintzak urratzen diren kasuetan bakarrik bidali beharko zaio berehalako jakinarazpena Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, gertatutakoaren berri izan ondoren, betiere; horretarako helbide elektronikoa: ippc@euskadi.eus.
Horrez gain, urtean behin baino gehiagotan egiten diren kontrolak kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez dira bidaliko.
Emaitza horiek urtero igorriko dira, betiere martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da ingurumena zaintzeko programaren emaitzekin batera. Txosten horretan jasoko dira babes- eta zuzenketa-neurrien eta prozesuen kontrolerako eta ingurumenaren kalitaterako sistemen funtzionamendua eta emaitzen analisia, epe horretan izandako gorabehera nagusiak bereziki aipatuta eta haien kausa eta konponbide posibleak azalduta; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aldez aurretik hala egin ez bada.
D.6.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.
Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina prestatu beharko du. Bertan, aurkeztutako dokumentazioan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak bildu beharko ditu. Honako hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Aurrekontua ere barne hartu beharko du.
Gainera, ingurumena zaintzeko programak jardueraren adierazle bereizgarriak zehaztu beharko ditu, eta azaldu beharko du zer sistematika erabiliko den adierazle horiek aztertzeko; izan ere, horien guztien bidez egiaztatu ahal izango da enpresak ingurumena hobetzeko ezarritako neurri eta mekanismoak eraginkorrak ote diren (ingurumen-adierazleak).
E) Ezohiko egoeretan kutsadurari aurrea hartzeko neurriak eta funtzionamendu-baldintzak.
E.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.
Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, emisioen eta sortuko diren hondakinen zenbatespena egin beharko du sustatzaileak, eta, dagokionean, baita haien kudeaketa eta tratamenduarena ere.
Instalazioa geldiaraztean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak kudeatu beharko dira, bigarren apartatuko C.2.3 azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz (azpiapartatu horren izena: "Instalazioan ekoitzitako hondakinen kudeaketa zuzena bermatzeko baldintzak"), baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.
E.2.– Jarduera etetea.
Jarduerari lege hauek aplikatu behar zaizkio: ekainaren 25eko 4/2015 Legea, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa, eta urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua, kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzekoa. Horrenbestez, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak jarduera uzte horren berri eman beharko dio ingurumen-organoari, bi hilabeteko epea agortu baino lehen; jakinarazpen horrekin batera, jarduera-proposamen bat ere aurkeztu beharko da, erakunde horrek ezar dezan noraino iristen diren bere betebeharrak eta lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hasteko epea noiz hasiko den beranduenez, bat etorriz ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 31.3 artikuluan xedatutakoarekin.
Jarduera utzi baino lehen, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu, bat etorriz ebazpen honen bigarren apartatuaren C.2.3 azpiapartatuan ezarritakoarekin.
E.3.– Jarduera aldi baterako uztea.
Jarduera aldi baterako uztea eskatuz gero, Industriako Isurketen Erregelamendua onartzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan arautu bezala, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, aldi baterako uztearen eskabidearekin batera, dokumentu bat bidali beharko du instalazioa jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.
Era berean, jarduera berriz hasi baino lehen, instalazioen funtzionamendu egokia ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen isuri edo emisio oro saihesteko.
E.4.– Jarduera anomaloa izanez gero aplikatu beharreko neurriak eta jarduerak.
Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean, ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentzio-neurriak eta funtzionamendurako baldintzak zehazten dira. Horiez gain, apartatu hauetan aipatzen diren baldintzak bete beharko dira:
a) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.
Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere istripuzko isurketak edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesik izanez gero, lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), gerta litezkeen ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, fabrikako kolektoreen sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota) eta lurzoru gaineko isurketak biltzeko sistemak.
Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen ikuskapen bisualak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoera prebenitzeko.
Era berean, atmosferara eta uretara eginiko emisioak eta isuriak prebenitzeko eta zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipamenduen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.
Pabiloien barruan zolatak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira, edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.
b) Halaber, erregistro bat eduki beharko da, aldizka egindako mantentze-lanak eta hautemandako gorabeherak jasota uzteko.
c) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu, arazketa-instalazioak modu egokian ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak mantentzeko.
d) Besteak beste, erabilitako olioak, efluenteen arazketako hondakinak, eta, orokorrean, fabrikan sortutako hondakinak maneiatzean, baliteke lurzorua eta ura kutsatzea. Beraz, isurketak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua duten partzelen azalera guztiak irazgaiztuko dira.
e) Hauts-itxurako produktuak biltegiratzeko, zulo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabiloi estali eta itxiak eduki beharko dira.
f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak biltegiratu egingo dira, horiek ingurunean sakabanatzeko aukerarik emango ez duten baldintzetan.
g) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratze-instalazioek eskakizun batzuk bete beharko dituzte; zehazki, produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian xedatutakoak.
h) Larrialdi-egoeran berehala eta eraginkortasunez jarduteko beharrezkoak diren material guztien behar besteko kantitatea eduki beharko da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gertatzen diren jarioei aurre egiteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasuneko edukiontziak, kaltetutako ingurunea isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak, eta norbera babesteko ekipo egokiak.
i) Gorabeherarik gertatuz gero, agintariei jakinaraztea.
Ingurunearen gainean edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo anomaliaren baten aurrean, sustatzaileak, berehala, gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, betiere zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren. Jakinarazpenean, alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:
– Gorabehera mota.
– Jatorriak eta arrazoiak (unean bertan zehaztu daitezkeenak).
– Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.
– Sortutako ondorioak.
– Epe laburrera aurreikusitako jardunak, halakorik balego.
Gorabehera edo arazo larriren bat edo ustekabeko emisioren bat egonez gero, SOS Deiak eta Donostiako Udala berehala jakinaren gainean jarri beharko dira. Ondoren, gehienez 48 orduko epean, istripuaren ondorioz sortutako egoera zehaztasunez jasotzen duen txosten bat bidali beharko zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:
– Gorabehera mota.
– Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.
– Gorabeheraren iraupena.
– Istripuz isurketa gertatuz gero, emaria eta isuritako materiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne hartuta.
– Mugak gaindituz gero, emisioei buruzko datuak.
– Eragindako kalteen balioespena.
– Hartutako zuzenketa-neurriak.
– Arazoa berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.
– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.
Baimenaren baldintzak urratzen dituen isuria gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen orekari modu larrian kalte egin badiezaioke, titularrak berehala etengo du isuri hori, eta, horrez gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta Babes Zibilean eta ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS Deiak (112) larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.
j) Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, gerta daitezkeen gorabeherak edo arazoak saiheste aldera, jardueraren titularrak berehala jakinarazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari instalazioko edozein etenaldi programatu, etengabeko prozesu bati badagokio, baita aurreikusitako prebentziozko mantentze-lanak ere, ahalik eta aurrerapen handienarekin, betiere.
k) Larrialdi-egoeretan, babes zibilari buruzko legerian ezarritakoa bete beharko da, eta araudi horretan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira.
F) Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala eginarazten badigute, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-zaintzako programa aldarazi ahal izango da, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai eta neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Era berean, babes- zein zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa alda daitezke, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.
G) Urtean behin, martxoaren 31 baino lehenago, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak aurreko urtean atmosferara eginiko emisioei eta uretara egindako isuriei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko, bat etorriz 508/2007 Errege Dekretuarekin eta Ingurumena Zaintzeko Programarekin.
Informazio hori bidaltzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliko dira.
Ingurumen-adierazpena publikoa izango da, bat etorriz uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, une oro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.
H) Instalazioetan aldaketarik egin ahal izateko, aldez aurretik honako helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko dute:
Organo honen onespena ere beharko da, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan xedatutakoa betetzeko.
Industriako Isurketen Erregelamendua onartzen duen eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak ezartzen ditu aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak.
Nolanahi ere, bat etorriz urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan xedatutakoarekin, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, bat etorriz abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan xedatutako irizpideekin.
Halaber, aldatzen dena proiektua bada, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c) eta 7.2.c) artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.
Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, okupatu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen adierazpena eduki beharko da aldaketa gauzatu aurretik, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz».
Bigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari, Donostiako Udalari, ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei eta gainerako interesdunei.
Hirugarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko abuztuaren 12a.
Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,
AMAIA BARREDO MARTÍN.
RSS