Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

34. zk., 2023ko otsailaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
855

AGINDUA, 2023ko otsailaren 9koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez hauteskundeak iragartzen baitira «Arabako Txakolina/Txakoli de Álava/Chacolí de Álava» Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzaileko bokalak hautatzeko.

«Arabako Txakolina/Txakoli de Álava/Chacolí de Álava» Jatorri Deituraren Erregelamenduaren (Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuaren 2008ko ekainaren 17ko Aginduaren bidez onetsitakoa, «Arabako Txakolina/Txakoli de Álava/Chacolí de Álava» Jatorri Deituraren Erregelamendua aldatu eta horren testu bategina onartzen duena) 32.1 artikuluak Kontseilu Arautzailearen osaera ezartzen du: presidentea; presidenteorde bat; mahats-ekoizleen sektorearen ordezkari diren bi bokal, zeinak «Arabako Txakolina/Txakoli de Álava/Chacolí de Álava» Jatorri Deituraren Erregelamendua aldatzen baitu eta jatorri deituraren testu bategina onartzen baitu; eta elaboratzaileen sektorearen ordezkari diren bi bokal, dagokion erregistroan inskribatuta daudenak.

Artikulu bereko 3. apartatuan zehazten denez, Kontseilu Arautzaileko hautetsiak lau urtetik behin berrituko dira, eta lehengoak berriz hautatu ahal izango dira. Bokal hautetsien agintaldia bukatu denez, haien agintaldia luzatzen da bokal berriak hautatu arte, eta hauteskundeak deitu eta arautu behar dira.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen bidez, «Arabako Txakolina/ Txakoli de Álava/ Chacolí de Álava» Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzaileko bokalak hautatzeko prozedura ezartzen da, eta hartarako deia egiten. Bokal horiek Jatorri Deituraren Erregelamenduaren 32. artikuluko 1. apartatuko c) eta d) letretan aipatutako sektoreen ordezkariak izango dira, mahats-ekoizleen sektorearen eta elaboratzaileen sektorearen ordezkariak, alegia.

2. artikulua.– Hauteskunde-egutegia.

1.– Hauteskunde-prozesurako egutegia agindu honen I. eranskinean dago.

2.– Hauteskunde-egutegian finkatutako egunen bat larunbata, igandea edo jaieguna bada, hurrengo egun balioduna prestatuko da horretarako.

3.– Hauteskunde-egutegia egiteko, abuztua baliogabe deklaratzen da.

3. artikulua.– Hauteskunde Batzordea.

1.– «Arabako Txakolina/Txakoli de Álava/Chacolí de Álava» Jatorri Deituraren Hauteskunde Batzordea sortzen da.

2.– Hau izango da Hauteskunde Batzordearen osaera (egoitza: Eusko Jaurlaritzan elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaritza, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila, Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz 01010):

Presidentea: Eusko Jaurlaritzako elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaritzaren titularrak izendatuko du.

Presidenteordea: Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Saileko titularrak izendatuko du.

Bokalak:

– Aholkulari juridiko bat (1), Eusko Jaurlaritzan elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaritzaren titularrak izendatua; batzordeko idazkari jardungo du.

– Jatorri Deituraren lurralde-eremuan ezarritako izaera sindikala duten nekazaritzako erakunde profesional bakoitzaren ordezkari bat (1), nekazaritzako erakunde profesional horiek hartutako erabaki bidez izendatua.

Erabaki hori I. eranskinean ezarritakoaren arabera ezarritako Hauteskunde Batzordea eratu baino lehen hartu beharko da. Egun horretarako izendapen-erabakirik lortu ez bada, Batzordea eratzen den egun berean egingo da izendapena.

– «Arabako Txakolina/Txakoli de Alava/Chacolí de Álava» Jatorri Deituraren idazkari-kudeatzaile eginkizunetan diharduen pertsona.

3.– Hona hemen Hauteskunde Batzordearen eginkizunak:

a) Jatorri Deituraren erregistroetan inskribaturiko hautesleen erroldak argitaratzea, eta ikusgai jartzea 7. artikuluan zehaztutako tokietan.

b) Aipatutako zerrendei buruzko erreklamazioak lehenengo auzialdian ebaztea, eta erabaki horien aurka aurkezten diren errekurtsoen berri ematea Eusko Jaurlaritzan elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaritzari, zuzendaritza horrek ebazpena eman dezan.

c) Behin betiko erroldak onestea.

d) Bokal izateko hautagaien aurkezpen-paperak jasotzea.

e) Hautagaiak aldarrikatzea.

f) Hauteskunde Mahaia izendatzea.

g) Bozketak zaintzea.

h) Bokal hautetsiak aldarrikatzea.

i) Hauteskunde-prozesua bermatzea Kontseilu Arautzaileko presidentearen eta presidenteordearen egitekoak egingo dituztenak proposatu arte.

4.– Agiriak zaintzea eta erabakiak betearaztea izango da idazkariaren eginkizuna.

II. KAPITULUA
ERROLDAK ETA HORIEK IKUSGAI JARTZEA

4. artikulua.– Erroldak prestatzea.

1.– Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzaileak prestatuko ditu hautesleen erroldak edo azpierroldak, Jatorri Deituraren Erregelamenduaren 15. artikuluan jasotako erregistroetan inskribatuta dauden pertsonak aintzat hartuz, eta, betiere, agindu hau indarrean jartzen den unean; honela:

–. Ekoizleen erroldan, bi (2) azpierrolda ezarri dira:

A.1: agindu honen egunean inskribatuta 5 hektarea mahasti arteko dituzten ekoizleen azpierrolda, zeinak bokal bat hautatuko baitu.

A.2: agindu honen egunean 5 hektarea mahasti baino gehiago dituzten ekoizleen azpierrolda, zeinak bokal bat hautatuko baitu.

– Elaborazio- eta botilatze-lanak egiten dituzten pertsonen erroldan bi (2) azpierrolda ezartzen dira:

B.1: 50.000 litro arteko elaboratzaileen eta botilatzaileen azpierrolda, 2022-2023 kanpainarako aurreikusitako elaborazioaren edo botilatzearen arabera, zeinak bokal bat hautatuko baitu.

B.2: 50.000 litro baino gehiagoko elaboratzaileen eta botilatzaileen azpierrolda, 2022-2023 kanpainarako aurreikusitako elaborazioaren edo botilatzearen arabera, zeinak bokal bat hautatuko baitu.

2.– Jatorri Deituraren Erregelamenduaren eta haren Kontseilu Arautzailearen 32.1.c) eta d) artikuluan ezarritako bokal kopurua egokituko zaio errolda bakoitzari, hots, ekoizleen erroldari eta elaboratzaileen erroldari.

5. artikulua.– Betekizunak.

1.– Erroldetan egon ahal izateko, beharrezkoa izango da:

a) Kontseilu Arautzailearen erregistroetan inskribaturik egotea agindu honek ondorioak sortzen dituen egunean.

b) Jatorri Deituraren Erregelamenduak arautzen dituen arloetan arau-hauste larriak egiteagatik zehapenik jaso ez izana agindu hau argitaratu aurreko urtean.

c) Eskubide zibilez baliatzeko desgaiturik ez egotea.

d) Egunean izatea Jatorri Deiturari dagozkion kuotak eta gainerako betebeharrak.

2.– Eskubidearen pertsona titulartzat joko da Kontseilu Arautzailearen Erregistroetan jasota dagoena.

6. artikulua.– Erroldak prestatzea.

Elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaritzak ezarritako ereduaren arabera prestatuko dira erroldak, zeinetan ordena alfabetikoaren arabera azalduko baitira hautesleak udalerri bakoitzean.

7. artikulua.– Erroldak ikusgai jartzea.

1.– Hauteskunde Batzordeak, dagozkion erroldak Kontseilu Arautzailetik jaso ondoren, jendaurrean jartzeko beharrezko ale kopuruan, eta egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ondoren, izapidetu egingo ditu Batzordeko idazkariaren sinadurekin eta presidentearen oniritziarekin, eta jendaurrean jartzeko aginduko du Kontseilu Arautzailearen egoitzan, Arabako Lurralde Historikoko Nekazaritzako Eskualde Bulegoetan eta Eusko Jaurlaritzan elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaritzan.

2.– Errolden gaineko erreklamazioak eta errekurtsoak I. eranskineko egutegira doituko dira.

3.– Ekoizleen sektorearen (mahastien erregistroa) eta elaboratzaileen sektorearen (upeltegi elaboratzaileak eta botilatzaileak) erroldetan aldi berean inskribatuta dauden titularrek bi erroldetarako eman ahal izango dute botoa.

III. KAPITULUA
KONTSEILU ARAUTZAILEKO BOKAL IZATEKO HAUTAGAI-ZERRENDAK AURKEZTEA: HAUTAGAIAK ALDARRIKATZEA ETA FORMA

8. artikulua.– Hautagai-zerrenden betekizunak.

1.– Errolda/azpierrolda bakoitzaren bokal-ordezkari izateko pertsonak hautatzeko, errolda/azpierrolda bakoitzean daudenak izango dira hautagai.

2.– Bokalak eta ordezkoak hautatzeko hautagai-zerrendak irekiak izango dira errolda eta azpierrolda bakoitzerako.

3.– Hauteskunde Batzordeari aurkeztu behar zaizkio talde bakoitza ordezkatuko duten bokalak aukeratzeko hautagai-zerrendak. Horretarako, aldarrikatze-eskabidea aurkeztu behar da, I. eranskinean zehaztutako epean.

4.– Inork, ez norberaren izenean ez beste baten izenean, ezingo du bokal-kargu bat baino gehiago izan Kontseiluan.

9. artikulua.– Hautagai-zerrendak proposatzea.

1.– Nekazaritzako erakunde profesionalek eta entitate independenteek aurkeztu ahal izango dituzte hautagai-zerrendak, baina, dena delako errolda edo azpierroldako hautesleen ehuneko hogeiaren (% 20) abala gutxienez beharko dute.

2.– Inongo nekazaritzako erakunde edo elkarte profesionalek ezin izango du hautagai-zerrenda bat baino gehiago aurkeztu errolda edo azpierrolda bakoitzeko. Hautagai-zerrendak aurkeztean, ezin izango da erabili alderdi politikoen ikur edo bereizgarririk.

3.– Inongo nekazaritzako erakunde edo elkarte profesionalek, baldin eta beste handiago batean sarturik badago, ezin izango du hautagai-zerrendarik aurkeztu, handiago horrek hautagaitza aurkezten badu.

4.– Nekazaritzako erakunde edo elkarte profesionalek hautagai-zerrendarik aurkeztuz gero, haien estatutuen arabera ordezkari direnek izenpetu beharko dituzte zerrendok. Gainerako hautagai-zerrenden kasuan, sustatzaileek aurkeztu beharko dituzte.

5.– Zerrendak hautesleek aurkeztuz gero, izenpetzaileen nortasuna egiaztatu beharko da Hauteskunde Batzordearen aurrean, eta, orduan, proposatutakoak eta atxikimendua adierazi dutenak azaldu beharreko erroldetan azaltzen ote diren egiaztatuko du Batzordeak.

6.– Hauteskunde Batzordeari aurkeztuko zaizkio zerrendok, datu hauek argi azalduta:

a) Proposamena egiten duen entitatearen edo taldearen izena eta hautagai-zerrendarena.

b) Sartutako hautagaien izen-abizenak.

c) Zerrenda bakoitzeko hautagaien eta ordezkoen hurrenkera.

Hauteskunde Batzordeko idazkariak zerrenda zein egunetan eta zein ordutan aurkeztu den jasoko du eginbidean.

7.– Proposatutako hautagaiek hautagarri izateko baldintzak bete behar dituzte, eta, horrez gain, hautagai-zerrenda onartzen dutelako adierazpena izenpetu behar dute, zeina zerrendarekin batera aurkeztu behar baita.

8.– Hauteskunde Batzordeak hautagai-zerrendak onartzeko, ezinbestekoa da zerrenda bakoitzak ordezkari bat izendatzea, jakinarazpenak berari bidaltzeko. Ordezkari horrek ez du zertan hautagai izan. Zerrenda aurkezten denean, ordezkariaren helbidea adieraziko zaio Hauteskunde Batzordeko idazkariari, aurrerantzean jakinarazpenak ordezkari horri bidaltzeko.

10. artikulua.– Hautagai-zerrendak aldarrikatzea:

1.– Agindu honen I. eranskinean jasotakoaren arabera, hautagaiak aurkezteko epea bukatzean, hautagaiak irmoak izango dira, eta Batzar Orokorrak aldarrikatuko ditu. Orobat, Batzarrak bazter utziko ditu, ofizioz edo salaketa bidez, hautagarritasun-eskakizunak betetzen ez dituzten hautagaiak edo aurkezteko eta aldarrikatzeko eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituztenak.

2.– Hautagaiak aldarrikatutakoan, Hauteskunde Batzordeak ikusgai jarriko ditu 7.1 artikuluan hautesle-erroldak ikusgai jartzeko adierazitako tokietan.

3.– Hautagaiak aldarrikatu eta ikusgai jarri ondoren, haren aurkako errekurtsoak aurkeztu ahal izango zaizkio Eusko Jaurlaritzan elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaritzari, I. eranskinean ezarritako epeen arabera, betiere.

4.– Erroldaren edo azpierroldaren batean hautagai-zerrenda bakarra aurkezten bada, Hauteskunde Batzordeak –aurreko paragrafoan aipatutako errekurtsoak ebatzitakoan, halakorik egonez gero– zerrenda horretako hautagaiak aldarrikatuko ditu bokal eta ordezko, eta bozketarik egin gabe esleituko dizkie bokal-karguak. Eta kasu guztietan hori bera gertatuz gero, hauteskunde-prozesuak aurrera egingo du: aldarrikatutako hautagaiak karguez jabetuko dira, eta presidentea eta presidenteordea hautatuko dituzte, horretarako zehaztuko den egunean.

IV. KAPITULUA
HAUTESKUNDE-MAHAIAREN ERAKETA, BOZKETA ETA BOTO-ZENBAKETA

11. artikulua.– Hauteskunde Mahaia.

1.– Hauek dira Hauteskunde Mahaiaren egitekoak: bozketaren buru jardutea, botoak zenbatzea eta bozketaren garbitasuna zaintzea.

2.– Hauteskunde Batzordeak izendatutako presidente batek eta bi ondokok osatuko dute Hauteskunde Mahaia. Karguok zozketaren bidez hautatuko dira hautesleen artetik, agindu honen I. eranskinean azaltzen den egunean. Jardunbide bera erabiliz, presidentearen eta mahaikideen bina ordezko izendatuko dira.

Bokal izateko hautagaiak eta horien ordezkoak ezin izango dira Hauteskunde Mahaiko parte izan.

3.– Hautagai-zerrendek kontu-hartzaileak izendatu ahal izango dituzte Hauteskunde Batzordearen aurrean, bozketa eta boto-zenbaketa ikus ditzaten, eta Hauteskunde Mahaian parte hartuko dute. Kontu-hartzaile horiek hautesle-erroldan egon beharko dira, eta ezingo dira hautagai izan.

12. artikulua.– Hauteskunde Mahaiaren osaera.

1.– Hauteskunde Mahaiko kide izendatuak nahitaez bete beharko du eginkizun hori. Izendapena egin ondoren, interesdunei jakinaraziko zaie, eta horiek, izendapena ez onartzeko arrazoirik izanez gero, arrazoi hori azaldu eta agiri bidez frogatu behar izango dute I. eranskinean ezarritako epean. Hauteskunde Batzordeak ebatziko du, eta ezin izango da errekurtsorik aurkeztu.

2.– Mahaian egotea galarazten duen arrazoia geroago sortzen bada, berehala ohartaraziko da, beti Mahaia eratu baino lehenago, betiere. Kasu horretan, Batzordeak, halaber, berehala emango du ebazpena.

3.– Mahaiko kideren bat, eratzeko beharrezkoa dena, agertzen ez bada, mahaikideak Hauteskunde Batzordeari jakinarazi beharko dio, eta hark libreki izendatu ahal izango ditu hauteskundeetako ordena eta boto-kontaketa bermatzeko pertsona egokienak.

13. artikulua.– Hauteskunde Mahaia eratzea.

1.– Bozketa-egunean, Hauteskunde Mahaiko presidentea, ondokoak eta ordezkoak 09:00etan bilduko dira Kontseilu Arautzailearen egoitzan, bozketa egingo den tokian, alegia.

2.– Presidentea azaltzen ez bada, lehenengo ordezkoak ordeztuko du, eta, hura ere azaltzen ez bada, bigarren ordezkoak. Eta hura ere ez bada azaltzen, lehenengo ondokoak eta bigarren ondokoak, ordena horretan. Presidente diharduten ondokoak azaltzen ez badira, haien ordezkoek ordeztuko dituzte.

3.– Hauteskunde Mahaia ezingo da inola ere eratu, presidentea eta bi ondoko han ez badaude.

4.– Presidente diharduenak, 09:30ean, Hauteskunde Mahaiaren eraketa-akta egingo du, eta berak, ondokoek eta, halakorik bada, kontu-hartzaileek izenpetuko dute.

5.– Aktan hauek jasoko dira, ezinbestean: Hauteskunde Mahaia osatzen duten pertsonak, kontu-hartzaileen zerrenda (halakorik egonez gero), ze hautagai-zerrenda ordezkatzen duten adierazita.

6.– Presidenteak, bozketa egiten den lekuan, aginte-ahalmen osoa izango du ordena zaintzeko, hautesleen askatasuna bermatzeko eta legea betetzen dela ziurtatzeko.

14. artikulua.– Dokumentazioa.

1.– Hau da Hauteskunde Mahaiak bete behar duen eta Hauteskunde Batzordeari bidali behar dion dokumentazioa:

– Mahaia eratzeko akta.

– Kontu-hartzaileen zerrenda.

– Boto-zenbaketaren akta.

2.– Hauteskunde Mahaiak boto-kontaketaren aktaren ziurtagiriak egingo ditu, hautagai-zerrendak osatzen dituzten zerrendetako ordezkariek edo mahaiko kontu-hartzaileek eskatuta.

3.– Hauteskunde Batzordeak boto-paperak eta gutun-azalak emango dizkio Hauteskunde Mahaiari, presidenteak izenpetutako jaso-agiriaren truke. Halaber, hautagai-zerrenden ordezkariei emango zaizkie, bat etorriz dagozkien erroldetan inskribatutako hautesleen kopuru proportzionalarekin.

4.– Boto-paperak eta gutun-azalak Batzordeak zehaztutako koloreetan egingo dira, eta horien ezaugarriak II. eranskinean adierazita daude.

15. artikulua.– Bozketa.

1.– Mahaia eratzeko akta egindakoan, 10:00etan hasiko da bozketa, eta 15:00ak arte iraungo du.

2.– Ezinbesteko kasuetan baino ezin izango da bozketa ez hasi edo bertan behera utzi behin hasi eta gero, eta beti Mahaiko presidentearen ardurapean, zeinak horri buruz ebatziko baitu, idazki arrazoitu baten bidez; Hauteskunde Batzordera bidaliko du idazki hori, hark zioak benetakoak diren egiazta dezan eta erantzukizunak adierazi edo eska ditzan. Aipatutako idazkiaren kopia Mahaiko presidentearen esku geratuko da.

3.– Bozketa bertan behera geratuz gero, ordura arte emandako botoak ez dira kontuan hartuko, ezta zenbatuko ere. Mahaiko presidenteak hautetsontzietan utzitako boto-paperak suntsitzeko aginduko du, eta horrela jasoko da aurreko paragrafoan aipaturiko idazkian.

4.– Botoa emateko eskubidea egiaztatzeko, beharrezkoa da hauteslea erroldako zerrenda ziurtatuan inskribaturik egon dadin eta bere nortasuna agiriaren edo pasaportearen bidez froga dezan.

5.– Mahastien Erroldan (ekoizleak), agindu honen egunean Jatorri Deituraren Erregistroetan jasota dauden 0,0703 hektarea mahastiko unitateak beste bozka dagozkio inskribatutako pertsona bakoitzari, ez da biribiltzerik egingo.

6.– Elaboratzaileen eta Botilatzaileen Erroldan, bozka bat dagokio inskribatutako pertsona bakoitzari.

7.– Ez bozketa-tokian, ez inguruetan, ezin izango da inolako propagandarik egin inolako hautagai-zerrendaren alde.

8.– Bozketa egiten den lekuan, Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailearen egoitzan, bi hautetsontzi jarriko dira: bat, Mahastien Erregistroaren Erroldan inskribatutako pertsonen botoak jasotzeko, eta, bestea, Upeltegi Elaboratzaileen eta Botilatzaileen Erregistroan inskribatutako pertsonen botoak jasotzeko.

9.– Bozketa pertsonala eta isilpekoa izango da, eta Mahaiko presidenteak emango dio hasiera, hitz hauekin: «bozketa hastera doa». Hautesleak banan-banan hurbilduko dira mahaira, eta, ondokoek eta kontu-hartzaileek hautesle-erroldako zerrendak aztertu ondoren, bertan botoa eman duenaren izena eta nortasuna agertzen direla egiaztatu ondoren, eta botoa ematera aurkeztu dela idatzi ondoren, hautesleak berak emango dio Mahaiko presidenteari dagokion koloreko gutun-azal batean sartutako boto-papera. Mahaiko presidenteak, hauteslearen izena ahoskatutakoan, «botoa ematen du» esan, eta hautetsontzian sartuko du boto-papera.

10.– 15:00etan, Mahaiko presidenteak bozketa bukatzeko dagoela iragarriko du, eta mahaikoa ez den inori ez dio inori bozketa-tokira sartzen utziko. Bozketa-tokian hauteslerik geratuz gero, Mahaiko presidenteak galdetuko du ea baten bat botoa eman gabe dagoen, eta, horrela izanez gero, bozketa-tokiaren barruan dauden horien botoak onartuko ditu.

Ondoren, mahaikideek eta kontu-hartzaileek –halakorik balego– emango dute botoa, eta haiek guztiek izenpetuko dituzte aktak.

11.– Mahaiko presidenteak jasotako boto-paperen kopuruak, gutxien-gutxienez, hautesle-kopurua halako bi izan behar du.

12.– Kontseilu Arautzailearen barruko errolda eta/edo azpierrolda bakoitzari bokal kopuru jakin bat dagokio, eta, gehienez beste horrenbeste hautagairi eman ahal izango zaio botoa eredu ofizialeko boto-paperen bidez. Hortaz, hortik gorako boto-kopurua dakarten boto-paperak baliorik gabe utziko dira.

16. artikulua.– Boto-kontaketa.

1.– Bozketa bukatutakoan, Mahaiko presidenteak bozketa itxita dagoela adieraziko du, eta botoak zenbatzeari ekingo zaio. Horretarako, banan-banan aterako dira boto-paperak hautetsontzitik, eta ozenki irakurriko dira aukeratutako hautagaien izenak. Mahaiko presidenteak boto-paperak irakurriko dizkie ondokoei eta kontu-hartzaileei; jarraian, boto-paperak erakutsiko dizkie, eta, azkenean, egiaztatuko da boto-paperen kopurua eta zenbatutako hautesleena bat ote datozen.

2.– Hauek izango dira boto baliogabeak:

a) Ofiziala ez den boto-paperean emandakoa.

b) Edozein arrazoi dela-eta, hautatutako hautagaia argi zehazten ez dutenak, edo erroldari dagokion bokal kopurutik gorako boto-kopurua dakartenak.

3.– Ezein hautagairen aldeko aukerarik adierazten ez duten boto-paperak hartuko dira boto zuritzat.

4.– Goiko jarraibideen arabera botoak zenbatuta, Mahaiko presidenteak galdetuko du proposamenik ote dagoen boto-zenbaketaren aurka. Kexarik ez bada, edo horiek mahaiko kideen gehiengoz ebatzi ondoren, Mahaiko presidenteak ozenki adieraziko du bozketaren emaitza: boto-emaileen kopurua, boto-paper baliodunena, boto-paper baliogabeena, boto-paper zuriena eta hautagai bakoitzak lortutako botoena.

5.– Bertaratutako guztien aurrean apurtuko dira hautetsontzietatik ateratako boto-paperak. Hala ere, boto-paper baliogabetzat jotakoak edo erreklamazioren bat izan dutenak gorde egingo dira, mahaiko kide guztiek izenpetuta eta bozketako aktari erantsita, betiere.

6.– Zeregin guztiak amaituta, presidenteak, ondokoek eta kontu-hartzaileek (halakorik balego) bozketako akta izenpetuko dute. Akta horretan, honako hauek zehaztu beharko dira: erroldaren araberako hautesle-kopurua, botoa eman duten hautesle-kopurua, boto-paper baliodunena, boto-paper baliogabeena, boto-paper zuriena eta aldarrikatutako hautagai bakoitzak lortutako botoena. Horrekin guztiarekin batera, honako hauek azalduko dira laburki: egindako erreklamazioak edo kexak, Mahaiak emandako ebazpenak eta gertatutako gorabeherak (halakorik balego), gorabehera horiek sorrarazi dituztenen izen-abizenak adierazita, betiere (III. eranskina, boto-zenbaketako akta-eredua).

7.– Jarraian, emaitzen ziurtagiria egingo da, eta bozketa egin den egoitzako leku ageri batean jarriko da. Boto-zenbaketako jatorrizko akta Hauteskunde Batzordeari igorriko zaio, baita bozketaren eraketako akta, eta boto-paper baliogabeak eta erreklamazioa izan dutenak ere.

V. KAPITULUA
BOKAL HAUTETSI TITULARRAK ETA ORDEZKOAK ALDARRIKATZEA, ETA KONTSEILU ARAUTZAILEKO PRESIDENTEA ETA PRESIDENTEORDEA HAUTATZEKO PROZEDURA

17. artikulua.– Bokal hautetsi titularrak eta ordezkoak aldarrikatzea.

1.– Hauteskunde Mahaiaren hauteskunde-aktak jasota, Hauteskunde Batzordeak bokal-karguak esleituko ditu, irizpide hauen arabera:

a) Errolda edo azpierrolda bakoitzean boto gehien lortu dituzten hautagaiei esleituko zaizkie bokal-karguak, eta ordezkoen postuak, berriz, boto-paperetan ordezko agertzen direnei.

b) Berdinketarik egonez gero, zozketaren bidez egingo da hautatutako karguen esleipena.

2.– Karguak esleitu ondoren, Hauteskunde Batzordeak –batzordeburuaren bitartez– Kontseilu Arautzaileko bokal hautetsiak aldarrikatuko ditu, 10.4 artikuluan aurreikusitako aukera baztertu gabe.

3.– Aldarrikatutako bokalen aurkako errekurtsoak I. eranskinean ezarritako egutegiari egokituko zaizkio.

4.– Bokalak aldarrikatutakoan, bokal hautetsiei behar diren egiaztagutunak bidaliko zaizkie, I. eranskinean ezarritako daten arabera.

18. artikulua.– Kontseilu Arautzaileko presidentea eta presidenteordea hautatzeko prozedura.

1.– Hauteskunde-egutegian zehaztutako egunean (I. eranskina), Kontseilu Arautzaileak osoko bilkura egingo du. Bilkura horretan, bokal hautetsiak karguaz jabetuko dira, eta hala egingo dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren aldetik Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko titularrak zein Bizkaiko Foru Aldundian nekazaritzaren arloko eskumena duen saileko titularrak izendatutakoek ere.

2.– Jarraian, eta saio berean, presidentea eta presidenteordea hautatuko dituzte bokalek, osoko bilkurako bokal hautetsien bi hereneko gehiengoarekin. Presidente kargua bokal hautetsi bati edo beste pertsona bati egokitu ahal izango zaio. Halere, presidenteordea Kontseilu Arautzaileko bokal izan ahal izango da. Bi hauteskundeak elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen sailari jakinaraziko zaizkio, izenda ditzan. Hautagaiek lortutako botoak jasoko dira.

3.– Karguetako bat bokalen artetik hautatuz gero, ez da bokalaren tokia beteko, parekidetasuna ez galtzeko. Kasu horretan, gainera, presidenteak kalitateko botoa galduko du.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Jatorri Deituraren egungo Kontseilu Arautzailearen gobernu-organoen agintaldia luzatzen da, eta hauteskunde-deialdi honen arabera hautatutako bokal berriek karguak hartzean amaituko dituzte gobernu-organo horiek haien eginkizunak.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Arau hau ezartzean zalantzarik sortuz gero, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren arabera ebatziko da.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Baldin eta, bokalen agintaldiko lau urteetan zehar, arau honetan xedatzen den bezala hautatutako pertsonetariko edozeinek hauts badeza ordezkatzen duen enpresarekiko lotura, edo utz badiezaio hautagai proposatu duen erakundekoa izateari, orduan baja hartuko du kide moduan, eta dagokion ordezkoak hartuko du bere tokia. Irizpide bera erabiliko da baldin eta bokal bat: a) bere eginkizunetatik baztertzen badu Kontseilu Arautzaileak agintaldian zehar, jatorri-deituren arloko arau-hauste larria egin duelako, dela berak zuzenean, dela bera partaide den izen edo sinadura sozialak, edo b) agintaldian zehar hiltzen bada edo berak ordezkatutako izen edo sinadura soziala desagertzen bada.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren administrazioarekiko auzietako salan bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko otsailaren 9a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
«ARABAKO TXAKOLINA/ TXAKOLI DE ÁLAVA/ CHACOLÍ DE ÁLAVA» JATORRI-DEITURAREN KONTSEILU ARAUTZAILERAKO HAUTESKUNDEAK

HAUTESKUNDE-EGUTEGIA

0.– Hauteskunde-deialdiaren agindua indarrean jartzea (agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean).

0 + 15.– «Arabako Txakolina/Txakoli de Álava/Chacolí de Álava» Jatorri Deituraren Hauteskunde Batzordea eratzea.

15 + 5.– Erroldak ikusgai jartzea, 7.1 artikuluan zehaztutako tokietan.

20 + 10.– Behin-behineko erroldei buruzko erreklamazioak aurkeztea Hauteskunde Batzordeari.

30 + 4.– Hauteskunde Batzordeak erreklamazioak ebaztea.

34 + 3.– Behin betiko erroldak ikusgai jartzea.

37 + 3.– Behin betiko erroldei buruzko errekurtsoak aurkeztea Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari.

40 + 5.– Erroldei buruzko baliabideak ebaztea.

45 + 3.– Errolda irmoak ikusgai jartzea.

48 + 4.– Kontseilu Arautzaileko bokal izateko hautagaiak aurkeztea Hauteskunde Batzordeari.

52 + 4.– Jatorri Deituraren Hauteskunde Batzordeak hautagaiak aldarrikatzea.

56 + 4.– Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari hautagaien aldarrikapenari jarritako errekurtsoak aurkeztea.

60 + 5.– Aurreko errekurtsoak ebaztea.

65 + 3.– Hautagaien behin betiko zerrendak ikusgai jartzea.

68 + 4.– Hauteskunde Batzordeak Hauteskunde Mahaiko kideak izendatzea, zozketa bidez, eta interesdunei jakinaraztea.

72 + 3.– Hauteskunde Mahaiko kideen izendapenaren inguruko desenkusak aurkeztea Hauteskunde Batzordeari.

75 + 4.– Hauteskunde Batzordeak desenkusak ebaztea.

79 + 6.– Hauteskunde Mahaia eratzea eta bozketa egitea.

85 + 2.– Hauteskunde Mahaiak Hauteskunde Batzordeari bidaliko dio bilkura eratzeko akta, boto-paper baliogabeen edo erreklamazioa eragin dutenen kopurua adierazita. Orobat, boto-zenbaketako jatorrizko akta ere bidaliko dio.

87 + 5.– Jatorri Deituraren Hauteskunde Batzordeak bokalak aldarrikatzea.

92 + 4.– Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari bokalen aldarrikapenari jarritako errekurtsoak aurkeztea.

96 + 3.– Jatorri Deituraren Hauteskunde Batzordeko buruak errekurtsoak ebaztea eta bokal-karguak esleitzea.

99 + 5.– Bokal hautetsiei dagozkien egiaztagutunak bidaltzea.

104 + 6.– «Arabako Txakolina/Txakoli de Álava/Chacolí de Álava» Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailearen osoko bilkura egitea, bokal hautetsiak karguaz jabetzea, eta presidente eta presidenteorde izateko proposatuko pertsonak hautatzea.

110 + 6.– Presidente eta presidenteorde izateko proposatutako pertsonak zein diren jakinaraztea Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari.

II. ERANSKINA
BOTO-PAPER OFIZIALAREN EREDUA

«Arabako Txakolina/Txakoli de Álava/Chacolí de Álava» Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzaileko bokalak hautatzeko hauteskundeak, ekoizleen sektorearen (mahastiak) eta upeltegi elaboratzaile eta botilatzaileen (upeltegiak) ordezkari izateko.

Sektorea (1)

Azpierrolda (2)

Hautagai hauei ematen diet botoa (3):

Titularra:

Ordezkoa:

(Adierazi zein hautagairi ematen diozun botoa)

A) (1) Ekoizleen sektorea (mahastiak)

(1) Azpierrolda:

A.1.– 5 hektarea mahasti arte.

A.2.– 5 hektareatik gora.

V.3.– Mahastizainak, 15 hektarea edo gehiago inskribatuta dutenak.

B) (1) Ekoizleen eta elaboratzaileen sektorea (upeltegiak)

(2) Azpierrolda:

B.1.– Upeltegiak, 50.000 litrotik behera ekoizten dutenak.

B.2.– Upeltegiak, 50.000 litrotik gora ekoizten dutenak.

(3) Hautagai bakoitzaren izen eta abizenen ondoan, parentesi artean, hautagai-zerrendaren izena agertuko da.

III. ERANSKINA
ZENBAKETA-AKTAREN EREDUA

Akta hau izenpetzen dutenek, hau da, «Arabako Txakolina/Txakoli de Álava/Chacolí de Álava» Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzaileko bokalak aukeratzeko Hauteskunde Mahaia osatzen duten presidenteak, ondokoek eta kontu-hartzaileek (halakorik balego), honako hau

Egiaztatzen dute: gaurko egunez Hauteskunde Mahai honetan egiaztatutako boto-paperen zenbaketa eginda, hau da emaitza:

Hautesleak:

Bozkatu duten hautesleak:

Boto-paper baliodunak:

Boto-paper baliogabeak:

Boto-paper zuriak:

BOTO BALIODUNAK HONELA BANATZEN DIRA:

Jauna/andrea:

(Hautagai-zerrenda):

Azpierrolda (letraz):

(Zenbakiz):

Jauna/andrea:

(Hautagai-zerrenda) Azpierrolda (letraz):

(Zenbakiz):

Jauna/andrea:

(Hautagai-zerrenda):

Azpierrolda (letraz):

(Zenbakiz):

Jauna/andrea:

(Hautagai-zerrenda):

Azpierrolda (letraz):

(Zenbakiz):

Eta jasota gera dadin, hau izenpetzen dugu, ...........n, .......ko....................ren.............n.


Azterketa dokumentala