Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

244. zk., 2022ko abenduaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Prestatu eta trebatzeko ikastaroak

SEGURTASUN SAILA
5516

EBAZPENA, 2022ko abenduaren 9koa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez deialdia egiten baitzaie Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako karrerako funtzionarioei, Brigada Mugikorrean espezializatzeko ikastaroetarako hautaketa-prozeduran parte har dezaten.

Deialdia egiteko, honako hauetan xedatutakoa hartu da aintzat: Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko1/2020 Legegintzako Dekretua; Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legea; Euskal Herriko Poliziaren hautaketa- eta prestakuntza-araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretua, eta horren gainean maiatzaren 21eko 111/2002 Dekretuak eta otsailaren 17ko 36/2004 Dekretuak egindako aldaketak.

Halaber, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Kontseilu Errektoreak ere onartu du deialdia, eta, hartara, Segurtasuneko sailburuordeak egindako eskabideari erantzun zaio.

Horretan guztian oinarrituta, zuzendari honek erabaki du deialdia egitea, Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako karrerako funtzionarioek Brigada Mugikorrean Espezializatzeko ikastaroetarako hautaketa-prozesuetan parte har dezaten, honako oinarri hauekin bat etorriz.

OINARRIAK

Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.

1.– Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente Kategoriako Karrerako funtzionarioentzat, oposizio bitartez, Brigada Mugikorreko Espezializazio Ikastaroetan sartzeko hautaketa prozedurarako deialdia egiten da.

2.– Deitutako plazak 45 dira guztira.

3.– Hautaketa-prozedura horren fase bat gehiago gisa osatuko da prestakuntza-ikastaro batekin batera.

4.– Deitutako plaza kopurua handitu daiteke sortzen diren plaza hutsen arabera, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez. Ebazpen hori Euskal Herriko Poliziaren hautaketa- eta prestakuntza-araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 40.2 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz argitaratuko da.

Lanpostu-gehikuntza hori hamargarren oinarriaren 3. zenbakian aurreikusitako izapidea gauzatu aurretik ezarri beharko da.

Bigarrena.– Izangaien betekizunak.

1.– Hautaketa-prozeduran onartuak izateko honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Aldez aurretik eskaera egitea.

b) Ertzaintzaren karrerako funtzionario izaera edukitzea.

c) Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente Kategorian jarduneko zerbitzu administrazio-egoeran izatea.

d) Uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 97.3 artikuluan (Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duena) ezarrita dagoen lanpostuan gutxieneko iraupen-aldi bereziari lotuta ez egotea.

e) Brigada Mugikorreko Espezializazioan hiru deialdi baino gehiagotan parte hartu gabe egotea. Deialdi bat agortutzat emango da, eta zenbakarritzat joko da, funtzionarioa ikastaroan parte hartzeko ontzat ematen den kasuan. Ez ordea, deia egiten duen organoak ikusten badu, nahi gabeko kausa dela-eta, izangaia ikastarora ez dela bertaratu edo ikastaroa ez duela amaitu. Hala denean, behar bezala justifikatuta egon beharko du.

f) Deialdi honen I. eranskinean aipatutako baztertzeko osasun-kasuen taulan ez egotea.

2.– Hautaketa-prozeduran parte hartzeko aurreko atalean ezarritako baldintza guztiak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik.

3.– Hautaketa-prozeduran onartua izateko eta parte hartzeko, nahikoa izango da izangaiek, beren eskabide orrian, eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela adieraztea, beti ere, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako bete beharko dituzte.

Bi aldeok ziurtatzea deitzen duen organoaren eginkizuna izango da eta ofizioz ziurtatuko du dagokionean Segurtasun Sailak eskatuz.

Horren kaltetan izan barik, hautaketa-prozeduran zehar, prozedura horretan parte hartzen duenari, ebazpen honen bigarren oinarriaren 1.f) puntuan adierazitako baztertze medikuen taularen barruan dagoela egiaztatzeari begira, beharrezkotzat jotzen diren azterketa medikoak egingo zaizkio.

Egiaztatze hori horretarako izendatutako Epaimahai medikoak egingo du.

4.– Hautaketa-prozeduraren edota uneren batean, onartutako eta baztertzeko zerrenda egiten duen eskudun organoak jakingo balu izangaietako bati deialdian parte hartzeko eskatutako baldintzen bat falta zaiola, hautaketa prozesutik kanpo utziko luke, eta hala badagokio, prestakuntza ikastarotik baztertu egingo luke, beti ere, interesatuari entzun ondoren.

Hirugarrena.– Eskabideak.

1.– Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi dutenek, sailen arteko intraneten –Gurenet– azaltzen den eskabide eredua erabiliz egin beharko dute eskaria.

2.– Eskabideak aurkezteko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita 20 egun baliodunekoa izango da.

3.– Eskabidean zehaztu egin beharko dute oposizioko probak zein hizkuntzatan egin nahi dituzten, gazteleraz edo euskaraz.

4.– Izangaiak eskabidean aipatu egin beharko du eskatutako betekizun guztiak dituela eskabidea aurkezteko epe-mugarako.

Laugarrena.– Izangaiak onartzea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak, onartu eta bazter utzitakoen behin-behineko zerrenda onartuko du eta zerrenda hori 15. oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz argitaratuko da.

2.– Behin-behineko zerrendan baztertuta agertzen diren izangaiei dagozkien arrazoiak adieraziko zaizkie, eta interesdunek 10 egun balioduneko epea izango dute erreklamazioak aurkezteko eta, hala dagokionean, eskabideak izan ditzakeen hutsak zuzentzeko.

3.– Aurkeztutako erreklamazioak, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren Ebazpenean izango dira onartuak edo baztertuak eta horren bitartez, 15. oinarrian aurreikusitakoaren bat etorriz, argitaratuta agertuko den onartutako eta baztertutakoen zerrenda behin betikoa izango da.

Bosgarrena.– Epaimahai Kalifikatzailea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren eta Euskal Herriko Poliziaren hautapen- eta prestakuntza-erregelamendua onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren aurreikuspenen arabera, parte-hartzaileen hautaketa eta oposizio-probak erabakitzeko, garatzeko eta ebaluatzeko Epaimahai Kalifikatzaile bat izendatuko da. Epaimahai hori mahaiburu batek, bi bokalek eta idazkari batek osatuko dute. Epaimahaia osatzen duten kideek inpartzialtasun, profesionaltasun eta espezialitate printzipioei atxikita izango dira, baita ere emakumeen eta gizonen arteko ordezkaritza orekatuari.

Epaimahai Kalifikatzailea osatzen duten pertsonen eta ordezkoen izendapena hamabosgarren oinarrian ezarritako eran argitaratuko da, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren Ebazpenaren bitartez.

2.– Epaimahai Kalifikatzailearen jardunak organo kolegiatuen funtzionamenduko araudi erregulatzailean indarrean diren xedapenak aintzat hartuko ditu.

Epaimahai Kalifikatzailea osatzen duten kideei Sektore Publikoko Araubide Juridikoko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan bildutako abstentzio- eta errekusatze-kausak ezarriko zaizkie.

Epaimahai Kalifikatzailean parte hartzeagatik legez ezarritako kalte-ordainak jasoko dira.

3.– Hautaketa-sistema osatzen duten proben garapena eta ebaluaketa, Epaimahai Kalifikatzaileari dagozkio, eta horrek, jarduteko autonomia osoa izango du. Prozeduraren objektibotasunaz Epaimahai Kalifikatzailea arduratuko da, baita deialdiaren oinarriak betetzea bermatu ere.

4.– Epaimahaiak aholkulari edo adituak hartu ahal izango ditu bere lanetarako, nahiz hautaketa proba guztietarako, nahiz baterako. Aipatutakoek euren espezialitateen barruan aholkuak eta laguntza teknikoa emango dituzte.

Aholkulari horien jarduna ere objektibotasun, inpartzialtasun eta konfidentzialtasun printzipioei lotuta izango da.

5.– Epaimahai Kalifikatzaileak autonomia osoz jokatuko du eta prozeduraren objektibotasunaz arduratuko da eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du. Era berean, hautaketa prozedura garatzeko beharrezko diren neurriak hartu ahal izango ditu Epaimahaiak deialdi honetan finkatuta ez dauden guztietan, eta gainera, deialdiko oinarriak interpretatzeak eta aplikatzeak eta beren lanetarako jardunak sortu ahal dituzten arazo guztiei ebazpena emateko ahalmena izango du.

6.– Epaimahaiak ezingo ditu hautagai gehiago hautatu, deialdiko lanpostu kopurua baino. Muga hori hausten duten proposamen guztiak erabat deusezak izango dira.

7.– Epaimahai Kalifikatzailearen erabakiak hamabosgarren oinarrian aurreikusitakoaren bat etorriz argitaratuko dira.

8.– Epaimahai kalifikatzaileari zuzendutako idatziak honako posta-elektronikora bidali beharko dira:

2022brigadamugikorra@seg.euskadi.eus

Epaimahaiak bide horretatik erantzungo die jasotako idatziei, betiere, Ertzaintzako funtzionarioen posta elektroniko korporatiboko norbanako helbidera zuzendutakoei.

Seigarrena.– Hautatzeko sistema.

1.– Hautaketa prozesua oposizio bitartez izango da. Oposizio horretan izangaien gaitasuna eta beraien arteko lehentasun-hurrenkera zehaztuko dira.

2.– Oposizioko guztirako puntuazioa hori osatzen duten ariketa edo proba desberdinetan lortutako gehiketatik lortutakoa izango da, eta hala dagokionean, euskararen ezagutza merezimendu gisa ebaluatuko da. Puntuazio horrek zehaztuko du izangaien lehentasun-ordena.

Zazpigarrena.– Oposizioa.

Oposizioan, honako proba hauek egin beharko dira segidan:

1.– Lehenengo proba. Derrigorrezkoa eta baztertzailea. Gaitasun fisikoa neurtzeko proba, 0tik 40ra bitartean baloratuko da.

Ebazpen honen II. eranskinean adierazten diren ariketa fisikoak egingo dira.

Izangaiek euren ardurapean bakarrik egingo dituzte ariketa fisikoak eta horretarako egokia den kirol ekipoaz horniturik bertaratu beharko dute.

Lehenengo proba honetan bi ataletan banaturiko lau (4) ariketa egin beharko dira.

Lehen atalean hiru ariketa egin beharko dira, indarra neurtzekoak.

Atal hau osatzen duten hiru ariketok 0tik 10 puntura bitartean baloratuko dira. Atal hau gainditzeko:

– Ezin izango da proba bat baino gehiago ez gainditu.

– Eta 3 ariketetako puntuen baturak 18 puntu edo gehiago izan beharko ditu.

Betekizun horietako bat ez gainditzea atal hori ere ez gainditzea adieraziko luke.

Bigarren atalean ariketa bakarra egin beharko da, erresistentzia aerobikoa neurtzeko izango dena. Ariketa hau 0tik 10 puntura bitartean baloratuko da. Atal hau ez gainditutzat joko da ariketa honetan gutxienez bost puntu lortzen ez badira.

Gaitasun fisikoaren proba gainditzeko proba hori osatzen duten atal bakoitza gainditu beharko da.

2.– Bigarren proba. Derrigorrezkoa eta baztertzailea. Test psikoteknikoa Brigada mugikorreko Polizia eginkizunak modu egokian betetzeko hautaketa prozeduran parte hartzen duten pertsonen gaitasunak zehazteko izango da. Proba hori test erakoa izango da, honakoak izanik proban: ahozko gaitasunak, arrazoitzeko gaitasunak, atentzio-pertzepzio gaitasunak eta espazio-gaitasunak.

Test-erako galdetegiko galdera bakoitzean lau erantzun aukera izango dira. Lau aukera horietatik bat bakarrik izango da erantzun zuzena.

Proba honetan gaizki emandako erantzun bakoitza erantzun zuzen bakoitzari emandako baliotik heren batekin zigortuko da.

Erantzun gabeko galderak eta bi aldiz erantzundakoak (erantzun bikoitzak) ez dira zigortuko.

Proba hori, edonola ere, hautaketa prozesuaren objektibotasuna eta arrazionaltasuna bermatzeko egingo da, baita ere, merezimendu- eta gaitasun-printzipioei modu egokian egokitzen den jakiteko.

Proba hau, derrigorrezkoa izango da, gehienez 20 punturekin baloratuko da eta gutxienez 10 puntu lortzen ez duten izangaiak bazter geratuko dira hautaketa prozesutik.

3.– Hirugarren proba. Derrigorrezkoa eta baztertzailea. Proba honetan, nortasun ezaugarriak eta orekarik ez izatearen beste adierazle batzuk ebaluatuko dira eta izangaiaren jokaera eta izaera egokitasunak zehaztuko dira deitutako lanpostuaren profilera egokitzen den ikusteko. Proba hau honako bi ariketek osatuko dute:

a) Nortasun-testa: ariketa honen helburua da ebaluatzea hautaketa-prozeduran parte hartzen dutenen nortasun-ezaugarri nagusiak eta asaldura eta moldatu ezina neurtzeko adierazleak. Proba honetan, 0 puntutik 10era emango dira, eta kanpoan utziko dira gutxienez 5 puntu lortzen ez dutenak.

Nortasun testa aurrez aurreko elkarrizketa baino lehen egingo eta zuzenduko da.

b) Aurrez aurreko elkarrizketa, deitutako lanpostuaren profilari dagozkion eginkizunak betetzeko izangaien jarrera eta konpetentzia zehazteko dena. Ariketa 0 puntutik 10era baloratuko da, eta gutxienez 5 puntu lortzen ez duena modu automatikoan baztertuta geratuko da.

Elkarrizketaren ariketa egin aurretik, prozesuan parte hartzen dutenek curriculum vitae sinplifikatu bat bete beharko dute, eskuratuko zaien eredu normalizatuaren arabera. Curriculum hori ez da puntuagarria izango, eta elkarrizketa egiteko oinarri gisa baino ez da erabiliko.

Zortzigarrena.– Oposizioko proben garapena.

1.– Lehenengo azterketa noiz, zein ordutan eta non egingo den gutxienez zazpi egun natural lehenago iragarriko da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Iragarki-oholean. Ondorengo azterketak noiz, zein ordutan eta non egingo diren gutxienez hirurogeita hamabi ordu lehenago iragarriko dira.

2.– Epaimahai Kalifikatzaileak deialdi honetan ezarritakoa ez bezala egin ahal izango ditu proba edo oposizioa osatzen duten ariketa desberdinak; hau da, ordena desberdinean eta egun berean proba bat baino gehiago egin edo ez egin. Azken honetan, emaitzak agertuko dira aurreko proba gainditu duten neurrian.

3.– Epaimahaiak derrigorrezko probak edota ariketak egiteko finkatutako tokian, datan eta orduan agertzen ez diren izangaiak hautaketa prozeduratik baztertuta utziko ditu modu automatikoan behin betiko, baztertzearen arrazoia ezinbestekoa izan arren. Arau bera aplikatuko zaie edozein derrigorrezko probetara edo ariketetara berandu bertaratzen diren izangaiei.

4.– Oposiziogileek identitatea egiaztatzen duten agiria eraman beharko dute proba guztietara, Epaimahai Kalifikatzaileak noizbait eska baitiezaieke hori erakusteko.

5.– Proben emaitzak, Epaimahai Kalifikatzailearen Erabaki baten bidez argitaratuko dira, hamabosgarren oinarrian aurreikusitakoaren bat etorriz.

Bederatzigarrena.– Euskararen ezagutza baloratzea.

1.– Eskabideak aurkezteko epe-mugan Ertzaintzaren 1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta daukatenei 5 puntu aitortuko zaizkie.

2.– Hautaketa-prozesuaren garapenean ez da euskararen ezagutza egiaztatzeko inolako probarik egingo.

3.– Aipatutako egiaztagiriak Epaimahai kalifikatzaileak konprobatu eta baloratuko ditu ofizioz.

Hamargarrena.– Azken kalifikazioa.

1.– Oposizioko guztirako kalifikazioa, proba edo ariketa desberdinetan lortutako puntuaketaren batuketa izango da, eta hala dagokionean euskararen ezagutza merezimendu gisa ebaluatzetik gehitzen dena, guzti horrek zehaztuko duelarik izangaien lehentasun-hurrenkera.

2.– Lehentasun-hurrenkerako puntuazioen berdinketa honako irizpideekin bat etorriz ebatziko da eta honako ordena jarraituz:

a) Emakumeen eta Gizonen berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legea.

b) Euskararen ezagutzan lortutako puntuazio altuena.

c) Gaitasun fisikoaren proban (oposizioko lehen proba) lortutako puntuazio altuena.

3.– Hautaketa sistemaren kalifikazioa amaitzen denean, bosgarren oinarrian aurreikusitako Epaimahai kalifikatzaileak, hamabosgarren oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz, honako hauek onartu eta argitaratuko ditu eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari igorriko dizkio:

a) Oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda. Puntu gehien lortu dituenetik gutxien lortu dituenera antolatuta egongo da.

b) Hautaketa sistema gainditu ondoren eta sailkapen hurrenkerari jarraituz, deitutako plaza kopuruan sartzen diren pertsonen zerrenda.

c) Hautaketa sistema gainditu ondoren eta sailkapen hurrenkerari jarraituz, deitutako plaza kopuruan sartzen ez direnen zerrenda.

4.– Eraginkortasun-printzipioa aplikatuz, hautatutako izangaien zerrendetan edozein arrazoirengatik sor daitezkeen bete gabeko lanpostuak bete ahal izango dira Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bitartez, hurrengo dauden izangaiekin deitutako plaza guztiak bete arte, aurreko puntuko c atalean ezarritako lehentasun-hurrenkera jarraituz. Erabaki horiek Hamaseigarren Oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz argitaratuko dira.

Hamaikagarrena.– Brigada Mugikorreko Espezializazio ikastaroak.

1.– Hautatuak hamargarren oinarrian dioenaren arabera, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak deituko ditu Ebazpenaren bidez, Brigada Mugikorrean Espezializatzeko ikastaroak egiteko.

2.– Ikastaro desberdinetan atxikitzeko 10.3.a) Oinarrian ezarritako lehentasun-hurrenkera izango da kontuan.

3.– Interesdunei ikastaroetan sartzeko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak jakinaraziko die Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bitartez.

Prestakuntza-ikastaroa hasten denean, ikastaroa egitera ez aurkezteak ikastaroa egitetik bazter utziko du hautagaia eta baja adieraziko zaio; interesdun-eragileak ezinbesteko arrazoiarengatik eragindako ausentzia behar bezala jakinarazten ez badio Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari. Ezinbesteko arrazoitzat joko da, lanerako ezintasun iragankorraren ondorioz, hautagaia ikastaroan sartzen ez bada eta gaixotasunagatiko edo istripuarengatiko baja bitartez justifikatzen ez bada.

4.– Prestakuntza-ikastaroa amaitu aurretik borondatez uzten bada, Administrazioak aukera izango du uko egin duen pertsonari bere prestakuntzan inbertitutako zenbatekoak itzultzeko eskatzeko. Ondorio horietarako, jarduketa hauetatik eratorritako zenbatekoak erreklamatu ahal izango dira:

– Prestakuntza-ikastaroaren zenbatekoa (prezio publikoei buruz indarrean dagoen araudiaren arabera).

– Prestakuntza-ikastaroan emandako ekipamendu pertsonalaren zenbatekoa.

5.– Prestakuntza-ikastaroak horiek arautzen dituen ikasketa-planaren arabera egingo dira.

6.– Brigada Mugikorreko Espezializazio Ikastaroak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian egingo dira edo zuzendari nagusiak erabakitzen duen egoitzan.

7.– Familia- eta Lan-bizitza uztartzeari buruzko Legea ezarriz aldagarria izango da prestakuntza-ikastaroetan sartzeko eskubidea; ezkontza eta erditzea, erditze aurretiko eta erditze ondorengo egoeretatik sortutakoak izango dira kontuan. Inguruabar horiek aintzat hartzeko eragindako pertsonek Polizia eta Larrialdietako zuzendari nagusiari igorri beharko dizkiote halako alegazioak 10.3 oinarrian aurreikusitako argitalpenetik kontatzen hasita hamar egun naturaleko epean.

Familia- eta Lan-bizitza uztartzeari buruzko Legea ezartzetik sortutako inguruabarren ezarpenean –ezkontza eta erditzea, erditze aurretiko eta erditze ondorengo egoeretatik sortutakoak– ikastaro batera atxikitako prestakuntza-ikastaroa egingo duen izangaiari dagokionez, 10.3.a) oinarrian ezarritakoaren lehentasun-hurrenkeraren arabera, ez da bere azken kalifikaziorik argitaratuko eta aurreko postuko izangaiaren prestakuntza-ikastaroaren kalifikazioa argitaratu arte bertan behera geratuko da.

Langileak prestakuntza egitea atzeratu behar badu, 10.3.a) oinarrian ezarritako lehentasun-ordenaren arabera aurre-aurreko lanpostuan sailkatuta dagoen pertsonaren eskubide berberak izango ditu; hala ere, eskubide horiek atzeratutako pertsonak prestakuntza gainditzearen baldintzapean geratuko dira.

8.– Prestakuntza ikastaroa egin bitartean, eskoletara joatetik salbu geratzeko edozein lizentzia edo baimena emateko eskudun organoa Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia izango da.

Prestakuntza ikastaroan zehar emango diren eskoletarako asistentzia ezinbestekoa izango da, eta edozein baimen zerbitzu-betebehartzat joko da.

9.– Prestakuntza ikastaro bakoitzeko azken kalifikazioa hamabosgarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko da.

10.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak erabakiko du prestakuntza-ikastaroa gainditu ez dutenen baztertzea.

11.– Prestakuntza-ikastaroaren edozein momentutan ikusiko balitz ikaslearen espedientetik prestakuntza-aldia ezin izango lukeela gainditu Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak bazter utzi ahal izango du prozesutik, betiere, interesdunari entzun ondoren.

Hamabigarrena.– Baztertzeko osasun-kasuen taula.

1.– Hautaketa-prozeduran zehar, bere osotasunean hartuta, izendatutakoei beharrezko jotzen diren proba medikoak egin ahal izango zaizkie, ebazpen honen Bigarren Oinarriaren 1.f) atalean aurreikusitako baztertzeko osasun-kasuetan ez daudela egiaztatze aldera.

2.– Aurreko zenbakian aurreikusitakoaren xedeetarako, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak epaimahai mediko bat izendatuko du eta izendapen hori hamabosgarren oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz argitaratuko da.

3.– Epaimahai hori mahaiburu batek, bi bokalek eta idazkari batek osatuko dute.

4.– Hautaketa-prozesutik eta prozeduratik baztertzeko arrazoiren bat aurkitu bada, epaimahai medikoak ematen dituen txostenak arrazoituak izango dira, eta jarraitzen den prozeduran betiere bermatuko da eragindako pertsonak entzuna izateko duen eskubidea.

5.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari dagokio baztertzeko osasun-kasuen taulako kasuren bat dela-eta hautagai bat kanporatzeko agintzeko eskumena.

6.– Oinarri honetan aurreikusitako Epaimahai medikoari aplikagarri zaizkio bosgarren oinarriaren 2. eta 7. zenbakietan bildutako arauak.

Hamahirugarrena.– Araubide juridikoa.

1.– Prestakuntza-ikastaroan zehar, ikasleak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Barne Araubideko eta diziplina Araudiaren arauen mende egongo dira, eta, osagarri gisa, irakaskuntza-diziplina falta soila ez den kasuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoen Diziplina Araubideko arauen mende.

Euskal Herriko Poliziaren hautapen- eta prestakuntza-erregelamendua onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 38.2 artikulua aplikatuz, dena dela, hautespen-prozesutik baztertzeko arrazoia izango da aurreko azpiatalean adierazitako bi arauetako batean larritzat edo oso larritzat jotzen denean.

Halaber, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia izango da eskoletan ez egoteko edozein lizentzia edo baimena eman ahal izango duen eskudun organoa.

Prestakuntza-aldian zehar eskoletara joatea ezinbestekoa da, eta baimen-eskaera bat egiteko zerbitzu-eginkizunetarako ondoriotzat hartuko da.

2.– Izangaiei ikastaroen zehar lizentzia bat emango zaie, lanean diren lanpostuari dagokionez.

3.– Brigada Mugikorrean Espezializatzeko ikastaroa gainditzeak bere horretan ez du aitortuko halako lanpostu baterako atxikipena edota espezialitate hori betekizun moduan duten lanpostuei esleitutako betekizunak burutzera. Hala ere, gainditzen duten pertsonek behartuta izango dira gainditze hori gertatzen denetik lanpostuak betetzeko lehen prozedurara aurkeztera eta espezializazio hori eskatzen den lanpostu huts guztietara lehentasunez aurkeztera; hala egin ezean, prestakuntza eta jasotako ezagutzak eskatzen dituzten lanpostu huts guztietara atxikituak izan baitaitezke ezinbestean. Azken kasu horretan ez da inolako diru-konpentsaziorik izango.

Ikastaro bakoitza gainditu ondoren, gainditu duten pertsonak behin-behinekotasunez atxikituko ditu Giza Baliabideetako Zuzendaritzak Brigada Mugikorreko espezialitatearekin betetzeko plazetara.

4.– Prestakuntza ikastaroak derrigorrezkoak eta baztertzekoak dira, eta eurotara ez bertaratzeak edo ez gainditzeak ondorio hauek izango ditu izangaientzako: hautaketa-prozesutik berehalakoan bazter uztea eta kategorian sartzeko lituzkeen eskubide guztiak galtzea. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak egingo du bazter uzteko den deklarazioa.

Aurreko lerroaldean xedatutakoa kontuan izanda ere, gaindiezinezko kausaren bat dela-eta, pertsona batzuk ez badira agertzen ikastarora edo amaitzen ez badute, hauek egin daitezen hurrengoren batean egin ditzakete izangaiok: baldin eta aurrekoa ezinezko egiten zituzten zirkunstantziak desagertuz gero, eta interesdunaren aldez aurretiko eskaririk bada.

Baztertzearen adierazpena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak egingo du, berak hartuko baitu bidezko erabakia.

Hamalaugarrena.– Pertsonen identifikazioa hautaketa prozeduran.

Hautaketa prozedura honetan parte hartuko duten pertsonak prozeduran (hautaketa prozesua, ikastaroaren prestakuntza-aldia eta praktika-aldia) eskaerako identifikaziorako lanbide zenbakiaren bitartez identifikatuko dira.

Hamabosgarrena.– Argitalpenak.

Hala adierazten den kasuetan izan ezik, argitalpenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Iragarki-oholean egingo dira, Gurenet korporazioko intranetean kontsultatu ahal izango direnaren kaltetan izan gabe. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Iragarki-oholeko argitalpen datak mugatzaileak izango dira epe-konputuetarako.

Hamaseigarrena.– Deialdiaren zenbaketa.

Euskal Herriko Poliziari buruzko hautapen- eta prestakuntza-erregelamendua onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 56. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, deialdia agortutzat joko da eta kontagarria izango da funtzionarioa horretan parte hartzera onartuta dagoenean, hautaketa prozesuan ez agertzea edo prozesua ez amaitzea borondatez kontrakoa ez bada eta behar bezala justifikatutakoa bada. Halakoetan prozesurako deia egiten duen organoak hartuko du erabakia era askean.

Azken kasu horretan, eragindako pertsonak, 10.3.a) oinarrian aurreikusitakoa baino lehen, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari eskatuko dio deialdia konputagarria ez izatea, zuzendari nagusiari zuzendutako idazki baten bitartez.

Hamazazpigarrena.– Kalte-ordainak.

Izangaien aldetik barneko edozein hautaketa prozesutako deialdietara aurkeztea borondatezkoa denez gero, izangaiek ez dute inolako eskubiderik izango hautaketa aldian, ikastaroaren prestakuntza-aldian eta praktika-aldian sor daitezkeen bidaia gastuen edo beste batzuen gainean, eta, beraz, Administrazioak ez du gastuok ordaintzeko obligaziorik izango.

Hemezortzigarrena.– Errekurtsoak.

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean aurkaratu ahal izango dute administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Azken kasu horretan, administrazioarekiko auzien epaitegien lurralde-eskumeneko arauak errespetatu beharko dira, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 14. artikuluan jasotakoak.

Deialdi honetan, Epaimahai kalifikatzailearen jardunean edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren jardunean eman daitezen egintza-administratiboei aurka egiteko, interesdunek administrazio-prozedura erkidearen araubidean ezarritako kasuak eta erak erabili behar izango dituzte.

Arkauti, 2022ko abenduaren 9a.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,

ANDRÉS ZEARRETA OTAZUA.

I. ERANSKINA
BAZTERTZEKO OSASUN-KASUEN TAULA

A) Baztertzeko arrazoi orokorrak.

Osasun arrazoiengatik kanpo geratzeko taulako edozein atal aplikatzeko, honako egoera hauek hartuko dira baztertze-arrazoitzat:

a) Gaixotasunak, sindromeak edo akats fisikoak izatea, baldin eta, epaimahai medikoaren iritziz, Brigada Mugikorreko polizia-eginkizuna betetzeko mugak sortzen badituzte, bai bere kabuz, bai bilakaeraren, ondorioen edo tratamenduaren ondorioz, edo kontrolatzeko beharraren ondorioz, edo agindutako eginkizunak behar bezala betetzea nabarmen zailtzen edo mugatzen badute, edo beren buruarentzat edo hirugarrenentzat arriskua badakarte.

b) Halaber, Brigada Mugikorreko espezializazio-ikastaroko prestakuntza-aldiak edo praktikaldiak egiteko mugak edo ezintasuna aurreikustea eragiten duten prozesuak.

c) Izangaiari egin zaion galdera-sortari, jasandako gaixotasunari edo tratamendu medikoari buruzko edozein egoera psikofisiko ez aipatzea edo faltsutzea.

d) Aldaketa horiek baztertzeko arrazoitzat hartu ahal izango dira hautaketa-prozeduraren edozein fasetan agertzen badira, hautaketa eta prestakuntza barne.

Baztertzeen taula medikoaren baldintza psikofisikoen zehaztapena deialdiaren unean dagoen ebidentzia zientifikora egokituta egongo da, dagokion organo fakultatiboaren txosten teknikoaren bidez modu indibidualean arrazoituta, eta kasu bakoitzean hautaprobak gainditzearen kalterik gabe. Horretarako, dagokion osasun-galdetegia aplikatuko da, eta beharrezko miaketa guztiak egingo dira, besteak beste, odolaren eta gernuaren analitika, substantzia psikotropikoak edo drogak detektatuta, eta alkoholarena, hala ezartzen denean.

B) Antropometria.

18tik beherako GMIa edo 28tik gorakoa duten hautagaiak baztertuko dira, baldin eta gizonengan % 23tik gorako gantz-ehuna eta emakumeengan % 31tik gorakoa badute, inpedantzia bioelektrikoaren bidez neurtuta.

GMIa lortzeko, formula hau erabiliko da:

(Ikus .PDF)

Pisuaren neurketa barruko arropatan egingo da.

28tik gorako GMIa onartu ahal izango da, baldin eta objektiboa eta argi eta garbi gorputz-koipea handitzearen ondorio ez bada, baizik eta muskulu-garapen markatu baten ondorio bada, eta ez badu patologiarik edo arrisku-faktore gehiturik.

OSASUN AZTERKETA.

C) Oftalmologia.

1.– Ikusmen-zorroztasuna, zuzentasunez edo zuzentasunik gabe: ez da izan behar begi bakoitzeko ikusmenaren 8/10 baino txikiagoa.

2.– Zuzenketa errefraktiboko teknikak: atal hau kontuan hartu beharko da korneako errefrakzio-kirurgiaren emaitzaren arabera, eta kirurgia gutxienez azterketa egin baino 60 egun lehenago egin bada.

3.– Eremu binokularra: begi-erdiko 60 graduetan, erretina-sentsibilitatean, erabateko eskotomak edo eskotoma esanguratsuak izatea. Eremu monokularra: begi-erdiko 30 graduetan, erretina-sentsibilitatean, erabateko eskotomak edo eskotoma esanguratsuak izatea.

4.– Ishihara taulen edo beste bitarteko diagnostiko batzuen bidez zehaztutako koloreen alterazioa, edozein mailatan, diskromatopsiak izatea.

D) Otorrinolaringologia.

5.– Fonazioan eta/edo entzumenean esku hartzen duten organoetan (ezpainak, ahosabaia, ahoa, faringea, laringea, barruko, erdiko edo kanpoko belarria, ahots-kordak, nerbio-sistema eta beste batzuk) malformazioak edo alterazioak izatea ; arnasketa-, fonazio- edo entzumen-funtzioa arriskuan jar dezaketenak.

6.– Entzumen-galera binauralaren % 20tik gorako patologia neurosentsoriala, 500, 1000, 2000 eta 3000 dB frekuentzietan, formula honen arabera:

(Ikus .PDF)

7.– Entzumen-galera monoauralaren % 20tik gorako patologia neurosentsoriala, 500, 1000, 2000 eta 3000 dB frekuentzietan, formula honen arabera:

(Ikus .PDF)

8.– Edozein etiologiaren usaimen-sentikortasuna murrizteak edo alterazioak. Parosmia.

9.– Apnea buxatzailearen sindromea edo loaren hipoapnea (SAOS edo SAHS) dakarten anatomia- eta fisiologia-alterazioak.

10.– Edozein etiologiatako agerpen zorabiagarriak.

11.– Hitzezko komunikazioa normaltasunez garatzeko gaitasunari kalte egiten dioten disfonia iraunkorrak. Disartria baztertzeko arrazoitzat hartuko da.

12.– Beste edozein prozesu otorrinolaringologiko, epaimahai medikoaren iritziz, Brigada Mugikorrean polizia-eginkizuna betetzeko mugak ezartzen dituena.

E) Nerbio-sistema.

13.– Toteltasuna, auzitegi medikoaren iritziz, polizia-eginkizuna betetzeko mugak sortzen dituena.

14.– Nerbio-sistema zentralaren edo periferikoaren malformazioak, patologiak edo lesioak.

15.– Edozein etiologiaren arazoa.

16.– Epilepsia eta/edo halako aurrekariak. Identifikatu gabeko konbultsioak.

17.– Beste prozesu neurologiko batzuk, epaimahai medikoaren iritziz, Brigada Mugikorrean polizia-eginkizuna betetzeko mugak sortzen dituztenak.

F) Psikiatria.

18.– Epaimahai medikoaren iritziz, Brigada Mugikorrean polizia-eginkizuna betetzeko mugak sortzen dituzten buru-nahasteak eta jokabide-nahasmenduak edo horien aurrekariak.

19.– Garapen neurologikoaren nahasmenduen, arreta-gabeziagatiko nahasmenduen, ikaskuntza-nahasmenduen, mugimen-trebetasunen, komunikazioaren edo garapenaren, dementziaren eta beste ezagutza-nahasmendu batzuen arrastoak.

20.– Izaera iraunkorreko edo errepikakorreko gogo-aldartearen arrastoak, aurrekarietan daudenak barne, asintomatikoak izan arren.

21.– Patologia psikiatriko larriko aurrekaria edo ospitaleratzea behar izan duena eta polizia-eginkizuna arriskuan jarri edo zaildu dezakeena.

22.– Eskizofreniaren espektroaren eta beste nahasmendu psikotiko batzuen arrastoak, adierazpen guztietan, aurrekarietan daudenak barne, asintomatikoak izan arren.

23.– Nahasmendu bipolarraren, depresiboaren, antsietatearen, obsesibo-konpultsiboaren, somatomorfoen, fikziozkoen, disoziatiboen, moldakorren edo nortasun-nahasmenduaren arrastoak edo aurrekariak; polizia-funtzioaren garapenean mugak ekar ditzaketenak.

24.– Nortasunaren eta portaeraren nahasmenduak. Polizia-eginkizunak normaltasunez betetzeko gaitasuna kaltetzen duten nortasunaren ezaugarri aldatuak.

25.– Intoxikazio exogenoaren adierazle diren sintoma eta/edo zeinu kliniko biologikoak (gernuan abusuzko drogen metabolitoak detektatzea). Toxikomaniak. Alkoholismoa.

G) Traumatologia.

26.– Brigada Mugikorreko polizia-funtzioa mugatzen edo zailtzen duten lokomozio-aparatuaren alterazioak edo polizia-funtzioaren jardunarekin edo entrenamenduekin larriagotu daitezkeenak (gorputz-adarretako hezur-patologia, giharretako edo giltzadunetako arrazoien atzera-egite edo muga funtzionalak, bizkarrezurreko akatsak eta hezurretako, muskuluetako, artikulazioetako edo loturako beste prozesu batzuk).

27.– Oinetakoak, ekipamendua, armamentua edo arauzko uniformetasuna ohikotasunez erabiltzea zailtzen edo eragozten duten eta/edo Brigada Mugikorrean martxa, bipedestazio luzea edo ariketa fisikoa eta entrenamendua eragozten edo mugatzen duten nahasmendu funtzionalak eragiten dituzten sortzetiko edo lokomozio-aparatutik hartutako gaixotasun, lesio, alterazio anatomiko edo gaixotasunak.

28.– Eskuko edozein hatzaren erabateko anputazioa. Hatz lodietako baten, erakuslearen eta bi eskuetako edozeinen erdiaren anputazio partziala. Beste hatzen anputazio partzialak muga funtzionalaren arabera baloratuko dira, baldin eta esku nagusian ez badaude. Esku nagusiak bere osotasun anatomiko eta funtzionalari eutsi behar dio.

29.– 15.ºtik gorako eskoliosia.

30.– Beheko gorputz-adarren 2 cm-ko edo gehiagoko dismetria. Beheko gorputz-adarren dismetria 1,5 cm-tik gorakoa, 10.º-tik gorako eskoliosiarekin batera (COBB angelua).

31.– 45.º-tik gorako Zifosia.

32.– Bizkarrezurraren edozein malformazio, edozein dela ere haren tamaina, polizia-eginkizuna betetzea zaildu dezakeena edo, epaimahai medikoaren iritziz, Brigada Mugikorrean polizia-jarduera gauzatzean larriagotu dezakeena.

H) Kardiologia eta baskularra.

33.– Bihotz-gutxiegitasuna adierazpen posible guztietan, kausa edozein dela ere.

34.– Eroanbidean nahasmenduak. Garrantzi klinikoko bihotz-erritmoaren nahasmenduak.

35.– Arteria-tentsioaren ondorioz tratamendu medikoa behar duten nahasmenduak.

36.– Gorputz-adarretako zain- eta linfa-zirkulazioaren nahasmendu kronikoak, polizia-eginkizuna betetzeko mugak sortzen dituztenak.

37.– Epaimahai medikoaren iritziz, Brigada Mugikorrean polizia-funtzioa betetzeko mugak eragiten dituzten aparatu kardiobaskularreko beste alterazio batzuk.

I) Urologia eta nefrologia.

38.– Traktu genitourinarioaren malformazioak, alterazioak edo lesioak.

39.– Giltzurrun baten absentzia anatomikoa edo funtzionala.

40.– Gora beherak gernu-bide baxuetan, sortzetiko bideen gernu-erretentzioa edo hartutako bideetan anomaliak, fistulak, errefluxu besiko-ureterala, mikzio anomaloa edo errepikapen-gernu-infekzioa eragiten dutenak.

41.– Giltzurrun-gutxiegitasuna. Giltzurrun-gutxiegitasuna ekar dezaketen giltzurrunetako gaixotasunak.

42.– Sortzetiko gaixotasunak edo gizonezkoaren ugaltze-aparatutik hartutakoak, zerbitzuaren berezko funtzioen garapen normala aldatzen dutenak edo alda dezaketenak.

43.– Sortzetiko gaixotasunak edo emakumearen ugaltze-aparatutik eta bularretik hartutakoak, zerbitzuaren berezko funtzioen garapen normala aldatzen dutenak edo alda dezaketenak.

44.– Beste giltzurrun-prozesu batzuk, epaimahai medikuaren iritziz Brigada Mugikorrean polizia-eginkizuna betetzeko mugak sortzen dituztenak.

J) Neumologia.

45.– Arnas aparatuko, mediastinoko eta kutxa torazikoko malformazioak edo afekzioak, polizia-jarduerekin bateraezinak diren alterazio morfologikoak edo funtzionalak eragiten dituztenak, besteak beste: arnas gutxiegitasuna, aireztapen-nahasmendua edo disnea ahalegin ertainetan.

46.– Aire-bideen butxadura txikiak. Bronkioetako asma iraunkorra.

47.– Eumotorax espontaneoa (behin baino gehiagotan), geroago kirurgia bidez konpondu denean izan ezik.

48.– Tuberkulosi aktiboa.

49.– Epaimahai medikoaren iritziz Brigada Mugikorrean polizia-eginkizuna betetzeko muga eragiten duen beste edozein arnas patologia.

K) Digestio-aparatua.

50.– Digestio-aparatuaren malformazioak, lesioak edo alterazioak horretan, gibela, behazun-bideak, pankrea exokrinoa eta/edo listu-guruinena barne.

51.– Sortzetiko infekzioak edo ahoko edo faringeko organoetatik hartutakoak, irensketa modu iraunkorrean nahasten dutenak.

52.– Masailezurren eta hortz-aparatuaren kopuru, gradu edo deformazioko alterazio oro, mastekatzean oztopo izan daitekeen hortzen ezarpen okerra eragiten duena.

53.– Hesteetako hantura kronikoa. Xurgapen txarreko sindromea.

54.– Brigada Mugikorrean polizia-funtzioa zailtzen edo mugatzen duen ondesteko edozein alterazio.

55.– Digestio-hodiaren edozein zatitako ebakuntzak, apendizetomia izan ezik, Brigada Mugikorrean polizia-funtzioa betetzeko mugak sortzen badituzte.

L) Dermatologia.

56.– Orbain erretraktilak edo mugapen funtzionala eragiten duen beste edozein lesio.

57.– Orbainak zabaleragatik, sakontasunagatik edo ezaugarriengatik uniformea, arauzko ekipoa edo Brigada Mugikorreko polizia-funtzioa arriskuan jar dezaketen ezaugarriak.

58.– Dermatosi zabal eta orokortuak, joera kronikokoak, beren kokapenagatik, hedapenagatik edo egoera klinikoagatik Brigada Mugikorrean polizia-jarduerekin edo uniformetasuna edo dotazio profesionala erabiltzearekin oztopatzen dutenak.

59.– Malformazioak, tumorazioak, larruazaleko lesioak. Brigada Mugikorrean polizia-funtzioa arriskuan jar dezaketen «fanera» deiturikoetan lesioak.

60.– Beste alterazio dermatologiko batzuk, epaimahai medikoaren iritziz, Brigada Mugikorrean polizia-eginkizuna betetzeko mugak sortzen dituztenak.

M) Hematologia.

61.– Odoleko gaixotasunak eta organo hematopoietikoak, kronikoak edo eboluzio progresiboa dutenak, baldin eta, epaimahai medikoaren iritziz, Brigada Mugikorrean polizia-eginkizuna betetzeko mugak sortzen badituzte.

N) Endokrinologia.

62.– Guruin endokrinoen edo mistoen malformazioak edo disfuntzioak.

63.– Ordezko terapia jarraitua behar duten prozesu endokrinometabolikoak, Brigada Mugikorrean polizia-funtzioak normaltasunez betetzeko gaitasuna kaltetzen dutenak, banan-banan ebaluatuta eta dagokion organo fakultatiboak emandako txostenarekin.

O) Onkologia.

64) Prozesu neoplasiko aktiboak edo horien aurrekariak, banan-banan ebaluatuak eta txosten arrazoitua dutenak, epaimahai medikoaren iritziz, Brigada Mugikorrean polizia-eginkizuna betetzeko mugak sortzen dituztenak.

P) Immunologia eta Erreumatologia.

65.– Gaixotasun immunologikoak eta erreumatologikoak, banan-banan ebaluatuak eta txosten arrazoitua dutenak, eta, medikuaren iritziz, Brigada Mugikorrean polizia-eginkizuna betetzeko mugak sortzen dituztenak.

Q) Infekzio-arazoak.

66.– Gaixotasun infekziosoak edo parasitarioak, nahasmendu funtzionalak sortzen dituztenak, tratamendu jarraitua eskatzen dutenak edo, kutsatzeko arriskua dela-eta, Brigada Mugikorrean polizia-lanak egitearekin bateraezinak direnak.

R) Beste batzuk.

67.– Izangaiaren erreakzio-gaitasuna murriztu dezakeen edo, funtzionalki, Brigada Mugikorrean polizia-funtzioak betetzeko gaitasuna alda dezakeen edozein medikazio edo droga erabiltzea.

68.– Beste edozein prozesu patologiko, dagokion organo fakultatiboaren iritziz, Brigada Mugikorrean polizia-eginkizuna betetzeko mugak sortzen dituena.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala