Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

224. zk., 2022ko azaroaren 23a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
5066

1688/2022 EBAZPENA, azaroaren 3koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Ebazpen honen bidez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen arteko kudeaketa-gomendioari buruzko akordioa argitaratzen da, Osakidetzako langileei berariazko hizkuntza prestakuntzaren antolaketa- eta gauzatzeko-jarduerak kudeatzeko.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) aipatutako akordioa sinatu dute. Beraz, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.3.a) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eta behar bezalako zabalkundea emate aldera, honako hau

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen arteko kudeaketa-gomendioari buruzko akordioaren testua, Osakidetzako langileei berariazko hizkuntza prestakuntzaren antolaketa- eta gauzatzeko-jarduerak kudeatzeko. Aipatutako testua eranskin gisa dago jasota.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 3a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA ROSA PÉREZ ESQUERDO.

ERANSKINA
AKORDIOA, OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUAREN ETA HERRI ARDURALARITZAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN ARTEKO KUDEAKETA-GOMENDIOARENA, OSAKIDETZAKO LANGILEEI BERARIAZKO HIZKUNTZA PRESTAKUNTZAREN ANTOLAKETA- ETA GAUZATZE JARDUERAK KUDEATZEKO

Vitoria-Gasteizen, 2022ko irailaren 16an.

ELKARTU DIRA:

Alde batetik, Maria Rosa Pérez Esquerdo, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia, Administrazioko Kontseiluaren 2020ko urriaren 23ko erabakiaren bidez izendatua (EHAA, 2016. zk., 2020ko azaroaren 2koa), erakunde publiko horren estatutuen 11. artikuluak emandako ahalmenak direla bide jardunez.

Beste aldetik, Maite Barruetabeña Zenekorta, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria, Gobernu Kontseiluaren 2022ko urtarrilaren 18ko erabakiaren bidez izendatua (EHAA, 15., 2022ko urtarrilaren 24koa), erakunde horren izenean eta hura ordezkatuz, eta 2021eko maiatzaren 4ko 133/2021 Dekretuak – Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura eta funtzioak arautzen ditu – emandako eskumenak erabiliz.

ADIERAZI DUTE:

I.– 1983ko uztailaren 27ko 16/1983 Legeak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (aurrerantzean, IVAP) araubide juridikoari buruz dihardu; erakunde hori izaera administratiboa duen erakunde gisa eratzen du, funtzio publikoari lotutako gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritza Sailari atxikia, eta zenbait xede esleitzen dizkio administrazio publikoen giza baliabideei, antolaketari, ikerketari eta hizkuntza-normalizazioari dagokienez.

II.– 1997ko ekainaren 26ko Euskadiko antolamendu sanitarioari buruzko 8/1997 Legearen 20. artikuluan, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua (aurerantzean Osakidetza) erakunde publikoa sortzen da, zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren izaera juridikoarekin eta osasun-arloan eskumena duen Administrazio Orokorrerako Sailari atxikia, eta haren mendeko zerbitzu-erakunde publikoen bidez osasun-zerbitzuak emateko xedea ezartzen zaio.

III.– Administrazio publikoetako euskararen normalizazio linguistikoari dagokionez, IVAPen ardura da, xede espezifiko gisa, «Administrazioan euskara sartzea, hedatzea, aplikatzea eta normalizatzea, baita administrazio-hizkera finkatzea ere, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko Legean ezarritakoa betez».

IV.– 133/2021 Dekretuak, maiatzaren 4koak, IVAPen egitura eta eginkizunak arautzen ditu. Dekretu horren arabera, IVAPen helburuen artean, honako hauek daude:

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko langileak prestatzea, eta EAEko gainerako administrazio publikoekiko lankidetzan aritzea hango langileak prestatzeko.

– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako langileen hizkuntza-arloko gaitasuna indartzea, horretarako jarduerak antolatzea eta gaitasuna ebaluatzea, betiere funtzio publikoari buruzko legeetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Beste alde batetik, IVAPen Euskara Zuzendariordetzaren ardura da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak arlo hauetan dituen eskudantziak bultzatu, koordinatu eta gainbegiratzea: Administrazio publikoan euskara sartu, zabaldu, ezarri eta normalizatzea; administrazio-hizkera finkatzea, itzulpengintza, eta euskarazko terminologia. Lan hori IVAPen Zuzendaritzak emandako jarraibideen arabera egingo du.

V.– Euskararen erabileraren normalizazioari dagokionez, 8/1997 ekainaren 26ko Legeak -Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzkoa-, 28. artikuluko bosgarren arau komunean agintzen du Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua erakunde publikoak plan berezi bat ezarriko duela hizkuntza politikari buruz, Autonomia Erkidegoko organo eskudunak xedatzen dituen gidalerroen arabera, eta plan horretan zehaztuko direla erakundearen pertsonalarentzat aplikagarri diren hizkuntza-helburuak eta helburuok ondo betetzeko hartu beharreko neurriak.

VI.– Euskadiko Antolamendu Sanitarioko Legeak plana «berezia» izango dela dio. Hain zuzen ere, euskararen erabilera Osakidetzan arautzeak berezko eitea du, izaera berezi bat, ez soilik Erakundearen konplexutasun eta tamainagatik, baita arrazoi hau dela bide ere: Osakidetzak herritarren osasuna zaintzea eta asistentzia sanitarioa ditu xede.

Bestalde, Osakidetza Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrei osasun-laguntza modu integralean ematen dien erakunde publikoa bada, eta asistentzia-lan horretan komunikazioa tresnarik funtsezkoena dela onartzen bada, eztabaidaezina da paziente eta erabiltzaileei euren hizkuntzan komunikatzeko aukera ematea (erosoen eta seguruen sentitzen diren hizkuntzaren erabilera bermatzea, alegia) zerbitzuaren kalitatearen bermea dela.

VII.– Martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuaren bidez arautzen da Osakidetzaren euskararen erabileraren normalizazio-bidea. Aipatu dekretuaren 14. artikuluan ezartzen da Euskara Planak arreta bereziaz tratatuko dituela langileen prestakuntza tekniko-linguistikoa eta, euskara Administrazio Sanitarioko hizkuntza dela, trebakuntza behar duten eguneroko eginbehar ohikoak ere.

VIII.– Artikulu horrek dioena betetzeko, Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko 3. Planak ezartzen du Euskara Zerbitzu Korporatiboak, zerbitzu-erakundeetako Prestakuntza eta Euskara zerbitzuekin lankidetzan, euskaraz lan egiteko gaikuntza-plan jarraitu bat abiatuko duela. Plan horretan, arlo profesional jakinei zuzendutako ikastaroak ez ezik, zeharkako ikastaroak ere sartu ahal izango dira, adibidez, e-mailak edo ofizioak euskaraz idaztea, itzultzaile neuronalak, etab.

IX.– Sektore publikoaren araubide juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluak ezartzen du Administrazioko organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko jarduera materialak edo teknikoak administrazio bereko edo beste bateko organoen edo entitateen gomendio utz daitezkeela, jarduera horiek haien eskumenen barruan badaude, eraginkortasunari begira komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago.

X.– Osakidetzako Euskara Zerbitzu Korporatiboak 2022rako zerbitzu-erakundeetan dauden izaera orokorreko berariazko prestakuntza beharrizanen azterketa egin du. Era berean, helburu bera izanik, IVAPek 2022rako herri-administrazioei begira zehaztutako ikastaroak aztertu dira, eta egiaztatu da Osakidetzan antzemandako beharrizanekin bat datozela IVAPek antolatutako zenbait ikastaro. Horregatik, hain zuzen ere, egokitzat jotzen da Osakidetzako trebakuntza edo berariazko ikastaroen eskaintzaren barruan akordio honetan zehaztutako ikastaroak txertatzea.

XI.– Osakidetzak kudeaketa gomendio honetan aurreikusten diren ikastaroak eskainiko ez dituela-eta, IVAPek administrazioko langileen berariazko prestakuntza ematen egin duen ibilbidea ikusita eta duen esperientzia eta gaitasuna kontuan hartuta, bi erakundeek kudeaketa-gomendio hau sinatzea erabaki dute, jarraian adierazten diren klausulen arabera.

KUDEAKETA-GOMENDIOAREN AKORDIOA

Lehenengoa.– Akordioaren xedea.

Akordio honen xedea da Osakidetzak IVAPi agindua ematea, Osakidetzako langileei euskaraz lan egiten laguntzeko berariazko hizkuntza-prestakuntza-ikastaroak antolatzeko, emateko eta ikasleen ebaluazioa egiteko.

Bigarrena.– Gomendioaren helburua eta nondik norakoak.

1.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluak xedatzen duenaren baitan, Osakidetzak eta IVAPek adostu dute, efikaziaren mesedetan, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari (IVAPi) honako zerbitzuak kudeatzeko gomendioa ematea, honako jarduera hauetarako: Osakidetzako langileei euskaraz lan egiten laguntzeko berariazko prestakuntza-ikastaroak antolatzea eta ematea, ikastaro horiek kontratatzea eta ikasleen ebaluazioa egitea.

2.– IVAPek Osakidetzari eskainiko dizkion ikastaroak honela egon daitezke antolatuta:

– IVAPen ikastaroak eta edizioak, zeinetan Osakidetzaren langileek parte hartu ahal izango duten.

– IVAPek beren-beregi Osakidetzako langileentzat antolatutako ikastaroak.

3.– Ikastaroak aurrez aurrekoak, lineakoak edo jardun bikoak (linean eta aurrez aurre) izan daitezke.

4.– 2022 urterako aurreikuspena da IVAPek ondoren zehaztutako ikastaroak ematea, ikastaroen antolaketaren arabera:

a) IVAPen ikastaroak eta edizioak, betiere, IVAPek duen eskakizunaren arabera onartuko dira:

– Lineako ikastaro bitan, Osakidetzako 3 langilek hartuko dute parte.

– Aurrez aurreko ikastaro batean, Osakidetzako langile batek hartuko du parte.

b) Beren-beregi Osakidetzako langileentzat prestatutako ikastaroak:

– Lineako 9 ikastaro, Osakidetzako 135 langilerentzat.

– Aurrez aurreko 24 ikastaro, Osakidetzako 355 langilerentzat.

– Jardun biko ikastaro bat, Osakidetzako 15 langilerentzat.

5.– Ikastaroak eta zerbitzuak akordio honen I. eranskinean daude zehaztuta.

Hirugarrena.– Eskumena.

Kudeaketa-gomendio honen xede diren jarduerak egitean, bermatu egingo da zorrotz errespetatuko direla parte hartzen duten aldeei ordenamendu juridikoak egozten dizkien eskumenak. Beraz, kudeaketa-gomendio honetan ez dira lagatzen ez eskumenaren titularitatea ez haren jardueraren funtsezko elementuak, eta Osakidetzaren ardura dira, gomendioa ematen duen organoa den aldetik, gomendioaren xede den jarduera material zehatzaren euskarri diren edo jarduera horietan sartzen diren egintza edo ebazpen juridiko guztiak ematea.

Edonola ere, gomendioa jasotzen duen erakundeari edo organoari (IVAPi) datu pertsonalak babesteari buruzko araudian xedatutakoa aplikatuko zaio.

Laugarrena.– Prestakuntza-jarduerak antolatzea eta ematea

1) Osakidetzak eta IVAPek bere solaskideak izendatuko dituzte, ikastaroei buruzkoetarako.

2) Osakidetzak eta IVAPek, akordio hau sinatzen denerako, adostuko dute prestakuntza eskaintza. Akordio honen eraginpetik aurrerako prestakuntza eskaintza 2022ko urriko bigarren hamabostaldirako adostuko dute alde biek.

3) IVAPek eta Osakidetzak, ikastaroak hasi aurretik eta guztiak bukatutakoan, bilerak egingo dituzte. Bilera hauen helburua izango da ikastaroen programak etorkizunean Osakidetzaren beharrizan zehatzetara egokitzea aztertzea.

4) Ikastaroa bukatutakoan, Osakidetzak aukera izango du ikastaroan parte hartu duten Osakidetzako langileen asistentziaren portzentajea Solaskidegune aplikazioan ikusteko.

5) IVAPek Osakidetzari eskainiko dizkion ikastaroak honela egon daitezke antolatuta:

a) Beren-beregi Osakidetzako langileentzat prestatutako ikastaroak.

b) IVAPen ikastaroak eta edizioak, zeinetan Osakidetzaren langileek parte ahal izango duten.

A) IVAPek Osakidetzako langileentzat beren-beregi prestatutako ikastaroak:

– Ikastaroak eta ikastaroen egutegiak eta ordutegiak Osakidetzak eta IVAPek adostuko dituzte.

– IVAPek koordinatuko ditu, kasu guztietan, ikastaroen diseinua eta hornitzaileekiko eta irakasleekiko harremanak. IVAPek jarritako baliabideak propioak edo hirugarrenei azpikontratatuak izan daitezke. Nolanahi ere, Osakidetzak proposamenak egin ditzake ikastaroaren diseinuan eta edukietan, langileen beharrizanetara egokitze aldera.

– IVAPek ikastaroen fitxa teknikoak bidaliko dizkio Osakidetzari.

– Osakidetzak egingo eta argitaratuko ditu ikastaroetarako deialdiak.

– Osakidetzak ikastaroetan parte hartuko duten langileen eskaerak jasoko eta kudeatuko ditu.

– Osakidetzak aukeratuko ditu ikastaroetan parte hartuko duten langileak.

– Osakidetzaren baimena duten langileen eskaerak Solaskidegune aplikazioan erregistratuko ditu Osakidetzak ikastaroa hasi baino 20 egun natural lehenago. Nolanahi ere, Osakidetzaren ezaugarri bereziak direla eta, ikasleen zerrendetan aldaketak egin ahal izango dira. Aldaketak horiek ikastaroa hasteko hamar egun falta diren arte egin ahal izango dira, eta sekula ere epe hori igarota.

– Aurrez aurreko ikastaroak Osakidetzaren egoitzetan emango dira.

– Lineako eta jardunbiko ikastaro guztiak moodle plataformaren bitartez eskainiko dira. Jardunbiko ikastaroak ere moodle plataformaren bitartez egingo dira, baina aurrez aurreko zein zoom bidezko hainbat ordu izango dituzte.

– Ikastaroan bajarik gertatuz gero, Osakidetzak albait arinen jakinarazi beharko dio IVAPi, betiere, ikastaroa hasi aurretik eta Solaskidegune aplikazioaren bidez.

– Taldea osatzeko gutxienez sei ikasle beharko dira.

– Ikastaroren bat bertan behera geratu behar izanez gero, Osakidetzak ikastaroa hasi baino 20 egun natural lehenago jakinarazi beharko dio IVAPi. Halaber, alde biek aztertu eta baloratu egingo dute bertan behera geratutako ikastaroa beste data batean antolatzea.

– Ikastaroen ziurtagiriak Solaskidegune aplikaziotik hartuko dituzte interesatuek.

B) IVAPen ikastaroak eta edizioak, zeinetan Osakidetzaren langileek parte ahal izango duten:

– Ikastaroak eta ikastaroen egutegiak bat etorriko dira IVAPek administrazioko langileei zuzendutako ikastaroen edizioekin.

– IVAPek koordinatuko ditu, kasu guztietan, ikastaroen diseinua eta hornitzaileekiko eta irakasleekiko harremanak. IVAPek jarritako baliabideak propioak edo hirugarrenei azpikontratatuak izan daitezke.

– Aurrez aurreko ikastaroak IVAPeko egoitzetan eskainiko dira, Vitoria-Gasteizen, Bilbon eta Donostian.

– Lineako eta jardunbiko Ikastaro guztiak moodle plataformaren bitartez eskainiko dira. Jardunbiko ikastaroak ere moodle plataformaren bitartez egingo dira, baina aurrez aurreko zein zoom bidezko hainbat ordu izango dituzte.

– Osakidetzak ikastaroetan parte hartuko duten langileen eskaerak jasoko eta kudeatuko ditu.

– Ikastaroa egiteko baimena duten langileen eskaerak Solaskidegune aplikazioan erregistratuko ditu Osakidetzak, IVAPen deialdian zehaztutako datarako.

– IVAPek, eskaeren oniritzi epea amaitu ondoren, Osakidetzak onartutako eskaerak onartuko edo ukatuko ditu. Horretarako, jakinarazpena helaraziko dio Osakidetzari.

– Osakidetzak, ikastaroan bajarik gertatuz gero, fitxa teknikoan ezarritako datarako jakinaraziko dizkio IVAPi.

– Ikastaroen ziurtagiriak Solaskidegune aplikaziotik hartuko dituzte interesatuek.

Bosgarrena.– Osakidetzaren eta IVAPen betebeharrak.

1.– Osakidetzaren betebeharrak izango dira, antolamendu juridikoak egozten dizkion egintzak gauzatzea, eta bereziki, honako hauek:

– Kudeaketa gomendio honetan ezarritakoaren babespean emandako prestakuntza-jarduerak ordaintzea.

– Osakidetzako langileentzat beren-beregi prestatutako ikastaroen kasuan, ikastaroak emateko gelak uztea. Halaber, ikastaroak emateko beharko diren baliabideak jarriko ditu (ordenagailu eramangarria, proiektagailua, etab.), eta gelaren azpiegiturarekin zerikusia duten gorabeherez arduratuko den pertsona bat izendatuko du gela bakoitzeko.

– Osakidetzako langileentzat beren-beregi antolatutako ikastaroen kasuan, deialdiak argitara ematea, eskaerak jasotzea eta plazak esleitzea.

– Ikastaro bakoitzaren ikasleen eskaerak IVAPen Solaskidegune aplikazioan erregistratzea, Akordio honen II. eranskinean zehazten den fitxategi-ereduaren arabera. Horretarako, kontuan izango da ikastaroa Osakidetzarentzat beren-beregi antolatutakoa edo IVAPen deialdikoa den.

– Osakidetzarentzat beren-beregi antolatutako ikastaro bat bertan behera utzi behar izanez gero, IVAPi ikastaroa hasi baino 20 egun natural lehenago jakinaraztea.

– Ikastaroa hasi aurretik eta ikastaroan bertan izandako bajen berri IVAPi ahalik eta lasterren ematea.

2.– IVAPen betebeharrak honako hauek izango dira:

– Ikastaroen diseinua eta hornitzaileekiko eta irakasleekiko harremanak koordinatzea.

– Akordio honen I. eranskinean jasotako ikastaroak ematea, aurreikusitako ordutegi eta egunetan, eta aldaketarik izanez gero Osakidetzari jakinaraztea, bai eta ikastaro zehatzen bat eman ezin bada ere.

– Osakidetzari ikastaroen fitxa teknikoak behar besteko aurrerapenaz bidaltzea.

– Irakasleei dagokien materialaren ardura izatea (karpetak, zerrendak, etab.).

– Ikastaroetan parte hartzen duten pertsonen asistentzia-kontrola egitea.

– Ikastaroen gogobetetze-inkestak diseinatzea eta ikastaroetan parte dutenei helaraztea.

– Osakidetzari baimena ematea parte-hartzaileen asistentziaren portzentajea Solaskidegune aplikazioan ikusi ahal izateko.

– Osakidetzarentzat beren-beregi diren ikastaroen gogobetetze-inkesten emaitzaren berri Osakidetzari jakinaraztea.

– Prestakuntza jardueretan parte hartu duten ikasleen aprobetxamenduaren jarraipena egitea.

– Ikastaroetan parte hartuko duten Osakidetzako langileei ziurtagiriak egitea.

Seigarrena.– Jarraipen Batzordea.

1.– Jarraipen Batzorde bat sortuko da kudeaketa-gomendio hau kudeatzeko eta interpretatzeko, baita kudeaketa-gomendioari dagozkion alderdi guztietan sor litezkeen gorabeherak ebazteko ere.

2.– Jarraipen Batzordea IVAPeko eta Osakidetzako ordezkariek osatuko dute, honela:

a) Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen aldetik (IVAP):

– IVAPeko Euskara zuzendariordea.

– IVAPeko Hizkuntza Prestakuntza eta Normalizazio Zerbitzuko burua.

– IVAPeko Hizkuntza Prestakuntza arlo burua.

b) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren aldetik:

– Osakidetzako Garapeneko eta Prestakuntzako zuzendariordea.

– Osakidetzako Euskara Zerbitzu Korporatiboaren burua.

– Osakidetzako Euskara Zerbitzu Korporatiboko teknikari bat.

Jarraipen Batzorde honetan, unean-unean egokitzat jotzen diren teknikariak sartu ahal izango dira, betiere batzordeko kideek hala adosten badute.

3.– Jarraipen Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:

– IVAPen eta Osakidetzaren arteko komunikazio gauzatzea, kudeaketa-gomendio honetan zehazten diren ikastaroen deialdiak garatzeko.

– Deialdiak behar bezala joan daitezen beharrezkoak diren baliabideen aurreikuspenak egitea.

– Deialdietan parte hartzen dutenentzat eta zerbitzu publikoa behar bezala emateko egokiena izango den egutegia proposatzea.

– Ikastaroak eta horietan parte hartuko duten langileak zehaztea, hirugarren klausularen 3. atalean jasotako aurreikuspena betetzeko.

– Ikastaroetan hobetu beharrekoak aztertzea.

– Informazioa trukatzeko prozesuak aztertzea eta sor daitezkeen arazoak konpontzeko neurriak proposatzea.

– Gomendio honetan sartzen diren zerbitzuen erabiltzaileen gogobetetze-inkesten emaitzak aztertu ondoren, beharrezkotzat jotzen diren hobekuntza-neurriak proposatzea eta gauzatzea.

– Oro har, kudeaketa-gomendioarekin lotuta sor litezkeen gorabeherak eta arazoak aztertzeko eta konpontzeko neurriak proposatzea eta ezartzea.

4.– Jarraipen Batzordea akordio hau sinatu duten aldeetako edozeinek eskatzen duenean elkartuko da. Hala ere, Batzorde honen eginkizunen ohiko garapenean, baliabide material eta teknologiko arin eta eraginkorrenen bidez egin ahal izango da bi erakundeen arteko komunikazioa.

Zazpigarrena.– Finantzaketa.

1.– Kudeaketa gomendio honen jardueren finantzaketa Osakidetzaren kontura joango da.

2.– Agindu honen xede den 2022rako prestakuntza finantzatzeko kreditua, guztira, 53.031,00 eurokoa da. Hurrengo ekitaldietarako, Jarraipen Batzordean aurrekontu-ekitaldi bakoitzean aplikatu beharreko zenbatekoak onartuko dira. Eranskin batean jasoko da eta bi aldeek sinatuko dute.

3.– IVAPek emandako ikastaroak fakturatuko dizkio Osakidetzari, ikastaro bakoitza bukatu, aprobetxamendua aztertu eta dagokienei ziurtagiriak eman ondoren. Osakidetzak, bere aldetik, dagokion transferentzia egitea aginduko du, beharrezko egiaztapenak egin ostean.

4.– Ikasleren bat baja bada ikastaroan, ikastaro mota eta baja-data hartuko dira kontuan fakturatzeko orduan:

a) Lineako ikastaroak:

– Ikastaroa hasi baino lanegun bat lehenago gertatzen bada baja, ez da fakturatuko.

– Baja ikastaroa hasi ondoren gertatzen bada, fakturatu egingo da.

b) Aurrez aurreko ikastaroak:

– Ikastaroa hasi baino lanegun bat lehenago gertatzen bada baja, ez da fakturatuko.

– Baja ikastaroa hasi ondoren gertatzen bada, fakturatu egingo da.

Zortzigarrena.– Akordioaren indarraldia eta amaitzeko beste arrazoi batzuk.

1.– Kudeaketa-gomendioaren akordio honek eragina izango du akordioa sinatzen den egunetik 2022ko abenduaren 31ra arte. Epealdi hori bukatutakoan, urtez urte luzatuko da, eta aldeek dagokion eranskina sinatuko dute. Eranskin horretan, agindutako zerbitzu zehatzak eta horretarako aurreikusitako aurrekontu-zenbatekoak adostuko dira.

2.– Honako hauek izango dira akordioa amaitzeko arrazoiak:

– Sinatzaileen idatzizko akordioa, biek erabakitzen dituzten baldintzetan.

– Alderdietako batek ezin badu hitzarmenaren xedea bete, justifikatuta, eta hori gertatu bezain laster jakinarazi beharko dio beste alderdiari.

– Hitzarmen honen ondorioz alderdi sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak larriki ez betetzea.

Kasu horretan, alderdietako edozeinek jakinarazi beharko dio beste alderdiari, ez-betetze horren berri izan eta hurrengo hamar (10) egun balioduneko epean. Arau-haustea egin duen alderdiak, hogeita hamar (30) egun balioduneko epean, salatutako ez-betetzea zuzendu edo behar bezala justifikatu beharko du.

Nolanahi ere, ez-betetze hori Jarraipen Batzordeari jakinaraziko zaio, konponbidea eman ahal izateko.

– Alderdietako baten salaketa. Salaketa idatziz egin beharko da, eta gutxienez hiru hilabete lehenago jakinarazi beharko zaio beste alderdiari, egiten ari diren eta ikasturte horri dagozkion jarduera guztiak behar bezala amaitu ahal izateko.

Bederatzigarrena.– Akordioa argitaratzea.

Kudeaketa-gomendio hau eta urteko berritze-akordioak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

Hamargarrena.– Datu pertsonalen tratamendua.

Osakidetzak IVAP gaitzen du Gomendioa behar bezala betetzeko behar diren datu pertsonalak trata ditzan.

Datu pertsonalen babesari buruzko legeria (2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua eta Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa indargabetzen dituena) eta informazioaren segurtasuna betetzeari dagokionez, honako hauek aplikatuko dira:

1.– Datu pertsonalen tratamendua.

Datu pertsonalen tratamendutzat hartzen da datu pertsonalen gainean edo datu pertsonalen multzoen gainean egiten den edozein eragiketa edo eragiketa multzo, prozedura automatizatuen edo automatizatu gabeen bidezkoa, esate baterako: datuak biltzea, erregistratzea, antolatzea, egituratzea, gordetzea, egokitzea edo aldatzea, ateratzea, kontsultatzea, erabiltzea, transmisioz jakinaraztea, zabaltzea edota sarbidea beste edozein modutan gaitzea, alderatzea edo interkonektatzea, mugatzea, ezabatzea edo suntsitzea.

Gomendio hau betetzeko, IVAPek «Datu pertsonalen tratamenduaren enkargua» eranskinean zehazten den moduan tratatu beharko ditu Osakidetza tratamenduaren arduradun gisa duten datu pertsonalak.

Ondorioz, IVAPek tratamenduaren enkargatu gisa jardungo du, eta unean-unean indarrean dagoen araudia bete beharko du, datu pertsonalak behar bezala tratatuz eta babestuz.

IVAPek datuak beste helburu baterako erabiliko balitu edota Gomendioaren edo indarreko araudiaren xedapenak bete gabe jakinaraziko edo erabiliko balitu, bera ere joko da tratamenduaz arduratzen den organotzat, eta berak erantzungo die egin dituen arau-hausteei.

«Datu pertsonalen tratamenduaren enkargua» izeneko eranskinean zehatz-mehatz azaltzen da zein diren babestu beharreko datu pertsonalak, bai eta IVAPek egin beharreko tratamendua eta ezarri beharreko neurriak ere.

Gomendioa betetzearen ondorioz «Datu pertsonalen tratamenduaren enkargua» eranskinean ezarritakoa aldatu behar bada inoiz, IVAPek modu arrazoituan eskatuko ditu aldaketak. Tratamenduaren arduraduna ados badago eskatutakoarekin, Datu pertsonalen tratamenduaren enkargua" eranskina eguneratu beharko du eta, eranskin horretan, zehatz-mehatz jasoko du tratamenduaren xehetasuna.

Era berean, Osakidetzak «Datu pertsonalen tratamenduaren enkargua» eranskinean ezarritakoa aldatuz gero, aipatu eranskina eguneratu beharko du eta IVAPi jakinarazi beharko dio.

2.– Estipulazioak tratamenduaren enkargatu gisa.

Klausula honetako betebeharrak eta dokumentu honetako «Datu pertsonalen tratamenduaren enkargua» eranskinaren edukiak osatzen dute 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duen datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzeko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren (aurrerantzean, DBEO) 28.3 artikuluan «Tratamenduaren enkarguaren kontratua» deritzona, tratamenduaz arduratzen den organoaren eta IVAPen artekoa, non IVAP tratamenduaren enkargatua den.

Behar horiek betetzeko prestazioak dokumentu honetan eta eranskinetan ezarritakoaren arabera soilik ordainduko dira, eta Gomendio honen iraupen bera izango dute. Dena dela, Gomendioa amaitzean, sekretu-betebeharrak indarrean jarraituko du, denbora-mugarik gabe, hura gauzatzen parte hartzen duten pertsona guztientzat.

Gomendio honen xedea betetzeko, ez da beharrezkoa IVAPek tratamenduaz arduratzen den organoaren ardurapeko beste datu pertsonal batzuk eskuratzea, eta, beraz, ez du baimenik izango «Datu pertsonalen tratamenduaren enkargua» eranskinean zehaztutakoak ez diren beste datu pertsonal batzuk atzitu edo tratatzeko.

Gomendioa gauzatzen ari den bitartean gorabeheraren bat gertatzen bada eta, horren ondorioz, «Datu pertsonalen tratamenduaren enkargua» eranskinean jasota ez dagoen istripuzko sarbideren bat gertatzen bada tratamenduaz arduratzen den organoaren ardurapeko datu pertsonaletan, IVAPek ahalik eta lasterren eta bidegabeko luzamendurik gabe jakinarazi beharko dio organo horrek adierazitako pertsonari, eta pertsona hori jakinaren gainean dagoela ziurtatu beharko du. Helaraziko duen informazioak datu pertsonalen segurtasunaren urraketaren izaera, eragindako pertsonen gutxi gorabeherako kopurua eta eragindako datu pertsonalen erregistroen gutxi gorabeherako kopurua deskribatuko ditu. Era berean, datu pertsonalen segurtasuna urratzeak izan ditzakeen ondorioak deskribatuko ditu, baita datu pertsonalen segurtasuna urratzea konpontzeko hartutako neurriak ere.

«Datu pertsonalen tratamenduaren enkargua» eranskinean zehaztutakoaz gain, IVAPek betebehar hauek bete eta bermatuko ditu, DBEOaren 28. artikuluan ezarritakoaren arabera:

a) Datu pertsonalak dokumentu honetan eta Gomendioa gauzatzeari aplika dakizkiokeen gainerako dokumentuetan jasotako jarraibideen arabera tratatzea, baita, hala badagokio, tratamenduaren arduradunak unean-unean idatziz ematen dituen jarraibideen arabera ere.

IVAPek berehala jakinaraziko dio tratamenduaren arduradunari uste duenean jarraibide bat unean-unean aplikagarria den datu pertsonalak babesteko araudiaren aurkakoa dela.

b) Datu pertsonalak Gomendioaren xedearena ez den helburu batekin ez erabiltzea edo aplikatzea.

c) Datu pertsonalak segurtasun-irizpideen eta DBEOaren 32. artikuluan ezarritako edukiaren arabera tratatzea, eta isilpekotasuna bermatzeko eskura dituen datu pertsonalen konfidentzialtasuna, sekretua eta osotasuna bermatzeko beharrezkoak edo komenigarriak diren segurtasun-neurri teknikoak eta antolakuntzakoak hartzea.

Bereziki, eta izaera mugatzailerik gabe, «Datu pertsonalen tratamenduaren enkargua» eranskinean zehaztutako arrisku- eta segurtasun-maila babesteko neurriak aplikatzera behartzen du bere burua.

d) Erabateko konfidentzialtasuna gordetzea Gomendioa gauzatzeko eskura dituen datu pertsonalen inguruan, baita tratamenduaren ondorioz eskuratzen dituen datuen inguruan ere, edozein euskarritan eskuratu dituela ere. Betebehar hori datu pertsonalen tratamenduaren edozein fasetan parte hartzen duen pertsona ororentzat da, eta IVAPen betebeharra izango da bere mendeko pertsonei jakinaraztea sekretu-betebehar hori dutela eta betebehar horri bete behar dutela baita zerbitzua ematen amaitu ondoren edo zerbitzuarekiko lotura amaitu ondoren ere.

e) Plegu honen xede diren datu pertsonalak tratatzeko baimena duten pertsonen zerrenda bat edukitzea; bermatzea pertsona horiek konfidentzialtasuna errespetatzeko eta dagozkion segurtasun-neurriak betetzeko konpromisoa berariaz eta idatziz hartzen dutela eta pertsona horiei dagokion informazioa ematea. Gainera, tratamenduaren arduradunaren eskura jarriko du dokumentazio egiaztatzaile hori.

f) Datu pertsonalak tratatzeko baimena duten pertsonek datu pertsonalak babesteari buruz behar duten prestakuntza jasotzen dutela bermatzea.

g) Datu pertsonalak hirugarrenei ez jakinaraztea (ez lagatzea) eta ez zabaltzea, ezta gordetzeko ere, salbu eta, kasuan-kasuan, tratamenduaz arduratzen den organoaren aldez aurreko baimen esplizitua badago.

h) Eskuratu dituen datu pertsonalak, tratamenduaren ondorioz IVAPek sortutako datuak eta datu horiek biltzen dituzten euskarriak eta dokumentuak itzultzea edo suntsitzea plegu honen xede den prestazioa amaitu ostean, baldin eta «Datu pertsonalen tratamenduaren enkargua» eranskinean jasotako tratamenduaz arduratzen den organoak hala eskatzen badu. Nolanahi ere, ez dira suntsituko legez edo Europako Erkidegoko zuzenbideko arau baten bidez datuok mantentzea baimentzen edo eskatzen bada.

Hala ere, tratamenduaren enkargatuak datu pertsonalak gorde ahal izango ditu tratamenduaz arduratzen den organoarekin daukan harremanetik erantzukizunak erator daitezkeen bitartean. Datuak blokeatuta eta gutxieneko denboran gordeko ditu, eta modu seguruan eta behin betiko suntsituko ditu aipatutako epe hori amaitzen denean.

i) Datu pertsonalak tratatzea tratamendu-sistema eta -gailu eskuzkoetan eta automatizatuetan eta «Datu pertsonalen tratamenduaren enkargua» eranskinean zehazten diren kokapenetan. Ekipamendu hori tratamenduaz arduratzen den organoaren kontrolpean egon daiteke, enkargatuaren kontrolpean zuzenean zein zeharka edo tratamenduaz arduratzen den organoak aldez aurretik eta idatziz baimendutako beste batzuen kontrolpean, aipatutako eranskinean ezarritakoaren arabera eta Gomendioaren xedea zertzeko izendatutako erabiltzaileek edo profilek baimenduta.

j) Datu pertsonalak Europako Esparru Ekonomikoaren barruan edo aplikatzekoa den araudiak segurtasun-eremu baliokidetzat jotzen duen beste eremu batean tratatzea, eta ez tratatzea espazio horretatik kanpo, ez zuzenean, ez baimendutako azpikontratisten bidez, plegu honetan edo kontratuaren gainerako dokumentuetan ezarritakoaren arabera, salbu eta horretara behartuta badago aplikagarria zaion Europar Batasuneko edo Estatu Kideko zuzenbidearen arabera, «Datu pertsonalen tratamenduaren enkargua"» eranskinean beste zerbait adierazten bada edo tratamenduaz arduratzen den organoak espresuki hala agintzen badu.

Zuzenbide nazionalaren edo Europar Batasuneko zuzenbidearen ondorioz IVAPek datu pertsonalen nazioarteko transferentziaren bat egin behar badu, legezko eskakizun hori idatziz jakinaraziko dio tratamenduaz arduratzen den organoari tratamendua egiteko behar besteko aurrerapenarekin, eta tratamenduaz arduratzen den organoari aplika dakiokeen legezko baldintza guztiak betetzen direla bermatuko du, salbu eta aplikatu beharreko zuzenbideak hala debekatzen badu interes publikoko arrazoi garrantzitsuengatik.

k) Tratamenduaren ardura duen organoari behar ez den atzerapenik gabe jakinaraztea bere ardurapeko datu pertsonalen segurtasunaren edozein urraketa, organo horrek adierazitako pertsonari, eta horretarako, honako hauek helarazi beharko dizkio, DBEOaren 33. artikuluaren arabera: gorabeheraren dokumentaziorako eta komunikaziorako garrantzizko informazio guztia edo informazioa tratatzeko eta kudeatzeko sisteman gertatu den edo gerta litekeen edozein akats, zeina arriskuan jartzen duen datu pertsonalen segurtasuna, osotasuna edota eskuragarritasuna, bai eta jasotako informazioen balizko urraketa ere, datu konfidentzialak ezagutzean eta gauzatzean, eta Gomendioa betetzean lortutako datuak eta informazioa hirugarrenei jakinaraztearen ondorioz konfidentzialtasunaren balizko urraketa oro (are gehiago, zer interesdunen datuen konfidentzialtasuna galdu den zehaztu behar da).

l) Tratamenduaz arduratzen den organoari ahalik eta lasterren jakinaraztea interesdun batek organoarekiko dituen eskubideren bat baliatu duela, hala nola datu pertsonalak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, transferitzeko, haiei aurka egiteko eta haien tratamendua mugatzeko eskubideak edota aplikatzekoa den araudiak aitortutako beste eskubide batzuk eta banakako erabaki automatizatuen xede ez izateko eskubidea.

Jakinarazpenean, eskubidea nork baliatzen duen adieraziko da, modu frogagarrian identifikatuta, eta, hala badagokio, eskaera ebazteko garrantzitsuak izan daitekeen dokumentazioa eta bestelako datuak erantsiko dira.

Tratamenduaz arduratzen den organoari lagunduko dio, ahal den guztietan, eskubidea baliatzen duen pertsonaren eskubidea bete dezan eta erantzun diezaion.

m) Tratamenduaz arduratzen den organoarekin lankidetzan aritzea segurtasun-neurrien arloan dituen betebeharrak betetzeko, agintaritza eskudunei edota interesdunei segurtasun-neurrien arrakalak jakinarazteko (burutuak eta saiakerak), datu pertsonalen babesari buruzko inpaktu-ebaluazioak egiteko eta agintaritza eskudunei inpaktu horiei buruzko aurretiazko kontsultak egiteko, tratamenduaren izaera eta eskura duen informazioa kontuan hartuta.

Era berean, tratamenduaz arduratzen den organoaren esku jarriko du, hark hala eskatuta, klausula hauetan eta kontratuaren gainerako dokumentuetan ezarritako betebeharrak betetzen direla frogatzeko behar beste informazio, eta lagundu egingo du, hala badagokio, tratamenduaz arduratzen den organoak edo hark baimendutako beste auditore batek egiten dituen auditoretzak eta ikuskapenak gauzatzen.

n) DBEOaren 30.5 artikuluan ezarritako kasuetan, idatziz jasotzea (formatu elektronikoan izan liteke) tratamenduaz arduratzen den organoaren kontura egindako tratamendu-jardueren kategoria guztien erregistroa. Erregistro horrek, gutxienez, DBEOaren 30.2 artikuluan aipatzen diren inguruabarrak jasoko ditu.

o) Datu pertsonalak babesteko araudia eta erantzukizun aktiboko betebeharra betetzen dituela frogatzen duten ebidentziak izatea (hala nola betetze-mailari edo auditoretzen emaitzei buruzko aurretiko ziurtagiriak), zeinak tratamenduaz arduratzen den organoaren esku jarri beharko baititu hark hala eskatuz gero. Horrez gain, Gomendioa indarrean dagoen bitartean, tratamenduaz arduratzen den organoaren esku jarriko ditu une bakoitzean egindako informazio, ziurtagiri eta auditoretza guztiak.

p) Interesdunei informazioa emateko eskubidea erraztea, tratamenduaren arduradunak ezartzen duen moduan. IVAPek ez du informazio-eredu propiorik erabiliko eta tratamenduaren arduradunak emandako ereduetara jo beharko du edo eskatu beharko ditu, baldin eta datuak biltzeko bitarteko edo kanalen batean halako ereduak behar badira.

q) Datuak babesteko printzipioak aplikatzea modu lehenetsian ezarritako datuen diseinu eta babesetik Gomendioaren xede diren zerbitzu, produktu edo aplikazioen garapenean, diseinuan eta eragiketan.

3.– Azpikontratazioei lotutako tratamenduaren azpienkarguak.

Gomendio honek aukera ematen du euskaraz lan egiten laguntzeko prestakuntza-ikastaroak, haien ariketen zuzenketekin eta ebaluazioekin, azpikontratatzeko.

Azpikontratistek IVAPekiko soilik izango dute betebeharra, eta, beraz, hark hartuko du bere gain Osakidetzarekiko Gomendioa gauzatzeko erantzukizun osoa, artikulu honetan ezarritakoaren arabera. Besteak beste, adierazitako beharra betetzea ere hartuko du bere gain, datuen babesari buruzko Estatuko eta Europar Batasuneko araudiarekin bat.

Osakidetzak jakin arren IVAPek azpikontratuak sinatu dituela edo ezarritako legezko kasuetan baimena ematen dion arren, ez da aldatuko enkargatu nagusi horren erantzukizun esklusiboa.

Nolanahi ere, bi baldintzak hauek bete beharko dira tratamenduaz arduratzen den organoak baimena eman dezan:

a) Azpikontratistak datu pertsonalez egiten duen tratamenduak bat etorri behar du indarreko legeriarekin, plegu honetan jasotakoarekin eta tratamenduaz arduratzen den organoaren jarraibideekin.

b) IVAPek eta enpresa azpikontratistak datu pertsonalen tratamendurako enkargu-kontratu bat sinatu behar dute, gutxienez plegu honetan ezarritako baldintzen murriztapenak betez. Tratamenduaz arduratzen den organoak hala eskatzen badu, haren esku jarriko da kontratua, hura egon badagoela eta kontratuaren edukia egiazta dezan.

4.– Datuak babesteari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikulua betetzeko, alderdien ordezkarien datu pertsonalak goiburuan adierazitako erakundeek tratatuko dituzte, hurrenez hurren, eta, horretarako, erakunde horiek modu independentean jardungo dute datuon tratamenduaren arduradun gisa. Datu horiek hitzarmen honetan jasotako eskubide eta betebeharrak betetzeko tratatuko dira. Datu horien tratamenduaren oinarri juridikoa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legetik (VI. kapitulua) eratorritako legezko betebeharrak betetzea da, eta helburu hori ezinbestekoa da Gomendio hau betetzeko.

Datu horiek hemen hitzartutako lankidetza indarrean dagoen bitartean mantenduko dira, baita lankidetzaren xedea betetzeko eta egon daitezkeen erantzukizunak zehazteko behar den denboran ere.

Bi sinatzaileek beharrezkotzat jotzen dituzten koordinazio-neurriak hartuko dituzte hitzarmen hau betetzen dela bermatzeko.

Eta ados daudela adierazteko, bi aldeek kudeaketa-gomendioaren hitzarmen hau sinatzen dute, Vitoria-Gasteizen, 2022ko irailaren 16an.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren aldetik:

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA ROSA PÉREZ ESQUERDO.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen aldetik:

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MAITE BARRUETABEÑA ZENEKORTA.

I. ERANSKINA
DATU PERTSONALEN TRATAMENDUAREN ENKARGUA

1.– Egingo den datu pertsonalen tratamenduaren deskribapen orokorra.

Tratamenduaren eta bere helburuaren deskribapena:

– Ikastaroetan parte hartuko duten langileen zerrenda zehatza jasotzea, gutxienez honako informazioarekin: izen-abizenak, NANa, lanpostua eta egin beharreko ikastaroa.

– IVAPek ikastaroa egiteko baimena duten pertsonen zerrendan egingo du, eta Osakidetzari bidaliko dio.

– Ikastaroetan parte hartuko dutenei gogobetetze-inkesta helaraziko die IVAPek.

IVAPek esleitutako langileak ditu Gomendioaren xede diren zerbitzuak emateko; gainera, hala badagokio, datu pertsonalak biltegiratzea, zabaltzea, hedatzea, bistaratzea edota beste edozein tratamendu egitea ahalbidetzen duten eta Gomendioaren xedearen parte diren baliabide material edo tekniko-informatiko automatiko edo erdiautomatikoak daude eta, horrez gain, Ente Publikotik kanpoko langileak daude baliabide material edo tekniko-informatiko horien mantentze-lanez, gainbegiratzeaz edo haiekiko edonolako elkarrekintzaz arduratzen direnak. Horregatik, dokumentu honetan eta oro har aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoaren arabera tratatuko dira datu pertsonalak, Gomendioaren xedea gauzatu ahal izateko helburuaz.

Gomendioa gauzatzearen ondorioz uneren batean eranskin honetan ezarritakoa aldatu behar bada, enkargatuak egingo du eskaera, aldaketa arrazoituak adierazita. Ente Publiko hau ados badago eskatutako aldaketarekin edo aldaketekin, eranskina eguneratuko du, bertan zehatz-mehatz jaso dadin egin beharreko datu pertsonalen tratamendua.

Era berean, Osakidetzak «Datu pertsonalen tratamenduaren enkargua» eranskinean ezarritakoa aldatuz gero, aipatu eranskina eguneratu beharko du eta IVAPi jakinarazi beharko dio.

2.– Tratatutako kolektiboak eta datu pertsonalak.

Kontratistak interesdunen kolektibo hauei buruzko datuak eskura ditzake:

(Ikus .PDF)

3.– Tratamenduaren elementuak.

Datu pertsonalen tratamenduak honako hauek hartuko ditu barne:

– Biltzea.

– Erregistratzea.

– Egituratzea.

– Aldatzea.

– Gordetzea/Babes-kopiak egitea.

– Irteera.

– Kontsultatzea.

– Komunikatzea-Transmititzea.

– Mugatzea.

– Ezabatzea/Ezereztea/Ahaztua izateko eskubidea.

– Kopiak suntsitzea.

– Segurtasun-kopiak berreskuratzea.

4.– Zerbitzarien kokapena eta nondik emango diren zerbitzariei lotutako zerbitzuak. Zehaztutako tratamenduak toki hauetatik egingo dira:

– IVAPen egoitza (Donostia-San Sebastián 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

– EJIE (Eusko Jaurlaritzak EJIEri egindako indarreko.enkargu orokorrean jasotako Eusko Jaurlaritzaren sistema informatikoak dauden bulegoetan).

5.– Iraupena.

Estipulazio hauek Gomendioaren zortzigarren klausulan ezarritako iraupena izango dute. Hala eta guztiz ere, enkargua amaitzean, indarrean jarraituko du sekretu-betebeharrak, denbora mugatik gabe, eta horri men egin beharko diote akordioa betetzen jardun diren denek.

6.– Zerbitzua amaitzean datuekin jarduteko moduak.

Enkargua, prestazioa amaitzen denean, tratamenduaren enkargatuak (IVAPek) Osakidetzari itzuli beharko dizkio datu pertsonalak eta, hala badagokio, datu horiek biltzen dituzten baliabideak. Itzultzean, tratamenduaren enkargatuak erabilitako ekipo informatikoetan dauden datu guztiak erabat ezabatu behar dira. Hala ere, tratamenduaren enkargatuak datuak behar bezala blokeatuta dituen kopia bat gorde dezake prestazioa gauzatzeagatiko erantzukizunak eska daitezkeen bitartean.

7.– Azpikontratazioa.

Gomendio-akordio honek aukera ematen dio IVAPi honako hauek azpikontratatzeko:

– Euskaraz lan egiten laguntzeko prestakuntza-ikastaroak, ikastaroetan parte hartuko duten Osakidetzako langileen ariketen zuzenketekin eta ebaluazioekin, egitea. Azpikontratistak ikastaroetan parte hartuko duten Osakidetzako langileei buruzko eranskin honetako bigarren klausulan deskribatutako datu pertsonalak eskuratu ahal izango ditu.

Edonola ere, IVAPek kudeaketa-gomendioaren akordio honen bederatzigarren Klausulan ezarritakoa betetzen dela bermatuko du (bereziki, hirugarren atalean azpikontratazioei lotutako tratamenduaren azpienkarguei buruz aurreikusitakoa).

8.– Informazioaren segurtasun-neurriak.

Tratamenduaren enkargatua behartuta dago informazioaren segurtasunak duen arriskuari egokitutako segurtasun-maila egokia bermatzeko beharrezko segurtasun-neurri teknikoak eta antolakuntzazkoak ezarri edota errespetatzeko, zerbitzuaren izaera, hedadura, testuingurua eta helburuak kontuan hartuta.

Gomendio honen esparruan eskatzen diren eta tratamenduaren enkargatuak ezarri eta behatu beharko dituen segurtasun-neurriak urteko arrisku-analisiaren araberakoak izango dira, eta Segurtasun Eskema Nazionala (ENS) arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuaren II. eranskinarekin bat etorriko dira.

Osakidetzak beretzat gordetzen du eskatutako neurrien betetze-mailari buruzko auditoretzak egiteko eskubidea. Auditoretza hori nahikoa aurrerapenaz iragarri beharko da, hirugarrenak behar diren langileak izan ditzan. Programatutako auditoretza baten aurrean, Osakidetzak hari buruzko dokumentazioa edo ebidentziak eskatu ahal izango ditu, auditoretza egin aurretik edo ondoren berrikusi beharreko informazio gehigarri gisa.

Tratamenduaren enkargatuak ezin izango ditu neurri horiek inplementatu edo ezabatu arrisku-analisi bat edo inpaktu-ebaluazio bat erabiliz, Osakidetzak berariaz onartu ezean.

Horretarako, tratamenduaren enkargatuek Osakidetzak ezarritako segurtasun-neurriak bete beharko dituzte, eta ezingo dute Osakidetzak zehaztutakoak ez diren tratamendurik egin.

Segurtasun-neurri aplikagarriak:

Erabiltzaileak:

Tresna juridiko honen arabera datu pertsonalak tratatzeko Osakidetzaren informazio-sistemen euskarri diren ekipoetarako sarbidea duten tratamenduaren enkargatuek datu pertsonalak eskuratzeko dagokion baimena eskatu beharko dute, eta Osakidetzako dagokion arloko arduradunak baliozkotu beharko du baimen hori.

Identifikatzea eta autentifikazioa:

– Osakidetzaren konturako datu pertsonaletarako sarbidea duten tratamenduaren enkargatuek eta, beraz, zerbitzua emateko testuinguruan Osakidetzaren informazio-sistemetarako sarbidea dutenek sarbide-kredentzialak beharko dituzte, euren burua modu zalantzarik gabekoan eta pertsonalizatuan identifikatzeko. Horretarako, informazio sistemetara sartzeko erabiltzailea eta pasahitza izango dituzte.

– Tratamenduaren enkargatua arduratuko da behar den zuhurtziaz eta konfidentzialtasunez kudeatzeaz tratamenduen arduradunak (Osakidetza) agindutako zerbitzua emateko sortu dizkion identifikazio- eta autentifikazio-mekanismoak. Hain zuzen ere, enkargatuak baimendutako eta modu argi eta pertsonalizatuan identifikatutako pertsona fisikoei esleitu beharko dizkie informazio-sistemetara sartzeko banatutako erabiltzaileak eta pasahitzak. Kredentzialok ezin ditu erabili erabiltzaile batek baino gehiagok.

– Tratamenduaren enkargatu diren erabiltzaileen edo pertsona fisikoen erantzukizuna izango da informazio-sistemetan sartzeko pasahitzen konfidentzialtasuna zaintzea.

Baliabideak:

Tratamenduaren enkargatu diren langileek Osakidetzaren konturako zerbitzua emateko datu pertsonalak biltegiratzeko edukiera duten baliabideak erabili behar badituzte, jarraibide hauek bete behar dira:

– Datu pertsonalak biltzen dituzten baliabideak tratatzeko baimendutako pertsonen zerrenda eguneratua eduki beharko da.

– Baliabideak Osakidetzaren edo IVAPen (tratamentuaren arduraduna) instalazioetatik kanpo eramaten badira, neurriak hartu beharko dira, baliabide horiek garraiatu bitartean inork ez dezan informazioa lapurtu edo atzitu eta informazioa gal ez dadin. Horretarako, segurtasun-neurri osagarriak hartu beharko dira (esaterako, erakundeak soilik ulertuko duen enkriptatze edota kanpo-etiketatze bat), Osakidetzakoa edota tratamenduaren enkargatua ez den baimendu gabeko inork ez ditzan datuak atzitu.

Intzidentziak:

Erakunde esleipendunak egiten duen datu pertsonalen tratamenduaren osotasunari, konfidentzialtasunari, egiazkotasunari edota erabilgarritasunari eragiten dioten intzidentzia guztiak berehala jakinarazi beharko zaizkio Osakidetzako segurtasun-arduradunari.

Babeskopiak:

Tratamenduaren enkargatua arduratuko da Osakidetzaren kontura tratatzen dituen eta bere kontrol- eta mantentze-esparruan dauden datu pertsonalen babes-kopiak egiteko prozedurak ezarri eta aplikatzeaz, Osakidetzaren jabetzako informazioa gal eta suntsi ez dadin.

Telekomunikazioak eta datuak bidaltzea:

Tratamenduaren enkargatuak bereziki babestutako datuak (adibidez, osasun-datuak) bidali edo jaso beharko balitu Osakidetzarengandik sare publikoen bidez edo komunikazio elektronikoen hari gabeko sareen bidez, datuok enkriptatuko ditu edota hirugarrenek informazioa ulertu edota erabili ezin izatea bermatzen duten bestelako mekanismoak erabili beharko ditu.

1. ERANSKINA
(Ikus .PDF)
2022KO IRAILAREN 16KO KUDEAKETA-GOMENDIOAREN ERANSKINA
OSAKIDETZAKO LANGILEEI BERARIAZKO HIZKUNTZA PRESTAKUNTZA ANTOLATZEA ETA GAUZATZE-JARDUERAK KUDEATZEA, 2022KO URTEARI DAGOKIONA

Vitoria-Gasteizen, 2022ko irailaren 16an elkartu dira,

Batetik, Maria Rosa Perez Esquerdo andrea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren zuzendari nagusia.

Bestetik, Maite Barruetabeña Zenekorta andrea, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko (IVAP) zuzendaria.

Osakidetzako langileei berariazko hizkuntza prestakuntzaren antolaketa-eta gauzatze jarduerak kudeatzeko Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren eta IVAPen artean sinatutako kudeaketa-gomendioaren bigarren, laugarren eta zazpigarren klausulek diotenari jarraituz,

ERABAKI DUTE:

2022ko urritik abendura bitartean, honako jarduera hauek aurreikusten dira, eta ondoren aipatzen diren kostua ere:

Jarduera: Osakidetzako langileentzako berariazko hizkuntza-prestakuntza ikastaroak antolatzea eta ematea.

Kostua: zenbatekoa kalkulatzeko, IVAPek araututa dituen prezioak aplikatuko dira.

1.– IVAPen ikastaroak eta edizioak, zeinetan Osakidetzako langileek parte hartu ahal izango duten. Osakidetzako 4 langilek hartuko dute parte IVAPeko edizioetan.

A) Aurrez aurreko ikastaroak:

1) Euskaraz lan egiteko Interneteko baliabideak:

– Ikastaroaren datak: azaroak 28 eta 30.

– Tokia: Bilbao.

– Ikastaroaren prezioa ikasleko: 114,00 euro.

– Ikasle kopurua: ikasle 1.

– Ikastaroen kostua, guztira: ...................................... 114,00 euro.

B) Lineako ikastaroak:

1) Hizkuntza inklusiboa:

– Ikastaroaren datak: urriak 3 – 31.

– Ikastaroaren prezioa ikasleko 137,00 euro.

– Ikasle kopurua: ikasle 1.

– Ikastaroen kostua, guztira: ...................................... 137,00 euro.

2) Hizkera juridikoa:

– Ikastaroaren datak: azaroak 2 - 30.

– Ikastaroaren prezioa ikasleko: 107, 00 euro.

– Ikasle kopurua: ikasle 2.

– Ikastaroen kostua, guztira: ...................................... 214,00 euro.

IVAPen ikastaroen eta edizioen ikastaroak,

guztira: ..................................................................................................................... 465,00 euro.

2.– Beren-beregi Osakidetzako langileentzat antolatutako ikastaroak:

Ikastaroen zehaztasunak: tokia, datak, ordutegia, eranskin honen azken orriko taulan daude jasota.

A) Aurrez aurreko ikastaroak:

1) Aurrez aurreko eta telefono bidezko harrera, oharrak eta mezu elektronikoak:

– Talde kopurua: 5 talde.

– Ikasle kopurua: 60 ikasle.

– Ikastaroaren prezioa ikasleko: 145,00 euro.

– Ikastaroen kostua, guztira: ...................................... 8.700,00 euro.

2) Itzultzaile neuronala testugintzan:

– Talde kopurua: 6 talde.

– Ikasle kopurua: 90 ikasle.

– Ikastaroaren prezioa ikasleko: 52,00 euro.

– Ikastaroen kostua, guztira: ...................................... 4.680,00 euro.

3) Euskaraz lan egiteko interneteko baliabideak:

– Talde kopurua: 7 talde.

– Ikasle kopurua: 122 ikasle.

– Ikastaroaren prezioa ikasleko: 114,00 euro.

– Ikastaroen kostua, guztira: ...................................... 13.908,00 euro.

4) Euskara ingurune digitalean:

– Talde kopurua: 2 talde.

– Ikasle kopurua: 23 ikasle.

– Ikastaroaren prezioa ikasleko: 186,00 euro.

– Ikastaroen kostua, guztira: ...................................... 4.278,00 euro.

5) Euskaraz ahaldundu:

– Talde kopurua: 4 talde.

– Ikasle kopurua: 60 ikasle.

– Ikastaroaren prezioa ikasleko: 39,00 euro.

– Ikastaroen kostua, guztira: ......................................2.340,00 euro.

B) Lineako ikastaroak:

1) Mezu elektroniko egokiak idatzi:

– Talde kopurua: 5 talde.

– Ikasle kopurua: 75 ikasle.

– Ikastaroaren prezioa ikasleko: 137,00 euro.

– Ikastaroen kostua, guztira: ......................................10.275,00 euro.

2) Gutuna eta ofizioa:

– Talde kopurua: 3 talde.

– Ikasle kopurua: 45 ikasle.

– Ikastaroaren prezioa ikasleko: 107,00 euro.

– Ikastaroen kostua, guztira: ......................................4.815,00 euro.

3) Testu argiak euskaraz: hitz-ordena eta puntuazioa:

– Talde kopurua: talde 1.

– Ikasle kopurua: 15 ikasle.

– Ikastaroaren prezioa ikasleko: 137,00 euro.

– Ikastaroen kostua, guztira: ......................................2.055,00 euro.

C) Jardun biko ikastaroak:

1) Testuak zuzentzeko moduez:

– Talde kopurua: talde 1.

– Ikasle kopurua: 15 ikasle.

– Ikastaroaren prezioa ikasleko: 101,00 euro.

– Ikastaroen kostua, guztira: ......................................1.515,00 euro.

Beren-beregi Osakidetzako langileentzat antolatutako ikastaroak,

guztira: .................................................................................................................. 52.566,00 euro.

Eta bi aldeak ados daudela adierazteko, Kudeaketa-gomendioaren Eranskin hau sinatzen dute Vitoria-Gasteizen 2022ko irailaren 16an.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren aldetik:

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA ROSA PÉREZ ESQUERDO.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen aldetik:

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MAITE BARRUETABEÑA ZENEKORTA.


Azterketa dokumentala