Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

224. zk., 2022ko azaroaren 23a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5061

EBAZPENA, 2022ko azaroaren 2koa, Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearena, Zelata SL enpresari kontratatzeko debekua adierazteko dena.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Kontratazio Organoaren 2020ko urtarrilaren 17ko Erabakiaren bidez, gastua eta kontratazio-espedientea onartu eta adjudikazio-irizpide bakarreko prozedura irekia ezarri zen adjudikazio-prozedura gisa.

Bigarrena.– Araubide Juridiko eta Zerbitzuen zuzendariaren 2020ko maiatzaren 27ko Ebazpenaren bidez, Zelata SL enpresari esleitu zitzaion «Irungo (Gipuzkoa) Elatzeta HLHIn irisgarritasun-obrak (CO/14/20 )» egitea xede duen administrazio-kontratua, haren eskaintzan ezarritako unitateko prezioen arabera, 88.055,11 euroko aurrekontura arte (BEZik gabe); hau da, guztira, 106.546,68 euro (BEZa barnean). Exekuzio-epea 3 hilabete ziren. 2020ko ekainaren 22an formalizatu zen kontratua.

Hirugarrena.– Zelata SL enpresa kontratistak, 2020ko abenduaren 17an egindako idazki baten bidez, uko egin zion kontratazio-espediente honetako obrari, honako hau adierazita:

«(...) Irungo Elatzeta HLHIko irisgarritasun-lanei dagokienez (EXPG-077/17), Zelata SLk idazki hau egiten du, uko egiteko eskaera aurkezteko.

Igogailuaren obrarekin jarraitzeko, Zelata SLri eskatu zioten estalkipeko forjatuaren zati bat eraistea, urrats hori egin behar baita igogailua jartzearekin lotutako gainerako lanak burutu aurretik. Zelata SLk obran adierazi duen bezala, egun aukera hori ez da bideragarria, ikastetxeko ikasleak etengabe baitaude jolastokian (COVIDaren ondoriozko jolas-aldien banaketagatik), eta, beraz, ezinezkoa da eraispenari ekitea. Gainera, eraispenean sortutako hondakinak atera ahal izateko, beharrezkoa da bilketa-kamioia patioan sartzea (hondakina zuzenean jasotzeko, edo edukiontzi bat utzi eta gero kentzeko), baina aukera hori ezinezkoa da, jolastokiko galtzada-harriak babesten zituen hormigoizko bidea kenduta baitago; izan ere, galtzada-harriak hondar gainean jarrita daude, eta kamioi batek hondoratu egingo lituzke.

Zelata SLk, lanekin jarraitu ezin duenez, idazki honen bidez, obra uztea proposatzen du, eta benetan egin dituen lan guztiak egiaztatzea eta likidatzea eskatzen du, bai eta igogailua instalatzeko gainerako lanei uko egitea ere. Gainera, Zelata SLk konpromisoa hartzen du obra horretarako eskatutako eta gordetako material espezifikoa esleipendun berriari bideratzeko, esaterako: silver metallic koloreko sandwich panel lisoak eta igogailuaren materiala. Konpromisoa hartzen du, halaber, egun instalatuta dagoen aldamioaren alokairu-kontratua eta, are, obraren eremua babesten duen hesia bideratzeko (...)».

Laugarrena.– 2020ko abenduaren 21ean, obra-zuzendariak eta exekuzio-zuzendaritzak txosten batean adierazi zuten ez zeudela ados Zelata SL enpresa esleipendunak Irungo Elatzeta LHIko Irisgarritasun-Obrei uko egiteko azaldutako arrazoiekin. Txostenean diote, orobat, Zelata SL enpresak lanak ez egitea obraren antolaketa, denbora-aurreikuspen eta kudeaketa desegokiaren ondorioa dela. Txosten horren edukia ebazpen honen bigarren oinarri juridikoan garatzen da.

Bosgarrena.– Hezkuntza Sailaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzako arkitekto teknikoak, 2020ko abenduaren 21ean egindako memorian, honako hau adierazten du, Zelata SL enpresak Irungo Elatzeta HLHIko irisgarritasun-obrari egindako ukoari buruz: kontratistak kontratuari uko egiteko emandako arrazoiak ez datoz bat errealitatearekin. Memoria horren edukia ebazpen honen bigarren oinarri juridikoan garatzen da.

Seigarrena.– Aurreko bi apartatuetan aipatutako txostena eta memoria aztertuta, Hezkuntza Saileko Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Saileko Eraikuntza Zerbitzuko arduradunak, 2021eko maiatzaren 26an egindako memorian, kontratazio organoari eskatzen dio 76.000 euroko zehapena jartzeko enpresa kontratistari (Zelata SL) eta kontratua suntsiarazteko.

Zazpigarrena.– Hezkuntza Saileko Zerbitzuen eta Araubide Juridikoaren zuzendariak 2021eko ekainaren 4an emandako ebazpen baten bidez, erabaki zen Irungo (Gipuzkoa) Elatzeta HLHIn irisgarritasun-obra egitea xede duen CO/14/20 kontratazio-espedientea ebazteko espedienteari hasiera ematea, hain zuzen ere aztertzeko bidezkoa ote den administrazio-kontratu hori suntsiaraztea, enpresa kontratistak (Zelata SL) egindako ez-betetzeagatik. Ebazpen horren bidez, halaber, Zelata SL enpresari bost (5) egun balioduneko epea eman zitzaion, egoki ikusten zituen alegazioak egin zitzan aipatutako kontratua ez-betetze errudunagatik suntsiarazteari buruz.

Zortzigarrena.– Zelata SLk, 2021eko ekainaren 18an, alegazio-idazki bat bidali zuen lizitazio elektronikoaren plataformaren bidez, eta, hor, honako hau adierazi zuen:

«(...) Alderdi honek, abenduaren 17ko idazkia bidali aurretik, beste idazki bat igorri zuen, 2020ko abenduaren 7an, non irtenbide bat ematen baitzitzaion zuzendaritza fakultatiboaren eta alderdi honetako teknikarien arteko desadostasun teknikoari. Idazki hori erantsi egiten zaio honi, 1. dokumentu gisa. Idazki horretan, aldaketa puntual bat egiteko aukera adierazten zen, kontratua gauzatu ahal izateko (ezin zen hasieran aurreikusitako exekuzioa egin, ikasleak patioetan etengabe egoteagatik, COVID protokoloaren ondorioz, eta patioko zoladura babesten zuen hormigoizko bidea kenduta egoteagatik); aldaketa hori egiteko baimenik ematen ez baldin bazen soilik jartzen zen mahai gainean kontratua adostasunez suntsiarazteko aukera.

Arazoak hasi ziren exekuzioan zehar aparteko lanak egiteko eskatu zigutenean (komunak, uraren baldintzak berritzea) eta ezustekoak gertatu zirenean (hobiko hodi elektrikoak, kanpoko zuhaitz-txorkoa, etab.); izan ere, arazo horiengatik (eta ez alderdi honen ez-betetzeengatik), ezinezkoa izan zen hasieran ezarritako exekuzio-epea betetzea. Horren ondorioz ezin izan zen bete hasieran aurreikusitako obraren antolaketa, alderdi honek errurik izan gabe, berriz diogu.

Umeak protokolo zeharo berria ezarrita itzuli ziren ikastetxera, pandemiaren ondorioz, eta, horrek, praktikan, esan nahi zuen ikastetxeko patioan umeak etengabe egongo zirela. Ondorioz, segurtasun-arrazoiak zirela-eta, alderdi honek ezin du forjatu eraitsi, zuzendaritza fakultatiboak eskatu bezala. Gainera, arrazoi berberengatik, patioko zoladura babesten zuen hormigoizko korridorea kenduta zegoen ordurako, eta korridore hori beharrezkoa zen obra-hondakinak kendu behar zituzten ibilgailuak sar zitezen.

Alderdi honek alternatiba bat aurkeztu zion zuzendaritza fakultatiboari: forjatuari eustea, eta lotzeko eta forjatua ixteko garlandarekin errematatzea. Hartara, gure ustez, obra azkar gauzatu ahal izatea zein haren kalitatea bermatzen ziren, ikastetxearen jarduerak oztopatu gabe, eta bestela bermatu ezin genituen segurtasun-baldintzetan.

Kontuan izanda guk ezin genuela segurtasuna bermatu, lanak hasieran aurreikusita zeuden moduan egitera behartzen bagintuzten (ezin genuen halakorik gure gain hartu, gainera), bada, adierazitako aukera horren alternatiba gisa, kontratua adiskidetasunez suntsiarazteko aukera jarri genuen mahai gainean, egin gabeko zatia kobratzeari uko eginda, eta benetan egiaztatua eta gauzatua soilik fakturatuta (hori obra osoaren zati handia da). Aukera horren berri eman genion Eusko Jaurlaritzako teknikariari. Elkarrizketa ugari izan genituen, irtenbide bat bilatzeko, azkenean espresuki lortu ez zena, baina, jakinarazi zigutenez, kontratuaren gainerako zatiari uko egitea zen irtenbidea, horrek ezin zuelako berekin zehapenik ekarri, gertatutako guztia aintzat hartuta. (Azpimarratu nahi dugu ezen, gure teknikariaren arabera, ezinezkoa zela eraiste-lanen segurtasuna bermatzea umeak patioan zeudela, eta obra ezin izan zela oporraldian amaitu, hasieran aurreikusi gabeko aparteko lanak egitea eskatu zigutelako, eta lan horiek, gainera, lehentasunezkoak zirelako, ikastetxeko zuzendaritzaren arabera).

Hori guztia dela eta, gure aukera onartu ez zenez, eta obrari uko egitea bidezkoa zela jakinarazi zigutenez (eta horrek zehapen nabarmenik ekarriko ez zuela ulertuta), abenduaren 17an aurkeztu genuen ekainaren 4ko ebazpenean aipatzen den idazkia (alderdi honek ekainaren 11n jaso zuen ebazpen hori).

Argi utzi behar dugu ez diogula uko egin hasieran aurreikusitakoa betetzeari, baina bai uko egin diogula, gure ustez, segurtasuna bermatu ezin zen baldintzetan egiteari, errespetu osoz esanda.

Izan ere, oraindik ere prest gaude obra zuzendaritza fakultatiboak eskatu bezala egiteko, baina umeak patioan ez dauden aldi batean.

Uste dugu gure alternatiba, ikuspegi teknikotik, erabat baliozkoa dela, eta guztiz segurua, eta, beraz, ez zaigu egokia iruditzen hura baztertzea; izan ere, proiektua aldatzea badakar ere, arazorik gabe egin liteke, eta onura nabarmenak ditu, lehen aipatu bezala.

Alderdi honek obraren zati handiena egin du, bai eta, alderdi kontratatzaileak eskatuta, aparteko lan batzuk ere, hasieran aurreikusitakoa aldatzea ekarri dutenak. Horrek, gure iritziz, kontratua behar bezala bete dugula baino ez du egiaztatzen.

Ez dakigu zer irizpide erabili den proposatutako zigorra (70.000 euro) ezartzeko, erabat neurrigabea iruditzen zaigu (ikaragarrizko aldea dago kontratuan eskatutako bermearekiko), eta ez du kontuan hartzen obraren zati handi bat behar bezala eginda eta ziurtatuta dagoela, eta guztiz aprobetxagarria dela, obra alderdi honek amaitu nahiz hirugarren batek amaitu.

Bestalde, nabarmendu behar dugu enpresa honek oraindik orain antzeko obrak egin dituela honako hauetan:

– Azpeitiko (Gipuzkoa) Karmelo Etxegarai HLHIn sukaldea eraberritzea.

– Bilboko (Bizkaia) Emilio Campuzano LHIIn arkitektura-oztopoak kentzea.

– Aretxabaletako (Gipuzkoa) Aretxabaleta Lanbide Eskola LHII irisgarritasun-araudira egokitzea.

Obra horiek behar bezala eta gorabeherarik gabe gauzatu ditugu, eta horrek gure gaitasuna egiaztatzen du, bai eta kasu honetan gertatutako zirkunstantziak salbuespenezkoak direla eta ez dutela inolako zigorrik justifikatzen ere. Zigorra, gainera, neurriz kanpokoa litzateke, kontratatzeko debekua ekarriko liokeelako alderdi honi, eta uste dugulako gaitasuna eta jardunbide egokia egiaztatu ditugula aipatutako eta arrakastaz gauzatutako beste lan horietan.

Adierazitakoagatik, eskatzen dut idazki hau eta honi erantsitako dokumentazioa aurkeztutzat jotzea, eta kontratua suntsiaraztea, alderdi honi zigorrik ezarri gabe. Modu subsidiarioan, eskatzen dut kontratua suntsiaraztea, alderdi honek bere garaian jarri zuen bermea galduta, eta bestelako zigorrik ezarri gabe. Azkenik, eskatzen dut, aurreko bien modu subsidiarioan, baimena ematea alderdi honi obra amaitzeko, proiektatutakoaren arabera, baina patioan umerik ez dagoen aldi batean, inolako zigorrik ezarri gabe, ez baita alderdi honen ez-betetze erruduna (...)».

Bederatzigarrena.– 2021eko ekainaren 23ko idazki batean, Gipuzkoako Ordezkaritzako Instalazio eta Mantentze-lanetako arduradunak adierazi zuen, beste alderdi askoren artean, Elatzeta HLHIko irisgarritasun-obra 2020ko uztailaren 1ean hasi zela, zuinketa-aktarekin, eta 3 hileko exekuzio-epea zuela; beraz, 2020ko urriaren 1ean amaituta behar zuen. Idazki horren edukia ebazpen honen bigarren oinarri juridikoan garatzen da.

Hamargarrena.– Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritzako Eraikuntza Zerbitzuko arduradunaren 2021eko ekainaren 25eko idazkian berretsi egin zen Gipuzkoako Ordezkaritzako Instalazio eta Mantentze-lanetako arduradunaren txostenean adierazitakoa. Idazki horren edukia ebazpen honen bigarren oinarri juridikoan garatzen da.

Hamaikagarrena.– 2021eko uztailaren 8an, Hezkuntza Sailaren kontratazio-zerbitzuak nahitaezko txosten juridikoa egin zuen. Txosten horretan adierazten denez, kontratista ez dator bat espedientea sustatu duen zerbitzuak eskatutako kontratu-suntsiarazpen motarekin (zerbitzu horrek kontratistaren ez-betetzeek eragindako suntsiarazpena zela adierazi zuen), eta, hortaz, SPKLren 191.3.a) artikuluan adierazitakoaren arabera, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak erabakia eman behar du aldez aurretik.

Hamabigarrena.– 2021eko urriaren 7an eman zuen erabakia, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak (aurrerantzean, «COJUA»). Erabaki horretan, COJUAk ez du onartzen Hezkuntza Sailak bidalitako kontsulta, uste baitu irizpena eskatzeko aurkeztutako espedientea ez dagoela sartuta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari buruzko azaroaren 24ko 9/2004 Legearen 3.1.i) artikuluan aurreikusitako kasuetan, Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 191.3) artikulua aintzat hartuta, alderdi kontratista ez baitago kontratua suntsiaraztearen aurka. COJUAk erabaki horretan dio halako kasuetan berak nahitaez esku hartu beharko duela kontratista kontratua suntsiaraztearen aurka dagoenean. COJUAk adierazten duenez, kasu zehatz honetan kontratistak berariaz onartzen du kontratua suntsiarazteko arrazoia, nahiz eta ados ez egon Hezkuntza Sailak atzerapenengatik ezarritako zigorrekin.

Hamahirugarrena.– Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 213.3 artikuluari jarraituz, eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorra onartzen duen urriaren 12ko 1098/2001 Errege Dekretuaren 109.1.b artikuluarekin bat etorriz, abal-emaileari «hamar egun naturaleko entzunaldia» eman zitzaion, aipatutako kontratua kontratistaren ez-betetzeengatik suntsiaraztearen aurkako alegazioak egiteko. Entzunaldi-izapidea 2021eko abenduaren 22an jakinarazi zen, abal-emaileak 2021eko abenduaren 27an jaso zuen, eta orduantxe hasi zen lehenago aipatutako 10 egun naturaleko epea zenbatzen.

Nolanahi ere, abal-emaileari entzunaldirako emandako epea amaitu ondoren, hau da, 2022ko urtarrilaren 7an, kontratazio-organoak ez zuen jaso abal-emailearen inolako alegaziorik.

Hamalaugarrena.– 2022ko urtarrilaren 14an, ebazpena eman zen, eta, hartara, amaiera eman zitzaion «Irungo (Gipuzkoa) Elatzeta HLHI-N irisgarritasun-obrak» egitea xede duen kontratazio-espedientea (CO/14/20 espedientea) suntsiarazteko prozedurari. Ildo horretan, honako erabaki hauek hartzen dira:

1.– Erabaki da «Irungo (Gipuzkoa) Elatzeta HLHI-N irisgarritasun-obrak» egitea xede duen kontratua (CO/14/20 espedientea) suntsiaraztea, Zelata SL enpresak ez baitu bete kontratua.

2.– Konfiskatu egingo da Zelata SL enpresak kontratu honen betebeharrak bermatzeko ezarritako 4.402,76 euroko behin betiko bermea (erregistro-zenbakia: D202000050).

3.– Dagozkion izapideak abiaraziko dira Zelata SL enpresari administrazio publiko honekin kontratatzea debekatzeko.

Hamabosgarrena.– 2022ko urriaren 21ean, Eusko Jaurlaritzaren Kontratazioaren Aholku Batzordeak Zelata SLri kontratatzeko debekua ezartzearen aldeko txostena egin du, Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen (aurrerantzean, «SPKL») 211.1. f) artikulua ez betetzeagatik.

Aurreko gertakari edo aurrekariei zuzenbideko oinarri hauek aplikatu behar zaizkie:

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuaren 8.1.d) artikuluak eskumenak ematen dizkit administrazio-kontratazioaren arloan; izan ere, artikulu horren arabera, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea da sailaren kontratazio-organoa, baldin eta lizitazioaren oinarrizko aurrekontua edo, halakorik ezean, balio zenbatetsia 1.000.000,00 eurokoa edo hortik gorakoa bada. Bestalde, SPKLren 73. artikuluan xedatutakoaren arabera, «kontratatzeko debekuak deklarazioa egiteko eskumena duen kontratazio-organoaren eremuari eragingo dio».

Bigarrena.– Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen (aurrerantzean, «SPKL») 211.1 f) artikuluak xedatzen du kontratua suntsiarazteko arrazoia dela:

f) Kontratuaren betebehar nagusia ez betetzea.

Halaber, kontratua suntsiarazteko kausa izango da funtsezko gainerako betebeharrak ez betetzea, baldin eta azken horiek halakotzat kalifikatu badira baldintza-agirietan edo kasuko deskripzio-agirian, honako bi baldintza hauek gertatzen direnean:

1.– 34. artikuluaren 1. apartatuak itunen askatasunerako ezartzen dituen mugak errespetatzea betebehar horiek.

2.– Zehaztasunez, argitasunez eta modu zalantzagabean aipatuta agertzea baldintza-agirietan edo deskripzio-agirian; klausula orokorrak ez dira onartuko.

Hirugarrena.– Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 71.2.d) artikuluak xedatutakoarekin bat, kontratuaren suntsiarazpenaren erruduntzat jotzea kontratatzea debekatzeko arrazoia da.

Laugarrena.– SPKLren 71., 72. eta 73. artikuluetan kontratatzeko debekuari buruz xedatutakoa.

Bosgarrena.– Bat etorriz Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorra onartzen duen urriaren 12ko 1098/2001 Errege Dekretuaren 19.1 artikuluarekin, kontratazio-organoei dagokie kontratatzeko debekua deklaratzeko prozedura hastea, debekua eragin duten gertaerak agerian jartzen badira kontratazio-espediente bat izapidetzean. Gainerako kasuetan, Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordeari edo autonomia-erkidegoetako organoei dagokie prozedura hastea.

Ildo horretan, Kontratazioaren Aholku Batzordeak 2022ko urriaren 21ean emandako txostenarekin bat etorriz:

«IV. Ondorioak.

Kontuan hartuta 2022ko urriarren 5eko eskabidean adierazitakoa eta prozedura hau eragin duen kontratazio-espedienteari buruz erantsitako dokumentazioan azaldutakoa, aipatutako enpresari kontratatzeko debekua ezartzeko proposamenaren aldeko txostena egiten da. Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzak egin behar du debeku-deklarazioa.

Debekuaren eremua Hezkuntza Sailak egiten dituen kontratuena izango da, eta gehienez hiru urte iraungo du, Euskal Autonomia Erkidegoko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistro Ofizialean inskribatzen denetik hasita. Iraunaldi hori bukatzen denetik hiru hilabete igaro ondoren iraungiko da. Ofizioz ezeztatuko da.»

Ebazpen honetan aipatutako aurrekariak eta arauak eta horiekin bat datozen eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenak ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

1.– Zelata SL lizitatzaileari kontratatzeko debekua ezartzea, 3 urtez, debekua lizitatzaileen erregistro ofizialean inskribatzen denetik hasita.

Kontratatzeko debekuak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzaren eremuari eragingo dio.

2.– Ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistro Ofizialean argitaratuko da.

3.– Ebazpen honen berri emango zaie prozedurako interesdun guztiei, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

4.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. artikuluarekin bat etorriz, ebazpen honen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio ebazpena eman duen organoari, hilabeteko (1) epean, edo Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. eta 46. artikuluetan ezarritakoaren arabera, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan aurkaratu ahal izango da zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean, ebazpena jakinarazi eta bi (2) hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 2a.

Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea,

PATXI XABIER AIZPURUA TELLERIA.


Azterketa dokumentala