Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

224. zk., 2022ko azaroaren 23a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5058

95/2022 EBAZPENA, azaroaren 15ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita EAEko Administrazio Orokorraren, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko hitzarmena, Bilboko Metropoli Trenbidearen 5. linea (Etxebarri Linea - Busturialdea eta Durangaldea trenbide-sarea lotura) finantzatu eta eraikitzekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta behar bezalako publizitatea emateko asmoz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea EAEko Administrazio Orokorraren, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko hitzarmena, Bilboko Metropoli Trenbidearen 5. linea (Etxebarri Linea - Busturialdea eta Durangaldea trenbide-sarea lotura) finantzatu eta eraikitzekoa. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 15a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN AZAROAREN 15EKO 95/2022 EBAZPENARENA
EAEKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN, RED FERROVIARIA VASCA-EUSKAL TRENBIDE SAREAREN ETA BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREN ARTEKO HITZARMENA, BILBOKO METROPOLI TRENBIDEAREN 5. LINEA (ETXEBARRI LINEA - BUSTURIALDEA ETA DURANGALDEA TRENBIDE-SAREA LOTURA) FINANTZATU ETA ERAIKITZEKOA.

Bilbao, 2022ko urriaren 21a.

HONAKO HAUEK BILDU DIRA:

Alde batetik: Pedro María Azpiazu Uriarte jauna eta Iñaki Arriola López jauna.

Eta, bestetik, Unai Rementeria Maiz jauna

PARTAIDEAK:

Lehenengoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Ekonomia eta Ogasuneko sailburu gisa, kargu horretarako izendatu baitzen Ekonomia eta Ogasuneko sailburua izendatzeko Lehendakariaren irailaren 7ko 24/2020 Dekretuaren bidez.

Bigarrena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu eta Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea (aurrerantzean, ETS) entitate publikoaren presidente gisa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua izendatzeko irailaren 7ko lehendakariaren eta 26/2020 Dekretuaren eta maiatzaren 21eko 6/2004 Legeak 11. artikuluan xedatuaren arabera, Administrazio Kontseiluak 2022ko uztailaren 8ko bilkuran hartutako erabakiak horretarako baimenduta.

Hirugarrena, Bizkaiko ahaldun nagusi moduan, Bizkaiko Lurralde Historikoko Foru Erakundeen aukeraketari, antolakuntzari, araubideari eta funtzionamenduari buruzko otsailaren 13ko 3/1987 Foru Arauaren 23.1 eta 23.2 artikuluek emandako eskumenetan oinarrituta.

Aldeek parte hartzen duten kontzeptuan aritzeko behar den lege gaitasuna aitortzen diote elkarri eta,

ADIERAZTEN DUTE:

I.– EAEko Administrazio Orokorrak eskumen esklusiboa du autonomia-erkidegoaren intereseko obra publikoetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurren barneko trenbideetan eta garraioetan, Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera ekonomikoa sustatu, garatu eta plangintza egiteko eskumenez gainera, eta eskumena du, halaber lurraldearen antolamendu eta hirigintzaren gainean, hala xedatzen baitute 3/1979 Lege Organikoak, abenduaren 18koak, onetsitako Autonomia Estatutuaren 10. artikuluaren 25., 31., 32. eta 33. apartatuek.

II.– BFAk Bizkaiko garraioaren antolaketa administratiboa eta plangintza antolatu, sustatu eta garatzeko ahalmenak ditu, Autonomia Erkidego erakunde orokorren berezko eskumenei kalterik egin gabe, azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 10. artikuluan eta martxoaren 5eko 56/1985 Dekretuan xedatutakoaren arabera (Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute-Erakundeen arteko harremanei buruzko Legea eta Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen zerbitzuak Bizkaiko Lurralde Historikoari eskualdatzeari buruzko Dekretua).

Era berean, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 36.1.d) artikuluak xedatzen duenez, foru-aldundien berezko eskumena da probintziako lurraldean garapen ekonomiko eta soziala sustatzen eta plangintza egiten laguntzea, gainerako administrazio publikoek arlo horretan dituzten eskumenen arabera.

III.– ETS zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 15. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eta maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen bidez eratu zen. Haren helburua, besteak beste, honako hau da: EAEko Administrazio Orokorrean trenbideen arloko eskumena duen sailarekin lankidetzan aritzea, trenbide-garraioko azpiegituren plangintzan eta programazioan, bereziki azterlan eta proiektuen idazketan eta, halaber, Jaurlaritzak agintzen dizkion azpiegitura berrien eraikuntzan, kontserbazioan, kudeaketan eta administrazioan. Azpiegitura horiek Jaurlaritzaren ondarearen parte izango dira, 5.1, 5.2, 6.1.a), 6.1.b), 6.1.c) eta 15.1.a) artikuluetan adierazitakoaren arabera.

IV.– EAEko Administrazio Orokorrak eta BFAk lehentasunezkotzat jotzen dute Etxebarriren eta Busturialdea eta Durangaldea trenbide-sarearen (aurrerantzean BDTSL) loturaren arteko Bilboko metroaren 5. linea eraikitzea eta zerbitzuan jartzea, bai eta Bilboko metropoli-trenbidearen sisteman integratzea ere.

V.– Aurreko puntuetan aipatutako eskumenen arabera, EAEko Administrazio Orokorrak, BFAk eta ETSk komenigarritzat jotzen dute hitzarmen bat sinatzea Etxebarriren eta BDTSLren arteko Bilboko metroaren 5. linea eraikitzeko eta finantzatzeko, bai eta Bilboko metropoli-trenbidearen sisteman integratzeko ere.

Horri dagokionez, EAEko Administrazio Orokorrak eta Bizkaiko Foru Aldundiak azpiegitura berriaren eraikuntza eta obretarako eta dagoen sisteman txertatzeko beharrezkoak diren zerbitzuak finantzatzea erabaki dute.

Bilboko metroaren 5. Linea, zeina Eusko Trenbideak - Ferrocarriles Vascos SA sozietate publikoak egingo baitu, ustiatzeko behar den material ibiltaria hitzarmen honen edukitik kanpo geratzen da.

Horrenbestez, parte hartzen duten administrazioek hitzarmen hau taxutu dute, honako klausula hauetan oinarrituta:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren Xedea.

Hitzarmen honen xedea da Bilboko metropoli-trenbidearen 5. linea (Etxebarri–BDTSL linea) nola finantzatu eta eraikiko den eta linea hori lehendik dagoen sisteman (Bilboko Metroa eta Euskal Trenbide Sarea) nola integratuko den arautzea.

Bigarrena.– Azterlanen idazketa, 5. linearen eraikuntza, eta obren zuzendaritza eta ikuskapena.

ETS erakunde publikoari dagokio eraiki beharreko trenbide-azpiegituren azterlan eta proiektuak idaztea (erakundeak berak edo hirugarren baten bidez), proiektu teknikoak barne (bideragarritasun ekonomikokoa eta ingurumen-ebaluazioa barne), bai eta 5. linea eraikitzea eta horiek zuzendu eta ikuskatzea ere.

EAEko Administrazio Orokorreko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak azpiegitura hori egiteko behar diren eraikuntza-proiektuak onartuko ditu, eta 5. linea berria (Etxebarri-BDTSL linea) Bilboko Hiri Trenbidearen sisteman eta Euskal Trenbide Sarean txertatuko du.

Obren lizitazioa egin aurretik, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren txostena eskatu beharko da, Bilboko Hiri Trenbidearen 1. eta 2. lineekin elkarreragiten duten tarteei buruzkoa.

Era berean, ETS arduratuko da EAEko Administrazio Orokorreko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak horretarako onartzen dituen proiektuetako obrak kontratatu, zuzendu eta ikuskatzeaz.

Hirugarrena.– Inbertsioek, orubeak eskuratzeak eta desjabetzeek eragindako gastuak. Hornidura-gastuak.

ETS erakunde publikoaren betebeharra izango da trenbide-linea horretan egin beharreko inbertsio errealaren gastua bere gain hartzea, hitzarmen honetako laugarren klausulan ezarriko denari jarraituz ematen zaizkion funtsetatik, eta hor sartzen dira inbertsioaren proiekzioa eta obrak, orubeak eskuratzearen kostua eta egin beharreko desjabetzeena barne. Desjabetze horiek eskumena duen Administrazioko organoak izapidetuko ditu, EAEko Administrazio Orokorreko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren bitartez.

Laugarrena.– Finantzaketa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren bidez, hitz ematen dute ETSri beharrezkoak diren funtsak emango dizkiotela Etxebarri-BDTSL 5. linea eraikitzeko lanak eta horiek gauzatzeko behar diren zerbitzu guztiak finantzatzeko, jarraian azaltzen den moduan eman ere.

Halaber, konpromisoa hartzen du ETSri beharrezkoak diren funtsak emateko, proiektu bakoitzari dagozkion desjabetze-espedienteen okupazioaren aurretiazko gordailutzeei, okupazio azkarragatiko kalte-ordainei, edo amaierako balio justu edo kalte-ordainei aurre egiteko.

EAEko Administrazio Orokorrak eta BFAk ETSri jarraian adierazten diren kopuruen % 50 ordaintzeko konpromisoa hartzen dute.

BFAri dagokion zenbatekoa honako identifikazio hau duten ekitaldi ekonomikoko aurrekontu-partidatik ordainduko da: 0603 Zentro Kudeatzailea, 442112 programa, 743.00 azpikontzeptua, 2022/0071 PEP, aurrerago zehazten denaren arabera.

EAEko Administrazio Orokorrari dagokion zenbatekoa ETSri kapitaleko dirulaguntza gisa ordainduko zaio, 08-5131-32-702-19/3763 partidaren kargura. Partida hori sartuta dago EAEko Administrazio Orokorraren aurrekontuan, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren mende organikoki eta Azpiegitura eta Trenbideko Garraioaren Kudeaketaren mende funtzionalki.

Hitzarmen honen ondorioz EAEko Administrazio Orokorrak eta BFAk ordaindu beharrekoak diren urte anitzetarako ordainketa-kredituak eta konpromiso-kredituak bakoitzak bere aurrekontuetan sartu ahal izan ditzan egindako aurreikuspenen arabera, honako urteroko hauek ezarri dira, kautelaz eta estimazio gisa, 2022-2029 urteetarako:

(Ikus .PDF)

Urteroko horiek I. eranskinean aurkeztutako Plan Ekonomikotik atera dira, eta bertan ezartzen da 5. linearen finantzaketaren zenbateko osoa, hasieran aurreikusi eta/edo zenbatetsia, 360.000.000,00 eurokoa izango dela. Zenbateko horiek urtero berrikusiko dira, kontratuen Baldintza Partikularren Agirietan ezartzen diren Prezioak Berrikusteko Indizeen arabera, bai eta honako hauen arabera ere: hitzarmen hau sinatzen den egunean idatzi gabe dauden eraikuntza-proiektuen onespena, hitzarmen honen zortzigarren klausulan zehazten diren ondorioetarako gertatzen diren kontratu-gorabeherak eta hitzarmenaren aurrekontuan eragina duen beste edozein gorabehera.

Prezioak berrikusteko indizeak aplikatzearen eta eraikuntza-proiektuak onartzearen ondorioz, administrazio-izapideak egin beharko dira administrazio bakoitzak aurrekontua gaitu dezan, eta horretarako beharrezkoa bada administrazio horrek hasieran aurreikusitako eta/edo kalkulatutako aurrekontua handitzea, hitzarmen honen testua aldatu beharko da, aurrekontuaren zenbateko berria eta finantza-plangintzaren eguneratzea kontuan hartzeko soilik, eta eutsiko zaio administrazio sinatzaile bakoitzak % 50 ordaintzeko konpromisoari.

BFAk, azken likidazioaren konturako aurrerakin gisa (bederatzigarren klausula), hasieran aurreikusitako eta/edo zenbatetsitako 5. linearen finantzaketaren zenbateko osoaren % 50 ordainduko dio ETSri, jarraian zehazten diren ordainketekin. Ordainketak urteroko hauetan egingo dira:

(Ikus .PDF)

ETSk egindako ordainketen egiaztagiriak (ziurtagiriak, fakturak, etab.) bidali beharko dizkie BFAko Garraio eta Mugikortasun Sailari, jakinaren gainean egon daitezen, bai eta Jarraipen Batzorde Instituzionaleko kideei ere, batzordean bertan ezartzen den aldizkakotasunarekin.

Azaldutako hori eta hitzarmen honetako jarduketen % 50 funts propioen kargura finantzatzeko konpromisoa alde batera utzi gabe, EAEko Administrazio Orokorraren eta BFAren interesa da Europako funtsetatik (Europar Batasunetik) edo Estatuko Administraziotik datozen baliabideen kargura finantzatzearen bideragarritasuna aztertzea eta, hala badagokio, aukera hori baliatzea, betiere baliabide horiek hitzarmen honen xede diren jarduketak berariaz finantzatzeko lortu badira. Zentzu horretan, baliabide horiek lortuz gero, horien zenbatekoa EAEko Administrazio Orokorraren eta BFAren ekarpenen zenbatekoaren hainbanaketa bidez murriztuko da, kopuru berdinetan.

Bosgarrena.– Hitzarmenaren aurrekontua.

Hitzarmenaren aurrekontua sortzen diren gorabeheren arabera eguneratuz joango da.

ETS erakunde publikoak honako hauek jakinaraziko dizkie EAEko Administrazio Orokorreko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko ordezkariei eta BFAko Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Saileko ordezkariei, Jarraipen Batzorde Instituzionalaren barruan: obra hori egiteko behar diren kontratazio-espedienteetan (zerbitzuak, obrak, hornidurak, etab.) prezioak berrikusteko indizeak aplikatzearen emaitza; hitzarmen hau sinatzen den egunean idatzi gabe dauden eraikuntza-proiektuen behin betiko zenbatekoak; hitzarmen honen laugarren eta zortzigarren klausuletan zehazten diren ondorioetarako gertatzen diren kontratu-gorabeherak; eta hitzarmenaren aurrekontuan eragina izan dezakeen beste edozein gorabehera.

Seigarrena.– Lizitazio berriei dagozkien datuak komunikatzea.

Egin beharreko lizitazio berrien kasuan, kontratuen esleipen berriak egin eta kontratuak sinatutakoan, ETSk adostutako ebazpenen kopia eta honako datu hauek igorriko dizkio BFAri:

– Kontratuaren izenburua eta xedea.

– Kontratua betetzeko epea.

– Esleipen-prezioa eta urterokoak.

– Esleipen eguna.

– Esleipenduna zein den.

– Erabilitako kontratazio-sistema (lizitazio-prozedura, hautatzeko modua eta kontratu-espedientearen izapide mota).

– Prezioen berrikuspena ordainduko den.

– Formalizatutako kontratuaren kopia bat.

– Izenpetutako aseguru-polizak zein diren.

Kontratuak gauzatzen hasi ondoren, kontratazio-organoak hartutako erabaki guztiak bidaliko ditu ETSk, baldin eta ondorioak badituzte kontratuaren prezioan (jaitsiz edo igoz) edo gauzatze-epean; horrez gain, egindako lanak, obrak eta/edo hornidurak hartzeko aktak ere bidaliko ditu, dagokionaren arabera.

Aurretik adierazitakoari kalterik egin gabe, hitzarmen hau sinatzen duten administrazioek hitzarmen honen kargura finantzatutako kontratuen espedienteetan jasotzen den edozein informazio eskuratu ahal izango dute, eta ETSk konpromisoa hartzen du informazio hori ahalik eta lasterren bidaltzeko, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 3. artikuluan xedatutakoaren arabera, horri lotzen baitzaizkio bi alderdiak.

Zazpigarrena.– Ziurtagiriak ordaintzea.

Kontratuek eragindako zenbatekoak ordainduko ditu ETSk, kontratazio publikoari buruzko legeriaren ondorioz ezarritako epeen barnean.

Zortzigarrena.– Kontratu- eta ekonomia-arloko gorabeherak.

8.1.– ETSk, kontratazio-organoa den aldetik, Administrazio sinatzaileei jakinaraziko dizkie bai Plan Ekonomikoan aurreikusitako lizitazioei bai esleitu ondorengo kontratuei eragiten dieten gorabeherak (aldaketak, obra osagarriak, gehiegizko likidazioak, etab.), baldin eta kontratazioen garapenean sortzen badira eta, goranzko edo beheranzko eragina badute horien zenbateko ekonomikoan, horien berri izan dezaten eta aurrekontuan onartu eta gaitu ditzaten, baldin eta Plan Ekonomikoan aurreikusitako gehieneko finantzaketa-kopurua gainditzen badute. Hori gertatuz gero, beharrezkoa izango da hitzarmen hau egokitzea.

Sortutako gorabeherak hasieran aurreikusitako eta/edo zenbatetsitako 5. lerroaren finantzaketaren zenbateko osoa (laugarren klausula) gainditzen duen gehikuntza bat eragiten badu, hitzarmen hau aldatu beharko da nahitaez, aurrekontuaren zenbateko berria eta finantza-plangintzaren eguneratzea jasotze aldera soilik, eta eutsiko zaio administrazio sinatzaile bakoitzak % 50 ordaintzeko konpromisoari. Horren ondorioz, EAEko Administrazio Orokorrak eta BFAk beharrezkoak diren izapideak egin beharko dituzte aldaketa onartzeko, bai eta behar den aurrekontua gaitzeko ere.

8.2.– ETSren eginkizuna izango da obrak zuzendu, ikuskatu eta zaintzea, berme-epea amaitu bitartean, eta organo eskudunen bitartez egingo ditu kontratazio-organoaren berezko eskumenak. Egiteko horien artean sartuko dira:

– Proiektuen plangintza eta kontrol globala; arreta berezia eskainiko zaio lizitazioaren aurretik horiek berrikusteari, gerta daitezkeen akats edo ez-egiteak antzemateko.

– Aurretik kontratutako proiektuen ikuskapena egitea; proiektuan zehar gertatutako kontratu-gorabeherentzako kontratatutako aseguru-polizak moldatu direla kontrolatzea, eta estaldurak mantendu eta berritzea, formalizatutako kontratuak indarrean dauden bitartean.

– Azterlan eta txosten gehigarriak idaztea.

– Eraikuntzaren kudeaketa: obra zibilen eta instalazioen zuzendaritza, aholkularitza espezializatuen identifikazioa eta zuzendaritza, obrengatiko afekzioen kudeaketa, trafikoan eta bestelako zerbitzuetan eragindako afekzioen kudeaketa eta obrek irauten duten bitartean sortzen diren gainontzeko gorabeherak.

– Beste erakundeekiko izapideak eta koordinazioa; herritarrentzako etengabeko arreta eta informazioa emateko zerbitzua, kalteak pairatu dituztenen erreklamazioak ebaztea eta akats ezkutuak eskatzea. Azken horiek hitzarmena sinatzen duten administrazioei helaraziko zaizkie, aurre egiteko hartutako neurriekin batera.

Era berean, ETSren ardura izango da instalatu behar diren elementuen ikuskapen-lanak egitea eta fabrikazio- eta elaborazio-prozesuen jakinaren gainean egotea, horien kalitatea kontrolatuz eta erabat bukatu arte egin beharreko lanak burutuz.

Bederatzigarrena.– Hitzarmenaren likidazioa.

Bilboko metropoli-trenbidearen 5. linea (Etxebarri-BDTSL linea) eraikitzeko obrak amaitu eta dagozkien jasotze-aktak sinatuta, amaierako obra-ziurtagiriak egin eta aplikatzekoak diren prezioen berrikusketarako formulen behin betiko indizeak jakin eta gero, hau da, horretarako beharrezkoak diren datuak ezagutu eta gero, sinatu duten administrazioek helburu horrekin gordetako funtsetik ordaindu beharreko benetako gastuen kalkulu justifikatua egingo du Jarraipen Batzorde Instituzionalak. Jarritako funtsak gehiegi edo gutxiegi badira, ETSk eta administrazio sinatzaileek dagokiena konpentsatu beharko diote elkarri.

Jarraipen Batzorde Instituzionalak hitzarmenari egotz dakizkiokeen kostu errealak kontrolatu ahal izateko, ETSk justifikazio-kontu bat aurkeztu beharko du, gutxienez honako hauek jasoko dituena:

– Egindako jardueren memoria bat.

– Gastuen eta sarreren egoera-orria, eta gastuen eta diru-sarreren egoera-orri horretako gastuen eta diru-sarreren kontzeptu bakoitzaren zerrenda sailkatua, gastuen egiaztagiriekin batera (fakturak, obra-ziurtagiriak, nominak...).

Obren berme-aldia igarota, bai eta obrak jaso zirenetik ere, obrak ETSren ondarean sartuko dira.

Hamargarrena.– Jarraipen Batzorde Instituzionala eta Batzorde Teknikoa.

Zortzigarren klausulan adierazitako jarduketen jarraipen, ikuskapen eta kontrol egokia bermatzeko, bai eta obren eta horniduren garapenaren jarraipen egokia egiteko ere aurrekontua gauzatzeari eta desadostasunak konpontzeari dagokienez, Jarraipen Batzorde Instituzional bat ezarriko da, eginkizun hauek izango dituena:

– Hitzarmenean adostutakoaren kudeaketa, jarraipena, zaintza eta kontrola egitea.

– Interpretazio- eta betetze-arazoak ebaztea.

– ETSk, kontratazio-organo gisa, Batzorde Teknikoari aurkeztutako hobekuntza- eta aldaketa-proposamenen txostenak kontuan hartzea.

– Hitzartutako jarduketen eta hitzarmenaren likidazioaren emaitzaren egiaztapen-akta egitea.

Jarraipen Batzorde Instituzionalaren osaera:

Ordezkatuta egongo dira EAEko Administrazio Orokorreko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila, bi kiderekin; BFA, bi kiderekin, eta ETS, kide batekin. ETSren ordezkariak egingo ditu idazkari-lanak; hitza izango du, baina botorik ez.

Batzordea behar bezala eratzeko, ezinbestekoa izango da lehendakaria, idazkaria eta lurralde administrazioaren ordezkari bat, lehendakaria ez dena, bertan izatea.

Akordioak hartzeko botoen gehiengoa beharko da, kasu hauek salbu: laugarren klausulan adierazitako finantzaketarako gehienezko zenbatekoa areagotzea ondorio duten kontratu-gorabeherak eta hitzarmena baliogabetu dezaketen desadostasunak; kasu horietan bertaratutakoek aho batez hartuko dituzte erabakiak.

Berdinketa gertatuz gero, Batzordeko Lehendakariaren kalitate-botoak erabakiko du.

Batzordeko Lehendakaria aldatu egingo da EAEko Administrazio Orokorraren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean Batzordea biltzen den bakoitzean, eta lehendakaria izango da hierarkia-maila altuena duena. Mailan berdintasuna baldin badago, antzinatasun handiena duena izango da. Batzordearen lehen bileran EAEko Administrazio Orokorraren ordezkaria izango da batzordeburua.

BFAren ordezkariak Bizkaiko ahaldun nagusiak izendatuko ditu.

Batzorde horretan, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak izendatuko ditu EAEko Administrazio Orokorraren ordezkariak.

Jarraipen Batzorde Instituzional hori hitzarmena sinatu duen edozein aldek eskatuta bilduko da, eta, edonola ere, urtean birritan gutxienez.

Batzorde horretan, esku hartzen duten aldeetako teknikariak sartu ahal izango dira unean-unean, bai eta, hala badagokio, hitzarmen honen helburuak betetzeko komenigarritzat jotzen den beste erakunde edo entitate batzuen ordezkariak ere; hori guztia, eraketa-araubidea eta aurretik azaldutako entzunaldi- eta boto-eskubideak aldatu gabe.

Jarraipen Batzorde Instituzionalaren bileretan, ETSk ordura arte egindako lanen egoeraren berri emango du. Era berean, ETSk 5. linearen plan ekonomikoaren egoeraren berri emango du.

Jarraipen Batzorde Instituzionalak Batzorde Tekniko bat izendatuko du. Batzorde hori EAEko Administrazio Orokorrak izendatutako bi ordezkarik, BFAk izendatutako bi ordezkarik eta ETSk izendatutako ordezkari batek osatuko dute. Azken hori izango da batzordeburua eta idazkaria, eta hitza izango du, baina botorik ez. Batzorde Teknikoa arduratuko da lanketa-fasean dauden proiektuen alderdi teknikoen jarraipena eta kontrola egiteaz (baita egin daitezkeen aldaketena ere), eta ETSk kontratazio-organo gisa aurkeztutako proposamenen berri emango du; eraikitze-fasean dauden obren jarraipenaz eta kontrolaz ere arduratuko da, onartzen den eraikuntza-proiektura (eta egiten diren aldaketetara) egokitzen direla bermatzeko. Edozein alderdik proposatuta bilduko da Batzorde Teknikoa, eta, behar bezala eratzeko, idazkari-lehendakariaz gain, gainerako bi administrazio publikoetako ordezkari banak egon beharko du gutxienez.

Klausula horretan aurreikusi ez den beste kontuetarako, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak kide anitzeko organoentzat xedatutakoa aplikatuko da.

Jarraipen Batzorde Instituzionala eta Batzorde Teknikoa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan araututako kide anitzeko organoen araubidearen arabera arautuko dira.

Hamaikagarrena.– Lanen amaiera eta lanak Euskadiko Ondarean txertatzea.

Hitzarmen honen babespean egindako kontratuen ondorioz bideratutako proiektuetan jasotako lanak amaitutakoan, eraikitako azpiegiturak ETSren ondarearen zati izatera igaroko dira, 6/2004 Legearen 15.1.a artikuluan eta Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginaren Zazpigarren Xedapen Gehigarrian (testu hori azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen) ezarritakoa betetzeko.

Azpiegitura hori adostutako xederako baino ez da izango, eta ezingo da inolako lagapen bidez utzi, erakundeen ondorengotza salbu, ETS desagertuz gero.

Halaber, ezingo da desafektatu, eta zertarako sortu den hartarako erabili beharko da, ez beste ezertarako.

Debeku horiek betetzen ez badira, BFAk finantzaketarako emandakoa itzultzeko eskubidea izango du, aplikatu beharreko araudiak xedatutakoaren arabera.

Hamabigarrena.– Lizitaziorako baldintzak eta prozedurak.

ETSren eta azpiegiturak eraikitzeko esleipena lortzen duten enpresen artean sinatzen diren kontratuen baldintza partikularren agirietan, hitzarmen honen barruko erabakiak jaso beharko dira, baldin eta kontratu bidezko harreman horiei eragiten badiete, eta informazioa emango da EAEko Administrazio Orokorraren eta BFAren baterako finantzaketari buruz.

Halaber, ETSk egin beharreko lizitazioetan:

– Lehentasuna emango zaie, ahal dela, kontratuaren xedearen ezaugarriekin zerikusia duten esleipen-irizpideei, baldin eta baldintza-agirietan ezarritako formulen aplikazio hutsarekin lortutako zifra edo ehunekoen bidez balora badaitezke. Hori posible ez bada, baldintzetan jasotakoa galarazi gabe, liziatazioaren aurretik justifikatu beharko da, eta erakundeen jarraipen-batzordean azalduko dira horren arrazoiak.

– Lizitazioak eta kontratuen formalizazioak kontratazio publikoari buruzko legeriak ezarritako moduan argitaratuko dira.

– Hitzarmen honen bidez finantzatutako obren karteletan adieraziko da EAEko Administrazio Orokorreko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta BFAk batera finantzatzen dituztela.

– Obrak egingo diren guneetan, arreta berezia eskainiko zaio aseguru-polizekin lotutako alderdi guztietan lizitatu beharreko obra-kontratuetako baldintzei (eraikitakoaren balioa eta hirugarrenei kalteak aseguratzeko). Horrez gain, kontratuak iraun bitartean adierazitako zenbatekoen estaldura mantentzeko beharrari eta obren zenbatekoa eta iraupena doitzeko beharrari ere erreparatuko zaio.

Hamahirugarrena.– Lurzoruak desjabetzea eta aurretiko gordailuak, okupazio azkarragatiko kalte-ordainak eta amaierako balio justu edo kalte-ordainak ordaintzea.

13.1.– EAEko Administrazio Orokorrak, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren bitartez, Bilboko Hiri Trenbidearen 5. linea egiteko behar diren ondasun eta eskubideak desjabetuko ditu, eta berari dagokio espedienteak izapidetzea, erregistroko inskripzioa EAEko Administrazio Orokorraren izenean egitea barne, eta desjabetzeen eta aldi baterako okupazioen onuraduna ETS izango da.

ETSk lankidetza estuan jardungo du EAEko Administrazio Orokorreko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailarekin, desjabetzeen kudeaketan lagunduz.

13.2.– Proiektu bakoitzari dagozkion desjabetze-espedienteei ekin baino lehen, ETSk ziurtagiriak bidaliko dizkio EAEko Administrazio Orokorreko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari, bere aurrekontuetan finantzaketari buruzko atalean ezarritakoaren arabera horretarako bideratu zaizkion funtsetan behar beste diru badela eta horretarako izendatuta daudela egiaztatzen dutenak.

Okupatu aurreko gordailuak eta azkar okupatzeagatiko kalte-ordainak zehaztu, desjabetze-hitzarmenak sinatu, eta (beharrezko izanez gero, Nahitaezko Desjabetzeen Lurralde Epaitegiak) balio justuaren eta azken kalte-ordainak finkatu ahala, EAEko Administrazio Orokorreko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak egiten dituen ordainketa guztien frogagirien kopiak igorriko dizkio ETSri.

13.3.– EAEko Administrazio Orokorreko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren ardura izango da behar den dirua sartzea ondasunak okupatu aurretik egin beharreko gordailuetarako, azkar okupatzeagatiko kalte-ordainak ordaintzeko, balio-justuetarako edo azken kalte-ordainetarako, ETSk horretarako hornitzen dizkion funtsen kontura, bigarren eta laugarren klausuletan xedatutakoarekin bat.

13.4.– ETSk eta BFAk, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren bitartez, exekuzioaren jarraipen estua eta zehatza egin ahal izan dezaten, EAEko Administrazio Orokorreko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak desjabetze-espedienteen ondoriozko balio justuen eta kalte-ordainen ordainketa-akten kopiak jarriko ditu haien esku, formalizatzen diren heinean, eta egiten diren erregistro-inskripzioen jakinarazpenen kopia bidaliko die. ETSk eta BFAk espedienteetan jasotako beste dokumentazio osagarri bat eskatu ahal izango dute.

Hamalaugarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

14.1.– Hitzarmen honek sinatzen denetik izango ditu ondorioak, eta 2029ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean, alderdietako batek berariaz salatzen ez badu, 2021erako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legearen 138. xedapen gehigarrian adierazitakoa aplikatuz. Hala ere, barne hartzen dituen jarduketak egiteko aldi luzeagoa behar bada, alderdiek konpromisoa hartzen dute beharrezkoa izango den luzapena izapidetzeko, haren indarraldia amaitu baino lehen behar besteko aurrerapenez, aipatu legean aurreikusten den moduan, eta hartarako jarraituz berau baimentzeko erabili den prozedura berbera.

14.2.– Hitzarmena garaiz aurretik amaitu ahal izango da, EAEko Administrazio Orokorrak, BFAk edo ETSk amaiera iragartzen badute, aparteko inguruabarrak gertatzen badira, alderen batek betetzen ez badu edo aldeek hala erabakitzen badute. Horrelakorik gertatuz gero, hitzarmena sinatu duten organoek amaitu gabeko kontratazio- eta desjabetze-espedienteen gainean zer egin erabakiko dute.

Aldeetako batek bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak betetzen ez baditu, besteak/besteek eskubidea izango du/dute zorrotz bete dadin edo hitzarmena hautsi dadin eskatzeko.

Kasu horretan, hitzarmena bete duen edozein alderdik bete ez duen beste bati errekerimendu bat jakinarazi ahal izango dio, ez betetzat jotzen diren betebeharrak edo konpromisoak epe jakin batean bete ditzan (arrazoizkoa izan beharko du). Errekerimendu hori hamargarren klausulan aipatutako Jarraipen Batzorde Instituzionalari ere jakinaraziko zaio, hitzarmenaren betearazpenaren jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko arduraduna den aldetik.

Errekerimenduan azaldutako arrazoizko epea igaro eta ez betetzeak irauten badu, errekerimendua igorri zuen alderdiak gainerako alderdi sinatzaileei jakinaraziko die badagoela hitzarmena suntsiarazteko arrazoia, eta hitzarmena suntsituta dagoela ulertuko da.

Hitzarmena norbaiten erruz ez betetzeagatik azkentzen bada, hitzarmena bete duen/duten aldeak/aldeek ez-betetzeak eragindako kalte-galerak eskatzeko eskubidea izango du/dute.

Hamabosgarrena.– Hitzarmena aldatzeko araubidea.

Inguruabarrengatik beharrezkoa bada, hitzarmen hau aldatzeari ekingo zaio, alderdi sinatzaileen aurretiazko adostasunarekin, eta dagokion aldaketa-dokumentua izapidetu eta sinatuko da horretarako.

Hamaseigarrena.– Administrazio arteko izaera eta jurisdikzioa.

Hitzarmen hau administrazioen artekoa da, administrazio publikoen arteko hitzarmenen araubidea aplikatuko zaio, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean edo aurrerantzean hura ordezten duen legerian aurreikusitakoaren mende egongo da.

Alderdiek adosten dute Hitzarmen honen interpretazioan eta/edo betetzean ager daitezkeen gorabeherak Jarraipen Batzorde Instituzionalean erabakiko direla.

Hitzarmen hau interpretatzean eta/edo betetzean sor daitezkeen auziak administrazioarekiko auzien jurisdikzioan ebatziko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan.

Eta adostasunaren froga gisa, alderdiek hitzarmen honen hiru ale sinatzen dituzte, goiburuan adierazten diren lekuan eta egunean.

EAEko Administrazio Orokorreko Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

EAEko Administrazio Orokorreko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

Bizkaiko ahaldun nagusia,

UNAI REMENTERÍA MAIZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala