Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

218. zk., 2022ko azaroaren 15a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4945

92/2022 EBAZPENA, azaroaren 8koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, asistentzia sanitarioaren arloan Kantabriako Gobernuarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena argitaratzea xedatzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmena hori, eta dagokion publikotasuna emateko asmoz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea asistentzia sanitarioaren arloan Kantabriako Gobernuarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testua. Eranskin gisa dago jasota.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 8a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN AZAROAREN 8KO 92/2022 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKO JAURLARITZAREN ETA KANTABRIAKO GOBERNUAREN ARTEKOA, ASISTENTZIA SANITARIOAREN ARLOKOA
BILDU DIRA:

Alde batetik, Iñigo Urkullu Renteria jauna, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 37/1979 Lege Organikoaren 33. artikuluaren arabera.

Eta, bestetik, Miguel Ángel Revilla Roiz jauna, Kantabriako Autonomia Erkidegoko presidentea, ekainaren 28ko 409/2019 Errege Dekretuaren bidez izendatua, Kantabriako Gobernuaren izenean eta haren ordezkari gisa jardunez, eta Kantabriako Autonomia Erkidegoko Gobernuaren, Administrazioaren eta Sektore Publiko Instituzionalaren Araubide Juridikoaren azaroaren 22ko 5/2018 Legearen 10.b) artikuluan oinarrituta.

Beren karguak betez eta eman dizkieten ahalmenak baliatuta esku hartzen dute.

Hitzarmen hau izenpetzeko elkarri nahikoa gaitasun aitortuta, alderdiek honako hau

AZALTZEN DUTE:

Administrazio publikoek, beren harremanak garatzean, lankidetza printzipioari jarraitzen diote, eta beren jardueretan, berriz, eraginkortasuna bermatzeko eta herritarrei zerbitzua emateko irizpideei. Administrazio publikoek beste administrazioek eskumenak eraginkortasunez baliatzeko eska ditzaketen lankidetza eta laguntza aktiboak eman beharko dituzte, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak 3.1.k) artikuluan xedatutakoaren arabera.

1978ko abenduaren 27ko Konstituzioak, 43. artikuluan, osasuna babestu beharreko eskubidetzat aitortzen du, eta botere publikoei ematen die hura antolatzeko eta zaintzeko ardura.

Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak eta Osasun Sistema Nazionalaren kohesio eta kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legeak egungo osasun-sistema nazionalaren (OSN) zutabeak ezartzen dituzte. Lege horietan xedatutakoaren arabera, unibertsala, doakoa, bidezkoa eta ororentzako eskuragarria izan behar du osasun-sistemak, eta osasun-zerbitzuak ematerakoan, tratu-berdintasuna bermatuko duen osasun-politika finkatzen da, lurralde- eta gizarte-desoreken gainetik.

Kantabriako Autonomia Erkidegoko eta Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-zerbitzu publikoek bi erkidego horietako pazienteak artatzeko lankidetzan aritu izan dira historikoki beren osasun-zerbitzuetan, kasu batzuetan lankidetza-hitzarmen esplizituetan oinarrituta eta beste batzuetan isilbidez. Hala, aurrekari gisa, 2008ko uztailaren 29an, bi lankidetza-hitzarmen sinatu zituzten bi erkidegoek: bata, Kantabriako eta EAEko eremu mugakideetan arreta sanitarioa emateko, eta, bestea, bihotz- eta birika-transplanteari buruzkoa.

Eremu mugakideetan arreta sanitarioa emateko sinatu zen hitzarmen hori honako toki hauetara soilik mugatzen da: Valle de Villaverde (Kantabria), Lanestosa (EAE) eta Kantabriako Castro-Urdiales udalerriaren eta Bizkaiko El Hayaren artean dagoen Bizkaia-Kantabria autobia-zatia, (azken hori, emergentziak artatzeko soilik). Baina hitzarmen horretan ez zen jaso Osakidetzak historikoki Castro-Urdialesko eta beste udalerri mugakide batzuetako egoiliarrei ematen dien arreta espezializatua. Hitzarmen horretan, Osakidetzak Valle de Villaverde udalerriko egoiliarrei kanpo-kontsultetan eta ospitalizazioan ematen dien arreta espezializatua baino ez zen aipatu.

Hitzarmen horiek sinatu ondoren, eta 2010ean Castro-Urdialesen Laredoko ospitaleko espezialitate-zentroa ireki zenez, 2011n, bi erkidegoen arteko idatzizko hitzarmenik gabe, erabaki zen Osakidetzak Kantabriako udalerri mugakideei ematen zien arreta espezializatua murriztea; hala, Osakidetzak dermatologiako zerbitzuak emango zituen eta, jada hasitako prozesu asistentzialetan zeuden pazienteen kasuan, gainerako espezialitateen errebisio-kontsultak egingo zituen. Gaur egun, Castro-Urdialesko egoiliarren arreta espezializatua Kantabriako Autonomia Erkidegoko zentro propioetan ematen da, eta dermatologia-espezialitatea udalerri horretako espezialitate-zentroan sartuta dago.

Euskal Autonomia Erkidegoak ez du bihotzeko eta biriketako transplanteak egiteko zentrorik, eta beraz ezin die erkidego horretako gaixoei modalitate terapeutiko hori eskaini; hori dela eta, nahitaezkoa du beste autonomia-erkidego batzuekin lankidetzan aritzea. Kasu honetan, Marqués de Valdecilla Unibertsitate Ospitalea Osasun Sistema Nazionaleko Erreferentziako (CSUR) zerrendan dago. Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasuneko ministroaren agindu bidez, zentro, zerbitzu eta unitate horiek erreferentziako izendatu ziren «helduen biriketako transplantea» egiteko, Lurraldearteko Kontseiluak hala erabaki ondoren 2009ko ekainaren 25eko Aginduaren bidez.

Urriaren 31ko SSI/2065/2014 Aginduak aldatu egin zituen Osasun Sistema Nazionaleko zerbitzu-eskaintza erkidea eta hura eguneratzeko prozedura ezartzen dituen irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuaren I., II. eta III. eranskinak. Hala, Errege Dekretu horren I. eranskinean gehitu egin ziren jaioberrien gaixotasun endokrino-metabolikoen baheketarako programan sartzen ziren gaixotasunak. Gaur egun, honako hauek dira:

– Sortzetiko hipotiroidismoa.

– Fenilzetonuria.

– Fibrosi kistikoa.

– Kate ertaineko azetil-koentzima A-deshidrogenasaren eskasia (MCADD).

– Kate luzeko 3-hidroxi-azil-koentzima A-deshidrogenasaren eskasia (LCHADD).

– Motako azidemia glutarikoa (GA-I).

– Anemia faltziformea.

– Astigar-jarabe usaineko gernuaren gaixotasuna.

– Homozistinuria.

Populazioaren baheketa-programa hori zabaltzearen ondorioz, azterketa gehiago egin behar dira, eta Kantabriako Autonomia Erkidegoak ez du azterketa horiek guztiak egiteko moduko laborategirik; beraz, Kantabriarentzat aukera bideragarria eta kostu-eraginkorra da aztertu beharreko laginak Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoko Laborategi Arauemailera bidaltzea; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko baheketa-programak 2014ko otsailetik egiten du programaren zabaltze horretan sartzen diren bederatzi gaixotasunen baheketa.

2015ean, bi autonomia-erkidegoek erabaki zuten Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoko Laborategi Arauemaileak aztertuko zituela Kantabriako jaioberrien baheketa-programaren kudeaketa-unitatetik eratorritako laginak, populazioaren baheketa-programari jarraikiz; aztertutako lagin bakoitzaren konpentsazio ekonomikoa 12,40 euroan ezarri zen. Sistema hori 2016ko martxoan jarri zen martxan.

Transexualentzako arreta gaur egun Osasun Sistema Nazionalaren Zerbitzu Komunen Zorroan sartzen den prestazioa da. Azaroaren 10eko 1302/2006 Errege Dekretuan, Osasun Sistema Nazionaleko Erreferentziako Zentro, Zerbitzu eta Unitateak (CSUR) izendatzeko eta egiaztatzeko prozeduraren oinarriak ezarri ziren eta, 2007ko abenduan, Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluak onartu zituen zentroek bete behar zituzten irizpideak pertsona transexualei arreta emateko CSUR gisa egiaztatuak izan daitezen. Hala eta guztiz, oraindik ez da izendatu Osasun Sistema Nazionaleko erreferentziako zentrorik prestazio hori eskaintzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak, 2009. urteaz geroztik, «genero-identitatearen erreferentzia-unitate» bat du, diziplina anitzekoa, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean, transexualen behar sanitarioak asetzeko. Unitate horrek behar diren ezagutza eta esperientzia teknikoak ditu, eta erabiltzaileentzako berme eta segurtasun egokiak.

Kantabriako Osasun Zerbitzuak arreta sanitario osoa ematen die pertsona transexualei bere zentro propioetan, genitalen berreraikuntzarako kirurgia konplexua izan ezik; hori izaten da, oro har, pertsona transexual batzuen tratamenduaren azken maila.

Orain arte metatutako informazioari eta esperientziari esker, are zehaztasun handiagoz finkatu dezakegu orain autonomia-erkidego bateko zein arreta-premia artatu daitekeen beste autonomia-erkidegoan, eta zein neurritan.

Beraz, aurrekari horiek ikusita, orain arte eman den asistentziaren irismena, behar berrien zehaztapena, eta lankidetzarako eta konpentsaziorako mekanismoak jasoko dituen berariazko akordio bat egiteko borondatea adierazi nahi dute bi aldeek, osasun-arloan sortzen diren arazoei modu koordinatu batean heldu ahal izateko; horretarako, asistentzia sanitarioaren arloan lankidetza-hitzarmen berri bat izenpetu nahi dute, autonomia-erkidegoen artean indarrean dauden bi hitzarmenak ere barnean hartuko dituena.

Hitzarmen horrek iraun dezan, egoki kudeatu eta eguneratu beharra dago, hura izenpetu duten alderdien beharren eboluzioa kontuan izanik.

Horiek guztiak kontuan izanik, hitzarmen hau izenpetzen dute bi alderdiek, honako hauek oinarri harturik:

ESTIPULAZIOAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hitzarmen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Kantabriako Autonomia Erkidegoaren arteko lankidetza, beren osasun-zerbitzuen bitartez –Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua eta Kantabriako Osasun Zerbitzua, hurrenez hurren– gauzatzen dena, beste erkidegoan bizi direnei asistentzia sanitarioa eskaintzeko, dela eskualde mugakideetan bizi direlako, dela aldi baterako lekualdatu direlako, dela jatorrizko erkidegoan ez dituztelako beharrezko diren asistentzia-teknikak edo -jarduerak.

Lankidetza horrek asistentzia esparru hauei eragiten die: lehen mailako arreta, arreta espezializatua, larrialdiak, garraio sanitarioa eta emergentzien arreta. Horrez gain, historia kliniko elektronikoari ere eragiten dio.

Hitzarmen honen xedea da, halaber, bi autonomia-erkidegoek osasun publikoaren eta ezagutzaren kudeaketaren arloan elkarri eman diezaioketen laguntza.

Era berean, hitzarmen honen xedea da, alde batetik, baldintzak ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoko pazienteek aukera izan dezaten Kantabriako Osasun Zerbitzuko bihotz- eta birika-transplanteen programan sartzeko, eta bestetik, baldintzak ezartzea Kantabriako Autonomia Erkidegotik datozen transexual egokietsiek aukera izan dezaten Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko berreraikitze genitalerako kirurgia-programan sartzeko.

Bigarrena.– Eremu mugakideetako pazienteei asistentzia sanitarioa ematea.

a) Lehen mailako arretaren arloan.

1.– Valle de Villaverde udalerrian adin pediatrikoan dauden biztanleei Zallako eta Balmasedako osasun-zentroetako pediatria-zerbitzuek emango diete arreta (zentro horiek Osakidetzarenak dira).

2.– Lehen mailako arretan larrialdiak artatzeari dagokionez:

– Valle de Villaverde udalerrian bizi diren pertsonak Balmasedako (EAE) EAGn (etengabeko arretako gunea) artatuko dira; han emango zaie arreta medikoa eta erizaintza-arreta.

– Lanestosako udalerrian bizi direnei Ramales de la Victoriako (Kantabria) lehen mailako arretako larrialdi-zerbitzuak emango die arreta; han emango zaie arreta medikoa eta erizaintza-arreta.

b) Arreta espezializatuaren arloan.

1.– Arreta espezializatuari dagokionez, bai kanpoko kontsultetan, bai ospitalizazioan, Valle de Villaverde udalerriko egoiliarrek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren asistentzia-baliabideak erabiliko dituzte (baliabide anbulatorioak zein ospitalekoak). Ospitaleratzeak Kantabriako Osasun Zerbitzuari jakinaraziko zaizkio, zerbitzu horrek dagokion asistentzia-agindua eman dezan Osasun Sistema Nazional osorako balio duen SIFCO informazio-sisteman.

2.– Castro-Urdialesko udalerriaren eta inguruko beste udalerri batzuen kasuan, eta gaur egun Castro-Urdialesko egoiliarren arreta espezializatua Kantabriako Autonomia Erkidegoko zentro propioetan ematen denez, Osakidetzako anbulatorioetan eta ospitaleetako kanpo-kontsultetan jasotako arreta espezializatua OSN osorako aurreikusitakora mugatuko da. Kohesio Sanitariorako Funtsa konpentsatzeko, kasuan kasuko Kantabriako Osasun Zerbitzuak, aldez aurretik, asistentzia-agindua eman beharko du SIFCO informazio-sisteman. Osakidetzako zerbitzu sanitario espezializatuek Castro-Urdialesko egoiliarrei eta inguruko beste batzuei SIFCO bidezko asistentzia-agindurik gabe emandako asistentzien kasuan, Osakidetzak asistentzia hori ematen jarraitzeko, Kantabriako Osasun Zerbitzuari eskatuko zaio egoera SIFCO bidez erregulariza dezan.

Paziente horiek eragindako prozedura anbulatorioak eta ospitaleratzeak, aurreko puntuan bezala, SIFCO informazio-sistemaren bidez erregularizatuko dira.

c) Larrialdi eta emergentzia sanitarioen arloan.

Bi autonomia-erkidegoetako larrialdi sanitarioetako baliabideak koordinatzeko mekanismoak egoera mota hauetan baliatzen dira:

– Banakako larrialdia edo kaltetu kopuru txiki batena, bizi-arriskurik gabea.

– Bizi-arriskuko emergentzia.

– Biktima anitzeko istripua (BAI, BAG).

– Hondamendi sanitarioa.

Kantabriako Castro-Urdiales udalerriaren eta Bizkaiko El Haya udalerriaren arteko Bizkaia-Kantabria autobideko zatian sortzen diren emergentzia sanitarioko premiei erantzuteko, I. eranskinean jasotako koordinazio-protokoloari jarraituko zaio.

d) Historia kliniko elektronikora sartzea.

Pazienteen asistentzia-jarraitutasuna bermatzeko:

– Valle de Villaverdeko kontsultategiko asistentzia-baliabideetatik eta Ramales de la Victoriako lehen mailako arretako larrialdi-zerbitzutik (Kantabriako Osasun Zerbitzukoak biak) Osakidetzako historia klinikoen informazio-sistemara (Osabide) sartzea ahalbidetuko da.

– Valle de Villaverden bizi diren pazienteak aldizka artatzen dituzten Osakidetzako asistentzia-baliabideetatik Kantabriako Osasun Zerbitzuko historia klinikoaren bisorera sartzea ahalbidetuko da.

Bi erkidegoetako pazienteei asistentzia-jarraitutasuna emateko historia klinikoen informazio-sistemara sartzea ahalbidetzen duen lege-oinarria Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 9.2.h) eta i) artikuluak dira, kategoria berezietako datu pertsonaletara sartzea arautzen baitute; hala, sarbide horrek helburu hauek ditu: «diagnostiko medikoa egitea, asistentzia edo tratamendu sanitarioa edo soziala ematea, edo asistentzia sanitarioko sistemak eta zerbitzuak kudeatzea».

Ondorio horietarako, dagokion tratamendu-enkarguaren kontratua sinatuko da, historia klinikoetara sartu ahal izateko.

e) Larrialdikoa ez den garraio sanitarioaren arloan.

Larrialdikoa ez den garraio sanitarioa pazientearen jatorrizko erkidegoak hartuko du bere gain eta, horretarako, bere baliabideak erabiliko ditu.

Hirugarrena.– Asistentzia sanitarioko agindu bidez erkidego batetik bestera bideratutako pazienteei arreta ematea.

1.– Autonomia-erkidego bakoitzak arreta emango die asistentzia sanitarioko agindu bidez beste autonomia-erkidegotik bideratzen diren pazienteei, Kohesio Sanitarioko Funtsa arautzen duen Osasun Sistema Nazionalaren indarreko araudiak xedatutakoaren arabera. Izapideak SIFCO informazio-sistemaren bidez egingo dira. Kohesio Sanitarioko Funtsaren barruan konpentsa daitekeen asistentzia sanitarioa SIFCOren I., II. eta III. eranskinetan jasotakoa da.

2.– Kantabriako Osasun Zerbitzuak bihotz- eta birika-transplanteen programan sartuko ditu hala behar duten Euskal Autonomia Erkidegoko pazienteak, eskaera hori egiten bada. Prestazioaren baldintzak (itxaron-zerrenda, izapidetzea, etab.) eta transplanteen bi koordinazio-taldeen jarduerak II. eranskinean zehaztasunez xedatutakora egokituko dira.

Era berean, esparru horretako asistentzia sanitarioak SIFCO informazio-sistemaren bidez izapidetuko dira.

3.– Hitzarmen hau sinatzen duten alderdiek beharrezko diren lankidetza-mekanismoak ezarriko dituzte Kantabriako Osasun Zerbitzutik datozen pertsona transexualei Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean berreraikitze genitaleko kirurgia egiteko, hitzarmen honen III. eranskinaren arabera.

Laugarrena.– Autonomia-erkidego auzokidera aldi baterako joandako pazienteak artatzea.

Aldi baterako aldameneko autonomia-erkidegora joan diren pazienteei bertan dauden bitartean nahitaez beharko duten asistentzia sanitarioa emango zaie.

Lehen mailako arretaren eta farmaziaren arloko asistentzia Bermatzeko Funtsak (FOGA) ezartzen dituen baldintzetan konpentsatuko da. Funts hori Osasun Sistema Nazionaleko erkidego guztientzat da. Konpentsazio horiek bideratzeko sistema informatiko eragilea SIFOS da.

Bosgarrena.– Osasun publikoaren arloan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoko Laborategi Arauemaileak dagozkien azterketak egingo dizkie Kantabriako jaioberrien baheketa-programaren kudeaketa-unitatetik etorritako laginei, jaioberrietan gaixotasun endokrino-metabolikoak detektatzeko baheketa-programaren arabera (programa hori OSNren oinarrizko asistentzia-zerbitzu erkideen zorroan sartzen da); honako xedapen orokor hauei jarraituko zaie:

1.– Laginak egunero bidaliko dira aipatutako laborategira, mezularitza bidez.

2.– Osasun Publikoko Laborategi Arauemaileak behar bezala identifikatuta itzuliko dizkio lagin biologikoak jaioberrien metabolopatiak detektatzeko Kantabriako baheketa-programaren kudeaketa-unitateari, gehienez ere analisia egin eta hiru hilabeteko epean.

3.– Emaitzak laborategitik Kantabriako kudeaketa-unitatera bidaltzeko, datuok sartuko dira Kantabriako Autonomia Erkidegoan horretarako prestatutako informazio-sisteman. Emaitzak formatu kuantitatiboan jakinaraziko dira.

4.– Jaioberrien metabolopatiak bahetzeko Kantabriako programaren kudeaketa-unitateari dagokio proben jarraipena egitea; eragindako familiekin telefonoz eta posta bidez harremanetan jartzea; asistentzia-mailekin koordinatzea, erabiltzaileak kasuan kasuko zerbitzu sanitario publikoekin harremanetan jartzeko; eta emaitzak informazio-sistemaren programa informatikoan kargatzea eta eguneratzea, ebaluazioa egin ahal izateko.

Sistema hori 2016ko martxoan jarri zen martxan. Aztertutako lagin bakoitzeko konpentsazio ekonomikoa 12,40 eurorena da.

Seigarrena.– Ezagutzaren kudeaketaren arloan.

Asistentzia sanitarioa errazteko asmoz, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak eta Kantabriako Osasun Zerbitzuak konpromisoa hartzen dute erakunde bakoitzak sortu dituen eta beste erakundeari baliagarri suerta dakizkiokeen protokoloak, jardute-gidak edo softwarea partekatzeko. Nolanahi ere, jabetza intelektual eta industriala errespetatu beharko da beti.

Zazpigarrena.– Jarraipen batzordea.

Jarraipen-batzorde bat eratuko da, hitzarmen honetan adostutakoaren kontrola eta jarraipena egiteko. Batzorde horrek ez du krediturik behar, eta honako osaera hau izango du:

Kantabriako Autonomia Erkidegoaren aldetik:

– Kantabriako Osasun Kontseilaritzako Antolamendu, Farmazia eta Ikuskaritzako zuzendari nagusia.

– Kantabriako Osasun Zerbitzuko Asistentzia Sanitarioko zuzendariordea.

– Kantabriako Osasun Zerbitzuko Asistentzia Sanitarioko Zuzendariordetzako teknikari bat.

Euskal Autonomia Erkidegoaren aldetik:

– Aseguramendu eta kontratazio sanitarioaren arloan eskumena duen zuzendaritzako titularra.

– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Asistentzia Sanitarioko zuzendaria.

– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzako teknikari bat.

Jarraipen-batzordearen egitekoak.

Hitzarmen honetan ezarritako jarraipen-batzordeak honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Hitzarmen honen jarraipena egitea.

b) Asistentzia mailan parekotasuna lortzeko neurriak sustatzea, bi erkidegoek elkarri emango dizkioten zerbitzu sanitario guztietan.

c) Urtero aztertzea asistentzia mailako parekotasuna, eta, beharrezkoa bada, neurriak hartzea.

d) Espezializazio-maila altuko bideratzeak jasoko dituen protokoloak egitea, bai eta haien xede diren prestazioak ere.

e) Hitzarmen hau interpretatzea eta hitzarmena aplikatzean sor daitezkeen desadostasunak arautzea.

f) Hitzarmena amaitzea edo aldatzea proposatzea.

g) Urtero txosten bat bidaltzea dagokion sailetara, hitzarmena aplikatzean izandako gertakariei buruz.

h) Hitzarmen honen harira agindutako beste eginkizun batzuk.

Jarraipen-batzordeak sei hilean behin egingo ditu ohiko bilerak, baina ezohikoak ere egin ditzake bi aldeetako batek hala eskatuz gero.

Jarraipen-batzordearen funtzionamendua Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren II. kapituluko 3. ataleko 1. azpiatalean jasotako oinarrizko araudiaren araberakoa izango da.

Hitzarmen hau sinatu eta hogeita hamar eguneko epearen barruan eratuko da jarraipen-batzordea.

Zortzigarrena.– Araubide ekonomikoa.

Hitzarmen honen jarraipen-batzordea asistentzia-oreka bilatzen saiatuko da, eta hitzarmena aplikatzeak bi alderdietako edonori asistentzia-desoreka edo desoreka ekonomikorik sor ez diezaion ahaleginduko da.

Aurreko paragrafoan aurreikusitakoaren barruan sartzen ez diren egoerek dagokien balorazio ekonomikoa izango dute, eta horretarako, Osasun Sistema Nazionalean Kohesio Sanitarioko Funtsa edo Arreta Bermatzeko Funtsa (FOGA) –egokiena dena kasu bakoitzean– kudeatzeko aurreikusitako metodologia erabiliko da, hitzarmenaren bi erkidego sinatzaileetako araudiarekin bat etorriz eta erkidegoen arteko konpentsazioa arautzen duen araudiak hala ezartzen duenean.

Hala ere, aurrekoaren salbuespena izango da bihotz-transplanterako bideratutako pazienteen kasua, baldin eta diziplina anitzeko saioan erabakitzen bada asistentzia bentrikularrak erabiltzea bihotz-euskarriko terapia gisa; izan ere, gailu horien kostua Euskal Autonomia Erkidegoak hartuko du bere gain, hitzarmen honen II. eranskinean jasotako aurreikuspenen esparruan.

Bederatzigarrena.– Indarraldia.

Hitzarmen honen indarraldia Gorte Nagusiei jakinarazi eta hogeita hamar egunera hasiko da, salbu eta Gorte Nagusiek epe horretan erabakitzen badute hitzarmen honek, duen edukiagatik, hirugarren paragrafoan lankidetza-hitzarmen gisa aurreikusitako izapidea bete behar duela, eta hiru urteko iraupena izango du.

Aurreko apartatuan ezarritako epea amaitu aurreko edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez erabaki ahal izango dute hitzarmena beste hiru urtez luzatzea edo azkentzea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak 49.h) artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Hamargarrena.– Hitzarmena berrikustea.

Bi alderdiek edozer unetan egin dezakete hitzarmen hau berrikusteko proposamena, egoki irizten dituzten aldaketak egiteko. Hitzarmena berrikusiko balitz, dagokion prozeduraren bidez sartu beharko dira aldaketak hitzarmenaren testuan, eta bi alderdiek izenpetu egin beharko dituzte.

Hamaikagarrena.– Araubide juridikoa.

Hitzarmen honek izaera administratiboa du, eta Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 6.1 artikuluaren aplikazio-eremutik kanpo dago. Lege horren bidez Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB Zuzentarauen transposizioa egiten da Espainiako ordenamendu juridikora.

Hala eta guztiz, lege-testu bereko 4. artikuluari jarraikiz, Kontratuen Legearen printzipioak aplikatuko dira sor daitezkeen zalantzak eta hutsuneak ebazteko.

Hamabigarrena.– Gatazkak ebaztea.

1.– Hitzarmen hau aplikatzean sor daitezkeen gatazkak elkarren arteko adostasunez ebatziko dituztela hitzeman dute bi alderdiek.

2.– Hitzarmen hau garatzearen eta betearaztearen ondorioz bi alderdiak auzitan baldin badaude eta zazpigarren xedapenean ezartzen den jarraipen-batzordeak ezin baditu gatazka horiek ebatzi, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren bidetik joko dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

Ados daudela erakusteko, alderdiek hitzarmen hau sinatzen dute, Lanestosan, 2022ko uztailaren 29an.

Eusko Jaurlaritzaren izenean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Kantabriako Gobernuaren izenean.

Presidentea,

MIGUEL ÁNGEL REVILLA ROIZ.

2022ko urriaren 17an, Kantabriako Gobernuak eskatuta, eta aurretiazko baimenak bete ondoren, hitzarmen hau berretsi zen.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Presidentea,

MIGUEL ÁNGEL REVILLA ROIZ.

I. ERANSKINA
KANTABRIAKO AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ARTEKO LARRIALDI ETA EMERGENTZIA SANITARIOAK KOORDINATZEKO PROTOKOLOA.
ESTIPULAZIOAK

Lehenengoa.– Sarrera.

Koordinazio-protokolo honen bidez, gertaera sanitarioen kudeaketa erraztuko duten prozedura tekniko eta operatibo espezifikoak gaitzen dira, hitzarmen hau sinatu duten autonomia-erkidegoetako larrialdi sanitarioak koordinatzeko zentroen bidez, edozein direla ere gertaera jazo den autonomia-erkidegoa eta gertaera mota (bizi-arriskurik gabeko larrialdia, bizi-arriskua duten larrialdiak, biktima anitzeko istripua edo hondamendi sanitarioa).

Azken helburua da jarduera sanitario horiek modu koordinatuan, eraginkorrean eta efizientean kudeatzea.

Bigarrena.– Egoera motak.

Lau mota daude urgentzia-mailaren arabera:

a) Banakoaren edo pertsona kopuru txiki baten larrialdia, bizi-arriskurik gabea.

Autonomia-erkidego bakoitzak ebatziko du bere baliabideekin, eta ez da beharrezkoa izango larrialdiak koordinatzeko zentroen arteko komunikazioa.

b) Bizi-arriskua duten emergentziak.

Mediku Erregulatzaileak (koordinatzaileak) erabakiko du zer baliabide behar diren, pazientea lekualdatu behar den, eta, kasu horretan, zer ospitalera eraman behar den. Horretarako, kontuan hartuko ditu pazientearen ardura daukan medikuak in situ eginiko balorazioa, eskura dauden baliabideak eta mugakideak diren bi autonomia-erkidego sinatzaileetako ospitaleen kokapena, edozein dela ere berauen eremu geografikoa.

Pazientea zein ospitaletara bidaliko den erabakitzeko, haren patologiarako «zentro erabilgarrira» eramatearen kontzeptua lehenetsiko da, pazientea bidaltzen den autonomia-erkidegoko larrialdiak koordinatzeko zentroko mediku erregulatzailearekin (koordinatzailea) aldez aurretik kontsulta eginda.

Zentro erabilgarria dagoen autonomia-erkidegoko mediku erregulatzaileak jakinaren gainean jarriko du xedeko ospitalea.

Lekualdaketa jatorrizko autonomia-erkidegoko edo helmugako autonomia-erkidegoko bitarteko eta baliabideekin egingo da, une horretan autonomia-erkidego horietako bakoitzean dagoen egoeraren arabera eta autonomia-erkidego horiek dituzten baliabideen erabilgarritasunaren arabera.

c) Biktima anitzeko istripua (BAI, BAG):

Istripua gertatu den autonomia-erkidegoa harremanetan jarriko da erkidego auzokidearekin, baliabide erabilgarriei buruzko informazioa eskatzeko.

Hasierako harremana bi zentro koordinatzaileetako mediku erregulatzaileen artean izango da, eta hauek egoerari erantzuteko behar diren baliabideak mobilizatuko dituzte bi erkidegoetan.

d) Hondamendi sanitarioa:

– Asistentzia-premien hasierako balorazioa egin ondoren, bi zentro koordinatzaileetako mediku erregulatzaileak elkarrekin harremanetan jarriko dira eta behar diren baliabideak mobilizatzen hasiko dira baliabide horien kokapenaren eta eraginkortasunaren arabera (gune bakoitzeko mediku erregulatzaileak zehaztuko ditu horiek).

– Jatorrizko autonomia-erkidegoaren Hondamendi Plana aktibatuko da eta autonomia-erkidego auzokideko baliabideak hondamendia gertatu den autonomia-erkidegoko baliabide gisa erabiliko dira, eta funtzionalki autonomia-erkidego horretako arduradunen menpe egongo dira baliabide horiek.

– Zerbitzu bakoitzeko zuzendaritzei pasako zaie abisua, eta hauek dagozkien gertaeraren berri emango diete kasuan kasuko agintari sanitarioei.

– Hondamendi egoera batean lankidetzan diharduten autonomia-erkidegoetako zentro koordinatzaileak arduratuko dira baliabide guztiak betiere zentro horien koordinaziopean mobiliza daitezen, eta kasu bakoitzean ardura duen autonomia-erkidegoak adierazitako beharren arabera egokituko dute lankidetza.

– Hondamendia gertatu den autonomia-erkidegoak alde batera utziko ditu erkidego auzokideak ekarritako baliabideak, jadanik beharrezkoak ez direnean; horretarako, autonomia-erkidego auzokideko zentro koordinatzailea jakinaren gainean jarriko du baliabide horiek berrantola ditzan.

– Hondamendi-egoeretan, ohe falta dela eta, pazienteak autonomia-erkidego batetik bestera eraman beharko balira, hondamendia gertatu den erkidegoko zentro koordinatzaileak beste erkidegoko zentro koordinatzaileari jakinaraziko dio zenbat ohe eta zer garraiobide behar dituen, hark era zentralizatuan kudea ditzan balizko lankidetzak.

II. ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ETA KANTABRIAKO AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ARTEKO LANKIDETZA BIHOTZEKO ETA BIRIKETAKO TRANSPLANTEAREN ARLOAN
ESTIPULAZIOAK

Lehenengoa.– Kantabriako Autonomia Erkidegoak bihotzeko eta biriketako bere transplante-programan sartuko ditu hala behar duten Euskal Autonomia Erkidegoko pazienteak.

Bigarrena.– Ondorio horietarako, aipatutako pazienteak itxaron-zerrenda arrunt batean sartuko dira Kantabriako Autonomia Erkidegoan dagoen Marqués de Valdecilla Unibertsitate Ospitaleko transplanteen zentroan, honako irizpide hauek kontuan hartuta:

a) Paziente motari dagokionez, itxaron-zerrendan sartzea Valdecillako Unibertsitate Ospitaleko transplante-unitateetako mediku arduradunen esku egongo da; horretarako, protokolo komun bat prestatutako da.

Protokoloa aplikatzean zalantzak sortzen badira, itxaron-zerrendan sartze hori Kantabriako mediku horien eta Euskal Autonomia Erkidegoko zentroetan pazientearen ardura duten medikuen arteko akordioaren bitartez egingo da.

b) Pazienteak zerrendan sartzeko uneari dagokionez, transplante-unitateko mediku arduradunak egoki irizten dionean sartuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoan pazientearen ardura duen medikuarekin adostuta.

Kantabriako eta Euskal Autonomia Erkidegoko transplanteen koordinazio-taldeek, Marqués de Valdecillako Unibertsitate Ospitaleko itxaron-zerrendetan pazienteak sartzeko operatiboa erraztuko dute.

Euskal Autonomia Erkidegoko pazienteak jatorrizko zentroan ebaluatuko dituzte, hasiera batean, mediku arduradunek, eta behar diren miaketa osagarriak tokian-tokian egingo dira, horretarako ezarritako protokoloari jarraikiz.

Marqués de Valdecilla Unibertsitate Ospitaleak pazientearen ebaluazio globala osatuko luke itxaron-zerrendan behin betiko sartu aurretik, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleetan egin ezin diren miaketa osagarriak bere gain hartuko lituzke.

c) Marqués de Valdecilla Unibertsitate Ospitaleak honako hauen ardura hartuko du: balorazio kirurgikoa eta bihotzeko/biriketako transplantearekin zerikusia duten transplante aurreko eta osteko interbentzioak, transplantea egin aurreko prestaketa, transplantearen ebakuntza kirurgikoa eta transplantea egin zaien pazienteen egonaldia, baita haien berehalako jarraipena ere.

Bihotz-transplanteen kasuan, diziplina anitzeko saioak erabaki badu bihotz-euskarriko zubi-terapia gisa laguntza-gailu bentrikularrak erabili behar direla, gailu horiek Euskal Autonomia Erkidegoak emango ditu.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko pazienteak Kantabriako bihotz- eta birika-transplanteen erreferentziako zentrora (Marqués de Valdecilla Unibertsitate Ospitalea) lekualdatzea eta laginak bidaltzea Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio sanitario eskudunaren kontura izango dira.

Era berean, administrazio sanitario horren kontura izango dira medikazio-gastuak eta zentro propioetan egin daitezkeen funtsezko miaketa osagarrien gastuak.

Laugarrena.– Dena dela, Marqués de Valdecilla Unibertsitate Ospitalean ebakuntza egin zaien Euskal Autonomia Erkidegoko pazienteen epe luze eta ertaineko jarraipena, Euskal Autonomia Erkidegoko unitate espezializatuen erantzukizuna izango da.

Hala eta guztiz, Kantabriako erreferentziako zentroko (Marqués de Valdecilla Unibertsitate Ospitalea) bihotzeko eta biriketako transplante-unitateek eta bihotzeko eta biriketako transplantearekin zerikusia duten beste espezialitateetakoek laguntza emango diete jarraipen horretan Euskal Autonomia Erkidegoko dagozkien zerbitzuei.

Ondorio horietarako, Kantabriako fakultatiboek behar duten informazioa eskatu ahal izango diete transplantatutako pazienteei buruz, egoki deritzotenean, Euskal Autonomia Erkidegoko medikuei, eta haiek eman egin beharko diete informazio hori.

Era berean, mediku haiek transplantatutako pazienteei beharrezkotzat jotzen diren azterketa orokorrak egin ahal izango dizkiete, Euskal Autonomia Erkidegoko medikuekin adostuta.

Bosgarrena.– Protokolo bateratu zehatzak prestatuko dituzten bi lantalde eratuko dira. Lantaldeak, halaber, aldizka bilduko dira informazioa trukatzeko eta sortutako arazo nagusiak konpontzeko asmoz.

Aipatutako lantaldeak honako hauek osatuko dituzte: erreferentziako zentroko profesional espezializatuek eta Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleetakoek. Bi erkidegoetako transplante-koordinazio taldeek izendatuko dituzte profesional espezializatu horiek.

Seigarrena.– Hitzarmen hau aplikatzearen ondorioz sortzen diren fluxu ekonomikoak Kohesio Sanitariorako Funtsaren kudeaketa arautzen duen urriaren 20ko 1207/2006 Errege Dekretuan ezarritakora egokituko dira, salbu eta bihotz-transplanterako deribatutako pazienteen kasuan, baldin eta diziplina anitzeko saioan erabakitzen bada haien kasuan laguntza bentrikularrak erabili behar direla bihotz-euskarriko zubi-terapia gisa; kasu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartuko du gailu horien kostua.

Zazpigarrena.– Organoen banaketarako lehentasuneko irizpide orokorrei kalterik egin gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko birika eta bihotzeko donazioak Kantabriako Autonomia Erkidegoko transplante-zentrora bideratuko dira lehentasunez.

III. ERANSKINA
KANTABRIAKO AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ARTEKO LANKIDETZA, TRANSEXUALEI GENITALAK BERRERAIKITZEKO KIRURGIA EGITEARI BURUZKOA
KLAUSULAK

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoak, genitalen berreraikuntzarako kirurgia-programan, urtean gehienez Kantabriako Autonomia Erkidegoko pertsona bat sartuko du, hala eskatuz gero.

Bigarrena.– Horretarako, paziente horiek itxaron-zerrenda komun batean sartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean, irizpide hauen arabera:

a) Paziente motari dagokionez, paziente bat itxaron-zerrendan sartzea Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Genero Identitatearen Unitateko (GIU) arduradun medikoek erabakiko dute, ezarritako protokoloan oinarrituta.

Protokoloaren aplikazioak zalantzak sortzen baditu, zerrendan sartzeko erabakia Gurutzetako mediku horien eta Kantabriako Autonomia Erkidegoko zentroetan pazientearen ardura duten medikoen arteko akordio bidez hartuko da.

b) Kantabriako Autonomia Erkidegoko erabiltzaileak Marqués de Valdecilla Unibertsitate Ospitalean ebaluatuko dira, eta honako zerbitzu hauek emango zaizkie bertan: arreta psikosexologikoa, hala eskatzen den kasuetan, umeentzako eta helduentzako arreta endokrinologikoa, konplexutasun txikiko kirurgia (mastektomia, histerektomia, anexektomia, orkiektomia, mamoplastia), laguntza bidezko giza ugalketarako tekniketarako sarbidea eta gonada-ehuna eta ugaltze-zelulak gordetzeko aukera (etorkizunean erabili ahal izateko), haurren arreta psikiatrikoa, arreta ginekologikoa eta arreta urologikoa, horretarako ezarritako protokoloaren arabera.

c) Pazientea itxaron-zerrendan behin betiko sartuz gero, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak haren ebaluazio globala osatuko luke, eta bere gain hartuko luke Kantabriako Autonomia Erkidegoko ospitaleetan egin ezin diren miaketa osagarrien ardura.

d) Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea arduratuko da balorazio kirurgikoaz, kirurgia aurreko prestaketaz, genitalen berreraikuntzarako ebakuntza kirurgikoaz eta ebakuntza egin zaien erabiltzaileen egonaldiaz eta berehalako jarraipenaz.

Hirugarrena.– Kantabriako Autonomia Erkidegoko erabiltzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Genero Identitateko Unitatera (GIU) lekualdatzea Kantabriako Autonomia Erkidegoko administrazio sanitarioaren eskudunaren kontura izango da.

Era berean, administrazio sanitario horren kontura izango dira medikazio-gastuak eta zentro propioetan egin daitezkeen funtsezko miaketa osagarrien gastuak.

Laugarrena.– Nolanahi ere, Kantabriako Autonomia Erkidegoko unitate espezializatuen ardura izango da Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean ebakuntza egin zaien Kantabriako pazienteen epe ertain eta luzeko jarraipena egitea.

Hala ere, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Genero Identitateko Unitateak (GIU) laguntza emango die, jarraipen horretan, Kantabriako Autonomia Erkidegoko Marqués de Valdecilla Unibertsitate Ospitaleko zerbitzuei.

Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko medikuek, egokitzat jotzen dutenean, pazienteei buruz behar duten informazioa eskatu ahal izango diete Kantabriako medikuei, eta haiek informazio hori eman egin beharko diete.

Era berean, mediku horiek beharrezkotzat jotzen dituzten azterketa orokorrak egin ahal izango dizkiete pazienteei, Kantabriako medikuekin adostuta.

Bosgarrena.– Hitzarmen hau aplikatzearen ondorioz sortzen diren fluxu ekonomikoak Kohesio Sanitarioko Funtsaren kudeaketa arautzen duen urriaren 20ko 1207/2006 Errege Dekretuan ezarritakora egokituko dira.


Azterketa dokumentala