Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

199. zk., 2022ko urriaren 18a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4470

AGINDUA, 2022ko urriaren 7koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez «Arabako Mahastiak / Viñedos de Álava» jatorri-deitura babestua onartzen baita eta haren babes nazional iragankorra xedatzen den.

Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren 2021eko martxoaren 10eko Ebazpenaren bidez, «Arabako Mahastiak / Viñedos de Álava» jatorri-deitura babestua inskribatzeko eta babesteko eskabidearen aldeko erabakia eman zen. Ebazpen hori 2021eko martxoaren 25eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen (60. zk.).

Ebazpena eta espedientearen gainerako dokumentuak Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministeriora bidali ziren, hark Europako Batzordera igor zezan babes- eta inskripzio-eskabidea, urriaren 3ko 1335/2011 Errege Dekretuaren 15.2 artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz (1335/2011 Errege Dekretua, Jatorri-deitura babestuak eta adierazpen geografiko babestuak Europar Batasuneko erregistroan inskribatzeko eskabideak tramitatzeko prozedura eta inskripzio horien kontra egiteko modua arautzen dituena).

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak bidali egin zuen inskripzio-eskabidea Europako Batzordera, eta egiaztatuta dago hark 2022ko maiatzaren 13an jaso zuela.

Batzordearen 2018ko urriaren 17ko (EB) 2019/33 Erregelamendu Delegatuaren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 (EB) Erregelamendua osatu zen, jatorri-deiturak, adierazpen geografikoak eta mahastizaintza- eta ardogintza-sektorearen alderdi tradizionalak babesteko eskabideei zegokienez, bai eta haien aurka egiteko prozedurari, erabilera-mugei, baldintza-agirien aldaketei, babesa ezerezteari, etiketatzeari eta aurkezpenari zegokienez ere; bada, erregelamendu horren 8.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, «Batasuneko estatuek babesa eman diezaiokete izen bati, soilik modu iragankorrean eta maila nazionalean, babes-eskabidea Batzordera bidaltzen den egunetik aurrera.

Babes nazional iragankorra bertan behera geratuko da, 1308/2013 (EB) Erregelamendua baliatuz babesari buruzko erabakia hartzen den egunetik aurrera edo eskabidea erretiratzen den egunetik aurrera».

Babes nazionala izapidetzeko, urriaren 3ko 1335/2011 Errege Dekretuaren 17.3 artikuluak ezartzen du ezen, jatorri-deituren eta adierazpen geografiko babestuen lurralde-eremua autonomia-erkidegoaz gaindikoa ez bada, dagokion autonomia-erkidegoaren organo eskudunak emango duela babesa eta organo horrek berak bidaliko duela iragarkia Estatuko Aldizkari Ofizialera, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari horren berri eman ondoren.

Horrekin guztiarekin bat etorriz, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Arabako Mahastiak / Viñedos de Álava» jatorri-deitura babestua onartzea.

Bigarrena.– Europako Batzordeak inskripzioari buruzko erabakia hartu bitartean, babes nazional iragankorra ematea «Arabako Mahastiak / Viñedos de Álava» jatorri-deitura babestuari; Europako Batzordera bidalitako baldintza-agirian jasota dauden zehaztapenak betetzen dituzten ardoak merkaturatzeko soilik erabili ahal izango da deitura hori. Web-orri honetan eskura daiteke baldintza-agiria:

https://www.euskadi.eus/informazioa/jatorrizko-izendapen-babestuak-eta-indikazio-geografiko-babestuak/web01-a2elikal/eu/

Hirugarrena.– Hazi Fundazioari baimena ematea jatorri-deiturako produktuak kontrolatzeko eta ziurtatzeko lanak egin ditzan.

Laugarrena.– Arabako Errioxako Upategien Elkarteak (ABRA) proposatutako zuzendaritza-batzordeak beteko ditu, behin-behinean, Jatorri Deitura Babestuak Arautzeko Kontseiluak etiketatzea eta erregistroak kudeatzeari dagokionez dituen funtzioak, harik eta erregelamendua onartu eta han xedatuko diren organoak eratu arte.

Bosgarrena.– Agindu hau Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari jakinaraztea.

Seigarrena.– Agindu hau publiko egitea, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuz.

Zazpigarrena.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berrazt ertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Zortzigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 7a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala