Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

170. zk., 2022ko irailaren 5a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
3896

EBAZPENA, 2022ko abuztuaren 19koa, Turismo eta Merkataritzako sailburuordearena, zeinaren bidez hauteskunde-deia egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen gobernu-organoak berritzeko.

Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren irailaren 30eko ICT/1074/2021 Aginduaren bidez (2021eko urriaren 5eko BOE, 238. zk.), hasiera eman zitzaion Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen osoko bilkurak berritzeko hauteskunde-prozesuari. Hauteskunde-prozesua 2021eko urriaren 7an hasi, eta 2023ko azaroaren 15ean amaituko da.

Administrazio tutoreetako organo eskudunei dagokie beren lurralde-eremuetan hauteskundeetarako deialdia egitea, Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen apirilaren 1eko 4/2014 Oinarrizko Legearen 18.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen hauteskunde-prozedura eta horien gobernu-organoen osaera arautzen dituen maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 12.1 artikuluak (2015eko uztailaren 3ko EHAA, 124. zk.) honako hau ezartzen du: «Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak hauteskunde-prozesuari hasiera eman ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialei kontsulta eginda, gobernu-organoetarako hauteskundeen deialdia egingo du, Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzaren ebazpen baten bidez».

Dagoeneko bukatu direnez hauteskunde-erroldak jendaurrean jartzeko eta horiei buruzko erreklamazioak eta errekurtsoak ebazteko aurreikusitako epeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen gobernu-organoak berritzeko hauteskunde-deia egingo da, Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen apirilaren 1eko 4/2014 Oinarrizko Legeari eta Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen hauteskunde-prozedura eta gobernu-organoak arautzen dituen maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuari jarraikiz.

Azaldutako guztiagatik, 78/2015 Dekretuaren 12.1 artikuluarekin bat etorriz eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 13/2021 Dekretuaren 6.1.ñ) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak baliatuz, Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialei kontsulta egin ondoren, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Deialdia.

1.– Hauteskunde orokorren deia egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen gobernu-organoak berritzeko.

2.– Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizial bakoitzaren hauteslekuen kopurua eta mugapea, eta hauteslekuon egoitza eta ordutegiak ebazpen honen 12. artikuluan ezarritakoak izango dira.

Bigarrena.– Hauteskunde-batzordeak.

1.– Deialdi hau maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 12.2 artikuluari jarraikiz argitaratu eta 8 egun balioduneko epean, hauteskunde-batzorde bana eratuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizial bakoitzaren mugapeko. Batzorde horiek honako kide hauek izango dituzte:

a) Ganberetako hautesleen hiru ordezkari, zozketa bidez ekitaldi publikoan eta maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 14.3 artikuluan ezarritako moduan hautatuak. Zozketa Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuetako Ganbera Ofizialaren egoitzan egingo da. Ekitaldi bakar bat izango da Euskal Autonomia Erkidego osorako. Ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egun baliodunean izango da, goizeko 10:00etan hasita. Zozketa horretan administrazio tutorearen ordezkari bat izango da buru, eta ekitaldi berean kide bakoitzeko bi ordezko ere aukeratuko dira; osoko bilkurako kide izateko hautagaitza aurkezten badute, hauteskunde-batzordeko kide izateari uko egin beharko diote.

b) Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Sailburuordetzak izendatutako bi pertsona, horietako bat presidente-lanetan arituko dela.

c) Idazkari bat, ahotsa izango duena, baina botorik ez. Presidenteak hautatuko du administrazio tutoreko funtzionarioen artean.

2.– Hauteskunde-batzordeek honako funtzio eta eskumen hauek izango dituzte:

a) Hauteskunde-prozesua gidatu eta ikuskatzea, objektiboa eta gardena izateko.

b) Hauteskunde-prozedurari buruz egiten zaizkion kexei eta erreklamazioei erantzutea.

c) Hauteskunde-mahaiak eratzeko, boto-zenbaketa jasotzeko eta hautagaiak aldarrikatzeko akten ereduak onartzea.

d) Behar beste jarraibide ematea hauteskunde-mahaiei, hauteskunde-prozesua ahalik eta ondoen egin dadin.

e) Hauteskunde-mahai bakoitzean hauteskunde-prozesuan zehar sor litezkeen hauteskunde-arloko interpretazio-irizpideak bateratzea.

f) Behar beste jarraibide ematea hautetsiak karguaren jabe egiteko eta osoko bilkura berri bat eratzeko.

g) Ganberen gobernu-organoek hauteskunde-arloan egiten duten lana ikuskatzea, eta, beharrezkoa bada, erabakiak hartzea organo horiek hauteskunde-arloan hartzen dituzten erabakiak objektiboak eta gardenak izan daitezen.

h) C multzoko hautagaiak kasuan kasuko mugapeko ganberei borondatezko ekarpenik handiena egiten dieten enpresak direla egiaztatu eta berrikustea.

i) Bozketen azken emaitza egiaztatzea eta hautetsitako hautagaiak aldarrikatzea.

j) Administrazio tutoreari eta ganbera bakoitzaren organoei esleitu ez zaizkien funtzioak egitea, hauteskunde-prozesua ondo egin dadin.

3.– Hauteskunde-batzordeen egoitzak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen gobernu-organoen egoitza sozialak.

– Arabako Hauteskunde Batzordea, Dato kalea 38, Vitoria-Gasteiz.

– Bizkaiko Hauteskunde Batzordea, Errekalde zumarkalea 50, Bilbao.

– Gipuzkoako Hauteskunde Batzordea: Tolosa hiribidea 75, Donostia

4.– Hauteskunde-batzordeen erabakien aurka errekurtsoa jarri ahal izango da Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzaren aurrean, 15 eguneko epean, erabakia jakinarazten edo argitaratzen denetik hasita. Errekurtsoak ez du prozesua etengo, ez bada ebaztea ezinbestekoa dela, administrazio tutorearen iritzian, prozesuak aurrera egiteko.

Hirugarrena.– A multzoko hautesleen botoen bidez hauta daitezkeen hautagaitzak.

1.– Ganbera bakoitzaren osoko bilkuraren A multzorako proposatutako hautagaitzak idazki bidez aurkeztu beharko dira dagokion ganberaren idazkaritza nagusian, irekia dagoen ordutegian, eta 10 egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Hautagaitza aurkezteko, dagokion eredu normalizatua aurkeztu beharko da.

2.– Maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 16.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, A multzorako hautagaitza bakoitzak taldeko, edo, hala badagokio, kategoriako hautesleen ehuneko bosten bermea (% 5) beharko du gutxienez. Multzo, talde edo kategoriako hautesleak berrehun baino gehiago badira, hautagaitza bat aurkezteko nahikoa izango da hamar hauteslek sinatzea.

Abal bakoitza aurkezteko, Zuzenbidean onartutako edozein bitarteko erabili ahal izango da (zinpeko adierazpena barne), baldin eta bermatzen badu abalak eraketa eta indarraldi egokiak dituela. Abalen eta hautagaitzen balizko akatsak zuzentzeko, 3 egun balioduneko epe luzaezin bat emango da, akatsa jakinarazten denetik hasita. Ganberako idazkaritza nagusiak eginbide bat emango du, zehazki, hautagaitza bakoitza aurkeztu den eguna eta ordua jasota.

Abala aurkezteko, dagokion eredu normalizatua aurkeztu beharko da.

3.– Hautagaitzak aurkezteko idazkietan, honako hauek adierazi beharko dira:

a) Pertsona fisikoa bada, izen-abizenak, posta-helbidea eta helbide elektronikoa (jakinarazpenetarako), eta NAN zenbakia.

b) Pertsona juridikoa bada, sozietate-izena, posta-helbidea eta helbide elektronikoa (jakinarazpenetarako), IFZ, eta horren ordezkari gisa sinatzen duen pertsonaren datuak eta kargua (ahalorde nahikoaz egiaztatu beharko da ordezkaritza hori).

c) Hautagaitzaren onarpena, hautagaiak sinatua.

d) Berariazko aipamena, adierazita hautagaiak bete egiten dituela Osoko Bilkurako hautagai izateko baldintzak, maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 11.1 artikuluan jasota daudenak.

e) Hautagaiaren eta haren abal-emaileen sinaduren benetakotasuna fede-emaile publikoaren bitartez edo Ganberako idazkaritza nagusiaren ziurtagiriaren bitartez egiaztatuko da.

4.– Hautagaitzak aurkezteko idazkiarekin batera, behar diren egiaztagiriak aurkeztuko dira.

5.– Hala ere, multzo, talde edo, kasua denean, kategoria batean baino gehiagotan hautatzen badituzte, 3 egun balioduneko epean, bat aukeratu beharko dute. Epe horretan uko egiten ez badute, antzinatasun gutxien duten multzoa, taldea edo, kasua denean, kategorian edo kategorietan uko egin dutela ulertuko da, eta automatikoki hautetsitzat hartuko da boto gehien izan dituen hurrengo hautagaia.

Laugarrena.– A multzoko hautesleen botoen bidez hauta daitezkeen hautagaiak aldarrikatzea.

1.– Maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 17. artikuluari jarraikiz, hautagaitzak aurkezteko epea amaitutakoan, Hauteskunde Batzordeak, hautagai izateko baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, 5 egun balioduneko epean, aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera, aldarrikatuko ditu hautagaiak.

2.– Hautagai kopurua txikiagoa bada aukeratu beharreko kideena baino, edo berdina, Hauteskunde Batzordeak hautetsitzat emango ditu aldarrikatutako hautagaiak, eta ekitaldi berean multzoko enpresen artean, taldean edo, kasua denean, behar den kategorian egingo den zozketa bidez aukeratuko dira geratzen diren postu hutsak beteko dituztenak, maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 11. artikuluan ezarritako hautagarritasun-baldintzak betetzen badituzte. Horretarako, Hauteskunde Batzordeak enpresa bat baino gehiago hautatuko du kargu huts bakoitzeko, lehenik aukeratzen direnek izendapena onartzen ez duten kasuetarako.

Bosgarrena.– B multzoko enpresa-erakundeek proposatu beharreko hautagaitzak.

1.– Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen apirilaren 1eko 4/2014 Oinarrizko Legearen 10.2 b artikuluan aipatutako osoko bilkurako kideak hautatzeko, enpresa-erakunde hauek proposatu ahal izango dituzte kasuan kasuko ganberaren osoko bilkurako kide izateko hautagaitzak:

a) SEA-Arabako enpresaburuak (Arabako Lurralde Historikoa).

b) Bizkaiko Enpresarien Konfederazioa-CEBEK (Bizkaiko Lurralde Historikoa).

c) Gipuzkoako Enpresarien Elkartea – ADEGI (Gipuzkoako Lurralde Historikoa).

2.– A multzoko hautesleen –eta, hala badagokio, C multzokoen– bozaren bidezko hauteskundeen amaierako emaitza egiaztatzeko dataren ondorengo 5 egun balioduneko epean, aipatutako enpresa-erakundeek kasuan kasuko ganberaren idazkaritza nagusiari aurkeztuko diote proposatzen dituzten hautagaien zerrenda. Zerrenda hori indibidualki aurkeztu ahal izango da, edo modu bateratuan hainbat enpresa-erakunderen artean. Adierazitako epean hautagai-zerrenda aurkezten ez bada, enpresa-erakunde horiek galduko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen gobernu-organoak berritzeko hauteskunde-prozesuan parte hartzeko eskubidea.

3.– Enpresa-erakunde horiek proposatzen duten zerrendako hautagai kopurua eta kasuan kasuko barne-araudian ezarritakoaren arabera bete behar den kide-postuen kopurua berdinak izango dira. Era berean, emakumeen eta gizonen parekidetasuna errespetatu beharko du, eta, gainera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Izen-abizenak, helbidea (jakinarazpenerako), NANaren edo pasaportearen zenbakia, eta aipamen bat, ganbera bakoitzaren eremuaren barruan hautagai proposatutakoen ibilbide ekonomikoko prestigioa justifikatzen duten lanbide-, enpresa-, eta ikerketa-merezimenduak edo beste izaera batekoak azpimarratuta.

b) Proposatutako hautagai bakoitzak hautagai-izaera onartzen duela adierazi beharko du idatziz. Horrekin batera, dagozkion egiaztagiriak ere behar aurkeztu dira, bai eta berariaz aipatu ere hautagaiak betetzen dituela osoko bilkurako kide izateko baldintza guztiak, maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 11.2 artikuluan ezarritakoak.

c) Hautagaiaren NANaren edo pasaportearen fotokopia.

4.– Hautagaitzetan balizko akatsak zuzentzeko, 3 egun balioduneko epe luzaezin bat emango da, akatsa jakinarazten denetik hasita.

5.– Proposatutako pertsonek ezin izango dute hauteskunde-prozesu berean zuzeneko hautespeneko hautagai izan. Era berean, hautagaiek ezin izango dute zerrenda batean baino gehiagotan proposatuta agertu.

6.– Enpresa-erakundeek proposatutako hautagaien zerrendei dagokienez, deialdiaren artikulu honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, 4. apartatuan aipatutako zuzenketa-epea bukatuta baliogabetzat joko dira, eta, horren ondorioz, hauteskunde-prozesutik kanpo utziko dira.

Seigarrena.– B multzoko hautagaitzak aldarrikatzea.

1.– Hautagaiak aurkezteko epea amaitutakoan, Hauteskunde Batzordeak, hautagai izateko baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, hautagaiak aldarrikatuko ditu 5 eguneko epean, aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera kontatuta.

2.– Hauteskunde Batzordeak onartezintasuneko kausaren bat ikusten badu, zerrenda baliogabetzat joko du eta hauteskunde-prozesutik kanpo utziko du. Onartezintasuna hautagai bakar batek eragiten badu, Hauteskunde Batzordeak kanpo utziko du pertsona hori, eta zerrendako gainerako kideen baliozkotasunari eutsiko dio.

3.– Hautagaien aldarrikapenak ez badira egiten, enpresa-erakundeek proposatutako kideen postuak bete gabe geratuko dira kasuan kasuko ganberaren osoko bilkuran.

Zazpigarrena.– Hauteskundeak, B multzoko zerrenda bat baino gehiago badaude.

1.– Zerrenda bat baino gehiago baldin badago B multzoko ordezkariak betetzeko, Hauteskunde Batzordeak bozketa-eguna eta -ordua ezarriko ditu, A eta C multzoetako hautetsiek B multzoko ordezkariak hauta ditzaten.

2.– A eta C multzoetako hautetsiek, karguaz jabetu badira, enpresa-erakundeek proposatutako eta aldarrikatutakoen alfabetikoki ordenatutako zerrendako hautagaiak bozkatuko dituzte, eta horien gehieneko kopurua ezingo da izan bete behar diren karguena baino handiagoa.

3.– Bozketa ezkutukoa izango da, eta amaitutakoan, deialdi honen hamaikagarren artikuluan xedaturikoaren arabera eratutako hauteskunde-mahaiek zenbaketa egingo dute. Zenbaketa publikoa izango da, eta boto gehien ditu(zt)en hautagaia(k) hartuko d(ir)a hautatutzat. Berdinketak zozketa bidez ebatziko dira.

4.– Bozketak amaitu eta 3 egun baliodun igarota, kasuan kasuko Hauteskunde Batzordeak bozketen azken emaitza egiaztatu eta hautetsiak aldarrikatuko ditu.

5.– Kasuan kasuko ganberako idazkaritza nagusiak dagokien egiaztagutuna emango die hautagai hautetsiei.

Zortzigarrena.– C multzoari borondatezko ekarpen handiena egiten dioten enpresak ordezkatuko duten kideen hautagaitzak.

1.– 78/2015 Dekretuaren 3.1.c) artikuluak araututako kideak hautatzeko, kasuan kasuko ganberak ikusgai jarriko du 5 egun baliodunez, hauteskunde-deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, mugape bakoitzean borondatezko ekarpen handiena egiten duten enpresen errolda, bere barne-araudiaren arabera. Errolda hori ofizioz edo alderdi baten eskariz aldatu ahal izango da, eta hautesle interesdunek behar bezala justifikatu beharko dituzte ikusgai jarri ondorengo 5 egun balioduneko epean gertatzen diren altak eta bajak. Epe hori igarota, ganberek Hauteskunde Batzordeari bidaliko diote ekarpen handiena egin duten enpresen errolda.

2.– Erroldako enpresa kopurua txikiagoa bada borondatezko ekarpen handienak (C multzoa) egin dituzten enpresek bete beharreko kide kopurua baino, edo berdina, erroldan dauden guztiek hautagai-izaera hartuko dute, berariaz kontrakoa adierazi ezean (hori idatziz adierazi beharko dute, artikulu honetako 1. apartatuan aipatutako ikusgai jartzeko epea bukatu eta 5 egun balioduneko epean).

Enpresa hautagaiek 15 egun baliodun izango dituzte, hauteskunde-deialdia argitaratu ondoren, behar diren egiaztagiriak aurkezteko edo interesdunak edo bere legezko ordezkariak sinatutako erantzukizunpeko adierazpen bat aurkezteko, jakinarazpenetarako posta-helbide bat edo helbide elektroniko bat adierazita. Halaber, adierazi beharko du hautagaiak hautagai izateko baldintza guztiak betetzen dituela (baldintza horiek 78/2015 Dekretuaren 11.1 artikuluaren b), d), e) eta f) letretan eta 11.2 artikuluan jasota daude), eta ez duela abalik zertan aurkeztu.

3.– Erroldako enpresak bete beharreko kide-postuak baino gehiago badira, multzoko kide-postu bat bereganatzeko asmoa duten enpresa ekarpen-egileek 15 egun baliodun izango dituzte hautagaitza aurkezteko (dagokion eredu normalizatua aurkeztuz), hauteskunde-deialdia argitaratu ondoren, behar diren egiaztagiriak aurkezteko edo interesdunak edo bere legezko ordezkariak sinatutako erantzukizunpeko adierazpen bat aurkezteko, jakinarazpenetarako posta-helbide bat edo helbide elektroniko bat adierazita. Halaber, adierazi beharko du hautagaiak hautagai izateko baldintza guztiak betetzen dituela (baldintza horiek 78/2015 Dekretuaren 11.1 artikuluaren b), d), e) eta f) letretan eta 11.2 artikuluan jasota daude), eta ez duela abalik zertan aurkeztu.

Bederatzigarrena.– C multzoari borondatezko ekarpen handiena egiten dioten enpresak ordezkatuko dituzten kideak izateko hautagaien aldarrikapena.

1.– Hauteskunde Batzordeak 5 egun balioduneko epean aldarrikatuko ditu hautagaitzak, hautagaitzaren egiaztagiriak edo hautagaitza bera aurkezteko epea amaitzen denetik hasita.

Multzo horretako enpresen kopurua bete beharreko kideen kopurua baino handiagoa bada, hautaketa egingo da ekarpen berdina eginik hautatuak izateko eskubidea dutenen artean, A multzoko hautagaitzak hautatzeko egunean). Hauteskunde-eskubide aktiboa C multzoko enpresen errolda osatzen duten enpresek baliatuko dute.

2.– Hauteskunde Batzordeak hautatutakotzat joko ditu mugape horretan ekarpen handienak egin dituzten enpresak, ganbera bakoitzaren barne-erregelamenduan ezarritakoan oinarrituta eta ganberek bete beharreko kide kopuruan emandako informazioaren arabera. Hautaketarik egin bada, boto gehien dituzten hautagaitzak joko dira hautatutzat. Bozketan gerta daitezkeen berdinketak zozketa bidez ebatziko dira.

Hamargarrena.– Posta bidezko botoa.

1.– Ganberetako hautesleen botoen bidez hautatutako Osoko Bilkurako kideen hauteskundeetan, bozketa egiteko ezarririko egunean dagokien hauteslekura bertaratuta euren eskubidea ezin izango dutela baliatu aurreikusten duten pertsona fisikoek edo juridikoek posta bidez eman ahal izango dute botoa, aldez aurretik dagokien ganberan eskabide pertsonala aurkeztuz eta dagokien ganberak horretarako normalizatutako ereduak erabiliz. Horretarako epea 20 egun baliodunekoa izango da, deialdi hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eta maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 22. artikuluan aipatutako betekizunei eta prozedurari jarraituko zaie.

Interesdunak, eskabidea dagokion ganberako idazkaritza nagusian aurkezten badu, bere identitatea egiaztatu beharko du, eta, hala badagokio, noren ordez diharduen, maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 21.2 eta 22. artikuluetan ezarritako moduan.

Interesdunak, eskabidea posta ziurtatu eta urgente bidez aurkezten badu, bere identitatea egiaztatu beharko du, eta, hala badagokio, noren ordez diharduen, maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 21.2 eta 22. artikuluetan ezarritako moduan.

Nolanahi ere, eskabidean honako hauek zehaztuko dira:

a) Pertsona fisikoak direnean, hauteslea identifikatzea, sinatzailearen nortasun-agiri nazionalaren fotokopia aurkeztuta, edo pasaportearena, gida-baimenarena edo egoitza-txartelarena bestela. Pertsona fisikoek ez badute Espainiako nazionalitaterik, dagokien nortasun-agiria aurkeztu beharko dute edo, bestela, pasaportea eta atzerritarren nortasun-txartela. Europar Batasuneko estatu kide bateko nazionalitatea dutenek, edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Hitzarmeneko estatu kide batekoa, edo Batasunaren atzerritar-araubidea aplikatzen zaion estatu batekoa, Atzerritarren Erregistro Zentraleko inskripzio-ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

b) Pertsona juridikoen kasuan, sozietate izena, egoitza soziala, ordezkariaren datu pertsonalak aurreko zenbakian jasotako moduan, sozietatean duen kargua edo sozietatearekiko lotura, erakundearen identifikazio fiskaleko zenbakia eta ordezkaritza nahikoaren egiaztagiriak, maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 9. artikuluan aurreikusitako moduan.

Bi kasuetan, pertsonaren nortasuna eta interesdunaren ordezkaritza egiaztatzeko erabiltzen den dokumentazioa fede-emaile publikoaren bitartez behar bezala konpultsatzea eskatuko da, edo kasuan kasuko ganberaren idazkaritza nagusiak egiaztatzea.

c) Botoa zein taldetan eman nahi den eta, hala badagokio, zein kategoriatan. Ez bada zehazten, ulertuko da hauteslea inskribatuta dagoen talde edo kategoria guztietarako eskatzen dela.

2.– Kasuan kasuko ganberaren idazkaritza nagusiak hauteskunde-erroldan izena emanda dagoela egiaztatuko du, horri buruzko egiaztagiria emango du, eta, boto pertsonala onartu ez diezaioten erroldan jaso ondoren, maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 23.2 artikuluan deskribatutako dokumentazioa igorriko dio eskatzaileari, posta ziurtatu eta urgente bidez, horretarako adierazitako helbidera edo, halakorik ez badago, erroldan adierazten den helbidera, hauteskunde-data baino 10 egun baliodun lehenago gutxienez. Dagokion taldean hauteskunderik egin behar ez bada, horren berri emango zaio eskatzaileari. Era berean, eskatutako eta emandako egiaztagirien zerrenda emango zaio Hauteskunde Batzordeari.

3.– 2022ko urriaren 19ko 12:00ak baino lehen posta bidez jasotako botoak baino ez dira onartuko.

4.– Posta bidez bozkatzeko egiaztagiria eta dokumentazioa izanik, pertsonalki bozkatu nahi duen hautesleak hala egin ahal izango du, dokumentu horiek Hauteskunde Mahaiari itzulita. Eta dokumentuak itzultzen ez baditu, botoa ez zaio onartuko.

Hamaikagarrena.– Hauteskunde-mahaiak.

1.– Maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 25.1 artikuluan aurreikusitako zozketa, dagokion hauteskunde-batzordeak hauteskunde-mahaiak osatuko dituzten hautesleen ordezkariak hautatzeko dena, hauteskunde-batzorde bakoitzaren egoitzan egingo da, ebazpen honen laugarren artikuluan adierazten den A multzoko hautagaien aldarrikapenaren egun berean.

2.– Ekitaldi berean, Osoko Bilkurako C multzoko (eta B multzoko, zerrenda bat baino gehiago badaude) kideak hautatzeko buru izan behar duen hauteskunde-mahaia ere izendatuko da; mahai hori eta hautesleen bozka bidez hautatuko diren kideak hautatzeko eratuko dena bat izango dira, mahai bera, alegia. Hauteskunde-mahai bat baino gehiago baldin badago, hauteslekuko mahai guztien artean zozketaz hautatzen dena izango da.

Hamabigarrena.– Bozketak.

1.– Ganberetako osoko bilkuretako A eta C multzoetako kideak hautatzeko bozketak egingo diren datak eta lekuak, eta hauteslekuen irekiera-ordutegiak, honako hauek izango dira ganberaz ganbera:

a) Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuetako Ganbera Ofiziala:

– Data: bozketak 2022ko urriaren 20an egingo dira.

– Lekua: Arabako Merkataritza eta Industriako Ganbera Ofizialaren egoitzako hauteslekua, Eduardo Dato kalea 38, Vitoria-Gasteiz.

– Ordutegia: 09:00etatik 20:00etara, etenik gabe.

b) Bilboko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofiziala:

– Data: bozketak 2022ko urriaren 20an egingo dira.

– Lekua: Bilboko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialaren egoitzako hauteslekua, Errekalde zumarkalea 50, Bilbao.

– Ordutegia: 09:00etatik 20:00etara, etenik gabe.

c) Gipuzkoako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofiziala:

– Data: bozketak 2022ko urriaren 20an egingo dira.

– Lekua: Gipuzkoako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialaren egoitzako hauteslekua, Tolosa hiribidea 75, Donostia.

– Ordutegia: 09:00etatik 20:00etara, etenik gabe.

2.– Hautesleek, Hauteskunde Batzordeari idazki bat bidalita, gehienez bi artekari izendatu ahal izango dituzte Hauteskunde Mahai bakoitzeko, bozketak eta zenbaketa kontrolatzeko. Artekariak izendatzeko idazkia aurkezteko epea 2022ko urriaren 19ko 12:00etan bukatuko da.

3.– Hauteskunde Mahaiko presidenteak formalizatuko du artekarien izendapena, mahaiaren eratze-ekitaldian bertan.

Hamahirugarrena.– Zenbaketa, emaitzen egiaztapena eta hautetsien aldarrikapena.

1.– Zenbaketa eta emaitzen egiaztapena maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 29. eta 30. artikuluetan xedatutakoaren arabera egin beharko dira.

2.– Bozketak amaitu eta hurrengo 7 egun baliodunen barruan, kasuan kasuko hauteskunde-batzordeak, ekitaldi publikoan, bozketen azken emaitza egiaztatu eta aldarrikatuko du. Ganbera bakoitzeko idazkaritza nagusiak kide hautetsiaren izaera justifikatzen duen egiaztagutuna emango dio hautetsi bakoitzari.

Hamalaugarrena.– Kide hautetsiak karguaz jabetzea.

1.– A eta C multzoei dagokienez, hauteskunde-batzordeek hauteskundeen emaitzak aldarrikatu eta 8 egun balioduneko epean, hautetsiak karguaz jabetu ahal izango dira dagokien ganberaren idazkari nagusiaren aurrean, hautetsi-aldarrikapenaren egiaztagutuna edo jakinarazpena jasotzen duten unetik aurrera.

2.– B multzoko hautetsiek 5 egun balioduneko epea izango dute karguaz jabetzeko, aldarrikapena egiten denetik aurrera.

3.– Pertsona fisikoek pertsonalki hartuko dute karguaren jabetza. Pertsona juridikoek, ordea, horretarako ahalorde nahikoa emandako ordezkariaren bitartez.

4.– 1. eta 2. apartatuetan adierazitako epeak igaro eta karguez jabetu ez badira, kide hautetsiaren izaera galduko dute, eta hutsik dagoen kargua maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 33. artikuluan ezarritako moduan beteko da. Salbuespen gisa eta kasuan kasuko ganberako idazkaritza nagusiak onartutako absentzia justifikatu bat tartean bada, ezarritako epean kargua jabetzan hartu ezin duten hautetsiek Ganberako Idazkaritza Nagusiaren aurrean hartu ahal izango dute, osoko bilkuraren eratze-egunean.

Hamabosgarrena.– Gobernu-organoen eraketa.

1.– Osoko bilkura berriak eratzeko ekitaldia dagokion ganberaren egoitzan egingo da, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren ordezkari bat izango da ekitaldiko burua.

2.– Aldarrikapenari edo hautaketari errekurtsoa aurkeztu zaion Osoko Bilkurako kideen kasuan, eratzeko ekitaldiaren egunean errekurtsoa oraindik ebatzi ez arren, kide horiek euren karguez jabetu ahal izango dira. Ebazpenak baliogabetzen badu aldarrikapena edo hautaketa, legez aurreikusitako moduan beteko da hutsik dagoen kargua.

3.– Osoko Bilkuraren eraketa baliozkoa izateko, gobernu-organo horren funtzionamendu-arauak bete beharko dira, ganbera bakoitzaren barne-erregelamenduan ezarrita daudenak.

4.– Osoko Bilkura eratu ondoren, presidentea eta batzorde eragileko gainerako kideak hautatuko dira. Horretarako, Hauteskunde Mahaia eratuko da, maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 34.2 artikuluan aipatutako osaera eta funtzioak izango dituela.

5.– Hauteskunde Mahaia eratu ondoren, presidentea eta batzorde eragileko gainerako kideak maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 34. artikuluan ezarritakoa betez hautatuko dira, ganbera bakoitzaren barne-erregelamenduetan horretarako ezarritako eran.

6.– Osoko Bilkurako kide guztiek boto aktiborako eta pasiborako eskubidea izango dute, nolanahi hautatu direla ere.

Hamaseigarrena.– Eredu normalizatuak.

1.– Turismo eta Merkataritza sailburuordearen ebazpen bidez, honako eredu normalizatu hauek baimenduko dira hauteskunde-prozesuaren izapideetarako:

1.A eredua, pertsona fisikoentzako posta bidezko botoa eskatzekoa.

1.B eredua, pertsona juridikoentzako posta bidezko botoa eskatzekoa.

2.A eredua, pertsona fisikoen hautagaitzak aurkeztekoa.

2.B eredua, pertsona juridikoen hautagaitzak aurkeztekoa.

3.A eredua, pertsona fisikoaren banakako abalerako erantzukizunpeko adierazpenarena.

3.B eredua, pertsona juridikoaren banakako abalerako erantzukizunpeko adierazpenarena.

4. eredua, bozketa-orriarena.

5. eredua, botoa emateko barruko gutun-azalarena.

6. eredua, C taldeko hautagai izateko maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 11.1 artikuluko b), d), e) eta f) letretako eta 11.2 artikuluko baldintzak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpenarena.

7.A eredua, pertsona fisikoaren artekaria izendatzeko idazkiarena.

7.B eredua, pertsona juridikoaren artekaria izendatzeko idazkiarena.

8.A eredua, pertsona fisikoentzako posta bidezko botoari uko egitekoa.

8.B eredua, pertsona juridikoentzako posta bidezko botoari uko egitekoa.

Eredu normalizatu horiek hiru ganberen webguneetan argitaratu beharko dira, eta hautesleen eskura egongo dira haien egoitzetan.

Hamazazpigarrena.– Ondoreak.

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean izango ditu ondoreak. Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abuztuaren 19a.

Turismo eta Merkataritzako sailburuordea,

JESÚS MARÍA GARCÍA DE COS.


Azterketa dokumentala