Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

170. zk., 2022ko irailaren 5a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3892

EBAZPENA, 2022ko uztailaren 18koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Zumaiako (Gipuzkoa) Oikia auzoko saneamendu-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena. Proiektu hori Ura Uraren Euskal Agentziak sustatu du.

AURREKARIAK

2022ko maiatzaren 20an, Urak eskaera bat egin zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Zumaiako (Gipuzkoa) Oikia auzoko saneamendu-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan. Eskaera Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan araututako prozedura) xedatutakoaren arabera egin da.

10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuta, 2022ko ekainaren 10ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira zenbait erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.E eranskineko 3. epigrafean xedatutakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua behar dute proiektu hauek: «Beste proiektu batzuk, II.D eranskinekoak ez direnak, zuzenean edo zeharka, bakarrik edo beste plan, programa edo proiektu batzuekin batera, eragin nabarmena izan badezakete naturagune babestuetako batean edo natura-ondarea kontserbatzeko araudiaren arabera babes-araubidea duten naturaguneetan».

Proiektuaren eremuak Urolako Itsasadarra Kontserbazio Bereziko Eremua (ES2120004) ukitzen du mendebaldeko muturrean.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egiten du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenean) xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Urak sustatutako Zumaiako Oikia auzoko saneamendu-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, honako alderdi hauek aintzat hartuta:

A) Proiektuaren xedea hauxe da: Zumaiako Oikia auzoko eta Xey industrialdeko hondakin-urak biltzeko behar diren obrak zehaztea, ur horiek Zumaiako Basustako hondakin-uren araztegira eramateko.

B) Zumaiako Oikia auzoko saneamendu-proiektua egiteko ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertzen da Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektuaren helburua Zumaiako Oikia auzoko eta Xey industrialdeko hondakin-urak biltzeko lanak zehaztea da, ur horiek Zumaiako Basustako hondakin-uren araztegira eramateko. Oikina auzoko 2010eko saneamendu-proiektu bat eguneratu nahi da.

Proiektuak honako sistema hauek ezartzea jasotzen du:

– 3 ponpatze-estazio: Xey, Korta-1 eta baserrien ponpaketa.

– Kolektore nagusi bat, Xeyko ponpatze-estaziotik Oikia oilasko-fabrika igaro ondoko eremuraino.

– 2 tarte iltzatuta:

Iltzatzea 1: A-8 autobidearen azpitik igarotzen da.

Iltzatzea 2: Korta industrialdetik Urola azpitik igarotzen da.

– 2 adar.

1. adarra: Oikiako etxe eta jarduera ekonomikoetakoak biltzen ditu; izan ere, arroaren beste aldera isurtzen zutenez, Udalak ez zituen jasotzen.

2. adarra: AP-8aren beste aldeko baserrietakoak biltzen ditu; baserri horiek 1. kolektorearekin konektatzen dute behealdean eginiko ponpaketa bidez, eta bulkatu egiten da gero; hortaz, autobideko zubia igaro ondoren, Xeytik bulkatutakoaren kutxatila berera iristen da karga hori.

Proiektuak ponpak eta Korta 2 eta 3ko ponpaketen bulkatzeko hodiak aldatzea aurreikusten du, halaber, emari-aldaketa dela eta.

Lanek 11 hilabete inguruko iraupena izatea aurreikusten da.

2.– Proiektuaren kokapena.

Proiektua Oikia auzoan dago, Zumaiako udalerrian, Urolaren ezkerreko ertzeko meandro batean.

Urolaren ibilguak eremuaren mendebaldeko muturra zeharkatzen du, eta bertan, proiektatutako instalazioak ibaiaren ezkerraldeko lurrak Korta industrialdeko lurrekin lotuko ditu, eskuinaldean. Eremu horretan daude, halaber, itsas-lehorreko jabari publikoaren eta haren babes-zortasunaren mugak.

Aztertutako eremuaren ekialdeko erdialdean, berriz, eremuak muga egiten du zenbait gunetan ibilguaren ertzekin; hala ere, proposatutako trazadura ez da itsas-lehorreko jabari publikoan sartzen.

Naturagune babestuak:

Urolaren itsasadarreko natura-ondareko zenbait elementu identifikatzen dira, eta haren ibarrean baitago proiektua:

– «ES2120004 – Urolako Itsasadarra» KBEa, urriaren 16ko 215/2012 Dekretuaren bidez onartua (dekretu horrek eskualde biogeografiko atlantikoko hamalau ibai eta estuarioren Kontserbazio Bereziko Eremuak izendatzen ditu eta kontserbazio-neurriak onartzen ditu). Proiektuaren eremuan KBEaren mendebaldeko muturra baino ez da sartzen, Urolaren ibilgua ezkerreko ertzetik eskuinekora (Korta industrialdearen ondoan) iltzatua zeharkatzean.

– Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako (LAG) interes naturalistikoko gunea: Urolaren bokalea (DOT021 kodea).

– Urolako itsasadarreko hezegunea (A1G2), EAEko hezeguneen inbentarioan eta Hezeguneen LPSko II. taldean sartua.

Horrez gain, eremutik ibaian behera, Urolaren itsasadarrean naturagune garrantzitsuen katalogo irekian jasota dauden naturagune interesgarri hauek identifikatzen dira.

– Zumaiako Santiagoko hondartzaurrearen hareatza eta padura (29 kodea).

– Urolaren itsasadarra, Bedua-Zumaia tartea (30. kodea).

Faunari dagokionez, honako hauek nabarmentzen dira:

Urolaren estuarioa «Interes Bereziko Eremu» (IBE) gisa sartuta dago Kolaka (Alosa alosa) Kudeatzeko Planaren zirriborroan, espezie hori berreskuratzeko ahalmena duelako. Arrain-faunaren artean, honako hauek ere ageri dira: aingira, izokina, lanproia, amuarraina eta ziprinidoak.

Azterketa-eremuan zikoina beltzaren, txirritxo txikiaren eta mokozabal arruntaren IBEa ere badago, gainera, eta ur-ipurtats edo europar bisoiaren, Schreiber muskerraren eta txirri arruntaren Lehentasunezko Banaketa Eremua (LBE).

Nabarmendu behar da bisoi europarra (Mustela lutreola) galzorian kategoriarekin ageri dela Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan, eta kontserbatzeko Kudeaketa Plan bat duela.

Florari dagokionez, zera adierazi behar dugu: eremuaren azaleraren % 40 baino gehiago gune eraikiei eta bide-azpiegiturei dagozkien area urbanizatu eta zolatuak dira. Eremuaren beste % 40 sega-belardi atlantikoak dira, eta gainerako % 20an baratzeak, baso autoktonoak eta/edo landaketak daude.

Eremuan Batasunaren intereseko hiru habitat (BIH) daude:

– 6510 BIH: Behe-altitudeko sega-belardi elkorren habitatari dagokio (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis).

– 91E0* BIH: Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieen baso alubialen lehentasunezko habitatari dagokio.

– 1130 BIH: Estuarioen habitatari dagokio.

Arriskuak.

Proiektuaren eremuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako lurzati ugari dago. Informazio hori GeoEuskadi plataforma publikoan dago eskuragarri. Lurzati horiek eremuaren ekialdeko muturrean daude –Xey industrialdean, hain zuzen ere– eta mendebaldeko muturrean, Kortako industrialdean.

EAEko uholde-arriskuaren kartografiak (Uraren Euskal Agentzia) Urumea ibaiaren ibarrean zenbait uholde-eremu zehazten ditu. Kartografia horrek lehentasunezko fluxu-eremua eta uholde-arriskuko eremuak mugatzen ditu zenbait errepikatze-denboratarako (10, 100 eta 500 urte).

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik adierazgarrienak eraikitzeko edo gauzatzeko fasean sortuko dira. Honela laburbil daitezke alderdi horiek:

– Mozketak eta belar-sastrakak garbitzea, aleak zuzenean kentzea.

– Lur-mugimenduak –gerta liteke uren kalitatean eragina izatea–, lurzorua desagertzea, atmosferara emisioak sortzea, etab.

– Hondakinak sortzea.

– Istripuzko isuriak gertatzeko eta lurra eta urak kutsatzeko arriskua.

– Ingurumen-dokumentuak aztertu eta baztertu egiten ditu Urolako KBEaren kontserbazio-helburuen gaineko balizko inpaktuak, eta proiektuaren garapena Urolaren uren gaineko inpaktu positibotzat nabarmentzen du, hondakin-uren isurketak murriztu egingo baitira.

Ondorioz, eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak ikusita, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako neurri babesle eta zuzentzaileak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak ingurunearen aipatutako alderdietan inolako eragin negatibo adierazgarririk izango duenik.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, zenbait neurri babesle eta zuzentzaile ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta Zumaiako Oikiako auzoan Urak sustatutako saneamendu-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egiteko beharrik egon ez dadin; betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, ebazpen honen hurrengo apartatuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.

Neurrien norainokoa eta kontrolerako langile kopurua egokiak izan beharko dira ingurumen-agirian eta ingurumen-txosten honetan ezarritako kalitate-helburuak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute.

Proiektuak nahitaezko txosten sektorialak eta erakunde eskudunen baimenak izan beharko ditu. Aurreko organo eskudunek ezartzen dituzten baldintzak betetzeaz gainera, neurri babesle eta zuzentzaile hauek hartuko dira:

– Ingurumen-dokumentuan jasotzen diren neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileen proposamenari nahikoa eta egokia irizten zaio, eta aski da ingurumenaren hainbat faktoreren gaineko eragina eragozteko. Horregatik, proposatutako neurriak praktikan jarri beharko dira, besteak beste:

– Obrako jardunbide egokiak: kontratistak, obrak hasi aurretik, obretan ezarri beharko duen jardunbide egokien eskuliburua aurkeztuko du, obrako langileek erabil dezaten. Eskuliburu horretan, besteak beste, honako alderdi hauek jorratuko dira: ukitu beharreko gehieneko azalera; hautsaren eta zarataren sorrera eta hori zuzentzeko modua; lurzoruaren eta ibilguen gutxieneko okupazioa; azken horietarako isurketak; garbitutako belar-sastrakak erretzeko debekua; hondakinen kudeaketa, etab.

Kontratistak honako hauek egokitu beharko ditu egin beharreko jardueren ondoriozko ingurumen-inpaktuak ahalik eta txikienak izan daitezen: lur geldo eta begetalak aldi baterako metatzeko guneak; obrako instalazioak eta eraikinak; makinak; materialen, olioen eta erregaien biltegiak; ibilgailuak edo bestelako egiturak garbitzeko eremuak; urak arazteko sistemak, eta obrako sarbideak eta pistak. Obra-zuzendaritzak onetsi beharko ditu kontratistaren instalazio-eremu horien ezaugarriak, ingurumen-aholkularitza teknikoak txostena egin ondoren.

Inguruko landaredian kalterik sor dadin eragozteko, eta obrek eta haren elementu osagarriek zuzenean ukituko dituzten azaleretatik kanpoko lursailak iraul ez daitezen, intereseko landaredia duten eremuak zedarriztatuko dira obren hasieran.

Nolanahi ere, ahal den guztietan, zuhaitzei ez diete eragingo. Seinaleak jarrita ere, makinen joan-etorriek adar edo zurtoinen bati eragiten badiote, kontratak ebaki egin beharko du adar kaltetua, eta orbaintzailea jarri alde horretan, zuhaitzak gaixotasunik edo infekziorik har ez dezan.

Obretako berezko eremuak eta horien eraginpeko ingurunea garbitasun-egoera onean edukiko dituzte. Aldaketarik sortuz gero, horiek leheneratu eta lehengoratuko dira. Obrak amaitutakoan, garbiketa-kanpaina sakona egin beharko dute, obra-hondarrak kendu eta aldi baterako instalazio guztiak desegingo dituzte. Eraispen, zimendatze, enkofratze eta abarren ondorioz sortutako materialak eremutik atera eta hondakin geldoen zabortegi baimendura igorriko dira.

Arreta berezia jarriko dute baso-sute handia izateko arriskua dagoen eremuetan, lanen ondorioz suterik sor ez dadin (txinpartengatik, gaizki itzalitako zigarretengatik eta abarrengatik). Obrako langile guztiek debekatua izango dute surik egitea desjabetutako gunearen barruan eta kanpoan, eta obrek dirauten bitartean suteak prebenitzeko plana idatzi beharko dute.

– Lurzatian indusketak egitea edo lurrak mugitzea dakarren esku-hartzerik egin behar bada, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) xedatutakoa bete beharko da, Lege horren 14. artikuluan ezarritakoa alde batera utzi gabe.

– Kalitate akustikoa babesteko neurriak.

Obrak egunez baino ez dituzte egingo Oikiako herrigunearen eta sakabanatuta dauden baserrien inguruan.

Debekatua egongo da sirenak, klaxonak edo seinaleztatzeko bestelako soinu-bitartekoak erabiltzea, ibilgailu astunen atzera-martxako seinaleztapena izan ezik.

Erabilitako makinek otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan –kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzekoan– ezarritako aginduak bete beharko dituzte, eta kontserbazio- eta mantentze-egoera onean edukiko dituzte.

Langileei jardunbide egokien kode bat ezarriko zaie, eta makinak behar bezala erabiltzeko eta mantentzeko protokoloa barne hartuko du; horrez gain, erabili behar dituzten eskuzko makinetan pantailatze/kabina mugikorrak egongo dira, betiere makinen eta langileen segurtasun-baldintzak betetzen badira.

– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

Sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Zabortegira bidali beharreko hondakinak sortuz gero, hauen arabera kudeatuko dira: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak Zabortegietan Utziz Ezabatzeko Jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak Hondakindegietan Biltegiratuta eta Betelanak Eginda Ezabatzea arautzen duena.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da sortutako olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Oro har, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko Legean (maiatzaren 9ko 6/2019 Legea) xedatutakoaren arabera, lur-iraultzeen, eraispenen edo beste edozein motatako obren ondorioz EAEko kultura-ondareari dagozkion objektuak eta aztarna materialak ustekabean aurkituz gero, hori berehala jakinarazi beharko diote Gipuzkoako Foru Aldundiari edo dagokion udalari.

Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Zumaiako Oikia auzoan Urak sustatutako saneamendu-proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Ura Uraren Euskal Agentziari jakinaraztea.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 18a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala