Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

100. zk., 2022ko maiatzaren 25a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
2254

AGINDUA, 2022ko maiatzaren 16koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, Basquetour-Turismoaren Euskal Agentzia, Agencia Vasca de Turismo-ren kontratazio-mahaia eratzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 2.k) artikuluak «Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila» hartzen du barnean, besteak beste.

Bestalde, irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 15. artikuluak ezartzen duenez, sail honi atxikita daude, batetik, «Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua» administrazio-erakunde autonomoa, eta, bestetik, «Basquetour, Turismoaren Euskal Agentzia, Agencia Vasca de Turismo, S.A.» sozietate publikoa.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 13/2021 Dekretuak 2. artikuluan ezartzen duenez, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari atxikita geratzen dira:

b) «Basquetour, Turismoaren Euskal Agentzia, Agencia Vasca de Turismo, S.A.» sozietate publikoa, uztailaren 26ko 159/2006 Dekretuaren bidez sortua.

Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legeak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23 (EB) eta 2014/24 (EB) Zuzentarauak Espainiako ordenamendu juridikora egokitzeko transposizioa egiten duenak, 326. artikuluan ezartzen du zein diren kontratazio-mahaien eginkizunak, prozedurak eta osaera.

Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubideari buruzko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 8. artikuluaren lehen apartatuak ezartzen duenez, kontratatzeko eskumena Kontratazio Batzorde bati dagokionean izan ezik, kontratazio-organoek kontratazio-mahai baten laguntza izango dute esleipen-prozedura irekietan, mugatuetan eta publizitatearekin negoziatutakoetan; kontratazio-mahai hori izango da eskaintzak baloratzeko organo eskuduna; iragarkiak aurkeztea beharrezkoa ez den prozedura negoziatuetan, ordea, kontratazio-organoak aukerakoa izango du kontratazio-mahai hori eratzea.

Bestalde, uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 8. artikuluaren 3. apartatuaren bigarren lerrokadak adierazten duenez, kontratazio-mahaiko kideak modu iraunkorrean izendatzen badira, edo hainbat kontratu egiteko eginkizunak esleitzen bazaizkio, kontratazio-arloan eskumena duen saileko titularraren eta dagokion saileko titularraren edo erakundea atxikita dagoen saileko titularraren agindu bateratuaren bidez ezarriko da haren osaera, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeak txostena egin ondoren, honako hau

XEDATZEN DUGU:

1. artikulua.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari atxikitako Basquetour-Turismoaren Euskal Agentzia sozietate publikoaren kontratazio-organoak kontratazio-mahai baten laguntza izango du prozedura irekietan, mugatuetan eta prozedura negoziatu publizitatedunetan. Kontratazio-mahai horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 9. artikuluko eginkizunak beteko ditu, eta kide hauek izango ditu:

a) Lehendakaria: Basquetour-Turismoaren Euskal Agentziako Zerbitzu Orokorretako Unitateko arduraduna; kargua hutsik badago, kanpoan bada, gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, unitateko arduradun batek edo sozietate publikoko teknikariek ordezkatuko dute.

b) Bokalak:

1. Kontratazioa sustatzen duen unitatearen ordezkari bat, kontratazio-organoak izendatua; organo horren aholkularitza teknikoaren ardura izango du.

2. Sozietate publikoaren aurrekontua kontrolatzeko eginkizuna esleitua duen pertsona bat.

3. Informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKT) arloko zuzendaritza eskudunaren ordezkari bat, zuzendaritza horren titularrak proposatua eta kontratazio-organoak izendatua, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak kudeatzeko eredua arautzen duen martxoaren 10eko 36/2020 Dekretuan aurreikusitako kasuetan.

c) Aholkularitza Juridikoko idazkari-bokala: zuzenbidean lizentziaduna edo graduduna den pertsona bat, kontratazio-organoari aholkularitza juridikoa eman eta kontratazio-mahaiko idazkari-lanak egingo dituena. Hitza eta botoa izango ditu.

d) Kontratazio-organoak eskatuta, aurrekoez gain, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzako ordezkari bat ere izango da kontratazio-mahaian. Ordezkari hori ere kontratazio-organoak izendatuko du, Ondare eta Kontratazioko zuzendariak proposatuta. Horretarako, hiru egun balioduneko epea izango du, kontratazio-organoak eskaera egiten duenetik zenbatzen hasita.

2. artikulua.– Nolanahi ere, kideen osaera eta identifikazioa kontratuaren administrazio-klausula zehatzen agirian sartuko dira, eta dagokion kontratazio-organoaren kontratatzaile-profilean argitaratuko dira, kontratatzeko gaitasuna eta kaudimen- edo sailkapen-baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak kalifikatzeko bilera egin baino hamar egun lehenago gutxienez.

3. artikulua.– Aurreko xedapenen arabera eratutako kontratazio-mahaiek eskumena izango dute, halaber, esleipen-prozeduretan esku hartzeko, baldin eta, kide anitzeko organo horien esku-hartzea nahitaezkoa ez izan arren, dagokion kontratazio-organoak hala erabakitzen badu.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Egin beharreko kontratuaren ezaugarrien arabera, kontratazio-organoak aukera izango du agindu honen bidez modu iraunkorrean eratutako kontratazio-mahaiaren laguntza izateko edo mahai horretako kideak berariaz izendatzeko, kontratu bakoitza esleitzeko; azken kasu horretan, ezinbestekoa izango da kideen osaera eta identifikazioa administrazio-klausula zehatzen agirian jasotzea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 16a.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.


Azterketa dokumentala