Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

93. zk., 2022ko maiatzaren 16a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
2077

AGINDUA, 2022ko maiatzaren 3koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeei EAEn GIB/hiesa, C hepatitisa (CH) eta sexu-transmisiozko infekzioak (STI) prebenitzeko eta kontrolatzeko programak gauzatzeko laguntzak emateko deialdiaren oinarriak.

GIBaren/hiesaren, CHren eta STIen alorrean irabazi-asmorik gabeko ekimen sozialeko erakundeek EAEn gauzatutako jarduerak, herri-administrazioek burututako jarduerekin batera, ezinbesteko tresna dira infekzio horien transmisioa prebenitzeko eta dagoeneko gaixotasuna duten pertsonen egoera hobetzeko lanean.

«Euskadirako Osasun Politikak. 2013-2020» dokumentuaren 2.11 helburua da transmisio bidezko infekzioak eta GIBaren diagnostiko berantiarra murriztea, eta, horretarako, prebentzioaren garrantzia nabarmentzen da.

Osasuneko sailburuaren 2022ko otsailaren 22ko Aginduaren bidez onartutako Osasun Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoak sailaren dirulaguntzen lerroen artean hartzen du osasuna sustatzea eta gaixotasunak prebenitzea. Agindu hori euskadi.eus egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu zen. Lan-ildo horretan kokatzen da GIBaren/hiesaren alorreko dirulaguntza, eta horren xede nagusia da GIBaren, C hepatitisaren eta, oro har, sexu-transmisiozko infekzioen transmisioa prebenitzea biztanle guztien artean, bereziki, gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoen kolektiboaren artean.

Testuinguru horretan kokatu behar da, halaber, Euskadin C Hepatitisari Arreta emateko Estrategia, Osasuneko sailburuak 2015eko uztailaren 14ko aginduaren bidez onartutakoa. Dokumentu horretako 2. estrategia-ildoaren oinarria da C hepatitisaren birusa (CHB) transmititzea eragotziko duten neurriak sustatzea. Zehazki, xede nagusi gisa ezartzen da «CHBaren transmisioa eragozteko prebentziozko neurriak sustatzea, osasunaren esparruan, zain barneko bidezko droga-erabiltzaileen eta gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoen kolektiboan».

Garatu beharreko jardueren artean ezartzen da, orobat, «Hiesa eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planarekin elkarlanean jardutea bide parenteraleko droga-erabiltzaileen eta gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoen kolektiboekin».

CHak eta GIBak, hain zuzen, transmisio-bideak partekatzen dituzte hein handi batean (injektatutako drogen erabilera, gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoen arteko transmisioa) eta, beraz, prebentzio-neurriak eta gizarte-kolektibo ahulenak ere. Hori dela eta, agindu honen xede nagusia zabaltzea egoki ikusten da, eta horregatik gehitu da, hain justu, CHaren prebentzioa.

Testuinguru horretan, agindu honen xedea da irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeek 2022an egiteko proposatutako proiektuentzako dirulaguntzen deialdia arautzea. Jarduera horiek EAEn garatu behar dira eta GIBa/hiesa, CHa eta STIak prebenitzeko eta kontrolatzeko helburua izan behar dute.

Deialdi honen zein beraren ebazpen- eta izapidetze-jardueren esparru juridikoa bat dator honako xedapen hauek emandako oinarrizko arauekin: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena, eta urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

Agindu honetako laguntzek ez dituzte betetzen EBren funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluko 1. apartatuan jasotako betekizun guztiak, eta, beraz, ez dira estatu-laguntzak. Ondorioz, ez da beharrezkoa inongo izapiderik egitea Europako Batzordearen aurrean.

Agindu honek behar besteko aurrekontu-kreditua dauka Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko Aurrekontu Orokorretan dagokion partidan.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren esparrua eta xedea.

1.– Laguntzetarako deialdia egiten zaie Euskal Autonomia Erkidegoan 2022an GIBa/hiesa, C hepatitisa edo sexu-transmisiozko infekzioak (STI) prebenitzeko eta kontrolatzeko jarduerak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeei. Lehentasuna emango zaie maila sozioekonomikoan kalteberenak diren kolektiboei zuzendutako jarduerei, biztanleria orokorra xede duten jarduerak baztertu gabe, agindu honen 11. artikuluan xedatutako balorazio-irizpideen arabera.

Deialdi honen ondorioetarako, biztanle kalteberatzat hartzen dira GIBaren, C hepatitisaren birusaren eta sexu-transmisiozko infekzioen eragin eta prebalentzia handia dutenak, hala nola gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoak, etorkinak, bide parenteraleko droga-erabiltzaileak eta prostituzioan aritzen direnak.

2.– Deialdi honetako laguntzen onuradun izango dira EAEn garatzen diren honako proiektu mota hauek:

a) Gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoen kolektiboarekin esku hartzeko proiektuak, ikusirik nolako intzidentzia epidemiologikoa duten GIBak, C hepatitisak eta STIek kolektibo horretan.

b) GIBari, C hepatitisari eta STIei dagokienez kalteberak diren bestelako kolektiboei bideratutako proiektuak: etorkinak, bide parenteraleko droga-erabiltzaileak, prostituzioan aritzen direnak, eta, oro har, gizarte-bazterkeria pairatzeko egoeran dauden pertsonak.

c) C hepatitisaren, GIBaren eta sexu-transmisiozko infekzioen diagnostiko goiztiarrera bideratutako proiektuak.

d) GIBarekin bizi diren pertsonei laguntza psikologikoa eta soziala emateko proiektuak.

3.– Deialdi honetan diruz lagundutako ekintzetatik kanpo geldituko dira Osakidetzak edo Osasun Sailak garatutako jardueren parekoak diren ekintzak. Horri dagokionez, ikastetxeentzat prestatutako material pedagogikoa aipatu behar da, sexualitatearen eta afektibitatearen heziketarako programak garatzeko eta GIBa, STIak eta nahi gabeko haurdunaldiak prebenitzeko, hain zuzen.

2. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Deialdian parte hartzeko interesa duten irabazi-asmorik gabeko eta ekimen sozialeko erakundeek honako eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Erakundeek legez eratuta egon behar dute, eta erregistro administratibo ofizialean behar bezala izena emanda, horien izaera juridikoaren (erakundea, elkartea edo bestelakoak) eta egoitza sozialaren lurraldearen arabera, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta urtebete lehenagotik gutxienez.

b) Ez dute irabazi-asmorik edukiko.

c) Egunean izango dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Egunean izango dituzte dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

d) Zehapen administratibo edo penala izateagatik dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu duten elkarteek ezin izango dute deialdian parte hartu epaiak edo ebazpenak ezarritako aldian. Era berean, ez dute parte hartzerik izango horretarako ezgaitzen dituen debeku legalen bat duten entitateek, sexu-bazterkeriagatik ezarritako debekuak barne.

e) Ez dute egon behar Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 eta 3. artikuluak erakunde onuradun izateko ezartzen duen debekuren baten eraginpean.

2.– Erakundeek artikulu honetan xedatzen diren eskakizunak bete beharko dituzte laguntza ematen duen ebazpenaren bidez dirulaguntzen onuradun izateko. Gainera, prozesu osoan zehar bete beharko dira betekizunak, emandako dirulaguntza likidatu arte.

3.– Agindu honen 7. artikuluan xedatutakoaren arabera, erakundeek erantzukizunpeko adierazpen bat egin beharko dute onuradun izateko ezgaitzen dituen debekurik ez dutela egiaztatzeko, betiere alde batera utzi gabe organo kudeatzaileak beharrezkotzat jotzen dituen egiaztapen-jarduketak.

3. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura eta deialdiaren organo kudeatzailea.

1.– Agindu honen helburua betetzeko, 300.000 euro bideratuko dira (hirurehun mila euro).

2.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria da deialdiaren organo kudeatzailea.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Laguntzak jarduerak ordaintzeko dira, eta ez dira erabiliko langile-egitura egonkorra mantentzeko edo erakundeen azpiegitura fisikoetan inbertitzeko.

2.– Diruz lagundu ahal izango dira dirulaguntza jaso duen programarekin erlazio zuzena eta objektiboa duten jarduerek eragindako gastuak, betiere behar bezala zehazten badira erakundeak aurkeztutako proiektuan eta 14. artikuluan xedatutakoaren arabera justifikatzen badira. Aipatutako gastuak dirulaguntza jaso baino lehenagokoak izan ahal izango dira, baina, betiere, 2022an eginak.

3.– Jarduerarako dirulaguntza erabil daiteke erakundeko soldatapeko langileen kostuak ordaintzeko, langileek jarduera horretan egindako lanari dagokion proportzioan, eta, gehienez ere, zenbateko osoaren % 10 erabili ahal izango da zeharkako kostuak ordaintzeko. Zeharkako kostuak dira erakundearen egiturazko gastuak, azpiegitura fisikoenak barne, baita dieta-, desplazamendu- eta kudeaketa-gastuak ere, beharrezkoak direnak dirulaguntza jaso duen jarduera bat egiteko, zuzenean jarduera jakin horri ez dagozkion arren.

4.– Ez dira diruz lagunduko finantza-gastuak, lizentziak, inbertsio-gastuak, interesetatik eratorritako gastuak, errekarguak, zehapen administratiboak zein zigor-arlokoak (hala nola zergak edo Gizarte Segurantza ez ordaintzeagatik eratorritako zehapen administratiboak), ezta prozedura judizialen gastuak ere.

5.– Diruz lagunduko dira ezarritako epean egindako gastuak, hau da, egiazki ordaindu direnak. Diruz lagundu daitezkeen gastuak, edozein kasutan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriko dira.

6.– Diruz lagundutako jarduerak garatzeko hirugarren pertsonak kontratatu behar izanez gero, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko Erregelamendu Orokorraren 68. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte erakunde onuradunek. Azpikontratazioa ezingo da izan diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50etik gorakoa.

7.– Halaber, erakunde onuradunak, dirulaguntzaren xedeko jarduera egiteko egin beharreko gastuak kontratatzeko, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31.3 artikuluan aurreikusitakoa bete beharko du, baldin eta diruz lagundu daiteken gastuaren zenbatekoa handiagoa bada sektore publikoko kontratazioa arautzeko legerian kontratu txikietarako ezarritako zenbatekoak baino.

5. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak dira administrazio berak edo beste batzuek edo erakunde publiko edo pribatuek, nazionalek, Europar Batasunekoek edo nazioarteko organismoek jarduera bererako emandako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikoekin. Dirulaguntzaren zenbateko soilak edo gainerako finantzaketa-iturriekin bateratuak ezingo du diruz lagundutako jardueraren kostua inola ere gainditu.

2.– Proiektu bera gauzatzeko finantzaketa-iturriek emandako laguntzen zenbatekoa proiektuaren beraren kostua baino handiagoa izanez gero, agindu honen babesean emandako dirulaguntzaren zenbatekoa kostuaren zenbatekora murriztuko da.

6. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoaren mugak.

Proiektu bat diruz lagun daitekeela irizten bada, aurkeztutako aurrekontuaren eta, halakorik balego, beste finantzaketa-iturrien arabera zehaztuko da laguntzaren zenbatekoa. Dena den, ezingo du aurrekontu horren % 80 gainditu, ezta proiektuko 50.000 eurotik gorako zenbatekoa ere.

7. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabidea egiteko, agindu honen I. eranskinean jasota dagoen inprimaki elektronikoa beteko da. 21. artikuluan adierazitako egoitza elektronikoan ere egongo da eskuragarri inprimakia.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50.6. artikuluan xedatzen denari jarraituz, erantzukizunpeko adierazpen bat jaso behar du eskaerak, honako eskakizun hauek egiaztatzeko:

a) Erakundeek legez eratuta egon behar dute, eta erregistro administratibo ofizialean behar bezala izena emanda, horien izaera juridikoaren (erakundea, elkartea edo bestelakoak) eta egoitza sozialaren lurraldearen arabera, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta urtebete lehenagotik gutxienez.

Erantzukizunpeko adierazpenean bildutako datuak benetakoak direla egiaztatu behar dute, kasuan kasuko prozedura ebatzi aurretik, eta, horretarako, dagozkion agiriak aurkeztu behar dute, kudeatzaileak egiazta dezan baldintza hori betetzen dela.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik bideratzeko dagoen edozein itzultze- edo zehapen-prozeduraren batean ez egotea edo amaituta izatea. Baiezko kasuan, ordea, zehaztu beharko da zein den prozedura.

c) Erakunde eskatzaileak egiaztatu behar du ez duela laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penalik, ez eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere.

d) Erakunde onuradun izateko ezgaitzen duen debekurik ez izatea Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2. eta 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Organo kudeatzaileak zuzenean eskuratuko du, eskumena duten herri-administrazioen aurrean, erakundeak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari lotutakoak beteta dituela egiaztatzen duen informazioa. Eskaeraren bidez, erakundeak espresuki kontra egiten badio jarduera horri, eskaerari gehitu beharko dizkio bi egiaztapen-ziurtagiriak, horretarako eskumena duen organoak egindakoak.

Era berean, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, erakundeak adieraziko du xede eta helburu berbera duen bestelako laguntzaren bat eskatu dien edo ez herri-administrazio honi edo beste batzuei, erakunde publiko edo pribatuei, nazionalei, Europar Batasunekoei edo nazioarteko organismoei. Eskaerarik egin badu, laguntza eman dioten edo ebazteke dagoen adieraziko du, hori guztia agindu honen 17.5 artikuluan xedatzen den betebeharrari kalterik eragin gabe.

2.– Aurkeztutako egitasmoak GIBaren/hiesaren, CHaren edota STIen arloan izan dezakeen eragina azaltzen duen txostena: xedeak, nori zuzendua dagoen, genero-ikuspegia, hautatze-irizpideak, materiala eta metodoak, aurreikusitako emaitzak eta horiek baloratzeko erabiliko diren parametroak, egitasmoaren ardura izango dutenak eta erakunde eskatzaileek garrantzitsutzat jotzen duten oro.

3.– Diruz laguntzeko eskatu eta 2022an egingo diren egitasmo eta jarduerentzako aurrekontu xehatua. Horretarako, II. eranskina beteko da.

4.– Programa horiek finantzatzeko plana. Zehazki adieraziko da zein izango diren finantzaketa-iturriak (izena emateko kuotak, eman diren edo ebazpenaren zain dauden beste laguntza publiko edo pribatu batzuk, eta abar). Beste finantzaketa-iturriren bat lortuz gero, horren berri emateko konpromisoa ere adierazi behar da.

5.– Finantzaketaren xede izango litzatekeen jarduera hobeto ezagutzeko beharrezko den dokumentu osagarri oro.

8. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariari zuzenduko zaio eskabidea.

2.– Eskaera bat aurkeztu behar da irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeak aurkeztutako proiektu bakoitzeko.

3.– Bitarteko elektronikoen bidez baino ezin dira aurkeztu eskaerak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera.

Izapidetze elektronikoari buruzko agindu honen 21. artikuluan zehazten den bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora sartu beharko da horretarako: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/

4.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Orobat, eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

9. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

Eskabidean, oinarri hauetako eskakizunak betetzen ez badira, osorik ez badago edo akatsik badauka, erakunde eskatzaileari errekerimendua egingo zaio, eta hamar eguneko epea eman, akatsa zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkezteko. Halaber, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, aurretik Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren araberako ebazpena emanda.

10. artikulua.– Organo kudeatzaileak datuak egiaztatzea.

1.– Erakundeak, eskaeraren bidez, baimena eman ahal izango dio organo kudeatzaileari, dagokion administrazio publikoaren aurrean kontsultatu edo eskatu ditzan erakundearen nortasun-datuak eta, halaber, egiazta dezan betekizunak betetzen direla. Erakundeak baimena ematen duela ulertuko da, eskaeran ez badu espresuki aurkakoa adierazten. Ez badu baimenik ematen, erakundeak ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu derrigor.

Organo kudeatzaileak behar beste egiaztapen egin ahal izango ditu prozedura legezkoa dela bermatzeko. Nolanahi ere, laguntzak eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen, beharrezkoak diren egiaztapenak egingo dira.

2.– Erantzukizunpeko adierazpen baten barruan edo harekin batera aurkezten diren datu, adierazpen edo dokumentuetan funtsezko zehaztasun-gabeziaren bat, faltsukeriaren bat edo ez-egiteren bat badago, prozedura bertan behera geldituko da, gertakari horiek jakiten diren unetik, horrek ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe.

Halaber, egoera horren berri ematen duen Administrazio Publikoaren ebazpenak ezar dezake entitate interesdunak itzuli behar duela dirulaguntza –hala balegokio– eta denbora-tarte jakin batez ezin izango duela helburu bereko beste prozedura bat abian jarri; hori guztia, aplikatu beharreko arauetan ezarritakoaren arabera.

11. artikulua.– Proiektuak baloratzeko irizpideak.

1.– Jarraian, balorazio-irizpideak zehaztuko ditugu, eta irizpide bakoitzari zenbat puntu dagokion esango dugu. Irizpide hauek erabiliko dira, hain zuzen, eskabideen lehentasun-ordena ezartzeko.

a) Proiektuaren justifikazioa, deialdiaren xedeari nola egokitzen zaion eta erantzun nahi den egoeraren deskribapena: 14 puntu, gehienez.

b) Proiektuaren bidez zer helburu zehatz lortu nahi diren: 14 puntu, gehienez.

i) Helburu egingarriak: 7 puntu, gehienez.

ii) Erabiliko dituzten bitarteko egokiak: 7 puntu, gehienez.

c) Aurreikusi den proiektu-garapenaren deskribapena: 20 puntu, gehienez.

i) Jardueren eremua: 7 puntu, gehienez.

a) EAE: 7 puntu.

b) Lurralde historikoa: 5 puntu.

c) Eskualdea: 4 puntu.

d) Udalerria/auzoa: 3 puntu.

ii) Faseen, lan-egutegiaren eta zereginen deskribapena: 8 puntu, gehienez.

a) Proiektuaren faseen deskribapena: 2 puntu, gehienez.

b) Proiektuaren lan-egutegiaren deskribapena: 4 puntu, gehienez.

c) Proiektuaren zereginen deskribapena: 2 puntu, gehienez.

iii) Giza baliabideak eta bitarteko materialak: 5 puntu, gehienez.

d) Proiektuaren ebaluazio aurreikusia: 7 puntu, gehienez.

i) Jardueraren onuradunak adinaren eta sexuaren arabera zehazten ditu: 3 puntu, gehienez.

ii) Proiektuaren jarraipen- eta inpaktu-adierazleak zehazten ditu: 2 puntu, gehienez.

iii) Onuradunen gogobetetzeari buruzko adierazleak zehazten ditu: 2 puntu, gehienez.

e) Proiektuan ekitate-ikuspegia kontuan hartzea: 25 puntu, gehienez.

i) Genero-desberdintasunei arreta jartzea: 8 puntu, gehienez.

ii) Proiektuari onura ateratzeko aukerak handitzeko estrategiak, edozein direla ere bizilekua, adina, dibertsitate funtzionala, hizkuntza edo kalteberatasun sozialeko egoera: 8 puntu, gehienez.

iii) Inguru euskaldunetan euskaraz komunikatzeko gaitasuna: 4 puntu, gehienez.

iv) Xede-populazioak edo haien senideek parte hartzea proiektua diseinatzen, abian jartzen eta ebaluatzen: 5 puntu, gehienez.

f) Proiektuaren jarduerak beste elkarte edo erakunde batzuekin elkarlanean egitea, elkarren arteko laguntza eta boluntariotza sustatzeko: 10 puntu, gehienez.

g) Proiektua bat etortzea eremu sanitario eta/edo soziosanitarioan abian diren beste jarduera eta politika publikoekin: 10 puntu, gehienez.

2.– Gehienez 100 puntu eskuratu ahal izango dira, eta, gutxienez, 50 puntu. 50 puntu baino gutxiago lortzen duten proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko. Halaber, a), b) eta c) ataletan adierazitako puntuazioaren erdia gutxienez lortzen duten proiektuek bakarrik jaso ahal izango dituzte dirulaguntzak.

12. artikulua.– Eskabideak baloratzea eta zenbatekoak zehaztea.

1.– Aurkeztutako eskabideak baloratzeko, baloratzio-batzorde bat eratuko da, eta hauek izango dira kideak: Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria (Itziar Larizgoitia Jauregui andrea), batzordeko lehendakaria izango dena; Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planaren arduraduna (Antonio Arraiza Armendariz jauna) eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariorde kargua duten pertsonak Osasun Saileko lurralde-ordezkaritzetan (Joseba Bidaurrazaga Van-Dierdonck jauna, Elena Albisua Cortazar andrea eta Juan Carlos Fernández Crespo jauna). Kide anitzeko organoko idazkaritzari dagokionez, batzordeburuak batzordekideen artean izendatutako pertsonak beteko du. Haren zeregina izango da kide anitzeko organoaren jardueren legezkotasun formala zein materiala zaintzea, baita sektore publikoaren erregimen juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 16., 17. eta 18. artikuluetan adierazten diren bestelako funtzioak ere.

2.– Epean eta modu egokian aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta baloratuko ditu eskaerak Balorazio Batzordeak.

3.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariak eta balorazio-batzordeak, beharrezko irizten badute, informazio eta dokumentazio osagarria eskatu ahal izango diete erakunde eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertu ahal izateko.

4.– Dirulaguntzen zenbatekoa zehazteko, Balorazio Batzordeak erabakiko ditu, programa bakoitzean, bakoitzari eman dakiokeen gehieneko dirulaguntza eta jaso duen puntuazioa, agindu honen baitan adierazitako balorazio-irizpideen arabera.

Agindu honetan deitutako dirulaguntzak emateko prozedura lehiaketa izango da.

Diruz lagundutako proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionaleko sistema bat aplikatuko da: 11. artikuluan zehaztutako irizpideak aplikatuz, balorazio-fasean lortzen den puntuazioaren arabera banatuko da 3. artikuluan zehaztutako dotazio ekonomiko osoa.

Hasierako banaketan esleitzen den zenbatekoak 6. artikuluan ezarritako mugaren bat gainditzen badu, muga hori aplikatuko da, eta soberakina balorazio-fasean lortutako puntuazioarekiko modu proportzionalean banatuko da, muga horiek gainditzen ez dituzten hautatutako proiektuen artean. Birbanaketa hori egingo da banaketa baten ondoren mugaren bat gainditzen bada edo harik eta hautatutako eskabide guztiak gehienezko zenbatekoen arabera ordaintzen diren arte.

5.– Ezarritako irizpideen arabera aurkeztutako proiektuen ebaluazio konparatua egin ondoren, eta dagozkien zenbatekoak zehaztu ondoren, agindu honetan horretarako ezarri denaren arabera, Balorazio Batzordeak ebazpen-proposamena egingo dio Osasuneko sailburuordeari, eta, bertan, hau adieraziko dio: zer dirulaguntza ematea proposatzen duen, erakunde onuradunak zeintzuk diren, finantzatuko den proiektu bakoitzaren zenbateko banakatuak, eta, hala badagokio, dirulaguntza ukatu zaien proiektuak zeintzuk diren, eta zergatik ukatu zaien.

13. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.

1.– Aurkeztutako eskaerak prozedura bakar batean izapidetuko dira. Osasuneko sailburuordearen ebazpen baten bidez amaituko da prozedura, Balorazio Batzordeak proposatuta. Erakunde parte-hartzaileek prozeduran planteatutako gai guztiak erabakiko ditu ebazpenak.

2.– Ebazpenean ezarriko da eskatutako dirulaguntzak ematen edo ukatzen diren. Laguntzak ematea erabakitzen bada, honako hau adierazi beharko da: zein diren erakundeak, guztira zenbateko dirulaguntza emango zaion horietako bakoitzari, eta zenbat emango zaion finantzatutako proiektu bakoitzari. Dirulaguntza ukatzen bada, ordea, zergatia azaldu beharko da.

3.– Ebazpena EHAAn argitaratzeak jakinarazpen-ondorioak izango ditu. Halaber, jakinarazpen indibidualizatuak egingo dira egoitza elektronikoko «Nire karpeta» zerbitzuaren bitartez. Prozedura ebatzi eta ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko epea gehienez ere lau hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota, ebazpenik argitaratu ez bada, erakunde interesdunek dirulaguntza-eskaera ezetsi egin dela ulertu ahal izango dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritako ondorioetarako.

4.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomoek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da erakunde onuradunei agindu honetan ezarritako dirulaguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

14. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Diruz lagundutako proiektua egin dela justifikatzeko, irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakunde onuradunek dokumentazio hau aurkeztu behar dute:

a) Txosten teknikoa, helburuak zein mailatan bete diren azaltzen eta ebaluatzen duena. Datuak sexuaren arabera egongo dira banakatuta, hala dagokionean.

b) 2022. urteko gastuen memoria (III. eranskina) edo justifikazio-kontua, zeinetan adierazten baita zer dokumentu aurkezten diren eta zeintzuk diren horien zenbatekoak. Dirulaguntza emateko ebazpenean zehaztutako gastu-kontzeptuen arabera taldekatu behar dira horiek, aginduaren III. eranskinean jasotako ereduaren arabera. 21. artikuluan aipatutako egoitza elektronikoan ere eskuragarri dago eredu hori.

c) Dirulaguntzaren xede den proiektua benetan gauzatu dela egiaztatzen duten fakturak edo bestelako egiaztagiriak, erakunde eskatzailearen ordezkariak izenpetuta. Gainera, agiri horiek egiazkoak direla ziurtatzen duen erantzukizunpeko adierazpena ere aurkeztu beharko da.

d) Jarduera edo zerbitzua gauzatu dutela edo dirulaguntzaren xedea bete dutela egiaztatzen duen beste edozein agiri.

Aurkeztutako agiriak jardunbide elektronikoen araubidera moldatu beharko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.4 artikuluaren arabera, bereziki, eta 27.3 artikuluari dagokionez. Horietan, interesdunek aurkeztutako agiriek zer eskakizun bete behar dituzten arautzen da. Halaber, aintzat hartuko da Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 30. artikuluan eta horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72. eta 73. artikuluetan xedatutakoa.

Dokumentazioa aurkezteko azken eguna 2023ko urtarrilaren 15a da.

2.– Emandako laguntzarekin ordaindutako gastuek dirulaguntza jaso duen jarduera gauzatzean sortutakoak izan behar dute. Behar bezala justifikatutako gastuak hauek izango dira:

a) Irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakunde onuradunaren izenean igorritako ordainagiriaren bidez justifikatutakoak, ordainketa burutu dela egiaztatzen dutenak. Soilik onartuko dira 2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean sortutako gastuei dagozkien ordainagiriak eta epe horren barruan emandakoak eta ordaindutakoak.

b) Banku-zordunketako ordainketa-agirien bidez justifikatutakoak; agiri horiek finantza-erakundeek egiten dituzte eta faktura bati dagozkion datuak izaten dituzte, zenbakia eta seriea izan ezik.

c) Lan-kontratudun langileei dagozkien gastuetan, soldaten ordainagirien bidez justifikatutakoak (ordainagiriek eredu ofizialen eta Gizarte Segurantzako kotizazioko aldizkari ofizialen araberakoak izan behar dute).

d) Balio Erantsiaren gaineko Zergatik salbuetsita dauden noizbehinkako lanetan, enpresariak edo profesionalak ez diren pertsona fisikoek egiten dituztenean (hartzaileak), gastua justifikatzeko, irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakunde onuradunak idazki bat egingo du, eta horren ordezkariak sinatuko du. Idazki horrek, gutxienez, honako hauek jaso behar ditu: ordezkariaren, irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakunde onuradunaren eta hartzailearen izen-abizenak edo izen soziala, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea; eragiketaren deskribapena eta guztizko zenbatekoa; idazkiaren jaulkipen-data; «jaso dut» eta pertsona hartzailearen sinadura; Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena.

3.– Dirulaguntza jaso aurretik eginiko gastuak ordaindu ahal izango dira jasotako dirulaguntzarekin, baldin eta gastu horiek dirulaguntza jaso duten jardueretan sartzen diren ekintza eta kontzeptuen kostu errealak badira eta 2022. urtean sortutakoak badira.

15. artikulua.– Justifikatzeko aurkeztutako dokumentuetako akatsak zuzentzea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, laguntza justifikatzeko aurkezten den dokumentazioan hutsegiteren bat edo ez-egiteren bat egonez gero, erakundeari hamar egun balioduneko epea emango zaio, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita, hutsegitea konpon dezan edo eskatutako dokumentazioa aurkez dezan. Ez badu eskakizun hori epe eta modu egokian betetzen, dagokion eskakizuna egiaztatu gabe dagoela ulertuko da, eta agindu honen 22. artikuluan aurreikusitako ondorioak aplikatuko dira.

16. artikulua.– Laguntzen ordainketa.

Honela ordainduko da agindu honen babesean emandako dirulaguntzari dagokion zenbatekoa:

1.– Dirulaguntzaren % 70 ordainduko da ebazpena onartu eta argitaratu eta gero, laguntza, esanbidez edo isilbidez, onartzen denean, agindu honen 17.1 artikuluan ezarritako epean.

2.– Gainerakoa (emandakoaren % 30, gehienez ere) ordainduko da erakunde onuradunak dirulaguntza justifikatzen duen dokumentazioa aurkezten duenean, 14. artikuluan aipatzen den moduan.

Edozein ordainketa egin baino lehen, erakundeak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela egiaztatuko da, baita dirulaguntzen arloko itzulketa-prozeduretatik eratorritako zor guztiak ordaindu dituela ere.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Alde batera utzi gabe indarrean dagoen araudiak xedatzen dituen eta ezartzekoak diren beste betebehar batzuk, eta, bereziki, bazter utzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikuluan jasotako betebeharrak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan jasotakoak, honako betebehar hauek izango dituzte agindu honetan ezarritako dirulaguntzen erakunde onuradunek:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntza eman izanaren ebazpena EHAAn argitaratu eta hamar egun baliodunera, erakunde onuradunek berariaz eta idatziz laguntzari uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat joko da.

2.– Dirulaguntzaren xede den proiektua gauzatzea, eta jasotako laguntza guztia bideratzea horretara.

3.– Hirugarren interesdunaren datuei alta emateko Eusko Jaurlaritzaren inprimakia betetzea, edo, hala dagokionean, hirugarrenaren datuak aldatzeko eskabidea betetzea, salbu eta aurretik Eusko Jaurlaritzan aurkeztu badira. Aurkezteko epea aurreko puntuan adierazitako bera izango da (hau da, laguntza onartzeari edo laguntzari uko egiteari buruzko puntuan adierazitakoa).

Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke, helbide honetan eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

4.– Aldaketaren bat izan bada dirulaguntzak emateko eskatu eta kontuan hartu den betekizunen batean, horren berri idatziz ematea organo kudeatzaileari, aldaketa gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.

5.– Helburu berbererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat lortu bada beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen batetik, horren berri ematea organo kudeatzaileari, jakinarazpena jaso eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.

6.– Dirulaguntza emango duen erakundearen aurrean egiaztatzea betetzen direla laguntza jasotzeko eta baliatzeko ezarritako betebehar eta baldintza guztiak, baita horretarako arrazoia zen jarduna gauzatu dela ere.

7.– Osasun Sailarekin lankidetzan aritzea jarduera horiek egiaztatu, ikuskatu, segimendua egin, ebaluatu eta kontrolatzeko prozeduretan, eta honako kontrol-saio hauen mende egotea: Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkionak –Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kontura emandako dirulaguntzak diren aldetik–, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusitakoak.

8.– Jasotako funtsak zertan erabili diren frogatzen duten agiriak 5 urtez gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatuak eta kontrolatuak izan daitezkeen bitartean.

9.– Hautatutako erakundeek agindu honen bidez finantzatutako programak edo jarduerak argitaratzen badituzte, honako testu hau jaso beharko dute espresuki: «Osasun Sailak diruz lagundua».

10.– Egitasmoak informazio materiala argitaratzea ere aurreikusten badu –idatzia zein ikus-entzunezkoa–, argitaratu aurretik Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren oniritzia eta baimena lortu beharko ditu. Horretarako, helbide elektroniko honetara bidali beharko du materiala: secresida@osakidetza.eus.

18. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntzak emateko ebazpena alda liteke, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –baldin eta dirulaguntzaren helburua bete dela uste bada– eta, hala badagokio, dirulaguntza horrekin batera Eusko Jaurlaritzak edo beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako dirulaguntzaren bat edo laguntzaren bat jaso bada. Horretarako, dagokion aldaketa-ebazpena emango du Osasuneko sailburuordeak, eta, ebazpen horretan, esleitutako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira. Horiek emateko, honako irizpide eta muga hauek aplikatuko dira:

1.– Gastuen justifikazioan % 25eko edo hortik beherako aldea egonez gero dirulaguntzarako aurkeztutako eta aintzat hartutako aurrekontuarekiko, eta hasieratik aurreikusi diren helburu guztiak lortu baldin badira, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da proportzio beraren arabera eta dagokion aldaketa-ebazpenaren bidez.

2.– Aurkeztutako aurrekontuarekiko % 25 baino gehiagoko aldea baldin badago, dirulaguntzarako eskubidea galduko da.

Bi kasuetan, soberan jaso dituzten zenbatekoak itzultzera behartuta egongo dira entitate onuradunak, 22. artikuluan xedatutakoaren arabera.

19. artikulua.– Diruz lagundutako proiektuaren jarraipena.

Komenigarri iritzitako alderdi guztiak gainbegiratuko, ikuskatuko eta egiaztatuko ditu Osasun Sailak, xedapen honetan ezarritako arau guztiak betetzen direla bermatzeko. Halaber, publikoki erabili ahal izango ditu, uneoro, emandako dirulaguntzen bidez gauzatutako programen eta jardueren edukiak eta emaitzak.

20. artikulua.– Datuen babesa.

Tratamendu-jardueren erregistroak aurreikusitako «Osasun publikoaren eta adikzioen arloko laguntzak eta dirulaguntzak» tratamendu-jarduerarako (ID: 0876) Datuak Babesteko ordezkariak prestatutako klausulei jarraikiz (URL: Tratamendu-jardueren erregistroa – Datuak Babesteko ordezkaria – Euskadi.eus), xedatzen da datu pertsonalak tratatu eta Osasun publikoaren eta adikzioen arloko laguntzak eta dirulaguntzak izeneko tratamendu-jardueran txertatuko direla.

Arduraduna: Osasun Saileko Osasun Publikoko eta Adikzioen Zuzendaritza.

Xedea: Osasun publikoaren eta adikzioen arloko laguntza ekonomikoak eta dirulaguntzak kudeatzea.

Legitimazioa: interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzea.

Hartzaileak: bankuak eta kutxak; ogasun publikoa eta zerga-administrazioa; autonomia-erkidegoko bestelako organoak.

Eskubideak: datuak eskuratzea, zuzentzea eta ezabatzea, baita informazio gehigarrian jasotako bestelako eskubideak ere.

Informazio osagarria: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/073800-capa2-eu.shtml

Araudia: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?lang=eu&id=BOE-A-2018-16673).

21. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Interesa duten erakundeek bitarteko elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte prozedura honen izapideak.

2.– Ahalordeen erregistro elektronikoari buruzko informazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

3.– Erakundeak sinadura elektroniko aitortuko sistemen bidez identifikatuko dira. Identifikazio elektronikoa egiteko onartutako baliabideak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

4.– Laguntzak izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak, eskaera-inprimakiak eta izapidetze elektronikorako zuzeneko sarbidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0027509

5.– Eskabidearen ondorengo izapideak eta izapideen jarraipena bide elektronikoen bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atala erabilita: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

22. artikulua.– Ez-betetzeak eta diru-itzulketak.

1.– Betebeharrak betetzen ez dituen entitate onuradunak laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubide hori galdu dela deklaratzeak berekin dakar jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, eta, horrekin batera, sortutako berandutze-interesak –dirulaguntzei aplikatzen zaizkienak– itzuli beharko dira, hau da, ordainketa egin zen unetik laguntza itzuli beharra erabakitzen den egunera arte sortutakoak.

2.– Agindu honen 17. artikuluan adierazten den edozein betebehar bete ezean, jasotako laguntza itzuli beharko da. Artikulu horretan aurreikusi gabeko gaietan, aplikatzekoak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 eta 53.2 artikuluetan xedatzen diren itzulketa-arrazoiak, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluko arrazoiak ere. Azken lege hori Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluen bidez garatzen da.

3.– Agindu honen 18. artikuluan xedatzen denaren arabera, halaber, jasotako laguntza itzuli beharko da, baldin eta emandako laguntzaren zenbatekoak –bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera– proiektuaren kostua gainditzen badu. Kasu horretan, aipatutako kostuari dagokionez soberan jasotako zenbatekora eta dagozkion berandutze-interesetara mugatuko da itzultzeko betebeharra.

4.– Era berean, itzulketa egin beharko da baldintzak aldatzen badira, era honetan: gastuen justifikazioa aurkeztutako aurrekontua baino baxuagoa bada, 18. artikuluan adierazten den bezala.

Artikulu horren a) apartatuan aipatzen den kasuan, laguntzaren zenbatekoari dagokionez soberan jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, laguntzaren aldaketa-ebazpenaren arabera. Ebazpen hori deialdiaren 11. artikuluan aipatzen diren eskabideak baloratzeko irizpideei jarraituz bideratuko da.

b) apartatuan aipatzen den kasuan, itzulketa erabatekoa izango da; hau da, osorik itzuli beharko dira jasotako zenbatekoa edo zenbatekoak.

5.– Osasuneko sailburuordearen bitartez hasi eta burutuko da itzulketa-prozedura, beharrezkoak diren prozesuak izapidetu eta gero. Prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera izapidetuko da. Bertan, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermea eta itzulketak arautzen dira eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dira.

6.– Itzulitako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHEnegoa

Agindu honen bitartez aurkeztutako deialdiak eta berau garatzeko jarduketek bete egin beharko dute Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan oinarrizko araudi gisa erregulatzen dena. Halaber, honako xedapen hauek aplikatuko zaizkie: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua.

Prozedura Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera izapidetuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, erakunde interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira errekurtsoak jartzeko epeak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 3a.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala