Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

85. zk., 2022ko maiatzaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1907

AGINDUA, 2022ko apirilaren 12koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez 2022. urterako COVID-19 laguntzak arautzen eta iragartzen baitira zinema-emanaldien arloan diharduten, zuzeneko musika-aretoak kudeatzen dituzten eta zuzeneko musika sustatzen duten profesional pribatuentzat.

COVID-19aren pandemiak aurrekaririk gabeko osasun-krisia eragin du mundu osoan, baita jarduera-sektore zabalak gelditzearen eta moteltzearen ondoriozko krisi ekonomikoa ere, eta oraindik ez gara gai krisi horren behin betiko dimentsioak ezartzeko. Autobabeserako neurrien luzapenak egoera berri bat irudikatzen du, eta etorkizuna zalantzazkoa da, zeren eta zailtasun handiak izango baititugu pandemiaren aurretik ezagutzen genuen normaltasunera itzultzeko.

Osasun-alarma globalaren aurrean hartu behar izan ditugun neurrien eragin negatiboak bizitza sozial eta ekonomikoaren eremu guztiei eragiten die, baina kulturaren sektoreko ondorioak bereziki kezkagarriak dira. Kontuan harturik sektore horretako ekonomiaren hauskortasuna, lan- eta enpresa-egituren berezitasuna, jardueren aldizkakotasuna eta jarduera horiek gizartearen garapenean, dinamismoan eta nortasunean duten berebiziko garrantzia, nahitaezkoa da neurri espezifikoak eta premiazkoak hartzea, ahal den neurrian sorkuntza-ehunari eusteko eta haren jarraipena eta jarduera bermatzeko.

Osasun-krisiaren aurrean 2021ean hartutako autobabeserako neurriek eta neurri horiek 2022ko lehen hilabeteetan luzatzeak katearen azken mailan dauden kulturako profesionalei eragin diete bereziki: alegia, emanaldietako profesionalei. Horrek esan nahi du, batez ere profesionalen talde horrek zifra negatiboak izaten jarraitzen duela. Kultura-jarduera mugatzeak diru-sarrerak galtzea ekarri du, eta horrek, aldi berean, ehun hori nabarmen galtzea, eta hori guztia nekez berreskuratuko da datozen urteetan.

Merkatuen lehiakortasunari dagokionez, berrekite-datari buruzko ziurgabetasunak eta publikoak galtzeak, eta horrek dakarren fakturazio-jaitsierak, kulturako pertsonek eta egitura profesionalek berrikuntza-proiektu berrietan inbertsioa mantentzeko eta handitzeko duten gaitasuna oso kolokan egotea eragin dute. Egoera horren ondorioz, kultura-eragile askok ezin izango dute Europar Batasunak sektorea berreskuratzeko sustatutako Next Generation EU funtsetara jo.

Eusko Jaurlaritzaren borondatea da egoera horiei arrazoizko estaldura ematea, jardueraren mugek eragindako zuzeneko galera ekonomikoaren etorkizun hori arintzen laguntzeko.

Horretarako, Eusko Jaurlaritzak dirulaguntzen lerro bat ezartzea proposatzen du, zinema-emanaldien arloan diharduten, zuzeneko musika-aretoak kudeatzen dituzten eta zuzeneko musika sustatzen duten profesional pribatuei laguntzeko, eta, horrela, 2022an profesional horien kultura-jarduera ahalbidetzeko. Dirulaguntza-lerro horretan, aipatutako eremuetako pertsona autonomoak, enpresak eta erakunde profesional pribatuak sartuko dira, baldin eta 2021ean beren diru-sarreretan, jardueretan, egituretan eta know how-an jaitsierak izan badituzte.

Adierazi behar da, lerro honen bidez diruz lagundu nahi diren jarduerak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta daudela. Plan hori 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bidez onartu zen, eta, ondoren, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2022ko otsailaren 16ko Aginduaren bidez aldatu. Gainera, adierazi behar da 2022ko otsailaren 16ko agindu horretan Sailaren 2022rako Dirulaguntzen Urteko Plana onartu zela, eta bertan dirulaguntzen lerro hau sartuta dagoela: zuzeneko musikaren eta zinema-aretoen profesionalak (COVID-19).

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuari jarraikiz, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumenekoak dira arte- eta kultura-jarduerari eta haien zabalkundeari buruzkoak. Eskumen horiek musikaren, arte eszenikoen, ikusmen-arteen, eta sormen- eta kultura-industrien eremuetan egikaritzea Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dio Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuak.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan dirulaguntzen eta laguntzen arloan indarrean dagoen araudia jasota dago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen VI. tituluan –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako testu bateginean (EAEONALTB)–, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean (DLO) eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan (GS Erregelamendua).

Azaldutako horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Agindu honen xedea da zinema-emanaldien arloan diharduten, zuzeneko musika-aretoak kudeatzen dituzten eta zuzeneko musika sustatzen duten profesional pribatuei laguntzeko dirulaguntzen oinarriak ezarri eta dirulaguntza horiek iragartzea; hartzaileak COVID-19aren pandemiak eragindako krisiarengatik diru-sarrerak murriztu zaizkien eta, ondorioz, 2022an beren jarduera profesionalarekin jarraitzeko arazoak dituzten eremu horretako profesional pribatuak izango dira.

2. artikulua.– Modalitateak eta baliabide ekonomikoak.

1.– Dirulaguntza horietarako, guztira, 2.000.000,00 euro erabiliko dira.

2.– Zenbateko orokor hori deialdi honetako bi laguntza-modalitateen artean banatuko da, jarraian adierazten den bezala:

a) Zinema-emanaldien arloko autonomoentzako, enpresentzako eta erakunde profesional pribatuentzako laguntzak: 500.000,00 euro.

b) Zuzeneko musika-aretoak kudeatzen eta zuzeneko musika sustatzen duten autonomoentzako, enpresentzako eta erakunde profesional pribatuentzako laguntzak: 1.500.000,00 euro.

3.– Modalitate bakoitzerako adierazitako zuzkidurak alde batera utzi gabe, eskabiderik ez dagoelako, baldintzak betetzen ez direlako edo aurkeztutako eskabideak kalitaterik gabekoak direlako, modalitateetako batean ezarritako zenbatekoa agortzen ez bada, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak, agortu gabeko zenbateko horren bezainbesteko kopuruan, beste modalitaterako zuzkidura handitzeko proposamena egingo dio Kulturako sailburuordeari, hark dagokion ebazpena eman dezan, betiere modalitate hartzailea oraindik ebatzi gabe badago. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

3. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradun izateko baldintzak.

1.– Artikulu honetan ezarritako baldintzak betetzeaz gain, I. eta II. kapituluetan laguntza-modalitate bakoitzerako zehazten direnak betetzen dituztenek jaso ahal izango dute laguntza-deialdi hau.

2.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko autonomoak, enpresak eta erakunde profesional pribatuak, baldin eta jarduera ekonomikoa edo profesionala zinema-emanaldien, zuzeneko musika-aretoen kudeaketaren edo zuzeneko musika sustapenaren eremuan garatzen badute.

Deialdi honetan xedatutako ondorioetarako, jarduera ekonomikotzat joko da zinema-aretoetako emanaldien arloari eta zuzeneko musika-aretoak kudeatzeari edo zuzeneko musika sustatzeari lotutako zerbitzuak sortzea, izaera profesionalarekin eta irabazi-asmoarekin.

Profesionaltasun-baldintza, deialdi honen ondorioetarako, betetzat joko da jarduera garatzen dutenek sektorean ezarritako hitzarmen edo erabileren araberako ordainsaria dutenean, eta inoiz ez lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoa.

Deialdi honetatik kanpo geratuko dira izaera amateurra duten erakunde eta pertsona guztiak, baldin eta haien esku-hartzea ez bada ordaindua eta, horretarako, egindako jarduerak agiri bidez egiaztatzen badu.

Deialdi honen ondorioetarako, irabazizko edo merkataritzako izaera aitortuko zaio gutxienez 2021eko ekitaldian merkatuarekin bat datorren kontraprestazio ekonomikoa duen zerbitzu-sorkuntzari.

3.– Nolanahi ere, deialdi honetatik kanpo geratuko dira finantza-erakundeei lotutako fundazioak edo erakundeak, enpresa publikoak eta zuzenbide publikoko entitateak, bai eta organo gorena administrazio publikoek izendatutako pertsonek osatzen dutenak edo haien jardueraren gehiena aurrekontu publikoarekin finantzatzen dutenak ere.

4.– Era berean, deialdi honetatik kanpo geratuko dira 2022ko ekitaldiko Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan dirulaguntza izendunen onuradun gisa agertzen diren edo 2021eko kulturako profesionalei zuzendutako COVID-19 laguntzen onuradun izan diren pertsona autonomo, enpresa edo erakunde guztiak (2021eko martxoaren 9ko Agindua).

5.– Laguntza hauen onuradun diren autonomoek, enpresek edo erakunde profesional pribatuek, eskabideak aurkezteko epea ixten denean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

– EAEn establezimendu iraunkorra izatea.

– Jarduera ekonomikoen gaineko zergaren epigrafe egokietan alta emanda egotea, eta epigrafe horiek bat etortzea zinema-emanaldien arloarekin, zuzeneko musika-aretoen kudeaketarekin edo zuzeneko musikaren sustapenarekin.

– Pertsona juridikoen kasuan, gainera, haien helburu soziala bat etorriko da zinema-emanaldien, zuzeneko musika-aretoen kudeaketaren edo zuzeneko musikaren sustapenaren esparruko jarduera profesionalen garapenarekin.

6.– 2021eko ekitaldiko fakturazioa % 20 edo gehiago murriztu behar izan da 2019ko ekitaldikoarekin alderatuta. Jarduera 2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean hasi duten erakundeen kasuan, 2020ko ekitaldiko fakturazioa hartuko da kontuan.

7.– Ezin izango dituzte deialdi honetako dirulaguntzak eskuratu Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan aurreikusitako egoeraren batean daudenek, besteak beste:

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean ez izatea.

– Pertsonak edo erakundeak zigor penal edo administratibo irmoa ezarrita edukitzea, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen diona, edo horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuren bat izatea.

Baldintza horiek guztiak betetzen jarraitu beharko da laguntza-eskaera aurkezten den unetik ematen den dirulaguntza likidatzen den arte.

Administrazioak ofizioz egiaztatuko du eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela. Hala ere, eskatzaileak egiaztapen hori egitearen aurka egin ahal izango du, modu arrazoituan; kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du eskabidearekin batera eta administrazioak eskatzen dionean.

Gainerako baldintzak eskabide-inprimakian jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira.

8.– Gainera, onartu berri den martxoaren 3ko 1/2022 Legearen azken xedapenetako laugarrenaren arabera (EAEONALTBren 50. artikuluaren 5. paragrafoa aldatu du), ezin izango da inolako laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso sexuagatiko diskriminazioa eragiten duten jarduerak egiteko, eta orobat ezin izango dute laguntzarik jaso sexuagatiko diskriminazioa egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zigor administratiboa edo penala ezarrita daukaten pertsona fisiko eta juridikoek; Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izatera behartuta egon arren halakorik ez duten enpresek ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso, ezta 50 langile baino gehiago dituzten enpresek ere, baldin eta ez badute egiaztatzen neurriak ezarri dituztela sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ezartzen duenaren arabera.

4. artikulua.– Eskabideak: aurkezteko epea eta moduak.

1.– Laguntzen eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, eta deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.

2.– Pertsona juridikoek elektronikoki aurkeztu beharko dituzte eskabideak.

3.– Pertsona fisikoek modu presentzialean zein elektronikoan aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak:

– Aurrez aurre: Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (APEL) 16.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, inprimakia behar bezala beteta bidali ahal izango duzu, honela:

Erregistroen arloan laguntzeko bulegoen bidez, Zuzenean Zerbitzuko herritarrentzako arreta bulegoen bidez, aldez aurretik hitzordua eskatuta esklusiboki, https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidea erabilita, edo aurretiko hitzordua eskatzeko edo baliogabetzeko telefono esklusiboaren bidez: 945 01 90 00.

Estatuko Administrazioko, autonomia-erkidegoetako edo toki-administrazioko edozein organotako erregistroen bidez, APELen 16.4 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Posta-bulegoen bidez, posta ziurtatuz, gutun-azal irekian, Posta Zerbitzuak Ematea Arautzen duen Erregelamenduaren 31. artikuluan ezarritako moduan (abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuaren bidez onartua).

– Bide elektronikoa: eskabideak euskadi.eus egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira, artikulu honetako 5. apartatuan adierazitako helbideen bidez.

4.– Pertsona fisikoen kasuan, eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide presentzial edo elektroniko bat erabiltzeak ez du behartzen prozeduraren hurrengo izapideetan bide hori erabiltzera, eta edozein unetan alda daiteke.

Pertsona juridikoen kasuan, eskaeraren ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalaren bidez egingo dira (https://euskadi.eus/nirekarpeta), non bide elektronikoz izapidetzeko zehaztapenak eskuragarri dauden.

5.– Eskabide-inprimakia, izapidetzeko moduari buruzko zehaztapenak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak helbide hauetan daude eskuragarri:

– Zinema-emanaldien arloko autonomoentzako, enpresentzako eta erakunde profesional pribatuentzako laguntzak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1214902

– Zuzeneko musika-aretoak kudeatzen dituzten edo zuzeneko musika sustatzen duten autonomoentzako, enpresentzako eta erakunde profesional pribatuentzako laguntzak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1214901

6.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

7.– Izapidetze elektronikoa Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroan aldez aurretik inskribatutako ordezkariaren bidez egin ahal izango da, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/ eta prozeduran ordezkari gisa egiaztatuta.

8.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta harekin batera doazen egiaztagiriak. Era berean, eskabidearen ondoriozko jarduketetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

5. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Pertsona autonomoak, enpresak edo erakunde profesional pribatuak artikulu honetan jasotako dokumentazioa aurkeztu beharko du, baita I. eta II. kapituluetan adierazitako modalitatean jasotakoa ere.

2.– Pertsona edo erakunde eskatzaileari buruzko dokumentazioa.

– Pertsona juridikoen kasuan:

Administrazio honi dagozkion erregistroetan inskribatutako erakundeek eskabidean adieraziko dute zein erregistrotan dauden inskribatuta.

Administrazio hau ez den beste erregistro batean inskribatutako erakundeek erakundearen legezko eraketa egiaztatu beharko dute, izaera juridikoaren arabera, baita ordezkariaren nortasuna ere, eta ordezkaritza-ahalorde nahikoa justifikatu beharko dute, honako hauen bidez:

Eratze-eskritura eta estatutuak, bai eta erregistro publikoetan inskribatuta daudela egiaztatzen duten agiriak ere.

Identifikazio fiskaleko zenbakia egiaztatzen duen txartela.

Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren nortasuna egiaztatzea, bai eta hark duen ordezkaritza-ahalordea egiaztatzea ere.

– Bai pertsona fisikoentzat, bai juridikoentzat:

Balio erantsiaren gaineko zergaren 390 eredua, 2019ko eta 2021eko ekitaldiei dagokiena.

2019ko eta 2021eko ekitaldiei dagokien fakturazio zehatzaren zerrenda, diruz lagundu daitekeen jarduerarekin zuzenean lotuta dagoena (zinema-emanaldiak, zuzeneko musika-aretoen kudeaketa edo zuzeneko musikaren sustapena). Jarduera 2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean hasi duten erakundeen kasuan, 2020ko eta 2021eko ekitaldiei dagokien fakturazioa hartuko da kontuan.

– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, pertsona edo erakunde interesdunek eskubidea dute administrazio jardulearen esku dauden dokumentuak edo beste edozein administraziok egindako dokumentuak ez aurkezteko. Agiri horien bidez, Administrazioak dokumentu horiek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu, pertsona edo erakunde interesdunak horren aurka egiten ez badu.

6. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

1.– Eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da honako betebehar hauek betetzen direla:

Helburu bererako beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, hala badagokio, lortu dituen.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozeduraren batean sartuta dagoen edo ez.

Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapen penal edo administratiborik ez izatea, eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ez izatea.

Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan ezarritako gainerako egoeretako batean ez egotea.

Eskabidean agertzen diren datuak egiazkoak izatea, eta eskabidean agertzen diren zehaztasun ezagatik sor daitezkeen erantzukizunak bere gain hartzea.

Erantzukizunpeko adierazpenean jasotako alderdiak baliozkotzeko egokitzat jotzen den beste edozein dokumentazio eskatu ahal izango da.

2.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

7. artikulua.– Hutsak zuzentzea.

Eskabidea izapidetzeko onartzeko eskatutako dokumenturik ez dagoela edo akats formalak daudela ikusten bada, edo alegatutako dokumentazioan akatsak daudela ikusten bada, pertsona edo erakunde interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko zaio, hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela.

8. artikulua.– Prozeduraren kudeaketa.

1.– Kultura Sustatzeko zuzendaria arduratuko da prozedura izapidetzeaz, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua izango da ebazteko organo eskuduna.

2.– Deialdi honen kontura ematen diren dirulaguntzak prozedura honen araberakoak izango dira: modalitate bakoitzean garaiz eta behar bezala egindako eskabide guztiak hartuko dira kontuan.

Aurreikusitako baliabide guztiak modalitate bakoitzeko onartutako eskabide guztien artean banatuko dira, zuzkidura ekonomikoa agortu arte, artikuluetan jasotako mugak aplikatuta.

Modalitate bakoitzean aurreikusitako zuzkidura agortzen bada eta laguntza ez bada iristen baldintzak betetzen dituzten eskabide guztietara, proportzionalki aplikatutako ehunekoa murriztuko da, eskabide guztiei erantzun arte.

Era berean, bi modalitateetarako hasieran aurreikusitako kreditua osorik exekutatzen ez bada, laguntzaren ehunekoa 2019. eta 2021. urteen arteko fakturazio-aldearen % 80ra arte handitu ahal izango da, modalitate bakoitzean ezarritako gehieneko garbia % 10era arte handituta.

3.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie pertsona edo erakunde interesdunei, gehienez ere hiru hilabeteko epean, 4.1 artikuluan eskabideak aurkezteko aurreikusitako epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera. Jakinarazpen horretaz gain, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Ebazpena bide elektronikoz egiten denean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «nire karpeta» erabiliz jakinaraziko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Epe hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, pertsona edo erakunde interesdunek beren uziak ezetsitzat jo ahal izango dituzte, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe Administrazioak berariaz ebazteko duen betebeharra.

5.– Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aginduak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke organo horri, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean, Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

9. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bidez gauzatuko dira.

2.– Dirulaguntza kalkulatzeko, 2019ko eta 2021eko ekitaldien arteko fakturazio-aldea hartuko da erreferentziatzat, eta soilik onartuko dira fakturazioan % 20ko edo gehiagoko murrizketa erakusten duten eskabideak. 2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean jarduerari ekin dioten erakundeen kasuan, 2020ko eta 2021eko ekitaldien arteko fakturazioa hartuko da erreferentziatzat.

3.– Pertsona edo erakunde onuradunari eman beharreko laguntzaren gehieneko zenbatekoa fakturazio-aldearen % 70erainokoa izango da. Halaber, ezarritako gehieneko zenbatekoaren muga garbia modalitate bakoitzari dagozkion I. eta II. kapituluetan ezartzen da.

10. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.

1.– Dirulaguntza ordainketa bakarraren bidez ordainduko zaie pertsona edo erakunde onuradunei, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren hura onartzen dutenean. Dirulaguntza onartutzat joko da, halaber, jakinarazpena egin eta hamar eguneko epean pertsona edo erakunde interesdunak berariaz errefusatzen ez badu.

2.– Administrazio honek laguntzak ordaindu ahal izateko, pertsona edo erakunde eskatzaileak Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan agertu beharko du.

Pertsona edo erakundea ez badago erregistratuta edo Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, elektronikoki izapidetu ahal izango da (izapidetze elektronikoa erabiltzera behartuta dauden pertsonek horrela egin beharko dute) dagokion zerbitzuaren bidez, eta hori ere eskuragarri egongo da egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/

11. artikulua.– Laguntzaren justifikazioa.

1.– Laguntzen pertsona edo erakunde onuradunek beren jarduerarekin jarraitzen dutela egiaztatu beharko dute, laguntza hauek ebazten diren egunean. Horretarako, laguntza horiek eman direla jakinarazi ondoren, eta betiere 2022ko azaroaren 30a baino lehen, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

– Gizarte Segurantzak emandako ziurtagiria, 2022ko alta-egunak jasotzen dituena.

– Aldi horretan egindako kultur programazioa egiaztatzeko agiriak.

2.– Dirulaguntza emateko baldintzak behar bezala justifikatzen ez badira, emandako dirulaguntza itzuli beharko da, DLOren 37.1.b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.– Laguntzaren justifikazioa, bide elektronikoz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «nire karpeta» bidez egingo da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

12. artikulua.– Betebeharrak.

Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak dira, oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan –azaroaren 11ko Legegintzako Dekretuaren bidez onartua– eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1 eta 46. artikuluetan ezarritakoak, eta, bereziki, honako hauek:

– Laguntza emateko eta baliatzeko betekizunak eta baldintzak betetzen direla eta jarduera egin dela justifikatzea.

– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein inguruabar objektibo zein subjektiboren aldaketa jakinaraztea.

– Diruz lagundutako jardueren xedeari edo izaerari funtsean eragiten dion edozein gorabeheraren berri ematea.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko ente publikoek eta sozietate publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedurak jakinaraztea.

– Jasotako laguntzen izaera publikoa argitara ematea, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan ezarritako moduan eta baldintzetan. Erakundearen dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztiek hizkera ez-sexista erabili beharko dute, emakumeak diskriminatzen dituen edozein irudi edo estereotipo sexista saihestu beharko dute, eta berdintasunaren, presentzia orekatuaren, aniztasunaren, erantzunkidetasunaren eta genero-rol eta -identitateen aniztasunaren balioak dituen irudia sustatu beharko dute.

13. artikulua.– Dirulaguntzaren aldaketa.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da, betiere dirulaguntzen onuradun izateko agindu honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira. Baldintzak aldatzearen ondorioz dirulaguntza osoa edo haren zati bat itzuli behar bada, itzulketa-prozedurari ekingo zaio.

14. artikulua.– Beste laguntza edo dirulaguntza batzuekiko bateragarritasunak.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak izango dira edozein administraziok helburu bererako ematen dituen beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, 3.4 artikuluan jasotako salbuespenak alde batera utzita.

Laguntzaren zenbatekoak, beste laguntza batzuekin batera, ezin izango du gainditu lehen instantzian aurreikusitako laguntza kalkulatzeko gehieneko oinarria. Kasu horretan, agindu honen bidez emandako laguntzaren soberakinari dagokion zenbatekoa kenduko zaio.

15. artikulua.– Ez-betetzeak eta emandako dirulaguntzak itzultzea.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan aurreikusitako betebeharren bat bete ezean, Kulturako sailburuordeak, onuradunari entzun eta dagokion prozedura bideratu ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko du.

2.– Gainera, laguntza dagoeneko ordaindu bada, adieraziko du Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaiola jasotako zenbatekoa eta dirulaguntzen arloko berandutze-interesak eskatu behar direla, dirulaguntza ordaindu den egunetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera arte, edo zordunak itzulketa egin duen egunera arte, baldin eta itzulketa egun hori baino lehenagokoa bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan eta 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan jasotako kasuetan.

3.– Hori guztia, bidezkoak diren gainerako ekintzak alde batera utzi gabe, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra arautzen da, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dira.

4.– Itzulitako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorioetarako, eta erantzukizunen araubidea 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan aurreikusitakoa izango da.

I. KAPITULUA
ZUZENEKO MUSIKA-ARETOEN KUDEATZAILEENTZAKO EDO ZUZENEKO MUSIKAREN SUSTATZAILEENTZAKO LAGUNTZAK

16. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen arloak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak beren jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan arlo hauetakoren batean garatzen duten autonomoei, enpresei eta erakunde profesional pribatuei zuzenduta daude:

– Zuzeneko musika-aretoak kudeatzea.

– Zuzeneko musikaren sustatzaileak.

2.– Kanpoan geratuko dira ekitaldi tradizionalei lotutako funtzioak, orotariko ekitaldien esparruan sartutako programak edo beste jarduera mota baten osagarri direnak.

17. artikulua.– Berariazko baldintzak.

1.– Laguntza hauek eskatu ahal izango dituzte 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzeaz gain, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean baldintza hauek betetzen dituztenek:

– Zuzeneko musika-aretoen kudeatzaileak:

Aretoaren titulartasuna izatea eta/edo haren programazioa kudeatzea.

Aretoaren legezko gutxieneko edukiera 120 pertsona izatea.

2019an, 100.000 biztanletik gorako herrietan, gutxienez zuzeneko 20 musika-ekitaldi programatu izana, ordainpeko sarrerarekin, edo, gutxienez, zuzeneko 12 musika-ekitaldi programatu izana gainerako herrietan, sarrera ordainduarekin. Ekitaldi kopuru hori kalkulatzeko ez dira kontuan hartuko DJen saio esklusiboak edo ospakizun partikularrak.

Musika-programaziorako ekipamendua eta teknikariak izatea.

– Zuzeneko musika-sustatzaileak:

Gutxienez zuzeneko 10 musika-ekitaldi antolatu izana, ordainpeko sarrerarekin, 2019an.

18. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazio espezifikoa.

Oro har 5. artikuluan jasotakoaz gain, pertsona autonomoek, enpresek eta erakunde profesional pribatu eskatzaileek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

– Zuzeneko musika-aretoen kudeatzaileak:

Lokalaren jabetza-agiria edo alokairu-dokumentua.

Musika-ekitaldietarako hirigintza- edo udal-lizentzia, lokalaren edukiera adierazten duena.

2019an egindako programazioaren erantzukizunpeko adierazpena.

Erantzukizunpeko adierazpena, ekipamenduaren eta teknikarien erabilgarritasunari buruzkoa.

– Zuzeneko musikaren sustatzaileak:

2019an egindako programazioaren erantzukizunpeko adierazpena.

19. artikulua.– Gehieneko zenbatekoa.

Proiektu bakoitzerako jaso daitekeen dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa, eskatutako kopuruaren arabera, 8. eta 9. artikuluetan jasotako mugek zehaztuko dute. Gainera, jaso beharreko gehieneko zenbateko hori ez da inoiz 170.000 eurotik gorakoa izango zuzeneko musika-aretoen kudeatzaileen kasuan, eta 30.000 eurotik gorakoa, musika-sustatzaileen kasuan.

II. KAPITULUA
ZINEMA-EMANALDIETARAKO LAGUNTZAK

20. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen arloak.

Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak beren jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen duten eta Europako eta/edo Latinoamerikako zinema-emanaldien arloan diharduten autonomoei, enpresei eta erakunde profesional pribatuei zuzenduta daude.

21. artikulua.– Berariazko baldintzak.

1.– Laguntza hauek eskatu ahal izango dituzte 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzeaz gain, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean baldintza hauek betetzen dituztenek:

– Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako zinema-aretoen edo zinema-guneen kudeatzaileak izatea, Zinemaren abenduaren 28ko 55/2007 Legearen 4. artikuluko l) eta m) letretan ezarritako definizioaren arabera, hurrenez hurren.

– Erakustokiak deialdia argitaratu baino sei hilabete lehenagotik egon beharko dira jendearentzat zabalik, eta leihatila-sistema eta diru-sarreren aitorpena izango dituzte. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileek Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren Enpresa Zinematografikoen Administrazio Erregistroan izena emanda egon beharko dute.

– 2021ean, urteko programazioaren % 40, gutxienez, Europar Batasuneko edo Iberoamerikako filmez osatuta egotea.

2.– Deialdi honen ondorioetarako, Europar Batasuneko film gisa hartuko dira MEDIA programan parte hartzen duten estatuetan kokatutako konpainia batek edo batzuek ekoitzitakoak nagusiki, eta film iberoamerikartzat joko dira Iberoamerikako estatuetan kokatutako konpainia batek edo batzuek ekoitzitakoak.

3.– Nolanahi ere, kanpoan geratuko dira X aretoetako emanaldi-programak.

22. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

5. artikuluan oro har jasotakoaz gain, pertsona autonomoek, enpresek eta erakunde profesional pribatu eskatzaileek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

– Kultura Ministerioaren Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren (ICAA) zinema-emanaldietarako aretoen erregistroan inskribatuta daudela egiaztatzen duen agiria.

– ICAAra bidalitako emanaldi-txostenaren kopia, 2021eko ekitaldiko programazioari buruzkoa.

23. artikulua.– Gehieneko zenbatekoa.

Proiektu bakoitzerako jaso daitekeen dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa, eskatutako kopuruaren arabera, 8. eta 9. artikuluetan jasotako mugek eta pertsona, enpresa edo erakunde eskatzaileak kudeatutako pantaila-kopuruak zehaztuko dute.

Horrela, pantaila bat edo bi kudeatzen dituzten pertsona, enpresa edo erakundeek 10.000 euro jasoko dituzte gehienez; kantitate horri 5.000 euro gehitu ahal izango zaizkio kudeatutako pantaila gehigarri bakoitzeko. Nolanahi ere, jaso beharreko zenbatekoa ez da inoiz izango 100.000 euro baino handiagoa onuradun bakoitzeko.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Estatu-laguntzei buruzko araudia betetzeari dagokionez, hauen arabera eratzen da laguntza: Europar Batasunaren Aldi Baterako Esparrua (EBAO, C 91 I, 2020-03-20), zeina COVID-19aren egungo agerraldiaren testuinguruan ekonomia babestera bideratuta dauden estatu-laguntzako neurriei buruzkoa baita, eta haren ondorengo aldaketak; eta Europako Batzordeak apirilaren 2ko SA.56851 (2020/N) Erabakiaren bidez onartutako Aldi Baterako Esparru Nazionala, zeina COVID-19aren egungo agerraldiaren testuinguruan ekonomia babestera bideratuta dauden enpresentzako eta autonomoentzako laguntza-neurriei buruzkoa baita (zuzeneko dirulaguntzak, itzuli beharreko aurrerakinak, zerga-abantailak, mailegu-bermeak, maileguen interes-tasen hobariak), eta haren ondorengo aldaketak.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Eman beharreko laguntzen guztizko zenbatekoak ez du gaindituko zenbateko hori edo, indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontu-aldaketak onartzen badira, zenbateko hori handitzearen ondoriozkoa. Kasu horretan, egoera hori publiko egingo da, betiere laguntzak ebatzi aurretik, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

1.– Datu pertsonalen tratamenduek honako hauek bete beharko dituzte: datu pertsonalen babesari buruzko egungo araudia; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua, pertsona fisikoak beren datu pertsonalen tratamenduari dagokionez babesteari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa; eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

2.– Ezarritako segurtasun-neurriak bat datoz Administrazio Elektronikoaren eremuan Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak onartutako II. eranskinean (segurtasun-neurriak) aurreikusitakoekin.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Laguntza-programa honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudian eta hura garatzen duen Erregelamenduan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua) aurreikusitako dirulaguntzen araubide juridikoa aplikatu behar zaio, hargatik eragotzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluko III. kapituluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoa (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko araubide orokorra arautzen duena eta erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, kudeaketa eta betebeharrak ezartzen dituena).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko apirilaren 12a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala