Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

48. zk., 2022ko martxoaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1111

EBAZPENA, 2022ko otsailaren 7koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Ermuko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa Puntualari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa, Idesa enpresaren lurzatiari (Gipuzkoa hiribidea 15) bizitegi-lurzoruaren kalifikazioa emateko.

AURREKARIAK

Ermuko Udalak, 2021eko azaroaren 26an, Ermuko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa Puntualaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko eskaera egin zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Idesa enpresak udalerri horretako Gipuzkoa hiribideko 15. zenbakian duen lurzatiari bizitegi-lurzoruaren kalifikazioa emateko. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko abenduaren 21ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, izapidearen hasieraren berri eman zitzaion Ermuko Udalari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskura egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago Ermuko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa Puntuala, Idesa enpresaren lurzatiari (Gipuzkoa hiribidea 15) bizitegi-lurzoruaren kalifikazioa ematekoa; izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin garrantzitsuak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta betetzen dituela indarreko araudian ezarritako alderdiak, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana garatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ermuko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa Puntualari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, Idesa enpresak udalerri horretako Gipuzkoa hiribideko 15. zenbakian duen lurzatiari bizitegi-lurzoruaren kalifikazioa emateko (aurrerantzean, Plana), ondoren adierazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Ermuko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra 2015eko otsailean onartu zen behin betiko. HAPOren arabera, Planaren xede den lurzatia bizitegi-erabilerarako ez den hiri-lurzoru finkatua da, HAPOren 7. Ordenantza Arautzailean arautua (OA-7: bizitegitarako ez den eraikina); gaur egun jarduerarik gabeko industria-eraikin batek hartzen du lurzatia (Idesa).

Horiek horrela, eta enpresak beste kokaleku batean jarrai dezan sustatzeko, erreferentziako lurzatiaren erabilera arautzen duen ordenantza aplikagarria aldatu nahi da, hots, industria-erabileratik bizitegi-erabilerara. Ordenantza horretan HAPOren OA-2 Ordenantza aplikatuko litzateke: Bide-lerroaren araberako eraikina.

Planaren zirriborroaren arabera, aldaketa ondo egokitzen da lurzatia dagoen auzora, gaur egun ia erabat bizitegi-erabilerakoa da eta. Azken batean, aldaketa horri esker zaharkitutako industria-eraikin bat kendu ahal izango da, eta ingurukoen moduko bizitegi-eraikin berri bat eraiki.

Planaren xede den lurzatia Ermuko hirigunetik hegoaldera dago, Gipuzkoa hiribideko 15. zenbakian, Ermuko hirigunetik 900 m ingurura eta AP-8 autobidetik 300 m ingurura. Adierazi bezala, nagusiki bizitegi- eta merkataritza-erabilerako eraikinek okupatutako hiri-eremu finkatua da, eta industria-erabilerako eraikin batzuk ere badaude.

Eraginpeko lurzatiak 2.463,04 m2-ko azalera du, eta, esan bezala, gaur egun industria-eraikin batek (Idesa) hartzen du, 1.959,11 m2-ko azalera duena. Lurzatia Ego ibaiak zeharkatzen du, eta ibai horren ibilgua lurpetik igarotzen da bertatik.

Planaren zirriborroaren arabera, garapen-proposamenarekin, lortzen den urbanizazio-azalera 1.063 m2-koa da. Ego ibaiaren etorkizuneko bideratzearekiko 5,00 metroko tartearekin, 880 m2-ko lurzati eraikigarri bat lortuko da.

Irizpide horiekin, antolamendu-proposamenak hiru eraikin (atari) atxiki eraikitzea dakar, etxebizitza libre, tasatu eta BOEetarako; beheko solairua eta garajerako sotoak partekatuko lituzkete. Eraikinaren profila BS+8 da, eta 5,00 ml-ko tartea uzten du ibaiaren bideratzearekiko eta 3,00 ml-ko tartea lurzatiaren hegoaldeko mugarekiko, Gipuzkoa hiribideko 17. zenbakiko bizitegi-eraikinaren parean. 40 etxebizitza libre, 16 etxebizitza tasatu eta 16 BOE eraikiko dira, 7.040,00 m2-ko bizitegi-azalerarekin; orotara, 72 etxebizitza.

Aztertutako aukerak.

Ingurumen-dokumentu estrategikoak (IDE) garapen-aukera bakarra aurkezten du, esku ez hartzeko aukeraz gain (0 aukera), baina hori baztertu egiten da, gaur egun nagusi den bizitegi-erabileraren eta zaharkituta geratu den industria-erabileraren arteko bateraezintasunari eutsiko liokeelako.

Ondorioz, garapenerako aukera bat baino ez da planteatzen, kontuan hartuta lurzatiaren baldintzatzaileetara (naturaletara eta hirigintzakoetara) doitzen den proposamena dela, kontuan hartuta haren kokapena eta azalera, ibai-bideratzearen, hiri-bideen eta alboko eraikinen atzeraemanguneak, eta Ordenantza Arautzailean ezarritako eraikuntzarako baldintzak, eta, beraz, Plana garatzen duen proposamena dela lurzatia okupatzeko aukera zentzuzko eta bideragarri bakarra.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Planak Ermua udalerriko hiri-eremu finkatu bati eragiten dio, egungo industria-erabileratik aurreikusitako bizitegi-erabilerara igaroko litzatekeena, alegia, inguruan nagusi den erabilera izango luke. Horretarako, beharrezkoa izango da dagoen industria-eraikina eraitsi eta bizitegi-eraikin berriak eraikitzea, eremua urbanizatzeaz gain. Plana garatzeko, beraz, eraisteko, urbanizatzeko eta eraikitzeko proiektuak idatzi eta bete behar dira, hori guztia, esan bezala, indarrean dagoen HAPOren arabera hiri-lurzoru finkatua den horretan. Horiek horrela, aurkeztutako dokumentazioa ikusita, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: Lehen zehaztu den bezala, Planaren xedeko eremua gaur egun zaharkituta dagoen eraikin batek okupatzen duen industria-erabilerako hiri-lurzoru finkatukoa da; Planak proposatzen dituen urbanizazio-jarduketekin, lurzatiaren erabilera bizitegi-izaerara aldatuko litzateke, alegia, lurzoruak ezaugarri naturalak galdu dituen hiri-lurzati bati eragingo lioke. Azaldutakoari jarraikiz, eta Planaren ingurumen-ondorioen balorazioa egungo egoeraren arabera egin behar dela kontuan hartuta, ondoriozta daiteke ez duela ingurumen-eragin nabarmenik izango, ez eta bateraezintasunik ere beste plan edo programa batzuekin.

c) Planaren egokitasuna ingurumen-alderdiak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak integratzeko, eremuaren hiri-berroneratzea eragiten duen neurrian, industria-erabilera zaharkituak desagerraraziz eta lurzatiaren urbanizazio-baldintzak hobetuz; era berean, bateragarria da etorkizunean Ego ibaiaren ibilgua Planaren eremuan desestaltzearekin; hori onuragarria litzateke ingurumenarentzat. Gainera, etorkizuneko bizitegi-garapena bateragarria da baliabideen (ura, energia, etab.) kontsumo efizienteagoa sustatzeko neurriak hartzearekin.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, urari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

Aurreko ataletan adierazi den bezala, Planaren xede den lurzatia hiri-lurzoru finkatu eta eraikia da (industria-erabilerakoa); honako hauek dira haren ingurumen-ezaugarri nagusiak:

– Eremuan, edo hurbil, ez dago ez naturagune babesturik, ez korridore ekologikorik, ez interes geologikoko lekurik. Halaber, ez dago ezein katalogoko eremuren barnean (ez EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekiko eremuetan, ez LAG-Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako interes naturalistikoko eremuen zerrendakoetan), ez Europar Batasuneko intereseko habitatetan, ezta landare-espezie mehatxatuenetan ere. Era berean, ez dago Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroko elementurik.

– Eremua Debako Unitate Hidrologikoaren gainean dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Arroen eremuan. Lurzatian, Deba ibaiaren adarra den Ego ibaiaren ibilgua igarotzen da lurpean; ibai hori lurzatiaren hegoaldean azaleratzen da, ibaian behera 150 metrora.

Espedientean, URAk, Uraren Euskal Agentziak, 2018ko abenduaren 18an egindako txostena dago jasota. Txosten horren bidez, Idesaren pabiloiak eraistearen eta etxebizitza-eraikin berri bat eraikitzearen egokitasunaren aldeko txostena ematen da, eta jarduketak EAEko Ibaien eta Erreken Lurralde Plan Sektorialean ezarritako atzeratzeak eta Uren Legean xedatutakoa bete beharko ditu.

– Eremua Bizkaiko sinklinorioko lurpeko masaren gainean, eta ez dago eremu horretan interes hidrogeologikoko eremurik. Gainazaleko materialek pitzadurak eragindako iragazkortasun txikia dute, eta hutsaren hurrengoa da akuiferoak kutsatzeko arriskua.

– Planaren xede den lurzatia kokatuta dagoen ikus-arroa (Zabaleta) nagusitasun antropogenikoko hiri-paisaia da. Paisaiaren balorazioa oso txikia da (EAEko paisaia berezien eta bikainen katalogo irekia). Aurreproiektua. Eusko Jaurlaritza. 2005).

– Eremuan ez da katalogatutako edo katalogatzeko proposatutako kultura-ondareko elementurik hauteman.

– Ingurumen-arriskuei dagokienez, adierazi behar da Ego ibaia, Planaren eragin-eremuan, Mallabia-Eibar (ES017-BIZ-DEB-05 kodea) izeneko uholde-arrisku handiko eremuan dagoela. Hala ere, Planaren eremuaren parte den eremu zehatza ez dago uholde-orbanen eraginpean aintzat hartutako errepikatze-denbora bakar batean ere (10, 100 eta 500 urte).

Bestalde, Planaren eremua kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak izan dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako lurzati bat da, Idesaren industria-jarduerari dagokiona (kodea: 48034-00048).

– Zaratari dagokionez, hauek dira Planaren eremuari eragiten dioten zarata-foku nagusiak: Gipuzkoa hiribidea (Gipuzkoa hiribidea, lehengo N-634 errepidea, hiri-zeharbidean), Planaren lurzatiaren mugakide dena; N-634 errepidea, Ermuko saihesbidea, eremutik 290 metro hegoaldera; A-8 autobidea, lurzatitik 325 metro hegoaldera; eta Euskotrenen Bilbo-Donostia trenbide-sarearen linea, etorkizuneko etxebizitza-eraikinaren 24 m ingurura dagoena.

Sustatzaileak eragin akustikoari buruzko azterlan bat sartu du espedientean, eta horren emaitzak hurrengo lerrokadetan aipatzen dira.

Bestalde, Euskotrenen Bilbo-Donostia trenbide-sarearen linearen hurbiltasuna kontuan hartuta (proiektuan jasotako eraikin hurbilenetik 24 metrora dago), sustatzaileak EAEko hots-kutsadurari buruzko Dekretuan (213/2012, urriaren 16koan) zehazten den metodologiari jarraikiz egindako bibrazio-saiakuntza baten emaitzak atxiki ditu. Erreferentziako kalitate-helburuak aipatutako dekretuaren I. eranskineko 1. zatiko B eta C tauletan zehaztutakoak dira. Saiakuntza horretako emaitzen arabera, Euskotrenen trenek lurzoru-kotan eragindako bibrazio-mailak (69,6 [dB]) ez ditu gainditzen bizitegi-erabilerari aplikatu behar zaizkion kalitate akustikoaren helburuak (75 [dB]), ez egungo egoeran, ez etorkizunekoan.

Planaren garapenak eragin ditzakeen ondorioak honako hauei lotuta egongo dira: eremuaren eraikuntza- eta urbanizazio-obrak, lur-mugimenduak, hondakinak sortzea (eraikinak eta lehendik dauden zoladurak eraistean sortutakoak barne), makinen joan-etorriak, isurketak, zaratak eta abar. Ondorioz, lurrazaleko eta lurpeko uretara eta lurzoruetara isuriak egitea gerta daiteke, eta eragozpenak eragin dakizkieke auzokoei, emisio atmosferikoengatik, zaratengatik etab. Hala ere, proposatzen diren jarduketak mugatuak direnez, eraginak txikiak izango dira, eta, oro har, aldi baterakoak eta itzulgarriak izango dira, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere zaraten gainekoa, eta hondakinen, isurien eta emisioen kudeaketari buruzkoa, eta obrak horrelako jardueretarako jardunbide egokiak betez egiten badira.

Ustiapen-fasean, etxebizitza berrietako biztanleek ondorio handiak pairatu ahalko dituzte eremuaren kalitate akustikoa dela eta.

Hori horrela, sustatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 37. artikuluan deskribatutako Inpaktu Akustikoari buruzko Azterketa atxiki dio espedienteari. Azterketa horretan, Planaren ingurunean dauden (lehen zerrendatu dira) zarata-foku nagusiak identifikatu eta modelizatu dira. N-634 errepide zaharra udalerritik igarotzean, egungo Gipuzkoa etorbidea, eta Euskotrenen Bilbo-Donostia trenbidea dira eraikin berriak nozituko dituen zarata-iturri nagusiak.

Azterketa akustiko horren arabera, gaur egungo egoeran kalitate akustikoko helburuak betetzen dira kanpoko ingurunean, 2 metroko altueran, industria-erabilerarako, baina etorkizunean KEBak gainditzea espero da, nagusiki bizitegi-erabilerarako diren (etorkizuneko hirigintza-garapena: 60/60/50 dBA egun/arratsalde/gau, hurrenez hurren) eraikin berriaren mendebaldeko fatxadako puntuetan (eguneko, arratsaldeko eta gaueko ordutegi guztietan) eta aurreikusitako eraikinaren iparraldeko eta hegoaldeko fatxadetan (maila txikiagoan eta eguneko, arratsaldeko eta gaueko ordutegi guztietan). Balio eskasenak eguneko eta arratsaldeko 56-62 dBA eta gaueko 56 dBA artean daude (mendebaldeko fatxadan nonbait).

Sustatzaileak emandako informazioaren arabera, Planaren eremua Ermuko udalerriaren hegoaldeko Babes Akustiko Bereziko Eremuaren barnean dago, eta Ermuko Udalak 2016an idatzi eta onartutako Ekintza Plan bat du. Ekintza-plan edo zonako plan honen arabera, hainbat ekintza proposatzen dira Planaren eremuan eragin akustikoa murrizteko: Hiri barruko bideetan abiadura 30 km/h-ra murriztea eta hesi akustikoak jartzea. Hala ere, sustatzaileak aurkeztutako azterketa akustikoaren arabera, Gipuzkoa etorbidean zirkulazio-abiadura 30 km/h-ra murriztea ez da nahikoa ezarritako helburuak lortzeko, eta, aldiz, ez da eraginkorra aipatutako zatian hesi akustikoak jartzea, 4 metrotik gorako altuerak beharko liratekeelako eraginkorrak izateko (horrek arazo estetikoak eta kokapenerako espazio-arazoak ekarriko lituzke).

Ondorioz, IDEk fatxadan fatxadako gutxieneko isolamendua proposatzen du, zarata-fokuekiko esposizioaren arabera, eraikinen barnealdean kalitate akustikoaren helburua bete ahal izateko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren eta Eraikingintzaren Kode Teknikoaren eskakizunekin bat etorriz.

Espedientean dauden txostenen arabera, Gipuzkoa hiribidea, Planaren lurzatiarekiko mugakide den zatian, tokiko titulartasuneko bide bat da, eta, horregatik, ez dago Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituen errepideetako Zortasun Akustikoko Eremuen eraginpean; beraz, Ermuko Udalari dagokio etorkizuneko bizitegi-garapenari aplika dakizkiokeen kalitate akustikoko helburuak betearaztea.

Hori horrela, gogora ekarri behar da ezen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluaren arabera, etorkizunean ezingo dela garapen urbanistikorik gauzatu kanpoko giroan kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez diren guneetan, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

Bestalde, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak direnez, kontuan izan beharko da 4/2015 Legean xedatutakoa (4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa).

Edonola ere, ingurumen-ondorioak baloratzeko, erreferentziatzat hartuko da indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera. Zentzu horretan, Ermuko HAPOk Planaren lurzatia bizitegi-erabilerarako ez den hiri-lurzoru finkatu gisa kalifikatzen du, eta gaur egun industria-erabilerakoa da. Eremu horretako HAPOren aldaketaren helburua bertan bizitegi-erabilera ahalbidetzea da, eta hori hiri-berroneratzeko jarduketatzat hartzen da, egokia oso lurzatia dagoen udalerriko eremua gaur egun ia erabat bizitegi-erabilerakoa izanik. Gainera, etorkizuneko hiri-garapena bateragarria da etorkizunean Planaren lurzatian Ego ibaiaren ibilgua desestaltzearekin (onuragarria da ingurumenaren ikuspegitik), eta horixe jartzen du agerian Uraren Euskal Agentziak 2018ko abenduaren 19an jarduketa horri buruz egindako txostenak, eta horren kopia bat ageri da IDEn, sustatzaileak aurkeztua.

Bestalde, bizitegi-erabilera berria egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak integratzeko; izan ere, ez dakar lurzoru natural berriak okupatzea; aitzitik, aukera ematen du gaur egun artifizializatuta dauden gainazalak naturalizatzeko, partzialki bada ere, eta, gainera, bizitegi-garapena bateragarria da baliabideen (ura, energia, etab.) kontsumo efizienteagoa sustatzeko neurriak hartzearekin.

Aurrekoaren ondorioz, eremuaren egungo egoera, Planak planteatzen duen antolamendu-proposamena eta dagozkion prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurrien aplikazioa kontuan hartuta, ez da espero jarduketa horiek eragin garrantzitsurik izango dutenik ingurumenean, baldin eta eragin-eremuan egiten diren jarduerak eta jarduketak segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, urari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira, besteak beste.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsurik izan ez dezan eta Idesa enpresak Ermuko Gipuzkoa hiribideko 15. zenbakian duen lurzatiari bizitegi-lurzoruaren kalifikazioa emateko asmoz Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean egin beharreko Aldaketa Puntualari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.

Plana garatzeko proiektuetan eta jarduketetan kasuan-kasuan aplikagarriak diren ingurumen-arloko baimenak edo prozedurak alde batera utzi gabe, honako neurri hauek hartuko dira:

Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak:

– Planean aurreikusitako etorkizuneko hirigintza-garapenari dagokionez, bermatuko da eremu akustiko honetan betetzen direla aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak, 213/2012 Dekretuaren, urriaren 16koaren, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzkoaren, 31.2 artikuluan xedatuarekin bat, eta ezingo da etxebizitzak eta ospitale, hezkuntza edo kultura erabilerako eraikinak eraikitzeko baimenik eman baldin eta, baimena emateko unean, kanpoan ez badira betetzen kalitate akustikoko helburu horiek, non eta ez dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren batean.

– Ondorioz, eraikuntza-lizentzia eman aurretik, kanpo-ingurunea babestera bideratutako neurri tekniko eta ekonomikoki egokiak hartu behar dira (lurzorutik bi metrora inguru eraiki gabeetan, eta altuera orotara leihodun fatxadetan, inguru eraikietan), baita, edonola ere, eraikinaren barnealdeko kalitate akustikoko helburuak betetzera zuzendutakoak ere, gelaren arabera (egongelak edo logelak) eta eguneko orduaren arabera (goizez, arratsaldez eta gauez). Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikuntza-proiektuan.

– Obrek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraispen-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, eta zaraten eta bibrazioen murrizketan.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak (baita errepideko zirkulaziorakoak ere) egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsaduraren urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35.bis artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, 6 hiletik gorako iraupen aurreikusia duten obren kasuan, nahitaez egin beharko da inpaktu akustikoaren azterlana, neurri zuzentzaile egokiak zehazteko.

Inpaktu akustikoaren azterketan neurri zuzentzaileak zehaztuko dira, eta hor aztertuko da zer onura akustiko lortu nahi den neurri zuzentzaile horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.

Jabari Publiko Hidraulikoa babesteko neurriak:

– Plana garatzeko, jabari publiko hidraulikoari eragin diezaioketen edo hari lotutako babes-eremuetan (zortasunekoan eta zaintzakoan) egin daitezkeen jarduketek arroko erakundearen aldez aurreko baimena beharko dute. Erakunde horrek planaren ezaugarriak eta eraginak aztertuko ditu xehe, eta, hala badagokio, dagozkion zehaztapenak ezarriko ditu, EAEko Ibaien eta Erreken Lurralde Plan Sektoriala eta Uren Legea betetzeko ezarri beharreko urbanizatzearekiko eta eraikinarekiko atzerapenak barne.

Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen kudeaketarekin lotutako neurriak:

– Planaren eremua lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartzen den kokaleku bat da (kodea: 48034-00048). Horrenbestez, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko Legearen (4/2015, ekainaren 25ekoaren) 23.1 artikuluan xedatzen denarekin bat, lurzoruaren kalitate-adierazpen bat izapidetu beharko da, baldin eta lege horren 23. artikuluan jasotako egoeraren bat gertatzen bada.

– Halaber, lege horren 23.2 artikuluaren arabera, 23.1 artikuluan jasotako ekintzaren baten ondorioz egin behar diren lur-mugimenduak egiteko, hondeaketa selektiborako plan bat onartu beharko du aldez aurretik autonomia-erkidegoko ingurumen-organoak, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozeduraren esparruan.

– Aurrekoari kalterik egin gabe, obrak egin bitartean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten beste kokagune batzuk atzemanez gero, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudelako zantzu funtsatuak egonez gero, horren berri eman beharko zaie Ermuko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehatz ditzan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisioko edo juridikok bete beharko dituen, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko 2015eko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.

Beste neurri prebentibo eta zuzentzaile batzuk.

Aurrekoen kalterik gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak, berriz, loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin (instalazioen eta zoladuren eraisketakoak barne), induskatutako lurzoruen kontrolarekin, intereseko balio naturalen babesarekin, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Planak azkenean onartzen dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie.

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Alderdi hauei loturiko alderdiak behintzat hartuko ditu barnean: lanaldiak, makineria, isurketen prebentzioa, ahalik eta hauts eta zarata gutxiena sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Planak proposatzen duen antolamenduaren ondoriozko obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio eremuak, makinak gordetzeko guneak, lan txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak proiektatzerakoan, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan. Ahalik eta gehien murriztuko da obrako makinak eta ibilgailuak aipatu mugetatik kanpo zirkulatzea.

Adierazitako eremutik kanpo istripuzko eraginik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.

– Ingurune hidrikoa babesteari dagokionez, sortzen diren solido esekien edo arrastatze edo jariatze bidezko kutsatzaileen ekarpenaren ondoriozko zeharkako afekzioak eragotziko dira, eta, hala badagokio, kalteak eragozteko neurriak proposatuko dira, adibidez: hesi fisikoak jartzea.

– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makinen parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira.

– Obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereizi beharko dira. Zolata iragazgaitzaz gain, efluenteak biltzeko sistema bat ere izango du, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

– Hondakinen sorrera eta kudeaketa: sortutako hondakin guztiak, indusketakoak barne, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen Errege Dekretuari (679/2006, ekainaren 2koari) jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak (Amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitu eta gutxitzekoak) ezarritakoa bete beharko da, eta baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan (Amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena) ezarritakoa ere.

– Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan. Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat izango da aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulak airera dezaketen eremuetarako. Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Hargatik eragotzi gabe Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Departamenduari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Espazio libreak eta lore-estaldura lehengoratzeko lanetan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, horrela espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, kontuan hartuko dira «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak argitaratu zuen. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

– Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikingintza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta jardunbide egokiak erabiliko dira, batik bat Eraikingintza Jasangarrirako Gida. Industria-eraikinak (2017ko maiatza (https://www.ihobe.eus/argitalpenak/eraikuntza-iraunkorrerako-gidak-eraikin-industriala)), eraikinetan energia-aurrezpena eta energiaren efizientzia areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

• Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

• Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energiaren ekoizpena edo energiaren kontsumoa murriztea.

• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

• Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea.

• Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.

• Mugikortasuna eta garraioa. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Idesa enpresak Ermuko Gipuzkoa hiribideko 15. zenbakian duen lurzatiari bizitegi-lurzoruaren kalifikazioa emateko asmoz Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean egin beharreko Aldaketa Puntualak ondorio kaltegarri esanguratsurik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ermuko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko horrek indarraldia galduko du eta dagozkion ondorioak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Idesa enpresak Ermuko Gipuzkoa hiribideko 15. zenbakian duen lurzatiari bizitegi-lurzoruaren kalifikazioa emateko asmoz Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean egin beharreko Aldaketa Puntuala onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 7a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala