Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

12. zk., 2022ko urtarrilaren 19a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
282

EBAZPENA, 2021eko abenduaren 14koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Barrundiako (Araba) Gebara kontzejuko 4. Industrialdeko 145. lurzatian egin nahi den indusketa-lur naturalezko betelan-proiektuaren gaineko ingurumen-inpaktuaren txostena.

AURREKARIAK

2021eko irailaren 17an, Barrundiako Udalak eskabidea aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean, Barrundiako (Araba) Gebara kontzejuko 4. industrialdeko 145. lurzatian egin nahi den indusketa-lur naturalezko betelan-proiektuaren gaineko ingurumen-inpaktuaren txostena eman zezan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz.

21/2013 Legearen 46. artikulua aplikatuta, 2021eko urriaren 14an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira zenbait erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan xedatutakoa betez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin beharko zaie arau horren II. eranskinean jasotako proiektuei; ebazpen honen xede den jarduera abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. taldeko c) epigrafean, «Beste proiektu batzuk», dago jasota: «Ibaietatik, lurretik edo itsasotik erauzitako materialak isurtzeko edo jalkitzeko lurreko instalazioak, I. eranskinean sartuta ez daudenak, hektarea bat baino gehiagoko azalera hartzen badute». Beraz, ingurumen-ebaluazioaren arloan indarrean den legedia aplikatuta, Barrundiako (Araba) Gebara kontzejuko 4. industrialdeko 145. lurzatian egin nahi den indusketa-lur naturalezko betelan-proiektuari, Larrea Asteasu SLk sustatuari, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua aplikatu behar zaio. Ebaluazio horrek zehaztuko du proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-agiria zuzena dela eta bat datorrela indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiekin, ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du Ingurumen Eusko Jaurlaritzako Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egitea Barrundiako (Araba) Gebara kontzejuko 4. industrialdeko 145. lurzatian egin nahi den indusketa-lur naturalezko betelan-proiekturako, Larrea Asteasu SLk sustaturako, baldintza hauekin:

A) Proiektuaren xedea da Barrundiako (Araba) Gebara kontzejuko 4. industrialdeko 145. lurzatian betelanak egitea, haitzak eta lurra erabilita; hala, lurzatiaren nekazaritza-produktibitatea hobetu nahi da, izan ere, gaur-gaurkoz, elkor samarra da, lur emankorreko geruza mehea delako oso, eta tuparri-kareharrizko lauza asko daudelako gainazalean bertan.

B) Ebazpen honen bidez, ingurumen-inpaktuaren txostena egiten da Barrundiako (Araba) Gebara kontzejuko 4. industrialdeko 145. lurzatian egin nahi den indusketa-lur naturalezko betelan-proiekturako, Larrea Asteasu SLk sustaturako, eta aztertzen da ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat datorren proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia.

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Betelanak 50.432,61 m2-ko azaleran egin nahi dira, 90.414 m3-ko bolumena izango dute. Indusketa-lurrak onartuko dira lanotan (landare-lurra, buztinak, lohi-tuparriak eta harkaitz meteorizatuak, baldin eta ez badira lurzorua kutsa dezakeen jarduera bat dagoen edo egon den lurzoruen katalogoan jasotako lurzati batekoak).

Aztertutako agirien arabera, lehenagoko fase batean, betelanak egin dira lurzati horretan, 9.452,14 m2-ko azaleran, 10.117 m3-ko bolumenarekin.

Ez da ezein drainatze-sarerik eraikitzea aurreikusi, ez baitago ur-ibilgu iraunkorrik batere lurzatian. Euri-urek eragindako jariatze-urak lurzatiko pendiza goreneko lerroan lurzatirako sarbidera isurtzen dira, zeina lurzati multzoko bideen drainatze-sarera lotuta baitago. Azken batean, Zadorra ibaira isurtzen dira.

Betelanetarako sarbidea egungo bidean dago, lurzatiaren ipar izkinaren parean. Bide hori A-3022 tokiko errepidearen eskuin ertzetik abiatzen da.

Betelanek 3 urte eta erdi iraungo dutela aurreikusten da, baina baliteke aldi hori laburtu edo luzatzea, materialaren sorlekuko lanen erritmoa zein den. Betelana amaitutakoan, eremua nekazaritzako eta abeltzaintzako erabilera berreskuratuko da.

Proiektuan ez dago aurreikusita ezein zerbitzu-sare instalatzea (elektrizitatea, ur-hornidurakoa, telefoniakoa, etab.). Ez da energia elektrikorik behar; beharrezkoa bada, elektrizitate-sorgailuz hornituriko kontainer-kamioi bat eramango da. Ureztatze-uren premietarako, zisterna-kamioi bat erabiliko da, ur-presio altu eta baxuko irteerak dituena, eta 10.000 litroko edukiera. Edateko ura edateko uraren hornidura-saretik hartuko da.

2.– Proiektuaren kokapena.

Proiektua Barrundiako (Araba) Gebara kontzejuko 4. industrialdeko 145. lurzatian egingo da. Lurzoru urbanizaezina da, gaur egun, lehorreko laboreetarako bideratua, gehienbat zerealera, eta larreekin eta bazka-laboreekin txandakatuta. Eremua ez dago balio estrategiko handiko lurzoruetan, EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren arabera. Lurzatiaren iparraldeko eta hego-mendebaldeko mugetan dauden sastrakak 4090 Batasunaren intereseko habitata dira: txilardi oromediterraneo endemikoak otearekin.

Eragin-eremuan ez dago flora- edo fauna-espezie mehatxaturik, ez eta babestutako gunerik eta inbentarioan jasotako natura-intereseko lekurik ere. EAEko Igarobide Ekologikoen sareari buruzko azterketan zehazten diren egiturazko elementurik ere ez dago, ez eta paisaia-interes bereziko gunerik ere.

Azkenik, ez da hauteman uholde-arriskurik, kutsatutako lurzorurik edo akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handirik. Orobat, ez da hauteman kontrako baldintzatzaile geoteknikorik eta akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna oso txikia da.

Eremua ur-ibilguetatik aparte dago; ibilgurik hurbilena da Zadorra ibaia, 440 bat metrora kokatua. Lurzatia, halaber, ES2110011 Zadorra-sistemaren urtegiak KEBaren mugatik 630 bat metrora dago, eta KEBaren babes-gune periferikotik 420 bat metrora (lurzatiaren eta KEBaren mugen arteko distantzia txikienak).

Euskal Kultura Ondarearen Zentroaren txostenaren arabera, proiektua gauzatu nahi den lurzatiaren ekialdeko mugan balizko arkeologia-gune bat dago, proiektuak eragin diezaiokeena, hots, Marantxonako herrixka eta Maria Magdalena tenplua (ageriko egiturarik gabeak) Elementu horiek jasota daude Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen 1997ko maiatzaren 26ko Erabakian, Barrundiako (Araba) Balizko Arkeologia Guneen Izendapena egitekoan.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektuaren nolakotasuna dela eta, inpaktu adierazgarrienak betelanak beraiek egiteko lanetan sortuko dira, eremura materialak garraiatzeagatik eta eremuan bertan makinen mugimenduengatik; airearen kalitatean izango dute eragina, hautsa, zarata eta bibrazioak sortuko direnez.

Ez da hauteman inpaktu akustikoarekin puntu kalteberarik; herrigune hurbilena (Gebara herria) lurzatitik kilometro batera baino gehiagora dago.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Barrundiako (Araba) Gebara kontzejuko 4. Industrialdeko 145. lurzatian egin nahi den indusketa-lur naturalezko betelan-proiektuaren, Larrea Asteasu SLk sustatuaren, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoen aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo eskudunaren bidez Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txostena formulatzeko ebazpen honek xedatuko dituenak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak ezarriko dira obretan.

Ondoko apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira:

– Betelana egiteko erabiliko diren materialen jatorria.

Betelanean onartuko diren material bakarrak lurzoru naturaleko indusketetan ateratako lurrak eta haitzak izango dira, eta ez da EHZ 170504 kodean zehaztuetatik bestelako materialik onartuko, honako dekretu hauetan xedatutakoaren arabera: 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena; eta 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena arautzen duena (EHZ 170504 kodea: 170503 kodean zehaztuetatik kanpoko lurra eta haitzak). Ez da onartuko adierazitakoez bestelako materialik.

– Proiektuaren esparrua.

Jardueraren eraginpeko gehieneko esparrua bat etorriko da proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuko prozeduran sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoarekin, eta 2021eko otsaileko proiektu teknikoan zehaztuta daude 2. planoan, «Kokapena» izenekoan.

Ezin izango zaie inolaz ere eragin proiektuan aipatutako eragin-mugetatik kanpo dauden guneei, izan betelanak beraiek egiteagatik, izan lur-pilengatik eta makinak jartzeko guneengatik edota erauzketa-jardueraren jarduera lagungarriengatik.

Adierazitako eremutik kanpo istripuzko eraginik gertatuz gero, zuzentze- eta lehengoratze-neurri egokienak burutuko dira.

– Natura-ondarea babesteko neurriak.

4090 Txilardi oromediterraneo endemikoak otearekin - Batasunaren intereseko habitateko landarediari kalterik ez egiteko, obrei ekin aurretik, intereseko habitatak dauden guneak seinaleztatu egingo dira, eta 10 metroko atzeratze-zerrenda utziko da inguruan; berdin jokatuko da jarduketa-eremutik gertu egoteagatik eragina pairatu dezakeen landaredi autoktonoko multzo ororekin.

Obrak proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira, bai eta lursaila okupatzea eragiten duten eragiketa osagarri guztiak ere. Aipatutako eremutik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak.

Itxitura perimetralak egin behar badira, itxituraren behealdean tarte libreak utzi beharko dira: lurretik 15-20 zentimetroko garaiera izango dute. Betelanak amaitzeko fasean, itxitura guztiak kentzea gomendatzen da.

– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Lurzoru-geruza emankorraren gainaldea modu bereizian erretiratuko da, nekazaritza-lurzatiaren emankortasunari eusteko.

Betelanean sartuko diren materialak metatzearekin lotuta egiten diren jarduera guztiak garatzeko orduan, beharrezkoak diren segurtasun-baldintza guztiak bete beharko dira, lurzorua, lur azpiko urak eta lurrazaleko urak ez kutsatzeko.

Drainatze-sarera ahalik eta hondakin fin gutxien isuri beharko da, eta uraren kalitatea txikiagotzen ez dela bermatu. Horretarako, bideetako, sarbideetako eta garbiketa-ureztatzeetako jariatze-urak egoki tratatu beharko dira, eta ezingo dira zuzenean isuri.

Proiektuak makina-obren eta instalazio laguntzaileen gunea eratzea barne hartzen badu, gune hori drainatze-sare naturaletik isolatu beharko da. Bestalde, mantentze-lanak edo erregaia transferitzeko eragiketak horretarako egokituko den gunean egingo dira, horrela ez baitira lurrean olioak edo erregaiak isuriko.

Ezin izango da lurrazaleko edo lur azpiko urik bildu, horretarako administrazio-emakida izan ezean.

– Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak.

Landare-espezie exotiko inbaditzaileak detektatzeko eta bertan sartu eta hedatzea eragozteko kontrol-neurriak hartuko dira. Jarduteko eremuan landare horiek badaude, desagerrarazteko ahaleginak egingo dira. Bereziki kontrolatuko da betelanetako eta landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta aipatutako espezie horiekin kutsatuta egon daitezkeen lurrak erabiltzea ekidingo da.

– Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera zuzendutako neurriak.

Zarata sorburuan murrizteko hainbat jardunbide egoki aplikatu beharko dira, bereziki materialak garraiatzeko eta deskargatzeko eragiketetan, erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan, jatorriko zaraten eta dardaren murrizketan, makineria mugitzearen ondoriozko zarata moteltzen saiatzean, obretan erabilitako tresnerien soinu-emisioak kontrolatzeko orduan, eta abarretan. Nolanahi ere, eta edozein kasutan, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluan eta horrekin bat datorren araudian aipatutako zarata-foku berriei aplikatu beharreko muga-balioak bete beharko dira.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

Sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da sortutako olio erabilia. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

Gune jakin bat egokituko da aldi batez hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

– Airearen kutsadura murrizteko neurriak.

Ahalik eta hauts gutxien sortzeko ahaleginak egingo dira betelana egiten den bitartean, bai materialak garraiatzeko eragiketetan, bai materialak lurrean uzten diren bitartean. Horretarako, honako neurri hauek hartuko dira:

• Sarbidean, ibilgailuen eta obrako makinen abiadura mugatuko da.

• Garraiatutako zama olanaz estaliko da, eta, beharrezkoa izanez gero, gain-gainetik ureztatuko da.

• Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira.

• Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, bai eta, atzemandako hauts-emisioen arabera, ureztatuko ere. Sarbideek egoera egokian egon beharko dute beti.

• Garbiketa egiteko, zisterna-ibilgailuak erabiliko dira, edo, zenbait tokitan, presio-mahukak edo antzeko tresnak.

• Ez da hondakinik erreko, ez eta inolako materialik ere.

• Kultura ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak erauzteko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

– Jarduera uztea.

Instalazioaren bizitza baliagarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.

Behin jarduera amaitu denean, garbiketa-kanpaina sakona egin beharko da, obra-hondarrak kendu eta aldi baterako instalazio guztiak desmuntatu ostean.

Hirugarrena.– Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera gauzatuko da Ingurumen Jarraipeneko Programa.

Laugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo adierazgarririk sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Horrenbestez, ez da beharrezkoa ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Barrundiako (Araba) Gebara kontzejuko 4. industrialdeko 145. lurzatian egin nahi den indusketa-lur naturalezko betelan-proiekturako, Larrea Asteasu SLk sustaturako.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Seigarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean baimenik ematen ez bazaio aipatutako proiektuari. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abenduaren 14a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala