Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

262. zk., 2021eko abenduaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
6482

EBAZPENA, 2021eko abenduaren 21ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita «Berrorekarako eta ekitaterako lurralde-proiektu berrien programa. Kolektibo kalteberak» izeneko programa finantzatzeko laguntzen deialdia. Laguntza horiek Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan kokatzen dira.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2021eko abenduaren 21eko bileran hartutako erabakiaren bidez, «Berrorekarako eta ekitaterako lurralde-proiektu berrien programa. Kolektibo kalteberak» izeneko programa finantzatzeko laguntzen deialdia onartu du, Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren o) letran xedatutakoaren arabera, organismo autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea, Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan, «Berrorekarako eta ekitaterako lurralde-proiektu berrien programa. Kolektibo kalteberak» izeneko programa finantzatzeko laguntzen deialdia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2021eko abenduaren 21eko batzarrean hartutako erabakiaren bidez onetsitakoa. Ebazpen honen eranskin gisa jaso da erabaki hori.

Bigarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdia onartzeko hartu duen erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Jakinaraztea, deialdia onartzeko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abenduaren 21a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERANSKINA
LAGUNTZEN DEIALDIA, «BERROREKARAKO ETA EKITATERAKO LURRALDE-PROIEKTU BERRIEN PROGRAMA. KOLEKTIBO KALTEBERAK» IZENEKO PROGRAMA FINANTZATZEKO EUROPAR BATASUNAREN NEXT GENERATION EU FUNTSAK FINANTZATUTAKO SUSPERTZE, TRANSFORMAZIO ETA ERRESILIENTZIA PLANAREN BARRUAN

2020az geroztik jasaten ari garen osasun-errealitateak eta horren azpian dagoen eragin ekonomiko-sozialak berariazko neurriak hartzea eskatzen diete administrazioei, ahal den neurrian, batez ere biztanleria kalteberenarengan dituzten ondorio negatiboak arintzeko.

2020ko uztailaren 21eko Kontseilu Europarrak irismen handiko neurri sorta bat adostu zuen, une historiko horretan Europar Batasunean konbergentzia, erresilientzia eta transformazioa bultzatuko duten aurrekaririk gabeko ahaleginaren eta planteamendu berritzaile baten beharraz jabetuta.

Aipatu Europako Kontseiluak onartutako Europako suspertzerako tresnak («Next Generation EU») 2021-2023 aldirako funts ekonomikoak ematen dizkie estatu kideetako administrazioei, transferentzia eta mailegu gisa.

Suspertzerako Europako Funtsaren finantza-baliabideak Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren bidez aplikatuko dira. Plan hori Ministro Kontseiluaren 2021eko apirilaren 27ko Erabakiaren bidez onartu zen, eta 30 osagai edo ekintza-ildotan egituratzen da.

Halaber, «Lan merkatu dinamiko, erresiliente eta inklusibo baterako politika publiko berriak» izeneko 23. osagaian proposatutako erreformen eta inbertsioen barruan 4. inbertsioa sartzen da, «Berrorekarako eta ekitaterako lurralde-proiektu berrien programa», «Kolektibo kalteberak» izeneko inbertsio-lerroarekin.

Inbertsio-lerro horren bidez berroreka sustatu nahi da, enplegua lortzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboentzako laneratze-proiektu integratuak garatuz, lurralde osoko biztanle guztientzako hazkunde orekatua eta jasangarria sustatzeko, kolektiboen arteko eta eskualdeen arteko desberdintasunak arinduz.

Horren helburua da gizarteratzeko eta laneratzeko beharrizan handiena duten biztanleei lan-esperientzia izateko aukera ematea, eta esperientzia horri prestakuntza-jarduerak eta banakako laguntza gehituta laneratze egonkorragoa ematea.

Deialdi honen xede diren prestakuntza-diseinuak eta enplegu-proiektuek «erabilgarritasun sozialeko eremu» gisa definituta egon behar dute; estalita ez dauden gizarte-arloko beharrak estaltzera edo arintzera zuzenduta daude, edo kalitate eta interes publikoko sinergia produktibo iraunkorrak sortzera.

Deialdi honek bere egiten ditu 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiaren 3. bektore estrategikoan proposatutako orientabideak (www.euskadi.eus). Horren arabera, laguntza eta orientazio pertsonalizatuak dira enplegu-politika aktiboen funtsezko elementuak, pertsonen enplegagarritasuna hobetzen eta lan-merkatuan sartzea errazten baitute.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak hala proposatuta, organismo autonomo honen Administrazio Kontseiluak, 2021eko abenduaren 21eko bileran, enplegurako eta prestakuntzarako proiektuak garatzeko eta ekimenaren barruan laneratzen laguntzeko laguntzen deialdia onetsi du «Berrorekarako eta ekitaterako lurralde-proiektu berrien programa. Kolektibo kalteberak» izeneko ekimenaren barruan eta Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan.

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

1.– Deialdi honen xedea da «Berrorekarako eta ekitaterako lurralde-proiektu berrien programa. Kolektibo kalteberak» izeneko programako dirulaguntzak ematea, Europar Batasunaren Next GenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.

2.– Dirulaguntzak emango dira 45 urtetik gorako langabeei eta egoera ahulean edo baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonei arreta pertsonalizatua emateko. Arreta hori hainbat motatako ekintzak batzen dituzten banakako ibilbideak garatuz egingo da, hala nola lan-orientazioa eta aholkularitza, prestakuntza eta konpetentzia profesionalak eskuratzea, laneratzea eta enplegua sortzea lanaldi partzialeko aldi baterako lan-kontratuen bidez. Horietan guztietan, gainera, aldi berean indartuko dira benetako berdintasuna eta enplegua lortzeko diskriminaziorik eza.

3.– Laguntza hauek ez dira estatu-laguntza bat Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren (EBFT) 107. eta 108. artikuluetan ezarritakoaren arabera, laguntzak emateak ez baitu lehia faltsutzen, ez eta lehia faltsutzeko mehatxurik ekartzen ere, zenbait enpresa edo ekoizpenen alde eginez, dirulaguntzen entitate onuradunak erkidegoko eta tokiko sektore publiko instituzionaleko administrazio publikoak eta organismoak eta entitateak baitira.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 18.879.757 eurokoa da guztira, honela banatuta:

a) 4.883.358 euro, 5.3 b) artikuluan aurreikusitako gastua erantzuteko, parte-hartzaile bakoitzaren banakako ibilbideko prestakuntza-, orientazio- eta laguntza-jarduketengatik. Jarduera horiek 2022ko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkio eta Europako Batasunak (Next GenerationEU) finantzatutako Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren kargura finantzatua, 2021eko otsaileko eta 2012ko Kontseiluaren (EB) Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez finantzatua.

b) 13.996.399 euro, parte-hartzaileen lan-kontratuak finantzatzeko, bai eta 5.3 b) artikuluan aurreikusitako gastua finantzatzeko ere, baldin eta aurreko paragrafoan aipatutako Europako funtsekin finantzatutako kredituarekin iristen ez bada. Horietatik 7.700.000 euro 2022. ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 6.296.399 euro, berriz, EAEko Aurrekontu Orokorren 2023. ekitaldiko konpromiso-kredituari.

2.– Laguntzen bolumen osoak ez du gainditu behar zenbateko hori edo, indarreko legeriaren arabera 2022an xede bererako funts berriak transferitzen badira eta funts horiek ordainketa-kreditu berriak sortzen badituzte, gertaera hori argitaratu beharko litzateke, Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez.

Halaber, 2023an funts berriak transferitzen badira xede bererako, gehitu ahal izango dira deialdi honen babesean ematekoak diren laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak; horrez gain, epe berri bat ezarriko da eskabideak aurkezteko eta erabakia argitaratu egingo da. Kreditu berriarekin, 2022an epe barruan eskatutako eta ekitaldi horretako aurrekontu-kredituarekin eman ezin izan diren dirulaguntzak eman ahal izango dira.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduak 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, deialdi honetan iragarritako dirulaguntzen ebazpenak emateko, kreditu egokiak eta behar bestekoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2022ko eta 2023ko aurrekontu orokorretan.

3. artikulua.– Dirulaguntzaren onuradunak.

1.– Deialdi horren esparruan, honako entitate hauek izan ahalko dira laguntzen onuradunak, horretarako eskaera egin ondoren:

– Euskal Autonomia Erkidegoko foru-aldundiak, mankomunitateak, kuadrillak eta udalerriak, bai eta aurrekoen mendeko edo haiei lotutako organismoak eta gainerako entitateak ere, autonomia- eta toki-erakundeen sektore publikoa osatzen dutenak.

– EAEko tokiko edo eskualdeko garapenerako agentziak eta horiekin lotutako elkarteak.

2.– Entitate onuradunek eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dituzte.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta hura ordaindu baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

c) Ez dute izan behar zigor- edo administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zehapenik, ez eta horretarako desgainkuntza dakarren legezko debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera, edo Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta zehazki 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu egiaztatzen 2. apartatuan xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatu beharko da; adierazpen hori eskabide-orrian jasota dago.

3.– Entitate onuradunak «ingurumenari kalte esanguratsurik ez eragiteko» printzipioa («do no significant harm–DNSH» printzipioa) eta etiketatze klimatiko eta digitala erabat betetzen dituztela bermatu beharko dute, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planean, Espainiako suspertze eta erresilientzia planaren ebaluazioa onartzeari buruzko Kontseiluaren 2021eko uztailaren 13ko exekuzio-erabakian (Council Implementing Decision-CID) eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduan ezarritakoarekin bat, baita hura garatzeko araudian ezarritakoarekin bat ere. Proiektuak diseinatu eta gauzatzeko fase guztietan bete beharko dira, modu indibidualean jarduketa bakoitzerako.

Ondorio horietarako, dirulaguntza-eskabidearekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute I. eranskineko ereduan. Helbide honetan eskuratu daiteke: https://www.euskadi.eus/servicios/1210501

4.– Halaber, entitate onuradunek konpromisoa hartu beharko dute behar diren eskubideak eta sarbideak onartzeko, Batzordeak, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoak, Europako Kontuen Auzitegiak, Europako Fiskaltzak eta estatuko agintari eskudunek dagozkien kontrol-eskumenak betetzeko aukera dutela bermatzeko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduaren 22.2.e) artikuluan eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren («Finantza Erregelamendua») 129.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.

Konpromiso hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko dute, II. eranskineko ereduan. Helbide honetan eskuratu daiteke: https://www.euskadi.eus/servicios/1210501

5.– Entitate onuradunek proiektu bakoitza bermearekin garatzeko behar diren baliabide teknikoak eta giza baliabideak egiaztatu beharko dituzte.

Informazio hori egiaztatzeko, entitatearen legezko ordezkaritzak erantzukizunpeko adierazpen bat egingo du (eskabide honetara sartuko da). Edonola ere, entitate eskatzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku izan beharko ditu adierazpen horretan jasotako datuak egiazkoak direla erakusten duten dokumentuak.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen xedea da «Berrorekarako eta ekitaterako lurralde-proiektu berrien programa. Kolektibo kalteberak» izeneko programan parte hartzen duten pertsonek gauzatzen dituzten 1. artikuluan azaltzen diren banakako ibilbideak finantzatzea.

Programaren pertsona onuradunak 3. artikuluan zehazten diren entitateek (horien mendeko entitateek barne) kontratatuko dituzte zuzenean; bestela, zailtasun bereziak dituzten pertsonak gizarteratzen eta laneratzen diharduten irabazi-asmorik gabeko entitateek kontratuko dituzte, betiere EAEko hirugarren sektore sozialean sartuta badaude (Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko maiatzaren 12ko 6/2016 Legean arautua), eta haiekin proiektua gauzatzea hitzartzen bada edota proiektua kontratu bidez haiei esleitzen bazaie.

Entitate onuradunak artikulu honetako d) letran aurreikusitako ekintzak azpikontratatu ahal izango ditu, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta lege hori garatzen duen erregelamenduaren 68. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

2.– Diruz lagunduko diren proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

Hasieran 8 eta 12 pertsona bitarteko taldeak eratuko dira.

6 hilabeteko iraupena izango dute.

a) Lan-kontratazioa parte-hartzaile bakoitzaren banakako ibilbidearen hasieran egingo da, honako baldintza hauekin:

– Egindako kontratuek ezin izango dute inola ere ekarri enplegua eskaintzen duen entitatearen ohiko jarduerak estaltzea edo ohiko zereginetan diharduten langileak ordeztea.

– Kontratuen iraupena 6 hilabetekoa izango da, lanaldi partzialean eta lanaldiaren % 75ean.

– Lanpostuan garatu beharreko eginkizunek eta edukiek onura publikoko edo interes orokorreko eta sozialeko jarduerekin lotuta egon behar dute batez ere, horiek gauzatzen diren inguruneko beharrei erantzun behar diete, eta honako jardun-eremu hauetakoren batean garatu ahal izango dira:

• Etxebizitza eta landa-ingurunearen hobekuntza eta birgaitzea egoera ahulenean edo gutxi garatuta dauden udalerri edo auzoetan.

• Hirugarren eta laugarren adineko pertsonei laguntzea eta arreta ematea (silver economy).

• Egoera ahulean dauden taldeak, desgaitasun fisiko edo psikikoa duten mendeko pertsonak edo gaixotasun kronikoa dutenak zaintzea eta laguntzea.

• Kultura, hezkuntza eta osasuna sustatzea.

• Ondare artistiko eta historikoa bultzatzea eta berreskuratzea.

• Baliabideak birziklatzea eta berrerabiltzea.

• Eraginkortasun energetikoa eta energia berriztagarriak.

• Espazio publikoetan mantentze-lanak egitea.

• Turismoarekin, aisialdiarekin eta kirolarekin lotutako jarduerak.

• Naturaren kontserbazioa: zuhaitz-masak, animalia-espezieak, ibaien eta kostaldeen garbiketa.

• Eten digitala ezabatzea: konpetentzia digital gutxiko pertsonei laguntzea bide elektronikoz egiten administrazio publikoekiko zereginak, erosketa elektronikoak, banku-eragiketak, etab.

• Enpresa emakidadunak lanak amaitu dituen harrobiak berreskuratzea.

• Ibilgailu elektrikoak kargatzeko sareak instalatzea eta mantentzea.

• Eraikinen energia-araudi berria birgaitzea eta horretara egokitzea.

• Mugikortasun jasangarria.

• Jarduera soziokulturalak eta garapen komunitariokoak, lehentasuna emanez belaunaldien arteko komunikazio-kanalak ezar daitezkeenei.

• Erabilera publikoko edo interes orokor eta sozialeko beste edozein jarduera, lanpostuan ikaskuntza formala eta praktika profesionala bateragarri egitea ahalbidetzen duena.

b) Kontratuak irauten duen bitartean eta lan-jardueratik kanpo, honako hauek egingo dira:

Oinarrizko konpetentzietan zeharkako prestakuntza presentziala emateko talde-ekintzak, proiektuan jasotako lan-jarduera hobeto garatzeko. Gutxienez 80 ordu eta gehienez 200 ordu.

Lan-orientazioko ekintza pertsonalizatuak, proiektuak irauten duen bitartean laguntza-prozesuak errazteko. Ekintzetan honako hauek sar daitezke: konpetentzien balantzea, lan-merkatuari buruzko informazioa, irteera profesionalak, helburuen plangintza eta lana bilatzeko trebetasunak. Gutxienez 10 ordu eta gehienez 15.

3.– Proiektuak gehienez ere hiru hilabeteko epean hasi beharko dira, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik aurrera, eta 2023ko irailaren 30a baino lehen amaitu beharko dira.

5. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa eta diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Prestakuntza-, orientazio- eta kontratazio-prozesu osoa amaitzen duen pertsona bakoitzak 15.375 euro jasoko ditu.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa osatzeko, programan parte hartzen duen pertsona bakoitzeko kostu unitarioa hartu da kontuan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kostu unitarioak kalkulatzeko egindako txosten teknikoaren arabera.

3.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak honako hauek dira:

a) 9.375 euro, parte hartzen duen pertsona bakoitzaren lan-kontratu bakoitzeko.

Dirulaguntza horien bidez ordainduko da hainbat gastu, tartean, kontratatutako pertsonen soldata-kostuak eta gizarte-segurantzakoak, kontratu-amaierako kalte-ordainak eta gizarte-segurantzako kuota barne direla (entitate kontratatzailearen kargura).

Nolanahi ere, dirulaguntzaren zenbatekoa ezingo da izan kontzeptu horrengatiko gastuaren benetako kostua baino handiagoa, eta justifikazioa egiten den unean egiaztatu beharko da, 12.1 b) artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

b) 6.000 euro, ibilbidean prestatzeko, orientatzeko eta laguntzeko jardueretarako, honako gastu hauek estaliko dituena:

– Deialdi honen 4.2.d) artikuluan adierazitakoaren araberako prestakuntza- eta orientazio-ekintzak.

– Prestakuntza emateko eta lan-eginkizunak gainbegiratzeko lanak egiten dituzten langileen soldata-gastuak eta Gizarte Segurantzakoak, 6 hilabeteri dagozkienak, parte-hartzaileen taldeari proiektua garatzeko beharrezkoak diren ezagutzak eta gaitasunak ematea barne.

– Pertsonei orientazioa eta laguntza ematen dieten langileen soldata-gastuak eta Gizarte Segurantzakoak, 6 hilabeteri dagozkionak, bai eta proiektuaren koordinazio- eta jarraipen-gastuak ere.

– Jarduketa horiek gauzatzearekin zuzenean lotutako beste kostu batzuk, jarduera horietan emandako denboraren proportzioan: aseguruak, materiala, lokalaren errentamendua, parte-hartzaileentzako kontziliazio-neurriak, etab.

4.– Likidazioak ez du inola ere gaindituko hasieran emandako dirulaguntzaren zenbatekoa.

Pertsona bakoitzeko dirulaguntzaren likidazioak sei hilabeteko lan-kontratazio jarraitua eskatzen du, bai eta 4.2.d artikuluan aurreikusitako orientazioko eta prestakuntzako gutxieneko orduak betetzea ere.

Kontratua aldez aurretik iraungitzen bada, dirulaguntzaren likidazioa modu proportzionalean egingo da, benetan lan egindako aldia kontuan hartuta eta 11. artikuluan ezarritakoa betez. Kasu horretan, ez da eskatuko pertsona bakoitzak 4.2.d artikuluan aurreikusitako gutxieneko prestakuntza- eta orientazio-orduak proportzionalki betetzea.

Era berean, ez da ez-betetzat joko 4.1.a artikuluan aipatutako proiektu bakoitzeko gutxieneko pertsona-kopurua, 11. artikuluan ezarritako irizpideei jarraiki ordainketa proportzionala bidezkoa den kasuetan.

6. artikulua.– Proiektuen hartzaile diren pertsonen betekizunak.

1.– Deialdi honen babesean diruz lagundutako banakako ibilbideetan, langabeak eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda daudenak izan daitezke proiektuaren hartzaileak, baldin eta EAEn bizi badira eta bi kolektibo hauetako batekoak badira:

a) 45 urtetik gorako pertsonak.

b) Kalteberatasun-egoeran edo bazterkeria-arriskuan dauden pertsonak.

Kalteberatasun-egoeran edo baztertzeko arriskuan daudela ulertuko da, besteak beste, honako hauek:

– DSBEa eta/edo BGE jasotzen duten titularrak edo onuradunak.

– Luzaroko langabeak: Luzaroko langabetzat joko dira hautagaitza bidali aurretiko 540 egunetan, gutxienez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa inskribatuta egon eta langabezian 360 egun eman dituztenak.

– Kualifikazio gutxiko langabeak: enplegu-eskaeran bitartekaritzarako prestakuntza-maila 23. mailatik gorakoa (DBHn edo horren baliokidean gradua) ez duten pertsonak.

2.– Hartzaileak izan daitezke, baldin eta ez badira hautatu Euskal Autonomia Erkidegoan iraupen luzeko langabeak diren eta BGE eta/edo DSBE jasotzen duten pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko laguntza integraleko ibilbideen proiektuen esparruan.

7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Dirulaguntza-eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/ eta hara iristeko esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.

Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, izapidetzeko jarraibideak adierazita, eta eskabide-inprimakia helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/servicios/1210501

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira:

https://www.euskadi.eus/nire-karpeta

Halaber, izapidetzea ordezkari baten bidez egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

2.– Dirulaguntzaren eskabideak laguntzaren xede den proiektuaren xehetasun hauek jaso beharko ditu, gehienez ere 15 orrialdetan:

1) Proiektuaren entitate sustatzailea.

2) Proiektuaren izena.

3) Dirulaguntza emateko baloratu daitezkeen alderdiei buruzko dokumentazio eta informazio xehatua, deialdi honetako 8. artikuluko 6. apartatuan jasotzen direnei buruzkoak. Aurkezten ez dena ez da puntuatuko.

4) Proiektua koordinatzeko harremanetarako pertsona(k) eta bere(n) datuak.

5) Proiektuak hartzen dituen parte-hartzaileen kopurua: gutxienez: 8 - gehienez: 12.

6) Jarduteko lurralde-eremua (udalerria, eskualdea, lurralde historikoa edo Euskal Autonomia Erkidegoa).

7) Prestakuntza-ibilbidearen ordu-kopurua: gutxienez 80 ordu eta gehienez 200 ordu.

8) Prestakuntza-ibilbidea ematen duen entitatea.

9) Lan-orientazioko ekintzak ematen dituen entitatea.

10) Proiektuan parte hartzen dutenen entitate kontratatzailea.

11) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntza jasotzeko baldintzak betetzen dituela eta proiektu bakoitza bermez garatzeko beharrezkoak diren baliabide teknikoak eta giza baliabideak dituela adierazten duena.

12) Onura publikoko jarduera-eremua; deialdi honen 4.1 artikuluan aipatutakoetako bat.

13) «Kalte esanguratsurik ez eragitearen» printzipioa («do no significant harm – DNSH» printzipioa) betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena (I. eranskinean dago eredua), Europako Parlamentuak eta Batzordeak 2021eko otsailaren 12an onetsi zuen 2021/241 (EE) Erregelamenduaren 2. artikuluko 6. apartatuan ezarritako moduan. 3.3 artikuluan aipatzen da.

14) Erantzukizunpeko adierazpena (II. eranskinean dago eredua) non konpromisoa hartzen duen behar diren eskubideak eta sarbideak onartuko dituela Batzordeak, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoak, Europako Kontuen Auzitegiak, Europako Fiskaltzak eta Estatuko agintari eskudunek dagozkien kontrol-eskumenak betetzeko aukera dutela bermatzeko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduaren 22. artikuluan eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren («Finantza Erregelamendua») 129.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita. 3.4 artikuluan aipatzen da.

15) Datuen lagapenari eta tratamenduari buruzko adierazpena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduaren 22. artikuluaren 2.d) eta 3. apartatuetan xedatutakoari dagokionez. III. eranskineko ereduan aurkeztuko da.

16) Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planean ezarritako zeharkako printzipioak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, IV. ereduan.

2. apartatu honetako 13., 14., 15. eta 16. zenbakietan aipatzen diren ereduak https://www.euskadi.eus/servicios/12105 helbidean eskuratu ahal dira.

3.– Eskabideak ez baditu baldintza guztiak betetzen, interesdunari jakinaraziko zaio 10 egun balioduneko epea duela, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunean zenbatzen hasita, izandako hutsune edo akatsa konpontzeko, edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko. Hori egingo ez balu, eskabideari uko egiten diola ulertuko da, horretarako beharrezkoa den ebazpena eman eta gero.

4.– Eskabideak aurkezteko epea 2022ko urtarrilaren 24an hasi eta 2022ko uztailaren 29an amaituko da.

Eskabideak aurkezteko beste epe bat zabaldu ahal izango da 2023an funts berriak transferitzen badira Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Plana dela-eta, xede bererako badira eta haien bidez laguntza hauek finantzatzera bideratutako kreditua handitzen bada, 2.1 artikuluan hirugarren paragrafoan ezarritakoarekin bat. Halakorik gertatuz gero, publiko egingo da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, zeina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko baita.

8. artikulua.– Prozedura eta ebazpena Eskabideak ebaluatzeko irizpideak eta adjudikazioa.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari Laneratzea Aktibatzeko zuzendaria da prozedura bideratu eta ebazteko organo eskuduna.

2.– Prestakuntza-, orientazio- eta enplegu-ekintzak egiteko dirulaguntza emateko prozedura ondoz ondoko norgehiagoka izango da.

2.1.– Eskabideak aurkezteko hurrenkeraren arabera aztertuko dira, eta hurrenkera berean emango zaizkie dirulaguntzak deialdian aurreikusitako betekizunak eta baldintzak betetzen dituzten guztiei, harik eta finantzaketarako funtsak agortu arte.

Hasierako aurrekontu-zuzkidura eta balizko handitzea amaitu ondoren, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuta emango da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen bidez.

2.2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena emango du, eta banan-banan jakinaraziko du, bitarteko telematikoen bidez.

Dirulaguntzaren emate-ebazpenean datu hauek adieraziko dira: dirulaguntzaren zenbatekoa, ordainketa-modua eta justifikazioa, hala badagokio.

Dirulaguntza ukatzen duen ebazpena ematen bada, arrazoiak azaldu beharko dira, hau da, berariaz adierazi beharko da eskaera zergatik ukatu den.

2.3.– Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea 2 hilabetekoa izango da, eskabidea aurkezten den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igarotakoan, ez bada ebazpenik eman espresuki, ulertuko da dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpenek ez dute administrazio-bidea amaitzen, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatuta.

4.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpenez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da jakitera zer enpresak jaso duten dirulaguntzen deialdi honen babesean eta zenbateko laguntza jaso duten.

5.– Onuradunei dirulaguntzak eman eta, hala dagokionean, ordaintzea baldintzapean dago; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetze-fasean dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzearen baldintzapean.

6.– Aurkeztutako proiektuak baloratzeko irizpideak.

6.1.– Prestakuntza, orientazio eta enplegura bideratutako proiektuak garatzeko dirulaguntzak amaierako puntuazio baten arabera emango dira. Puntuazio hori proiektu-eskabide bakoitzerako zehazten diren helburuen balioespenean eskuratutako puntuen batuketaren emaitza izango da, jarraian zehazten diren ebaluazio-irizpideak kontuan hartuta:

Proiektuaren kalitatearen eta koherentziaren berariazko balioespena, eskaeran oinarritzen dena. 60 puntu, gehienez.

(Ikus .PDF)

6.2.– Entitate eskatzaileak 45 puntu lortu beharko ditu gutxienez artikulu honetako guztizko puntuazioan, dirulaguntza eskuratu ahal izateko. Puntuazio hori lortzen ez duten proiektuen eskaerak ezetsi egingo dira.

9. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.

1.– Onartutako dirulaguntza bi zatitan ordainduko da, honela:

a) Proiekturako dirulaguntzaren % 66,65 (lehenengo ordainketa), laguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren.

b) Bigarren ordainketa, emandako dirulaguntzaren gainerako zenbatekoari dagokiona, diruz lagundutako jarduerak amaitu eta justifikatu ondoren.

2.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, entitate onuradunak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta behar du.

Erakundea erregistratuta ez badago edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, helbide honetan adierazitako urratsak egin beharko ditu: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

10. artikulua.– Partaideen hautaketa.

1.– Entitate onuradunek eskatuko dituzte pertsonak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulego batean enplegu-eskaintza bat aurkeztuz. Pertsona horiek arestian adierazitako kolektiboetan sartuta egon beharko dute, eta dagokien lan-eskaintzara eta lan-kontratuaren hasierara aurkezteko unean izena emanda eta langabezian egon beharko dute.

Eskaintza-eskaeran, programan parte har dezaketen hautagaien bizileku geografikoaren eremua zehaztu beharko dute, betiere EAEren eremuaren barruan. Lanbidek ez du hartuko esperientzia hautagaitzak kudeatzeko nahitaezko baldintza gisa.

2.– Hautagaitzak sartzeko, eskaintza kudeatzen duen Lanbideren bulegoak argitaratu egin beharko du, eta gutxienez zazpi egun naturaleko epean utzi beharko du argitaratuta Lanbideren webgunean.

3.– Ez dira deialdi honetako ekintza eta zerbitzuen hartzailetzat hartuko Estatuko lan-merkaturako sarbiderik ez duten pertsonak.

4.– Entitate onuradunek hautatuko dituzte behin betiko hautagaiak. Erakundeak Lanbidek egindako inkestari erantzun beharko dio, eskaintzaren kudeaketari buruzkoa, jaso diren hautagaitza guztiak bildu ostean.

5.– Banakako ibilbideari lotuta egingo diren kontratuak 3 hilabeteko epearen barruan hasi beharko dira, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako arrazoiak daudenean salbu. Kasu horretan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendu beharko du atzerapena.

Ezarritako epearen amaieran benetan kontratatutako pertsonen kopurua eskabidean eta laguntza emateko ebazpenean ezarritakoa baino txikiagoa bada, entitate onuradunak bere borondatez itzuliko du egin ez diren kontratazioei dagokien dirulaguntzaren zenbatekoa, eta uko egitearen berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, zeinak dagokion ordainketa-gutuna emango baitio entitateari, itzuli beharrekoa ordain dezan.

6.– Kontratuak Contrat@ aplikazioaren bidez jakinarazi beharko dira, kontratua hasi eta hamabost egun balioduneko epearen barruan, eta identifikazio hau izan beharko dute, aplikazioan ezarritakoaren arabera: «Berrorekarako eta ekitaterako lurralde-proiektu berrien programa. Kolektibo kalteberak».

11. artikulua.– Kontratuak behar baino lehenago azkentzea.

Ibilbide pertsonalizatuaren barruan diruz lagundutako lan-kontratuak dirulaguntzaren epealdia amaitu aurretik azkentzen badira, horren berri eman beharko zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, 7 eguneko epean, kontratua azkentzen denetik hasita, eta azkendutako kontratuaren kontura jasotako dirulaguntza itzuli beharko da, osorik. Halaber, dagokion prozedura izapidetuko da, 17. eta 18. artikuluek arautzen dituzten jarraibideak beteta. Nolanahi ere, kontratua azkentzeko arrazoia probaldia ez gainditzea, langileak lana bere borondatez uztea, bidezkotzat jotako kaleratzea edo kontratatutako pertsonaren heriotza edo baliaezintasuna izan baldin bada, lan-kontratuak iraun duenaren proportzioan murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

12. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta epea.

1.– Kontratazioak amaitu eta bi hilabeteko epearen barruan, dirulaguntzen entitate onuradunak diruz lagundutako jarduketen eta izandako gastuen justifikazioa aurkeztu beharko du, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamenduaren 69. artikuluan eta 76. artikulutik 79. artikulura ezarritako moduluen erregimenaren bidez.

Justifikazio horretan, entitate onuradunak aurkeztu beharreko dokumentazio hau jasoko da:

a) Egindako jardueren eta lortutako emaitzen jarduketa-memoria. Honako hauek jaso behar dira, gutxienez, memorian:

– Komunitatearentzat interesgarria izan daitekeen jardueraren deskribapena, hasieran aurreikusitako helburuen ebaluazioa eta betetze-maila, eta parte hartzen duten langileen gogobetetze-inkesta.

– Parte-hartzaileen eta egindako jardueren zerrenda, Lanbidek emandako ereduaren arabera.

– Laburpen-fitxa, parte-hartzaile bakoitzak sinatua, prestakuntza-zerbitzuak jaso izana justifikatzen duena eta emandako ordu-kopurua jasotzen duena.

– Laburpen-fitxa, parte-hartzaile bakoitzak sinatua, orientazio-zerbitzuak jaso izanaren justifikatzen duena eta zerbitzu hori garatzeko ordu-kopurua jasotzen duena.

– Proiektuak irauten duen 6 hilabeteetan begirale/arduradun lanak egin dituzten pertsonen zerrenda (5.3 b artikulua).

b) Parte-hartzaileen lan-kontratuei dagokienez, entitate onuraduneko idazkariak/kontu-hartzaileak egindako gastuaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, toki-erakundeen edo sektore publikoko erakundeen kasuan. Gainerako entitateek, berriz, egindako gastua eta kontzeptu horrengatik egindako ordainketak egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako diru-sarreren edo dirulaguntzen zerrenda xehatua, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

d) Azpikontratatutako jardueren xehetasuna.

e) «Kalte esanguratsurik ez eragiteko» printzipioa («do no significant harm–DNSH» printzipioa) betetzen dela egiaztatzeko aurrez ikusitako mekanismoak eta printzipio horren ezarpena bermatzeko neurri zuzentzaileak.

2.– Entitate onuradunek frogagiriak eta finantzaketari dagokion gainerako dokumentazioa 5 urtez gorde beharko dituzte, eragiketa egiten denetik aurrera, edo, bestela, dirulaguntzaren zenbatekoa 60.000 eurotik beherakoa bada, hiru urtez. Formatu elektronikoan gorde beharko dira, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren (Finantza Erregelamendua) 132. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute gordetzeko.

3.– Dokumentazioa ez bada aurkezten ezarritako epean, edo aurkezturiko dokumentaziotik ondorioztatzen bada justifikatutako kopurua aurrerakin gisa jasotakoa baino txikiagoa dela, itzulketa-prozedura abiaraziko da, 18. artikuluan arautzen den prozedurari jarraituz.

13. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunen betebeharrak dira Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan orokorrean ezarritakoak eta deialdian ezarritako bereziak, eta, bereziki, honako hauek:

a) Enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskabideak aurkeztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan.

b) Kontratuen hasieraren berri ematea kontratua hasi eta hamabost egun balioduneko epearen barruan, kontratatutako langabeen kopurua zehaztuta.

c) Frogatu behar dute laguntza emateko eta hura baliatzeko bide eman duten betebeharrak eta baldintzak betetzen dituztela eta jarduera gauzatzen dutela.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea kontratuen azkentzeak, 11. artikuluan ezarritakoaren arabera.

e) Xede bererako beste administrazio edo ente publiko nahiz pribatu baten (Estatuko edo nazioarteko baten) dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideren bat jasoz gero, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari horren berri ematea, kostu beraren gainean finantzaketa bikoitzik ez gertatzeko.

f) Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa edo subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

g) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek, zuzenbide pribatuko ente publikoek eta sozietate publikoek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi, eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura jakinaraztea.

h) Honako hauen egiaztatze-jarduketei baiezkoa ematea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Lan eta Enplegu Saila, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, Europako Erkidegoetako Batzordea eta Kontuen Auzitegia, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoa (OLAF), Auditoriako Bulego Nazionala, eta, hala dagokionean, Europako Fiskaltza.

Halaber, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planerako ezartzen diren jarraipen, kontrol eta ebaluazioa egitea, baita, informazioaren eta publikotasunaren arloan, kontrol, egiaztapen, jarraipen eta ebaluazioaren arloan, barne-araudiak eta Europar Batasunak Europar Batasuneko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismorako ezartzen dituzten betebeharrak betetzea, nahitaez betetzekoak direnean.

i) «Kalte esanguratsurik ez eragiteko» printzipioa («do no significant harm–DNSH» printzipioa) eta etiketatze klimatiko eta digitala erabat betetzen direla bermatzea, eta betetzen direla egiaztatzeko mekanismoak eta mekanismo horien ezarpena bermatzeko neurri zuzentzaileak aurreikustea.

j) Jasotako dirulaguntzaren aplikazioan iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak saihesteko neurriak hartzea.

k) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorreko betebeharrak:

– Emakumeen eta gizonen arteko tratu- edo aukera-berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioa aplikatzea bermatuko da probetan edo elkarrizketetan eta pertsonak aukeratzeko prozesuetan.

– Zer hautagai aukeratu erabaki behar denean, gutxienez emakume batek parte hartu behar du erabakia hartzeko prozesuan. Ezinezkoa bada, justifikatu egin behar da.

– Dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rolen eta genero-identitatearen pluraltasuna sustatzen dutenak.

14. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak dira kontzeptu eta helburu bererako beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek emandako dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin. Edonola ere, argi identifikatuta geratu beharko da gastuen trazabilitatea, eta laguntzen eta dirulaguntzen batura ezin izango da izan diruz lagundutako gastuen kostua baino handiagoa.

Hala ere, deialdi honen babesean emandako dirulaguntzak bateraezinak dira Europar Batasunaren funtsekin finantzatutako beste laguntza batzuekin, gastu berberak finantzatzeko badira.

15. artikulua.– Identifikazioa eta publizitatea.

Deialdi honetan arautzen diren laguntzak finantzatzen dituzte Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua eta Europar Batasuneko NextGeneration EU funtsak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduak ezarri zuen Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez. Horrenbestez, deialdi honen babesean diruz lagundutako jarduerak eta horiei buruz eta «Berrorekarako eta ekitaterako lurralde-proiektu berrien programa. Kolektibo kalteberak» izeneko programari buruz egiten den publizitate guztia behar bezala identifikatuta egon beharko da, Estatuko araudiak eta Europar Batasuneko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismorako araudiak informazio-, komunikazio- eta publizitate-gaietan zehazten dituzten betebeharrekin bat etorriz, bai eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak horretarako ematen dituen jarraibideekin bat etorriz ere.

Ildo horretan, dirulaguntza hauek jasotzen dituzten entitate onuradunek finantzaketa horren jatorriaren berri eman beharko dute jarduketen publizitatean, eta ikusteko moduan egiten dela bermatu beharko dute. Hala dagokionean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren logoaren identifikazio grafikoaz gainera, Europar Batasunaren ikurra eta finantzaketa-adierazpen egoki bat txertatuko dute, non hau adierazi behar baita: «Europar Batasunak – Next Generation EUk finantzatuta». Helbide honetan eskuratu ahal dira elementu horiek: https://planderecuperacion.gob.es/identidad-visual Bereziki agerikoa izan beharko da ekintzak eta emaitzak sustatzen direnean, eta informazio koherentea eta eraginkorra eman beharko da, hartzaile ugarirentzako, komunikabideak eta herritarrak barne direla.

16. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

1.– Dirulaguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eusten bazaie, eta horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak betetzen badira.

Emakida-ebazpena eman ondoren, onuradunak dirulaguntza aldatzeko eskatu ahal izango du. Aldaketa hori eskatzeko, ebazpena eman ondoren eta diruz lagundutako jarduera egiteko epearen barruan gertatutako inguruabarrak izango dira oinarri, eta entitate onuradun bakoitzarentzat eskatu beharko da. Eskaera inguruabarra gertatu eta berehala formalizatu beharko da, eta, edonola ere, jarduera egiteko epe hori amaitu baino lehen. Aldaketak ezin die inola ere eragin Erkidegoko araudiak edo Estatukoak ezarritako betebeharrei, bereziki Espainiako suspertze eta erresilientzia planaren ebaluazioa onartzeari buruzko Kontseiluaren 2021eko uztailaren 13ko exekuzio-erabakian (Council Implementing Decision-CID) ezarritako mugarriak edo helburuak edo egiteko epea ez betetzea badakar.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak ebazpena eman beharko du aldaketa onartzeko edo ukatzeko, eskaera egin eta bi hilabeteko epearen barruan. Epe hori igaro ondoren ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskabidea ezetsitzat jo ahal izango da. Ebazpen horien bidez, aldatzeko eskabidea aurkezten den unera eraman ahal izango dituzte ondorioak. Nolanahi ere, aldaketa egiteko baimena soilik eman ahal izango da hirugarrenei kalterik eragiten ez badie.

2.– Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura hasiko da.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

Deialdi honetako dirulaguntzen entitate onuradunek ez badituzte betetzen oro har ezarri zaizkien betebeharrak (Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikulua), edo deialdi honetan berariaz ezarri zaizkienak, edo azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan adierazitako dirulaguntza itzultzeko kasuren batean sartzen badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak ordaintzeke dagoen dirua jasotzeko eskubidea galdu dela erabakiko du, dagokion ebazpenaren bidez, eta Euskadiko Ogasun Nagusiari jasotako kopuruak eta dirulaguntza ordaindu zenetik sortutako dirulaguntzei lotuta aplikagarriak diren berandutze-interesak itzuli behar zaizkiola xedatu ere, bidezkoak diren bestelako ekintzak eragotzi gabe, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz (698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren).

Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta aipatutako Euskadiko Ogasun Orokorreko Printzipio Ordenatzaileen Legearen testu bateginaren 64. artikuluan aurreikusitako erantzukizun-araubidea jarraituko da.

Ez-betetze partzialen kasuan, hasieran aurrez ikusitako eperako kontratatzeko betebeharra edo ezarritako eran kontratatzekoa betetzen ez bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak zehaztuko du entitate onuradunak itzuli beharreko kopurua, proportzionaltasun-printzipioa aplikatuta, justifikatutako kostuen eta egiaztatutako jarduketen arabera, zenbatekoa osorik itzuli behar denean salbu.

18. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

1.– Aurreko artikuluan aipatutako ez-betetzeren bat gertatzen baldin bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak entitate interesdunari jakinaraziko dio itzultzeko prozedura hasi dela, eta zergatik hasi den, eta 15 eguneko epea emango dio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan.

2.– Alegazioak jasotakoan, edo, horrelakorik aurkeztu ez bada ere, epea igarotakoan, prozedura amaituko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

3.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenak ez-betetzeren bat izan dela adierazten baldin badu, bertan deklaratuko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela, eta ezarriko da, hala badagokio, dagozkion zenbatekoak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra; itzultzeko epea bi hilekoa izango da ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Borondatezko alditzat joko da epe hori.

4.– Borondatezko epe horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza premiamendu-bidetik berreskuratzeko izapideak hasiko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamenduan ezarritakoaren arabera zorraren konpentsazioa aplikatu behar denean izan ezik.

19. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortutako datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide da, eta haren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra pertsegitzea eta datuak estatistiketarako erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek eskubidea dute beren datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta tratamenduaren aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko ere. Horretarako, idatzizko jakinarazpen bat bidali behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).

Datuen babesari buruzko informazio gehiago dago hemen: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

20. artikulua.– Aplikatu beharreko araudia.

Deialdi honetan jasotzen diren dirulaguntzei aplikatuko zaizkie dirulaguntzei buruzko araudi orokorra ezartzen duten arau hauek: Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen); azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, zeinak arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak.

Halaber, laguntzen programa honi hauek ere aplikatuko zaizkio: 36/2020 Errege Lege Dekretua, abenduaren 30ekoa, zeinaren bidez onartzen baitira presazko neurriak Administrazio Publikoa Modernizatzeko eta Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Plana gauzatzeko; HFP/1030/2021 Agindua, irailaren 29koa, zeinaren bidez Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Plana kudeatzeko sistema eratzen baita; TES/897/2021 Agindua, abuztuaren 19koa, zeinaren bidez Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez finantzatutako zenbait kreditu banatzen baitira lurraldean, 2021eko ekitaldi ekonomikorako, autonomia-erkidegoak kudea ditzaten; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamendua eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamendua («Finantza Erregelamendua»).

I. ERANSKINA
INGURUMENEKO SEI HELBURUEI «KALTE ESANGURATSURIK EZ ERAGITEKO» PRINTZIPIOA BETETZEARI BURUZKO ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
KONTROL-ESKUMENAK BERMATZEKO, ESKUBIDEAK ETA SARBIDEAK EMATEKO KONPROMISOA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
DATUEN LAGAPENARI ETA TRATAMENDUARI BURUZKO ADIERAZPENA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
ZEHARKAKO PRINTZIPIOAK BETETZEARI BURUZKO ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala