Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

233. zk., 2021eko azaroaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
5939

AGINDUA, 2021eko azaroaren 17koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez zehazten baita Aukerak, Gizarteratzearen Euskal Agentzia zuzenbide pribatuko ente publikoaren jardueren hasiera.

Aukerak, Gizarteratzearen Euskal Agentzia sortzeko irailaren 30eko 3/2021 Legeak zuzenbide pribatuko ente publiko gisa sortzen du agentzia hori, Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetan preso dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea errazteko xedearekin.

Arlo horretako eskumenaren eskualdaketa bere gain hartzearen ondorio da agentzia hori sortzea, Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Bitariko Batzordeak erabakitakoari eta xedapen hauetan jasoari jarraikiz: 474/2021 Errege Dekretua, ekainaren 29koa, espetxe-arloko estatu-legeak betearazteko Estatuko Administrazioaren eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzekoa, eta 169/2021 Dekretua, uztailaren 6koa, zeinaren bidez onartzen baita Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren erabakia, espetxe-arloko estatu-legeak betearazteko eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzekoa.

Lege horren azken xedapenetako lehenak Agentzia benetan abian jartzea aurreikusten du, eta, horrek eskatzen du Agentziaren estatutuak onartzea, bere gobernu-organoak eratzea, bere eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren giza baliabideak eta ondasun eta baliabide materialak atxikitzea, bai eta Administrazio Orokorreko sailen egitura organikoak egokitzea ere, hala komeni bada.

Xedapen beraren arabera, agentzia berriaren jarduerak Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren aginduaren bidez hasiko dira, legeak indarra hartzen duenetik aurrera bi hilabeteko epean, eta 2022ko urtarrilaren 1ean, betiere.

2021eko abenduaren 31n bukatuko da Espetxe Lana eta Enplegurako Prestakuntza estatu-erakundeak euskal espetxeetako ekoizpen lantegiak kudeatzen jarraitzeko hartutako konpromisoa. Hori dela eta, 2022ko urtarrilaren 1a baino lehenago jarri behar dira abian Aukerak, estatu-erakundeak betetzen dituen eginkizunen kudeaketa benetan bere gain har dezan Euskal Autonomia Erkidegoak, barne-langileen lan-harremanen jarraitutasuna bermatuta, haien lan-eskubideak eta Gizarte Segurantzako kotizazioak murriztu gabe.

Abenduaren 31 baino lehen, hots, estatu-erakundearen kudeaketa amaitzen den eguna baino lehen, Aukerak agentziak, bere jarduerak hasiak izateaz gain, hauek beharko ditu: alta emanda egotea erakunde gisa zerga-ondorioetarako eta gizarte-segurantzarekikoetarako; gutxieneko egitura bat izatea bere gain hartzeko espetxe-lan produktiboari dagozkion betebeharrak eta lan-harreman berezia duten presoen enplegatzaile izaera, eta Euskal Espetxe Administrazioak EAEko espetxeetako garapen-jardueretan (elikadura, ekonomatua eta kafetegia, elikadura-errazionatuen banaketa, osasun-loteen hornidura, mantentze-lanak eta jarduera osagarriak) egin dizkion produkzio-tailerren enkarguak jasotzea. Eta, halaber, kanpoko enpresekin elkarlanean egiten diren beste produkzio-tailer batzuk.

Gaur egun, Aukerak agentziaren estatutuak premiazko bidetik izapidetzen ari dira. Hala ere, epeak luzaezinak direnez, agentzia berri horren jardueren hasiera aurreratu behar da, 2022ko urtarrilaren 1a baino lehenago bere eginkizunak osoki bere gain hartzeko moduan egon dadin azaldutako guztia egin ahal izateko.

Legegilea epeen luzaezintasunaz jakitun izan da. Horregatik, Aukerak, Gizarteratzearen Euskal Agentzia sortzeko irailaren 30eko 3/2021 Legearen azken xedapenetako lehenean aurreikusten da, baldin eta Agentziaren jarduerak hasterako bere estatutuak onartu ez badira eta bere gobernu-organoak eratu ez badira, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak hartuko dituela bere gain Agentziaren erabateko funtzionamendurako beharrezkoak diren jarduketa guztiak.

Legeak arlo horretako sailburuari egiten dion gaikuntzari esker, agentziaren jarduerak hasi ahal izango dira, nahiz eta agentzia berriaren estatutuak oraindik onartu ez eta haren gobernu-organoak eratu ez.

Estatutuak presaz izapidetzen ari diren arren, Aukerak agentzia benetan abian jartzea luzaezina izateak ezinezko egiten du une hori estatutuak onartu arte atzeratzea; izan ere, onarpen-espedientearen epeak igarotze hutsak behar den denboratik kanpo uzten gaitu bai enkargu berriak egiteko eta bai enkargu horiek epearen barruan hartzeko beharrezkoak diren gainerako jarduketak gauzatu ahal izateko, presoen enplegatzaile izateko eta kanpoko lankidetza-akordioetarako.

Beraz, beharrezkoa da, legegileak dioen bezala, jardueren hasiera eta hasiera hori prestatzeko jarduketak aurreratzea agentziaren estatutuak onartu aurretik.

Egoera honetan, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua gaitzen du legeak, Agentziaren erabateko funtzionamendurako beharrezkoak diren jarduketa guztiak egin ditzan. Gaikuntza horrek garrantzia du agentzia berriaren Administrazio Kontseiluaren eginkizunak betetzeko orduan, harik eta agentzia hori sortzen den arte. Garrantzia du, adibidez, Aukerak agentziaren zuzendaritza bere gain hartuko duen pertsonaren izendapena Gobernu Kontseiluari zuzenean proposatzean, Agentziaren ohiko funtzionamendurako beharrezko jarduera delako.

Aukerak agentzia abian jartzeak eskatzen du agentzia horretan integratzea Estatuko Administraziotik Lan Penitentziarioa eta Enplegurako Prestakuntza estatu-erakundetik datozen transferitutako langileak, ekainaren 29ko 474/2021 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, espetxe-arloko estatu-legeak betearazteko Estatuko Administrazioaren eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzkoa.

Bestalde, Gobernu Kontseiluak Aukerak, Gizarteratzeko Euskal Agentzia zuzenbide pribatuko ente berriaren diru-sarrera eta gastuen aurrekontuak onartu ditu.

Eta baliabide materialak atxikitzeari dagokionez, ondare gaietan eskumena duen sailak, hala badagokio, Aukerak agentziari atxikiko dizkio ondasun higiezinak, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasunekoak diren ondasun higiezinen gaineko eskubideak ere, hemendik aurrera Aukerak agentziak eskainiko duen zerbitzu publikoari lotuak, bai eta horietan dauden ondasun higigarri guztiak ere.

Hori dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Aukerak, Gizarteratzearen Euskal Agentzia agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetan hasiko da lanean, bat etorriz Aukerak, Gizarteratzeko Euskal Agentzia sortzeko irailaren 30eko 3/2021 Legearen azken xedapenetako lehenean xedatutakoarekin.

Bigarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 17a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.


Azterketa dokumentala