Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

228. zk., 2021eko azaroaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5849

EBAZPENA, 2021eko urriaren 15ekoa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez egiten baita ingurumen-inpaktuaren adierazpena eta ematen baita ingurumen-baimen integratua, General Alavesa de Galvanizados SL enpresak Iruña Okako eta Vitoria-Gasteizko udal-mugarteetako Subillabide industrialdeko J etxadiko 17. lurzatian sustatutako metalezko piezak beroan galbanizatzeko instalazioari dagokionez.

AURREKARIAK

2020ko azaroaren 12an, General Alavesa de Galvanizados SL enpresak ingurumen-baimen integratua emateko eskatu zion Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoarekin bat, Iruña Okako eta Vitoria-Gasteizko udal-mugarteetan (Araba) duen metalezko piezak beroan galvanizatzeko instalaziorako.

Era berean, Iruña Okako Udalaren txostena aurkeztu zuten, 2021eko otsailaren 3koa, jarduera hirigintzarekin bateragarria zela egiaztatzen zuena.

2021eko urtarrilaren 15ean, General Alavesa de Galvanizados SL enpresak ingurumen-baimen integratuaren eskabidea osatu zuen, Subillabide industrialdeko J etxadiko 17. lurzatian (Iruña Okako eta Vitoria-Gasteizko udal-mugarteetan) metalezko piezak beroan galvanizatzeko instalazio-proiekturako, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin ostean, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuaren Legearen testu bateginean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera honako dokumentazio tekniko hau aurkeztu zuen:

– Proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterlana, ingurumen-baimen integraturako eta ingurumen-inpaktuaren adierazpenerako.

– Laburpen ez-teknikoa.

Aurkeztutako agiriak nahikoak zirela egiaztatu ondoren, erabaki zen General Alavesa de Galvanizados SL enpresak sustatutako proiektua jendaurrean jartzea, 30 egun balioduneko epean, egoki ikusten ziren alegazioak aurkezteko. Horretarako, proiektua 2021eko otsailaren 15eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, eta Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan eskuragarri egon da 2021eko otsailaren 16tik martxoaren 30era.

Jendaurreko informazioaren izapidea amaiturik, egiaztatu zen ez zela alegaziorik aurkeztu.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuaren Legearen testu bategineko 17. eta 18. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, 2021eko apirilaren 7an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak txostenak eskatu zizkien honako hauei: Vitoria-Gasteizko eta Iruña Okako Udalei; Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzari; IHOBEri; Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Natura Ondarearen Zuzendaritzari (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzarenak); Ekologistak Martxan Arabari eta Recreativa Eguzkizaleak erakundeari; eta, maiatzaren 11n, Iruña Okako Urkidetzari.

2021eko apirilaren 10ean eta maiatzaren 5ean, hurrenez hurren, Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren txostenak jaso ziren, biak Eusko Jaurlaritzarenak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38. artikulua aplikatuz, 2021eko maiatzaren 25ean, organo substantiboak sustatzaileari igorri zizkion aldez aurreko izapideetan jasotako txostenak, hala bazegokion, proiektuaren bertsio berria eta ingurumen-inpaktuaren azterketa idaztean kontuan izateko.

2021eko ekainaren 6an, sustatzaileak idazki bat bidali zuen. Bertan, adierazi zuen ez dela beharrezkoa aurkeztutako proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa aldatzea, baina jasotako txostenetatik jasotako zenbait ohar kontuan izan behar zirela.

2021eko ekainaren 25ean, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan xedatutakoa betez, General Alavesa de Galvanizados SL enpresaren esku utzi zen espediente osoa.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak 1. artikuluan ebazten duenaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea, eta, hura lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila handia helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.

Instalazioan Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskinean jasota dauden jarduerak egiten dira; horietaz gainera, baimen honek barnean hartzen ditu aipatutako legearen aplikazio-eremuan sartzea ekarri zuten instalazioaren kokapenean egiten diren jarduera guztiak, baita, eranskin horietan jasota ez egonik, jarduera horrekin lotura teknikoa dutenak eta sor daitezkeen isurien eta kutsaduraren gainean ondorioak izan ditzaketenak ere.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 9. artikuluan xedatzen dena betez, ingurumen-baimen integratua behar da 1. eranskinean ageri diren jardueretako edozein egiten duten instalazioak ustiatzeko. Testu bateginaren 11. artikuluaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua baldintzak ezartzea da, araua berau aplika daitekeen instalazio guztietan betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena ematen parte hartuko duten administrazio publikoen artean koordinatuta egongo den prozedura bat erabili nahi da, izapideak erraztu eta partikularren administrazio-kargak arintzeko. Era berean, indarrean dagoen araudian jasotako ingurumeneko administrazio-baimen guztiak egintza administratibo bakar batean bildu nahi dira. General Alavesa de Galvanizados SL enpresaren kasuan, baimen hauek guztiak behar ditu: saneamendu-sare orokorrera isurtzeko baimena, atmosferara emisioak egiteko baimena, eta, ingurumen-izaerako beste zehaztapen batzuen artean, hondakinak sortzeari dagozkion baimenak eta lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadura prebenitu eta zuzentzeari dagozkionak. Gainera, espedientean beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere parte hartu dutela egiaztatu da, nahitaezko txostenak emanda.

Lehenago aipatu dugun Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 29. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak egin ahal izateko administrazio eskudunek herritarren ekintzen gainean esku hartzeko dituzten administrazio-bitartekoak ordezkatuko ditu ingurumen-baimen integratua emateko prozedurak. Ondorio horietarako, ingurumen-baimen integratua loteslea izango da toki-agintarientzat, baldin eta jarduerak egitea ukatzeko bada edota neurri zuzentzaileak ezartzeko, baita 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdiei buruzko guztian ere. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 39. artikuluak xedatzen duenez, neurri guztiak hartuko dira lizentziak eta baimenak eskuratzera bideratutako administrazio-prozedurak koordinatzeko. Aipatu zehaztapenak aplikatuz, General Alavesa de Galvanizados SL enpresaren ingurumen-baimen integratuaren barnean egin dira Euskal Herriko Ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean aurreikusitako izapide guztiak.

Era berean, Ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan sartzea, eta, aukerarik egokienak hautatzeari dagokionez, ingurumenean dauzkan ondorioen analisia egitea jarduerek eragindako metaketa- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz, General Alavesa de Galvanizados SL enpresak Iruña Okako eta Vitoria-Gasteizko udal-mugarteetako (Araba) Subillabide industrialdeko J etxadiko 17. zenbakiko lurzatian sustatzen duen metalezko piezak beroan galvanizatzeko instalazioak ingurumen-ebaluazio arruntaren prozedura bete behar du, hala jasota baitago I. eranskineko 4.c) multzoan: metal urtuzko babes-geruzak ematea, orduan 2 tona altzairu gordin baino gehiago tratatzeko ahalmenarekin.

Halaber, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak (Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) bere 11.4 artikuluan, eta Ingurumen Ebaluazioko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 14. artikuluak ebazten dutena aplikatzeko, autonomia-erkidegoek beharrezkoa dena xedatuko dute ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako jarduerak eta autonomia-erkidegoko araudian ingurumen-inpaktua ebaluatzeko ezarritako beste figura batzuk ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran txertatu ahal izateko, hala eska badaiteke eta autonomia-erkidegoak horretarako eskumena badu.

Alde horretatik, aipaturiko prozedura horren izapideetan, proiektuak ingurumenean izan ditzakeen eragin guztiak batera bildurik hartu dira kontuan, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko araudiaren ikuspegitik, eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginean jasotako ingurumen-preskripzioen ikuspegitik zehaztearren proiektuaren bideragarritasuna zenbaterainokoa den. Bateratze hori ikus daiteke, halaber, ingurumen-baimen integratua emateko ebazpen-proposamenaren aurreko proiektuaren balioespen orokorrean. Ebazpen honetan ere sartuta dago ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aipatutako prozesuaren emaitza. Horretarako, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten du lehenengo apartatuan, aldeko irizpenarekin, eta aukeratutako kokapenean proiektua bideragarria dela adierazten du, ingurumen-ondorioei soilik erreparatuta; proiektua zer baldintzatan gauzatu behar den ere ezartzen du, eta baldintza horiek koherenteak dira abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina aplikatuz proiektuari ezarriko zaizkion neurri zuzentzaileekin.

Azkenik, adierazi behar da ebazpen honek teknika erabilgarri onenak eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak kontuan izan dituela, bai instalazioak gehienez igor ditzakeen gai kutsagarrien muga-balioak zehazteko, bai, ingurumen osoa ahalik eta gehien babesteko helburuz, instalazioaren ustiapenari ezarriko zaizkion bestelako baldintzak erabakitzeko. Zehazki, teknika erabilgarri onenak jasotzen dituen Europako Batzordearen 2001eko abenduko BREF txostenaren edukia kontuan hartu da (Reference Document on Best Available Techniques in the Ferrous metal Processing Industry).

Orain arte azaldutakoari jarraikiz, espedienteko txostenak aztertu eta proiektuaren ingurumen-ebaluazioa egin ondoren, ebazpen-proposamena sinatu zen. Bertan General Alavesa de Galvanizados SL enpresak sustatutako proiektuak bete beharreko baldintzak jasotzen ziren.

Honako xedapen hauek ikusi dira: 2021eko ekainaren 25eko Ebazpen-proposamena, Sailburuordetza honena; 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta oro har aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– General Alavesa de Galvanizados SL enpresarentzat aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea, Subillabide industrialdeko J etxadiko 17. lurzatian metalezko piezak beroan galvanizatzeko instalaziorako, Iruña Okako eta Vitoria-Gasteizko udal-mugarteetan (espedientea: AAI00418), Ebazpen honen hirugarren eta laugarren apartatuetan zehaztutako baldintzetan.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 4. taldeko c) epigrafean (burdin-metalak egiteko instalazioak) dago jasota, 3. puntuan: «Metal urtuzko babes-geruzak aplikatzea, orduan 2 tona altzari gordin baino gehiago tratatzeko ahalmenarekin».

Bigarrena.– Ingurumen-baimen integratua ematea General Alavesa de Galvanizados SL enpresari (egoitza soziala: Alaba Jeneralaren kalea 6, 1.a, Vitoria-Gasteiz, Araba; IFZ: B-01426659) Subillabide industrialdeko J etxadiko 17. lurzatian metalezko piezak beroan galvanizatzeko instalaziorako, Ebazpen honen laugarren apartatuan ezarritako baldintzetan.

Jarduera jasota dago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskineko kategoria hauetan:

«2.3.c. Burdinazko metalak transformatzeko instalazioak: Metal urtuzko babes-geruzak aplikatzea, orduan 2 tona altzari gordin baino gehiago tratatzeko ahalmenarekin».

«2.6.– Metalen eta plastikoen gainazala prozedura elektrolitikoz edo kimikoz tratatzeko instalazioak, tratamenduko kubeten edo lerroen bolumena 30 m3 baino gehiago denean».

General Alavesa de Galvanizados SL enpresaren instalazioa Subillabide industrialdean kokatuko da, Iruña Okako eta Vitoria-Gasteizko udal-mugarteen arteko jurisdikzio partekatuan. Instalazio berriek 18.504 m2-ko azalera izango dute guztira. Horietatik, 7.780 m2 eraikitako azalera dira: industria-pabiloia (7.350 m2), bulegoak (210 m2) eta aldagelak (220 m2); eta 10.724 m2 zolatutako kanpoko gainazala.

Prozesua, funtsean, kimikoki garbia den gainazala duten altzairuzko piezak, burdinarekin erreakzionatzen duen eta metalezko gainazalean Fe-Zn aleazioa sortzen duen zink urtuan (450 ± 10 ºC-tara) murgiltzean datza, korrosioaren aurkako babes hobea lortzeko. Pieza modu egokian galvanizatuta egon dadin, oso ondo garbitu behar da gainazala.

Ekoizpena lerro bakarrean gauzatuko da, garraiorako instalazio automatiko baten bidez, eta honako prozesu eta azpiprozesu hauek ditu:

– Garabi-zubien eta igo eta jaisteko estazioaren bidez, materiala jaso eta garraiorako instalazio automatikoan kargatzea, eta ekoizpen-lerro osoan zehar automatikoki garraiatzea.

– Inguruen kontrola –oxkarraren zabalera eta garaiera–, sentsoreen bidez (argi-barrerak).

– Honako bainu hauetan oinarritzen den aldez aurretiko tratamendua:

– Koipegabetzea: piezaren gainazaleko olio eta koipeak ezabatzea, koipegabetze-bainu alkalinoetan murgilduz (soda kaustikoa eta kaltzio karbonatoa). Lohiak kudeatzaile baimendu batek kentzen ditu eta, 5 urtez behin, kudeatzaile baimendu batek guztiz kentzen du bainua. Koipegabetze-bolumena: 102,384 m3-ko bi tina, 204,768 m3 guztira.

– Desugerketa: piezaren kanpoaldeko geruza metalikoa ezabatzea (gainazaleko edo zink-estaldurako oxidoak oker galvanizatutako piezatan), azido klorhidriko diluituzko bainuetan murgilduz. Aldian behin, azidoa eta ura gehitzen dira, bainuaren ezaugarriak mantentzeko. Fe kontzentrazioa 160 g/l-ra iristen denean, bainua berritu eta kudeatzaile baimendu baten bidez kudeatzen da. Desugerketa-bolumena: 102,384 m3-ko 7 tina, 716,668 m3 guztira.

– Garbitzea: koipegabetzearen eta desugerketaren ondoren (kasu honetan bi fasetan), ur-bainuetan murgilduz egiten dira garbiketak, koipegabetzearen eta desugerketaren bainuen likidoak arrastatzea ekiditeko.

– Mordentatzea: zink kloruro eta amoniozko bainuak; bertan murgiltzen dira piezak, gainazal metalikoan geratzen diren ezpurutasunak disolbatu eta xurgatzeko, desugerketaren eta galvanizatuaren artean piezaren gainazalean edozein motako oxidaziorik gerta ez dadin eta galvanizatuaren arragoan zink-estaldura uniformea izatea ziurtatzeko. Mordentatze-bolumena: 102,384 m3-ko tina bat.

Aldez aurretiko tratamendu osoa guztiz kapsulatua dago; alboetako paretak eta sabaia guztiz itxita eta azidoen kontrako plakez estalita daude. Gainera, itxitura horrek ixte-hegalak dituen garabia pasatzeko arraildurak izango ditu, estankotasun garbia bermatzeko eta lurrunek ez ihes egiteko. Sortutako lurrunak haizagailuaren bidez aterako dira eta, hustu aurretik, garbiketa-dorre batean tratatuko dira. Garbiketa-dorrean berreskuratutako HCl-a berriz erabiliko da desugerketa-bainuetan.

Era berean, mordentatze-bainuaren berritze jarraiturako sistema automatizatu bat egongo da; bertan, pilatutako gatzak neutralizatu eta berritu egiten dira, burdina, Fe(OH)3 forman, dekantatu ondoren ezabatuz. Iragazitako mordentatze-soluzioa berriz ere mordentatze-bainura itzultzen da, eta lohiak prentsa-iragazki batean deshidratatzen dira, ondoren baimendutako kudeatzaileari bidaltzeko.

– Lehortzea: piezak 4 posizioko tunel-lehortegi batean sartzen dira hezetasuna ezabatzeko, gatzak kristaltzeko eta aurretiaz berotzeko; honela, zink-zipriztinak saihestu, zink-errautsak gutxitu, materialak arragoan dauden denbora laburtu eta zink-kontsumoa murrizten da.

Lehorketa-labea aire beroaren bidez jartzen da martxan, 150 ºC-ra iritsi arte. Beroketa gas naturaleko erregailuen bidez gauzatzen da. Lehortegiaren ihes-gasak labearen berezko tximinia baten bidez bideratuko dira.

– Galvanizatua. Lehortegitik pasatu ondoren, piezak zink urtuzko arragoan murgiltzen dira, gutxi gorabehera 450 ºC-ko tenperaturan. Zinkak murgildutako piezen gainazalarekin erreakzionatzen du, Zn-FE-zko geruzak sortuz.

Piezak murgilduta daudela, itsatsitako mordentatze-soluzioak zink urtuarekin erreakzionatzen du, errautsak sortuz (Cl2Zn, ClNH4 eta Zn). Errautsak bainutik kendu eta hondakin gisa kudeatuko dira Zn-ren bigarren mailako industrian, berreskuratu ahal izateko.

Galvanizazio-prozesuko beste azpiproduktu bat zink-mataza izango da, galvanizatuaren arragoan sortzen dena.

Galvanizazio-labeko keak xurgatu eta iragazi egiten dira atmosferara irten aurretik.

Lehorketa- eta galvanizazio-labeetatik eratorritako errekuntza-gasen beroa berreskuratzeko sistema bat dago, aldez aurretiko tratamenduaren eta berogailu osagarriaren bainuak berotzeko.

– Hoztea eta errepasatzea. Piezak giro-tenperaturan edo ur-bainuan hoztuko dira, beroa mantentzen duten piezetan Zn-Fe-zko geruzak haztea eragotziko duen hozketa azkarra lortu ahal izateko. Balioespenen arabera, galvanizatutako piezen % 10a bakarrik hoztuko da prozesu hezearen bidez. Hozketa-bainu agortuak (ura eta zink-errautsak) barne mailan balioztatuko dira, mordentatze- eta desugerketa-bainuetan berriz erabiliz.

Piezak hoztu ondoren, ikuskatu, errepasatu eta paketatu egingo dira. Eskatuz gero, gainazaleko akats txikiak konponduko dira. Eskaeren arabera, jada galvanizatua dagoen produktua bidaltzeko prestatuko da.

– Bidalketa.

Urtean galvanizatutako altzairuzko 50.000 tona pieza ekoiztea aurreikusten du enpresak. Ekoizpen-lerroko azpiprozesu bakoitzerako zenbatetsitako ekoizpen-ahalmena honako hau da:

(Ikus .PDF)

Instalazioak kanpoko hornikuntza-sareetatik datozen energia elektrikoa (urtean 1.200.000 Kwh-ko kontsumoa zenbatetsi da) eta gas naturala (861.000 m3) kontsumituko ditu. Gas naturala lehorgailuan, galvanizazio-labean eta berogailu-sisteman beroa sortzeko erabiltzen da. Galvanizazio-labeak 360 kW-eko zortzi erregailu ditu, eta 2,88 MW-ko potentzia du guztira.

Instalazioan kontsumitutako ura, ekoizpen-prozesuetan nahiz prozesu laguntzaileetan, zerbitzuetan, aldageletan eta abarretan, uraren hornikuntzaren udal-saretik etorriko da. Urtean 925 m3-ko kontsumoa aurreikusten da batez beste.

Instalazioak bi isuri sortzen ditu, bat ur higieniko-sanitarioena, eta bestea industria-urena. Bi isuriak Subillabide industrialdeko kolektorera bideratuko dira.

Etengabeko neutralizazio-unitate bat egongo da industriako hondakin-urak tratatzeko, baita desugerketa-azidoak berritzeko unitate bat ere. Garbitzeko urak automatikoki neutralizatzen dira.

Neutralizazio-unitatean, garbiketetan sortutako urak prozesatuko dira, koipegabetzearen eta desugerketaren ondoren. Era berean, Azidoa Garbitzeko Sistematik sortutako kontzentratuak edo fluxuak tratatuko dira, batik bat kloruro ferrikoz (II) eta azido klorhidrikoaren hondarrez osaturiko hondakin likidozko produktu-fluxua; horiek garbitzeko urarekin batera jaso eta tratatuko dira.

Koipegabetze-prozesuko irakuzketa-ur alkalinoa eta Azidoa Garbitzeko Sistemako kloruro ferrikoaren hondakina andel bereizietan biltzen dira.

Hiru andel erreaktore daude. Garbiketa-ura andeletik ponpatzen da 1. erreaktorera (kontzentratuak ere sar litezke) eta, bertan, kare hileko lohia dosifikatzen da, pH-a handituz. Ura 30 minutuz egoten da 1. eta 2. erreaktoreetan. Lehen erreaktorean gainezka egiten duten urak 2. erreaktorera iristen dira. Bertan, oxigenoa sartzen da banatze-sistema baten bidez, burdina ferrosoa burdina ferrikora oxidatzeko, burdina hauspeatuz; pH-a 9ra arte doitzen da, metal guztiak hauspea daitezen. Ur-nahasketa 3. erreaktorera igarotzen da, eta bertan 10 minutuz mantentzen da. Erreaktore horretan, etengabe irabiatzen ari den malutatzailea gehitzen zaio, solido esekiak hauspeatzeko. Azkenik, urak sedimentazio-andelera iristen dira eta, bertan, solido koagulatuak likidotik bereizi eta oinarrian biltzen dira, lohia balitz bezala, urak andelera igarotzen diren bitartean.

Lohi horiekin elikatzen da prentsa-iragazkia; hark opilak deskargatzen diru, gero bildu egiten direnak. Urek iragazketa-prozesu gehigarriak (legar-iragazkia) jarraitzen dituzte eta, beharrezkoa izanez gero, pH-a berriz doitzen da, kolektorera isurtzeko.

Azidoak arazteko unitateak honela jarduten du:

1.– Burdinazko kloruroa duen desugerketa-likore erabilia ponpatzen da erretxina porotsuko ohantze baten bidez.

2.– Azido askea erretxinara xurgatzen da eta atxikita geratzen da; burdinazko kloruroa, berriz, modu askean igarotzen da, erretxina-zutabetik.

3.– Atxikitako azidoa ur garbiarekin garbitzen da erretxinatik; burdinazko klorurorik gabeko gainerako azido-soluzioa berriz ponpatzen da desugerketa-andelera.

4.– Azidoak arazteko unitateko efluentea, burdina kloruroduna eta azidorik gabea, desugerketarako garbiketa-urarekin batera neutralizatzen da.

HCI duten gas-garbigailutik datozen urak berriz erabiltzen dira desugerketa-bainuetan.

Azidoa biltzeko 3 depositu daude, horma bikoitzeko 45 m3-koak; bat HCIa % 33an diluitua biltzeko erabiltzen da, eta beste biak, berriz, azido erabilietarako (burdina desugertzeko bainua eta zink-bainua, hurrenez hurren). 100 m3-ko atxikipen-kubeta dute.

Instalazioko hondakin-ur industrialak, neutralizazio-unitatean araztu ondoren, Subillabide industrialdeko kolektorera bideratzen dira. Instalazioan sortutako hondakin-ur sanitarioak Subillabide industrialdean dagoen ur beltzen eta industria-uren sarera bideratuko dira. Era berean, euri-ur garbiak industrialdeko euri-uren sarera isuriko dira.

Instalazioak emisio atmosferikoen 3 foku izango ditu: aurretratamendu-prozesuko gas-garbigailua; galvanizazio-labeko eta lehorgailuko errekuntza-gasak husteko tximinia; eta galvanizazio-gasak husteko tximinia, mahuka-iragazki batetik igaro ondoren.

Instalazioan sortutako eta bidalitako dokumentazioan deskribatutako hondakin nagusiak koipegabetze- eta desugerketa-bainu agortuetan sortutako hondakin arriskutsuak dira, baita mordentatze-lohiak, araztegiko lohiak eta mahuka-iragazkien hautsa ere. Instalazioan sortzen diren hondakin ez-arriskutsu nagusiak errautsak eta zink-matazak dira.

General Alavesa de Galvanizados SL enpresaren jardueran, teknika erabilgarri onenak aplikatzen dira, honako BREF txosten europarretan jasota daudenak:

– Burdinazko metalen prozesuen industriako teknika erabilgarri onenak (2002).

Proiektuak, besteak beste, teknika erabilgarri onenak direla pentsa daitekeen neurri hauek biltzen ditu:

– Koipegabetze-etapa baten instalazioa eta jarduketarako baldintzen optimizazioa.

– Desugerketa eta zinkgabetzea gauzatzeko bainu bereizleak erabiltzea.

– Desugerketa-bainuaren kudeaketa eta kontrol optimizatua.

– Garbigailuan sortutako emisio guztien aldez aurretiko tratamendu-sistema guztiaren itxitura, bilketa eta arazketa. Desugerketa-bainuetatik eratorritako emisioen HCla berreskuratzea.

– Elkarren hurreneko garbiketa.

– Garbiketa-ura berrerabiltzea, prozesuko bainuak berritzeko.

– Mordentatze-bainuaren berritze jarraituko sistema automatizatua.

– Galvanizatu-emisioen bilketa eta arazketa.

– Errekuntza-gasen hondakin-beroa berrerabiltzea, aldez aurretiko tratamenduaren eta berogailu osagarriaren gordailuak berotu ahal izateko.

Hirugarrena.– General Alavesa de Galvanizados SL merkataritza-enpresak (Araba) Subillabide industrialdean garatzen duen metalezko piezak beroan galvanizatzeko jardueraren instalaziorako egokitzapen-lanetarako, honako baldintza eta eskakizun hauek ezartzea:

A) Proiektua egikaritzen hasteko epea.

Lau urteko epea jartzen da proiektua egikaritzen hasteko; ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasiko da kontatzen epea. Hori igaro, eta artean ez bada hasi proiektua egikaritzen, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio iraunaldia, eta utzi egingo dio dagozkion ondorioak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatutako epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia bat dator otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin. Horretarako, sustatzaileak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko dio, gutxienez hilabete lehenago, noizko aurreikusten den proiektua egikaritzen hastea.

B) Instalazioa egokitzeko eta muntatzeko baldintza orokorrak.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera beteko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta:

B.1.– Jarduketa-eremua mugatzea.

a) Proiektuak adierazitako esparruan egingo dira obrak eta lurzoruaren okupazioa dakarten lan osagarriak. Ahalik eta gehien murriztuko da obrako makinak eta ibilgailuak aipatutako mugetatik kanpo zirkulatzea.

b) Aipatu esparrutik kanpo ustekabean gertatutako afektazioen kasuan, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak aplikatuko dira.

B.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

a) Drainatze-sare naturalera ahalik eta hondakin fin gutxien isuriz egingo dira lanak. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta solido esekiei eusteko sistemak proiektatu eta, kasua horrela bada, gauzatu egingo dira, kutsa daitezkeen urak haietara biltzeko.

Hormigoi-upelak berariaz egokitutako eremuetan garbituko dira. Hormigoi-esnea ezingo da inola ere isuri ibilgura. Hormigoiaren hondakinak ebazpen honetako hirugarren apartatuaren B.5 puntuan ezartzen diren baldintzen arabera kudeatu beharko dira.

b) Obratako makinak gordetzeko azalera eta horren mantentze-lanak egiteko tokia drainatze-sare naturaletik bereiziko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema izango dute, olioa eta erregaiak direla-eta lurzorua eta ura kutsa ez daitezen. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko ohiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

B.3.– Zaratak, dardarak eta horien eraginak gutxitzeko neurriak.

a) Eraikitzeko fasean, beharrezkoak diren obrarako jarraibide egokiak aplikatuko dira, obra-makinen mantentze-lan orokorrei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

b) Zaratari buruzko Legea (azaroaren 17ko 37/2003 Legea) garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

B.4.– Hauts-emisioak murrizteko neurriak.

a) Ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira obra-guneen irteeran.

b) Hezetasun-egoera egokietan garraiatuko da indusketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

B.5.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

a) Obrek iraun bitartean sortutako hondakinak, hau da, obra-lekuak prestatzeko lanetatik sortzen direnak, bilgarriak, baztertzen diren lehengaiak eta garbiketa-lanetako soberakinak, Hondakinei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikagarri diren araudi zehatzetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

b) Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

Aipatu 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat gehitu beharko du oinarrizko proiektuetan eta obra gauzatzeko proiektuetan; azterlan horrek, I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.

Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko. Plan hori obraren kontratu-agiriei erantsiko zaie.

c) Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren eta hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.

Jardueraren soberakinak betelanetarako erabiltzen badira, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutako baldintzak bete beharko dituzte betegarri horiek.

Soilik A-EBA ebaluazioko balio adierazgarrietatik beherako eduki kutsatzaileak dituzten materialak utzi ahal izango dira lursailak betetzeko edo egokitzeko, lurzoruaren kutsadura prebenitu eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean jasotakoari jarraikiz.

d) Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte; ontzi horiek itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, substantziak isuri edo lurrundu ez daitezen.

Aipatutako edukigailuak edo ontziak etiketatu egin beharko dira argi eta irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, indarreko araudiaren arabera.

e) Sortutako olio erabilia industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da.

Erabilitako olioak aldi baterako biltegiratzea, hau da, baimendutako kudeatzaileak biltzen dituen arte, kubeta edo segurtasun-sistema batean gordetako deposituetan egingo da, horrela, biltegi nagusiak haustura edo galeraren bat izanez gero, olioa sakabanatzea saihesteko.

f) Hondakinak kudeatzeko araudia errazago bete ahal izateko, hainbat lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak jarri beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere isurkari kontrolatu gabeak sortuko.

g) Aurrekoaren ildotik, gune espezifiko bat prestatuko da, eta bertan jarriko dira hondakin arriskutsuak –olio-latak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar– aldi baterako gordeko dituzten instalazio estaliak; horietatik bereizita, edukiontzi espezifikoak jarriko dira hondakin arriskugabeentzat eta geldoentzat. Edukiontzi horiek itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurtze edo lurruntze bidez edukirik ez galtzeko. Orobat, obrak egiten ari diren bitartean sortzen diren hondakinak biltzeko elementu estankoak (bidoiak eta abar) instalatu behar dira; elementuok hondakin moten arabera bereizi behar dira. Gero hondakinok aurrean aipatutako gune garbira eramango dira.

h) Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten ulergarri bat egin beharko da, eta indarreko legedian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak txosten horretan sartu beharko dira.

B.6.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritza Orokorrari; gero, beharrezkoa izanez gero, hark erabakiko du zer neurri ezarri.

B.7.– Obraren garbiketa eta akabera.

Behin obra amaituta, garbiketa-kanpaina sakona egingo da, proiektuaren eraginaren mende egon den esparru osoan obra-hondakinik ez uzteko.

B.8.– Ingurumenari buruzko aholkularitza.

Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen arte, ingurumen gaietan, kultura-ondarearen zaintzan eta neurri babesle eta zuzentzaileetan, aholkularitza gaitua eduki beharko du Obra Zuzendaritzak, ingurumen-inpaktuaren azterlanaren zehaztapenen arabera. Obraren zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu baldintzen agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, aholkulariek txosten bat egingo dute aurrez.

B.9.– Lan-programaren diseinua.

Kontratistak ekintza-proposamen xehatu batzuk egin beharko ditu ondorengo azpiapartatuetan adierazitako alderdiei buruz. Proposamen horiek ebazpen honetan kasu bakoitzerako ezartzen diren irizpideen arabera diseinatuko dira. Obra-zuzendaritzak espresuki onetsi beharko ditu eta lanak burutzeko programan txertatuko dira. Honako hauek dira dokumentuak:

a) Kokapenari buruzko xehetasunak eta kontratistaren instalazioen guneak eta hondakinak aldi baterako biltegiratzekoak, ebazpen honen hirugarren.B.1 eta hirugarren.B.5 apartatuetan aurreikusitakoaren arabera.

b) Ur-eroanbideen sareen eta solido esekiak atxikitzeko ebazpen honen hirugarren.B.2 apartatuan aurreikusitako gailuen xehetasunak eta kokapena.

c) Ebazpen honen hirugarren.B.4 apartatuan aurreikusitako ibilgailuak garbitzeko gailuen xehetasunak eta kokapena.

d) Obretan sortutako eraikuntza- eta eraiste-hondakinak kudeatzeko plana, eraikuntza- eta eraiste-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera.

B.10.– Jarraibide egokien kontrola obren garapenean zehar.

Obren jardunbide egokien kontrola egingo da, eta bereziki kontuan hartuko dira honako alderdi hauek: hondakinen kudeaketa, hondeaketa-soberakinena ere aintzat hartuz, hauts- eta zarata-ekoizpena eta Ebazpen honetan adierazitako bestelako alderdiak.

B.11.– Obraren amaierako txostena.

Sustatzaileak obraren amaierako txostena bidali beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari; obrak egin bitartean izan diren gertaeren berri emango du bertan, eta Ebazpen honetan nahiz ingurumen-inpaktuaren azterlanean jasotako neurri babesle eta zuzentzaileak zenbateraino betetzen diren azalduko du, eta ingurumen-organoak indusketa-materialak behar bezala kudeatzeko ezarritako neurrien berri ere emango du.

Horrekin batera, eta hala badagokio, proiektua gauzatu bitartean sartutako aldaketak xehetasunez dokumentatu beharko dira, eta ingurumenaren gaineko eraginaren ikuspegitik duten justifikazioa azaldu. Halaber, eraikuntza-fasean ingurumen-arloan eginiko behaketa-programaren emaitzak eta indusketa-materialen erabilera zehatza dokumentatu behar dira, material horien kuantifikazio eta ezaugarriei buruzko datuak barne hartuta.

Laugarrena.– Metalezko piezak beroan galvanizatzeko jarduera ustiatzeko eta bertan behera uzteko baldintza eta betekizun hauek ezartzea.

A) Administrazioarekiko harremanen arduraduna.

Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsonaren gainean Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik badago, General Alavesa de Galvanizados SL enpresak aldaketa horien berri emango du.

B) Babes- eta zuzenketa-neurriak.

Babes- eta zuzenketa-neurriak sustatzaileak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala ezarriko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera eta ondorengo apartatuetan ezarritakoari jarraituz:

B.1.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

B.1.1.– Baldintza orokorrak.

General Alavesa de Galvanizados SLren instalazioaren ustiapenean bete beharreko baldintzak dira atmosferara egingo diren emisioek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako balioak, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako baldintza teknikoak betetzea.

Prozesuan zehar aireratzen den gai kutsatzaile oro bildu eta bide egokienetatik kanporatuko da, behar denean, gai kutsatzaileen ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango emisio ez-zarratuak biltzea, teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria ez bada, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen bada.

Neurri egokiak hartuko dira istripuzko emisiorik ez egiteko, eta haien efluenteek giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatuko eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko moduan. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

Abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuak (atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituena) 5. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte instalazioaren titularrek.

Fokuen sekzioek, neurketa-guneek, laginketa-puntuek, neurketa-portuek, irisgarritasunak, segurtasunak eta zerbitzuek Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak 2012ko uztailaren 11ko Aginduaren jarraibide teknikoetan ezarritakoa bete beharko dute. Agindu horretan abenduaren 27ko 278/2011 Dekretua –atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituena– garatzeko jarraibide teknikoak zehaztu ziren.

Organo horrek foku berri bat baimendu ondoren, hura abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako IKE txosten bat eman beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahalko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.

B.1.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

General Alavesa de Galvanizados SL enpresaren instalazioak metalak eraldatzen ditu horiek zink urtuan murgilduta, eta honako foku zarratu hauek ditu, urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren (atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duena eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituena) katalogoan jasotako jarduerekin lotuta:

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Hondakin-ur industrialak tratatzean emisio lausoak sortzen dira.

Foku ez-sistematiko horietako bat urtean batez beste hamabi alditan baino gehiagotan funtzionatzera pasako balitz eta aldi bakoitzak ordubete baino gehiago iraungo balu, edo, maiztasuna edozein dela ere, emisioen iraupena orokorrean hartuta instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bost baino handiagoa bada, emisio-foku sistematiko gisa araupetu beharko da.

Urte jakin batean foku sistematiko batek foku ez-sistematiko batek bezala funtzionatzen badu, ez da foku horren gaineko kontrolik egin beharko urte horretan. Ondoko urtean egin beharko da, baldin eta kontrola salbuesteko baldintzek ez badute bere horretan jarraitzen. Ingurumena zaintzeko dagokion programan justifikatu beharko da inguruabar hori.

B.1.3.– Emisioen muga-balioak.

Instalazioa ustiatzean, atmosferara egiten diren emisioetan ez dira gaindituko emisioen muga-balio hauek:

(Ikus .PDF)

Laginketa-aldiko batez bestekoak emisioen muga-balioak gainditzen ez baditu, emisioaren muga-balioak betetzen direla ulertuko da.

Ondorio horietarako, laginketa-aldiko batez bestekoa honela kalkulatuko da: gutxienez 30 minutuko ondoz ondoko hiru neurketaren batez bestekoa, neurketa bakoitzari baimen honetan zehaztutako metodoari dagokion konfiantza-tartea kenduta, edo, horrelakorik ez badago, jarraian zehaztutakoa.

Baimen horretan ezarritako metodoak zehazten ez badu, neurtutako emaitza bakar baten % 95eko konfiantza-tarteen balioek ez dituzte gaindituko emisioen muga-balioen ehuneko hauek:

– Metal astunak: % 40.

B.1.4.– Gasak bildu eta kanporatzeko sistemak.

Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximinien gailurrak ez dira egongo laugarren apartatuko B.1.2 azpiapartatuan ezarritako goreneko kotatik behera. Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-guneak, neurketa-portuak, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.

Emisio lausoak minimizatzeko helburuarekin, ihesak antzemateko ekipamenduak erabiliko dira, ingurumenaren kudeaketa egokia egingo da, eta instalazioa modu egokian diseinatuko da.

B.2.– Saneamendu-sarera isuria egiteko baldintzak.

B.2.1.– Isurien sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokapena.

Isurketa sortu duen jarduera mota nagusia: pieza metalikoen galvanizazioa.

(Ikus .PDF)

Ez dago baimenduta ubide publikora industria-urak nahiz ur beltzak isurtzea.

B.2.2.– Gehienez isur daitezkeen emari eta bolumenak.

(Ikus .PDF)

B.2.3.– Isurien muga-balioak.

2. isuria: industria-urak.

Saneamendu-sarera egiten den isurketaren parametroak honako hauek izango dira, bakoitzerako zehazten diren gehieneko balioekin:

(Ikus .PDF)

Metalentzako mugak ulertu behar dira, guztizko metal direnez eta ez metal disolbatu direnez.

Ezingo dira diluzio-teknikak erabili isurketen muga-balioak lortzeko.

Gainera, ingurune hartzaileari dagozkion arauak eta kalitate-helburuak bete behar dira. Bestela, titularrak tratamendu egokia egin beharko du, isuriaren ondorioz aipatutako arauak eta kalitate-helburuak urratzen ez direla ziurtatzeko.

Baimen horrek ez du baldintza honetan berariaz adierazitakoak ez diren beste substantzien isurketa onartzen, batez ere maiatzaren 23ko 606/2003 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren substantzia arriskutsuak. Errege-dekretu horren bidez, apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretua aldatzen da (azken errege-dekretu horren bidez, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamendua onartzen da, Urei buruzko abuztuaren 2ko 29/1985 Legearen atariko titulua eta I., IV., V., VI. eta VIII. tituluak garatzen dituena).

B.2.4.– Arazketa- eta hustuketa-instalazioak. Kontrol-kutxatila.

Kontrol-kutxatila bat jarriko da baimendutako hondakin-ur bakoitzerako, eta haien bidez isurien lagin adierazkorrak hartuko dira eta arazketa-instalazioen errendimendua egiaztatuko da. Kutxatilak sarbide zuzena duten lekuan kokatuko dira, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak ikuskatu ahal izan ditzan.

B.3.– Instalazioan ekoitzitako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortutako hondakin guztiak kudeatuko dira Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera, eta, beharrezkoa bada, karakterizatu egin beharko dira euren izaera eta helburu egokiena zehazteko.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, horretarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Birsortzea-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimendurik badago hondakin zehatz batzuk tratatzeko, lehentasunez instalazio haietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan deuseztatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakin horiek karakterizatu dira, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituen Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak xedatutakoari jarraikiz, eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda deuseztatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritako jarraibideen arabera.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitateak –ebazpen honetan daude jasota–, orientagarriak dira soilik, kontuan hartuta jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d apartatua) ezarritakoa ezertan galarazi gabe, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan soilik eskatu beharko da baimena egokitzea: baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko-likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isurtzeak edo lixibatuak sor baditzakete, bada, orduan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Hauts-itxurako hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinak lehen aldiz atera aurretik, kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko da, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, 2014ko abenduaren 18ko Batzordearen Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatu egiten baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta 1357/2014/EB Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez ordezten baita 2008/98/EE Zuzentarauaren, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarenaren, III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

Hondakinak desagertu edo galduko balira, edo ihes egingo balute, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan eta Vitoria-Gasteizko eta Iruña Okako udaletan.

Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren Lurraldearen Barruko Hondakinen Lekualdaketa arautzen duen 553/2020 Errege Dekretua, ekainaren 2koa, eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluari jarraikiz.

Nahitaezko aurretiko jakinarazpen-kasuetan, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25. artikuluan aurreikusitako eta ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretuaren 9. artikuluan garatutako kausetako bat gertatzen denean, hala organo honek nola helmugako autonomia-erkidegoko organo eskudunak hondakinak garraiatzearen aurka egin ahalko dute; arrazoitutako erabakia garraio-jakinarazpena aurkeztu eta gehienez ere hamar eguneko epean jakinarazi beharko diote operadoreari.

Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, hondakinen lekualdaketak direla-eta, 1013/2006 Erregelamenduan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarenean, 2006ko ekainaren 14koan, ezarrita dagoena bete beharko da.

B.3.1.– Hondakin arriskutsuak.

Honako hauek dira sustatzaileak aitortutako hondakin arriskutsuak:

(Ikus .PDF)

a) Hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta ezartzen da hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodifikazioa, eta baimena izapidetzean jasotzen da horiei buruzko informazioa. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, oinarrizko beste batzuk, euren izaera dela eta, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen definitzen dute. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko 2015-2020rako Ingurumeneko IV. Esparru Programan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren tratamendu-kontratuetan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balorizazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen tratamendu-kontratuetan lagatze- edo deuseztatze-kodeak baliozkotzeko eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

c) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

d) Gainerako hondakin arriskutsuak ezin izango dira 6 hilabete baino gehiagoz biltegiratu. Salbuespen-egoeretan, ingurumen-organoak epe hori aldatu ahalko du, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio, baldin eta gizakion osasuna eta ingurumena babestuko direla bermatzen bada.

e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartzea. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenbizikoz erretiratu aurretik, eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana bidali aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

f) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako agiria bete beharko da. Agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. General Alavesa de Galvanizados SLk artxiboan erregistratu eta gutxienez hiru urtez gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo agiri ofizial baliokideak.

g) Egiaztatu beharko da baimendutako kudeatzailearen instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraiobideak betetzen dituela halako gaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutako betebeharrak.

h) General Alavesa de Galvanizados SL enpresak erabilitako industria-olioen kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko du bere enpresan erabilitako olioa.

i) Otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan (gailu elektrikoen eta elektronikoen hondakinei buruzkoa) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira ekipamendu elektriko eta elektronikoen hondakinak; besteak beste, lanpara fluoreszenteenak. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan (pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzkoa) xedatutakoa bete beharko dute. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbuetsita egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei egindako entregak justifikatzeko agiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

j) General Alavesa de Galvanizados SLk, PCB eduki dezaketen gailuak dituen heinean, kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete behar ditu 1378/1999 Errege Dekretuak, abuztuaren 27koak, poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituenak zehaztutako baldintzak, eta 228/2006 Errege Dekretuak, otsailaren 24koak, errege-dekretu hori aldatzen duenak, xedatzen dituenak.

k) General Alavesa de Galvanizados SLk Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko irailaren 16ko 1005/2009/EE Erregelamenduak –ozono-geruza agortzen duten substantziei buruzkoak– adierazten dituen substantziak baditu, berreskuratu egingo dira, alderdiek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarri den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko ditu aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

l) General Alavesa de Galvanizados SL enpresak urtero adierazi beharko du Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kopurua, helburua eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Datu horiekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.

m) Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 41. artikuluan zehazten denari jarraikiz, General Alavesa de Galvanizados SL enpresak urtero adierazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria eta kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen laburpen-memoria, aitortzen den ekitaldiaren amaieran. Datu horiekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.

n) Uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluarekin bat etorriz, artxibo kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Artxibo hori 3 urtez gorde beharko du gutxienez eta urtero bidali beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, dagokion urteko ingurumena zaintzako programaren barruan.

o) Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko, alegia, hondakin horiek ahalik eta gutxien sortzea, General Alavesa de Galvanizados SL enpresak hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plan bat aurkeztu beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honi, lau urtetik behin, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 17.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, betiere aipatu legearen garapenerako araubideak ez badu General Alavesa de Galvanizados SL hondakin arriskutsuen ekoizle txiki gisa katalogatzen.

p) Baldin eta General Alavesa de Galvanizados SL 11/1997 Legeak, apirilaren 24koak, Ontzikiei eta Ontzikien Hondakinei buruzkoaren lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontziki baten azken jabea bada, General Alavesa de Galvanizados SL bera izango da ontziki-hondakin edo ontziki erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

q) Apartatu honetako f) eta g) (kudeatzaileak EAEn daudenean), m), n) eta o) apartatuetan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira transakzio elektroniko bidez, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskainitako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

r) Amiantoa duten hondakinak antzemanez gero, General Alavesa de Galvanizados SL enpresak amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeari buruzko 108/1991 Errege Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako eskakizunak bete beharko ditu. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

B.3.2.– Hondakin arriskugabeak.

Sustatzaileak hondakin arriskugabe hauek aitortu ditu:

(Ikus .PDF)

a) Laugarren apartatuaren B.3 azpiapartatuan, bereiztearen eta hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoen inguruan xedatutakoari jarraituz, «Zabortegirako beste hondakin batzuk» izeneko hondakinak ezingo du hondakin-frakzio balorizagarririk izan. Horri dagokionez, egungo egoeran Euskal Autonomia Erkidegoan balorizatu daitezkeen hondakin-frakzioak hauek dira: papera eta kartoia, egurra, plastikoak, metal ferrikoak eta metal ez-ferrikoak.

b) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu batera.

c) Hondakin horiek ezabatzeko direnean, ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki; hondakinen azken helburua balorizatzea denean, berriz, 2 urtez gorde ahal izango dira.

d) Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. General Alavesa de Galvanizados SL enpresak onarpen-agiriak edo agiri ofizial baliokideak, nahitaezkoak badira, erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu hiru urtez gutxienez.

e) Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, hondakin ez-arriskutsua eraman aurretik jarraipen eta kontrolerako agiria bete beharko da, Hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzeko otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa.

f) Balorizatzeko edo deuseztatzeko helburuarekin, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluaren arabera.

g) Baldin eta General Alavesa de Galvanizados SL Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997) lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabea bada, ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

h) Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 41. artikuluan zehazten denari jarraikiz, General Alavesa de Galvanizados SLk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin ez-arriskutsu guztien jatorria eta kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen laburpen-memoria. Datu horiekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.

i) Uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluarekin bat etorriz, artxibo kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Artxibo hori 3 urtez gorde beharko du gutxienez eta urtero bidali beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, dagokion urteko ingurumena zaintzako programaren barruan.

j) Apartatu honetako d), e) (kudeatzaileak EAEn daudenean) eta f) apartatuetan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira transakzio elektroniko bidez, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskainitako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

B.4.– Ontziak merkaturatzea.

General Alavesa de Galvanizados SL enpresak, bere produktuak merkaturatzeko ontziak eta enbalajeak erabiltzen dituen enpresa den aldetik, ontzi horien gaineko informazioa eman beharko du urtero, martxoaren 31 baino lehen; horretarako, ontzien gaineko urteko adierazpena egin beharko du. Datu horiekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.

Era berean, General Alavesa de Galvanizados SLk ontzi erabiliak eta ontzi-hondakinak kudeatzeko biltegiratze- eta itzultze-sistema bat ezarri beharko du derrigor (zuzenean edo kudeaketa-sistema integratu bati atxikita). General Alavesa de Galvanizados SLk aipatutako betebehar horretatik salbuesteko eskatu ahalko du, 11/1997 Legeak, apirilaren 24koak, industria- edota merkataritza-ontziak merkaturatzeko Ontzi eta Ontzi Hondakinei buruzkoak, lehen xedapen gehigarrian ebatzitakoari atxikitzen bazaio; atxikimendu horren bidez, ontzi horiek kudeatzeko eta ingurumen-organoari informazioa pasatzeko betebeharra produktuaren kontsumitzaileari transferitzen zaio.

General Alavesa de Galvanizados SLk, urte natural batean zehar, ondoren zehazten diren kantitateak baino gehiagoko hondakinak sortu ahalko dituen produktu ontziratuak edota industria- edo merkataritza-ontziak merkaturatzen baditu:

– 250 tona, beira bada bakarrik.

– 50 tona, altzairua bada bakarrik.

– 30 tona, aluminioa bada bakarrik.

– 21 tona, plastikoa bada bakarrik.

– 16 tona, egurra bada bakarrik.

– 14 tona, kartoia edo material konposatuak soil-soilik badira.

– 350 tona, hainbat material badira eta, banaka, bakoitzak aurreko kopuruak gainditzen ez baditu.

Enpresaren Prebentzio Plan bat egin beharko du. Plan horrek hiru urteko indarraldia izango du, eta onartutako Enpresaren Prebentzio Planaren kontrol- eta jarraipen-txostena egin beharko zaio urtero, martxoaren 31 baino lehen. Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko dira bi agiriok.

B.5.– Lurzorua babesteko baldintzak.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) ezarritako aginduak betetzeko aurkeztutako lurzoruaren egoerari buruzko txostenarekin bat etorriz, eta horretan bildutako gomendioak jarraituz, General Alavesa de Galvanizados SLk lurzorua babesteko behar diren neurriak hartu beharko ditu:

– Hormigoi elektrosoldatuzko zola, kuartzozko eta korindoizko gainazal-tratamenduarekin, industria-pabiloi osoan.

– Eusteko kubetak aldez aurretiko tratamenduaren, galvanizatuaren, produktu kimikoen biltegiratzeen eta hondakin arriskutsuen biltegiaren guneetan.

– Instalazioen aldizkako mantentze-lanak eta zaintza- eta kontrol-sistema.

– Jarduera osoa hormigoizko zolata baten gainean garatuko da, estalkipean.

– Kanpoan ez da produkturik pilatuko.

– Ez da substantzia arriskutsurik biltegiratuko lurpeko deposituetan.

– Lurzorua kalte dezaketen produktu kimikoak biltegiratzeko, atxikipen-kubetak daude.

Ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 16. artikuluko 2. apartatuaren arabera, lurzoruaren egoeraren txostenak aurkeztu beharko dira, gutxienez, 5 urtean behin, Lege hori indarrean jartzen denetik kontatzen hasita.

Era berean, aurreko lerrokadan aipatutako araudian, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan eta urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuan ezarrita dauden lurzorua babesteko betebeharrak betetze aldera, sustatzaileak honako hauek aurkeztu beharko ditu:

– Oinarrizko txostena, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren 20. artikuluan aipatutako epeak eta aldizkakotasunak beteta.

– Lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-dokumentuak, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 10.2 artikuluan ezarritako epeen arabera.

Nolanahi ere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea leheneratzen diharduen erakunde ezagun batek egina, eta aipatutako txostenak jasoko ditu (lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-dokumentuak). Horretarako, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko urtarrilaren 23ko Aginduan xedatutakoa bete beharko da, zeinaren bidez jarraibide tekniko bat onartzen baita, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa interpretatzeari eta aplikatzeari buruzkoa, lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten bat eskatzeari lotua. Emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar diren bakoitzean, lurzoruen agiri bakar berri bat bidaliko da.

Instalazioak eraikitzeko lanek eragindako lur-mugimenduei dagokienez, sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu:

1.– Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:

a) 4/2015 Legeak, ekainaren 25ekoak, 25. artikuluaren 1.c) apartatuan ebazten denarekin bat etorriz, induskatu beharreko materialak (lurra, obra-hondakinak eta abar) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, jardun kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa modu egokiena zehaztearren.

b) Jarduketa horretan aurreikusten bada induskatu beharreko materialen bolumena 500 m3-tik gorakoa dela (zolatak barne), edo jarduketa burutu bitartean gainditze hori antzemango balitz, nahitaezkoa izango da lurzoruaren kalitatea ikertzen eta oneratzen egiaztatutako erakunde batek egindako indusketa selektiborako plan bat aurkeztea. Indusketa-planak abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu beharko du hura gauzatu aurretik.

c) Induskatu beharreko bolumena 500 m3-tik beherakoa bada, aldaketaren jakinarazpenak honako informazio hau jaso beharko du:

– Jarduketaren pertsona fisiko edo juridiko sustatzailearen eta jarduketa burutuko duen kontratudunaren identifikazioa.

– Jarduketaren xede den lekua non dagoen, baita Lurzoruaren Kalitatearen Administrazio Erregistroaren erreferentzia ere.

– Jarduketaren xede den eremuaren mugaketa eta azalera. Jakinarazpenean lurzatia eta jarduketa-eremua zehatz-mehatz non dauden jakitea ahalbidetzen duten planoak erantsiko dira.

– Jarduketaren deskribapen xehatua.

– Induskatuko diren materialen bolumena, baita zolatak ere.

– Ingurumen-jarraipeneko lanen eta azken txostena egitearen arduradunaren identifikazioa; artikulu honetan aipatutako kasuetan erakunde egiaztatua izan beharko du.

– Jarduketa noiz hastea aurreikusten den.

d) Aurreko kasuetako edozeinetan, obra egin ondoren, azken txostena bidali beharko du. Bertan, lurzoruen karakterizazioaren emaitzak eta horien azken helmuga adierazi beharko dira. Horrez gain, induskatutako materiaren berrerabilera edo kudeaketa egokia egiaztatzeko txosten bat ere bidali beharko da. Indusketaren bolumena 100 m3-tik gorakoa bada, erakunde egiaztatu batek egingo ditu ingurumen-segimendurako lanak eta txostena.

e) Arau orokor gisa, Kutsatutako lurzoruetan indusketa selektiboak egiteko gidan jasotzen diren irizpideak beteko dira. Esteka honetan eskura daiteke gida:

https://www.ihobe.eus/Publicaciones/Ficha.aspx?IdMenu=97801056-CD1F-4503-BAFA-F54FA80D9A44&Cod=945C8D73-130B-4E34-AC67-5AB96DFB55AE&Idioma=eu-ES

f) Soberakinak hondakindegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak (hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena) ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, laginketa gauzatzeko, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean eta gidaren 10.2.6 apartatuan (Induskatu behar diren lurzoruetan «in situ» egindako laginketa) biltzen diren induskatu beharreko materialen karakterizazio-kanpaina diseinatzerakoan kontuan hartu behar diren oinarrizko irizpideei jarraituko zaie.

g) Soberako materialak instalazioan bertan berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak ezarritako B-EBA (industria-erabilera) balioaren azpitikoa; horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, honen arabera: 199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.

h) 4/2015 Legean, ekainaren 25ekoan, xedatutako A-EBA ebaluazioko balio-adierazleak eta TPHtarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta beraz, onartu egingo dira baimendutako edozein betelanetarako.

i) Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalaren parekoa den harrizko substratu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

2.– Instalazioa baimenduta dagoen lursailetik kanpo aldaketaren bat egitea aurreikusten bada (lurzoru berria okupatuz) eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean aipatutako jardueraren bat, sustatzaileak lurzoru-arloko adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

Horrez gainera, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 22. artikuluaren 2. apartatuan dioenaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek ezar ditzan hartu beharreko neurriak, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluaren 1.e apartatuari jarraikiz betiere.

B.6.– Zaratari buruzko baldintzak.

General Alavesa de Galvanizados SL enpresak beharrezko neurriak hartuko ditu instalazioak urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren I. eranskineko F taulan muga-balio gisa ezarritako zarata-mailak baino handiagoak transmititu ez ditzan kanpoko ingurumenera, betiere horiek aipatu arauaren II. eranskinean ezarritako prozeduren arabera ebaluatuta.

(Ikus .PDF)

Kanpoaldeko muga-balioek lurretik 2 metroko garaiera eta fatxada leihodunen kanpoaldeko eraikuntzaren garaiera guztiak dituzte erreferentziatzat.

Lokal mugakideak egonez gero, lokal horien erabilera kontuan hartuta, instalazioak ezingo du aipatutako urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren I. eranskineko G eta H tauletan ezarritako muga-balioak baino zarata-maila handiagoa transmititu haietara.

Ezarritako zarata-immisioaren muga-balioak errespetatzen direla ulertuko da baldin eta, 1513/2005 Dekretuaren (1513/2005 Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena, giro-zarataren ebaluazioari eta kudeaketari dagokienez) II. eranskinean ezarritako prozeduren arabera, baldintza hauek betetzen badituzte ebaluatutako adierazle akustikoen balioek, urtebeteko epean:

– Urteko batez besteko balioek ez dituzte gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulak ezarritako balioak.

– Eguneroko balioek ez dituzte 3 dB-tan gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulak ezarritako balioak.

– Lkeq, Ti indizean neurtutako balioek ez dituzte 5 dB-an gainditzen aipatutako I. eranskineko F. taulan adierazitako balioak.

Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du handituko sentsibilitate akustiko handieneko guneetako zarata-maila.

C) Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta apartatu hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:

C.1.– Emisio atmosferikoak kontrolatzea.

C.1.1.– Kanpoko kontrolak.

a) General Alavesa de Galvanizados SL enpresak emisioak kontrolatu beharko ditu, informazio honen arabera:

(Ikus .PDF)

b) Puntu honetako a) apartatuan aipatutako neurketa guztiak Administrazioaren II. mailako ingurumen-lankidetzako erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraituz, eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek Ingurumeneko sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan eskatzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte, bereziki honako gai hauei dagokienez: helburua eta neurketa-plana, neurketen adierazgarritasuna, neurketa kopurua eta banakako neurketa bakoitzaren iraupena, eta erreferentzia-metodoak hautatzeko irizpidea.

c) Halaber, a) apartatuan azaldutako emisio-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batez besteko maiztasunarekin funtzionatzen badu, emisio bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duela, edo, bestela, edozelako maiztasunarekin, emisioaren iraupen globala instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, betiere kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Inguruabar hori dagokion urteko ingurumena zaintzeko programan justifikatu beharko da.

C.1.2.– Lortutako emaitzen erregistroa.

Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, honako hauetan ezarritakoari jarraikiz, betiere: 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikuluan (100/2011 Errege Dekretua, urtarrilaren 28koa, Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituena) eta 278/2011 Dekretuaren III. eranskinean (278/2011 Dekretua, abenduaren 27koa, Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituena).

Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.

C.2.– Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, ondorengo analisiak egingo dira:

(Ikus .PDF)

b) Kanpoko kontrol bakoitza, bai laginak hartzea, bai ondorengo analisia, «lankidetza-erakunde» batek egin eta egiaztatuko du, eta goian aipatutako parametroak hartuko dira kontuan. Sustatzaileak lagin hartu berri baten analisia aurkeztu beharko du gutxienez; lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izango da, edo, bestela, lagin puntual esanguratsua.

c) Laginketak, kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira beti.

d) Isurien kontrolen emaitzak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari igorriko zaizkio, ebazpen honen Laugarrena.C.6 apartatuan ezarritako epeetan eta baldintzetan. Gainera, Iruña Okako Urkidetzak egindako analitiken emaitzak atxikiko zaizkio ingurumena zaintzeko programari, eta General Alavesa de Galvanizados SLri jakinaraziko zaizkio.

e) Puntu honetako a) apartatuan aipatutako neurketa guztiak Administrazioaren II. mailako ingurumen-lankidetzako erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

f) Isuriak baimenaren baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, baldin eta puntu honetako a) apartatuan ezarritako kontrol-parametro guztiek betetzen badituzte ebazpen honen Laugarren apartatuko B.2.3 azpiapartatuan ezarritako mugak.

C.3.– Jardueraren adierazleak kontrolatzea.

Sustatzaileak ondorengo taulan agertzen diren jardueraren gaineko parametro-adierazleen jarraipena egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta urtean urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztuko du.

(Ikus .PDF)

C.4.– Zarataren kontrola.

a) Lkeq, Ti indize akustikoaren ebaluazioa egingo da hiru urtean behin, jarduera egiten den lursailaren kanpoaldean neurketak eginez, zarata kanpoaldera transmititzeko arriskurik handiena dagoen aldean.

b) Neurketa bidezko ebaluazio guztiak II. mailako administrazioko lankidetza-erakunde batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz. Erakunde horrek UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako egiaztagiria eduki beharko du, akustikaren arloan espazio- eta denbora-laginketa egiteko. Nolanahi ere, ingurumen-organoak zainduko du ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela.

c) Ebaluazio-metodoak eta prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak emandako jarraibide teknikoetan eta abenduaren 16ko 1513/2005 Errege Dekretuaren (Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena) eta urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren II. eranskinean giro-zarataren ebaluazioari eta kudeaketari dagokionez ezarritakora egokituko dira.

C.5.– Lurzoruaren eta lurpeko uren kontrola.

a) Ebazpen honen laugarren apartatuko B.5 puntuan eskatutako dokumentazioaren kaltetan izan gabe, hurrengo datu hauek aurkeztuko dira lurzoruan afektazio berri bat gertatu izanaren susmoa hauteman den kasuan:

– Aintzat hartutako aldian izan diren intzidentziak, substantzia arriskutsuak direla-eta lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadura sortu ahal izan dutenak.

– Instalazioan hartutako neurrien egoera –zolak iragazgaiztea, drainatzeak, kubetak eta kutxatilak–, baita larrialdi-egoeran jarduteko bitarteko egokiak eta nahikoak erabilgarri daudela egiaztatzen duen adierazpena ere, teknikari eskudunak sinatua. Ekipamenduak eta gainazalak egoera onean daudela egiaztatzen, edo, hala badagokio, horietan hautemandako gabetasunak azaltzen dituen berariazko adierazpena jaso beharko du.

– Lurzorua edo lurpeko urak kutsatuta egon daitezkeela dioen adierazpena, halakorik balego, edo, bestela, horrelako aztarnarik ez dagoela egiaztatzen duen adierazpena.

b) Halaber, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko urtarrilaren 23ko Aginduari dagokionez jakinarazitako baldintzak aztertzean zehazten diren kontrolei kalterik egin gabe –agindu horrek Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa interpretatzeari eta aplikatzeari buruzko jarraibide teknikoa onartzen du–, eta lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten bat eskatzeari lotuta, General Alavesa de Galvanizados SLk lurzoruaren eta lurpeko uren kalitatearen kontrola egin beharko du. Horretarako, gutxienez bi zundaketa egin beharko ditu urak ezaugarritzeko, ateratako lurzoru-zutabea ezaugarritzeko eta piezometro bana gaitzeko, eta horiek erabiliko dira lurpeko uren kalitatearen jarraipena egiteko. Zundaketak kokatzean, kontuan hartuko dira egon daitezkeen arrisku-iturriak eta lurpeko uren jarioa; hala, instalaziotik gorako eta beherako uren jarioa alderatu ahal izango da.

Apartatu honetan jasotakoa betetzeko aurkeztu beharreko informazioa lehen aipatutako urriaren 10eko 199/2006 Dekretuan xedatutakoaren arabera egiaztatutako erakunde batek egin beharko du, hala nola organo honek horretarako onar ditzakeen jarraibideetan adierazitakoaren arabera.

C.6.– Emaitzak kontrolatu eta igortzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu behar dira, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:

https://www.euskadi.eus/baimena/ibb-ippc/web01-tramite/eu/

Era horretan, aipatutako programak zehaztutako aldian egiten diren kontrol guztiak, ibilgura eta/edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, ingurumena zaintzeko programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren.

Ezarri diren baldintzak urratzen diren kasuetan bakarrik, gertatutakoaren berri izan ondoren, bidali beharko zaio berehalako jakinarazpena Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honi, helbide elektroniko hau erabilita: ippc@euskadi.eus.

Horrez gain, urtean behin baino gehiagotan egiten badira kontrolak, kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez da igorriko.

Emaitza horiek urtero igorriko dira, betiere martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da ingurumena zaintzeko programaren emaitzekin batera. Txosten horretan jasoko dira babes- eta zuzenketa-neurrien eta prozeduren kontrolerako eta ingurumenaren kalitaterako sistemen funtzionamendua eta emaitzen analisiak, epe horretan izandako gorabehera nagusiak bereziki aipatuta eta haien kausak eta konponbideak azalduta; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aurrez aldetik egin ez bada.

C.7.– Ingurumena Zaintzeko Programaren agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, aurkeztu dituen agirietan eta ebazpen honetan proposatutako betebeharrak bilduz. Honako alderdi hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barnean hartu beharko du.

Era berean, ingurumena zaintzeko programak jaso beharko du jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika, adierazle horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).

D) Ezohiko egoeretarako prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak.

D.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, emisioen eta sortuko diren hondakinen zenbatespena egin beharko du sustatzaileak, eta dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.

Instalazioa geldiaraztean nahiz abiaraztean, mantentze-lanetako eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak kudeatu beharko dira, Laugarren apartatuko B.3 azpiapartatuan («Instalazioan ekoitzitako hondakinen kudeaketa zuzena bermatzeko baldintzak») ezarritakoarekin bat etorriz; baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

D.2.– Jarduera etetea eta aurretiazko jarduketak.

Jarduera ekainaren 25eko 4/2015 Legearen (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa) aplikazio-eremuan sartuta dago (28.5 Metalak tratatzea eta estaltzea. Mekanika orokorreko ingeniaritza, besteren kontura), baita 9/2005 Errege Dekretuaren aplikazio-eremuan ere, urtarrilaren 14koa, kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzekoa. Horrenbestez, General Alavesa de Galvanizados SLk jarduera uzte horren berri eman beharko dio ingurumen-organoari, bi hilabeteko epea agortu baino lehen; jakinarazpen horrekin batera, jarduera-proposamen bat ere aurkeztu beharko da, erakunde horrek ezar dezan noraino iristen diren bere betebeharrak eta lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hasteko epea noiz hasiko den beranduenez, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Jarduera bertan behera utzi baino lehen, General Alavesa de Galvanizados SLk instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu, ebazpen honen laugarren apartatuaren B.3 azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.

D.3.– Jarduera aldi baterako etetea.

Jarduera aldi baterako uztea eskatuz gero, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan arautu bezala, General Alavesa de Galvanizados SLk, aldi baterako uztearen eskabidearekin batera, agiri bat bidali beharko du lantegia jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, jarduera berriz hasi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen edozein isurketa edo emisio saihesteko.

D.4.– Jarduera anomaloa izanez gero aplikatu beharreko neurriak eta jarduketak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean zehaztuta dauden ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentzio-neurriez eta funtzionamendu-baldintzez gain, ondorengo apartatuetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Instalazioen mantentze-lan prebentiboak.

Mantentze-lan prebentiboen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere istripuzko jarioak edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesik izanez gero, lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), gerta litezkeen ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota) eta lurzoru gaineko isuriak biltzeko sistemak.

Aurreko lerrokadan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen ikusizko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

Halaber, atmosfera eta ingurune urtarra kutsatzea prebenitzeko eta kutsatutakoa zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipamenduen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

Urak arazteko prozesuan sortutako soberako hondakin solidoak eta lohiak behar den maiztasunez aterako dira, instalazioak behar bezala funtziona dezan. Hondakin horiek ez dira ibai-ibilgura hustuko aldizkako garbiketa egiten denean; bildu egin beharko dira, kudeatzeko edo zabortegi baimendu batera eramateko. Gorde egingo dira hondoan hustubiderik ez duten biltegi iragazgaitzetan. Ez dira inoiz pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoa kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.

Instalazioek lohiak tratatzeko aukera izanez gero, horietatik hustutako ura berriro bideratu beharko da arazketa-instalazioaren hasierara.

Pabiloien barruan zolak garbitzean sortutako urak tratamendu-lineara bidaliko dira, edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

Hondakin-ura ezingo da «bypass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.

Programatutako mantentze-lanetan nahitaez «bypass» bidez isurketak egin behar badira, titularrak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isurketak ingurune hartzailearen kalitatearen gainean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuta. «Bypass» horretan aurreikusi gabeko isurketa bat badago, titularrak segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko du, dagokion txostena Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidalita (apartatu honetako j) puntuan adierazitakoari jarraituz).

b) Halaber, erregistro bat eduki behar da, aldizka egindako mantentze-lanak eta hautemandako gorabeherak jasota uzteko.

c) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu eskura, arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta istripuzko isurketak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak eraginkor mantentzeko.

d) Erabilitako olioak, efluenteen arazketako hondakinak, besteak beste, eta, orokorrean, instalazioan sortutako hondakinak kudeatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lurzatien azalera guztiak irazgaiztuko dira.

e) Hautsezko produktuak biltegiratzeko, zulo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabiloi estali eta itxiak izan beharko dira.

f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan gordeko dira.

g) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratze-instalazioek baldintza batzuk bete beharko dituzte; zehazki, produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritakoak.

h) Larrialdi-egoeran berehala eta eraginkortasunez jarduteko behar diren material guztien behar besteko kantitatea eduki beharko da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen jarioei aurre egiteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasuneko edukiontziak, kaltetutako ingurunea isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak, eta norbera babesteko ekipamendu egokiak.

i) Kubetak hustea kontrolatzeko balio duen protokolo edo prozedura dokumentatu bat edukiko da. Horri jarraituz, tratamendu-instalazioaren eraginkortasunari eragin diezaioketen produktu-jarioak instalaziora joatea saihestu beharko da.

j) Gorabeheraren bat izanez gero, agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri berehala eman beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari (zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren), horretarako ezarritako helbide elektronikoaren bitartez: ippc@euskadi.eus. Jakinarazpenean alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Jatorriak eta kausak (unean zehaztu daitezkeenak).

– Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.

– Sortutako ondorioak.

– Halakorik badago, epe laburrera aurreikusitako jarduketak.

Gertakari edo arazo larriren bat edo ustekabeko isuriren bat egonez gero, SOS Deiak eta Iruña Okako eta Vitoria-Gasteizko Udalak jakinaren gainean jarri behar dira, berehalakoan. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuari buruzko txosten xehatua bidali beharko zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

– Gorabeheraren iraupena.

– Istripuzko isuria izanez gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barnean hartuta.

– Mugak gaindituz gero, emisioei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen zenbatespena.

Hartutako neurri zuzentzaileak.

– Anomalia berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak benetan aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketa gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen orekari modu larrian kalte egin badiezaioke, titularrak berehala etengo du isurketa hori, eta, horrez gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta Babes Zibilean eta ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS Deiak (112) larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

a) Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, gerta daitezkeen gorabeherak edo arazoak saiheste aldera, jardueraren titularrak berehala jakinarazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari instalazioko edozein etenaldi programatu, prozesu jarraitu batekoa bada, baita aurreikusitako mantentze-lan prebentiboak ere, ahalik eta aurrerapen handienarekin.

b) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeriari helduko zaio, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

E) Babes-neurriak eta neurri zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, baita neurtu behar diren parametroak, neurketen maiztasuna eta parametroen mugak ere, araudi berriak indarrean jartzeak edo inplikatutako sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharrak hala gomendatzen duenean. Era berean, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu egin daiteke jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

F) E-PRTR jakinarazpena.

Atmosferara eta uretara egindako emisioei eta isuriei eta sortu dituen hondakinei buruzko aurreko urteko datuen Ingurumen Adierazpena bidaliko dio General Alavesa de Galvanizados SLk Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari urtero, martxoaren azken eguna baino lehen, E-PRTR-Euskadi Emisioen eta Kutsatzaileen Transferentziaren Inbentarioa landu eta eguneratzeko, E-PRTR Araudiko emisioen gaineko informazioa ematea eta ingurumen-baimen integratuak arautzen dituen apirilaren 20ko 508/2007 Errege Dekretuari jarraituz.

Informazio hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz bidaliko da.

Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenean Eragina duten Jardueren Erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, informazioa Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko (E-PRTR-Europa erregistroa).

Ingurumen-adierazpena agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, une oro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

G) Instalazioko aldaketak.

Instalazioetan aldaketak egin ahal izateko, honako helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da aldez aurretik:

http://www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_autorizacion/p_autho_20183895085814/procedures/proc_20183895329689/eu_def/adjuntos/Formulario_modificaciones.doc

Erakunde honen onespena ere beharko da, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak 10. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

Industriako Emisioen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak ezartzen ditu.

Nolanahi ere, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuak 14.2 artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak 10. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Bosgarrena.– 16-I-01-000000000418 erregistro-kodea esleitzea General Alavesa de Galvanizados SLk ustiatutako instalazioari, Iruña Okako eta Vitoria-Gasteizko udal-mugarteetako Subillabide industrialdeko J etxadiko 17. lurzatian. Honako hau da haren kokapena: UTM (ETRS89) 30T, X: 517309,25, Y: 4740753.606.

Seigarrena.– Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena ofizioz egingo da kasu hauetan:

a) Instalazioak sortutako kutsadura dela eta, finkatutako emisioen muga-balioak berrikustea edo beste batzuk ezartzea komeni bada.

b) Emisioak nabarmen murriztu badaitezke, teknika erabilgarri onenetan aldaketa handiak egiteko gehiegizko kostuak eragin gabe.

c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela eta beste teknika batzuk erabili behar badira.

d) Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legediak hala eskatzen badu, edo abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 22.3 artikuluari jarraikiz, ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa bada.

e) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen bada.

f) Ingurunearen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharra ikusten bada, bereziki inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela antzematen bada.

g) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharpenen arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako neurri babesle, zuzentzaile edo konpentsatzaileak nahikoak ez direla egiaztatzen bada.

h) Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen 26. artikuluko 1., 2. eta 3. zenbakietan ezarritakoarekin bat etorriz egindako azterketa eginda, aldatu egin behar dela ondorioztatzen bada.

Ingurumen-baimen integratua berrikusteak ez dakar kalte-ordaina jasotzeko eskubidea, hala ezarrita baitago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26.5 artikuluan.

Zazpigarrena.– General Alavesa de Galvanizados SL enpresari eskatzea honako alderdi hauek bidal ditzala Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara:

– Instalazioaren eraikuntza amaitu eta jarduera abiarazi aurretik:

– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko jarduera noiz hasiko den eta ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituela.

– «As built» proiektua; emisio atmosferikoen fokuen sekzioei buruzko datuak eta uretara isurtzeko puntuen koordenatuak sartu beharko dira.

– Obra-amaierako ziurtagiria eta txostena, eskumena duen teknikariak emana.

– Jarduera hasi eta 6 hilabeteko epean:

– Sortutako hondakin arriskugabeen eta arriskutsuen kudeaketa egiteko baimendutako kudeatzaile batek emandako tratatzeko kontratuak.

– Ingurumen-arloko finantza-bermea, hamargarren ebazpen-zatian zehazten denari jarraikiz.

– Sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, Laugarrena B.5 apartatuan aipatzen dena, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea lehengoratzen diharduen erakunde ezagun batek egina, eta aipatutako txostenak jasoko ditu (lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-dokumentuak).

– ILEaren txostena ezarritako fokuetarako.

Zortzigarrena.– Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 5.d) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, metalezko piezak beroan galvanizatzeko jarduerari dagokionez, zeina ebazpen honen xede baita, gerta litekeen titulartasun-aldaketa oro jakinarazi beharko dio General Alavesa de Galvanizados SLk Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek onar dezan.

Bederatzigarrena.– Baimen hau baliogabetzat jotzeko arrazoitzat hartuko dira honako hauek:

– General Alavesa de Galvanizados SL enpresaren nortasun juridikoa iraungitzea, indarrean dauden arauek aurreikusitako kasuetan.

Hamargarrena.– Ingurumeneko finantza-bermea.

a) Ingurumeneko finantza-bermea.

General Alavesa de Galvanizados SLk bere jarduera profesionalaren ingurumen-arriskuen azterketa egin beharko du, abenduaren 22ko 2090/2008 Errege Dekretuaren 34. artikuluan ezarritakoaren arabera (26/2007 Legea zati batean garatzen duen Erregelamendua onartzen duena), finantza-bermea eratu behar duen ebaluatzeko, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 24. artikuluaren arabera. Obligazioa izanez gero, 1. eta 2. lehentasun-mailako operadoreek, ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren arabera, finantza-bermea izan beharko dute. Hala badagokio, finantza-bermea eratu ondoren, eta betiere adierazitako data baino lehen, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio agintaritza eskudunari, eta adierazpen horrek 2090/2008 Errege Dekretuaren IV.1 eranskinean adierazitako informazioa jaso beharko du gutxienez. 26/2007 Legearen 28. artikuluko a) eta b) apartatuetan aurreikusitako salbuespenei jarraikiz, jarduera finantza-bermea eratzetik salbuetsita geratzen bada, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio agintaritza eskudunari, eta hark IV.2 eranskinean jasotako informazioa jaso beharko du gutxienez. Erantzukizunpeko adierazpen hori Eusko Jaurlaritzak emandako prozedura telematikoaren bidez bakarrik aurkeztu behar da.

Operadoreak ingurumen-arriskuen azterketa eguneratuko du egokitzat jotzen duen guztietan, eta, aldiro, jardueran, instalazioan edo oinarrizko baimenean funtsezko aldaketak gertatzen direnean. Finantza-bermearen zenbatekoa urtero eguneratuko da, KPIren arabera.

Urteko ingurumena zaintzeko planarekin batera finantza-bermea eratu behar izanez gero, indarrean dagoen aseguru-polizaren kopia edo eratutako finantza-bermearen motaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

b) Ingurumen-arloko erantzukizuna.

Jardueraren operadoreak ingurumen-kalteak prebenitzeko, saihesteko eta konpontzeko neurriak hartu eta betearazi behar ditu, eta horien kostuak ordaindu behar ditu, zenbatekoa dena dela, baita dolorik, errurik edo zabarkeriarik egon gabe ere, Ingurumen-arloko erantzukizunari buruzko Legearen 19.1 artikuluan adierazten den bezala.

Hamaikagarrena.– Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 31. artikuluari jarraituz (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua), eta aipatutako legearen 32. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.

Hamabigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea General Alavesa de Galvanizados SL enpresari, Iruña Okako Udalari (Araba), Vitoria-Gasteizko Udalari (Araba) eta ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei.

Hamahirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Hamalaugarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 15a.

Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

AMAIA BARREDO MARTÍN.


Azterketa dokumentala