Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

219. zk., 2021eko azaroaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5602

AGINDUA, 2021eko urriaren 19koa, Hezkuntzako sailburuarena, ikertzaile doktoreentzako mugikortasun-programarako deialdia egiten duena.

Hezkuntza Sailaren iritziz, ikertzaileentzako mugikortasun-programak tresna egokia dira komunitate zientifiko eta teknologikoa prestigio handiko ikertzaileekin harremanetan jartzeko, bai eta unibertsitateko irakasleen ezagutza zientifikoak eta teknikoak eguneratu eta perfekzionatzeko ere.

Kontuan hartu da Lehendakariaren irailaren 16ko 18/2020 Dekretua (2017ko apirilaren 21eko EHAA), zeinaren bidez sortu, ezabatu eta aldatu baitziren Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak, eta finkatu baitziren horien egitekoak eta jardun-arloak.

Halaber, kontuan izan behar dira, batetik, 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.), Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketaren jardunbide orokorra arautzen duena eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituena; eta bestetik, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

Aintzat hartu da, orobat, dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudia, bai eta laguntza eta dirulaguntzei aplikatzekoak diren gainerako xedapenak ere.

Oinarri hartu da, gainera, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuordearen 2007ko apirilaren 26ko Aginduan xedatutakoa (agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeko modua arautzen da).

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da dedikazio esklusiboarekin ikerketa-zentroetan egonaldiak egiteko laguntzetarako deialdia egitea, norgehiagoka-erregimenean, bi helburu hauek betetzeko: batetik, I+G+B zentro eta erakundeetako ikertzaileen eta unibertsitateko irakasleen mugikortasun geografikoa bultzatzea, eta, bestetik, ikerketa-taldeen lehiakortasuna eta gaitasuna hobetzea.

Egonaldian zehar, ikertzaileek ikerketa-proiektu bat garatu beharko dute, zeina talde hartzailearen lan-ildoan integraturik egongo baita, edo, bestela, goi-mailako lotura eta trukeak ezartzera bideratutako jarduerak burutu beharko dituzte.

Ikertzaile doktoreentzako mugikortasun-programak bi modalitate ditu:

A) A. modalitatea: ikertzaile seniorren mugikortasuna, langile iraunkorrei zuzendua.

B) B. modalitatea: ikertzaile juniorren mugikortasuna, langile ez-iraunkorrei zuzendua.

2. artikulua.– Egingo diren proiektuak.

1.– Mugikortasun-egonaldietan egin beharreko proiektuak deialdi honetan adierazitako helburuari egokitu behar zaizkio.

2.– Honako printzipio hauek errespetatu behar dituzte proiektuek:

a) Honako adierazpen eta hitzarmen hauetan ezarritako oinarrizko printzipioak: Helsinkiko Adierazpena (Munduko Medikuntza Elkartea); Giza eskubideei eta biomedikuntzari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmena; Giza genomari eta giza eskubideei buruzko UNESCOren Adierazpen Unibertsala, eta ikerkuntza biomedikoari, datu pertsonalen babesari eta bioetikari buruz Espainiako legedian ezarritako baldintzak.

b) Gizakiekin ikerketak egitea edo giza jatorriko laginak erabiltzea dakarten proiektuek Ikerkuntza Biomedikoari buruzko uztailaren 3ko 14/2007 Legean xedatutakoa bete behar dute. Era berean, lege horri lotuta egongo dira jatorria giza-enbrioietan duten zelulak eta ehunak edota horietatik eratorritako zelula-lerroak erabiltzea espezifikoki eskatzen duten ikerkuntza-proiektuak.

c) Saiakuntza klinikoak xede dituzten proiektuek otsailaren 6ko 223/2004 Errege Dekretuan, medikamentu bidezko saiakuntza klinikoak arautzekoan, ezarritakoa bete behar dute.

d) Animaliekin esperimentuak egitea dakarten proiektuek indarrean den lege-araubidean ezarritakoa bete beharko dute, eta bereziki otsailaren 1eko 53/2013 Errege Dekretuan ezarritakoa, esperimentuak egiteko eta bestelako helburu zientifikoetarako nahiz irakaskuntzarako erabiltzen diren animaliak babesteko oinarrizko arauak ezartzen dituena.

e) Genetikoki eraldatutako organismoak erabiltzea dakarten proiektuetan bete beharko da, batetik, Genetikoki eraldatutako organismoak bakarturik erabiltzeari, borondatez askatzeari eta merkaturatzeari buruzko apirilaren 25eko 9/2003 Legea, eta bestetik, lege hori garatzen duen arau orokorra onesten duen urtarrilaren 31ko 178/2004 Errege Dekretua.

f) Agente biologikoak erabiltzea dakarten proiektuak Laneko arriskuen prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean eta hori garatzen duten errege-dekretuetan xedatutakoari egokitu beharko zaizkio, agente biologikoekin kontaktuan izatearen ondoriozko arriskuei dagokienez.

g) Material genetikoa hartzea edo trukatzea xede duten proiektuek honako hauek bete beharko dituzte: Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmena; Elikadurarako eta Nekazaritzarako Baliabide Fitogenetikoei buruzko Nazioarteko Ituna, eta uztailaren 26ko 30/2006 Legea, Mintegiko Haziei eta Baliabide Filogenetikoei buruzkoa.

3. artikulua.– Destinoko zentroak.

1.– Honako hauek izan daitezke destinoko zentro: laguntza-eskabideak aurkeztutako proiektu zientifikoaren arloan, prestigio akademikoa eta ikerketakoa aitortua izanik ikerketa-funtzioak esleiturik dituztenak, halako moldez ezen, berme baitira perfekzionamendu profesionala eta proiektuko helburu zientifikoak lortzeko.

2.– Destinoko zentroek, betiere, eskatzen dute hautagaiak bizileku finkoa aldatzea, onartutako mugikortasun-aldi guztian.

3.– Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egon beharko dute destinoko zentroek.

4. artikulua.– Laguntzen finantzaketa.

1.– Agindu honetan arautu laguntzak finantzatzeko, 200.000 euro bideratuko dira, era honetan banatuta, 1. artikuluan aipatu bi modalitateen arabera:

A. modalitatea: 150.000 euro.

B. modalitatea: 50.000 euro.

Modalitateetako batean ez bada agortzen aurrekontu erabilgarria, soberakina beste modalitateko proiektuak finantzatzeko erabili ahal izango da, baldin eta eskaerok ebaluazioa gainditu badute eta, lehentasun-ordenari jarraikiz, ez badute dirulaguntzarik jaso, modalitate hori finantzatzeko hasiera batean bideratutako diru-hornidura nahikorik ez zegoelako.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean egiaztatutako eragileak dira laguntza hauen erakunde onuradunak, eragile-kategoria hauetakoak:

– Unibertsitateen ikerketa-egiturak.

– Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentroak.

– Ikerketa Kooperatiboko Zentroak.

– Teknologia Zentroak.

– Ikerketa Sanitarioko Institutuak.

Edozelan ere, honako hau hartuko da erakunde onuraduntzat: ikertzaileak integratzen dituena, entitate horrek nortasun juridiko propioa badauka, betiere.

Eskabidean eta deialdiaren ebazpenean izendaturik agertzen diren ikertzaileentzako eta jardueretarako soilik erabiliko dituzte laguntzak erakunde onuradunek.

2.– Ezingo dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan inguruabar hauetako batean dauden pertsonak edo erakundeak:

a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatua izana, hauetako delituren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaria egin dutenak, prozeduraren batean kaudimengabekotzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak (salbu eta horretan itun batek eraginkortasuna hartu badu), epailearen esku-hartzearen menpe daudenak edo desgaituta daudenak, konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe dagoelarik.

c) Errudun deklaratu izanik, hori eragin duen kausa dela-eta, Administrazioarekin egindako kontratu oro suntsitzea eragin dutenak.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak honako lege hauetan jasotako kasuren batean badaude: martxoaren 30eko 3/2015 Legea, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; abenduaren 26ko 53/1984 Legea, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena, edo, Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak badira, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.

e) Indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ez betetzea, erregelamenduz zehazten den moduan.

f) Araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen batean izatea egoitza fiskala.

g) Dirulaguntzak itzultzeko betekizunen ordainketak egunean ez izatea, erregelamendu bidez zehaztutako terminoetan.

h) Epai irmo bidez zehatuta egotea, eta, horren ondorioz, lege honetan edo beste batzuetan zehaztutakoari jarraituz dirulaguntzak lortzeko aukera galdu izana.

i) Dirulaguntzak jasotzeko galarazpenek honako enpresei ere eragingo diete: zuzentzen dituzten pertsonak edo beste inguruabar batzuk direla-eta, pentsa badaiteke –eraldaketa, bategitea edo ondorengotzaren ondorioz– beste enpresa batzuen jarraipena edo deribazioa direla, eta horietan ere pertsona edo inguruabar haiek izan badira.

e) eta g) letretan aipatzen diren inguruabarrak bete beharrekoak dira bai deialdiko dirulaguntzen erakunde onuradun bihurtzeko, bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko; beraz, egiaztatuko da bete egiten direla dirulaguntza emateko orduan eta ordainketak egiteko orduan.

3.– Ezingo dira inolaz ere agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluaren 5. eta 6. zenbakietan aurreikusitako debeku-egoeraren baten eraginpean dauden elkarteak.

Era berean, ezingo dira onuradun izan elkartearen eraketan administrazio-prozedura eten bazaie ez-zilegitasun penalaren zantzu arrazionalik aurkitzeagatik, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, betiere ez badago dagokion erregistroan inskripzioa egin daitekeela xedatzen duen ebazpen judizial irmorik.

6. artikulua.– Egonaldien eta hautagaien ezaugarriak eta laguntzen zenbatekoak.

1.– Egonaldien ezaugarriak eta baldintzak.

a) Egonaldiak 2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean hasiko dira.

b) Egonaldiak gutxienez bi hilabetekoak izango dira, eta gehienez ere seikoak.

c) Emate-ebazpenean zehaztutako egunetan hasi beharko da egonaldia. Salbuespenez, eta egonaldia hasi baino lehen, hasteko eguna atzeratzeko eskatu ahal izango da, behar bezala arrazoitutako idazki baten bidez. Ikerketa Zuzendaritzak erabakiko du egonaldi hori atzeratu daitekeen, eta, behar bezala justifikaturik dagoenean, baimena eman ahal izango du. Ikertzaileak ezinbestean 2022ko abenduaren 31 baino lehen hasi beharko du destinoko zentroan.

d) Ikertzaileko, egonaldi-proiektu bakarrerako izango da laguntza.

e) Proiektua destinoko zentro bakarrean egingo da.

2.– Egonaldietako absentziak, aldaketak eta etenak.

a) Etenik gabe egin behar dira egonaldiak zentro hartzailean. Proiektutik datozen zioen ondoriozko absentziak talde hartzaileko arduradunaren adostasunarekin egin beharko dira, eta erakunde onuradunak Ikerketa Zuzendaritzari jakinarazi beharko dizkio, kanpoan zein egunetan egon den eta hartarako arrazoia zein izan den zehaztuta.

b) Justifikatutako arrazoiengatik, baimena eman ahal izango da ikerketa-egonaldia aldi baterako eteteko.

COVID-19aren pandemiak edo antzeko egoerek kalte nabarmena eragiten badute ikerketa egonaldian, kalte horren ondorioz ezinezkoa bada etenik gabe garatzea talde hartzailearen lan-ildoan integratutako ikerketa-proiektua, eta hori dela eta egonaldia eten behar bada, aukera egongo da etenaldiko denbora berreskuratzeko.

Erakunde onuradunak aurkeztu beharko dio etenaldia egiteko eskabidea Ikerketa Zuzendaritzari, eta eskabide horrek talde hartzaileko ikertzaile arduradunaren adostasuna izan beharko du. Etenaldia egiteko arrazoia zehaztu beharko da, eta egonaldia osatzeko data berriak adierazi.

Egonaldi hori 2022an hasi beharko da, eta, salbuespenak salbuespen, bat etorri beharko du zentro hartzailearen aldi akademikoarekin eta/edo ohiko jarduerarekin.

c) Egonaldiez baliatzeko epeetan nahiz dirulaguntzak emateko hasierako baldintzetan jazotzen den aldaketa orok izan beharko du Ikerketa Zuzendaritzaren baimena.

Etenaldia egiteko eskabidea erakunde onuradunak aurkeztu beharko du, eta zentro hartzailearen adostasuna izan beharko du. Edonola ere, egoki arrazoituak izan beharko dute eskabideek, eta, beharrezkoa bada, dokumentatuak. Proposamen egokia egitearren, egoki iritzitako txostenak eskatu ahal izango ditu Ikerketa Zuzendaritzak. Aldaketek ez dituzte funtsean aldatuko laguntza emateko izan ziren baldintzak, hasteko epeei, egonaldiari, proiektuari, ikertzaileari edo zentro hartzaileari dagokienez, salbu eta horretarako kausak behar bezala egiaztatuak badira.

3.– Ikertzaileak.

Ikertzaile hautagaiek honako baldintzak bete beharko dituzte:

a) Lotura funtzionariala edo kontratuzkoa. Eskatzaileek lotura funtzionariala edo kontratuzkoa izan behar dute, lanaldi osoan aritu behar dira, eta zerbitzu aktiboan egon behar dute. Hautagaiak erakunde eskatzailearekiko duen lan-lotura egonaldiaren hasieran egiaztatu beharko da eta egonaldia amaitu arte iraun beharko du.

a.1.– A. modalitatea: erakunde eskatzailearekin lotura iraunkorra edo kontratu mugagabea duen ikertzailea.

a.2.– B modalitatea: erakunde eskatzailearekin lotura iraunkorrik ez duen ikertzailea. Indarrean den loturaren indarraldiak gutxienez mugikortasuna amaitu artekoa izan behar du.

Ezingo dute deialdi honetan parte hartu Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 22. artikulua dela-eta lotuta dauden ikertzaileek, ez eta obra- edo zerbitzu-kontratu baten bidez kontratatuta dauden ikertzaileek ere.

b) Doktore izatea. Doktoregoak 2017. urtea baino lehenagoko lortutakoa izan behar du.

c) Erakunde eskatzailean gutxienez bi urteko antzinatasuna egiaztatzea.

d) Laguntzarik jaso ez izana, ez programa honen aurreko deialdietan, ez antzeko ezaugarriak dituen eta 2020an edo 2021ean ikerketa-egonaldi bat egitea dakarren beste edozeinetan ere.

Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gero, laguntza-eskabidean jakinarazi gabeko ikerketa-egonaldi bat egiten badu ikertzaileak edo halako bat esleitzen bazaio, horren berri eman beharko dio Ikerketa Zuzendaritzari.

e) Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten unibertsitateetako ikertzaileek laguntza horiek jaso ahal izango dituzte, betiere ikerketa-talderen batean badaude eta talde horrek jaso eta indarrean badu «A» edo «B» taldea izatearen errekonozimendua, EAEko unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeen jarduerak babesteko laguntzen deialdiaren gaineko ebazpen bidez.

f) Eskabidea egiteko unean, baldintza guztiak beteta izan beharko dira, zerbitzu aktiboan egotearena salbu, eta hala eutsi beharko zaie egonaldia hasten den egunetik egonaldia amaitu arte.

4.– Laguntzen zenbatekoa.

a) Hileko 1.800 eurotik 2.700 eurora bitartekoa izango da ostaturako eta mantenurako laguntza. Destinoko herrialdeko baldintza ekonomiko eta sozialen arabera finkatuko da zuzkidura, eskabideak aurkezteko epea amaitzean, Nazioarteko Diru Funtsaren datu hau kontuan izanik: herrialdeen Barne Produktu Gordina (BPGd per capita, $ ppp).

NDF-Nazioarteko Diru Funtsak emandako xede herrialdeen per capita errentako ($ ppc) zifretatik abiatuz zehaztuko dira laguntzaren hileko zenbatekoak. Espainiako per capita errenta gisa 100 hartuz kalkulatzen da herrialde bakoitzaren errenta-indizea. 100 indizea edo txikiagoa duten herrialdeek hileko 1.800 euroko ordainsaria izango dute; gainerakoei, kalkulatutako indizearekiko proportzioan igoko zaie dagokien esleipena, 2.700 euro arte gehienez.

b) Laguntza gehigarria emango da destinoko zentrorako joan-etorriko bidaia bakarra guztiz edo partez ordaintzeko. Honako taula hau hartuko da kontuan zenbatekoa zehazteko:

(Ikus .PDF)

Kilometroak kalkulatzeko, erreferentziatzat hartuko da http://es.distance.to estekaren bidez egindako kontsultaren emaitza Agindu honen ondorioetarako, eskatzaileak lantokia duen probintziako hiriburua hartuko da jatorriko hiritzat.

Oro har, joan-etorriak garraiobide publiko kolektiboetan egingo dira, eta ibilgailu partikularra erabiltzeko baimena emango da helmugara garraiobide publikoetan iristea ezinezkoa dela frogatzen denean. Aurrekoa gorabehera, norberaren ibilgailua erabiltzeko baimena eman ahal izango da, kasuan kasuko inguruabarrak kontuan hartuta. Baimena egonaldia hasi baino lehen eskatu beharko zaio Ikerketa Zuzendaritzari, aplikazioaren bidez.

Bidaian norberaren ibilgailua erabiliz gero, kilometroko 0,29 euro ordainduko dira justifikatutako kilometroak.

Joan-etorriak egiteko bisa izapidetu behar izanez gero, 200 euroko diru-osagarri bat emango da.

c) Deialdi honen bidez finantzatutako jardueretan parte hartzen duten erakunde onuradunek bidaian laguntzeko aseguru bat izango dute, baldin eta egonaldiak atzerrian egiten badira; eta, interesdunak hala eskatuz gero, ezkontideak eta 25 urtetik beherako seme-alabek ere baliatu dezakete, egonaldian berarekin badira. Aseguru hori izatezko bikoteentzat ere baliagarri izango da, hala direla frogatuz gero ordenamendu juridikoan onartutako edozein probaren bidez. Laguntzaileen egonaldiaren datek bat egin beharko dute ikertzailearen egonaldiaren datekin.

7. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta haiek aurkezteko epea.

1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 14.2 artikulua aplikatuz (administrazio publikoekin harremanak bitarteko elektronikoz izateko betebeharra ezartzen du), eskabideak inprimaki baten bidez bete beharko dira (II. eranskina). Inprimaki hori telematikoki eskuratu ahal izango da Hezkuntza Sailaren egoitza elektronikoan, helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0173606

Eskabidea elektronikoki sinatzeko, erakunde eskatzaileak erakunde-txartela izan beharko du, eta, halakorik izan ezean, legezko ordezkariak alta hartu beharko du Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan (Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2012ko abenduaren 14ko Agindua--https://www.euskadi.eus/ordezkariak).

Aplikazioan, ziurtagiri elektroniko bidez sartu beharko da (honako helbide elektroniko honetan argitaratuta daude elektronikoki identifikatzeko onartutako sistemak: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/). Aplikaziora sartzen diren erakundeek baimena ematen diote Ikerketa Zuzendaritzari (deialdia kudeatzen duen organoa baita) nortasun-datuak administrazio eskudunean egiazta ditzan bitarteko elektronikoen bidez edo eskuragarri dituen bestelako baliabideen bidez.

2.– Behin eskabidea osorik beteta, eta 8. artikuluan zehaztutako dokumentu erantsiak aplikaziora sartuta, erakundeak edo legezko ordezkariak elektronikoki sinatu beharko du eskabidea, betiere 1. zenbakian adierazitakoarekin bat etorriz; eta orduantxe geratuko da erregistraturik eskabidea. Sinadura elektroniko bidez egindako eskabide bat baliozkoa izateko, erregistratuta geratu behar du. Hori ziurtatzeko, eskatzaileak dokumentuen erregistro-elektronikoa/aurkezpen-erregistroa eskura dezake, «Ikusi egiaztagiria E/E» aukerarekin. Ez da onartuko erabat modu elektronikoan bete eta erregistratu gabeko eskabiderik.

3.– Nolanahi ere, eskarian erantzukizunezko adierazpen bat ere sartu behar da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50. artikuluaren 6. paragrafoan aipatzen dena (legegintza-dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen da, zeina Euskadiren 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartu baitzen).

4.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, xedapen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

8. artikulua.– Eskatutako dokumentazioa.

Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira, bai eta aplikazio telematikoan sartu ere:

a) Egonaldian zehar egingo den ikerketa-proiektuari buruzko memoria. Egonaldiak hautagaiari eta erakunde onuradunari ekar diezazkiokeen onurak jasoko ditu. Gehienez hiru orri.

b) Hautagaiaren curriculum vitaea, inprimaki normalizatuan edo baliokidean, zeinean jasoko baitira ikerketa-jardunean izandako azken sei urteetako merezimenduak.

Hautagairen baten kasuan ikerketa-lana eten bada egoera hauetakoren baten ondorioz: iraupen luzeko aldi baterako lanerako ezintasuna; amatasuna; aitatasuna; edoskitze-aldiko arriskua; adopzio edo harrera; edo liberazioa unibertsitateko pertsona bakarreko kudeaketa-karguak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko zuzendaritza-karguak eta administrazio publikoetako karguak hartzeko, egiaztatutako etenaldiarekiko proportzionalki luzatuko da ebaluatzeko ikerketa-jardueraren aldia, salbu eta 10 astetik gorako amatasun edo aitatasunagatiko etenaldietan, horietan seme edo alaba bakoitzeko urtebete luzatuko baita ebaluatzeko aldia; edonola ere, gehienez 6 urte gehiagoz luzatuko da ikerketa-jarduera, kasu guztietan.

c) Zerbitzu-orria, zeinean jasoko baitira antzinatasuna, eta hautagaiaren eta erakunde eskatzailearen arteko kontratu-harremana.

Zerbitzu-orria aurkeztu ezin bada, erakunde eskatzailearen ziurtagiri bat aurkeztu beharko da.

d) Erakunde eskatzailean zerbitzu aktiboan egotearen ziurtagiria. Eskaera egin den unean zerbitzu aktiboan egotearen ziurtagiria ez bada aurkezten, aipatu dokumentua aurkezteko 15 eguneko epea emango da egonaldia hasi aurretik.

e) Ikerketa-jardueraren aldi baterako etena justifikatzen duten egiaztagiriak, 11.2.B artikuluan jasotako kasuen arabera.

f) Talde hartzailearen historia zientifikoa eta akademikoa, zeinean jasoko baita, formatu normalizatuan, ikertzaile-talde hartzaileko arduradunaren curriculum vitaea, azken sei urteetakoa.

g) Laguntza jasoz gero, ikerketa-taldeko arduradunaren konpromisoa, eskatutako epealdian hautagaia bere taldean onartzekoa. Dokumentu horrek egonaldiaren helburuari eta garatuko diren jarduerei buruzko deskripzioa jaso beharko du.

h) Hautagaiari lizentzia ematea edo emateko konpromisoa; erakunde eskatzaileko organo eskudunak eman beharko du lizentzia hori. Dokumentu horrek egingo den egonaldiaren datak eta helburua jaso beharko ditu.

i) Hautagaiaren ikerketa-jardueraren kalitatearen adierazleei buruzko laburpen eguneratua (argitalpen zientifikoak, ikerketa-proiektuak, biltzarrak, tesiak, patenteak). Aplikazioan, eskuragarri dago dokumentu horren txantiloi bat.

j) Ikerketa-talde hartzaileko arduradunari dagokionez, ikerketa-jardueraren kalitatearen adierazleei buruzko laburpen eguneratua (argitalpen zientifikoak, ikerketa-proiektuak, biltzarrak, tesiak, patenteak). Aplikazioan, eskuragarri dago dokumentu horren txantiloi bat.

k) Erakunde onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, hala ezarrita baitago Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamenduko 22. artikuluan. Organo kudeatzaileak behar beste aldiz egiaztatuko ditu zerga-eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, horretarako ez du haien baimenik behar izango, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren arabera. Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimen horri, eta, halakorik egiten badu, dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko du.

Baldintza hori bete beharko da hala erakunde onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

9. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Ikerketa Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusitako laguntzak.

10. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Baldin eta agindu honen 8. artikuluan eskatutako zerbait betetzen ez duen eskabideren bat edo dokumenturen bat aurkezten bada, Ikerketa Zuzendaritzak 10 eguneko epea emango die eskabide-sinatzaileei hutsak zuzendu ditzaten edo arauzko dokumentuak aurkez ditzaten, eta ohartaraziko die ezen, agindutakoa bete ezean, eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela. Hala agintzen da urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan (39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena).

Zuzentzeko errekerimendua jakinarazteko, 13. artikuluaren 2. apartatuan ezarritako prozedura beteko da.

11. artikulua.– Ebaluazioa.

1.– Batzorde batek ebaluatuko ditu eskabideak. Batzorde horrek honako kide hauek izango ditu: Ikerketako zuzendaria, batzordeburu gisa; Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendaria, eta Ikerketa Zuzendaritzako teknikari bat, batzordeko idazkari gisa.

Batzordeak eskabide bakoitzari buruzko txostenak eska diezazkieke hautagaiak diharduten arloetan itzal handia eta ebaluazioan esperientzia duten ikertzaileei.

Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari igorriko dio laguntzak emateko edo ukatzeko proposamena.

2.– Laguntzen esleipendunak hautatzeko, batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan, eskabideak balioesteko orduan:

A) Egingo den proiektuaren edo jardueraren bideragarritasuna eta interes zientifikoa, destinoko zentroa eta proposatutako egutegia kontuan izanik, betiere. (12,5 puntu).

Puntu honetan, azpi-irizpide hauek baloratuko dira, honela:

1.– Helburuen zehaztapen-maila. (1,5 puntu).

2.– Proiektuaren berritasuna eta garrantzia. (2 puntu).

3.– Eskatzailearen eta talde hartzailearen gaitasuna proposatutako helburuak burutzeko. (2 puntu).

4.– Metodologia, lan-plana eta aurreikusitako kronograma egokitzea. (3 puntu).

5.– Zer emaitza lortzea espero den eta zer onura ekar lekiekeen pertsona nahiz erakunde eskatzaileei. (4 puntu).

B) Azken sei urteetan hautagaiak ikerketa-jardunean lortu dituen merezimendu zientifikoak, akademikoak eta kudeaketakoak. (20 puntu).

Puntu honetan, azpi-irizpide hauek baloratuko dira, honela:

1.– Ibilbide zientifikoa eta argitalpenen kalitatea Atal horretan, balio berezia emango zaie beren esparruko erreferentzia-indizeetan sartutako aldizkarietan argitaratu direnei, Ikerketa Jardueraren Ebaluazio Batzorde Nazionalaren 2019ko azaroaren 12ko Ebazpenean jasotako irizpide espezifikoen arabera. Ebazpen horretan eman ziren argitara ebaluazio-esparru bakoitzean onetsitako irizpide espezifikoak. (4 puntu).

2.– Ikerketa-proiektuetan edo -jardueretan parte hartu izana. (4 puntu).

3.– Ekarpen bereziak ikerketa-arloan. Besteak beste, hauek balioetsiko dira: Europako ikerketa-partzuergoetan parte hartzea, Europako Ikerketa Kontseiluaren laguntzak lortzea, ikerketa-programak koordinatzea eta zientzia-azpiegiturak sortzea. (4 puntu).

4.– Doktoretza-tesiak zuzentzea. (3 puntu).

5.– Patenteak eta ezagutza-transferentziako beste ekintza batzuk. (3 puntu).

6.– Nazioarte-mailako garrantzia duten biltzarretan parte hartzea. (2 puntu).

Puntu honetan, kontuan hartuko da hautagairen baten kasuan ikerketa-lana eten den egoera hauetakoren baten ondorioz: iraupen luzeko aldi baterako lanerako ezintasuna; amatasuna; aitatasuna; edoskitze-aldiko arriskua; adopzioa edo harrera, edo liberazioa, honako kargu hauetakoren bat betetzeko bada: unibertsitateko pertsona bakarreko kudeaketa-karguak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko zuzendaritza-karguak eta administrazio publikoetako karguak. Horretarako, ziurtatutako etenaldiarekiko proportzionalki luzatuko da ebaluatzeko ikerketa-jardueraren aldia, salbu eta 10 astetik gorako amatasun edo aitatasunagatiko etenaldietan, horietan seme edo alaba bakoitzeko urtebete luzatuko baita ebaluatzeko aldia; edonola ere, gehienez 6 urte gehiagoz luzatuko da ikerketa-jarduera kasu guztietan.

C) Azken sei urteetan, talde hartzaileko ikertzaile arduradunak lortu dituen merezimendu zientifikoak eta akademikoak. (12,5 puntu).

Puntu honetan, azpi-irizpide hauek baloratuko dira, honela:

1.– Ibilbide zientifikoa eta argitalpenen kalitatea Atal horretan, balio berezia emango zaie beren esparruko erreferentzia-indizeetan sartutako aldizkarietan argitaratu direnei, Ikerketa Jardueraren Ebaluazio Batzorde Nazionalaren 2020ko urriaren 30eko Ebazpenean jasotako irizpide espezifikoen arabera. Ebazpen horretan eman ziren argitara ebaluazio-esparru bakoitzean onetsitako irizpide espezifikoak. (2,5 puntu)

2.– Ikerketa-proiektuetan edo -jardueretan parte hartu izana. (2,5 puntu).

3.– Ekarpen bereziak ikerketa-arloan. Besteak beste, hauek balioetsiko dira: Europako ikerketa-partzuergoetan parte hartzea, Europako Ikerketa Kontseiluaren laguntzak lortzea, ikerketa-programak koordinatzea eta zientzia-azpiegiturak sortzea. (2,5 puntu).

4.– Doktoretza-tesiak zuzentzea. (2 puntu).

5.– Patenteak eta ezagutza-transferentziako beste ekintza batzuk. (1,75 puntu).

6.– Nazioarte-mailako garrantzia duten biltzarretan parte hartzea. (1,25 puntu).

D) Hautagaia hartuko duen zentroaren kalitatea, proiektua aurkeztu den zientzia-arloan. (5 puntu).

Unibertsitate-zentroen kasuan, zentro hautatuaren prestigioa baloratzeko, kasuan kasuko zentroak 2020ko Academic Ranking of World Universities sailkapenean (Shanghai rankinga) zein postutan dagoen hartuko da kontuan: 1–100. arteko postuetan daudenei, 5 puntu; 101–200. arteko postuetan daudenei, 4 puntu; 201–300. arteko postuetan daudenei, 3 puntu; 301–400. arteko postuetan daudenei, 2 puntu; 401–500. arteko postuetan daudenei, 1 puntu; eta 501. postuan eta hurrengoetan daudenei, 0,5 puntu.

B) eta C) letretan, 8. artikuluko i) eta j) letretan adierazitako dokumentuetan barne hartutako datuetatik abiatuz egingo da alderdi horien balorazioa, eta eskuratutako CVetan egiaztatu beharko da. Aurkeztutako ebidentziak bakarrik balioetsiko dira.

12. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.

Norgehiagokaren prozedura erabiliko da laguntzak emateko, zeina azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 22. artikuluan aurreikusita baitago, eta, betiere, printzipio hauen arabera: publizitatea, gardentasuna, objektibotasuna, berdintasuna eta diskriminazio-eza, eraginkortasuna xedeak betetzean, eta efizientzia lege horren 8.3 artikuluan adierazitako baliabide publikoen izendapenean eta erabileran.

Hartarako, deialdi bakoitzean aurkeztu eta onartu diren eskariak alderatuko dira, haien artean hurrenkera bat ezartzeko, 11. artikuluan ezarritako esleipen-irizpideei jarraikiz; eta guztizko puntuazioaren % 50 gainditu eta balorazio handiena lortu dutenak bakarrik esleituko dira, hain justu ere agindu honetan 4. artikuluan kontsignatutako aurrekontu-kreditua agortu arte.

Emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko, sexu ezberdineko ikertzaileen artean lortutako puntuazioan berdinketa egonez gero, ikertzaile emakumearen aldeko ebazpena emango da.

Sexu bereko ikertzaileen arteko berdinketak eskaerak betetzeko aplikazioak txikitik handira ematen duen ausazko zenbakiaren arabera ebatziko dira. Zenbaki hori aplikazio telematikoan sortzen den eskaera-orrian agertuko da.

13. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Emandako laguntzak esleitzeko eta dagozkien zenbatekoak zehazteko, proposamena egingo du balorazio-batzordeak, eta Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak ebazpen bat emango, betiere sei hileko epean, deialdia EHAAn argitaratzen denetik hasita.

Proposamenak hauek jasoko ditu: erakunde onuradunen zerrenda eta dagozkien zuzkidura ekonomikoak, dagoen kredituaren mugara arte xehatuak, eta, erabilgarri dagoen aurrekontuaren ondorioz laguntzarik jaso ez duten erreserben zerrenda. Horrez gain, ukatutako eskabideen zerrenda ere emango da, ukatzeko arrazoiak adierazita, baita baztertutako eskabideen zerrenda ere, baztertzeko arrazoiak zehaztuta.

Ebazpenak hauek jasoko ditu: espedientearen erreferentzia-zenbakia, erakunde onuraduna, laguntzaz baliatuko den ikertzailearen NANa, ebaluazioan erdietsitako guztizko puntuazioa, egonaldiaren hasiera- eta amaiera-datak, egonaldia egingo den zentroa eta herrialdea, eta zuzkidura ekonomiko xehatua (ordainsariak, bidaiak eta bisa).

2.– Egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da aipatutako ebazpena (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Era berean, jakinarazpen elektroniko bat bidaliko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoarekin sartu beharko da bertara.

Abisu bat bidaliko da interesdunak eman duen gailu elektronikora eta/edo helbide elektronikora, non adieraziko baitzaio jakinarazpena egoitza elektronikoan eskuragarri duela.

3.– Alde batera utzi gabe aurreko 2. zenbakian ezarritakoa, Ikerketa Zuzendaritzak argitalpenen berrien abisuak bidali ahal izango dizkie interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen eginaren ondoriorik izango.

4.– Uko-egiteen kasuan, erreserben zerrendan ageri diren eskatzaileei emango zaizkie laguntzak, dagokion ebazpenaren bidez, baldin eta uko-egite horiek emate-ebazpen hau argitaratu eta hurrengo 10 egunetan egiten badira. Laguntza horiek emandako azken laguntzaren ondorengo lekuan dauden pertsonei emango zaizkie.

Ondorio horietarako, laguntzak emateko proposamena jakinaraziko die laguntzak emango dituen organoak interesdunei, 10 eguneko epe luzaezinean onar dezaten. Behin proposamena onartuta, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak laguntza onartzeko ebazpena emango du, eta interesdunei jakinaraziko die.

5.– Baldin eta artikulu honen 1. zenbakian ezarritako epean berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute beren eskariak ezetsiak izan direla.

6.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

7.– Emandako laguntzen zerrendak publikotasuna izan dezan, EHAAn argitaratuko da, jakinarazpen hori egin eta 6 hilabeteko epean.

8.– Eskaeraren unean 6.3.a) artikuluan adierazitakoa betetzen ez duten hautagaiek eskakizun hori betetzen dela ziurtatzeko dokumentua aurkeztu beharko dute, laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik 15 eguneko epean. Hori egin ezean, laguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta 12. artikuluan deskribatutako prozedurarekin bat emango dira askatutako kantitateak.

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek bete beharko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan adierazitakoak ere, eta zehazki baldintza hauek:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntza emateko ebazpenari buruzko jakinarazpena egiten denetik hamar egun igarota onuradunak berariaz uko egin ez badio laguntzari, onartu duela ulertuko da.

b) Dirulaguntza zein helburutarako eman zen, hartarako erabiltzea.

c) Egonaldia osorik betetzea.

Salbuespenez, COVID-19aren pandemiak edo antzeko egoerek eragindako egonaldietan ezin izan bada aldi osoa egin laguntza emateko baldintzetan, egindako egonaldiaren zati proportzionala ordainduko da. Halako egoerak behar bezala justifikatu beharko dira, eta, gainera, Ikerketa Zuzendaritzaren oniritzia eman beharko da.

d) Lekualdatutako ikertzaileari emandako zenbatekoak ordaintzea. Erakunde onuradunak, ikertzaileak destinoko zentroan hasiko dela jakinarazitakoan eta organo emailetik laguntzaren % 80ko ordainketa aurreratua jasotakoan, lekualdatutako ikertzaileari ordainduko dio zenbateko hori. Behin jarduera amaitu eta laguntza likidatzean, likidazio horren ondoriozko zenbatekoa helaraziko dio erakunde onuradunak ikertzaileari.

e) Horiek gauzatzen direnetik 15 eguneko gehieneko epean, honako hauek jakinaraztea: destinoko zentroetako altak, jarduera-eteteak, aldi bateko kanpoan izateak, uko egiteak eta gainerako gorabeherak; guztia ere, batetik, Ikerketa Zuzendaritza horretaz guztiaz jakitun izan dadin, eta, bestetik, beharrezko bada, berariazko baimena eman dezan.

f) Deialdi honen kariaz jasotako dirulaguntzei buruz Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunen barruan, eskatzen duten informazio guztia ematea.

g) Programa honen babespean egindako jarduerek dakartzaten emaitzak argitaratu edo zabaldu behar izanez gero, berariaz aipatzea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Ikertzaile Doktoreentzako Mugikortasun Programaren finantzaketa duela.

15. artikulua.– Laguntzari uko egitea.

1.– Ikerketako zuzendariari jakinaraziko zaizkio uko-egiteak, erakunde onuradunak eta laguntzaren ikertzaile onuradunak sinatutako idazki baten bidez. Bertan adieraziko da zein diren uko egiteko arrazoiak eta uko-egite horrek zein egunetatik aurrera izango dituen ondorioak. Uko-egite hori aplikazio telematikoaren bidez jakinarazi beharko da, ondorioak izan baino 10 egun lehenago.

2.– Uko-egiteak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez onartuko dira.

Uko-egite hori gauzatzen den egun berean hasiko dira haren ondorio ekonomikoak. Hala ere, bidegabeko ordainketak gauzatu badira, diru-zenbateko horiek itzuli beharko dira, deialdiaren baldintzen gutxienekoak betez gero, betiere.

16. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Erakunde onuradunari egingo zaio laguntzaren ordainketa.

2.– Emandako laguntzak zatika ordainduko dira, bi ordain-aginduren bidez.

Haietarik lehenengoa, emandako laguntzaren % 80koa, erakunde onuradunak zentro hartzailean hasi izanari buruzko egiaztagiria aurkeztu ostean egingo da, Ikerketa Zuzendaritzan aurkeztu ere.

Bigarren zatia, berriz, 2023. urtean ordainduko da, jarduera bukatzean. Zehazki, laguntzaren likidaziotik ateratzen den zenbatekoa ordainduko da, hurrengo artikuluan eskatutako dokumentuak aurkeztu ostean, betiere.

3.– Irailaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, zeinaren 50.4 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, dirulaguntzak eta laguntzak esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango baita itzulketa- edo zehapen-prozedura oro amaituta egotea, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo horko erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo dirulaguntzengatik hasi eta artean izapidetzen ari direnak.

17. artikulua.– Dirulaguntzak justifikatzea eta haien segimendua.

1.– Laguntza jasotzen duten erakundeek justifikatu beharko dute finantzaketaren xede zen jarduera burutu dutela; horretarako, informatika-aplikazioaren bitartez, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte, hilabeteko epean, jarduera bukatzen denetik hasita:

a) Egindako egonaldiaren gainean, ikerketa-talde hartzaileko arduradunak emandako egiaztagiria, zeinean berariaz zehaztuko baitira hasiera- eta bukaera-egunak.

b) Amaierako memoria, balantze zientifikoarekin. Bertan deskribatuko da egindako lana, argitalpenen, patenteen edo ikerketaren bestelako emaitzen erreferentzia barne. Erakunde onuradunaren legezko ordezkariaren oniritzia jaso beharko du dokumentuak.

c) Emandako laguntzaz egindako gastuaren ziurtagiria. Ostatu-gastuei, bidaia-gastuei eta bisa-izapidetzeari –halakorik balego– dagozkien fakturak edo dokumentu baliokideak sartuko dira. Erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatu beharko du dokumentu hori.

d) Erakunde onuradunak ikertzaileari egindako ordainketen egiaztagiria.

2.– Justifikatutako gastuak emandako dirulaguntza baino txikiagoak badira eta ez-betetzerik ez badago, dirulaguntza gutxitu egingo da justifikatu ez den kopurua kenduta, eta jasotako dirulaguntzak proportzioan itzuliko dira, dagokion prozedurari jarraituz. Prozedura hori Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak amaituko du ebazpen batez, non hasierako ebazpena aldatuko baita. Murrizketa horrek ez dio eragingo ostatu-gastuak justifikatu beharrari.

3.– Egoki iritziz gero, Ikerketa Zuzendaritzak informazio osagarria eskatu ahal izango du, eta, horrez gain, emandako laguntzaren segimendua egiteko ardura emango dio zuzendaritza horri atxikitako pertsona bati edo batzuei, laguntza zertan erabili den ikusteko.

18. artikulua.– Laguntzen bateraezintasuna.

Laguntza hauek bateraezinak dira helburu bererako ematen den beste edozein laguntzarekin.

19. artikulua.– Ez-betetzeak eta laguntza itzultzea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 53. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA), erakunde onuradunek ezin izango dute laguntzaren ordainketa eskatu, eta aurretik zerbait ordaindu bazaie, batetik, jasotako kopuruak itzuli egin beharko dira, eta, bestetik, laguntza ordaindu zenetik aurrera sortzen diren berandutza-interesak eskatuko dira, hauetakoren bat gertatzen bada:

a) Onuradunek, osorik edo zati batean, bete gabe utzi badituzte deialdi honetan edo dirulaguntzei buruzko araudi orokorrean xedatutako oinarriak, edota dirulaguntza emateko ebazpenean erabakitako baldintzak.

b) Dirulaguntza emateko eskatzen diren datuak ezkutatu edo aldatzen badituzte edo eskatutako informazioa iruzurrez manipulatzen badute.

c) Proposatutako helburuekin edo ezarritako epeekin bat ez datorren jarduera burutzen badute, Ikerketa Zuzendaritzaren baimenik gabe.

d) Ikerketa Zuzendaritzak, diruz lagundutako egintzen segimendua egiterakoan, egiaztatzen badu gastua ez datorrela bat proposatutakoarekin eta esleitutakoarekin.

2.– Halaber, laguntza emateko kontuan izandako baldintzetan jazotako aldaketa orok berekin ekar dezake hura emateko ebazpena aldatzea, baldin eta onuradun izateko deialdi honen 1. artikuluan eta 6. artikuluaren 1., 2., eta 3. zenbakietan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluan ezarritakoarekin bat etorriz, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak adieraziko du, ebazpen baten bidez, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela eta, hala behar denean, diru-kopuruak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli behar direla (698/1991 Dekretua, Dirulaguntzak itzultzeko prozedura orokorra arautu zuena; 1992ko otsailaren 7ko EHAA). Dena den, hori egin baino lehen, prozedurari dagozkion izapideak egin beharko dira, eta behar izanez gero, beste ekintza batzuk ere gauzatuko dira.

4.– Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, ondorio guztietarako.

Halaber, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37 artikuluan ezarritakoa bete beharko da.

20. artikulua.– Datuen babesa.

Eskatzaileen datu pertsonalak honako tratamendu-jarduera honetan tratatu eta sartuko dira: Laguntzak eta dirulaguntzak (ikerketarako). Informazio hau sartuko da:

Arduraduna: Ikerketa Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: Ikerketarako finantzaketa eta bultzada.

Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

– 3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena.

Hartzaileak:

– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

– Ekonomia eta Ogasun Saila.

– Patente eta Marken Espainiako Bulegoa.

Eskubideak: Eskatzaileek eskubidea dute datuak irispidean izateko eta datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsultagai dago helbide honetan: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/054300-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/ HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetako laguntzak ebazteko baldintza izango da kreditu egokia eta nahikoa egotea Euskal Autonomia Erkidegoko 2022. urterako aurrekontu orokorretan, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 19a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala