Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

198. zk., 2021eko urriaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5048

AGINDUA, 2021eko uztailaren 13koa, Hezkuntzako sailburuarena. Honen bidez, dirulaguntzetarako deia egiten da ikasle etorkinentzako kulturartekotasuna sustatzeko programak eta ikasle etorri berrien hizkuntza indartzeko programak garatzeko (L2. Hezkuntza inklusiboa eta aniztasunaren arreta).

Hezkuntza Sailak, hezkuntza kultura anitzeko testuingurura egokitu behar dela ohartuta, kulturarteko hezkuntza-eredu bat garatu nahi du, euskal hezkuntza-sisteman berdintasuna eta aniztasunarekiko errespetua lortzeko. Ikastetxeetan kultura-aniztasuna onartzea funtsezkoa da benetako kulturarteko gizarteak lortzeko.

Hezkuntza-sistemara etorri berriak diren ikasleei laguntzeko, ezinbestekoa da hizkuntza ofizialetan komunikatzeko gaitasuna hobetzea, eta kulturartekotasuna sustatzeko programak ezarri behar dira ikastetxeetan.

Hizkuntza indartzeko programen xedea da laguntza ematea etorri berriak diren ikasleei, zehazki Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak ez jakiteagatik komunikazio-zailtasun nabarmenak izan eta hizkuntza indartzeko plangintza baten premia dutenei. Hortaz, laguntzak emateko, ezinbesteko baldintza da ikasle etorri berriak egotea, eta halakoak zenbatzeko, aintzat hartuko da ikastetxe bakoitzeko ikasle bekadunen ehunekoa, hain zuzen ere ikastetxeetan nolako errealitatea dagoen argitze aldera.

Kulturarteko dinamizazioko programaren helburua da ikastetxeak hausnarketako eta hobekuntzako prozesu bat abiatzea kultura-aniztasunaren inguruan, eta, testuingurua eraldatzeko prozesuak egiten ari diren ikastetxeen kasuan, baliabideak integratzea eta haien eragingarritasuna optimizatzea. Asmoa izango litzateke programa hau, hemendik eta denbora batera, ikastetxearen proiektuaren beraren barruan sartzea, ohiko baliabideak erabiliz.

Ikasle etorkinak etengabe eta ausaz heltzen dira ikastetxeetara ikasturtean zehar, eta, hortaz, ikastetxeek beharrezkoak eta atzeraezinak diren sendotze-ekintzak abiaraz ditzaten, deialdi honek estaldura eman behar die halako ekintzei, ikastetxeek segurtasun juridikoa izan dezaten, hain zuzen ere. Hori dela eta, gastu-espedienteen aurretiazko izapidetze-araubide berezia baliatuko da, deialdia indarrean egon dadin 2021-2022ko ikasturtearen zatirik handienean, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan.

Horrela dago jasota Hezkuntza Sailak bere web-orrian argitaratu duen 2021erako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren 7. eta 47. orrialdeetan (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/dirulaguntzen-plan-estrategikoa/)

Kontuan hartuta Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren eremuko dirulaguntzak erregulatzeari buruzkoa–, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duena, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, EAEko aurrekontu orokorren kargura diren dirulaguntzen berme eta itzulketen araubide orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak zehazten dituena, eta aplikazio orokorreko gainerako xedapenak, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta aurrekontu-zuzkidura.

1.– Agindu honen xedea da bi esku-hartze mota sustatzeko dirulaguntzen oinarriak ezartzea eta dirulaguntzen deialdia egitea:

Kulturartekotasuna sustatzeko programak.

Ikasle etorri berriei zuzendutako hizkuntza indartzeko programak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak ez ezagutzearekin lotutako komunikazio-zailtasun handiak badituzte eta 2021-2022 ikasturtean hizkuntza indartzeko plan bat behar badute.

Deialdi honen ondoreetarako, ikasle etorri berriak dira Euskal Hezkuntza Sisteman unibertsitatez kanpoko ikasketak egiteko 2020ko urtarrilaren 1az geroztik lehen aldiz matrikulatu direnak. Dirulaguntza jasotzeko eskubidea izateko, 6 urtetik gora izan eta gehienez 18 urte beteko dituzte 2021-2022 ikasturtean.

2.– Agindu honen bidez deitutako dirulaguntzak finantzatzeko, bi milioi (2.000.000) euro bideratzen dira.

2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Diruz lagunduko dira:

a) Lehen Hezkuntzan eta/edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan hezkuntza-itunak dituzten ikastetxeetan kulturartekotasuna sustatzeko programak prestatu, zuzendu eta kudeatzeko jarduerak. Ikastetxe horiek 6 eta 16 urte bitarteko ikasleentzat matrikula-ildo bat baino gehiago izan behar dute, eta etorkinak % 17tik gora izan behar dira eskera egiteko epea amaitzen den unean. Baliabide hau hiru urtez edo gehiagoz erabili duten ikastetxeak kanpoan geratuko dira. Jarduera guztietan erabili beharko da ikuspegi inklusiboa, hau da, ikastetxeko ekintza-plan baten barruan egongo da, ikasle eta irakasle guztiei zuzendutakoa izango da, beste eragile batzuek (familiartekoek, talde sozialek...) parte hartzeko eta kolaboratzeko aukerarekin, eta eskola-arrakasta eta -errendimendua hobetzeko helburu orokorrari lotuta egongo da.

b) Ikasle etorri berrien hizkuntza indartzeko ekintzak.

2.– Dirulaguntza jasotzeko eskubidea edukitzeko, aurreko paragrafoan zehazturiko jarduerak gauzatu behar dituzten irakasleek I. eranskinean eskatzen den titulazioa izan beharko dute. Irakaskuntza hori emateko ardura izateaz gain, helburuak, edukiak, jarduera didaktikoak eta ebaluazio-irizpideak izango dituen programazio didaktikoa egiteko ardura ere izango dute.

a) Kulturartekotasuna sustatzeko programetan, honako eginkizun hauek beteko dituzte:

– Ikastetxean, ikasgeletan eta erabiltzen diren materialetan eta baliabideetan eskola-komunitatea osatzen duten kultura guztiak kontuan har daitezen lan egitea, protagonisten euren ekarpenak bereziki baloratuz.

– Ikasle etorkinak eta gutxiengo etnikoetako ikasleak ikasgelan integratu eta haiei hezkuntza-arreta emateko estrategia, prozedura eta baliabideei buruzko irakaskuntza-esperientziak bildu eta irakasleen artean ezagutaraztea, eta irakasleei horiek abian jartzen laguntzea.

– Laguntza ematea harrera-plan bat diseinatzeko, martxan jartzeko, eta haren jarraipena eta ebaluazioa egiteko. Ikasle guztiak eta haien familiak hezkuntza-sistemako kide izatea izango da planaren helburua.

– Zuzendaritza-taldearekin eta irakasleekin lankidetzan aritzea ikastetxea familiengana hurbiltzeko, ikasle etorri berrien familiengana bereziki, eta familia horiek eskola-elkartean parte hartzera bultzatzeko.

– Zuzendaritza-taldearekin lankidetzan jardutea ikastetxerako prestakuntza-plan bat sortzeko. Planak errealitate berria aintzat hartuko du, hau da, iritsi berri diren ikasleak daudela.

– Ikastetxeko proiektuetako gainerako arduradunekin koordinatzeko guneak eta denborak ezartzea. Horren helburua izango da baliabideak biltzea eta haiei ahalik eta etekin handiena ateratzea, lehentasunezko jarduerak finkatzea eta haien lankidetzazko jarraipen bat egitea.

b) Ikasle etorri berrien hizkuntza indartzeko programetan, berriz, egin beharreko ekintzek, orokorrean, honako hau dakarte:

– Hizkuntza indartzeko gelako programazioa egitea, betiere ikasleen beharretara egokituta.

– Banakako esku-hartze plan bat egitea ikasle horientzat, tutorearen laguntzarekin.

– Irakaskuntza antolatzea, hizkuntza indartzeko:

• Ikasleak ezagutzea.

• Ikasgela antolatzea.

• Material didaktikoak aztertzea, antolatzea eta prestatzea.

• Dagokion hezkuntza-errefortzua ematea.

– Hizkuntza indartzeko irakasleek, ikasle etorri berrien tutoreekin batera, eginkizun hauek beteko dituzte:

• Gainerako irakasleekin koordinatzeko prozesu bat ezartzea, lanerako plan pertsonala prestatzeko eta plan hori gauzatzearen jarraipena egiteko.

• Iritsi berri diren ikasleen harrera eta integrazioa erraztea, haien gaitasunak gara ditzaten laguntzea, eta ikastetxeko jardueretan parte har dezaten sustatzea.

• Ikasleen aurrerapenak eta ikasketak ebaluatzen parte hartzea.

• Materialak eta edukiak egokitzea.

– Halaber, eskola-komunitateko kide diren heinean, hizkuntza indartzeko irakasleek, gainerako irakasleekin batera, honako funtzio hauek beteko dituzte:

• Hizkuntzak irakasteko jardueren plangintza egitea.

• Hezkuntza-prozesuan kulturarteko ikuspegia txertatzeko jarduerak diseinatzea.

3.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

Artikulu honen 1. eta 2. apartatuetan aipatzen diren ekintzak gauzatzeko sortutako gastuak lagundu daitezke diruz, hau da, irakasleak kontratatzeko, baliabide bibliografikoak eskuratzeko eta metodologia berritzaileak ezartzeko baliabide didaktikoak eskuratzeko, besteak beste.

Ordainketa eskuordetuak ez du inola ere estali beharko irakasleak kontratatzeko ordainsari-kostua.

3. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Ikastetxe bakoitzak 17.460 euro jaso ahal izango ditu kulturartekotasuna sustatzeko programak betetzearren.

2.– Ikastetxe bakoitzak hizkuntza indartzeko programak gauzatzeko jaso ahal izango duen dirulaguntzaren zenbatekoa honako formula honen bidez kalkulatuko da:

Laguntza = ikasle etorri berriak*700*(1+ ikasle bekadunen %)

Ikastetxe batek 10 ikasle etorri berri baditu eta ikasle bekadunak % 20 badira, hau jasoko du: 10*700*(1+0,20) = 8.400 euro. Beste ikastetxe batek ikasle etorri berrien kopuru berdina badu eta ikasle bekadunak % 80,19 badira, honako hau izango da laguntza: 10*700*(1+0,8019) = 12.613,30 euro.

3.– Ikasle etorri berri 1 edo 2 bakarrik dituzten ikastetxeek ez dute jasoko dirulaguntzarik.

4.– Irizpide horiek aplikatu ondoren ateratako guztizko kopurua, hau da, onartutako programa guztiei esleitu beharko litzaiekeena, handiagoa baldin bada 1. artikuluan adierazitako aurrekontu-kreditua baino, ikastetxe bakoitzerako kalkulatu diren zenbatekoak proportzionalki murriztuko dira, laguntzen guztizkoa aipatu mugara egokitu arte.

5.– Irizpide horiek aplikatu ondoren ateratako guztizko kopurua, hau da, onartutako programa guztiei esleitu beharko litzaiekeena, 1. artikuluan adierazitako aurrekontu-kreditua baino txikiagoa baldin bada, ikastetxe bakoitzerako kalkulatu diren zenbatekoak proportzionalki handituko dira, laguntzen guztizkoa aipatu mugara egokitu arte eta betiere ikasle etorri berri bakoitzak jasotako finantzazioa 1.400 euro baino handiagoa ez bada.

6.– Diruz laguntzeko moduko guztizkoa ez da inolaz ere ikastetxeak eskatutako zenbatekoa edo benetan egindako gastuak baino handiagoa izango. Eskatutako zenbatekoa artikulu honetako 1. eta 2. apartatuetan ezarritakoa aplikatuta diruz lagun daitekeen guztirako kopurua baino txikiagoa bada, eskatutako zenbatekoa izango da dirulaguntzaren muga. Azkenean justifikaturiko gastuak emandako dirulaguntza baino txikiagoak badira, ebazpena aldatu egingo da, eta ebazpenaren zenbatekoa justifikatutako zenbatekoari egokituko zaio.

4. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak bateraezinak dira beste edozein erakunde publikok edo pribatuk proiektuan diharduten irakasleen langile-kostua finantzatzeko eman dezakeen beste edozein dirulaguntzarekin.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Deialdi honen onuradun izan daitezke Lehen eta/edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan itundutako unitateak dituzten ikastetxe pribatuetako pertsona edo erakunde titularrak, eta Oinarrizko Lanbide Heziketa garatzeko Hezkuntza Sailaren dirulaguntzak jasotzen dituzten ikastetxe pribatuetako edo udal-titulartasuneko ikastetxeetako pertsona edo erakunde titularrak. Ikastetxe horiek guztiak Euskal Autonomia Erkidegoan egon behar dute, eta 2. artikuluan deskribatzen diren jarduerak, diruz lagun daitezkeenak, egin behar dituzte.

6. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Erakunde eskatzaileek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

– Indarrean dauden xedapenek zergen eta gizarte-segurantzaren arloetan ezartzen dituzten betebeharretan egunean egotea. Onartu den dirulaguntza guztiz ordaindu arte eutsi beharko zaio eskakizun horri.

– Ordainduta izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak. Onartu den dirulaguntza guztiz ordaindu arte eutsi beharko zaio eskakizun horri.

2.– Ezin izango dira onuradun izan egoera hauetan dauden erakundeak:

– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan azaldutako egoeraren batean daudenak.

– Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dien zigor administratiborik edo penalik dutenak, bai eta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik dutenak ere, batez ere sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak badira, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenari jarraikiz.

7. artikulua.– Erakunde eskatzailearen zenbait betekizun egiaztatzea.

1.– Dirulaguntzaren eskaera aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen organoari zuzenean egiaztatzeko laguntzak eskatzen dituzten erakundeek betetzen dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, hala ezarrita baitago Dirulaguntzei buruzko Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan. Erakunde eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, dirulaguntzei buruko erregelamendu orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.

2.– Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (eskaera-orrian bertan azaltzen da), egiaztatuko da alderdi hauek betetzen direla:

– Ez jasotzea xede eta helburu bererako laguntza edo dirulaguntzarik, administrazio publikoetatik edo erakunde pribatuetatik.

– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zehapen administratibo edo penalik, ez eta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuagatiko diskriminazioaren ondoriozko lege-debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenari jarraikiz.

– Ordainduta izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo/eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo dirulaguntzak direla-eta hasitako edozein itzultze- edo zigor-prozeduratan sartuta egotea edo ez egotea.

– Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa ez eskatu izatea, edozein prozeduratan kaudimengabetzat ez jo izatea, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez egotea edo desgaitua ez izatea, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

– Kausaren batean erruduntzat jotzearren, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa emanda ez egotea.

– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea honako lege hauetan jasotako kasuren batean: martxoaren 30eko 3/2015 Legea, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena, eta abenduaren 26ko 53/1984 Legea, Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo, ez izatea Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.

– Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea zerga-egoitza.

– Era berean, erakunde eskatzaileak adieraziko du eskaeran eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.

8. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honetako dirulaguntzen erakunde onuradunek honako betebehar hauek dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan jasotako betebeharrez gain, barne hartuta finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak, Dirulaguntzei buruzko Legearen 18. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan jasotakoarekin eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsi zen Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotakoarekin bat etorriz:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Zentzu horretan, hamabost eguneko epean –ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita– erakunde onuradunek berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko dira.

b) Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.

c) Hezkuntzako Ikuskatzailetzari ikastetxean garatzen diren programei buruz eskatu beste informazio ematea.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz.

e) Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzari jakinaraztea edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutik xede bererako lortutako dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak, bai eta dirulaguntza eman zenean zeuden baldintzak zerbaitetan aldatu badira, horren berri ematea ere.

2.– Administrazioak laguntzak eta dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren hirugarrenen erregistroan egon behar du entitate onuradunak. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da, bide elektronikoa erabiliz; bide hori Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Sailak ematen du, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

9. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek bide elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honetan eskaera, kontsultak eta gainerako izapide guztiak egiteko. Izan ere, hala xedatu dute Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta E-Administraziorako –Platea– Plataforma Teknologikoa onartu zuen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak.

2.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri, eta bertan aurki daitezke izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta bete beharreko formularioak ere: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0042909

10. artikulua.– Eskaerak eta inprimakiak aurkeztea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dira, bitarteko elektronikoak erabiliz: www.euskadi.eus/servicios/0042909

2.– Eskaera-eredua II. eranskinean dago jasota eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0042909

Eskaeraren osteko izapideak bide elektronikoz egingo dira, «Nire karpeta» atalaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

3.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskaera eta gainerako dokumentuak. Halaber, prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatzen duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatzen den moduan.

11. artikulua.– Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskaerekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Kulturartekotasuna sustatzeko programak:

– Ikastetxean egin nahi den kulturartekotasuna sustatzeko programaren deskribapena (Formulario normalizatua: kulturartekotasuna sustatzeko programa. IV. eranskina), eskema honi jarraikiz:

• Eskatutako aldian programan arituko diren irakasleak, irakasleen arduraldien ehunekoak, irakasleek programarengatik jasoko dituzten banakako ordainsarien zenbatekoak, eta irakasle bakoitzak zenbat denbora emango dion programako irakaskuntzari.

• Ikastetxearen hasierako egoera.

• Garatu beharreko proiektuaren plangintza:

* 2021-2022 ikasturterako helburuak.

* Jarduerak eta tenporizazioa.

* Ebaluazioa eta lorpen-adierazleak.

– Kulturartekotasuna sustatzeko ardura duten irakasleen titulazioen eta indarrean diren lan-kontratuen kopiak, salbu eta dokumentazio hori jadanik Administrazioaren esku badago. Kasu horretan, irakasle bakoitzeko zer dokumentu mota den adieraziko da (titulazioa, euskara titulua eta/edo indarrean den lan-kontratua), bai eta zer prozeduratan aurkeztu ziren ere.

– Izendatzen den dinamizatzailearen konpromisoa, dinamizatzaileak berak sinatua. Han, bi gauza agindu beharko ditu, Hezkuntza Sailak eskatzen dionean: ez duela bere esperientzia partekatzeko eragozpenik izango; eta, hasierako prestakuntzarik eta prestakuntza jarraiturik antolatzen bada, parte hartuko duela (Formulario normalizatua: Dinamizatzailearen konpromisoa. V. eranskina).

b) Hizkuntza indartzeko:

– Ikastetxean egingo diren hizkuntza indartzeko programen deskribapena (formulario normalizatua: hizkuntza indartzeko programen deskribapena. III. eranskina). Bertan, honako hauek adierazi beharko dira:

• Eskatutako aldian programan arituko diren irakasle espezializatuak, irakasleen arduraldien ehunekoak, irakasleek programarengatik jasoko dituzten banakako ordainsarien zenbatekoak, eta irakasle bakoitzak zenbat denbora emango dion programako irakaskuntzari.

• Parte hartzen duten ikasleen izen-abizenak, zer mailatan dagoen eta jatorrizko herrialdea.

• Programako programazio didaktikoa, eta, besteak beste, indargarria zein egunetan ezarri zen, ordutegiak, helburuak, edukiak, jarduera didaktikoak eta ebaluazio-irizpideak.

– Ikastetxeko eskola-kontseiluaren edo organo eskudunaren ziurtagiria, programa gauzatzeko eta dirulaguntza eskatzeko hartutako erabakiaren berri emango duena.

– Dirulaguntzaren helburu den programan inplikatutako irakasleen titulazioen eta indarrean diren lan-kontratuen kopiak, salbu eta dokumentazio hori jadanik Administrazioaren esku badago. Kasu horretan, irakasle bakoitzeko zer dokumentu mota den adieraziko da (titulazioa, euskara titulua eta/edo indarrean den lan-kontratua), bai eta zer prozeduratan aurkeztu ziren ere.

2.– Dokumentazioa aurkezteko moduari buruzko informazioa eta formulario normalizatuak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0042909

12. artikulua.– Eskaeretako akatsak zuzentzea.

Aurkeztutako eskaeran edo dokumentazioan akatsen bat edo zehaztasunik eza dagoela ohartuz gero, eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta 10 eguneko epea izango du akatsak zuzentzeko. Halaber, jakinaraziko zaio hori egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela; horretarako, ebazpen bat emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan jasotakoaren arabera.

Eskaeraren osteko izapideak, zuzenketak barnean direla, bide elektronikoz egingo dira, «Nire karpeta» atalaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

13. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

– Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: Aniztasunaren eta Hezkuntza Inklusioaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak.

– Arduraduna: Hezkuntza Sailaren Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritza.

– Helburua: Aniztasunaren eta Hezkuntza Inklusioaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak.

– Legitimazioa:

• Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

– Hartzaileak:

• Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

• Ekonomia eta Ogasun Saila.

– Eskubideak: Eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

– Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/050400-capa2-eu.shtml

– Arauak:

• Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES)

• 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak babestekoa eta Eskubide Digitalak bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673)

14. artikulua.– Balioespena.

1.– Eskolatzeko Lurralde Batzordeek kulturartekotasun-programaren arduradunari helaraziko dizkiote kulturartekotasuna sustatzeko programan jasotako eskaerak, 2. artikuluan ezarritakora egokitzen direla egiazta dezan. Arduradun horrek, halaber, koordinatzailearen identitatea eta titulazioa egiaztatuko du. Balioespena aldekoa bada, organo kudeatzaileari proposatuko dio ikastetxeari dirulaguntza esleitu diezaiola.

2.– Eskaerak egiteko epea amaitzean, kasu bakoitzean eskudun diren lurraldeko eskolatze-batzordeek adieraziko dute zenbat diren ikasle etorri berriak. Hasi berri diren ikasleen hizkuntza indartzeko programari dagozkion eskaerak 2. artikuluan aurreikusitakora egokitzen diren ala ez egiaztatu beharko du, eta balioespena aldekoa bada, organo kudeatzaileari proposatuko dio ikastetxeari dirulaguntza esleitu diezaiola.

3.– Etorri berri den ikasle kopurua, aurreko apartatuan aipatutakoa, eguneratu egingo dute ofizioz kasu bakoitzean eskudun diren Eskolatzeko Lurralde Batzordeek, 2022ko urtarrilaren 31n eskura dituzten datuekin.

4.– 5. artikuluan zehaztutako mailei dagokienez, Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzak kalkulatuko du ikasle bekadunen ehunekoa, hain zuzen ere eskaerak egiteko epea amaitzean, Hezkuntza Saileko Estatistika Zerbitzuan dauden datuekin.

15. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazpen- eta jakinarazpen-epeak, eta jakinarazteko nahiz argitaratzeko moduak.

1.– Aniztasunari Erantzuteko Zerbitzuari dagokio agindu honetan xedatzen den prozedura kudeatzeko lanak egitea.

Zerbitzu horretako arduradunak Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariari helaraziko dio ebazpen-proposamena, hari baitagokio ebazpena egitea. Proposamen horretan adieraziko du zein dirulaguntza ematea (erakunde onuradunak eta emango diren zenbatekoak adierazita) eta zein ukatzea (eskatzaileen zerrenda eta ukatzeko arrazoiak adierazita) proposatzen duen.

2.– Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariak ebazpena egingo du, eta bertan zehaztuko dira emandako dirulaguntzak, erakunde onuradunak eta emandako zenbatekoak; orobat, ukatutako dirulaguntzak jakinaraziko dira, eskatzaileen zerrenda eta ukatzeko arrazoiak adierazita.

3.– Onuradunei dirulaguntzak emateko eta, hala dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetze-prozesuan dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzea.

4.– Sei hilabeteko epean ebatzi eta jakinaraziko dira laguntzak, deialdia argitaratzen denetik aurrera. Ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-oholean argitaratuko da, eta hurrengo egunetik aurrera izango du jakinarazpen-balioa. Publikotasunaren ondorioetarako, EHAAn ere argitaratuko da. Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak egindako jakinarazpenaren (ebazpenaren) abisua bidaliko die interesdunei, eskaeretan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu hori ez da inoiz jakinarazpentzat hartuko.

5.– Aipatutako epea bukatu ondoren, 6 hilabeteko epean aurreko apartatuan ezarritako eran ebazpenik jakinarazi ezean, interesdunek interpretatu ahal izango dute beren eskaera ezetsi egin dela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutakoaren ondoreetarako, hargatik eragotzi gabe lege horrek Administrazioari berariaz ebazteko ezartzen dion betebeharra.

6.– Deialdiko dirulaguntzak esleitzeko prozedurari amaiera ematen dion ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera. Errekurtso hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez emango da argitara. https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

16. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Zatika ordainduko zaizkie ikastetxe onuradunei dirulaguntzak, bi ordainketa-aginduren bidez:

a) Lehenengoa, ikastetxe onuradun bakoitzari dagokion dirulaguntzaren % 80koa, deialdia ebatzi ostean, agindu honen 8.1.a) artikuluan aipatzen den epea amaitu eta gero, baldin eta tartean uko egiterik izan ez bada.

b) Ondorengo paragrafoan aipatzen den dokumentazioa dagokion epean jaso ondoren, dirulaguntzaren likidazioa egingo da. Ateratzen den guztizko emaitzari –inoiz ez da ebazpenean onartutakoa edota egindako guztizko gastua baino handiagoa izango– kendu egingo zaio lehen ordainketaren zenbatekoa, eta, behar izanez gero, aldea ordaindu edo erreklamatu egingo da.

2.– 2022ko irailaren 15a baino lehen, diruz lagundutako ikastetxeek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte https://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbidean:

a) Egin den kulturartekotasuna sustatzeko programari buruzko memoria, eskema honi jarraikiz:

– Egindako proiektuaren deskribapena, honako hauek barne hartuko dituena:

• Gauzatutako jarduera nagusiak.

• Proiektua aplikatzearen ondorioz, curriculumarekin edo ikastetxearen antolaketarekin zerikusia duten hitzarmen nagusiak, halakorik badago.

• Proiektua garatzean gertatutako gorabeherak.

• Garrantzizkotzat jotzen diren beste alderdi batzuk.

– Helburuen lortze-maila. Proiektuan zehaztutako helburu bakoitzaren analisia, eta helburu hori lortu den balioestea. Helbururen bat lortu ez bada, horretan eragin duten arrazoiak aipatuko dira.

– Parte hartu duten aholkulariek –horrelakorik izan bada– egindako ekarpenen balorazioa.

– Parte hartu dutenek proiektuan izan duten parte-hartzearen eta inplikazioaren balorazioa. Garatutako edukien eta hartutako erabakien zer aplikazio praktiko egitea aurreikusten den.

– Ondorioak eta jarraitzeko proposamenak.

b) Hizkuntza indartzeko garatutako programa bakoitzaren deskripzio-memoria, formulario normalizatuekin bat etorriko dena: Justifikazio-memoria (VI. eta VI-B eranskinak) eta parte hartzen duten ikasleen zerrenda (VII. eranskina), zehaztapen hauekin, besteak beste: ikasleak zein diren, irakasleak zein diren, irakasle bakoitzak zenbat eskola-ordu eman dituen, guztira zenbat ordu erabili diren eta lortu diren emaitzak.

c) Halaber, honako hauek ere jaso beharko ditu:

– Kulturartekotasuna sustatzeko programan dirulaguntzarik jaso bada: pertsonal-gastuen ziurtagiria, formulario normalizatuaren araberakoa: kulturartekotasuneko irakasle-kostuen ziurtagiria (IX. eranskina), non jasoko baitira, banan-banan, inplikatutako irakasleen kostuak.

– Hizkuntza indartzeko programetako pertsonal-gastuen ziurtagiria, formulario normalizatuaren araberakoa: indartze-programetako irakasle-kostuen ziurtagiria (VIII. eranskina), non jasoko baitira, banan-banan, inplikatutako irakasleen kostuak.

– Eskola Kontseiluaren edo ikastetxeko organo eskudunaren aldeko ziurtagiria, egindako programa onesteko dena.

– Langile horien Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egiaztatzeko agiriak –TCak edo pareko beste agiriren bat–, zein egoera laboraletan dauden egiaztatzearren.

Artikulu honetan aipatutako eredu normalizatuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0042909

Eskaeraren osteko izapideak, barne hartuta memoriak eta ordainagiriak aurkeztea, bide elektronikoz egingo dira, «Nire karpeta» atalaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

17. artikulua.– Ez-betetzearen araubidea.

1.– Dirulaguntzen erakunde onuradunek, nolanahi ere, eutsi egin beharko diote Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubideari, eta –Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz– honako kasu hauetan, berriz, eman eta jasotako zenbateko osoa edo zati bat itzuli beharko dute, baita dirulaguntzen arloan aplikatzekoa den berandutze-interesa ere:

– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. apartatuan jasotako itzulketa-kausaren bat badago.

– Dirulaguntza erabiltzen ez bada hura eskatu eta eman zenean adierazita zegoen xede espezifikorako.

– Dirulaguntza eragin zuen jarduera egiten ez bada.

– Dirulaguntza zertarako eman zen, helburu zehatz horrexetarako erabili dela justifikatzen ez bada.

– Oro har, betetzen ez badira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko VI. tituluan ezarritako obligazioak, agindu honetan ezarritakoak edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoak.

2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Nolanahi ere, hori ez da eragozpena izango bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratzeko. Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

18. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen direnean, dirulaguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da, baldin eta dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada. Horretarako, Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzak dagokion likidazio-ebazpena emango du, eta, bertan, emandako dirulaguntzen zenbatekoak berregokitu egingo dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduak aurreikusitako ondorioetarako –Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzea da agindu horren xedea–, agindu honetan xedatutako laguntzak emango dira, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko Aurrekontu Orokorretako ordainketa-kreditua egokia eta nahikoa bada.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean adierazitako oinarrizko araudia, eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 13a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala