Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

185. zk., 2021eko irailaren 16a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4771

AGINDUA, 2021eko irailaren 7koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez itunpeko ikastetxeetan eta ikastetxe espezifikoetan egiteko diren eskolatze osagarriko programetarako dirulaguntzen deialdia egiten baita 2021-2022ko ikasturterako (2. ildo estrategikoaren esparruan: eskola inklusiboa eta aniztasunari erantzutea).

Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legeak neurri positiboak hartzea aurreikusten du, diskriminazio-egoerak desagertzen laguntzeko eta hezkuntzarako eskubidea benetan erabil dadila bermatzeko.

Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuak 37. artikuluan zehazten ditu aniztasunari erantzuteko neurriak, eta 2. puntuan esaten du hezkuntza-beharrak dituzten ikasleen behar horiek landu behar dituztela ingurune normalizatu eta barne-hartzaile batean, eta edozein kasutan Oinarrizko Hezkuntzaren eta dagokien titulazioaren helburuak lortzeko bide eman behar dietela. 37.4 artikuluak zehazten du neurri horien artean eskolatze osagarriko programak sartuko direla.

Bestalde, 236/2015 Dekretuak 41. artikuluan garatzen ditu eskolatze osagarriko programak, eta ezartzen du programa horien hartzaileak heziketa-prozesuan beharrizan espezifikoak azaltzen dituzten ikasleak izango direla, izan ezaugarri pertsonalengatik izan eskola-historiarengatik. Baina, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzak aniztasunari arreta emateko aurreikusita dituen neurri guztiek agortuta egon behar dute. 2. apartatuak adierazten du eskolatze osagarriko programen helburua dela ikasle horiek heziketa-prozesuarekiko, ikaskideekiko, irakasleekiko eta gizartearekiko jarrera baikorrak edukitzea, hartara arlo pertsonalean eta sozialean aurrera egin dezaten eta, programa amaitu ondoren, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako helburuak lortzeko prozesuari berrekin diezaioten.

Eskolatze Osagarriko Programak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza irakasten duten ikastetxe publikoetan egingo dira, edo, bestela, gizarteko edo hezkuntzako esku-hartzea egiten duten erakunde eta entitateetan. Azken erakunde eta entitate horiek programa osagarri horiei buruzko hitzarmen edo itun bat izenpetuko dute Hezkuntza Sailarekin, berariaz egingo diren deialdien bidez.

Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei eman beharreko hezkuntza-erantzuna eskola muinbakar eta integratzailearen esparruan antolatzen duen ekainaren 23ko 118/1998 Dekretuak, 23.3 artikuluan, Hezkuntza Administrazioari eskumena ematen dio eskolatze osagarriko programak ezartzeko egoera berezietarako erantzun gisa. Programa horiek zuzenean ezar ditzake Hezkuntza Administrazioak edo, bestela, hezkuntzan esku hartzen duten beste erakunde eta entitateekin lankidetzan, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak har ditzakete aldi baterako, Hezkuntzari laguntzeko zerbitzuei jarraituz, baldin eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren esparru orokorrean hartutako neurriak nahikoak izan ez badira.

Aurreko mandatuak garatzeko eta zehazteko, 2002ko maiatzaren 7ko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren agindua argitaratu da –Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1998ko uztailaren 30eko Agindua aldatzen duena–, eta bertan arautzen dira egoera txarragoan dauden ikasleentzat hezkuntzaren arloko hainbat ekintza, bai eta eskolara egokitzeko zailtasun larriak dituzten ikasleentzat esku hartzeko neurriak ere. 1998ko uztailaren 30eko Aginduaren V. kapituluan daude araututa programa horiek.

Aipatu behar da eskolatze osagarriko programak Hezkuntza Sailaren 2021eko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasotako dirulaguntzen ildoetako bat direla. Plan estrategiko hori Hezkuntzako sailburuaren 2021eko martxoaren 23ko Aginduaren bidez onartu zen.

Horregatik, kontuan hartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua –Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren eremuko dirulaguntzak erregulatzeari buruzkoa–, bai, halaber, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudia –zeinaren bidez onesten baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua–, eta otsailaren 23ko 71/2021 Dekretua –zeinaren bidez ezartzen baita Hezkuntza Sailaren egitura organiko eta funtzionala–, otsailaren 11ko 1/2021 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena, eta aplikatu daitezkeen gainerako xedapenak, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta aurrekontu-zuzkidura.

1.– Agindu honen helburua da 2021-2022ko ikasturtean garatzeko eskolatze osagarriko programetarako dirulaguntzak emateko deialdia egitea.

2.– Deialdi honetara 1.211.250 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Aurrekontu Orokorren kontura.

2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen programen ezaugarriak.

1.– Programa kopurua.

Deialdi honetan, eskolatze osagarriko 19 programa lagundu ahal izango dira diruz gehienez, baldin eta baldintza hauek guztiak betetzen badituzte:

a) Agindu honen 5. artikuluan adierazitako entitate onuradunetako batek ematea.

b) Udalerri hauetako batean ematea:

– Donostia.

– Andoain.

– Errenteria.

– Arrasate.

– Eibar.

– Irun.

– Zumarraga.

– Barakaldo.

– Bilbao.

– Ortuella.

– Portugalete.

– Sopuerta.

– Vitoria-Gasteiz.

c) Ikastetxe betean eskolatze osagarriko programa bat edo bi egin ahal izango dira gehienez.

2.– Eskolatze osagarriko programaren ikasle hartzaileak.

1) Programako ikasleek ezaugarri hauek izan behar dituzte:

a) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak, 15 urte dituztenak gehienez, programa hasten den urteko abenduaren 31n beteta.

b) Ikasleak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe batean matrikulatuta egotea.

c) Ezaugarri pertsonal edo eskola-historialagatik heziketa-laguntza espezifikoa behar duten ikasleak izatea, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan aniztasunari erantzuteko aurreikusita dauden neurri guztiak behin agortu direnean.

d) Ikaslea programan sartzeko, berariaz onartzea eta betetzea 1998ko uztailaren 30eko Aginduaren (Gizarte- edo kultura-egoera babesgabean dauden ikasleentzako hezkuntza-arloko hainbat ekintza arautzen dituena) 14. artikuluan eta eskolara egokitzeko zailtasun larriak dituzten ikasleentzako hezkuntza-arloan esku hartzeko neurriak, aurrekoa aldatzen duen 2002ko maiatzaren 7ko Aginduak emandako idazketaren arabera.

2) Hezkuntza Administrazioak beharrezkotzat jotzen dituen ikasleak esleitu ahal izango ditu.

3) Programa bakoitzak gutxienez 8 ikasle izango ditu, eta gehienez 15.

3.– Giza baliabideak eta baliabide materialak.

1) Programa irakasten duten irakasleek modu koordinatuan lan egingo duen irakaskuntza-talde espezializatu bat osatuko dute. Honako hauek osatuko dute:

a) Lanbide Heziketako irakasle tekniko bat edo dagokion sektorean egiaztatutako pertsona espezialista bat, Oinarrizko Lanbide Teknikak blokea irakatsiko duena.

b) Unibertsitateko diplomaduna edo lizentziaduna den irakasle bat, Oinarrizko Prestakuntzako blokea irakatsiko duena: komunikazioaren eremua eta eremu zientifiko-teknologikoa.

2) Halaber, hezkuntza-taldeko kide izan ahalko dira Programan jarraitutasunez esku hartzen duten beste profesional batzuk ere (psikologoak, gizarte-hezitzaileak, gizarte-laguntzaileak, gorputz-hezkuntzako irakasleak).

3) Ikasleekin ohiko harremana duten langileek Sexu-delitugileen Erregistro Zentralaren ezezko ziurtagiria izan behar dute, hau da, egiaztatu beharko dute ez direla kondenatuak izan epai irmoz sexu-askatasun eta -ukigabetasunaren aurkako delituengatik, ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren azken xedapenetako 8.3 apartatuak (Haurrak eta nerabeak indarkeriatik begiratzeko babes integralarena) ezartzen duen moduan.

4.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31. artikuluaren arabera, eskolatze osagarriko programa gauzatzearekin zuzenean lotutako gastu hauek lagundu daitezke diruz:

a) Langileen gastuak: entitate onuraduneko langileek sortutako gastuak soilik hartuko dira halakotzat, direla plantillakoak direla programa egiteko berariaz kontratatutakoak, eta nominen edo lan-kontratuen bidez justifikatuko dira.

b) Inbertsioak: halakotzat hartuko dira ekipamendu informatikoak erosteko edo beste aktibo finko higigarri batzuk erosteko gastuak.

c) Gastu orokorrak: proiektua egiteko entitatearen egiturak egiten dituen gastuak (telefonoa, elektrizitatea, posta, fotokopiak, etab.). Gastu horiek programaren kostu osoaren % 25 arte lagundu ahal izango dira diruz.

d) Beste gastu batzuk: dietei, joan-etorriei eta eskolatze-programa gauzatzearekin zuzenean lotuta egonik aurreko kategorietakoak (gastu orokorrak, langileen gastuak edo inbertsioak) ez diren gastuak.

3. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Dirulaguntzaren zenbatekoa 63.750 eurokoa izango da programa bakoitzeko, eta horietako bakoitzerako eskatutakoa eta aurreko artikuluan aipatutako programen gehieneko kopurua izango da muga. Programa gehiagotarako dirulaguntza eskatuz gero, balorazio-batzordeak, hala badagokio, muga hori errespetatuta puntuazio handiena lortu duten programei ematea proposatuko du soilik.

2.– Diruz lagundutako jardueraren azken kostu efektiboa eta justifikatua hasieran aurrekontuan adierazitako kostua baino txikiagoa izanez gero, agindu honen 17.5 artikuluan ezarritakoa hartuko da kontuan.

4. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira helburu berarekin beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandakoekin, betiere xede honetarako lortutako dirulaguntzen guztizko zenbatekoa ez bada guztizko kostua baino handiagoa.

2.– Xede honetarako lortutako dirulaguntzek guztizko kostua gainditzen badute, gehiegizko kopuru horrekin murriztuko da deialdi honen bidez esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa.

5. artikulua.– Entitate onuradunak.

Deialdi honen onuradunak izango dira honako hauen titular diren pertsona edo entitateak:

– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako itunpeko ikastetxeak.

– Gizarte- eta hezkuntza-arloan esku hartzeko erakundeak edo entitateak (behar bezala baimenduta eskolatze osagarriko programak emateko).

6. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Deitutako dirulaguntzen onuradun izateko, entitateek betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Gizarte- eta hezkuntza-arloan esku hartzeko erakunde edo entitatea izatea.

b) Entitate eskatzaile bakoitzeko organo eskudunaren berariazko akordioa, programa ematearen eta dirulaguntza eskatzearen aldekoa, agindu honetan ezarritako baldintzetan.

c) Entitate motari dagokion erregistro ofizialean inskribatuta egotea.

d) Egoitza soziala eta fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, eta bere jarduera bertan egitea.

e) Egunean izatea zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzuli beharraren ondoriozko betebeharrak ere.

f) Entitate eskatzailea Dirulaguntzei buruzko 28/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. puntuetan aurreikusitako egoeren eraginpean ez egotea, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.

2.– Onartu den dirulaguntza guztiz ordaindu arte eutsi beharko zaie betekizun horiei.

7. artikulua.– Betekizunak betetzea nola egiaztatu.

1.– Eskatzaileen kasuan, gizarte- eta hezkuntza-arloan esku hartzeko erakunde edo entitatea izateko betekizuna erakundearen helburuak eta xedea finkatzen dituen fundazio- edo estatutu-dokumentuaren bidez egiaztatu beharko dute ikastetxe horien pertsona edo entitate titularrek. Entitate publikoen kasuan, beren helburu edo eskumenen artean gizarte- eta hezkuntza-arloan esku hartzea jasotzen duten agirien bidez.

2.– Programa ematearen eta agindu honetan ezarritako baldintzetan dirulaguntza eskatzearen aldeko entitate bakoitzeko organo eskudunaren berariazko akordioa entitateko idazkariaren ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da, eta hartutako erabakia erantsiko da.

3.– Aurreko artikuluko c) eta e) letretan adierazitako betekizunak dagokion erregistro- eta zerga-dokumentazioa aurkeztuta egiaztatuko dira, eskaeran organo emaileari informazio hori zuzenean erakunde eskudunetatik eskuratzeko berariazko baimena ematen zaionean izan ezik.

4.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeko, organo emaileari baimena eman ahal izango zaio zerga-administrazioetatik eta Gizarte Segurantzatik egiaztapenak zuzenean egin ditzan ziurtagiri telematikoen bidez; kasu horretan, eskatzaileak ez du dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren (zeinaren bidez onesten baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua) 22. artikuluan ezarritako baldintzetan.

Horretarako, eskaera-orriak baimena emateko edo ukatzeko aukera izango du. Baimen hori ematen ez bada, ziurtagiria aurkeztu beharko da, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritako baldintzetan.

5.– Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez (eskaeran sartua) egiaztatuko dira honako betebehar hauek, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartu zen) 50.6 artikuluan aurreikusten denaren arabera:

a) Helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla adierazi beharko da, zeinahi dela ere haiek ematen dituen administrazioa edo erakunde publikoa zein pribatua. Hala badagokio, horien zenbatekoa adieraziko da.

b) Pertsona edo entitate eskatzailea administrazio- edo zigor-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela, edo dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean ez dagoela, ezta sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuren baten eraginpean ere.

c) Itzulketa- edo zehapen-prozeduraren batean sartuta dagoen ala ez, hau da, EAEko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den halako prozeduraren batean. Horrelako prozeduraren batean sartuta badago, zein den aipatu behar da.

d) Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa ez eskatu izatea, edozein prozeduratan kaudimengabetzat ez jo izatea, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez egotea edo desgaitua ez izatea, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

e) Kausaren batean erruduntzat jotzeagatik, Administrazioarekin egindako ezein kontraturen suntsiarazpen irmoa emanda ez egotea.

f) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea honako lege hauetan jasotako kasuren batean: martxoaren 30eko 3/2015 Legea, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena, eta abenduaren 26ko 53/1984 Legea, Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo, ez izatea Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.

g) Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea zerga-egoitza.

h) Era berean, entitate eskatzaileak adieraziko du eskaeran eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.

6.– Eskabideek barne hartuko dute entitate eskatzaileak berariaz adieraztea baimena ematen diola organo kudeatzaileari gainerako datu edo agiri guztiak eskuratzeko edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen ahalmenak.

7.– Ziurtagiri horiek eskaeraren batera aurkeztu beharko dira.

8. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Indarrean dagoen araudiak xedatzen dituen eta ezartzekoak diren beste betebehar batzuk eragotzi gabe, eta, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotako betebeharrak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan jasotakoak eragotzi gabe, agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun diren entitateek honako betebehar hauek dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Horretarako, ematen dela jakinarazi eta 15 eguneko epean entitate onuradunek berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.

c) Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzaren aurrean justifikatzea betetzen direla eskakizunak eta baldintzak eta egin dela jarduera.

d) Dirulaguntza eman dion administrazioari xede bererako lortu duen beste edozein laguntzaren berri ematea, hala agintzen baitu Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikuluak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako testu bategina, 1998ko urtarrilaren 19ko EHAA).

e) Entitateak eman zaion dirulaguntzaren kargura programa garatzeko erosi duen ekipamendua, bestalde, programa horretako jardueretarako soilik erabiliko da. Materiala erosi ahala, tresneriaren berariazko inbentarioan jaso beharko da. Ekipamendu hori inori lagatzeko edo, hala badagokio, besterentzeko, berriz, beharrezkoa izango da Hezkuntza Sailaren eta dagokion entitatearen adostasun adierazia eskuratzea.

f) Dirulaguntza eman duen administrazioak egin beharreko egiaztapen-ekintzei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egin beharreko kontrol-ekintzei laguntza ematea, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan bertan adierazten denez.

g) Entitate onuradunak honako gastu hauek hartuko ditu bere gain: programa egiteko lokalenak, lokal horiek konpontzeko eta kontserbatzeko lanenak, eta ikasleentzat aseguru bat kontratatzekoak (eskola-aseguruak jasotzen dituen prestazio guztiak eskaini beharko ditu).

h) Entitate onuradunari dagokio programa antolatzea eta garatzea, eta horretarako egoki diren giza baliabideak eta materialak bermatuko ditu. Langileak Hezkuntza Sailak antolatzen dituen prestakuntza-prozesuetara joan ahal izango dira.

i) Entitate onuradunak egiaztatu behar du ikasleekin ohiko harremana duten langileek Sexu-delitugileen Erregistro Zentralaren ezezko ziurtagiria dutela, hau da, ez direla kondenatuak izan epai irmoz sexu-askatasun eta -ukigabetasunaren aurkako delituengatik, ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren azken xedapenetako 8.3 apartatuak (Haurrak eta nerabeak indarkeriatik begiratzeko babes integralarena) ezartzen duen moduan.

9. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Entitate interesdunek bide elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honetan eskaera, kontsultak eta gainerako izapide guztiak egiteko. Izan ere, hala xedatu dute Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta E-Administraziorako –Platea– Plataforma Teknologikoa onartu zuen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak.

2.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri, eta bertan aurki daitezke izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta bete beharreko formularioak ere: www.euskadi.eus/servicios/0097209

10. artikulua.– Eskaerak eta inprimakiak aurkeztea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dira, bitarteko elektronikoak erabiliz: www.euskadi.eus/servicios/0097209. Entitate bakoitzak eska ditzakeen eskolatze osagarriko programa guztiak eskaera-inprimaki berean sartuko dira.

2.– Eskaera-eredua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri: www.euskadi.eus/servicios/0097209. Eskaeraren osteko izapideak bide elektronikoz egingo dira, «Nire karpeta» atalaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/ Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/.

3.– Entitate eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak eta gainerako dokumentuak. Halaber, prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatzen duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatzen den moduan.

4.– Bitarteko elektronikoen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan izapideak egiteko ordezkari bat izendatzen denean, pertsona horrek alta emanda egon beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko Ahalordeen Erregistro Elektronikoan. Hain zuzen, helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

11. artikulua.– Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskaeraren batera, eskolatze osagarriko programari buruzko agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Oinarri pedagogikoak: helburu orokorrak, metodologia eta ebaluazio-prozedurak.

b) Prestakuntza-planaren eskema.

c) Hezkuntza Sailak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako adierazitako egutegiari egokitzen zaion egutegia.

d) Ikasleei arreta emateko asteko ordutegia.

e) Ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxearekin koordinatzeko ordutegia.

f) Ikaslearen koordinazio- eta jarraipen-plana, matrikulatuta dagoen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxearen eta programa egiten duen ikastetxearen artean ezarritakoa, desberdina izanez gero, eta ikastetxe bakoitzeko erreferentziazko pertsonak zein diren zehaztuta.

g) Orientazio-plana.

h) Azpiegitura eta baliagarri izango diren giza baliabideak eta materialak.

i) Aurrekontua.

j) Programarako proposatutako ikasleak, programa diruz laguntzen bada hezkuntza-administrazioak izendatutakoa gorabehera.

2.– Agiri horiekin batera jaso beharko dira 7. artikuluan jasotako ziurtagiriak.

3.– Dokumentazioa aurkezteko moduari buruzko informazioa eta inprimaki normalizatuak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: www.euskadi.eus/servicios/0097209

12. artikulua.– Eskaeretako akatsak zuzentzea.

Aurkeztutako eskaeran edo dokumentazioan akatsen bat edo zehaztasunik eza dagoela ohartuz gero, eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta 10 eguneko epea izango du akatsak zuzentzeko. Halaber, jakinaraziko zaio hori egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela; horretarako, ebazpen bat emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan jasotakoaren arabera.

Eskaeraren osteko izapideak, zuzenketak barnean direla, bide elektronikoz egingo dira, «Nire karpeta» atalaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

13. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: Aniztasunaren eta hezkuntza-inklusioaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak.

– Arduraduna: Hezkuntza Sailaren Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritza.

– Helburua: Aniztasunaren eta Hezkuntza Inklusioaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak.

– Legitimazioa:

• Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

– Hartzaileak:

• Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

• Ekonomia eta Ogasun Saila.

– Eskubideak: Eskubidea duzu datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

– Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsultagai duzu helbide honetan: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/050400-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES)

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?lang=eu&id=BOE-A-2018-16673)

14. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Balorazio-batzorde bat eratuko da, eskaera bakoitzean hurrengo artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak aztertzeko eta aplikatzeko, eta prozeduraren ebazpen-proposamena egingo dio ebazteko eskumena duen organoari.

2.– Balorazio-batzordea Hezkuntzako sailburuordearen ebazpen bidez izendatutako kide hauek osatuko dute:

– Batzordeburua: Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendaria.

– Batzordeburuordea: horretarako izendatuko den pertsona.

– Batzordekideak: Hezkuntza Berrikuntzarako lurralde-arduradunak eta lurralde-ordezkaritza bakoitzeko Osabidezko Hezkuntzako eta Helduentzako Hezkuntzako Zerbitzuko pertsona bat.

– Idazkaria: idazkari-lanak egiteko izendatuko den funtzionario bat, hitzarekin baina botorik gabe.

15. artikulua.– Baloratzeko prozedura eta irizpideak.

1.– Dirulaguntzak norgehiagokako dirulaguntzak izango dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.4 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

2.– Dirulaguntzak puntuazio onena lortu duten eskaerei emango zaizkie, honako balorazio-irizpide hauen arabera: Dirulaguntza lortzeko, 5 puntu lortu beharko dira gutxienez.

3.– Balorazio-irizpide eta puntuazio-eskala hau kontuan hartuta baloratuko dira eskaerak:

a) Hezkuntza Sailak Oinarrizko hezkuntzaren curriculuma ezartzen duen 236/2015 Dekretuan argitaratutako eskolatze osagarriko programei buruz ematen dituen gidalerroen betetze-maila, 3 puntu gehienez.

b) Jarduketa-proiektuaren kalitatea eta oinarri pedagogikoek eskolatze osagarriko programen helburuekin eta planteamendu orokorrarekin duten koherentzia, 3 puntu gehienez.

c) Programaren esku jartzen diren giza baliabideak eta materialak, 2 puntu gehienez.

d) Aurkeztutako aurrekontuaren koherentzia langileen ordainsarien eta funtzionamendu-gastuen esleipenaren arabera, 2 puntu gehienez.

16. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazpen- eta jakinarazpen-epeak, eta jakinarazteko nahiz argitaratzeko moduak.

1.– Aniztasunari Erantzuteko Zerbitzuari dagokio agindu honetan xedatzen den prozedura kudeatzeko lanak egitea.

2.– Eskaerak egiaztatu ondoren, Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariak behin-behineko ebazpena emango du. Ebazpen horretan, beren-beregi adieraziko da entitate onuradun bakoitzari emandako zenbatekoa, baita, hala badagokio, laguntza ukatzeko arrazoiak ere. Behin-behineko ebazpenaren jakinarazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoko Iragarkien Taulan egingo da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/. Eskatzaileek hamar egun izango dituzte, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak aurkezteko.

3.– Behin betiko ebazpenak behin-behineko ebazpenaren datu-eremu berdinak jasoko ditu, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarkien taulan argitaratuko da, behin-behineko ebazpena argitaratu eta gehienez ere hilabeteko epean.

4.– Behin betiko ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek, Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan.

5.– Horrez gain, informazio soil gisa, behin betiko ebazpena Hezkuntza Sailaren web-orrian ere argitaratuko da: www.hezkuntza.eus

6.– Behin betiko ebazpena sei hilabeteko epean argitaratuko da gehienez, deialdia argitaratzen denetik aurrera. Epe hori bukatu eta ebazpen espresurik eman eta jakinarazten ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 25. artikuluan.

7.– Aurreko puntuan esandakoa alde batera utzi gabe, organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpen-abisuak bidali ahal izango dizkie, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dira inoiz egindako jakinarazpentzat hartuko.

8.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) 50.4 artikuluan ezarritako ondorioetarako, onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo dirulaguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.

17. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Agindu honen babesean emandako dirulaguntzak honela ordainduko dira:

a) Lehenengo zatian, emandako dirulaguntzaren % 20 ordainduko da, behin agindu honetako 8.1.a) artikuluan aipatutako epea igaro ondoren, betiere berariaz uko egiten ez bazaio.

b) Gainerakoa –esleitutako dirulaguntzaren % 80– tarteko txosten bat aurkeztutakoan ordainduko da. Txosten horretan, une horretara arte programak izandako garapena azalduko da, ikasle bakoitzaren aurrerapen banakatua barne. Txosten hori 2022ko apirilaren 1etik 30era bitartean entregatuko da, biak barne. Tarteko txostena modu elektronikoan aurkeztu beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (www.euskadi.eus/servicios/0097209).

2.– Administrazioak laguntzak eta dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren hirugarrenen erregistroan egon behar du entitate onuradunak. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da bide elektronikoa erabiliz; bide hori Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Sailak ematen du, helbide honetan: http://www.ogasun.ejgv.euskadi.eus/r51-341/eu/edukiak/informazioa/regtelter_infor/eu_rtt/infor_rtt.html

3.– Ez da dirulaguntzarik emango, baldin eta entitate onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, itzulketa-ebazpen bat dela medio, zorduna bada.

4.– 2022ko ekainaren 30etik abuztuaren 31ra bitartean, biak barne, entitate onuradunek honako hauek aurkeztu beharko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (www.euskadi.eus/servicios/0097209):

a) Programaren garapenaren laburpen-memoria, puntu hauek barne hartuz:

– Laburpen motza eta egindako aldaketak, dirulaguntza eskatzean egindako programaren proiektuan oinarrituz.

– Taldeak eta ikasle bakoitzak lortutako helburuak. Horretarako, oinarritzat hartuko dira programaren proiektuan aurreikusitako helburuak.

– Emaitzen analisia, proiektua egokia ote den zehazteko eta behar dituen aldaketak finkatzeko.

b) «Gastuen justifikazioa» inprimaki normalizatua (ikusi III. eranskina):

– Pertsonako eta hileko nominak, bakoitzaren zenbatekoa eta enpresak Gizarte Segurantzari ordaindutakoa zehaztuta.

– Gastuen frogagirien zerrenda, honako hauek adierazita: data, kontzeptua, guztizko zenbatekoa, zenbateko egozgarria (egoki bada) eta ordainketaren data.

– Dirulaguntzaren kargura eskuratutako material inbentariagarria inbentarioan sartu izana adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

– Emandako dirulaguntzaren xedea eta helburua bete izana eta horretarako jarritako zenbatekoak adierazten dituen erantzukizunpeko adierazpena.

c) Justifikatzeko dokumentazioa – «Gastuen justifikazioa» inprimaki normalizatuan zerrendatutako nominak.

d) Justifikatzeko dokumentazioa – «Gastuen justifikazioa» inprimaki normalizatuan zerrendatutako ordainagiriak eta fakturak.

e) Aurrekontuaren likidazioa; bertan adieraziko dira, eta, hala badagokio, arrazoitu aurkeztutako aurrekontuarekiko desbideratzeak.

5.– Diruz lagundutako jardueraren amaierako kostu efektiboa eta justifikatua hasierako aurrekontuan adierazitako kostua baino txikiagoa bada, eragindako zenbatekoa aldatzeko ebazpena emango da. Kasu horretan, entitate onuradunak sobera jasotako zenbatekoa itzuli beharko du (III. eranskina).

18. artikulua.– Ez-betetzea eta itzultzeko prozedura.

1.– Laguntzak jaso dituzten entitate onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan edo Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan sartzen badira, agindu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan aipatutako baldintzak edo betebeharrak betetzen ez badituzte, edo dirulaguntza ematea arrazoitu zuten baldintzak betetzen ez badituzte, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu) ezarritakoaren arabera, erakunde onuradun horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkiote bidegabe jaso dituzten kopuruak (guztiak edo zati bat) gehi zenbateko horiei dagozkien dirulaguntzen arloko berandutze-interesak. Horrez gain, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren VI. tituluan jasotako oinarrizko arauen arabera eska daitezkeen zehapenak ere jarri ahal izango zaizkie.

2.– Baldintzak betetzen ez direnean, itzultzeko erabili beharreko prozedura lehen aipatutako hauetan xedatutakoaren araberakoa izango da: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (1992ko otsailaren 7ko EHAA). Dirulaguntza edo laguntzaren kontzeptua dela-eta behar ez bezala jaso diren diru kopuruak itzultzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021eko Dekretuan ezarritako modalitateei jarraituko zaie (2021-02-08ko EHAA, 27. zk.).

3.– Itzultzeko prozedura hasi baino lehen, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 92.1 artikuluan ezarritako baldintzen arabera –errege-dekretu horren bidez Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen da–, justifikazioa aurkezteko eskatuko zaie entitate onuradunei.

19. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetan aldaketarik izan bada, betiere dirulaguntzaren helburua beteta, eta, hala badagokio, beste entitate publiko edo pribaturen batetik bestelako dirulaguntza edo laguntzak ere jaso badira, aldatu egin ahal izango da dirulaguntzak ematen dituen ebazpena. Horretarako, organo emaileak emandako dirulaguntza aldatzeko ebazpena emango du.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean adierazitako oinarrizko araudia, eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 7a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala