Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

161. zk., 2021eko abuztuaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4425

AGINDUA, 2021eko uztailaren 20koa, Hezkuntzako sailburuarena, unibertsitate aurreko irakasmailetarako euskarazko ikasmaterialak diruz laguntzeko deialdia egiten duena (EIMA deialdia).

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Heziberri 2020 plana onartu zuen. Heziberri 2020 planaren helburua hauxe da: Europako esparruan hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloan 2020rako ezarritako berrikuntza- eta garapen-ildo estrategikoak bateratzea hezkuntzak gure testuinguruan eta ingurunean dituen erronkekin.

Plan horretan sartuta dago Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoa, hezkuntza-eredu pedagogikoaren ildo nagusiak biltzen dituen proiektua. Marko horrek paradigma-aldaketa nabarmena ezarri zuen, konpetentzietan oinarritzen den hezkuntza delako. Horrek aldaketak sortu zituen hezkuntza-etapa guztietako ikuspegi pedagogikoan.

Haur Hezkuntzako, Oinarrizko Hezkuntzako eta Batxilergoko curriculum berriak zehaztu zituen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, 237/2015, 236/2015 eta 127/2016 Dekretuen bidez, hurrenez hurren.

Heziberri 2020 planaren markoan jasotako 5.3 atalean berariaz hitz egiten da ikasmaterialez; besteak beste, hezkuntza-eredu pedagogikoarekin bat etorri behar dutela esanez. Hortaz, ikasmaterialek dekretuek ezartzen dituzten curriculumak bete beharko dituzte.

Horren harira, unibertsitate aurreko irakasmailetako curriculumen arabera euskarazko ikasmaterialak laguntzeko helburua du EIMA dirulaguntza deialdiak.

Hiru modalitatek, azken urteetako 3 deialdien moldeari jarraitzen diotenek, osatzen dute EIMA deialdia. Honako hau da diruz lagunduko dena:

EIMA 1, euskarazko ikasmaterial inprimatuen edizio-kostuak.

EIMA 2.0, euskarazko ikasmaterial digitalak.

EIMA 4, euskarazko ikasmaterial inprimatuen sorkuntza.

Iaz egindako aldaketak jarraipena izango du aurten. EIMA 4 modalitatean soilik ikasmaterial inprimatuen sorkuntza lagunduko da, eta EIMA 2.0 izango da ikasmaterial digitalak diruz laguntzeko modalitatea.

Deialdi honen prozeduran aplikagarri izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta berorren araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren oinarrizko xedapenak. Baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren VI. tituluarenak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarenak ere.

Agindu hau Hezkuntza Sailaren 2021. urteko dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan dago (Agindua, Hezkuntzako sailburuarena, sailaren 2021. urteko dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duena).

Agindu honen barruan, bi atal bereizten dira: atal orokorra eta modalitateei dagokien atala. Azken horiek eranskin gisa jasoko dira.

Atal orokorrean, hiru modalitateetan komunak diren edukiak jasotzen dira. Eranskinetan, orain artean EIMA programaren bidez garatu diren EIMA 1, EIMA 2.0 eta EIMA 4 dirulaguntza deialdiek propio dituzten ezaugarriak biltzen dira. Modalitate bakoitzak bere aurrekontua eta prozedura izango ditu.

Hori guztia gogoan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:
ATAL OROKORRA
I. KAPITULUA
XEDEA

1. artikulua.– Unibertsitate aurreko irakasmailetan erabiltzekoak diren ikasmaterialak -euskarazkoak eta kalitatezkoak- sortu eta editatu ahal izateko beharrezkoak diren dirulaguntzak arautzea.

Hiru dira lagunduko diren modalitateak eta honakoa da diruz lagunduko dena:

EIMA 1, euskarazko ikasmaterial inprimatuen edizio-kostuak.

EIMA 2.0, euskarazko ikasmaterial digitalak.

EIMA 4, euskarazko ikasmaterial inprimatuen sorkuntza.

II. KAPITULUA
DIRU-BALIABIDEAK

2. artikulua.– Laguntza-deialdi honek 985.000 euroko aurrekontua du. Honako aurrekontu-partida hauek ditu modalitate bakoitzean:

EIMA 1: 500.000 euro, 300.000 euro 2021eko aurrekontuan eta 200.000 euroko konpromiso-kreditua 2022an.

EIMA 2.0: 400.000 euro, 80.000 euro 2021eko aurrekontuan eta 320.000 euroko konpromiso-kreditua 2022an.

EIMA 4: 85.000 euro, 17.000 euro 2021eko aurrekontuan eta 68.000 euroko konpromiso-kreditua 2022an.

3. artikulua.– 1.– Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publikok edo pribatuk helburu berarekin emandako beste laguntza batzuekin, baldin eta hortik ez bada gainfinantzaketarik sortzen. Gainfinantzaketa hori emanez gero, laguntza murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

2.– Deialdi honetara aurkezten diren pertsona fisikoek eta pertsona juridiko pribatuek ikasmateriala egiteko beste erakunde publiko edo pribatutatik laguntzarik eskatu badute, edota halakorik jaso badute, horren azalpena egin beharko dute, berariaz, dagokion atalean.

III. KAPITULUA
IKASMATERIALEN BALDINTZAK

4. artikulua.– Euskara hutsean sorturik eta prestaturik dauden ikasmaterialak laguntzen ditu deialdi honek.

Hala ere, eta salbuespen gisa, beren ezaugarrien arabera, euskaraz eta erdaraz dauden ikasmaterialak ere bildu ahal izango dira laguntza-deialdi honetara (A ereduan euskara irakasteko metodoak, hiztegi elebidun edo eleanitzak...).

EIMA 1 modalitateak itzulpenak eta egokitzapenak ere onartuko ditu.

5. artikulua.– Gaur egun indarrean dauden unibertsitate aurreko irakasmailetarako ikasmaterialak hartuko ditu kontuan deialdi honek.

Haur Hezkuntzako, Oinarrizko Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasmaterialez gain, beste alor eta etapa hauetakoak bildu ahalko dira deialdira: Lanbide Esparruko Heziketa Ziklokoak, Helduen Hezkuntzarako ikasmaterialak, Aukerako Hezkuntza Jarduera lantzeko ikasmaterialak, Musika-irakaskuntzan erabiltzekoak eta Hezkuntza Berezirako ikasmaterialak. Ikasmaterial horiek etapa bakoitzean indarrean dagoen araudia bete beharko dute.

6. artikulua.– Honako laguntza-deialdi honetara biltzen diren Haur Hezkuntzako, Oinarrizko Hezkuntzako eta Batxilergoko curriculumeko ikasmaterialek Heziberri 2020 planeko hezkuntza-eredu pedagogikora eta horren baitan onartutako dekretuetara egokitu beharko dute: abenduaren 22ko 236/2015 Dekretua, Oinarrizko Hezkuntzako curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duena; abenduaren 22ko 237/2015 Dekretua, Haur Hezkuntzako curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duena; eta irailaren 6ko 127/2016 Dekretua, Batxilergoko curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duena.

Hortaz, material didaktikoek honako ezaugarri hauek izango dituzte hezkuntza-eredu pedagogikoarekin koherenteak izan daitezen:

a) Ikasleen irteera-profilean definitutako oinarrizko konpetentziak lortzearen alde egitea.

b) Ikasleei eta irakasleei irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuen plangintza, garapena eta ebaluazioa egiten laguntzeko mota guztietako materialak izango dira.

c) Zorroztasun zientifikoa eta hizkuntza egokitu egingo zaizkie ikasleen adinari eta 236/2015, 237/2015 eta 127/2016 Dekretuetan araututako curriculumei. Lege-ordenamenduko printzipioak, balioak, askatasunak eta betebeharrak ere agertu eta sustatu behar dira, eta diseinu unibertsalaren eta irisgarritasunaren ezaugarriak bete.

d) Irisgarriak izan behar dute, bai desgaitasun fisiko, sentsorial edo intelektualen bat duten ikasleentzat, bai ikasteko beste zailtasun batzuk dituztenentzat.

e) Hizkuntza ez da modu sexistan erabiliko, eta irudietan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua eta estereotipatu gabekoa bermatuko da.

f) Aniztasun familiarra eta afektibo-sexuala agertuko da ikasmaterialetan, baita gainerako errealitate kulturalak, etnikoak...ere.

Ikasmaterialen ezaugarriekin zerikusia duten edukiak eta Heziberri 2020 planarekin lotutako dokumentu eta tresna baliagarriak, Hezkuntza Sailaren honako helbide honetan aurki daitezke: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus/r43-hezi2020/eu/

7. artikulua.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 30. artikuluan finkatutakoa bete beharko dute ikasmaterialek.

8. artikulua.– 1.– Deialdi honen bidez diruz lagundutako ikasmaterialek indarrean dauden lege-eskakizunak bete behar dituzte jabego intelektualari, egile-eskubideei eta lege-gordailuari dagokienez. Proiektuaren lanketan erabiliko diren eta azken produktuaren zati izango diren irudi, soinu, testu edo beste edozein multimedia-objektu eskatzailearenak izango dira, edota egile- edo banaketa-eskubideei buruz indarrean dagoen araudia beteko dute.

2.– Arau horiek Hezkuntza Sailaz kanpoko erakundeen esparrukoak direla kontuan izanik, eskakizun horiek bete direla ziurtatu beharko du eskatzaileak eskabide-orrian, erantzukizunpeko adierazpenen atalean.

9. artikulua.– Hezkuntza Sailaren onespena izan beharko dute deialdi honen bidez diruz lagundutako ikasmaterialek.

1.– Onespenaren prozedurari buruzko informazioa hurrengo loturan aurki daiteke:

http://www.euskadi.eus/eima-euskal-ikasmaterialen-kalitatea/web01-a2heusk/eu/

Hezkuntza Sailaren onespena jasotzeko ikasmaterial guztiek hizkuntza-azterketa eta didaktika-azterketa gainditu beharko dute. Ikasmaterial digitalek azterketa teknikoa ere bai.

Onespena eskuratu duen ikasmaterialak ondorengo hauek jaso beharko ditu ikusgai:

Onespen-data.

Ondorengo esaldi hau: «Ikasmaterial honek Hezkuntza Sailaren onespena du».

2.– Hauek dira azterketa bakoitzean jarraituko diren irizpideak:

a) Hizkuntza-azterketa:

Zuzentasunaren azterketa: Euskaltzaindiaren arauak betetzen diren aztertuko da eta erabiltzen den hizkuntza bere oinarrizko ezaugarrietan (joskera, hitzak...) egokia den.

Testuinguruarekiko egokitasun-azterketa: Testuaren koherentzia eta elkarreraginezko testuingurua (materiala nork norekin, non eta zertarako erabiliko den) izango dira kontuan.

b) Didaktika-azterketa:

Ikasmateriala hezkuntza-eredu pedagogikoarekin bat datorren egiaztatuko da, Aginduaren 5. eta 6. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

c) Azterketa teknikoan, besteak beste, kontuan izango dira:

Sistema eragile eta nabigatzaileak, irisgarritasun maila...

10. artikulua.– EIMA deialdiak diruz laguntzen dituen ikasmaterial guztiak katalogatzen dira EIMA Katalogoan.

Katalogatutako ikasmaterialen erreferentzietan ondorengoak jasotzen dira: ikasmaterialak Hezkuntza Sailaren Onespena duela eta ikasmaterialak Hezkuntza Sailaren dirulaguntza jaso duela.

IV. KAPITULUA
LAGUNTZA-ESKATZAILEAK

Deialdi honetako laguntzak eskuratu nahi dituztenek ondorengo baldintza hauek bete beharko dituzte:

11. artikulua.– Beharrezko lege-nortasuna duten pertsona fisikoak edo pertsona juridiko pribatuak izan daitezke laguntza-jasotzaile.

Salbuespena EIMA 1 modalitatea da. Horretan pertsona juridiko pribatuak soilik izan daitezke laguntza-jasotzaile.

12. artikulua.– Laguntza-deialdi honetara ezin izango dute ikasmaterialik aurkeztu honako hauek: herri-aginteak, zuzenbide pribatuko herri-aginteak edota herri-aginteetan parte-hartze nagusia duten sozietate pribatuak.

13. artikulua.– Laguntza-eskatzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.

Betebeharren egiaztatzeaz deialdiaren kudeaketa-organoa arduratuko da, dirulaguntza eskatzen duten entitateei eta pertsona fisikoei baimena eskatu gabe. Aurreko hori egingo da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena ezarriz.

Eskatzaileak baimen hori berariaz uka dezake uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera. Halaber, Zergarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren eta horien egiaztatzearen inguruan, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 18., 19. eta 22. artikuluetan ezarritakoa hartuko da kontuan.

Eskatzaileak baimen hori ukatzen badu, Zergarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

Zergak Nafarroako Foru Erkidegoko Ogasunean eta Espainiar Estatutik kanpo ordaintzen dituzten entitateek eta pertsona fisikoek zergak egunean dituztela ziurtatzeko agiria aurkeztu beharko dute.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo bere erakunde autonomoek izaera bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozedura hori amaitu egin beharko da onuradunei dirulaguntza eta laguntza eman eta ordaindu ahal izateko.

3.– Halaber, zigor- edo administrazio-arloko zigorra jaso duten pertsonek edo erakundeek, horren ondorioz dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu badute edo horretarako ezgaitzen duen lege-debeku baten eraginpean badaude, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioa egiteagatiko lege-debekuak barne, ezin izango dute agindu honetan araututako dirulaguntzen eta laguntzen deialdietara aurkeztu, zigorrak ezarritako aldian.

4.– Europar Batasunak dirulaguntza bat ilegal eta merkatu komunarekin bateraezin gisa deklaratu duen aurretiazko erabaki baten ondoren, berreskuratze-agindu baten zain ez egotea.

Honek ez dio eragiten EIMA 4 modalitateari.

5.– Krisialdian dagoen enpresa ez izatea, betiere krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Jarraibideetan xedatutakoarekin bat etorriz (2014-07-31ko AO, C249).

Honek ez dio eragiten EIMA 4 modalitateari.

Aipatu baldintzez gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11., 13. eta 14. artikuluetan ezartzen diren baldintzak ere bete beharko dituzte.

V. KAPITULUA
ESKABIDEAK AURKEZTEKO MODUA ETA EPEA

14. artikulua.– Laguntza-deialdi honetan parte hartu nahi duen orok zuzen eta osorik bete beharko du eskabide-orria, eta horri gehitu behar zaizkion agiriak garaiz aurkeztu.

15. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasita.

16 artikulua.– 1.– Eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan aurkeztuko dira: https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2021/eima/y22-izapide/eu

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikazio eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Hau da Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistroaren helbidea: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Prozedura elektronikoa honako legeriak araututa dago: Administrazio Elektronikoari buruzko 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Informatika eta Telekomunikazioko zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Erabakiak (E-Administrazioarentzat-PLATEA-Plataforma teknologikoa onartu zuena). Horiekin batera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea kontuan izango ditugu.

2.– Eskabide bat aurkeztuko da ikasmaterial bakoitzeko.

17. artikulua.– Eskabidearen ondoko izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire Karpeta» atalean egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

18 artikulua.– Eskabidearekin eta deialdiarekin zerikusia duten gainerako izapideak egiteko jarraibideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, eskabideak aurkezteko erabiliko den helbidean.

19. artikulua.– Laguntza-eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetatik nahi dutena erabil dezakete eskabidea eta honi erantsitako agiriak aurkezteko. Ondorioz, aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen duen moduan.

20. artikulua.– Eskabideak aurkezteak adierazten du, deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla.

21. artikulua.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei Buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua betetze aldera, honako betebeharrak egiaztatu beharko ditu eskatzaileak, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, eskabidean:

1.– Ikasmateriala berria dela eta euskaraz sortuko dela.

EIMA 1 modalitatearen kasuan, euskarara itzulitako edota egokitutako ikasmaterialak ere onartuko dira.

2.– Helburu berari zuzenduriko dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribaturi eskatu izana eta, dagokionean, haiengandik jasotakoa adieraztea txostenean.

3.– Ez dagoela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako ezaugarri bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozeduraren eraginpean.

4.– Ez daukala dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor-edo administrazio-arloko zigorrik eta ez dagoela laguntza horiek jasotzeko ezgaitzen duten lege-debekuen eraginpean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioan erori izanagatiko lege-debekua barne.

5.– Entitateen kasuan, legalki eratuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko erregistroan, edo dagokion erregistroan, izena emanda dagoela.

6.– Aurkeztutako proiektua aurrera eramateko beharrezko egile-eskubideak edota egile-baimenak dituela.

7.– Europar Batasunak dirulaguntza bat ilegal eta merkatu komunarekin bateraezin gisa deklaratu duen aurretiazko erabaki baten ondoren, berreskuratze-agindu baten zain ez dagoela.

Honek ez dio eragiten EIMA 4 modalitateari.

8.– Enpresa ez dagoela krisian, betiere bat etorriz krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Jarraibideetan xedatutakoarekin (2014-07-31ko AO, C249).

Honek ez dio eragiten EIMA 4 modalitateari.

9.– EIMA 4 modalitatean eskatzailea lantaldea denean, ordezkaria taldea osatzen duten pertsona fisiko guztiek izendatu dutela.

10.– Hemen jasotako datu guztiak egiazkoak direla eta osorik daudela, baita aurkezten dituen dokumentazioa ere, eta bere gain hartzen duela dagokion erantzukizuna (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua).

Erantzukizunpeko adierazpen batean edo komunikazio batean jasotzen den datu edo informazioren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten erantzukizunpeko adierazpena, edo deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa, edo komunikazioa, ezinezkoa izango da dena delako eskubidea baliatzen edo jardueran aritzen jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikulua).

11.– Aipatu betekizunez gain, eskatzaileak dirulaguntza publikoak jaso ahal izateko LGSeko 13.2 artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak eta legeak ere bete beharko ditu.

22. artikulua.– Eskatzaileak eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskatzaileari dagozkion agiriak.

1.1.– Eskatzaileak bere ziurtagiri digitala erabiltzen badu eskabidea egiteko, ez du agiririk aurkeztu beharko.

1.2.– Eskatzaileak bere ziurtagiri digitala erabiltzen ez badu eskabidea egiteko, dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu, betiere bere izaera juridikoaren arabera: eraketa-eskritura edo akta, estatutuak, ordezkari legalaren izendapena eta IFZren (Identifikazio Fiskaleko Zenbakia) kopia.

1.3.– Zergak Nafarroan edo Espainiar Estatutik kanpo ordaintzen dituzten eskatzaileen kasuan, zergen betebeharra betea dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria.

1.4.– Eskatzaileak eskabide bat baino gehiago aurkezten duenean, 1.2 eta 1.3 puntuetako agiriak bakarrak izan daitezke eskabide guztientzat. Halaber, 1.2 puntuan aipatutako agiriak, lehendik aurkeztuak badira edozein administraziotan, eskatzaileak ez ditu agiri horiek berriro aurkeztu behar izango, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 28. artikuluan agintzen duenari jarraituz. Aurkeztu ezean, eskatzaileak baimena eman beharko du eskabide-orrian, «Aurretik entregatutako dokumentazioa» atalean, eta dokumentu horiek noiz eta zein deialditarako (Saila, Zuzendaritza, programa) aurkeztu zituen argi adierazi, Administrazioak konprobazio-lanak egin ditzan.

2.– Ikasmaterialari dagozkion agiriak. Deialdiaren modalitate bakoitzari dagokion eranskinean azalduko dira.

23. artikulua.– Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzak eskabidean edo dokumentazioan zerbait gaizki dagoela edo zerbait falta dela ikusten badu, hamar eguneko epea emango dio dirulaguntza-eskatzaileari akatsak zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, xede horretarako emandako ebazpena eman ondoren.

24. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Agindu honetako prozeduretan erabiltzen diren eskabide eta dokumentazioetako datu pertsonalak Ikaskuntzaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritzak tratatuko ditu, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Ikaskuntza eta Hezkuntza Berriztatzeko dirulaguntzak.

Helburua, berriz, ikaskuntza eta hezkuntzaren berriztatzea finantzatzea eta laguntzea da.

Datu pertsonalen tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

Ekonomia eta Ogasun Saila da hartzailea, eta interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea dute, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

Informazio osagarria:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/050400-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).

VI. KAPITULUA
DEIALDIAREN KUDEAKETA

25. artikulua.– 1.– Laguntza-deialdi hau gauzatzea Hezkuntza Saileko Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzari dagokio. Bi batzorde arituko dira zeregin horretan: balorazio-batzordea eta jarraipen-batzordea.

Balorazio-batzordea arduratuko da dirulaguntza proposatzeaz. Modalitate bakoitzean zehazten dira bere partaideak eta dagozkien zereginak.

2.– Jarraipen-batzordea arduratuko da deialdi honetan dirulaguntza aginduta duten proiektuen jarraipena egiteaz azken ordainketa egin arte. Berak proposatuko ditu esleitutako dirulaguntzen ordainketak. Eskatzaileak onespenerako ikasmaterialak aurkezteko duen epearen luzapen-eskaera egiten badu, eskaera horri erantzun bat eman beharko dio Jarraipen-batzordeak.

3.– Jarraipen-batzordearen partaideak honako hauek dira:

– Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendaria, Amaia Agirre Pinedo, batzordeburu.

– Euskara Zerbitzuaren burua, Alfredo Castresana Herran.

– EIMAko teknikariak, Rakel Olea Gonzalez eta Mikel Osoro Uriguen, idazkari.

4.– Kudeaketan sortutako gertakariak Jarraipen-batzordeak bideratuko ditu.

VII. KAPITULUA
DIRULAGUNTZEN KALKULUA ETA MODALITATEEN EBAZPENAK

26. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko prozedurak deialdiaren modalitate bakoitzari dagokion eranskinean azalduko dira.

27. artikulua.– Dirulaguntza-deialdiaren ebazpenak emateko eta argitaratzeko prozedura honako hau izango da:

1.– Ebazpen-proposamenak kontuan izanda, Hezkuntzako sailburuordeak laguntza-deialdi honi dagozkion ebazpenak emango ditu.

2.– Ebazpen horiek, gutxienez, honako kontu hauek jasoko dituzte:

a) Diruz lagundutako ikasmaterialen zerrenda eta ikasmaterial horietako bakoitzari esleitutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundu ez diren ikasmaterialen zerrenda, ukatzearen arrazoia azalduta.

3.– Agindua EHAAn argitaratu eta, beranduenik, sei hilabeteko epean emango dira ebazpenak. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoari jarraituz, Euskadiko Autonomia-Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko dira (https://euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/erabakiak/), eta argitaratu eta biharamunetik hasita izango dute eragina.

Aurrekoari kalterik egin gabe, organo kudeatzaileak interesdunei SMS mezu edo posta elektronikoaren bitartez egindako jakinarazpenen oharrak egin ahal izango dizkie. Mezuok eskabidean adierazitako telefono mugikorrera eta posta elektronikoaren kontuetara bidaliko dira. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen baliorik.

Era berean, ebazpenak EHAAn argitaratuko dira, esleitutako dirulaguntzen ezaguera orokorra bermatzeko.

4.– Ebazpenaren jakinarazpenik egiten ez bada 3. puntuan esandako epean, ezezko erantzuntzat hartuko da isiltasuna.

28. artikulua.– Ebazpen horien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote dirulaguntza-eskatzaileek Hezkuntzako sailburuari, ebazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta biharamunetik aurrera, hilabeteko epean.

29. artikulua.– 1.– Onuradunek esleitutako dirulaguntzari idatziz uko egiten ez badiote, dirulaguntza onartutzat joko da. Ebazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta biharamunetik aurrera hamar egun naturaleko epea izango dute onuradunek esleitutako dirulaguntzari idatziz uko egiteko.

2.– Uko egitea eta dirulaguntza. Esleitutako dirulaguntza jaso aurretik laguntzari uko eginez gero, aukera emango zaie 2022ko deialditik aurrera eskaera bera bigarren aldiz aurkezteko. Gainontzean, dena delakoa izanik arrazoia, ez dute aukera izango hurrengo deialdietan bigarren aldiz aurkezteko proiektu hori.

VIII. KAPITULUA
DIRULAGUNTZEN ORDAINKETAK ETA JUSTIFIKAZIOA

30. artikulua.– Dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira: lehenengo ordainketa ebazpenak jakinarazi eta esleitutako dirulaguntza onartu dela egiaztatu ostean egingo da. Bigarrena, onuradunak modalitate bakoitzean ezarritako baldintzak bete direla justifikatu ondoren.

Dirulaguntzen ordainketak egiteko prozedurak eta justifikazioak deialdiaren modalitate bakoitzari dagokion atalean azalduko dira.

31. artikulua.– 1.– Agindu honetan finkatutako edozein eginkizun ez betetzeak edota laguntzak lortzeko ezarritako baldintzetan gezurretan ibiltzeak, jokabide horien ondorioz gerta daitezkeen erantzukizun penalak baztertu gabe, agindutako dirulaguntza galtzea ekarriko du; baita, hala legokiokeen kasuan, aurretik jasotako diru-kopurua atzera itzuli beharra ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak onartzen duen bezala, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak zehaztutako prozeduraren arabera dagozkion atzerapen-interesak gehituko dira.

Era berean, 1/1997 Legegintza Dekretuaren 49.12 artikuluan xedatutakoaren arabera, dirulaguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatu egiten bada, eta edozein kasutan, beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatuen dirulaguntzak eskuratu baldin badira lehia bidez, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortu badira, laguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu egin ahal izango da, beti ere dirulaguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak bete egiten baldin badira.

2.– Dirulaguntzaren itzulketaren inguruan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 19.4 eta 37. artikuluetan jasotakoari jarraituko zaio.

IX. KAPITULUA
ONURADUNEN BETEBEHARRAK

32. artikulua.– Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko hirugarrenen erregistroan alta emanda egon behar du laguntza-jasotzaileak, laguntza jaso ahal izateko. Alta emateko edota aurretik erregistratutako kontu-zenbakia aldatzeko, lotura honetan dagoen agiria aurkeztu beharko du: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

33. artikulua.– Onuradunak dirulaguntzen erabilera kontrolatzeko behar duten informazio guztia emango die Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

34. artikulua.– Ebazpena hartzerakoan kontuan izandako ezaugarriren bat aldatuz gero, horren berri eman beharko dio deialdiaren kudeaketa-organoari.

35. artikulua.– Onuradunen betebeharren inguruan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 lege orokorraren 14. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan araututakoa izango da kontuan. Halaber, onuradunek deialdian ezarritako bestelako betebeharrak ere bete beharko dituzte.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetako euskarazko eta gaztelaniazko idazkien artean interpretazio-auzirik sortuz gero, euskarazkoa hartuko da auzia argitzeko erreferente.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Laguntza programa hau Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 26ko (EB) 651/2014 Erregelamenduaren barruan dago, zenbait dirulaguntza mota barne-merkatuarekin bateragarriak jotzen dituena, Itunaren (EBAO 2014, L 187, 2014-06-26) 107. eta 108. artikuluen aplikazioaren ondorioz (Kategorien Araberako Salbuespen Araudi Orokorra edo 651/2014 Araudia).

EIMA 4 modalitateari ez dio eragiten xedapen honek.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 20a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala