Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

151. zk., 2021eko uztailaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
4222

EBAZPENA, 2021eko uztailaren 14koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Horren bidez, lehentasunez langabeei zuzenduta, enplegu-nitxo berrietan gaitasun profesionalak hartzeko prestakuntza-ekintzetarako dirulaguntzen deialdia argitaratu zen, 2021. urterako, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2021eko uztailaren 13ko bileran harturiko erabaki bidez, 2021erako deialdi bat argitaratzea erabaki du, lehentasunez langabeei zuzenduta, enplegu-nitxo berrietan gaitasun profesionalak hartzeko prestakuntza-ekintzak egiteko dirulaguntzei buruzkoa, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan, eta, Lanbideren Estatutuak onartzeko maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren 10.2 artikuluko o) letran xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo honetako zuzendari nagusiari dagokio deialdia argitaratzea.

Azaldutakoa dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitaratzea 2021erako deialdia, lehentasunez langabeei zuzenduta, enplegu-nitxo berrietan gaitasun profesionalak hartzeko prestakuntza-ekintzak egiteko dirulaguntzei buruzkoa, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak onartu zuen, 2021eko uztailaren 13ko bileran hartutako erabakiaren bidez. Deialdia ebazpen honen eranskin moduan jasota dago.

Bigarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdia onartzeko hartu duen erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Jakinaraztea, deialdia onartzeko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 14a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERANSKINA
2021. URTERAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA, LEHENTASUNEZ LANGABEEI ZUZENDUTA, ENPLEGU-NITXO BERRIETAN GAITASUN PROFESIONALAK HARTZEKO PRESTAKUNTZA-EKINTZAK EGITEKO, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN ENPLEGURAKO LANBIDE HEZIKETA ARAUTZEN DUEN MAIATZAREN 31KO 82/2016 DEKRETUAREN ESPARRUAN

Deialdi honen bidez, enplegu-nitxo berriekin lotutako jarduera ekonomikoetan gaur egun enplegua sortzeko dauden aukeretan eragin nahi da, trantsizio energetikoari, trantsizio digitalari eta kohesio sozialari lotutako erronkei erantzuteko.

Euskadi Next Euskadiren susperraldirako, eraldaketarako eta erresilientziarako inbertsio-programan jasotzen denez, erronka handiena Euskadi berdea, digitala eta inklusiboa eratzea da. Enplegua sortzen duen suspertze ekonomikoa azkartzea garrantzitsua dela planteatzen da, eraldaketa ekologikoa, digitala eta soziosanitarioa ekoizpen-egituraren lehiakortasuna indartzeko aukera gisa onartuz eta ingurumen-irizpideak balioa sortzeko faktore lehiakor gisa integratuz.

Horretarako, espezializaziorako hiru lehentasun estrategiko argi ezarri dira: digitalizazioa eta berrikuntza, adinekoen osasuna eta zaintza, eta trantsizio energetiko ekologikoa. Eta azken horren barruan sartzen dira hiri-habitata eta -berrikuntza, mugikortasun jasangarria, energia berriztagarrien sorrera, ekonomia zirkularra eta habitat naturala eta hondamendi naturalen prebentzioa.

Gaur egungo gizartea, oro har, eraldaketa digital sakon, itzulezin, dinamiko eta aldakorreko prozesu batean dago murgilduta, aurrekaririk gabeko garapen teknologikoko testuinguru baten barruan, eta oraindik ez dakigu zein izango diren ondorioak. Digitalizazioak lan-merkatuan dituen ondorioek berekin dakarte, historiako eraldaketa handietan bezala, langileen gaitasunak birkonfiguratzea erakundeen maila guztietan. Lanpostu berriak sortzea, beste batzuk suntsitzea eta ia guztiak birmoldatzea espero da.

Beste behin ere, giza faktorea funtsezko elementuetako bat da ekonomia digitala erabat garatzeko, eta eragina du sektore teknologikoaren hazkunde-gaitasunean, bai eta teknologikoak ez diren enpresen gaitasun digitaletan ere. Trebetasun digitalak dituen giza kapitalaren ikuspegitik, kontuan hartu behar dira lan-merkatuan sartzen ari direnak edo epe laburrean sartuko direnak, bai eta lanpetuta dagoen eta gaur egun bere jarduera profesionala garatzen ari den lan-indarra ere, sarri lan-merkatuan sartzen eta ateratzen ari baitira aldizkako jarduerak eginez. Giza faktorearen prestakuntza faktore erabakigarria da enpresen eta, oro har, ekonomiaren lehiakortasunerako, ezinezkoa baita haien produktibitatea handitzea biztanleria aktiboaren kualifikazioak handitu gabe.

Era berean, ez da ahaztu behar ekonomiaren eta gizartearen digitalizazio-mailak eta teknologiaren erabilerak, produktibitatean, lehiakortasunean eta berrikuntzan eragiteaz gain, ongizatean eta gizarte- eta kultura-garapenean ere eragiten dutela; izan ere, aldaketa teknologikoaz gain, aldaketa soziala eta kulturala ere gertatzen da.

Izan ere, adinekoen zainketetan, digitalizazioa oso garrantzitsua da erabiltzaileen bizi-kalitatea hobetzeko. Azken urteotan arlo horretan ezarri diren aurrerapen eta konponbide teknologikoek mendekotasuna duten pertsonak monitorizatzen laguntzen dute, bai eta galeren, nahasteen, erorketen eta adineko pertsonen egunerokotasunean gerta daitezkeen gertakarien aurrean aurrea hartzen eta jarduten ere; horrez gain, komunikazioa hobetzea eta haiei laguntzea ahalbidetzen dute, eta telelaguntza bezalako metodoak erabiliz haien bakardadea murrizten laguntzen dute. Halaber, adinekoen aisialdiaren eta entretenimenduaren munduan hainbat aukera daude: jokoak, aplikazioak eta formatu digitalak. Komeni da aukera horiek guztiak kolektibo horretan zabaltzea, haien narriadura kognitiboa moteltzeko, autonomia pertsonala indartzeko eta, oro har, bizitza entretenigarriago egiteko.

Jakina da populazio-piramidearen zahartzeak adinekoen beharrak asetzera bideratutako jarduera ekonomikoak ekarri dituela, betiere beren etxeetan bizitzeko independentzia nahikoa izaten laguntzen dietenak. Ildo horretan, etxez etxeko laguntza-zerbitzuak garrantzi berezia hartzen du. Zerbitzu horrek esku-hartze pertsonalizatua eta etxe-eremurako egokia bermatu behar du, pertsonak egoitza batean sartzeak eragiten duen deserrotzeari aurrea hartzeko. Horregatik, hainbat erronka planteatzen dira, hala nola teknologia berrien aprobetxamendua prestazioan eta sektorearen profesionalizazioa.

Helburua da zainketen eta emakumearen ahalduntzearen sektorea profesionalizatzeko oinarriak jartzea, kalitatezko eskaintza egituratzea eta eskaria sendotzea, bai eta aukerak identifikatzea ere; horiei guztiei esker, profil profesional berriak sortuko dira zainketen arloan.

Trantsizio energetiko ekologikoaren erronkari lotuta, jarduera-eremu jakin batzuk identifikatzen dira, Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANE) Enplegu Berdearen definizioaren barruan sortzen ari diren sektore berri gisa jasotzen dituenak:

– Hiri-berrikuntza.

– Mugikortasun jasangarria.

– Energia berriztagarriak.

– Ekonomia zirkularra.

– Habitat naturala eta hondamendi naturalen prebentzioa.

Hiri-berrikuntza jasangarriari dagokionez, nabarmendu behar da EAEko bizitegi-sektorearen eraldaketak etxebizitza-parkearen ezaugarriak pixkanaka hobetu dituela, bizigarritasun- eta irisgarritasun-parametroei eta energia-kontsumoaren edo CO2 isurien mailei dagokienez. Eraldaketa hori oin berriko eraikuntza-jardueraren garapenarekin lotuta dago, bai eta, jasangarritasuna aintzat hartuta, gaur egungo mailak baino nabarmen handiagoa den eskakizun- eta irismen-maila duten birgaitzeko esku-hartzeekin ere.

Gaur egungo higiezinen parkeak honako ezaugarri hauek ditu: zaharrak dira eta berrikuntza gutxi egin dira. Hori dela eta, eraikinak ez dira oso eraginkorrak energiaren ikuspegitik eta, ondorioz, zailagoa da energia-pobreziari konponbidea ematea. Azaldutakoa aintzat hartuta, eta ekonomia jasangarriaren esparruan, eraikin publiko zein pribatuak birgaitzeko planak bultzatzen ditu EBk, eta horiei esker milaka lanpostu sortuko dira.

Aipatzekoa da eraikinen birgaikuntzarako eskulana asko behar dela. Esku-hartze horiek garraio-azpiegituretan egindako inbertsio berarekin sortutako esku-hartzeek baino 5 aldiz enplegu gehiago sortzen dutela uste da. Enplegua sortzeko gaitasuna % 30 handitzen da sortutako zeharkako enplegua ere kontuan hartzen bada. Gainera, sortutako enplegu gehiena tokikoa da; oro har lurraldean modu homogeneoan banatzen da eta ETEek eta profesionalek garatzen dute.

Hala ere, eskumen-arrakalak konpondu beharreko oztopo bat dira, autonomia-erkidegoetako, estatuko eta EBko ingurumen-politiketan finkatzen den ekonomia berde zirkular sortu berriak dakartzan enplegu-aukerak aprobetxatzeko.

Horri lotuta, 2015eko irailaren 25ean Nazio Batuen Batzar Orokorrak aho batez onartu zuen Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda. Ekintza-plan hau unibertsala, integrala eta eraldatzailea da, gizakien garapena sustatzera bideratuta dago, eta jasangarria da gizarte, ekonomia eta ingurumen eremuetan. Espainiako Gobernuak agenda sinatu zuen, eta hura ezartzeko ekintza-plan bat ezarri zuen. Euskal Autonomia Erkidegoan, bestalde, 2018ko apirilaren 10ean Gobernu Kontseiluak lehen Euskadi Basque Country 2030 Agenda onartu zuen, Gobernu Programak Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Estrategiarekin duen lerrokatze-maila islatzen duena.

NBEren arabera, ingurumen osasungarria funtsezkoa da garapen jasangarriko 17 helburuetako asko betetzeko. Urte hauetan lan-erritmoa bizkortu behar da; gure gizarteak eta ekonomiak benetan eraldatu behar dira, kutsadurari, klima-aldaketari eta biodibertsitatearen galerari konponbide hobeak emateko.

Bestalde, 2020ko urtarrilaren 7an, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Ekonomia Zirkularraren Estrategia onartu zuen. Estrategia horren xedea da, 2030era begira, Euskadiren ekonomia zirkularreko eredu bateranzko trantsizioa bultzatzea eta Europan erreferentziazko eskualde gisa kokatzea. Halaber, estratregiak «espero du emaitza positiboak lortzea gure lurraldearentzat hiru eremutan: euskal enpresek produktu zirkularragoetan duten fakturazioa areagotzea, 10.000 milioi eurora arte; 3.000 enplegu sortzea ekonomia zirkularraren eremuan, eta % 26 murriztea kontsumoari lotutako karbono-emisioak».

Horrela, hainbat aukera sortzen dira, besteak beste enplegu berriak sortzea, bai ingurumenarekin zerikusia duten sektoreetan, bai gaur egun produktuen ekodiseinua eta eraginkortasun materiala bezain finkatuta ez dauden jarduera sortu berrietan. EAEko langabezia-tasa murrizteko aukera bat izan daiteke, eta, horrela, tasa hori Europar Batasuneko balioetara hurbiltzea lortu daiteke, gure oraintsuko historian askotan oso gertu egon baita.

2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiak trantsizio teknologiko-digitalari, energetiko-klimatikoari eta sozial eta sanitarioari dagokienez adierazitako joera handiak identifikatzen ditu, bai eta lan-merkatuan duten eragin handia ere; horrez gain, kalitatezko enplegu inklusiboa lortzeko bidean, 2. eragile bat ezartzen du bere gako estrategikoen artean, «Produkzio-sistemara egokitzen den enplegu erresilientea» bultzatzeko helburuarekin. Aurreko 2020rako Enpleguaren Euskal Estrategian, aukerak sortzeko ardatzaren barruan, helburu gisa jasotzen zen «Enplegu berdearekin» lotutako kualifikazio berriak garatzea eta egungo kualifikazioak eguneratzea, ingurumenaren ikuspegia zeharkatuz; izan ere, jasangarritasunaren potentziala erabat aprobetxatu nahi zen, lehiakortasunerako eta enplegua sortzeko aukera gisa.

Euskadi Next susperraldirako eta erresilientziarako programan jasotako programez gain, teknologiaren trantsiziorako, pertsonen zaintzarako eta energia ekologikoetarako, deialdi honetan jasotzen da, halaber, gaur egun sormen-ekonomia zerbitzuen sektorea bultzatzeko faktore garrantzitsua dela.

2021. urtea Garapen Jasangarrirako Ekonomia Sortzailearen Nazioarteko Urtea izendatu du NBEk, eta adierazi du sormen-industriak funtsezkoak direla garapen jasangarriaren agendarako, ekonomiaren berrikuntza eta dibertsifikazioa sustatzen dutela, faktore garrantzitsua direla zerbitzuen sektore indartsuan, enpresa-espiritua babesten dutela eta kultura-aniztasunari laguntzen diotela.

Sormenaren eta giza ideien eta jabetza intelektualaren, ezagutzaren eta teknologiaren arteko elkarreraginean oinarritzen da sormen-ekonomia. Jarduera eta sormen-industrien artean daude publizitatea, arkitektura, arteak eta lanbideak, diseinua, moda, zinema, bideoa, argazkilaritza, musika, arte eszenikoak, argitalpenak, ikerketa eta garapena, softwarea, joko digitalak, argitalpen elektronikoak, telebista eta irratia.

Pandemiak eragindako berrogeialdiak kulturaren arloko sormen-ekonomiaren zerbitzu eta produktuei balioa eman die. Kultur jardueren online kontsumoa areagotu da, hala nola zinema, nahierako telebista, Internet bidezko musika-kontzertuak eta plataforma eta sare sozialetako musikaren kontsumoa, irakurketa-produktuak, joko digitalak, argazkiak, argitalpenak eta era guztietako audio- eta bideo-fitxategiak, bai eta zuzeneko irratia edo fitxategi digitalak deskargatzea ere.

Dena den, osasun-krisiak eta mugikortasunaren eta lanaren mugek atzera egitea eragin dute sormen-industria horretan, jarduera publikoetan eta zuzenekoetan eragin baitute, bai eta eduki berrien ekoizpenean ere. Merkatuak egungo eskasia arinduko duten edukien ekoizpen handiagoa eskatzen du, eta arlo horretan aurkezten den edozein berritasunen zain dago. Horregatik, sormen-industriek, oro har, hazkunde handia espero dute epe labur eta ertainean, eta etorkizun onena duten jarduera ekonomikoetako bat dira balio erantsiko ekosistema sortzailea sortzen laguntzen duten eremuetan, betiere jabetza intelektualean eta egile-eskubideetan oinarrituta.

Nazioartean arrakasta izan duten adibide asko daude. Hego Koreak, adibidez, harreman estua izatea lortu du kulturaren, industriaren eta garapen teknologikoaren artean, emaitza harrigarriekin. Eta Erresuma Batua, bere barne-produktu gordinari hainbeste laguntzen dion industria horretan tradizio nabarmena duen herrialdea da.

Enplegurako lanbide-heziketa funtsezko tresna da lan-merkatuan laneratzen eta langileen enplegagarritasuna hobetzen laguntzeko. Testuinguru horretan, ebazpen honen bidez finantzatutako prestakuntza-ekintzen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko langileei baina, batez ere, langabeei aukera ematen zaie, prestakuntza-eskaintza izan dezaten gaitasun digitaletan, pertsonen zainketetan eta eraldaketa energetiko ekologikoaren esparruan, bai eta sormen-ekonomiaren eremuan ere. Horrela, enplegagarritasuna hobetzen lagun dezakete modu eraginkorrean.

Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen baitu, 2. artikuluan ezartzen du Enplegurako Lanbide Heziketa Lanbide Heziketaren sistemetako bat dela, eta tresnak eta ekintzak dituela enpresen artean eta langileen artean (langabe nahiz landun) prestakuntza bultzatzeko eta zabaltzeko, lehiakortasun- eta kualifikazio-beharrizanei erantzuteko. Prestakuntza horrek, halaber, gizartea kohesionatzen eta ekonomia garatzen lagunduko du, ezagutzan oinarritutako ekonomiaren esparruan.

Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (zeinaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baitira eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen), Lan eta Enplegu Sailari izendatzen dizkio enplegu-politika eta enplegurako lanbide-heziketa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetzarekin, dauzkan erantzukizunei dagokienez, eta Hezkuntza Sailari lanbide-heziketaren zuzendaritza, antolamendua eta plangintzari lotuta, oro har, esleitu zaizkion eginkizunak oztopatu gabe.

Bestalde, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari (Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari atxikita dago) dagokio, besteak beste, enplegu-programen, enplegurako prestakuntza-programen eta autoenplegua eta enpresen sorkuntza sustatzeko programen kudeaketa. Egiteko horren barruan dago diruz laguntzeko moduko deialdiak onartzea eta izapidetzea, hala ezarrita baitago maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak onarturiko erakunde autonomoaren estatutuen 3.b) artikuluan.

Enplegu-nitxo berrietan gaitasun profesionalak hartzeko prestakuntzara bideratutako laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2021eko ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aurreikusita daude. Erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen plana, 2020ko abenduaren 15eko batzarrean hartutako Erabakiaren bidez, eta, hartara, bete egin zuen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa.

Era berean, nabarmendu behar da Elkarrizketa Sozialaren Mahaiak, EAEren kohesio soziala eta aurrerapen ekonomikoa indartzeko hitzarmenerako eta gobernantza onerako hiruko foroa den aldetik, deialdi hau bultzatu duela, langileak egungo trantsizio digitalean, ingurumenekoan eta demografikoan eskatzen diren profil eta gaitasun profesionaletara egokitu daitezen.

Hori dela eta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren proposamenez, erakunde autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2021eko uztailaren 13ko bilkuran, onartu egin du, lehentasunez langabeei zuzenduta, enplegu-nitxo berrietan gaitasun profesionalak hartzeko prestakuntza-ekintzak egiteko dirulaguntzei buruzko 2021erako deialdia, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan, honako baldintza hauekin:

1. artikulua.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honen xedea da 2021eko ekitaldian emango diren laguntzak arautzea. Laguntza horien xedea da, lehentasunez langabeei zuzenduta, gaitasun digitalak eskuratzeko eta hobetzeko prestakuntza-ekintzak finantzatzea honako esparru hauetan: pertsonak zaintzea, trantsizio energetiko-ekologikoa eta sormen-ekonomia.

2.– Deialdi hau finantzatzera bideratuko diren diru-baliabideak 8.000.000 euro dira; horietatik 4.800.000 euro 2021eko ordainketa-kredituari dagozkio eta 3.200.000 euro 2022ko konpromiso-kredituari.

Baliabide ekonomiko horiek lurralde historikoen arabera eta prestakuntza-ekintzak I. eranskinean batzen diren multzoen arabera banatzen dira, dirulaguntzen lerro hauetan:

(Ikus .PDF)

Banaketa hori aldatu ahal izango da aurrekontu-kreditua agortzeko, baldin eta dirulaguntzen lerroren batean soberako baliabiderik badago, 8.6 artikuluan aurreikusitako banaketa-baldintzen arabera.

3.– Deialdi honen xede diren dirulaguntzak Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatuta egon daitezke osorik edo zati batean, programa hauen esparruan:

a) EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboa, REACT-UE ardatzaren barruan, Europar Batasunak COVID-19ari ematen dion erantzunaren baitan, edo/eta EGIF+ 2021-2027 Programa Operatiboa.

b) Gazte Enpleguko 2014-2020 Programa Operatiboa.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Deialdi honetako laguntzen onuradun izan nahi duten prestakuntza-erakunde pribatu edo publikoek deialdi hau argitaratu baino lehen egon behar dute egiaztatuta edo/eta inskribatuta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatzen duen prestakuntza-erakundeen erregistroan, autonomietako enplegurako prestakuntza-erakundeen beste edozein erregistrotan edo Prestakuntza Entitateen Estatuko Erregistroan. Deialdi hau argitaratu baino lehen egiaztatu behar da, halaber, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutako prestakuntza-ekintzak ematen direla dirulaguntza eskatzen duten prestakuntza-planaren barruan. Gainerako prestakuntza-ekintzei dagokienez, erakundeak izena emanda egon beharko du eskabidea aurkezteko unean.

2.– Dirulaguntza eskuratzeko, prestakuntza-erakundeek dirulaguntza eskatzen duten prestakuntza-planak egiteko giza baliabideak eta materialak izan beharko dituzte, edo konpromisoa hartu beharko dute dirulaguntzaren adjudikazioaren ondoren horiek izango dituztela, prestakuntza-ekintzak hasten direnerako. Ezin da prestakuntza-ekintzaren gauzatzea azpikontratatu. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat jotzen prestakuntza emateko irakasleak (pertsona fisikoak) kontratatzea. Instalazio eta baliabide horiek propioak edo hirugarren erakunde pribatu edo publikoenak izan ahal izango dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean baliatu beharko dira.

Informazio hori egiaztatzeko, erakundearen legezko ordezkaritzak erantzukizunpeko adierazpen bat egingo du (eskabide honetara sartuko da). Edonola ere, erakunde eskatzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku izan beharko ditu adierazpen horretan jasotako datuak egiazkoak direla erakusten duten dokumentuak.

3.– Ezingo dira onuradun izan honako egoera hauetako batean diren erakundeak:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ez edukitzea.

c) Eskatzaileak zigor- edo administrazio-zehapenen bat izatea, dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukerarik gabe uzten duenik, edo horretarako ezgaitzen duen lege-debekuren bat izatea, honako hauengatik gertatutakoak barnean direla:

– Sexu-bazterkeriagatik zigorren bat jaso izana, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorrerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak ezarritakoaren arabera.

– Abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onarturiko Lan-arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen testu bateginak 46.1.b) eta 46.bis.1.b) artikuluetan xedatutako zehapen osagarri batek hala ezartzen badu, ebazpen irmo bidez.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan xedatzen diren gainerako egoeraren batean egotea.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu egiaztatzen 3. apartatuan xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatu beharko da; adierazpen hori eskabide-orrian jasota dago.

3. artikulua.– Diruz lagun daitekeen prestakuntza- eta jarduera-plana.

1.– Prestakuntza-plana da parte hartzen duten pertsonen gaitasun-premiei erantzuteko prestakuntza-ekintzen multzoa, haien enplegagarritasuna handitzeko.

2.– Dirulaguntza jaso ahal izango dute I. eranskineko multzoetan jasotako espezialitateei buruzko prestakuntza-ekintzak jasotzen dituzten prestakuntza-planek.

3.– Prestakuntza-ekintza programagarriak honela sailkatzen dira:

a) Prestakuntza egiaztagarria: Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako ekintzak, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutakoak, ibilbide osoen arabera –espezialitatearen ordu guztiengatik egiten dutenean– edo prestakuntza-moduluen arabera programatu daitezkeenak. 1., 2. edo 3. kualifikazio-mailakoak izan daitezke.

b) Prestakuntza egiaztaezina edo inskribatutakoa: prestakuntza-espezialitateen katalogoan jasota dauden eta eskuratutako konpetentziak egiaztatzeko biderik ematen ez duten prestakuntza-ekintzak dira. Kualifikatzaileak edo ez-kualifikatzaileak izan daitezke.

4.– Prestakuntza emateko modalitatea.

Prestakuntza-ekintzak modalitate presentzialean eman behar dira.

Prestakuntza presentzialtzat jotzen da ikasgela batean egiten dena, irakasleekin. Izan ere, irakasleak ezagutza berberak ematen dizkio, aldi berean, ikasle talde bati, edozein direla ere erabilitako baliabide didaktikoak.

5.– Prestakuntza-planak dirulaguntza emateko behin betiko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik 2022ko urriaren 14ra bitartean gauzatu beharko dira (lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua edo lanekoak ez diren praktikak barnean direla, hala badagokio).

Prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintzetako bat, gutxienez, 2021eko ekitaldian hasi beharko da, eta, gehienez ere, dirulaguntza emateko behin betiko ebazpena jakinarazi eta hurrengo bi hilabeteko epean.

6.– Prestakuntza-ekintzak onartzean, diruz lagundu beharreko gehieneko partaide kopurua 20 izango da, eta gutxienekoa 10. Horrela, prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi 10 partaide baino gutxiagok izena eman badute.

Hala eta guztiz ere, honako hauek onartuko dira:

a) Diruz lagunduko parte-hartzaileez gain, 2 pertsona gehitzea prestakuntza-ekintzetara, parte-hartzaile kopuru horretarako egiaztagiria edo inskripzioa duten prestakuntza-zentroetan. Partaide gehigarri horiengatik ez da dirulaguntzarik emango.

b) Salbuespen moduan, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak aldez aurretik baimena emanda, parte-hartzaileen kopurua murriztu ahal izango da laneratzeko eta gizarteratzeko arazo nabarmenak dituzten kolektiboei zuzendutako prestakuntza-ekintzetan, edo kalitatea bermatzeko parte-hartzaileen kopurua txikia izatea beharrezkoa dela egiaztatzen den prestakuntza-ekintzetan; kasu horietan, gutxienez 8 parte-hartzaile beharko dira.

7.– Prestakuntza-ekintzaren alde teoriko eta praktikoa baino ez da diruz lagunduko. Ez dira diruz lagunduko lantokian egingo den prestakuntza praktikoaren modulua, profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eta lanekoak ez diren enpresa-praktikak, gainerako espezialitateetan.

8.– Prestakuntza-ekintzaren iraupen osoaren % 25 betetzean, hura hasi zuten parte-hartzaileen % 75ek bertan jarraitu beharko du (onartzen diren bi parte-hartzaile gehigarriak kontuan hartu gabe). Ehuneko txikiagoak jarraitzen badu, ekintzak aurrera jarraitu beharko du, eta amaitzean likidatu beharko da, deialdi honen 18. artikuluan adierazitakoaren arabera. Ondorio horietarako, prestakuntza hasi duten partaideen kopurutzat hartuko da prestakuntza-ekintzaren lehen egunean prestakuntza hasi zuten pertsona guztien kopurua.

4. artikulua.– Prestakuntzaren hartzaileak.

Deialdi honen babespean diruz lagundutako prestakuntza-ekintzetan parte hartu ahal izango dute, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeek edo Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren fitxategian izena emanda daudenek. Era berean, beste autonomia-erkidego bateko enplegu-zerbitzu publikoan izena emanda dauden langabeek ere parte hartu ahal izango dute. Langabeen artean, iraupen luzeko langabeen kolektiboa da deialdi honetako lehentasunezko kolektiboa.

Halaber, langile landunek ere parte hartu ahal izango dute prestakuntza-ekintza horietan, baina inola ere ezingo dute gainditu prestakuntza-ekintza bakoitzean programatutako parte-hartzaile guztien % 30. Horretarako, ekintzetan parte hartzen duten pertsonak langabe edo landun diren zehazteko, prestakuntzaren hasieran duten lan-egoera hartuko da kontuan.

Ondorio horietarako, honako hauek sartuko dira langabeen taldean: lanaldi partzialeko kontratu batekin ari diren langileak, baldin eta beren lanaldia lanaldi osoz aritzen den pertsona batek duenaren herena baino laburragoa bada –konparagarriak izan behar dute–.

5. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Prestakuntza-planaren dirulaguntzaren zenbateko osoa plana osatzen duten prestakuntza-ekintza bakoitzaren dirulaguntzaren zenbatekoaren batura izango da.

2.– Prestakuntza-ekintza bakoitza parte-hartzaileko eta prestakuntza-orduko kostuaren arabera finantzatuko da, deialdi honen I. eranskineko multzoetan aurreikusitako modulu ekonomikoen arabera.

Modulu ekonomiko bakoitzak hiru ditu: horietako bi zuzeneko kostuei dagozkienak –langileak (A) eta funtzionamendua (B)– eta hirugarrena zeharkako kostuei (C) dagokiena –kostu zuzenei dagozkien moduluen baturari % 10eko ehunekoa aplikatuz kalkulatua–.

Azkenean aplikatu beharreko modulu ekonomikoek ezin izango dituzte gainditu, inola ere, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduan aurreikusitakoak. Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera zuzenduta dauden prestakuntza-ekintzen kasuan, gehieneko muga urriaren 10eko ESS/1897/2013 Aginduan jasotakoa da (horren bidez garatzen da 34/2008 Errege Dekretua, urtarrilaren 18koa, profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituena). Ondorioz, aplikatu beharreko azken modulua osatzen duten hiru moduluen batura handiagoa balitz aipatutako araudietan aurreikusitakoak baino –edo, hala badagokio, horien ordez ezartzen diren eta deialdi hau argitaratzen denean indarrean dauden araudietan aurreikusitakoak–, azken horiek aplikatuko dira.

3.– Ekintzak osorik edo partzialki finantzatuko dira, irakatsi beharreko espezialitatearen modulu ekonomikoa osorik estaltzeko falta den zenbatekoan, beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin batera finantzatzen direnean, baterako finantzaketa hori nahikoa bermatuta badago.

4.– Programatu beharreko prestakuntza-ekintzak jasoko dituen prestakuntza-plan bakar baterako eskatu ahal izango dute dirulaguntza prestakuntza-erakundeek. Nolanahi ere, prestakuntza-erakunde batek ere ezin izango du prestakuntza-planagatik 300.000 euro baino gehiago jaso, eta ez zaizkio espezialitate bereko lau prestakuntza-ekintza baino gehiago onartuko.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Deialdi honen esparruko dirulaguntzak jasotzeko eskabideak, zeinak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari bidaliko baitzaizkio, elektronikoki izapidetuko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntzako aplikazio informatikoaren bidez (LanF).

Aplikazio horretara sarbiderik ez duten erakundeek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orriaren bidez eskatu ahal izango dute: https://www.lanbide.euskadi.eus/prestakuntza/-/informazioa/erakundeen-erregistroa/

Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (izapidetze elektronikorako jarraibideak ematen dituena) helbide honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/1201001

2.– Laguntza-eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

2.1.– Oro har, laguntzaren xede den prestakuntza-plana, I. eranskinaren multzo bakoitzean eman beharreko prestakuntza-ekintzak bereizita.

2.2.– Gainera, hala badagokio, balorazio-irizpideak egiaztatzeko:

a) 9. artikuluaren A.3 apartatuan xedatutako balorazio-irizpidea egiaztatzeko: artikulu horretan aipatzen diren aitorpen edo akreditazio ofizialen kopia.

b) 9. artikuluaren B apartatuan (B.1, B.2 eta B.3) xedatutako balorazio-irizpideak egiaztatzeko, beste administrazio publiko batzuetako deialdiak aipatzen direnean: enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen eta deialdia kudeatzen duen administrazio publikoaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, prestakuntza-espezialitatea emateko eskarmentua egiaztatzen duena, III. eranskinean argitaratutako ereduaren arabera, zeina LanF aplikaziotik ere atera baitaiteke. Ziurtagiri hori III. eranskineko ereduaren araberakoa izan daiteke, edo beste formatu batekoa, baina, kontuan hartzeko, eredu horretan ezarritako eduki guztiak jaso beharko ditu.

3.– Eskabideak elektronikoki izapidetu ahal izango dira ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza inskribatu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistroan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

4.– Dirulaguntzaren eskabidean, prestakuntza-planak profesionaltasun-ziurtagiri oso bat ematea jasotzen duenean, erakundeak eskatu ahal izango du, azkenean dirulaguntza jasotzen badu, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak profesionaltasun-ziurtagiria hainbat prestakuntza-ekintzatan eta modulutan bereiz dezan, etengabeko ikaskuntza indartzeko, 13.2 artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

5.– Eskabideak ez baditu baldintza guztiak betetzen, interesdunari jakinaraziko zaio 10 egun balioduneko epea duela, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunean zenbatzen hasita, izandako hutsune edo akatsa konpontzeko, edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko. Hori egingo ez balu, eskabideari uko egiten diola ulertuko da, horretarako beharrezkoa den ebazpena eman eta gero.

6.– Dirulaguntzak jasotzeko eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2021eko irailaren 9an bukatuko.

7. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.

1.– Enplegurako Lanbide Heziketaren Zuzendaritzak du prozedura izapidetzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, berriz, ebaztekoa.

2.– Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagoka-prozedura izango da, eta egintza bakarrean ebatziko dira prestakuntza-planak gauzatzeko aurkeztutako eskabide guztiak.

Prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintza bakoitza banaka baloratuko da.

3.– Eskabideak aztertzeko eta horien balorazioa egiteko batzorde bat osatuko da, izaera teknikokoa. Batzorde hori honako hauek osatuko dute: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak, Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko arduradunak eta zerbitzu horretako bi teknikarik. Balorazio-batzorde horretako kideen izenak EHAAn argitaratuko dira.

4.– Eskabideek deialdi honetan parte hartzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, ebaluazio-batzordeak 9. artikuluan aurreikusitako irizpideen arabera baloratuko ditu, eta behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, 8. artikuluan araututako laguntza zehazteko sistema kontuan hartuta, behin-behinean onartzea edo ukatzea proposatzen diren ekintzak adierazita.

Behin-behineko ebazpen hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunean argitaratuz jakinaraziko da (www.lanbide.euskadi.eus), eta 10 egun baliodun emango dira erakundeek LanF aplikazio informatikoaren bitartez alegazioak egin ditzaten edo eskabideari uko egin diezaioten, prestakuntza-planean behin-behinean onartutako prestakuntza-ekintza guztiei dagokienez.

Behin-behineko ebazpen-proposamenak ez die onuradun gisa proposatutako erakundeei eskubiderik emango.

5.– Alegazioak aztertu ondoren, balorazio-batzordeak behin betiko ebazpen-proposamena prestatuko du eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari helaraziko dio, hori baita ebazpena egiteko organo eskuduna.

6.– Behin betiko ebazpenak dirulaguntza emango zaien prestakuntza-ekintzak eta horien zenbatekoa jasoko ditu, balorazioaren ondoriozko lehentasun-hurrenkeraren arabera, bai eta ukatzen direnak eta ukatzeko arrazoiak ere, eta hori guztia prestakuntza-erakunde interesdunei jakinaraziko zaie, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunean argitaratuta: www.lanbide.euskadi.eus. Erakundeek 5 egun balioduneko epea izango dute prestakuntza-ekintza bakoitzeko dirulaguntza onartzeko, modu telematikoan, LanF aplikazioan. Epe hori igaro eta dirulaguntza onartzen ez badute, dirulaguntzari uko egiten diotela ulertuko da. Epe horren ondoren, prestakuntza-plan osoagatik bakarrik egin ahal izango zaio uko dirulaguntzari.

7.– Prozedura ebazteko eta behin betiko ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdia EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori igaro ondoren ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskabidea ezetsitzat jo ahal izango da.

8.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

9.– Erakunde onuradunei dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomoen antzeko dirulaguntzen edo laguntzen karietara bideratzen hasitako itzulera- edo zehapen-prozedurak amaituta egotea.

10.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da jakitera zer enpresak jaso duten dirulaguntzen deialdi honen babesean eta zenbateko laguntza jaso duten.

8. artikulua.– Laguntza zehaztea.

1.– Eskaerak aurkezteko eta akatsak 6.5 artikuluan ezarritako eran zuzentzeko epea amaitutakoan, prestakuntza-planetan jasotako prestakuntza-ekintzen balorazio teknikoa egingo da, 9. artikuluan aurreikusitako irizpideen arabera, eskaeren artean lehentasun-hurrenkera ezartzeko; horrela, aurkeztutako ekintzen eskaerak puntuazio handiena izan dutenetik txikiena izan dutenera ordenatuko dira.

2.– Ez dira finantzatuko balorazioan 20 puntu baino gutxiago lortzen dituzten prestakuntza-planetako prestakuntza-ekintzak.

3.– Prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintza bakoitzeko eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, I. eranskinaren multzoetan aurreikusitako modulu ekonomikoak aplikatuko dira.

4.– Erakunde eskatzaile bakoitzak eman beharreko prestakuntza-ekintzei dagozkien zenbatekoen batura izango da prestakuntza-planerako dirulaguntzaren azken zenbatekoa.

5.– Prozesu osoan, 5.4 artikuluan erakunde eskatzaileentzat aurreikusitako dirulaguntza-mugak hartuko dira kontuan.

Espezialitate bakoitzeko gehienez ere honako prestakuntza-ekintza hauek onartuko dira lurraldeka: Bizkaian 7, Gipuzkoan 5 eta Araban 4.

6.– Dirulaguntzak balorazio-fasearen ondorioz eskatutako ekintzen lehentasun-ordenari jarraituz emango dira, dirulaguntzen lerro bakoitzerako baliabideak agortu arte, 2.2 artikuluan aurreikusitako banaketaren arabera. Ekintzak lerroka esleitzeko prozesua egin ondoren, kreditu-soberakinak honela esleituko dira:

– Lehenik eta behin, lurralde historiko bakoitzeko lau lerroetako soberakinak batuko dira, eta lurralde historiko bakoitzean finantzatzeke dauden lau lerroetako edozeinetan puntuazio handiena duten eskabideei esleituko zaizkie.

– Ondoren, hiru lurralde historikoetako soberakinak batuko dira, eta, lehentasun-hurrenkeraren arabera, gainerako eskaerei esleituko zaie, lurralde historikoa eta blokea edozein izanik ere, agortu arte.

Lehentasun-hurrenkeran atzerago dagoen eskaera bati ezin izango zaio dirulaguntza hori eman, kreditu erabilgarri nahikorik ez egoteagatik lehentasun-hurrenkera horretan aurrerago dagoen beste eskaera bat dirulaguntzarik gabe utzi bada.

7.– Berdinketa gertatuko balitz, 9. artikuluan aurreikusitako irizpide hauetan puntuazio handiena lortu duen eskaerak izango du lehentasuna, hurrenkera honetan: B.1, B.2, B.3.1, B.3.2 eta A apartatua. Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, B.3.1ean prestakuntza handiena duten pertsonek izango dute lehentasuna, eta, azkenik, B.3.2an jasotakoek.

9. artikulua.– Eskabideak baloratzeko irizpideak.

Eskatutako prestakuntza-ekintzak baloratzeko, jarraian araututako irizpideak hartuko dira kontuan, zeinak II. eranskinean zehazten baitira.

A) Prestakuntzaren kalitate- eta eragin-adierazleak langabeei zuzendutako 2018-2020ko ekitaldietako enplegurako lanbide-heziketako prestakuntza-eskaintzaren deialdian, bai eta erakundeak kalitatearekin duen konpromisoa ere. Gehieneko puntuazioa: 45 puntu.

Horren xedea da 2018-2020ko ekitaldietan enplegurako lanbide-heziketaren arloan onartu den eskaintza-deialdian langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzak ematean lortu zuten kalitatea baloratzea, bai eta haien eragina ere, enplegagarritasunari eta laneratzeari dagokienez; horiez gain, erakundeak kalitatearekin izandako konpromisoa ere baloratuko da.

A.1.– Sintesi-adierazlea lanbide-arlo bakoitzean: gehienez 15 puntu.

Prestakuntza-erakunde baten sintesi-adierazleen batezbestekoa, lanbide-arlo bakoitzeko, langabeentzako 2018-2020ko prestakuntza-eskaintzaren deialdian emandako prestakuntza-ekintzetan.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ofizioz eskuratuko du adierazle hori, bere datu-baseak aztertuta. Ez dira kontuan honako hauen dirulaguntza-lerroei buruzko emaitzak: kontratatzeko konpromisoa duen prestakuntza, proiektu bereziak edo 2018ko beste deialdi batzuk, langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren deialdia izan ezik.

Prestakuntza-erakunde jakin batek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren deialdian parte hartu ez badu, 4 puntu emango zaizkio.

Adierazle hori lortu ezin izanaren kausa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari egozten bazaio, berriz, deialdian dagokion lanbide-arloaren adierazleen batezbesteko globala hartuko da sintesi-adierazle gisa; horretarako, deialdian parte hartzen duten prestakuntza-erakundeetan emandako ekintza guztiak hartuko dira kontuan.

A.2.– Enplegagarritasun-indizea lanbide-arlo bakoitzean: gehienez 25 puntu.

Arlo bakoitzeko enplegagarritasun-indizearen batezbestekoa, langabeentzako 2018-2020ko prestakuntza-eskaintzaren deialdian emandako prestakuntza-ekintzen bidez lortua; 25 puntu gehienez.

Enplegagarritasun-indizea tasa hauek osatzen dute:

Enplegagarritasun-indizea = (Prestakuntzako arrakasta-tasa x p1) + (Besteren konturako laneratzearen tasa x p2) + (Parte-hartze anitzeko tasa x p3),

Azalpena:

– Prestakuntza-ekintzaren arrakasta-tasa: Prestakuntza arrakastaz amaitzen duten pertsonen kopurua, prestakuntza-ekintza amaitzen duten guztizko parte-hartzaile kopuruaren gainean.

– Besteren konturako laneratzearen tasa: Prestakuntza-ekintza amaitu eta sei hilabeteren barruan besteren konturako kontratu bat lortu duten pertsonen kopurua.

– Parte-hartze anitzeko tasa: Prestakuntza-ibilbide bat egiten duten pertsonen kopurua; hau da, kurtsoa amaitu ondorengo hamabi hilabeteetan enplegurako lehen prestakuntza-ekintza bigarren batekin lotzen duten pertsonen kopurua.

– p1, p2 eta p3, espezialitatearen kualifikazio-mailaren arabera kalkulaturik, tasa bakoitzari emandako pisuak dira.

Tasak haztatu egiten dira espezialitate-motaren eta horien kualifikazio-mailaren arabera. Hartara, laneratzearen tasak pisu handiagoa izaten du espezialitatearen kualifikazio-maila zenbat eta handiagoa izan, behar beste konpetentzia ematen baitituzte lanpostuak betetzeko, eta, horrenbestez, baita lan-merkatuan sartzeko ere. Funtsezko konpetentzien espezialitateen, zeharkakoen eta gizarteratzeko eta laneratzeko espezialitateen kasuan, parte-hartze anitzeko tasak pisu handiagoa hartzen du, prestakuntza kualifikatzailea baino lehen gauzatzen den prestakuntzatzat hartzen baita, prestakuntza-ibilbide luzeago baten esparruan; edo, bestela, zeharkako espezialitateen kasuan, prestakuntza arautuaren, hasierako prestakuntzaren edo profesionaltasun ziurtagirien prestakuntza osagarri gisa.

(Ikus .PDF)

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ofizioz eskuratzen du adierazle hori, bere datu-baseak aztertuta. Ez dira kontuan honako hauen dirulaguntza-lerroei buruzko emaitzak: kontratatzeko konpromisoa duen prestakuntza, proiektu bereziak edo 2018ko beste deialdi batzuk, langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren deialdia izan ezik.

Prestakuntza-erakundeek 2018-2020ko deialdiaren babesean ez badute eman dirulaguntza eskatzen duten espezialitateari dagokion arloaren prestakuntza-ekintzarik, 11 puntu aplikatuko dira.

A.3.– Kalitatearekiko konpromisoa: gehienez 5 puntu.

Erakunde eskatzaileek lortutako kalitate-aitorpenak baloratuko dira, baldin eta indarrean badaude eskabidea egiten denean. Kudeaketa-kalitatearen aitorpenengatik, 3 puntu lortu ahalko dira gehienez, eta honako hauek bakarri baloratuko dira (EFQM eredua, Euskaliten Kudeaketa Aurreratuko Sistema eta ISO araua): EFQM +500 eta Urrezko A, EFQM +400 eta Zilarrezko A, EFQM +300 eta Brontzezko A, Urrezko Q, Zilarrezko Q, ISO 9001 eta Kudeaketa Aurreratuaren Diploma. Ziurtagiri horien guztien artean soilik baloratuko da puntu gehien ematen dituena.

Puntu gehigarri bat lortu ahal izango da ISO 14001 Ingurumena Kudeatzeko Sistemak ziurtagiria edukitzeagatik, bai eta beste puntu bat ere ISO 45001 Laneko Segurtasuna eta Osasuna Kudeatzeko Sistemak ziurtagiria edukitzeagatik, edo, OHSAS 18001 ziurtagiria, ISO 45001 lortzeko hiru urteko trantsizio-aldiaren barruan.

B) Prestakuntza-jarduketen ondorio diren kudeaketa-emaitzen adierazleak. Gehieneko puntuazioa: 35 puntu.

B.1.– Esperientzia prestakuntza-ekintza ematen. Gehienez 10 puntu.

2018., 2017. eta 2016. urteetan onartutako langabeentzako edo landunentzako prestakuntza-eskaintzaren deialdietan eskatzen den prestakuntza-espezialitate bereko prestakuntza-ekintzak ematen izandako esperientzia hartuko da kontuan.

B.2.– Esperientzia lanbide-arloko ekintzetan. Gehienez 10 puntu.

2018., 2017. eta 2016. urteetan onartutako langabeentzako edo landunentzako prestakuntza-eskaintzaren deialdietan eskatzen den prestakuntza-espezialitatearen lanbide-arlo bereko prestakuntza-ekintzak ematen izandako esperientzia hartuko da kontuan.

B.3.– Emateko kaudimen egiaztatua. Gehienez 15 puntu.

B.3.1.– 2018., 2017. eta 2016. urteetan onartutako langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren deialdietan parte hartu duten pertsonen kopurua: 10 puntu gehienez.

Kontuan hartuko da langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren deialdietan emandako prestakuntza-ekintzetan parte hartu dutenen kopurua; enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duten administrazioek 2018., 2017. eta 2016. urteetan onartutakoak izango dira deialdi horiek.

B.3.2.– 2016 eta 2018 artean, landunei zuzendutako eskaintzaren deialdietan parte hartu duten pertsonen kopurua: 5 puntu gehienez.

Kontuan hartuko da landunei zuzendutako enplegurako lanbide-heziketako eskaintzaren deialdietan emandako prestakuntza-ekintzetan parte hartu dutenen kopurua (prestakuntza amaitu duten guztiak); 2018., 2017. eta 2016. urteetan onartutakoak izango dira deialdi horiek.

B apartatu honetako irizpideen arabera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onartutako deialdiei dagokienez, datu hori bere datu-baseetatik ateratzen da, ofizioz. Beste administrazio publiko eskudun batzuen (autonomia-erkidegoak edo, hala badagokio, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa) deialdien kasuan, erakunde eskatzaileak 6. artikuluaren 2.2.b) apartatuan horretarako ezarritako ziurtagiria aurkeztu beharko du.

10. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen hautaketa.

1.– Honako hauek izan daitezke prestakuntza-ekintza bakoitzean parte hartzeko hautagaiak:

a) Enplegu-eskatzaileak (eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak), baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Orientazio Zerbitzuek prestakuntza-ekintza egitea agindu badiete haien prestakuntza-ibilbidearen barruan.

b) Nire Lanbidenet-en bitartez ikastaro batean izena eman duten enplegu-eskatzaileak, beren prestakuntza-kontuko prestakuntza-aholkularitzaren bidez.

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deitutako enplegu-eskatzaileak, prestakuntza-aholkularitzako edo lan-esperientziaren nahiz prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako konpetentzia profesionalak aitortzeko prozeduraren ebaluazioko prozesu baten ondoren agindu zaien prestakuntza egiteko.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deitutako enplegu-eskatzaileak, lan-merkatuan eskaria duen profesionaltasun-ziurtagiri baten egiaztapena osatzeko falta dituzten prestakuntza-moduluez eratutako prestakuntza-ekintza bat egiteko.

e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda ez dauden landunak, baldin eta Lanbideren sareko bulegoren batean eskaera aurkeztu badute, edo eskaera erakunde autonomo horren webgunean bete badute (www.lanbide.euskadi.eus). Prestakuntza-ekintzak, haietan izena emateko epea eta eskatzaileek bete behar dituzten sarbide-baldintzak adieraziko dira webgunean, bai eta prestakuntza-ekintza bakoitzaren xehetasunak eta ezaugarriak ere.

2.– Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-ekintzetan parte hartu nahi duten pertsonek profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 20. artikuluan xedatutako baldintzak bete behar dituzte, lanbide-kualifikazioaren 2. eta 3. mailei dagokienez. Era berean, prestakuntza-espezialitateen katalogoan jasotako prestakuntza-espezialitateren bateko prestakuntza-ekintzetan parte hartu nahi dutenek katalogoan espezialitate bakoitzerako ezarritako sarbide-baldintzak bete behar dituzte.

3.– Ikastaroetan parte hartuko duten ikasleen azken hautaketa erakunde onuradunak egingo du, aurrez izena eman duten hautagaien artean. Horretarako, prestakuntza emango duen erakundeak sarbidea izango du inskribatutako hautagaien datuetarako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-kudeaketarako aplikazioaren bidez (LanF). Erakundeak prestakuntza-ekintzak hasi aurretik eta dagozkion bermeekin egingo du hautaketa-prozesua.

Behar duten prestakuntza-ekintza guztietan, hautaproba bat ere egingo dute, erakundearen instalazioetan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariekin aurrez adostuta, ekintza behar bezala aprobetxatzen dela ziurtatzeko eta kualifikazio-ekintzen helburuak lortzeko ezinbestekoa den aurretiazko ezagutza-maila erreala zehazteko. Proba hori LanF aplikazioaren dagokion atalean erantsiko da, prestakuntza-ekintzak gauzatzeari buruz ematen diren jarraibideen arabera.

4.– Profesionaltasun-ziurtagirien prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileak aukeratzeko hautaproba hori egin eta gero, proba egin behar denean, eta etengabeko ikaskuntza sustatze aldera, honela jokatuko da:

1. Profesionaltasun-ziurtagiri oso bat ematen bada, 6.4 artikuluan ezarritako baldintzetan banandu gabe, egiaztatutako prestakuntza-modulurik ez duten pertsonek bakarrik parte hartu ahal izango dute. Nolanahi, enplegu eta prestakuntzako bideak erraztu beharrez, eta langabeen nahiz lanean ari direnen garapen profesionala eta pertsonala landu beharrez, moduluren bat egiaztatuta daukatenei ere utzi egingo zaie prestakuntza-ekintzan parte hartzen (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariek aldez aurretik baimena ematen badute), baldin modulua zeharkakoa bada eta profesionaltasun-ziurtagiriak bere prestakuntza-bidean aurrera egiten badu, lanbide-arlo berekoa delako.

2. Modulutan banatutako profesionaltasun ziurtagiri bat programatzen denean, 6.4 artikuluaren ezarritakoaren arabera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak zerbitzuen eskaintza bakar baten bidez iragarriko du profesionaltasun-ziurtagiria osatzen duten prestakuntza-ekintzen multzoa, ibilbide osoa osatzen duten prestakuntza-ekintzetako edozeinetan parte hartzeko hautagaien poltsa bat sortzeko. Prestakuntza-ekintzan izena emateko epea bukatzen denean, hautagai bakoitzaren prestakuntza-kontua kontsultatu ondoren, taldeka elkartuko dira hautagaiak, ziurtagiria osatzen duten moduluei dagozkien prestakuntza-ekintzetan. Prestakuntza-ekintza bakoitzeko partaideen azken hautaketa era honetan egingo da:

– Profesionaltasun-ziurtagiriaren lehen moduluari dagokion lehen prestakuntza-ekintzan, egiaztapen partzial metagarririk ez duten pertsonak % 50 izango dira, gutxienez. Gainerakoak, halakorik badago, profesionaltasun-ziurtagiriaren moduluren bat egiaztatuta duten pertsonak izango dira, eta lehentasuna emango zaie profesionaltasun-ziurtagiriaren modulu hori soilik falta zaienei. Parte-hartzaileen bi tipologia horietako batean hautagai nahikorik ez balego, adierazitako ehunekoa aldatu ahal izango da, eskatzaileen ezaugarrien arabera, taldea osatu arte.

– Gainerako prestakuntza-ekintzetan, ekintzaren aurreko modulua bukatu duten eta prestakuntza-ekintza hori egin nahi duten pertsonek izango dute lehentasuna. Horien ondoren, prestakuntza-ekintzako modulu hori soilik gelditzen zaien pertsonek izango dute lehentasuna, prestakuntza-ibilbidea bukatu eta, horrela, profesionaltasun-ziurtagiria lortu dezaten. Azkenik, gainerako pertsonak sartuko dira, eskuratu dituzten egiaztatutako modulu-kopuruaren arabera ordenatuta, eta profesionaltasun-ziurtagiria lortzetik gertuen daudenei lehentasuna emanez.

3. Prestakuntza-modulu solteak programatu badira, egiaztatutako prestakuntza-moduluren bat duten pertsonek izango dute lehentasuna prestakuntza-ekintzan parte hartzeko, beren prestakuntza-ibilbidea osa dezaten. Horien artean, lehentasuna izango dute profesionaltasun-ziurtagiriko gainerako moduluak gaindituta dituzten pertsonek.

5.– Prestakuntza-ekintzara sartzeko eskakizunak betetzen dituzten eta, aurreko atalean deskribatu bezala, dagokien hautaproba gainditzen duten pertsonen artean, kolektiboen araberako lehentasun batzuk ezarri dira, hurrenkera honetan:

1. Iraupen luzeko langabeek prestakuntza jasotzeko lehentasuna izango dute.

2. Ondoren, eta lehentasun-maila berarekin, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituztenak. Lehentasuna emango zaie kualifikazio-maila baxua duten pertsonei: 30 urte arteko gazteak; emakumeak, langabeen kolektiboan duten proportzio berean (langabezian dauden pertsona guztien % 55); 45 urtetik gorakoak; desgaitasunen bat duten pertsonak; gizarteratzeko errenta aktiboaren eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren onuradun diren langabeak; terrorismoaren eta genero-indarkeriaren biktimak; eta aparteko langabezia-sorospenaren hartzaileak. Era berean, arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak edo ekoizpenekoak tarteko edo ezinbesteko kausen ondorioz aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen, lan-kontratuko etenduren edo lanaldi-murrizketen eraginpean dauden langileak langabetzat hartuko dira, ondorio horietarako.

3. Hirugarrenik, gainerako langabeak, orokorrean.

4. Laugarrenik, pertsona landunak.

6.– Pertsona batek ezin izango ditu bi ikastaro batera egin, ikastaroan sartzeko baldintzak betetzen dituzten beste pertsona batzuen eskaerak izanez gero.

7.– Hautaketa bukatu ondoren, erakunde onuradunek hautaketaren emaitza jakinaraziko dute, LanF kudeaketarako aplikazio informatikoaren bidez, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak berariaz emandako jarraibideak aintzat hartuz.

8.– Hautatuak izan direnen eta ikastaroetan parte hartzeko erreserba-egoeran gelditzen direnen zerrendak erakutsi behar dituzte prestakuntza-entitateek beren instalazioetan, prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago gutxienez eta hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean.

Aurrekoa eragotzi gabe, prestakuntza-zentroek egoki iritzitako bestelako bitartekoak erabili ahal izango dituzte ikasleei ikastaroetan parte hartuko dutela jakinarazteko.

11. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Prestakuntza-ekintzak doakoak dira ikasleentzat eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagunduko ditu.

2.– Ikasleek aseguru-estaldura izango dute, ikastaroetan eta enpresako prestakuntza praktikoan, edo haietara joateko bidean, dituzten arriskuetarako, Eusko Jaurlaritzak sinatutako polizak istripuak eta erantzukizun zibila estaliko baititu.

3.– Parte-hartzaileek ikastaroaren egutegia, prestakuntza-ekintzaren programa eta ikasleen eskubide eta betebeharrei buruzko dokumentua jasoko dituzte, lehen eskola-egunean, eta jaso izanaren dokumentua sinatuko dute.

4.– Ikasleek prestakuntza-ekintzetara joan beharko dute, eta haiei etekina atera beharko diete. Hori bermatzeko, erakunde onuradunak eguneroko bertaratze-partea egin beharko du, eta irakasleak eta parte-hartzaileek sinatu beharko dute. Profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eguneroko parte hori bereiz egingo da prestakuntza-modulu bakoitzeko.

5.– Ikasleek ezingo dute ikastaro batean baja eman beste prestakuntza-ekintza bat hasteko. Ezin izango dute jarduera utzi harik eta bukatzen den arte, baina salbuespena izango dira honako kasu hauek: enplegua aurkitu badute, eta horrek prestakuntza-ekintzara joatea eta probetxua ateratzea galarazten badie, edo bat-bateko familia-egoera larriren bat sortzen bazaie. Jarduera justifikaziorik gabeko beste arrazoiren barengatik utziz gero, gerta liteke pertsona hori lehentasunezkoa ez izatea etorkizuneko deialdietako prestakuntza-ekintzetan.

12. artikulua.– Ikasleak baztertzeko arrazoiak eta prozedura.

1.– Honako hauek izango dira ikasleak baztertzeko arrazoiak:

a) Justifikatu gabeko hiru hutsegitetik gora hilabetean.

b) Prestakuntza-ekintzaren iraupen osoaren % 25etik gorako hutsegiteak biltzea, arrazoia edozein dela ere, justifikatuta egon zein ez.

c) Prestakuntza-ekintzari probetxurik ez ateratzea, edo ekintza behar bezala egitea eragozten duen jokabide desegokia izatea, osasun- eta higiene-arauak ere kontuan hartuta.

2.– Hau izango da ikasleak baztertzeko prozedura:

Prestakuntza-zentroak prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela, horretarako ezarri den eredua erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arrazoi hori aztertu ondoren, Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak baztertze-prozedura hasteko erabakia hartuko du. Ikaslea baztertzeko proposamenaren arrazoia azalduko da erabaki horretan, eta ikasleak bost egun balioduneko epea izango du alegazioak aurkezteko. Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak ebatziko du prozedura, gehienez hamabost eguneko epean. Egoerak hala eskatzen badu, baztertze-prozedurari ekiteko erabakian behin-behineko neurriak har daitezke prestakuntza-ekintzaren jarraipen egokia bermatzeko. Neurri horietako bat izan daiteke ikaslea ikastarotik behin-behingoz baztertzea, prozedura abiatzeko erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den bitartean. Ebazpenean adieraziko da zein errekurtso aurkeztu daitekeen.

Asteren batean ikasleren baten hutsegiteak prestakuntza-ekintzaren ordu-kopuruaren % 25 baino gehiago badira, edo justifikatu gabeko hiru hutsegite baino gehiago egiten baditu hilabetean, prestakuntza-zentroak horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren Zuzendaritzari, ikaslea baztertzeko prozedura has dezan. Modulu oso bat geratzen bada egiteko, eta % 25etik gorako hutsegiteak arrazoi justifikatu batengatik gertatu badira (adibidez, gaixotasuna izatea edo lanean hastea), pertsona horrek geratzen den modulua egiteko aukera izatea aztertu ahal izango da.

Ikasleren batek prestakuntza-ekintzara joateari uzten badio eta ez-bertaratzeen % 25 gainditzen baldin badu, zentroak egoera horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, eta ofizioz emango zaio baja, baztertze-prozedura erabili beharrik gabe.

13. artikulua.– Prestakuntza-ekintzak gauzatzea eta lortutako konpetentziak egiaztatzea.

1.– Dirulaguntzaren enpresa edo erakunde onuradunak deialdi honetan ezarritakoaren arabera eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako ereduak aintzat hartuta gauzatu beharko ditu prestakuntza-ekintzak. Erakunde autonomo honen prestakuntzarako aplikazio informatikoa (LanF) erabiliko du prestakuntzaren hasiera jakinarazteko (hasiko den eguna baino 7 egun lehenago gutxienez), bai eta gerora izan daitekeen edozein aldaketaren, prestakuntza-ekintzak bukatzearen eta partaideen bertaratzea kontrolatzearen berri emateko ere, prestakuntza-orduetara bertaratu izana kontrolatzeko orrien bidez (ikasleek sinatuko dituzte). Oro har, eta aurkako jarraibiderik ematen ez bada, gehienez ere 7 egun balioduneko epean egin beharko zaizkio jakinarazpenak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari. Prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi aldez aurretik Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu LanF aplikazioan Hasierako Komunikazioa baimendu.

2.– Profesionaltasun-ziurtagiri oso bat emateko dirulaguntza eman bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ziurtagirian jasotako moduluak bezainbeste prestakuntza-ekintzatan bereizi ahal izango du, baldin eta dirulaguntzaren eskabidean jasota badago erakundeak horretarako baimena eman duela, 6.4 artikuluan xedatutakoaren arabera. Prestakuntza-ekintzek lotuta jarraituko dute, eta, ekintza horiek gauzatzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

– Modulu bakoitza modu indibidualean egin eta justifikatuko da.

– Moduluak profesionaltasun-ziurtagirian ezarritako ordenan eman beharko dira.

– Modulu bat hasten duten pertsonei modulu guztietan parte hartzea bermatu behar zaie, prestakuntza-ibilbide osoa osatu ahal izateko.

Horietaz gain, erakundeak beste parte-hartzaile batzuk sartu ahal izango ditu modulu bakoitzean, baldin eta beraietan sartzeko eskakizunak betetzen badituzte, 10.4.2 artikuluan araututako hautaketa-prozesuaren arabera.

– Erakundeak praktikak nahitaez eskaini behar dizkie modulu bat edo bat baino gehiago egiten dituzten pertsonei, haiekin profesionaltasun-ziurtagiria amaitzen dutenean.

3.– Deialdi honen babesean diruz lagundutako prestakuntza emango duten prestatzaileek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baimena beharko dute, eta prestatzaileen fitxategian sartu beharko dira, indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzen arabera.

4.– Dirulaguntza jasotzen duten ikasleez gain, beste bi joan daitezke prestakuntza-ekintzara, dirulaguntza jasotzeko eskubiderik gabe, hasierako komunikazioan hartarako eskabidea egiten duten prestakuntza-erakundeetan, betiere instalazioak eta ekipoak badituzte eta ikasle guztientzat bermatzen badira berdintasun-baldintzak. Erabilgarri diren instalazioak eta ekipamenduak egiaztatutakoan emango da baimena; profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eskatutako partaideen kopurua ere egiaztatuko da.

5.– Langile langabeek ezingo dituzte egunean 8 ordu baino gehiago eman prestakuntza-ekintzetan. Nolanahi ere, astean ez dira egingo 40 ordu baino gehiago. Muga horien barruan sartuta egongo dira, egin behar direnean, profesionaltasun-ziurtagiri bakoitzari dagokion lantokiko prestakuntza praktikoko moduluaren orduak, edo profesionaltasun-ziurtagiriez kanpoko ekintzen praktikak.

6.– Prestakuntza-erakundeak prestakuntza-ekintzak arrazoizko ordutegietan programatzen saiatu beharko dira, bereziki gizatalde kalteberei zuzendutakoak. Prestakuntza eta ikasleen bizitza pertsonala uztartzeko moduko ordutegiak ezartzen saiatu beharko dira.

Prestakuntza-ekintza hasitakoan, behar bezala emango da, eta erakunde prestatzaileak ezingo du aldi baterako eten, ezinbesteko kasuan izan ezik, behar bezala justifikatuta eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onartuta.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-ekintza bat kautelaz eten ahal izango du, baldin eta prestakuntza emateko ohiko garapenean eragin nabarmena duten anomaliak hautematen badira.

7.– Ikastaroaren hasieran, erakunde onuradunek gutxienez honako material hau emango diote prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duen bakoitzari:

– espezialitatearen eduki guztiak biltzen dituen eskuliburu bat, editatua edo euskarri informatikoan,

– ikastaroa zuzen garatzeko beharrezkoa den idazmahaiko materiala eta

– beharrezkoak diren babes-elementuak.

Era berean, zer eskubide eta betebehar dituzten azalduko diete ikasleei, bai eta 11. eta 12. artikuluetan araututako kanporatzeko arrazoiak eta prozedurak ere.

8.– Ikasleren batek prestakuntza-ekintza uzten badu, haren lekuan beste parte-hartzaile bat sartu ahal izango da. Ordezkapen hori onartuko da prestakuntza-ekintzaren iraupenaren % 25era iritsi baino lehen gertatzen bada kasua, salbu eta profesionaltasun-ziurtagiriei lotutako prestakuntza-ekintzak badira; kasu horretan, ordezkapena ez da onartuko, prestakuntza-ekintza hasi eta lehen bost eskola-egunetan gertatzen ez bada.

Hasita dagoen prestakuntza-ekintza bati eransten zaizkion ikasleek maila jakin bat izan beharko dute, ikastaroari etekina ateratzeko moduko adina gaitasun bermatuko diena, ikastaroaren nondik norako arruntari eragin gabe. Hala, bada, prestakuntza-ekintzari etekina ateratzeko eta ekintza normaltasunez garatzeko, partaideen hautaketa-prozesuak irizpide batzuk ezarri beharko ditu, ikasleek prestakuntza-ekintza behar bezala jarraitzeko gutxieneko maila eskagarria dutela bermatze aldera.

9.– Prestakuntza-ekintzan parte hartzen duten langabeei dagokienez, batik bat langabeziako prestazioa edo sorospena edota diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsonen kasuan, parte-hartzaile horien uko egiteak, ez agertzeak eta prestakuntza-ekintzak uzteak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari lehenbailehen jakinarazi beharko dizkiote prestakuntza emateko ardura duten erakunde onuradunek, egoera horien kausak adierazita.

10.– Prestakuntzaren xedea ez bada profesionaltasun-ziurtagiria lortzea, parte-hartzaile bakoitzari asistentzia-ziurtagiria edo diploma emango zaio, prestakuntza gainditu badu eta ebaluazioa positiboa izan bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduaren arabera. Dokumentu horretan, gutxienez datu hauek adieraziko dira: prestakuntza-ekintzaren izena, prestakuntza-edukiak, zer modalitatetan eman den, zer egunetan hasi eta amaitu den, eta ikasleak guztira jaso dituen prestakuntza-orduak.

11.– Prestakuntzaren xedea profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea bada, ikasleak egiten duen modulu bakoitza ebaluatuko da, ikasketaren emaitzak eta, horrenbestez, lanbide-konpetentziak eskuratu direla egiaztatzeko.

Ebaluazioa sistematikoki garatuko da, aldez aurreko plangintza bati egokituta, eta bertan jasoko dira, gutxienez, modulu bakoitzerako, hura egiteko aurreikusten diren datak, zein tokitan egingo den, erabiliko diren ebaluazio-tresnak eta horien aplikazioak beharko duen denbora. (LanF aplikazioan emandako ereduaren arabera). Ebaluazio-tresna horiek eta partaide bakoitzak egindako probak eskaneatu egingo dira, eta aplikazio informatikoan gordeko dira.

Prestakuntza-moduluetan egiaztatu beharreko ikasketaren emaitzak haien konpetentzietan eta ebaluazio-irizpideetan jasotako ezaguerei eta trebetasun praktikoei dagozkienak izango dira; horrela, osotasunean, konpetentzia profesionalak eskuratu direla egiaztatu ahal izango da.

Konpetentzia-unitateen egiaztapena jasotzeko, emaitza positiboarekin gainditu beharko dituzte haiekin lotutako prestakuntza-moduluak, «gai» direla adierazita.

Prestatzaileek dokumentu bidez islatuko dituzte txosten batean prestakuntza-modulu bakoitzaren ebaluazioan ikasleek lortutako emaitzak, eta bertan jasoko da aplikatutako ebaluazio-tresnetan ikasle bakoitzak izandako jarduna, egindako zuzenketekin eta horietan lortutako puntuazioekin (LanF aplikazioan emandako ereduaren arabera).

Modulua eman eta gero, ebaluazio-akta bete beharko da LanF aplikazio informatikoaren bidez, partaide bakoitzak lortutako emaitzarekin: «gai», «gai, ez egiaztagarria» edo «ez gai».

Lantokiko prestakuntza praktikoko modulua egiten den bitarteko ikasleen jarraipena eta ebaluazioa batera egingo dute prestakuntza-zentroak eta enpresak izendatutako tutoreek. Modulu hori gainditzen duten ikasleek ziurtagiri bat jasoko dute LanF aplikazioaren bitartez.

Ikastaroa bukatzean, gainditutako prestakuntza-moduluei dagokien Egiaztapen Partzial Metagarria emango zaie partaideei, eta profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko prozedura hasiko da, osorik burutu badute.

Ikasleak emaitza negatiboekin bukatzen badu ikastaroa, asistentzia-ziurtagiri bat emango zaio, eta, hala dagokionean, gainditu dituen prestakuntza-moduluen Egiaztapen Partzial Metagarriak edo prestakuntza-modulu baten barruan zer prestakuntza-unitate gainditu dituen zehazten duen ziurtagiria.

Profesionaltasun-ziurtagiriei dagozkien prestakuntza-ekintzak ematen dituzten erakundeek honako datu edo agiri hauek sartu beharko dituzte Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren LanF aplikazioan:

– Ikastaroa hasi aurreko 7 egun balioduneko epean:

• Ebaluazioaren plangintza, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduaren arabera, LanF aplikazio informatikoaren bitartez eskainitakoa.

• Erabili beharreko ebaluazio-tresnak, horiek zuzentzeko eta puntuatzeko dagozkien euskarriekin.

– Ikastaroa bukatu ondoko 7 egun balioduneko epean:

• Ikasleen emaitzak biltzen dituen dokumentazioa LanF aplikazioan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduaren arabera (LanF aplikazio informatikoaren bitartez eskuratu ahalko da eredu hori).

• Ebaluazio-aktak betetzea.

12.– Dirulaguntza jasotzen duten prestakuntza-erakundeek zuzenean gauzatuko dituzte prestakuntza-ekintzak; ezingo dute hirugarrenik azpikontratatu horretarako eta ezin izango dute titulartasun juridikoa aldatu, plana gauzatzen ari den bitartean. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat hartuko dirulaguntza jaso duen prestakuntza-ekintza emateko irakasleak kontratatzea. Irakasleak kontratatzea pertsona fisikoak kontratatzea soilik dela ulertzen da.

14. artikulua.– Lanekoak ez diren praktika profesionalak.

1.– Prestakuntzaren helburua profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea ez bada, lanekoak ez diren praktika profesionalek ezingo dute iraun, oro har, 200 ordu baino gehiago, eta prestakuntza-ekintza amaitu osteko bi hilabeteetan hasi beharko dira gehienez. Epe hori 3.5 artikuluan adierazitakoak baldintzatuko du.

2.– Prestakuntzaren helburua profesionaltasun-ziurtagiria lortzea bada:

– Praktiken iraupena eta edukia bat etorriko dira lantokiko prestakuntza praktikoko moduluarekin, dagokion profesionaltasun-ziurtagiria arautzen duen Errege Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoaren arabera. Enpresak irizten badio iraupena eta eduki horiek nahikoa ez direla, praktika luzatu ahal izango du, lanez kanpoko praktikaren akordio osagarri baten bitartez; hala ere, praktika biek batera ezingo dute gainditu 200 orduko iraupena.

– Prestakuntza-erakundeek lantokiko prestakuntza-modulu praktikoa egitea aurreikusi beharko dute, ikasten ari diren moduluarekin lotutako lanetan, ikastaroetan parte hartzen duten ikasle guztientzat, salbu eta ikasleren bat urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuak (Profesionaltasun Ziurtagiriak arautzen dituena) 5 bis artikuluan xedatzen dituen salbuesteko egoera batean ez badago.

– Lehentasunez, lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluak bukatutakoan egingo dira, aurrekoak emaitza positiboarekin gainditu badira, betiere; horrela, azken prestakuntza-modulua bukatu eta lau hilabeteko gehieneko epean hasi behar dira lanbide-praktikak. Epe hori 3.5 artikuluan adierazitakoak baldintzatuko du.

Salbuespenez eta justifikatuta baldin badago, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimena eman ahal izango du lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluekin batera egin ahal izateko. Prestakuntza-ekintza emaitza positiboekin gainditu duten ikasle guztiek egin ahal izango dute prestakuntza praktikoko modulua lantokian, haien administrazio-egoera edozein izanda ere.

– Praktikak prestakuntza-ekintza egiten ari diren bitartean hasi dituzten eta azken emaitza negatiboa lortzen duten ikasleek praktiketan jarraitzeko aukera izango dute. Prestakuntza-ekintza uzteak, berriz, hari lotutako lantokiko prestakuntza praktikoko modulua amaitzea ekarriko du.

– Profesionaltasun-ziurtagiri osoa ematen ez bada, lanekoak ez diren praktikak egin ahal izango dira, baina ez lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua, langileak gainerako prestakuntza-moduluak egiaztatuta izan ezean.

3.– Lanekoak ez diren praktikak egiteko, enpresaren eta prestakuntza-erakundearen arteko akordio bat sinatuko da, eta akordio horren berri emango zaio praktikak egingo dituen pertsonari. Akordio horretan, hauek azaldu beharko dira: praktiken edukia, iraupena, praktikak egiteko tokia eta ordutegia, eta praktiken jarraipena eta ebaluazioa egiteko tutoretza-sistema. Praktikak hasi baino lehen, enpresako langileen legezko ordezkariei emango zaie akordio horren berri. Baldintza hori bete den ziurtatzeko, langileen legezko ordezkariek hitzarmenari buruzko informazioa jaso dutela adierazteko dokumentua erantsi beharko da (eredu ofiziala erabili beharko da horretarako, LanF aplikaziotik hartuta). Gainera, parte hartzen duten ikasleen zerrenda bat ere erantsi beharko da.

4.– Praktikak, behar bezala justifikatutako arrazoirik ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan egin beharko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimena eman ondoren.

5.– Ikasleek ezin izango dute kontratu-harremanik izan praktikak egingo diren enpresa, instituzio edo erakunde publiko edo pribatuarekin, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak horretarako baimena eman ezean.

6.– Praktiken eguneko lanaldia ezin izango da 8 ordutik gorakoa izan.

7.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak praktiken akordioa baliozkotzea ezinbesteko baldintza da, eta lantokietako prestakuntza-modulua hasi aurretik egin behar da. Hori betetzen ez bada, nahitaezko baimena ez duten praktikak baliogabetu ahal izango dira.

15. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Hori eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzeaz eta prestakuntzaren emaitzez harago doan lana da, eta kalitatea bermatzeko balio izango du. Horretarako, prestakuntza-ekintzak garatzen diren zentroa bisitatuko du eta idazki bidez jaso beharko du dirulaguntza onartzeko ezarritako baldintzak betetzeko beharra mantentzen dela (instalazioak, kide kopurua eta ekipamendua, baliabide didaktikoak, irakasleak...) edo, hala badagokio, zer-nolako irregulartasunak hauteman dituen, ongi zehaztuta, arazoak konpon ditzaten.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua ikastarora gutxienez bi bisita egiten ahaleginduko da:

A) Hasieran. Bisita horretan, zeregin hauek beteko dira:

A.1.– Ikastaroaren eta haren edukien eta garapenaren inguruko datu guztien berri emango die ikasleei, baita beren eskubide eta betebeharren berri ere, eta zalantza eta kontsulta guztiak argituko ditu.

A.2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Europako Gizarte Funtsaren finantzaketaren ondoriozko komunikazioa betetzen dela egiaztatuko du.

A.3.– Parte-hartzaileei beren tutoreen berri emango die, ondorio pertsonaletarako eta prestakuntza-ekintzaren kudeaketarako.

A.4.– Parte hartzen duten ikasleei prestakuntza-kontuari buruzko informazioa emango die, Nire Lanbidenet-en bidez nola eskura daitekeen erakutsiko die, eta arlo hauekin lotuta dituen erabilerak azalduko dizkie: curriculuma inprimatzea; egiaztapen-eskaerak; prestakuntzaren eta lan-esperientziaren historia; egingo duten ikastaroaren eremuan lan-merkatua nola dagoen; eta konpetentzia profesionalen arloan informazio- eta orientazio-sistema hori ulertzen eta behar bezala erabiltzen lagunduko dien beste edozein informazio garrantzitsu, horrela, bizialdi osoko ikaskuntzan erabakiak hartu ahal izan ditzaten.

B) Ikastaroaren amaieran: bisitan, zeregin hauek egingo dira.

B.1.– Ikasleei lagunduko die 16. artikuluaren A apartatuan aurreikusitako azken gogobetetasun-inkesta telematikoki betetzen, diruz lagundutako zentroak horretarako jartzen duen aretoan, eta jakinaraziko die, jasotako prestakuntzaren eragina neurtzeko, telefonoz egin ahal izango zaiela inkesta berriz ere, prestakuntza amaitu eta 6 eta 12 hilabete bitarteko epean.

B.2.– Ikasleei orientazioa emango die jasotako prestakuntzak ematen dizkien aukerei buruz eta une horretan dituzten prestakuntza-ibilbideei edo enplegu/prestakuntzako beste ekintza batzuei buruz, lan-merkatura errazago sar daitezen.

3.– Europar Batasuneko araudiak xedatzen duen moduan, Europako Gizarte Funtsak lagundutako finantzaketa duten prestakuntza-ekintzetan ikuskapen-bisitak egingo dira in situ, Europako funtsen partaidetzatik eratorritako eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko.

4.– Prestakuntza-erakundeak inskribatzea edo egiaztatzea arautzen duen araudiak ezartzen duen bezala, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztapen-bisitak egingo ditu, in situ, deialdi honetan diruz lagundutako prestakuntza-ekintzen lagin batera, inskripzioa edo egiaztapena egiterakoan zentroak adierazi zituen baldintzak mantentzen diren ikusteko.

5.– Ikastaroa ematen duen zentroak, prestakuntza-ekintzaren % 25 egiten denean, ikastaroaren funtzionamendu egokiari buruzko erantzukizunpeko adierazpen bat beteko du LanF aplikazioan, eta egiaztatuko du homologazio-baldintzak eta Ikastaroaren Hasierako Komunikazioan adierazitakoa betetzen direla, bai eta une horretan ekintzan jarraitzen duten pertsonen kopurua ere.

6.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, prestakuntza-ekintzaren jarraipena egiteaz gain, auditorien eta ikuskaritzen urteko plan bat ezarri ahalko du deialdian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko eta diruz lagundutako ekintzak benetan zein baldintzatan gauzatu diren aztertzeko.

16. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen ebaluazioa.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honen babesean emandako prestakuntza-ekintza guztien kalitatea ebaluatuko du, ebaluazio-sistema misto bat baliatuz. Ebaluazio-sistema misto horrek bi iturritatik jasoko du informazioa:

A) Ikasleek betetako galdetegietatik lortutako batez besteko emaitzak, enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak argitaratzen dituen Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenean xedatutakoaren arabera (2009ko ekainaren 11ko BOE). Galdetegi horiek ikasleek beteko dituzte, telematikoki. Prestakuntza emango duen erakundearen erantzukizuna izango da kalitatearen galdetegia betetzen dela ziurtatzea. Horretarako, prestakuntza-zentroak gela bat jarri beharko du partaideen esku, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasle adina ordenagailurekin, inkesta telematikoa bete ahal izan dezaten. Partaideek inkesta betetzen ez badute, prestakuntza-ekintzaren likidazioa murriztuko da, 18. artikuluan adierazitako moduan.

B) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariak prestakuntza-ekintzaren bukaeran egindako bisitaldian emandako puntuak, «Prestakuntza-zentro/erakundeak emandako prestakuntzaren ebaluazioa» eredu-agiriarekin bat etorrita.

Nolanahi ere, emandako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko, sintesi-adierazle bat egin beharko da prestakuntza-erakundeak emandako ekintza bakoitzerako. Sintesi-adierazle hori aipatutako bi informazio-iturrietan lortutako emaitzetatik abiatuta aterako da, formula honi jarraituz:

Sintesi-adierazlea = A x 0,6 + B x 0,4

A = ikasleek erantzundako galdetegietan lortutako batez besteko puntuazioa, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenak, enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak argitaratzen dituenak, ezarritako moduan.

B = Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariak emandako guztizko puntuazioa, LanF aplikazio informatikoaren bidez eskura jarriko den ereduaren arabera.

17. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Emandako dirulaguntza bi ordainketatan ordainduko da, horiek eskatu eta gero, honela:

a) Lehen ordainketa (programatutako prestakuntza-ekintzei dagokien dirulaguntza guztiaren % 60), 2021eko ordainketa-kredituaren kargura, lehen prestakuntza-ekintza hasi dela jakinarazi ostean.

b) Bigarren ordainketa, 2022ko konpromiso-kredituaren kargura, prestakuntza-planari dagokion dirulaguntzaren gainerakoa, prestakuntza-ekintza guztiak amaitzean, lanekoak ez diren praktikak barnean direla, diruz lagundutako jarduerak justifikatu ondoren.

Ordainketa aurreratuen zenbatekoa 180.303,63 eurotik gorakoa bada, dirulaguntzaren onuradun den erakundeak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan aurkeztu beharko du, dagokion ordainketaren aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian zenbateko aurreratua estaltzeko bermea, abala edo fidantza eratu izanaren frogagiria.

2.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta behar du.

Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren hirugarrenen erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/ web-orriaren bidez egin beharko du.

18. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea eta likidatzea.

1.– Ikastaroa amaitu duten parte-hartzaileen arabera eta benetan egin dituzten eskola-orduak kontuan hartuta egingo da prestakuntza-planak gauzatzeko emandako dirulaguntzaren justifikazioa eta likidazioa, ezarritako modulu ekonomikoei jarraituz.

Likidazioak ez du inola ere gaindituko prestakuntza-plana gauzatzeko hasiera batean onartu zen dirulaguntzaren zenbatekoa.

2.– Likidatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ez da aintzat hartuko ezarritako epeen barruan dagokien lantokian prestakuntza praktikoaren modulua amaitu ez duten ikasleek jasotako prestakuntza.

3.– Likidazioa honela kalkulatuko da:

– A modulua 15 ikaslerekin biderkatuko da –prestakuntza egiten hasi ziren ikasleen kopurua 3.6 artikuluan ezarritako gutxieneko eta gehieneko mugen artean badago, aipatutako artikuluko b) apartatuan aurreikusitako kasua ere kontuan hartuz–, eta emandako prestakuntza-orduekin ere biderkatuko da.

– Aurrez aipatutako zenbatekoari gehituko zaio B moduluaren eta ekintzak dituen ordu kopuruaren arteko biderketaren emaitza, ekintza amaitu duten ikasleen kasuan –prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira gutxienez ekintzaren % 75era joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi beharrean gertatzen diren langabeak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, gutxienez prestakuntza-ekintzaren % 25 egin badute–; eta B moduluaren eta prestakuntza-ekintzan parte hartu duten ordu kopuru errealaren arteko biderketaren emaitza, ekintza amaitu ez duten ikasleen kasuan. Ekintza bakoitza ikasle kopuru batentzat onartutakoa da, eta kalkulua muga horiek errespetatuz egingo da.

Ez da gehituko ekintza benetan amaitu duten ikasleen B moduluaren zenbatekoa, hau da, ekintzaren iraupenaren gutxienez % 75era bertaratu direnen eta 16.A artikuluan adierazitako kalitatea ebaluatzeko galdetegia bete ez dutenen zenbatekoa.

– Aurreko bi eragiketak aplikatzetik ateratako balioa % 10 handituko da, zeharkako gastuengatik.

Ekintzaren iraupenaren % 25 betetzean, hura hasi zuten parte-hartzaileen % 75ek jarraitzen ez duten prestakuntza-ekintzak likidatzeko, oinarritzat hartuko da ekintzak amaitu dituzten ikasleetatik ateratako A + B + C moduluen zenbatekoa. Prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira gutxienez ekintzaren % 75era joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi beharrean gertatzen diren langabeak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, gutxienez prestakuntza-ekintzaren % 25 egin badute. B modulua kalkulatzeko, kanpoan utziko dira kalitatea ebaluatzeko galdetegia bete ez duten ikasleak, gutxienez ekintzaren iraupenaren % 75 lagundu dutenen artean.

4.– Dirulaguntza jasotzen duen erakundeak prestakuntza-ekintza bakoitza justifikatzeko memoria ekonomikoa aurkeztu beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, LanF aplikazio telematikoaren bitartez, prestakuntza-ekintza amaitzean prestakuntza-erakundeak ikasleei buruz egingo duen azken ebaluazioa Lanbidek baliozkotu eta 15 eguneko epean, gehienez ere, honako informazio honekin:

– Laburpen-koadro bat. Horretan jaso beharko dira ikasle bakoitzak benetan egindako eskola-orduak eta dagokien zenbatekoa, hots, ezarritako modulu ekonomikoak eta artikulu honetan aurreikusitako irizpideak aplikatuz lortutakoa.

– Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera eta dirulaguntza batzuen zerrenda, zenbatekoa eta jatorria adierazita, hala badagokio.

Ezarritako epeetan dagozkion agiriak aurkezten ez baditu, eskumeneko organoak 15 eguneko epe luzaezina emango dio onuradunari agiri horiek aurkez ditzan. Azken epe horretan justifikaziorik aurkeztu ezean, itzulketa-prozedura hasiko da.

19. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak Jarraipena eta kontrola.

1.– Onuradunaren betebehar izango dira, deialdi honetako artikuluetan ezarritakoez gain, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 14. eta 46. artikuluetan oro har ezarritakoak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan jasotakoak, eta enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duen araudian zehaztutakoak.

2.– Bereziki, laguntzen onuradunek egiaztatze- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte, zehazki honako erakunde hauek egindakoak: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak; hala, lokal eta instalazioetarako sarbidea errazteaz gainera, prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatzea egoki irizten dioten beste edozein pertsonarekin harremanetan jartzen utzi beharko die.

Europako Gizarte Funtsak finantzatzen lagundutako prestakuntza-ekintzek, Europar Batasuneko araudiaren ondorioz, arlo horretan eskumena duen ministerioak, Europako Batzordeak eta Europako Kontuen Auzitegiak egiten dituzten egiaztapen- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte.

3.– Kontrol-jarduera horiek onartzeko betebehar orokor honen esparruan, onuradunak honako hau bete beharko du:

– Finantzatutako ekimena gauzatzeari edo bideragarria izateari buruzko edozein informazio ematea eta eskatzen zaion jarraipen-dokumentazioa bete eta bidaltzea.

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea beste erakunde batzuetatik dirulaguntzak edo laguntzak eskatu edo lortu direla, deialdi honetan diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten dietenak.

– Diruz lagundutako jardueraren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabarren aldaketa ere.

4.– Era berean, diruz lagundu daitezkeen gastuek Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak beteko badituzte, erakunde onuradunak laguntzarekin zerikusia duten transakzioak identifikatu beharko ditu, kontabilitate-identifikazio bereizgarri bat edo kontabilitate-kode egoki bat baliatuta.

5.– Prestakuntza-erakunde onuradunaren ordezkariak edo ahaldunak sinatu beharko dute, dirulaguntza onartzeko unean, izaera pertsonaleko datuei dagokien konpromisoa, datu horien tratamenduaren arduradun diren aldetik, arlo hori arautzen duen indarreko legerian ezarritako baldintzen arabera.

6.– Laguntzen erakunde onuradunek lagunduta finantzatutako gastuei buruzko egiaztagiri guztiak edo jatorrizko agirien kopia ziurtatuak gordeko dituzte, oro har onartutako datu-euskarrien gainean, 2028ko abenduaren 31 arte.

Agiri horiek jatorrizkoetan edo jatorrizkoen kopia konpultsatuetan gordeko dira, edo oro har onartutako datu-euskarrietan, bereziki jatorrizko dokumentuen bertsio elektronikoak edo bertsio elektronikoan soilik dauden agiriak.

7.– Erakundeak gela bat jarri beharko du partaideen esku, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasleak adina ordenagailu dituena, 16. artikuluan adierazitako inkesta telematikoa bete ahal izateko. Halaber, erakundea edo enpresa bera izango da inkesta hori betetzen dela bermatzeaz arduratu beharko dena.

20. artikulua.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketagatik eta Europak lagundutako finantzaketagatik sortutako komunikazio-betebeharrak.

Diruz lagundutako jarduera guztietan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzutik jasotzen duten finantzaketa berariaz adierazi beharko dute erakundeek, bai eta horien ondoriozko ekintzetan ere, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren komunikazio-eskuliburuan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte (LanF prestakuntza-aplikazioaren bidez erakunde onuradunen eskura jarriko da eskuliburu hori).

Prestakuntza-ekintza guztiek Europak lagundutako finantzaketa jasoko dutela aurreikusita, erakundeek berariaz adierazi beharko dute Europako Gizarte Funtsak lagundutako finantzaketa hori, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Komunikazio Eskuliburuan jasota dagoen EGF logoaren bidez, sortzen diren material didaktiko guztietan nahiz bestelako materialetan, bai eta diruz lagundutako jardueren berri emateko, hedatzeko eta/edo publizitatea egiteko ekintzetan ere.

Dirulaguntzaren erakunde onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 115. artikuluaren 2. apartatuan aurreikusitako zerrenda publikoan.

21. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan gertatu den aldaketa orok ekarri ahal izango du emandako dirulaguntza aldatzea, deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira, betiere. Baldintzak aldatzeagatik dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, hasiera emango zaio itzultzeko prozedurari.

22. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honen xede diren laguntzak bateragarriak izango dira beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin; nolanahi ere, finantzaketa-iturri desberdinetatik jasotako laguntzen zenbateko osoak ezin izango du gainditu diruz lagundutako prestakuntza-ekintzen benetako kostua. Kostu hori gaindituz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da.

23. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.

1.– Ezin izango da eskatu dirulaguntza ordaintzeko, eta, hala badagokio, jasotako kopuru osoak edo horien zati bat itzuliko dira, eta dirulaguntza ordaintzen den unetik aurrera ezar daitezkeen berandutze-interesak eskatuko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, bai eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 53.1 artikuluan aurreikusten diren kasuetan. Eta, bereziki, honako hauetan:

a) Jarduera egin izana eta laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintza eta betekizunak bete izana justifikatu beharra ez betetzea.

b) Dirulaguntza lortzea, horretarako eskatutako baldintzak bete gabe.

c) Jarraipen- eta kontrol-jardunak ukatzea edo oztopatzea.

d) Diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko baldintzei buruz errealitatearekin bat ez datozen datu faltsuak ematea.

e) Deialdi honen 20. artikuluan jasotako komunikazio- eta hedapen-betebeharrak ez betetzea.

f) Deialdi honetan zehaztutako beste betebehar, baldintza edo betekizunak ez betetzea.

2.– Balizko ez-betetzeen maila honako irizpide hauen arabera zehaztuko da:

a) Osorik betetzen ez bada: dirulaguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra osorik betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren % 100 itzuli beharko da.

Era berean, osorik bete ez dela ulertuko da diruz lagundutako ekintzak helburuen % 25 lortzen ez badu, eta horiek honela neurtuko dira: prestakuntzaren ordu kopuruaren adierazlea bider prestakuntza-ekintza amaitu duten ikasleen kopurua. Kalkulu horietarako, aintzat hartuko dira justifikatutako hutsegiteen edo lana lortzearen ondorio diren absentzia-orduak. Prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira gutxienez ekintzaren % 75era joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi beharrean gertatzen diren langabeak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, gutxienez prestakuntza-emaitzaren % 25 egin badute.

b) Ez-betetze partziala gertatzen bada: dirulaguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntza aldatu edo hein batean itzuliko da.

Era berean, ez-betetze partzialtzat hartuko dira kasu hauek:

– Aurreko paragrafoan aipatutako adierazlea % 25 eta % 100 bitartean betetzen bada, emandako dirulaguntza gutxituko da bete gabe utzi den ehuneko berberean.

– Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea xede duten prestakuntza-ekintzetan, dagozkien praktikak amaitu ez dituzten ikasleen proportzioa % 70etik gorakoa bada, prestakuntza-ekintza horretarako emandako dirulaguntza itzuli egin beharko da.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntzaren enpresa edo erakunde onuradunari, ez-betetzea eragin duten gertaeren berri emateko. Era berean, egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio.

4.– Alegazioak aurkeztu ondoren edo alegazio horiek egiteko epea igaro ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du.

Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

5.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik aurrera gehienez 2 hilabeteko epean, dagozkion diru-kopuruak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharra ekarriko du. Epe hori borondatezko epea izango da.

Itzulketa borondatezko aldian egiten ez bada, itzuli beharrekoak premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.

24. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua da, eta jardueraren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek eskubidea dute beren datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta tratamenduaren aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko ere. Horretarako, idatzizko jakinarazpen bat bidali behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).

Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsultatzeko: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

25. artikulua.– Aplikatu beharreko araudia.

1.– Dirulaguntzen programa honi dirulaguntzen araubide juridikoa arautzen duten arau-xedapen hauek aplikatu behar zaizkio: Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa), oinarrizko legeria baitira; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, azken horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak.

2.– Laguntzak Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatzen direnez, honako hauek ere bete beharko dituzte: 1303/2013 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2013ko abenduaren 17koa; 2221/2020 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2013ko abenduaren 17koa, 1303/2013 (EB) Erregelamendua aldatzen duena, baliabide gehigarriei eta betearazpen-xedapenei dagokienez, COVID-19 pandemiaren ondoriozko krisia konpontzeko eta krisiak gizartean izan dituen ondorioak arintzeko laguntza emateko, eta ekonomiaren suspertze berde, digital eta erresilientea prestatzeko (REACT UE); 1304/2013 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2013ko abenduaren 17koa, Europako Gizarte Funtsari buruzkoa eta Kontseiluaren 1083/2006 (EE) Erregelamendua eta ESS/1924/2016 Agindua indargabetzen dituena (ESS/1924/2016 Agindua, abenduaren 13koa, Europako Gizarte Funtsak 2014-2020 programazio-aldian diruz lagun ditzakeen gastuak zehazten dituena), bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2021-2027 Programa Operatiboari aplikatu beharreko araudia ere.

3.– Deialdi honetan aurreikusi ez den horretan, aplikagarri izango dira 30/2015 Legea, irailaren 9koa, Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duena; 694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, zeinaren bitartez garatzen baita 30/2015 Legea, irailaren 9koa, Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duena; eta TMS/368/2019 Agindua, martxoaren 28koa, zeinaren bidez garatzen baita 694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duena.

Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea xede duten prestakuntza-ekintzei dagokienez, arau hauek aplikatuko zaizkie: 34/2008 Errege Dekretua, urtarrilaren 18koa, Profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituena, eta ESS/1897/2013 Agindua, urriaren 10ekoa, errege-dekretua arautzen duena, deialdi honetan ezarritako alderdi guztiei dagokienez, araudi horietan baldintza bereziak ezartzen baitira.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala