Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

143. zk., 2021eko uztailaren 20a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4084

45/2021 EBAZPENA, uztailaren 14koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena. Ebazpen honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren 35/2021 epaia betez, Radio El Correo S.L.U. sozietateari irrati-komunikazioko zerbitzurako lizentzia ematea xedatzen da.

2021eko uztailaren 13an eginiko batzarrean, Gobernu Kontseiluak onetsi egin du, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren 35/2021 epaia betez, Radio El Correo SLU sozietateari irrati-komunikazioko zerbitzurako lizentzia emateko erabakia. Horrenbestez, erabaki horri beharrezko publizitatea emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren 35/2021 epaia betez, Radio El Correo SLU sozietateari irrati-komunikazioko zerbitzurako lizentzia emateko erabakia. Erabaki hori eranskinean dago jasota.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 14a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN UZTAILAREN 14KO 45/2021 EBAZPENARENA
ERABAKIA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO AUZITEGI NAGUSIKO ADMINISTRAZIOAREKIKO AUZIEN SALAREN 35/2021 EPAIA BETEZ, RADIO EL CORREO SLU SOZIETATEARI IRRATI-KOMUNIKAZIOKO ZERBITZURAKO LIZENTZIAK EMATEKO DENA

2021eko urtarrilaren 28an, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 35/2021 Epaia eman zuen 761/2019 prozedura arruntean (761/2019 errekurtsoa), eta epai hori irmo deklaratu zuen auzitegiko abokatuaren 2021eko martxoaren 31ko dekretuak. Horretarako, epai hori betez, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak 2021eko apirilaren 9ko Agindua eman du, eta epai hori bere horretan bete dadila agindu du.

Epaia eman da Radio El Correo SLU enpresak Gobernu Kontseiluaren 2019ko irailaren 10eko Erabakiaren aurka aurkeztutako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ebazteko. Erabaki horren bidez, ezetsi egin zen frekuentzia-modulazioko uhin metrikoen bidezko irrati-komunikazioko zerbitzuak eskaintzeko lizentziak emateko 2019ko otsailaren 19ko Erabakiaren aurka aurkeztutako berraztertzeko errekurtsoa; Erabaki hori 2012ko otsailaren 29ko Aginduaren bidez onartutako lehiaketa publikoko deialditik eratorritakoa zen.

Epai horretan honako hau jasotzen da Auzitegiak baietsitako errekurtsoan eskatutakoaren edukiari dagokionez:

«1) Baliogabetuko eta ondoriorik gabe utziko da Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernu Kontseiluaren 2019ko otsailaren 19ko Erabakia, irrati-komunikazioko zerbitzuak frekuentzia-modulazioko uhin metrikoetan emateko lizentziak emateari buruzkoa, 2012ko otsailaren 29ko Aginduaren bidez onartutako lehiaketa publikoaren deialdiaren ondoriozkoa, 95.1 MHz (kodea: 6; BIZ Bilbao) eta 104.6 MHz (kodea: 19; AR Vitoria-Gasteiz) frekuentzietan lizentziak esleitzeari dagokionez; baita Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2019ko irailaren 10ean hartutako Erabakia ere, zeinaren bidez ezetsi egin baitzen El Correok otsailaren 19ko Erabakiaren aurka jarritako berraztertze-errekurtsoa.

2) El Correori 95.1 MHz (kodea: 6; BIZ Bilbao) eta 104.6 MHz (kodea: 19; AR Vitoria-Gasteiz) frekuentzietako jarduketen atzeraeragina eta lizentziak ematea aginduko da, 2012ko urriaren 4an onartutako balorazio-mahaiaren bileraren aktan proposatutako esleipenekin bat etorriz».

Ondorioz, erabaki hau epai hori betez hartu da. Epai horretan, Radio El Correo SLUk aurkeztutako errekurtsoa baietsiz, Auzitegiak agintzen du «lehiaketaren jarduketak atzera eraman daitezela» errekurritutako erabakia eman aurreko unera, «lizentziak esleitzen jarrai dadin, balorazio-mahaiak 2012ko urriaren 4an onartutako aktan proposatutakoaren arabera».

Epaitzan xedatutakoa betez, lehiaketako balorazio mahaiak, prozedura atzera eraman eta lehiaketaren oinarrietan horretarako aurreikusitako izapideak bete ondoren, 2021eko maiatzaren 26an egindako bileran, azkenean onartu du Radio El Correo SLUri dagozkion lizentziak esleitzeko proposamena Gobernu Kontseiluari helaraztea, urriaren 4an onartutako aktan balorazio-mahaiak proposatutakoari jarraituz.

Hogeita zazpigarren oinarriaren arabera, lizentziak ematea Gobernu Kontseiluak erabakiko du, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez, eta balorazio mahaiak egindako proposamena ikusita. Lizentziak emateko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da, eta banan-banan jakinarazi, lehiaketaren oinarrietan aurreikusitako baldintzetan eta Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko azaroaren 8ko 231/2011 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Dekretu horren 28. oinarrian xedatutakoaren arabera, lizentzia eman dela jakinarazi ondoren, hilabeteko epean dagokion administrazio-agiria sinatuko da, eta lizitatzaileak eskaintza teknikoan bere gain hartutako konpromisoak erantsiko zaizkio; konpromiso horiek nahitaez bete beharko ditu zerbitzu-emaileak.

Horren ondorioz, emandako epaia bere horretan betez eta erabaki judizialak eragindako lizentziak Auzitegiak agindutako moduan esleituz, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2021eko uztailaren 13an egindako bilkuran eztabaidatu ondoren, honako erabaki hau hartu du:

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Bertan behera uztea Bilboko 95.1 MHz frekuentziari (6 kodea) eta Vitoria-Gasteizko 104.6 MHz frekuentziari (19 kodea) dagozkien irrati-komunikazioko lizentzien esleipena. Lizentzia horiek RK 20 SL eta Uniprex SAU sozietateen alde erabaki ziren, hurrenez hurren, frekuentzia-modulazioko uhin metrikoetako irrati-komunikazioko zerbitzuen lizentziak emateko Gobernu Kontseiluaren 2019ko otsailaren 19ko Erabakiaren bidez onartutako esleipenean, 2012ko otsailaren 29ko Aginduaren bidez onartutako lehiaketa publikoaren deialdiaren ondorioz.

Bigarrena.– Radio El Correo SLU sozietateari ematea frekuentzia-modulazioko uhin metrikoen bidezko irrati-komunikazioko zerbitzuaren lizentziak, Kulturako sailburuaren 2012ko otsailaren 29ko Aginduaren bidez deitutako lehiaketa publikoaren oinarrietan ezarritakoaren arabera; lizentzia horien deskribapena bat dator honako zerrenda honekin:

(Ikus .PDF)

Honako hauek dira lizentziei dagozkien parametro teknikoak:

(Ikus .PDF)

Hirugarrena.– Aipaturiko lehiaketa publikoaren hogeita zortzigarren oinarrian aurreikusitako administrazio-agiriak formalizatzea. Horren eskumena Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzako titularrari dagokio, ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuak emateko behar diren titulu juridikoak izenpetzeko berezko administrazio-kudeaketako funtzioak betez. Administrazio-agiri horiei honako hauek erantsiko zaizkie: batetik, esleipendun bakoitzak lizitaziora aurkeztutako eskaintzan hartutako konpromisoak, nahitaez bete beharrekoak izango baitira; eta, bestetik, zerbitzua emateko baldintzak, deialdiaren hamargarren oinarrian ezarritakoaren arabera funtsezkotzat jotzen direnak adierazita.

Laugarrena.– Erabaki hau sozietate esleipendunari jakinaraztea, bai eta gainerako interesdunei ere.

Bosgarrena.– Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak aginduko du erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.


Azterketa dokumentala