Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

96. zk., 2021eko maiatzaren 18a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2829

AGINDUA, 2021eko apirilaren 27koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez 2021eko ekitaldiko musika-jarduera profesionaletarako dirulaguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten baita.

Arte- eta kultura-alorreko jarduerei loturiko eskumenak eta haien zabalkundeari dagozkionak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio, hala xedatuta baitago Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuan.

Bestalde, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren 12. artikuluaren arabera, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio dekretu honen 4. artikuluan musika, arte eszeniko, liburu, ikus-entzunezko, ikusizko arte eta kultura- eta sormen-industrien arloetan ezarritako eginkizunak betetzea.

Zuzendaritza horrek, bere eskumenen esparruan, egoki deritzo musika-jarduera profesionala sustatzeari, diruz lagunduta musikaren arloko ekoizpen-, sustapen- eta zabalkunde-proiektuak. Horretarako, dirulaguntza-modalitate hauek jasotzen dira: partituren edizioa, musika-proiektu unitarioak eta musika-ekimen enpresarialak. Bestalde, musika-aretoen jarduera Zuzen-Zuzenean zirkuituaren modalitatearen bidez aintzatetsi nahi da, areto horietan euskal musikarien presentzia sustatuz eta musika-jarduerarekin lotutako jarduera osagarriak garatuz. Era berean, musika-zikloen modalitatearen bidez, musika-eskaintza tematiko askotarikoa eta egonkorra sustatu nahi da.

Horrekin guztiarekin, balio-kate osoa indartu nahi da, sorkuntzatik erakustaldira eta kontsumora arte, musikarien lana eta enpresen eta programazioaren egonkortasuna babestuz. Hori guztia kulturaren ikuspegitik ez ezik, merkataritzaren ikuspegitik ere egin behar da, musikariek beren lana aintzatetsi dezaten merkatuak zabalduz, publiko berriak sortuz eta fidelizatuz eta, horrela, herrialdeko musika-jardueraren finantzaketa eta bideragarritasuna areagotuz.

Deialdi hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2021-2024 aldirako Diru-laguntzen Plan Estrategikoan dago aurreikusita. Plan hori Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren Agindu bidez onartu zen 2021eko otsailaren 18an, eta sail horren webgunean argitaratu zen: https://www.euskadi.eus/contenidos/plan_departamental/saileko_planak_21_24/eu_def/adjuntos/Dirulaguntzen-URTEKO-plana-Plan-ANUAL-Subvenciones-PAS-2021.pdf

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea, modalitateak eta proiektuak garatzeko epea.

1.– Agindu honen bitartez, 2021eko ekitaldiko musika-jarduera profesionaletarako dirulaguntzak nola emango diren arautuko da.

2.– Deialdi honetan dirulaguntza modalitate hauek kontenplatzen dira:

– II. kapitulua: Partituren edizioa.

– III. kapitulua: Musika-proiektu unitarioak.

– IV. kapitulua: Musika-ekimen enpresarialak.

– V. kapitulua: Zuzen-Zuzenean zirkuitua.

– VI. kapitulua: Musika-zikloak.

3.– Partituren edizioa, musika-proiektu unitarioen eta musika-ekimen enpresarialen modalitateetan diruz laguntzen diren proiektuak, 2021eko urtarrilaren 1etik 2022ko azaroaren 30era bitartean garatu behar dira.

4.– Zuzen-Zuzenean zirkuituaren eta Musika-zikloen modalitateetarako, deialdiak jasotako epea 2021eko irailaren 1etik 2022ko abuztuaren 31ra bitartekoa da.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta emateko prozedura.

1.– Dirulaguntza hauen gehienezko zenbateko orokorra 840.000 euro izango da, eta aipatutako modalitateen artean honela banatuko da:

a) Partituren edizioa: 40.000 euro.

b) Musika-proiektu unitarioak: 240.000 euro.

c) Musika-ekimen enpresarialak: 290.000 euro.

d) Zuzen-Zuzenean zirkuitua: 210.000 euro.

e) Musika-zikloak: 60.000 euro.

2.– Dirulaguntzak emateko prozedura lehiaketa izango da; horretarako, modalitate bakoitzean ezarritako irizpideak aplikatuta, eta deialdi honen 10. artikuluan finkaturiko prozeduraren arabera, eskabideak baloratu eta dirulaguntzak banatuko dira, deialdiari esleitutako kredituak agortu arte, hala badagokio.

3.– Eskabide kopuruagatik edo eskakizunak ez betetzeagatik, modalitate baterako ezarritako diru-kopurua agortzen ez bada, Kultura Sustatzeko zuzendariak gainerako kopurua ebatzi gabeko beste modalitateetara eramatea proposatu ahalko dio Kulturako sailburuordeari. Kasu horretan, intsuldaketak modu proportzionalean egingo dira, modalitate bakoitzeko hasierako zuzkiduraren eta eskatutako zenbatekoaren arteko desorekaren arabera.

3. artikulua.– Onuradun izateko baldintzak.

1.– Modalitate bakoitzerako finkaturiko bestelako baldintzak gorabehera, agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Helbidea edo sozietate-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duen pertsona fisiko edo juridiko-pribatua izatea edo, bestela, aurkezten den proiektuaren helburua Euskal Herrian jaio edo bizi diren musikarien lanak ekoiztea izatea, baldin eta artista horiek nagusiki euskara erabiltzen badute beren ohiko errepertorioan.

b) Ekonomia-jardueren gaineko zergan musika-jarduerako epigrafe batean alta emanda egotea eta, pertsona juridikoen kasuan, sozietatearen xedeak zerikusia izatea musika-jardueren garapenarekin.

2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jaso ahal izateko, beharrezkoa da zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, baita, hala badagokio, dirulaguntzak itzultzeko prozeduren ondorioz sortutakoak ere.

3.– Ezingo dute dirulaguntzarik jaso zigor administratibo edo penala ezarrita dutelako dirulaguntza publikoak jasotzeko aukera galdu duten pertsona eskatzaileek, ezta horretarako gaitasuna kentzen duen legezko debekua dutenek ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrena urratuz sexu-diskriminazioa egiteagatik debeku horrekin zigortuta daudenak barne.

4.– Halaber ezingo dira onuradunak izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako gainerako egoeratan dauden pertsonak edo entitateak.

4. artikulua.– Bideragarritasuna, diruz lagundu daitezkeen gastuak, azpikontratazioa eta dirulaguntzen muga orokorra.

1.– Proiektuak, ekonomia aldetik bideragarriak direla egiaztatzeko, aurrera eramateko beharrezko gastu arruntaren eta hura estaltzeko aurreikusitako diru-sarreren arteko aurrekontu doitua aurkeztu behar da; sarrera horien barruan deialdi honetan eskatutako kopurua barne delarik. Eskabideak ezin izango du inola ere gainditu modalitate bakoitzerako aurreikusitako dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa.

2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluaren esparruan, diruz lagundu daitezkeen eta justifikatu behar diren gastuak, proiektu bakoitza garatzeko behar-beharrezkoak direnak izango dira, modalitate eta jardueraren tipologiaren arabera: koordinazioa; sorkuntza, ekoizpena; interpretazio artistikoa edo garapena; ekoizpen teknikoa; sustapena eta hedapena. Kanpo geratuko dira inbertsio- eta BEZ-gastuak.

Pertsonal-gastutzat hartu ahal izango dira eta nominen bidez justifikatu, pertsona edo erakunde eskatzaileak berak garatutako kudeaketarekin edo koordinazioarekin zerikusia dutenak.

Aurrekontu osoari dagokionez, eskatzaileak proiektuaren memorian aurkeztu beharko ditu kalkulatzeko erabilitako erreferentzia zehatzak (6.2.b artikulua).

3.– Onuradunak hirugarren batzuekin azpikontratatzen duen jarduera, diruz lagundutako jardueraren % 75era iritsi ahal izango da, azpikontratu guztien prezioak batuta. Kontzeptu horretatik kanpo geratzen dira onuradunak dirulaguntza jaso duen proiektua bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.

Diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen baditu, onuradunak hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, obrarako konpromisoa hartu, zerbitzua eman edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan ez badago halakorik egiten, ematen edo hornitzen duen behar adina erakunde, edo gastua aurretik egin ez bada.

4.– Deialdi honetako modalitate guztietarako, administrazio publikoetatik jasotako dirulaguntza guztiek ezingo dute gainditu diruz lagundutako jardueraren kostuaren % 80.

5. artikulua.– Eskabideak: epea eta moduak.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Pertsona juridikoek eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte. Pertsona fisikoek bitarteko presentziala ere erabili ahalko dute.

3.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz izapidetzeko argibideak egoitza elektroniko honetan daude ikusgai: https:// www.euskadi.eus/diru_laguntza/2020/musika_jarduera/y22-izapide/eu/, baita Zuzenean-Administrazio egoitzetan ere, beti ere, aldez aurretik hitzordua eskatuta soilik.

4.– Aurrez aurreko bidea hautatzen duten pertsonek Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, aldez aurretik hitzordua eskatuta soilik (https://euskadi.eus/hitzrdua-zuzenean); EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean aurkeztu ahal izango dute beren eskabidea.

5.– Pertsona fisikoek eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiltzeak –aurrez aurrekoa edo elektronikoa– ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, edonoiz aldatu daiteke-eta bidea.

6.– Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke: http:// www.euskadi.eus/nirekarpeta

7.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea eta gainerako dokumentazioa. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen erabilpena arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

8.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

6. artikulua.– Betekizunen akreditazioa, ekarri beharreko dokumentazioa eta erantzukizunpeko adierazpenak.

1.– Eskatzaileari buruzko agiriak.

a) Pertsona fisikoen kasuan:

– Eskabidea izenpetzen duen pertsonaren identitatea egiaztatzeko agiria.

b) Pertsona juridikoen kasuan:

Administrazio honi dagozkion erregistroetan inskribatutako erakundeak: eskabidean adieraziko dute zein erregistrotan dauden inskribatuta, eta ez dute inskripzio hori egiaztatzeko agiririk aurkeztu behar.

Administrazio honetakoak ez diren erregistroetan inskribatutako entitateek haien legezko eratzea egiaztatu beharko dute, beren izaera juridikoaren arabera, bai eta pertsona ordezkariaren identitatea ere; gainera, ordezkaritza-ahalorde nahikoa dutela justifikatu behar dute. Horretarako, agiri hauek aurkeztuko dituzte:

– Eratze-eskritura eta estatutuak, eta dagokien Erregistro Publikoetan inskribatuta daude-lako egiaztagiria.

– Identifikazio fiskalaren zenbakiaren txartela.

– Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren identitatea egiaztatzeko agiria, bai eta haren ordezkaritza-ahalordearena ere.

– Deialdi honetan parte hartzeko entitatearen gobernu-organoaren akordioa.

c) Pertsona fisiko nahiz juridikoentzat:

Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, dirulaguntza eskatu duten pertsonek edo erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, eta horretarako ez du pertsona horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, zeina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaz onartu baitzen. Hala ere, eskatzaileek berariaz uka dezakete baimen hori, baina, kasu horretan, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte.

d) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, interesdunek eskubidea dute administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein administraziok egin dituen dokumentuak ez aurkezteko. Administrazioak dokumentu horiek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu, interesdunak aurka egiten ez badu.

2.– Proiektuari dagokion dokumentazioa.

1) Modalitate guztietarako dokumentazioa:

a) Proiektuaren memoria orokorra, eduki hauekin:

– Proiektuaren eta jardueren aurkezpena;

– Pertsona edo entitate eskatzailearen 2020ko ibilbidea eta jarduerak;

b) Modalitate bakoitzari dagokion formularioa, deskargatzeko ereduaren arabera:

– Eskatzailearen profila;

– Proiektuaren laburpena;

– Artistaren edo musika-taldearen datuak (musika-ekoizpenetarako, Proiektu unitarioen eta Enpresa-ekimenen modalitateetan);

– 2019an programaturiko kontzertuak (Zuzen-Zuzenean zirkuituaren modalitatea);

– Zikloaren azken bi edizioetako datuak (Musika-zikloen modalitatea);

– Beste balorazio-irizpide batzuei buruzko datuak.

– Proiektuaren aurrekontua: proiektuaren gastuen eta diru-sarreren aurreikuspena; horiek kalkulatzeko erreferentziak eta, hala badagokio, beste dirulaguntza batzuen aitorpena.

2) Modalitateetako dokumentu espezifikoak:

a) Partituren edizioen, Proiektu unitarioen eta Enpresa-ekimenen modalitateetako produkzio-proiektuak: egile-eskubideei buruzko ziurtagiria edo aitorpena.

b) Zuzen-Zuzenean zirkuituaren modalitatea:

– Musika-ekitaldietarako behar den hirigintza- edo udal-lizentzia izatea eta edukieraren inguruko erreferentzia.

– Eskatzailea ez bada aretoaren gerentea: gerentzia horren egiaztagiria, eskatzaileari deialdi honen xede den musika-programazioa kudeatzeko gaitasuna ematen diona.

c) Musika-zikloen modalitatea: hala badagokio, zikloaren azken bi edizioetan lortutako dirulaguntzen egiaztapena.

3.– Dokumentazioa aurkezteko formatua.

Eskabide-orriarekin batera, eta erabilitako bidea edonolakoa dela ere (presentziala edo elektronikoa), dokumentazio guztia, ahal delarik, euskarri elektronikoan aurkeztu behar da, honako ezaugarri hauen arabera:

a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira. Bestelako kasuetan, ahal bada, dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da.

b) Dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 Mb izango da.

c) Musika edo ikus-entzunezko erreferentziak web-helbideak emanez aurkeztu ahal izango dira, dagokion formularioan.

4.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak ezartzen duenaren arabera (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:

a) Xede bera duten eta bestelako administrazioei edo ente publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako dirulaguntzen, laguntzen, diru-sarreren edo baliabideen berri ematea.

b) Aurreko bi urteetan eta aurten, edozein kontzepturengatik, «minimis» dirulaguntzak jaso izana jakinaraztea.

c) Eskabidea egiten duen pertsonak edo erakundeak ez du izan behar dirulaguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-diskriminazioa egitearen ondoriozkoak barne (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrena).

d) Eskabidean eta erantsitako dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela.

7. artikulua.– Deialdia eta emandako dirulaguntzak kudeatzeko organoa.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak egitea.

Era berean, dirulaguntza lortu duten proiektuak modu egokian gauzatzen direla ziurtatzeko, zuzendaritza horrek jarraipena egingo die, eta horretarako egoki ikusten dituen ikuskapenak egin ahal izango ditu. Ondorio horietarako, onuradunak behartuta daude eskatzen zaien dokumentazioa eta informazioa aurkeztera.

8. artikulua.– Eskaerak aztertzea, zuzentzea eta onartzea.

1.– Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, tramitazio elektronikoa derrigorrez egin behar duen baten batek aurrez aurreko eskaera egiten badu, aurkezpen elektronikoaren bitartez zuzen dezala eskatuko zaio, eta, ondorio horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen-datatzat.

3.– Akatsak zuzentzeko fasea amaitu ondoren, organo kudeatzaileak aurkeztutako eskabideak eta dokumentuak aztertuko ditu eta egiaztatuko du deialdiko eskakizun orokorrak eta modalitate bakoitzeko eskakizun espezifiko guztiak betetzen direla. Horren ondoren, aurreikusitako balorazio-prozesurako zer proiektu onartu erabakiko du.

Edonola ere, jasotako eskabide guztiak agindu honen 12. artikuluari jarraituz ebatzi eta jakinaraziko dira.

9. artikulua.– Balorazio-batzordeak.

1.– Onartutako proiektuak aztertu eta baloratzeko, balorazio-batzorde bat osatuko da modalitate bakoitzerako. Horren osaera Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bitartez jakinaraziko da, eta ebazpen hori EHAAn argitaratuko da, batzordeak lehenengo bilera egin baino lehen.

2.– Balorazio-batzordeen burua Kultura Sustatzeko zuzendaria izango da, edo hark izendatutako pertsona.

Idazkaria, berriz, zuzendaritza horretako teknikari bat izango da, zuzendariak aukeratua. Idazkariak hitza izango du, baina botorik ez.

Batzordeetako bokalak bi gutxienez eta bost gehienez izango dira, musikarekin edo kultur kudeaketarekin zerikusia duten profesionalen artetik izendatuta, berdin delarik independenteak diren edo gai honetan adierazgarriak diren Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeetan integraturik dauden. Haien izendapena Kulturako sailburuordeak egingo du.

3.– Balorazio-batzordeak eratzerako, ezinbestekoa da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikulua betetzea.

4.– Modalitate bakoitzeko balorazio-batzordeak, ezarritako esleipen-irizpideak kontuan hartuta, ebazpen-proposamena egingo dio Kulturako sailburuordeari.

5.– Batzordeek, beharrezkoa irizten diotenean, egoki ikusten diren argibideak emateko eskatu ahal izango diete eskatzaileei, proiektuen arduradunekin horretarako elkarrizketak hitzartuz ere bai, behar izanez gero. Halaber, musika-ekimen enpresarialen modalitatean eskabidea egiten duten pertsona guztiek Batzordearen aurrean beren proiektua defendatzeko aukera izango dute, horrela eskatuz gero. Proiektu bakoitzari 15 minutu eskainiko zaizkio, gehienez.

10. artikulua.– Baloraziorako eta dirulaguntzak banatzeko prozedura.

1.– Partituren edizioak, proiektu unitarioak, enpresa-ekimenak eta musika-zikloak modalitateetan aurkeztutako proiektuen balorazioa bi fasetan egingo da: lehenengo fasean, eskabideek modalitate horretan eman daitezkeen puntuen % 50 lortu beharko dute gutxienez, bigarren balorazio-fasera igaro ahal izateko. Era berean, baztertu egingo dira puntuazio osoaren % 55era iristen ez diren proiektuak.

Zuzen-Zuzenean zirkuituaren modalitatean, 28. artikuluan aurreikusitako balorazio- eta banaketa-prozedurak aplikatuko dira.

2.– Proiektu bakoitzak lortutako puntuazioaren proportzioan zehaztuko da dirulaguntzen zenbatekoa, eta modalitate bakoitzerako ezarritako gehieneko mugaren arabera, harik eta dagokion diru-erabilgarritasuna agortu arte.

Nolanahi ere, artikulu honetan araututakoaren arabera, dirulaguntza lortzea modalitate bakoitzeko diru-erabilgarritasunaren araberakoa izango da.

3.– Bukaerako dirulaguntzak 4.4 artikuluan finkaturiko muga kuantitatibo orokorrak errespetatuko ditu, baita modalitate bakoitzarenak ere.

11. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna eta modalitateen artekoa.

1.– Agindu honen 4.4 artikuluan eta artikulu honen gainerako paragrafoetan adierazitakoa ezertan eragotzi gabe, deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko zein pribatu batzuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.

2.– Deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak ez dira bateragarriak izango Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako dirulaguntzekin: ez proiektu bera egiteko, ez proiektuaren zatiren bat egiteko.

3.– Deialdiko modalitateren batean dirulaguntza jasotzen duen musika-proiektu batek ezingo du beste modalitateetako dirulaguntzarik jaso proiektu bera edo haren zatiren bat egiteko, bateraezinak baitira.

4.– Era berean, ezingo zaizkio eskatzaile berari dirulaguntzak eman Musika-proiektu unitarioen, Musika-ekimen enpresarialen eta Zuzen-Zuzenean zirkuituaren modalitateetan. Orobat, elkarren artean bateraezinak dira Zuzen-Zuzenean zirkuituaren eta Musika-zikloen modalitateak.

12. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Deialdi honetako dirulaguntzak esleitzeko ebazpena Kulturako sailburuordeak emango du, Balorazio Batzordearen proposamena ikusita, eta agindu hau indarrean jartzen denetik sei hilabeteko epean interesdun guztiei jakinaraziko zaie. Gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da emandako dirulaguntzen zerrenda osoa. Lehenik egin den jakinarazpen-data hartuko da jakinarazpen-datatzat.

2.– Adierazitako epea igaro, eta interesdunari ez bazaio ebazpena jakinarazi, eskabidea ezetsitzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritako ondorioetarako.

3.– Jakinarazpena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluaren arabera egingo da, hargatik eragotzi gabe 42. eta 43. artikuluetan ezarritakoa.

Izapidetze telematikoaren kasuan, aldiz, eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30.2 artikuluan xedaturikoari jarraikiz, jakinarazpen-sistemak ahalbidetu behar du egiaztatzea jakinarazpena zer egun eta ordutan jarri den interesdunaren eskura, eta interesduna noiz sartu den edukira. Sartzen den momentutik aurrera pentsatuko da jakinarazpena eginda dagoela.

Jakin baldin badakigu iritsi zaiola jakinarazpena, baina hamar egun natural geroago oraindik ez baldin bada edukira sartu, ulertuko dugu jakinarazpena ukatu egin duela. Izapidea eginda dagoela ulertuko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, non eta ez den garbi geratzen, ofizioz edo interesdunak eskaturik, teknikoki ezinezkoa izan zaiola edukira sartzea.

4.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura.

13. artikulua.– Betebeharrak.

Laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, pertsona onuradunek dirulaguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diruz lagundutako proiektua deialdirako aurkeztu diren baldintzetan garatzea. Dena den, aldaketak ere egin ahal izango dira, baldin eta aldaketok funtsezkoak ez badira eta ez badute proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa ukitzen. Aldaketa horiek idatziz jakinaraziko zaizkio Kulturako sailburuordeari, eta hark hamabost eguneko epea izango du, jakinarazpena jasotzen duen egunetik hasita, aldaketak onartu edo gaitzesteko. Epe hori igaro eta ez bada berariazko jakinarazpenik egin, aurkeztu den aldaketa onartu dela ulertuko da.

c) Deialdi honetan jasotako jarduerei dagozkien betebeharrak eta araudi profesionalak eta lanekoak betetzea, hain zuzen: musika-obren ekoizpena eta edizioa; aretoen kudeaketa; musika-jardueren programazioa eta antolaketa.

d) Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen erabilera kontrolatzeko behar duten informazio guztia ematea.

e) Dirulaguntza jaso duen lanari buruz argitaratzen diren disko, katalogo, programa, iragarpen-kartel eta gainerako material grafikoaren ale guztietan Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntza espresuki adieraztea. Material hori, Euskal Autonomia Erkidegorako denean, hizkuntza ofizial bietan egingo da gutxienez.

f) Agindu honetan ezartzen diren betebehar eta baldintzak betetzea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako laguntzak eta dirulaguntzak jaso ahal izateko ezarrita daudenak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasota daudenak ere.

14. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

1.– Dirulaguntzak honela ordainduko dira:

a) Lehenengo ordainketa, emandako dirulaguntzaren % 50, 13.a) artikuluan aipatutako epea igarota, dirulaguntzari uko egin ez bazaio.

b) Gainerako % 50a, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, hurrengo apartatuan xedatutakoaren arabera.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari (PFEZ) dagozkion atxikipenak eta konturako ordainketak kenduko zaizkio laguntza edo dirulaguntzaren zenbatekoari, zerga horren araudia aplikatuz hala badagokio.

2.– Pertsona onuradunek, dagokion jarduera amaituta, betiere 2022ko azaroaren 30a baino lehen, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

1) Egindako jarduerei buruzko memoria laburra eta ebaluazioa.

2) Dagozkion agiri edo material hauek:

a) Ekoizpen eta edizio grafikoak, soinudunak edo ikus-entzunezkoak: editatutako edo ekoitzitako materiala.

b) Zuzeneko musika-ekoizpenen estreinaldiak: kontratua edo haren egiaztagiria. Errealizazioa.

c) Partituren edizioa: obra ISMN (International Standard Music Number) erregistroan eta lege-gordailuan erregistratuta dagoela egiaztatzen duen agiria.

d) Zuzen-Zuzenean zirkuituaren eta Musika-zikloen modalitateak: emandako dirulaguntzaren eremuan programaturiko kontzertuen eta taldeen zerrenda eta datuak (data, musika-taldeak, sarreraren prezioa eta publikoa).

e) Diruz lagundutako edozein jarduerari dagokionez: jarduera sustatzeko edo zabaltzeko katalogoak, programak, kartelak eta landutako beste edozein material; Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako dirulaguntzaren aipamenaz (13.e artikuluan aipaturiko betebeharra).

3) Justifikazio ekonomikoa:

Agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Burututako proiektua dela-eta izandako gastuen eta sarreren balantzeari buruzko erantzukizunpeko aitorpena.

b) Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeak sorturiko gastuak justifikatzen dituzten dokumentu guztien zerrenda (5.3 artikuluan aipaturiko euskadi.eus-eko helbide elektronikoan ezarritako ereduaren arabera).

Zuzen-Zuzenean zirkuituaren eta Musika-zikloen modalitateetarako, zerrenda horrek programaturiko kontzertu guztien gastu xehatuak jaso beharko ditu: katxea, ekoizpena eta sustapena.

c) Proiektua garatzeko eginiko gastuak justifikatzeko egiaztagiriak eta fakturak. Zuzen-Zuzenean zirkuituaren eta Musika-zikloen modalitateetan, katxeei dagozkien fakturak aurkeztu beharko dira beti.

d) Helburu berbererako jasotako beste laguntzen aipamena, baldin eta, eskabidea aurkeztu zen unean, onuradunak horien berri ez izanagatik aitortu ez bazituen.

4) Dirulaguntzen justifikazioak aurkezteko kontuan hartu behar dira eskabide-aurkezpenak direla-eta agindu honen 5. artikuluan emandako argibideak. Halaber, justifikazio-ereduak artikulu horretako 5.3 puntuan aipaturiko egoitza elektronikoan ikusgai daude.

15. artikulua.– Aldaketa-ebazpena.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero (betiere, helburua bete egin dela iritziz gero) edo beste edozein erakunde publiko zein pribatutatik dirulaguntzaren bat jasoz gero, dirulaguntzak esleitzeko emandako ebazpena aldatu egin ahal izango da. Horrelakoetan, Kulturako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du, dirulaguntzen zenbatekoak doitzeko.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan edo dirulaguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.

c) Dirulaguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

d) Dirulaguntzekin lotutako beste edozer eta, zehazki, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotakoak.

2.– Ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko Dekretua, hurrenez hurren).

II. KAPITULUA
PARTITUREN EDIZIOAREN MODALITATEA

17. artikulua.– Xedea eta baldintzak.

1.– Modalitate honen xedea da partituren edizio eta banaketa profesionaleko proiektuak laguntzea da, zuzenean zabalduak izateko, hain zuzen, 18. artikuluan araututakoaren arabera.

2.– Ezertan eragotzi gabe 3.1 artikuluan adierazitako baldintzak, eskatzaileek honako baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatu beharko dute:

a) 2018. urtea baino lehen musika-jarduera profesionala egin izana.

b) Euskal konpositoreen gutxienez hiru obra argitaratu izana 2018tik.

18. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak eta dirulaguntzen muga.

1.– Diruz lagundu ahal izango dira baldintza hauek betetzen dituzten proiektuak:

a) Obrei dagokienez: Euskal Herrian jaio edo bizi diren egileek konposatutako lanak argitaratzea. Puntualki, beste egile batzuen lanak ere aintzat hartu ahal izango dira, baldin eta, Balorazio Batzordearen iritziz, intereskoak badira Euskal Herriko musika-jardueran edo -ondarean duten harremanagatik edo eraginagatik.

b) Banaketari dagokionez:

– Argitalpen inprimatua eginez gero, gutxienez 300 aleko tirada bat egitea (ganbarako obrak edo formatu handiko obra sinfonikoak izan ezik, non, obraren eta edizioaren helburuaren arabera, ohiko usuak kontuan hartuko baitira).

– Banaketa digitalaren kasuan, salmentarako plataforma komertzial egokia izatea.

2.– Espresuki geratuko da deialdi honetatik kanpo material didaktikoen edizioa.

3.– Modalitate honetan, eskatzaile bakoitzak proiektu bakar baterako dirulaguntza jaso ahal izango du gehienez, nahiz eta horren barruan argitalpen proiektu desberdinak azaldu eta sartu aurrekontuan (lau gehienez).

4.– Dirulaguntza emanez gero, onuradun bati emango zaion dirulaguntza 7.500 euro izango da gehienez.

19. artikulua.– Esleipen-irizpideak.

Dirulaguntzen esleipena 2.2 eta 10.1 artikuluetan adierazitako prozeduraren eta ondoren zehazten diren irizpideen arabera egingo da.

1.– Lehen balorazio-fasea (guztizko puntuazioaren % 60).

Fase honetan, Balorazio Batzordeak irizpide eta ehuneko hauek aplikatuko ditu puntuazio orokorrari dagokionez:

a) Kulturaren, musikaren, ondarearen edota artearen ikuspegitik duen interesa, egilea eta editatu beharreko obra kontuan hartuta (% 35).

b) Argitalpen- eta hedapen-plana (% 10).

c) Proiektuaren aurrekontua eta finantzaketa, honako hauen arabera:

c.1.– Aurrekontuaren zehaztasuna eta koherentzia (% 10).

c.2.– Autofinantzaketa-maila (% 5).

2.– Bigarren balorazio-fasea (guztizko puntuazioaren % 40).

Lehenengo fasea gainditu duten proiektuak baloratuko dira, eta, beraz, puntuazioa handitu ahal izango dute, puntuazio orokorrarekiko irizpide eta ehuneko hauen arabera:

d) Erakunde eskatzailearen ibilbidea, honako hauen arabera:

d.1.– Euskal Herriko konpositoreen lanen jardueran eta katalogoan duen eragina (% 10).

d.2.– Erakundearen ibilbidea partituren edizioaren esparruan (% 5).

d.3.– Antzinatasuna (% 5).

e) Euskararen presentzia edizio-planean (% 10).

f) Aurkeztutako proiektuan emakumeek osatutako partiturak editatzea (% 10).

III. KAPITULUA
MUSIKA-PROIEKTU UNITARIOEN MODALITATEA

20. artikulua.– Xedea eta baldintzak.

1.– Dirulaguntza-modalitate hau musika-proiektuak garatzen laguntzeko da, 21. artikuluan araututakoaren arabera.

2.– Hargatik eragotzi gabe 3.1 artikuluan adierazitako baldintzak, eskatzaileek honako baldintza hauek egiaztatu beharko dituzte:

a) 21.1.a) artikuluan aipatzen diren jardueretarako, dagokion musika-taldeak irizpide hauetako bat, gutxienez, betetzen duela:

a.1.– Bi disko gutxienez argitaratu izana, eta lehenengoa, 2016. urtea baino lehen.

a.2.– Bere musika ibilbide osoaren zehar, Euskaditik kanpo gutxienez 45 kontzertu profesional egin izana.

b) 21.1.b) artikuluan aipatutako jardueretarako, modalitate honetako arloetan bi proiektu gutxienez egin izana, 2016. urtearen ondoren.

3.– Aurreko paragrafoan aipatutako betekizunak eta 22.2 artikuluan finkatutako balorazio-irizpideei dagokienez, beste izen bateko musika-taldeak hartu ahal izango dira kontuan, baldin eta, Balorazio Batzordearen iritziz, behar bezala egiaztatzen bada musika-lidergoaren edo aurreko taldearen kideen % 50en jarraipena.

21. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak eta dirulaguntzen muga.

1.– Modalitate honen bitartez, jarduera hauek diruz lagundu ahal izango dira:

a) Euskal Herrian jaio edo bizi diren musikarien musika-ekoizpenak, edo haien errepertorioan gehien erabiltzen den hizkuntza euskara denean:

Deialdi honen ondorioetarako, produkziotzat hartuko da musika-lan bat jendaurrean, zuzenean ala formatu fonografikoan edo beste batean, lehen aldiz aurkeztea ahalbidetzen duten aurretiazko entseguak eta emanaldi materialen multzoa eta gastuak.

b) Euskal musikaren alorreko bestelako jarduerak:

Jarduera mota hauek diruz lagundu ahal izango dira, baldin eta, Balorazio Batzordearen iritziz, dagokion proiektuaren memorian behar bezala egiaztatzen bada interesa eta eragina dutela kolektibo profesional zabaletan eta/edo gutxienez lurralde historikoetako bitan:

b.1.– Musika-ikerketa.

b.2.– Euskal Herriko musika-jardueraren zabalkundea (artikulu honetako 4b atalean aipatutakoak izan ezik).

b.3.– Publikoak sentsibilizatzea edo prestatzea.

b.4.– Musika-sektore profesionaleko agenteak prestatzea.

2.– Artikulu honetan aurreikusitako jarduerei dagokienez, deialdi honen esparruan ezarritakoa baino garrantzi eta iraupen handiagoko beste batzuen fase partzial gisa formulatutako proiektuak aurkeztu ahal izango dira, baldin eta eskabidearen xede den proiektuan dirulaguntza justifikatzeko azken produktu zehatz bat aurreikusten eta formulatzen bada, 14. artikuluan ezarritako baldintza eta epeetan. Nolanahi ere, deialdi honetan dirulaguntza lortzeak ez luke horrelako proiektuetarako inolako lehentasunik edo meriturik ekarriko hurrengo deialdietan.

3.– Proiektuek, beren diseinu eta prestaketarako beharrezkoak diren zeregin eta materialei dagozkien lanak eta aurrekontuak jaso ahal izango dituzte, bai eta horien garapenari edo jendaurreko lehen aurkezpenari dagozkionak ere.

4.– Jarduera hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Musika-ekoizpen baten lehen aurkezpen fonografikoaren edo zuzenekoaren ondorengo kontzertuak eta berrargitalpenak.

b) Zuzeneko zirkuiturako musika-ekoizpenen sustapen, banaketa edo irudikapen komertzialerako jarduerak edo materialak.

c) Formakuntza akademikora edo eskolarrera soilik bideratutako jardueren edo materialen edizioa.

d) Sariak eta lehiaketak.

e) Abesbatzen elkarteen eremutik bultzatutako jarduerak.

5.– Modalitate honetan, eskatzaile bakoitzak proiektu bakar batentzako laguntza jaso ahal izango du, eta eman daitekeen dirulaguntza ezingo da izan 7.500 eurotik gorakoa.

22. artikulua.– Esleipen-irizpideak.

Dirulaguntzen esleipena 2.2 eta 10.1 artikuluetan adierazitako prozeduraren eta ondoren zehazten diren irizpideen arabera egingo da.

1.– Lehen balorazio-fasea (guztizko puntuazioaren % 65).

Fase honetan, Balorazio Batzordeak irizpide eta ehuneko hauek aplikatuko ditu puntuazio orokorrari dagokionez:

a) Proiektuaren interesa eta balio artistiko-kulturala (% 35).

– 21.1.a) artikuluaren eremuan sartutako proiektuetarako:

a.1.– Balio musikal-artistiko orokorra.

a.2.– Gaur egungo musika-panoramarekiko berrikuntza-maila.

a.3.– Musika-ondarea berreskuratzeari begira duen balioa.

a.4.– Musikaren hedapenerako eta sentsibilizaziorako ekarpenak.

Irizpide horietako bakoitza 25 puntura arte baloratu ahal izango da, batura osoa 35 puntutik gorakoa ez bada.

– 21.1.b) artikuluaren eremuan sartutako proiektuetarako:

a.1.– Jardueraren interesa, kalitatea eta originaltasuna (% 20).

a.2.– Sektore- eta/edo lurralde-eragina (% 15).

b) Garapen- eta hedapen-plana (% 15).

c) Proiektuaren aurrekontua eta finantzaketa, honako hauen arabera:

c.1.– Xehetasuna eta koherentzia (% 10).

c.2.– Autofinantzaketa-maila (% 5).

2.– Bigarren balorazio-fasea (guztizko puntuazioaren % 35).

Lehenengo fasea gainditu duten proiektuak baloratuko dira, eta, beraz, puntuazioa handitu ahal izango dute, puntuazio orokorrarekiko irizpide eta ehuneko hauen arabera:

d) Musika-taldearen eta/edo proiektuaren ardura duten taldeen ibilbidea, honako hauen arabera:

– 21.1.a) artikuluaren eremuan sartutako proiektuetarako:

d.1.– Interesa eta eragin artistikoa (% 5).

d.2.– Argitaratutako disko kopurua, guztira (% 5).

d.3.– 2019. eta 2020. urteetan eginiko kontzertu kopurua (% 5).

– 21.1.b) artikuluaren eremuan sartutako proiektuetarako: entitate antolatzailearen ibilbidea (% 15).

e) Proiektuan euskarak duen presentzia; % 10 arte, erreferentzia hauen arabera:

e.1.– Testua euskaraz duten edo osorik euskaraz garatu diren proiektuak (% 10).

e.2.– Eduki elebidunak dituzten proiektuak edo % 50ean euskaraz garatu direnak (% 5).

f) Emakumeen presentzia proiektuko jardueretan; % 10 arte, erreferentzia hauen arabera:

f.1.– Musikaren lidergo artistikoa (% 5).

f.2.– Emakumeen heren bat edo gehiago prestakuntza artistikoan edo zuzendaritza- eta antolaketa-lanetan (% 5).

IV. KAPITULUA
MUSIKA-EKIMEN ENPRESARIALEN MODALITATEA

23. artikulua.– Xedea eta baldintzak.

1.– Dirulaguntza modalitate hau musika-proiektuak garatzen laguntzeko da, 24. artikuluan araututakoaren arabera.

2.– Hargatik eragotzi gabe 3.1 artikuluan aipatzen diren baldintzak, eskatzaileek baldintza hauek egiaztatu behar dituzte.

a) 2018. urtea baino lehen egitura juridiko berberaren bitartez enpresa-jarduera garatu izana, hauetako arloren batean:

a.1.– Musika-ekoizpena.

a.2.– Musika-jardueraren ikerketa eta/edo zabalkundea.

a.3.– Publikoen prestakuntza eta sentsibilizazioa.

b) 21.1.a) artikuluaren eremuan sartzen diren jardueretarako: 2020. urtean, musika-proiektu berezituak dituzten 4 euskal artista edo talderi gutxienez, enpresa-zerbitzua eman izana.

c) 21.1.b) artikuluaren eremuko jardueretarako: 2016. urtetik, antzeko ezaugarriak dituzten gutxienez 2 proiektu garatu izana.

3.– Ezingo dute modalitate honetan sartu elkartearen edo fundazioaren forma juridikoa duten erakundeek.

24. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak eta dirulaguntzen muga.

1.– Modalitate honen bitartez, diruz lagundu daitezke:

a) 21.1 artikuluan aipatutako jarduera guztiak (Musika-proiektu unitarioen modalitatean).

b) Entitatea musika-jarduera eta -industriaren egungo egoerara egokitzeko ekintza espezifikoak.

2.– Modalitate honetan diruz lagundu daitezkeen eta baztertutako jarduerei dagokienez, 21. artikuluko 2., 3. eta 4. apartatuak ere aplikatuko dira.

3.– Modalitate honetan, onuradun bakoitzeko eskabide bakarra diruz lagundu ahal izango da, horren barruan hiru jarduera desberdin zehaztu eta horien aurrekontua egin bada ere. Nolanahi ere, jarduera horietako bakoitza 21.1 eta 24.1.b) artikuluetan aipatutako tipologietako batean sailkatu beharko da.

4.– Aurreikusitako jarduera bakoitzerako gehienez 15.000 euro eskatu ahal izango dira, eta modalitate horretako onuradun bati eman beharreko gehieneko zenbatekoa ezingo da 22.500 eurotik gorakoa izan.

5.– Modalitate horren ebazpenean, hala badagokio, erakunde onuradun bakoitzari emandako zenbateko osoa adieraziko da, bai eta diruz lagundutako jarduera zehatzak ere.

25. artikulua.– Esleipen-irizpideak.

Dirulaguntzen esleipena 2.2 eta 10.1 artikuluetan adierazitako prozeduraren eta ondoren zehazten diren irizpideen arabera egingo da.

1.– Lehen balorazio-fasea (guztizko puntuazioaren % 60).

Fase honetan, Balorazio Batzordeak irizpide eta ehuneko hauek aplikatuko ditu puntuazio orokorrari dagokionez:

a) Proiektuaren interesa eta balio artistiko-kulturala (% 35).

– 21.1.a) artikuluan jasotako proiektuen kasuan:

a.1.– Balio musikal-artistiko orokorra.

a.2.– Gaur egungo musika-panoramarekiko berrikuntza-maila.

a.3.– Ondare-balioa.

a.4.– Musikaren hedapenerako eta sentsibilizaziorako ekarpenak.

Irizpide horietako bakoitza gehienez 25 punturekin baloratu ahal izango da, batura osoa 35 puntutik gorakoa ez bada.

– 21.1.b y 24.1.b) artikuluaren eremuan sartutako proiektuetarako:

a.1.– Jardueraren interesa, kalitatea eta originaltasuna. (% 20).

a.2.– Sektore- eta/edo lurralde-eragina (% 15).

b) Garapen- eta hedapen-plana (% 10).

c) Proiektuaren aurrekontua eta finantzaketa, honako hauen arabera:

c.1.– Xehetasuna eta koherentzia (% 10).

c.2.– Autofinantzaketa-maila (% 5).

2.– Bigarren balorazio-fasea (puntuazio globalaren % 40).

Lehenengo fasea gainditu duten proiektuak baloratuko dira, eta, beraz, puntuazioa handitu ahal izango dute, puntuazio orokorrarekiko irizpide eta ehuneko hauen arabera:

d) Erakunde eskatzailearen balorazioa, Euskadiko musika-jarduera profesionalaren ekoizle eta hedatzaile gisa, honako hauen arabera:

d.1.– Langileen bolumena (% 10).

d.2.– Antzinatasuna (% 5).

d.3.– Erakundearen ibilbide orokorra eta enpresa musika-jardueraren egungo egoerara egokitzea (% 5).

e) Euskararen presentzia, % 10eraino, erreferentzia hauen arabera:

e.1.– Euskarazko edukia edo osorik euskaraz garatutako jarduera (% 5).

e.2.– Erakundearen ibilbidea euskarazko musika-jarduerari dagokionez, katalogoaren edo egindako jardueraren arabera (% 5).

f) Emakumearen presentzia, % 10eraino, erreferentzia hauen arabera:

f.1.– Lidergo artistikoa edo % 50etik gorako presentzia jardueran (% 5).

f.2.– Enpresaren zuzendaritza- eta antolaketa-lanetan emakumeen herena edo gehiago egotea (% 5).

V. KAPITULUA
ZUZEN-ZUZENEAN ZIRKUITUAREN MODALITATEA

26. artikulua.– Xedea eta baldintzak.

1.– Dirulaguntza modalitate honen xedea zuzeneko musika-aretoen jarduera babestea da, 27. eta 28. artikuluetan araututakoaren arabera.

2.– Hargatik eragotzi gabe 3.1 artikuluan adierazitako baldintzak, eta programazioa egingo den aretoari dagokionez, eskatzaileek honako hauek egiaztatu beharko dituzte:

a) Lokalaren eta/edo haren programazioaren kudeaketaren titulartasuna.

b) Ordain-sarrera bidez, gutxienez musika-ekitaldi kopuru hau programatu izana 2019. urtean, kanpoan utzita DJ saio esklusiboak eta ospakizun partikularrak:

– 100.000 biztanletik gorako herriak: 20.

– Gainerako herriak: 12.

3.– Era berean, programa garatuko den aretoek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Euskararen eremu geografikoaren barruko kokapena (Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Komunitatea eta Euskal Hirigune Elkargoa).

b) Musika-ekitaldietarako hirigintza- edo udal-lizentzia eta gainerako erantzukizun zibileko aseguruak izatea.

c) Gutxienez 120 pertsonako legezko edukiera izatea.

d) Musika-programaziorako ekipamendu eta teknikari egonkorrak izatea.

27. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak eta dirulaguntzen muga.

1.– Modalitate honetan diruz lagun daitezkeen jarduerak honako hauek dira:

a) Musika-programazioa.

Deialdi honen eremuan sartzen diren kontzertuek honako ezaugarri hauek bete beharko dituzte:

a.1.– Musika-talde nagusia Euskal Herrikoa izatea edo haren ohiko errepertorioan euskara izatea hizkuntza erabiliena.

a.2.– Ordainpeko kontzertuak izango dira, eta, programa bikoitzen kasuan, gutxienez 200 euroko katxea (BEZ kanpo) ordaindu beharko diote parte hartzen duten edozein talderi.

b) Jarduera osagarriak.

Deialdi honetara sartzen diren erakundeek programazioaren jarduera osagarrien programa bat ere aurkeztu ahal izango dute, eremu hauetako batean edo gehiagotan:

b.1.– Publikoen prestakuntza edo sentsibilizazioa.

b.2.– Prestakuntza-jarduerak musika-talde berriekin.

b.3.– Musikako profesionalen etengabeko prestakuntza.

b.4.– Aretoko kultura-jardueraren hedapena.

Jarduera horiek programa kontzentratu baten inguruan edo jarduera puntual gisa egituratu ahal izango dira, betiere deialdian jasotako denbora-tartean.

Programak honako hauek aurreikusi beharko ditu: erreferentziako egutegia, helburuak, hartzaileak, edukia, metodologia, baliabideak eta aurrekontua.

2.– Modalitate honen zuzkidura ekonomiko osoa honela banakatuko da: 180.000 euro programazioaren atalerako eta 70.000 euro jarduera osagarrietarako eta, hala badagokio, Ebazpenak banakatuko du, eskatzaile bakoitzari atal bakoitzean emandako zenbatekoa.

3.– Modalitate honetan, gehienez 28.000 euroko dirulaguntza eman ahal izango da, honako erreferentzia partzial hauen arabera:

a) Gehienez 18.000 euro programazioaren atalerako (27.1.a artikulua).

b) Gehienez 10.000 euro jarduera osagarrietarako (27.1.b artikulua).

28. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko irizpideak eta banaketarako prozedura.

Modalitate honetako dirulaguntzak jarraian zehazten diren irizpide eta prozeduren arabera esleituko dira.

1.– Programazioaren atala.

1) Eskatzaile bakoitzak atal honetan lortuko duen puntuazioa baremo objektibo honen arabera kalkulatuko da:

a) Ordaindutako musika-programazio egiaztatua 2019an, erreferentzia hauen arabera:

a.1.– Programatutako musika-taldeen guztizko kopurua (% 35).

a.2.– Talde nagusi gisa programatutako euskal taldeen kopurua (% 20).

a.3.– Nagusiki euskarazko errepertorioa duten talde programatuen kopurua (% 20).

a.4.– Emakumeen lidergoa edo presentzia nagusia duten taldeen kopurua (% 15).

b) Antzinatasuna Zuzen-Zuzenean zirkuituko parte-hartzaile gisa (% 10).

2) Atal honetarako erabilgarri dagoen kopurua honela banatuko da:

a) Aretoek lortutako puntuazio zuzenak indize proportzional batera murriztuko dira, 3 eta 9 arteko tartean. Indize hori modulu estandar honekin biderkatuko da, aretoaren edukieraren arabera: 120 eta 199 euro artean: 1.600 euro; 200 eta 399 euro artean: 1.800 euro; 400 eurotik gora: 2.000 euro.

b) Aurreko kalkulutik abiatuta, eman beharreko azken zenbatekoak kalkulatuko dira, 4.4 eta 27.2.a) artikuluetan adierazitako dirulaguntzen gehieneko mugak errespetatuz eta jarduera-bloke honetan erabilgarri dagoen kopurua agortu arte.

2.– Jarduera osagarrien atala.

1) Bloke honen balorazioa irizpide hauen arabera egingo da:

a) Aurkeztutako proiektuaren balorazioa (puntuazio osoaren % 75), hauen arabera:

a.1.– Proiektuaren interes orokorra (% 20).

a.2.– Lurralde- eta sektore-eraginaren maila (% 20).

a.3.– Garapen eta Hedapen Plana (% 20).

a.4.– Aurrekontuaren koherentzia (% 15).

b) Eskatzaileak 2018an eta 2019an izan duen ibilbidearen balorazioa, honako hauei dagokienez:

b.1.– Aretoak 2018an eta 2019an jarduera-bloke honetan sartutako jardueren esparruan garatutako programa propioak (% 15).

b.2.– Herriko plataformetan edo beste kultura-jarduera batzuetan laguntzea (% 10).

2) Jarduera-atal honetarako erabilgarri dagoen kopurua puntuazioaren % 55 gainditzen duten proiektuen artean banatuko da, betiere 4.4 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuz.

VI. KAPITULUA
MUSIKA-ZIKLOEN MODALITATEA

29. artikulua.– Xedea eta baldintzak.

1.– Dirulaguntzen modalitate honen helburua ekimen pribatutik bultzatutako musika-ziklo espezializatuak antolatzen laguntzea da, 30. artikuluan araututakoaren arabera.

2.– Hargatik eragotzi gabe 3.1 artikuluan ezarritako baldintzak, honako alderdi hauek egiaztatu beharko dituzte:

a) Eskatzaileari dagokionez: musika-jarduerarekin, oro har, eta proiektuaren xede den zikloaren musika-gai zehatzarekin lotutako profila eta ibilbidea, 2010az geroztik gutxienez.

b) Musika-zikloari dagokionez: programaren antzinatasuna eta jarraitutasuna, genero-erreferentzia eta hedapen-marka berdintsuarekin, gutxienez 2012tik, eta gutxienez 8 edizio.

c) Zikloaren aurreko 2019ko eta 2020ko edizioei dagokienez, 30. artikuluaren 1.d) paragrafoa betetzen dela egiaztatu beharko da.

30. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak eta dirulaguntzen muga.

1.– Dirulaguntzaren xede den musika-zikloaren 2021-2022 edizioak honako baldintza hauek egiaztatu beharko ditu:

a) Programazioaren edukia musika-genero espezifiko batean espezializatua izatea.

b) Programazio-egutegia, gutxienez lau hilabetekoa, deialdirako ezarritako denbora-eremuaren barruan (1.3 artikulua) eta 12 kontzertu data gutxienez.

c) Parte hartzen duen edozein musika talderi 200 euroko gutxieneko katxea ordaintzea (BEZ kanpo).

d) Gutxienez honako hiru baldintza hauek betetzen direla egiaztatzea:

d.1.– Erreferentziazko kalitate-programa genero horretan, parte hartzen duten musikarien edo musika-taldeen mailari dagokionez.

d.2.– Programazioa Euskal Herriko hiru lurraldetan gutxienez.

d.3.– Gutxienez 15 kontzertu-data.

d.4.– Euskal Herriko musikarien interpreteen eta/edo obren % 40ren gutxieneko ehunekoa.

d.5.– Aurreikusitako kontzertuen herenean, gutxienez, ordainpeko sarrera izatea.

d.6.– Beste bi erakunde publikoren finantza-laguntza izatea.

2.– Kanpoan geratuko dira:

a) Jaialdi gisa izendatutako musika-programak edo 30.1.b) paragrafoan adierazitakoa baino denbora-tarte laburragoan programatutakoak.

b) Izaera orokorreko beste ekitaldi batzuen esparruan edo beste jarduera-mota batzuen osagarri gisa sartutako programak.

c) Orain arte ziklo espezializatu gisa identifikatu gabeko musika-areto edo -sustatzaile baten ohiko programazioa.

3.– Proiektuek zehaztu egin beharko dute zenbat kontzertu egingo diren, bai eta gutxi gorabeherako egutegi bat ezarri ere, eta, gainera, aurreikusitako kontzertu guztien % 30, gutxienez, ondo-ondo xehatu beharko dituzte; aurrekontu xeheaz gain, dagokion eskaera ekonomikoa ere zehaztu beharko dute, eta ezingo dituzte deialdian ezarritako mugak gainditu.

4.– Modalitate honetan, onuradun bakoitzeko proiektu bakar batek jaso ahal izango du dirulaguntza, eta eskatu eta eman beharreko gehieneko dirulaguntzak ezin izango du 18.000 eurotik gorakoa izan.

31. artikulua.– Esleipen-irizpideak.

Dirulaguntzen esleipena 2.2 eta 10.1 artikuluetan adierazitako prozeduraren eta ondoren zehazten diren irizpideen arabera egingo da.

1.– Lehen balorazio-fasea (guztizko puntuazioaren % 65).

Fase honetan, Balorazio Batzordeak irizpide eta ehuneko hauek aplikatuko ditu puntuazio orokorrari dagokionez:

a) 2020-2021 programaren kultura-interesa eta -kalitatea, honako hauen arabera:

a.1.– Erreferentzialtasuna Euskal Herriko musikaren panoraman eta programazioaren kalitatea (% 15).

a.2.– Prestakuntza- eta sentsibilizazio-jarduera paraleloak (% 5).

b) Programaren erreferentzia objektiboak, honako hauen arabera:

b.1.– Kontzertu kopurua (% 5).

b.2.– Euskal interpretatzaileen edo obren kontzertuen kopurua (% 5).

b.3.– Programaren denboraldiaren iraupena (% 5).

b.4.– Programaren lurralde-hedapena (% 5).

c) Garapen- eta hedapen-plana (% 10).

d) Proiektuaren aurrekontua eta finantzaketa, honako hauen arabera:

d.1.– Xehetasuna eta koherentzia (% 10).

d.2.– Autofinantzaketa-maila (% 5).

2.– Lehenengo fasea gainditu duten proiektuak baloratuko dira, eta, beraz, puntuazioa handitu ahal izango dute, puntuazio orokorrarekiko irizpide eta ehuneko hauen arabera:

e) Erakunde eskatzailearen ibilbidea eta egungo jarduera (% 10).

f) Musika-programaren ibilbidea (% 5).

g) Euskararen presentzia (programazioa, sustapena, jarduera paraleloak) (% 10).

g.1.– Jarduera paraleloetan (% 5).

g.2.– Musika-programan: edukiak eta hedapen-materialak (% 5).

h) Emakumearen presentzia, % 10eraino, erreferentzia hauen arabera:

h.1.– Emakume interpreteen eta emakumeek konposaturiko obren kopurua (% 10era arte).

h.2.– Programa zuzendu eta antolatzeko lanetan edo jarduera paraleloetan hizlari gisa emakumeak egotea (% 5era arte).

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honen bidez araututako dirulaguntza programa Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan (Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, L 352/1, 2013-12-24) ezarritako minimis arauaren mendean dago (erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis dirulaguntzei aplikatzeari buruzkoa da). Ondorioz, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak beharrezkoak diren mekanismoak jarriko ditu abian, bermatzeko pertsona edo entitate onuradun jakin bati emandako dirulaguntza osoa ez dela 200.000 eurotik gorakoa izango hiru ekitaldi fiskaletako edozein alditan.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Izaera pertsonaleko datuen babesaren arloko informazio-klausula:

Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Sustatzeko Zuzendaritza.

Helburua: 2021eko ekitaldian egiten edo hasten diren izaera profesionaleko musika-jarduera profesionalen arloko laguntzen eta dirulaguntzen eskabideak kudeatzea.

Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako ahalak erabiliz egindako misio bat betetzeko (38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena).

Hartzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: zeure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu; baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Informazio gehigarria: web helbide honetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago: www.euskadi.eus/dbao/0247316

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 27a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala