Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

92. zk., 2021eko maiatzaren 12a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
2685

AGINDUA, 2021eko apirilaren 22koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, zeinaren bidez ebazten baita desjabetzeko espedienteari hasiera ematea eta «Aiarako (Araba) Markijanako Hondakin Uren Araztegiaren Aurreproiektua» eta «Laudioko (Araba) Basaurbeko Hondakin Uren Araztegiaren Aurreproiektua» gauzatzeko desjabetu behar diren ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea.

Sail honetan xedatu da gaur argitaratzen den agindu hau:

«Aiarako (Araba) Markijanako Hondakin Uren Araztegia» eta «Laudioko (Araba) Basaurbeko Hondakin Uren Araztegia» izeneko aurreproiektuei dagozkien espedienteak aztertu dira.

AURREKARIAK

1.– Zerga- eta administrazio-neurriei eta gizarte-neurriei buruzko abenduaren 30eko 42/1994 Legeak interes orokorrekotzat jo zituen «Nerbioi Garaia saneatzeko eta arazteko» obrak. Ondoren, jarduera hori Plan Hidrologiko Nazionalari buruzko uztailaren 5eko 10/2001 Legean jaso zen, hain zuzen, lege horren II. eranskinean, Inbertsioen Zerrenda deiturikoa.

Jardueraren xedea da Nerbioi ibaiaren goiko arroaren saneamendua osatzen duten kolektoreak, ponpaketa-estazioak, ekaitz-tankeak eta abar eraikitzea, hondakin-urak biltzeko eta ondoren Basaurbeko araztegietan tratatzeko, Laudion (Araba) eta Markijanan, Aiaran (Araba).

Nerbioi Garaiko saneamendu-proiektuak hiru eraikuntza-proiektu hartzen ditu barne: Laudioko udalerrian kolektoreen obrak egitea, Basaurbeko hondakin-uren araztegia eraikitzea Laudioko udalerrian eta Markijanako hondakin-uren araztegia eraikitzea Aiarako udalerrian.

Proiektuak bi saneamendu-sistemaren kolektore orokorren definizioa jasotzen du. Lehenengoak Laudio eta Orozkoko isurketak jasotzen ditu eta Basaurbeko araztegira eramaten ditu. Bigarrenak Amurrio, Luiando eta Murgako (Aiarako udalerria) isurketak jasotzen ditu, eta Markijanako araztegira eramaten.

2.– Uraren Zuzendaritza Nagusiaren 2017ko martxoaren 6ko Ebazpenaren bidez, proiektua, haren ingurumen-inpaktuaren azterketa eta eraginpeko ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean aurkezteko espedienteari hasiera ematea baimendu zen.

Proiektuaren Jendaurreko Informazioaren espedientea Uraren Zuzendaritza Nagusiaren 2018ko apirilaren 9ko Ebazpenaren bidez onartu zen.

3.– Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Uraren Zuzendari Nagusiak, 2018ko maiatzaren 11n, teknikoki onartu zuen «Markijanako Hondakin Uren Araztegiaren aurreproiektua Aiaran (Araba)» eta «Basaurbeko Hondakin Uren Araztegiaren aurreproiektua Laudion (Araba)».

4.– Espedienteak zenbait ondasun eta eskubiderengan du eragina. Aipatutako espedienteak, horien zerrenda jasotzen du, identifikatzeko behar diren datuak zehaztuz eta banakatuz. Bere garaian ebatziak izan ziren jendaurrean jartzeko epean aurkeztutako alegazioak.

5.– 2020ko abenduaren 23an, Kantauriko Urkidetza Ur Partzuergoko lehendakariaren abenduaren 21eko 217/2020 Dekretuaren bidez, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Erregelamenduaren 5. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, eta desjabetzearen Onuradun izaera bere gain hartuta, Aiaran (Araba), Markijanako Hondakin-Uren Araztegiko obrak eta Laudion (Araban), Basaurbeko Hondakin-Uren Araztegiko obrak gauzatzeagatik eragindako lurren nahitaezko desjabetze-espedienteari hasiera emateko eskatu zen.

6.– 2021eko otsailaren 11n, Ingurumeneko sailburuordearen idazkia jaso zen. Horren bidez, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari agindu zitzaion abiaraz zitzala Markijanako Hondakin Uren Araztegiko (Aiara, Araba) eta Basaurbeko Hondakin Uren Araztegiko (Laudio, Araba) obrak gauzatzeak eragindako ondasun eta eskubideak nahitaez desjabetzeko prozedurak.

7.– 2021eko apirilaren 19an, Kantauriko Urkidetza Ur Partzuergoko lehendakariaren martxoaren 26ko 099/2021 Dekretuaren jakinarazpena jaso zen. Dekretu horren bidez, onuradun gisa, Nerbioi Garaiko Saneamenduko Plan Zuzentzailean jasotako Basaurbe eta Markijanako araztegiak eraikiko diren lursailen nahitaezko desjabetze-espedienteetan beharrezkotzat jotzen diren ondasunen eta/edo eskubideen zerrenda egin zen.

8.– Aiarako (Araba) Markijanako Hondakin Uren Araztegiko eta Laudioko (Araba) Basaurbeko Hondakin Uren Araztegiko obrak gauzatzeak eragindako lursailak okupatu behar dira, Nerbioi Garaiko saneamendurako beharrezkoak diren azpiegiturei jarraipena emateko. Azpiegitura horiek jada hasita daude kolektoreak eraikita, eta, horrela, 271/EEE Zuzentarauan (hiri-uren tratamendua) ezarritako epeak betetzen dira.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Plan Hidrologiko Nazionalaren uztailaren 5eko 10/2001 Legeak II. eranskinean («Inbertsioen zerrendan») dago jasota Nerbioi goi-erroaren saneamendua eta arazketa.

Bigarrena.– Aipatutako legearen 36.5 artikuluaren arabera, II. eranskinean jasotako obra guztiak onura publikokoak dira, eta Uraren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 44.2 eta 119. artikuluetan eta Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 10. artikuluan aurreikusitako ondorioak izango dituzte.

Hirugarrena.– 91/271/EEE Zuzentarauak, hiriko hondakin-uren tratamenduari buruzkoak, Europar Batasuneko (EB) ingurumena hiriko hondakin-urek sortzen dituzten eraginetatik babestea du helburu.

Era berean, Europar Batasuneko herrialdeek nahitaez bete beharreko hondakin-urak biltzeko, tratatzeko eta isurtzeko arauak ezartzen ditu.

Europako Batzordeak exekuzio-egoerari eta exekuzio-programei buruz eskura duen azken txostenak adierazten du Zuzentarau honek funtsezko zeregina izan duela EBko uren kalitatea hobetzeko. Hala ere, oraindik hutsuneak daude exekuzioari dagokionez, bereziki tratamendu egokiaren mailari dagokionez. Orain arte egindako inbertsioak eta EBko herrialdeek planifikatutakoak garrantzitsuak dira, baina ezinbestekoak dira aipatutako hutsuneak murrizteko eta betetzen jarraitzeko. Gainera, garrantzitsua da hiriko hondakin-uren sektoreak funtsezko ekarpena egitea hazkunde ekonomikoari eta lanpostuak sortzeari.

Ondorioz, Uren Legearen 130. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, behar bezala justifikatuta dago ondasunak okupatu eta eskubideak eskuratu behar direla, nahitaezko desjabetzea eta aldi baterako okupazioa lortzeko, dagokion legerian xedatutakoaren arabera.

Laugarrena.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamendua onartzen duen 1957ko apirilaren 26ko Dekretuaren 5. artikuluan eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 17. artikuluan xedatutakoaren arabera, Kantauriko Urkidetza Ur Partzuergoa Onuradun izango da.

Bosgarrena.– Nahitaezko desjabetzeari buruzko Legearen 17. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoa betetzeko, derrigorrezkoa da jendaurrean jartzea desjabetzeko prozedurak eraginpean hartutako ondasunen eta eskubideen zerrenda.

Seigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluaren arabera eta Derrigorrezko Lurjabetzearen Legearen 52. artikuluak dioenez, salbuespen modura eta Euskadiko Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabakiaren bidez, presakotzat jo daiteke obra bat egiteak edo helburu jakin bat izateak eragin dezakeen desjabetzeak ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatzea.

Aipatutako xedapenei, haien kidekoei eta ezargarri diren gainerakoei atxikiz, honako hau

XEDATZEN DUT:

1.– Nahitaezko desjabetze-espedientea hastea, Aiarako (Araba) Markijanako Hondakin Uren Araztegiko obrak eta Laudioko (Araba) Basaurbeko Hondakin Uren Araztegiko obrak egikaritzeagatik eragindako ondasun eta eskubideak okupatzeko; inplizituki ulertuko da obrak onura publikokoak direla deklaratzea eta desjabetzeko edo zortasunak ezartzeko helburuei dagozkien lursailak eta eraikinak okupatu behar direla, Plan Hidrologiko Nazionalari buruzko uztailaren 5eko 10/2001 Legean eta Uren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera, 91/271/EEE Zuzentaraua betez.

2.– Aipatutako espedienteak hartutako ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean aurkeztea, legeak agindutako azken argitalpenetik hamabost egun balioduneko epearen barruan, behar diren arrazoibide-idazkiak aurkeztu ahal izateko Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritza Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz), aipatutako zerrendan dauden akatsak zuzentzekotan. Hori guztia Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta haren Arautegiari dagozkionetan xedatutakoa betetzeko, eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko Eusko Legebiltzarraren ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 178. artikuluaren arabera.

Epe horretan ikusgai izango da honekin batera doan ondasunen eta eskubideen zerrenda, Laudio eta Aiarako udaletxeetako iragarki-taulan, aipatutako ondorioetarako.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernu Kontseiluari eskatzea Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak lehenbailehen okupatu ditzala, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako, Markijanako Hondakin Uren Araztegiko (Aiara, Araba) eta Basaurbeko Hondakin Uren Araztegiko (Laudio, Araba) obrak gauzatzeak eragindako ondasun eta eskubideak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 22a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala