Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

63. zk., 2021eko martxoaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
1842

EBAZPENA, 2021eko urtarrilaren 14koa, Lan eta Enplegu Saileko Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita «Esergui SA enpresaren Hitzarmen Kolektiboa» (hitzarmenaren kode-zenbakia: 86100322012017) erregistratu, gorde eta argitaratzea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2020ko abenduaren 4an, hitzarmenari buruzko dokumentazioa aurkeztu zen REGCON erregistroan; negoziazio-mahaiko enpresa-ordezkaritzak eta langileen ordezkaritzak 2020ko ekainaren 5ean sinatu zuten.

Bigarrena.– 2020ko abenduaren 15ean, zuzentzeko errekerimendua egin zaio Negoziazio Batzordeari, eta 2021eko urtarrilaren 13an bete da, REGCON erregistroan.

Hirugarrena.– Aipatutako hitzarmenaren sinatzaileek erregistratzeko, gordailutzeko eta argitaratzeko eskabidea izapidetu behar duen pertsona izendatu dute.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (Lehendakariarenak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak) Lan eta Enplegu Saila sortu du 2. artikuluan, eta 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, lan-arloko legeriak lan-harremanei buruz ezartzen duena egikaritu behar du, besteak beste. Bestalde, dekretu horretako xedapen iragankor bakarrak adierazten duenez, azken xedapenetako lehenean aurreikusitakoa gauzatzen den bitartean, indarrean jarraituko dute Jaurlaritzako Lehendakaritzaren eta Jaurlaritzako sailen egitura eta eginkizunak zehazten dituzten arau organikoek, eta, beraz, indarrean jarraituko du Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuak. Besteak beste, sail horren eginkizunak dira Euskadiko Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistro Telematikoa zuzentzea eta kudeatzea, erregistro hori arautzen duen dekretuan eta gainerako arauetan ezarritakoari jarraituz.

Bigarrena.– Prozedura honetan aplikatu beharreko funtsezko araudia honako hauetan dago jasota: 713/2010 Errege Dekretua, maiatzaren 28koa, lan-hitzarmenak eta akordio kolektiboak erregistratu eta gordailutzeari buruzkoa, eta 9/2011 Dekretua, urtarrilaren 25ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroari eta gordailuari buruzkoa.

Hirugarrena.– Aurkeztutako akordioa inskriba daitekeen egintza bat da, Lan-hitzarmenak eta akordio kolektiboak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Dekretuaren 2.1.a) artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eta Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 85., 88., 89. eta 90. artikuluetako betekizunen arabera sinatu da.

Inskripzio-eskaera eta erantsitako dokumentazioa aztertuta, egiaztatu da legez eskatzen diren baldintzak betetzen dituela eskaerak, eta, beraz, Euskadiko lan-hitzarmenak eta -akordio kolektiboak erregistratu eta gordailutzeari buruzko urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Agindua ematea akordioa inskribatu eta gordailutu dadin Euskadiko Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan, eta horren berri alderdiei jakinaraztea.

Bigarrena.– Hitzarmena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 14a.

Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,

ANGEL LAPUENTE MONTORO.

ESERGUI SA-REN HITZARMEN KOLEKTIBOA
ZIERBENAKO LANTOKIA ETA DONOSTIAKO LANTOKIA
1. KAPITULUA
APLIKAZIO-EREMUA

1. artikulua.– Alderdiak zehaztea.

Hitzarmen kolektibo hau Esergui SA. enpresak Zierbenan (Ceballos lurmuturreko zabalgunea z/g) eta Donostian (Zuatzu industrialdeko Ulia eraikineko 1. solairuko 14. zenbakia) dituen lantokietako langileen legezko ordezkariek sinatu dute.

2. artikulua.– Funtzio-eremua, lurralde-eremua eta langile-eremua.

Hitzarmen kolektibo hau Esergui SA enpresak Zierbenako (Ceballos lurmuturreko zabalgunea z/g) eta Donostiako (Zuatzu industrialdeko Ulia eraikineko 1. solairuko 14. zenbakia) lantokietan dituen langile guztiei aplikatuko zaie.

3. artikulua.– Indarraldia.

Hitzarmen kolektibo honek 6 urteko indarraldia izango du, 2017ko urtarrilaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra.

4. artikulua.– Indarraldia, iraupena eta luzapena.

Hitzarmen kolektibo honetarako itundu den iraupena amaitu ondoren, berariaz adostu da, Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluan xedatuaren eraginetarako, hitzarmenak indarrean jarraituko duela, hitzarmena salatuta eta hitzartutako indarraldia amaituta ere, hura ordeztuko duen beste bat negoziatu arte.

Hitzarmen kolektibo hau salatu eta amaitu ondoren, hitzarmenaren klausula arauemaile guztiek indarrean jarraituko dute beste akordio bat sinatu arte.

Hitzarmen kolektiboa berrikusteko salaketa alderdietako edozeinek egin ahal izango du, behar bezala arrazoitutako idazki baten bidez. Idazki horretan, berrikusi beharreko puntuak zehaztuko dira, eta hitzarmena iraungi baino gutxienez 3 hilabete lehenago eman beharko zaio beste aldeari.

Bi aldeek hitzarmen kolektibo berri bat (edo dagozkion apartatuak) negoziatzen hastea hitzeman dute, hitzarmenaren edo adierazitako apartatuen indarraldia amaitu baino hilabete lehenago.

Aldeetako bakar batek ere hitzarmen kolektiboa berrikusteko salaketarik egiten ez badu, hitzarmena urtez urte luzatuko da.

5. artikulua.– Osotasunarekiko lotura eta zuzenbide osagarria.

ZIERBENAKO LANTOKIA

Hitzarmen honetan adostutako baldintzek osotasun zatiezina osatzen dute eta, aplikatzeko garaian, orokorrak bezala hartuko dira.

Hitzarmen kolektibo honetan aurreikusten ez denari dagokionez, Produktu Kimikoen eta Industrialen Handizkarien eta Inportatzaileen hitzarmeneko arau orokorretan xedatutakoa beteko da. Orain arte aplikatzen diren baldintza onuragarrienak mantenduko dira.

DONOSTIAKO LANTOKIA

Hitzarmen honetan adostutako baldintzek osotasun zatiezina osatzen dute eta, aplikatzeko garaian, orokorrak bezala hartuko dira.

Hitzarmen kolektibo honetan aurreikusten ez denari dagokionez, Gipuzkoako Bulegoetarako eta Langeletarako hitzarmeneko arau orokorretan xedatutakoa beteko da. Orain arte aplikatzen diren baldintza onuragarrienak mantenduko dira.

6. artikulua.– Berme pertsonala.

Hitzarmen kolektibo honetan jasotako baldintza ekonomikoak, edo bestelakoak, gutxienekotzat joko dira. Hitzarmen honetan ezarritako baldintzen gaineko baldintza pertsonalak errespetatuko dira, eta soilik ad personam gordeko dira.

Horri guztiari kalterik egin gabe, hitzarmen kolektibo honetako soldata-tauletan adierazitako ordainsariak langile berriei bakarrik aplikatuko zaizkie. Gaur egun enpresan alta emanda dauden langileek egungo urteko soldata finkatuta mantenduko dute.

7. artikulua.– Hitzarmen kolektiboa ez aplikatzea eta desadostasunak ebaztea.

Enpresak inola ere ezingo du hitzarmen hau ez aplikatu Langileen Estatutuak 82.3 artikuluan jasotzen duen prozeduraren bidez; epea amaitu baino lehen, hitzarmena berriro negoziatzen ahalegindu beharko du, beste hitzarmen bat lortzeko, edo hura berrikusteko, Langileen Estatutuaren 86.1 artikuluak ezarritakoari jarraituz.

Dena dela, bi alderdiek espresuki adostu dute ezen, desadostasunak ebazteko, PRECO lanbidearteko akordioan jasotako adiskidetze- eta bitartekaritza-prozesuak aplikatuko direla. Arbitraje-prozedura soilik aplikatuko da bi alderdiek prozedura horren mende jartzea erabakiz gero.

Enpresak hitzarmen kolektiboa aldi batean aplikatu nahi ez badu (arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak edo ekoizpenekoak direla-eta), eta langileen ordezkariekin akordiorik lortzen ez badu, eta gatazkak konpontzeko lanbide arteko akordioen prozeduretara jota ere desadostasun hori konpontzen ez bada, bi alderdien arteko akordioa beharko da (enpresaren ordezkaritza eta langileen ordezkaritzaren gehiengoa), hitzarmena ez aplikatzeari buruzko desadostasuna ORPRICCEren esku jartzeko.

2. KAPITULUA
BATZORDE PARITARIOA

8. artikulua.– Osaera.

Hitzarmen hau interpretatzeko eta zaintzeko batzorde paritarioa eratu da. Batzordea langileen lau ordezkarik eta enpresaren ordezkari batek osatzen dute, eta hitzarmen hau sinatu dute.

Hitzarmen hau betetzera behartuta dauden aldeen artean hitzarmenaren klausulak interpretatu edo aplikatzeari buruz izan daitekeen zalantza edo desadostasun oro batzorde horren derrigorrezko irizpenaren menpe jarriko da.

9. artikulua.– Eginkizunak.

Hauek dira batzorde paritario mistoaren eginkizun espezifikoak:

1.– Hitzarmen kolektiboa interpretatzea.

2.– Aldeek hala eskatuta, hitzarmen honen ezarpen-eremuan sor litezkeen kontu eta gatazka kolektibo guztien tratamenduan eta ebazpenean bitartekotza-, adiskidetze- edo arbitraje-lanetan aritu beharko du.

3.– Itundutakoa betetzen dela zaintzea.

4.– Hitzarmena ezartzean edo interpretatzean lantokian sor litezkeen gatazka kolektiboak ulertzea eta horien interpretazioa idatziz ematea, beste bide batera jo aurretik, nahitaez.

10. artikulua.– Desadostasunen ebazpena.

Batzorde paritario mistoa ezarritako epean bere eskumeneko gaiaren inguruan ados jartzen ez bada, auzia PRECOra igoko da (Euskal Autonomia Erkidegoan hitzarmen kolektiboetako gatazkak konpontzeko lanbidearteko akordioa), eta aldeak bertan aurreikusten diren adiskidetze- edo bitartekaritza-prozeduren mende geratuko dira.

Era berean, alde biek 1990eko uztailaren 3ko 131. zenbakiko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako Gatazka Kolektiboak Ebazteko Borondatezko Prozedurei buruzko Konfederazio arteko Akordioa (PRECO II) onartzen dute.

Hitzarmen honen eremuan, berau aplikatu eta interpretatzerakoan sor daitezkeen gatazka kolektiboak konpontzeko erabiliko da akordio hori.

3. KAPITULUA
LANAREN ANTOLAKETA

11. artikulua.– Lanbide-sailkapena.

Lanbide-sailkapena I. eranskineko zerrendan zehaztuta dago, eta Zierbenako eta Donostiako lantokiak bereizita daude.

Barne-sustapena:

Enpresak langileen premiak garaiz argitaratzea hitzematen du. Behar horiek iragarki-taulan argitaratuko dira, lanpostua betetzeko behar den profilaren berri emanez. Enpresako langileek aukera berdinak izango dituzte behin-behinean sortzen den lanpostua betetzeko.

Administrari laguntzaileen eta hirugarren mailako operadore ofizialen kategorietan hiru urtez jarduten duten kategoria horietako langileak automatikoki igoko dira lehen mailako administrari eta operadore ofizialen kategoriara, hurrenez hurren.

12. artikulua.– Probaldia.

Kontratazio berrietan aplikatu behar den probaldia ezin izango da sei hilabetetik gorakoa izan hitzarmen kolektibo honen indarraldian.

13. artikulua.– Mugigarritasun geografikoa.

Enpresak langile bat edo langileen talde bat lekuz aldatzea sustatzen badu, Langileen Estatutuaren 40. artikuluarekin bat etorriz, eragindako langileei eta langileen lege-ordezkariei horren berri eman beharko die, lekualdaketa egin baino gutxienez hilabete lehenago.

Hilabete bateko aurreabisu hori txikiagoa izan daiteke, betiere eragindako langileak, enpresa eta langileen ordezkariak ados badaude.

Mugikortasun geografiko guztietan eta lan-baldintzak aldatzen diren guztietan (egoitzaren itxiera edo aldaketetan salbu), enpresaren proposamena aukerakoa izango da langilearentzat; bestela, ezinezkoa izango da.

14. artikulua.– Lan-baldintzak aldatzea.

a) Lan-baldintzen funtsezko aldaketak, banakakoak zein kolektiboak, langileei zein langileen legezko ordezkariei jakinarazi beharko zaizkie, indarrean sartu baino hogeita hamar egun natural lehenago.

b) Lan-baldintzen funtsezko aldaketarik gertatuz gero, ez diete eragingo, inola ere, ez lanaldiari (lan egin beharreko orduei), ez soldataren zenbatekoari.

c) Negoziatzeko zilegitasuna duten subjektuak, eta kontsultaldia.

1.– Izaera kolektiboko funtsezko aldaketak negoziatzeko legitimazioa izango dute, alde batetik, enpresak askatasunez izendatutako ordezkaritzak, eta, bestetik, langileen legezko ordezkariek.

2.– Prozesu horietan, kontsultaldiak gutxienez hogeita hamar egun naturalekoak izango dira, bi aldeek beste zerbait adosten dutenean izan ezik.

d) Kontsultaldia adostasunik gabe amaitzea.

Kontsultaldia alderdien arteko adostasunik gabe amaitzen bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Gatazka Kolektiboak Konpontzeko Lanbide arteko Akordioak (PRECO) arautzen dituen adiskidetze- edo bitartekaritza-prozedurak baliatu beharko dira nahitaez, enpresak neurririk hartu aurretik.

15. artikulua.– Kaleratze kolektiboa.

Ekonomiari, teknikari, antolaketari edo ekoizpenari lotutako arrazoiengatik, lan-kontratuak Langileen Estatutuaren 51. eta 52. artikuluetan ezarritako baldintzetan suntsiarazten badira, hori kaleratze kolektibotzat hartuko da.

Kontsulta- eta negoziazio-aldia gutxienez ere hogeita hamar egunekoa izango da, bi aldeek beste zerbait adosten dutenean izan ezik.

16. artikulua.– Ekonomia, teknika, antolaketa edo ekoizpeneko arrazoiak bitarteko, kontratua etetea edo lanaldia murriztea.

Ekonomia, teknika, antolaketa edo ekoizpeneko arrazoiak direla eta, enpresaburuaren lan-kontratua eten ahal izango du, Langileen Estatutuaren 47. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera. Horrez gain, honako baldintza hauek bete beharko dira:

● Kontsulta- eta negoziazio-aldia hamabost egunekoa izango da gutxienez, bi aldeek beste zerbait adosten dutenean izan ezik.

4. KAPITULUA
LANALDIA

17. artikulua.– Urteko lanaldia.

ZIERBENAKO LANTOKIA

a) Eragiketak egiten dituzten langileen urteko lanaldia benetan lan egindako 1.715 ordukoa izango da, hitzartutako ordainsariengatik.

b) Urte osoan lanaldi zatituan lan egiten duten arduradunen eta ingeniarien kasuan, urteko lanaldia benetan lan egindako 1.747 ordukoa izango da, hitzartutako ordainsariengatik.

c) Gainerako langileen kasuan, urteko lanaldia benetan lan egindako 1.700 ordukoa izango da.

DONOSTIAKO LANTOKIA

Urteko lanaldia benetan lan egindako 1.700 ordukoa izango da. Asteko lanaldia ostiraleko 15:00etan amaituko da, gehienez ere.

18. artikulua.– Ordutegia.

Lan-ordutegiak eta egutegiak enpresako zuzendaritzaren eskumena dira, baina horiek langileen legezko ordezkariekin adostea hitzematen du. Erabakirik hartzen ez bada, Zuzendaritzak finkatuko ditu.

Hitzarmen kolektibo honen indarraldiko urte bakoitzean, Zuzendaritzak ezarri eta argitaratuko ditu aplikatu beharreko lan-egutegiak. Egutegiak urte bakoitzeko abenduaren 1erako finkatuko dira beranduenez.

ZIERBENAKO LANTOKIA:

Ordutegi eta egutegi motak urtero negoziatuko dira, eta abian den urtean zehar aldatu ahal izango dira, langileen legezko ordezkaritzak esku hartu ondoren, ekoizpen-inguruabarren eta -premien arabera.

Egutegiak lanaldi zatitukoak, bi txandakoak, hiru txandakoak eta lau txandakoak izan daitezke. Horien ordutegiak langileen legezko ordezkariekin adostuko dira.

Lanaldi jarraituetan, 15 minutuko atsedenaldia ezarriko da, eta lanaldi gisa hartuko dira.

DONOSTIAKO LANTOKIA

Astelehenetik ostegunera, lan-ordutegi ofiziala 08:30etik 17:00etara izango da. Ordutegi horretan 30 minutuko atsedenaldi jarraitu bat hartu beharko da.

Ostiraletako eta jai-bezperetako ordutegia 08:00etatik 15:00etara izango da.

Ekainaren 15etik irailaren 15era, lan-ordutegia 08:00etatik 15:00etara izango da, Aste Nagusian izan ezik, orduan 08:00etatik 14:00etara izango baita.

Lanaldi jarraitua egiten ez duten langile guztiek lantokira sartzeko malgutasuna izango dute 08:00etatik 09:00etara. 08:00ak baino lehen lan egindako denbora zenbatu ahal izateko, saileko arduradunak baimena eman beharko du, eta gai profesionalekin lotuta egon beharko du.

Laguntza- eta luzapen-ordutegiak:

Behar izanez gero, konpainiaren funtzionamendu egokirako laguntzak ezarri ahal izango dira Zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen duen arlo guztietan.

Horretarako, laguntza edo luzapenean ari diren langileen ordutegi ofizialak eta ofizialki ezarritakoak desberdinak izan daitezke.

Ezarri behar izanez gero, batzorde mistoa bilduko da, hura behar bezala aplikatzeko.

Laguntza- edo luzapen-ordutegia 19:00etan amaituko da astelehenetik ostegunera, eta 17:00etan ostiral eta jai-bezperetan.

Ekainaren 15etik irailaren 15era, luzapen- eta laguntza-ordutegia 17:00etan amaituko da, Aste Nagusian izan ezik, orduan ez baita aplikatuko. Gabonetan ere ez da aplikatuko, abenduaren 24tik urtarrilaren 2ra, biak barne.

Laguntza- eta luzapen-ordutegi horiek txandaka aplikatuko dira dagozkien eremu guztietan.

19. artikulua.– Txanda-aldaketak.

Langileek txanda aldatu ahal izango dute egun batean edo bitan, baina, edonola ere, atsedenaldiak eta araudi orokorra bete beharko dituzte. Gainera, enpresari aldez aurretik jakinarazi beharko diote, eta enpresak oniritzia eman beharko die.

20. artikulua.– Lanik gabeko egunetan eta jaiegunetan lan egitea.

ZIERBENAKO LANTOKIA

a) Abenduaren 24a eta 31 lanik gabeko egun gisa hartuko dira.

b) Tokiko jaieguna Zierbena herriari era ofizialean zehaztutakoa izango da, eta langileak, egun horretan lan eginez gero, egun hori beste egun batean hartzeko aukera izango du, bere arduradunarekin adostu ondoren.

DONOSTIAKO LANTOKIA

a) Abenduaren 24a ala 31 lanik Gabeko egun gisa hartuko da. Edonola ere, egun horietako lanaldia 08:00etatik 13:00etara izango da.

b) Tokiko jaieguna Donostiari era ofizialean zehaztutakoa izango da, eta egun berezitzat hartuko da.

21. artikulua.– Egutegia, koadrantea eta oporrak.

Urte bakoitzeko azaroan, enpresak langileen legezko ordezkaritzaren hurrengo urterako lan-egutegia aurkeztuko du, eta haren banaketa negoziatuko da. Adostasuna lortzen bada, bi aldeek hura sinatu eta enpresako iragarki-tauletan argitaratuko da. Adostasunik lortzen EZ bada, enpresak bakarrik izango du horretarako ahalmena, betiere indarreko legeria eta hitzarmen kolektibo honetako akordioak betetzen badira.

Hasiera batean, opor-egunak finkatzeko irizpide ofiziala sail bakoitzean adostutakoa izango da. Sail bereko langileen artean desadostasunak sortuz gero, datak aukeratzeko txanda-irizpidea aplikatuko da.

Enpresaren opor-egutegian ezarritako oporraldia haurdunaldiak, erditzeak edo bular-emate naturalak eragindako aldi baterako ezintasun batekin edo Langileen Estatutuaren 48.4 eta 48.bis artikuluan xedatutako lan-kontratuaren etenaldiarekin batera suertatzen direnean, beste data batean hartu ahal izango dira oporrak, hau da, aldi baterako ezintasuna gertatzen den edo aipatu araua aplikatuz baimena hartzeko dagokion data ez den beste batean, etenaldia amaitu ondoren, baita urte naturala bukatzen bada ere.

Aurreko lerrokadan adierazitako kontingentziez besteko arrazoiak direla-eta, oporraldia heltzean langilea aldi baterako ezintasun-egoeran badago eta oporrei dagokien urte naturalean ezin baditu hartu opor guztiak edo haien zati bat, ezintasun-egoera amaitzean hartu ahal izango ditu, oporretarako eskubidea sortu den urtearen amaieratik hemezortzi hilabete baino gehiago igaro ez badira.

Enpresako zuzendaritzak ezin izango du urteko oporren antolaketa bere aldetik bakarrik aldatu, bi aldeek hala adostu ezean, urte bakoitzeko martxoaren 1etik aurrera.

Kolektiboaren antolaketak berak aurrez zehaztutako lan-egutegirik ez duten langileek ekainean, uztailean, abuztuan edo irailean hartu beharko dituzte udako oporrak.

Hitzarmen honen eraginpeko langile guztiek ordaindutako oporrak hartzeko eskubidea izango dute, eta soldata errealaren ordainsaria jasoko dute (aparteko orduak kanpo).

ZIERBENAKO LANTOKIA

a) Terminaleko operadoreak ez diren eta Zierbenako lantegitik lan egiten duten sailetako langileek Donostiako lantokiko prozeduraren arabera izango dituzte oporrak.

b) Urteko oporraldia 23 lanegunekoa izango da eragiketen arloan, eta 25 lanegunekoa administrazio-arloan.

DONOSTIAKO LANTOKIA

a) Urteko lanaldia 22 lanegunekoa izango da langile guztientzat.

b) Jaiegun ofiziala asteartea edo osteguna bada, astelehenak edo ostiralak zubitzat hartuko dira, eta langileek gutxienez erdiaz baliatuko dira. Hala ere, sailek behar bezala funtzionatzeko behar den zerbitzua bermatuko da.

5. KAPITULUA
LANALDI MUGATUA – LANALDIAREN ERREGISTROA

22. artikulua.– Lanaldi malgua.

Langileen Estatutuaren 34.2 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, eta langileen legezko ordezkariei jakinarazi ondoren, lanaldiaren % 5 modu irregularrean banatu ahal izango da; beraz, ezin izango da lanaldiaren bestelako banaketa irregularrik egin artikulu honetan berariaz xedatutakoa kontuan izan gabe.

Hala ere, urtero, lan-egutegian dagokion malgutasuna adostu ahal izango da, bi aldeak ados jartzen badira.

2020rako, kointzidentzia-ordutegia deritzona hitzartu da. Horrenbestez, Zierbenako Eserguin, teknikariak ez diren langileek gutxienez ordutegi hau bete beharko dute (lanaldi zatituko langileek), langile guztiak lan-bileretarako libre egon daitezen:

09:00etatik 13:00etara = 4 ordu.

14:30etik 16:30era = 2 ordu.

23. artikulua.– Soberako orduak eta ezohiko jarduera.

Ezin izango da aparteko ordurik ordaindu, salbuespen kasuetan eragiketen arloko kolektiboari salbu, Zierbenako zentroko operazio-administrarien kolektiboari barne. Enpresaren gainerako jardueretan (Administrazioa, Merkataritza, Finantzak, Marketina, Langileen Kudeaketa, Sistemak eta abar) urteko zenbaketan sortuko diren soberako orduak atsedenaldi gisa konpentsatuko dira, 1 = 1eko proportzioan.

Salbuespen gisa, egutegiko soberako orduak urte batetik bestera aldatu ahal izango dira, baina urtean bertan erabiltzea gomendatzen da, azken zenbaketa zero izan dadin.

2020an, benetan egindako lanaren barne-kontzeptua egokituko da langileen legezko ordezkariekin batera; izan ere, enpresan egindako denbora ezin da kasu guztietan hartu benetan lan egindako denboratzat.

ZIERBENAKO LANTOKIA

Abenduaren 24ko 18:00etatik abenduaren 25eko 20:00etara, eta abenduaren 31ko 18:00etatik urtarrilaren 1eko 20:00etara, ezin izango da egin ponpaketekin eta itsasontziekin lotutako eragiketarik.

Eragiketen arloko langileek bi egun libre izango dituzte urtean zehar hartzeko.

Gertakari operatibo bat gertatuz gero, etxebizitzatik lantokira joateko denbora benetan lan egindako denboratzat hartuko da, Zierbenan nahiz Donostian.

Enpresaren jardueraren ezaugarriak direla eta, zenbait jarduera ezarritako lan-ordutegietatik kanpo egin behar dira ezinbestean. Hori dela eta, txandaka lan egiten duten langileen urteko lanaldiaren zati bat ohiko ordutegitik kanpo bete beharko da.

Aparteko ordutzat hartuko dira aldez aurretik finkatutako eta bi aldeek hitzartutako urteko egutegian zehaztutako ordutegitik kanpo lan egindako ordu guztiak. Eragiketa- eta administrazio-arloko jardueren kasuan, horiek ordain ekonomiko espezifiko bat izango dute; ordain horrek soldata-taulan aparteko ordu gisa finkatutako balioa izango du, eta behar den atsedenaldiarekin erregularizatuko da, legeak ezarritako epeetan.

24. artikulua.– Lanaldi-erregistroa.

Lan, Migrazio eta Gizarte Segurantza Ministerioak duela gutxi argitaratu ditu 2019ko martxoaren 8ko 8/2019 Errege Lege Dekretuari dagozkion argibideak.

Bertan jasotzen diren irizpideen arabera, langileen legezko ordezkaritzak eta enpresako zuzendaritzak honako hau adostu genuen: Esergui SA enpresako Zuzendaritza Batzordea osatzen duten kideek, lan-harreman bereziak dituztenez, ez dutela lanaldia erregistratu beharrik izango, haien erantzukizuna ez baitago lanaldi jakin bati atxikita.

Horrez gain, Gidak honako hau jasotzen du: «...goi-zuzendaritzakoak ez diren langileen kasuan (erdi-mailako agintariak, konfiantzazko karguak edo erantzukizun bereziak dituztenak), lanaldiaren norberaren aukerako erregimen bat itunduta dute edo beren lan-jarduera erabat betetzeko guztiz prest egoteko kontratuzko betebeharra dute. Oro har, modalitate horien atzean eskubide-abusuzko egoerak ezkutatzen ez direla kontuan hartuta, langile horien eguneroko lanaldia erregistratu egin behar da; dena den, lanaldia egiaztatu egin beharko da ordu-erabilgarritasunari buruzko itunaren bidez, eta ulertzen da langileak bereganatzen dituen ordainsariak modu proportzionalean konpentsatzen duela lanaldiaren eskakizun handiago hori (edo hitzarmen kolektiboak eskatzen duena baino lanaldi txikiagoa, garrantzitsuena malgutasuna izanik). Horregatik, gomendagarria litzateke subjektu kolektiboek negoziazio kolektibo edo enpresaren akordio bidez autoerregulatzeko duten gaitasunak inguruabar hori jasota uztea, gehiegizkoak edo neurriz kanpokoak diren egoerak saihesteko».

Irizpide horrekin lotuta, eta zer-nolako enpresa garen kontuan hartuta, pertsona askok erabateko malgutasuna dute beren erantzukizunak betetzeko. Gainera, gaur egun arte inork ez du % 100ean egiaztatu Esergui SA enpresaren kolektibo osoak betetzen duela hitzarmen kolektiboan jasotzen den benetako lanaldiaren betebeharra; izan ere, langile guztiek fitxatzen dute, eta ez dira bereizi presentzia-orduak eta benetan lan egindako orduak, eta beraz, haien urteko lanaldia itundutakoa baino handiagoa edo txikiagoa izatea gerta liteke.

Beraz, langileen legezko ordezkaritzak eta Esergui SAko zuzendaritzak, egoera hori erregularizatzeko asmoz, erabaki dugu Esergui SAko langile guztien urteko soldata gordina zati finkoan 50.000 euro-koa edo hortik gorakoa izatea (letra etzanean jasotako apartatuan dago sartuta); lanaldia nahitaez erregistratu beharko da, baina ez da ordu bakar bat ere zenbatuko egutegiko ordu positibo edo negatibo gisa.

Benetan lan egin ez den denborari dagokionez (kafeak, tabakoa eta abar), bi aldeek adostu dute inguruabar horiengatik gehienez ere 18 ordu metatzea profesional bakoitzeko. Ondorio horietarako, ez dira zenbatuko edo konpentsatuko adierazitako lehen 18 aparteko orduak; izan ere, ulertuko da metatutako ordu horiek ez direla benetan lan egindako orduak.

Behar profesionalak direla eta, Esergui SA enpresako langileek beren ohiko lantokitik kanpo joan behar badute, benetan lan egindako denbora gisa hartuko den lanaldia egun horretako lanaldi osoa izango da, lan-egutegian jasotakoa, edo behar bezala justifikatutako orduak.

6. KAPITULUA
SOLDATA-ORDAINSARIAK

25. artikulua.– Ordainsarien sistema.

Hitzarmen honi atxikitako langileei eman behar zaien soldata-ordainsaria osatuko dute oinarrizko soldatak eta dagozkion osagarriek, kapitulu honetan eta erantsitako soldata-taulan ezarritakoaren arabera.

26. artikulua.– Soldaten ordainketa.

Urteko soldata finkoa 14 hileko kuotetan ordainduko da, baina, salbuespen gisa, 12 hileko kuota jaso ahal izango dira.

Aurrerakinak:

Enpresan 10 urte baino gehiago daramatzaten langile guztiek hiru hilabetera arteko soldata-kuoten aurrerakina eskatu ahal izango diote enpresari, interesik gabe eta premia behar bezala justifikatuta (justifikazio hori enpresako zuzendaritzaren eta langileen legezko ordezkaritzaren artean baloratuko da). Aurrerakinaren amortizazioa ez da izango hileko soldataren % 10 baino handiagoa deskontu bakoitzean.

27. artikulua.– Aparteko haborokinak.

Soldata hamalau alditan jasotzen duten langileek ekainean eta abenduan jasoko dituzte aparteko haborokinak. Bi haborokinak ohiko soldata gordinaren hileko soldata gehi antzinatasunaren zenbateko berekoak izango dira.

Enpresan 25 urte egin dituzten langileek hirugarren haborokin bat jasoko dute. Haborokin gehigarri hori jarraitutasunaren haborokin gisa hartuko da. Soldata erreal gordinari % 5eko igoera aplikatuko zaio, eta gainerakoa urte bakoitzeko urrian ordainduko da. Hirugarren haborokina administrazio- eta eragiketa-arloko langileei bakarrik ordainduko zaie, baina ez zuzendaritzako langileei.

28. artikulua.– Soldatak berrikustea.

Hitzarmen kolektiboa indarrean den urte bakoitzerako, honako hauek izango dira soldata-berrikuspenak:

Erreferentziako KPIa Estatukoa izango da.

2017. urtea: 2016ko KPIaren igoera (2017an gauzatua).

2018. urtea: 2017ko KPIaren igoera (2018an gauzatua).

2019. urtea: 2018ko KPIaren igoera (2019an gauzatua).

2020. urtea: lau tarte daude, Estatuko 2019ko KPIaren erreferentziarekin zehaztutako soldata-berrikuspenak barne hartzen dituztenak.

● 2019ko soldata gordina: 18.000 euro-tik 29.999 euro-ra (soldata-berrikuspena: KPI + % 1).

● 2019ko soldata gordina: 30.000 euro-tik 39.999 euro-ra (soldata-berrikuspena: KPI + % 0,60).

● 2019ko soldata gordina: 40.000 euro-tik 49.999 euro-ra (soldata-berrikuspena: KPI + % 0,30).

● 2019ko soldata gordina: 50.000 euro-koa edo hortik gorakoa (KPIaren araberako soldata-berrikuspena).

2021. urtea: lau tarte daude, Estatuko 2020ko KPIaren erreferentziarekin zehaztutako soldata-berrikuspenak barne hartzen dituztenak.

● 2020ko soldata gordina: 18.000 euro-tik 29.999 euro-ra (soldata-berrikuspena: KPI + % 1).

● 2020ko soldata gordina: 30.000 euro-tik 39.999 euro-ra (soldata-berrikuspena: KPI + % 0,60).

● 2020ko soldata gordina: 40.000 euro-tik 49.999 euro-ra (soldata-berrikuspena: KPI + % 0,30).

● 2020ko soldata gordina: 50.000 euro-koa edo hortik gorakoa (KPIaren araberako soldata-berrikuspena).

2022. urtea: lau tarte daude, Estatuko 2020ko KPIaren erreferentziarekin zehaztutako soldata-berrikuspenak barne hartzen dituztenak.

● 2021eko soldata gordina: 18.000 euro-tik 29.999 euro-ra (soldata-berrikuspena: KPI + % 1).

● 2021eko soldata gordina: 30.000 euro-tik 39.999 euro-ra (soldata-berrikuspena: KPI + % 0,60).

● 2021eko soldata gordina: 40.000 euro-tik 49.999 euro-ra (soldata-berrikuspena: KPI + % 0,30).

● 2021eko soldata gordina: 50.000 euro-koa edo hortik gorakoa (KPIaren araberako soldata-berrikuspena).

Estatuko KPI «0» edo txikiagoa bada, soldata-kontzeptu errealak gutxienez % 0,5 igotzea bermatzen da, 30. artikuluan ezarritakoaren arabera.

29. artikulua.– Soldata-kontzeptuak.

Hitzarmen honetan, soldata-kontzeptu batzuk langile guztientzat ezarrita daude; eta beste kontzeptu batzuk, berriz, espezifikoak dira, lantokiaren araberakoak (Zierbenakoa edo Donostiakoa). Hori dela eta, kontzeptuak jaso ditugu, eta langile guztientzat ala lantokiko kontzeptu espezifikoak diren zehaztuta daude.

BI SALTOKIETAN

Oinarrizko soldata:

Langile guztiei aplikatuko zaie. Balioa soldata-taula ofizialean ezarritakoa izango da.

Dietak eta kilometro-ordainak:

Enpresak eskatuta, langileek lantokitik lekualdatu behar badute, eragindako gastuak ordainduko ditu, bidezkoak badira eta aldez aurretik justifikatuta, betiere langileek enpresaren gastu-politika ofiziala betetzen badute. Lanaldi trinkoa luzatu behar den kasuetan, ostiraletan eta jai-bezperetan ere ordainduko dira gastu horiek, baita lantokitik lekualdatu behar ez bada ere.

2020an, eta Hitzarmen hau sinatzen denetik hasita, norberaren autoan egindako laneko joan-etorrietarako kilometrajea 0,345 euro/km izango da. 2021. eta 2022. urteetan, kopuru horri aurreko urteko KPIa gehituko zaio.

Antzinatasuna:

Langile guztiek, kategoria-salbuespenik gabe, soldataz gain, antzinatasun-ordainsaria jasoko dute, eta honela ordainduko zaie:

1.– Antzinatasun-taulan ezarritako zenbatekoa ordainduko zaie 1982ko urtarrilaren bata baino lehen egindako azken biurtekotik 1996ko abenduaren 31ra arte egin diren hirurtekoengatik.

2.– 1997ko urtarrilaren 1etik aurrera, bosturteko antzinatasuna zenbatuko da, eta antzinatasun-taulan ezarritako zenbatekoa ordainduko zaie.

Antzinatasun-plusa aplikatuta ere, langileei ezin izango zaizkie inola ere murriztu hitzarmen hau indarrean jartzean antzinatasunarengatik jasotzen dituzten zenbatekoak.

Hitzarmen honetan antzinatasunagatik itundu diren ordainketak –soldata-taulan antzinatasunari lotuta daude– lantoki bakoitzean ordainduko dira hitzarmena indarrean sartzen denean, eta langileek dagozkien bosturtekoak betetzen dituztenean.

Donostiako lantokian ordaintzen den plusa, egun berezietan lan egiteagatik (Estatu osokoak ez diren jaiegunetan).

Urteko egutegian, urtero jaiegun batzuk ezartzen dira lantokirako, Estatu osoan jaiegunak ez direnak. Sail bakoitzak egun berezi horietako beharren estaldura ziurtatu beharko du. Estaldura hori sailaren arabera erabakiko da. Egun berezian lan egitearen ondorioz, konpentsazioa honako hau izango da: 1=2.

Horrez gain, lan-egutegitik kanpo egun gehiago lan egin beharra ere gerta liteke.

● Estali beharreko lehen egun berezia. Lan egindako orduak beste une batean hartzea, % 200eko igoerarekin.

● Bigarren egun berezia edo hurrengoak. Ahal dela, orduak % 200ean konpentsatuko dira, baina kobratzeko eskaerak ere aztertuko dira.

Zuzendaritzak ordu horiek ordaintzeko baimena eman beharko du.

Txandaren plusa: Zierbenako terminaleko eragiketa- eta administrazio-txanden sistemari atxikitako langile bakoitzari aplikatu beharrekoa.

Eskuragarritasunarekin eta jarduerarekin lotutako plusa: operadore bakoitzari aplikatuko zaio. Administrazio-arloko langileek, ordea, ez dute jasoko.

Hitzarmenaren indarraldiko gainerako urteetan, Estatuko aurreko urteko KPIa igotzen den proportzio berean igoko dira plus horiek.

7. KAPITULUA
LIZENTZIAK, BAIMENAK ETA LANA, GIZARTE-BIZITZA ETA FAMILIA-BIZITZA BATERAGARRI EGITEA

30. artikulua.– Lizentziak.

Ordaindutako lizentzietarako eta benetako soldatarako eskubidea edukiko da kasu hauetan eta legeria orokorrean aurreikusitako kasuetan, betiere justifikatuta badaude; lizentzia horiek gertaera eragilea gertatzen den unean hartu beharko dira:

Arau orokor gisa, indarrean dagoen legerian jasotako artikulu guztiak aplikatuko dira:

Kasu batzuetan, honako artikulu hauekin ordezkatuko dira:

1.– Ezkontzeagatik, 20 egun natural; horiek errespetatu egin beharko dira, nahiz eta oporraldiarekin bat etorri.

2.– Seme-alabak jaiotzeagatik. Langileak bidaia bat egin behar badu. Azken kasu horretan, honako irizpide hau erabiliko da lizentzia handitzeko: langileak 100 eta 200 kilometro bitarteko lekualdaketa egin behar badu, egun bat gehiago; 200 kilometro baino gehiago egin behar dituenean, bi egun gehiago. Eta hori guztia kontrako ebazpen judiziala eman ezean, herria eta ospitalea non dauden kontuan hartuta.

3.– Lau egun natural, langilearen ezkontidearen edo seme-alaben ospitalizazioagatik edo etxean atseden hartzea eskatzen duen ospitaleratu gabeko ebakuntza kirurgikoagatik, edo medikuak diagnostikatutako gaixotasun edo istripuagatik.

4.– Hiru egun natural bigarren mailara arteko odol- edo ezkontza-ahaidetasuneko gainerako senitartekoen ospitalizazio edo etxean atseden hartzea eskatzen duen ospitaleratu gabeko ebakuntza kirurgikoagatik, istripuagatik edo medikuak diagnostikatutako gaixotasun larriagatik; lizentzia lau egunera arte luzatu ahalko da bidaiatu beharra baldin badago, eta azken kasu horretan aurreko apartatuan distantziei eta lizentzia luzatzeari buruz finkatutako arauak errespetatuko dira.

5.– Egun natural bat, langilearen edo ezkontidearen seme-alaben, gurasoen edo neba-arreben ezkontzagatik, zeremonia egiten den egunean.

6.– Ohiko etxebizitza aldatzeagatik, egun bat. Eta bi egun beste udalerri batera aldatzeagatik.

7.– Langileak ezinbesteko denbora hartu ahal izango du azterketa bat egitera joan behar duenean, baldin eta langileak ikasketak erregulartasunez egiten baditu titulu akademiko edo profesional bat lortzeko, eta betiere ikasketa horiek bere zeregin profesionalarekin lotuta badaude, edo enpresak ikasketa horiei probetxua ateratzen badie beste erantzukizun batzuetan. Azterketa egiteko langileak 100 kilometrotik gorako bidaia egin behar badu etxetik, lizentzia hori egun osokoa izango da. Ikasketak enpresaren jarduerarekin lotuta ez badaude, langileak baimen hori izango du, baina ez da ordainduko eta berreskuratu egin beharko da.

8.– Behar-beharrezkoa den denbora, jaio aurreko azterketak eta erditzea prestatzeko teknikak egiteko, lanorduetan egin behar badira.

9.– Langilearen ardurapean dagoen lehen mailako ahaide bati mediku-kontsultara laguntzeko behar duen denbora, betiere kontsultaren ordutegia eta lanaldia bat badatoz.

Lizentzia hori baliatzeko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Ezkontideari laguntzeko aplikatzekoa izatea, apartatu honetan aipatzen diren gainerako baldintzak betetzen dituenean.

b) Ezkontidea edo lehen mailako senidea langilearen «ardurapean» dagoela ulertuko da, laguntzeari dagokionez, adinagatik, istripuagatik edo gaixotasunagatik laguntzeko benetako beharra duten pertsonak direnean, eta, ondorioz, bere kabuz moldatu ezin direnean eta bisita medikora bakarrik joateko moduan ez daudenean.

c) Pazientea langilearen etxean bizi beharko da, edo antzeko egoera batean, eta langilearekiko mendekotasun-maila handia frogatu behar da eguneroko bizitzan, hala nola etxean edo egoitza geriatrikoan dauden adineko gurasoen kasuan.

d) Ez da ulertuko senitartekoa langilearen kargura dagoenik langileak aurreko 2. apartatuan ezkontideari edo senitartekoari medikutara laguntzeko definitzen den kontzeptuagatik lekualdaketaren bat egin behar balu.

e) Laguntzeko beharraren egoera egiaztatu egin beharko da, aurretik nahiz ondoren, adierazitako arrazoiengatik kontsultara laguntzarik gabe ezin joan izatea eragiten duen ahaidearen egoera edo zirkunstantzia egiaztatzen duen medikuaren egiaztagiri edo dokumentu ofizial bidez.

f) Adinaren kasuan, mendekotasuna dagoela ulertuko da –eta, hortaz, laguntzeko premia– legez adinduna izan arte, hau da 18 urte bete arte.

11.– Seme-alaba goiztiarrak jaiotzen direnean edo, edozein arrazoi dela-eta, erditzearen ondoren ospitalean egon behar dutenean, amak edo aitak lanetik ordubetez irteteko eskubidea izango dute, gertaera eragileak irauten duen bitartean.

Aurreko apartatuko 1. zenbakitik 3. zenbakira artekoetan adierazitakoei dagokienez, behar bezala egiaztatutako aparteko kasuetan, lizentzia horiek inguruabarren arabera beharrezkoa den denborarako emango dira, lizentzia emateko baldintzak adostuko dira eta hartzekorik ez jasotzea erabaki ahal izango da.

Lizentzia eragin duen gertakaria beste herrialde batean gertatzen bada, lizentzia 6 egunera arte luzatuko da; horietatik 4 ordaindu egingo dira, eta 2 ordaindu gabeko lizentziakoak izango dira, eta enpresak eta langileak adostuta luzatu ahal izango dira, ordaindu gabeko gisa, herrialdearen egoerak eta eskuragarri dauden komunikabideek hala eskatzen badute.

Artikulu honetan adierazitako lizentzien kasuan jaso beharreko ordainsaria langileek ohiko lanaldian eta jarduera arruntean jaso beharreko ordainsari-kontzeptu finko guztiek osatuko dute, eta osagarri aldakorrak eta/edo benetako lan-prestazioagatik jasotzen direnak bakarrik geratuko dira kanpo. Berariaz itunduko da, baldin eta langileari gauez lan egitea egokitu bazaio, kontzeptu hau ordainduko zaiola: gaueko lan-plusa.

12.– Hirugarren apartatuan adierazitako odol-ahaidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko bigarren mailara arteko ahaideen ospitaleratzeagatiko lizentzia hartzeko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Ospitalean 24 orduz edo gehiagoz ospitaleratuta egotea bakarrik hartuko da ospitaleratzetzat.

b) Senide batek larrialdietan artatu edo egon behar badu, ospitaleratzerik gabe eta 24 orduz baino gutxiagoz, ez da artikulu honen 3. apartatuan aurreikusitako ospitaleratzeagatiko baimen-eskubiderik edukiko.

c) Lizentzia hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da langilearen ahaidea ospitaleratuta dagoela egiaztatzen duen agiria ematea.

d) Ospitaleratze-kasuak senidearen ospitaleratze bakoitzari dagozkio, ospitaleratzea eragin duten kausen arabera ezberdintasunik egon gabe.

Artikulu honetan jasotako lizentzien kasu guztietan, lizentzia hartzen hasteko unea bat etorri behar da gertaera eragilearen hasierarekin, ospitaleratze-kasuetan izan ezik; kasu horietan, lizentzia geroago hartu ahal izango da, baldin eta une horretan gertaera eragileak irauten badu. Azken kasu horretan, langileak aukeratuta, hurrengo egunetan hartu ahal izango da lizentzia, edo ez, betiere aurrez eta garaiz jakinarazi bada.

Artikulu honetan jasotako kasu guztietan, ordaindutako lizentziarako eskubidea aitortuko zaie bai ohiko ezkontideei bai edozein eremu geografikotan horretarako sortutako edo sor daitezkeen erregistro publikoetan legez erregistratutako izatezko bikoteei, edo, erregistrorik ezean, batera egiletsitako notario-eskritura publiko bidez egiaztatutakoei. Enpresari modu frogagarrian frogatu beharko zaio lizentzia hartzeko aurrez ezarritako baldintzak betetzen direla.

Artikulu honetako 1. apartatuan aurreikusitako lizentziaren kasuetan, langileak eskaera idatzia aurkeztu beharko dio enpresari, bere egoeraren egiaztagiriak erantsita, gehienez ere hilabeteko epean, lotura egonkorra inskribatu eta hurrengo egunetik aurrera, bestela, bere eskubidea preskribatuko da.

Ordaindu gabeko baimenak.

Bost urtez gutxienez lanean aritu diren langileek, beharra justifikatuz gero, gutxienez hilabete bateko eta gehienez sei hilabeteko ordaindu gabeko baimenak eskatu ahal izango dituzte, horrek enpresari kalte larririk eragiten ez badio. Lizentzia horiek ezin izango dira behin baino gehiagotan eskatu, hiru urteko epean.

31. artikulua.– Lanaldia murriztea, legezko zaintzagatik.

Legezko zaintzagatik lanaldia murrizteko eskubidea duten langileek Langileen Estatutuko 37.5 artikuluan ezarritakoa bete beharko dute eskubideaz baliatzeko.

Langileak lanaldiaren murrizketa hitzartu ahal izango du enpresarekin, eta horretarako, eguneko, asteko, hileko edo urteko lanaldia hartuko du erreferentziatzat.

32. artikulua.– Eszedentziak. Baldintza orokorrak.

Eszedentziak indarrean den lan-araudiaren arabera arautuko dira.

33. artikulua.– Ordutegi-malgutasuna.

Enpresarekin ados jarrita, eta enpresaren funtzionamenduak hala egitea ahalbidetzen badu, langileek sartzeko eta irteteko nolabaiteko malgutasuna izango dute, lana eta familia bateragarriagoak izan daitezen.

8. KAPITULUA
GIZARTE-PRESTAZIOAK

34. artikulua.– Aldi baterako ezintasuna.

Lan-istripuagatik edo laneko gaixotasunagatik, aldi baterako ezintasun-egoera sortzen denean, enpresak soldataren % 100 arte osatuko du, egoerak irauten duen bitartean sortu diren plusak barne hartuta.

Kontingentzia arruntek eragindako aldi baterako ezintasun-egoeraren kasuan, enpresak soldata errealaren % 100 arte osatuko du, eta aldi baterako ezintasuna sortu eta gehienez ere 15 hilabeteetara sortu diren plusak ere ordaindu dizkio langileari.

35. artikulua.– Mediku-azterketa.

Enpresek, beren mediku-zerbitzuen edo egokitzat jotzen dituen zerbitzuen bitartez, urtean behin mediku-azterketak egingo dizkiete langile guztiei. Azterketa hori urte natural bakoitzeko lehenengo hiruhilekoan egingo da, 40 urtetik gorakoentzako analitika espezifikoak barne.

36. artikulua.– Azterketa ginekologikoak.

Emakumezko langileek, hala nahi izanez gero, azterketa ginekologiko bat egin ahal izango dute enpresak itunduta duen zentroan, 40 urtetik gorakoentzako mamografia barne. Enpresaren ginekologia-azterketa egin beharrean, Gizarte Segurantzakoa egitea hautatzen duten langileek horretarako behar duten denbora hartu ahal izango dute. Azterketa ginekologiko hori urteko lehen seihilekoan egingo da.

37. artikulua.– Istripu-asegurua.

Enpresak 150.000 eurora arteko istripu-aseguru bat hartuko du modu esklusiboan, eta polizaren kopia eta estaldurak helaraziko dizkie langileen ordezkariei.

38. artikulua.– Erregaia ordaintzeko laguntza.

Erregaia deituriko laguntza bat ezarri da:

Donostiako lantegiari dagokionez, erantsitako koadroan zehaztutakoak izango dira hilean bi aldiz ordainduko diren zenbatekoak.

Langile bakoitzari emango zaion azalpen-orri bat prestatuko da, apartatu honek behar bezala funtziona dezan.

Proposamena posta elektronikoz bidali da, testuari eransteko.

Donostia: 75 litro.

Donostialdea: 110 litro.

Tolosaldea: 170 litro.

Urola Kosta: 170 litro.

Bidasoa – Txingudi: 170 litro.

Goierri: 250 litro.

Debabarrena: 250 litro.

Debagoiena: 275 litro.

(Ikus .PDF)

Zierbenako lantegiaren kasuan, zenbatekoak hilekoak izango dira, eta 2 eremu zehaztu dira:

● 1. eremua: 85 litro.

● 2. eremua: 100 litro.

Era berean, bete beharreko arauak gogorarazteko eranskin txiki bat emango da.

39. artikulua.– Laneko arropa.

Enpresak mendeko langileei uniformea janzteko eskatzen badie, uniformeak eman beharko dizkie bi urtean behin, bat negurako eta beste bat udako. Hainbat lan egiten dituzten langileek laneko segurtasunari eta higieneari buruzko xedapenetan ezarritako jantziak eskuratzeko eskubidea izango dute.

40. artikulua.– Elebitasuna.

Ahal izanez gero, iragarki-tauletan jarriko diren ohar guztiak euskaraz eta gaztelaniaz idatzita egongo dira; hori derrigorrezkoa izango da langileek gehiengoz hala eskatzen dutenean.

Era berean, enpresek euskara-ikastaroei lehentasuna emango diete etengabeko prestakuntza-planetan.

41. artikulua.– Jarraitutasun-saria.

Enpresan gutxienez 25 urteko antzinatasuna duten langileek, beren borondatez lanari uzten badiote, utzitako une horretan eskubidea izango dute enpresak ordainsari bat eman diezaien izandako jarraitutasun horrengatik:

25 urteko antzinatasuna: soldata errealaren 2 hilabeteko kopurua.

30 urteko antzinatasuna: soldata errealaren 3 hilabeteko kopurua.

35 urteko antzinatasuna: soldata errealaren 4 hilabeteko kopurua.

42. artikulua.– Xedapen gehigarria. Ekarpenak Geroa BGAEn egitea.

Hitzarmen hau sinatu duten alderdiek Gizarte Segurantzan borondatezko hobekuntza bat egitea aukeratu dute; horretarako, Geroa BGAEri atxikitzea erabaki dute, eta enpresak eta langileek ekarpenak egingo dituzte erakunde horretan.

9. KAPITULUA
KONTRATAZIOA

43. artikulua.– Behin-behineko kontratuak.

Indarreko legedian jasotakoarekin bat datozen behin-behineko kontratuak egin ahal izango dira.

44. artikulua.– Prestakuntza-kontratuak.

a) Prestakuntzarako kontratuak.

Kontratu horien iraupena ezin izango da 6 hilabetetik beherakoa izan, ez eta hiru urtetik gorakoa ere.

Era horretako kontratua duen langileak soldataren % 70 jasoko du lehen urtean, % 80 bigarren urtean eta % 90 hirugarren urtean, administrari laguntzailearen kategoriari dagozkion soldatak oinarri hartuta, lan egindako denboraren proportzioan.

b) Praktikaldiko kontratua.

Era horretako kontratua duten langileek lanpostu horretan edo antzekoan diharduen langile batentzat hitzarmen honetan finkatutako soldataren % 70 jasoko du lehen urtean eta % 80 bigarrenean.

10. KAPITULUA
SINDIKATU-JARDUERA ETA BERMEAK; ORDEZKARIAK ETA ENPRESAKO BATZORDEAK

45. artikulua.– Berme sindikalak.

Langileak ordezkatzeko organoek eta enpresako sindikatu-atalek sindikatu-jarduerak askatasunez gauzatzeko eskubidea izango dute, indarrean dagoen legeriari jarraikiz.

11. KAPITULUA
DIZIPLINA-ARAUBIDEA

46. artikulua.– Faltak eta zehapenak.

Zehapenen bat eman edo aplikatu behar izanez gero, zehapenak Langileen Estatutuaren eta erreferentziako sektoreko hitzarmen kolektiboen arabera arautuko dira.


Azterketa dokumentala