Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

18. zk., 2021eko urtarrilaren 26a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
383

EBAZPENA, 2020ko abenduaren 10ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Berangoko AS-2 Ekipamendu Komunitarioko Sistema Orokorraren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2020ko abuztuaren 6an, Berangoko Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan; zehazki, Berangoko AS-2 Ekipamendu Komunitarioko Sistema Orokorraren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzkoa (aurrerantzean, Plana), ingurumen-txosten estrategikoa lortzeko, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eta hurrengoetan araututako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozeduraren esparruan. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, 2020ko irailaren 17an, kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, interesgarria izan zitekeen informazioa biltzeko, Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar den ala ez zehazteko, eta, prozedura hori aplikatzea beharrezkotzat joz gero, haien iritzia jasotzeko, ingurumen-azterketa estrategikoak izan beharko lituzkeen hedadura, xehetasun-maila eta espezifikazio-maila zehazte aldera; emaitzak eta edukia espedienteari atxiki zaizkio. Horrez gain, Bergarako Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa edo proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatze aldera.

Berangoko AS-2 Ekipamendu Komunitarioko Sistema Orokorraren Hiri Antolamenduko Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zer plan eta programek behar duten ingurumen-organoaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, honako alderdi hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenerako eragin nabarmenak izan ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau eman du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, zehazteko Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez, eta, ondorioz, adierazteko ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen edota, bestela, Planari zer xehetasun erantsi behar zaizkion, ingurumena behar bezala babesteko. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza horretarako organo eskuduna da, hala ezarrita baitago dekretu hauetan: 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun arloak finkatzen dituena; eta 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Berangoko AS-2 Ekipamendu Komunitarioko Sistema Orokorraren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, Berangoko Udalak sustatuta, jarraian adierazitako baldintzetan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Plan Bereziaren helburua Ikaza Jauregiaren eta zalditegi zaharren baimendutako erabilerak –higiezinen komunitate-ekipamenduko sistema orokorren kalifikazioaren barnean daude– zabaltzea da, higiezin horiek, gaur egun, laguntza-erabilera soilik baitute baimenduta. Beraz, komunitate-erabileraren barruan baimendutako erabilera guztietara zabalduko zaizkie baimendutako erabilerak. Hauek dira:

1.– Administrazio publikoa. Udal-administrazioaren eta udalaz gaindiko administrazioaren zerbitzu ofizialak biltzen ditu.

2.– Defentsa, Segurtasuna eta Babes Zibila. Defentsarekin, Herritarren Segurtasunarekin eta Babes Zibilarekin zerikusia duten Administrazioaren zerbitzuak dira.

3.– Posta eta Telekomunikazioak. Postaren eta telekomunikazioen zerbitzu publikoak dira.

4.– Hezkuntza. Irakaskuntzara bideratutako eraikin eta lokalak biltzen ditu, maila guztietan, ofizialak zein partikularrak izan.

5.– Osasuna. Osasun-instalazioak biltzen ditu, hala nola klinikak, anbulatorioak, ospitaleak eta osasun-zentroak oro har.

6.– Laguntza-zerbitzuak. Adinekoei, haurrei, desgaituei eta abarri gizarte-laguntza emateko erabiltzen diren lokalak biltzen ditu.

7.– Elkarteen jarduerak. Enpresaburuen, profesionalen, sindikatuen, erlijioen eta oro har elkarteen lokalak hartzen ditu barnean.

8.– Jolas- eta kultura-arloa. Aisialdiaz gozatzea eta kulturalki aberastea ahalbidetzen duten jarduerak sartzen dira kategoria honetan. Beraz, zinematografiako, ikuskizunetarako, azoketarako lokalak eta biltzar-jauregiak, liburutegiak, museoak, kasinoak eta abar hartzen ditu barnean.

9.– Kirola. Kirola egiteko zelai eta lokalak biltzen ditu, izan ofizialak, pribatuak nahiz merkataritza-izaerakoak.

10.– Aire zabaleko olgeta. Aire zabalean, eraikinen beharrik gabe, egiteko jarduerak dira, herritarrek beren aisialdirako, olgetarako eta hedapenerako erabil ditzaten. Hirikoa edo hiritik kanpokoa izan daiteke.

11.– Ikerketa eta Garapena. Oinarrizko ikerketa eta garapena biltzen ditu, natur-zientzien eta tekniken esparruan ez ezik, giza eta gizarte-zientzien esparruan ere aplikatzen eta esperimentatzen direnak, metatutako ezagutzak areagotzeko eta ezagutza horien erabilera hobetzeko.

Egitura-parametroak ez dira aldatzen, ezta eraikigarritasun-parametroak eta bestelako hirigintza-parametroak ere. Ez da urbanizazio-obrarik egin beharko, higiezinen eraberritze integralari dagozkionak izan ezik.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak ere aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: Planaren irismena eta eremua kontuan hartuta, ez da hauteman sektore- zein lurralde-antolamendu konkurrentearekiko bateraezintasunik.

c) Plana egokia den edo ez ingurumen-alderdiak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuari begira: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak txertatzeko; bereziki, erabilitako baliabide eta bitartekoen erabileran efizientzia handiagoz eraikitzeari dagokionez; horrek isolamendu hobea ahalbidetuko du, bai eta energia-aurrezpen eta -efizientzia handiagoak izatea eta eraikinak inguruko paisaian integratzea ere, beste ingurumen-helburu batzuen artean.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: Planaren irismena eta Planaren eraginpeko eremuaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez da aurreikusi Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-ondorio adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, kultura-ondareari, ingurumenari, urei, hondakinen kudeaketari, natura-ondareari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduketak.

e) Plana egokia den ala ez ingurumenaren arloko Batasuneko edo Estatuko legedia ezartzeko: Plana egokia da Batasuneko edo Estatuko ingurumen-legeak ezartzeko; zehazki, lehengaien eta energiaren kontsumoari, hondakinei, klima-aldaketari –berotegi-efektuko gasak– eta airearen kalitateari (emisio atmosferikoak, zarata, argia) dagokienez.

2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

Planaren eremua espazio libreen tokiko sistema gisa kalifikatutako hiri-lurzoru finkatu batean dago kokatuta. Hiri-kokagunez, bizitegi-areaz eta azpiegituraz inguratuta dago, eta ez du natura-elementu nabarmenik. Eraikin hauek daude bertan: alde batetik, Ikaza Jauregia, Moreaga kaleko 10. zenbakian; familia bakarreko eraikin isolatua da, 426 m2 hartzen ditu eta 1.199,75 m2-ko azalera eraikia du. Behe-solairua, lehen solairua eta bigarren solairua edo teilatupea ditu, eta gaur egun kontserbazio-egoera txarrean dago. Bestalde, zalditegi zaharrak Moreaga parkeko 1. zenbakian daude; eraikin isolatu batean daude, behe-solairuan, 250 m2-ko azalera okupatu eta eraikia dute, eta kontserbazio-egoera onean daude. Eraikinen ingurunea ere aldatuta dago, Moreaga parkea urbanizatu egin zelako.

Hauek dira eragindako ingurunearen ezaugarri eta baldintzatzaile esanguratsuenak:

– Erreferentziako esparruan, ez da topatu ez naturagune babesturik, ez natura-intereseko bestelako gunerik, ez Batasunaren intereseko habitatik, ez espezie babesturik.

– Esparrua «Barrika-Galeako paleozabalgune» (GIL 90) deitzen zaion «Interes geologikoko lekuan» dago. Gainazal lau bat da, Kuaternarioan eratua olatuen ondorioz, Punta Galeatik (Getxo) Barrikaraino azaleratzen da, eta interes geomorfologiko oso altua du.

– Zalditegi zaharren higiezina jalkin alubialen eta alubio-kolubialen interes hidrogeologikoko gune gisa dago identifikatuta [GZ037-4-26 kodea].

– Ikaza Jauregia akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun oso altuko gune batean dago; zalditegi zaharren eraikina, berriz, kutsadurarekiko kalteberatasun handiko gunean.

– Berangoko HAPOaren arabera, Ikaza Jauregia interes kulturaleko eraikina da eta babes bereziko araubidearen eraginpean jarri behar da, egon litezkeen eraikuntzako esku-hartzeak eta lurzoruaren erabilerako esku-hartzeak mugatzeko. Horrenbestez, kontserbatu beharreko Eraikinaren kategorian sartu du eta, gainera, monumentu edo monumentu-multzo deklaratzeko eta Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian sartzeko proposamena jaso du.

– Zaratari dagokionez, komunitate-ekipamenduak baimentzen dituen erabilerak bi higiezinetan handitu ditu Planak eta higiezin horien kalifikazioari eutsi dio; hirigintza-garapen berririk ez dago aurreikusita. Planaren eremua BI-637tik distantzia handira dago; eremu horretan zarata sortzen duen azpiegitura nagusitik, alegia.

– Planaren eremuko paisaia erabat hiritarra da, hirigune finkatu bati dagokiona, eta «Getxo» ikuseremuan txertatuta dago. Paisaia hori «oso arrunta» gisa kalifikatu da. Arro horren paisaia-balioa «oso baxua» da.

Kontuan hartuta Planaren garapenak higiezinetan baimendutako erabilera berriak definitzea eta higiezinak berritzeko eta egokitzeko obra osagarriak egitea dakarrela (ez da indusketarik planteatzen), egiturazko ezaugarriak eta behe-solairuaren okupazioa mantenduz, eraginak mota honetako jarduketei dagozkienak izango dira: eraikuntzako hondakinak sortzea, obretan giza habitataren kalitatea murriztea ibilgailuen eta makinen joan-etorriek, zarata areagotzeak, hautsak, bibrazioek eta abarrek eragindako eragozpenengatik.

Uste da baimendutako erabilera berriek ez dutela nabarmen handituko baliabideen kontsumoa eta hondakinen sorrera, ezta egungo egoerarekin alderatuta eragindako mugikortasuna ere. Bestalde, kontuan hartu beharko dira eraikinari emango zaizkion erabilera berriei aplikatu beharreko kalitate akustikoaren helburuak.

Ingurumen-ondorioak baloratzeko, indarrean dagoen udal-antolamenduan aurreikusitako egoera hartuko da erreferentzia gisa. Planak barnean hartzen dituen jarduketek ez dakarte berekin garapen berrietara bideratutako azalera handitzea, ez eta haren ondorio posibleak handitzea ere, besteak beste, segurtasunaren eta osasunaren, ingurumenaren, natura-ondarearen, kultura-ondarearen eta paisaiaren arloetan indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira planaren esku-hartze eta jarduerak.

Hori guztia kontuan hartuta, eta ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatutako neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuta, bai eta aurrerago zehazten direnak ere, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira Berangoko AS-2 Ekipamendu Komunitarioko Sistema Orokorraren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira Planean.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, Ebazpen honetan ezarritakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan orotan, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera. Besteak beste, hauek nabarmendu ditzakegu:

– Obrako langileek erabili beharreko jardunbide egokien eskuliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, uretara isurketarik ez egitea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jarduerak murriztea.

– Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, bai eta gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita.

– Hondakinen sorkuntza eta kudeaketa: Obrako hondakinen birziklatzeari dagokionez, eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteagoan erabil daitezen sustatzeko eta, bereziki, hondakinak beren bizi-zikloaren amaieran aprobetxatzeko, jarraian aipatzen direnak sustatu beharko dira, honako hurrenkera honetan: eraikuntza- eta eraispen-hondakinak prebenitzea, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio-modu batzuk baliatzea, eta, hala badagokio, ezabatze-eragiketetara bideratutakoek tratamendu egokia jasotzea. Horretarako, bermatu beharko da obra-proiektuaren eraikuntza- eta eraispen-hondakinak arlo horri buruzko arauen arabera sortzen eta kudeatzen direla.

Obrak gauzatzean indusketa-soberakinak sortzen badira, soberakinen biltegi baimendu batera eramango dira eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.

– Ondare kultural higiezin arkeologikoari dagokionez, Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Kulturalaren Zerbitzuak igorritako txostenaren arabera, kontuan hartu behar da eremu osoa interes arkeologikokoa dela; hortaz, kontrol arkeologiko sakonak egin beharko dira, beharrezkoa izanez gero, Planak eskatzen dituen azpiegiturak sortzeko edo egokitzeko indusketak eta lur-mugimenduak egin baino lehen.

– Lorategi-jarduketetan jasangarritasun-irizpideak erabiltzea. Lorategi-jarduketetan, beharrezkoak izanez gero, kontuan hartuko dira «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira, inola ere, inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak erabiliko, hala nola Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana eta beste espezie batzuk. Lur-mugimenduak egitean, neurriak hartuko dira Cortaderia selloana eta izan litezkeen bestelako espezieak kentzeko eta haien hedatzea ekiditeko; bestalde, betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan, kontrolatu egin beharko dira erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera.

– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko ezaugarriei dagokienez, aintzat hartu beharko dira «EAEko etxebizitzen eraikingintza jasangarriaren gida» argitalpenean jasotako gomendioak, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko xedearekin. Neurri horiek gutxienez alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

– Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea.

– Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.

– Mugikortasuna eta garraioa. Materialak garraiatzeko prozesuak murriztea.

– Ekosistemak. Eremu naturalen funtzioak hobetzea eta biodibertsitatea handitzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta betiere Ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Berangoko AS-2 Ekipamendu Komunitarioko Sistema Orokorraren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Berangoko Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta gehienez lau urteko epean Berangoko AS-2 Ekipamendu Komunitarioko Sistema Orokorraren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriz hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 10a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala