Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

254. zk., 2020ko abenduaren 21a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5460

EBAZPENA, 2020ko azaroaren 9koa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez ematen baita ingurumen-baimen integratua, Dimo Zinc Níquel SLUk Vitoria-Gasteizko (Araba) udalerrian (Paduleta kalea 29, Jundizko industrialdea, 01015) sustatzen duen metalezko piezen tratamendua eta estaldura egiteko instalazioarentzat.

AURREKARIAK

2019ko otsailaren 6an, Dimo Zinc Níquel SLUk ingurumen-baimen bateratua emateko eskatu zion Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoarekin bat, pieza metalikoen tratamendua eta estaldura egiteko haren instalazioetarako, Vitoria-Gasteizko udalerrian (Araba).

Era berean, Vitoria-Gasteizko Udalaren txostena aurkeztu zuten, 2019ko urtarrilaren 22koa, jarduera hirigintzarekin bateragarria zela egiaztatzen zuena.

Prozedurari berriz ekinda eta aurkeztutako agiriak nahikoak zirela egiaztatu ondoren, Ingurumeneko sailburuordearen 2020ko otsailaren 6ko Ebazpenaren bidez erabaki zen Dimo Zinc Níquel SLUk sustatutako proiektua 30 egun balioduneko epean jendaurrean jartzea, egoki irizten diren alegazioak aurkezteko. Horretarako, ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean eta Eusko Jaurlaritzaren Iragarki Taula Elektronikoan argitaratu zen, 2020ko otsailaren 26an.

Jendaurrean jartzeko izapidea amaiturik, egiaztatu da ez dela alegaziorik aurkeztu.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuaren Legearen testu bateginaren 17. eta 18. artikuluetan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritzak txostenak eskatu zizkien, 2020ko martxoaren 10ean, Vitoria-Gasteizko Udalari, Arabako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari, Arabako Foru Aldundiko Ingurumena eta Hirigintza Sailari, Ihoberi eta Ekologistak Martxan erakundeari; 2020ko martxoaren 12an, Eguzkizaleak Aisialdi Elkarteari; eta 2020ko apirilaren 15ean, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Arabako Foru Aldundiaren Kultura eta Kirola Sailari.

2020ko martxoaren 14an (BOE, 67. zk.), martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua argitaratu eta jarri zen indarrean, COVID-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duena. Hark hamabost egun naturaleko iraupena zuen hasiera batean, baina ondoz ondoko luzapenak izan ditu.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretu horren 3. xedapen gehigarriak honako hau zehazten du administrazio-prozedurak izapidetzeko epeei dagokienez:

1.– Sektore publikoko erakundeen prozedurak izapidetzeko baldintzak bertan behera utzi eta epeak eten egiten dira. Epeen zenbaketa berrekingo da honako dekretu honek, edo, horrela badagokio, dekretuaren luzapenek, indarrean egoteari uzten diotenean.

2.– Baldintzen eta epeen etenaldia urriaren 1eko 39/2015 Legean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen gainekoan, definitutako sektore publiko osoari aplikatuko zaio.

3.– Aurretik aipatutakoa gorabehera, eskumeneko organoak, arrazoietan oinarritutako ebazpen baten bitartez, adostu ahal izango ditu prozeduran interesdunak direnen eskubide eta interesetan kalte larriak saihesteko behar-beharrezkoak diren antolamendu- eta instrukzio-neurriak, betiere interesduna ados badago edo interesdunak epea bertan behera ez uzteko adostasuna adierazten badu.

4.– Aurreko apartatuetan ezarritakoa albo batera utzi gabe, Errege Dekretua indarrean sartu eta gero, sektore publikoko erakundeek arrazoietan oinarrituta adostu ahal izango dute alarma-egoera justifikatu duten gertaerekin hertsiki lotutako egoerekin harremanetan dauden administrazio-prozedurekin aurrera jarraitzea, edo ezinbestekoak direnekin, interes orokorra babesteko edo zerbitzuen oinarrizko funtzionamendurako.

2020ko apirilaren 6an, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak txostena bidali zuen.

2020ko apirilaren 20an, Arabako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzak bidali zuen txostena.

2020ko apirilaren 22an, Dimo Zinc Níquel SLUk adierazi zuen ados zegoela epea ez etetearekin, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren hirugarren apartatuan (463/2020 Errege Dekretua, COVID-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duena) xedatutakoari jarraikiz, prozedura hau geldiarazita haien interesetan sor litezkeen kalte larriak saihesteko.

2020ko apirilaren 27an, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Sailak txostena bidali zuen.

2020ko maiatzaren 22an, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirola Sailak txostena bidali zuen.

2020ko ekainaren 9an, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak txostena bidali zuen.

2020ko irailaren 23an, Ihobek txostena bidali zuen.

2020ko urriaren 27an, Ingurumeneko sailburuordearen Ebazpena eman zen. Hark ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zuen Dimo Zinc Níquel SLUk Gasteizen egingo duen jarduerarako.

2020ko azaroaren 9an, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan xedatutakoa betez, Dimo Zinc Níquel SLUren esku utzi zen espediente osoa.

2020ko azaroaren 9an, Dimo Zinc Níquel SLUk idazki bat igorri zuen alegaziorik ez dagoela adierazteko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak (Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) bere 1. artikuluan ebazten duenaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea, eta, hori lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila handia helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskinean jasota dauden jarduerak garatzen dira instalazioan; horietaz gainera, baimen honetan sartuko dira kokapen horretan egiten diren gainerako jarduera guztiak, instalazioa Lege horren aplikazio-esparruan egotea eragin zuten jarduerez gain, nahiz eta Legearen eranskinetan jasota ez egon, baldin eta jarduerarekin lotura teknikoa badute eta izan daitezkeen emisioen eta kutsaduraren gainean ondorioak izan baditzakete.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 9. artikuluan xedatzen dena betez, ingurumen-baimen integratua behar da 1. eranskinean aipatzen diren jardueretako edozein egiteko erabiltzen diren instalazioak ustiatzeko. Testu bateginaren 11. artikuluaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua baldintzak ezartzea da, araua aplikatu behar duten instalazio guztietan berau betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena ematen parte hartuko duten administrazio publikoen artean koordinatuta egongo den prozedura bat erabili nahi da, izapideak erraztu eta partikularren administrazio-kargak arintzeko. Era berean, indarrean dagoen araudian jasotako ingurumeneko administrazio-baimen guztiak egintza administratibo bakar batean bildu nahi dira. Dimo Zinc Níquel SLU enpresaren kasuan, baimen hauek guztiak behar ditu: saneamendu-sare orokorrera isurtzeko baimena, atmosferara isurketak egiteko baimena, eta, ingurumen-izaerako beste zehaztapen batzuen artean, atmosferaren kutsadurari dagozkion baimenak eta lurzoruaren kutsadura prebenitu eta zuzentzeari dagozkionak. Gainera, espedientean beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere parte hartu dutela egiaztatu da, aginduzko txostenak igorriz.

Lehenago aipatu dugun Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 29. artikuluan xedatutakoarekin bat, jarduera deseroso, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak egin ahal izateko administrazio eskudunek herritarren ekintzen gainean esku hartzeko dituzten administrazio-bitartekoak ordezkatuko ditu ingurumen-baimen integratua emateko prozedurak.

Ondorio horietarako, ingurumen-baimen integratua loteslea izango da udal-agintaritzarentzat, baldin eta jarduerak egitea ukatzeko edo zuzenketa-neurriak ezartzeko bada; baita goiko arauaren 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdi orori dagokionez ere. Halaber, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak (Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko Legearen testu bategina onartzen duena) bere 11.4 artikuluan, eta Ingurumen Ebaluazioko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 14. artikuluak ebazten dutena aplikatzeko, autonomia-erkidegoek beharrezkoa dena xedatuko dute ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako jarduerak eta autonomia-erkidegoko araudian ingurumen-inpaktua ebaluatzeko ezarritako beste figura batzuk ingurumen-baimen bateratua emateko prozeduran txertatu ahal izateko, hala eska badaiteke eta autonomia-erkidegoak horretarako eskumena badu.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 39. artikuluak xedatzen duenez, neurri guztiak hartuko dira lizentziak eta baimenak eskuratzera bideratutako administrazio-prozedurak koordinatzeko. Adierazitako aginduak aplikatuz, Dimo Zinc Níquel SLUren ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran sartuta daude Euskal Herriko Ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean aurreikusitako izapide guztiak.

Azkenik, adierazi behar da ebazpen honek kontuan izan dituela teknika erabilgarri onenak eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak, bai instalazioak gehienez isur edo igor ditzakeen gai kutsagarrien muga-balioak zehazteko, bai ingurumen osoa ahalik eta gehien babesteko helburuarekin, instalazioaren ustiapenari ezarriko zaizkion bestelako baldintzak erabakitzeko. Zehazki, Europako Batzordearen 2006ko abuztuko BREF dokumentuaren («Metalen eta plastikoen gainazaleko tratamenduak») edukiak kontuan hartu dira.

Azaldu dugun guztia aintzat hartuta, espedientean jaso diren txosten guztiak aztertuta, ebazpen-proposamena egin zen, eta bertan jaso ziren Dimo Zinc Níquel SLUk sustatutako proiektuari aplikatu beharreko baldintzak.

Azaldutakoarekin bat, goian adierazitako izapideak amaitu dira, eta entzunaldi-izapidea bete da, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan jasotzen dena.

Arau hauek hartu dira kontuan: 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena. Horrenbestez, organo honi dagokio ingurumen-baimen integratu hau emateko eskumena.

Honako hauek ikusi dira: ingurumen-organo honen 2020ko azaroaren 9ko Ebazpen-proposamena; otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Herriko ingurumena babestekoa; Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina –abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua–; urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretua, Industriako Emisioen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; uztailaren 28ko 22/2011 Legea, hondakin eta lurzoru kutsatuena; apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta aplikatu beharreko gainerako arauak. Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Dimo Zinc Níquel SLUri, egoitza soziala Jundiz industrialdeko Arriurdina kaleko 8. zenbakian duenari (01015 Vitoria-Gasteiz, Araba) eta IFK: B-01570415 duenari, ingurumen-baimen integratua ematea metalezko piezak tratatu eta estaltzeko instalazioa jartzeko (Paduleta kalea 29, Jundiz industrialdea, 01015 Vitoria-Gasteiz, Araba) (NIMA: 0100035575), Ebazpen honen bigarren apartatuan zehaztutako baldintzetan.

Jarduera jasota dago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskineko kategoria honetan:

«2.6.– Metalen eta plastikoen gainazala prozedura elektrolitikoz edo kimikoz tratatzeko instalazioak, tratamenduko kubeten edo lerroen bolumena 30 m3 baino gehiago denean».

Instalazioa Gasteizen dago kokatuta eta, guztira, 7.815 m2-ko azalera du. Horietatik 1.733 m2 estalita dira, eta hor sartzen dira bulegoak, aldagelak eta pabiloi nagusia; bertan dago ekoizpen-eremua (dunbal-lerroaren instalazioa, lerroaren instalazioa 1. eta 2. bastidore estatikoetan, biltegiak eta araztegia).

Instalazioaren jarduera nagusia metalezko piezak Zn-Ni estaldura elektrolitikoarekin tratatzea eta estaltzea da. Jarduteko araubide jarraitua duten hiru produkzio-lerro daude. 3 lanaldi egiten dira, eta txanda bakoitzean 1.735 ordu egiten dira urtean:

– Zn-Ni dunbal-lerroa: tamaina txikiko piezetarako, hala nola torloju, bisagra eta abarretarako. Lerroak 190 m2-ko azalera du eta tratamendurako 3 upel ditu (zink-nikel bainua), guztira 19,90 m3-ko bolumena hartzen dutenak; horiez gain, 6,69 m3-ko disoluzio-upel bat du, eta pieza prestatzeko eta garbitzeko 20 upel. Karga bat egiten da 8 minutuz behin, eta ekoizpen-ahalmena 750 kg/h edo 3.903.750 kg-koa da urtean.

– I. eta II. estatikoetako Zn-Ni lerroa: soltean tratatu ezin diren pieza handi eta ertainentzat, horiek guztiak bastidoreetan zintzilik jarrita. Lerroek 125 m2 (I. estatikoa) eta 160 m2 (II. estatikoa) hartzen dituzte. Lerro bakoitzak 2 tratamendu-upel ditu (zink-nikel bainua), 17,26 m3-koa eta 17,73 m3-koa, hurrenez hurren; horiez gain, lerro bakoitzean 2,5 m3-ko disoluzio-upel bat dago, eta 21 upel pieza prestatzeko eta garbitzeko. Karga bat egiten da 9 minutuz behin, eta ekoizpen-ahalmena 667 kg/h-koa edo 3.471.735 kg-koa da, urtean, instalazio bakoitzeko.

Oro har, honako prozesu hau jarraitzen da lerroetan:

– Aurretratamendua: piezei garbitu eta aktibatzeko prozesu bat aplikatzen zaie, azken estaldura behar bezala atxiki dadin. Prozesu horren barruan sartzen dira koipegabetze kimikoa, azidozko desugerketa eta koipegabetze elektrolitikoa.

– Tratamendua: piezak Zn-Ni elektrolitikoz estaltzen dira, bezeroak eskatutako betekizunen arabera.

– Tratamendu ondokoa: tratatutako pieza pasibatzean, zigilatzean eta ondoren lehortzean datza.

Zn-Ni prozesua dunbalean edo estatikoan egin den kontuan hartuta, eragiketa horiek aldatu egin daitezke, piezak eragiketa horietako bakoitzean igaro duen ordenaren eta denboraren arabera.

Ekoizpen-prozesurako, energia elektrikoa eta gas naturala erabiliko dira:

– Dimo Zinc Níquel SLUn, metalezko piezak tratatu eta estaltzeko jarduerarako energia-kontsumoa 870.000 kWh/urte da dunbaleko Zn-Ni-ko instalazioetan, eta 460.000 kWh/urte Zn-Ni estatikoko instalazioetan. Gainera, araztegiko eta gainerako instalazioetako kontsumo elektrikoa 74.000 kWh-koa da urtean. Horretarako, hozkailurik gabeko lehorreko transformadore bat dago, 630 KVa-koa.

– Gas-instalazio bat dago eta haren kontsumoa 540.000 kWh/urte da dunbaleko Zn-Ni instalazioetan, 810.000 kWh/urte Zn-Ni estatikoko instalazio bakoitzean eta 150.000 kWh/urte araztegian eta gainerako instalazioetan. Horretarako, gas naturaleko instalazio bat dago, lurrun-sorgailua elikatzen duen erregulazio eta neurketarako estazio bat duena. Instalazioak 744 kW-ko potentzia eskaintzea aurreikusten da. Instalazio horrek errekuntza txikiko lurrun-galdaratik eratorritako foku konfinatu bat izango du.

Era berean, ur-kontsumoa 13.467 m3-koa da urtean, eta ur-kontsumo osoa udal-saretik dator. Dunbaleko Zn-Ni lerroak 4.371 m3-ko kontsumoa du urtean, I. eta II. estatikoetako Zn-Ni lerroak 4.371 m3-koa eta zerbitzu orokorrek, berriz, 354 m3-koa urtean.

Araztu beharreko urak Zn-Ni estaldura galvanikoen instalazioetako isurketa jarraituetatik (1,35 m3/urte) eta estaltzeen eta garbiketen etenkako isurketetatik datoz.

Industria-urak tratatzeko, lurrungailu bat dago lerro bakoitzeko, baita araztegi fisiko-kimiko bat ere, erreaktore-karga bidezkoa. Zink-nikela lehen aldiz garbitzetik datozen urak (elementu metaliko eta konplexu-sortzaile gehien dituztenak) hutsean lurruntzeko ekipamendu batera eramaten dira. Bertan, destilatu bat lortzen da garbigailuan bertan birzirkulatzeko (% 90), baita kontzentratu bat ere, kudeatzaile baimendu batek kudeatu beharrekoa (% 10). 10 m3/h-ko edukierako araztegian tratatzen den gainerako bolumena (12.902 m3/urtean) araztegi fisiko-kimikora bideratzen da.

Industriako hondakin-urak arazteko sisteman erabiltzen den teknologiari esker, industriako hondakin-uretan dauden metal astun gehienak hauspea daitezke.

Prozesu industrialeko ur araztua modu independentean eramaten da laginak hartzeko kutxatila bateraino. Kutxatila hori pabiloiaren kanpoaldean dago, eta handik saneamendu-sare orokorrera eramaten da (Amvisak kudeatutako Udalaren kolektorera).

Zerbitzu orokorretako ur beltzak kolektoretik bideratuko dira saneamendu-sarearen kanpoko kolektorera.

Estalkian eroritako euri-urak, lehengaiak, gai osagarriak edo hondakinak ukitzen ez dituztena, kolektorea isurtzen dira halaber.

Emisio atmosferikoei dagokienez, Zn-Ni lerroen aireztapena xurgagailu baten eta upeletan sortutako lurrunak xurgatzen dituzten hodien bidez egiten da. Aireztapen-saretak ere egongo dira fatxadetan.

Prozesuan sortutako emisio lauso guztiak (18.792 t inguru urtean) lau foku bidez biltzen eta jariatzen dira atmosferara; tximinia bat egongo da tratamendu-lerro bakoitzeko, baita lurrun-galdararen tximinia ere.

Honako hauek dira atmosferara jariatutako kutsatzaile nagusiak: NOx, Ni, HCl, SOx, Cr totala eta Zn, ekoizpen-lerroen xurgatze-fokuetan sortuak, eta NOx eta CO, lurrun-galdararen fokuan sortuak.

Sortutako hondakin arriskutsuak eta arriskugabeak ekipamenduak mantentzeko eta instalazioa zaintzeko jarduera orokorretatik, arazteko prozesutik eta ekoizpen-lerroetatik datoz, nagusiki. Hondakin nagusiak araztegiko lohiak, lurrungailuaren kontzentratua eta karbonatoak dira.

Dimo Zinc Níquel SLUren jardueran, Europako BREFean jasotzen diren teknika erabilgarri onenak erabiltzen dira:

Metalen eta plastikoen gainazaleko tratamenduen BREF dokumentua («Surface Treatment of Metals and Plastics», 2006ko abuztua).

Proiektuak, besteak beste, teknika erabilgarri onenak direla pentsa daitekeen neurri hauek biltzen ditu:

– Koipegabetze kimikoan, mugimendu mekanikoen bidez lagundutako tenperatura baxuko produktuak erabiltzea aurreikusi da energia-kontsumoa mugatzeko.

– Koipegabetze elektrolitikoetan, tenperatura baxuko prozesuak aukeratu dira energia-kontsumoa murrizteko.

– I. eta II. estatikoen lerroetan, ihinztadura bidezko koipegabetze-metodo fisikoak erabiltzen dira, koipegabetze kimikoen osagarriak.

– Pasibazio optimizatuak erabiltzen dira tenperatura baxuetan erabiltzeko (30º gehienez), energia aurreztuz.

– Lerroetako lehortze-labeek ez dute gas-erregailurik erabiltzen, galdarako lurruna baizik.

Baita honako hauek ere:

(Ikus .PDF)

Bigarrena.– Metalezko piezak tratatzeko eta estaltzeko jarduera muntatzeko eta ustiatzeko baldintza eta betekizun hauek ezartzea Dimo Zinc Níquel SLU sustatzaileari, helbide honetan duen bere industria-zentrorako: Paduleta kalea 29, Jundiz industrialdea, 01015 Vitoria-Gasteiz (Araba).

A) Proiektua gauzatzen hasteko epea.

Lau urteko epea jartzen da proiektua egikaritzen hasteko; ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasiko da kontatzen epea. Hori igaro eta artean ez bada hasi proiektua egikaritzen, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio iraunaldia eta utzi egingo dio dagozkion ondoreak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatutako epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Horretarako, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko dio, gutxienez hilabete lehenago, noizko aurreikusten den proiektua gauzatzen hastea.

B) Administrazioarekiko harremanen arduraduna.

Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsonaren gainean Ingurumen Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik badago, Dimo Zinc Níquel SLU enpresak aldaketa horien berri emango du.

C) Neurri babesle eta zuzentzaileak.

Neurri babesle eta zuzentzaileak, indarrean dagoen araudiaren arabera eta ondorengo apartatuetan ezarritakoari jarraituz, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala gauzatuko dira:

C.1.– Instalazioaren jardunerako baldintza orokorrak.

C.1.1.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

C.1.1.1.– Baldintza orokorrak.

Dimo Zinc Níquel SLUren instalazioa ustiatzean, honako baldintza hauek bete beharko dira: emisio atmosferikoek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako emisioen muga-balioak, eta Ingurumen Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako baldintza teknikoak betetzea.

Prozesuan zehar atmosferara igortzen den kutsagarri oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko da, behar denean, emisio horien ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango emisio ez-zarratuak biltzea teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria ez denean, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.

Neurri egokiak hartuko dira ustekabeko emisioen probabilitatea murrizteko, eta haien efluenteak giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-jariakinak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatuko eta mantenduko dira, jariakinen tenperatura- eta konposizio-aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko moduan. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

Instalazioaren titularrek bete beharko dituzte abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuak (atmosfera kutsa dezaketen jarduerak gauzatzen dituzten instalazioak arautzen dituena) 5. artikuluan jasotako eskakizunak.

Fokuen sekzioak, neurketa-guneak, laginketa-puntuak, neurketa-portuak, irisgarritasuna, segurtasuna eta zerbitzuak, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak 2012ko uztailaren 11ko Aginduaren jarraibide teknikoetan ezarritakoa bete beharko dute. Agindu horretan, 278/2011 Dekretua, abenduaren 27koa, garatzeko jarraibide teknikoak zehaztu ziren, zeinak arautzen baitzituen atmosfera kutsa dezaketen jarduerak garatzen dituzten instalazioak.

C.1.1.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Pieza metalikoen tratamendu eta estaldurarako Dimo Zinc Níquel SLUren instalazioak foku konfinatu hauek ditu, urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren katalogoan bildutako 03 01 03 04 eta 04 03 08 11 jarduerari lotuak (dekretu horren bidez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen da eta bera ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dira):

(Ikus .PDF)

C.1.1.3.– Emisioen muga-balioak.

Instalazioa ustiatzean, atmosferara egiten diren emisioetan, ez dira gaindituko emisioen mugako balio hauek:

(Ikus .PDF)

Balio horiek honako baldintza normalizatu hauei dagozkie: gas lehorra 273,15 K-ko tenperaturan eta 101,3 kPa-ko presioan, oxigeno-edukiaren araberako zuzenketarik gabe.

Emisio-balioak betetzen diren ebaluatzeko, abenduaren 28ko 278/2011 Dekretuko 9. artikuluak arautzen duena beteko da.

Ikusten bada emisioen muga-balioren bat ez dela betetzen, behar diren neurri zuzentzaileak hartu beharko dira luzamendurik gabe, eta, berehala, ez-betetzearen, neurri zuzentzaileen eta haien epeen berri eman beharko zaio ingurumenaren arloko eskumenak dituen sailari.

C.1.1.4.– Gasak hartu eta kanporatzeko sistemak.

a) Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximiniak ez dira egongo bigarren apartatuaren C.1.1.2 azpiapartatuan ezarritako goreneko kotatik behera. Fokuen sekzioak, neurketa-lekuak, lagin-puntuek, neurketa-portuek, irisgarritasunak, segurtasunak eta zerbitzuek Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduaren bidez argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoa bete beharko dute.

b) Zehazki, laginak hartzeko aurreikusita dauden zuloen kokapenari eta ezaugarriei dagokienez, Ingurumen Sailburuordetzaren jarraibide teknikoak bete beharko dira.

c) Emisio lausoak minimizatzeko xedez, ingurumenaren kudeaketa egokia egingo da, eta instalazioa modu egokian diseinatuko da.

C.1.2.– Isurketak egiteko baldintzak.

C.1.2.1.– Isurien sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokapena.

Isurketa sortu duen jarduera mota nagusia: pieza metalikoen tratamendua eta estaldura.

(Ikus .PDF)

C.1.2.2.– Isurketaren muga-balioak.

Isurketa-parametroak etxekoak ez diren isurketei buruzko udal-ordenantzan ezarritakoak izango dira, eta jarraian zerrendatuko dira, betiere Metalen eta Plastikoen Gainazaleko Tratamenduen BREF aplikazioan argitaratutakoa kontuan hartuta («Surface Treatment of Metals and Plastics», 2006ko abuztua). Honako hauek dira horietako bakoitzaren muga-balioak:

(Ikus .PDF)

Metaletarako mugak metal totaletarakoak direla ulertuko da eta ez metal disolbatuetarako.

Ezingo dira diluzio-teknikak erabili isurien muga-balioak lortzeko.

Gainera, ingurune hartzaileari dagozkion arauak eta kalitate-helburuak bete behar dira. Bestela, titularrak tratamendu egokia egin beharko du, aipatutako arauak eta kalitate-helburuak isurketaren ondorioz urratzen ez direla ziurtatzeko.

Baimen horrek ez du baldintza honetan berariaz adierazitakoak ez diren beste substantzien isuria onartzen, batez ere maiatzaren 23ko 606/2003 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren substantzia arriskutsuak. Errege Dekretu horren bidez, apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretua, abuztuaren 2ko 29/1985 Legearen, urei buruzkoaren atariko titulua eta I., IV., V., VI. eta VIII. tituluak garatzen dituen Jabari Publikoko Urguneen Erregelamendua onartzen duena, aldatzen da.

C.1.2.3.– Arazteko eta husteko instalazioak.

Araztu beharreko urak (12.902 m3/urte) Zn-Ni estaldura galvanikoen instalazioetako isurketa jarraituetatik eta bainu agortu alkalinoen eta azido eta garbiketen etenkako isurketetatik datoz. Sistema honen bitartez, hodi bakar batean bateratu daitezke prozesu azido alkalinoen irakuzketetatik datozen ur guztiak, eta horrez gain, industriako hondakin-uretan dauden metal astun gehienak hauspea daitezke.

Karga erreaktoredun bidezko araztegi fisiko-kimikoak 10 m3/h-ko edukiera du, eta prozesuak honako fase hauek ditu:

1.– Irakuzketak eta kontzentratuak metatzeko blokea.

Ekoizpen-lerroetatik eratorritako irakuzketa azido eta alkalinoak 15 m3-ko edukiera duen efluente-depositu batera eramango dira, grabitate bidez.

15 m3-ko beste bi depositu metatzailek kontzentratu alkalinoak eta azidoak jasotzen dituzte, estaldura agortuetatik datozenak. Kontzentratu horiek erreaktoreari gehitzen zaizkio proportzio egokietan, ponpa dosifikatzaileak erabiliz.

2.– Irakuzketak eta kontzentratuak metatzeko blokea.

Bost depositu dira, eta horien helburua erreaktiboak gordetzea eta gero horiek dosifikatzea da, haien eginkizun zehatzen arabera: pH-a doitzea eta malutapena.

Erreaktiboak erreaktorera eramateko, depositu bakoitzean xede horretarako prestatutako bost ponpa dosifikatzaile erabiltzen dira.

3.– Hondakin-urak arazteko blokea.

Garbitzeko efluente guztien tratamendua (gehi dosifikazio bidez erantsitako kontzentratuak) 10 m3-ko erreaktore batean egiten da. Erreaktore horrek kontrol- eta neurketa-tresnak ditu, eta arazketarako, pH-a doitzeko eta malutapenerako beharrezkoak diren erreaktiboak erregulatuko ditu. Prozesu hori sedimentazio naturaleko prozesu baten bidez egiten da, eta prozesu horren iraupena aldatu egiten da uretan dauden kutsatzaileen kontzentrazioen arabera. Prentsa-iragazki bat du lohiak arazteko eta husteko faseak kontrolatzeko.

4.– Lohiak loditzeko eta deshidratatzeko blokea.

Lohiak ponpatzeko pistoi mintzezko ponpa batek eta lohiak deshidratatzeko prentsa-iragazki erdi-automatiko batek osatzen dute blokea.

5.– Ur araztua iragazteko blokea.

Iragazketa-prozesutik ateratzen den ura, lohi kopuru txiki bat duena, garbiketa-sistema automatikoa duen beira-zuntzezko harea-iragazki batera bidaltzen da.

6.– Kontrol-sistema.

Araztegiak kontrol-sistema iraunkor bat du, automata programagarria duen armairu elektriko batek osatua. Sistema horrek arazketa-prozesu egokirako beharrezkoak diren maniobra guztiak gauzatzen eta kontrolatzen ditu. Haren helburu nagusia da uren araztegia modu automatikoan kontrolatzea, une oro egiten ari den prozesuari eta instalazioko osagai bakoitzaren egoera aktibatuari/desaktibatuari buruzko informazio osoa eskainiz.

Prozesu industrialeko ur araztua modu independentean eramaten da laginak hartzeko kutxatila bateraino. Kutxatila hori pabiloiaren kanpoaldean dago, eta handik saneamendu-sare orokorrera eramaten da (Amvisak kudeatutako Udalaren kolektorera).

C.1.3.– Instalazioan ekoitzitako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortutako hondakin guztiak kudeatuko dira Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legean (uztailaren 28ko 22/2011 Legea) eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera, eta, kasuan-kasu, karakterizatu egin beharko dira euren izaera eta helburu egokiena zehazteko.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta horretarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Birsortzea-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan hondakinak tratatzeko instalazio baimenduak badaude, lehentasunez instalazio horietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten baldin bada, hondakin horiek ezaugarrituko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak (Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituena) xedatutakoari jarraikiz, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak (Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena) ezarritako jarraibideen arabera.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, ebazpen honetan jasotakoa, orientagarria da soilik, kontuan hartuta jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Ezertan eragotzi gabe Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d apartatua) ezarritakoa, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan baimena egokitzea soilik eskatu beharko da baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isurtzeak edo lixibatuak sor baditzakete, bada, orduan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isurtzeak kanpora irten ez daitezen. Hautsezko hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinak desagertu, galdu edo ihes egingo balute, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzan eta Vitoria-Gasteizko Udalean.

Sortutako hondakinak beste erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren Lurraldearen Barruko Hondakinen Lekualdaketa arautzen duen 553/2020 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluari jarraikiz.

Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan, hondakinen lekualdaketei buruzkoan, ezarritakoa bete beharko da.

C.1.3.1.– Hondakin arriskutsuak.

Hauek dira sustatzaileak aitortutako hondakin arriskutsuak:

(Ikus .PDF)

a) Hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodifikazioa hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta ezartzen da, eta horiei buruzko informazioa baimena izapidetzean jasotzen da. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, oinarrizko beste batzuk, euren izaera dela eta, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen definitzen dute. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko IV. Ingurumeneko Esparru Programan (2015-2020) ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere berreskurapena edo balorizazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onarpen-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak balorizatzeko eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

c) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

d) Hondakin arriskutsuak ezin izango dira 6 hilabetetik gora eduki biltegian. Salbuespen-egoeretan, ingurumen-organoak epe hori aldatu ahalko du, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio, baldin eta gizakion osasuna eta ingurumena babestuko dela bermatzen bada.

e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenbizikoz erretiratu aurretik eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana bidali aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

f) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako agiria bete beharko da. Agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Dimo Zinc Níquel SLUk artxiboan erregistratu eta gutxienez hiru urtez gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo agiri ofizial baliokideak.

g) Egiaztatu egin beharko da hondakin arriskutsuak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eramateko erabiliko den garraiobideak horrelako gaiak garraiatzeko indarrean dagoen legerian ezarritako baldintzak betetzen dituela.

h) Dimo Zinc Níquel SLUk Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko ditu sortutako erabilitako industria-olioak.

i) Gailu elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira ekipamendu elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak–. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek bete beharko dute pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbu egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, baita toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei egindako entregak justifikatzeko agiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

j) Dimo Zinc Níquel SLUk PCB eduki ditzaketen gailuak dituenez, kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete behar ditu poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuan zehaztutako baldintzak eta errege-dekretu hori aldatzen duen 2006ko otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretua.

k) Europako Parlamentuak eta Kontseiluak ozono-geruza agortzen duten substantzien gainean 2009ko irailaren 16an eman zuen 1005/2009/EE Erregelamenduak adierazten dituen substantzia erabiliak baldin baditu Dimo Zinc Níquel SLUk, berreskuratu egingo ditu, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarri den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko ditu aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

l) Artxibo kronologiko bat egingo da hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluarekin bat etorriz, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Artxibo hori ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko da, artxibo kronologikoan jasotako informazioaren laburpen-memoriarekin batera, arestian aipatutako Legearen 41. artikuluan jasotzen den moduan.

m) Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko, zeina hondakin horiek ahalik eta gutxien sortzea baita, urtean 10 tona hondakin arriskutsu baino gehiago sortuz gero, Dimo Zinc Níquel SLUk hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plan bat aurkeztu beharko dio Ingurumen Sailburuordetza honi, lau urtetik behin, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 17.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, betiere aipatutako legearen garapenerako araubideak ez badu Dimo Zinc Níquel SLU hondakin arriskutsuen ekoizle txiki gisa katalogatzen.

n) Baldin eta Dimo Zinc Níquel SLU Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997 Legea) lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabea bada, Dimo Zinc Níquel SLU ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

o) Irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan (Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko dena) xedatutakoari jarraituz, e) eta f) apartatuetan aipatutako dokumentuak –kudeatzaileak EAEkoak direnean– eta l) eta m) apartatuetan aipatutakoak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektronikoko IKS-eeM sistemako erakundeentzako bertsioa erabiliz.

p) Amiantoa duten hondakinak antzemanez gero, Dimo Zinc Níquel SLUk 108/1991 Errege Dekretuan (3. artikuluan), amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzekoan, ezarritako eskakizunak bete beharko ditu. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira (dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak).

C.1.3.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Sustatzaileak hondakin ez-arriskutsu hauek aitortu ditu:

(Ikus .PDF)

a) Bigarren apartatuaren C.1.3 azpiapartatuan xedatutakoarekin bat, hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da eta, horretarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak deuseztatu ahal izateko, aldez aurretik justifikatu beharko da haien balorizazioa ez dela bideragarria ez teknikoki, ez ekonomikoki, ez ingurumenaren aldetik. Justifikazio tekniko hori lortzeko, hondakin hori onartzeko baimenduta dauden hiru kudeatzailek ezetza eman behar diote kasuan kasuko hondakina balorizatzeari.

b) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu batera.

c) Hondakin horiek ezabatzeko direnean, ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki; hondakinen azken helburua balorizazioa denean, berriz, 2 urtez gorde ahal izango dira.

d) Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Dimo Zinc Níquel SLU enpresak tratamendu-kontratuak edo agiri ofizial baliokideak erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu, nahitaezkoak badira, hiru urtez gutxienez.

e) Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, hondakin arriskugabea eraman aurretik identifikazio-agiria bete beharko da, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa (dekretu haren bidez arautu zen hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea).

f) Balorizatzeko edo ezabatzeko helburuarekin, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluaren arabera.

g) Baldin eta Dimo Zinc Níquel SLU Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997 Legea) lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabea bada, Dimo Zinc Níquel SLU ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

h) Erregistro bat egingo da, hondakinei buruzko datu hauek jasoko dituena: kantitatea, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodoak eta tokiak, hondakinen sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtean behin, kontrol-erregistro horren kopia bat eta dagokion urteko ingurumen-zaintzako programa bidali beharko dira Ingurumen Sailburuordetzara.

i) Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko den irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraituz, apartatu honetako d) eta e) apartatuetan aipatutako dokumentuak –kudeatzaileak EAEkoak direnean– eta f) eta h) apartatuetan aipatutakoak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektronikoko IKS-eeM sistemako erakundeak bertsioa erabiliz.

C.1.4.– Lurzorua eta lurpeko urak babesteko baldintzak.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako aginduak betetzeko aurkeztutako lurzoruaren egoerari buruzko aurretiazko txostenaren gomendioekin bat etorriz, Dimo Zinc Níquel SLUk lurzorua babesteko behar diren neurriak hartu beharko ditu:

– Atxikipen-kubetak jarriko dira lerro bakoitzaren azalera osoan, araztegira doazen ponpak eta hodiak barne.

– Produktu kimikoen eta hondakin arriskutsuen biltegiratzeek beharrezko diren segurtasun-baldintzak beteko dituzte, lurzoruan kalterik ez eragiteko. Horregatik, lehengai, erregai, produktu eta hondakin arriskutsu guztiak isuriak edo ihesak ez gertatzeko moduan biltegiratuko dira, eta atxikipen-kubetak jarriko dira, haien ezaugarriak direla-eta, beharrezkoa den kasuetan.

Halaber, urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan lurzorua babesteari buruz ezartzen diren betekizunak betetzearren, sustatzaileak Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko urtarrilaren 23ko Aginduan aipatzen diren instalazioei buruzko dokumentazioa entregatu beharko du. Agindu horren bidez onartu zen Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatzen dena interpretatu eta aplikatzeari buruzko jarraibide teknikoa, lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten bat egin beharrari dagokionez.

Nolanahi ere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea lehengoratzen diharduen erakunde ezagun batek egina. Dokumentu horretan jasoko dira: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta kontroleko eta lurzoruen eta lurpeko uren jarraipeneko dokumentuak. Aurrerantzean ere, emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar badira, lurzoruen agiri bakar berri bat bidaliko da.

Instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez, sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu:

1.– Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:

a) 4/2015 Legeak, ekainaren 25ekoak, 25. artikuluaren 1.c) apartatuan ebazten denarekin bat etorriz, hondeatu beharreko materialak (lurra, obra-hondakinak eta abar) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, jardun kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa-modu egokiena zehaztearren.

b) Hondeaketa horrek hondeatutako materialen 500 m3 gainditzen dituenean, sustatzaileak gaikako hondeaketa-plan bat aurkeztu beharko du. Planak 13. artikuluan adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu behar du plana, betetzen hasi aurretik.

c) Hondeatu beharrekoa 500 m3 baino gutxiago bada, aldaketa-eskaerak informazio hau eman beharko du: non dagoen kokatuta, zenbat hondeatu behar den, aurreikusitako hasiera-eguna, kontratista, jarraipenaren eta kudeaketaren ardura izango duen erakundea. Halaber, obra egin ondoren, azken txostena bidali beharko du. Bertan, lurzoruen karakterizazioaren emaitzak eta horien azken helmuga adierazi beharko dira.

d) Aurreko kasu horietan guztietan, induskatzen amaitutakoan, induskatutako materialak zuzen berrerabili edo kudeatu direla ziurtatzen duen txosten bat aurkeztu beharko da ingurumen-organoan, behar bezala karakterizatu aurretik.

e) Oro har, ondorengo irizpide hauek beteko dira:

– Soberakinak hondakindegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak (hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena) ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, laginketa gauzatzeko, gidaren 10.2.6 apartatuan (Induskatu behar diren lurzoruetan «in situ» egindako laginketa) biltzen diren induskatu beharreko materialen karakterizazio-kanpaina diseinatzerakoan kontuan hartu behar diren oinarrizko irizpideei jarraituko zaie.

– Soberako materialak instalazio berean berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako VIE-B (industria-erabilera) balioaren azpitikoa. Horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, honen arabera: 199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.

– 4/2015 Legean, ekainaren 25ekoan, xedatutako VIE-A ebaluazioko balio-adierazleak eta TPH-etarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta beraz, onartu egingo dira baimendutako edozein betelanetarako.

– Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalaren parekoa den harrizko substratu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

2.– Instalazioa baimenduta dagoen lursailetik kanpo aldaketaren bat egitea aurreikusten bada (lurzoru berria okupatuz) eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean aipatutako jardueraren bat, sustatzaileak lurzoru-arloko adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

Era berean, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluaren 2. apartatuaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek ezar ditzan hartu beharreko neurriak, aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluaren 1.e apartatuari jarraikiz.

C.1.5.– Zaratari buruzko baldintzak.

Dimo Zinc Níquel SLUk behar diren neurriak hartuko ditu instalazioak ez ditzan kanpoko ingurumenera transmititu Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskineko F taulan muga-balio gisa ezarritako zarata-mailak baino handiagoak, betiere Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen abenduaren 16ko 1513/2005 Errege Dekretuaren –giro-zarataren ebaluazioari eta kudeaketari dagokienez– II. eranskinean ezarritako prozeduren arabera ebaluatuta.

(Ikus .PDF)

Kanpoaldeko muga-balioek lurretik 2 metroko garaiera eta fatxada leihodunen kanpoaldeko eraikuntzaren garaiera guztiak dituzte erreferentziatzat.

Lokal mugakideak egonez gero, lokal horien erabilera kontuan hartuta, instalazioak ezingo du aipatutako urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren I. eranskineko G eta H tauletan ezarritako muga-balioak baino zarata-maila handiagoa transmititu haietara.

Ezarritako zarata-immisioaren muga-balioak errespetatzen direla joko da baldin eta, aipatutako urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren II. eranskinean ezarritako prozeduren arabera, ebaluatutako adierazle akustikoen balioek, urtebeteko epean, honako baldintza hauek betetzen badituzte:

– Urteko batez besteko balioek ez dituzte gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulak ezarritako balioak.

– Eguneroko balioek ez dituzte 3 dB-tan gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulak ezarritako balioak.

– Lkeq, Ti indizean neurtutako balioek ez dituzte 5 dB-an gainditzen aipatutako I. eranskineko F. taulan adierazitako balioak.

Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du handituko sentsibilitate akustiko handieneko guneetako zarata-maila.

Gutxienez, sustatzaileak ingurumen-baimen integratuarekin batera aurkeztutako agirietan proposatutako neurriak hartu beharko dira.

D) Ingurumena zaintzeko programa.

Sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta honako apartatu hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da ingurumen-zaintzako programa:

D.1.– Emisio atmosferikoak kontrolatzea.

D.1.1.– Kanpo-kontrolak.

a) Dimo Zinc Níquel SLUk emisioak kontrolatu beharko ditu informazio honen arabera:

(Ikus .PDF)

b) Puntu honen a) apartatuan aipatutako neurketa guztiak Administrazioaren II. mailako Ingurumen Lankidetzako Erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraituz, eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek bete egin beharko dituzte Ingurumeneko sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan eskatzen diren baldintzak, bereziki honako gai hauei dagokienez: helburua eta neurketa-plana, neurketen adierazgarritasuna, neurketa kopurua eta banakako neurketa bakoitzaren iraupena, eta erreferentzia-metodoak hautatzeko irizpidea.

c) Halaber, a) apartatuan azaldutako emisio-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batez besteko maiztasunarekin funtzionatzen badu, emisio bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duela, eta edozelako maiztasunarekin, emisioen iraupen globala instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, betiere kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Inguruabar hori dagokion urteko Ingurumena Zaintzeko Programan justifikatu beharko da.

D.1.2.– Lortutako emaitzen erregistroa.

Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz: 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua (100/2011 Errege Dekretua, urtarrilaren 28koa, Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituena) eta 278/2011 Dekretuaren III. eranskina (278/2011 Dekretua, abenduaren 27koa, Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituena).

Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.

D.2.– Saneamendu-sarera isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, ondorengo analisiak egingo dira:

(Ikus .PDF)

b) Puntu honetako a) apartatuan aipatutako neurketa guztiak Administrazioaren Lankidetzako Erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, eta aurreko puntuetan aipatu diren parametro guztietan gauzatuko dira. Sustatzaileak lagin hartu berri baten analisiak aurkeztu beharko ditu gutxienez (lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izango da), edo bestela, lagin puntual esanguratsua.

c) Laginketak, kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira beti.

d) Isurketak baimenaren baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, baldin eta puntu honetako a) apartatuan ezarritako kontrol-parametro guztiek betetzen badituzte ebazpen honen bigarren apartatuko C.1.2.2 azpiapartatuan ezarritako mugak.

D.3.– Jardueraren adierazleen kontrola.

Sustatzaileak ondorengo taulan agertzen diren jardueraren gaineko parametro-adierazleen segimendua egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta urtean urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztuko du.

(Ikus .PDF)

D.4.– Zarataren kontrola.

a) Lkeq, Ti indize akustikoaren ebaluazioa egingo da urtean behin, jarduera egiten den lursailaren kanpoaldean neurketak eginez, zarata kanpoaldera transmititzeko arriskurik handiena dagoen aldean.

b) Neurketa bidezko ebaluazio guztiak akustikaren esparruan laginketa espazial eta tenporala egiteko UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako ziurtagiri bat duen Ingurumeneko Erakunde Laguntzaile (IEL) batek egin beharko ditu. Nolanahi ere, ingurumen-organoak ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela zainduko du.

c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan eta abenduaren 16ko 1513/2005 Errege Dekretuaren (giro-zarataren ebaluazioari eta kudeaketari dagokionez, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena) II. eranskinean ezarritakora egokituko dira.

d) Sustatzaileak proposamen zehatz bat landu beharko du, eta bertan, ebaluazio-puntuak adierazi.

D.5.– Lurzoruaren eta lurpeko uren kontrola.

a) Ebazpen honen hirugarren apartatuko C.1.4 puntuan eskatutako dokumentazioaren kaltetan izan gabe, hurrengo datu hauek aurkeztuko dira lurzoruarekiko afekzio berri baten aukera hauteman den kasuan:

– Aintzat hartutako aldian izan diren intzidentziak, substantzia arriskutsuak direla-eta lurraren eta lurpeko uren kutsadura sortu ahal izan dutenak.

– Instalazioan hartutako neurrien egoera –zolak iragazgaiztea, drainatzeak, kubetak eta kutxatilak– bai eta larrialdi-egoeran jarduteko bitarteko egokiak eta nahikoak erabilgarri daudela egiaztatzen duen adierazpena, teknikari eskudunak sinatua. Tresneria eta azalerak egoera onean daudela egiaztatzen, edo, hala badagokio, horietan antzemandako hutsuneak jasotzen dituen berariazko adierazpena jaso beharko du.

– Lurzorua edo lurpeko urak kutsatuta egon daitezkeela dioen adierazpena, halakorik balego, edo, bestela, horrelako aztarnarik ez dagoela egiaztatzen duen adierazpena.

b) Halaber, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko urtarrilaren 23ko Aginduari dagokionez jakinarazitako baldintzen analisian zehazten diren kontrolei kalterik egin gabe –Agindu horrek Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa interpretatzeari eta aplikatzeari buruzko Jarraibide Teknikoa onartzen du–, eta lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten bat eskatzeari lotuta, Dimo Zinc Níquel SLUk lurzoruaren eta lurpeko ur silikatoen egoera zehazteko oinarrizko txosten bat egin beharko du. Horretarako, gutxienez bi zundaketa egin beharko ditu uren karakterizaziorako, ateratako lurzoru-zutabearen karakterizaziorako eta piezometro bana gaitzeko, eta horiek erabiliko dira lurpeko uren kalitatearen jarraipena egiteko. Zundaketak kokatzean, kontuan hartuko dira egon daitezkeen arrisku-iturriak eta lurpeko uren jarioa; hala, instalaziotik gorako eta beherako uren jarioa alderatu ahal izango da.

Apartatu honetan jasotakoa betetzeko aurkeztu beharreko informazioa lehen aipatutako urriaren 10eko 199/2006 Dekretuan xedatuaren arabera egiaztatutako erakunde batek egin beharko du, hala nola organo honek horretarako onar ditzakeen jarraibideetan adierazitakoaren arabera.

D.6.– Emaitzak kontrolatu eta igortzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu behar dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:

https://www.euskadi.eus/baimena/ibb-ippc/web01-tramite/eu/

Era horretan, programa horretan zehaztutako aldian egiten diren kontrol guztiak (ibilgura edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik) Ingurumena Zaintzeko Programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren. Ezarritako baldintzak betetzen ez direnean bakarrik jakinarazi beharko da, eta jakinarazpena ingurumen-baimen bateratuan ezarritakoaren arabera egingo da. Kontrola egiten duten urteari dagokion programaren barruan baino ez dituzte igorriko, gainera, urtebete baino periodikotasun handiagoko kontrolak.

Emaitza horiek urtero igorriko dira, betiere martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintzeko programaren emaitzekin batera. Txosten horretan, neurri babesle eta zuzentzaileen funtzionamendua, prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak eta emaitzen analisia jasoko dira, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausak eta konponbideak, eta halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aurrez aldetik egin ez bada.

D.7.– Ingurumena Zaintzeko Programaren Agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, aurkeztu dituen agirietan eta ebazpen honetan proposatutako betebeharrak bilduz. Honako hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Era berean, ingurumena zaintzeko programak jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika barruan izan beharko du, horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzeko ezarritako neurrien eta mekanismoen efikazia egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).

E) Ezohiko egoeretan kutsadurari aurrea hartzeko neurriak eta funtzionamendu-baldintzak.

E.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, emisioen eta sortuko diren hondakinen zenbatespena egin beharko du sustatzaileak, eta dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.

Instalazioa geldiaraztean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak kudeatu beharko dira, bigarren ataleko C.1.3 azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz. «Instalazioan ekoitzitako hondakinen kudeaketa zuzena bermatzeko baldintzak» jarraitu beharko da, baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

E.2.– Jarduera bertan behera uztea.

Jarduera lege hauen aplikazio-esparrukoa da: Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea (28.5 epigrafea: Metalen tratamendua eta estaldura), eta Kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpideak eta estandarrak ezartzeko urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua. Horrenbestez, Dimo Zinc Níquel SLU enpresak lurzoruaren kalitatearen adierazpenerako prozedura hasi beharko du, bi hilabeteko epea agortu baino lehen, jarduera behin betiko uzten duenetik hasita, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Jarduera utzi baino lehen, Dimo Zinc Níquel SLUk instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu ebazpen honen bigarren ataleko C.1.3 azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.

E.3.– Jarduera aldi baterako etetea.

Jarduera aldi baterako uztea eskatuz gero, 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan arautu bezala, Dimo Zinc Níquel SLUk, aldi baterako uztearen eskabidearekin batera, agiri bat bidali beharko du lantegia jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen bateratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, instalazioa berriz abiarazi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen isurketa edo emisio oro saihesteko.

E.4.– Jarduera anomaloa izanez gero aplikatu beharreko neurriak eta jarduketak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean zehaztuta dauden ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentzioko neurriez eta jardunerako baldintzez gain, ondorengo apartatuetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.

Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta segurtasun-neurriei dagokienez. Jarioak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (irazgaitzak), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), egon daitezkeen jarioak antzemateko neurriak edo gehiegi bete direneko alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota) eta lurzoru gaineko isuriak biltzeko sistemak.

Aurreko lerrokadan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen ikusizko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

Era berean, atmosfera eta ura kutsatzea prebenitzeko eta kutsatutakoa zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa eta abar) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipamenduen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

Urak arazteko prozesuan pilatutako hondakin solidoak eta lohiak behar den maiztasunez aterako dira, instalazioak behar bezala funtziona dezan. Hondakin horiek ez dira ibai-ibilgura hustuko aldizkako garbiketa egiten denean; bildu egin beharko dira, kudeatzeko edo zabortegi baimendu batera eramateko. Gorde egingo dira hondoan hustubiderik ez duten andel iragazgaitzetan. Inoiz ez dira pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoa kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.

Baldin eta instalazioetan lohien tratamendua badago, horietatik jaregindako ura berriro bideratuko da arazte-instalazioko sarrerara, tratamendua jaso dezan.

Pabiloien barruan zolak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

Hondakin-ura ezingo da «by-pass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.

Programatutako mantentze-lanetan nahitaez «by-pass» bidez isurketak egin behar badira, titularrak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isurketak ingurune hartzailearen kalitatearen gainean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuz. «By-pass» horren bidez aurreikusi gabeko isurketaren bat badago, titularrak segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko du, eta dagokion txostena Ingurumen Sailburuordetzara bidali (apartatu honen j) puntuan adierazitakoari jarraituz).

b) Halaber, erregistro bat eduki behar da, aldizka egindako mantentze-lanak eta hautemandako gorabeherak jasota uzteko.

c) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu eskura, arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak eraginkor mantentzeko.

d) Erabilitako olioak, jariakinen arazketako hondakinak, besteak beste, eta oro har, instalazioan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lurzatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

e) Hautsezko produktuak biltegiratzeko, silo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabiloi estali eta itxiak eduki beharko dira.

f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan gordeko dira.

g) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratze-instalazioek baldintza batzuk bete beharko dituzte; zehazki, produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritakoak.

h) Larrialdi-egoeran berehala eta eraginkortasunez jarduteko behar diren material guztien kantitate nahikoa eduki beharko da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen jarioei aurre egiteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasuneko edukiontziak, kaltetutako ingurunea isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak, eta babes pertsonalerako ekipamendu egokiak.

i) Ontzien hustuketa kontrolatzeko balio duen protokolo edo prozedura bat edukiko dute. Bertan, instalazioaren eraginkortasunari eragin diezaioketen isuriak instalaziora joatea saihestu beharko da.

j) Gorabeheraren bat izanez gero agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak, berehala, gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren betiere. Jakinarazpenean alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Jatorriak eta kausak (unean zehaztu daitezkeenak).

– Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.

– Sortutako ondorioak.

– Epe laburrera aurreikusitako jardunak, halakorik badago.

Gertakari edo arazo larriren bat edo ustekabeko isuriren bat egonez gero, SOS Deiak eta Vitoria-Gasteizko Udala jakinaren gainean jarri behar dira, berehalakoan. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuari buruzko txosten xehatua bidali beharko zaio Ingurumen Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

– Gorabeheraren iraupena.

– Ustekabeko isurketa gertatuz gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne hartuta.

– Mugak gaindituz gero, emisioei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen zenbatespena.

– Hartutako neurri zuzentzaileak.

– Anomalia berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketa gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen oreka modu larrian kaltetu badezake, titularrak berehala etengo du isurketa hori eta, horrez gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta Babes Zibilean zein ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS Deiak (112) Larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

k) Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, gerta daitezkeen gorabehera edo arazoei aurre egiteko, jardueraren titularrak lehenbailehen jakinarazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari instalazioan aurrez programatuta egingo diren geldialdiak, etengabeko prozesu bati dagozkionak, aurreikusitako prebentziozko mantentze-lanak barne hartuta.

l) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeria aplikatuko da, eta legeria horrek agintzen dituen betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

F) EPTR jakinarazpena.

Urtean behin, martxoaren 31 baino lehen, Dimo Zinc Níquel SLU enpresak aurreko urtean atmosferara egindako emisioei eta uretara egindako isuriei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko 508/2007 Errege Dekretuarekin eta Ingurumena Zaintzeko Programarekin bat etorriz.

Informazio horren bidalketa Ingurumen Sailburuordetzak horretarako prestatutako informazio-sistemaren bidez egingo da.

Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenean Eragina duten Jardueren Erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori informazio-trukerako basea izango da, datuak Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko, E-PRTR-Europa erregistrora, alegia.

Ingurumen-adierazpena agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez arautzen dira informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, une oro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

G) Instalazioko aldaketak.

Baldin eta arautegi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala eginarazten badigute, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-zaintzako programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai eta neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Era berean, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu egin daitezke jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

Instalazioetan aldaketak egin ahal izateko, honako helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da aldez aurretik:

http://www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_autorizacion/p_autho_20183895085814/procedures/proc_20183895329689/eu_def/adjuntos/Formulario_modificaciones.doc

Erakunde honen onespena ere beharko da, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

Industriako Emisioen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak ezartzen ditu.

Nolanahi ere, aipatutako 815/2013 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, aplikatzekoa izango da Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatua.

Baldin eta aldaketan aurreikusten bada lurzoru berria okupatzea, eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen adierazpena eduki beharko da, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

H) Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 31. artikuluari jarraituz, eta aipatutako legearen 32. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.

Hirugarrena.– 16-I-01-000000000401 erregistro-kodea esleitzea Dimo Zinc Níquel SLUk 01015 Vitoria-Gasteizko Jundiz industrialdeko Paduleta kaleko 29. lurzatian (Araba) ustiatutako instalazioari. Hona hemen kokapena: UTM (ETRS89) 30T, X: 521609, Y: 4742094.

Laugarrena.– Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena ofizioz egingo da kasu hauetan:

a) Instalazioak sortutako kutsadura dela-eta, finkatutako emisioen muga-balioak berrikustea edo beste batzuk ezartzea komeni bada.

b) Emisioak nabarmen murriztu badaitezke gehiegizko kosturik izan gabe, erabil daitezkeen teknikarik onenetan izandako aldaketa handien ondorioz.

c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela eta beste teknika batzuk erabili behar badira.

d) Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legediak hala eskatzen badu, edo Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 22.3 artikuluari jarraikiz, ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa bada.

e) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen bada.

f) Ingurunearen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharra ikusten bada, bereziki inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela antzematen bada.

g) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharpenen arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako neurri babesle, zuzentzaile edo konpentsatzaileak nahikoak ez direla egiaztatzen bada.

h) Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluko 1., 2. eta 3. zenbakietan ezarritakoarekin bat etorriz egindako azterketa eginda, aldatu egin behar dela ondorioztatzen bada.

Ingurumen-baimen integratua berrikusteak ez dakar kalte-ordaina jasotzeko eskubidea, hala ezarrita baitago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26.5 artikuluan.

Bosgarrena.– Ingurumenaren finantza-bermea.

a) Ingurumenaren finantza-bermea.

Dimo Zinc Níquel SLUk bere jarduera profesionalaren ingurumen-arriskuen azterketa bat egin beharko du, 26/2007 Legea zati batean garatzen duen Erregelamendua onartzen duen abenduaren 22ko 2090/2008 Errege Dekretuaren 34. artikuluan ezarritakoaren arabera, finantza-bermea eratu behar duen ebaluatzeko, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 24. artikuluaren arabera. Obligazioa izanez gero, 1. eta 2. lehentasun-mailako operadoreek, ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren arabera, finantza-bermea izan beharko dute. Bestalde, 3. lehentasun-mailako operadoreek, ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren arabera, finantza-bermea eduki beharko dute urriaren 10eko TEC/1023/2019 Aginduaren 2. artikuluan ezarritako epeetan. Hala badagokio, finantza-bermea eratu ondoren, eta betiere adierazitako data baino lehen, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio agintaritza eskudunari, eta adierazpen horrek 2090/2008 Errege Dekretuaren IV.1 eranskinean adierazitako informazioa jaso beharko du gutxienez. 26/2007 Legearen 28. artikuluko a) eta b) apartatuetan aurreikusitako salbuespenei jarraikiz, jarduera finantza-bermea eratzetik salbuetsita geratzen bada, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio agintaritza eskudunari, eta hark IV.2 eranskinean jasotako informazioa jaso beharko du gutxienez. Erantzukizunpeko adierazpen hori Eusko Jaurlaritzak emandako prozedura telematikoaren bidez bakarrik aurkeztu behar da.

Operadoreak ingurumen-arriskuen azterketa eguneratuko du egokitzat jotzen duen guztietan eta, aldiro, jardueran, instalazioan edo funtsezko baimenean funtsezko aldaketak gertatzen direnean. Finantza-bermearen zenbatekoa urtero eguneratuko da, KPIaren arabera.

Urteko ingurumena zaintzeko planarekin batera finantza-bermea eratu behar izanez gero, indarrean dagoen aseguru-polizaren kopia edo eratutako finantza-berme motaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

b) Ingurumen-erantzukizuna.

Jardueraren operadoreak ingurumen-kalteak prebenitzeko, saihesteko eta konpontzeko neurriak hartu eta betearazi behar ditu, eta horien kostuak ordaindu behar ditu, zenbatekoa dena dela, baita dolorik, errurik edo zabarkeriarik egon gabe ere, Ingurumen Erantzukizunari buruzko Legearen 19.1 artikuluan adierazten den bezala.

Seigarrena.– Dimo Zinc Níquel SLUri eskatzea honako alderdi hauei erantzun diezaiela, jarraian zehaztutako epeetan:

Instalazioaren eraikuntza amaitu eta jarduera abiarazi aurretik:

– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko jarduera noiz hasiko den eta ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituela.

– «As built» proiektua.

– Obra-amaierako ziurtagiria, eskumena duen teknikariak emana.

Instalazioak ezarri eta hurrengo hilabetean:

Justifikatzeko neurketak aurkeztu behar dira, eredu akustiko bat eginez, indarreko araudian ezarritako mugak betetzen direla egiaztatzeko (D.4).

Instalazioak ezarri eta hurrengo sei hilabeteetan:

– Lurzoruen agiri bakarra, «Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren gaineko arauzko eskakizunak aplikatzea ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioetan» zirkularraren arabera, ingurumen-organo honek emana 2016ko azaroaren 17an (Bigarren apartatua, C.1.4).

– Sortutako hondakin guztien kudeaketa egiteko baimendutako kudeatzaile batek emandako trataera-kontratuak (C.1.3).

– IKE txostena eta lau fokuetako emisio atmosferikoen gaineko kontrola.

– Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuak ezartzen duen moduan, Dekretu horren I. eranskina bidali beharko du, 9. apartatua bakarrik beteta, eta horrela, tximinien altuerak eskatzen diren gutxieneko neurriak betetzen dituela egiaztatuko da.

Zazpigarrena.– Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 5.d) artikuluan xedatutakoarekin bat, pieza metalikoen tratamendua eta estaldura egiteko jarduerari dagokionez, zeina ebazpen honen xede baita, gerta litekeen titulartasun-aldaketa oro jakinarazi beharko dio Dimo Zinc Níquel SLUk Ingurumen Sailburuordetzari, azken horrek onar dezan.

Zortzigarrena.– Baimen honek balioa galduko du honako hauek gertatzen direnean:

– Ebazpen honen seigarren apartatuan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen ez badu epearen barruan, baldin eta interesdunak ez badu behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen.

– Foku berri bat ezartzea dela-eta Ingurumen Kontrolerako Erakundearen (IKE) txostena bidaltzeko ezarritako sei hilabeteko epea betetzen ez bada.

– Dimo Zinc Níquel SLUren nortasun juridikoa azkentzea, indarrean dagoen araudian ezarritako kasuetan.

Bederatzigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Dimo Zinc Níquel SLU enpresari, Vitoria-Gasteizko Udalari, ingurumen-baimen bateratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.

Hamargarrena.– Ingurumeneko baimen bateratu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Hamaikagarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 9a.

Ingurumeneko sailburuordea,

AMAIA BARREDO MARTÍN.


Azterketa dokumentala