Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

199. zk., 2020ko urriaren 8a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4141

EBAZPENA, 2020ko irailaren 14koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez garatzen baita Alonsotegiko Arbuio 4EU (Bizkaia) Hirigintza Jarduketa Programaren ingurumen-txosten estrategikoa eta ingurumen-azterketa estrategikoaren irismenari buruzko dokumentua.

AURREKARIAK

2020ko otsailaren 19an, Alonsotegiko Udalak eskabidea bete zuen Alonsotegiko Arbuio 4EU (Bizkaia) Hiritartzeko Jarduketa Programari dagokion ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura izapidetzen hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Hirigintza Jarduketa Programaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan eskatutakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat atxiki zitzaizkion eskabideari. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori egin duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki ikusten zituzten oharrak egiteko, ingurumen-organo horrek, ohar haiek oinarritzat hartuta, ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Era berean, Alonsotegiko Udalari jakinarazi zitzaion izapidea hasita zegoela.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen orduko Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek aukera izan zezaten egoki ikusten zituzten ingurumen arloko oharrak egiteko.

Bukatu da abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea, eta zenbait erantzun jaso dira; espedientean jasota daude horien edukia eta emaitza.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea, ingurumenaren babes-maila handia bermatuz, garapen jasangarria sustatze aldera.

Halaber, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko 1998ko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek behar bezala bermatuko dute, besteak beste, helburu hau betetzen dela: hautabide egokienak hautatu ahal izateko, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginei buruzko analisia, betiere kontuan izanik jardueren ondoriozko eragin metatzaile eta sinergikoak.

Alonsotegiko Arbuio 4EU (Bizkaia) Hirigintza Jarduketa Programa abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Aztertuta geratu dira Hirigintza Jarduketa Programaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen, lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun arloak finkatzen dituena) eta apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren (Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena) arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Hirigintzako Jarduketa Programaren proposamenean ingurumen arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena egiten baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretua, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun arloak finkatzen baititu; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen hirugarren xedapen iragankorra; Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Alonsotegiko Arbuio 4EU (Bizkaia) Hirigintza Jarduketa Programari dagokion ingurumen-txosten estrategikoa egitea (aurrerantzean, HJP), Alonsotegiko Udalak sustatua, jarraian zehazten diren baldintzetan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

HJParen helburua da Alonsotegiko Arbuio 4 egikaritze-unitatearen prozesu urbanizatzailea ahalbidetzea, 6.735 m2 ingurukoa, indarrean dauden hirigintza-arauetan jarduera ekonomikoetarako hiri-lurzoru finkatu gisa kalifikatuta dauden lurzoru batzuen gainean. Horretarako, HJPak hirigintza-araudia egokitu behar du, lurzatiaren urbanizazioaren lotura eta integrazio egokia konpontzeko: bideak, aparkalekuak, zerbitzu-azpiegitura eta beharrezkoak diren gainerako zehaztapenak.

Proposatutako antolamenduan, bertan dagoen sarreraren ordez sarbide komun berri bat jartzeko asmoa nabarmendu behar da, errepidearekin lotzeko aukera ematen duena, bide-segurtasun handiagoa emanez; era berean, oinezkoentzako espaloi bat sortzea aurreikusten da, Gidako Ama Birjinako etxebizitzen eta Zaramilloko tren-geltokiaren (Gueñes) artean komunikazio segurua ahalbidetzeko; lurzati barruan 4 bide proposatzen dira, eta horietako batek Kadagua ibaiarekiko trazadura paraleloa du.

HJPak industria-pabiloi berri bat sortzeko esparrua ezartzen du, P4Q Electronics SL enpresak sustatua (osagai eta sistema elektronikoen fabrikazioa).

B) Proposatutako programaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko HJPak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1) Planaren edo programaren ezaugarriak. Honako alderdi hauek hartu dira kontuan:

a) Planak edo programak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, HJPak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legerian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zer neurritan eragiten duen planak edo programak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: ingurumenaren ikuspegitik, plan honek ez du aipatzeko moduko ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan. Zentzu horretan, Ura Uraren Euskal Agentziak jakinarazi du planak behar bezala errespetatzen dituela EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren F3 apartatuan ezarritako atzerapenak (449/2013 Dekretua, azaroaren 19koa, EAEko Kantauriko eta Mediterraneoko isurialdeko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren aldaketa behin betiko onartzen duena). Gainera, Agentziak egokitzat jotzen du Planean aurkeztu den Azterlan Hidraulikoaren berrikuspen-azterketaren emaitza. Bertan ondorioztatzen da ez dela ur-laminaren gainpresio nabarmenik gertatzen eremu horretan, eta proposatutako jarduketekin ez direla areagotuko uholde-arriskua eta ingurunean lehendik dagoen arriskua.

c) Plana edo programa egokia den ala ez ingurumen arloko gogoetak egiteko, bereziki garapen jasangarria sustatu ahal izateko: programaren azken helburuari dagokionez, HJPak eremuaren antolamendua garatzen du hobekuntza-irizpideekin, lurzatiaren garapena ahalbidetzeko helburuarekin. Alde horretatik, egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-irizpideak txertatzea, bereziki honako hauei dagokienez: eraikingintza eta eraikuntza efizienteena baliabideen erabileran; hondakinen kudeaketa, paisaia-integrazioa eta oinezkoen irisgarritasun-baldintzen sustapena eta hobekuntza. Horri dagokionez:

– Eremuaren ezaugarriak eta kokapena kontuan hartuta, garrantzitsutzat jotzen da mugikortasun jasangarria sustatzea hirugarren sektoreko erabileren zonaldera iristeko, garraio pribatua erabili ordez garraiobide jasangarrien erabilera sustatuz.

– HJPak kontuan izan beharko ditu bultzatzen dituen eraikuntza-egitasmoetan eraikuntza jasangarriko gidetako gomendioak, helburu hauekin: proposatutako eraikinetan energia aurreztea, energia berriztagarrien erabilera sustatzea eta energiaren efizientzia areagotzea.

– Planak paisaia-integrazioko kasuan kasuko azterketa jaso beharko du, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeari buruzko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

d) Planarekin edo programarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: jarduketa-proposamenak aztertuta eta lurzatiaren ingurumen-ezaugarriak kontuan hartuta, ezin da bermatu HJPa gauzatzean ingurumen-arazo adierazgarririk gerta ezin daitekeenik. Urbanizazio-lanek ibaiertzeko basoari zuzenean ez eragin arren, ibaiarekiko bide paralelo bat jartzeak (5 metroko distantziara) ibaiertzeko basoaren garapena muga lezake, eta, beraz, garrantzi handiagoko zarata-iturriak (ibilgailuen zirkulazioa, batez ere ibilgailu astunena) ibaira hurbiltzea gerta liteke, eta ibaiko eragozpenak eragitea. Bizkaiko Lurralde Historikoan espezie mehatxatuak kudeatzeko eskumena duen Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak egindako txostenaren arabera, proposatutako jarduerak ondorio nabarmenak izan ditzake ingurumenean, bisoi europarraren (Mustela lutreola) habitatari eragiten baitio; bisoi europarra espezie mehatxatuen EAEko katalogoan dago sartuta, Galzorian dauden espezieen kategorian.

e) Planaren edo programaren egokitasuna Europako edo Estatuko legeria ezartzeko: aurreko apartatua kontuan hartuta, ez gaude ziur HJP ingurumen-arloko Europako nahiz Espainiako legeria txertatzeko egokia ote den.

2) Ondorioen eta eragina nozitu lezakeen eremuaren ezaugarriak.

«4EU – Arbuio» HJParen aplikazio-eremu geografikoak Gidako Ama Birjinaren auzune zaharrarekin egiten du muga, udalerriaren hego-ekialdean. Azterketaren xede den lurzatiak honako muga hauek ditu: Arkema Química enpresa zegoen orube huts handi bat mendebaldean; Kadagua ibaia iparraldean; Udalari lagatako espazio bat ekialdean; eta BI-6351 errepidea hegoaldean. HJPa garatzen den lurzatia jarduera ekonomikoetarako hiri-lurzoru finkatuan dago kokatuta eta 6.735,00 m2-ko azalera du guztira. Bertan, P4Q Electronics SL enpresa eraikiko da.

Honako hauek dira ingurumen-ezaugarri nagusiak:

– Eremua ibilguak zaintzeko 100 metroko eremuaren barruan dago.

– 100 urteko uholde-arriskuko gunearen eraginpean dago, baina Lehentasunezko Fluxu Gunetik kanpo.

– Eremuak zuhaitz- eta zuhaixka-zerrenda autoktono batekin egiten du muga Kadagua ibaiaren ertzetan.

– Eremuan bertan edo ingurunean, fauna-espezie mehatxatuak daude. Besteak beste, ingurumen-dokumentuak honako hauek jasotzen ditu: Bisoi europarra (Mustela lutreola), Igaraba paleartikoa (Lutra lutra), Haitzulo-saguzarra (Miniopterus schreibersii), Miru gorria (Milvus milvus), Sai zuria (Neophron percnopterus), Baso-igel iberiarra (Rana Ibérica) eta Schreiber muskerra (Lacerta schredinegro).

– Eremuak muga egiten du ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretu bidez onartutako Bizkaiko bisoi europarraren kudeaketa-planak interes bereziko eremu gisa izendatutako espazio batekin. Espezie hori espezie mehatxatuen EAEko katalogoan dago sartuta, Galzorian dauden espezieen kategorian.

3) Lehenago adierazitakoa kontuan hartuta, ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatutako neurriak ez dira nahikoak, eta planteatutako jardueren inpaktuen azterketa zehatz batekin osatu behar dira; batez ere, Kadagua ibaiarekin muga egiten duen ibaiertzeko basoan eragina izan badezakete, ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretu bidez onartutako Bizkaiko Lurralde Historikoan bisoi europarra kudeatzeko planak interes bereziko eremutzat aitortzen duen eremua.

Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honen baldintzen arabera, Alonsotegiko Arbuio 4EU (Bizkaia) Hirigintza Jarduketa Programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, haren gauzatze eta garapenak ingurumenerako eragin nabarmenak ekar ditzaketelako.

Hirugarrena.– Alonsotegiko Arbuio 4EU (Bizkaia) Hirigintza Jarduketa Programaren (aurrerantzean, HJP) ingurumen-azterketa estrategikoaren irismenari buruzko dokumentua formulatzea, ingurumen-ondorioetarako soilik eta honako baldintza hauen arabera:

Kontuan izanik eremuaren ezaugarriak eta gauzatu nahi diren jarduketak, gai hauek jasoko dira ingurumen-azterketa estrategikoan:

A) Planari edo programari aplikatuko zaizkion ingurumen-helburu estrategikoak, printzipioak eta jasangarritasun-irizpideak.

Ingurumen-azterketa estrategikoak berariaz justifikatu beharko du HJPak nola ezartzen dituen araudietatik, estrategietatik eta oro har onartutako programetatik eratorritako ingurumen-helburuak; nagusiki, 2020rako IV. Ingurumen Esparru Programaren helburu estrategikoak eta jarduketa-ildoak hartuko dira hura egiteko funtsezko oinarri gisa. Zehazki, HJPak politika sektorialetan ingurune naturalaren kontserbazioa modu eraginkorrean nola integratzen duen baloratu beharko da (1.1. jarduketa-lerroa).

Horrez gain, arau hauetan bildutako irizpideak jaso beharko dira: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, urriaren 16ko 211/2012 Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretua.

Zehazki, garapen jasangarriko printzipio hauek zuzenduko dute HJParen ingurumen-ebaluazioa:

a) Lurzorua zentzuz eta intentsitatez erabiltzea eta lehendik ere artifizialdurik dauden lurzoruen erabilera intentsiboa lehenestea, balio agrologiko handiko lurzorua eta lurzoru naturala urbanizaziotik babestuz.

b) Hiri-segregazioa, hiri-barreiadura eta mugikortasun behartua saihestea, mugikortasun jasangarria bultzatzeko asmoz, garraio pribatua erabili ordez garraiobide jasangarrien erabilera sustatuz.

c) Lurzoruaren zigilatzea murriztea, lurzorua jasangarritasun handiagoz erabiliz eta ahal beste eginkizuni euts diezaion sustatuz.

d) Habitatak eta espezieak, ingurumen naturala eta konektibitate ekologikoa zaindu eta hobetzea.

e) Paisaiak eta kultura-ondarea kontserbatu eta hobetzea.

f) Baliabide naturalen kontsumo jasangarria sustatzea: ura, energia, lurzorua eta materialak.

g) Energia aurreztea, efizientzia eta energia berriztagarrien erabilera eta kogenerazioa sustatzea.

h) Aire garbia bermatzea, bai eta zarata eta argi-kutsadura handien pean bizi diren biztanleen kopurua murriztea ere.

i) Klima-aldaketaren aurreko zaurgarritasuna murrizten laguntzea, kaltea arintzeko neurriak eta egokitzeko neurriak integratuz.

j) Arrisku naturalak minimizatzea.

Ingurumen-ebaluazio estrategikoak hau ere baloratu beharko du; proposatutako jarduerek nola integratzen dituzten ingurumen-helburu estrategikoak eta jasangarritasun-irizpideak, aipatu garapen jasangarriko printzipioetatik ondorioztatuak. Horretarako, helburuok betetzeko hartutako neurriak/irizpideak identifikatu beharko ditu.

B) Ingurumen-ebaluazioaren esparru geografikoa.

«4EU – Arbuio» HJParen aplikazio-eremu geografikoak Gidako Ama Birjinaren auzune zaharrarekin egiten du muga, udalerriaren hego-ekialdean. Azterketaren xede den lurzatiak honako muga hauek ditu: Arkema Química enpresa zegoen orube huts handi bat mendebaldean; Kadagua ibaia iparraldean; Udalari lagatako espazio bat ekialdean; eta BI-6351 errepidea hegoaldean. HJPa garatzen den lurzatia jarduera ekonomikoetarako hiri-lurzoru finkatuan dago kokatuta eta 6.735,00 m2-ko azalera du guztira. Bertan, P4Q Electronics SL enpresa eraikiko da.

Honako hauek dira ingurumen-ezaugarri nagusiak:

– Eremua ibilguak zaintzeko 100 metroko eremuaren barruan dago.

– 100 urteko uholde-arriskuko gunearen eraginpean dago, baina Lehentasunezko Fluxu Gunetik kanpo.

– Eremuak zuhaitz- eta zuhaixka-zerrenda autoktono batekin egiten du muga Kadagua ibaiaren ertzetan.

– Eremuan bertan edo ingurunean, fauna-espezie mehatxatuak daude. Besteak beste, ingurumen-dokumentuak honako hauek jasotzen ditu: Bisoi europarra (Mustela lutreola), Igaraba paleartikoa (Lutra lutra), Haitzulo-saguzarra (Miniopterus schreibersii), Miru gorria (Milvus milvus), Sai zuria (Neophron percnopterus), Baso-igel iberiarra (Rana Iberica) eta Schreiber muskerra (Lacerta schreiberi).

– Eremuak muga egiten du ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretu bidez onartutako Bizkaiko bisoi europarraren kudeaketa-planak interes bereziko eremu gisa izendatutako espazio batekin. Espezie hori espezie mehatxatuen EAEko katalogoan dago sartuta, Galzorian dauden espezieen kategorian.

C) Ingurumenaren aldetik garrantzitsuak diren eremuak. Jarduketak egiteko egokiak ez diren eremuak.

Natura-ingurunea babestu, zaindu eta hobetzeko, eta ekosistemen eta beren zerbitzuen galera eta erresilientziaren murrizketa mugatzeko, etorkizuneko jardueretarako lurzoruaren ordenamenduak ingurumenaren aldetik garrantzitsuak diren eremutzat jo behar ditu planaren eremuan lehendik dagoen kapital naturala eta ingurumen-arriskuak dituzten espazioak, erabakiak hartzeko prozesu osoan zehar. Gune horiek, gainera, desegokitzat joko dira ingurunea zuzenean eraldatzen duten jarduerak hartzen badituzte edo bertan garatutako jarduerek ez badute bermatzen elementu nabarmen horiei kalterik egingo ez dietela eta hauteman diren arriskuak larriagotuko ez dituztela.

Kadagua ibaiak kontsultaren xede den industria-eremu berriaren urbanizazioa eta etorkizuneko eraikuntza garatu nahi den lurzatiarekin egiten du muga; ingurumen-balio handiko lekua da eta Interes Bereziko Eremu gisa dago izendatuta ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuak onartutako Bizkaiko bisoi europarraren (Mustela lutreola) Kudeaketa Planaren arabera. Espezie hori espezie mehatxatuen EAEko katalogoan dago sartuta, Galzorian dauden espezieen kategorian.

D) Egindako aurretiazko kontsulten erantzunen analisi laburra.

– HJParen ezarpenak eragin ditzakeen ondore esanguratsuei dagokienez, BFAko Natura Ondarearen Zerbitzuak bi gogoeta egin ditu:

1) Kadagua ibaiak kontsultaren xede den industria-eremu berriaren urbanizazioa eta etorkizuneko eraikuntza garatu nahi den lurzatiarekin egiten du muga; ingurumen-balio handiko lekua da eta Interes Bereziko Eremu gisa dago izendatuta ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuak onartutako Bizkaiko bisoi europarraren Kudeaketa Planaren arabera. Espezie hori espezie mehatxatuen EAEko katalogoan dago sartuta, Galzorian dauden espezieen kategorian. 4EUren HJPa behin betiko onartu aurretik, Natura Ondarearen Zerbitzu honek bisoi europarra kudeatzeko planaren 10. artikuluan ezarritako nahitaezko txostena (eta, hala badagokio, aurretiazko baimena) igorri beharko du. Izan ere, urbanizazio-jarduketa horrek zuzenean edo zeharka eragiten dio Kadaguako bisoi europarra kontserbatzeko interes bereziko eremuari.

2) Hirigintzako jarduketa-programaren Ingurumen Ebaluazio Estrategikoak arrunta izan behar du, eta ez sinplifikatua, ondorio garrantzitsuak eragin baititzake ingurumenean; izan ere, ingurumen-balio eta -potentzial handiko eremu bati eragiten dio, eta bertan, galzorian dauden bi espezie bizi dira gutxienez: bisoi europarra eta igaraba. Ingurumen-ebaluazio horrekin batera, eremu mugakideko urbanizazioaren (Arkema fabrika zaharrean) ingurumen-ebaluazioa egin beharko da, eta dagoeneko eginda dauden txostenetan zehaztutakoa izan beharko da kontuan.

Zentzu horretan, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren ustez ez dira modu egokian ebatzi bi gai hauek:

1) Urbanizazioaren eta Kadagua ibaiaren arteko gertutasuna; hura aztergai dugun eremuaren iparraldetik igarotzen da. Horregatik, beharrezkotzat jotzen du antolamendua berrikustea, egikaritze-unitatearen iparraldean dagoen bidea kentzeko eta, ahal den neurrian, haren urbanizazioa ibaiertzetatik urruntzeko. Nolanahi ere, beharrezkotzat jotzen du Kadagua ibaiaren ibaiertzeko basoa sendotzeko neurri xehatuak ezartzea hura egikaritze-unitatetik igarotzen den zatian, bertako zuhaitz- eta zuhaixka-espezie bidezko landareztatzeak eginez. Nahitaez hartu beharreko neurriak izango dira, Bl-3651 ondoko landaredi autoktonoaren zerrendari eragin ala ez; horiek egikaritze-proiektu gisa zehaztu beharko dira, HJParen garapenarekin modu eraginkorrean lotu ahal izateko.

2) Flora aloktono inbaditzailearen presentzia desagerrarazteko eta kontrolatzeko neurriak berariaz zehaztu eta aurreikusi beharko dira HJPan. Horretarako, «Espezie inbaditzaileak desagerrarazteko eta kontrolatzeko protokoloa» idaztea gomendatzen da, hirigintza-dokumentuaren maila guztiekin lotzeko eta, horrela, neurri horiek hartuko direla bermatzeko.

– Osasun Sailak zenbait zehaztapen proposatu ditu proiektuak garatzeko.

– Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak lurzatiaren arrisku esanguratsuenak identifikatu ditu.

URA Uraren Euskal Agentziak jakinarazi du planak behar bezala errespetatzen dituela EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren F3 apartatuan ezarritako atzerapenak (449/2013 Dekretua, azaroaren 19koa, EAEko Kantauriko eta Mediterraneoko isurialdeko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren aldaketa behin betiko onartzen duena). Era berean, gogorarazi du behar bezala bete beharko direla HJP honetako obra-baimenean jasotako zehaztapenak eta baldintzak (erreferentzia zenbakia: A0-8-2019-0305).

Gainera, Agentziak egokitzat jotzen du Planean aurkeztu den Azterlan Hidraulikoaren berrikuspen-azterketaren emaitza. Bertan ondorioztatzen da ez dela ur-laminaren gainpresio nabarmenik gertatzen eremu horretan, eta proposatutako jarduketekin ez direla uholde-arriskua eta ingurunean lehendik dagoen arriskua areagotuko.

E) Ingurumen-txosten estrategikoan kontuan hartu behar diren funtsezko alderdien definizioa eta irismena.

Ingurumen-azterlan estrategikoak Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen IV. eranskinean ezarritako edukia bildu beharko du, eta hori osatu egin beharko da urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren II. eranskinean jasotzen denarekin (211/2012 Dekretua, planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duena).

Aurrekoarekin bat etorriz, garatzen diren apartatuek honako eskema metodologikoari erantzun behar diote:

1.– Edukia, helburuak eta egokiak diren beste plan eta programa batzuekiko harremanak.

2.– Ingurumenaren gaur egungo egoera.

3.– Ingurumenean egon daitezkeen ondorio esanguratsuak.

4.– Prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak.

5.– Alternatibak hautatzeko prozesua.

6.– Ingurumena zaintzeko programa.

7.– Laburpen ez-teknikoa.

Ebaluatzekoa den dokumentuaren ezaugarriak direla eta, uste dugu ingurumen-azterketa estrategikoak –aurrerantzean, Azterketa– behean azaltzen diren alderdiak landu behar dituela, bakoitzari ondoren adierazten den zabaltasuna eta zehaztasuna emanda:

1) Edukia, helburuak eta beste plan eta programa batzuekiko erlazioak.

Azterketak HJParen helburu nagusien laburpen labur bat izango du, eta beste plan eta programa lotuekin dituzten harremanei buruzko analisi labur bat. Gainera, ingurumen-alderdiak HJParen prestaketan nola txertatzen diren azaldu beharko du. Aztertu beharko da HJParen aplikazioak nola laguntzen duen ingurumen-helburuak txertatzen.

HJP hori prestatzean, txostenak era espezifikoan justifikatu beharko du nola hartu diren kontuan Ebazpen honetako hirugarren puntuko A apartatuan jasotako ingurumena babesteko helburuak eta printzipio eta irizpide jasangarriak. Justifikazio hori bai arauetan bai HJPan bertan ezarritako adierazle eta mugen erabileran oinarritutako da.

Ingurumen-txosten estrategikoak hierarkikoki goi-mailakoak diren lurralde- eta sektore-antolamenduko planekin bateragarria dela dioen azterketa bat aurkeztu beharko du. Zehazki, eta beste batzuen artean, honako plan hauek hartuko dira kontuan:

– Bilbo Metropolitarraren Eremu Funtzionaleko Lurralde Plan Partziala.

– EAEko Jarduera Ekonomikoetarako Lurzorua Sortzeko eta Saltoki Handiak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana.

– Alonsotegiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra eta eremuari aplikatu beharreko gainerako udal-planeamendua.

– EAEko Ibai eta Erreken Lurralde Plan Sektoriala.

– Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoa.

– Foru Aldundiaren ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretua. Horren bidez, Bisoi Europarraren, Mustela lutreola (Linnaeus, 1761), Kudeaketa Plana onetsi da, Bizkaiko Lurralde Historikoan, galtzeko arriskuan dagoen espeziea den eta babesteko neurri bereziak behar diren aldetik.

Halaber, eremuari aplikatu beharreko gainerako planei dagokienez izan daitezkeen bigarren mailako ondorioak eta eragin metagarriak eta sinergikoak identifikatuko dira. Hemen identifikatutako ondorioak, halakorik izanez gero, HJParen inpaktuak identifikatu eta baloratzeko apartatuan ebaluatuko dira. Denentzako helburuak lortzeko ahalegina egitea izango da xedea, eta horrez gain, beste planen helburu eta jarduketa-ildoak ez errepikatzea, haien artean gatazkarik ez izatea edo, bateraezintasunik agertzen bada, HJPak jarduteko zer beste aukera dituen ebaluatzea.

2) Ingurumenaren gaur egungo egoera.

Azterlanak ingurumenaren egungo egoeraren alderdi garrantzitsuak deskribatu beharko ditu, eragin nabarmenak jasan ditzaketen guneen ingurumen-ezaugarriak zehaztuz eta HJPa aplikatu ezean gune horiek izan dezaketen bilakaera azalduz, klima-aldaketa bera ere kontuan izanik.

HJParen garapen-eremuaren ezaugarriak eta aurreikusitako jarduketak direla-eta, haren garapenak eragina izan dezakeen ingurumeneko elementu guztiak identifikatu beharko dira.

Era berean, egon daitekeen edozein ingurumen-arazo garrantzitsu eta eremuaren garapen urbanistikoari buruzko mugapenak identifikatu behar dira, baita ebazpen honetako C apartatuan jasotako edozein gunerekin erlazionatutako arazoak ere.

Horrez gain, lurraldearen ingurumen-unitate homogeneoak definituko dira, horien paisaia-ezaugarrien eta baliabide naturalen azterketa integratutik abiatuta.

Lehen aipatutako ingurumen-alderdiak era kartografikoan adierazi beharko dira, HJParekiko proportzioa duen eskalan.

Ingurumenaren gaur egungo egoeraren deskribapena ingurumen-adierazleetan bermatu beharko da; horretarako, Ingurumen Esparru Programaren adierazleen oinarrizko panelean jasotakoak erabili ahal izango dira, baita lurraldeari eta ingurumenari buruzko Eustatenak ere, eta txosten honetako aurreko apartatuetan adierazitako ingurumen-helburuen bilakaerari buruzko informazio garrantzitsua eman dezaketen beste batzuk.

Aipatutako adierazleei buruzko datuak izan beharko ditu txostenak, eta, halakorik ez badu, alderdi berak adierazten dituzten beste adierazle batzuei buruzkoak; kasu bakoitzean, datu zehatzak lortzeko egon litezkeen zailtasunak justifikatu beharko ditu. Era berean, proposatzen diren beste adierazle batzuei buruzko datuak jaso beharko ditu txostenak, ingurumen-zaintzako programa aplikatzeko erreferentziako ingurumen-egoera zehaztuta gera dadin.

3) Ingurumenean egon daitezkeen ondorio esanguratsuak.

Apartatu honetan ingurumenean eragin ditzakeen ondorio adierazgarriak aztertu beharko dira, alderdi hauek barne: biodibertsitatea, biztanleria, gizakien osasuna, fauna, flora, lurra, ura, airea, kultura-ondarea (ondare historikoa barne), klima-faktoreak, klima-aldaketan izan dezakeen eragina (bereziki, HJPari lotutako karbono-aztarnaren ebaluazio egokia), ondasun materialak, kultura-ondarea eta paisaia. Faktore horien arteko elkarreragina ere kontuan izan behar da, eragindako ekosistemek emandako ingurumen-zerbitzuak ere ebaluatuz. Ondorio horiek barnean hartu behar dituzte albo-ondorioak, metaketak, sinergiak, epe labur, ertain eta luzerako eraginak, ondorio iraunkorrak eta aldi baterakoak, positiboak eta negatiboak.

HJParen ezarpenak eragin ditzakeen inpaktuak ebaluatzean, Arkemako fabrika zaharreko eremu mugakidearen urbanizazioan eragindako ingurumen-ondorioak ere ebaluatu beharko dira. Ondoko bi industria-lurzatien ezarpenak Kadagua ibaian galzorian dauden bi ugaztun-espezieren habitatean zer nolako ondorioak izan ditzakeen eta izango dituen aztertu beharko da.

Txostenak HJPa aplikatzearen ondorioz sortzen diren ekintzen eta ingurumenean eragin kaltegarriak izan ditzaketenen deskribapen zehatza garatuko du, bai HJParen helburuekin zuzenean lotuta daudenak, bai hura garatzeko beharrezkoak diren jarduketa erantsiak, bereziki zuhaitz-masa naturalen eta interes komunitarioko habitaten gaineko jarduketak.

Horrela identifikatutako ekintza bakoitzerako, espero daitezkeen ingurumen-ondorio gertagarriak deskribatuko dira, eta, hala behar denean, ingurumen-ondorio kaltegarri jakin bat gertagaitza dela justifikatu beharko da. Eta identifikatutako inpaktu guztietatik berariaz nabarmendu beharko dira garrantzitsutzat hartutakoak.

Ingurumen-azterketa estrategikoak bermatu beharko du bete egingo direla 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoaren helburuak (213/2013 Dekretua, urriaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzkoa).

Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei dagokienez, eremuan hautematen bada Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean edo Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak zerrendatu eta lurzoru kutsatuak izendatzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Dekretuaren 1. eranskina aldatzen duen azaroaren 2ko PRA/108012017 Aginduan aipatzen diren kutsa dezaketen jardueraren bat, inbentariatu egin beharko da, eta inbentarioan balego bezalako ondoreak sortuko ditu.

HJParen proposamenak kontuan hartuta, a priori esanguratsutzat jo daitezke ebazpen honetako C apartatuan zehaztutako ingurumen-balioetan izango diren eraginak, eta bereziki kontuan hartu beharko dira baso naturalen eta Batasunaren intereseko habitaten presentzia edo habitat horiei lotutako mehatxatutako fauna.

4) Prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak.

Aurreko apartatuan identifikatu diren ondorio esanguratsu bakoitzarentzat, ondoriook prebenitzeko, zuzentzeko edo, hala badagokie, konpentsatzeko aurreikusitako neurriak deskribatuko dira, eta, behar izanez gero, klima-aldaketan izan dezaketen eragina arintzeko eta horretara egokitu ahal izateko. Ahal den heinean, zehaztuko da proposatutako neurri bakoitza zer garapen-tresnatan ezarriko den.

Horrez gain, ingurumen-txosten estrategikoak aurreikuspen hau ere identifikatu beharko du: ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera behartuta dauden proiektuena, Plana etorkizuneko baimenerako marko edo esparru dutenena alegia. Hala badagokio, proiektuak gauzatzean sortutako eraginak gutxitzeko gidalerroak ere ezarriko dira. Zentzu horretan, kontuan izan beharko dira Uraren Euskal Agentziaren HJP honen obra-baimenean jasotzen diren zehaztapenak eta baldintzak, baita Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren txostenetan jasotakoak ere.

Prebentzio- eta zuzentze-neurrien artean, babesari buruzkoak aurreikusiko dira eta, egokia izanez gero, proposatutako antolamenduak eraldatutako lurrazala leheneratzekoak. Horrekin lotuta, kontuan hartuko dira bereziki Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak baso naturalei eta zuhaizti autoktonoei eragindako inpaktuak minimizatzeko azaldu dituen irizpideak. Gainera, proposamenak tokiko konektibitate ekologikoko irizpideak txertatu behar ditu, basoko espezieen eta habitaten zatiketari aurre egiteko, eremuaren eta ingurunearen koherentzia ekologikoa handitzeko eta, aldi berean, flora aloktono inbaditzailea desagerrarazteko. Neurri horiek behar bezala jaso beharko dira, HJParen garapenarekin eraginkortasunez lotuta egon daitezen.

Kalitate akustikoaren helburuetara iristeko behar diren neurriak ezarriko dira, EAEko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuko 40. artikuluan zehaztutakoaren arabera. Behar diren neurriak hartu beharko dira zarata-foku berriek Kadagua ibaiarekin lotutako faunari ahalik eta arazo gutxien eragiteko.

Azkenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legeak (21/2013 Legea, abenduaren 9koa) eskatzen duenez, ingurumen-txosten estrategikoak barnean hartuko ditu hainbat neurri, planak klima-aldaketan izan dezakeen eragina arinduko dutenak eta hartara egokitzera bideratuko dutenak. Xede horrekin, Ihobek egindako gida metodologiko hauek erabili ahal izango dira erreferentzia gisa: «Klima-aldaketara egokitzeko udal-programak egiteko gida. Udalsarea 21 lan-koadernoa» eta «Euskadiko Hirigintzaren Plangintzari buruzko Eskuliburua Klima-aldaketa arintzeko eta Klima-aldaketara egokitzeko (Ihobe)».

5) Alternatibak hautatzeko prozesua.

Hauek hartuko ditu barnean: alternatibak hautatzeko prozesuaren laburpen arrazoitu bat, bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta ingurumen arlokoa eta HJParen helburuekiko bat-etortzea eta proportzionaltasuna justifikatuko dituena, batez ere txosten honetako aurreko apartatuetan adierazitako ingurumen-helburuekikoak, bereziki intereseko landare-formazioen (ibaiertzeko basoa) babesari, paisaiaren babesari eta arriskuen prebentzioari buruzkoekin.

Ingurumen-txosten estrategikoak barnean hartu behar du ezer ez egitearen alternatiba. Bada, aukera horretan, HJParen eremuak gaur egungo egoeran jarraituko luke, indarreko planak ezarritakoari jarraikiz (0. alternatiba). HJPa aplikatu ez eta gaur egungo egoeran jarraituz gero, aztertu beharko da zein izango litzatekeen arlo garrantzitsuen eboluzio gertagarriena.

Proposatutako soluzioa justifikatu beharko da, eta jarduketen dimentsioari eta hedadurari ez ezik, aipamena egin beharko die horietako bakoitzerako dauden soluzio tekniko guztiei ere.

Alternatibak baloratzeko prozesu horretan, arreta berezia izango dute ebazpen honetako C apartatuan deskribatutako ingurumen-baldintzatzaileek. Horretarako, ahal den neurrian urbanizazioa ibai-bazterretatik urruntzeko alternatiba bat aurkeztu beharko da.

Azterketa horretan ebaluazioa egiteko modua deskribatuko da, bai eta aurkitutako zailtasunak ere; esate baterako, eskatutako informazioa biltzean beharbada aurkitzen diren gabezia teknikoak, edo ezagutza eta eskarmentu falta.

Apartatua bukatzeko, hautatutako aukera argudiatu egin beharko da, eta bermatu egin beharko da hautatutako aukera teknikoki eta ingurumenari dagokionez bideragarria dela, eta ingurumenaren osagaiei ahalik eta afekzio txikiena eragiteko ahalegina egin beharko da.

6) Ingurumena zaintzeko programa.

Azterketak ingurumena zaintzeko programa bat garatuko du eta bertan HJPa aplikatzeak dakartzan ondorioak berrikusteko aurreikusitako neurriak deskribatuko dira. Ingurumena zaintzeko programan adierazleak deskribatuko dira eta, behar izanez gero, ondorio garrantzitsuenen erreferentzia-balioak, bai positiboak bai negatiboak.

Ingurumena zaintzeko programak txostenean Ebazpen honetako A apartatuko helburuak betetzeko proposatzen diren adierazleak jaso beharko ditu. Era berean, kasuan-kasuan datuak zein periodikotasun eta metodologiaren bidez jasoko diren azaltzeko proposamen zehatz bat jaso beharko du.

7) Laburpen ez-teknikoa.

Azterketak barnean hartuko du aurreko epigrafeen arabera emandako informazioaren laburpen ez-tekniko bat, herritarrek oro har ulertzeko moduko eta aztertutako alderdi guztiak lantzen dituen informazio zehatzarekin, baita informazio grafikoarekin ere, dokumentu autoaskia eta azterketarekiko berarekiko independentea izan dadin.

F) Oinarrizko organoak kontsultatu beharko dituen eragindako administrazio publikoak eta publiko interesduna identifikatzea.

Urriaren 16ko 211/2012 Dekretuak 12. artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 22. artikuluan xedatuaren ondorioetarako, ebazpen honetako kontsulten izapidea betetzeko erabilitako zerrenda hartuko da gai honen eraginpeko administrazio publikoen eta interesdunen zerrenda osatzeko, aipatu abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluaren arabera. Ingurumen-organoak honako hauei egin die kontsulta:

– Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza.

– Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza.

– Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza.

– Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza.

– IHOBE, Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kudeaketarako Sozietate Publikoa.

– Uraren Euskal Agentzia, URA.

– Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumenaren Zuzendaritza Nagusia.

– Ekologistak Martxan Bizkaia Elkartea.

G) Jendaurreko informazioaren eta kontsulten modalitateak, iraupena eta epeak zehaztea.

Informazioa eskuratzeko eta parte-hartze publikoa izateko eskubidea bermatzeko, organo erabakitzaileak, edo, hala badagokio, sustatzaileak (aztergai dugun kasuan bat datoz bi organoak) jendaurreko informazioaren izapidearen pean jarriko du HJParen hasierako bertsioa, ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera, 45 egunez gutxienez. Era berean, eta aurreko izapidearekin batera, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak gutxienez kontsultatutako erakundeen iritzia jaso beharko du, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 19. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluaren arabera, gehienez ere hamabost hilabeteko epea izango da Azterketa eta arauaren 21. eta 22. artikuluetan aurreikusitako kontsultak egiteko eta informazio publikoaren prozedura betetzeko, irismen-dokumentu hau erakunde sustatzaileari jakinarazten zaion egunetik aurrera.

H) Dokumentazioa aurkezteko jarraibideak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. artikuluaren arabera, kualifikazio profesionala eta goi-mailako hezkuntzari buruzko arauen arabera behar besteko gaitasun teknikoa duten pertsonek egin beharko dute azterketa, eta hark Legearen eskakizunak betetzeko behar den kalitatea izango du. Ingurumen-txosten estrategikoaren egileak identifikatu behar dira, haien titulazioa eta, hala badagokio, lanbide arautua adierazita. Identifikazioak barnean hartuko ditu izen-abizenak eta nortasun-agiri nazionalaren kodea edo helburu berberetarako balio duen beste dokumentu bat. Gainera, amaiera-data eta pertsona horien sinadura jasoko dira. Txostenaren edukien eta informazioaren fidagarritasunaren erantzule izango dira horiek, salbu eta Administrazioak berak frogagarri gisa emandako datuak.

Dokumentazioa aurkezteko, honako jarraibide hauek bete beharko dira:

1) Ingurumen-adierazpen estrategikoaren eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentuek koherentzia egokia errespetatu beharko dute, haien artean nahiz aurretik aurkeztutakoekin, hartara erabakia hartu behar duten administrazio-organoen lana erraztuz, eta ez eragotziz.

2) Arreta berezia jarri beharko da kasu bakoitzean dokumentu teknikoen apartatuak haien artean erlazionatzea ahalbidetzen duten datuak adieraztean (esaterako, apartatu batean planeko ekintzak deskribatzen badira eta beste batean ekintza horiek eragindako ingurumen-inpaktuak, bi kasuetan ekintzak izen berarekin aipatu beharko dira).

3) Beharrezkoa izanez gero, datuak zein iturritatik lortu diren adierazi beharko da.

4) Behar den apartatuetan, planaren, programaren edo proiektuaren dokumentazio grafikoa eta kartografikoa gehitu beharko da (gutxienez, Planaren eta aurreikusitako jarduketen informazio kartografikoa aurkeztuko da). Planoak pdf formatuan entregatu beharko dira, geoerreferentziatuta; hau da, pdf-ek eremuko koordenatuak eduki beharko dituzte UTM30N ETRS89 erreferentzia-sistema ofizialean.

5) Plano guztiak kodearekin eta tituluarekin identifikatu behar dira. Halaber, honako hauek adierazi beharko dira: irudikatutako datuak zuzen interpretatzeko behar diren azalpenak eta sinboloak; eskala grafikoa eta zenbakizkoa, inprimatzeko formatua adierazita; sinadura eta noiz egin den.

6) Jatorrizko eskalatik murriztutako planoak aurkeztuz gero, planoan jatorrian adierazitako eskala zuzendu beharko da, horretan oinarrituta egindako neurketek zalantzarik sor ez dezaten.

7) Analisi teknikoa behar bezala egin ahal izateko, pantailaratzeko PDF formatuko fitxategiez gain, planoen kopia gehigarri bat entregatu beharko da, shape formatuan (UTM30N ETRS89 erreferentzia-sistema erabilita), eta ezingo da 10 Mb baino gehiagokoa izan. Shape fitxategia ZIP fitxategi batean entregatuko da konprimatuta, dituzten 4 fitxategiek osatuta:.shp,.shx, dbf., prj.

Lau fitxategiak bilduko dituen «eremua.zip» shape konprimatuaren adibidea:

– eremua_adibidea.shp

– eremua_adibidea.shx

– eremua_adibidea.dbf

– eremua_adibidea.prj

8) Dokumentazioarekin batera aurkeztuko dira testuetan zehar aipaturiko eranskin, irudi, plano edo argazki guztiak. Erreferentzia horiek argi eta garbi jarri behar dira, kasuan kasuko elementua erraz aurkitzeko moduan.

9) Informazio jakin bat dokumentuko apartaturen baten zuzenketa gisa aurkeztekotan, eta aldi berean espedientean zuzendu nahi den apartatua mantentzen bada, informazio berriak adierazi beharko du zer kapitulu, orrialde, epigrafe, apartatu, lerrokada, esaldi, koadro, irudi, plano eta abar ezeztatu edo ordezkatu behar diren jatorrizko dokumentuan zuzenketaren ondorioz. Aurreko informazioren bat osatzen edo zuzentzen duen informazioak egoera horren berri eman beharko du hasieran. Eskaera bat zuzentzeko aipatutako jarraibideak betetzen ez badira, tramite gehigarri bat eska daiteke kontraesankorrak edo inkongruenteak izan daitezkeen alderdiak argitzeko, horrek prozeduraren ebazpenean dakarren atzerapenarekin.

10) Eskaera IKS-eem sistemaren bidez aurkeztu beharko da, aplika daitezkeen eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean eskura daitezkeen fitxak eta inprimakiak erabilita; zehazki, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/informazioa/ingurumenari-buruzko-izapide-elektronikoen-gida/web01-a2inguru/eu/

11) Dokumentu bat .pdf formatuan aurkezten denean, gehienez 30 MB izango ditu eta bilaketak egiteko aukera eman beharko du. Dokumentu handiagoak zatitu egin beharko dira, sisteman sartuko badira.

12) Aurkeztutako dokumentazio guztiaren aurkibide osoa txertatuko da, eta zehaztuko da zer orrialdetan dagoen adierazitako apartatu bakoitza. Aurkibidea aurkeztean .pdf dokumentu baterako, adierazitako orrialde-zenbakia bat etorriko da orrialde hori aurkitzeko irakurketa programaren «Joan orrialde honetara» eremuan adierazi behar denarekin.

13) Datuak igortzean, organo sustatzaileak beti bermatu beharko du datu pertsonalak babesteari buruzko araudia betetzen dela.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Alonsotegiko Udalari.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko irailaren 14a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren absentziaz (apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren lehen xedapen gehigarria).

Ingurumeneko sailburuordea,

MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.


Azterketa dokumentala