Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

178. zk., 2020ko irailaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3546

EBAZPENA, 2020ko uztailaren 31koa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez ingurumen-baimen integratua ematen baitzaio Berango 2004 Servicios Logisticos SL enpresak Oiartzunen (Lanbarren industrialdea, Arañaburu 7, Gipuzkoa) sustatzen duen hondakin-kudeaketako instalazioari.

EGITATEAK

1.– 2018ko azaroaren 10ean, Berango 2004 Servicios Logisticos SLk ingurumen-baimen integratua emateko eskatu zion Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoarekin bat, hondakinak kudeatzeko instalazioetarako, Oiartzungo udalerrian (Gipuzkoa).

2.– Era berean, jarduera hirigintzarekin bateragarria zela egiaztatzen zuen Oiartzungo Udalaren 2011ko urtarrilaren 18ko txostena aurkeztu zuen.

3.– Prozedurari berriz ekinda eta aurkeztutako agiriak nahikoak zirela egiaztatu ondoren, Ingurumeneko sailburuordearen 2018ko ekainaren 4ko Ebazpenaren bidez erabaki zen Berango 2004 Servicios Logisticos SLk sustatutako proiektua 30 egun balioduneko epean jendaurrean jartzea, egoki irizten diren alegazioak aurkezteko. Horretarako, ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean eta Eusko Jaurlaritzaren Iragarki Taula Elektronikoan argitaratu zen, 2018ko ekainaren 15ean.

4.– Jendaurrean jartzeko izapidea amaiturik, egiaztatu da ez dela alegaziorik aurkeztu.

5.– Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 17. eta 18. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, 2018ko abuztuaren 7an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak txostenak eskatu zizkien Oiartzungo Udalari, Añarbeko Urei, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Eusko Jaurlaritzako Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari, Uraren Euskal Agentziari, Gipuzkoako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari.

6.– Ingurumeneko sailburuordearen 2020ko urtarrilaren 24ko Ebazpen bidez, ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzen da Berango 2004 Servicios Logisticos SL enpresak Oiartzunen (Gipuzkoa) duen hondakin-kudeaketako instalazioa aldatzeko proiekturako.

7.– 2020ko martxoaren 2an, eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikulua aplikatuta, Berango 2004 Servicios Logisticos SLren esku utzi zen espediente osoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako ebazpen-proposamenaren zirriborroa erantsita.

8.– 2020ko uztailaren 30ean, Berango 2004 Servicios Logisticos SLk idazki bat igorri zuen alegaziorik ez zegoela adierazteko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak (Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) bere 1. artikuluan ebazten duenaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea, eta, hori lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila handia helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.

2.– Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 9. artikuluak xedatzen duenaren arabera, ingurumen-baimen integratua behar da haren 1. eranskinean aipatzen diren jardueretako edozeinetan aritzen diren instalazioak ustiatzeko.

3.– Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 9. artikuluan xedatzen dena betez, ingurumen-baimen integratua behar da 1. eranskinean aipatzen diren jardueretako edozein egiteko erabiltzen diren instalazioak ustiatzeko. Testu bateginaren 11. artikuluaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua baldintzak ezartzea da, araua aplikatu behar duten instalazio guztietan berau betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena ematen parte hartuko duten administrazio publikoen artean koordinatuta egongo den prozedura bat erabili nahi da, izapideak erraztu eta partikularren administrazio-kargak arintzeko. Era berean, indarrean dagoen araudian jasotako ingurumeneko administrazio-baimen guztiak egintza administratibo bakar batean bildu nahi dira. Berango 2004 Servicios Logisticos SL enpresaren kasuan, baimen hauek guztiak behar ditu: hondakin arriskutsuak kudeatzeko baimena, hondakin arriskutsuak ekoizteko baimena, saneamendu-sare orokorrera emisioak egiteko baimena, atmosferara emisioak egiteko baimena eta, ingurumen-izaerako beste zehaztapenen artean, hondakinak sortzeari dagozkion baimenak eta lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadura prebenitu eta zuzentzeari dagozkionak. Gainera, espedientean beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere parte hartu dutela egiaztatu da, aginduzko txostenak igorriz.

4.– Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 29. artikuluan xedatutakoarekin bat, jarduera deseroso, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak egin ahal izateko administrazio eskudunek herritarren ekintzen gainean esku hartzeko dituzten administrazio-bitartekoak ordezkatuko ditu ingurumen-baimen integratua emateko prozedurak. Ondorio horietarako, ingurumen-baimen integratua loteslea izango da udal-agintaritzarentzat, baldin eta jarduerak egitea ukatzeko edo zuzenketa-neurriak ezartzeko bada; baita goiko arauaren 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdi orori dagokionez ere.

5.– Bestalde, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoarekin bat eginez, ingurumen-inpaktuaren ohiko ebaluazioa aplikatu behar zaie legearen 1. eranskinean jasotako proiektuei.

6.– Halaber, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak (Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko Legearen testu bategina onartzen duena) bere 11.4 artikuluan, eta Ingurumen Ebaluazioko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 14. artikuluak ebazten dutena aplikatzeko, autonomia-erkidegoek beharrezkoa dena xedatuko dute ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako jarduerak eta autonomia-erkidegoko araudian ingurumen-inpaktua ebaluatzeko ezarritako beste figura batzuk ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran txertatu ahal izateko, hala eska badaiteke eta autonomia-erkidegoak horretarako eskumena badu.

7.– Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan adierazitakoari jarraikiz, ingurumen-organoak neurriak hartu ditu ingurumen-inpaktua ebaluatzeko jarduerak ingurumen-baimen integratuaren prozeduran txertatzeko. Alde horretatik, aipaturiko prozedura horren izapideetan, proiektuak ingurumenean izan ditzakeen eragin guztiak batera bildurik hartu dira kontuan, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko araudiaren ikuspegitik, eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan jasotako ingurumen-preskripzioen ikuspegitik zehaztearren proiektuaren bideragarritasuna zenbaterainokoa den. Bateratze hori ikus daiteke, halaber, ingurumen-baimen integratua emateko ebazpen-proposamenaren aurreko ingurumen-inpaktuaren adierazpenean. Proposamen honek ingurumen-inpaktuaren adierazpen horretako eskakizunak hartzen ditu barnean, eta baldintza horiek bat datoz abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua aplikatzearen ondorioz proiektu horri ezarri behar zaizkion neurri zuzentzaileekin.

8.– Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 39. artikuluak xedatzen duenez, neurri guztiak hartuko dira lizentziak eta baimenak eskuratzera bideratutako administrazio-prozedurak koordinatzeko. Adierazitako aginduak aplikatuz, Berango 2004 Servicios Logisticos SLren ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran sartuta daude Euskal Herriko Ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean aurreikusitako izapide guztiak.

9.– Azkenik, adierazi behar da ebazpen honek kontuan izan dituela teknika erabilgarri onenak eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak, bai instalazioak gehienez isur edo igor ditzakeen gai kutsagarrien muga-balioak zehazteko, bai, ingurumen osoa ahalik eta gehien babesteko helburuz, instalazioaren ustiapenari ezarriko zaizkion bestelako baldintzak erabakitzeko. Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko 2018/1147 Betearazpen Erabakiko (EB), hondakinen tratamendurako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzen dituena, eta «Best Available Techniques (BAT) Reference Document for Waste Treatment» agiriko edukia hartu da kontuan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera.

10.– Orain arte azaldu denaren arabera, espedienteko txostenak aztertu eta proiektuaren osotasunaren ingurumen-ebaluazioa egin ondoren, ebazpen-proposamena sinatu zen, zeinetan jaso egin baitziren Berango 2004 Servicios Logisticos SL enpresak sustatutako aldaketa-proiektuak bete beharreko baldintzak.

11.– Azaldutakoarekin bat, goian adierazitako izapideak amaitu dira, eta entzunaldi-izapidea bete da, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan jasotzen dena.

12.– Aintzat hartu da organo honek eskumena duela ingurumen-baimen integratu hau emateko, hala xedatuta baitago Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuan.

13.– Honako hauek ikusi dira: ingurumen-organo honen 2020ko martxoaren 2ko Ebazpen-proposamena; otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Herriko ingurumena babestekoa; Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina –abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua–; urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretua, Industriako Emisioen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; uztailaren 28ko 22/2011 Legea, hondakin eta lurzoru kutsatuena; apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatu beharreko gainerako arauak. Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Berango 2004 Servicios Logisticos SLri (Lanbarren industrialdea, Arañaburu 7, Oiartzun; IFK: B-20.839.114) ingurumen-baimen integratua ematea Oiartzungo udalerrian hondakinen kudeaketarako instalazio bat jartzeko, Ebazpen honen bigarren apartatuan zehaztutako baldintzen arabera.

Jarduera jasota dago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskineko kategoria honetan:

«5.1. Hondakin arriskutsuak balorizatzeko edo ezabatzeko instalazioak, egunean 10 tonatik gorako ahalmena badute eta jarduera hauetako bat edo gehiago egiten badute:

a) Tratamendu biologikoa.

b) Tratamendu fisiko-kimikoa».

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008ko azaroaren 19ko 2008/98/EE Zuzentarauaren (Hondakinei buruzkoaren) I. eranskinarekin bat etorriz (bertan zehazten dira deuseztatze-eragiketak), Berango 2004 Servicios Logisticos SLk honako eragiketa hauek egiten ditu:

– D8 Eranskin honetako gainerako apartatuetan zehazten ez den tratamendu biologikoa, baldin eta D1 eta D12 artean zerrendatutako eragiketaren baten bidez ezaba daitezkeen konposatuak edo nahasketak sortzen baditu.

– D9 Eranskin honetako gainerako apartatuetan zehazten ez den tratamendu fisiko-kimikoa, baldin eta D1 eta D12 artean zerrendatutako prozeduraren baten bidez ezaba daitezkeen konposatuak eta nahasketak sortzen baditu (esate baterako, baporizazioa, lehortzea, kaltzinazioa eta abar).

– D13 D1 eta D12 artean zerrendatutako edozein operazioren aurreko konbinazio edo nahasketa egitea.

– D15 Hondakinak biltegiratzea D1 eta D12 artean zerrendatutako edozein eragiketaren zain (eragiketa horietatik kanpo dago hondakina sortu zen tokian behin-behinean biltegiratzea, jasotzeko zain).

Instalazioa Oiartzungo Lanbarren industrialdean dago (Arañaburu 7), eta 11.044 m2-ko azalera du guztira. Horietatik 1.046 m2 estalita daude: bulego-eraikina eta pabiloia.

Berangoko prozesua honako lan-ildo hauetan bana daiteke:

Edukiontzien eta zisternen kudeaketa.

– Edukiontzietan edo zisternatan gordetzea aldi baterako.

Gai arriskutsuak eta arriskugabeak dituzten eta garbitu edo berotu behar diren edukiontziak eta zisternak aire zabalean uzten dira aldi baterako. Garraio-unitatez aldatzeko besterik ez dira uzten.

Eremu horren gehieneko edukiera zisternak gordetzeko eremuaren azalerak baldintzatzen du. Eremuak 246 unitateko gehieneko biltegiratze-ahalmena du eta, produktu guztiak familia berekoak izanez gero, 5.000 m2. Edukiontziak gehienez 48 orduz egoten dira bertan.

Produktuak isurtzen badira, isuriak segurtasuneko tanga batera bideratzen dira. Ponpaketa-putzu bat eta bi zisterna huts ere badaude.

– Edukiontzi eta zisternen garbiketa.

– Garbiketa garbitokietan: bi garbitoki bereizi daude: bi garbiketa-pistako garbitoki bat, gai kimikoak izan dituzten zisternentzat eta/edo edukiontzientzat, eta beste bat, elikagaiak eduki dituzten zisternentzat.

Ibilgailuak garbiketa-pistan jarri eta zisternaren eta/edo edukiontziaren barnean egon daitezkeen hondakinak husten dira. Hondakin horiek solteko gaien edukiontzi handietan jasotzen dira. Normalean, ez dira ibilgailuko 50 litro hondakin baino gehiago erretiratzen.

Jarraian, presiozko urez garbitzen da, gai kimikoak gehituta. Ibilgailuak eduki duen karga motaren arabera, modu batera edo bestera jardungo da, eta horretarako, garbiketa-protokoloak daude.

Eremuko zolatan urak biltzeko kutxatilak daude, sortu diren isuriak araztegira bideratzen dituztenak, hodi biltzailera isuri aurretik arazteko.

Zisterna eta/edo edukiontzia garbituta, lehortu egiten da, produktu-hondakin itsatsirik ez dagoela egiaztatzeko. Azkenik, ibilgailuaren kanpoaldea garbitzen da.

Ibilgailu bakoitza garbitzeko 20 minutu inguru behar dira eta 1.000/3.000 litro kontsumitzen dira ibilgailuko.

– Garbiketa-dorrean garbitzea.

Prozesu honen bidez, edukiontzi eta zisternen garbiketatik eratorritako gasak neutralizatzen dira, O3-aren teknologian oinarrituz.

– Edukiontziak berotzea.

– Lurrunezko beroketa: lurrun bidezko 14 berotze-lerro daude. Gas naturaleko 2 ATTSU galdara bidez lurruna berotzen da, 170-230 ºC-tan. Berotzeko batez besteko denbora 6,36 ordukoa da edukiontzi bakoitzeko, 3,75 edukiontzi eguneko eta lerroko; beraz, 13.125 edukiontziko gehieneko edukiera aurreikusten da urtean.

– Berotze elektrikoa: sei berotze-postu daude, eta horiek korronte elektriko bidez funtzionatzen dute (350ean), instalaziora konektatuta. Berotzearen batez bestekoa edukiontzi batekoa da egun eta lerro bakoitzeko, eta, beraz, urtean 1.500 edukiontzi ekoizteko ahalmena du.

– Urarekin berotzea: zirkuitu itxiko postu bat dago, tenperatura-doikuntzarekin edukiontzien sarreran nahiz irteeran, garbiketarako behar den tenperatura lortzeko. Berotzearen batez bestekoa edukiontzi batekoa da eguneko, eta beraz, urtean 250 edukiontzi ekoizteko ahalmena du.

Hondakin arriskutsuak kudeatzea.

– Hondakin arriskutsuak gordetzea.

Hondakin arriskutsuak biltegiratzeko andelak instalazioen ipar-ekialdean daude:

– Kanpoko aireko hiru andel, pareta bakarrekoak, 3.800 mm-ko diametrokoak eta 9.5050 mm-ko altuerakoak, 102 m3 inguruko edukiera metatuarekin; eta pareta bakarreko andel bat, 3.750 mm-ko diametrokoa eta 7.500 mm-ko altuerakoa, 82 m3-ko edukierarekin.

– Aireko zortzi andel, pareta bakarrekoak, 2.750 mm-ko diametrokoak eta 8.420 mm-ko altuerakoak, 33 m3 inguruko edukiera metatuarekin.

Eremu honetako euri-urak hidrokarburoen bereizgailu batera bideratzen dira.

Lehen aipatutako andelak atxikitze-kubeta baten barruan biltegiratzen dira, eta kubeta hori hiru gune independentetan banatuta dago:

– Hondakin neutroen biltegia.

– Hondakin azidoen biltegia.

– Oinarrizko hondakinen biltegia.

Araztegia.

Edukiontzia eta zisternak garbitzeko prozesuan sortutako urak arazteko sistema bat dago.

Hondakin arriskutsuak kudeatzeko tratamendua ere araztegi horren bidez egiten da.

Instalazioaren kudeatzeko ahalmena hertsiki lotuta dago hondakin-uren araztegiak duen tratatzeko ahalmenarekin, bertan egiten baita jasotako hondakinen tratamendua. Hondakin-uren araztegiak 91.259 m3-ko ahalmen nominala du urtean: 250 m3 eguneko bider 365 egun urtean.

Edukiontziak konpontzeko tailerra.

Berangok konponketa-tailer txiki bat du, eta bertan egiten dira biltegiratzen eta/edo garbitzen diren instalazioen eta/edo edukiontzien konponketa- eta mantentze-lan puntualak.

Instalazioa edukieraren % 100era iristen denean, guztira 52.000 tona hondakin inguru kudeatzen dira.

– Metalen eta plastikoen gainazalen tratamendu fisiko eta mekanikoaren eta moldekatzearen 25.000 tona hondakin urtean.

– 15.000 tona olio eta erregai likido hondakin urtean.

– Bizitza baliagarriaren amaieran dauden hainbat ibilgailuren hondakinen eta bizitza baliagarriaren eta mantentze-lanen amaieran dauden ibilgailuen desegite-hondakinen 6.000 tona urtean.

– Hondakinen tratamendu-instalazioetako hondakinen, ur zikinen tratamendurako kanpo-instalazioetako hondakinen eta edateko ura eta industrian erabiltzeko ura prestatzean sortutako hondakinen 6.555 tona urtean.

Berango 2004 Servicios Logisticos SLk energia-kontsumo hau egiten du hondakin arriskutsuak kudeatzeko orduan: 496.994 kWh elektrizitate, 2.077.148 kWh gas natural eta 21.230 l B gasolio, azken hori orga jasotzaileen funtzionamendurako.

Emisio atmosferiko nagusiak CO eta NOx dira, instalazioko lurrun-galdarek sortuta, hala nola edukiontziak eta zisternak garbitzetik eta hondakin arriskutsuak gordetzeko tangak haizatzetik eratorritako gasak.

Saneamendua bereizlea da, eta beraz, modu bereizian isurtzen dira euri-urak (teilatua eta zabaltza) eta ur beltzak (komunak eta aldagelak) nahiz industrialak:

– Instalazioetako zolatan erortzen diren euri-urak, kutsatuta egon daitezkeenez, bildu egiten dira, ur industrialen araztegian tratatu edo kudeatzaile baimendu bati bidali aurretik.

Urok malda bidez eroaten dira kutxatila batera, eta handik dekantazio-andel batera edo segurtasuneko andel batera igarotzen da:

– Ur kutsatuak isuriko balira, euri-urak izan edo ez, urok segurtasuneko andel batera bideratuko dira, eta hondakina konfinatuta geratuko da bertan, kudeatzaile baimendu batek kudeatu arte. Andel horren edukiera 56 m3-koa da.

– Baldintza normaletan, zolatan erortzen diren euri-urak dekantazio-andelera bideratzen dira, estalkiko euri-urekin batera isurtzeko handik, ur garbitzat hartzen direnez.

Urak biltzeko sistemak, gainera, by-pass bat du, ekaitzetan emari handiak hustu ahal izateko (emari izendatua baino bost aldiz handiagoa hustu dezake). Hidrokarburoen bereizlean onargarria baino emari handiagoa balego, emaria segurtasuneko andelera bideratzen da, bereizlearen funtzionamenduari erasan gabe.

– Ur-beltzen zirkuituak komunetan eta aldageletan sortzen diren urak biltzen ditu, eta grabitatearen indarrez isurtzen dira urok Lintziringo ur-beltzen hodi biltzailera, isuri aurretik inolako tratamendurik izan gabe.

Sortutako hondakin arriskutsuak eta arriskugabeak ekipamenduak mantentzeko eta instalazioa zaintzeko, uren saneamenduko eta instalazioko araztegiaren jarduera orokorretatik datoz, nagusiki.

Berango 2004 Servicios Logisticos SLren jardueran, Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko 2018/1147 Betearazpen Erabakian (EB), hondakinen tratamendurako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzen dituena, eta «Best Available Techniques (BAT) Reference Document for Waste Treatment» agirian jasotzen diren teknika erabilgarri onenak aplikatzen dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera.

Proiektuak teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorio hauek hartzen ditu barne: 1., 2., 3., 4., 5., 6., 7., 11., 12., 18., 19., 20. eta 21.

Bigarrena.– Berango 2004 Servicios Logisticos SLk Oiartzungo udal-mugartean (Gipuzkoa) hondakin arriskutsuen kudeaketa-jarduera ustiatzeko, baldintza eta betekizun hauek ezartzea:

A) Erantzukizun zibileko aseguru bat eratu beharko da hiru milioi euroko (3.000.000) zenbatekoaz, ondorengoak estaliko dituena: hirugarren pertsonei edo horien ondasunei sortutako balizko kalteengatiko kalte-ordainak, eta baimen honek onartutako jardueraren ondorioz ingurumen aldatua konpondu eta berreskuratzeko kostuak.

Aseguru horren zenbatekoa urtero eguneratu ahal izango da, aurreko 12 hileko kontsumo-prezioen indizearen (KPI) arabera handituz.

B) Hirurehun eta hogeita hamar mila (330.000) euroko fidantza jartzea, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 20. artikuluaren 4.b) apartatuan xedatutakoari jarraikiz. Fidantza horren zenbatekoa zehazten da, hondakinak tratatu eta biltegiratzeko gehieneko gaitasunen arabera.

Fidantza horren zenbatekoa urtero eguneratu ahalko da, aurreko 12 hilabeteetako kontsumoko prezioen indizearen (KPI) arabera igota.

Jarritako fidantza ez da itzuliko, Ingurumen Sailburuordetzak Berango 2004 Servicios Logisticos SLk sustatutako hondakin arriskutsuak kudeatzeko jarduera uztea baimendu arte edo dagokionean jarduera uzteko finkatutako baldintzak bete arte; baldintza horiek, betiere, lurzoruaren kalitate-adierazpenean ezartzen diren betekizunak barne hartuko dituzte.

C) Berango 2004 Servicios Logisticos SLk bere jarduera profesionalaren ingurumen-arriskuen analisia egin beharko du, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea zati batean garatzeko erregelamendua onartzen duen abenduaren 22ko 2090/2008 Errege Dekretuaren 34. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. artikulu horren hirugarren puntuaren arabera, operadoreak ingurumen-arriskuen azterketa eguneratuko du egokitzat jotzen duen guztietan eta, aldiro, jardueran, instalazioan edo funtsezko baimenean funtsezko aldaketak gertatzen direnean.

Jardueraren operadoreak ingurumen-kalteak prebenitzeko, saihesteko eta konpontzeko neurriak hartu eta betearazi behar ditu, eta horien kostuak ordaindu behar ditu, zenbatekoa dena dela, baita dolorik, errurik edo zabarkeriarik egon gabe ere, Ingurumen Erantzukizunari buruzko Legearen 19.1 artikuluan adierazten den bezala.

D) Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsonaren gainean Ingurumen Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik balego, Berango 2004 Servicios Logisticos SL enpresak aldaketa horien berri emango du.

E) Sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala burutuko dira neurri babesle eta zuzentzaileak, indarrean dagoen araudiaren arabera eta apartatu hauetan ezarritakoari jarraituz:

E.1.– Hondakinak jaso, manipulatu eta biltegiratzeko baldintzak eta kontrolak.

Instalazioan deuseztatzeko onartzen diren hondakinak ondorengo apartatuetan zehaztuko dira, non horiek zuzen kudeatzeko zehaztapenak jasotzen baitira.

E.1.1.– Hondakin onargarriak.

Berango 2004 Servicios Logisticos SLk ondorengo Europako Hondakinen Zerrendako EHZ kodea duten hondakin hauek tratatu ahal izango ditu goian aipatutako tratamendu-sistemen bidez. Zerrenda hori Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren bidez argitaratu zen (Erabaki horren bidez aldatu egin zen 2000/532/EE Erabakia, hondakinen zerrendari buruzkoa, Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2008/98/EE Zuzentarauan xedatutakoa betez). Halaber, aipatutako erabakiaren arabera emango zaie hondakinei dagokien kodea eta sailkapena, baita Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera ere. Erregelamendu horrek ordezten du Europako Parlamentuaren eta Batzordearen hondakinei buruzko 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina, zuzentarau jakin batzuk indargabetzen zituena. Hortaz, ondoren adierazten diren hondakin hauek baino ez dira onartuko:

(Ikus .PDF)

E.1.2.– Hondakinen sarrera kontrolatzea.

Instalaziora deuseztatzeko iristen diren hondakinen kontrola egin beharko da, ebazpen honetako baldintzekin bat instalazioan onargarriak direla bermatzeko.

Ezin izango dira onartu baimen honetan adierazitakoez bestelako hondakinak. Nolanahi ere, hondakin mota gehiago kudeatu ahal izateko, beharrezkoa izango da Ingurumen Sailburuordetzaren onarpena lortzea aldez aurretik, eta ebazpen honen J apartatuan ezartzen dena betetzea.

Instalazioan tratatzea aurreikusten den hondakin-jatorri berri bakoitzeko, Berango 2004 Servicios Logisticos SLk tratamendu-kontratua bete beharko du, IKS-eeM sistemako erakundeak bertsioa erabiliz (www.eper-euskadi.net webgunean eskuragarri), non, hala badagokio, hondakina onartzeko parametro mugatzaile edo baldintzatzaileen proposamena jasoko baita.

Hondakin bat onartzeko aukera egiaztatu eta gero, Berango 2004 Servicios Logisticos SL enpresak tratamendu-kontratua bidaliko dio hondakinaren titularrari, non ezarriko baitira baldintzak eta, hondakina ematen ez bada, iraungitze-data. Horrez gain, hondakina onartzeko parametro mugatzaileak edo baldintzatzaileak jasoko dira eta, hala badagokio, hondakin-partida bakoitza hartu aurretik analizatu beharreko parametroak.

Hondakinak lekualdatzeko, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duen 180/2015 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Hori hala izanik, hondakinak lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipen eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak 25.2 artikuluan dioenaren arabera.

Unean uneko egoeraren ezaugarriei erreparatuta, ingurumen-organoak azalpenak eska ditzake, argitu diezaioten zergatik den ekonomikoki eta teknikoki ezinezkoa baimen honen baitako hondakinak Euskal Autonomia Erkidegoan kudeatzea, eta hori egingo du autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioak aintzat hartuta, eta, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Kudeatzeko eta Prebenitzeko 2020 Planaren helburu estrategikoak betetzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Kudeatzeko eta Prebenitzeko 2020 Planaren helburu estrategikoetan ezarritakoaren arabera, hondakinak ebazpen honen babesean emandako tratamendu-kontratu baten kargura bidali aurretik, ingurumen-organo honek baliozkotu beharko du dokumentu hori. Berango 2004 Servicios Logisticos SLk ezingo du kudeatu beharreko hondakin arriskutsurik jaso, organo honek aldez aurretik tratamendu-kontratua baliozkotzen ez badu; baliozkotze hori 15 egun naturaleko epean egin beharko da, kontratua jasotzen denetik hasita. Epe hori igarota, ez bada izan posizionamendu berariazkorik, hura aldekoa dela ulertuko da. Baliozkotu beharreko tratamendu-kontratuan, besteak beste, honako datu hauek jaso beharko dira: parametro mugatzaileak, hondakinen deskribapena eta, hondakina ematen ez bada, iraungitze-data.

EHZ kode guzti-guztiei eskatutako karakterizazio orokorra honako hau izango da:

(Ikus .PDF)

Era berean, baldin eta hondakina onartzeko baldintzen jarraipena egitean ikusten bada baldintzak ez direla bete eta, beraz, partida ez dela onartu, berehala jakinarazpen bat bidali beharko zaio organo honi, posta elektroniko bidez (ippc@euskadi.eus), honako hauen berri emanez:

– Baztertzeko arrazoia.

– Beste kudeaketa-bide bat ala hondakina bidaltzaileari itzultzea proposatzen den.

– Baldin eta beste kudeatzaile bati bidaltzea proposatzen bada, baitezpadakoa izango da dagokion tratamendu-kontratua aurkeztea, betiere lekualdaketa egin aurretik.

– Baldin eta ekoizleari itzultzen bazaio, identifikazio-agiriko gorabeheren apartatuan jaso beharko da gertakari hori, eta lekualdaketaren data eman.

Onartu ez den partida beste autonomia-erkidego batetik badator, jatorrizko ingurumen-organoari ere jakinarazi beharko zaio.

Hondakinak onartu eta jasotzeko aukera egiaztatu asmoz, Berango 2004 Servicios Logisticos SLk hondakinen onarpen-parametroak egiaztatzea ahalbidetuko duten baliabide teknikoak eta giza baliabideak izan beharko ditu une oro.

Onarpena baldintzatzen duten parametro horiek ezartzea, kasu guztietan eta hondakin-partida bakoitzerako, metodo homologatuaren bidez egingo da; zentroaren langile taldeko kide den laborategiko buru batek gainbegiratu beharko du eta espezializatutako tituluduna izan beharko da.

Hondakin bat ezin bada onartu, zeinaren EHZ kodea hondakin baimenduen artean baitago, tratamendu negatiboaren kontratu bat egin beharko da, hondakin horiek kudeatzeko ezintasunaren arrazoiak azalduz.

E.1.3.– Zamalanak.

a) Hondakin horien zamalanak egiteko ibilgailuen aparkalekuek zola iragazgaitza izango dute, eta, orobat, beharrezko diren maldak eta balizko isuriak biltzeko sareak, horiek kutxatila itsurantz edo biltzeko putzurantz zuzentzeko, betiere bidean ibilgailuaren azpitik igaro gabe edo beste ibilgailu edo instalazio batzuetara hurbildu gabe.

b) Plantan, hondakinekin zamalanak egitean edo hondakinak manipulatzean, kontu handia izan beharko da ez dadin gertatu emisio lauso edo kontrolaz kanpokorik, edo bestela, emisiook ahalik eta txikienak izateko. Alde horretatik, garrantzitsua izango da ekipamenduen estankotasuna ziurtatzea.

E.1.4.– Jasotako hondakinak biltegiratzea.

a) Tratatu beharreko hondakin arriskutsuak gordetzeko gehieneko denbora sei hilekoa izango da.

b) Tratatu beharreko hondakinak biltegiratzeko instalazioek lurzoru iragazgaitzak izango dituzte, aurreikusitako zamak jasateko eta izan litezkeen ihes edo isuriei eusteko gai direnak, eta biltegiratze-eremu bereiziak izan beharko dituzte hondakin onargarrien mota generiko bakoitzerako.

c) Hondakin arriskutsuak biltegiratzetik eratorritako arriskuak murrizte aldera, Berango 2004 Servicios Logisticos SLk hondakinok gune bereizi batean biltegiratu beharko ditu. Gune hori estalita egongo da eta lurzoru estankoak izan beharko ditu.

d) Plantan onartutako hondakinak biltegiratzeko orduan, prezipitazio atmosferikoak sartzea eta haizeak hondakinak arrastatzea saihestu beharko da.

e) Hautsezko hondakinak eta soltean jasotakoak pabiloiaren barruan gorde beharko dira, multzotan edo/eta gelaxketan, harik eta tratatzen diren arte.

f) Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, haiek biltzeko ontzi edo sistema egokiak jarriko dira, ezbeharrez gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Bilketa-sistemek independenteak izan behar dute hondakin mota hauetarako: isuriren bat gertatu eta nahasiz gero, arriskugarritasuna handitzea edo kudeaketa zailtzea dakartenetarako.

g) Hondakinak desagertu edo galdu egingo balira, edo ihes egingo balute, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzan eta Oiartzungo Udalean.

h) Instalazioaren etenaldi teknikoaren egoera berezietan, edo instalazioaren ezohiko funtzionamenduaren ondoriozko bestelako egoeretan, Berango 2004 Servicios Logisticos SL enpresak E.1.1 apartatuan adierazitako hondakinen transferentzia-zentro gisa jardun ahal izango du, hondakinak kudeatzeko beste instalazio baimendu batera eramateko.

i) Baimen honi loturiko hondakin arriskutsu ontziratuak gune bereizietan biltegiratuko dira, motaren arabera identifikatuta.

j) Aldi baterako biltegiratzeko jardueran sortutako efluente oro, ur beltzak izan ezik, bereizita jaso beharko da, eta haren ezaugarrien arabera behar bezala kudeatu, eta ezin izango da sarera isuri.

E.1.5.– Kudeatutako hondakinen datu-erregistroa.

Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Berango 2004 Servicios Logisticos SLk formatu fisiko edo telematikoko artxibo kronologiko bat eduki beharko du, non jasoko diren, hurrenkera kronologikoan, hondakinen kopurua, mota, jatorria, helmuga eta hondakinak tratatzeko metodoa, eta, egoki den kasuan, garraiobidea eta bilketa-maiztasuna. Ukatu egin diren hondakinen kasuan, kantitatea, ukatu den hondakinaren enpresa ekoizlea, uko egin izanaren arrazoia, ukatu den hondakinaren azken norakoa eta beste gertakari batzuk jakinaraziko dira. Aipatutako fitxategi kronologikoan, hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanen agiri bidezko egiaztapenean bildutako informazioa sartu behar da.

Artxibo kronologiko hori hiru urtez gorde beharko du gutxienez eta urtero bidali beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, dagokion urteko ingurumen-zaintzako programaren barruan.

Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 41. artikuluarekin bat etorriz, urte bakoitzeko martxoaren 1a baino lehen aurkeztu beharko da artxibo kronologikoan jasotako informazioaren memoria laburra, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

Aurreko apartatuetan adierazitako dokumentuak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

E.1.6.– Estatuz kanpotik inportatutako hondakinak.

Baldin eta kudeatu beharreko hondakinak beste estatu batzuetakoak badira, Hondakinen Lekualdaketei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan ezarritakoa bete beharko da.

Horrez gain, baldin eta aurreikusten bada zabortegian deuseztatzea dela inportatu beharreko hondakinak dela inportatutako hondakinak balorizatzeko edo deuseztatzeko tratamenduaren ondoren helmugako instalazioan lortutako korronte esanguratsuren bat, kontsulta bat egin beharko zaio organo honi, justifikatuz aurreikusitako mugaz gaindiko lekualdaketak bat datozela EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020rako Planean zehazten diren hondakinen inguruko plangintzaren helburuekin.

E.2.– Instalazioaren jardunerako baldintza orokorrak.

E.2.1.– Instalazioan tratatutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

D.1 apartatuan adierazten diren hondakinak onartu, jaso, ikuskatu eta biltegiratzeko baldintza eta kontrolei kalterik egin gabe, Berango 2004 Servicios Logisticos SLk ondorengo tratamendu-lerroetarako ondorengo baldintza hauek betetzen direla bermatu beharko du:

Aldi baterako biltegiratzea.

a) Plantan geroago kudeatzeko biltegiratu behar diren hondakinak gaika sailkatuko dira, konposizioa eta kodea kontuan hartuta. Horretarako, aldez aurretik karakterizazioa egin beharko da, ziurtatzeko ezen batera biltegiratzeak ez dakarrela arriskua areagotzerik, ezta azken buruko kudeaketa zailtzerik ere.

b) Nahitaez bete beharko dira hondakin arriskutsuak ontziratu eta etiketatzeari buruzko jarraibideak, indarreko araudian jasotakoak.

Halaber, Europako Hondakinen Zerrendan (EHZ) –Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaz onartutakoan– ezarri kodearen arabera identifikatu beharko dira hondakinak. Erabaki horren bitartez aldatu zen hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauari jarraikiz.

c) Hondakinak aldi baterako gordetzeko instalazioetan, hondakin horien zamalanak egiteko ibilgailuen aparkalekuak lurzoru estankoa izango du, eta beharrezko diren maldak eta balizko isuriak biltzeko sareak, horiek kutxatila itsurantz edo biltzeko putzurantz zuzentzeko, bidean ibilgailuaren azpitik igaro gabe edo gai arriskutsuen beste ibilgailu batzuetara hurbildu gabe.

d) Hondakin arriskutsuak aldi baterako biltegiratzeko instalazioak estalkia izan beharko du, eta aurreikus daitezkeen karga guztiei eusteko eta biltegiratu beharreko hondakin arriskutsuek izan ditzaketen ihesei eusteko gai izan beharko du.

e) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez biltegiratutako hondakinek bete egin behar dituzte, bai likido sukoiak eta erregaiak eta likido korrosiboak biltegiratzeaz indarrean dagoen arautegiko eskakizunak, eta bai suteak prebenitzeari eta haietatik babesteari buruzko arauak ere, eta behar bezala identifikatu beharko dira ezagutu eta bereizi ahal izateko.

f) Isuriak biltzeko kubetek zoru eta horma iragazgaitzak izango dituzte, erabat estankoak direnak. Kutxatila horietan biltzen diren efluenteak instalazioko arazte-sistemara birbideratu beharko dira, egoki kudeatzeko.

g) Baimen honi loturiko hondakin arriskutsu ontziratuak gune bereizietan biltegiratuko dira, motaren arabera identifikatuta. Kudeatzeko onar daitezkeen hondakinak biltegiratzeko ahalmen maximoa 652 m3-koa da, honela banaturik:

(Ikus .PDF)

– Kanpoko aireko hiru andel, pareta bakarrekoak, 3.800 mm-ko diametrokoak eta 9.5050 mm-ko altuerakoak, 102 m3 inguruko edukiera metatuarekin, eta pareta bakarreko andel bat, 3.750 mm-ko diametrokoa eta 7.500 mm-ko altuerakoa, 82 m3-ko edukierarekin.

– Aireko zortzi andel, pareta bakarrekoak, 2.750 mm-ko diametrokoak eta 8.420 mm-ko altuerakoak, 33 m3 inguruko edukiera metatuarekin.

h) Indarraldiaren arabera, Berango 2004 Servicios Logisticos SLk eta enpresak bidalitako hondakin arriskutsuen kudeatzaile hartzaileen artean hitzartutako tratamendu-kontratuen indarraldia aldizka egiaztatu beharko da Ingurumen Sailburuordetzaren aurrean. Hondakinak hartuko dituzten kudeatzaileak ez badaude Espainiako Estatuan kokatuak, mugaz gaindiko lekualdatzeak arautzen dituen araudi komunitarioa bete beharko da.

E.2.2.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

E.2.2.1.– Baldintza orokorrak.

Berango 2004 Servicios Logisticos SLren instalazioaren ustiapenean bete beharreko baldintzak dira emisio atmosferikoek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako balioak, eta Ingurumen Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako eskakizun teknikoak betetzea.

Prozesuan zehar atmosferara igortzen den kutsagarri oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko da, behar denean, kutsagarrien ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango emisio ez-zarratuak biltzea teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria ez denean, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.

Neurri egokiak hartuko dira ustekabeko emisioen probabilitatea murrizteko, eta haien efluenteak giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-jariakinak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatuko eta mantenduko dira, jariakinen tenperatura- eta konposizio-aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko moduan. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

Instalazioaren titularrek bete beharko dituzte abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuak (atmosfera kutsa dezaketen jarduerak gauzatzen dituzten instalazioak arautzen dituena) 5. artikuluan jasotako eskakizunak.

Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-guneak, neurketa-portuak, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.

Organo horrek foku berri bat baimendu ondoren, hura abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako IKE txosten bat igorri beharko da. Nolanahi ere, Ingurumen Sailburuordetzari epe hori luzatzeko eskatu ahal izango zaio, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.

E.2.2.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Berango 2004 Servicios Logisticos SLren hondakin-kudeaketako instalazioak foku konfinatu hauek ditu: 09 10 09 50 jarduera (biltegiratzea edo manipulazio-eragiketak, esaterako, hondakin ez metalikoak edo hauts-itxurako hondakin metalikoak nahastea, bereiztea, sailkatzea, garraiatzea edo txikiagotzea, materialak manipulatzeko gaitasuna >= 500 t/egun dela, edo >= 10 t/egun, hondakin arriskutsuetan) eta 09 10 01 02 jarduera (Industriako hondakin-uren/-efluenteen tratamendua. Tratamendu-gaitasuna egunean 10.000 m3-koa baino txikiagoa duten instalazioak). Jarduerok atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen eta bera ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuko katalogoan jasota daude:

(Ikus .PDF)

Foku ez-sistematiko horietariko bat urtean batez beste hamabi alditan baino gehiagotan funtzionatzera pasako balitz eta aldi bakoitzak ordubete baino gehiago iraungo balu, edo, maiztasuna edozein dela ere, instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bost baino handiagoa bada emisioen iraupen orokorra, emisio-foku sistematiko gisa araupetu beharko da.

Urte jakin batean foku sistematiko batek foku ez-sistematiko batek bezala funtzionatzen badu, ez da foku horren gaineko kontrolik egin beharko urte horretan. Ondoko urtean egin beharko da, baldin eta kontrola salbuesteko baldintzek ez badute bere horretan jarraitzen. Ingurumena zaintzeko dagokion programan justifikatu beharko da inguruabar hori.

E.2.2.3.– Emisioen muga-balioak.

Instalazioa ustiatzean, atmosferara egiten diren emisioetan, ez dira gaindituko emisioen mugako balio hauek:

(Ikus .PDF)

Balio horiek ondorengo baldintza hauekin lotuta daude: 273 K-ko tenperatura, 101,3 kPa-ko presioa eta gas lehorra.

Emisio-balioak betetzen diren ebaluatzeko, abenduaren 28ko 278/2011 Dekretuko 9. artikuluak arautzen duena beteko da.

Ikusten bada emisioen muga-balioren bat ez dela betetzen, behar diren neurri zuzentzaileak hartu beharko dira luzamendurik gabe, eta, berehala, ez-betetzearen, aplikatu behar diren neurri zuzentzaileen eta haien epeen berri eman beharko zaio ingurumenaren arloko eskumenak dituen sailari.

E.2.2.4.– Gasak hartu eta kanporatzeko sistemak.

Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximiniak ez dira egongo bigarren apartatuaren D.2.2.2 azpiapartatuan ezarritako goreneko kotatik behera. Sekzioek eta lagin-puntuen kokapenak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduaren bidez argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoa bete beharko dute.

Zehazki, laginak hartzeko aurreikusita dauden zuloen kokapenari eta ezaugarriei dagokienez, Ingurumen Sailburuordetzaren jarraibide teknikoak bete beharko dira.

Emisio lausoak minimizatzeko helburuarekin, ihesei antzemateko ekipamenduak erabiliko dira, ingurumenaren kudeaketa egokia egingo da, eta instalazioa modu egokian diseinatuko da.

4. fokuak (HA biltegiratzea) karbono-iragazki bat izango du, hondakin arriskutsuak biltegiratzeko tankeen haizatzeak sortutako gasak finkatu ahal izateko.

E.2.2.5.– Usainei buruzko baldintzak.

Instalazioaren titularrak usainek eragindako eragozpenak minimizatu beharko ditu. Hala badagokio, eskumena duen organoak egoki iritzitako prozesuen emisioak hartzeko eta arazteko eskatu ahal izango dio instalazioaren titularrari.

Instalazioaren Usainak Prebenitzeko Plana egin beharko da. Besteak beste, jarraibide hauek bete beharko dira:

– Iturri zehaztuak eta zehaztugabeak identifikatu beharko dira, eta horien usain-emisioak karakterizatu beharko dira.

– Balizko usain-arazoak prebenitzeko aplikatu behar diren prebentzio-neurriak aztertu beharko dira.

– Usain-arazoak gertatzen direnerako zuzenketa-neurriak aztertu eta garatu beharko dira.

E.2.3.– Isurketak egiteko baldintzak.

E.2.3.1.– Saneamendu-sarera isurtzeko baldintzak.

(Ikus .PDF)

E.2.3.2.– Isurketaren emariak eta bolumenak.

(Ikus .PDF)

E.2.3.3.– Isurketaren muga-balioak.

Añarbeko Uren hodi biltzailera egindako isurien parametroak Añarbeko Uren araudian ezarritakoak izango dira, instalazioko urak bertara isurtzen direnez. Jarraian zehaztuko dira, eta betiere kontuan hartu beharko da Batzordearen abuztuaren 10eko 2018/1147 (EB) Betearazpen Erabakian argitaratu zena (hondakinen tratamendurako teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak ezarri zituen), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera. Hauek dira horietako bakoitzaren muga-balioak:

(Ikus .PDF)

Ezingo dira diluzio-teknikak erabili emisioaren muga-balioak lortzeko.

Gainera, ingurune hartzaileari dagozkion arauak eta kalitate-helburuak bete behar dira. Bestela, titularrak tratamendu egokia egin beharko du, aipatutako arauak eta kalitate-helburuak isurketaren ondorioz urratzen ez direla ziurtatzeko.

Baimen horrek ez du baldintza honetan berariaz adierazitakoak ez diren beste substantzien isuria onartzen, batez ere maiatzaren 23ko 606/2003 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren substantzia arriskutsuak. Errege Dekretu horren bidez, apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretua, abuztuaren 2ko 29/1985 Legearen, urei buruzkoaren atariko titulua eta I., IV., V., VI. eta VIII. tituluak garatzen dituen Jabari Publikoko Urguneen Erregelamendua onartzen duena, aldatzen da.

E.2.3.4.– Arazteko eta husteko instalazioak.

Arazte-instalazioek edo hondakin-uren zuzenketa-neurriek jarduera hauek izango dituzte, funtsean:

– Industria-urak instalazioko araztegian tratatzeko dira. Aipatu araztegiak tratamendu fisiko-kimikoa du, baita biologikoa ere, zisternen edo edukiontzien garbiketa-uretan edo hondakin arriskutsuen kudeaketan.

– Ur sanitarioak zuzenean isurtzen dira Lintziringo ur beltzen hodi biltzailera, aurretik inola ere tratatu gabe.

– Zisternetan, aurretratamendurako andeletan, ibilgailuetan, etab., erortzen diren euri-urak, kutsatuta egon daitezkeenez, hidrokarburoen dekantagailu eta bereizle batetik igarotzen dira, Lintziringo euri-uren hodi biltzailera isuri aurretik. Lehen aipatu ur zikinez gain, pabiloiaren estalkiko euri-ur garbiak ere bertara isurtzen dira.

Hartutako neurri zuzentzaileak nahikoak ez direla ikusiz gero, Berango 2004 Servicios Logisticos SL enpresak behar beste aldaketa egingo ditu arazketa-instalazioetan isurketak baimenean ezarritako baldintzak bete ditzan. Aldaketak Administrazioari jakinaraziko dizkio lehenik; behar izanez gero, baimena aldatzeko ere eskatuko du.

Aurkeztutako agirien arabera, isuriak kontrolatzeko kutxatila bat jarriko da baimendutako hondakin-ur mota bakoitzerako, eta isurien lagin esanguratsuak lortzeko beharrezkoak diren ezaugarri guztiak izango ditu kutxatila horrek. Administrazioak egoki deritzonean ikuskatzeko sarbide zuzena duen lekuan kokatuko dira kutxatilak.

E.2.4.– Instalazioan ekoitzitako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortutako hondakin guztiak kudeatuko dira Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legean (uztailaren 28ko 22/2011 Legea) eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera, eta, kasuan kasu, karakterizatu egin beharko dira euren izaera eta helburu egokiena zehazteko.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta horretarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Kogenerazioa-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan hondakinak tratatzeko instalazio baimenduak badaude, lehentasunez instalazio horietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten baldin bada, hondakin horiek ezaugarrituko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak (Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituena) xedatutakoari jarraikiz, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak (Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena) ezarritako jarraibideen arabera.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, ebazpen honetan jasotakoa, orientagarria da soilik, kontuan hartuta jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Ezertan eragotzi gabe Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d apartatua) ezarritakoa, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan baimena egokitzea soilik eskatu beharko da baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isurtzeak edo lixibatuak sor baditzakete, bada, orduan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isurtzeak kanpora irten ez daitezen. Hautsezko hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinak desagertu edo galdu egingo balira, edo ihes egingo balute, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzan eta Oiartzungo Udalean.

Sortutako hondakinak beste erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren Lurraldearen Barruko Hondakinen Lekualdaketa arautzen duen 180/2015 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluari jarraikiz.

Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan, hondakinen lekualdaketei buruzkoan, ezarritakoa bete beharko da.

E.2.4.1.– Hondakin arriskutsuak.

Hauek dira sustatzaileak aitortutako hondakin arriskutsuak:

(Ikus .PDF)

a) Hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodifikazioa hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta ezartzen da, eta horiei buruzko informazioa baimena izapidetzean jasotzen da. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, oinarrizko beste batzuk, euren izaera dela eta, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen definitzen dute. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko, eta Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian nahiz Euskal Autonomia Erkidegoko IV. Ingurumeneko Esparru Programan (2015-2020) ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balioztapena kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onarpen-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak balioztatzeko eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

c) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

d) Hondakin arriskutsuak ezin izango dira 6 hilabetetik gora eduki biltegian. Salbuespen-egoeretan, ingurumen-organoak epe hori aldatu ahalko du, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio, baldin eta gizakion osasuna eta ingurumena babestuko dela bermatzen bada.

e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenbizikoz erretiratu aurretik eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana bidali aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

f) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako agiria bete beharko da. Agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Berango 2004 Servicios Logisticos SLk artxiboan erregistratu eta gutxienez hiru urtez gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo agiri ofizial baliokideak.

g) Egiaztatu egin beharko da hondakin arriskutsuak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eramateko erabiliko den garraiobideak horrelako gaiak garraiatzeko indarrean dagoen legerian ezarritako baldintzak betetzen dituela.

h) Berango 2004 Servicios Logisticos SL enpresak Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko du sortutako olio erabilia.

i) Gailu elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira ekipamendu elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak–. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek bete beharko dute pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbuetsita egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei egindako entregak justifikatzeko agiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

j) Berango 2004 Servicios Logisticos SL enpresak poliklorobifeniloak (PCB) dituzten edo izan ditzaketen aparatuak dauzkan bitartean, horiek behar bezala kudeatzeko abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuan, poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten aparatuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen horretan, eta hori aldatu zuen otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretuan adierazitako baldintzak bete behar izango ditu.

k) Berango 2004 Servicios Logisticos SL enpresak Europako Parlamentuak eta Kontseiluak ozono-geruza agortzen duten substantzien gainean 2009ko irailaren 16an eman zuen 1005/2009/EE zenbakiko Erregelamenduak adierazten dituen substantzia erabiliak baldin baditu, horiek berreskuratu egingo dira, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarria den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz deuseztatzeko; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko dira, aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

l) Artxibo kronologiko bat egingo da hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluarekin bat etorriz, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Artxibo hori ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko da, artxibo kronologikoan jasotako informazioaren laburpen-memoriarekin batera, arestian aipatutako Legearen 41. artikuluan jasotzen den moduan.

m) Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko, zein hondakin horiek ahalik eta gutxien sortzea baita, Berango 2004 Servicios Logisticos SLk hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plan bat aurkeztu beharko dio Ingurumen Sailburuordetza honi, lau urtetik behin, Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 17.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, betiere aipatu legearen garapenerako araubideak ez badu Berango 2004 Servicios Logisticos SL hondakin arriskutsuen ekoizle txiki gisa katalogatzen.

n) Baldin eta Ontziei eta ontzien hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada Berango 2004 Servicios Logisticos SL, bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

o) Apartatu honetako e) eta f) apartatuetan (kudeatzaileak EAEn daudenean), l) eta m) apartatuetan adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektroniko bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

p) Amiantoa duten hondakinak daudela hautemanez gero, Berango 2004 Servicios Logisticos SLk 108/1991 Errege Dekretuaren (amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeari buruzkoa) 3. artikuluan ezarrita dauden eskakizunak bete beharko ditu. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira (dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak).

E.2.4.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Sustatzaileak hondakin ez-arriskutsu hauek aitortu ditu:

(Ikus .PDF)

a) Bigarren apartatuaren D.2.4 azpiapartatuan xedatutakoarekin bat, hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, hartarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: behar bezala frogatzen bada hondakinak balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik. Justifikazio tekniko hori lortzeko, hondakin hori onartzeko baimenduta dauden hiru kudeatzailek ezetza eman behar diote kasuan kasuko hondakina balorizatzeari.

b) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu batera.

c) Hondakin horiek ezabatzeko direnean, ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki; hondakinen azken helburua balorizazioa denean, berriz, 2 urtez gorde ahal izango dira.

d) Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Berango 2004 Servicios Logisticos SLk erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu onarpen-agiriak edo haien agiri ofizial baliokideak, nahitaezkoak badira, hiru urtean gutxienez.

e) Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, hondakin ez-arriskutsua eraman aurretik jarraipen eta kontrolerako agiria bete beharko da, Hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzeko otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritakoari jarraikiz.

f) Balorizatzeko edo ezabatzeko helburuarekin, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluaren arabera.

g) Baldin eta Ontziei eta ontzien hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada Berango 2004 Servicios Logisticos SL, bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

h) Artxibo kronologiko bat egingo da hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluarekin bat etorriz, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Artxibo hori ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko da, artxibo kronologikoan jasotako informazioaren laburpen-memoriarekin batera, arestian aipatutako Legearen 41. artikuluan jasotzen den moduan.

i) Apartatu honetako d), e), f) eta h) apartatuetan adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektroniko bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

E.2.5.– Lurzorua eta lurpeko urak babesteko baldintzak.

Ebazpen hau jaso eta sei hileko epean, oinarri-txostena edo lurzoruaren hasierako egoeraren txostena aurkeztu beharko du Berango 2004 Servicios Logisticos SLk. Egoeraren aurreko txostena oinarri-txostenean txertatu izan ahal izango da, baldin eta «Lurzoruaren egoeraren aurreko txostena egiteko prozedura operatiboa» agiriaren zuzentarauei edo haren ondorengo eguneratzeei jarraituz egiten bada. Agiri hori hemen dago eskuragarri:

http://www.euskadi.eus/lurzoruaren-egoerari-buruzko-aurretiazko-txostena-egiteko-prozedura/web01-s2ing/eu/

Nolanahi ere, sustatzaileak ingurumen-organoari eskatu beharko dio lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpena lortzeko prozedura hasteko, baldin eta ekainaren 25eko 4/2015 Legean adierazitako inguruabarren bat gertatzen bada.

Instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez, sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu:

1.– Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:

a) 4/2015 Legeak, ekainaren 25ekoak, 25. artikuluaren 1.c) apartatuan ebazten denarekin bat etorriz, hondeatu beharreko materialak (lurra, obra-hondakinak eta abar) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, jardun kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa-modu egokiena zehaztearren.

b) Hondeaketa horrek hondeatutako materialen 500 m3 gainditzen dituenean, sustatzaileak gaikako hondeaketa-plan bat aurkeztu beharko du. Planak 13. artikuluan adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu behar du plana, betetzen hasi aurretik.

c) Hondeatu beharrekoa 500 m3 baino gutxiago bada, aldaketa-eskaerak informazio hau eman beharko du: non dagoen kokatuta, zenbat hondeatu behar den, aurreikusitako hasiera-eguna, kontratista, jarraipenaren eta kudeaketaren ardura izango duen erakundea.

d) Aurreko kasu horietan guztietan, induskatzen amaitutakoan, induskatutako materialak zuzen berrerabili edo kudeatu direla ziurtatzen duen txosten bat aurkeztu beharko da ingurumen-organoan, behar bezala karakterizatu aurretik.

e) Oro har, ondorengo irizpide hauek beteko dira:

– Soberakinak hondakindegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak (hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena) ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, lagin baten azterketa egin beharko da. Laginak hondakindegian kudeatu beharreko soberakinen 500 m3 bakoitzeko 10 azpilagin izango ditu gutxienez, baina hori aldatu ahal izango da espero daitekeen kutsaduraren heterogeneotasunaren eta homogeneotasunaren arabera. Afekzioa homogeneoa izango dela aurreikusten den kasuetan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen handiagoa duten unitateez osatutako lagin konposatua hartu ahal izango da, eta aldiz, afekzio heterogeneoaren kasuan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen txikiagoa duten unitateez osatutakoa.

– Soberako materialak instalazio berean berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako VIE-B (industria-erabilera) balioaren azpitikoa. Horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, honen arabera: 199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.

– 4/2015 Legean, ekainaren 25ekoan, xedatutako VIE-A ebaluazioko balio-adierazleak eta TPH-etarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta beraz, onartu egingo dira baimendutako edozein betelanetarako.

– Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalaren parekoa den harrizko substratu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

2.– Baldin eta aurreikusten bada lur-mugimendua dakarren aldaketaren bat egitea instalazioa baimenduta dagoen lurzatitik kanpo (lurzoru berria okupatuz) eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 1. eranskinean aipatutako jardueraren bat, sustatzaileak lurzoru-gaiei buruzko adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

Era berean, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluaren 2. apartatuaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek ezar ditzan hartu beharreko neurriak, aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluaren 1.e apartatuari jarraikiz, betiere.

E.2.6.– Zaratari buruzko baldintzak.

a) Ondorengo indize akustikoak gaindi ez daitezen beharrezkoak diren neurri guztiak ezarriko dira:

a.1.– Jarduera-maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundoko zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB(A) gainditu, 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB(A) ere.

a.2.– Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundoko zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB(A) gainditu, 23:00ak eta 7:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB(A) ere.

a.3.– Jarduerak ez du 1. taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egingo, 4 m-ko garaieran neurtuta (egoera berezietan izan ezik, horietan apantailamenduak saihesteko beharrezkoa den garaiera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan.

(Ikus .PDF)

1. taula. Industria-esparruaren kanpoaldeko itxituran eskatutako zarata-mailak.

Abian den instalazioak, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) 1. taulan adierazitako balioak baino 3 dB-etik gorako gehikuntzarik gaindituko.

Gainera, jardun-modu bat baldin badago, gainerako jardueretatik nabarmen bereizia dagoena, jardun-modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti). Ti jardun-modu horren iraupen-denbora izango da. Maila horrek ez ditu 1. taulan finkatutako balioak 5 dB-etan gaindituko.

b) Jardueraren funtzionamendutik, zuzenean nahiz zeharbidez, eratortzen diren efektu gehituek gainditzen dituztenean Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak 14. eta 16. artikuluetan zehazten dituen kalitate akustikoko helburuak, zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez, behar diren neurriak hartu beharko ditu jarduerak gainditze hori gerta ez dadin.

c) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du handituko sentsibilitate akustiko handieneko guneetako zarata-maila.

F) Ingurumena Zaintzeko Programa.

Sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta honako apartatu hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da ingurumen-zaintzako programa:

F.1.– Emisio atmosferikoak kontrolatzea.

F.1.1.– Kanpo-kontrolak.

a) Berango 2004 Servicios Logisticos SLk isurtzen dituen kutsatzaileak kontrolatu beharko ditu, informazio honen arabera:

(Ikus .PDF)

b) Puntu honen a) apartatuan aipatutako neurketa guztiak Administrazioaren II. mailako Ingurumen Lankidetzako Erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraituz, eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek bete egin beharko dituzte Ingurumeneko sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan eskatzen diren baldintzak, bereziki honako gai hauei dagokienez: helburua eta neurketa-plana, neurketen adierazgarritasuna, neurketa kopurua eta banakako neurketa bakoitzaren iraupena, eta erreferentzia-metodoak hautatzeko irizpidea.

c) Halaber, a) apartatuan azaldutako emisio-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batez besteko maiztasunarekin funtzionatzen badu, igorpen bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duela, edo, bestela, edozelako maiztasunarekin, emisioaren iraupen globala instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, betiere kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Inguruabar hori dagokion urteko Ingurumena Zaintzeko Programan justifikatu beharko da.

d) 04. fokua kontrolatzeko, ingurumena zaintzeko programaz gain, karbonozko iragazkia kolmatatu eta eraginkor ez egotea ekiditeko mantentze-prozedura bidaliko da. Iragazkiko karbonoan egin diren aldaketak erregistratuko dira, eta aldaketa egiteko erabili diren irizpideak ere bai.

F.1.2.– Lortutako emaitzen erregistroa.

Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz: 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua (100/2011 Errege Dekretua, urtarrilaren 28koa, Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituena) eta 278/2011 Dekretuaren III. eranskina (278/2011 Dekretua, abenduaren 27koa, Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituena).

Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.

F.2.– Saneamendu-sarera isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, ondorengo analisiak egingo dira:

(Ikus .PDF)

*Batzordearen 2018/1147 (EB) Betearazpen Erabakia, 2018ko abuztuaren 10ekoa, zeinaren bidez ezartzen baitira hondakinen tratamendurako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera.

b) Laginketak kutsatzaile gehien sortzen den aldian egingo dira beti.

c) Isuriak baimenaren baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, baldin eta puntu honetako a) apartatuan ezarritako kontrol-parametro guztiek betetzen badituzte ebazpen honen bigarren apartatuko D.2.2.2. azpiapartatuan ezarritako mugak.

d) Berango 2004 Servicios Logisticos SLk asteko barne-kontrolak egin beharko ditu arazte-prozesuaren sei puntutan, isuriaren parametroak kontrolpean izateko arazte-prozesuan zehar. Honako parametro hauek kontrolatu beharko dira:

– Homogeneizazio-putzua: OEKt, EST, pH

– F-Q tratamenduko irteera: OEKf, EST, pH

– Erreaktore biologikoa: OEKf, ESH, iragazkortasuna, pH

– Ur efluente iragazkorra: OEKt, EST, pH

– Lohien andela.

– Lohi deshidratatua.

F.3.– Jardueraren adierazleen kontrola.

Sustatzaileak ondorengo taulan agertzen diren jardueraren gaineko parametro-adierazleen segimendua egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta urtean urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztuko du.

(Ikus .PDF)

F.4.– Zarataren kontrola.

a) Indize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira bost urterik behin: Ld, Le, Ln, LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo. Lehenengo kontrol-urtean lortutako emaitzen arabera, ordutik aurrera neurketak beste maiztasun batekin egitea erabaki ahal izango da.

b) Aurreko apartatuan adierazitako ebaluazio guztiak akustikaren esparruan laginketa espazial eta tenporala egiteko UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako ziurtagiri bat duen ingurumeneko erakunde laguntzaile batek egin beharko ditu. Dena dela, ingurumen-organoak zainduko du ebaluazioak egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela.

c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.

F.5.– Lurzoruaren eta lurpeko uren kontrola.

Bost urtez behin, ebazpen hau jasotzen denetik hasita, eguneratu egin beharko da lurzoruaren egoerari buruz aurkeztutako aurretiazko txostena, eta instalazio guztiei dagokien kutsadura-arriskuaren ebaluazio bat erantsiko zaio. Txosten hori Ingurumena Zaintzeko Programarekin –dagokion urtekoarekin– batera bidaliko da.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatuta dauden eta lurzoruaren babesarekin lotura duten betebeharrak betetzeko –aurreko apartatuetan aipatuak–, sustatzaileak 2016ko azaroaren 17an ingurumen-organoak bidalitako «Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren gaineko arauzko eskakizunak aplikatzea ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioetan» zirkularrean aipatzen diren lehendik badauden instalazioei eskatzen zaizkien agiriak eman beharko ditu. Zirkular horretan, honako hau jasotzen da: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostenaren edukia eta entregatzeko baldintzak, lurzoruen eta lurpeko uren oinarrizko txostena eta kontrol- eta jarraipen-dokumentuak. Esteka honetan eskura daiteke:

http://www.euskadi.eus/informazioa/kutsaduraren-prebentzio-eta-kontrol-bateratua/web01-a2ingkut/eu/

Sustatzaileak lurzoruen agiri bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea lehengoratzen lan egiten duen erakunde egiaztatu batek egina. Agiri horretan jasoko dira: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta kontroleko eta lurzoruen eta lurrazpiko uren jarraipeneko agiriak. Aurrerantzean ere, emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar badira, lurzoruen agiri bakar berri bat bidaliko da.

F.6.– Emaitzak kontrolatu eta igortzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu behar dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:

http://www.euskadi.eus/autorizacion/aai-ippc/web01-a2inguru/es/

Era horretan, programa horretan zehaztutako aldian egiten diren kontrol guztiak (ibilgura edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik) Ingurumena Zaintzeko Programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren.

Ezarri diren baldintzak urratzen diren kasuetan bakarrik, gertatutakoaren berri izan ondoren, bidali beharko zaio berehalako jakinarazpena Ingurumen Sailburuordetzari, helbide elektroniko hau erabilita: ippc@euskadi.eus

Kontrola egiten duten urteari dagokion programaren barruan baino ez dituzte igorriko, gainera, urtebete baino periodikotasun handiagoko kontrolak.

Emaitza horiek urtero igorriko dira, betiere martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintzeko programaren emaitzekin batera. Txosten horretan, neurri babesle eta zuzentzaileen funtzionamendua, prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak eta emaitzen analisia jasoko dira, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausak eta konponbideak, eta halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aurrez aldetik egin ez bada.

F.7.– Ingurumena Zaintzeko Programaren Agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, aurkeztu dituen agirietan eta ebazpen honetan proposatutako betebeharrak bilduz. Honako hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Era berean, ingurumena zaintzeko programak jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika barruan izan beharko du, horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzeko ezarritako neurrien eta mekanismoen efikazia egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).

G) Prebentzio-neurriak eta funtzionamendu-baldintzak ohiz kanpoko egoeretan.

G.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, emisioen eta sortuko diren hondakinen balioespena egin beharko du sustatzaileak, eta dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.

Instalazioa geldiaraztean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak kudeatu beharko dira, bigarren apartatuko E.2.3 azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz (azpiapartatu horren izena: «Instalazioan ekoitzitako hondakinen kudeaketa zuzena bermatzeko baldintzak»), baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

G.2.– Jarduera bertan behera uztea.

Jarduera lege hauen aplikazio-esparrukoa da: lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea (63.122 epigrafea: Salgai arriskutsuak gordetzea eta biltegiratzea), eta Kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzeko urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua. Horrenbestez, Berango 2004 Servicios Logisticos SL enpresak jarduera bertan behera uztearen berri eman beharko dio Organo honi, bi hilabeteko epea agortu baino lehen, jarduera behin betiko uzten duenetik hasita, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Jarduera utzi baino lehen, Berango 2004 Servicios Logisticos SLk instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu ebazpen honen bigarren apartatuaren 2.3 azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.

G.3.– Jarduera aldi baterako etetea.

Jarduera aldi baterako uztea eskatuz gero, 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan arautu bezala, Berango 2004 Servicios Logisticos SLk, aldi baterako uztearen eskabidearekin batera, agiri bat bidali beharko du lantegia jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, instalazioa berriz abiarazi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen isurketa edo emisio oro saihesteko.

G.4.– Jarduera anomaloa izanez gero aplikatu beharreko neurriak eta jarduketak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean zehaztuta dauden ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentzioko neurriez eta jardunerako baldintzez gain, ondorengo apartatuetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.

Mantentze-lan prebentiboen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta segurtasun-neurriei dagokienez. Jarioak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (irazgaitzak), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), egon daitezkeen jarioak antzemateko neurriak edo gehiegi bete direneko alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota) eta lurzoru gaineko isuriak biltzeko sistemak.

Aurreko lerrokadan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen ikusizko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

Era berean, atmosfera eta ura kutsatzea prebenitzeko eta kutsatutakoa zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipamenduen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

Urak arazteko prozesuan pilatutako hondakin solidoak eta lohiak behar den maiztasunez aterako dira, instalazioak behar bezala funtziona dezan. Hondakin horiek ez dira ibai-ibilgura hustuko aldizkako garbiketa egiten denean; bildu egin beharko dira, kudeatzeko edo zabortegi baimendu batera eramateko. Gorde egingo dira hondoan hustubiderik ez duten andel iragazgaitzetan. Inoiz ez dira pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoa kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.

Baldin eta instalazioetan lohien tratamendua badago, horietatik jaregindako ura berriro bideratuko da arazte-instalazioko sarrerara, tratamendua jaso dezan.

Hobi septikoaren sistemak eta iragazki biologikoak garbitze- eta mantentze-lan egokia izango dute errendimendu ona ziurtatzeko. Aldizka enpresa espezializatu batek erretiratuko ditu pilatutako solidoak eta lohiak, eta iragazki biologikoaren ohantzea garbituko du, eta garbiketan arrastatutako solidoak ibilgura hustea saihestuko da.

Pabiloien barruan zolak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

Hondakin-ura ezingo da «by-pass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.

b) Halaber, erregistro bat eduki behar da, aldizka egindako mantentze-lanak eta hautemandako gorabeherak jasota uzteko.

c) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu eskura, arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak eraginkor mantentzeko.

d) Erabilitako olioak, jariakinen arazketako hondakinak, besteak beste, eta oro har, instalazioan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lurzatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

e) Hautsezko produktuak biltegiratzeko, silo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabiloi estali eta itxiak eduki beharko dira.

f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak biltegiratuko dira, halako kondiziotan ezen ez baitira izango ingurunean sakabanatzeko moduan.

g) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratzeko instalazio horiek produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

h) Larrialdi-egoeran berehala eta eraginkortasunez jarduteko beharrezkoak diren material guztien behar besteko kantitatea eduki beharko da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isuriei aurre egiteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasuneko edukiontziak, kaltetutako ingurunea isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak, eta norbera babesteko ekipamendu egokiak.

i) Ontzien hustuketa kontrolatzeko balio duen protokolo edo prozedura bat edukiko dute. Bertan, instalazioaren eraginkortasunari eragin diezaioketen isuriak instalaziora joatea saihestu beharko da.

j) Gorabeheraren bat izanez gero agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak, berehala, gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari (zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren). Jakinarazpenean honako alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Jatorriak eta kausak (unean zehaztu daitezkeenak).

– Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.

– Sortutako ondorioak.

– Epe laburrera aurreikusitako jardunak, halakorik badago.

Gertakari edo arazo larriren bat edo ustekabeko emisioren bat egonez gero, SOS DEIAKi eta Oiartzungo Udalari jakinarazi beharko zaie berehala. Ondoren, eta gehienez ere 48 orduko epean, ezbeharrari buruzko txosten xehatua bidali beharko da Ingurumen Sailburuordetzara. Txosten horretan, gutxienez, hurrengo datu hauek agertuko dira:

– Gorabehera mota.

– Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

– Gorabeheraren iraupena.

– Ustekabeko isurketa gertatuz gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne hartuta.

– Mugak gaindituz gero, emisioei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen zenbatespena.

– Hartutako neurri zuzentzaileak.

– Anomalia berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketa gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen oreka modu larrian kaltetu badezake, titularrak berehala etengo du isurketa hori eta, horrez gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta Babes Zibilean zein ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS DEIAK (112) Larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

k) Larrialdi-egoeretan, babes zibilari buruzko araudian ezarritakoa bete beharko da, eta araudi horretan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira.

H) Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak, edo barneratzen diren sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hori egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahalko dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Era berean, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu egin daitezke jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

l) Urtean behin, otsailaren azken eguna baino lehenago, Berango 2004 Servicios Logisticos SLk aurreko urtean atmosferara egindako igorpenei eta uretara egindako emisioei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko 508/2007 Errege Dekretuarekin bat etorriz.

Informazio hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz bidaliko da.

Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenean Eragina duten Jardueren Erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, datuak Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko, E-PRTR-Europa erregistrora, alegia.

Ingurumen-adierazpena agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, une oro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

J) Instalazioetan aldaketak egin ahal izateko, aldez aurretik honako helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da:

http://www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_autorizacion/p_autho_20183895085814/procedures/proc_20183895329689/eu_def/adjuntos/Formulario_modificaciones.doc

Organo honen onespena ere beharko da, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak 10. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

Industriako Emisioen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak ezartzen ditu.

Nolanahi ere, aipatutako 815/2013 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, aplikatzekoa izango da Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatua.

Baldin eta aldaketan aurreikusten bada lurzoru berria okupatzea, eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen adierazpena eduki beharko da, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

K) Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 31. artikuluari jarraituz –testu bategina abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen–, eta aipatutako legearen 32. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.

Hirugarrena.– Berango 2004 Servicios Logisticos SLk ustiatutako instalazioari 16-I-01-000000000398 erregistro-kodea esleitzea. Haren helbidea: Arañaburu kalea 7, Lanbarren industrialdea, Oiartzun; kokapena honetan: UTM (ETRS89) 30T, X: 592.901, Y: 4.797.001, Z: 90 m.

Laugarrena.– Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena ofizioz egingo da kasu hauetan:

a) Instalazioak sortutako kutsadura dela-eta, finkatutako emisioen muga-balioak berrikustea edo beste batzuk ezartzea komeni bada.

b) Emisioak nabarmen murriztu badaitezke gehiegizko kosturik izan gabe, erabil daitezkeen teknikarik onenetan izandako aldaketa handien ondorioz.

c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela eta beste teknika batzuk erabili behar badira.

d) Arroko erakundeak, urei buruzko legedian xedatutakoaren arabera, uste badu ingurumen-baimen integratua berrikustea edo aldatzea justifikatzen duten inguruabarrak daudela, Estatuko Administrazio Orokorrak kudeaturiko arroetako jabari publiko hidraulikora egindako isuriei dagokienez. Kasu horretan, arroko erakundeak, txosten lotesle baten bidez, organo eskudunera joko du ingurumen-baimen integratua eman dezan, gehienez ere hogei eguneko epean berrikuste-prozesua hasteko.

e) Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legediak hala eskatzen badu, edo Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 22.3 artikuluari jarraikiz, ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa bada.

f) Aplikatu beharreko araudi berri bat indarrean jartzen bada.

g) Ingurunearen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza garrantzitsu berrietara egokitzeko beharra ikusten bada; bereziki, inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela hautematen bada.

h) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharren arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako babes-, zuzenketa- edo konpentsazio-neurriak akastunak direla egiaztatzen bada.

i) Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluaren 1., 2. eta 3. zenbakietan ezarritakoarekin bat etorriz egindako azterketa eginda, aldatu egin behar dela ondorioztatzen bada.

Ingurumen-baimen integratua berrikusteak ez dakar kalte-ordaina jasotzeko eskubidea, hala ezarrita baitago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26.5 artikuluan.

Bosgarrena.– Ingurumenaren finantza-bermea.

Fundial SL 3. lehentasun-mailako operadore gisa dago sailkatuta ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren arabera. Agindu horren bidez ezartzen da, hain zuzen ere, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen azken xedapenetako laugarrenean aurreikusten diren eta APM/1040/2017 Aginduak aldatzen duen ministerio-aginduak onartzeko lehentasun-ordena eta egutegia.

Urriaren 10eko TEC/1023/2019 Aginduak ezartzen du Ingurumen Erantzukizunaren urriaren 23ko 26/2007 Legearen III. eranskinean jasotako jardueretan –ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren bidez 3. lehentasun-mailakotzat sailkatutakoetan– nahitaezko finantza-bermea eratzea noiztik eska daitekeen.

Hori dela eta, honako hauek aurkeztu beharko ditu, 2021eko urriaren 16a baino lehen, ingurumen-organo honetan: erantzukizunpeko adierazpena, ingurumen-arriskuen azterketa eta, hala badagokio, nahitaezkoa zaion finantza-bermea edo ingurumen-erantzukizunari buruzko Legearen 28.b) artikuluan adierazitako nahitaezko finantza-bermea eratzeko salbuespenetako bat dela justifikatzen duen dokumentazioa.

Seigarrena.– Berango 2004 Servicios Logisticos SLri eskatzea honako alderdi hauei erantzun diezaiela, jarraian zehaztutako epeetan:

Instalazioaren eraikuntza amaitu eta jarduera abiarazi aurretik:

– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko jarduera noiz hasiko den eta ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituela.

– «As built» proiektua.

– Obra-amaierako ziurtagiria, eskumena duen teknikariak emana.

– Erantzukizun zibileko asegurua eta abala, Bigarren A eta B apartatuan ezartzen denarekin bat etorriz.

Instalazioak ezarri eta ondorengo hiru hilabeteetan:

– Sortutako hondakin arriskugabeak eta arriskutsuak tratatzeko kontratuak (E.2.4).

Jarduera erabat edo hein batean hasi eta sei hilabete baino lehen:

– Bigarren E.2.5 apartatuan eskatutako lurzoruen oinarrizko txostena.

– Bigarren E.2.2.5 apartatuan eskatutako usainaren plana.

– Kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko du, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, 2014ko abenduaren 18ko Batzordearen Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatzen baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta 1357/2014/EB Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

– 3. fokuaren hasierako neurketa.

– Zarata ebaluatzeko txostena, E.4 apartatuan eskatzen den moduan.

Zazpigarrena.– Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 5.d) artikuluan xedatutakoarekin bat, hondakinak kudeatzeko jarduerari dagokionez, zeina ebazpen honen xede baita, gerta litekeen titulartasun-aldaketa oro jakinarazi beharko dio Berango 2004 Servicios Logisticos SLk Ingurumen Sailburuordetzari, azken horrek onar dezan.

Zortzigarrena.– Baimen honek balioa galduko du honako hauek gertatzen direnean:

– Epean ez egiaztatzea ebazpen honen bosgarren apartatuan ezarritako baldintzak betetzen direla, non eta interesdunak ez duen behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen.

– Berango 2004 Servicios Logisticos SLren nortasun juridikoa azkentzea, indarrean dagoen araudian ezarritako kasuetan.

Bederatzigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Berango 2004 Servicios Logisticos SL enpresari, Oiartzungo Udalari, ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.

Hamargarrena.– Ingurumen-baimen integratu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Hamaikagarrena.– Ebazpen honek ez du agortzen administrazio-bidea; horrenbestez, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 31.

Ingurumeneko sailburuordea,

MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.


Azterketa dokumentala