Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

131. zk., 2020ko uztailaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2629

AGINDUA, 2020ko ekainaren 24koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena. Horren bidez, euskal kultura-ondarea OAI-PMH biltegien bitartez katalogatu, digitalizatu, kontserbatu eta hedatzeko dirulaguntzak emateko araubidea arautzen da, eta 2020ko ekitaldirako deialdia egiten da.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren helburu nagusietako bat euskal kultura-ondarea kontserbatzea eta hedatzea da. Helburu horiek artxiboetarako, liburutegietarako eta museoetarako erabili izan dira normalean. Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak pixkanaka sartu izanak funtsezko aldaketa ekarri du ikuspegi horretan. Nahiz eta erakunde horiek funtsezko zeregina izaten jarraitzen duten kontserbazioan, mundu digitalak erabateko eraldaketa ekarri du zabalkundearen eremuan, eta, txikiagoa bada ere, kontserbazioaren eremuan ere bai.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Lege berriak euskal kultura-ondarearen definizio irekia ematen du zioen azalpenean: «gure komunitatearen oinordetza kulturala osatzen duten adierazpen esanguratsu guztiak, errealitate material, higiezin edo higigarrien bidez eta errealitate ez-materialen bidez adierazten direnak». Definizio hori Lege horren 2. artikuluan zehazten da. Jarraian, legeak ondare digitalaren garrantzia aitortzen du, «objektu analogiko batetik abiatuta birtualizatua edo objektu digital gisa jaioa», eta azpimarratzen du interkonektatutako kultura-espazio digital berri bat agertu dela, non fitxategiak gordetzeko, datuak tratatzeko eta hedatzeko tresnak partekatzen diren, eduki kulturala eskuragarriago egiteko eta berrerabiltzeko aukera emanez, betiere jabetza intelektualeko eskubideekin eta datu pertsonalen babesarekin uztargarria bada».

Euskadiko artxibo, liburutegi eta museoek sartu-irten nabarmenak egin dituzte mundu digitalean, baita aitzindari gisa ere gure ingurune hurbilenean. Modu horretan, euskal kultura-ondarea gero eta eskuragarriagoa da edonorentzat, baldin eta ordenagailua, sarerako konexioa eta euskal espazioarekin eta kulturarekin lotutako gaien inguruko ezagutza edo interesa badu. Baina gero eta interkonektatuago dagoen eta gero eta datu gehiago sortzen dituen mundu honetan, ez da nahikoa informazioa digitalizatzea: eskuragarri jarri behar da eta ikusgai egin behar da. Horregatik, euskal kultura-ondarearen ezagutza unibertsalizatu nahi badugu, hainbat eremutan egin behar ditugu ekintzak. Horrela egiaztatzen du Euskadi 2020 Gobernu Programak, zeinak, besteak beste, 114. konpromisoa jasotzen baitu: «Euskal kulturaren espazio digitala sendotzea, kultura-ondarearen politika publikoak berrituz eta arreta herritarren irisgarritasunean eta parte-hartze aktiboan jarriz». Konpromiso hori 1. ekintzan («Euskadiko Kultura Ondarea Digitalizatzeko Plan Integrala definitzea eta abian jartzea») eta 2. ekintzan («Euskadiko Liburutegi Digital Nazionala definitzea eta abian jartzea») zehazten da. Bestalde, 60. konpromisoak administrazio publiko hurbilagoa sustatzen du, efizientzian eta berrikuntzan oinarritua (plataforma digital partekatuekin eta datu digitalen aprobetxamenduarekin), eta 97. konpromisoak irakaskuntzaren modernizazio teknologikoa eta baliabide digitalak gehiago eta hobeto aprobetxatzea sustatzen du.

Konpromiso horietatik abiatuta, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila hainbat ekimen garatzen ari da hainbat norabidetan. Alde batetik, plataforma informatiko bat garatzen ari da, euskal ondare digitala bildu, babestu eta hedatzeko, erreferentziazko sargune batetik. Bestetik, bere funtsak digitalizatzen ari da. Zeregin horiek, ordea, ezin dira ekintza indibidualak izan. Ondare horren ezagutzaren unibertsalizazioak proiektu kolektibo integrala izan behar du, eta bertan euskal kulturaren eremuan inplikatuta dauden erakunde publiko eta pribatu gehienek hartu behar dute parte, elkarrekikotasunaren eta agente bakoitzaren idiosinkrasiarekiko eta erantzukizunekiko errespetuaren ikuspegitik. Ikuspegi horrek, era berean, herritarren inplikazio handiagoa eta euskal kulturaren dinamizazioa ahalbidetu behar ditu, IKTen potentzialtasuna eta gizarte digital baten usadioak eta ohiturak aprobetxatuz.

Beharrezkoa da, gainera, ahalegin hori esparru horretako nazioarteko ekimenekin lotuta egotea, eta, zehazkiago, Europeana-rekin, hau da, kultura-ondare digitalizatuaren Europako atariarekin. 2019an, Eusko Jaurlaritzak Adostasun Txostena sinatu zuen Europeana Fundazioarekin, bere web orrian euskara erabiltzeko. Akordio hori luzatu egin daiteke, lankidetza-arlo posibleak identifikatzen badira. Lankidetza horrek eskatzen du digitalizazio-prozesuak Europeanak ezarritako eredu estandarizatuen arabera gauzatzea. Eredu horiek objektu digitalen elkarreragingarritasuna, ikusgarritasuna, benetakotasuna eta babesa bermatzen dituzte. Biltegiak eta, zehatzago esateko, OAI-PMH (The Open Archives Initiative – Protocol for Metadata Harvesting) protokolora egokitutako biltegiak, informazio digitala gordetzeko eta mantentzeko erabiltzen diren artxibo zentralizatuak dira, eta euren helburua da elkarreragingarritasun-estandarrak garatzea eta sustatzea gaur egungo digitalizazio-proiektu nagusien artean. Hori lagungarria izango da Interneteko edukiak eraginkortasunez hedatzeko.

Bi lan-ildo horien konbinazioa dela-eta (digitalizazio masiboa eta nazioarteko estandarretara egokitzea), komenigarria eta beharrezkoa da Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak dirulaguntzen lerro berri bat sustatzea, euskal funts analogikoak baliabide digital estandarizatu bihurtzeko, ahalik eta ikusgarritasun handienarekin eta sarera konektatutako edozein puntutatik eskuratzeko moduan. Horiek prestatzeko, kontuan hartu da dirulaguntzen arloko hiru lege-arau nagusietan jasota dagoena: oinarrizko bitan (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, Dirulaguntzen erregelamendua onartzen duena), bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ere.

Dirulaguntzen lerro hau Sailaren 2020rako Dirulaguntzen Urteko Planean (DUP 2020-DCPL) (2020ko urtarrilaren 30eko Aginduaren bidez onartua) eta 2018-2020 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (DPE 2018-2020) sartuta dago. Aipatutako aginduak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren webgunean daude argitaratuta, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/plan-departamental/plan-estrategico-de-subvenciones-del-departamento-2018-2020/web01-s2hhk/es/

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta helburua.

1.– Agindu honen xedea da 2020ko ekitaldirako euskal kultura-ondarea OAI-PMH biltegien bidez katalogatzeko, digitalizatzeko, kontserbatzeko eta online hedatzeko dirulaguntzak emateko araubidea arautzea eta deialdia egitea.

2.– Deialdiaren helburua da objektu digitalak sortzea, dagozkien datu eta metadatuekin, Europeana Fundazioak edo antzeko erakundeek sortutako nazioarteko arau eta estandarrei jarraituz deskribapenak kodetzeko, eta objektu horiek OAI-PMH biltegi batean kargatu ahal izateko. Bltegi hori eskatzaileak normalean erabiltzen duena izan daiteke, eta, halakorik ez badu, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak izendatzen duena. Lehenengo kasuan, erakunde eskatzaileak gordailuaren URLa emango dio Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari. Bigarrenean, metadatuen fitxategiak dagokion biltegira esportatuko dira.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Agindu honetan ezarritako xedera, hirurehun eta berrogeita hamar mila (350.000) euro bideratuko dira. Horietatik berrehun eta hamar mila (210.000) euro 2020ko aurrekontuari dagozkio, eta ehun eta berrogei mila (140.000) euro 2021eko aurrekontu-konpromisoetarako dira.

Zenbateko osotik, gehienez ere, ehun mila (100.000) euro bideratuko dira bost mila (5.000) euroko aurrekontua gainditzen ez duten programetarako. Partida hori agortzen ez bada, gainerako dirua eskatutako aurrekontuko bost mila (5.000) eurotik gorako proiektuetarako erabiliko da, eta alderantziz.

3. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Pertsona nahiz erakunde onuradunak:

Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira euskal kultura-ondarea osatzen duten elementuen titular diren pertsona fisikoak eta erakunde publiko edo pribatuak, edozein dela ere haien egoitza geografikoa, soziala zein fiskala.

2.– Baldintzak:

a) Jarduteko behar besteko gaitasuna izatea, eta pertsona juridikoen kasuan, legez eratuta egotea eta dagozkien erregistro eta administrazio-zentsuetan inskribatuta egotea.

b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.

c) Dirulaguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean ez egotea, ez eta sexu-bazterkeriagatik zigortuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren arabera.

d) Zorduna ez izatea, dirulaguntzen itzulketa-ebazpen bat dela medio. Ildo horretan, dirulaguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak. Prozeduraren ondorioz laguntzak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz eta halakorik egingo ez balitz horretarako ezarritako borondatezko epearen barruan, indargabetu egingo da baldintzapean emandako laguntza, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik.

e) Dirulaguntza publikoen onuradun izateko debekurik eta egoerarik ez izatea, dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13.2 eta 13.3 artikuluetan aipatutakoaren arabera.

4. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen programen betekizunak.

1.– Programa hauek lagundu ahal izango dira diruz:

Dirulaguntza jaso ahal izango dute euskal kultura-ondarea osatzen duten kultura-ondasunak katalogatzea, digitalizatzea, edo digitalizatzea eta katalogatzea helburu duten programek. Hain zuzen ere, ondasun horien artean sartzen dira, besteak beste, argazkiak, grabatuak, marrazkiak, ikus-entzunezko materialak, mapak, planoak, kartelak, prentsa, dokumentu-funtsak eta bibliografiak, honako baldintza hauen arabera:

a) Katalogazioa: ondasunak digitalizatuta daudenean, baina agindu hau argitaratzen den egunean erregistro katalografikorik ez dutenean. Digitalizazioak agindu honen I. eranskinean ezarritako baldintza teknikoak bete beharko ditu.

b) Digitalizazioa: agindu hau argitaratzen den egunean ondasunak digitalizatuta egon ez arren, erregistro katalografikoa duten kasuetan.

c) Katalogazioa eta digitalizazioa: agindu hau argitaratzen den egunean, ondasunek ez dutenean erregistro katalografikorik eta ez daudenean digitalizatuta.

2.– Aurkeztutako programak aipatutako hiru kasuetako batera mugatu beharko dira: a), b) edo c). Ondasunak bi kasu desberdinetan koka badaitezke, bi programa aurkeztu beharko dira.

3.– Ondasun digitalizagarriek eta jada digitalizatutakoek jabari publikoan egon behar dute, edo, hala badagokio, laguntzak eskatzen dituzten pertsonek edo erakundeek horien gaineko ustiapen-eskubideak izan behar dituzte, Jabetza Intelektualari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuaren arabera, arlo horretan indarrean dauden legezko xedapenak erregularizatuz, argituz eta harmonizatuz.

4.– Programek babes-artxibo digitala eta zabalkunderako kopia digitala sortzeko aukera izan beharko dute.

5.– Emaitza, gerora, «Euskariana» eta «Europeana» (Europako Kultura Ondarera linean sartzeko ataria) biltzaileetan gehitu ahal izango da.

6.– Aurkeztutako programak agindu honen I. eranskinean jasotako baldintza teknikoen mende egongo dira.

7.– Dirulaguntzaren xede diren programak 2020an hasi eta 2021eko ekainaren 30a baino lehen amaitu beharko dira.

8.– Programek ez dute inolaz ere mila (1.000) eurotik beherako aurrekonturik izango eskatuta.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Eskatzaile bakoitzak bi programa aurkeztu ahal izango ditu soilik. Pertsona edo erakunde batek bi programa baino gehiago aurkezten baditu, hamar egun balioduneko epean adierazi beharko du zein bi programa nahi duen baloratua izatea, eta, hala egin ezean, jakinaraziko zaio programa guztiak baztertuko zaizkiola.

3.– Pertsona fisikoek aurrez aurrez zein bide elektronikoa erabiliz aurkez ditzakete eskabideak:

– Aurrez aurre: eskabideak Kulturako sailburuordeari bidali beharko zaizkio eta toki hauetan aurkeztu ahal izango dira: Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan, hau da, apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa) adierazitako edozein erregistrotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako tokietan, eskabide normalizatuaren bitartez, zeina osorik eta behar bezala bete beharko baita. Eskabide-eredua eskuragarri egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eta Administrazio Publikoen erregistro-gaietako arretarako bulegoetan.

– Bitarteko elektronikoz: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskabideak, artikulu honetako 6. apartatuan adierazitako helbideen bitartez. Eskabideak zein Administraziotara bideratzen dituzten, haren erregistro elektronikoan aurkeztu ahal izango dituzte eskatzaileek eskabideak eta justifikazioak, baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluko erregistro elektronikoetan ere.

Eskabidea eta dokumentuak aurrez aurre aurkezteak edo bide elektronikoa erabiltzeak ez du esan nahi nahitaez baliabide horiek erabili behar direnik prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke eta.

4.– Pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bitartez aurkeztu beharko dituzte eskabideak, artikulu honetako 6. apartatuan adierazitako helbide elektronikora sartuta.

5.– Elektronikoki izapidetu ahal izango da ordezkari baten bidez, eta, horretarako, aipatutako ordezkaritza Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan inskribatu beharko da, helbide honen bitartez: https://euskadi.eus/ordezkariak

6.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko honetan eskura daitezke:

https://euskadi.eus/zerbitzuak/1106001

7.– Eskaera egin osteko izapide elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bidez egingo dira.

8.– Identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutakoak, helbide honetan daude eskuragarri: https://euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

9.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea, atxikitako egiaztagiriekin batera. Era berean, eskaeratik eratorritako jarduketetan, eta prozedura guztian zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoa betez.

10.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

6. artikulua.– Betekizunak egiaztatzeko modua.

1.– Betekizunak egiaztatzeko, eskabide-orriko eta berarekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla adierazi beharko da, bai eta betetzen dituela ere agindu honetan erregulatutako laguntzak jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

2.– Onuradun izateko betekizunak egiaztatzeko modua:

1) Deialdi honetako 3.2.a eta 3.2.b artikuluetan jasotako betekizunak egiaztatzeko modua:

a) Pertsona juridiko pribatuen kasuan:

1) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Erregistroan inskribatuta badaude, ofizioz egiaztatuko dira erakundearen legezko osaera eta erakundearen ordezkaria, bai eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela ere.

2) EAEko Administrazio Orokorraz kanpoko erregistro batean inskribatuta badaude, erakundearen legezko osaera egiaztatu beharko da, bai eta erakundearen ordezkariak behar adina ordezkaritza-ahalmen duela ere. Gainerako alderdiak 6.2.a.1 artikuluan xedatutakoaren mende egongo dira.

b) Pertsona fisikoen kasuan:

1) Agindu honetan erregulatutako laguntzak kudeatzeko ardura duen Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu NANeko datuak, non eta prozeduran espresuki kontra egiten ez den. Kasu horretan, eskatzailearen NANaren fotokopia aurkeztu beharko da nahitaez.

2) Dirulaguntzak eskatu dituzten pertsonen kasuan, deialdi hau kudeatzen duen Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko du haiek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, eta horretarako ez du haien aldez aurreko baimenik eskuratu beharko, prozeduran ez badio berariaz aurka egiten egiaztapen horri. Kasu horretan, eskatzaileak Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren administrazio-instantziek emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

2) Eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da katalogatu eta/edo digitalizatu beharreko ondasunak pertsona/erakunde eskatzailearenak direla, eta, hala badagokio, hori egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztuko da.

3) Eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira onuradun izaera lortzeko gainerako betekizunak.

3.– Dirulaguntza jaso dezaketen programen betekizunak egiaztatzeko modua:

Eskaera-orrian jasotako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko da digitalizatuko diren materialak edo jada digitalizatuta dauden materialak jabari publikoan daudela edo, hala badagokio, pertsona edo erakunde eskatzaileek horien gaineko beharrezko ustiapen-eskubideak dituztela, eta, hala badagokio, hori egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztuko da.

7. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Nahitaez aurkeztu behar dira honako agiri hauek:

a) Eskabidea: 6. artikuluan aipatzen diren erantzukizunpeko adierazpenak jasoko ditu eskabide horrek, onuradun izateko betekizunak eta diruz lagundu daitezkeen programetako betekizunak egiaztatzeko. Era berean, eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena ere jasoko du eskabideak. Eskabide-inprimakian erantzukizunpeko adierazpen bidez jasoko da, orobat, pertsona edo erakunde eskatzaileak BEZaren aitorpena egin behar duen edo zerga hori ken edo konpentsa dezakeen.

b) Diruz lagundu daitekeen proiektua, agindu honen II. eranskinean jasotako ereduaren arabera. Honako eduki hauek izango ditu:

– Proiektuaren memoria; Agindu honen 12. artikuluaren a), b), c), d), e) eta f) apartatuetan adierazitako irizpideei jarraikiz balioetsiko da.

– Proiektuaren aurrekontua, non diru-sarreren atalaren barruan adieraziko baita, hala badagokio, zer dirulaguntza edo laguntza gehiago eskatu diren eta zer egoeratan dauden, bai eta xede bererako lortu diren beste diru-sarrera nahiz baliabideak ere, edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutik datozela ere. Proiektuaren zenbateko osoa eta eskatutako laguntzaren zenbateko osoa bereiziko dira.

– Adierazi beharko da helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik.

8. artikulua.– Jabetza intelektuala.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak dirulaguntza jaso duten eta biltegi propiorik ez duten erakunde edo pertsonek digitalizatutako baliabideen kopia bat jasoko du, eta kopia horretarako erreprodukzio eta komunikazio publikorako eskubideak lagatzat joko dira.

2.– Europako Batzordearen gomendioei jarraituz, jabari publikoan dauden materialak jabari publikoan mantenduko dira digitalizatu ondoren.

3.– Jabari publikoan ez dauden materialen objektu digitalizatuak Europeanak aurreikusitako eskubide-adierazpen baliagarri baten pean lizentziatuko dira (https://pro.europeana.eu/page/available-rights-statements), sarbide librearekin eta berrerabiltzeko aukerarekin.

4.– Nolanahi ere, objektu digital bakoitzari esleitzen zaion lizentzia-mota objektu horren metadatuetan jaso beharko da.

5.– Diruz lagundutako pertsonak edo erakundeak bere gain hartuko du lizentzien esleipen oker edo desegoki baten ondoriozko erantzukizun oro.

6.– Sortutako metadatuak lizentziatu egingo dira edo CC0 1.0 (Domeinu Publikoaren Lagapena) delakoaren pean lizentziatutzat joko dira, eta murrizketarik gabe berrerabili ahal izango dira, helburu komertzialekin ere bai, Europeanarekin (DEA, Data Exchange Agreement) datuak trukatzeko sinatutako akordioan zehazten den bezala (akordio hori 2019ko azaroaren 14an argitaratu zen).

9. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

Kultura Ondarearen Zuzendaritza arduratuko da deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeaz.

Informazio gehigarria eskuratzeko, jo ezazu Zuzendaritzaren web orrira (http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/kultura-ondarea/), euskadikoliburutegidigitala@euskadi.eus helbide elektronikora, edo 945 01 68 42 telefonora.

10. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.

Eskabidea izapidetara onartzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari huts-egitea konpontzeko edo aginduzko dokumentuak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, aurretiazko ebazpena eman delarik.

Agindu honi jarraikiz eskabidea bitarteko elektronikoz aurkeztu behar duen pertsona eskatzaileren batek eskabidea aurrez aurre aurkezten badu, bitarteko elektronikoz aurkeztuz hori zuzentzeko eskatuko zaio.

11. artikulua.– Eskabideen azterketa eta ebazpen-proposamena.

1.– Kalifikazio-batzorde batek egingo du aurkeztutako eskabideen eta horien onargarritasunaren aurretiazko azterketa. Batzorde berak ebaluatuko ditu, halaber, Agindu honetako hurrengo artikuluan ezarritako parametroei jarraikiz. Batzordea osatzerakoan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoa hartuko da kontuan. Batzorde horrek prestatuko du dagokion ebazpen-proposamena, eta Kulturako sailburuordeari igorriko dio.

2.– Kalifikazio Batzordeak kide hauek izango ditu:

– Kultura Ondarearen zuzendaria. Batzordeburua izango da.

– Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Euskadiko Liburutegiaren ardura duen zerbitzuburua.

– Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Euskadiko Liburutegiko teknikari bat, Kultura Sailburuordetzako titularrak izendatua.

– Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoko teknikari bat, Kultura Sailburuordetzako titularrak izendatua. Batzordeko idazkaria izango da, eta hitza izango du, baina botorik ez. Idazkariaren egitekoa izango da kide anitzeko organo horren jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaintzea, haren jarduketak ziurtatzea eta eraketarako nahiz erabakiak hartzeko prozedura eta arauak errespetatzen direla bermatzea.

3.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da kalifikazio-batzordearen osaera, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluan.

4.– Kalifikazio-batzordeak, egoki deritzonean, proiektuaren gai zehatz eta espezifikoan edo zeharkako gaietan (adibidez, genero-ikuspegian) aditu diren aholkularien laguntza eskatu ahal izango du.

5.– Kalifikazio-batzordea balio osoz eratzeko, beharrezkoa izango da, gutxienez, batzordeburua eta idazkaria egotea, bai eta, gutxienez, batzordekideen erdiak ere.

6.– Kalifikazio-batzordeko kideak abstenitu egingo dira, eta ezetsiak izan daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

7.– Laguntza-deialdia norgehiagoka-prozedura bidez ebatziko da. Horretarako, 12. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz lortutako puntuazioaren arabera antolatuko dira eskabideak, eta hurrenkera horretan banatuko dira dirulaguntzak, puntuaziorik handiena lortu duen eskabidetik hasita eta 2. artikuluan aurreikusitako aurrekontu-kreditua agortu arte. Era berean, eskatutako aurrekontua 5.000 eurotik gorakoa ez duten programen eta hori baino handiagoa dutenen arteko bereizketa egingo da. Halaber, gutxienez 40 puntu lortu dituzten programei bakarrik emango zaie laguntza.

8.– Proiektuen ebaluazio konparatua egin ondoren (12. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuta) eta zenbatekoak zehaztu ostean (13. artikuluan xedatutakoaren arabera), Kalifikazio Batzordeak ebazpen-proposamena helaraziko dio Kulturako sailburuordeari. Agiri horretan jasoko dira proposatutako esleipenak, eta bertan adierazi beharko dira: dirulaguntzen zenbatekoa (erakunde edo pertsona onuradunen arabera antolatua), finantzatutako jarduketa-programak, zer eskabide ezesten diren eta zergatik (erakunde edo pertsona onuradunen arabera antolatua), eta zer eskabide ez diren onartzen eta zergatik.

9.– Era berean, zerrenda bat ere sartuko da ebazpen-proposamenean. Zerrenda horretan jasoko dira, deialdian ezarritako gehieneko kreditua gainditu delako, onuradun izateko oinarrietan ezarritako baldintza administratibo eta teknikoak bete arren baietsiak izan ez diren eskabideak. Eta adieraziko da zenbat puntu eman zaizkion eskabide bakoitzari, deialdian aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera.

10.– Deialdiko oinarriak aplikatzean sortzen diren zalantza guztiak ebatziko ditu kalifikazio-batzordeak, eta oinarrietan aurreikusi gabeko kasuetarako irizpideak ezarriko ditu.

12. artikulua.– Eskabideak balioesteko irizpideak.

Dirulaguntzen ebazpen-proposamena prestatzeko eta laguntzon zenbatekoa ezartzeko, Kalifikazio Batzordeak eskabideen bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa balioetsiko du, jarraian adierazten diren irizpideen eta horien haztapenaren arabera. Balioespenean, gehienez ere 100 puntu esleituko dira.

a) Bildumaren interes publikoa (gehienez 40 puntu).

Puntuatzeko irizpideak:

– Gehienez 10 puntu: digitalizatzeko hautatu diren edo, hala badagokio, digitalizatuta dauden materialen erabilera-balioa, erakunde onuradunaren erabiltzaileentzat.

– Gehienez 20 puntu: material grafikoen nagusitasuna: argazkiak, grabatuak, marrazkiak, kartelak, planoak, mapak.

– Gehienez 10 puntu: objektu digitalak lizentziatzea Europeanak aurreikusitako eskubide-adierazpen baliagarri baten pean (https://pro.Europeana.eu/page/available-rights-statements), berrerabiltzeko aukerarekin: Public Domain Mark (PDM), Creative Commons CC0 1.0 Universal Public Domain Dedication (CC0), Creative Commons Attribution License (CC by) edo Creative Commons Attribution, ShareAlike License (CC by-sa).

b) Aurkeztutako programaren koherentzia (gehienez 20 puntu).

Puntuatzeko irizpideak:

– Gehienez 10 puntu, agente indibidual edo kolektibo baten ekoizpenaren multzo esanguratsu bat edo ekoizpen osoa hartzen duten urteko digitalizazio-programentzat.

– Gehienez 10 puntu, epe luzera digitalizazioa aurreikusten duten programentzat (hainbat urtetarako lan-faseak hartzen dituztenak, gastuaren estimazio zehatza...), baldin eta agente indibidual edo kolektibo baten ekoizpenaren multzo esanguratsua edo osoa hartzen badute.

c) Objektu digitalen kopurua (gehienez 10 puntu).

Puntuatzeko irizpideak:

– 100 objektu digitaleko lote bakoitza, puntu bat.

d) Digitalizazioaren eta/edo katalogazioaren kostu unitarioa (gehienez 10 puntu).

Puntuatzeko irizpideak:

– Atal honi dagokion puntuazioa ezartzeko, bereizita aztertuko dira 4.1 artikuluan jasotako kasuetako bakoitzera zuzendutako programak: katalogazioa, digitalizazioa, edo katalogazioa eta digitalizazioa.

– Katalogaziora zuzendutako programek prezio unitario bat aurkeztu beharko dute katalogatutako erregistro bakoitzeko.

– Digitalizaziora zuzendutako programek prezio unitarioa aurkeztu beharko dute digitalizatuko den dokumentu-mota bakoitzeko, I. taulan ezarritako dokumentu-moten kategorien arabera.

– Katalogaziora eta digitalizaziora zuzendutako programek prezio unitario bat aurkeztu beharko dute katalogatutako erregistro bakoitzeko, eta prezio unitario bat digitalizatu nahi den dokumentu-mota bakoitzeko, I. taulan ezarritako dokumentu-moten kategorien arabera. Hiru kasuetan, lotutako metadatuak sortzeari dagokion prezioa barne hartu beharko da.

– Prezio unitarioak programen aurrekontu osoa kontuan hartuta kalkulatu behar dira, ez eskatutako aurrekontua kontuan hartuta.

– Testu-edukia duten dokumentuen digitalizazioak (monografiak, eskuizkribuak, argitalpen seriatuak) OCR (Optical Character Recognition) prozesamendua izango du.

– Prezio unitarioak ondoren adierazitako gehieneko prezioak baino txikiagoak edo berdinak izango dira. Adierazitakoa baino prezio unitario handiagoa bada, 0 puntu lortuko dira.

– Katalogatutako erregistro bakoitzeko prezio unitarioa 9,6 eurokoa izango da, gehienez.

– Orrialde/irudi/minutu bakoitzeko gehieneko prezio unitarioa, dokumentu-motaren arabera, honako taula honetan jasotzen da (I. taula).

(Ikus .PDF)

– Puntuazioa kalkulatzeko, formula hauek erabiliko dira:

Katalogazioa:

Pc = 10 x (%S / %M)

non:

PC: puntuazioa

%S: balorazioaren xede den eskaeraren bajaren portzentajea, katalogatutako erregistro bakoitzeko ezarritako gehieneko prezio unitarioarekiko.

%M: aurkeztutako eskabideen artetik, baja handienaren portzentajea, katalogatutako erregistro bakoitzeko ezarritako gehieneko prezio unitarioarekiko.

Digitalizazioa:

Proiektuak dokumentu-mota bakarra digitalizatzea planteatzen badu, formula hau aplikatuko da:

Pd = 10 x (%S / %M)

non:

Pd: puntuazioa

%S: balorazioaren xede den eskaeraren bajaren portzentajea, dagokion dokumentu-motarako ezarritako gehieneko prezio unitarioarekiko.

%M: aurkeztutako eskabideen artetik, baja handienaren portzentajea, balioetsi beharreko eskabidearen dokumentu-motarako ezarritako gehieneko prezio unitarioarekiko.

Proiektuak hainbat dokumentu-mota digitalizatzea planteatzen badu, puntuazioa dokumentu-mota bakoitzean digitalizatutako orrialde/irudi/minutu kopuruaren arabera haztatzearen emaitza izango da, eta honako formula hau aplikatuko da:

(Ikus .PDF)

non:

Pd: puntuazioa

ni: i dokumentu-motaren orrialde/irudi/minutu kopurua.

Pi: i dokumentu-motak lortutako puntuazioa, dokumentu-mota bakarra digitalizatzeko kasuetarako ezarritako formula aplikatuta.

nT: digitalizatutako orrialde/irudi/minutu kopuru osoa.

Katalogazioa eta digitalizazioa:

Katalogazioari dagokion puntuazioa (Pc) kalkulatzeko, soilik katalogaziora bideratutako programetarako aurreikusitako formula erabiliko da, eta digitalizazioari dagokion puntuazioa (Pd) kalkulatzeko formula, berriz, soilik digitalizaziora bideratutako programetarako aurreikusitakoen artean dagokiona izango da. Azken puntuazioa (Pcd) bi puntuazio partzial horien batezbestekoa izango da:

Pcd = (Pc + Pd) / 2

e) Eskatzaileak proiektua finantzatzeko egiten duen ekarpen ekonomikoaren portzentajea, % 15etik gorakoa (gehienez 10 puntu).

Puntuatzeko irizpideak:

– Puntu bat, eskatzailearen ekarpen ekonomikoaren % 1 bakoitzeko.

f) Programan genero-berdintasuna eta emakumearen ikusgarritasuna sustatzen duten elementuak sartzea (gehienez 10 puntu).

Puntuatzeko irizpideak:

– Proiektuak kontuan hartzen du emakumeei eragiten dien desberdintasun soziala, eta ikuspegi estereotipatuak ezabatu eta genero-rolak hautsi nahi dituen eduki teknikoa aurkezten du (gehienez 5 puntu).

– Aurreko atalean adierazitako puntuez gain, digitalizatu beharreko materialean emakumeen presentzia bistaratzen duten elementuak egotea (gehienez 5 puntu).

Berdinketa bada, a) irizpidean puntuazio handiena duen eskabideari emango zaio lehentasuna.

13. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta muga.

1.– Programa bakoitzak, gehienez, dirulaguntza jaso dezakeen aurrekontu osoaren dirulaguntza jasoko du, zergak kenduta.

2.– Programa bakoitzeko dirulaguntza ezingo da, inondik inora, 15.000 (hamabost mila) eurotik gorakoa izan.

3.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak hautatutako objektuak digitalizatzearekin eta/edo katalogatzearekin lotutakoak izango dira, indarrean dagoen araudian ezarritakoaren arabera. Aurrekontuan ezingo dira sartu azpiegitura-kostuak, ez eta zeharkako beste kostu batzuk ere. Azken alderdi hori kontuan hartu beharko da, II. eranskinean («Diruz lagundu daitekeen proiektua») aurrekontuari buruzko epigrafea betetzerakoan.

4.– Diruz lagundu daitekeen jardueraren zenbateko osoak, ekarpen guztiak kontuan hartuta, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean ezarritako zenbatekoak gainditzen baditu, pertsona edo erakunde onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, zerbitzuaren prestazioa emateko konpromisoa hartu aurretik. Aurkeztutako eskaintzen arteko hautaketa (eskaintza horiek justifikazioan aurkeztuko dira), efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraikiz egingo da, eta memoria batean berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomikoki abantailatsuena hautatzen ez denean.

5.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan oinarrituta, diruz lagundutako jardueren % 100 azpikontratatu ahal izango da berdintasunaren arloan indarrean dagoen araudia betetzen duten erakundeekin eta enpresekin.

6.– Beti aplikatu ahal izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamenduaren 83. artikulua.

14. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribaturen batek helburu bererako emandako dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

15. artikulua.– Prozedura ebaztea.

1.– Kulturako sailburuordeak ebatziko du prozedura, Kalifikazio Batzordeak helarazitako proposamena ikusi ondoren, eta banan-bana jakinaraziko zaie pertsona edo erakunde interesdunei, hiru hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita.

2.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Horrez gain, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.6 artikuluaren arabera, abisu bat bidaliko da interesdunak adierazitako gailu elektronikora edo helbide elektronikora, eta jakinaraziko zaio jakinarazpen bat ikusgai duela «Nire karpeta» aplikazioaren bitartez, EAEko administrazio nagusiaren egoitza elektronikoan (https://euskadi.eus/nirekarpeta). Abisu hori ez emanagatik ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da. Jakinarazpena bide batetik baino gehiagotatik egiten denez, lehenik egin zaionarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.

3.– Artikulu honen lehenengo paragrafoan adierazitako epean ez bada ebazpenik jakinarazi, pertsona edo erakunde interesdunek uler dezakete beren eskaerak ezetsi egin direla, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.– Ebazpenak honako hauek jasoko ditu: dirulaguntza jasoko duten pertsona edo erakunde onuradunen zerrenda, onartu ez diren eskabideen zerrenda (ez onartzeko arrazoiak adierazita), eta ezetsitako eskabideen zerrenda. Era berean, zerrenda bat ere sartuko da ebazpenean. Zerrenda horretan jasoko dira, deialdian ezarritako gehieneko kreditua gainditu delako, onuradun izateko oinarrietan ezarritako baldintza administratibo eta teknikoak bete arren baietsiak izan ez diren eskabide guztiena. Eta adieraziko da zein puntuazio eman zaion eskabide horietako bakoitzari, agindu honen 12. artikuluan aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera. Pertsona edo erakunde onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio, dirulaguntza ematen duen organoak erabakiko du –Kalifikazio Batzordea berriz deitu beharrik gabe– zerrendan –puntuazioaren arabera– hurrena dagoen pertsona edo erakunde eskatzaileari ematea dirulaguntza, baldin eta hark onartzen badu. Erakundeari eman beharreko laguntza ez da inola ere izango uko egindako dirulaguntzaren zenbatekoa baino handiagoa. Dirulaguntza ematen duen organoak aukera horren berri emango die pertsona edo erakunde interesdunei, dirulaguntzen proposamena jaso dezaten, 10 eguneko epe luzaezinean. Behin pertsona edo erakunde eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartuta, administrazio-organoak dirulaguntza emateko egintza gauzatuko du.

5.– Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, berorren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

16. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak.

Pertsona edo erakunde onuradunek betebehar hauek dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean ez badiote dirulaguntzari espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da. Hala ere, agindu honen 15.4 artikuluan adierazten den moduan, pertsona edo erakunde onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio, eta dirulaguntza eman duen organoak erabakitzen badu puntuazioaren arabera dirulaguntza hurrengo pertsona edo erakunde eskatzaileari ematea, berariaz onartu beharko da dirulaguntza.

b) Agindutako helburu zehatzerako erabiltzea dirulaguntza.

c) Jarduera egitea, edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

d) Laguntza eman duen erakundeari justifikatzea eman izana eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera burutu dela.

e) Hala badagokio, aurkeztutako proiektuan hitzemandako finantzaketa propioaren portzentajea ematea.

f) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten dokumentuak gordetzea, baita formatu elektronikoan daudenak ere.

g) Laguntza eman duen erakundeak egiten dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egiten duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratzen diren laguntzei edo dirulaguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egotea.

h) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea dirulaguntza eman duen erakundeari.

i) Beste erakunde publiko zein pribatu batzuei xede berarekin dirulaguntzarik eskatu bazaie eta, agindu honetan arautzen diren dirulaguntzetarako eskabidea egiteko unean, erabakitzeke bazeuden edo haien egoeraren berririk ez bazen, laguntza horien egoera zein den adieraztea.

j) Aurkeztutako egitasmoan esleipena egiterakoan kontuan izandako gorabehera objektibo edo subjektiboen artean aldaketarik egonez gero, horren berri ematea laguntza ematen duen entitateari. Aldaketa hori Kulturako sailburuordeak baimendu beharko du.

k) Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak emandako babesa beren-beregi adieraztea dirulaguntza honen ondorioz egiten diren jarduera eta agiri guztietan, bai eta horien publizitatean ere.

l) Edozein formatutako argitalpenak, horien iragarkiak eta dirulaguntzaren bitartez gauzatzen diren jardueren iragarkiak Euskal Autonomia Erkidegoan ofizialak diren bi hizkuntzetan egon beharko dira. Euskaltzaindiaren arauak eta gomendioak hartu beharko dira kontuan, hizkuntza-kalitatea bermatzeko.

m) Hizkera ez-sexista erabiltzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatzea.

n) Emandako laguntzarekin sortutako baliabide digitaletarako sarbidea ematea, librea, doakoa, baliabide osora eta webgunearen bitartez.

ñ) Jabari publikoan ez dauden materialen objektu digitalizatuak Europeanak aurreikusitako eskubide-adierazpen baliagarri baten pean lizentziatzea, sarbide librearekin eta berrerabiltzeko aukerarekin.

o) CC0 1.0 lizentziarekin (Domeinu Publikoaren Lagapena) sortutako metadatuak lizentziatzea.

p) Proiektua amaitu ondoren, metadatuak prest izatea, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak edo OAI-PMH edozein biltegik bildu ahal izan ditzan.

q) Metadatuak hizkuntza-irizpide hauen arabera izendatzea:

– Informazio-tresna hitz idatzia, ahozkoa edo abestua bada, ISBDn eta Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuaren «Katalogatzeko prozedura orokorrak» dokumentuan (https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/eips_dokumentazioa/es_def/adjuntos/2015-Prozedurak_spa.pdf) katalogazio-hizkuntzari buruz ezarritakoa beteko da.

– Gainerako kasuetan (material grafikoa, argazkiak...), katalogazioa euskaraz egingo da. (Lanak izenbururen bat badu, jatorrizko hizkuntzan transkribatuko da).

– Nolanahi ere, gaiak Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan jaso beharko dira beti.

r) Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta dirulaguntza-arloan aplikatzeko diren gainerako lege-xedapenak, zehatz esanda, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotakoak.

17. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Emandako dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira:

a) Lehen ordainketa, dirulaguntzaren guztizkoaren % 60koa, dirulaguntza esleitzen den unean.

b) Bigarren ordainketa, % 40koa, dirulaguntza justifikatu ondoren ordainduko da, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera.

2.– Ordainketa egin ahal izateko, ezinbestekoa izango da Ogasun eta Ekonomia Sailaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egotea. Pertsona edo erakunde onuraduna ez badago alta emanda, edo, egonik ere, inskribatutako datuak aldatu badira, Erregistro horretan alta emateko eskabidearen eredua bete eta erantsi beharko du. Eredu hori URL honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/hirugarrena

Eredu hori erregistroari buruzko gaietan laguntzeko bulegoetan ere eskura dezakete pertsona fisikoek.

3.– Dirulaguntzaren ordainketa ezingo da egin baldin eta pertsona edo erakunde onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, dirulaguntzen itzulketa-ebazpen bat dela medio, zorduna bada.

18. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Justifikazioek bat etorri beharko dute Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoarekin, eta bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dira helbide honetan: https://euskadi.eus/zerbitzuak/1106001

2.– Justifikazioak (aurrez aurrekoak nahiz bide elektronikoz egindakoak) izapidetzeko modua zein den jakiteko zehaztapenak eskuragarri daude euskadi.eus-en egoitza elektronikoan, agindu honen 5.6 artikuluan zehaztutako helbidean.

3.– Horrez gain, justifikazioak bat etorriko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritako justifikazio-kontuarekin eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartutako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamenduaren 72. eta 73. artikuluekin.

4.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen erakunde onuradunek 2021eko irailaren 15a baino lehenago aurkeztu beharko dituzte justifikazioak, eta honako dokumentazio hau ere aurkeztu beharko dute:

a) Diruz lagundutako programaren xedea bete dela justifikatzeko memoria, agindu honen III. eranskinaren arabera egina.

b) Justifikaziorako memoria ekonomikoa, agindu honen IV. eranskinaren araberakoa, honako hauek jasoko dituena:

– Jardueraren diru-sarreren eta gastuen balantze orokorra. Beste dirulaguntza edo diru-sarrerarik jaso ez badute, dagokion erantzukizunpeko adierazpena egingo dute justifikazioa aurkezteko inprimakian.

– Egindako gastuen zerrenda sailkatua, hartzekodunaren identifikazioa eta faktura-zenbakia, zenbatekoa (hala badagokio, zerga-oinarria eta BEZa banakatuta), jaulkipen-data eta ordainketa-data.

– Gastuen egiaztapena. Horretarako, jatorrizko fakturak, horien fotokopia autentifikatuak eta egiaztapen-balioa duten gainerako dokumentuak erakutsi beharko dira.

– Eskabidea aurkeztu zuten unean onuradunek eskatutako eta geroago jasotako xede bereko beste edozein dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide jasoko duen zerrenda.

c) Hala badagokio, pertsona edo erakunde onuradunak, agindu honen 13. artikulua aplikatuz, eskatu behar zituen hiru aurrekontuen kopia, eta, proposamen ekonomikorik onena aukeratu ez denean, aukeraketa hori berariaz justifikatzen duen memoria.

d) Biltegi propiorik ez duten eskatzaileen kasuan, USB disko gogorra, kontserbaziorako artxibo digitalarekin eta sortutako baliabide digitalen kopia digitalarekin (zabalkunderako kopia). Diskoan baliabide digital horiei dagozkien METS erregistroak ere sartuko dira, Euskarianan kargatu ahal izateko, hala badagokio. Diskoak jatorria identifikatzeko eta edukia deskribatzeko behar diren datuak izango ditu: izenburua, edukia eta sortze-data.

19. artikulua.– Dirulaguntzaren likidazioa.

Dirulaguntza ematean kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere dirulaguntzaren xedea bete bada–, eta arau honetan laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira edo beste erakunde publiko zein pribatuetatik beste laguntzaren, dirulaguntzaren, diru-sarreraren edo baliabideren bat jaso bada, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da.

Horretarako, jakinarazpena eman eta gero eta alegazioak aurkezteko epea bukatu ondoren, Kulturako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, eta ebazpen horretan, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doituko dira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako dirulaguntzen berme eta itzulketetarako araubidea ezartzen duena, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta obligazioak ezartzen dituena).

20. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ez-betetzeak izango dira honako hauek:

a) Jasotako laguntzak, osorik zein zatika, agindu honetan aurreikusitako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Dirulaguntzen arloan aplikatu daitekeen beste xedapen batek orokorrean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea; batik bat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatutakoak.

2.– Baldintza horietako bat egiaztatzen bada, jaso diren kopuruak eta sortu diren berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio EAEko Diruzaintza Nagusiari, honako bi dekretu hauek aurretiaz betez: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, EAEko aurrekontu orokorren kontura diren dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituena, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua.

3.– Nolanahi ere, erakunde onuradunaren betearazpen-maila nabarmen hurbiltzen bada erabateko betearazpenera, eta erakunde onuradunak argi eta garbi egiaztatzen badu bere konpromisoak betetzera bideratutako jarduera bat egin duela, dirulaguntzaren azken zenbatekoa dirulaguntzaren xede den jardueraren ez-betetze mailaren araberakoa izango da, proportzionaltasun-printzipioa errespetatuta.

Ondorioz, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.n) artikuluan xedatutakoaren arabera, jardueraren betearazpenaren balizko ez-betetze partziala mailakatzeko irizpide gisa ezartzen da diruz lagundutako proiektuaren garapen-maila gutxienez eskatutako aurrekontu osoaren % 75era iritsi izana, eta itzuli edo ordaindu beharreko zenbatekoa proportzionalki kalkulatu behar da atalase horretatik aurrera.

Kasu horretan, dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko da, eta azkenean emandako zenbatekoa murriztuko da, benetan gauzatutako proiektu-zatiaren proportzioan.

XEDAPEN GEHIAGARRIA.– Datu pertsonalak babestearen arloko informazio-klausula.

– Arduraduna:

Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz, Araba.

Telefonoa: 945 01 80 00.

Web orria: https://euskadi.eus

– Helburua: Euskal kultura-ondarea OAI-PMH biltegien bidez digitalizatzeko, kontserbatzeko eta hedatzeko laguntzen eta dirulaguntzen eskaerak kudeatzea.

– Legitimazioa: interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko beharrezkoa den tratamendua.

– 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra.

– 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena.

– Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

– Eskubideak: zuk eskubidea duzu zure datuak eskuratu, zuzendu eta ezerezteko, bai eta tratamendua mugatu zein aurkaratzeko ere. Ikus informazio gehigarria.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, jo web orri honetara: https://www.euskadi.eus/rgpd/1106001

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 24a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala