Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

36. zk., 2020ko otsailaren 21a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1020

EBAZPENA, 2020ko urtarrilaren 14koa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baitira Ermuko (Bizkaia) AGE-01 «Okin Zuri» antolamendu geroratuko eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren irismen-dokumentua eta ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2019ko ekainaren 4an, Ermuko Udalak ingurumen-organoari eskaera egin zion Ermuko (Bizkaia) AGE-01 «Okin Zuri» antolamendu geroratuko eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Planaren) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura izapidetzen hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2019ko ekainaren 30ean, eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapidea hasi zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, eta egoki ikusten zituzten oharrak egiteko eskatu zien, ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan ohar horiek oinarri hartuta. Zehazki, honako hauei egin zitzaien kontsulta: Kultura Ondarearen Zuzendaritzari; Osasun Publikoaren eta Mendekotasunen Zuzendaritzari; Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzari; URA Uraren Euskal Agentziari; IHOBE Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoari –Eusko Jaurlaritzako erakundeak guztiak ere–; Kultura Zuzendaritzari, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari; Azpiegituren eta Lurralde Garapenaren Zuzendaritzari –Bizkaiko Foru Aldundiko erakundeak guztiak ere–; eta Ekologistak Martxan Bizkaia elkarteari eta Eguzkizaleak aisia-elkarteari, interesdunak izaki.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egiteko aukera izan zezaten.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea igaro ostean, zenbait txosten jaso dira, eta espedientean jasota dago horien emaitza.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, alternatibarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-efektuak aintzat hartuta.

Zehazki, Ermuko AGE-01 «Okin Zuri» antolamendu geroratuko eremuari dagokion Hiri Antolamenduko Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2.c artikuluaren kasuen artean sartzen da; horretan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo baduela eraginik, eta ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela. Kasu horretan, ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-agiria egin behar da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoaren arabera egindako kontsulten emaitzak kontuan hartuta, eta ez da beharrezkoa izango 19. artikuluan araututako kontsultak egitea.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ermuko «Okin Zuri» AGE-01. antolamendu geroratuko eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, Ermuko Udalak sustatuta, baldintza hauetan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren xedea udalerriko hiri-lurzoru finkatu gabean hiru zona desberdin biltzen dituen eremuaren antolamendu xehakatua definitzea da, Ermuko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (aurrerantzean HAPO) planteatzen dituen zehaztapenei jarraituz.

Antolamenduaren xede den espazio garrantzitsuena HAPOk AGE-01 «OKIN ZURI» izenarekin identifikatzen duenarekin bat dator (1. irudia). Eremu horrek 13.094 m2-ko azalera hartzen du, eta Ermuko hirigunearen iparraldeko muturrean dago, Okin Zuri auzoan. Gaur egun, zenbait enpresak (Chatarrería Abelleira, Algoba eta Industrias Agga) hartzen dute eremu hori, baita lurpeko aparkaleku batek ere. Plataforma horren gainean kirol-eremu bat eta haurrentzako jolasen eremu bat daude.

Eremua osatzen duten beste bi eremuak txikiak dira (1. irudia), Ermuko hirigunean daude, hirigune historikoan, eta Santiago elizari atxikitako parrokia-aretoei (2. eremua, 156 m2-ko azalera) eta Erdikokale kaleko 5. zenbakian kokatutako bizitegi-eraikin bati (3. eremua, 125 m2-ko azalera duena) dagozkie.

Proposatzen den antolamenduarekin, jarduketa hauek egin nahi dira:

– 1. eremuan (2. irudia): Lehendik dauden industria eraikinak kentzea eta 11 eraikin berri eraikitzea aurreikusten da (10 etxebizitza-eraikin eta ekipamendu publikoko bat), guztira 170 etxebizitza hartuko dituztenak. Gainera, Okin Zuriko lurpeko aparkalekuaren egungo plataformaren gainean espazio zentral bat sortuko da plaza moduan, Espazio Libreen Sistema Orokor gisa jasota geratuko dena. Egungo sestra azpiko aparkaleku erabilera finkatu egiten da.

Ibilgailuentzako eta oinezkoentzako sarbide bat jarriko da, auzo hori Zubiaurre etorbidearekin eta La Cantera lurzoru hiritargarriaren ondoko eremuarekin lotzeko.

– 2. eremuan: Santiago elizari atxikitako parrokia-areto guztiak eraistea planteatzen da. Beheko solairuan atari bat gordeko da eta eraikin txiki bat egingo da elizaren eta atariaren ondoan. Parrokiako aretoak eraistean sortzen diren gainazalak Espazio Libreen Tokiko Sistemarako erabiliko dira, eta oinezkoentzako ibilbideak zabaltzeko aukera emango dute, Hirigune Historikoaren erdigunea Valdespinako Markesaren parkearekin lotuz.

– 3. eremuan: Erdikokale kaleko 5. zenbakiko eraikinaren eraikigarritasuna eta egungo bolumena mantentzen dira. Eraikin horretan lau etxebizitza eta bi lokal daude. Antolamendu berriak eraikin hori parrokiako areto berriak hartuko dituen ekipamendu pribatu bihurtzea proposatzen du.

Errepide nagusiak, lurpeko aparkalekua, saneamendu sareko Debabarreneko kolektorea eta ubideen kanalizazioa mantentzea planteatzen da.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak eremuaren hirigintza-antolamendu xehearen zehaztapenak ezartzen ditu, eta hiritartze-, eraikuntza- eta eraispen-proiektuen bidez garatuko da.

Planak ez die Natura 2000 Sareko espazioei eragiten, ezta Ondare naturalari eta biodibertsitateari buruzko oinarrizko legeriak edo Euskal Autonomia Erkidegoko natura zaintzeko legeria aplikatuz emandako arau-xedapen orokorrek edo nazioarteko hitzarmenek eragindako ingurumen-babeserako erregimenen bat duten eremuei ere. Baina litekeena da zenbait baldintzatzaile egotea, besteak beste, kokapen, ezaugarri, dimentsio edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legerian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko, behin alternatiben analisia egin ostean (horretan ere baloratu behar da ubideen estaldurak kentzea).

Ez da bateraezintasunik aurkitu Planaren eta bestelako lurralde-plan edo plan sektorial elkartuen artean.

b) Planaren xedea egokia da garapen jasangarria sustatzera bideratutako ingurumen-irizpideak txertatzeko, batik bat hiritartzean, eraikingintzan eta eraikuntzan, baliabideen erabilera-efizientzian eta baliabideen kontsumoa murriztean eta aprobetxamendua areagotzean, eraikinen energia-aurrezkian eta -efizientzian, energia berriztagarrien sustapenean, ingurunearen eta biodibertsitate autoktonoaren kalitatearen sustapena eta espezie inbaditzaileak sartzeko arriskuaren murrizketan.

c) Plana egokia da Europako edo Espainiako ingurumen-legedia ezartzeko, zehazki, hondakinen, klima-aldaketaren, airearen kalitatearen (emisio atmosferikoak, zarata, argia) eta biodibertsitatearen arlokoari dagokionez.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak.

Ziurrenik eraginpean geratuko den eremuaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta planteatutako proposamenak ikusita, ikusi da ez dela aztertu Berano errekako azken tarte estalia atari zabalera ateratzeari dagokion alternatiba, EAEko Ibaien eta Erreken Lurralde Plan Sektorialaren araudiko hirugarren epigrafean eskatutakoarekin bat etorriz, eta EAEko administrazio eskudunak –Ura– ere bere txostenean adierazi duen moduan. Horrenbestez, alternatiba guztien azterketaren emaitza ikusita, litekeena da plana ez izatea ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren pean dagoen eta, beraz, ingurumenean eragin negatibo nabarmenak izan ditzakeen proiektu baten esparrua.

Bigarrena.– Horregatik guztiagatik, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, egindako kontsulten emaitza ikusita eta V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, zera ondorioztatu da: Ermuko AGE-01 «Okin Zuri» antolamendu geroratuko eremuko Hiri Antolamendurako Plan Bereziak ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar du, ezin baita baztertu plan hori ezartzeak ingurumenean ondorio nabarmenik ez duela.

Hirugarrena.– Ermuko AGE-01 «Okin Zuri» antolamendu geroratuko eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-azterketa estrategikoari buruzko irismen-dokumentua egitea, ingurumen-ondorenetarako bakarrik eta honako baldintza hauetan:

Ingurumen-azterlan estrategikoak gutxieneko eduki hau hartu beharko du barne: abenduaren 9ko 21/2013 Legearen IV. eranskinean eta, plan eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoa (I. eranskinean jasotakoa ere kontuan hartuz).

Eremuaren ezaugarriak eta garatu nahi diren jarduketak kontuan izanda, honako gai hauek jasoko dira, besteak beste:

A) Ingurumen-helburu estrategikoak, printzipioak eta jasangarritasun-irizpide aplikagarriak.

Batez ere IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 delakoaren helburu estrategikoetan eta jarduera-ildoetan oinarrituko da Plana. Horrez gain, arau hauetan bildutako irizpideak jaso beharko ditu: Euskal Herriko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, urriaren 16ko 211/2012 Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretua.

Zehazki, garapen jasangarriko printzipio hauek zuzenduko dute Plana:

a) Lurzorua zentzuz eta intentsitatez erabiltzea eta lehendik ere artifizialduta dauden lurzoruen erabilera intentsiboa lehenestea, balio agrologiko handiko lurzorua eta lurzoru naturala hiritartzetik babestuz.

b) Lurzoruaren zigilatzea murriztea, lurzorua modu jasangarriagoan erabiliz eta albait funtzio gehien manten ditzan sustatuz.

c) Habitatak eta espezieak, natura-ingurunea eta konektagarritasun ekologikoa zaintzea eta hobetzea.

d) Paisaia- eta kultura-ondarea kontserbatu eta hobetzea.

e) Natura-baliabideen kontsumo jasangarria sustatzea: ura, energia, lurzorua eta materialak.

f) Energia-aurrezpena, efizientzia eta energia berriztagarrien erabilera eta kogenerazioa sustatzea.

g) Aire garbia bermatzea, baita zarata eta argi-kutsadura handien mende bizi diren biztanleen kopurua murriztea ere.

h) Ur-masen egoera ekologiko ona lortzea, baita baliabidearen erabilera jasangarria ere.

i) Klima-aldaketaren aurreko zaurgarritasuna murrizten laguntzea, kaltea arintzeko neurriak eta egokitzeko neurriak integratuz.

j) Arrisku naturalak minimizatzea.

k) Lurzoru kutsatuaren kudeaketa hobetzea, berme juridikoa eta eragileen nahiz lurzoruaren erabiltzaile potentzialen jarduera indartuta.

B) Ingurumen-ebaluazioaren esparru geografikoa.

Planaren eremu nagusia Ermuko hirigunearen iparraldeko muturrean dago, Okin Zuri - AGE-01 «OKIN ZURI» auzoan, 1. eremuan, eta 13.094 m2-ko azalera du. Gaur egun, zenbait enpresak (Chatarrería Abelleira, Algoba eta Industrias Agga) hartzen dute eremu hori, baita lurpeko aparkaleku batek ere. Plataforma horren gainean kirol-eremu bat eta haurrentzako jolasen eremu bat daude.

Eremua osatzen duten beste bi eremuak txikiak dira, Ermuko hirigunean daude, hirigune historikoan, eta Santiago elizari atxikitako parrokia-aretoei (2. eremua, 156 m2-ko azalera) eta Erdikokale kaleko 5. zenbakian kokatutako bizitegi-eraikin bati (3. eremua, 125 m2-ko azalera duena) dagozkie.

Ingurumenaren aldetik garrantzitsuak diren eremuak. Jarduketak egiteko desegokiak diren eremuak.

Natura-ingurunea babestu, zaindu eta hobetzeko, ekosistemen eta beren zerbitzuen galera eta erresilientziaren murrizketa mugatuz, etorkizuneko jarduketak hartuko dituen lurzoruaren antolamenduak kontuan hartu behar ditu planaren eremuan dagoen kapital naturala eta ingurumen-arriskuak dituzten guneak erabakiak hartzeko prozedura osoan zehar. Hau da, ingurumen-eremu garrantzizkotzat hartuko ditu, eta desegokiak izango dira jarduketak hartzeko, baldin eta jarduketok ingurune fisikoa zuzenean eraldatzen badute, eta elementu nabarmen horientzako arriskutsuak izan badaitezke edo horietan hauteman diren arriskuak larriagotu baditzakete.

Ingurumen-eremu garrantzitsuak:

– Aparteko natura-balioak dituzten eremuak: natura-ondarearen eta biodibertsitatearen gaineko oinarrizko legeria edo natura kontserbatzearen gaineko legeria aplikatuz emandako arau-xedapen orokorren edo nazioarteko hitzarmenen ondorio diren ingurumen-babeserako araubideren bat duten inguru guztiak eta lurralde- nahiz hirigintza-plangintzaren ondorio den araubideren bat duten natura-inguruneak.

Kasu berezi honetan, Planaren eraginpean zuzenean dagoen eremua ez da Natura 2000 Sareko natura-espazio babestua, ezta inbentarioan sartutako gune babestua edo natura interesekoa ere. Ez da, halaber, EAEko Korridore Ekologikoen Sareko egiturazko elementua, eta ez du katalogatutako paisaia-baliorik.

1. eremuaren –Okin Zuri– ekialdeko muturrean baino ez da ikusten zuhaitz-landarediko orban txiki bat, harizti azidofiloa eta harizti / baso misto atlantikoa, egoera degradatuan.

– Kultura-balio garrantzitsuak dituzten eremuak: ondare historiko-arkitektonikoaren zati izateagatik kalifikatuta edo inbentariatuta dauden eremuak edo ondasunak, eta ustezko arkeologia-eremuak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legearen arabera, Babes Ondasunen Planaren eremuan, zehazki, Planaren eremuan, 2. eta 3. zonak daude; horietan Santiago Elizari atxikitako parrokia-aretoak daude, baita Erdikokale kaleko 5. zenbakiko etxea ere, eta azken horretan kokatuko dira, eraikina egokitu ondoren. Horiek Ermuko hirigune historikoko gune arkeologikoan daude (1994-09-09ko Agindua, EHAA, 194 zk., 1994-10-11koa), babes ertaineko kultura-ondasun deklaratuta, monumentu multzoaren kategoriarekin.

Gainera, bi eraikinak –Santiago eliza eta Erdikokale etxea, 5. zk. Monumentu Adierazpenaren proposamena duten elementu arkitektonikoak dira eta Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorrean sartu beharreko elementuak dira. Zehazki, Erdikokale kaleko 5. zenbakiko eraikina (3. eremua) interes kulturaleko eraikina da, XIX. mendekoa, eta «zaharberritze- / berritze-babesaren maila du, fatxada mantenduz», Ermuko HAPOren arabera.

– Bertan detektatzen diren egungo edo etorkizuneko ingurumen-arriskuengatik.

Planaren esparrua bat dator lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartzen diren bi kokalekurekin. 48034 – 00060, 48034 – 00061 eta 48034 – 00062 gisa kodetutako kokalekuak dira, alegia. Hirurak jardunean dauden industria jarduerei dagozkie. Ingurumen-dokumentu estrategikoak ikerketa historiko bat egin du, eta ondorioztatu du kokaleku horietako edozein bertan behera uzteak lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hastea ekarri behar duela, kasu horretan, esplorazio-ikerketa batekin hasita. Ingurumen-dokumentu estrategikoak lurzoru horiek behar bezala kudeatzeko jarraitu beharreko prozedura adierazten du.

Gainera, Planaren eremuaren zati bat Ego ibaiaren lehentasunezko fluxu-eremu batekin lotuta dago, baita uholde-arriskua duen 10 urteko itzulera-aldiko uholde-arriskuko eremu batekin ere. Eremu hori Uholde Arrisku Handiko Eremuaren edo Mallabia-Eibar UAHEaren zati da, nahiz eta arrisku horrek 1. eremuari eragiten ez dion, kanalizatuta dagoelako eta gainezka egiten ez duelako.

Bestalde, 2. eta 3. eremuetan oso eragin marjinala du uholdeak izateko arriskua duen eremu batek, 500 urteko errepikatze-denborako uraldirako, aire zabalean doan ur-tartearen ondo-ondoan kokatuta –estalkia estutu egin delako–, eta ez du arriskuan jartzen parrokiako instalazioak lekuz aldatzeko aurreikusitako jarduera.

Planeko egungo eta etorkizuneko zarata-iturri nagusia BI-2301 errepidea da, 1. eremua mendebaldetik mugatzen duena. 1. eremu horretako azaleraren zati bat azpiegitura horren zor akustikoaren eremuan dago. Kalitate akustikoaren helburuak gainditu egiten dira kanpoan, lurzoruaren gainetik, 2 m-ra, eta aurreikusitako BR-05 eraikinaren hego-mendebaldeko leihoa duen fatxadan.

Bestalde, 3. eremua N-634 errepidearen zortasun akustikoko eremuaren barruan dago. Bi bideak Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen ditu.

C) Aurretiazko kontsultetako erantzunen ingurumen-azterketa laburra.

Eragindako herri-administrazioei eta herritar interesdunei egindako kontsulten fasean, zenbait txosten eta ekarpen jaso ditugu. Jarraian, horien edukiaren laburpena aurkeztuko dugu, ingurumen-azterketa estrategikoaren edukia antolatzen duten apartatuen arabera antolatuta, irismenari, xehetasun-mailari eta espezifikotasun-mailari dagokienez.

– Planarentzat garrantzitsua den edozein ingurumen-arazo, ingurumen-garrantzi bereziko guneak barne –naturaguneak eta espezie babestuak, adibidez–, orobat Natura Sareko espazioak.

Planaren esparruan lau lursail daude, 48034-00060, 48034-00061 eta 48034-00062 kodeekin. Horiek zenbait jarduera jasan dituzte, hala nola orotariko produktu metalikoak fabrikatzeko jarduerak, txatarraren handizkako merkataritza eta hirugarrenen konturako ingeniaritza mekaniko orokorra, hurrenez hurren.

Lursail horiek historikoki kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak izan dituzte, eta, beraz, arriskutsuak izan daitezke etorkizuneko erabiltzaileentzat eta/edo ingurumenerako. Hori dela eta, lurzoruaren kalitateari buruzko ikerketa egin behar da lehenik eta behin, lurzoruaren kalitatearen azterketa bat egin behar da lurzoruaren kutsadurarekin lotutako arriskurik izango ez dela bermatzeko, ezarritako erabileren arabera, ez langileentzat ez erabiltzaileentzat. Bigarrenik, bertan utzitako hondakinak, eraikinak eta hondeatuko diren lurrak egoki kudeatuko direla bermatu beharko da, indarrean den hondakinen arloko legedia betez, kokaleku horietan edozein esku-hartze egin aurretik.

Gainera, lurzoruaren kalitate-adierazpena izapidetu beharko da, baldin eta Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko 4/2015 Legearen 23. artikuluan aurreikusitako kasuren bat gertatzen bada.

Planaren esparruan dagoen kultura-ondareari dagokionez, bai parrokia-aretoak, Santiago Elizari atxikiak, bai Erdikokale kaleko 5. zenbakiko etxea, eraikina egokitu ondoren bertan sartzea aurreikusten dena, Ermuko hirigune historikoko gune arkeologikoan daude (94/9/09ko Agindua, EHAA, 194.zk.a, 1994-10-11), babes ertaineko kultura-ondasun deklaratuta, monumentu multzoaren kategoriarekin.

Halaber, bi eraikinak Monumentu Adierazpenaren proposamena duten elementu arkitektonikoak dira eta Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorrean sartu beharreko elementuak dira.

Beraz, gomendatzen da Santiago Elizan egiten diren esku-hartzeak –parrokia-aretoak eraistea, elizari eta elizari atxikitako sakristia txiki bat eraikitzea–, Erdikokale kaleko 5. zk-ko etxean, esaterako, zaharberritze kontserbatzailekoak izatea, Zaharberritzeko eta Birgaitzeko Jarduketa Babestuei buruzko 317/2002 Dekretuan jasotako 1. eranskinean («Zaharberritzeko esku-hartzeak») zehazten den bezala.

Bi eraikin horietan egin beharreko obra guztietarako azterketa arkeologikoa egin beharko da.

Planaren eremuak partzialki (1. eremua) Ego ibaiaren lehentasunezko fluxu-eremu batekin eta 10 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua duen eremu batekin muga egiten duen arren (Mallabia-Eibar uholde-arrisku handiko eremua edo UAHE), arrisku horrek ez du eraginik izango, ibaia kanalizatuta dagoelako eta gainezka egiten ez duelako.

2. eta 3. eremuetan ere ez da arriskuan jartzen parrokiako instalazioak lekuz aldatzeak ekarriko duen jarduketa, uholde-arriskuaren eragin marjinala dela-eta, 500 urteko errepikatze-denbora baitu.

– Prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak deskribatzea.

Plan bereziak ingurumena eta paisaia leheneratzeko plan zehatza ezarri dezan eskatzen da, zuhaitz eta zuhaixka espezie autoktonoak erabiliz eta inbaditzaile izan daitezkeen flora aloktonoko espezieak kontrolatzeko eta/edo erauzteko neurriak hartuz.

– Planaren esparruan garatuko diren planen, programen eta proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako gidalerro orokorrak.

Berano errekaren estaldura kentzen bada, eremua garatuko duen obra-proiektuak xehetasun-azterketa hidrauliko bat izan beharko du, egungo eta etorkizuneko egoera aztertzeko, Lehentasunezko Fluxuaren Eremua eta urak har ditzakeen gainerako eremuak (100 eta 500 urteko errepikatze-denbora) definituta, Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren 1. eranskineko 14. gehigarriko («Azterlan hidraulikoak egiteko irizpide teknikoak») irizpideak kontuan hartuta. Ibilgu berri horrek 500 urteko errepikatze-denborako uholdea husteko gai izan beharko du.

– Alternatiben ebaluazioaren deskribapena.

Uraren Euskal Agentziak jotzen du beharrezkoa dela Berano errekako azken zati estalia atari zabalera ateratzeko alternatiba aztertzea, egungo estaldurak kentzeko eta errekaren ingurumen-egoera hobetzeko egin behar den analisiaren beharra kontuan hartuta, EAEko Ibaien eta Erreken Lurralde Plan Sektorialaren 3. epigrafeari jarraiki.

Bestalde, Berano errekaren ubidea ahal den neurrian desagerraraztea ere proposatzen da.

Gainera, gogorarazten da Plan Bereziaren ondorioz egindako obrek Uraren Euskal Agentziaren baimena izan beharko dutela, ubideen antolakuntza-aldean baitaude.

D) Ingurumen-azterketa estrategikoan kontuan hartu beharreko funtsezko alderdien definizioa eta irismena.

Ingurumen-azterketa estrategikoak Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen (21/2013, abenduaren 9koa) IV. eranskinean ezarritako edukia bildu beharko du, eta hori urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren (planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena) II. eranskinean jasotzen denarekin osatu beharko da.

Aurrekoarekin bat etorriz, garatzen diren apartatuek honako eskema metodologiko honi erantzun behar diote:

1.– Edukia, helburuak eta egokiak diren beste plan eta programa batzuekiko harremanak.

2.– Ingurumenaren gaur egungo egoera.

3.– Ingurumenean egon daitezkeen ondorio esanguratsuak.

4.– Prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak.

5.– Alternatibak hautatzeko prozesua.

6.– Ingurumena zaintzeko programa.

7.– Laburpen ez-teknikoa.

Ebaluatzen den dokumentuaren ezaugarriak direla-eta, uste da ingurumen-azterketa estrategikoak –aurrerantzean, azterketa– behean azaltzen diren alderdietan sakondu behar duela, adierazten den zabaltasun- eta zehaztasun-mailarekin:

1.– Edukiak, helburuak eta harremanak beste plan zein programekin.

Azterketan Planaren helburu nagusien laburpen txikia jasoko da. Horrez gain, indarrean den ordenamenduari dagokionez, Plana garatzearen ondorioz aurreikusten diren jarduketa berrien deskribapen xehatua jasoko da.

Azterketak espezifikoki justifikatu beharko du Ebazpen honetako 2.A apartatuan jasotako ingurumena babesteko helburuak eta jasangarritasun-printzipio eta -irizpideak Planean txertatu direla. Justifikazio horrek identifikatu egin beharko ditu Planean hartu diren neurri/irizpide zehatzak eta uztardura-maila, helburu bakoitza betetzeko. Gainera, behar izatekotan, zehaztu egin beharko da helburu horiek zer neurritan inplementatzen diren Planean, adierazleen laguntzarekin.

Bestalde, ingurumen-azterketa estrategikoak hierarkikoki goi-mailakoak diren lurralde- eta sektore-antolamenduko planekin bateragarria dela dioen azterketa bat aurkeztu beharko du. Zehazki, besteak beste, honako plan hauek hartuko dira kontuan:

– Ermuko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra.

– Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoaren Espainiako zatiko Plan Hidrologikoa (2015-2021).

– Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoaren Uholde Arriskua Kudeatzeko Plana (2015-2021).

– EAEko ibaiak eta errekak antolatzeko Lurralde Plan Sektoriala.

Halaber, identifikatu egingo dira eremuari aplikatu beharreko gainerako planei dagokienez izan daitezkeen bigarren mailako ondorioak eta eragin metagarriak eta sinergikoak. Hemen identifikatutako ondorioak, halakorik izanez gero, planaren eraginak identifikatu eta baloratzeko apartatuan ebaluatuko dira. Xedea helburu komunak lortzea da, eta horrez gain, Planaren jarduketarako alternatibak aztertzea, baldin eta beste planen helburu eta jarduketa-ildoekiko gainjartze, gatazka edo bateraezintasunak agertzen badira.

Halaber, ingurumen-azterketa estrategikoaren 4. apartatuan, «Planak izan dezakeen garapena», planaren zehaztapenak garatzeko zer plan baliatuko den zehaztu beharko da, eta, behar denean, aurreikuspenak betetzeko aurreikusitako proiektuak. Beti zehaztu beharko da aipatu planek edo proiektuek zer eremutan izango duten eragina.

2.– Egungo ingurumen-egoera.

Azterketak ingurumenaren egungo egoeraren alderdi garrantzitsuak deskribatu beharko ditu, Planarengatik eragin nabarmenak jasan ditzaketen eremuen ingurumen-ezaugarriak zehaztuta eta plana aplikatu ezean gune horiek izan dezaketen bilakaera azalduta, klima-aldaketa ere kontuan izanik.

Eremuaren ingurumen-diagnostiko egoki bat egin beharko da haren harrera-gaitasuna, arrisku-eremuak, eremu hauskor edo kalteberak eta abar ebaluatzeko. Gutxienez ingurumenaren aldetik garrantzitsuak diren eremuak (2.B apartatuan identifikatu direnak) hartuko dira kontuan.

Eremu garrantzitsu horiez gain, eremuaren barruan detektatzen diren ingurumen-arloko beste elementu batzuk ere hartu beharko dira kontuan ingurumen-azterketa estrategikoan:

– Berano erreka, ekialdean 1. eremuaren perimetroarekin muga egiten duena. Partzialki lurperatutako eremutik igarotzen da. Aire zabalean doan tartea berreskuratzea aurreikusten da.

Horrez gain, lurraldearen ingurumen-unitate homogeneoak definituko dira, horien paisaia-ezaugarrien eta baliabide naturalen azterketa integratutik abiatuta.

Lehen aipatutako ingurumen-alderdiak era kartografikoan adierazi beharko dira, Planarekiko proportzioa duen eskalan.

Ingurumenaren gaur egungo egoeraren deskribapena ingurumen-adierazleen erabileran bermatu beharko da; horretarako, Ingurumen Esparru Programaren adierazleen oinarrizko panelean jasotakoak erabili ahal izango dira, baita lurraldeari eta ingurumenari buruz Eustat-ek dituenak ere, eta Ebazpen honetako aurreko apartatuetan adierazitako ingurumen-helburuen bilakaerari buruzko informazio garrantzitsua eman dezaketen beste batzuk.

Aipatutako adierazleei buruzko datuak izan beharko ditu azterketak edo, halakorik ez badu, alderdi berak adierazten dituzten beste adierazle batzuei buruzkoak, eta kasu bakoitzean datu zehatzak lortzeko egon litezkeen zailtasunak justifikatu beharko ditu. Era berean, proposatzen diren beste adierazle batzuei buruzko datuak jaso beharko ditu azterketak, oro har, ingurumen-zaintzako programa aplikatzeko erreferentziazko ingurumen-egoera zehaztuta gera dadin.

3.– Ingurumenean gerta daitezkeen efektu esanguratsuak.

Apartatu honetan, ingurumenean eragin ditzakeen ondorio adierazgarriak aztertu beharko dira, honako alderdi hauek barne hartuta: biodibertsitatea, biztanleria, giza osasuna, fauna, flora, lurra, ura, airea, kultura-ondarea, ondare historikoa barne, klima-faktoreak, klima-aldaketan izan dezakeen eragina –bereziki, Planari lotutako karbono-aztarnaren ebaluazio egokia–, ondasun materialak, kultura-ondarea eta paisaia; faktore horien arteko interakzioa ere kontuan izan behar da, eragindako ekosistemek eskainitako ingurumen-zerbitzuak ere ebaluatuz. Efektu horiek barne hartu behar dituzte zuzeneko eta zeharkako ondorioak, metaketak, sinergiak, epe labur, ertain eta luzerako eraginak, ondorio iraunkorrak eta aldi baterakoak, positiboak eta negatiboak.

Planaren aplikazioaren ondorioz planteatzen diren ekintzen deskribapen zehatz bat garatuko du azterketak, eta horiek lotura izan beharko dute planaren eraginpean geratzen den eremuan indarrean den hirigintza-antolamenduan eragindako aldaketekin edo zehaztapenekin, baldin eta ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenak izan baditzakete, betiere, eremuaren garapenerako beharrezkoak diren jarduketa guztiak aintzat hartuta.

Horrela identifikatutako ekintza bakoitzerako, espero izatekoak diren ingurumen-ondorio gertagarriak deskribatuko dira, eta, hala behar denean, ingurumen-ondorio kaltegarri jakin bat gertagaitza dela justifikatu beharko da. Eta, identifikatutako inpaktu guztietatik berariaz nabarmendu beharko dira garrantzitsutzat hartzen direnak.

Ingurumen-azterketa estrategikoak justifikatu egin beharko du Planak nola beteko dituen 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoaren helburuak (213/2013 Dekretua, urriaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzkoa).

4.– Prebentzio-, zuzentze- eta konpentsazio-neurriak.

Aurreko apartatuan identifikatu diren ondorio esanguratsu bakoitzarentzat, ondoriook prebenitzeko, zuzentzeko edo, hala badagokie, konpentsatzeko aurreikusitako neurriak deskribatuko dira, eta, behar izanez gero, klima-aldaketan izan dezaketen eragina arintzeko eta horretara egokitu ahal izateko. Ahal den heinean, proposatutako neurrietako bakoitza zer garapen-tresnatan txertatuko den zehaztuko da.

Horrez gain, ingurumen-azterketa estrategikoak ingurumen-ebaluazioa behar duten planen eta proiektuen aurreikuspena egin beharko du, eta plan hori izango da etorkizunean onartu eta baimentzeko esparrua –hala nola: Bizitegi- eta merkataritza-eremuetako hiritartze-proiektuak, hektarea bateko edo gehiagoko azalera dutenak eta guztiz edo zati batean ingurumen-eremu sentikorretan dagoenean, eta, hala badagokio, plan eta proiektu horiek garatzeko unean eraginak minimizatzeko jarraibideak ezartzea.

Prebentzio- eta zuzentze-neurrien artean, jabari publiko hidraulikoa babesteari buruzkoak aurreikusiko dira. Horiek zehazteko, ebazpen honen aurreko apartatuetan aipatu diren planetan ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan, besteak beste: EAEko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektoriala eta Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoa (2015-2021).

Gainera, potentzialki kutsagarriak ziren jarduerak izan dituzten iraganean eta, beraz, etorkizuneko erabiltzaileentzat eta/edo ingurumenarentzat arriskutsuak izan daitezkeen lursailak daudenez, gauza bera egin beharko da lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpena egitean, Plan hau behin betiko onartu aurretik, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeari jarraiki.

Halaber, neurri egokiak ezarri beharko dira eremuko kalitate akustikoa ziurtatzeko.

Era berean, planaren garapena paisaian integratzeko irizpideak zehaztuko dira, erabili beharreko espezieak eta birlandatu beharreko gainazalak ezarriz, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendio eta neurriak kontuan hartuz. Ildo horretan, landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana eta abar. Orobat, espezie horiek kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira, betelanetan, birlandaketan eta urbanizazioko lorategietan erabiliko diren mailegu-materialen eta landare-lurraren jatorria eta osaera kontrolatuz.

5.– Alternatibak hautatzeko prozesua.

Alternatibak hautatzeko prozesuaren laburpen arrazoitu bat hartuko du barnean eta, horretan, bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta ingurumen-arlokoa justifikatuko dira, baita Planaren helburuekiko bat-etortzea eta proportzionaltasuna ere, bereziki, Ebazpen honetako aurreko apartatuetan jasotako ingurumen-helburuekiko.

Ingurumen-azterketa estrategikoak barnean hartu behar du ezer ez egitearen alternatiba. Kasu horretan, Planaren eremuak gaur egungo egoeran jarraituko luke (0. alternatiba). Plana aplikatu ez eta gaur egungo egoeran jarraituz gero, aztertu beharko da zein izango litzatekeen arlo garrantzitsuen eboluzio gertagarriena.

Halaber, alternatiben azterketak Berano errekaren azken zatiaren estaldura kentzeko alternatiba baloratu beharko du.

Proposatutako soluzioa justifikatu beharko da, eta jarduketen dimentsioari eta hedadurari ez ezik, aipamena egin beharko die horietako bakoitzerako dauden soluzio tekniko guztiei ere.

Alternatibak baloratzeko prozesuan, horietako bakoitzak Ebazpen honen B apartatuan aipatzen diren elementuetan eta eremuetan sor ditzakeen inpaktuak zehaztuko dira. Azterketa horretan ebaluazioa egiteko modua deskribatuko da, baita aurkitutako zailtasunak ere; esate baterako, eskatutako informazioa biltzean beharbada aurkitzen diren gabezia teknikoak, edo ezagutza- eta eskarmentu-falta.

Apartatua bukatzeko, hautatutako alternatiba argudiatu beharko da, eta, nolanahi ere, bermatu egin beharko da hautatutako alternatiba bideragarria dela, teknikoki eta ingurumenaren aldetik, eta ingurumenaren ondare- eta ingurumen-osagaiei albait kalte txikiena eragiteko ahalegina egin beharko da.

6.– Ingurumena zaintzeko programa.

Azterketak ingurumena zaintzeko programa bat garatuko du, eta, bertan, Plana aplikatzeak dakartzan ondorioak berrikusteko aurreikusitako neurriak deskribatuko dira. Ingurumena zaintzeko programan, adierazleak deskribatuko dira eta, behar izanez gero, ondorio garrantzitsuenen erreferentzia-balioak, bai positiboak bai negatiboak.

Ingurumena zaintzeko programak Azterketan proposatzen diren adierazleak jaso beharko ditu, ebazpen honetako D apartatua betetzeko, baita, kasu bakoitzean, datuak biltzeko erabiliko diren aldizkakotasunari eta metodoei buruzko proposamen zehatz bat ere.

7.– Laburpen ez-teknikoa.

Azterketak barnean hartuko du aurreko epigrafeen arabera emandako informazioaren laburpen ez-tekniko bat, herritarrek oro har ulertzeko moduko eta aztertutako alderdi guztiak lantzen dituen informazio zehatzarekin, baita informazio grafikoarekin ere, dokumentu autoaskia eta azterketarekiko berarekiko independentea izan dadin.

E) Hasierako onespenaren ondoren sustatzaileak kontsultatu beharko dituen eraginpeko administrazio publikoak eta publiko interesduna.

Ebazpen honetako kontsulten izapidea betetzeko erabilitako zerrenda huraxe hartuko da gai honen eraginpeko administrazio publikoen eta pertsona interesdunen zerrenda osatzeko, halaxe xedatzen baitute 211/2012 Dekretuak, urriaren 16koak, 12. artikuluan, eta 21/2013 Legeak, abenduaren 9koak, 22. artikuluan. Ingurumen-organoak, Ebazpen honetako aurreko apartatuetan aipatu bezala, organismo eta erakunde hauei egin die kontsulta:

Eusko Jaurlaritza:

– Kultura Ondarearen Zuzendaritza.

– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza.

– Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza.

– Uraren Euskal Agentzia, Ura.

– Ihobe, Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa.

Bizkaiko Aldundia:

– Kultura Zuzendaritza.

– Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia.

– Azpiegitura eta Lurralde Garapen Zuzendaritza.

Herritar interesdunak:

– Ekologistak Martxan Bizkaia Elkartea.

– Eguzki. Eguzkizaleak aisialdirako elkartea.

F) Jendaurreko informazioaren eta kontsulten modalitateak, iraupena eta epeak zehaztea.

Organo substantiboak, edo, hala badagokio, sustatzaileak (aztergai dugun kasu honetan biak bat datoz) Plan honen hasierako bertsioa eta ingurumen-azterketa estrategikoa jendaurrean jarriko ditu, gutxienez, 45 egunez. Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, gutxienez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsultatutako erakundeen iritzia jaso beharko du.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluaren arabera, gehienez ere hamabost hilabeteko epea izango da Azterketa eta arauaren 21. eta 22. artikuluetan aurreikusitako kontsultak egiteko eta informazio publikoaren prozedura betetzeko, irismen-dokumentu hau erakunde sustatzaileari jakinarazten zaion egunetik zenbatzen hasita.

G) Dokumentazioa aurkezteko jarraibideak.

1.– Ingurumen-adierazpen estrategikoaren eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentuek koherentzia egokia errespetatu beharko dute, haien artean nahiz aurretik aurkeztutakoekin, hartara erabakia hartu behar duten administrazio-organoen lana erraztuz, eta ez eragotziz.

2.– Arreta berezia jarri beharko da kasu bakoitzean dokumentu teknikoen atalak haien artean erlazionatzea ahalbidetzen duten datuak adieraztean (esaterako, atal batean proiektuko ekintzak deskribatzen badira eta, beste batean, ekintza horiek eragindako ingurumen-inpaktuak, bi kasuetan ekintzak izen berarekin aipatu beharko dira).

3.– Beharrezkoa izanez gero, datuak zein iturritatik lortu diren adierazi beharko da.

4.– Igorritako fitxategi bakoitza ez da 30MB baino gehiagokoa izango. Igorri beharreko dokumentazioak 30 MB baino gehiago pisatzen badu, zenbait artxibotan zatituko da.

5.– Planaren, programaren edo proiektuaren dokumentazio grafikoa eta kartografikoa sartu behar da hala eskatzen duten ataletan. Planoak pdf formatuan entregatu beharko dira, geoerreferentziatuta.

6.– Analisi tekniko egokia errazteko, bistaratzeko pdf formatuko artxiboez gain, planoen kopia gehigarri bat entregatu beharko da shape formatuan (ahal dela, UTM30N ETRS89 erreferentzia-sistema erabilita), 10 Mb-koa baino gutxiagokoa izan beharko dena.

7.– Plano guztiak zenbakiarekin eta izenburuarekin identifikatu behar dira. Halaber, honako hauek adierazi beharko dira: irudikatutako datuak zuzen interpretatzeko behar diren azalpenak eta sinboloak; eskala grafikoa eta zenbakizkoa, inprimatzeko formatua adierazita; sinadura eta noiz egin den.

8.– Jatorrizko eskalatik murriztutako planoak aurkeztuz gero, planoan jatorrian adierazitako eskala zuzendu beharko da, horretan oinarrituz egindako neurketek zalantzarik sor ez dezaten.

9.– Testuetan zehar aipatutako eranskin, irudi, plano edo argazki guztiak aurkeztu beharko dira dokumentazioarekin batera. Erreferentzia horiek argi eta garbi jarri behar dira, kasuan kasuko elementua erraz aurkitzeko moduan.

10.– Informazio jakin bat dokumentuko apartaturen baten zuzenketa gisa aurkeztekotan, eta aldi berean espedientean zuzendu nahi den apartatua mantentzen bada, informazio berriak adierazi beharko ditu zuzenketaren ondorioz jatorrizko dokumentuan ezeztatutzat edo ordezkatutzat jo beharreko kapituluak, orrialdeak, epigrafeak, apartatuak, lerrokadak, esaldiak, koadroak, irudiak, planoak eta abar. Aurreko informazioren bat osatzen edo zuzentzen duen informazioak egoera horren berri eman beharko du hasieran. Eskaera bat zuzentzeko aipatutako jarraibideak betetzen ez badira, izapide gehigarri bat eska dakieke, kontraesanezko edo inkongruenteak izan daitezkeen alderdiak argitzeko, eta gerta liteke horrek atzerapena eragitea prozeduraren ebazpenean.

11.– Agiriak karpetatan jasota entregatu beharko dira, eta, legeriak dokumentu horren edukia nola deskribatzen duen, bada antzeko titulua jarri beharko zaie karpetei.

12.– Informazio jakin bat separata moduan aurkeztekotan, izenburua eta erreferentzia eman beharko zaizkio, dagokion legerian zehazten den agiriaren edukian aipatutako apartaturen bati atxiki ahal izateko.

13.– Gainera, bestelako karpeta gehigarri batzuk ere aurkeztu ahal izango dira izaera orokorreko planoz eta informazioz hornituta, plano eta informazio horiek apartatu batzuen helburuetarako baliagarriak badira. Ingurumen-organoaren zerbitzu teknikoek kontuan har dezaten karpeta gehigarrietan bildutako elementuetako edozein, elementu horrek behar bezala erreferentziatuta egon beharko du aurkezten diren dokumentu guztietan.

14.– Ingurumen-adierazpen estrategikoaren eskaera IKS-eem sistemaren bidez aurkeztu beharko da, aplikatu behar diren eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailaren webgunean eskura daitezkeen fitxak eta formularioak erabilita, zehazki, helbide honetan: http://www.euskadi.eus/informazioa/ingurumenari-buruzko-izapide-elektronikoen-gida/web01-a2inguru/eu/

15.– Dokumentu bat .pdf formatuan aurkezten denean, gehienez 30 MB izango ditu eta bilaketak egiteko aukera eman beharko du. Dokumentu handiagoak zatitu egin beharko dira, sisteman sartuko badira.

16.– Aurkeztutako dokumentazio guztiaren aurkibide oso bat txertatuko da, adierazitako ataletako bakoitza zer orrialdetan dagoen zehaztuta. Aurkibidea aurkeztean pdf dokumentu baterako, adierazitako orrialde-zenbakia bat etorriko da orrialde hori aurkitzeko irakurketa programaren «Joan orrialde honetara» eremuan adierazi behar denarekin.

17.– Organo sustatzaileak, datuak igortzean, datu pertsonalak babesteari buruzko araudia betetzen duela bermatu beharko du beti.

Laugarrena.– Ebazpen hau Ermuko Udalari jakinaraztea.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 14a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala