Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

32. zk., 2020ko otsailaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
858

13/2020 DEKRETUA, otsailaren 11koa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Gipuzkoako Foru Aldundiak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek okupatzea: Azkoitiko Aizpurutxo zeharbidean GI-631 errepidearen paraleloan doan oinezkoentzako lotura proiektua (1-MT-66/2018) burutzeko beharrezko ondasunak eta eskubideak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, «Azkoitian, Aizpurutxo zeharbidean GI-631 errepidearen paraleloan doan oinezkoentzako lotura proiektua (1-MT-66/2018)» delakoaren espedientea formalki onartu eta gero, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabiltzeko beharra adierazi zuen.

2019ko otsailaren 12an, Gipuzkoako Foru Aldundiak nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea erabaki zuen, hilabete bateko epean, prentsan eta 2019ko otsailaren 21eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (36. zk.). Geroago, 2019ko uztailaren 16an egindako bilkuran, Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari proiektuak eragiten dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko premiazkotasunaren adierazpena eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira dosierrean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta bi alegazio aurkeztu ziren, administrazio-espedientean adierazten denez.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:

Aizpurutxo auzoa Urola ibaiaren eta GI-631 errepidearen ertzean eraikitako eraikin sakabanatuen eredu baten arabera garatu zen (ibaia eta errepidea paraleloan doaz). Ez zegoen oinezkoentzako pasabiderik herritarrak segurtasunez joan zitezen gizarteratze puntuetara, hau da, elizara, tabernara edo autobus-geltokietara. Hori dela eta, errepidearen ertzetik ibiltzen ziren, trafikoarekiko inolako babesik gabe eta bereizketarik gabe. Egoera hori hobetzeko asmoz, hainbat ekintza gauzatu dira. Horiek oinezkoentzako ibilbidea konpondu dute, auzoaren zati batean.

Baina, auzoko azken zubiaren iparraldeko eraikinetako bizilagunek behartuta jarraitzen dute eguneroko ibilbidea GI-631 errepideko ertzetik egitera, gizarteratze guneetara eta Azkoitia eta Zumarragarekin lotzen dituzten autobus geltokira iristeko. Guztia bazterbiderik gabeko eta galtzada estua duen zati batean zehar. Honek segurtasun arazoa sortzen du bai oinezkoentzat, bai eta ibilgailuetako bidaiarientzat ere. Toki honetan, errepidearen eguneroko batez besteko intentsitatea 3.200 ibligailukoa da; horietatik % 9 trafiko astunari dagokio.

Hori guztia larriagotu egiten da igar daitekeen industria eta merkataritza-jardueraren hazkundea dela eta. Hazkunde honek trafiko-kopurua handiagotzen du.

Proiektuak jasotzen dituen lanak azkar eginda, arazoa saihestu daiteke.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio: nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari zegokion horretarako proposamena aurkeztea Jaurlaritzaren Kontseiluari.

Hori dela eta, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2020ko otsailaren 11ko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, «Azkoitian, Aizpurutxo zeharbidean GI-631 errepidearen paraleloan doan oinezkoentzako lotura proiektua (1-MT-66/2018)» burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak Gipuzkoako Foru Aldundiak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztuta eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko otsailaren 11n.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala