Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

16. zk., 2020ko urtarrilaren 24a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
329

EBAZPENA, 2019ko abenduaren 9koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita proiektu honen ingurumen-inpaktuaren adierazpena: Abadiño TA-Basauri TA eta Euba TA-rako deribazioan zirkuitu bikoitzeko 132 kV-ko linea elektrikoa berritzeko proiektua –Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk sustatua–, Abadiño, Durango, Izurtza, Iurreta, Amorebieta-Etxano, Lemoa, Bedia, Galdakao, Zaratamo, Basauri eta Arrigorriagako udal-mugarteetan.

AURREKARIAK

2019ko urtarrilaren 23an, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak jendaurrean jarri zuen Abadiño TA-Basauri TA eta Euba TA-rako deribazioan zirkuitu bikoitzeko 132 kV-ko linea elektrikoa berritzeko proiektua –Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk sustatua–, baita haren ingurumen-inpaktuaren azterketa ere, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Izapide horri buruzko iragarkia 2019ko otsailaren 8ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen.

Jendaurrean jartzeko izapidea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak adierazi du alegazio bat jaso dela. Edukia espedientean jasota dago.

Aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak, 2019ko otsailaren 4an, kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei. Emaitza espedientean jasota dago. Horri dagokionez, funtsezko organoak adierazi du ingurumen-inpaktuaren azterketan kontuan hartu direla jasotako alegazioa eta eraginpeko administrazio publikoen erantzun-txostenak.

2019ko urriaren 25ean, proiektu honi buruzko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko eskabidea osatu zuen Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan: Abadiño TA-Basauri TA eta Euba TA-rako deribazioan zirkuitu bikoitzeko 132 kV-ko linea elektrikoa berritzeko proiektua –Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk sustatua–.

Eskabidean, dokumentazio hau aurkeztu zen:

– Abadiño TA-Basauri TA eta Euba TA-rako deribazioan zirkuitu bikoitzeko 132 kV-ko linea elektrikoa berritzeko proiektua, 2018ko maiatzean.

– Ingurumen-inpaktuaren azterketa, Abadiño TA-Basauri TA eta Euba TA-rako deribazioan zirkuitu bikoitzeko 132 kV-ko linea elektrikoa berritzeko proiektuarena, 2018ko ekainean.

– Jendaurrean jarri izanaren ondoriozko emaitzei buruzko dokumentuak.

– Eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten emaitzei buruzko dokumentuak.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko xedearekin.

Halaber, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek, beste helburu batzuen artean, bermatu behar dute ingurumenaren gaineko eraginaren ondorioen azterketa sartzea plangintzaren hasierako faseetan, aukera egokienak hautatze aldera, betiere kontuan izanik zenbait jardueren ondoriozko eragin metatzaileak eta sinergiakoak.

Aipatutako otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 41. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan gauzatu nahi diren planek eta proiektuek (publiko zein pribatu izan) ezinbestekoa izango dute ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitea, baldin eta lege horren I. eranskinean jasota badaude. Aipatu arauaren I.B) eranskinean 3.4 epigrafean sartuta dago Abadiño TA-Basauri TA eta Euba TA-rako deribazioan zirkuitu bikoitzeko 132 kV-ko linea elektrikoa berritzeko proiektua –Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk sustatua–.

Bestalde, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 33. eta hurrengo artikuluetan jasota dagoen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozedura arruntaren pareko bezala ulertu behar da otsailaren 27ko 3/1998 Legeak arautzen duen ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazio-prozedura.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak, funtsezko organo gisa, ebaluazio-prozedura arrunta egiteko behar den hura prestatu du Abadiño TA-Basauri TA eta Euba TA-rako deribazioan zirkuitu bikoitzeko 132 kV-ko linea elektrikoa berritzeko proiekturako –Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk sustatua–. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterlan bat gehitu du espedientean, kontsulta publikoak egin ditu, eta eraginpeko administrazio publikoek eta pertsona interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterlana zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, irismen-dokumentuan jasotako baldintzak barne, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin da, eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jaso da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori da organo eskuduna Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera.

Horrenbestez, xedapen hauek aztertuta: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea: Abadiño TA-Basauri TA eta Euba TA-rako deribazioan zirkuitu bikoitzeko 132 kV-ko linea elektrikoa berritzeko proiektua –Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresak sustatua–, Abadiño, Durango, Izurtza, Iurreta, Amorebieta-Etxano, Lemoa, Bedia, Galdakao, Zaratamo, Basauri eta Arrigorriagako udal-mugarteetan.

Abadiño TA-Basauri TA eta Euba TA-rako deribazioan zirkuitu bikoitzeko 132 kV-ko linea elektrikoa berritzean datza proiektua. Hauek barne hartzen ditu berritze horrek: euskarriak ordezkatzea eta indartzea; eroalea, lurreko kablea, isolatzailea eta lotutako elementuak ordezkatzea, eta lurreko kablearen linea eta OPGW kablea ezartzea, egun halakorik ez dagoen tarteetan.

Abadiño TA-Basauri TA eta Euba TA-rako deribazioa linea elektrikoa 28.533 metro luze da, osorik airetik, eta horietatik 18.466 metro dira berritze-proiektuaren xede. Abadiño, Durango, Izurtza, Iurreta, Amorebieta-Etxano, Lemoa, Bedia, Galdakao, Zaratamo, Basauri eta Arrigorriagako udal-mugarteetan burutuko da proiektua.

Egun dauden zenbait euskarriren ordez euskarri berriak ezarriko dira; zehatzago esanda, 29 euskarri ordezkatuko dira, eta beste 7 desmuntatuko, ordezkatu gabe. Euskarri berriak, ahal dela, ez dira egungo kokalekuetan ezarriko, dauden zimenduak berrerabiltzea saihesteko. Aukera hori bideragarria ez den kasuetan, lehendik dagoen zimendua indartuko da.

Erreformatu beharreko linea-tarteko eroaleak erabat berrituko dira, baita lurreko kablea, zuntz optikoko kablea, isolatzaileak, grapak eta burdineria atxikiak ere.

Euskarrien zimenduak masa-hormigoizko lau bloke beregainen bidez egiten dira, zango bakoitzeko bat. Orotara (ordezkatu beharreko 29 euskarriak aintzat hartuta), 1.810,9 m2 okupatzen dira. Antzeko azalera bat desafektatuko dute desegingo diren linearen euskarriek, gehi desegingo diren eta ordezkatuko ez diren zazpi euskarriek desafektatutako azalera. Euskarriak ordezkatzen diren guneetan, lehendik dauden zimenduak suntsituko dira, hormigoia kenduko da, eta espazioa euskarri berrien zimenduetan lortutako lurrarekin beteko.

Linearen mantentze-lanetarako erabilitako bideak erabiltzea lehenetsiko da, baita landan zeharreko sarbidea ere, nahiz eta, era berean, beharrezkoa izango den bide berriak irekitzea obren eremura sartzeko. Gutxi gorabehera 1.841 metroko luzera du sarbide berrien trazadurak, eta, 4 metroko zabalera aintzat hartuta, 7.364 m2-ko azaleran izango du eragina. Ahal den heinean, eremu lauenak bilatuz eta sestra-kurbekiko ahalik eta paraleloen irekiko dira sarbide berriak, lur-mugimenduak minimizatzeko; hori dela eta, ez da aurreikusten lur-mugimendu garrantzitsurik sortzerik.

Euskarrien kokapena aldatzeak berarekin dakar segurtasun-kalea egokitzea. 21.133 m2 azalera landare inaustea/moztea aurreikusten da.

Bigarren.– Baldintza hauek jartzea proiektua gauzatzeko; baldintza lotesleak dira, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

A) Proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da proiektua, eta, nolanahi ere, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera.

Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluaziori buruzko prozedurak, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, kontuan izan du espedientean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozeduraren aldietan erantsitako txostenen edukia.

B) Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

Proiektuan egingo diren aldaketa puntualak arrazoitu egin beharko dira ingurumenaren ikuspegitik, baldin eta aurreko paragrafoan adierazitako garrantzia ez badute eta obrak egiteko geratzen diren izapideetan sortzen badira. Neurri babesle eta zuzentzaileetan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintza-agirietan jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

C) Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.

Trazadurak ez die eragiten ez babestutako espazio naturalei ez natura-intereseko beste eremuei (Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako (LAG) interes naturalistikoko eremuak, EAEko Garrantzizko Naturaguneen Katalogo Irekiko espazioak, EAEko Hezeguneen Lurraldearen arloko Planeko beste hezeguneak). Urkiolako Parke Naturala eta KBE da hurbilen dagoen babestutako espazio naturala; linea elektrikotik 800 metrora dago. Trazadura bat dator EAEko korridore ekologikoen sareko elementuekin, zehazki «Urkiola - Urdaibaiko artadi kantauriarrak» eskualde-loturako korridorearekin. Korridore horren barnean, interes bereziko ibilgu gisa identifikatzen da Oromiño ibaia, zeina linea elektrikoak zeharkatuko baitu.

Arrigorriaga herrigunearen ekialdean eta mendebaldean, Lemoako azpiestazioaren mendebaldean, Eubako azpiestazioaren hego-mendebaldean eta Durangoko udal-mugartean –Amorebieta-Etxanotik hurbil– daude haien neurriagatik esanguratsuenak diren hostozabal autoktonoen eremuak. Ingurumen-inpaktuaren azterketan, landarediaren kontserbazioaren ikuspegitik baliotsuenak diren guneak identifikatu dira. Hauek dira:

– Hariztiak Bitañon, Arrañon, Artetan eta Maraspera errekaren ibarbidean.

– Haltzadiak, Areotzerrota errekari atxikiak, eta Bolunburu, Orozketa, Eroso-Ugarte eta Utxaraingoak.

Haltzadi kantauriarra Europar Batasunaren lehentasunezko intereseko habitata da (91E0*: Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieetako baso alubialak). Hauek dira Europar Batasunaren interesekoak diren eta linea elektrikoak zeharkatzen dituen bestelako habitatak (92/43/CEE Zuzentarauaren I. eranskinaren arabera kodetuta):

– 4030. Europako txilardi lehorrak.

– 6210. Belardi erdinatural lehorrak eta kare-substratuetako sastrakadi-faziesak (*orkidea bikainak dituzten lekuak)

– 6510. Behe-altitudeko sega-belardi txiroak.

– 9340. Quercus ilex eta Quercus rotundifolia artadiak.

Halaber, Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan sartuta dauden espezieak eta Prunus lusitánica espezieari dagokion kontserbaziogune bat daude.

Bestalde, mehatxatutako harrapari harkaiztarren habia-gune batetik hurbil dago linearen parte bat. Sai zuriarentzako kritikoak diren gune baten barnean daude sarbide batzuk eta/edo Ap-61, Ap-62, Ap-63 eta Ap-64 euskarriak.

Linea elektrikoa 32 aldiz gurutzatzen da ur-ibilguekin, eta horietatik 19k aldaketaren bat jasango dute; ibilgu horietatik asko bisoi europarraren Interes Bereziko Eremuetan daude; ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuaren bidez onartutako Bizkaiko kudeaketa-plan bat du espezie horrek.

Kultura-ondareari dagokionez, balizko arkeologia-gune bat dago Ap-95 eta Ap-96 euskarrietatik 120 bat metrora, «Arteta» (BAG, 17. zk.); bestalde, linea elektrikoak «Unión de Explosivos Riotinto»ren azalera (Kod. 28. zk.) zeharkatzen du, zeina kultura-ondare inbentariatu bat baita (96., 97. eta 98. euskarriak); bi elementuak Galdakaoko udal-mugartean daude.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, ez da arrisku geotekniko azpimarragarririk atzeman: akuiferoak zaurtzeko arrisku txikia eta oso txikia du lursailak, eta uholde-guneetatik kanpo daude euskarri guztiak.

D) Babes- eta zuzenketa-neurriak.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoari aurka egiten ez dion orotan, sustatzaileak funtsezko organoaren bidez Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Bestalde, neurrien izaria eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumenaren gaineko inpaktuaren adierazpen honek finkatzen dituenak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak ezarriko dira obretan.

Honako apartatu hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira:

D.1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

Hargatik eragotzi gabe Bertako hainbat baso-espezieren araubide bereziari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Aginduan xedatutakoa eta, hala badagokio, mendien kudeaketaren gainean eskumena duen Bizkaiko Foru Aldundiko organoak ezartzen duena aplikatzea, honako neurri hauek ezarriko dira:

D.1.1.– Obrak burutzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira lanak berak eta lurzorua erabiltzea dakarten eragiketa osagarriak. Ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira beharrezkoak diren mozte- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne–.

D.1.2.– Eremurik kaltebera eta natura-balio handienekoenetan (zuhaizti autoktonoak, faunarentzat interes berezikoak diren eremuetan, etab.), inausi egingo da, posible bada betiere, eta zuhaitzak behar-beharrezkoa denean moztuko dira soilik, eta bakar-bakarrik kolokan jarriko badute linea elektrikoaren segurtasuna haien gehieneko garapenera iristen direnean. Dena dela, lehendik dagoen zuhaixka-geruza osoa mantendu beharko da. Bizkaiko Foru Aldundiko zerbitzu teknikoekin elkarlanean adostuko dira zein zuhaitz moztuko edo lepatuko den erabakitzeko irizpideak.

Zuhaitzak botatzea edo eskokatzea beste biderik ez bada, motozerrak erabiliko dira horretarako, eta ez makina astunak, modu selektiboan lan egin ahal izateko. Zuhaitzak ipurditik moztea beti era zuzenduan egingo da, gainerako landaredia autoktonoari kalterik ez eragiteko.

Aurrekoarekin lotuta, adierazi behar da Uraren Euskal Agentziak txostena eman zuela 2019ko otsailaren 25ean, eta, txosten horren edukiarekin bat, bi talde egin dira gurutzatze-puntua eta paralelismoa aintzat hartuta, baimen daitekeen eragin-motaren arabera eta eremu zehatz bakoitzari eragiten dion araudiarekin bat:

A) Landareak partez inausi daitezkeen ibilgu-tarteak:

– Linea nagusia: Ap1-Ap2N, Ap4-Ap5N, Ap8N-Ap9, Ap12N-Ap13, Ap51-Ap52, Ap52-Ap53, Ap69-Ap70, Ap72-Ap73, Ap73-Ap74, Ap101-Ap102N, Ap106-Ap107 euskarriak.

– Euba TA-rako deribazioa: Ap1-Ap2N, Ap2N-Ap3.T2-T3.

Ibaiertzeko espezieak dauden tokietan (lizarrak, haritzak, sahatsak, etab.), lineari eragin diezaioketen goiko adarrak bakarrik kimatuko dituzte. Ez da zuhaitzaren garaiera osoaren 1/3 baino gehiago kimatuko, eta eremuko zaintzaileak gainbegiratuta egingo da hori, geldialdi begetatiboan (negua).

Zuhaitz aloktonoak erabat moztu daitezke; betiere, berehala tamaina txikiko edo hazkunde moteleko espezieak landatzen badira (sahatsak, hurritzak, haritzak), eta mozketa neguan egiten bada, ibaizainak gainbegiratuta, ibilguetan eragin txikiagoa izateko.

B) Ibilgu-guneetan edo horrekin lotutako ekosistemen guneetan lehendik dagoen landarediari eragin berririk sortuko ez zaion tarteak, EAEko Ibai eta Erreka Bazterrak Antolatzeko Lurralde Planarekin bat. Hauek dira guneok:

Traza orokorreko euskarrien artean: Ap20N-Ap21, Ap70-Ap71, Ap91-Ap92, Ap92-Ap-93, Ap93-Ap94 eta Ap107-Ap108.

Linea elektrikoaren eta ibaiertzeko zuhaitzen arteko interferentziak saihesteko etorkizunean, tarte horietarako aholkatzen da euskarriak altxatzea, traza zuzentzea, zulaketa zuzenduaren bidez gurutzatzea, etab.

D.1.3.– Obrak egin behar diren lekuetara sartzeko, lehendik dauden bideak erabiliko dira, ahal den neurrian, edo, halakorik ezean, lehendik dagoen korridorea. Aurreko apartatuetan aipatutako eremu kalteberetan sarbideak irekitzea saihestuko da.

D.1.4.– Obren inguruan atzemandako espezie hauek seinalatuko eta balizatuko dira: Quercus suber, Dryopteris carthusiana, Trichomanes speciosum, Sorbus latifolia, Pinguicula lusitanica, Dryopteris aemula, Prunus lusitanica, Woodwardia radicans, Ophioglossum vulgatum, Narcissus asturiensis e Ilex aquifolium, horien gaineko eragina saiheste aldera.

D.1.5.– Bisoi europarraren kudeaketa-planen eremuan egitekoak diren jarduerak foru-organo eskudunak ezarritako baldintzei jarraikiz gauzatuko dira. Organo horrek mugak ezar ditzake, bai lanak egiteko eran, bai horiek egiteko mementoan, betiere kontuan hartuta zein diren zaindu beharreko aldiak, fauna mehatxatuaren ziklo biologikoei dagokienez.

D.1.6.– Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuaren txostenarekin bat, mehatxatutako harrapari harkaiztarren habia-gune batetik hurbil dago linearen parte bat. Zehazki, sai zuriarentzako kritikoak diren gune baten barnean daude Ap-61, Ap-62, Ap-63 eta Ap-64 euskarriak. «Abifauna babesteko eremu» jotzen da linearen tarte hori. Eremu horretan, espezie horren ugalketa-alditik kanpo egin beharko dira bai makineria sarbideetatik igarotzea eta bai obrak egikaritzea. Gainera, sustatzaileak talken aurkako neurriak ezarri beharko ditu hegaztientzat, Ap-61 eta Ap-64 euskarrien artean lehendik dauden baoetan.

D.1.7.– Kontratistaren instalazio-eremuak obren enpresa esleipendunak egokituko ditu, egitekoak diren jarduketek ahalik eta eragin txikiena izan dezaten ingurumenean. Eremu horiek ezin dira inola ere intereseko landaretza duten espazioetan egon (zuhaizti autoktonoak, ibaiertzeko landaretza, lehentasunezko intereseko habitatak, mehatxatutako landare-espezieak), ez eta ibilguetatik hurbil dauden lursailetan ere.

Horretarako, obrak hasi aurretik, xehetasun-kartografian zehazki zedarrituko dira obrarako sarbideek, tresnak aldi batean biltegiratzeko eremuek eta hondeaketa-lurrak eta hondakinak aldi baterako metatzeko tokiek okupatzen dituzten eremuak. Obra-zuzendaritzak baimendu beharko du zedarritze hori, eta, aldez aurretik, ebazpen honen D.10 apartatuan aipatutako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren, betiere.

D.1.8.– Ustekabeko eraginik gertatzen bada adierazitako eremutik kanpo, zuzentzeko eta lehengoratzeko neurri egokiak aplikatuko dira, ebazpen honen D.10 apartatuan aipatutako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren, betiere.

D.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Hargatik eragotzi gabe ur-gaietan eskumena duen organoak xedatutakoa, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartu beharko dira jabari hidrauliko publikoan eta horren zortasun- eta zaintza-guneetan eragina duten obretarako:

D.2.1.– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

D.2.2.– Drainatze naturaleko saretik isolatuko da obrako makinen parke gisa erabiltzen den lurrazala eta horren mantentze-eremua. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

Ebazpen honen D.10 apartatuan aipatutako dokumentazioan jasoko dira elementu horien ezaugarriak, kokalekua eta neurri zehatzak.

D.2.3.– Biribilki moduko hidrokarburoen material xurgatzaile espezifikoa edo material pikortatua eta abar jarri beharko da eskura obretan, ustekabeko isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

D.2.4.– Ingurumen-inpaktuaren azterketan deskribatutako eta horretarako berariaz egokitutako eremuetan garbituko dira hormigoi-upelak. Hormigoi-esnea ezingo da inola ere ibilgura isuri. Hormigoi-hondakinak kudeatzeko, ebazpen honen D.6 apartatuan ezarritako baldintzak beteko dira.

D.3.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

D.3.1.– Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzko irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan jasotako leku bati eragiten dio proiektuak.

Horren harira, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan xedatutakoa betez, arau horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, ingurumen-organoak ebazpen bidez lurzoruaren kalitatea adierazi beharko du, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako prozedurari jarraikiz.

D.3.2.– Lurzoruaren kalitate-adierazpenaren mende egongo dira lurzorua kutsa dezakeen jarduera edo instalazio bat egon den leku batean egin daitezkeen lur-mugimenduak. Era berean, EAEko ingurumen-organoak aurrez onartu beharko du hondeaketa selektiborako plan bat lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozeduraren esparruan, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan jasotakoa betez.

D.3.3.– Hala ere, obrek dirauten artean lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada, edo lurzorua kutsatzen duten gaien zantzu argirik bada, kasu horietarako ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.

D.4.– Hauts-isuriak gutxitzeko neurriak.

D.4.1.– Lanek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak iragan osteko garbiketa-lanak, bai egin beharreko jardunaren eraginpeko ingurunean, bai jardun-eremuetara sartzeko guneetan. Sistema bat eduki beharko da aldi baterako hutsik dauden pistak eta inguruak ureztatzeko.

D.4.2.– Indusketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreiatzea saiheste aldera.

D.5.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

D.5.1.– Lanek iraun artean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira zaratak sorburuan murrizteko, bereziki indusketa-, eraispen-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, eta erabilitako ekipoen zaraten kontrolean ere.

D.5.2.– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

D.5.3.– Bestalde, proiektua garatzean, obrek eraginpeko eremuan sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 35 bis artikuluan aurreikusitakoa.

D.5.4.– Egunez bakarrik lan egingo da.

D.6.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

D.6.1.– Sortutako hondakinak Hondakin, Lur Kutsatu eta Berariazko Araudiei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, indusketetatik datozen hondakinak eta obra-lekuak prestatzeko lanetatik sortzen direnak barne, eta behar izanez gero, haien ezaugarriak adierazi beharko dira, zer izaera duten eta nora bidali behar diren zehazteko.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

D.6.2.– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

D.6.3.– Aipatutako ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterketa bat, zeinak dekretu horretako I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko baitu.

Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko.

D.6.4.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuan eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera ere kudeatuko dira.

Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

Betelanak jalkitzeko, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

D.6.5.– Eraikitzeko edo eraisteko obren hondakinei dagokienez, kutsatu gabeko induskatutako lurzoruak eta obretan induskatutako material naturalak badira eta obra gauzatzeko soberakin gisa sortzen badira, eta betelanetara edo jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetara zuzentzen badira, induskatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua aplikatuko da, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 28. artikuluko aurreikuspenak aplikatuz.

D.6.6.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

D.6.7.– Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da sortutako olio erabilia. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

D.6.8.– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregaiak eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

D.6.9.– Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta txosten horretan sartu beharko dira indarreko legerian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak.

D.7.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

D.7.1.– Ingurumen-inpaktuari buruzko azterketaren edukiaren arabera, Galdakaoko udal-mugarteko Artetako ustezko arkeologia-zonan eraginik ez izateko, haren hego-mendebaldeko muturra balizatuko da, seinaleztatu eta azaleratik igarotzea saiheste aldera. Proiektuak zeporialean izan ditzakeen eraginak edo burdinola horren ezaugarri izan daitezkeen labeak baztertzeko, 96. euskarrirako sarbidearen kontrol eta jarraipen arkeologikoa egingo da obrak hasi aurretik.

Era berean, proiektuak Unión de Explosivos Riotinto industria-guneari lotutako elementuetan izan ditzakeen eraginak baztertzeko, proposatzen da 97. eta 98. euskarrien arteko sarbidearen kontrol eta jarraipen arkeologikoa egitea.

D.7.2.– EAEko Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritako gainerako beharkizunen kalterik gabe, ustiatze-lanak egin bitartean aurkikuntza arkeologikorik egin bada, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saila jakinaren gainean jarri behar da berehala, azken horrek erabaki dezan zer neurri hartu behar diren.

D.8.– Paisaia babesteko eta obren eraginpeko azalerak lehengoratzeko neurriak.

D.8.1.– Obren eraginpeko eremu guztietan egingo dira obra paisaian integratzeko lanak, baita kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, baldin eta, lehengoratze-proiektuan agertu ez arren, kaltetuak gertatu badira proiektua amaitzean. Ingurunea lehengoratzeko lanek honako hauek barne hartuko dituzte: urbanizatu gabeko guneetan, lurra alde geomorfologiko eta edafikotik lehengoratzea eta landare-estalki bati euts diezaioketen eremuak landareztatzea, eta, hiriguneetan, lorategiko elementuak berriro jartzea.

Obren eraginpeko azalerak lehengoratzeko, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa beteko da.

Obra kontratatzeko baldintza-agiriak eta aurrekontuek dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko.

D.8.2.– Zuhaitzak moztea behar-beharrezko den kasuetan eta hori egitea behar bezala justifikatuta dagoenean, baso misto atlantikoko zuhaixka-espezieekin birlandatu beharko dira moztuko diren zuhaitz-azalerak.

D.8.3.– Lehengoratze-lan horiek iraun bitartean, ekintzak gauzatuko dira landare inbaditzaileak zabaltzea eragozteko –hala nola, Cortaderia selloana, Robinia pseudoacacia, Fallopia japonica, Buddleja davidii, Arundo donax eta beste–. Ildo horretan, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.

Era berean, ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jardun-guneetan.

D.8.4.– Ingurunea lehengoratu ondoko bi urteetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak landareberritu.

D.9.– Garbiketa eta obra bukatzea.

Obrak bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da, eta obrako hondakinik batere gabe utzi beharko da proiektuak erasandako eremua. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honen D.6 apartatuan xedatutakoa aplikatuko da.

D.10.– Ingurumen-aholkularitza.

D.10.1.– Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen arte, ingurumen gaietan, kultura-ondarearen zaintzan eta babes- eta zuzenketa-neurrietan, aholkularitza gaitua eduki beharko du Obra Zuzendaritzak, ingurumen-inpaktuaren azterketaren zehaztapenen arabera. Obra-zuzendaritzak emango ditu aipatutako gaiei buruz baldintza-agirietan esleitutako egitekoen gaineko ebazpenak, aholkularitza hori egiten duten espezialistek txostena egin baino lehen, betiere.

D.10.2.– Eremuak kalteberak izanez gero, hala nola lehentasunezko eta interes komunitarioko habitatak, baso-masa autoktonoak, zuinketa-fasean eta zuhaitzak botatzen direnean, Botanikan aditua den batek egon beharko du obran bertan, obra-zuzendaritzari edo obra-arduradunari aholkuak emateko.

D.11.– Lan-programa diseinatzea.

Lanak hasi aurretik, kontratistak proposamen zehatzak egingo ditu honako azpiapartatu hauetan zehaztutako gaiei buruz, gutxienez.

Proposamen horiek lanak egiteko programari erantsiko zaizkie, eta lanen zuzendariak berariaz onartuko ditu –aurrez, txosten bat egingo du aurreko apartatuan aipatutako ingurumen-aholkularitzak–. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatutako programak:

– Kontratistaren instalazioen eremuen kokalekuari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak, eta hor jasota egongo dira hondeaketa-lurrak behin-behinean biltzeko eremua, sarbideak, makineria-parkeak, instalazioak eta materialak, ibilgailuak garbitzeko eremuak eta beste edozein azpiegitura.

– Xehetasun-kartografia bidez, zehatz-mehatz zedarrituko dira lanak gauzatzeko nahitaez bota behar ez diren zuhaitz autoktonoak eta zuhaitz-unadak.

– Eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinak kudeatzeko plana, honako hauek errespetatuta: Eraikuntza- eta eraispen-lanen hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikulua; Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikulua.

E) Ingurumena zaintzeko programa.

Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera gauzatuko da ingurumena zaintzeko programa, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.

Programa horrek obra kontratatzeko baldintza-agirietan barne hartuta egon behar du, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.

E.1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren eskura egongo da erregistroa, hark ikuskatzeko, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, hari bidaliko zaio. Proiektua gauzatzean aldaketarik egiten bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu beharko dira aipatutako aldaketak.

Horri dagokionez, obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarreko legediak hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako jasotzen dituen dokumentuak erantsi beharko dira txosten horretan.

E.2.– Obrak okupatzen dituen mugak kontrolatzea.

Egiaztatuko da proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela egindako okupazioa; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako azalera baino eremu handiagoa.

E.3.– Lehengoratzearen arrakastaren kontrola.

Obra amaitu ondoko bi urteetan, aldizkako jarraipena egingo da proiektuaren eraginpeko eremuak lehengoratzeak izan duen arrakasta-maila neurtzeko.

E.4.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina:

Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina egin beharko du sustatzaileak, non bilduko baitira ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak.

Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasun-kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.

E.5.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programaren barruko txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta funtsezko organoaren bidez bidaliko zaizkio Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari. Obrak bukatuta eta lehengoratze-lanen bermealdia amaituta egingo da bidalketa hori, zehazki, lehengoratzea egin eta bi urtera. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako entitate independente batek egindako txostena ere aurkeztu behar da. Txosten hori emaitzen analisi bat izango da, aldi horretan gertatutako gorabeherak, balizko kausak eta konponbideak bereziki aipatuta, eta, aldez aurretik zehaztu ez den kasuetan, laginak hartzearen xehetasunak.

Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

F) Baldin eta arautegi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala eginarazten badigute, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-zaintzako programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai eta neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Halaber, ingurumen-organoak erabaki ahal izango du, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatzea, baldin eta egiaztatzen bada, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan edo bestelakoetan oinarrituta, gerta litezkeen ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak ez direla nahikoak.

G) Hargatik eragotzi gabe ebazpen honen aurreko apartatuetan ezarritakoa, jarraian aipatzen diren dokumentuak helarazi beharko zaizkio ingurumen-organo honi, espedientean sar ditzan. Dokumentu horiek Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzara bidali beharko ditu funtsezko organoak oniritzia eman ondoren, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioarekin batera.

G.1.– Obrak hasi baino lehen, ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

G.2.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, hondeaketa-soberakinen eta hondakinen ingurumen-jarraipenari dagozkion txostenak, ebazpen honen D.6 apartatuan aurreikusitakoaren arabera.

G.3.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, obrak garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasotzen duena, ebazpen honen E.1 apartatuan xedatutakoaren arabera.

Hirugarrena.– Lau urteko epea ezartzen da proiektua egikaritzen hasteko, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igaro eta artean ez bada proiektua egikaritzen hasi, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio iraunaldia, eta dagozkion ondorioak sortzeari utziko dio. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatu epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat etorririk.

Laugarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektua gauzatzen noiz hasiko den jakinarazi beharko dio aldez aurretik proiektuaren sustatzaileak ingurumen-organoari.

Bosgarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari eta Abadiño, Durango, Izurtza, Iurreta, Amorebieta-Etxano, Lemoa, Bedia, Galdakao, Zaratamo, Basauri eta Arrigorriagako Udalei.

Seigarrena.– Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduaren 9a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala