Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

225. zk., 2019ko azaroaren 26a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

HEZKUNTZA SAILA
5474

AGINDUA, 2019ko azaroaren 14koa, Hezkuntzako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzako Ikuskarien Kidegora sartzeko lehiaketa-oposiziorako deia egiten duena.

Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak Hezkuntzako Ikuskaritzaren funtzio, eskumen eta ezaugarri nagusiak ezartzen ditu, baita Hezkuntzako Ikuskarien Kidegoan sartzeko oinarrizko eskakizunak ere, karrerako irakasle funtzionarioei zuzendutako oposizio-lehiaketa bidez bideratuko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzarako irakasle-kidegoak sortzeko 2008ko abenduaren 19ko 15/2008 Legeak Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzako Ikuskarien Kidegoa sortu du, berezko kidego modura. Arau horrek, gainera, txertatu egin ditu kidegoan sartzeko sistemaren ezaugarrien eta interesdunek bete behar dituzten eskakizunen inguruan maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak dituen aurreikuspenak.

Bestetik, jarraitu beharreko prozedura zehazki eta oinarri modura jasotzen du araudiak. Araudi hori otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren bidez onartu zen eta bertan arautzen da nola sartu Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak aipatzen dituen irakaskuntza-kidegoetan, nola igaro beste kidegoetara eta nola eskuratu espezialitate berriak. Era berean, aipatutako legearen hamazazpigarren xedapen iragankorrak irakaskuntza-kidegoetan sartzeko behin-behineko erregimena arautzen du.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioaren 2019ko lan-eskaintza publikoa onartu da, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2019ko otsailaren 22ko Aginduaren bidez, eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 70. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Horregatik guztiagatik, azaldutakoaren arabera, eta Sail honi esleitu zaizkion eskumenak erabilita, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzako Ikuskarien Kidegoan sartzeko hautaketa-prozedurak deitzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioaren 2019rako enplegu publikoaren eskaintza onartzen duen Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2019ko otsailaren 22ko Aginduan iragarritako lanpostuei dagokienez.

Bigarrena.– Aipatutako hautaketa-prozedura horiek arautuko dituzten oinarriak onartzea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabete bateko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren dagokion salari, gehienez ere bi hilabeteko epean, aipatu egun beretik aurrera zenbatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 14a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

OINARRIAK
AURKIBIDEA
I. kapitulua. Oinarri orokorrak.
1.– Xedea, araubide juridikoa eta jakinarazteko bitartekoak.
II. kapitulua. Parte hartzeko betekizunak.
2.– Parte hartzeko betekizunak ezartzea.
III. kapitulua. Parte hartzeko eskabidea eta dokumentazioa.
3.– Parte hartzeko eskabidea, tasak, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak, horiek aurkezteko tokia eta eskabideak aurkezteko epea.
IV. kapitulua. Onartutako eta baztertutako izangaiak.
4.– Izangaiak onartzea.
V. kapitulua. Hautaketa-organoak.
5.– Hautaketa-organoak: Epaimahaiak eta Hautaketa-batzordeak.
VI. kapitulua. Oposizio-fasea.
6.– Oposizio-faseko probaren definizioa eta ezaugarriak.
VII. kapitulua. Lehiaketa-fasea:
7.– Dokumentuak entregatzea, ofizioz barematzea eta puntuazioak argitaratzea.
VIII. kapitulua. Lehiaketa-eta oposizio-faseak gainditzea.
8.– Prozesuaren puntuazio orokorra, izangaiak ordenatzea eta oposizio- eta lehiaketa-faseak gainditzea.
9.– Oposizio- eta lehiaketa-faseak gainditu dituzten hautatutako izangaien zerrendak argitaratzea.
10.– Hautatutako izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa.
IX. kapitulua. Praktika-fasea.
11.– Praktiketako funtzionario izendatzea.
12.– Praktika-fasearen ezaugarriak eta ebaluazioa.
X. kapitulua. Karrerako funtzionarioak.
13.– Karrerako funtzionario izendatzea.
XI. kapitulua. Datu pertsonalen tratamendua.
I. KAPITULUA
OINARRI OROKORRAK

1.– Xedea, araubide juridikoa eta jakinarazteko bitartekoak.

1.1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzako Ikuskarien Kidegoan sartzeko lehiaketa-oposizioa deitzea.

1.2.– Eskainitako lanpostuak 28 dira guztira, A1 azpitaldekoak. Horiek guztiak hezkuntzako 2. hizkuntza-eskakizunekoak eta derrigortasun-data igarota daukatenak dira. Lanpostu horietatik 26 txanda irekirako izango dira (A txandarako), eta 2 lanpostu desgaitasuna dutenentzat gordetako txandarako (B txandarako).

1.3.– Desgaitasuna dutenentzat gordetako txandan eman gabeko lanpostuak geratuz gero, txanda irekian eskainitako lanpostuei gehituko zaizkie.

1.4.– Hautaketa-prozedura honi honako arau hauek aplikatuko zaizkio:

2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa, Hezkuntzari buruzkoa.

8/2013 Lege Organikoa, abenduaren 9koa, hezkuntza-kalitatea hobetzekoa.

5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duena.

2/1993 Legea, otsailaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako irakasleen kidegoei buruzkoa.

15/2008 Legea, abenduaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan zenbait irakasle-kidego sortzekoa.

4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa.

39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa.

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa.

276/2007 Errege Dekretua, otsailaren 23koa, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak aipatzen dituen irakaskuntza-kidegoetan sartu, kidego horietara iritsi eta espezialitate berriak eskuratzeari buruzko araudia onartzen duena eta aipatutako legearen hamazazpigarren xedapen iragankorrean jasotako sartzeko behin-behineko erregimena arautzen duena.

EDU/3429/2009 Agindua, abenduaren 11koa, Hezkuntzako Ikuskarien Kidegoan sartzeko hautaketa-prozesuaren oposizio-aldiko gai-zerrenda onartzen duena.

343/2001 Dekretua, abenduaren 11koa, Hezkuntza Ikuskaritzako lanpostuek izan beharreko hizkuntza-eskakizun eta derrigorrezkotasunak zehazteko araubide espezifikoa ezartzen duena.

3/2009 Dekretua, urtarrilaren 13koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Ikuskaritzaren Lanpostuen Zerrenda onartzen duena.

297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena.

98/2016 Dekretua, ekainaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Ikuskaritzarena.

187/2017 Dekretua, uztailaren 4koa, zeinaren bidez aldatzen baita Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko den Dekretua.

Oro har, aplika daitezkeen gainerako xedapenak eta deialdi honetan ebatzitakoa.

II. KAPITULUA
PARTE HARTZEKO BETEKIZUNAK

2.– Parte hartzeko betekizunak ezartzea.

2.1.– Betekizun hauek bete beharko dituzte hautaketa-prozesuetan onartu ditzaten nahi dutenek:

a) Doktoretza, Lizentziatura, Ingeniaritza, Arkitektura edo Graduko titulua izatea edo berau eskuratzeko eskubideak ordainduta izatea.

Atzerrian lortu diren titulazioen kasuan, hauetako betekizunen bat egiaztatu beharko da:

– Titulazioaren homologazioa, azaroaren 21eko 967/2014 Errege Dekretuarekin bat etorriko dena. Errege Dekretu horrek Unibertsitateko titulazio eta ikasketa-maila ofizialarekin homologatzeko eta haren baliokidetzat jotzeko zein ikasketak baliozkotzeko betekizunak eta prozedura ezartzen ditu, atzerrian egindako goi-mailako ikasketei dagokienez, bai eta kualifikazioen espainiar esparruaren baitako mailen baliokide direnak zehazteko prozedura ere, Arkitekto, Ingeniari, Lizentziatu, Arkitekto Tekniko, Ingeniari Tekniko zein Diplomadun goi-mailako titulu ofizialei dagokienez.

– Dagokion lanbide-kualifikazioa onartua izatea.

b) Irakaskuntzako funtzio publikoa osatzen duen kidegoren batekoa izatea.

c) Karrerako funtzionario gisa gutxienez sei urteko antzinatasuna ziurtatzea irakaskuntzako funtzio publikoa osatzen duen kidegoren batean, eta iraupen bereko irakaskuntzako esperientzia.

d) Irakasle-lanpostuen 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea, abenduaren 11ko 343/2001 Dekretuaren 3. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

e) Epai irmoaren bidez kondenarik jaso ez izana sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako kontrako delituren batengatik –sexu-erasoa eta abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa, adingabeak galbidean jartzea eta gizakien trafikoa sartzen dira delitu horietan–.

2.2.– Desgaitasuna dutenentzat gordetako txandan parte hartzeko berariazko betekizunak.

Txanda horretan parte hartu ahal izango dute, 2.1 oinarrian deskribatutako betekizunak betetzeaz gain, eta eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen, gutxienez % 33ko desgaitasuna aitortuta dutenek (desgaitasuna kasuan kasuko foru-aldundiko, Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioko edo, hala badagokio, autonomia-erkidegoko gizarte ongizateko sailetako organo eskudunek aitortu behar dute) edo, ikuskaritzakoa ez den beste lanbide batean ezintasun iraunkor osoagatiko pentsioa aitortuta dutenek. Nolanahi ere, kasu batean zein bestean, desgaitasun hori ezin izango da bateraezina izan Hezkuntzako ikuskaritza-funtzioekin.

Gordetako txandaren aukera parte hartzeko eskabidean egin beharko da, eta esanbidezko deklarazioa egingo da horretarako eskatutako baldintza betetzen dela adierazteko. Lanpostua lortuz gero, eskumena duten organoen ziurtagirien bidez egiaztatu beharko da adierazitako baldintza hori betetzen dela.

Hala ere, probak egitean zalantzak sortzen badira izangaiak sartu nahi duen kidegoan funtzionarioek egin ohi dituzten jarduerak garatzeko izangaiaren gaitasunaren inguruan, Epaimahaiak auziari buruzko irizpena eskatu ahal izango dio eskumena duen organoari. Kasu horretan, irizpena azaldu bitartean, izangaiak baldintzapean jarraitu ahal izango du hautaketa-prozesuan; eta, adierazitako irizpena jaso arte, etenda geratuko da prozesuan onartzeko edo prozesutik baztertzeko behin betiko ebazpena.

Txanda irekiko izangaien baldintza beretan egingo da hautaketa-prozesua, deialdi honetako 3.1.2 oinarrian adierazitakoaren arabera eska daitezkeen denboraren eta baliabide materialen egokitzapenen kalterik gabe.

Txanda hau aukeratzen dutenek ezin izango dute txanda irekian parte hartu, ezta ondoren txandaz aldatu ere.

2.3.– Betekizunak betetzea eta mantentzea.

2.1 oinarrian aipatutako betekizun guztiak bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea amaitzean, eta Hezkuntzako Ikuskarien Kidegoko karrerako funtzionarioaren kargua hartzeko egunera arte mantendu beharko dira.

III. KAPITULUA
PARTE HARTZEKO ESKABIDEA ETA DOKUMENTAZIOA

3.– Parte hartzeko eskabidea, tasak, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak, horiek aurkezteko tokia eta eskabideak aurkezteko epea.

3.1.– Eskabideari buruzko argibideak.

3.1.1.– Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabide elektronikoa bete beharko dute. Interneteko helbide honetan dago: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-langileak/

Hortik aurrera, irakaslegunean argitaratuko da hautaketa-prozesuan zehar izangai bakoitzaren espedientearen inguruko informazio guztia. Irakaslegunean sartzeko, erabiltzailea (NANa) eta pasahitza sartu beharko dira. Ingurune horretara sarbidea izateko, Interneteko helbide hauetara jo beharko da: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-langileak/ («2019ko EPE. Hezkuntza Ikuskaritza») eta http://www.irakasle.eus

Hezkuntza Sailak emandako pasahitza baduten izangaiek hura erabili beharko dute aipatutako informaziora irispidea izateko. Pasahitza ahaztu edo galdu badute, beste bat lortu ahal izango dute www.irakasle.eus helbidean, «Pasahitza eskuratzea (edo berreskuratzea)» izeneko atalean.

Izangaiek ez badute pasahitzik, sistemak bat esleituko die prozesuaren informazioa eskuratu ahal izan dezaten; pasahitz hori SMS baten bidez jasoko dute, eskabidean adierazitako telefono mugikorrean, eskabidea betetzen bukatzen dutenean. Izangaiaren NANa izango da erabiltzailea.

3.1.2.– Desgaitasuna dutenentzat gordetako txandan parte hartzen duten izangaiek horren berri eman beharko dute eskarian dagokion laukian, eta probak egiteko denborari eta baliabide materialei dagokienez zer egokitzapen behar duten ere adierazi beharko dute, era horretan gainontzeko parte-hartzeen baldintza berberetan jardun ahal izan dezaten. Eskabidean horretarako utzitako eremuan ezin bada behar bezala adierazi zer egokitzapen behar duten, erantsitako orrian adieraziko da. Egokitzapena eskatuz gero, 3.3.a) oinarrian adierazitako dokumentua ere aurkeztu beharko dute.

3.1.3.– «Adingabeen babesa» izeneko atala bete beharko du izangaiak eskabidean, 2.1.e) oinarrian aurreikusitako betekizuna betetzen dela egiaztatzeko. Atal hori betetzen duenean, izangaiak adieraziko du ea baimena ematen dion Hezkuntza Sailari, hautatua izanez gero, 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan adierazitako ziurtagiria eskuratzeko izangaiaren izenean. Baimenik ematen ez badio eta lanbiderako hautatua bada, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, delitu horiengatik zigorrik jaso ez duela egiaztatzen duena, 10. oinarrian adierazitakoaren arabera.

Dena den, baimena lehenago eman dutenei ez zaie atal hau eskaeran erakutsiko.

3.2.– Tasak.

Irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei Buruzko Legearen testu bateginaren 36. eta hurrengo artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz, deialdi honetan parte hartu ahal izateko, izena emateko tasa ordaindu beharko du (22,91 euro) izangai bakoitzak.

Eskabideak aurkezteko epearen barruan ordaindu beharko dira tasak, eta bi modu hauetakoren bat aukeratu ahal izango da horretarako:

a) Jarraian aipatzen diren bankuetako edozein sukurtsaletan zuzenean ordaintzea, erakunde laguntzailearentzako frogagiria aurkeztuz: Laboral Kutxa, Kutxabank (BBK-Bilbao Bizkaia Kutxa, Caja Vital Kutxa eta Gipuzkoa Donostia Kutxa), BBVA, Santander, Sabadell-Guipuzcoano, Bankia, La Caixa, Bankoa edo Caja Rural de Navarra. Inprimakiek barra-kodea dutenez, kutxazain automatikoaren bidez egin daiteke ordainketa, irakurketa optikoarekin edo datuak eskuz atzemanez.

b) Online ordainketa: banku elektronikoaren sistemaren bitartez, sistemak berak erakusten dituen jarraibideei jarraituz, betiere interesduna modalitate horretako bezero baldin bada adierazitako banku-erakundeetatik edozeinetan. Ordainketa mota horren bitartez, ez da alferreko joan-etorririk egin behar eta ez da ilaran itxaron behar. Gainera, eguneko 24 orduetan erabil daiteke.

Azterketa egiteko eskubideak ordaindu ezean edo epez kanpo ordainduz gero, izangaia prozesutik baztertuko da. Ordaindutako zenbatekoa ez badator bat ordaindu behar zenarekin, hamar egun balioduneko epean zuzendu ahal izango da, onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

Banku-erakundean agiriak aurkezteak eta tasak ordaintzeak ez du, inola ere, ordezkatuko eskabidea behar den denboran eta eran, oinarri honetan adierazitako moduan, aurkezteko izapidea.

3.3.– Dokumentazioa.

Eskabideak aurkezteko epean, 3.1.1 oinarriak adierazitako eskaera elektronikoa betetzeaz gain, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Urritasuna duten izangaiek denboraren eta baliabideen egokitzapenak eskatzen badituzte, urritasun-maila zehazteko organo tekniko eskumendunak emandako medikuaren irizpen teknikoa aurkeztu beharko dute, fede emanez egiaztatzen dituena aitortutako urritasun-maila eragin duten urritasun iraunkorrak, hautaketa-organoak balioetsi ahal izan dezan eskatutako egokitzapenak bidezkoak diren ala ez.

b) Irakasle-lanpostuen 2. hizkuntza-eskakizunaren dokumentu baliokide edo homologatua duten edo apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuaren (euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuestekoa) 2. eta 5. artikuluetan jasotako baldintzak betetzen dituen unibertsitate-titulua duten izangaiek dagokion frogagiria aurkeztu beharko dute.

Dena den, ez da beharrezko jarraian azaltzen diren egiaztagiriak aurkeztea, Hezkuntza Sailean jasota baitaude:

– Irakasle-lanpostuei ezarri zaien 2. hizkuntza-eskakizuna.

– Euskararen Gaitasun Agiria (EGA).

– Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizialetako euskararen Gaitasun Ziurtagiria edo 5. mailaren ziurtagiria (ikasketa-plan zaharra, urtarrilaren 24ko 47/1992 Errege Dekretuaren arabera).

– Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizialetako gaitasun-mailaren (C1) ziurtagiria (otsailaren 24ko 46/2009 Dekretuaren arabera).

– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) emandako 3. hizkuntza-eskakizuna.

– HABEko 3. mailako eta C1 mailako ziurtagiria (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea).

– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko 3. hizkuntza-eskakizuna.

– Ertzaintzako 2. hizkuntza-eskakizuna.

– Euskaltzaindiko D titulua.

3.4.– Aurkezteko lekua.

3.4.1.– Deialdi honen 3.3 oinarrian adierazitako dokumentazioa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariari bidaliko zaio; horretarako toki hauetako batean aurkez daiteke:

a) Zuzenean bulegoetan:

– Araba: Zuzenean, Ramiro Maeztu 10, behea – Vitoria-Gasteiz.

– Bizkaia: Zuzenean, Kale Nagusia 85 – Bilbao.

– Gipuzkoa: Zuzenean, Andia 13 – Donostia.

b) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako gainerako lekuetan.

Dokumentuak posta-bulegoren batean aurkeztu nahi badira (Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko Zuzendaritza, Donostia kalea 1 – VitoriaGasteiz, 01010), gutun-azala irekita eraman beharko da, posta-bulegoko langileak eguna eta zigilua jar ditzan, gutun-azala ziurtatu aurretik. Hala egin ezean, dagokion bulego publikoan sartu den egunean aurkeztu dela ondorioztatuko da.

3.4.2.– Eskabidea Internetez betetzean, hartu izanaren adierazpena sortuko da (Erakunde laguntzailearentzako alea), esleitutako erreferentzia-zenbakia eta tasa 3.2 oinarrian aurreikusitako moduan ordaintzeko beharrezkoak diren datuak barne hartuta. Halaber, izangaiak frogagiria ere eskuratuko du (Interesdunarentzako alea). Eta azkenik, eskaeraren hirugarren frogagiri bat ere sortuko da (Administrazioarentzako alea), eskabideak betetzeko epean aurkeztu beharreko dokumentuei erantsi beharrekoa, baldin eta 3.3 oinarrian aipatutako kasuren batean egonez gero.

3.4.3.– Atzerrian egindako eskabideak tokian tokiko Espainiako ordezkaritza diplomatikoetan edo kontsulatuetan aurkeztu ahal izango dira, 3.5 oinarrian adierazitako epean, eta erakunde horiek eskumena duen administraziora igorriko dituzte. Azterketa-eskubideen tasa ordaintzeko, deialdi honetako 3.2 oinarrian xedatutakoari jarraituko zaio.

3.5.– Aurkezteko epea.

Eskabideak eta 3.3 oinarrian aipatutako gainerako dokumentazioa aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

IV. KAPITULUA
ONARTUTAKO ETA BAZTERTUTAKO IZANGAIAK

4.– Izangaiak onartzea.

4.1.– Onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Langileak Kudeatzeko zuzendariak gehienez hilabeteko epean emango du ebazpena. Horrela, onetsitzat joko du onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda eta, era berean, zerrenda hori non ipiniko den ikusgai adieraziko du.

Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpena eta behin-behineko zerrenda, interesdunei jakinarazteari begira, Interneteko helbide hauetan argitaratuko dira: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-langileak/ («2019ko EPE. Hezkuntza Ikuskaritza») eta http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu beharko dira).

Era berean, informazio moduan, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetako iragarki-tauletan ere argitaratuko da adierazitako ebazpena.

Zerrendan, datu hauek agertuko dira: izen-abizenak, nortasun-agiri nazionalaren zenbakia edo antzekoren batena atzerriko nazionalitatea dutenen kasuan, izangaiak parte hartzen duen txanda eta, baztertutakoen kasuan, baztertzeko arrazoiak.

Onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena argitaratuta, interesdunei behar bezala jakinarazi zaiela ondorioztatuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan xedatutakoaren arabera.

4.2.– Erreklamazioak.

4.1 oinarrian aipatzen den behin-behineko zerrendaren aurka, izangaiek erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute, hamar egun balioduneko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita; gainera, hala badagokio, zuzendu ahal izango da zerrendatik baztertzea eragin duen akatsa. Halaber, datu pertsonaletan akatsak atzeman dituzten izangaiek akatsak daudela adierazteko aukera izango dute epe horretan.

Erreklamazioak Langileak Kudeatzeko zuzendariari bidaliko zaizkio, eta 4.1 oinarrian adierazitako ebazpenean esaten diren lekuetan aurkeztuko dira.

Baldin eta interesdunak ez badu adierazitako epe horretan zuzentzen zerrendatik baztertzea eragin zuen akatsa, bere eskabidean atzera egin duela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluak xedatutakoaren arabera.

4.3.– Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda.

Langileak Kudeatzeko zuzendariak emandako ebazpenaren bidez onartu edo ezetsiko dira aurkeztutako erreklamazioak. Ebazpen berak onetsitzat joko du onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda.

Ebazpena eta behin betiko zerrenda behin-behineko zerrendarentzat adierazitako leku beretan argitaratuko dira. Gainera, behin betiko ebazpenaren xedapen-zatia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko ebazpenaren arabera, prozesurako onartuta bezala agertzen diren izangaiak joan ahal izango dira probak egitera. Gainera, baztertuta bezala agertu arren, deitutako ekitaldian ebazteko dagoen gora jotzeko errekurtsoa jarri dutela egiaztatzen duten izangaiak ere joan ahal izango dira.

4.4.– Onartutakoen zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei eskatzen zaizkien betekizunak beteta dituztela aitortzen zaienik. Gaindituz gero deialdi honen 10. oinarriak xedatutakoari jarraikiz aurkeztu behar dituzten agiriak ikusita, egiaztatzen bada interesdun batek ez duela eskatutako betebeharren bat betetzen, prozedura honetan parte hartzetik ondoriozta litezkeen eskubide guztiak galduko ditu.

V. KAPITULUA
HAUTAKETA-ORGANOAK

5.– Hautaketa-organoak: Epaimahaiak eta Hautaketa-batzordeak.

5.1.– Hautaketa-prozedura honetako parte hartzaileen hautaketa Hezkuntzako sailburuak agindu baten bidez horretarako izendatutako epaimahaiak egingo du. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, hilabeteko epean gehienez ere, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzen denetik aurrera.

Epaimahaian parte hartzea nahitaezkoa da; dena den, oinarri honetan eta 5.5 oinarrian abstentzio- edo errefusatze-arrazoien inguruan aurreikusitakoa bete beharko da.

Parte hartzeko lekapena izango dute eta ez dute 5.2 oinarrian aurreikusitako zozketan parte hartuko hezkuntza-ikuskarien lanpostuak betetzen dituzten pertsonek, horiek izendapen askeko sistema bidez esleitzen direnean.

Epaimahaian parte hartzetik salbuetsita egongo dira eta, beraz, ez dira zozketan sartuko, hautaketa-prozeduran zehar egoera hauetan dauden karrerako funtzionarioak:

– Sindikatu-ordezkaritzako eginkizunak betetzen dituztenak, baldin eta beren lanera joatetik guztiz liberatuta badaude.

– Amatasun-, aitatasun-, adopzio- edo harrera-lizentziak dituztenak, edo edoskitze-aldiak metatzeko lizentzia.

– Ikasturte osorako baimen ordaindugabeak dituztenak.

– Lanaldia murrizteko baimenak dituztenak.

– Aldi baterako ezintasuneko egoera, bajaren parte medikoaren bidez egiaztatzen bada.

Dena den, aldizkako gaixotasunaren ondorioz medikuak onartu duen aldi baterako ezintasuneko egoera ez da aski izango epaimahaietan parte hartzetik salbuesteko. Egoera horrek eragindako funtzionarioa epaimahaiko titular edo ordezko izateko hautatu badute eta hautaketa-prozesua bukatu baino lehen alta-egoeran badago, prozesuan parte hartu beharko du.

5.2.– Epaimahaiaren osaera eta izendapena.

Epaimahaiak bost kide izango ditu: epaimahaiburu bat eta lau epaimahaikide.

Hezkuntzako sailburuak askatasunez izendatuko du epaimahaiburua. Hezkuntzako Ikuskarien Kidegoko edo, hala badagokio, ikuskarien kidegoko esleitutako destino-osagarri bereko edo destino-osagarri horretatik gorako unibertsitateko irakaskuntza-kidegoetako karrerako funtzionarioei emango zaie lehentasuna epaimahaiburua aukeratzeko orduan.

Hiru epaimahaikide zozketa bidez izendatuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzako Ikuskarien Kidegoko karrerako funtzionarioen artean. 2019ko abenduaren 19an egingo da zozketa, goizeko 10:00etan, Lakua-2 eraikineko 3. gelan (sarrera Donostia kaleko 1. zenbakitik, Vitoria-Gasteiz).

Laugarren epaimahaikidea beste hezkuntza-administrazio batean kudeaketa arloan diharduten Hezkuntzako Ikuskarien Kidegoko funtzionarioen artetik izendatuko du hezkuntza-administrazio horretako langileria arloan eskumena daukan organoak.

Epaimahaikideen artean kidegoan antzinatasun txikiena duen pertsona arituko da idazkari, Epaimahaiak besterik erabaki ezean.

Epaimahaia izendatzean, trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua bermatuko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.4.b) eta 20.6 artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Halaber, Epaimahaia Autonomia Erkidego honetan ofizialak diren bi hizkuntzetan gai dela bermatu beharko da.

Epaimahaiko kide titular bakoitzeko, prozedura bera erabiliz, kide ordezko bat izendatuko da.

5.3.– Borondatezko parte-hartzea.

Norbere borondatez Epaimahaiko kide izateko eskatzen dutenen artetik aukeratu ahal izango da epaimahaikideetako bat; Langileak Kudeatzeko zuzendariari idazki bat bidalita eskatu beharko dute borondatezko parte-hartzea, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita 10 egun naturaleko epean. Organo horrek ebatziko ditu eskabideak, 5.2 oinarrian ezarritako betekizunak betetzen diren kontuan hartuta. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzako Ikuskarien Kidegoan antzinatasunik handiena izatea erabiliko da irizpide gisa. Berdinketarik badago, zerbitzu guztiak kontuan hartuta antzinatasunik handiena duenari emango zaio lehentasuna.

5.4.– Hautaketa-batzordeak.

Aurkeztutako eskabide kopurua dela-eta epaimahai bat baino gehiago eratu beharko bada, hautaketa-batzorde bat eratuko da.

Espezialitateko epaimahaiburuek osatuko dute batzorde hori. Gutxienez bost kide izango ditu batzordeak, eta epaimahaiburuen kopurua bost baino txikiagoa izanez gero, epaimahaikideetara joko da, harik eta bostekoa osatu arte. Honela egingo da:

1) Lau epaimahai badaude:

Batzordeburua: 1. epaimahaiko epaimahaiburua.

Batzordekideak: 2., 3. eta 4. epaimahaietako epaimahaiburuak eta 1. epaimahaiko idazkaria.

2) Hiru epaimahai badaude:

Batzordeburua: 1. epaimahaiko epaimahaiburua.

Batzordekideak: 2. eta 3. epaimahaietako epaimahaiburuak eta 1. eta 2. epaimahaietako idazkariak.

3) Bi epaimahai badaude:

Batzordeburua: 1. epaimahaiko epaimahaiburua.

Batzordekideak: 2. epaimahaiko epaimahaiburua, 1. eta 2. epaimahaietako idazkariak eta 1. epaimahaiko 1. epaimahaikidea.

Batzordeburu izango da zenbaki txikiena duen epaimahaiko epaimahaiburua.

Batzordea osatzen dutenen artetik kidegoan antzinatasun txikiena duen pertsona arituko da idazkari, hautaketa-batzordeak besterik erabaki ezean.

Epaimahai bakarra izendatzen bada, epaimahaiak jardungo du hautaketa-batzorde gisa, ondorio guztietarako.

5.5.– Epaimahaietako kideak abstenitzea eta errekusatzea.

5.5.1.– Abstenitzea.

Hautaketa-organoetako kideak esku hartzetik abstenituko dira, eta Langileak Kudeatzeko zuzendariari jakinaraziko diote, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan aurreikusten diren inguruabarren batean badaude, edo deialdi hau argitaratu aurreko bost urteetan lanik egin badute Hezkuntzako Ikuskarien Kidegoan sartzeko hautaketa-probetarako izangaiak prestatzen.

Aurreko paragrafoan aurreikusitako inguruabarretan ez daudela agertzeko, esanbidezko deklarazioa eskatuko diete hautaketa-organoetako buruek hautaketa-organoetako kideei.

Hamar egun naturaleko epea egongo da abstentzioa eskatzeko, hautaketa-organoen izendapena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera zenbatzen hasita. Organo eskudunak dagokion erabakia hartu beharko du.

5.5.2.– Errekusatzea.

Izangaiek hautaketa-organoetako kideak errekusa ditzakete, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluan aurreikusitako inguruabarrak ematen badira.

5.6.– Epaimahaia eratzea.

Epaimahaiburuak deialdia egin ondoren, Epaimahaia eratuko da, izendatutako kide guztiak (titularrak zein ordezkoak) bertan daudela, ahal bada behintzat. Hala ere, eratutzat joko da burua eta idazkaria (edo haien ordezkoak) eta gutxienez kideen erdiak bertan badira.

Behin Epaimahaia eratuta, jarduera baliozkoa izateko, beharrezkoa izango da, era berean, bertan egotea epaimahaiburua eta idazkaria edo, hala badagokio, haien ordezkoak, eta gutxienez kideen erdiak.

5.7.– Hautaketa-organoen eginkizunak.

5.7.1.– Epaimahaiari dagokio:

a) Hautaketa-prozesuko faseak garatzea, deialdi honetan xedatutakoaren arabera.

b) Oposizio-faseko proba kalifikatzea, III. eranskinean adierazitako balorazio-irizpideei jarraituz.

c) I. eranskineko IV.2 eta IV.4.3 ataletako lehiaketa-faseko merezimenduen balorazioa.

d) Hautaketa-batzordeei agindutako eginkizunak, halako batzorderik ez badago.

e) Epaimahaiak jakinez gero izangairen batek ez dituela betetzen deialdi honetan ezarritako betekizun guztiak, Epaimahaiak, lehendabizi izangaiari entzunda, izangaia baztertzea proposatuko dio Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari, eta, era berean, pertsona horren onarpen-eskabidean zer-nolako desegokitasunak dauden jakinaraziko dio. Kasu horretan, dagokion ebazpena eman bitartean, izangaiak hautaketa-prozesuan parte hartzen jarraitu ahal izango du, modu baldintzatuan.

f) Epaimahaiak hautaketa-prozesutik kanporatu ahal izango ditu izangaiak, ariketak egitean edozein iruzur egiten badute. Kasu horretan, epaimahaiburuak egitate horien berri emango dio Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari, eta dagokion bilkura-aktan jasoko du. Izangaia baztertzeko epaimahaiaren erabakiaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

5.7.2.– Hautaketa-batzordeari dagokio:

a) Epaimahaien arteko koordinazioa.

b) Epaimahaien jarduera-irizpideak zehaztu eta homogeneizatzea.

c) Kasu praktikoaren edukia nola zehaztuko den erabakitzea, deialdi honetako III. eranskinean zehazten diren premisak kontuan izanda.

d) Lehiaketa-faseko puntuak epaimahaiek oposizio-fasean emandako puntuei batzea, izangaiak ordenatzea eta lehiaketa- eta oposizio-faseak gainditu dituzten izangaiak aditzera ematea.

e) Lehiaketa- eta oposizio-faseak gainditu dituztenen izangaien zerrendak egin eta onestea, eta zerrenda horiek deialdia egin duen organoari helaraztea.

Hautaketa-prozedurak garatu bitartean, epaimahai bakarrek edo, hala badagokio, hautaketa-batzordeek ebatziko dituzte arau hauek aplikatzerakoan sor litezkeen zalantza guztiak, eta aurreikusi ez diren egoeretan zer egin behar den erabakiko dute.

5.7.3.– Epaimahaiaren eta hautaketa-batzordearen jarduteko prozedurak, uneoro, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoari jarraitu beharko dio.

5.8.– Aholkulariak eta laguntzaileak.

Epaimahaiak euren lanetan aholkulari espezialistek eta laguntzaileek ere parte hartzea ere proposa dezake. Lehenengoen eginkizuna izango da Epaimahaiko kideei aholkuak ematea ezagutzak eta merezimenduak ebaluatzean. Laguntzaileek, aldiz, Epaimahaiak esleituko dizkieten laguntza-zeregin teknikoak egingo dituzte. Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatuko ditu.

Aholkulariek eta laguntzaileek izendatutako funtzioari dagokion lanbide-gaitasuna izan behar dute, eta horien lana dagozkien gaitasunetara mugatuko da.

5.9.– Zerbitzuaren ondoriozko kalte-ordainak.

Hautaproba hauetan diharduten hautaketa-organoetako kideek, aholkulariek eta laguntzaileek zerbitzuaren ondorioz kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango dute, une bakoitzean aplikatu beharreko araudiak aurreikusitakoaren arabera.

VI. KAPITULUA
OPOSIZIO-FASEA

6.– Oposizio-faseko probaren definizioa eta ezaugarriak.

6.1.– Probaren definizioa eta helburuak.

Oposizioaren fasean, berriz, proba bat egin beharko da. Proba horretan, jakintza pedagogikoak, administrazio-jakintzak, izangaiek beteko duten ikuskari-lanera egokitutako hezkuntza-legeriari buruzko jakintzak, eta lan hori betetzeko berariazko jakintzak eta teknikak balioetsiko dira.

6.2.– Ikasgai-zerrenda.

Proba hori prestatzeko gai-zerrenda abenduaren 11ko EDU/3429/2009 Aginduaren bitartez argitaratutako A eta B zatiena izango da. Agindu horrek onartzen du Hezkuntzako Ikuskarien Kidegora sartzeko hautaketa-prozesuaren oposizio-aldiko gai-zerrenda.

Gai-zerrendako B zatia handiagotu egin da deialdi honetako II. eranskinari gehitu zaizkion gaiekin; horiek hezkuntzako ikuskaritzaren organoen egitura eta funtzionamenduari buruzkoak eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio-antolakuntzari buruzkoak dira.

6.3.– Probaren deskribapena eta osaera.

Proba honek hiru zati izango ditu: Zati bakoitza baztertzailea izango da, eta honelakoak izango dira:

I. zatia: ikasgai-zerrendako A zatiko gai bat garatu beharko da idatziz, eta Epaimahaiak ausaz ateratako bi gairen artetik hautatuko du izangai bakoitzak.

Probaren zati hau ekintza kolektibo batean egingo da eta izangai guztiak deituko dira bertara. Hori egiteko hiru ordu emango dira gehienez eta ezin izango da material lagungarririk erabili.

II. zatia: idatziz aztertu beharko da Hezkuntzako Ikuskaritzaren jardunerako teknika egokiei buruzko kasu praktiko bat, eta Epaimahaiak proposatuko du kasua.

Probaren zati hau ekintza kolektibo batean egingo da eta probaren I. zatia gainditu duten izangai guztiak deituko dira bertara. Hiru ordu emango dira, gehienez ere, ariketa hori egiteko. Probaren II. zatian, izangaiek Epaimahaiak baimendutako berariazko dokumentazioa erabili ahal izango dute, inprimatuta.

Otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuko 10.1.h) artikuluan ezarritakoaren arabera, Administrazioak behar diren neurriak hartuko ditu ziurtatzeko idatzizko ariketak (probaren I. eta II. zatiak) era anonimoan zuzendu eta baloratuko direla. Ondorioz, idatzizko ariketa baliogabetuko da baldin eta izangaia identifikatu dezakeen edozein izen, marka edo seinale badu.

III. zatia: Probaren I. eta II. zatiak gainditu dituzten izangaiei dei egingo zaie probaren zati honetara. III. zatia: ahoz azaldu beharko da, publikoki, ikasgai-zerrendako B zatiko gai bat, eta Epaimahaiak ausaz ateratako bi gairen artetik hautatuko du izangaiak.

Izangaiek bi ordu izango dituzte azalpena prestatzeko eta egokitzat jotzen duten material lagungarria erabili ahal izango dute, beraiek eraman beharko dutena, baita gidoi bat ere, azalpena amaitzean Epaimahaiari eman beharko diotena. Azalpenak berrogeita bost minutuko iraupena izango du gehienera. Bukatutakoan, epaimahaikideek galderak egin edo jarduerak eskatu ahal izango dizkiote izangaiari, azalpenaren edukiarekin lotuta; debate horrek ez du hamabost minutu baino gehiago iraungo.

6.4.– Oposizio-faseko proba egiteko egutegia eta tokia.

Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen bidez zehaztuko da epaimahaiaren egoitza. Ebazpen hori Interneteko helbide hauetan argitaratuko da: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-langileak/ («2019ko EPE. Hezkuntza Ikuskaritza») eta http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu beharko dira).

Epaimahaiaren egoitzaren iragarki-taulan eta Epaimahaiaren iragarki-taulan iragarriko du Epaimahaiak noiz eta non egingo diren probaren I. eta II. zatiak; eta bertan iragarriko ditu probaren III. zatia lehenbizi egin behar duten izangaien zitazioak eta egokitzat jotzen diren beste gai batzuk ere. Epaimahaiaren iragarki-taula Interneteko helbide honetan kontsultatu ahal izango da: http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu beharko dira) – «2019ko EPE. Hezkuntza Ikuskaritza» – «Hautaketa-prozesuaren jarraipena» – «Epaimahaiak» – «Iragarki-taula».

Ariketa kolektiboetan (I. eta II. zatiak) parte hartzeko deialdia jaso duten pertsonek Epaimahaiaren aurrean agertu beharko dute ezarritako orduan eta egunean. Banakako ariketen kasuan (ahozko azalpena – III. zatia), egun bakoitzerako deialdia jaso duten pertsonak Epaimahaiak ariketak hasteko ezarri duen orduan agertu beharko dira.

Behin Epaimahaiaren aurrean jarduketak hasita, ahozko azalpenerako (III. zatia), izangaientzako hurrengo deialdiak ere epaimahaiaren egoitzaren iragarki-taulan iragarri beharko dira, hasi baino hogeita lau ordu lehenago, gutxienez. Era berean, informazio-ondoreetarako, epaimahaiaren iragarki-taulan argitaratuko dira, Interneteko helbide honetan: http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu beharko dira) – «2019ko EPE. Hezkuntza Ikuskaritza» – «Hautaketa-prozesuaren jarraipena» – «Epaimahaiak» – «Iragarki-taula».

6.5.– Garapena.

Izangaiek epaimahaien aurrean jarduteko ordenak ez du kontuan izango parte-hartzearen txanda eta, beraz, batera egingo dute. Probaren III. zatia alfabetikoki hasiko da, L letratik hasita, Langileak Kudeatzeko zuzendariaren 2019ko otsailaren 14ko Ebazpenari jarraikiz, zeinaren bidez argitara ematen baita 2019-2020 ikasturtean ordezko hautagaiak kudeatzeko prozesuan –baita urtean zehar deitzen den edozein hautatze-prozesutan ere– alfabeto-hurrenkera zehaztuko duen letraren zozketaren emaitza.

Lehenengo abizena aipatutako letraz hasten den izangairik ez badago, hurrengo letrarekin edo letrekin hasiko dute epaimahaiek jarduketen ordena. Epaimahaiak edozein unetan eskatu ahal izango die izangaiei identifika daitezela; horretarako, izangaiek NANa edo jatorriko herrialdeko antzeko dokumentu bat, pasaportea edo titularraren argazkia duen gidabaimena aurkeztu beharko dute.

6.6.– Oposizio-faseko probaren kalifikazioa.

6.6.1.– Probaren zati bakoitzaren kalifikazioa 0 puntutik 10 puntura bitartekoa izango da.

Epaimahaiko kide guztien irizpideak bateratzeko eta ebaluazioa ahalik eta objektiboena izateko, behar diren errubrikak erabiliko dira ebaluatu beharreko konpetentzia bakoitzerako.

Izangai bakoitzak ariketa bakoitzean lortutako puntuazioa Epaimahaian dauden kide guztien kalifikazioen batez besteko aritmetikoaren bidez finkatzen da. Epaimahaian dauden kideek emandako puntuazioetan hiru puntu edo gehiagoko aldea badago, kalifikazio altuena eta baxuena ez dira kontuan hartuko, eta gainerako kalifikazioekin egingo da batez bestekoa.

Proba gainditzeko, izangaiek gutxienez 5 puntu lortu beharko dituzte zati bakoitzean. Oposizio-aldian 5 puntu edo gehiago lortu dituzten hautagaiak bakarrik pasatuko dira lehiaketa-fasera.

Oposizio-aldiko kalifikazio globala lortze aldera, I. eta III. zatiek % 30 balioko dute, eta II. zatiak, berriz, % 40.

6.6.2.– Oposizio-fasean lortutako kalifikazioak argitaratzea.

Probaren zati bakoitza amaitzean, Epaimahaiak izangaiek lortutako puntuazioen zerrenda ikusgai jarriko du epaimahai bakoitzak egoitza duen ikastetxean, baita Epaimahaiaren iragarki-taulan eta Hezkuntza Sailaren Interneteko helbidean ere (http://www.irakasle.eus), erabiltzailea eta pasahitza sartuta kontsultatu ahalko dena. Kalifikazio horien aurka, izangaiek erreklamazioa jarri ahal izango dute dagokien Epaimahaiaren aurrean, bi laneguneko epean, argitara eman eta hurrengo egunetik hasita. Erreklamazio horiek epaimahaiak egoitza duen ikastetxean aurkeztu beharko dira. Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta gehienez berrogeita zortzi ordu igaro ondoren, Epaimahaiak behin betiko notak argitaratuko ditu, aipatutako tokietan, eta puntuazioak aldatu ez badira erreklamazioak ezetsi egin direla ulertu beharko da.

Geroago, oposizio-aldian izangaiek lortutako kalifikazio orokorrak jakinaraziko dira Langileak Kudeaketarako zuzendariaren ebazpenaren bidez, probaren zati guztiak gainditu ondoren.

Ebazpen horren aurka ezingo da erreklamaziorik jarri; hala, interesdunek errekurtsoa jarri beharko diote deialdi honetako 9. oinarrian aurreikusitako azken ebazpenari.

VIII. KAPITULUA
LEHIAKETA-FASEA

7.– Dokumentazioa entregatzea, ofizioz barematzea eta puntuazioak argitaratzea.

7.1.– Lehiaketa-fasean prozesuan parte hartzen duten pertsonek aurkeztutako merezimenduak baloratuko dira, deialdi honen I. eranskinean aurreikusitakoaren arabera.

Izangai bakoitzak gehienez ere 10 puntu jaso ditzake lehiaketa-fasean bere merezimenduak baloratzean.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunera arte burututako merezimenduak bakarrik baloratuko dira.

7.2.– Merezimenduak baloratzeko orduan, oposizio-fasea gainditu duten izangaiek, deialdi honetako I. eranskinean gaineratzen den baremoko justifikazio-agiriak aurkeztuko dituzte, oposizio-faseko emaitzak argitara eman eta hamar laneguneko epean. Kasu bakoitzean zehaztutako dokumentazioaren bidez eta ezarritako epearen barruan behar bezala justifikatutako merezimenduak bakarrik baloratuko dira.

7.3.– Agindu honen I. eranskinean, ofizioz zenbatzen ez diren merezimenduak eta ofizioz zenbatzen direnak ageri dira, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren Langileen Erregistroan agertzen badira (ofizioz konputatzekoak badira, hala adierazita egongo da eranskinetan, dagokion merezimenduaren atalean). Langileen Erregistroan jasota dauden merezimenduak kontsultatzeko, www.irakasle.eus helbidera jo behar da («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu beharko dira) – «Espediente Pertsonala», atal hauetan:

– Zerbitzu-orria.

– Tituluak.

– Zuzendaritza-karguak.

www.irakasle.eus helbidera sartzeko erabili beharreko pasahitza izango da izangaiak beste prozesu batzuetan parte-hartzeagatik daukana; edo, pasahitzik ez dutenentzat, eskabidea betetzerakoan sistemak berak sortu duena, 3.1.1 oinarrian ezarritakoaren arabera.

7.4.– Ofizioz zenbatzen ez diren merezimenduen egiaztagiriak baino ez dituzte alegatu eta aurkeztu behar izangaiek, eta, ofizioz zenbatzekoak izan arren, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren Langileen Erregistroan ageri ez direnenak. Agiri horiek dokumentazioa aurkezteko aurretiazko hitzordua eskatzean eskuratuko duten frogagiriarekin batera aurkeztu beharko dituzte; frogagiri horretan, alegatzen dituzten merezimenduak eta horiek barematzeko aurkezten dituzten egiaztagiriak zerrendatu behar dituzte.

7.5.– Izangaiek beren-beregi hartzen dute beren gain aurkeztutako dokumentuen gaineko erantzukizuna. Dokumenturen bat faltsua bada edo manipulatuta badago, izangaiak galdu egingo du deialdi honetan parte hartzeko eskubidea, bestelako erantzukizunak alde batera utzi gabe.

Administrazioak beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioaren akreditazioa eskatzeko eskubidea izango du uneoro.

7.6.– Izangai bakoitzari dagokion puntuazioaren ezarpena, Epaimahaiak delegatuta, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak egingo du, I. eranskineko IV.2 eta IV.4.3 ataletako merezimenduak izan ezik. Azken horiek Epaimahaiak berak baloratuko ditu.

7.7.– Lehiaketa-aldian lortutako puntuazioen publizitatea.

Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen bidez, izangaiek lehiaketa-fasean lortutako puntuazioa jakinaraziko da.

Behin-behineko zerrenda Interneteko helbide hauetan argitaratuko da: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-langileak/ («2019ko EPE. Hezkuntza Ikuskaritza») eta http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu beharko dira).

Ebazpena argitaratu eta lau laneguneko epean, interesdunek erreklamazio idatzia jarri ahal izango diote Langileak Kudeatzeko zuzendariari.

Erreklamazioak ebatzi ondoren, lehiaketa-fasean lortutako behin betiko puntuazioak behin-behineko zerrenda argitaratu den bezala argitaratuko dira.

Ebazpen horren aurka –prozedura ez da ebazpen horrekin amaitzen– ezingo da errekurtsorik jarri; horrela, interesdunek, hala badagokio, errekurtsoa jarri beharko diote deialdi honetako 9. oinarrian aurreikusitako azken ebazpenari.

7.8.– Lehiaketa-aldiaren kalifikazioa oposizio-aldia gainditu duten izangaiei soilik aplikatuko zaie.

7.9.– Izangaiek eskubidea izango dute aurkeztu dituzten jatorrizko dokumentuak berreskuratzeko (I. eranskineko IV.4.3 atalean –«Argitalpenak»– barematzeko aurkeztu zituen dokumentuak). Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak zehazten duen lekuan eta epean jaso ahal izango ditu, prozesua amaitu ondoren, betiere izangairen batek erreklamaziorik edo errekurtsorik aurkezten ez badu; halakorik egingo balu, dokumentuak atxiki egin daitezke, egiaztapen edo froga gisa. Dokumentuak epe horretan jasotzen ez badira, horiek berreskuratzeari uko egiten zaiola ulertuko da, eta jasotzeko eskubidea galduko da.

VIII. KAPITULUA
LEHIAKETA- ETA OPOSIZIO-FASEAK GAINDITZEA

8.– Prozesuaren puntuazio orokorra, izangaiak ordenatzea eta oposizio- eta lehiaketa-faseak gainditzea.

8.1.– Prozesuaren puntuazio orokorra.

Parte-hartzaile bakoitzaren puntuazio orokorra lortzeko, oposizio-fasean lortutako puntuazioa bi herenetan eta lehiaketa-fasekoa heren batean haztatuko dira.

8.2.– Izangaiak ordenatzea.

8.2.1.– Fase bakoitzeko puntuazioak atera eta haztatu ondoren, Epaimahaiak lehiaketa-faseko puntuazioak gehituko dizkie oposizio-fasean lortutako puntuazioei azken fase horretan eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu duten izangaien kasuan. Elkarrekin agertuko dira denak, txanda irekian zein desgaituei gordetako txandan parte hartu duten kontuan izan gabe.

8.2.2.– Ordenatzean berdinketarik balego, hurrenez hurren ondorengo irizpideen arabera ebatziko dira:

a) Oposizio-fasean puntuazio handiagoa lortu izana.

b) Oposizio-faseko ariketa bakoitzean puntuazio handiagoa lortu izana, ariketak deialdi honetan agertzen diren ordenaren arabera.

c) Lehiaketa-faseko merezimenduen baremoko ataletan puntuazio handiagoa lortu izana, atal horiek deialdian agertzen diren ordenaren arabera.

d) Lehiaketa-faseko merezimenduen baremoko azpiataletan puntuazio handiagoa lortu izana, azpiatal horiek deialdian agertzen diren ordenaren arabera.

e) Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, azken irizpide gisa proba bat egingo da. Gaitasun-proba osagarria izango da: epaimahaiak gai-zerrendarekin lotura duten galdera batzuk jarriko ditu, eta galdera horiek erantzun beharko dira.

8.3.– Lehiaketa- eta oposizio-faseak gainditzea.

8.3.1.– Praktika-fasera igarotzeko hautatuko dira honako hauek: irakaskuntzako 2. hizkuntza-eskakizuna ziurtatu eta oposizio-faseko probaren zati guztiak gaindituta puntuazio orokorraren arabera ordenatu ondoren, parte hartzen duten txandan deitutako lanpostu guztien kopuruaren berdina edo txikiagoa den ordena-zenbaki bat dutenak.

8.3.2.– Epaimahaiak aukeratutako izangaien behin-behineko zerrenda egingo du. Bertan zerrendatuko dira desgaituei gordetako txandakoak eta txanda irekikoak, aurreko ataletan azaldutako irizpideei jarraikiz ordenatuta.

Txanda irekiko hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda prestatzean, Epaimahaiak desgaituei gordetako txandan bete gabe geratu diren lanpostuak gehituko dizkie hasiera batean txanda horri esleitutako lanpostuei.

Epaimahaiak ezingo du inoiz deitutako lanpostuen zenbateko hori baino gehiagoko izangai kopurua gainditutzat eman.

9.– Oposizio- eta lehiaketa-faseak gainditu dituzten hautatutako izangaien zerrendak argitaratzea.

9.1.– Epaimahaiak Langileak Kudeatzeko zuzendariari bidaliko dio hautatutako izangaien behin-behineko zerrenda.

Langileak Kudeatzeko zuzendariak ebazpen baten bidez xedatuko du hautatutako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratzea, eta bertan adieraziko du zerrenda non egongo den ikusgai.

Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpena eta behin-behineko zerrenda, interesdunei jakinarazteari begira, Interneteko helbide hauetan argitaratuko dira: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-langileak/ («2019ko EPE. Hezkuntza Ikuskaritza») eta http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu beharko dira).

Era berean, informazio moduan, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetako iragarki-tauletan ere argitaratuko da adierazitako ebazpena.

Behin-behineko zerrenda horien aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute interesdunek, horietan egon litezkeen akatsak direla-eta.

9.2.– Erreklamazioak ebatzi ondoren, Epaimahaiak Langileak Kudeatzeko zuzendariari igorriko dio izangaien behin betiko zerrenda, eta hark ebazpen baten bitartez jakinaraziko du. Ebazpen hori argitara emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Interneteko helbide hauetan: http://www.irakasle.eus eta http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-langileak/

Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

Zerrenda horren ale bat deialdia egiten duen organoari helaraziko zaio, eta prozesuaren garapenean sortutako gainerako dokumentazioa Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzaren zaintzapean geldituko da.

9.3.– Epaimahaiak, hautatutako izangaien zerrendarekin batera, beste zerrenda ordenatu bat prestatuko du hautatutako izangai ordezkoekin, zerrendako kide kopuru bera izango duena, hautatuko izangairen batek izaera hori galtzen duenerako, hautaketa-prozeduratik eratorritako eskubideei uko egin izanagatik –ukoa Langileak Kudeatzeko zuzendariari aurkeztuta praktikako funtzionarioak izendatzeko eguna baino lehen–, aurkez daitezkeen errekurtsoak onesteagatik edo deialdian eskatutako betekizunak ez betetzeagatik, hautatutako izangaiek aurkeztu behar dituzten agiriak berrikusi ondoren.

9.4.– Hautaketa-prozesua amaitzean, errekurtsoa onartu edo epaia ebatzi bada, eta praktika-fasera igarotzeko pertsona berri bat izendatu behar bada, hautatutako pertsona izendatzeak ez du eraginik izango Epaimahaiak aitortutako hautatuen behin betiko zerrendan.

9.5.– Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-ikuskariaren ekainaren 28ko 98/2016 Dekretuaren 25.2.a) artikuluari jarraikiz, Epaimahaiak hautatutako ordezkoen zerrenda argitaratu ondoren, berariazko deialdi bat irekiko da pertsona horiek Hezkuntza Ikuskaritzako lanpostuetarako irakasleen ordezko izangaien berariazko zerrendan sartzeko aukera balia dezaten. Aukera horretaz baliatzen direnek zerrenda batean sartu, eta hautaketa-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira.

10.– Hautatutako izangaiek aurkeztu beharreko agiriak.

10.1.– Dokumentuak aurkeztea.

Hautatutako izangaiek hogei egun naturaleko epea izango dute ondorengo agiriak Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan aurkezteko, oposizio-lehiaketa gainditu duten izangai hautatuen behin betiko zerrendak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita:

a) Kidegoan sartzeko eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua lortzeko ikasketa guztiak gainditu dituela eta titulua emateko eskubideak ordaindu dituela egiaztatzen duen ziurtagiria. Ez dute horrelakorik aurkeztu behar hautaketa-prozesuan zehar dagoeneko aurkeztu dutenek.

Atzerrian lortutako tituluen kasuan, dagokien homologazioa edo dagokien irakasle-kidegoan jarduteko behar den onespenaren kredentziala erantsi beharko da.

b) Indarrean den Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, kasu honetan izan ezik: «Hautatuek agiriak entregatzea» ereduan esanbidezko adostasuna adieraztea Hezkuntza Sailak nortasun-datuak kontsulta ditzan, nortasun-datuak egiaztatzeko sistema elektronikoen bitartez.

Espainian bizi diren atzerriko izangaiek aurkeztu beharko dituzte nortasun-agiriaren edo pasaportearen fotokopia konpultsatua, eta indarrean den Europako Erkidegoko egoiliarraren edo horren senidearen txartelaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, indarrean den Europako Erkidegoko egoiliarraren edo langile mugakidearen aldi baterako txartelaren fotokopia konpultsatua.

Europar Batasuneko gainerako estatu kideren bateko nazionalak diren izangaiek, edo Europar Batasunak sinatutako eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla-eta langileen zirkulazio librea aplikatu behar zaion estaturen bateko nazionalak badira eta Espainian bizi ez badira, atzerrian bizi direlako edo Espainian egonaldi-araubidean daudelako, nortasun-agiriaren edo pasaportearen fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute.

Izangaiak atzerritarrak izanik, Europar Batasuneko estatu kideren bateko edo Europar Batasunak sinatutako eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla-eta langileen zirkulazio librea aplikatu behar zaion estaturen bateko nazionalen ezkontideak badira (baldin eta zuzenbidez bananduta ez badaude), eta euren edo ezkontidearen ondorengoak hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izan arren, mendekoak badira, hauek aurkeztu beharko dituzte: pasaportearen edo bisatuaren eta, hala behar izanez gero, dagokion txartela eskatu izanaren frogagiriaren edo bisatuaren eta txartel horren salbuespena eskatu izanaren frogagiriaren fotokopia konpultsatua. Dokumentu horiek eskatu ez badira, agintari eskudunek emandako dokumentuak, ahaidetasuna frogatzen dutenak, aurkeztu beharko dituzte; aurkeztu beharko dituzte, halaber, Europar Batasuneko edo Europar Batasunak sinatutako eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla-eta langileen zirkulazio librea aplikatu behar zaion estaturen bateko nazionalaren –zeinarekin lotura hori duen– zinpeko deklarazioa edo hitzematea, non adieraziko baita ezkontidearengandik ez dagoela zuzenbidez bananduta eta, hala badagokio, izangaia horren pentzudan edo kargura bizi dela.

c) Zinpeko deklarazioa edo hitzematea, hauek adieraziz: diziplina-espediente baten ondorioz ez dutela baztertu inongo administrazio publikotatik, ez dutela funtzio publikoak egiteko desgaitu, eta ez dagoela sartuta Herri Administrazioetako Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako ezintasun eta bateraezintasunen inolako legezko kausatan. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek, bestalde, zinpeko deklarazioa edo hitzematea aurkeztu beharko dute, hauek adieraziz: ez dutela beren gain norberaren estatuko funtzio publikoan jardutea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik.

d) Desgaitasunen bat izan eta hori baliatu duen izangaiak foru-aldundiko, autonomia-erkidegoko, edo, hala egokituz gero, Estatuko Administrazio Orokorreko gizarte-ongizateko sailetako organo eskudunen ziurtagiria aurkeztu beharko du, non jasoko baita izangaiak % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duela, edo, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak emandako ebazpena aurkeztu beharko du, zeinaren bidez ezintasun iraunkor osoa aitortzen baitzaio irakaskuntzakoa ez den beste lanbide baterako. Bi kasuetan egiaztatu beharko du aukeratu dituen kidegoari dagozkion zereginak eta egitekoak burutzeko bateragarritasuna.

Eskabideak aurkezteko hasierako epean aurkeztu badu, orain ez du aurkeztu behar.

e) Epai irmo baten bidez sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren bategatik kondenatuak izan ez direla adierazten duen ziurtagiria, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak egina. Delitu horren barruan sartzen dira sexu-erasoak eta -abusuak, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa eta adingabeak galbidean jartzea, baita gizakien salerosketa ere. Hala ere, ez dute horrelakorik aurkeztu beharko Hezkuntza Sailari datu horiek kontsultatzeko esanbidezko adostasuna eman diotenek, elkarreragingarritasun-sistema elektronikoen bitartez, 3.1.3 oinarrian adierazitakoaren arabera.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek honako hau ziurtatzeko agiria aurkeztu beharko dute: jatorrizko herrialdeetan ez dutela kondenarik izan aipatutakoen izaera bereko delituei dagokienez.

10.2.– Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako bateko itzulpen ofizial eta guzti aurkeztu beharko da gaztelania edo euskara ez den hizkuntzaren batean emandako dokumentazio guztia. Itzulpenak zinpeko interpreteak egina beharko du, edo bestela, dagokion kontsulatu edo bulego diplomatikoak baliozkotua.

10.3.– Ezarritako epean dokumentazioa aurkezten ez dutenek –ezinbesteko kasuetan izan ezik–, edo dokumentu horien azterketatik ondorioztatzen bada 2.1 eta 2.2 oinarrietan adierazitako betekizunen bat betetzen ez dutela, karrerako funtzionario izendatuak izateko eskubide guztiak galduko dituzte, alde batera utzi gabe hasierako eskabidean faltsukeria egin izanagatik izan dezaketen erantzukizuna. Ezinbesteko kasuren batean dagoenak berehala jakinarazi beharko dio Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariari, idatziz, aipatutako zuzendaritzak azter dezan.

IX. KAPITULUA
PRAKTIKA-FASEA

11.– Praktiketako funtzionario izendatzea.

11.1.– Hezkuntzako sailburuaren agindu bidez, praktiketako funtzionario izendatuko dira hautatutako izangaiak, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzako Ikuskarien Kidegoan sartzeko behar diren baldintzak betetzen badituzte, eta agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Izangai horiek esleituko zaizkien destinoetan egin beharko dituzte praktikak, eta destino horietara agertzen ez diren izangaiek hautaketa-prozesuari uko egiten diotela ulertuko da.

11.2.– Praktika-fasearen ebaluaziotik salbuetsita egoteak edota praktikak egiteko atzerapena lortzeak ez du aldaketarik ekarriko gainerako izangaiei esleitutako lanpostuetan, ez eta hautatutako pertsonen zerrendan ere.

11.3.– Praktiketako funtzionario izendatzen dituztenetik karrerako funtzionario izendatu bitartean, hautagaiei egokituko zaien araubide juridiko eta administratiboa praktiketako funtzionarioena izango da.

11.4.– Praktiketako aldirako lortutako destinoak behin-behinekoak izango dira. Praktiketako funtzionario izendatu dituzten izangaiek lanpostu-hornikuntzarako deituko diren hurrengo lehiaketetan parte hartu beharko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Ikuskari gisa behin betiko lehen lanpostua lortu arte.

11.5.– Destinoak hautaketa-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera esleituko dira.

12.– Praktika-fasearen ezaugarriak eta ebaluazioa.

12.1.– Praktika-fasearen xedea da hautatutako izangaiek Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzako Ikuskarien Kidegoari dagozkion funtzioak betetzeko prestakuntza egokia dutela egiaztatzea eta bermatzea.

Praktika-faseak ikasturte bateko iraupena izango du eta, sei hilabetez benetan zerbitzuak eskaini ondoren (eguneko lanaldia, gutxienez, 2/3koa izan beharko da), ebaluatu egin ahal izango dira.

Salbuespenezko kasuetan, praktiketako funtzionarioa aldi baterako ezintasun-egoeran, amatasun-bajan edo aurreikusi gabeko eta salbuespenezko beste egoeraren batean badago eta, horren ondorioz, ezin badu praktika-fasea ohiko eran egin –kalifikazio-batzordeak baloratuko du–, praktika-fasea, gutxienez, hiruhileko batetik gorakoa izan ahalko da, eta aldi horrek jarraitua izan beharko du. Salbuespenezko kasu horietan ere, gutxienez 2/3ko eguneko lanaldia egin beharko da.

Bestalde, praktika-fasean hastea ikasturte akademiko batez atzeratu behar dutenek aurreko lerrokadan aipatutako egoeraren batean daudelako eta, horren ondorioz, ezin badute praktika-fasea egin, idatziz eskatu beharko diote Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari, bost egun balioduneko epean, hautatutako izangaien behin betiko zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita, beharrezkoak diren egiaztagiriak erantsita. Zuzendaritza horrek ebazpena emango du, eskabidea baiesteko edo ukatzeko. Atzeratze-epea igaro eta gero praktika-fasea hasten ez duenak karrerako funtzionarioaren izendapenari dagozkion eskubide guztiak galduko ditu.

12.2.– Praktika-fasearen ebaluaziotik salbuetsita egongo dira –baina praktika-fasea egin beharko dute– eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean, ikasturte batean zehar gutxienez behin-behinean Hezkuntzako ikuskari lanak egin izana egiaztatzen dutenek, salbu eta Hezkuntzako ikuskaritzak kontrako txostena egin badu.

12.3.– Praktika-fasearen garapena Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak emandako ebazpenaren bidez arautuko da, betiere Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak eta Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak proposatuta.

Fase hori 2020-2021 ikasturtearen hasierarekin batera hasiko da.

12.4.– Praktika-fasea amaitzean, izangai guztiek «gai» edo «ez gai» kalifikazioa jasoko dute.

Ez gaitzat jotzen diren izangaiek izango dute hurrengo promozioko aukeratutakoekin sartzeko aukera, praktika-fasea behin bakarrik errepikatzeko. Kasu horretan, pertsona horiek aukeratutako azken izangaiaren hurrengo lekua beteko dute, sartu diren promozioan.

Hurrengo urtean Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzako Ikuskarien Kidegoaren hautaketa-prozesurik deituko ez balitz, ez gaitzat jo dituzten ikasturtearen hurrengo ikasturtean egingo dute praktika-fasea.

Lanean hasten ez direnek edo bigarrenez ez gaitzat jotzen direnek Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzako Ikuskarien Kidegoko karrerako funtzionarioaren izendapena jasotzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Deialdia egin duen agintaritzak deklaratuko du eskubide horien galera, ebazpen ziodun baten bidez.

X. KAPITULUA
KARRERAKO FUNTZIONARIOAK

13.– Karrerako funtzionario izendatzea.

Agiriak egiaztatu ondoren, praktika-fasea gainditu duten izangaiak eta praktiken ebaluaziotik salbuetsita zeuden izangaiak Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzako Ikuskarien Kidegoko karrerako funtzionario gisa izendatu direla argitaratuko du Hezkuntzako sailburuak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Praktika-fasea zer ikasturtetan gainditu duten, hurrengo ikasturtearen hasiera-egunetik aurrera izango ditu ondorioak izendapenak.

XI. KAPITULUA
DATU PERTSONALEN TRATAMENDUA

14.– Parte hartzen dutenek aurkeztutako datuak hautaketa-prozedura honetan aurreikusitako xedeetarako baino ez dira erabiliko. Aipatutako datuak inola ere ez dira tratatuko edo hirugarrenei lagako, interesdunaren baimen argiarekin salbu, edo Datu Pertsonalak Babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 15eko 3/2018 Lege Organikoaren 6.2 artikuluan aurreikusitako kasuetan ez bada.

Aipatutako 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoa betez, datuak lagatzen dituen pertsonak, edozein unetan, eskuratu, zuzendu, baliogabetu eta aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango ditu, erregelamenduan zehaztuko den moduan. Fitxategi honen erabilera eta funtzionamendua Datu Pertsonalak Babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen aurreikuspenetara egokitu beharko da.

I. ERANSKINA
MEREZIMENDUEN BALORAZIOA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
GAITEGIA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
OPOSIZIO-FASEKO PROBAK BALORATZEKO IRIZPIDEAK
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala