Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

250. zk., 2018ko abenduaren 31, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
6415

AGINDUA, 2018ko abenduaren 19koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira «Basque Label Harategiak» kanal-marka berrira atxikiko diren harategi tradizionalentzako minimis araubideari atxikitako laguntzen 2019ko ekitaldirako deialdiaren oinarriak.

Behi-okelaren sektorea egoera zaila igarotzen ari da azken urteetan, eta hori bera gertatzen da Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizpen-sektorean ere. Behi-okelaren elikadura-kateari eragiten dioten inguruabar hauek nabarmentzen dira: okelaren kontsumoa egonkorra da, edo beheranzko joera du; kontsumitzaileek positiboki baloratzen dute behi-okelaren tokiko jatorria, eta prest daude horregatik ordaintzeko; Euskal Autonomia erkidegoko tokiko ekoizpena nahikoa da demanda asetzeko; egiturazko defizit bat bada behi-kopuru murritza eta dauden behien produktibitate baxua direla eta; aziendaren salmenta geldirik dago, eta diru-laguntzen aurretiko marjina negatiboa da; tokiko okela harategietan saltzen da nagusiki, doitze-aldian dauden establezimenduak; supermerkatu eta hipermerkatuen bidez behi-okela saltzeko aukera mugatua da; eta kontsumitzaileek ordaindutako prezioek ahalbidetzen dute marjina esanguratsuak lortzea, bai supermerkatu eta hipermerkatuen segmentuan, bai harategietan.

Egoera horretan, bultzada berri bat eman nahi zaie harategi tradizionalei «Basque Label Harategiak» bezalako kanal-marka bat garatzearen bidez, harategi tradizionalen irudia eta kontzeptua garatuz haren konpromisoa balioan jartzeko lehen sektorean eta Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko produktuekin. Ekintza estrategiko honen xedea da lehen sektorearekin eta Eusko Labeldun behi-okelaren erakunde-proiektuarekin engaiatutako harategi-kopurua handitzea, izan ere, egun, Euskal Autonomia erkidegoko harategi guztietatik gutxi batzuk bakarrik dira.

Agindu honen bidez araututako laguntzen xedea da «Basque Label Harategiak» kanal-marka garatzen parte hartzen duten harategi tradizionalei laguntzea, markaren irudi berrira egokitzeko egiten diren inbertsioek egindako konpentsazioaren bidez.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis araubidea aplikatu beharko zaie laguntza hauei.

Deialdi honetan, gastu-espedientea aldez aurretik izapidetzea erabaki da, eta, hortaz, deialdiko laguntzak bideratzeko, beharrezkoa izango da kreditu egoki eta nahikoa egotea Euskal Autonomia Erkidegoaren 2019ko aurrekontu orokorretan.

Horiek horrela, eta xedapen hauek kontuan hartuta: azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Diru-laguntzei buruzkoa; uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena, eta Gobernu Legeari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikulua, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Onartzea «Basque Label Harategiak» marka berrira atxikiko diren harategi tradizionalentzako minimis araubideari atxikitako laguntzen deialdiko oinarri arautzaileak, 2019ko ekitaldirako, I. eranskinean adierazitako eran.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Aurretiazko izapidetza.

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren pentzudan egindako gastu-espedienteak aurretiaz tramitatzeari buruzko 2007ko apirilaren 26ko Ekonomia eta Ogasun Sailaren Aginduaren 5.3 artikuluan aurreikusitakoari eusten dio deialdi-ebazpen honek. Beraz, deitutako diru-laguntzak ebatzi ahal izateko, beharrezkoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2019rako Aurrekontu Orokorretan kreditu egoki eta nahikoa egotea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertze-errekurtsoa jar diezaiokete Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 19a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.– Xedea.

1.– Eranskin honen xedea da oinarriak ezartzea eta deialdia egitea, 2019. urtean Eusko Labeldun okela moztuta saltzen duten eta «Basque Label Harategiak» marka berrira atxikiko diren harategi tradizionalei zuzendua laguntzak emateko, III. eranskinean jasotzen diren desberdintze-elementuekin bat.

2.– Agindu honen bidez araututako laguntzen helburua da «Basque Label Harategiak» kanal-marka garatzen parte hartzen duten harategi tradizionalei laguntzea, markaren irudi berrira egokitzeko egiten diren inbertsioen konpentsazioaren bidez.

3.– Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimus araubidea aplikatu beharko zaie iragartzen diren laguntza hauei.

2. oinarria.– Onuradunak.

Pertsona fisiko edo juridikoek eskatu ahal izango dute laguntza hau, baldin eta zuzenbidezko titulu juridiko baliodun baten bidez egiaztatzen badute EAEn harategi-jarduera tradizionaleko establezimendu baten titular direla, marka berrira atxikitzen direla, eta, eskabidea egiten den unean, Diru-laguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotakoez gain, betetzen dituztela jarraian zehazten diren eskakizunak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan dagoen harategi tradizional bat izatea, «Berariazko prozedura. Behi-okela ziurtatua. Eragileen eta etiketatzaileen betekizunak» delakoaren 1.6.1 apartatuan ezarritako eskakizunak betetzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagaigintza Produktuen Kontrol eta Egiaztapenerako Erakundeen Erregistroa sortu eta arautzen duen maiatzaren 10eko 93/2011 Dekretuaren bidez sortutako zertifikazio-erakundeen erregistroan inskribatuta egotea.

b) Harategia baimenduta egotea Eusko Label/Basque Label Harategiak markako harategi gisa, Eusko Labela duen behi-okelaren kontrol- eta ziurtagiri-sistemarekin bat eginez.

a) eta b) eskakizunak betetzen dituela ofizioz egiaztatuko du Hazi Fundazioak, Euskal Okela AGBrako produktua egiaztatzeko entitate den heinean.

c) Bere establezimenduaren azterketa integrala izatea, «Basque Label Harategiak» kanal-marka berriaren desberdintze-elementu oinarrizko eta osagarrietara egokitzeko; elementuok III. eranskin gisa atxikita daude.

d) Obrak egiteko udal-baimen edo -lizentzia izatea, obrak egin behar izanez gero.

e) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Eskakizun hori exijitu daiteke bai onuradun izateko eta bai emandako diru-laguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko. Horregatik, hori betetzen dela egiaztatuko da bai laguntza ematen den unean eta bai ordainketak egitean.

f) Minimis araubideko laguntzetan 200.000 euro baino gehiago jaso gabea izatea, kontzeptua edozein dela ere, deialdi honen aurreko bi zerga-ekitalditan eta indarrean dagoen zerga-ekitaldian.

g) Ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barnean izanik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

h) Ez izatea Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluak ezarritako debekuetatik bat ere.

3. oinarria.– Laguntzen finantzazioa eta bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan xedatutakoa betez, 2019ko ekitaldian, gehienez 500.000 euro emango dira laguntzetan, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargura.

2.– Laguntza hauek bateragarriak izango dira beste administrazio publiko batzuek helburu bererako emandako laguntzekin. Hala ere, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis araubidearekin bat, onuradun batek ezingo du 200.000 eurotik gorako zenbatekoa jaso hiru ekitaldi fiskaletako aldian, laguntzaren helburua nahiz laguntza ematen duen administrazio-organoa edozein delarik ere.

4. oinarria.– Gastu diruz lagungarriak eta laguntzen zenbatekoa.

1.– Hauek dira gastu diruz lagungarriak:

a) Oinarrizko ekipamenduak erostea eta hobetzea, seinaleak markaren irudi berrira egokitzeko (erakustegiak, kartelak, etab.). Establezimenduan egindako azterketa integralera egokituko dira ekipamendu horiek. Egindako eta Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak diruz lagungarritzat iritzitako inbertsioaren % 100ekoa izango da kontzeptu honengatik emango den zenbatekoa, gehienez 5.000 euro.

b) Eraikuntzako beste obra txiki batzuk egitea, ekipamendu osagarriak erostea eta hobetzea, establezimendua bertan egindako azterketa integralean xedatutakora egokitzeko. Egindako eta Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak diruz lagungarritzat iritzitako inbertsioaren % 50ekoa izango da kontzeptu honengatik emango den zenbatekoa, gehienez 10.000 euro.

2.– Laguntzen eskatzaileek egin beharreko egokitzeak aurkezten den azterketa integralean ageri dira, zeinetan zehaztuko baitira egikaritu beharreko hobekuntzak eta ekipamendua; izan ere, lokalaren hasierako egoera aintzat harturik, egikaritu beharreko inbertsioak atzematen ditu azterketa integralak. Diruz lagungarri dira 2019ko ekitaldian egiten diren ekintzak.

3.– Onuradun bakoitzari 15.000 euroko laguntza emango zaio gehienez.

4.– Diruz lagungarri den gastuak gainditzen dituenean kontratu txikientzat Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean ezarritako zenbatekoak, gutxienez hiru eskaintza –hornitzaile ezberdinenak– eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, non eta, haien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez den aski erakunde haiek egin, eman edo entregatzeko, edo non eta diru-laguntzaren aurretik ez den egin gastua.

Efizientzia- eta ekonomia-irizpideekin bat etorriz egin beharko da aurkeztutako eskaintzen artean egindako hautua (justifikazioan, edo, hala badagokio, diru-laguntzaren eskabidean aurkeztu beharko dira), eta, betiere, berariaz justifikatu beharko da memoria batean, baldin eta proposamen ekonomiko onenaren alde egiten ez bada.

5.– Onuradunak, diruz lagundutako jarduerak azpikontratatu ahal izateko, honako xedapen hauetan ezarritako baldintzak bete behar ditu: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikulua eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikulua.

5. oinarria.– Eskabideak, agiriak eta horiek aurkezteko epea.

1.– Pertsona fisikoek modu presentzialean zein elektronikoan aurkez ditzakete eskabideak:

– Modu presentziala: eskabideak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bulegoetan aurkeztuko dira (Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatzen dituen tokietariko edozeinetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin bat.

– Modu elektronikoa: eskabideak euskadi.eus egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira, oinarri honen 3. apartatuan adierazitako helbideen bidez.

Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko moduak (elektronikoa zein presentziala izan) ez du behartuko aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak modu berean egitera, edonoiz alda daiteke eta.

2.– Pertsona juridikoek baliabide elektronikoz aurkeztuko dituzte eskabideak, oinarri honen 3. apartatuan adierazitako helbide elektronikoaren bidez.

3.– Eskabideak eta tramitatzeko adierazpenak, eta gainerako eredu edo beharrezko txostenak, modu presentzialean zein elektronikoan nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-en egoitza elektroniko hauetan eskura daitezke: cast https://www.euskadi.eus/y22-home/es/ Eusk: https://www.euskadi.eus/y22-home/eu/. Eskabidea egin osteko izapideak helbide elektroniko honen bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/micarpeta y https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

4.– Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira eskabidearekin batera:

a) Hazi Fundazioaren erregistroetan Eusko Label harategi gisa alta eman dela egiaztatzeko agiria.

b) Establezimendua «Basque Label Harategiak» markaren errekerimenduetara egokitzeko memoria-proiektua. Memoria-proiektua horrek oinarrizko ekipamenduak eta ekipamendu osagarrien eraikuntza-obra txikiak, erosketak eta hobekuntzak bilduko ditu; III. eranskinean daude jasota horiek.

c) Gizarte Segurantzarekiko kotizazio-betebeharrak bete direla eta zerga-betebeharrak eguneraturik direla egiaztatzeko agiriak.

d) NANaren kopia, pertsona fisikoa bada. Pertsona juridikoa izanez gero, erakundearen IFKren kopia, ahalordetze-eskriturarena eta legezko ordezkariaren NANarena, baita erakundearen eratze-eskrituraren eta estatutuen kopia ere, zeinek dagokion erregistroan zigilatuta egon beharko baitute.

e) Obrak egiteko udal-lizentziaren baimena.

f) Deialdi honen aurreko bi zerga-ekitaldietan edo indarrean den zerga-ekitaldian, minimis erregimenaren barruan, kontzeptua edozein delarik ere, eskatzaileak jasotako laguntzei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

g) Erantzukizunpeko adierazpena, hau adierazteko: eskabidean jasotako informazioa egiazkoa dela; bestelako administrazio edo entitate publiko zein pribatuetatik helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jaso izana; itzultzeko prozedura baten edo zigortzeko prozedura baten eraginpean ez izateari edo prozedura hori amaiturik izatea akreditatzea; pertsona edo erakunde eskatzaileak ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzea galarazten dion administrazio edo zigor arloko zigorrik edo hartarako desgaitzen duen legezko debekurik ez izatea akreditatzea; eta aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla.

h) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezarritako eskakizunak betetzen direla artikulu horren 4., 5., 6. eta 7. apartatuetan ezarritakoaren arabera egiaztatu beharko da.

5.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoarekin bat, diru-laguntzaren eskabidea aurkeztuz gero, eskatzaileak baimena ematen du Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak zuzenean eskura ditzan haren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzen duten agiriak, NAN/IFK nortasuna eta beste edozein administrazio publikok egindako agiri guztiak. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz uka dezake, baina, kasu horretan, adierazitako agiriak aurkeztu beharko ditu.

6.– Eskatzaileek administrazio honetan edo beste edozein administrazio publikotan lehenago aurkeztuak badituzte eskatutako agiriak eta berariaz adierazten badute horietan ez dela aldaketarik egin, ez dituzte agiri horiek berriz aurkeztu beharko, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluko 3. paragrafoarekin bat etorriz. Halere, agiri horiek zer unetan eta zer organo administratibori aurkeztu dizkioten adierazi beharko dute. Eskabidea aurkeztuz gero, baimena emango da organo kudeatzaileak agiri horiek eskura ditzan. Horrek ez du esan nahi baimena berariaz ukatu ezin denik, eta, hori egitekotan, adierazitako agiriak aurkeztu beharko dira.

7.– Eskabideak aurkezteko epea hiru hilekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Eskabideak akats edo zehaztasun faltaren bat badu, hamar egun balioduneko epean hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko aginduko dio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak interesdunari. Halaber, adieraziko dio horrela egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, non eta ez den hirugarren baten alta ematen, ebazpena eman ondoren eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Akatsak zuzentzeko epea amaituta, espedienteak igorriko dizkio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak Hazi Fundazioari, horiek kudeatzeko.

6. oinarria.– Laguntzen kudeaketa.

1.– Hazi Fundazioa izendatzen da agindu honen bidez deitutako laguntzen erakunde laguntzaile, 698/1991 Dekretuan xedatutakoa aplikatuz (698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena), eta dagokion hitzarmena sinatzen da.

2.– Espedienteak jasota, akatsak zuzentzeko epea amaitu eta gero, Hazi Fundazioak espediente horiek aztertuko ditu. Baldintzak betetzen dituzten pertsonen arteko lehiarik gabeko konkurrentziaren prozeduraren bidez esleituko dira diru-laguntzak. Baldin eta deialdiko zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada kalkulatutako kopuruak emateko, guztiei emango zaie erabakitako zenbatekoa. Ezarritako gehieneko diru-kopurua ez bada nahikoa aurkeztutako eskabidea guztiei erantzuteko, diru-laguntza proportzionalki banatuko da sektore bakoitzeko onuradunen artean, harik eta funtsak erabat agortu arte.

3.– Ebazpen-proposamena, zeina ez baita loteslea, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari helaraziko zaio, eta hark ebazpen bakarra emango du; haren erabakiak eta proposatutakoak ez badute bat egiten, arrazoitu egin beharko du. Proposamenak eduki hau izan beharko du, gutxienez:

– Deialdiaren betekizunak ez betetzeagatik ezestea proposatzen den eskabideen zerrenda, eta, horrekin batera, ezesteko arrazoia.

– Diruz laguntzea proposatu den proiektuen zerrenda. Bertan adieraziko dira proiektu bakoitzaren puntuazioa, eskatzailearen nortasuna, eskatutako zenbatekoa, diruz lagungarri den zenbatekoa eta eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa.

– Atzera egin duten eskabideen zerrenda.

7. oinarria.– Ebazpena.

1.– Laguntzen esleipen- eta ukatze-ebazpena, zeina Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari baitagokio, gehienez sei hileko epean eman eta jakinaraziko da, agindu honek eragina duenetik aurrera. Epe hori bukatu eta ebazpen berariazkorik eman ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezartzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.

2.– Lehiarik gabeko konkurrentziako prozeduraren ebazpena, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluko b) apartatuko 1. paragrafoan xedatutakoaren arabera, EHAAn argitaratuko da, eta argitalpena jakinarazpentzat hartuko da. Argitaratzeaz gain, interesdun bakoitzari ebazpen osoa banan-banan jakinaraziko zaio, eta kasuan kasuko pertsonari berariaz eragiten dioten alderdiak identifikatuta agertuko dira. Nolanahi ere, lehenengo egin den jakinarazpenaren data joko da jakinarazpen-datatzat.

3.– Ebazpenak laguntza baietsi nahiz ezetsi, beraren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaioke Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordeari. Horretarako, hilabeteko epea izango du ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo hiru hileko epea administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta hurrengo egunetik aurrera, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan xedatuarekin bat.

8. oinarria.– Onuradunen betebeharrak eta eskubideak.

Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek betebehar hauek dituzte: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan aurreikusitakoak, eta, edonola ere, honako hauek:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten laguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost eguneko epean, onartu dutela ulertuko da.

b) Eman zaion horretarako erabiltzea diru-laguntza, eta emateko edo, bestela, likidatzeko ebazpenean ezarritako baldintza eta epeekin bat eginez.

c) Bost urtez egon beharko da establezimendua funtzionamenduan Basque Label Harategiak kanal-markari atxikita.

d) Jakinaraztea inbertsioaren egikaritzea establezimenduaren aurkeztutako eta onartutako azterketa integralarekin bat egin dela, 2.c) oinarrian aurreikusia.

e) Jakinaraztea xede bererako edozein administraziori edo erakunde publiko eta pribaturi eskatutako beste diru-laguntza edo laguntza batzuk. Horretarako, hamabost egun naturaleko epea izango dute, egoera horren berri izan den egunetik aurrera, eta, edonola ere, jasotako funtsak erabili direla justifikatu aurretik.

f) Diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein baldintza objektibo zein subjektiboren aldaketa jakinaraztea. Aldaketa horren berri izan eta hamabost egun naturaleko epean, eta, edozein kasutan, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen egin beharko da jakinarazpen hori.

g) Proiektuaren zabalkunderako egiten diren agirietan eta publizitatean, proiektuak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren babesa dutela aipatzea. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuan xedatutakoarekin bat etorriz sartuko da (http://www.ivap.euskadi.eus/r61-vedorok/eu/contenidos/informacion/identidad_corporativa/eu_5611/identidad_corporativa.html).

h) Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.

i) Eskura izatea merkataritza-legeriak eta kasu bakoitzean onuradun bakoitzari aplikatu ahal zaion sektoreko legeriak eskatutako terminoetan behar bezala ikuskatutako kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako agiriak, egiaztapen- eta kontrol-eskumenak egoki bete direla bermatzeko.

j) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze- eta kontrolatze-ekintzak gauzatzeko erabil baitaitezke.

k) Hala badagokio, jasotako funtsak itzultzea.

l) Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea.

9. oinarria.– Justifikazioa eta ordainketa.

1.– Laguntza justifikatu eta gero egingo da ordainketa. Justifikatzeko, onuradunaren izenean jaulkitako fakturak eta bestelako justifikazio-agiriak aurkeztuko dira. Agiri horiek jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak izango dira, eta inbertsioa amaitzen denetik hilabeteko epean aurkeztuko dira, eta, beranduenez, 2020ko otsailaren 28an. Agiri horiekin batera, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da, non adieraziko baita faktura eta justifikazio-agiri horiek ez direla aurkeztu diru-laguntzen beste programa batzuk justifikatzeko, edo, aurkeztu badira, programa hori edo horiek zein diren eta, faktura edo justifikazio-agiri bakoitzari dagokionez, zein den jasotako diru-laguntzaren portzentajea.

2.– Agiriak aztertuta eta haien arabera, Hazi Fundazioak dagokion ziurtagiria emango du, eta, jatorrizko justifikazio-agiriekin batera, espedienteak emango dizkio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, ordainketa egiteko. Ez da ez konturako ordainketarik, ez aurreratutako ordainketak egingo.

3.– Eskatzaileei ez zaie laguntzarik ordainduko baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo bere erakunde autonomoek emandako gisa bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasitako itzultze- edo zigor-prozeduraren batean sartuta badaude, eta prozedura horiek amaitu gabe badaude. Betebehar honek jarraitzen du, eta galdagarria da diru-laguntza likidatu arte.

4.– Ordaindu aurretik, organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, obligaziodunen baimenik behar izan gabe, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Edonola ere, eskatzaileak berariaz uko egin ahal izango dio baimen horri bere eskabidean; kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.

10. oinarria.– Laguntzen jarraipena eta kontrola.

Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritza egingo ditu agindu honetan aurreikusitako laguntzen jarraipena eta kontrola, baita egoki iritzitako ikuskapenak ere, diruz lagundutako proiektuak behar bezala egikaritzen direla egiaztatzeko. Horretarako, eskatzen zaizkien agiriak eta informazioa ematera behartuta daude onuradunak.

11. oinarria.– Baldintzak aldatzea eta ez-betetzeak.

1.– Laguntzak emateko eta ordaintzeko kontuan hartu diren baldintzen aldaketa orok eragin dezake diru-laguntzak emateko ebazpena aldatzea, betiere agindu honetan ezarritako gutxieneko betekizunak errespetatzen badira, eta, hala bada, beste diru-laguntza batzuk jasota gehieneko zenbatekoa gainditzen bada. Horretarako, organo kudeatzaile eskudunak aldaketa-ebazpena emango du, eta, haren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira.

2.– Onuradunek ez badituzte agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen, edo azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan dirua itzultzeko aurreikusitako egoeraren batean badaude, jasotako dirua itzuli beharko dute, berandutze-interesekin batera, hain zuzen ere, diru-laguntza eman denetik itzultzeko agindu den arteko egunei dagozkien berandutze-interesekin. Hori guztia, xedapen hauetan xedatutakoarekin bat: Diru-laguntzei buruzko aipatutako Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

12. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Eskatzaileak eskabide horretan atzera egiteko aukera izango du. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Atzera-egitea jasota uztea ahalbidetzen duen edozein bide erabiliz egin ahal izango da, baldin dagozkion sinadurak baditu, betiere. Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak, ebazpen baten bidez, guztiz onartuko du atzera-egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du pertsona horri dagokionez.

2.– Emandako laguntzari uko egin ahal izango dio onuradunak. Laguntza onartu ondoren eta gastua egiten bukatu aurretik egin ahal izango dio uko laguntzari, baldin eta Administrazioak ez badu inolako ordainketarik egin, betiere. Atzera-egitea jasota uztea ahalbidetzen duen edozein bide erabiliz egin ahal izango da, baldin eta dagozkion sinadurak baditu. Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak, ebazpen baten bidez, berariaz onartuko du uko-egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du pertsona horri dagokionez.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala