Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

224. zk., 2018ko azaroaren 21a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5722

EBAZPENA, 2018ko azaroaren 7koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Durangoko Udal Plangintzako arau subsidiarioen aldaketa puntualari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa, UE-11 ONA-Larrasoloeta, SG-VM eta UE-2 Birjinoste eremuetarako.

AURREKARIAK

2018ko apirilaren 20an, Durangoko Udalak eskabidea osatu zuen Durangoko Udal Plangintzako arau subsidiarioen aldaketa puntualari buruzko ingurumen-txosten estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko UE-11 ONA-Larrasoloeta, SG-VM eta UE-2 Birjinoste eremuetarako (aurrerantzean, aldaketa). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola plan aldaketaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa; azken horrek Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zuen. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori egin duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago, eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatzeko, eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egiteko izapidea abiarazi zen 2018ko uztailaren 19an, eta eskatu zitzaien bidal zitzatela egokitzat jotzen zituzten eta ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko oinarri izan zitezkeen ohar guztiak. Zehazki, hauei egin zitzaien kontsulta: Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari –biak Eusko Jaurlaritzakoak–; Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusia; IHOBE; Bizkaiko Ekologistak Martxan, eta «Eguzkizaleak» elkartea. Era berean, Durangoko Udalari jakinarazi zitzaion izapidea hasita zegoela.

Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen-arloan egoki iritzitako oharrak egin zitzan.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, hauen txostenak jaso dira: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Ondarearen Zerbitzua; espedientean daude horien emaitzak.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

UE-11 ONA-Larrasoloeta, SG-VM eta UE-2 Birjinoste eremuetarako Durangoko Udal Plangintzako arau subsidiarioen aldaketa puntuala (aurrerantzean, aldaketa), abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago; hor ezartzen da zer plan edo programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin adierazgarririk ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta aldaketaren ingurumen-ebaluazioaren espedientean jasotako txostenak aztertuta, eta ikusirik dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera); txosten horrek aldaketaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du, eta hura aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.

Hauek ikusi dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Durangoko Udal Plangintzako arau subsidiarioen aldaketa puntualari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, UE-11 ONA-Larrasoloeta, SG-VM eta UE-2 Birjinoste eremuetarako (aurrerantzean, aldaketa), jarraian jasotzen diren baldintzetan:

A) Aldaketaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Aldaketa honen funtsezko helburua da UE-11 Ona-Larrasoloeta eremuan lehendik dagoen bizitegi-eraikuntza bati bere horretan eustea, honi, zehazki: Santa Susana kaleak Larrasoloeta kalearekin izkina egiten duen lekuan dagoen eraikina, zeina, Durangoko indarreko arau subsidiarioekin bat, ordenamendu geroraturik at baitago. Horretarako, SG-VM sistema orokor gisa proiektatutako biribilgunea aldatu behar da, eta gune horretako trafikoaren egungo beharrizanekin bat egingo duen biribilgune txikiago bat egin. Horrek saihestuko du eraikuntza hori eraistea, eta UE-2 Birjinoste eremuko blokeko izkinaren lerrokatzea zuzenduko du gainerako parametroak aldatu gabe.

UE-11 eremuan, egungo eraikigarritasunari eta egungo eraikuntzari eusten zaie, eta solairu bat gehitzea baimentzen, eta kalearen lerrokatzetik ateratzen den eraikuntzako partea eraistera derrigortzen da (garajeak). Arau subsidiarioetan eraikin horri atxikitako egungo orube eraiki gaberako indarreko proposatzen den eraikinari eusten zaio, eta argia sartzeko 3 metroko patio minimo txiki bat irekitzen da egungo etxebizitzetako leihoak ez estaltzeko.

Aurreikusitako aldaketak, beraz, ez du ez etxebizitza-kopurua handitzen ez aurretik onartutako eraikigarritasuna aldatzen.

B) Aldaketaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira, aldaketak ingurumen-ebaluazio estrategikorik behar duen ala ez zehazteko.

1.– Aldaketaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, aldaketak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Ez da bateraezintasunik aurkitu aldaketaren eta beste lurralde-plan edo plan sektorial konkurrente batzuen artean.

c) Aldaketa egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Alde horretatik, aldaketa hau egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-irizpideak txertatzeko, bereziki, hauei dagokienez: eraikuntza eta eraikingintza efizienteenak baliabideen erabileran; hondakinen kudeaketa, eta oinezkoen irisgarritasun-baldintzen sustapena eta hobekuntza. Horretarako, eraikuntzaren jasangarritasuna handitzeko zenbait neurri proposatzen du sustatzaileak: zolatutako guneak mugatzea, hondakinak gaika biltzea, energia berriztagarrien aprobetxamendu-sistemak, eta ura eta energia-kontsumoa aurrezteko sistemak ezartzearen bideragarritasuna aztertzea.

d) Planarekin edo programarekin lotura duten ingurumen-arazo esanguratsuak: azterketa-eremua hiri inguruko ingurune antropizatu batean dago, eta ez dauka natura-balio nabarmenik. Horrenbestez, ez da arazo esanguratsurik atzematen plan berezia garatzeko, betiere segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta kultura ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz burutzen badira eraginpeko eremuan burutuko diren jarduketak eta aktibitateak.

e) Aldaketa egokitzat jotzen da ingurumenaren arloko legeria –Europakoa nahiz Espainiakoa– txertatzeko.

2.– Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta seguruenik eraginpean izango den eremuaren ezaugarriak:

Aldaketaren eremua hiri-eremua da, eta UE-11 Ona-Larrasoloeta, SG-VM eta UE-2 Birjinoste eremuek osatzen dute. Durangoko alde zaharraren ekialdean dago, zehazki, Santa Susana kaleak Larrasoloeta kalearekin izkina egiten duen tokian.

Batez ere bizitegi-eraikinak daude UE-11 eremuan. UE-2 eremuan, bestalde, lursail handi bat dago baratzeekin, fruta-arbolekin eta landare erruderalekin, baita hainbat eraikin ere inguruan lorategietako landaredia apaingarri apur bat dutenak.

Eremuan ez dago aldaketak eragin liezaiekeen garrantzi bereziko bestelako ingurumen-baliorik. Aldaketaren xede den eremuan ez dago naturagune babesturik edo hezegunerik, ezta interes geologikoko lekurik, kultura-ondare kalifikatu edo inbentariaturik ere.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, Ihobe lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan daude aldaketa honen eremuko hiru lurzati (48027-00075, 48027-00073 eta 48027-00074 kodeak). Emandako informazioaren arabera, UE-2 (48027-00073) dagokion lurzatiko lurzoruaren azterketa historikoak egiaztatu du ez dituela baldintzak betetzen kutsatuta egon daitekeen lurzoru gisa sailkatua izateko. Bestalde, bestelako ingurumen-arriskuak baztertzen dira: uholde-eremutik at dago eremua, akuiferoen kutsadurarekiko zaurgarritasun eta higadura-arrisku baxua ditu.

Zaratari dagokionez, Durangoko zarata-maparen arabera, UE-11 eremuan egin beharreko eraikuntzak aztertutako hiru aldietako (65-65-55 dB(A)) batean ere ez ditu betetzen bizitegi-eremuari dagozkion kalitate akustikoko helburuak (aurrerantzean, KAH). Eraikin horren mendebaldera dagoen orube eraiki gabea, non indarreko arau subsidiarioetan planteatzen baitzen eraikitzea, garapen berrietarako KAHk betetzen ditu (60-60-50 dB(A)), dagoen eraikinak pantailarena egiten baitio. Halaber, aurkeztutako dokumentazioan adierazten da inguru horretako trafiko-maila, eta, beraz, zarata-maila asko jaitsiko direla etorkizunean, hau da, ingurabidea ixten denean.

Proiektatutako jarduketen eta aldaketaren eragin-eremuen ezaugarriak ikusita, a priori kontsideratzen da proposatutako erabileren eta obren egikaritzearen arteko bateragarritasunarekin zerikusia dutenak izango direla inpakturik esanguratsuenak (hondakinak sortzea, emisio atmosferikoak eta akustikoak, kutsatuak egon daitezkeen lurzoruen gaineko eragina,...). Aintzat hartu behar da aldaketa indarreko arau subsidiarioetan proposatutako baino azalera txikiagoan egingo dela. Gainera, UE-11 eremuko eraikina ez denez eraitsiko, lurzoru kutsagarri gisa inbentariatutako partzela hori ez litzateke aldaketaren eraginpean egongo printzipioz, eta hondakin gutxiago sortuko da.

Horregatik, ez da aurreikusten ingurumen-inpaktu negatibo azpimarragarririk sortzerik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan azaldu bezala.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta aldaketan bertan jasotakoaren arabera.

Aplikatu beharreko neurrien artean, proiektua gauzatzearen ondoriozkoak nabarmentzen dira, zeinek loturik egon beharko baitute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin (ebazpen honen eranskinean jasotzen dira aldaketaren xede den proiektuko obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaileetako batzuk).

Eraikuntza eta eraikin jasangarriagoak izan daitezen beharrezko diren ezaugarriei dagokienez, EAEko etxebizitzen eraikuntza iraunkorrerako gidan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia-kopurua edo -kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.

Bigarrena.– Xedatzea, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritako terminoekin bat, ez dela aurreikusten UE-11 ONA-Larrasoloeta, SG-VM eta UE-2 Birjinoste eremuetarako Durangoko Udal Plangintzako arau subsidiarioak puntualki aldatzeak ingurumen-eragin esanguratsurik eragingo duenik. Hortaz, ez zaio ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Durangoko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen eraginak sortzeari utziko dio Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, baldin eta UE-11 ONA-Larrasoloeta, SG-VM eta UE-2 Birjinoste eremuetarako Durangoko Udal Plangintzako arau subsidiarioen aldaketa puntuala onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 7a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.

ERANSKINA

– Proiektua gauzatzean, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da.

– Obraguneak zedarritu egingo dira, landarediari ahalik eta gutxien eragiteko.

– Eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Lehenik eta behin, eta eraikuntza-lizentzia jaso aurretik, honako neurri hauek hartuko dira: kanpoko giroa babestera zuzendutakoak, teknikoki eta ekonomikoki proportzionatuak badira, eta eraikinaren barnealdeko kalitate akustikoko helburuak betetzera zuzendutakoak, barrunbearen arabera (egongelak edo logelak) eta eguneko momentuaren arabera (goizez, arratsaldez eta gauez). Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikingintza-proiektuan.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

Gainera, obrako hondakinen birziklatzeari dagokionez, eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko (bereziki obrak amaitutakoan hondakinak aprobetxatzea), jarraian aipatzen direnak sustatu beharko dira, honako hurrenkera honetan: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio-modu batzuk, eta, hala badagokio, ezabatze-eragiketen trataera egokia. Horretarako, bermatu egin beharko da obra-proiektuaren eraikuntza- eta eraispen-hondakinak gai honi buruzko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.

Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete behar dituzte eta itxita egon beharko dute baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen. Dekretu horren bidez, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen da.

Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasota dauden sektoreko lursailei dagokienez, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan jasotzen diren inguruabarretako bat ematen bada, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpena izapidetu beharko da, aipatutako legeak ezarritako prozedurari jarraituz (aipatu legearen 31. artikulutik 34.era).


Azterketa dokumentala