Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

202. zk., 2018ko urriaren 19a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
5133

AGINDUA, 2018ko urriaren 11koa, Segurtasuneko sailburuarena, Ertzaintzako lanpostuen zerrenda aldatzen duena.

Herrizaingo sailburuaren 1997ko abenduaren 31ko Aginduaren bidez, Ertzaintzako lanpostuen zerrenda onartu zen, eta, harrezkero, zenbait aldiz aldatu da, lanpostuok egitura-aldaketetara egokitzeko.

Segurtasuneko sailburuaren 2015eko martxoaren 12ko (2015-03-20ko EHAA, 54. zk.) eta 2015eko azaroaren 6ko (2015-11-16ko EHAA, 218. zk.) aginduen bidez, Ertzaintzako lanpostu-zerrenda aldatu zen, eta, hala, Ertzaintzaren egitura sendotu zen, Ortzimuga 2016 plan estrategikoan adierazitako gidalerroekin bat etorriz.

Ondoren, beste hiru aginduren bidez (2017ko martxoaren 30ekoa, 2017ko abenduaren 26koa eta 2018ko martxoaren 7koa) aldaketa batzuk egin ziren, behar berriak sortu ahala haietara moldatzeko lanpostuen egitura.

Agindu honen xede nagusia da lanpostuetan beste aldaketa bat egitea, Brigada Mugikorraren Unitatea berritu eta gaurkotzeko. Berritze hori beharrezkoa da, premia berri bat sumatu baita: era askotako arrisku-egoeretara eta jendetza dagoenean sorturiko gatazkak kudeatzeko tekniketara moldatzeko premia, hain zuzen. Bestalde, segurtasun-premiak aldatzearekin batera, Brigada Mugikorraren Unitateak eman beharreko zerbitzuak ere aldatzen ari dira, eta ezinbestekoa da aldaketa horietara moldatzea.

Xede horrekin, unitate horretako bi atalak bateratu egiten ditu Agindu honek, egitura bakarra izateko eta, hartara, lana ordu-erregimen berarekin antolatu ahal izateko. Bestalde, unitate honetako kideek esleitu zaizkien zereginak betetzeko behar diren baldintzak betetzen dituztela bermatzeko, gehieneko iraute-denbora arautu egingo da denbora hori ezarria duten unitate horretako lanpostuetarako.

Horiek horrela, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Ertzaintzaren Kontseiluak txostena emanda, eta Euskal Herriko Poliziaren 4/1992 Legearen 103. artikuluan aurreikusitako negoziazioa egin ondoren, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– I. eranskinean zerrendatutako lanpostuak eta zuzkidurak kentzen dira.

2. artikulua.– II. eranskinean zerrendatutako lanpostuak eta, hala badagokio, zuzkidurak sortzen dira.

3. artikulua.– III. eranskinean aipatzen diren lanpostuen zerrendako aldaketak onesten dira.

4. artikulua.– 2018ko urtarrilaren 1ean Babes eta Segurtasun Unitatean, Esku-hartze Unitatean, Zaintza eta Erreskate Unitatean eta Brigada Mugikorreko Unitatean gehieneko iraute-denbora ezarria duen lanpostu bat behin betiko atxikipenez betetzen ari diren funtzionarioek, epe hori igaro ondoren ere, atxikipen horrekin jarrai dezakete lanpostu hori betetzen, gainditzen badituzte Segurtasuneko sailburuordearen Ebazpenean ezartzen diren probak, Ertzaintzako lanpostu-zerrenda aldatzen duen Segurtasuneko sailburuaren 2015eko martxoaren 12ko Aginduaren 8. artikuluan aurreikusiak; indarrik gabe geratuko da 2015eko martxoaren 12ko agindu horren 9. artikuluan xedaturikoa.

5. artikulua.– Segurtasuneko sailburuaren 2015eko martxoaren 12ko Aginduak 8. artikuluan aipatzen duen Ebazpena urtebeteko epean idatzi eta argitaratu beharko da gehienez ere, Agindu hau eragina duen egunetik hasita.

Ebazpen horretan ezarritako probak gainditzen ez dituzten langileak kargutik kenduko dira behin betiko atxikipena badute, eta errebokatu egingo dira, berriz, zerbitzu-eginkizunetan badaude.

6. artikulua.– Agindu honek 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera izango du eragina, 4. artikuluan xedatutakoak izan ezik, hori argitaratu eta hurrengo egunean izango baitu eragina.

7. artikulua.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraz, beronen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Segurtasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan adierazitakoari jarraikiz. Hori eginez gero, ezin izango da aurkeztu administrazioarekiko auzi-errekurtsorik, harik eta berraztertzeko errekurtsoaren berariazko ebazpena eman arte, edo errekurtsoa izapidetzeko organo eskudunaren erregistroan sartu zenetik hilabete igaro izateagatik errekurtsoaren presuntziozko ezespena gertatzen den arte.

Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, edo, interesdunaren bizilekuaren arabera, hari dagokion Administrazioarekiko Auzien Epaitegian. Horretarako epea bi hilabetekoa da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 11.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala