Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

128. zk., 2018ko uztailaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3469

114/2018 EBAZPENA, ekainaren 26koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako Lankidetza-hitzarmena, Euskadin arkitektura eta hirigintza ikertu, sustatu eta zabaltzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako Lankidetza-hitzarmenaren, Euskadin arkitektura eta hirigintza ikertu, sustatu eta zabaltzeko, testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 26a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 26KO 114/2018 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREKIN (ARKITEKTURA GOI ESKOLA TEKNIKOA), EUSKADIN ETXEBIZITZA, ARKITEKTURA, HIRIGINTZA ETA ERAIKUNTZA AZTERTU ETA HOBETZEKO

Vitoria-Gasteizen, 2018ko ekainaren 18an.

BILDURIK:

Alde batetik, Ignacio Maria Arriola López jn., Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburua.

Bestetik, Nekane Balluerka Lasa and., Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea.

AGERTU DIRA:

Lehenengoa, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburu gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkaritzaz, ekitaldi honetarako baimendua Gobernu Kontseiluak 2018ko maiatzaren 15ean hartutako erabaki bidez.

Bigarrena, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektore gisa, unibertsitate horren ordezkaritzaz, ekitaldi honetarako baimendua abenduaren 27ko 250/2016 Dekretuaren bidez (EHAA, 7. zk., 2017ko urtarrilaren 11), eta aintzat harturik UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren Funtzionamendu Arautegiaren 29.2 artikuluak (EHAA, 98. zk., 2009ko maiatzaren 26a) ezarritakoa.

Bi aldeek elkarri aitortzen diote Lankidetza Hitzarmen hau sinatzeko lege gaitasuna, eta

ADIERAZI DUTE:

Lehenengoa.– Aspaldidanik datoz bat nazioarteko dokumentuak etxebizitzaren ikuspegi soziala nabarmentzean, eta ikuspegi hori lotzean bai pertsonen eta familien bizimodu baldintzak hobetzearekin bai gizarte bazterketa gainditzeko aukerarekin. Dokumentu horien artean aipatzekoak dira, besteak beste, 1948ko abenduaren 10eko Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala (25.1 artikulua) eta 1966ko abenduaren 16ko Eskubide Ekonomikoen, Sozialen eta Kulturalen Nazioarteko Ituna (11.1 artikulua).

Bere aldetik, 1978ko Espainiako Konstituzioaren I. tituluak oinarrizko eskubideak eta betebeharrak ezartzen ditu, eta 47. artikuluan, politika sozial eta ekonomikoaren printzipio gidarien artean, herritar guztiek etxebizitza egoki eta duin bat izateko duten eskubidea aipatzen du. Manamendu horretan zehazki jasota dagoenez, botere publikoek beharrezko baldintzak sortu eta dagozkion arauak ezarriko dituzte eskubide hau gauza dadin, eta lurzoruaren erabilera arautuko dute, aintzat harturik interes orokorra, espekulazioari aurre egiteko.

Azkenik, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunak –gizarte bazterketaren eta pobreziaren aurka egiteko Europako Parlamentuak, Kontseiluak eta Batzordeak 2000ko abenduaren 7an onartua– aitortu egiten die nahikoa baliabiderik ez duten pertsonei etxebizitzarako laguntza bat izateko eskubidea, Europar Batasuneko zuzenbideak eta legedi nazionalek zehazten dituzten modalitateen arabera.

Bigarrena.– Gernikako Estatutuaren 10.31 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusiboak dira lurralde eta itsasertz plangintzari, hirigintzari eta etxebizitzari lotutako gaiak.

Hori horrela, 2015eko ekainaren 18an, Etxebizitzari buruzko Legea onartu zen (3/2015 Legea), helburutzat duena etxebizitza egoki eta duin bat edukitzeko eskubidea arautzea Euskal Autonomia Erkidegoan.

Legearen 44. artikuluaren arabera, eraikitako ondarea kontserbatu, hobetu, egokitu, moldatu eta balioesteko, berroneratze eremuetan esku hartu daiteke, hiri edo landa multzoetan, administrazio publikoak bereziki esku hartu behar duenean aintzat harturik eraikitako edo urbanizatutako ondarea eguneratu edo egokitzeko premia. Hala, inbentariatutako bizileku erabilerako higiezinen babes araudiak ezinezkoa egiten duenean eraikina egokitzea gutxieneko irisgarritasun, bizigarritasun edo eraginkortasun energetikoko baldintzetara, beste irtenbide alternatibo eta jasangarri batzuk bilatu behar dira, eraikinaren ezaugarriak errespetatuko dituztenak eta aukera emango dutenak etxebizitzak birgaitzeko gutxieneko irisgarritasun eta erosotasun baldintzetan, bizileku erabilera nagusitu dadin.

Hirugarrena.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bere gain hartzen ditu EAEko Administrazio Orokorrari dagozkion eskumenak eta funtzioak, arkitekturari, eraikigarritasunari, jasangarritasunari, eraginkortasun energetikoari eta eraikuntzaren kalitateari dagokienez. Bereziki, Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzaren bidez, ikerketa, sustapen eta garapen lanak –besteak beste– sustatzen ditu alor horietan.

Gai horiei buruz gehiago jakin eta horren ondorioz etxebizitzen kalitatea hobetzeko, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak honako lan ildo hauek indartzeko mekanismoak nahi ditu:

1.– Lurraldeko eraikuntza ereduei buruzko proiektu azterlana eta miaketa.

2.– Etxebizitza tipologiei buruzko proiektu analisia.

3.– Ingurumena errespetatu eta Eraikuntza Kode Teknikoarekin lerrokatuko diren eraikuntza sistema eta material berriei buruzko ikerketa zientifikoa eta teknologikoa.

4.– Ingurumena errespetatuko duten sistema eta material berriak erabili eta praktikan jartzea obra berriko edo birgaitzeko etxebizitza sustapenetan.

5.– Arkitektura eta Hirigintzaren sustapena, ikerketa eta zabalkundea Euskadin.

Hori bermatzeko modu bakarra da lankidetza eraginkorrean aritzea administrazio publikoetako beste departamentu eta organoekin, profesionalekin eta elkarte nahiz instituzio publiko eta pribatuekin.

Laugarrena.– Bestetik, berrikuntza politikan etapa berri bat garatzeko –ezaugarri izango duena eskaintza zientifiko-teknologikoaren eta enpresa eta gizarte eskaeraren arteko konbergentzia–, Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plan berria (ZTBP Euskadi 2020) planteatu da, legegintzaldi honetarako gobernu programaren plan estrategiko gisa artikulatua.

«ZTBP Euskadi 2020» berria bat dator Europar Batasunak hamarkada honetarako planteatzen duen hazkunde estrategiarekin: Europa Estrategia 2020. Helburua bikoitza da: azken urteotako krisia gainditzea eta beste era bateko hazkunderako baldintzak sortzea (hazkunde adimentsuagoa, jasangarriagoa eta integratzaileagoa).

«ZTBP Euskadi 2020» berria sortzean, aintzat hartu da enpresen, merkatuen eta zientzia-teknologia gaitasunen arteko interakzioa. Interakzio horretan eta Europako metodologiaren aplikazioan, lehentasun bertikalak identifikatu dira, lehentasun estrategikoetan eta aukera alorretan banatuak. Hala, lehentasun bertikal estrategikoen osagarri gisa, lurraldeari lotutako nitxo berri edo potentzial sail bat proposatzen da.

Azken horiei dagokienez, hainbat lerro estrategiko identifikatzen dira:

– Eraikuntza industrializatua eta modelizazio birtuala.

– Birgaitze integrala eta hiri berroneratzea.

– Hiri, auzo eta eraikin adimendunak (smart cities, domotika aurreratua, zero emisioko eraikuntza).

– Eraikuntza jasangarrirako Material Berriak: isolatzaileak, berriztagarriak, bio eta nanomaterialak.

– Eraikin eta hiri irisgarriak. Mugikortasun bertikala / horizontala.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailarentzat, funtsezkoa da sustatzea, ez bakarrik aipatutako proiektu horiek, baita beste lan eta berrikuntza zientifikoko ildo batzuk ere, eraikuntzaren alorrean.

Bosgarrena.– UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoa Ikastegi gisa sartu zen unibertsitatean 1982. urtean, eta arkitektura alorreko formakuntza eta eztabaida akademikoaren epizentroa da gaur egun Euskal Herrian.

Alde horretatik, UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola TeknikoaK beharrezko espezializazio maila eta gaitasun teknikoa ditu, administrazioarekin elkarlanean aritzeko hitzarmen honen bidez sustatu nahi den xedeari lotutako zabalkunde eta ikerketa lanetan.

Seigarrena.– Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoa) elkarlanerako jardun programa bat ezarri nahi dute, alde bakoitzaren zeregina arautuko duten jarraibide orokor batzuekin, hitzarmen honetan ezarritako lan ildoetatik abiatuta egingo diren jardunak garatzeko.

Erakunde publikoei dagokien jardun bateratu eta koordinatua berresteari begira (aurreko atalean aipatutakok betetzeko), EAEko Administrazio Orokorrak –alde batetik– eta UPV/EHUk –bestetik– laguntza eman behar diote elkarri, nork bere alorretik, beren zereginak eraginkorki betetzeko.

Bi aldeek, beren interesak, konpromisoak eta ekarpenak gauzatzeko, Lankidetza Hitzarmen hau formalizatzea erabaki dute, honako klausula hauekin:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmen honen xedea da lankidetza mekanismo batzuk ezartzea Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren eta UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren artean, arkitektura eta hirigintza ikertu, sustatu eta zabaltzeko Euskadin, zeregin horri lotutako jarduera zientifikoarekin batera. Lankidetza horren barnean sartuko dira:

1.– Lurraldeko eraikuntza ereduei buruzko proiektu azterlana eta miaketa.

2.– Etxebizitza tipologiei buruzko proiektu analisia.

3.– Ingurumena errespetatu eta Eraikuntza Kode Teknikoarekin lerrokatuko diren eraikuntza sistema eta material berriei buruzko ikerketa zientifikoa eta teknologikoa.

4.– Ingurumena errespetatuko duten sistema eta material berriak erabili eta praktikan jartzea obra berriko edo birgaitzeko etxebizitza sustapenetan.

5.– Arkitektura eta Hirigintzaren sustapena, ikerketa eta zabalkundea Euskadin.

Bigarrena.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eta UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak hitzartuko dute, urtero, hitzarmen honen indarraldian garatu beharreko jardun, proiektu eta lankidetzen programa. Eranskinak programa horretarako hasierako proposamena jasotzen du.

Hirugarrena.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromisoa hartzen du UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak lankidetza hitzarmen honen baitan egingo dituen jardunak sustatzeko, dagozkion aurrekontu kontsignazioen bitartez.

Era berean, konpromisoa hartzen du eginiko jardueretatik sor litezkeen eraikuntza sistema eta material berriak obra berriko edo birgaitzeko etxebizitza sustapenetan aplikatzeko aukera aztertzeko.

Konpromisoa hartzen du, azkenik, UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak lankidetza hitzarmen honen baitan egingo dituen sustapen eta zabalkunde ekintzetan parte hartzeko.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak erabateko konfidentzialtasunaz erabiliko du hitzarmen honen baitan lortutako informazio guztia, kalterik ez egiteko patente edo sekretu industrial posible bati.

Laugarrena.– UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak konpromisoa hartzen du hitzarmen honen bigarren klausularen arabera onartuko den jardun programako egitasmoak eta proiektuak garatzeko, eta emaitzen txostena aurkezteko programa horren exekuzio aldia amaitzen denean.

UPV/EHUk erabateko konfidentzialtasunaz erabiliko du hitzarmen honen baitan lortutako informazio guztia, kalterik ez egiteko patente edo sekretu industrial posible bati.

Gainera, konpromisoa hartzen du ere, beren kabuz edo beste administrazio publiko, unibertsitate edo erakunde teknologiko batzuekin elkarlanean, azterlanak, saiakuntzak eta ikerketa zientifikoak eta teknologikoak egiteko, ingurumena errespetatu eta Eraikuntza Kode Teknikoarekin lerrokatutako diren eraikuntza sistema eta material berriei buruzkoak.

Halaber, konpromisoa hartzen dute euskal arkitektura eta hirigintza sustatu eta zabaltzeko lanak egiteko. Horretarako, alor honetan eginiko lanei balioa emango dieten jardunaldiak, erakusketak, hitzaldiak eta batzarrak sustatuko ditu.

Amaitzeko, UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak konpromisoa hartzen du ikasleak praktiketan hartzeko, hitzarmen honen baitan eginiko jardueren antolakuntzan parte har dezaten. Praktika horietan, aitzat hartuko dira indarrean dagoen Kanpoko Praktiken Araudiak ezarritakoa. Arkitektura Goi Eskola Teknikoa arduratuko da laguntza poltsekin lotutako gestioaz eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeaz, baita beste edozein lege atxikipenaz ere, indarrean dagoen legediaren arabera.

Bosgarrena.– Hitzarmen honen baitan onartutako eta eginiko lanen titulartasuna Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailarena eta UPV/EHUrena izango da, egile eskubideak gorabehera.

Ikerketa emaitzetatik eratorritako teknologia eta erabilpena lizentziadun posibleei transferitzeko eta aipatutako lan akademikoen argitalpena egiteko, hurrengo klausulan agertzen den Jarraipen Batzordearen berariazko baimena beharko du.

Seigarrena.– Hitzarmen hau sinatzen duten bi erakundeek beharrezkoa ikusten dute Hitzarmenaren Jarraipen Batzorde bat sortzea, Etxebizitza eta Arkitektura zuzendaria buru izango duena (edo haren ordez arituko den pertsona). Batzorde hori osatuko dute UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko bi ordezkarik (eskolak izendatuak) eta Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzako bi teknikarik (Etxebizitza eta Arkitektura zuzendariak izendatuak).

Jarraipen Batzordearen eginkizunak izango dira:

– Urte bakoitzeko urtarrilaren 30a baino lehen, hitzarmenaren baitan egin beharreko lankidetza jardueren eta proiektuen urteko programa helaraztea Etxebizitza Sailburuordetzari, onartua izan dadin.

Horretarako, urriaren 31 baino lehen, hurrengo ekitaldian edo hitzarmenaren indarraldian garatu beharreko programaren lankidetza edo dibulgazio proiektu eta jarduera proposamenak aurkeztuko zaizkio Jarraipen Batzordeari, aztertuak, baloratuak eta hautatuak izateko.

UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko irakasle-ikertzaileek aurkeztuko dituzte proposamenak, Eskolako Zuzendaritzaren bidez, Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzak eskatuta edo aldeak ados jarrita.

– Aurkeztutako lankidetza edo dibulgazio proiektu eta jardueren emaitzak baloratzea. Horretarako, laguntza eskatu ahal izango die aholkulari teknikoei edo espezialistei, beharrezkoa iruditzen zaion gaietan.

– Hartutako konpromisoak eta aurreikuspenak betetzen direla zaintzea, eta horiek zorrotz betetzeko neurriak proposatzea.

– Hitzarmen hau betetzean sor daitekeen edozein desadostasun interpretatzea eta ebaztea.

– Hitzarmen honi lotuta etorkizunean sor litekeen edozein gorabehera aztertu eta konpontzea.

Batzordea behar beste aldiz bilduko da urteko jardun programako proposamenak baloratu eta hautatzeko, eta onartutako proiektu eta lankidetza edo dibulgazio jardueren garapenaren jarraipena egiteko. Sei hilean behin bilduko da, gutxienez.

Zazpigarrena.– Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak urtero egin beharreko ekarpena, UPV/EHUko Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoak hitzarmen honetako jarduerak egin ahal izateko, ehun eta laurogeita hamar (180.000) euro izango da, Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planetik erator litezkeen beste ekarpen osagarri edo ekimen estrategiko batzuk baztertu gabe.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren ekarpen ekonomikoa honela egingo da:

– Ekarpenaren % 50 sei hileko epean, ekitaldiari dagokion aurrekontu araudia onartzen den egunetik kontatzen hasita.

– Gainerako % 50 urteko abenduaren 31n, Hitzarmenaren Jarraipen Batzordeak ekitaldiari dagokion kudeaketa txostena baloratu ondoren.

Aurrekontu hau 2018ko ekitaldiari dagokio. Hitzarmen hau indarrean jarraitzen duen bitartean, hurrengo ekitaldietako aldeen ekarpenak kreditu egoki eta nahiko egoteari baldintzatua egongo da.

Zortzigarrena.– UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak bete egin beharko ditu une bakoitzean diru-laguntzak jasotzeko ezarrita dauden baldintzak.

Hitzarmen honen laugarren klausulan aipatutako emaitzen txostenaz gainera, dokumentazio hau igorriko dio Arkitektura Goi Eskola Teknikoak Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari:

– Kudeaketa txostena.

– Balantze ekonomiko-finantzarioa.

– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren ekarpenen bidez eginiko jardueren justifikazioa.

– Baliabide berekiak jasoko dituen kontuen egoera (kuotak, tarifak, dohaintzak etab.), eta, hala badagokio, hitzarmen hau betetzeari zuzenki lotuta dituen gastu berekien zerrenda.

Adierazitako baldintzen arabera eginiko gastuak justifikatzen ez badira, jasotako laguntza beste helburu baterako erabiltzen bada edo hitzarmen honetan ezarritako gainerako baldintzak betetzen ez badira, itzuli egin beharko da ordura arte jasotako laguntza, osorik edo zati bat, gehi legez ezarritako interesak, abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuak diru-laguntzak itzultzeko aurreikusten duen prozedura orokorraren arabera.

Hitzarmen honen baitan emandako ekarpen ekonomikoen zenbatekoak, helburu bererako beste sarrera edo baliabideekin konkurrentzian, ez du inolaz ere gaindituko egin beharreko jardueraren kostua.

Bederatzigarrena.– UPV/EHUk diru-laguntza erabiltzen badu hitzarmen honen jarduerarako ondasun edo baliabide teknikoak erosteko eta baliabide horiek jarduera horietarako erabiltzeari uzten bazaio, ondasun horiek Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren titulartasunera igaro ahal izango dira, legeak horretarako ezartzen dituen baldintzak eta prozedurak erabilita.

Hamargarrena.– Hitzarmen honek izaera administratiboa duenez, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arduratuko da bere interpretazio, aplikazio, exekuzio eta ondorioei lotutako auzi eta gorabeherez, behin aurreko klausulako bidea agortuta.

Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen (lege horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egin zen Espainiako ordenamendu juridikora) arabera, hitzarmen hau ez dago lege horren mende, haren printzipioak aplika badaitezke ere sor daitezkeen zalantzak eta hutsuneak ebazteko.

Hamaikagarrena.– Lankidetza hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa izango da, sinatzen den egunetik kontatzen hasita.

Epe hori amaitu aurretik eta edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aukera izango dute haren luzapena aho batez adosteko, lau urtez gehien jota edo haren azkentzera arte.

Hitzarmenaren urteko indarraldia, edonola ere, EAEko aurrekontu orokorrek nahikoa kreditu edukitzearen mende egongo da.

Hamabigarrena.– Dokumentu honetako betebeharrak betetzen ez badira, hitzarmena suntsiarazi eta aldeek beren jatorrizko egoera juridikora itzuliko dira. Suntsiarazpena eragin duen aldeak kalte-ordaina emango dio, sortutako kalte-galera guztiengatik, beste aldeari edo fede oneko hirugarrenei.

Adostasuna eta fede ona adierazteko, hitzarmen honen lau kopia izenpetzen dituzte, goian adierazitako lekuan eta egunean.

Euskal Herriko Unibertsitateko Errektorea,

NEKANE BALLUERKA LASA.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala