Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

100. zk., 2018ko maiatzaren 25a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
2773

EBAZPENA, 2018ko maiatzaren 17koa, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiarena, zeinaren bidez dei egiten baita garapenerako lankidetzaren proiektuetarako 2018ko laguntzak emateko.

Ebazpen honen bidez betetzen dira otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuak (Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituena) 2018rako ezarritako xedapen guztiak (martxoaren 15eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria). Uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuak (Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituena) aldatu zuen dekretu hura. Oro har, ebazpen honetan ez dira errepikatuko dekretu horren edukiak, baina diru-laguntza hauen deialdira aurkeztu nahi duten erakundeek nahitaez kontsultatu behar dituzte edukiok.

34/2007 Dekretuak arautu egiten ditu hegoaldeko pobretutako herrialdeen prozesu endogenoak eta gaitasunak indartuz pobreziaren aurkako borrokan laguntzen duten garapenerako lankidetza-proiektuentzako laguntzak. Horretarako, tokikoari lehentasuna eman nahi zaio estatukoari eta nazioartekoari loturik, garapenerako lankidetzako irabazi-asmorik gabeko erakundeen bitartez.

Aipatutako dekretuak 2. artikuluan ezartzen duenez, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia atxikita dagoen saileko organo eskudunak xedatuta, laguntzen deialdia egingo da. Deialdi horretan, honako hauek adieraziko dira: deialdiaren xedea, diru-hornidura orokorra, hiru laguntza-modalitateetarako aurreikusitako diru-hornidura, erakunde bakoitzak gehienez eska dezakeen zenbatekoa, hautaketa-irizpideak, eskaerak aurkezteko tokia eta epea, eta eskaera-eredua.

Beste alde batetik, dekretuaren 22.4 artikuluak hau ezartzen du: erakunde bakoitzak gehienez aurkez ditzakeen eskaeren kopurua eta/edo erakunde bakoitzak proiektu guztietarako gehienez eska dezakeen guztirako zenbatekoa zehaztuko da dagokion deialdia egiteko ebazpenean.

Halaber, 24. artikuluaren arabera, deialdiaren ebazpenean ezarriko dira diru-laguntzaren ordainketa bakoitzaren ehunekoak.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuarekin bat etorriz, Lehendakaritzak ditu garapen-lankidetzarekin lotutako funtzioak. Funtzio horiek Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak esleituta dauzka, Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 70/2017 Dekretuaren bidez.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak du eskumena laguntza horiek eta emango diren ebazpenak kudeatzeko, hala xedatuta baitago, batetik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 19ko 5/2008 Legearen 11.2 artikuluan, eta, bestetik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamendua onartzen duen martxoaren 23ko 95/2010 Dekretuaren 5.b) artikuluan.

Azkenik, adierazi behar da deialdi honek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektorearen oniritzia jaso zuela, 2018ko otsailaren 14an egindako bilkuran.

Hori dela eta,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da garapenerako lankidetza-proiektuetarako 2018rako diru-laguntzen deialdia egitea; uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuak aldatzen duen otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuak (Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituena) arautzen ditu laguntza horiek.

2. artikulua.– Diru-zuzkidura.

1.– Deialdi honetara bideratutako diru-horniduraren zenbatekoa, guztira, 35.500.000 eurokoa izango da. Laguntza mota bakoitzerako honako diru-hornidura hau kalkulatu da:

a) Garapenerako lankidetza-proiektuetarako laguntzetara 29.000.000 euro bideratuko dira.

b) Ekoizpen-garapeneko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko proiektuetarako laguntzetara 1.200.000 euro bideratuko dira.

c) Garapenerako hezkuntzarako proiektuetarako laguntzetara 5.300.000 euro bideratuko dira.

3. artikulua.– Proiektu bakoitzerako eskatutako diru-laguntza.

Proiektu bakoitzeko ezin izango da 600.000 euro baino laguntza handiagoa eskatu.

4. artikulua.– Erakunde bakoitzeko eska daitekeen gehieneko zenbatekoa, guztira.

Erakunde bakoitzak, banaka edo beste batzuekin elkartuta, gehienez 6 proiektutarako laguntza eskatu ahal izango du, eta horien guztien gehieneko zenbatekoa aurreko artikuluan aipatutakoa izango da.

Erakundeari eman ahal izango zaion zenbatekoak ez du inola ere gaindituko 3.227.616,60 euroko zenbatekoa, alegia 2018ko ekitaldirako onartutako funts banagarrien % 7.

5. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa.

Emandako diru-laguntza honako epe hauetan ordainduko da:

a) Emandako diru-laguntzaren % 20 (lehenengo ordainketa), laguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren.

b) Emandako diru-laguntzaren % 40 (bigarren ordainketa), ordaindutako diru-laguntzaren % 80 edo hortik gora egin dela justifikatu ondoren.

c) Emandako diru-laguntzaren % 40 (hirugarren ordainketa), ordaindutako diru-laguntzaren % 80 edo hortik gora egin dela justifikatu ondoren.

6. artikulua.– Laguntzak elektronikoki izapidetzea.

1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoz egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta agiriak nola izapidetu behar diren jakiteko xehetasunak hemen eskura daitezke: https://euskadi.eus egoitza elektronikoan eta www.elankidetza.euskadi.eus web-orrian.

3.– Eskabidea egin osteko izapideak helbide hauetan egin behrko dira: http://www.euskadi.eus edo www.elankidetza.euskadi.eus

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

2.– Halaber, bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dira eskaerak, https://www.euskadi.eus egoitza elektronikoan (Izapideak; Diru-laguntzak eta bekak atalean), edo, bestela, http://www.elankidetza.euskadi.eus webgunean (Deialdiak atalean).

3.– Eskaera egiteko eskabide normalizatu bat aurkeztu beharko da, behar bezala betea; aipatutako egoitza elektronikoan eskura daiteke.

8. artikulua.– Dokumentazioa.

1.– Agiri hauek aurkeztu beharko dira diru-laguntzaren eskabidearekin batera:

a) Proposamen teknikoa eta aurrekontua. Biak behar bezala beteta aurkeztu beharko dira. Hemen eskura daitezke: https://euskadi.eus egoitza elektronikoan eta www.elankidetza.euskadi.eus webgunean. Proposamen teknikoak gehienez ere 50.000 hitz izan ditzake.

b) Lege-ordezkaritzaren egiaztapena, aurrez aurreko eskaera sinatzen duen pertsona ez bada erakunde eskatzailearen ordezkari gisa inskribatuta agertzen Eusko Jaurlaritzako ordezkarien erregistroan, eta egiaztapen hori Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian agertzen ez bada (https://euskadi.eus edo www.elankidetza.euskadi.eus).

c) Lankidetzaren esparruan gutxienez bi urteko etengabeko esperientzia duela adierazten duen egiaztagiria, baldin eta erakundearen estatutuetan ez badago berariaz jasota erakundearen helburua dela hegoaldeko herrialdeen garapenera bideratutako proiektuak gauzatzea.

d) Elkartutako erakundeak badira, dagokion hitzarmena aurkeztuko da, egoitza elektronikoan eskura daitekeen ereduaren arabera.

e) Gastuak fakturekin ez baizik eta ordainagirien bidez justifikatzea aurreikusi bada, azalpen-memoria bat aurkeztu beharko da, hori justifikatzen duten arrazoiekin. Azalpen-memoria hori egoitza elektronikoan eskura daiteke.

f) Erakunde eskatzaileak erbesteratutako pertsonak bidaltzen baditu, eginbeharreko lanak eta iraupena azalduko dituen eta beharrezko gaitasun- eta kalifikazio-irizpideak jasoko dituen azalpen-memoria aurkeztu beharko da. Memoria-eredu bat eskuratu ahal izango da egoitza elektronikoan.

g) Proforma fakturak, aurrekontuak edo kanpoko balorazioak, Dekretuak ezartzen duenaren arabera hori beharrezkoa bada.

h) Nagusiki hegoaldeko herrialde batean egiten diren proiektuen kasuan, bertako langileen batez besteko soldataren egiaztagiria aurkeztu beharko da.

i) Nagusiki hegoaldeko herrialde batean egiten diren proiektuen kasuan, eta Dekretuak ezartzen duenaren arabera, txandakako funtsaren azalpen-memoria aurkeztu beharko da.

2.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen erakundeari zuzenean egiazta dezan honako hauetan aurreikusitako baldintzak betetzen direla (zerga-betebeharrei eta Gizarte Segurantzarekikoei buruzkoak): 887/2006 Errege Dekretuaren 18. eta 19. artikuluak, eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorra. Erakunde eskatzaileak berariaz ukatzen badu baimen hori, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, aipatutako errege dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

3.– Diru Laguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 eta 3. artikuluetan aurreikusitako inguruabarretako batean dauden erakundeak ezingo dira laguntzen onuradun izan.

9. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio diru-laguntzen lerro honen kudeaketa-lanak egitea, eta Agentziaren Koordinazio Teknikoaren Zerbitzuak egingo ditu laguntza-eskaeren analisi teknikoa eta balorazioa; gero, horren berri emango dio Kontseilu Errektoreari, zeinak dagozkion laguntzak ematea proposatuko baitu.

10. artikulua.– Esleitzeko eskumena duen organoa.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendaria da iragarritako laguntzak esleitzeko eskumena duen organoa.

11. artikulua.– Hautaketa-irizpideak.

Eskatutako betekizun guztiak biltzen dituzten eskaerak ebazpen honen I. eranskinean jasotako hautaketa-irizpideen arabera baloratuko dira.

12. artikulua.– Hitzarmena sinatzea.

Diru-laguntza onartu ondoren, hitzarmena sinatuko da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta erakunde esleipendunaren artean, emandako diru-laguntza bakoitzeko, finantzatzen den proiektu motaren arabera. Hitzarmen hori https://euskadi.eus egoitza elektronikoan eta www.elankidetza.euskadi.eus webgunean egongo da ikusgai.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Ebazpen honetan aipatutako diru-laguntzak honako hauetan xedatutakoaren menpe egongo dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorra; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; eta 34/2007 Dekretua, otsailaren 27koa, zeinaren bidez arautzen baitira Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako proiektuetarako laguntzak (dekretu hura uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuaren bidez aldatu zen).
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daiteke, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 17a.

Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusia,

JUAN ANTONIO FERNÁNDEZ ERDOCIA.

ERANSKINA
APLIKATU BEHARREKO HAUTAKETA-IRIZPIDEAK

A) GARAPENERAKO LANKIDETZA-PROIEKTUAK (I. KAPITULUA) ETA GARAPEN PRODUKTIBOKO, PRESTAKUNTZAKO ETA LAGUNTZA TEKNOLOGIKOKO PROIEKTUAK (II. KAPITULUA), LEHENTASUNEZ HEGOKO HERRIALDE POBRETU BATEAN BURUTZEN DIRENAK.

I.– Proiektuaren edukien eta ikuspegiaren arabera: 82 puntu.

1.– Proiektuaren koherentzia orokorra: 23 puntu.

1.1.– Proiektua egokia eta aproposa den Garapenerako Lankidetzaren 2014-2017 aldirako III. Plan Zuzentzailerako, giza garapen jasangarriaren ikuspegiari eta txertatzen den testuinguruari dagokienez: 10 puntu gehienez.

● 8 puntu, ekimena egokia, estrategikoa eta aproposa bada txertatzen den testuinguruari (herrialdea, sektorea, agenteak eta abar) eta GLEAk lagundutako prozesuei dagokionez.

○ 3 puntu, ekimena egokia bada txertatzen den testuinguruaren azterketaren arabera eta diagnostikoan identifikatutako premiei erantzuten badie.

– Gehienez 2 puntu, testuinguruaren azterketa nahikoa baldin bada:

● Puntu 1, testuinguruaren egiturazko azterketa eta/edo interpretazio zehatza egiten badu.

● Puntu 1, sektorearekin eta kokapen geografikoarekin lotutako datu zehatzak baldin baditu.

– Puntu 1, proiektuaren egokitasuna justifikatua baldin badago.

○ 5 puntu, esku-hartzea estrategikoa eta egokia baldin bada.

– 2 puntu, GLEAk aldez aurretik lagundutako prozesua baldin bada, betiere egokia dela iritziz gero eta formularioan modu zehatzean justifikatuz gero.

– Puntu 1, ekimenak alderdi berritzaileren bat proposatzen badu GLEAk lagundutako lankidetzaren ibilbideari dagokionez –erakundeak, ikuspegiak, gaiak eta abar– eta egokitzat joz gero.

– 2 puntu, testuinguruari dagokionez ekimena estrategikoa eta aproposa dela frogatzen bada.

● Puntu 1, jarraitutako identifikazioko prozesu parte-hartzailea modu zehatzean azalduta badago.

● Puntu 1, xede-biztanleria identifikatuta badago, egokia bada eta hautaketa modu zehatzean azaldua badago.

1.2.– Ekimenaren koherentzia eta aurreikusitako helburu, emaitza eta jardueren arteko koherentzia: 5 puntu gehienez.

● 2 puntu, frogatzen bada ekimena, oro har, bat datorrela aztertutako testuinguruarekin eta zeharkakoen azterketarekin, alternatibaren hautaketa justifikatzen bada eta, oro har, koherentzia baldin badu.

● Gehienez 3 puntu, esku-hartzearen logika koherentea baldin bada:

○ 3 puntu, proiektuak helburu espezifikoa lortzeko behar diren jarduera guztiak eta emaitza guztiak biltzen dituen esku-hartze logika bat badu.

○ 2 puntu, esku-hartzearen logikan helburu espezifikoa lortzeko behar diren emaitza guztiak biltzen badira baina jarduerak funsgabeak badira.

○ Puntu 1, esku-hartze logikak helburu espezifikoa lortzeko beharrezko emaitzaren bat ez badu edo helburua lortzeko beharrezkoak ez diren emaitzak sartzen badira, edo emaitzek eta dagozkien jarduerek koherentziarik ez badute.

1.3.– Jardueren deskribapena eta ezarritako baliabideekin duten erlazioa jarduera horiek ezartzeko: 3 puntu gehienez.

● 2 puntu, erlazio koherentea badago jardueren, bitartekoen eta kostuen, eta elementu horiek aurrekontuan biltzeko moduaren artean.

● Puntu 1, desoreka badago jardueren eta haien aurrekontu-zuzkiduraren artean edota beharrezkoak ez diren kontzeptuak badaude esku-hartzearen logikarako.

● Puntu 1 gehiago, jarduerak behar bezala deskribatuta baldin badaude.

1.4.– Jarraipena eta ebaluazioa egiteko adierazle zehatzak, neurtzeko modukoak eta egiaztatzeko modukoak: 5 puntu gehienez.

● 5 puntu, adierazle zehatzak, neurtzeko modukoak eta egiaztatzeko modukoak ezartzen badira helburu espezifikoaren eta espero den emaitza bakoitzaren inguruan, prozesu-adierazleak, inpaktu-adierazleak eta generoko inpaktu-adierazleak barne, kuantitatiboak eta kualitatiboak.

● 4 puntu, adierazle zehatzak, neurtzeko modukoak eta egiaztatzeko modukoak ezartzen badira helburu espezifikoaren eta espero diren zenbait emaitzaren inguruan, prozesu-adierazleak, inpaktu-adierazleak eta generoko inpaktu-adierazleak barne, kuantitatiboak eta kualitatiboak.

● 3 puntu, helburu espezifikoaren eta espero den emaitza bakoitzaren inguruan adierazle zehatzak, neurtzeko modukoak eta egiaztatzeko modukoak ezartzen badira.

● Puntu 1, adierazle zehatzak, neurtzeko modukoak eta egiaztatzeko modukoak emaitzen arteko batzuentzako soilik ezartzen badira.

2.– Proiektuaren bideragarritasuna eta iraunkortasuna denboran: 15 puntu.

2.1.– Bideragarritasuna: 12 puntu gehienez.

● 9 puntu gehienez, proiektua behar bezala ezartzeko baliabide metodologiko, tekniko eta instituzionalak dituela frogatuz gero.

○ 5 puntu gehienez:

– 5 puntu gehienez, proiektua behar bezala ezartzeko baliabide metodologiko, tekniko eta instituzionalak dituela frogatuz gero.

– 3 puntu gehienez, proiektua behar bezala ezartzeko baliabide metodologiko, tekniko eta instituzionalak dituela azalduz gero, baina ez bada frogatzen duen dokumentaziorik atxiki.

– Puntu 1, formularioan informazioren bat falta bada eta ez bada frogatzen duen dokumentaziorik atxiki.

○ 2 puntu baldin eta, aldez aurretik GLEArekin izandako esperientziaren eta harremanen bitartez, erakunde eskatzaileak (edo partzuergoburuak) ekimenaren bideragarritasuna bermatzeko adina gaitasun duela irizten bazaio, proposamen zehatzari dagokionez.

○ 2 puntu gehienez, ekimena bat baldin badator erakunde eskatzailean eta tokiko erakundean indarrean dagoen plangintza estrategikoarekin.

– Puntu 1, ekimena bat baldin badator erakunde eskatzailean indarrean dagoen plangintza estrategikoarekin eta formularioan modu zehatzean azalduta baldin badago.

– Puntu 1, ekimena bat baldin badator tokiko erakundean indarrean dagoen plangintza estrategikoarekin eta formularioan modu zehatzean azalduta baldin badago.

● 3 puntu gehienez, proiektua behar bezala ezartzeko giza baliabideak dituela frogatuz gero.

○ 3 puntu, proiektua behar bezala ezartzeko beharrezko giza baliabideak dituela frogatuz gero, eta erantzukizun eta eginkizunen banaketa argia baldin bada.

○ 2 puntu, proiektua behar bezala ezartzeko beharrezko giza baliabideak dituela frogatuz gero baina erantzukizun eta eginkizunen banaketa ez badago argi.

○ Puntu 1, aurrekoa osatu gabe badago.

2.2.– Iraunkortasuna denboran: 3 puntu gehienez.

● 3 puntu baldin eta bermatzen bada proiektua bukatutakoan proiektuaren emaitzei eta helburuari eutsi egingo zaiela ekonomiaren, gizartearen eta kulturaren arloan, eta nazioarteko lankidetzaren laguntza tekniko eta finantzariorik gabe.

● 2 puntu, aurrekoen artetik zerbait falta bada edo eskas badago.

● Puntu 1 baldin eta bermatzen bada proiektua bukatutakoan proiektuaren helburuari eta emaitzei denboran eusten lagunduko dieten gaitasun, sare edo harremanak ezarrita utziko direla.

3.– Zehar-lerroak: 36 puntu.

3.1.– Zehar-lerroa: genero-ikuspegia sartzea eta gizonen eta emakumeen arteko desberdintasuna eraldatzea: 7 puntu gehienez.

● Diagnostikoa: puntu 1, xede-biztanleriaren genero-harremanen diagnostikoa egina badago, sektore-arloan, lurraldean eta esku-hartze zehatzean oinarrituta.

● Marko logikoaren ideia nagusia: 2 puntu.

● Bideragarritasuna: 3 puntu.

○ Puntu 1, jardueretan proposatutako metodologia eta bideragarritasuna egokiak badira emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak desagerrarazteko.

○ Puntu 1, jardueretako giza baliabideak, teknikoak, materialak eta instituzionalak eta bideragarritasuna egokiak badira emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak desagerrarazteko edota emakumeak ahalduntzeko.

○ Puntu 1 gehiago, erakunde feminista baten edo batzuen bitartez egikaritzen bada.

● Estrategia: puntu 1 emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak murrizteko estrategia integrala proposatzen bada.

3.2.– Zehar-lerroa: tokiko gaitasunak indartzea: 7 puntu gehienez.

● Diagnostikoa: puntu 1, proiektuaren xede-biztanleriaren edo haren erakundeen gaitasunei buruzko diagnostiko zehatz eta espezifikoa badago.

● Marko logikoaren ideia nagusia: 2 puntu.

● Bideragarritasuna: 3 puntu.

○ Puntu 1, jardueretan proposatutako metodologia eta bideragarritasuna estrategia abiaraztera eta gaitasunak (teknikoak edota estrategiko politikoak) indartzen aurrera egitera bideratzen badira.

○ Puntu 1, jardueretako giza baliabideak, teknikoak, materialak eta instituzionalak eta bideragarritasuna egokiak badira tokiko gaitasunetan (teknikoak edota estrategiko politikoak) aurrera egiteko.

○ Puntu 1, aurrekontu banakatuan gaitasunak (teknikoak edota estrategiko politikoak) indartzea sustatzeko giza baliabide, baliabide tekniko eta material espezifiko horiek zehazten badira.

● Estrategia: puntu 1, xede-biztanleriaren tokiko gaitasunak sortzeko estrategia integrala proposatzen bada.

3.3.– Zehar-lerroa: parte hartzeko prozesuak sortzea: 7 puntu gehienez.

● Diagnostikoa: 2 puntu gehienez.

○ 2 puntu, xede-biztanleriak (aniztasunetik abiatuta) lehendik dauden erabakiguneetan zenbateko parte-hartzea duen aztertzen duen diagnostiko zehatz eta espezifikoa baldin badago, eta betiere honako bi alderdi hauek biltzen baditu: a) esku-hartze eremuan (erakundeetan, eremu publikoan, tradizionalean, alternatiboan eta abar) dauden parte hartzeko gune edota erabakiguneen azterketa, eta b) xede-biztanleriaren edota erakunde komunitarioen parte hartzeko gune edota erabakiguneen azterketa.

○ Puntu 1, xede-biztanleriak (aniztasunetik abiatuta) lehendik dauden erabakiguneetan zenbateko parte-hartzea duen aztertzen duen diagnostiko zehatz eta espezifikoa baldin badago, eta betiere honako bi alderdi hauetatik bat, gutxienez, biltzen badu: a) esku-hartze eremuan (erakundeetan, eremu publikoan, tradizionalean, alternatiboan eta abar) dauden parte hartzeko gune edota erabakiguneen azterketa, eta b) xede-biztanleriaren edota erakunde komunitarioen parte hartzeko gune edota erabakiguneen azterketa.

● Marko logikoaren ideia nagusia: 2 puntu.

● Estrategia: puntu 1, estrategia integrala proposatzen bada xede-biztanleriak ordezkaritzako eta erabakitzeko instantzia estrategikoetan parte har dezan.

● Parte-hartze aktiboa bermatzeko neurri espezifikoak: 2 puntu.

○ puntu 1, proiektuaren xede-biztanleria nagusia ikusezin bihurtutako kolektiboak badira.

○ puntu 1, neurri espezifikoak biltzen badira emakumeen parte-hartze aktiboa bermatzeko proiektuaren ekintzetan.

3.4.– Zehar-lerroa: antolakuntza sendotzea: 5 puntu gehienez.

● Diagnostikoa: puntu 1, proiektuaren esku-hartze eremuan dauden erakunde eta elkarte-sareei buruzko diagnostiko zehatz eta espezifikoa baldin badago.

● Marko logikoaren ideia nagusia: 2 puntu.

● Estrategia: puntu 1, estrategia integrala proposatzen bada erakundea edota erakundeak indartzearren.

● Erakundea indartzeko neurri espezifikoak: puntu 1, lurraldeko erakundeen arteko egiturak indartzen badira.

3.5.– Zehar-lerroa: eskubideen ikuspegia: 5 puntu gehienez.

● Diagnostikoa: 2 puntu gehienez.

○ 2 puntu, honako atal hauek biltzen dituen diagnostikoa baldin badago: a) proiektuan landuko d(ir)en eskubidearen/eskubideen egoerari buruzko azterketa; b) proiektuan landuko d(ir)en eskubideari/eskubideei buruzko tokiko-nazioko-eskualdeko-nazioarteko legeriaren azterketa; c) eskubideen titularren eta betebeharren titularren identifikazioa, baita haien gaitasunena ere.

○ puntu 1, honako atal hauek biltzen dituen diagnostikoa baldin badago: a) proiektuan landuko d(ir)en eskubidearen/eskubideen egoerari buruzko azterketa; b) proiektuan landuko d(ir)en eskubideari/eskubideei buruzko tokiko-nazioko-eskualdeko-nazioarteko legeriaren azterketa; c) eskubideen titularren eta betebeharren titularren identifikazioa, baita haien gaitasunena ere.

● Marko logikoaren ideia nagusia: 2 puntu.

● Estrategia: puntu 1 estrategia integrala proposatzen bada eskubideen titularrak galdagarritasunean indartzeko edota betebeharren titularrak betetze horren bermean indartzeko.

3.6.– Zehar-lerroa: jasangarritasun ekologikoa: 5 puntu gehienez.

● Diagnostikoa: puntu 1, xede-biztanleriaren inguruneko ingurumen-egoerari buruzko diagnostiko zehatza baldin badago.

● Marko logikoaren ideia nagusia: 2 puntu.

● Estrategia: puntu 1, estrategia integrala proposatzen bada inguruneko ingurumen-egoera hobetzeko.

● puntu 1, proiektuaren jardueren eragin negatiboa prebenitzeko eta arintzeko neurriak baldin badaude.

4.– Eremu geografikoari, sektorialari eta proiektuaren ereduari lotutako alderdiak: 8 puntu.

4.1.– Eremu geografikoa: 3 puntu gehienez.

● 3 puntu: proiektua lehentasunezko honako herrialde hauetako batean gauzatzen bada: El Salvador, Guatemala, Honduras, Nikaragua, Mexiko, Kuba, Brasil, Bolivia, Kolonbia, Ekuador, Peru eta Venezuela, Boli Kosta, Ruanda, Mozambike, Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Senegal, Uganda, Burundi, Palestina eta India.

● 2 puntu: ez bada lehentasunezko herrialde bat eta proiektua GGI txikia (nazioko batez bestekoa) duen herrialde batean, gutxienez, garatzen bada.

● puntu 1: ez bada lehentasunezko herrialde bat eta proiektua GGI ertaina (nazioko batez bestekoa) duen herrialde batean, gutxienez, garatzen bada.

4.2.– Sektoriala: 3 puntu gehienez.

● 2 puntu, proiektua GLEAren 2014-2017 aldiko Garapenerako Lankidetzako Plan Zuzentzailean lehenetsitako sektoreetako batean sartzen bada.

● puntu 1 gehiago baldin eta proiektua, sektore baten esparruan, jarduteko honako ildo edota ikuspegi hauetan kokatzen bada berariaz.

○ Eskubide Unibertsalak: eskubide baten sarbidea/baliatzea lantzen duten ekimenak eta, gainera, eskubideen edota betebeharren titularrak indartzeko osagaia/ikuspegia ere badutenak.

○ Tokiko garapen ekonomikoa: elikadura-burujabetzaren, ekonomia feministaren edota ekonomia sozial eta solidarioaren ikuspegia ardatz duten ekimenak.

○ Gobernantza demokratikoa eta tokiko boterea: erakunde eta mugimendu sozialak indartzea xede duten ekimenak.

○ Emakumeen ahalduntzea: beti emango da puntu gehigarria.

○ Ingurumenaren babesa eta kontserbazioa: beti emango da puntu gehigarria.

4.3.– Partzuergoak: 2 puntu gehienez.

● Puntu 1, proiektua euskal erakunde eskatzaileen partzuergo batek egikaritzen badu.

● Puntu 1, proiektua euskal erakundeen partzuergo batek gauzatzen badu.

II.– Euskal erakunde eskatzailearekin edo eaeko ordezkaritzarekin lotutako alderdiak: 8 puntu.

1.– Oinarri soziala: 3 puntu gehienez.

● Puntu 1, EAEn 200 bazkide baino gehiago baditu.

● Puntu 1, 10 boluntario edo gehiago baditu EAEn.

● Puntu 1, lankidetzaren arloko koordinakunde edo sare batean parte hartzen badu, betiere erakunde horrek jokabide-kodea badu eta dagokion jarraipen-batzordeak zigorrik ezarri ez badio.

2.– Esperientzia: 2 puntu gehienez.

● 2 puntu, proiektua txertatuta dagoen sektorean lan-esperientzia jarraitua egiaztatzen bada deialdiaren aldez aurreko bost urte naturaletan gutxienez (2013-2017).

● Puntu 1, proiektua txertatuta dagoen sektorean lan-esperientzia jarraitua egiaztatzen bada deialdiaren aldez aurreko bost urte naturaletan gutxienez (2016-2017).

3.– Euskal erakundearen eta tokikoaren arteko aurreko harremana: 2 puntu.

● 2 puntu, euskal erakundeak lan jarraituko esperientzia egiaztatzen badu gutxienez deialdiaren aurreko bost urte naturaletan (2013-2017).

4.– Genero-ikuspegia erakunde-mailan txertatzea: puntu 1.

● Puntu 1, erakundeak genero-ekitatearen aldeko indarreko ekintza-plan estrategikoa badu.

III. – Tokiko erakundearekin lotutako alderdiak: 10 puntu.

1.– Esperientzia: 5 puntu gehienez.

● 5 puntu, erakundeak proiektua txertatuta dagoen sektorean lan-esperientzia jarraitua egiaztatzen badu deialdiaren aldez aurreko zortzi urte naturaletan gutxienez (2010-2017).

● 2 puntu, erakundeak proiektua txertatuta dagoen sektorean lan-esperientzia jarraitua egiaztatzen badu deialdiaren aldez aurreko bost eta zortzi urte naturalen artean (2013-2017).

● Puntu 1, erakundeak proiektua txertatuta dagoen sektorean lan-esperientzia jarraitua egiaztatzen badu deialdiaren aldez aurreko bost eta zortzi urte naturalen artean (2016-2017).

2.– Tokiko erakundearen eta xede-biztanleriaren arteko harremana 4 puntu gehienez.

● 4 puntu, tokiko erakundeak lan-esperientzia jarraitua egiaztatzen badu xede-biztanleriarekin proiektuaren esparru geografikoan deialdiaren aldez aurreko lau urte naturaletan gutxienez (2014-2017).

● 2 puntu, tokiko erakundeak lan-esperientzia jarraitua egiaztatzen badu xede-biztanleriarekin proiektuaren esparru geografikoan deialdiaren aldez aurreko bi urte naturaletan gutxienez (2016-2017).

3.– Genero-ikuspegia erakunde-mailan txertatzea: puntu 1.

● Puntu 1, erakundeak generoari lotutako erakunde-politika bat badu.

B) GARAPEN PRODUKTIBOKO, PRESTAKUNTZAKO ETA LAGUNTZA TEKNOLOGIKOKO PROIEKTUAK (II. KAPITULUA), LEHENTASUNEZ EUSKADIN BURUTZEN DIRENAK eta GARAPENERAKO HEZKUNTZAKO PROIEKTUAK (III. KAPITULUA).

I.– Proiektuaren diseinua deialdira egokitzearen arabera (26 puntu).

1.– Helburuen, emaitzen eta aurreikusitako jardueren arteko koherentzia: 3 puntu gehienez.

2.– Jardueren, baliabideen eta kostuen arteko erlazio egokia: 3 puntu gehienez.

3.– Proiektuaren egokitasuna xede-biztanleriari, gaiari eta proposamen motari dagokienez: 5 puntu gehienez.

4.– Proiektuan erabilitako prozedurak koherenteak dira deialdian lehentasunezkotzat identifikatutakoekin: 3 puntu gehienez.

A) Eragin politikoko proiektuak. Salaketako eta parte hartzeko kanpainak.

3 puntu gehienez, baldin eta:

● Xede-biztanleriaren premia praktikoei eta interes estrategikoei erantzuten badie.

● Garapen-eredu hegemonikoaren aurrean azterketa kritikoa, hausnarketa eta posizionamendua ahalbidetzen baditu.

● Proiektuak inplikazio eta transformazio sozialerako aukera zehatzak eskaintzen baditu.

● Alternatibak (ekonomiaren, politikaren, kulturaren, dibertsitate funtzionalaren... arloan) sustatzen dituzten tokiko kolektibo/kolektibo globalak egituratzea ahalbidetzen badu aliantzak edo konexioak sortzeko agenda global batekin (agendak koordinatzea).

● Gizartea mobilizatzeko potentziala duten eta metodologiaren nahiz gaien aldetik ekarpenak egin ditzaketen kolektibo ez tradizionalen ((H)ABIAN 2030 proiektuan identifikatutakoak) parte-hartzea proposatzen bada.

B) Sentsibilizazio-proiektuak. Herritarren mobilizazioko, salaketako, partaidetzako eta zabalkundeko kanpainak lehenetsitako gaiei dagokienez.

3 puntu gehienez, baldin eta:

● Sentsibilizazio-plan zehaztu bat aurkezten bada, xede-kolektiboaren premiei nola erantzungo dien edo xede-kolektiboaren kontzeptu/trebetasunak edo jarrerak nola eraldatu nahi dituen adierazita.

● Alternatibak (ekonomiaren, politikaren, kulturaren, dibertsitate funtzionalaren... arloan) sustatzen dituzten tokiko kolektibo/kolektibo globalak egituratzea ahalbidetzen badu aliantzak edo konexioak sortzeko agenda global batekin (agendak koordinatzea).

● Gizartea mobilizatzeko potentziala duten eta metodologiaren nahiz gaien aldetik ekarpenak egin ditzaketen kolektibo ez tradizionalen ((H)ABIAN 2030 proiektuan identifikatutakoak) parte-hartzea proposatzen bada.

● Proiektuak inplikazio eta transformazio sozialerako aukera zehatzak eskaintzen baditu.

● Materialak ezagutarazteko estrategia bat baldin badu.

C) Berrikuntza-proiektuak. Xede-biztanleriari egokitutako estrategia, teknika eta metodologia didaktikoak eta material berriak prestatzea.

3 puntu gehienez, baldin eta:

● Azterketa kritiko batean eta premiak hautematean oinarritzen bada, premia horiei erantzun alternatibo bat eman nahian.

● Kolektiboari edota jardun-eremuari egokitutako baliabide berritzaileak proposatzen baditu.

● Kolektiboari edota jardun-eremuari egokitutako metodologia berritzaileak proposatzen baditu.

● informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien/sare sozialen erabilera gaineratzen edo planteatzen badu.

● Metodologiak edo baliabideak kolektibo interesdunei transferitzeko eta ezagutarazteko neurriak baldin baditu.

D) Komunikazio-proiektuak.

3 puntu gehienez, baldin eta:

● Tokiko konexio/konexio globalen azterketa kritikoa sustatzen badu (dekoloniala, etnozentrikoa, heteronormatiboa).

● Hizkuntzaren eta kontzeptuen erabilera egoki bat egitea planteatzen badu (bereziki genero-ikuspegiarekin lotutakoak, giza eskubideen arau multzoa eta GEHrako funtsezkoak).

● informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien/sare sozialen erabilera gaineratzen edo planteatzen badu.

● Komunikazio-estrategia bat edota profesionalen aholkularitza badu.

● Gizartea mobilizatzeko potentziala duten eta metodologiaren nahiz gaien aldetik ekarpenak egin ditzaketen kolektibo ez tradizionalen ((H)ABIAN 2030 proiektuan identifikatutakoak) parte-hartzea proposatzen bada.

E) Ikerketa-proiektuak. Sentsibilizazioko eta garapenerako hezkuntzako ekintza multzo baten inpaktu metatuaren ebaluazioa, esperientziak sistematizatzea eta azterketa prospektiboak egitea, baita lehentasunezko gaiei buruzko ikerketa ere. Betiere ekintzak, eragina eta inplikazioak planteatzen baditu EAEn.

3 puntu gehienez, baldin eta:

● ikerketa-estrategia bat badu bere elementu guztiekin (ikerketa-gai edo -arazoaren justifikazioa, aurrekariak, artearen egoera, esparru teorikoa, metodologia, ondorioak, gomendioak).

● Landutako errealitatearen edo gaiaren azterketa kritikoa sustatzen badu.

● Ikertu beharreko gaiak eraginpean hartzen dituen kolektibo eta pertsonen parte-hartzea ahalbidetzen duen metodologia egokia badu.

● Identifikatutako ikaskuntzen aplikazio praktikoa planteatzen badu.

● Ikerketan parte hartuko duten kolektiboekin, batik bat, identifikatutako ikaskuntzak partekatzeko guneak ezagutarazteko eta sortzeko mekanismoak baldin badaude.

F) Prestakuntza-proiektuak. Ongi identifikatutako premietara egokituta, xede-taldeari egokituta eta Hegoko pertsona edo erakundeek irakasle edota hizlari moduan parte hartuta.

● Unibertsitatez kanpoko prestakuntzarako: 3 puntu gehienez, baldin eta:

● Prestakuntza-plan zehaztua aurkezten badu bere elementu guztiekin (prestakuntzan lantzen den gai edo arazoaren justifikazioa, aurrekariak, artearen egoera eta xede-kolektiboa, esparru pedagogikoa, metodologia).

● Azterketa kritikoa sustatzen bada eta eskubideen ikuspegia nahiz ikuspegi tokiko/globala txertatzen bada, baita beste ikuspegi hauetakoren bat ere: partaidetzakoa, sozio-afektiboa, gatazkak kudeatzea, kulturartekoa, feminista eta sektoreartekoa.

● Proiektuak inplikazio eta transformazio sozialerako aukera zehatzak eskaintzen baditu.

● Gizartea mobilizatzeko potentziala duten eta metodologiaren nahiz gaien aldetik ekarpenak egin ditzaketen kolektibo ez tradizionalen ((H)ABIAN 2030 proiektuan identifikatutakoak) parte-hartzea proposatzen bada.

● Egindako jardunen memoria egitea aurreikusita baldin badago, eta prestakuntza-prozesuetan proposatutako helburuak erregistratzen badira eta jarraipena egiten bazaie, proiektu osoan egokitzeko egiten diren jardunak barnean hartuta.

● Unibertsitateko prestakuntzarako. Gehienez 3 puntu, aurretik planteatutakoaz gain, kontuan hartzen badu unibertsitatearen abalekin eta izaera akademikoko erakunde-egitura baten laguntzarekin.

5.– Xede-biztanleak bat badatoz deialdian lehentasunezkotzat identifikatutakoekin, 4 puntu gehienez.

● 5.1.– Proiektuaren xede-biztanle gehienak lehentasunezko kolektiboetako pertsonak badira: 2 puntu.

● 5.2.– Proposamenetan xede-biztanle gehienak EAEko hiriburuak ez diren udalerritan bizi diren pertsonak eta kolektiboak badira: puntu gehigarri 1.

● 5.3.– Euskal gizartean baztertuta dauden kolektiboak subjektu gisa barne hartzen baditu: bestelako gaitasun-mailak dituzten pertsonak, espetxeratutakoak, adingabe arau-hausleak, gutxiengo etnikoak eta abar: puntu gehigarri 1.

6.– Proiektuan lehentasuna ematen zaien gaiak koherenteak dira deialdian lehentasunezkotzat identifikatutakoekin: 4 puntu gehienez.

● 6.1.– Dekretu arautzaileak bere 17.1.f) artikuluan lehenetsitako gaietako bat bada: 2 puntu.

● 6.2.– Horrez gain, proposamenaren esparruan genero-ekitatearekin erlazionatutako gaiak berariaz sartzen badira: 2 puntu gehigarri.

7.– Proiektua erakunde eskatzailearen Garapenerako Hezkuntza Plan Estrategikoaren edo Eraginaren barnean hartuta dago: 2 puntu.

8.– Irabazi-asmorik gabeko erakundeen eta lehentasunezko kolektiboen erakundeen arteko partzuergoa da: 2 puntu gehienez.

II.– Proiektuaren bideragarritasunaren arabera (15 puntu).

1.– Erakunde eskatzaileak aldez aurreko esperientzia du garapenerako hezkuntzan eta aztertutako gaian: 2 puntu gehienez.

● 1.1.– Proiektua txertatuta dagoen sektorean lan-esperientzia jarraitua egiaztatzen bada deialdiaren aurreko hiru urte naturaletan gutxienez (2012-2016): 2 puntu.

● 1.2.– Proiektua txertatuta dagoen sektorean lan-esperientzia jarraitua egiaztatzen bada deialdiaren aurreko hiru urte naturaletan gutxienez (2014-2016): puntu 1.

2.– Euskal erakunde eskatzailearen egoitza soziala edo EAEko ordezkaritza: 2 puntu gehienez.

● 2.1.– Puntu 1, EAEn 200 bazkide baino gehiago baditu.

● 2.2.– Puntu 1, 10 boluntario edo gehiago baditu EAEn.

3.– Proiektua egikaritzen duten pertsonen prestakuntza egokia: 2 puntu gehienez.

● 3.1.– Proiektua diseinatzen eta bideratzen duten pertsonek egokitasun-memorian aurkeztutako prestakuntza akademiko egokia badute: puntu 1.

● 3.2.– Esperientzia profesionala badute eta azalpen-memoria gaineratzen bada: puntu 1.

4.– Testuinguruaren eta xede-biztanleriaren diagnostiko bat egin da proiektua baino lehen: 2 puntu gehienez.

5.– Landutako gaiari buruzko aldez aurreko ikerketa egin da: 2 puntu gehienez.

6.– Jarraipeneko eta ebaluazioko adierazleen sistema: 5 puntu gehienez.

● 6.1.– Helburu-adierazleak oinarri espezifikoko ildo batetik abiatuz eraikitzen badira: 2 puntu.

● 6.2.– Helburu espezifikoaren eta espero den emaitza bakoitzaren inguruan adierazle zehatzak, neurtzeko modukoak eta egiaztatzeko modukoak, kuantitatiboak, kualitatiboak eta prozesukoak ezartzen badira: 2 puntu gehienez.

● 6.3.– Ebaluazio-adierazleak proiektuaren genero-inpaktua identifikatzeko moduan eraikita badaude: puntu gehigarri 1.

III.– Dimentsio politikoaren arabera (13 puntu).

1.– Diagnostikoa: 2 puntu gehienez.

● 1.1.– Proiektuaren xede-biztanleriaren edota haren erakundeen partaidetza-gaitasunei buruzko diagnostiko bat badago: puntu 1.

● 1.2.– Egoeraren/gaiaren diagnostiko bat egiten bada hura sortzen duten arrazoiak gaineratuz: puntu 1.

2.– Marko Logikoaren Ideia Nagusia eta aurrekontua: 2 puntu gehienez.

● 2.1.– Marko Logikoaren Ideia Nagusian ekonomian sozial eta solidarioko baliabideak indartzen edo baliatzen dituzten jarduerak badaude: puntu 1.

● 2.2.– Marko Logikoaren Ideia Nagusian errealitatearen ulerkuntza kritikoan aurrerapausoak neurtzen dituzten adierazleak badaude: puntu 1.

3.– Estrategia: 5 puntu gehienez.

● 3.1.– Partaidetza-estrategia baten barruan txertatzen bada: 2 puntu gehienez.

○ Esku-hartzea xede-biztanleriaren partaidetza aktibo eta erreflexibo batean txertatzen bada: puntu 1.

○ Esku-hartzea erakundearen boluntarioen parte-hartze aktiboko estrategian txertatzen bada proiektuaren diseinuan, egikaritzapenean eta ebaluazioan: puntu 1.

● 3.2.– Esku-hartzea tokikoa dena eta globala dena lotzeko estrategia batean txertatzen bada: puntu 1.

● 3.3.– Esku-hartzeak tokiko garapen-estrategia publikoa, edo erakunde eta sare edo mugimendu sozialena indartzen badu: puntu 1.

● 3.4.– Esku-hartzea kanpaina edo sare tematiko espezifiko batean txertatzen bada: puntu 1.

4.– Metodologia: 4 puntu gehienez.

● 4.1.– Xede-biztanleriak egikaritzapenean parte hartzea errazten eta sustatzen duten metodologiak erabiltzen badira eta deskribatuta badaude: puntu 1.

● 4.2.– Arrazoien eta alternatiba posibleen azterketa kritiko bat errazten duten metodologiak erabiltzen badira: puntu 1.

● 4.3.– Landutako gaien inguruko salaketa eta eragina indartzen duten metodologiak erabiltzen badira: puntu 1.

● 4.4.– Proiektuak sortutako material eta produktu guztiak nazioartean interesa duen edozein pertsonarentzako eskuragarri badaude, webgunearen edo beste edozein plataformaren bidez dohainik: puntu 1.

IV.– Kulturarteko dimentsioaren arabera (9 puntu).

1.– Diagnostikoa: 2 puntu gehienez.

● 1.1.– Kulturarteko bizikidetza sustatzeko xede-biztanleriaren muga eta potentzialtasunei buruzko diagnostiko bat aurkezten badu: puntu 1.

● 1.2.– EAEn dibertsitatearen kudeaketarekin lotuta dauden politikei/planei/estrategiei buruzko diagnostiko bat aurkezten bada (aldeko testuingurua edo ez): puntu 1.

2.– Marko Logikoaren Ideia Nagusia eta aurrekontua: 3 puntu gehienez.

● 2.1.– Kulturarteko bizikidetza bultzatzeko xede-biztanleriaren gaitasunak indartzea helburu duten jarduera zehatzak eta ondo definitutakoak badaude: puntu 1.

● 2.2.– Kultura-dibertsitateari dagokionez jarreren eta diskurtsoaren aldaketan aurrerapausoak neurtzen dituzten adierazleak badituzte: puntu 1.

● 2.3.– Kultura-dibertsitatearen sustapena bultzatzen duten material eta baliabide didaktikoak lantzeko jarduerak badaude: puntu 1.

3.– Estrategia: 3 puntu gehienez.

● 3.1.– EAEko eta Hegoko erakunde edota kolektiboen arteko artikulazioa edo elkarraldiak planteatzen badira haien gaitasun eta harremanak indartzeko: puntu 1.

● 3.2.– EAEko bi hizkuntza ofizialen erabileraren erabateko egokitzapena kontuan hartzen bada: 2 puntu gehienez.

○ Sentsibilizazio-jardueretan, jardunaldietan, biltzarretan eta abar aldibereko itzulpen elebiduna barne hartzen bada: puntu 1.

○ Proiektuaren baitan landutako komunikazio-material eta -euskarri guztien (ikus-entzunezkoak, irudiak eta abar barne) produkzio elebiduna bermatzen bada: puntu 1.

4.– Metodologia: puntu 1 gehienez.

● Ekintzak helburu dituen kolektiboen kultura-dibertsitateari egokitutako metodologia bat planteatzen bada: puntu 1.

V.– Dimentsio pedagogikoaren arabera (15 puntu).

1.– Diagnostikoa: 2 puntu gehienez.

● 1.1.– Xede-biztanleriaren ikaskuntzako edo desikaskuntzako gaitasun eta mugei buruzko diagnostiko bat badago: puntu 1.

● 1.2.– Prestakuntza-esparruari buruz ingurunean dauden politika eta dokumentuei buruzko diagnostiko bat badago, baita, kasuan kasu, zalantzan jartzeak eta alternatiba posibleak ere: puntu 1.

2.– Marko Logikoaren Ideia Nagusia eta aurrekontua: 3 puntu gehienez.

● 2.1.– Marko Logikoaren Ideia Nagusian xede-biztanleriaren prestakuntza-gaitasunak indartzea helburu duten jarduerak badaude: puntu 1.

● 2.2.– Marko Logikoaren Ideia Nagusian material eta baliabide didaktiko eta prestakuntzakoak lantzeko jarduerak badaude: puntu 1.

● 2.3.– Marko Logikoaren Ideia Nagusian xede-biztanleriaren komunikazio- eta motibazio-abilezien garapenean aurrerapausoak neurtzea ahalbidetzen duten adierazleak badaude: puntu 1.

3.– Estrategia: 5 puntu gehienez.

● 3.1.– Gatazken kudeaketa eta konponketaren ikaskuntzaren aldeko apustua egiten duen ikuspegi pedagogikoa proposatzen bada: puntu 1.

● 3.2.– Eskubideen ikuspegi bat planteatzen bada: puntu 1.

● 3.3- Egungo produkzioko eta kontsumoko ereduekiko Ikuspegi kritikoa proposatzen bada, beste garapen-eredu alternatibo batzuk berreskuratzeko eta indartzeko: puntu 1.

● 3.4.– Modu komunean eta berdintasunean hezteko aukera ematen duen hezkidetza-ikuspegi bat proposatzen bada, xede-biztanleriaren alderdi maskulinoari eta femeninoari lotutako estereotipoak detektatuz eta gaindituz: puntu 1.

● 3.5.– Hainbat esparrutako hezkuntza-agenteen artikulazio-estrategia bat planteatzen bada: puntu 1.

4.– Metodologia: 5 puntu gehienez.

● 4.1.– Metodologia pedagogikoak gizarte-ekintzako printzipio bat barnean hartzen badu, eta horrek prestakuntza eta gizarte-ekintza lotzen dituzten estrategien bilaketa kooperatiboa, trukea eta ahalduntzerako estrategiak bultzatzeko apustua egiten badu: 2 puntu gehienez.

○ Estrategien trukea eta bilaketa kooperatiboa sustatzen bada: puntu 1.

○ Prestakuntza eta gizarte-ekintza lotzen baditu: puntu 1.

● 4.2.– Proiektua burutzen den udalerriko xede-biztanleetara, baldintzetara eta testuingurura, eta parte-hartzaileen interesetara egokitutako metodoa eta sistema erabiltzen bada ezagutarazteko (espezifikoa bada eta ez generalista): puntu 1.

● 4.3.– Proiektuak metodologia berritzaileak erabiltzen baditu edo berrikuntza-esperientziak sustatzen badituzte garapenerako hezkuntzan: puntu 1.

● 4.4.– Proiektuaren helburua lortzeko parte-hartze metodologiak eta/edo ikerketa eta ekintzako tresnak gaineratzen badira: puntu 1.

VI.– Genero-ikuspegiaren zeharkakotasunaren arabera (11 puntu).

1.– Diagnostikoa: 2 puntu gehienez.

● 1.1.– Emakumeek eta gizonek proiektuaren eremuan duten izaera eta posizio desberdinari buruzko azterketa on bat aurkezten badu, konpondu nahi dituen genero-desberdintasunak identifikatzen baditu, sexuaren arabera banakatutako informazioa barnean hartzen badu, baita proiektua landuko den eremuaren barruan baliabideen sarbide eta kontrol diferentziala ere; eta gizonen eta emakumeen premiak eta interesak identifikatzen baditu: puntu 1.

● 1.2.– Jardun-sektorean dauden genero-politikei/berdintasun-planei buruzko diagnostiko bat badago (aldeko testuingurua edo ez): puntu 1.

2.– Marko Logikoaren Ideia Nagusia eta aurrekontua: 3 puntu gehienez.

● 2.1.– Ekitatearen sustapenean xede-biztanleriaren gaitasunak hobetzeko jardun zehatzak eta ondo definitutakoak badaude: puntu 1.

● 2.2.– Berdintasunaren sustapenean aurrerapausoak neurtzen dituen genero-inpaktuko adierazleak baditu (rolen aldaketa, aurrerapausoak ahalduntzean, erabakiguneetarako sarbidea...): puntu 1.

● 2.3.– Gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak gainditzeko aurrerapausoetarako giza baliabide, eta baliabide tekniko eta material espezifikoak zehazten badira: puntu 1.

3.– Estrategia: 5 puntu gehienez.

● 3.1.– Emakumeak eta haien erakundeak ageriko egiteko estrategia bat planteatzen bada garapenaren subjektu protagonista gisa: puntu 1.

● 3.2.– Emakumeen eta haien erakundeen parte-hartzearen sustapena planteatzen bada: 2 puntu gehienez.

○ Mekanismo zehatzak ezartzen badira (kuotak, ekintza positiboak, besteak beste) proiektuaren jardueretan emakumeen eta gizonen parte-hartze orekatua sustatzeko, eta ezarriko den estrategia deskribatzen bada: puntu 1.

○ Proiektuaren jardueretan emakumeen erakundeek eta erakunde feministek nabarmenki parte hartzen badute: puntu 1.

● 3.3.– Komunikazio-estrategia bat planteatzen bada hizkuntza barne-hartzailearen erabilera bermatzeko landutako materialetako mezu eta irudietan: puntu 1.

● 3.4.– Erakundeak genero-ekitatearen aldeko indarreko ekintza-plan estrategikoa badu: puntu 1.

4.– Metodologia: puntu 1 gehienez.

● Proiektuaren ekintzetan gizonen eta emakumeen parte-hartze orekatua ahalbidetzen duen metodologia bat planteatzen bada: puntu 1.

VII.– Hegoko ikuspegiaren birbalorizazioaren arabera (11 puntu).

1.– Diagnostikoa: puntu 1 gehienez.

● Xede-biztanleriaren Hego globalari buruzko imajinario kolektiboaren diagnostiko bat aurkezten bada: puntu 1.

2.– Marko Logikoaren Ideia Nagusia eta aurrekontua: 3 puntu gehienez.

● 2.1.– EAEn Hegoko erakundeek zabal ditzaten material eta baliabide didaktikoak egiteko jarduerak badaude: puntu 1.

● 2.2.– Hegoko erakunde, kolektibo edo pertsonek egindako esperientziak, sistematizazioak edo ikerketak –Iparrean zein Hegoan kokatuak– badaude EAEn lehenetsitako gaiei buruz: puntu 1.

● 2.3.– Honako hauek neurtzea ahalbidetzen duten emaitza eta adierazleak diseinatzen badira: jarrera-aldaketak, partaidetza- edo ordezkaritza-kuoten banaketa, kolektibo/biztanleria parte-hartzailearen diskurtso- edo jarduera-aldaketak Hegoko kolektibo/pertsonei dagokienez: puntu 1.

3.– Estrategia: 7 puntu gehienez.

● 3.1.– Hegoko erakunde, kolektibo eta pertsonen protagonismoa (Iparrean zein Hegoan kokatuak) sustatzen bada jardueretan: puntu 1.

● 3.2.– Pobretutako herri eta herrialdeen imajinario kolektiboa eta haiei buruzko estereotipo negatiboak eraldatzearen aldeko apustua egiten bada: 2 puntu gehienez.

○ Hegoari buruzko imajinario kolektiboa eratzeko moduari buruzko azterketa-jarduerak txertatzen badira eta sistema baztertzaileari eusten betetzen duten paperari buruzko hausnarketa egiten bada: puntu 1.

○ Hegoari buruzko imajinario kolektiboa eraldatzeko eta hobetzeko salaketa- eta eragin-jarduerak egiten badira: puntu 1.

● 3.3.– Hegoari buruzko esperientzia eta jakintzetatik abiatuta ikaskuntzak ateratzeko estrategia bat planteatzen bada: puntu 1.

● 3.4.– Hegoari buruzko esperientzia eta jakintzetatik ateratako ikaskuntzak EAEko hezkuntza-gogoeta eta -praktiketan txertatzeko estrategia bat planteatzen bada: puntu 1.

● 3.5.– Proiektuaren egikaritzapenean etorkinen erakunde edota kolektiboen eta beste talde etniko minoritario batzuen parte-hartzea aurreikusten bada: 2 puntu gehienez.

○ Proiektuaren egikaritzapenean etorkinen elkarteen parte-hartze aktiboa barne hartzen bada: puntu 1.

○ Proiektuaren jardueretan parte-hartze aktiboko guneen sorkuntza planteatzen bada Iparrean baztertutako, diskriminatutako edo estigmatizatutako etorkinak ez diren kolektibo etnikoen aldetik: puntu 1.


Azterketa dokumentala