Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

89. zk., 2018ko maiatzaren 10a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2496

83/2018 EBAZPENA, apirilaren 23koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Arabako Foru Aldundiarekin eta Vitoria-Gasteizko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Vitoria-Gasteizen autobus elektriko adimenduna ezartzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrarekin sinatu da aipatutako hitzarmena, eta, behar duen publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Arabako Foru Aldundiarekin eta Vitoria-Gasteizko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Vitoria-Gasteizen autobus elektriko adimenduna ezartzeko. Lankidetza-hitzarmen hori ebazpen honen eranskinean jasota dago.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko apirilaren 23a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN APIRILAREN 23KO 83/2018 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN, ARABAKO FORU ALDUNDIAREN ETA VITORIA-GASTEIZKO UDALAREN ARTEAN, VITORIA-GASTEIZ HIRIAN AUTOBUS ELEKTRIKO ADIMENDUNA EZARTZEKO

Vitoria-Gasteizen, 2018ko martxoaren 23an.

BILDU DIRA

María Aranzazu Tapia Otaegui andrea, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

Ramiro González San Vicente jauna, Arabako ahaldun nagusia, eta

Gorka Urtaran Aguirre jauna, Vitoria-Gasteizko alkate-udalburua, Tokiko Gobernu Batzordearen Laguntza Organoaren titularra laguntzaile duela.

ESKU HARTZEN DUTE:

María Aranzazu Tapia Otaegui andreak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkaritzan. Haren ordezkaritza 2017ko abenduaren 19ko Gobernu Batzordeko akordiotik dator.

Ramiro González San Vicente jaunak, 52/1992 Foru Arauak, abenduaren 18koak, Arabako Foru Aldundiaren Antolaketa, Funtzionamendua eta Lege Araubidea arautzen duenak, Arabako Foru Aldundia ordezkatzeko esleitzen dion legezko gaitasuna erabiliz, eta bide batez Foru Gobernuaren Kontseiluak 2018ko otsailaren 6an hartutako akordioa egikarituz.

Eta Gorka Urtaran Aguirre jaunak, 7/1985 Legeak, apirilaren 2koak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituenak, 124.4.a) artikuluaren bidez Vitoria-Gasteizko Udala ordezkatzeko ematen dion legezko gaitasuna erabiliz.

Esku hartzen duten guztiek elkarri aitortzen diote lankidetza-hitzarmen hau egiteko legezko gaitasuna, eta, xede horretarako, hau

ADIERAZTEN DUTE:

1.– 3/1979 Lege Organikoak, abenduaren 18koak, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuarenak, 10.32 artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari eskumen esklusiboa esleitzen zaiola honako gai hauetan: «Trenbideak, lehorreko, itsasoko, ibaietako eta kable bidezko garraioa, portuak, heliportuak, aireportuak eta Euskal Herriko Meteorologia Zerbitzua, Konstituzioaren 149.1.20 artikuluan xedatutakoari kalterik eragin gabe. Garraio-gaietan, zamaketako kontratu-guneak eta terminalak». Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoaren Autonomia Estatutuaren 11.1.a) artikuluak ebazten duela Euskal Autonomia Erkidegoak duela, bere lurraldearen barruan, ingurumenari eta ekologiari buruzko Estatuaren oinarrizko araudia lege bidez garatu eta betearazteko eskumena.

Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideei dagokiela trenbide eta tranbien eskumena, hala ezarri baitu Euskadiko Autonomia Estatutuaren 10.32 artikuluak, 27/1983 Legeak, azaroaren 25ekoak, Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko harremanei buruzkoak, bere 6. artikuluan ebazten duenarekin bat eginda; aurrekoen osagarri dira, garraioaren arloari dagokionez, 5/2003 Legeak, abenduaren 15ekoak, Euskadiko Garraio Agintaritza sortzen duenak, ezarritakoak, eta, bereziki trenbideen arloari dagokionez, 6/2004 Legean, maiatzaren 21ekoan, «Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea» Erakunde Publikoari buruzkoan, xedatuta dagoena.

Halaber, aipatu 27/1983 Legeak, azaroaren 25ekoak, hau ebazten du bere 10. artikuluan: «Errepidetatikako ibilgailuzko garraioen alorreango legegintza, arauen bidezko egiterapena, gorenikuskaritza, egitamugintza eta antolakidetza Autonomia-Elkarte Osorako Erakundeei dagozkie. Kondaira-Lurraldeek, bere mugartean, eta indarrean dauden Erresumarekingo Ituneen arauera, Arabak orain dituen ahalmenak heurak eta nolako berdinez erabiliko dituzte».

2.– Arabako Foru Aldundiak eskumenak dituela toki-erakundeei laguntza eta aholkularitza teknikoa ematearen alorrean, hala ezartzen baitu aipatu 27/1983 Legearen 7.a.5 artikuluak; eta baita errepidezko garraioaren alorrean ere, aipatu 27/1983 Legearen 10. artikuluak ebazten duenaren arabera.

3.– Vitoria-Gasteizko Udalak, Estatuko nahiz autonomia-erkidegoko legediaren ildotik, eskumen batzuk egikaritzen ditu arlo hauetan –7/1985 Legeak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituenak, 25.2 artikuluko a) eta g) paragrafoetan xedatzen duenaren arabera–: bidaiarien garraio kolektiboa, trafikoa, ibilgailuentzako aparkalekuak eta mugikortasuna, hirigintzaren alorreko plangintza, kudeaketa, gauzatze-lanak eta diziplina. Bestalde, Lege horren 26.1.d) artikuluak ebazten du bidaiarien hiri-garraio publikoa nahitaezko zerbitzu minimoa dela 50.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerrietan. Azkenik, 2/2016 Legeak, apirilaren 7koak, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoak, ebazten du beren-beregi Udalerrien eskumenekoak direla, besteak beste, hirigintzaren antolamendua, kudeaketa, exekuzioa eta diziplina (17.1.9 artikulua), eta bidaiarien hiri barruko garraio publikoa –zeinahi delarik garraiobidea– antolatzea, planifikatzea, programatzea, kudeatzea eta sustatzea, eta horien inguruko diziplina ezartzea, betiere garraioa udalerriaren barruan egiten bada osorik (17.1.18 artikulua), horien egikaritzea lege horretan bertan eta aplikagarria izan daitekeen gainerako legerian ezartzen denari egokitzen zaion heinean.

2015eko abenduaren 18ko ohiko bilkuran, Vitoria-Gasteizko Udalaren Gobernu Batzordeak erabaki zuen moldatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren, Arabako Foru Aldundiaren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren arteko k Lankidetza-hitzarmena, xedetzat zuena proiektuak lantzea Vitoria-Gasteiz hirian garraio publikoaren eskaintza egokitzeko, azken miliako garraiobide publiko kolektiboen sistema multimodal integratu eta erabat elektrifikatua sortuz, eta akordio hori Udalbatzara eramatea, Hitzarmenak hirugarren akordioko C) atalean jasotzen duen kudeaketa-mandatua onetsi ahal izateko. Horrela bada, 2015eko abenduaren 23ko ezohiko eta premiazko bilkuran, Vitoria-Gasteizko Udalbatzak onetsi zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari esleitzea hiri-garraio publiko eta elektrifikatuaren sistema bateratua ezartzeko beharrezkoak diren azterlanak eta proiektuak lantzeko eginkizuna.

4.– 2017ko ekainaren 13an, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Gobernu Kontseiluaren erabakiz, onetsi zuela «Euskadiko Garraio Jasangarriaren 2030 Gida Plana». Plan horrek jarraipena ematen dio 2002-2012 aldirako egin zenari, eta bat egiten du Europako Batzordeak 2011an argitaratu zuen Garraioaren Liburu Zurian jasotzen diren gida-lerro europarrekin eta Europa 2020-Hazkunde zentzudun, iraunkor eta integratzailea lortzeko estrategiarekin. Bide batez, Nazio Batuen Asanblada Orokorrak 2015eko irailaren 25eko Ebazpenaren bidez onetsi zuen Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren osagarria ere izango da.

Euskadiko Garraio Jasangarriaren 2030 Gida Planaren xedea da garraio-eredu jasangarri eta bateratua lortzea, Euskadiko gizarte-kohesiorako eta garapen sozio-ekonomikorako baliabide izan dadin, eta haren bidez datozen urteetarako Euskadin garraio gaietan politika bateratua antolatzeko konpromisoa hartzen du Jaurlaritzak. Plan hori Eusko Jaurlaritzak XI. Legegintzaldirako hartu dituen eta bere Gobernu Programa–Euskadi 2020n jasota dauden konpromisoetako bat da; haren ekimenak jasotzen ditu eta bertan zehazten diren helburuak lortzen lagundu behar du, batez ere, berotegi-efektua eragiten duten gasen isurketen % 20 murrizteari dagokionean.

5.– Garraioaren zeharkako tasuna dela eta, Garraio Jasangarriaren Gida Plan hori egikaritzeko orduan aintzat hartu behar direla Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak abiarazita dituen beste plan estrategiko batzuk, eta horien artean, bai estrategia-mailan eta bai haien baitako ekintza-planen bidez dituzten sinergiengatik, ondorengo hauek:

– 2030erako Euskadiko Energia Estrategia, 2016ko uztailaren 7an onetsi zena, non zehazten baitira Eusko Jaurlaritzak energia-politikaren arloan 2016-2030 aldirako dituen helburuak eta jarduketa-ildo estrategikoak. Estrategia horren xedea da epe luzera energia-kontsumo gutxiagoko eredu berri baterantz bideratzea euskal eredu sozioekonomikoaren bilakaera, eta kontsumo hori izan dadila energia berriztagarrien erabilpena pausoka txertatzen joango dena, energia elektrikoa lehenetsiz betiere.

Zehazten dituen jarraibideetako bat da petrolioarekiko menpekotasuna murriztea garraioaren sektorean, eta hiru ekimen aurreikusten dira horretarako: 1. Mugikortasun jasangarria eta garraiobide eraginkorragoen erabilpena sustatzea; 2. Ibilgailu eraginkorragoen erabilpena eta horiek modu eraginkorragoan erabiltzea sustatzea; eta 3. Ordezko erregaietara eta teknologietara alda daitezen bultzatzea ibilgailu-parke publiko eta pribatuak.

– «2050erako Klima Aldaketaren Euskadiko Estrategia», 2015ean onetsi zena eta Euskadiko 2020 Ingurumeneko IV. Esparru Programaren helburuetako batean jasotzen den konpromisoen ondorioz sortzen dena.

Estrategia hori izango da BEG emisioak murrizteko eta klima-aldaketarako Euskadiren moldaera-gaitasuna indartzeko jarduera-ildo nagusiak zehaztuko dituen bide-orria, ekonomia lehiakorrean oinarrituko den garapenaren eta berrikuntzaren bidez. Hartarako, 14 jarduketa-esparru zehazten dira, eta horietako bat da garraio-sektorearena, BEGen emisioen murrizketari dagokionez eta klima-aldaketara moldatu beharraren ikuspuntutik lehentasuna dutenetakoa. Klima-aldaketari buruz ezartzen dituen helburuen artean azpimarratu beharrekoa da emisiorik gabeko garraiorantz bideratu beharrarena.

6.– Bai Vitoria-Gasteizko Udalak, bai Eusko Jaurlaritzak, klima-aldaketaren kontra borrokatzeko darabiltzaten politiken barruan, bere egin dute berotegi-efektuko gasen emisioak Estatuan finkatutako mailez gainetik murriztea lekarketen zenbait helburu lortzeko erronka, eta horrek, ezinbestean, garraioaren sektorea karbonogabetzearen aldeko apustu serio eta erabatekoa ekarriko du, eta, horrekin batera, hiri mugikortasuna karbonogabetzea, mugikortasun elektrikoari eta mugikortasun aktiboari protagonismo handiagoa emanez.

7.– Horren guztiaren ondorioz, Vitoria-Gasteiz hiriko garraio publikoaren eskaintza egokitzeko behar diren jarduketak bideratzearen komenientzian b at datoz hiru administrazioak, hiri honetan esperientzia berritzailea gauzatuz, zeinek mugikortasunaren ingurukoak ez ezik, mugikortasun elektrikoaren ingurukoak ere konponduko dituen.

8.– Hori dela eta, 2016ko ekainaren 1ean, lankidetza-hitzarmena sinatu dutela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Arabako Foru Aldundiak eta Vitoria-Gasteizko Udalak; lankidetza-hitzarmen horren xedea da proiektuak idaztea Vitoria-Gasteiz hirian garraio publikoaren eskaintza egokitzeko, azken miliako garraiobide publiko kolektiboen sistema multimodal integratu eta erabat elektrifikatua sortuz. Aipatu azterlan eta proiektu horiek finantzatzea Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagokio % 65eko portzentuan, eta gainerako % 35a banatu behar da erdibana Arabako Foru Aldundiaren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren artean.

9.– Mugikortasun jasangarrian aurrerapausoak eman ahal izateko, aipatu erakundeek garraio publikoa elektrifikatzearen aldeko hautua egiten dutela, eta bidaldien denbora laburtuko duten ibilbide bereziak antolatzearen aldekoa. Vitoria-Gasteizko kasuan lehen urratsa izango da azken belaunaldiko autobus elektriko espresak ezartzea egun hiriak duen hiri-inguruko 2. linean. Proiektu hori bideratu da garraio-sistema elektrikorantz, zilegitzen baitu egungo hiri-garraioko autobus-flota eraldatzea azken belaunaldiko autobus bihurtuz, eta horren kostuari aurre egin ahal izatea erakunde-arteko lankidetzaren bitartez hiru erakundeen artean: Vitoria-Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra.

10.– Aipatu dugun Hitzarmenaren hirugarren klausula egikarituz, 2016ko irailaren 20ko Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluaren Ebazpenez, xedatu zitzaiola «Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea (ETS)» Erakunde Publikoari honako egiteko hau: behar diren azterlanak eta proiektuak idaztea Vitoria-Gasteiz hirian garraio publikoaren eskaintza egokitzeko, azken miliako garraiobide publiko kolektiboen sistema multimodal integratu eta erabat elektrifikatua sortuz.

Horretarako, ETS Erakunde Publikoak kudeaketa-mandatu hori dela eta egin dituen proiektuak ondorengoak dira: hirigintza-proiektua; geltoki-proiektua; energia-proiektua; geltokietan garraio-txartelak saldu eta kitatzeko diseinuaren proiektua; komunikazioen proiektua; kargaketa elektrikoa egiteko aukeren azterlana; eta teknologia berriak-floten kudeaketa-moduarteko garraioa.

Aipatu proiektu horiek burutu direnean eta Baldintza Tekniko eta Administratiboen Plegua idatzi denean, Vitoria-Gasteizko Udalak esleitu egiten du Vitoria-Gasteiz hirian gaur egun dabilen hiri-inguruko 2. linean autobus elektriko adimenduna ezartzeko lanketa.

Bide batez, itun-kide diren Erakundeek ontzat ematen dute Hitzarmen hau sinatzea eta, horregatik, zeinek bere antolamendu-arauetan horrelako eginkizunetarako dituen prozedura formalak aurretiaz bete ondoren, adosten dute dokumentu hau gauzatzea, 40/2015 Legean, urriaren 1ekoan, Sektore Publikoko Araubideari buruzkoan, agintzen denaren arabera, eta Erakunde Erkideen, Foru Diputazioen eta udalen arteko harremanak arautzen dituzten xedapenen esanera, aginpidetzat hartuz xedapen horiek eta ondorengo:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da lankidetza eratzea Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren, Arabako Foru Aldundiaren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren artean, elkarrekin finantzatzeko eta bakoitzak bere eskumenekoak dituen hainbat jarduketa egin ahal izateko gaur egun Vitoria-Gasteizen dabilen hiri-inguruko 2. linean autobus elektriko adimendunaren sistema ezartzeko egin beharreko garraio publikoaren elektrifikazio-lanak direla eta.

Bigarrena.– Administrazioen betebeharrak Hitzarmenaren helburuari, garapenari eta finantzaketari dagokienez-Hitzarmenaren finantzaketa.

Autobus elektriko adimendunaren ezarpenerako aurretiaz zenbatesten den diru-kopurua 42.850.000 eurokoa da (BEZa barne).

A) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak honako hauek egiteko konpromisoa hartzen du:

1) Beharrezko aurrekontu-esleipenak egin ondoren, 2017, 2018 eta 2019 ekitaldietan egun Vitoria-Gasteiz hirian dabilen hiri-inguruko 2. linean autobus elektriko adimenduna ezartzearen kostuaren % 65 finantzatzea. Aurretiaz zenbatetsitako aurrekontuaren arabera, 27.852.500 euro izango lirateke beraz, 17.0.1.03.41.0300.1.722.01.51311.001 eta 18.0.1.03.41.0300.1.722.01.51311.001 «Vitoria-Gasteizko Udalarekin Hitzarmena-Autobus Elektriko Adimenduna» aurrekontu-sailen kontura ezartzen direnak, hiru ordainketa-alditan banatuta:

– 2017an: 10.000.000 euro.

– 2018an: 10.390.500 euro.

– 2019an: 7.462.000 euro.

2017ko ordainketari dagokion diru-kopurua, 10.000.000 euroko zenbatekoa duena, zuzenean ordainduko zaio Vitoria-Gasteizko Udalari Hitzarmena sinatzen den unean; zenbateko hori, Vitoria-Gasteizko Autobus Elektriko Adimenduna ezartzeko beharrezkoak diren eta lehendabiziko klausulan jasotzen diren eta behar bezala frogatu beharko diren jarduketak egiteko Vitoria-Gasteizko Udalari ziurtapenaren aurretik egiten zaion aldez aurretiko pagamendutzat jotzen da. Gainerako zenbatekoak hirugarren klausulan zehazten prozeduraren arabera ordainduko dira.

2) Vitoria-Gasteiz hirian gaur egun dabilen hiri-inguruko 2. linean autobus elektriko adimenduna ezartzeko kontratuaren lizitazio-prozeduran eta ondorengo egikaritzean lankidetza teknikoa eskaintzea. Lankidetza hori «Red Ferroviaria Vasca - Euskal Trenbide Sarea (ETS)» Erakunde Publikoaren bidez burutu daiteke, dagokion mandatuaren bidez.

B) Arabako Foru Aldundiak konpromiso hauek hartzen ditu:

Beharrezko aurrekontu-esleipenak egin ondoren, 2018 eta 2019 ekitaldietan autobus elektriko adimenduna ezartzearen kostuaren % 17,5 finantzatzea. Hasiera batean zenbatetsi den aurrekontuaren arabera, izango lirateke beraz 7.498.750 euro, 50107.5401.7629001 «BEI-BEAren ezarpena» aurrekontu-ezarpenen kontura esleituta eta urteroko zenbateko hauen arabera:

– 2018an: 2.797.250 euro.

– 2019an: 4.701.500 euro.

C) Vitoria-Gasteizko Udalak konpromiso hauek hartzen ditu:

1) Beharrezko aurrekontu-esleipenak egin ondoren, 2018 eta 2019 ekitaldietan autobus elektriko adimenduna ezartzearen kostuaren % 17,5 finantzatzea. Hasiera batean zenbatetsitako aurrekontuaren arabera, 7.498.750 euro izango lirateke beraz, «BEI-BEAren ezarpena» 15.20.05.4411.692.00 aurrekontu-sailaren kontura, urteroko ordainketa hauen arabera:

– 2018an: 2.797.250 euro.

– 2019an: 4.701.500 euro.

2) Vitoria-Gasteiz hirian gaur egun dabilen hiri-inguruko 2. linean autobus elektriko adimendunaren sistema ezartzeko jarduketak lizitatzea eta egikaritzea, eta ondoren zerbitzua ustiatzea, erabakitzen den kudeaketa-ereduaren arabera.

Hirugarrena.– Lanen finantzaketa eta ordainketa.

1.– Vitoria-Gasteizko Udalak kontratazio-espedienteak onartu baino lehen, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Arabako Foru Aldundiak helaraziko dizkiote Udalari hartzen dituen finantza-konpromisoak betetzeko kreditu nahikoa eta egokia badela egiaztatzen duten ziurtagiriak.

2.– Esleipen-prezioari eragiten dioten kontratu-gorabeherak gertatuko balira, eta haien zenbatekoak, guztira, bigarren klausulan adierazitako kostua gaindituko ez balute, Udalaren kontratazio organoak onetsi ahalko ditu, erakunde horrek Hitzarmenaren Jarraipen Batzordeari gorabehera horien berri eman ondoren eta haren aldeko irizpena jasota.

3.– Gorabeheren guztizko zenbatekoak bigarren klausulan adierazten dena gaindituz gero, haien onarpenerako beharrezkoa izango da finantzatzen duten hiru alderdiak aldez aurretik ados jartzea eta behar diren kredituak gaitzea bakoitzaren partaidetzaren ehunekoaren arabera.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Arabako Foru Aldundiak Vitoria-Gasteizko Udalari egin beharreko ordainketak gauzatuko dira egindako obren eta lanen egikaritzapena ziurtatzen duten eta egin beharreko ordainketen egiaztapen-dokumentazioa (ziurtagirien eta fakturen kopia konpultsatuak) aurretiaz aurkeztu ondoren, orobat adieraziz guztizko zenbatekotik zenbat dagokion erakunde bakoitzari; erakunde horiek, horrenbestez, dena delako diru-kopurua sartu beharko dute horretarako ezarriko den kontuan, aipatutako dokumentazioa jaso eta hilabeteko epean.

5.– Bakoitzari dagokion ekarpena jasotzen duenez geroztik, hilabeteko epean gehienera Udalak helaraziko dizkie itun-kide dituen beste bi alderdiei fakturak ordaindu dituela ziurtatzen duten agiriak.

Laugarrena.– Kontu-egoera eta egikaritzea.

Finantza-itunkide den Erakunderen batek hala eskatuko balu, Udalak konpromisoa hartzen du honako dokumentu hauek bidaltzeko: proiektuaren gauzapen-kontuen egoera eta azalpen-memoria bat; azken horretan jaso beharko dira proiektuari buruz esanguratsuak liratekeen inguruabarrak, eta gehienbat, dokumentu honetan jasotako denbora eta kostuen handitzea eragin lezakeen edozein gorabehera.

Bosgarrena.– Jarraipen-batzordea.

Hitzarmena sinatzen duten erakundeek jarraipen-batzorde bat sortuko dute, haietako bakoitzak izendatutako bina ordezkarik osatua, hitzarmena ondo betetzen dela begiratze aldera. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkarietako bat izango da batzorde horren buru, eta idazkari, aldiz, Vitoria-Gasteizko Udalak izendatutako ordezkarietako bat.

Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:

a) Aurkezten zaion proiektuari eta kontratuaren lizitazio-prozedurari oniritzia eman.

b) Behar diren izapideak azkar egitea eragotz dezaketen oztopoak kentzeko bideak erraztea.

c) Hitzarmen honen xedeko jarduketak beteko direla bermatzeko behar diren neurriak proposatzea edo haien inguruko txostenak egitea.

d) Hitzarmenean aurreikusitako ekintzen segimendua egitea; elkar informatzea eta hartutako konpromisoak betetzea ahalbidetu dezaketen irizpideak eta moduak zehaztuta.

e) Hitzarmenak interpretazio- edo exekuzio-arazorik izanez gero, konpontzen ahalegintzea.

Hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean, jarduketei bide egokia emateko behar den guztietan bilduko da batzordea, alderdietako edozeinek hala proposatuta. Batzordearen bileren bertaratze-quorumak kide guztiak agertzea eskatzen du, eta aho batez hartuko dituzte kideek erabakiak.

Hitzarmen honetan Jarraipen Batzordearentzat espresuki jasotzen ez diren gaietan, 40/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenak, atariko tituluaren II. kapituluaren hirugarren atalean arautzen duen kide anitzeko organoen araubidea aplikatuko da.

Jarraipen Batzordeari kalterik egin gabe, Hitzarmenaren bilakaeraren berri emango zaio Udaleko Mugikortasun Mahaiari, eta baita Udaleko Mugikortasun Foroari ere.

Seigarrena.– Araubide juridikoa.

Hitzarmen honek administrazio-izaera du, eta herri-administrazioen arteko lankidetza-hitzarmenei aplika dakiekeen antolamendu juridikoaren bidez arautuko da Hitzarmenaren interpretazioa eta garapena; zehazki, 40/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenak, Atariko tituluaren V. kapituluan xedatutakoaren arabera, itun-kideek espresuki onartzen dute administrazioarekiko auzibidearen jurisdikzioa.

Administrazio publikoen kontratuei buruzko legeriaren aplikagarritasunari dagokionez, baztertuta geratzen da hura, 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak, azaroaren 14koak, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duenak, 4.1.c) artikuluan dioenaren ildotik (9/2017 Legeak, azaroaren 8koak, Sektore Publikoko Kontratuenak, 6.1 artikuluan ebatzitakoa, indarrean sartzen denean) xedatzen duenaren arabera, hargatik eragotzi gabe legeria horren printzipioak aplikatzea zalantzarik edo hutsunerik gertatuz gero.

Hitzarmen honi edo bere egikaritzapenari buruz sor litezkeen gorabeherak Jarraipen Batzordeak erabakiko ditu aurreko klausulan ebatzi denaren arabera, eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa izango da nor gorabehera horiek direla eta sor litezkeen auzi guztiak erabakitzeko.

Zazpigarrena.– Esku hartzen duten alderdien eskumenak errespetatzea.

Hitzarmen hau sinatzeak ez dakar esku hartzen duten alderdiek beren eskumenei uko egitea edo eskumen horiek aldatzea, hartzen dituzten konpromisoei dagozkien erantzukizunak bakarrik egiten dituzte bere.

Zortzigarrena.– Hitzarmena aldatzea.

Hitzarmen hau alda daiteke sinatzaile diren itun-kide guztiek aho batez hartutako akordioaren bidez.

Bederatzigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia eta suntsiarazpena.

Sinatzen den unetik izango ditu ondorioak Hitzarmen honek eta harrezkero behartuta egongo dira itun-kideak; bi urteko indarraldia izango du Hitzarmenak. Nolanahi ere, indarraldi hori burutu baino lehen, sinatzen duten itun-kideek adostu dezakete, aho batez, Hitzarmena luzatzea beste bi urtez, baldin eta hartarako behar adinako aurrekontu-esleipenik balego.

Indarraldia amaitzen denean egikarituko da Hitzarmenaren iraungitzea. Bestalde, Hitzarmena suntsiaraz daiteke itun-kide diren Alderdi guztien ahobatezko akordioaren bitartez, haren xede diren jarduketak burututzat jotzen direnean, edo 40/2015 Legeak, Sektore Publikoaren Araubideari buruzkoak, 51. artikuluan aurreikusten duenaren arabera suntsiarazpen-kausa gertatzen bada.

Alderdietako batek hartutako konpromisoak bete ezean, hitzarmena suntsiaraztea eskatzeko eskubidea izango dute besteek. Hitzarmena suntsiaraziko balitz, eginbidean leudeken jarduketak amaitzeko baldintzak zehaztuko dituzte alderdiek.

Hitzartutakoa behar bezala jasota uzteko, eta adostasunaren adierazgarri, Hitzarmenaren hiru ale sinatu dituzte aldeek, idazpuruan adierazitako egunean eta lekuan, euskaraz eta gaztelaniaz, biak ala biak direlarik bertsio ofizialak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren aldetik,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Arabako Foru Aldundiaren aldetik,

RAMIRO GONZÁLEZ SAN VICENTE.

Vitoria-Gasteizko Udalaren aldetik,

GORKA URTARAN AGUIRRE.


Azterketa dokumentala