Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

24. zk., 2017ko otsailaren 3a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
621

EBAZPENA, 2017ko urtarrilaren 18koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen idazkari nagusiarena, Gipuzkoako campuseko Batzarraren Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzeko dena.

UPV/EHUren estatutuetako 2. artikuluaren arabera, UPV/EHU hainbat campusetan dago banatuta, modu deszentralizatuan dago antolatuta eta eginkizunak ere banatuta dauzka. Bestalde, aurrera eramango dituen zereginetara egokituko du bere egitura, eta etengabe eguneratuko da.

Zehazki, 194. artikuluaren arabera, Campuseko Batzarra unibertsitate campus bakoitzaren gobernu eta ordezkaritza organoa da, kide anitzekoa.

UPV/EHUko ikastegiak berrantolatzearen ondorioz (Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren 2015eko uztailaren 3ko Agindu bidez argitaratua), Gipuzkoako campuseko ikastegien izena, osaera eta kopurua nabarmen aldatu dira. Hori dela eta, Gipuzkoako campuseko Batzarraren arautegia aldatu eta egoera berrira egokitu beharra izan da, ikastegi batzuetan sortu baitira ikastegien atalak, zein bere ikastegiaren campus berean zein beste batean egon daitezkeenak.

Estatutu berrietako 194. artikuluak dio, 2.c atalean, Campuseko Batzarrari dagokiola bere arautegia behin betiko onartzea, nahitaezko legezkotasun txostena jaso ondoren.

Adierazitako guztia aintzat harturik, Gipuzkoako campuseko Batzarrak Gipuzkoako campuseko Batzarraren Arautegia onartu zuen 2016ko abenduaren 19ko bileran.

Aintzat hartuta Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 legearen 10.2 artikuluari jarraituz unibertsitateak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar dituela unibertsitateko gobernu organoek emandako aplikazio orokorreko xedapenak eta emanak zaizkidan eskumenak baliatuta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Agintzea Gipuzkoako campuseko Batzarraren Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila.

Bigarrena.– Arautegi hau argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Leioa, 2017ko urtarrilaren 18a.

Idazkari nagusia,

MIKEL GARMENDIA MUJIKA.

CAMPUSEKO BATZARRAREN ARAUTEGIA
LEHENENGO TITULUA
GIPUZKOAKO UNIBERTSITAE CAMPUSA

1. artikulua.– Campus anitzeko egitura eta antolaketa.

1.– Gipuzkoako unibertsitate campusa da Euskal Herriko Unibertsitatea osatzen duten campusetako bat, kontuan hartuta UPV/EHU hainbat campusetan dagoela egituratuta eta modu deszentralizatuan antolatuta, eta eginkizunak ere banatuta dauzkala.

2.– Gipuzkoako unibertsitate campuseko gobernu organoak Campuseko Batzarra eta campuseko errektoreordea dira. Azken horrek campuseko zuzendaritza taldearen laguntza izango du bere eginkizunak aurrera eramateko. Talde hori osatuko dutenak honakoak izango dira: campuseko zuzendariak, campuseko gerenteordea eta campuseko idazkaria.

2. artikulua.– Gipuzkoako unibertsitate campusa eta bere xedea.

1.– Honako hauek dira Gipuzkoako unibertsitate campuseko kideak: Gipuzkoako unibertsitate campusari lotutako ikasleak, irakasle eta ikertzaileak, eta administrazio eta zerbitzuetako langileak.

2.– Gipuzkoako unibertsitate campusa honako egitura hauek osatzen dute (zerrenda zehatza arautegi honen I. eranskinean dago):

a) Campusari atxikitako fakultateak eta eskolak.

b) Egoitza beste campus batean daukaten ikastegiko atalak.

c) Egoitza campusean daukaten sailak eta campuseko sail atalak.

d) Egoitza campusean daukaten unibertsitateko ikerketa institutuak eta katedrak.

e) Master eta Doktorego Eskolak campusean dituen unitateak.

f) Campuseko edo campusean kokatutako administrazio zerbitzu orokorrak eta unitate administratiboak edo zerbitzuen unitateak.

g) Unibertsitateak sor ditzakeen gainerako erakunde edo egiturak, egoitza Gipuzkoako campusean badute edo bertan kokatuta badaude.

3.– Gipuzkoako campusak ikastegien, Ikastegiko Atalen, sailen, unibertsitateko ikerketa institutuen eta campusa osatzen duten gainerako unitateen arteko harremanak bultzatuko ditu, guztien interesekoak diren esparruetan. Era berean, UPV/EHUren eta inguruko erakunde publiko eta pribatuen arteko ohiko harremanak bultzatu eta gauzatuko ditu.

3. artikulua.– Jarduteko printzipio orokorrak.

1.– Gipuzkoako unibertsitate campusak, zereginak aurrera eramatean, honako printzipio hauek hartuko ditu aintzat: legezkotasuna, eraginkortasuna, eragimena, gardentasuna, kalitatea eta ahalik eta zerbitzurik onena ematea gizarteari eta campusa osatzen duten kideei.

2.– Gipuzkoako campusak UPV/EHUko organo orokorrekin koordinatuta egingo du lan, eta bat etorrita Gobernu Kontseiluak onartutako jarraibide orokorrekin, unibertsitate osoari eragiten dioten oinarrizko arautegiekin, programa orokorrekin eta zeharkako sistemekin.

3.– Gipuzkoako campusak bere kide guztien parte hartzea bermatu eta bultzatuko du.

4.– Gipuzkoako campusak emakumeen eta gizonen berdintasuna bermatuko du bere baitan eta beharrezko neurriak hartuko ditu inor diskriminatua izan ez dadin arrazoi hauengatik: jatorria, etnia, sexua, erlijioa, iritzia, hizkuntza edo bestelako egoera pertsonal edo sozialen bat. Beraz, Gipuzkoako campusak aintzat hartuko ditu honako printzipio hauek: aukera berdintasuna, aniztasunaren eta diferentziaren errespetua, genero ikuspegia txertatzea, ekintza positiboa, sexuari lotutako rolak eta estereotipoak baztertzea, eta gizonen eta emakumeen ordezkaritza parekatua.

5.– Gipuzkoako campusak bermatu egingo die aukera berdintasuna ezintasunak dauzkaten ikasleei eta campuseko gainerako kideei. Beraz, galarazi egingo du edozein diskriminazio mota eta ekintza positiboa bultzatuko du, aipatutako pertsonen parte hartzea erabatekoa eta eraginkorra izan dadin unibertsitatean. Ahaleginak egingo ditu campusaren ingurunea behar bezala egokitzeko, legeriak xedatutakoari jarraiki, ezintasunak dauzkaten pertsonak oztoporik gabe ibili ahal izan daitezen bertan.

4. artikulua.– Gipuzkoako unibertsitate campusaren eskumenak.

1.– UPV/EHUren estatutuen arabera, hauek dira Gipuzkoako unibertsitate campusaren eskumenak:

a) Bere baliabideen kargurako programa eta neurriak hartzea, arloan eragina duten orokorrekin kontraesanean baldin ez badaude.

b) Programa eta neurri orokorrak egokitu, garatu eta gauzatzea.

c) Unibertsitateko beste organoekin lankidetzan campuseko giza baliabideak kudeatzea.

d) Bere eremuan campuseko kide guztiek erabiltzeko diren baliabide eta azpiegiturak eta irakaskuntzan eta ikerketan erabiltzekoak direnak kudeatzea.

e) Erakundeen arteko harremanak bultzatu eta garatzea, bai eta unibertsitate eta kultura hedakuntza ere.

f) Bere eremuaren barruan, unibertsitateko irakats eskaintza koordinatzea eta ikerketa sustatzea.

g) Campusean dauden unibertsitatearen ondarea eta sortzen diren baliabideen gestio ekonomiko eta finantzarioa kontrolatzen laguntzea, unibertsitateko beste organo batzuek izan ditzaketen eskumenei traba egin gabe.

h) Bere eremuaren barruan, UPV/EHUren plangintza estrategikoaz eta honen urteroko zehaztapenaz gain, hizkuntza plangintza garatzea.

i) Bestalde, unibertsitateko egituretan eragina izan dezaketen ekimenak zehaztu eta bultzatu ahal izango ditu, betiere, bere eskumenen eta beste instantzia batzuen eskumenen babesean.

2.– Bere eskumenen esparruan, campusak bere eginkizunak beteko ditu, besteak beste, arlo hauetan:

a) Ikasleentzako laguntza.

b) Euskara eta eleaniztasuna.

c) Langileak eta zerbitzuak.

d) Unibertsitate hedakuntza eta beste erakunde batzuekiko harremanak.

e) Gizarte erantzukizuna.

f) Irakaskuntzako jarduera.

g) Ikerketa, ezagutzaren transferentzia eta zientziaren eta teknologiaren garapena.

3.– Jarduera arlo bakoitzerako Gipuzkoako campusak izango duen ahalmena, Gobernu Kontseiluak zehaztuko du artikulu honetako lehenengo atalean adierazitako campus anitzeko eredua garatzeko ezar daitezkeen beste arau, antolaketa neurri eta aurrekontuei kalterik egin gabe.

4.– Gipuzkoako unibertsitate campuseko gobernu eta ordezkaritza organoek Gobernu Kontseiluari eskumenak eurei transferitzea eta eskuordetzea eskatzeko eta horren alde lan egiteko konpromisoa hartzen dute. Eskumenok beren giza baliabideen eta ondarearen bitartez gauzatuko dituzte, goian aipatutako printzipio, helburu eta eskumenak betetzeko.

BIGARREN TITULUA
GIPUZKOAKO CAMPUSEKO BATZARRA

5. artikulua.– Izaera.

Gipuzkoako unibertsitate Campuseko Batzarra Gipuzkoako campusaren kide anitzeko gobernu eta ordezkaritza organoa da.

6. artikulua.– Osaera.

1.– Campuseko Batzarra berezko kideek eta kide hautatuek osatzen dute.

2.– Hauek dira Batzarreko berezko kideak:

a) Campuseko errektoreordea, Batzarreko buru izango dena.

b) Campuseko gerenteordea.

c) Campuseko idazkaria.

d) Campuseko zuzendaritza taldeko hiru zuzendari, campuseko errektoreordeak izendatuak.

e) Ikastegi bakoitzeko dekanoa edo zuzendaria, eta egoitza beste campus batean daukan ikastegiko ataleko koordinatzaile bana.

3.– Hauek dira Batzarreko kide hautatuak:

a) Irakasle eta ikertzaileen zortzi ordezkari.

b) Campuseko ikastegietako eta egoitza beste campus batean daukan ikastegiko ataletako ikasleen ordezkari bana.

c) Campuseko administrazio eta zerbitzuetako langileen hiru ordezkari.

d) Campuseko sailetako eta sail ataletako zuzendarien sei ordezkari.

e) Campusean eratu eta egoitza bertan duten unibertsitateko ikerketa institutuen ordezkari bat.

4.– Campuseko Batzarra osatzean ahalegina egingo da gizonezkoen eta emakumezkoen kopuruak orekatuak izan daitezen.

5.– Arautegi honen ondorioetarako, bost hauek dira Campuseko Batzarraren barruan kidegotzat hartzen direnak:

a) Ikastegietako dekano eta zuzendariak eta egoitza beste campus batean daukaten ikastegiko ataletako koordinatzaileak.

b) Campuseko sailen eta sail ataletako zuzendariak, azpisailetako koordinatzaileak eta unibertsitateko ikerketa institutuen zuzendaria.

c) Irakasle eta ikertzaileak.

d) Ikasleak.

e) Administrazio eta zerbitzuetako langileak.

7. artikulua.– Campuseko Batzarreko kideak hautatzea.

1.– Campuseko Batzarreko kideak lau urterik behin aldatuko dira. Salbuespena ikasleen ordezkariak izango dira, horiek bi urterik behin aldatuko baitira.

2.– Arautegi honetako 6.3 artikuluan aipatzen diren kidegoen ordezkariak hautatzeko prozedura ondoko hau izango da:

a) Irakasle-ikertzaileen ordezkariak hautatuko dira campuseko errektoreordeak horretarako antolatuko duen bileran. Ikastegi bakoitzeko batzarrak eta egoitza beste campus batean daukan ikastegiko ataleko batzarrak ordezkari bat aukeratuko du aipatutako bilerara joan dadin.

b) Ikasleek campuseko batzarrean dituzten ordezkarien hautaketa tokian tokiko ikastegiko ikasleen kontseiluak eta egoitza beste campus batean daukan ikastegiko atalak egingo dute.

Bere ordezkaria izendatzearren, ikastegiko ikasleen kontseiluak edo egoitza beste campus batean daukan ikastegiko atalak berori eratu, berritu edo campuseko idazkaritzak lehengo ordezkariak kargua utzi edo behin betiko baxa egin duela jakinarazi eta, gutxien dela, hilabetea izango du. Hautaketa egiteko azken data campuseko batzarraren hurrengo bilera egiteko eguna izango da, beti ere, aipatutako hilabetea iragan eta gero.

Epeok beterik, ikastegi bateko ikasleen kontseiluak edo egoitza beste campus batean daukan ikastegiko atalak campuseko batzarrerako ordezkaririk izendatu ez badu, campuseko idazkaritzak campuseko ikasleen kontseiluari galdegingo dio ordezkari hori izendatzeko. Honela gertatuta, campuseko ikasleen kontseiluak ordezkari hori ikastegiko ikasleen kontseiluko edo egoitza ukitutako beste campus batean daukan ikastegiko ataleko kide direnen artean izendatu ahal izango du.

c) Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkariak talde horrek aukeratuko ditu eta, oro har, Klaustrorako ordezkariak hautatzen direnean aukeratuko dira.

d) Campuseko sailetako eta sail ataletako zuzendarien ordezkariak talde horrek aukeratuko ditu, campuseko errektoreordeak horretarako antolatuko duen bileran. Campusean eratu eta egoitza bertan daukaten unibertsitateko ikerketa institutuen ordezkariak aukeratzeko prozedura berbera izango da.

8. artikulua.– Kide izatea eta postu hutsak betetzea.

1.– Ordezkaria izatea norberari dagokion ezaugarria da. Honako hauek izango dira kargua uzteko arrazoi:

a) Heriotza, ezintasuna edo kargurako gaitasuna kenduta izatea.

b) Hauteskundeak baliogabetzea.

c) Agintaldia amaitzea.

d) Dimisioa aurkeztea.

e) UPV/EHUko kide izateari uztea edo ordezkari izateko aukeratu zuen ikastegikoa, ikastegiko atalekoa, sailekoa, egiturakoa edo taldekoa izateari uztea.

f) Elkarren segidako hiru bileratara edo txandakako bost bileratara justifikatu gabe huts egitea, ikasleen kasuan izan ezik: ikasleen ordezkariei aplikatuko zaie UPV/EHUko Ikasleen Arautegiak gai honetaz dioena. Bilerara joatea ezinezko duenak saioa hasi baino lehenago jarri beharko du jakinaren gainean Campuseko Batzarreko idazkaria, edozein bide erabilita horretarako. Bilerako aktan jasoko da bilerara joan ezin izan direnen zerrenda.

2.– Batzarreko berezko kideen ordezkoak izan ahal dira bai legez horiek ordezkatu behar dituztenak bai eskumena eskuordetuta dutenak. Azken kasu horretan, eskumena campuseko zuzendaritza taldeko kide bati eskuordetu behar zaio, edota ikastegiko zein ikastegiko ataleko zuzendaritza taldeko bati. Egoitza beste campus batean daukaten ikastegiko ataletako koordinatzaileen ordezkoak atal bereko irakasle-ikertzaileak izan beharko dira.

3.– Hautetsien kasuan, ordezkoak ere aldarrikatuko dira kidego bakoitzerako, jasotako boto kopuruen araberako ordenan.

Hutsik geratzen diren postuak kasuan kasuko zerrendako ordezkoek beteko dituzte. Postu bat hutsik geratuz gero, campuseko idazkariak, postua hutsik geratu dela egiaztatu ondoren, ordezkapena gauzatuko du, data hartatik aurrerako eraginez. Ordezkorik ez badago, hauteskunde partzialak egingo dira postu hutsak betetzeko. Modu honetara hautatuak ordezko izango dira ordeztu behar dutenen agintaldia amaitu arte.

9. artikulua.– Campuseko Batzarraren eskumenak.

1.– Campuseko Batzarraren eskumenak eta eginkizunak –programatikoak, erabakiak hartzekoak eta txostenak egitekoak– honako hauek dira:

a) Campuseko errektoreordeari bere zereginetan laguntzea.

b) Ikasketak koordinatzea, irakaskuntza eta ikerketa behar bezala burutu daitezen zaintzea, eta campuseko kideen lan baldintzak eta elkarbizitza hobetzen laguntzea, horretarako behar diren neurriak hartuz.

c) Ikasketa berriak jartzeko, ikasketa planak egin edo aztertzeko eta ikasketa arautuak kentzeko prozesuei hasiera ematea.

d) Beharrezko bitartekoak sortu eta ekimenak egitea, unibertsitate jardunaren kalitatea sustatu eta hobetzeko, baita gestio eraginkorra bermatzeko ere Europako, Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko programen baitan.

e) Unibertsitate campusaren jardunaren ildo nagusiak, urteko memoria eta urteko eginkizunen plana onartzea; eta Gobernu Kontseiluari premien memoriaren, urte anitzerako programazioaren eta hizkuntza normalkuntzarako eta eleaniztasunerako politikaren berri ematea.

f) Bere arautegia behin betiko onartzea, legezkotasun txostena jaso ondoren.

g) Ordezkariak hautatzeko arauak ematea. Hauteskundeetarako deia errektoreordeak egingo du.

h) Guztientzako eremuak erabiltzeko arauak ezartzea.

i) Campusean ikasgelak nahiz jardun akademikorako beste espazioak behar bezala aprobetxa daitezen bermatzea.

j) Campusari bakarrik eragiten dioten hitzarmenak sinatzeko baimena ematea, Gobernu Kontseiluak emandako jarraibideei eutsiz.

k) Unibertsitatera atxiki nahi duten ikastetxe nagusiak bultzatzen dituzten erakunde publiko edo pribatuekin egin beharreko hitzarmenak adostea, ikusita unibertsitateko kasuan kasuko zerbitzuen txostenak eta kontuan hartuta UPV/EHUko Ikastetxe Nagusien eta Unibertsitate Egoitzen Oinarrizko Arautegia.

l) Bere zereginak hobeto betetzeko egoki deritzon batzordeak eratzea.

m) Campuseko ikastegiekin, titulazioekin eta zerbitzuekin zerikusi zuzena duten proposamenak eta txostenak bidaltzea unibertsitateko gobernu organo orokorretara, baita beste edozein gai ere, eztabaidatu edo iritzia eman dezaten.

n) Campusean egoitza duten edo bertan kokatuta dauden erakundeak edo egiturak onetsi, campusari atxiki eta bertan txertatzeaz iritzia ematea, esate baterako ikastetxe nagusiak, unibertsitate egoitzak, ikastegiak, unibertsitateko ikerketa institutuak, eta abar.

o) Unibertsitateak campusean dauzkan ondasun eta higiezinak erabiltzeari buruzko iritzia ematea.

p) Campuseko ikastegi eta ataletako plaza mugen proposamenari buruzko informazioa ematea urtero Graduko Batzordeari.

q) Campuseko ikastegietako batzarrek onartutako memoriak eta eginkizunen planak ezagutzea.

2.– UPV/EHUren estatutuek edo haiek garatzeko arautegiek ematen dizkioten gainerako eskumenak, edo unibertsitateko gobernu organoek eskuordetzen dizkiotenak.

HIRUGARREN TITULUA
CAMPUSEKO BATZARRAREN FUNTZIONAMENDUA

10. artikulua.– Bilera motak eta bileren aldizkakotasuna.

1.– Bilerak ohikoak eta ezohikoak izan daitezke.

2.– Deialdiak ohiko bileretarako egin behar dira, oro har. Campuseko Batzarrak ohiko bilera bi egingo ditu, gutxienez, urtean.

3.– Ezohiko bilera egingo da aztertu beharreko gaiak direla eta hala egin behar denean, baita aplikatu beharreko arautegiak xedatutako kasuetan ere.

4.– Premiazko bilerak ezohikoak izango dira, eta deialdia, gutxienez, 24 ordu lehenago egin beharko da. Halakoetan, bileraren hasieran, bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela berretsi behar du bertaratutako kideen gehiengo osoak. Berresten ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.

11. artikulua.– Bilerarako deia.

1.– Campuseko errektoreordeak egin behar ditu bileretarako deiak, berak hala erabakitzen duenean edo kideen laurden batek eskatzen duenean. Azken kasu horretan ezohiko bilera egingo da, eskaera aurkeztu eta gehienez ere hamar egun naturaleko epean.

2.– Bilerarako deia campuseko idazkariak bideratu behar du, aurrerapen nahikoaz eta bilera baino 72 ordu lehenago gutxienez. Deian honako hauek zehaztuko dira: bilera non egingo den, lehenengo deialdiaren eta bigarren deialdiaren ordua (ordu erdiko aldea egongo da batetik bestera), eta bilerako aztergaien zerrenda.

Aztertuko diren gaiei buruzko dokumentazioa batzarreko kideen eskura egongo da Gipuzkoako campuseko Errektoreordetzan eta bitarteko telematikoetan, bilera baino 72 ordu lehenago gutxienez.

3.– Ondoren aipatzen diren pertsonek ere jasoko dute Campuseko Batzarraren bileretarako deia, bertara joan daitezen informazioa eskuratu eta, beharrezkoa bada, entzunak izateko. Pertsonak horiek ahotsa izango dute, baina ez botorik, eta honako hauek dira:

a) Egoitza Gipuzkoako unibertsitate campusean daukaten errektoreordeak.

b) Egoitza campusean daukan ikastegiko ataleko koordinatzaileak.

c) Egoitza Gipuzkoako unibertsitate campusean daukaten sailetako zuzendariak eta sail ataletako koordinatzaileak

d) Egoitza Gipuzkoako campusean daukaten unibertsitateko ikerketa institutuetako zuzendariak.

e) Gipuzkoako campuseko zuzendaritza taldeko kideak.

f) Campusean eratutako batzordeetako buruak eta koordinatzaileak.

g) Administratzaileak, bai eta campuseko zerbitzuetako buruak eta koordinatzaileak ere.

h) Aldezlea edo horretarako eskuordetza daukan pertsona.

i) Administrazio eta zerbitzuetako langileen eta irakasleen eta ikertzaileen batzarretako eta enpresa batzordeetako buruak.

j) Campuseko Ikasleen Kontseiluaren ordezkaria edo, ez badago, campuseko Ikasleen Kontseiluko presidentea.

4.– Batzarraren saioak publikoak izango dira eta campuseko kide guztiak joan ahal izango dira bertara, eskaera egiten badiote idatziz batzarreko buruari eta, betiere, leku nahikoa badago. Eskaera bilera baino 24 ordu lehenago egin beharko da.

Edonola ere, batzarreko buruak bilera itxia egitea erabaki dezake, hala bilera osoa nola gairen bat aztertzeko tartea. Erabaki horren berri deialdia egitean edo bileraren hasieran eman dezake, bai eta bileran zehar ere.

5.– Gipuzkoako campuseko kide guztiak jakinaren gainean egon daitezen, eta bileretara joateko eskubidea eta bertan entzuna izateko eskubidea bermatu ahal izateko (ikusi arautegi honetako 3. artikulua), bilerako deia horretarako dauden bideak erabilita emango da argitara (web, intranet...).

12. artikulua.– Aztergaien zerrenda.

1.– Aztergaien zerrenda deialdian agertu beharko da eta campuseko errektoreordeak prestatuko du.

2.– Bileretako lehenengo aztergaia aurreko bileretako aktak onartzea izango da, hala badagokio, eta azkena, galde-eskeak. Bertan agertu beharko dira, baita, gutxienez batzarreko sei kideren babesa daukaten eskaerak. Eskaerok errektoreordeari zuzendutako idazki baten bidez aurkeztu beharko dira, bileraren eguna baino gutxienez zazpi egun natural lehenago.

3.– Ezingo da hartu aztergaien zerrendan agertzen ez diren gaiei buruzko erabakiri, baldin eta organoko kide guztiak bertan ez badaude, eta botazioa eginda gehiengo osoak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia hartu ahal izango da.

4.– Ezohiko bileretako aztergaien zerrendan ezin dira honako gai hauek agertu: aurreko aktak onartzea eta galde-eskeak.

13. artikulua.– Campuseko Batzarra eratzea.

1.– Campuseko Batzarra balioz eratzeko beharrezkoa izango da kideen erdia egotea bertan lehen deialdian, edo kideen heren bat, gutxienez, bigarren deialdian (ordu erdi beranduago). Edonola ere, organoko burua eta idazkaria beti egon beharko dira edo, bestela, haien ordezko legalak.

2.– Campuseko idazkaria ez badago, campuseko errektoreordeak batzarreko kideetako bat izendatuko du idazkari, zeregin horiek bete ditzan bileran.

3.– Campuseko Batzarra bigarren deialdian eratzeko beharrezkoa den quoruma botazio guztietan izango da beharrezkoa.

4.– Hauteskunde prozesu baten ondorioz edo bat-bateko arrazoiengatik kide anitzeko organoan posturen bat bete gabe badago eta ezinezkoa bada betetzea, organoa balioz eratzeko beharrezko den kopururako betetako postuak baino ez dira kontuan hartuko.

14. artikulua.– Bileren nondik norakoak.

1.– Batzarreko buruak bilera behar bezala antolatzeko ardura izango du eta, horretarako arrazoirik egonez gero, bertan behera utzi ahal izango du. Halakorik gertatuz gero, batzarreko buruak une horretan zehaztu beharko du bilerak zein egun, ordu eta tokitan jarraituko duen, eta horixe izango da bertaratuak jakinaren gainean jartzeko modua. Edonola ere, hurrengo bi egun baliodunen barruan egin beharko da.

2.– Campuseko Batzarreko buruak arautegi hau beteko eta betearaziko du bileran zehar, zalantzarik dagoenean arautegian ezarritakoa interpretatuz eta arautegian hutsunerik dagoenean horiek betez.

3.– Eztabaidak aztergaien zerrendari jarraiki egin behar dira. Dena dela, komenigarria izanez gero, Campuseko Batzarrak bileraren ordena aldatzea erabaki dezake batzarreko buruak hala proposatuta.

4.– Campuseko Batzarreko buruaren iritziz egokia bada, batzarreko kide ez diren pertsonak gonbida ditzake bileretara, aztergaien punturen batekin zerikusia duen iritzia edo informazioa eman dezaten. Bilerara gonbidatuak izan direnen izenak aktan jasoko dira baina pertsona horiek botoa emateko eskubiderik ez dute izango.

15. artikulua.– Bileretan hitz egitea.

1.– Batzarreko kideek hitz egiteko eta proposamenak aurkezteko eskubidea izango dute aztergaien zerrendako puntu bakoitzean. Nolanahi ere, arautegi honetan jasotakoa eta organoko buruak agindutakoa bete beharko dute.

2.– Eztabaidan parte hartu nahi dutenek hitz egiteko txanda eskatu beharko diote Campuseko Batzarreko buruari. Hitz egiten ari denaren mintzaldia eten ahal izango duen bakarra Batzarreko burua izango da eta hori egingo du portaera aldatzea eskatzeko, harira ekartzeko edo, arrazoiak emanda, hitza kentzeko.

Batzarreko buruak eztabaidan parte hartzeko aukera emango die campuseko gainerako unibertsitateko kideei ere, batzarreko kide ez izan arren, baldin eta zerikusi zuzena badute erabaki proposamenarekin. Campuseko kide horiek behin baino parte ez hartzea ahal egingo da.

3.– Campuseko Batzarreko buruak, beharrezkotzat jotzen badu, erantzuteko txanda emango dio hizpidera ekarria izan den pertsonari.

4.– Batzarreko kideek ordena arazoak planteatu ahal izango dituzte, honako hauetarako:

a) Aztergaien zerrenda betetzen dela bermatzeko.

b) Arautegi hau egokiro aplikatzen dela bermatzeko.

c) Eztabaidari amaiera ematea eskatzeko.

d) Bilera amaitzea edo behin-behinekoz bertan behera uztea eskatzeko.

e) Eztabaida atzeratzea nahiz harekin jarraitzea eskatzeko.

16. artikulua.– Interpelazioak eta galderak.

1.– Campuseko Batzarreko kideek interpelazioak aurkeztu eta galderak egin ahal izango dituzte, campuseko zuzendaritza taldeko kideek edo batzarreko gainerako kideek erantzun ditzaten, betetzen duten karguari dagozkion gaiak direnean. Dena den, ezingo da erabili aukera hori aurretik aztertuak izan diren gai orokorrak berriro eztabaidatzeko.

2.– Interpelazioak eta galderak ahoz egin ahal izango dira «Galde-eskeak» puntuan. Ahoz erantzun ahal izango dira, edo erantzuna idatziz eman interesatuari bileran bertan, edo, bestela, Batzarraren hurrengo ohiko bilera amaitu baino lehen.

3.– Interpelazioak eta galderak idatziz aurkezten badira Batzarraren ohiko bilera baino 48 ordu lehenago campuseko errektoreordetzan, erantzuna bileran bertan eman beharko da.

17. artikulua.– Botazioa.

1.– Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen gehiengo soila beharko da, Estatutuek, arautegi honek edo gainerako lege xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen duten kasuetan izan ezik. Beraz, proposamen bakarra dagoenean, onartua izango da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen badaude, aldeko boto gehien lortzen dituena onartuko da. Proposamenak bi baino gehiago direnean, emandako botoen gehiengo osoa lortzen duena onartuko da; edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenak hartuta, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena.

2.– Berdinketa izanez gero, berriro egingo da botazioa. Orduan ere berdinketa izanez gero, Batzarreko buruaren kalitate botoak erabakiko du.

3.– Botazioa isilpekoa izango da kide anitzeko organoko kideren batek hala eskatzen duenean, eta pertsona jakinei buruzkoa denean beti izango da isilpekoa.

4.– Botoa aldekoa, aurkakoa edo zuria izan daiteke, edo botazioak berak eskatzen duen edukia jaso dezake. Dena den, batzarreko kideak abstenitu ahal izango dira botazioetan.

5.– Aurkako botoa eman eta aktan hala jasoarazten dutenek edo abstenitzen direnek ez dute erantzukizunik izango kide anitzeko organoak hartutako erabakietan. Honetarako, botazioa isilpekoa denean, interesdunak botoaren arrazoia azaltzen duen testua eman behar dio organoko idazkariari boto txartelarekin batera, eta aktari erantsi behar zaio.

18. artikulua.– Bilerako akta.

1.– Bileren aktak bi hizkuntza ofizialetan egingo ditu idazkariak. Akta bileran bertan edo hurrengoan onartu beharko da. Azken kasu horretan, hurrengo bilerako aztergaien zerrendan agertuko da akta onartzeko puntua. Akta onartu ostean, idazkariak sinatu eta Batzarreko buruak ontzat eman behar du.

2.– Aktan honako hauek jaso behar dira nahitaez: bilerara etorri direnen eta bertaratu ez direnen zerrenda (bertaratu ezina adierazi dutenak ere aipatuta); aztergaien zerrenda; bilera non eta zein ordutan egin den; bileran aztertutako puntuak; botazioak nola egin diren eta emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, egoki joz gero, arrazoien azalpen laburra.

3.– Boto partikularrak ere jasoko dira aktan, Campuseko Batzarreko kideek hala eskatzen badute. Campuseko Batzarreko kideek beren parte hartzea edo proposamena aktan hitzez hitz jasotzea eska dezakete. Horretarako, idatziz aurkeztu behar dute testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak adierazitako epean.

4.– Campuseko Batzarreko kideek aktan aldaketak egiteko proposamenak egin ditzakete akta onartzeko unean. Idazkariak egiaztatu egingo ditu proposatutako aldaketak eta, gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egingo dira.

5.– Campuseko Batzarra aldatu baino lehen, bilera egin beharko da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa bada, akten zirriborroak bidaliko zaizkie kide anitzeko organoko kide zirenei, eta hamar egun naturaleko epea eman edukiari buruzko erreklamazioak egin ditzaten. Esandako epearen barruan erreklamaziorik aurkezten ez bada, aktak onartutzat emango dira; erreklamaziorik aurkeztuz gero, berriz, kide anitzeko organo berrituak egin beharreko lehenengo bileran onartzeko aurkeztuko dira.

19. artikulua.– Erabakiak argitaratzea.

1.– Idazkariak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede eman eta ziurtagiriak egingo ditu.

2.– Campuseko kide guztiak jakinaren gainean egon daitezen, akta edota Campuseko Batzarrak hartutako erabakien testu osoa argitara emango da horretarako dauden bideak erabilita (web, intranet...), betiere kontuan izanda datuak babesteko legek dioena.

3.– Aipatutakoaz gain, pertsonei buruzko erabakiak zuzenean jakinarazi behar zaizkie interesdunei. Erabakiek jakinarazpena egiten den unetik aurrera izango dute eragina, eta jakinarazpenak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutako moduan egin beharko dira.

20. artikulua.– Erabakiak betearaztea eta administrazio bidean errekurtsoak jartzea.

1.– Campuseko Batzarrak hartutako erabakiek onartzen direnetik izango dute eragina, erabakietan bertan bestelakorik adierazi ezean. Erabakien berri eman beharko zaie kasuan kasuko organoei.

2.– UPV/EHUren Estatutuetako 160.3 artikuluak dioenari jarraituz, Campuseko Batzarraren erabakiek ez diote ematen amaiera administrazio bideari eta, hortaz, erabaki horien kontrako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari.

LAUGARREN TITULUA
CAMPUSEKO BATZARRAREN BATZORDEAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

21. artikulua.– Batzordeak eratzea.

1.– Arautegi honetan aipatzen diren batzordeez gain, Campuseko Batzarrak beste batzorde batzuk eratu ahal izango ditu, gaiak lantzeko hala egitea komenigarria dela iruditzen bazaio.

2.– Batzorde horiek aldi baterako izan daitezke, edo iraunkorrak. Batzordeen osaera eta eginkizunak eurak eratzeko akordioan jasoko dira baina, oro har, arautegi honetan jasotako xedapenak aplikatuko dira.

3.– Campuseko Batzarreko batzordeak ikasturte bakoitzeko lehenengo ohiko bileran berretsi edo aldatuko dira.

4.– Bestelakorik adierazi ezean, batzordeak desegin egingo dira beraien helburu den gaiari buruz irizpena eman edo informatu ostean.

5.– Campuseko batzordeen zerrenda Gipuzkoako campusaren web orrian egongo da ikusgai.

22. artikulua.– Batzordeetako buruak eta idazkariak.

1.– Batzordeetako burua errektoreordea edo hark izendatzen duen pertsona izango da.

2.– Batzorde bakoitzak idazkari bat izendatuko du. Idazkari horrek bileretako aktak egingo ditu, emaitzak adierazita. Bileretarako deia ere egingo du, batzordeko buruaren aginduz. Beharrezkoa izanez gero, campuseko errektoreordetzako zerbitzu administratiboen laguntza izango du.

23. artikulua.– Osaera eta hautaketa.

1.– Kidegoek batzordeetan izango duten ordezkarien kopurua egin beharreko lanaren arabera zehaztuko da.

2.– Dena den, kidego bakoitzak ordezkari bat izango du gutxienez, ahal dela Campuseko Batzarreko kide ere izango dena.

3.– Batzordeko kideak honela hautatuko dira:

a) Hautagai zerrendak pertsona bakarrekoak izango dira.

b) Kidego bakoitzak bere ordezkariak hautatuko ditu, beharrezkoa bada botazioaren bidez.

c) Berdinketa gertatuz gero, beste botazio bat egingo da; orduan ere berdinketa izanez gero, zozketa egingo da segituan.

d) Kidegoren baten ez bada aurkezten behar beste hautagai, kasuan kasuko kidegoko kideak izendatuta beteko ditu Batzarrak postu hutsak.

e) Ordezkariren baten postua hutsik geratuko balitz, boto gehien eskuratu zituen bere kidegoko hurrengo hautagaiak beteko luke haren lekua. Inor ez balego, kidegokoen artetik aukeratuko litzateke.

24. artikulua.– Batzordeen funtzionamendua.

1.– Batzordeen bilerak batzordeko buruak deituta egingo dira, edo kideen gehiengoak eskatzen duenean. Batzordeko kide ez diren pertsonak ere joan ahal izango dira bileretara aholkulari moduan, batzordeko buruak horixe eskatzen badie euren ezagutza edo prestakuntzagatik.

2.– Batzordea balioz eratzeko, kideen kopuru legalaren heren batek egon beharko du bertan. Quorum hori bilera osoan izango da beharrezkoa. Edonola ere, batzordeko burua eta idazkaria egon beharko dira bertan edo, bestela, haien ordezko legalak.

3.– Erabakiak hartzeko gehiengo soila beharko da. Batzordeko kideek beren botoa jasoarazi ahal izango dute bilerako aktan.

4.– Batzordeek aurreko ikasturteko jardueren txostena aurkeztuko diote Campuseko Batzarrari organo horrek ikasturte bakoitzean egingo duen lehenengo ohiko bileran, eta batzorde horiek berretsi edo aldatu baino lehenago.

II. KAPITULUA
BATZORDE IRAUNKORRA

25. artikulua.– Osaera.

Batzorde Iraunkorra honako hauek osatuko dute:

– Campuseko errektoreordea,

– Campuseko idazkaria,

– Campuseko gerenteordea,

– Campuseko Batzarrean dauden zuzendarien ordezkari bat, Campuseko errektoreordeak izendatua,

– ikastegietako dekano eta zuzendarien edo egoitza beste campus batean daukaten ikastegiko ataletako koordinatzaileen bost ordezkari,

– sailetako zuzendarien, campuseko sail ataletako koordinatzaileen eta unibertsitate institutuetako zuzendarien ordezkari bat,

– irakasle-ikertzaileen ordezkari bat,

– ikasleen ordezkari bat,

– administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

26. artikulua.– Eginkizunak.

Hauek dira Batzorde Iraunkorraren eginkizunak:

a) Campusari bakarrik eragiten dioten hitzarmenak sinatzeari onespena ematea.

b) Campusaren txostena eskatzen duten gaiei buruzko informazioa ematea unibertsitateko gobernu organo orokorrei, bai eta campusari eragiten diotenei buruzkoa ere.

Batzorde Iraunkorrak jardungo du ahalik eta modu eraginkorrenean eta kontuan hartuta arazoen premia, eta erabakiak ere halaxe hartuko ditu.

BOSGARREN TITULUA
EUSKARA BATZORDEA

27. artikulua.– Euskara Batzordea.

1.– Gipuzkoako campusak Euskara Batzordea izango du, Estatutuetan jasotakoa betetzeko. Batzorde hori iraunkorra izango da.

2.– Campuseko Euskara Batzordeko burua campuseko zuzendaritza taldeko kide bat izango da. Gainerako kideak, berriz, honako hauek: ikastegi bakoitzeko edo egoitza beste campus batean daukaten ikastegiko ataletako zuzendaritza taldearen ordezkari bat, beraiek izendatuta; ikasleen ordezkari bat, campuseko ikasleen kontseiluak izendatua; eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, Campuseko Batzarreko kide diren administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkariek izendatua.

3.– Campuseko Euskara Batzordearen helburua euskararen erabilera bultzatzea izango da, kontuan hartuta campusaren egoera eta UPV/EHUren plangintza orokorra.

4.– Euskara Batzordeak aurreko ikasturteko jardueren txostena aurkeztuko dio Campuseko Batzarrari, organo horrek ikasturte bakoitzean egingo duen lehenengo ohiko bileran.

5.– Campuseko Euskara Batzordeko kideek UPV/EHUko Euskarako Batzordeko kolektibo bakoitza (IRI, AZP eta Ikaslegoa) aukeratzeko arautegian eskatutako baldintzak bete beharko dituzte.

SEIGARREN TITULUA
CAMPUSEKO ERREKTOREORDEAREN KONTRAKO ZENTSURA MOZIOA

28. artikulua.– Prozedura.

1.– UPV/EHUren Estatutuetako 195. artikuluaren arabera, Campuseko Batzarrak campuseko errektoreordea kargutik kentzea proposa diezaioke errektoreari. Horretarako, lehendabizi, Batzarraren heren batek ezohiko bilerarako deia egin beharko du zentsura mozioari buruzko bozketa egiteko; batzarkideen bi herenek aldeko botoa emanez gero, zentsura mozioak aurrera egingo du.

2.– Zentsura mozioa UPV/EHUko Erregistro Orokorraren bulegoren batean aurkeztuko da, eta 72 orduko epean Campuseko Batzarrak ezohiko bilera egingo du mozioa eztabaidatu eta bozkatzeko.

29. artikulua.– Zentsura mozioa atzera botatzea.

Proposamena onartzen ez bada, sinatzaileek ezin izango dute halako proposamenik aurkeztu bozketa egiten denetik urtebete igaro arte.

30. artikulua.– Zentsura mozioa onartzea.

Zentsura mozioa onartzen bada, errektoreari bidaliko zaio campuseko errektoreordea kargutik kentzeko proposamena.

ZAZPIGARREN TITULUA
ARAUTEGIA ALDATZEA

31. artikulua.– Proposamena.

1.– Arautegi hau aldatzeko proposamena campuseko errektoreordeak egin dezake edo, gutxienez, Campuseko Batzarreko kideen laurden batek.

2.– Aldaketaren bat proposatu nahi dutenek idatzi bat aurkeztuko dute UPV/EHUko Erregistro Orokorraren bulegoren batean, Gipuzkoako campuseko errektoreordeari zuzendua. Idatzi horretan aldaketa eskatzen duten pertsonen izenak eta proposatzen duten ordezko testua agertuko dira.

3.– Campuseko errektoreordeak Campuseko Batzarreko kide guztiei bidaliko die ordezko testua. Testu hori bidali ondoren hamabost eguneko epea egongo da zuzenketa partzialak aurkezteko. Zuzenketok, idazkariari zuzenduak, UPV/EHUko Erregistro Orokorraren bulegoren batean aurkeztuko dira. Zuzenketa partzialek lotura zuzena izango dute arautegia aldatzeko proposamenarekin, eta testua gehitu, aldatu edo kentzeko izango dira.

32. artikulua.– Eztabaida.

1.– Proposamena aurkeztu eta gehienera ere hilabete biko epean, campuseko errektoreordeak biltzeko deia egingo dio Campuseko Batzarrari, proposatzen den aldaketaz erabakia hartzeko.

2.– Errektoreordeak edo zuzenketa proposatu duten kideetako batek ordezko testua aurkeztu eta defendatuko du eta, ondoren, bozkatu egingo du Campuseko Batzarrak.

3.– Arautegia aldatzeko proiektuak aurrera egingo du baldin eta aldeko botoen gehiengo osoa lortzen badu Campuseko Batzarrean.

4.– Onartu ondoren, ordezko testuari egindako zuzenketa partzialak eztabaidatuko dira eta bozketa egingo da, ordezko testuko artikuluen ordenari jarraiki.

5.– Hurbiltze testuak eta aldaketa teknikoak edo estilokoak proposatu ahal izango dira eztabaidan zehar, eta zuzenketak proposatu dituztenek horiek bertan behera utzi edo aldatzeko aukera izango dute.

33. artikulua.– Proposamena atzera botatzea.

Arautegia aldatzeko proiektu bat onartzen ez bada, proposamena egin dutenek ezin izango dute inongo artikulurik aldatzea proposatu atzera botatzen denetik urtebete igaro arte.

34. artikulua.– Aldaketak onartzea.

Batzarraren gehiengo osoz onartutako aldaketen kasuan legezkotasun txostena eskatuko da, aldaketok Campuseko Batzarrari aurkeztu baino lehen behin betiko onespena emateko. Aldatu behar diren artikuluek indarrean jarraituko dute, harik eta testu berriak behin betiko onespena izan arte.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Arautegi honen eranskinak eguneratzea ez da hartuko arautegiaren aldaketatzat.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Arautegi honetan jasota ez dagoen guztirako, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren Funtzionamendurako Arautegia erabiliko da.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Campuseko errektoreordeak beteko ditu Campuseko Batzarraren Arautegiko eta UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren Funtzionamendurako Arautegiko hutsuneak, behar izanez gero UPV/EHUko Lege Aholkularitzari iritzia eskatuta.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Campuseko Batzarrak eta bere batzordeek egungo osaera izango dute kasuan kasuko organoko kideak berritzea egokitu arte. Organoak berritzean, arautegi honetan zehaztutakoari jarraituz berritu beharko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geratu da Gipuzkoako campuseko Batzarraren aurreko arautegia, 2012ko abenduaren 11ko EHAAn (238. zk.) argitaratu zena.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

I. ERANSKINA

UPV/EHUko ikastegiak berrantolatu eta gero (Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren 2015eko uztailaren 3ko Agindu bidez, 2015eko uztailaren 9ko EHAAn argitaratua), Gipuzkoako campusa honako ikastegi hauek osatzen dute:

a) Fakultate eta eskolak:

– Arkitektura Goi Eskola Teknikoa.

– Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola.

– Kimika Fakultatea.

– Zuzenbide Fakultatea.

– Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea.

– Informatika Fakultatea.

– Psikologia Fakultatea.

– Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea (Gipuzkoako atala)

– Ekonomia eta Enpresa Fakultatea (Gipuzkoako atala)

b) Campuseko sailak eta sail atalak:

b.1.– Sailak:

– Arkitektura.

– Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia.

– Konputazio Zientziak eta Adimen Artifiziala.

– Polimeroen Zientzia eta Teknologia.

– Zuzenbide Zibila.

– Konstituzio Zuzenbidea, Administrazio Zuzenbidea eta Zuzenbidearen Filosofia.

– Estatuaren Eliza Zuzenbidea eta Erromatar Zuzenbidea.

– Enpresa Zuzenbidea.

– Nazioarteko Zuzenbide Publikoa, Nazioarteko Harremanak eta Zuzenbidearen Historia.

– Zuzenbide Publikoa.

– Gizarte Zientzien Didaktika.

– Musika, Plastika eta Gorputz Adierazpidearen Didaktika.

– Didaktika eta Eskola Antolakuntza.

– Erizaintza II.

– Filosofia.

– Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia.

– Materialen Fisika.

– Hizkuntza eta Sistema Informatikoak.

– Logika eta Zientziaren Filosofia.

– Hezkuntzako Ikerkuntza eta Diagnosi Metodoak.

– Nortasuna, Balioespena eta Psikologia Tratamenduak.

– Oinarrizko Psikologia Prozesuak eta haien Garapena.

– Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia.

– Kimika Aplikatua.

– Kimika Organikoa I.

– Hezkuntzaren Teoria eta Historia.

b.2.– Sail atalak:

– Matematikaren Didaktika eta Zientzia Esperimentalak.

– Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika.

– Ekonomia Aplikatua I.

– Finantza Ekonomia I.

– Finantza Ekonomia II.

– Adierazpen Grafikoa eta Ingeniaritzako Proiektuak.

– Fisika aplikatua I.

– Ingeniaritza Elektrikoa.

– Ingeniaritza Mekanikoa.

– Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza.

– Sistemen Ingeniaritza eta Automatika.

– Matematika Aplikatua.

– Bilakabidearen eta Hezkuntzaren Psikologia Saila, irakasleen ikasketak.

– Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologia, Psikologia-FHZF.

– Enpresen Antolakuntza.

– Teknologia Elektronikoa.

c) Unibertsitateko ikerketa institutuak:

– Material Polimerikoen Institutua (POLYMAT)

– Kriminologiaren Euskal Institutua (KEI).

– Logika, Jakintza, Mintzaira eta Informazioaren Institutua (LJMII)

– Gizarte Ekonomiaren eta Kooperatiba Zuzenbidearen Institutua (GEZKI)

d) Katedrak:

– Kalitate Katedra.

– Komunikazioa eta Hizkuntza Balioak UNESCO Katedra.

– Miguel Sánchez-Mazas Katedra.

– Mikel Laboa katedra.

e) Master eta Doktorego Eskolak campusean duen unitatea.

f) Bestelakoak:

– Materialen Fisika zentroa.

– UPV/EHUren Hezkuntzaren Museoa.


Azterketa dokumentala