Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

119. zk., 2014ko ekainaren 25a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2822

AGINDUA, 2014ko ekainaren 16koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Hondarribia udalerriko Muliate eremuan, 32 babes ofizialeko etxebizitza esleitzeko hautaketa-prozesua hasten duena eta hainbat zehaztasun finkatzen dituena.

GERTAKARIAK

1.– 2014ko maiatzaren 22an lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Hondarribiko Udalak eta «Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A.»-k «36 Muliate» hirigintza-jarduerarako eremuan babes publikoko etxebizitza sustapena gauzatzea ahalbidetzeko.

2.– Etxebizitzako Gipuzkoako lurralde-ordezkariaren 2014ko maiatzaren 22ko Ebazpenaren bidez, babes ofizialeko behin-behineko kalifikazioa eskuratu du 32 etxebizitzako sustapen horrek. Sustapena Hondarribiko Muliate 34/36 egikaritze-unitateko 36 eremuko 300.2 partzelan kokatuta dago, eta Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, S.A. (Visesa) sozietate publikoak sustatzen du, EB3-0298/14-LC-000 espediente-zenbakiarekin.

3.– Sinatutako lankidetza-hitzarmenaren bosgarren klausulak xedatutakoaren arabera, etxebizitzen esleipendunek Hondarribin 10 urtez erroldatuta egon direla egiaztatu beharko dute. Horretaz gain, Hitzarmenak aurreikusten du eskatzaile erroldatuen zerrenda agortzen bada, «bigarren eskuko etxebizitza eskatzen duten» eta deialdiko baldintzak betetzen dituzten udal zerrendan inskribatuta dauden eskatzaileen artean bigarren esleipen prozesu bat egingo dela, eta azkenik, erroldatuta ez dauden eremu funtzionaleko eskatzaileengana joko dela.

4.– Etxebizitza horietako 2, hiru logelakoak, mugikortasun mugatu iraunkorra duten pertsonentzat egokituta daude. Gainontzeko etxebizitzak honelakoak dira: etxebizitza 1, lau logelakoa da; 22 etxebizitza hiru logelakoak dira; eta 7, bi logelakoak. Etxebizitzak lagatzeko araubidea jabetza izango da.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Babes ofizialeko etxebizitza horiek esleitzeko prozedura Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren bidez dago araututa, hala ezarrita baitago Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan (2012ko urriaren 15eko Agindua, Etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa).

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari dagokio honako Agindua ematea, aurreko paragrafoan aipatutako 2012ko urriaren 15eko Aginduko 29. artikuluak aurreikusi bezala.

2.– Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 18. artikuluan jasotzen denaren arabera, lehen eskualdatzeko babes ofizialeko etxebizitzak eskuratu behar direnean, bizikidetza-unitatea osatzen duen titularretako bat gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egongo da, kasuan kasuko araudiak ezarritako gutxieneko antzinatasunarekin.

3.– Babes ofizialeko etxebizitza eskuratuteko eskatuko diren urteko diru-sarrera haztatuen mugak, 2011ko irailaren 14ko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren Aginduan ezarritakoak izango dira.

4.– 39/2008 Dekretuaren 22. artikuluan jasotzen denaren arabera, diru-sarrerei dagokienez kontuan hartu beharreko epealdia honakoa izango da: zergaren aitorpena egiteko epea amaitu ondoren, esleipen-prozedurari hasiera emateko Aginduaren argitalpen-dataren aurreko azken zergaldia.

5.– Arestian aipaturiko 2012ko urriaren 15eko Aginduak ezartzen du, pertsonek edo bizikidetza-unitateek babes ofizialeko etxebizitzen esleipen prozeduretan parte hartzeko, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan inskribatuta egon beharko dutela. Baldintza hori betez gero, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan inskribatzeko eskaeran adierazitako udalerrietan zein horien eremu funtzionaletan egindako esleitze-prozeduretan parte hartu ahal izango dute, hori eragozten duen arau- edo hitzarmen-xedapenik ezean.

6.– Agindu horretan honakoa ere esaten da: prozeduran sartzea borondatezkoa izango dela, eta hasiera Aginduan zehaztutako epean eta bitartekoaren bidez egin beharko dela. Halaber, prozeduran sartzen direnek bizikidetza-unitatearen beharrentzat egokia ez den etxebizitza eskuratzeko interesa ere adierazi ahal izango dute, betiere horrek gainokupaziora eramaten ez badu. Egokitutako etxebizitza bat eskuratzeko interesa ere adierazi ahal izango dute era horretako etxebizitzak esleitu gabe geldituz gero.

Kasu honetan epea 10 egunetakoa izango da.

7.– Esleitzeko modua egoera ezberdinen araberakoa izango da: prozeduran sartutako eskatzaile kopurua sustapeneko etxebizitza kopurua baino handiagoa bada, esleipena notarioaren aurreko zozketa publiko bidez egingo da, 2012ko urriaren 15eko 31 eta 41 bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera. Aldiz, etxebizitza kopurua eskatzaileena baino handiagoa bada, Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak notarioaren aurrean ordenatuko ditu etxebizitza-eskaerak, eta etxebizitzak 42 eta 44 bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera esleituko dira.

Aipatutako lege-xedapenak eta oro har gai honetan erabilgarri diren gainerakoak aztertu ondoren, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hondarribiko udalerriko babes ofizialeko 32 etxebizitzen esleipenari hasiera ematea.

Bigarrena.– Sustapen honetako etxebizitzak lagatzeko araubidea jabetza izango da.

Hirugarrena.– Esleipen prozeduran honako pertsonek edo bizikidetza unitateek parte hartu ahal izango dute Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan erosketa eskatzen dutenek, betiere, bertan jasotako baldintzak betetzen badituzte.

Laugarrena.– Izena emateko eskabidean aukeratutako udalerrietako bat, Donostiako eremu funtzionalean egon behar da.

Bosgarrena.– Etxebizitzaren titular izango diren pertsonetako batek 10 urtez (10 urteak jarraian izan edo ez) Hondarribin erroldatuta egon dela egiaztatu beharko du, agindu hau argitaratzen den datan.

Seigarrena.– 2012. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak 9.000 euro baino txikiagoak ez direla eta 39.000 euro baino handiagoak ez direla egiaztatzea eskatzen da. Mugikortasun urria duten ezgaituak, ezgaitu psikikoak edo genero indarkeriaren biktima izanez gero, aski izango da 3.000 euroko gutxieneko diru-sarrerak egiaztatzea.

Zazpigarrena.– Aipatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek edo bizikidetza unitateek sustapen honetako esleipen prozeduran parte hartu nahiko balute, dagokion inprimakia aurkeztu beharko dute Gipuzkoako Etxebizitza Lurralde Ordezkaritzan 2014ko ekainaren 26a eta uztailaren 11a bitartean (biak barne).

Zortzigarrena.– Sustapeneko etxebizitzetatik bi mugikortasun mugatu iraunkorra duten pertsonei egokituta daude. Bi etxebizitza horiek hiru logelakoak dira. Etxebizitzak, mugikortasun mugatu iraunkorra duen pertsona bat dagoen bizikidetza unitateen artean esleituko dira.

Etxebizitza horiek honako ordena honetan esleituko dira: lehenik eta behin, egokitutako etxebizitzak gurpil-aulkian dauden pertsonei esleituko zaizkie, gero bi makulu nahitaez behar dituzten pertsonei eta, azkenik, 1971/1999 Errege Dekretuaren 3. eranskinaren D) eta H) bitarteko paragrafoekin lotuta 7 puntu edo gehiago dituztenei.

Etxebizitza egokituak esleitu gabe geratuko balira, mugikortasun mugatu iraunkorra duten pertsonarik ez dagoen bizikidetza unitateen artean esleituko dira, baldin eta egokitutako etxebizitza bat eskuratzeko interesa adierazi badute.

Bederatzigarrena.– Egokitu gabeko 30 etxebizitzetatik, 1 lau logelakoa da, 22 hiru logelakoak eta 7 bi logelakoak dira.

Hamargarrena.– Eskatzaileen kopurua sustapeneko etxebizitzen kopurua baino handiagoa denean, esleipena notarioaren aurreko zozketa bidez egingo da, 2012ko urriaren 15eko 31 eta 41 bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera.

Etxebizitza kopurua eskatzaileena baino handiagoa bada, Gipuzkoako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak notarioaren aurrean ordenatuko ditu etxebizitza-eskaerak, eta etxebizitzak Agindu horretako 42 eta 44 bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera esleituko dira.

Hamaikagarrena.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, etxebizitza-esleipenak eta itxaron zerrendak argitaratzeko tokiak honako hauek izango dira: Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) iragarki-oholak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoa.

Hamabigarrena.– 10 urteko antzinatasunez erroldatutako eskatzaileen zerrenda agortzen bada, Hondarribiko Udalaren eta Visesaren arteko hitzarmenaren bosgarren klausulak ezartzen du Visesak etxebizitzak esleituko dituela, «bigarren eskuko etxebizitza eskatzen duten» eta deialdiko baldintzak betetzen dituzten udal zerrendan inskribatuta dauden eskatzaileen artean. Zerrenda honetan eskatzaile kopurua etxebizitzena baino handiagoa bada, esleipena zozketa bidez egingo da.

Hamahirugarrena.– Azkenik, esleitu gabe gelditu diren etxebizitzak, Visesak esleituko ditu erroldatuta ez dauden eremu funtzionaleko eskatzaileen artean.

Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke hilabeteko epean, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa hasieratik, zuzenean, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da errekurtso biak aurkezteko epea.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko ekainaren 16a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.


Azterketa dokumentala