Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

218. zk., 2013ko azaroaren 15a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4964

402/2013 DEKRETUA, abuztuaren 30ekoa, Ile-apainketako estilismo eta zuzendaritzako goi-mailako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 10.1. artikuluak ezartzen duenez, Estatuko Administrazio Orokorrak finkatuko ditu Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean aditzera emandako lanbide-prestakuntzako eskaintzak osatuko dituzten profesionaltasun-ziurtagiriak eta -tituluak, betiere Konstituzioaren 149.1.30. eta 7. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusiari kontsultatu ondoren.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.6. artikuluak xedatzen duenez, Espainiako Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsultatu ostean, Lanbide Heziketako ikasketei dagozkien titulazioak ezarriko ditu, baita titulazio horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak ere.

Ekonomia iraunkorraren martxoaren 4ko 2/2011 Legeak eta Ekonomia iraunkorraren Legea osatzen duen martxoaren 11ko 4/2011 Lege Organikoak –Lanbide Heziketaren eta kualifikazioen 5/2002 Lege Organikoa eta Hezkuntzaren 2/2006 Lege Organikoa aldatzen dituenak–, hainbat lege-aldaketa adierazgarri eragin dituzte bestelako ekonomia baten garapena sustatzeko eta bizkortzeko, hau da, ekonomia lehiakorragoa eta berritzaileagoa, produkzio-sektore tradizionalak berritzeko gauza izango dena eta kalitateko enplegu egonkorra eskatzen duten beste jarduera batzuetarantz bidea egiteko gauza izango dena sustatzeko eta bizkortzeko.

Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 9. artikuluan definitzen da lanbide-heziketako tituluen egitura. Horretarako, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala, Europar Batasunak finkatutako jarraibideak, eta gizarte-intereseko beste alderdi batzuk hartu dira kontuan.

7. artikuluak titulu horien lanbide-profila zehazten du. Lanbide-profil horretan sartuko dira konpetentzia orokorra, lanbide-konpetentzia, konpetentzia pertsonalak eta sozialak eta, hala badagokio, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren konpetentzia-atalak. Horrenbestez, titulu bakoitzak lanbide-kualifikazio oso bat, gutxienez, hartuko du barnean, betiere Lanbide Heziketako tituluek produkzio-sistemaren beharrei eta hiritartasun demokratikoa egikaritzeko aukera emango duten balio pertsonal eta sozialei eraginkortasunez erantzuteko.

Azaroaren 4ko 1577/2011 Errege Dekretuak Ile-apainketako estilismo eta zuzendaritzako goi mailako titulua ezarri eta haren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen ditu.

Bestetik, Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen 1147/2011 Errege Dekretuaren 8.2. artikuluak xedatzen duenez, hezkuntza-administrazioek ezarriko dituzte Lanbide Heziketako irakaskuntzen curriculumak. Edonola ere, errege-dekretu horretan bertan xedatutakoa eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauetan xedatutakoa errespetatu beharko dute.

Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko eskumenen esparruari dagokionez, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan aditzera ematen denez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian ezarritakoa aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Autonomia Erkidegoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluan ezarritakoari eta hura garatzen duten Lege Organikoei, eta 140.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta hori guztia betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egin gabe».

Bestalde, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak, hezkuntza-sistemaren barruan, Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen du, Euskal Autonomia Erkidegoan.

Azaldutako aurrekarien arabera, dekretu honen helburua da Ile-apainketako estilismo eta zuzendaritzako goi-mailako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzea Euskal Autonomia Erkidegorako, betiere Ile-apainketako estilismo eta zuzendaritzako goi-mailako teknikariaren titulua ezartzen duen eta tituluaren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituen azaroaren 4ko 1577/2011 Errege Dekretuaren babesean.

Ile-apainketako estilismo eta zuzendaritzako goi-mailako teknikariaren tituluaren curriculumean alderdi hauek deskribatzen dira: alde batetik, tituluak adierazten duen lanbide-profila (kualifikazioak eta konpetentzia-atalak zerrendatzen dira, eta konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak deskribatzen dira); eta, bestetik, tituluak biltzen dituen helburu orokorren eta lanbide moduluen bidez, besteak beste, ezarritako irakaskuntzak (lanbide-modulu bakoitzari dagozkion ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak, eta horiek antolatu eta ezartzeko jarraibideak eta zehaztapenak barne hartuta).

Helburu orokorrak profilean deskribatzen diren konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialetatik atera dira. Haietan, ikasleak heziketa-zikloaren amaieran eskuratu behar dituen gaitasunak eta lorpenak adierazten dira; hortaz, heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluetako bakoitzean landu beharreko edukiak eta ikasleak bereganatu behar dituen ikaskuntzaren emaitzak lortzeko lehen iturria dira.

Modulu bakoitzean jasotako edukiak irakatsi eta ikasteko prozesuaren euskarria dira; ikasleak trebetasun eta abilezia teknikoak, etorkizun profesionalean aurrera egiteko kontzeptuzko oinarri zabala eta lortu nahi den kualifikazioarekiko lanbide-nortasun koherentea islatuko duten portaerak eskura ditzan.

Honako dekretu hau bideratzean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.

Ondorioz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak emandako txostena eta gainerako aginduzko txostenak aztertuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko abuztuaren 30ean egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRA

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-esparrua.

1.– Dekretu honek Ile-apainketako estilismo eta zuzendaritzako goi-mailako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzen du, Euskal Autonomia Erkidegorako.

2.– Ikastetxeak duen autonomia pedagogikoaren eta antolamendukoaren ildotik, hari dagokio bere Ikastetxearen Ikasketa Proiektua ezartzea, eta proiektu horretan ezarriko ditu bere irakaskuntza-lanaren ezaugarriak eta nortasuna zehazteko, eta lanbide-moduluen programazioak prestatzeari buruzko irizpideak finkatzeko beharrezko erabakiak.

3.– Ikastetxearen Ikasketa Proiektuaren esparruan, heziketa-zikloaren ardura duen irakasle taldeari eta, zehazki, irakasle bakoitzari dagokio programazioak prestatzea. Horretarako, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan izan beharko ditu, lanbide-modulu bakoitzean bildutako ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatu beharko ditu, eta irakaskuntzen erreferentziazko lanbide-profila hartu beharko du euskarri.

II. KAPITULUA
TITULUAREN IDENTIFIKAZIOA ETA LANBIDE PROFILA

2. artikulua.– Tituluaren identifikazioa.

Ile-apainketako estilismo eta zuzendaritzako goi-mailako teknikariaren titulua elementu hauek identifikatzen dute:

● Izena: Ile-apainketako estilismoa eta zuzendaritza.

● Maila: Goi-mailako Lanbide Heziketa.

● Iraupena: 2.000 ordu.

● Lanbide-arloa: Irudi pertsonala.

● Irakaskuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatuko erreferentea: INSN-5b.

● Goi-mailako hezkuntzako kualifikazioen Espainiako esparruan duen maila: 1. maila, goi-mailako teknikaria.

3. artikulua.– Lanbide-profila.

1.– Titulu honen konpetentzia orokorra da ile-apainketako zerbitzuen garapena zuzentzea eta gainbegiratzea, ilearen tratamendu estetikoak planifikatzea eta egitea, eta irudi-aldaketako estilismoak diseinatzea, kalitateko, segurtasuneko, ingurumenarekiko errespetuko eta diseinuko irizpideak errespetatuta.

2.– Konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak.

Honako hauek dira titulu honen konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak:

a) Ile-apainketako jarduerak zuzendu eta kudeatzea, eta baliabide materialak, teknikoak eta giza baliabideaak antolatzea.

b) Enpresaren zerbitzuak eta produktuak planifikatzea, enpresa-proiektuaren parametroak aintzat hartuta.

c) Jardun-protokoloak diseinatzea ile-apainketako prozesuak estandarizatzeko.

d) Ile-apainketako estilo propioak sortu eta eskaintzea, bezeroen eskarietara egokituta.

e) Enpresaren hornikuntza eta mantentzea antolatzea, eta kalitatea eta dokumentazioa kontrolatzea.

f) Bezeroaren ilea eta buruko ile-larrua aztertzea, diagnostikoko tresnak erabilita.

g) Bezeroaren irudi integralaren azterketa egitea, eta haren eskariak estilo pertsonala osatzen duten elementuekin erlazionatzea.

h) Ilean estilo berriak diseinatu eta antolatzea, ile-apainketako teknika berritzaileak erabilita.

i) Behar bereziak dituzten bezeroei ile-apainketako zaintza-aholkuak ematea, eta teknika, material eta kosmetikoei buruzko informazioa eskaintzea.

j) Produkzio eszeniko, ikus-entzunezko, publizitatezko eta modakoetan, ile-orrazketak gainbegiratu eta egitea, teknika klasiko eta aurreratuak erabilita.

k) Ile-tratamenduak gainbegiratu eta aplikatzea, teknika elektroestetikoak, kosmetologikoak eta eskuzkoak integratuta.

l) Irudi pertsonaleko produktu eta zerbitzuak merkaturatzea, marketing-teknikak erabiliz.

m) Ezarritako prozeduretan desbideratzeak diagnostikatzea, eta emaitzak optimizatzeko irtenbideak ematea.

n) Produktu kosmetikoei eta ile-tratamenduei buruzko aholkularitza ematea erabiltzaile eta profesionalei, azalduz nolako efektuak dituzten eta larruaren fisiologiarekin nolako lotura duten, halakoak aplikatu aurretik, bitartean eta ostean nolako prekauzioak hartu behar diren, eta bizimodu osasungarriko ohiturak zein diren.

ñ) Laneko egoera berrietara egokitzea, egunean izanda lanbide-ingurunearen gaineko ezagutza zientifikoak, teknikoak eta teknologikoak, prestakuntza eta dauden baliabideak bizitza osoko ikaskuntzan kudeatuta, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabilita.

o) Egoerak, arazoak eta gorabeherak konpontzea, ekimenez eta autonomiaz dagokion eskumen-eremuan, eta sormenez, berrikuntzaz eta hobetzeko gogoz norberaren eta lantaldearen zereginetan.

p) Lantaldeak arduraz antolatu eta koordinatzea, haien garapena gainbegiratuz, harreman onak izanez, lidergoa hartuz, eta lantaldean sortzen diren gatazkak konpontzeko aterabideak proposatuz.

q) Parekoekin, nagusiekin, bezeroekin eta bere ardurapeko pertsonekin komunikatzea, komunikazio-bide eraginkorrak erabiliz, informazioa edo ezagupen egokiak emanez, eta dagokion lan-eremuan parte hartzen duten lagunen autonomia eta eskumenak errespetatuz.

r) Norberaren eta lantaldearen lan-garapenean ingurune seguruak sortzea, laneko eta ingurumeneko arriskuen prebentziorako prozedurak gainbegiratuz eta aplikatuz, betiere enpresaren arautegian eta helburuetan ezarritakoarekin bat etorriz.

s) Produkzioko edo zerbitzugintzako prozesuetan bildutako lanbide-jardueretan, kalitate-prozedurak, irisgarritasun unibertsalekoak eta «denontzako diseinukoak» gainbegiratzea eta aplikatzea.

t) Enpresa txiki bat sortu eta abiarazteko oinarrizko kudeaketa egitea, eta dagokion lanbide-jardueran ekimena izatea erantzukizun sozialez jokatuta.

u) Dagokion jardueraren ondoriozko eskubideak baliatzea eta betebeharrak betetzea, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera, eta bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean aktiboki parte hartuz.

3.– Titulu honetan biltzen diren Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko kualifikazioen eta konpetentzia-atalen zerrenda.

– Osatutako lanbide-kualifikazioak:

a) Ile-apainketa tekniko-artistikoa. IMP249_3. (790/2007 Errege Dekretua, ekainaren 15ekoa). Konpetentzia-atal hauek hartzen ditu barnean:

UC0705_3: Bezeroei aholkuak ematea buruko eta aurpegiko ilearen zaintza eta transformazio estetikoaren bidezko irudi pertsonalaren aldaketei buruz.

UC0704_3: Ile-apaindegietarako, ikus-entzunezko produkzioetarako eta produkzio eszenikoetarako orrazkerak eta protokolo teknikoak egitea.

UC0795_3: Irudi pertsonaleko enpresetan garatzen diren jarduerak zuzentzea eta kudeatzea.

UC0352_2: Ilearen kolore-aldaketa totalak edo partzialak egitea.

UC0351_2: Ilea moztea eta bizarra eta bibotea atontzea eta moztea.

b) Ile-tratamendu estetikoak. IMP397_3. (327/2008 Errege Dekretua, otsailaren 29koa). Konpetentzia-atal hauek biltzen ditu:

UC1261_3: Diagnostikoa egitea eta ilearen tratamendu estetikoak diseinatzea.

UC1262_3: Ilearen tratamendu estetikoak segurtasun- eta higiene-baldintzetan egitea.

UC0705_3: Irudi pertsonaleko enpresetan garatzen diren jarduerak zuzentzea eta kudeatzea.

UC0352_2: Irudi pertsonalerako produktuak eta zerbitzuak aholkatzea eta saltzea.

4. artikulua.– Lanbide-ingurunea.

1.– Lanbide-figura hori duten pertsonek ile-apainketako prozesuetako zuzendari gisa lan egiten dute sektoreko enpresetan, ikus-entzunezko produkzioetan eta produkzio eszenikoetan. Banako eta taldeko zereginak garatzen dituzte diseinuaren, zerbitzu-antolamenduaren, zerbitzugintzaren, merkaturatzearen, logistikaren, kalitatearen, arriskuen prebentzioaren eta ingurumen-kudeaketaren eremu funtzionaletan.

Norberaren kontura jarduten dute –autonomia-maila handiarekin eta kudeaketa eta zuzendaritzako zereginak bere gain hartuta– edo besteren kontura, kualifikazio-maila txikiagoko, berdineko edo handiagoko pertsonekin talde-lanean.

2.– Lanbide eta lanpostu garrantzitsuenak hauek dira:

Ile-apainketako enpresetako zuzendaritza teknikoa.

Ikus-entzunezko produkzioetako, produkzio eszenikoetako eta moda-produkzioetako zuzendaritza tekniko-artistikoa.

Ilearen tratamenduetako espezialista.

Ile-apainketako aholkularitza artistikoa.

Estilista.

Ile-protesietako eta ile-eranskinetako espezialista.

Ile-apainketako enpresetako aholkulari ebaluatzailea.

Behar bereziak dituzten bezeroen ile-zaintzako aditua.

Ile-analisietako teknikaria.

Ile-apaintzaile espezialista.

Ile-kliniketako eta medikuntza eta kirurgia estetikoko zentroetako langile kualifikatua.

Merkataritzako teknikaria.

Irudi aholkularitza.

Ile-apainketako prestakuntza teknikoa.

Ile-apainketako produktuetako eta aparatuetako salmentako aholkularia eta erakuslea.

Irudi pertsonaleko eta ile-apainketako prentsa espezializatuko aholkularitza.

III. KAPITULUA
HEZIKETA ZIKLOAREN IRAKASGAIAK, ESPAZIOAK ETA EKIPAMENDUAK, ETA IRAKASLEAK

5. artikulua.– Heziketa-zikloaren irakasgaiak.

1.– Heziketa-zikloaren helburu orokorrak:

a) Baliabide materialak, pertsonalak eta teknikoak identifikatzea, prozesuen arabera antolatuta, ile-apainketako jarduerak zuzentzeko eta kudeatzeko.

b) Enpresa-proiektua interpretatzea, haren osagaiak eta aldagaiak aztertuta, enpresaren zerbitzuak eta produktuak planifikatzeko.

c) Produktuak eta zerbitzuak identifikatzea eta horien ezaugarriak ezagutzea, jardun-protokoloak diseinatzeko.

d) Irudi pertsonaleko joerak aztertzea eta horiek ezaugarritzen dituzten parametroak identifikatzea, norberaren estiloak sortzeko eta eskaintzeko.

e) Ile-apainketako kosmetikoak eta tresneria ezagutzea eta horien propietateak eta kontserbazio-baldintza egokiak ezaugarritzea, hornikuntza eta mantentze-lanak antolatzeko.

f) Ile-diagnostikoko teknikak aplikatzea, ilearen eta buruko ile-larruaren analisia egiteko ezarritako protokoloari jarraituta.

g) Azterketa estetikoa egitea eta eskakizun pertsonalak, teknikoak eta kosmetikoak ezaugarritzea, irudi pertsonal integralaren azterketa egiteko.

h) Ile-apainketako teknikak ezagutzea eta hautatzea, eta eskakizun pertsonalak, teknikoak eta kosmetikoak ezaugarritzea, ilean beste estilo batzuk diseinatzeko eta antolatzeko.

i) Ilearen luzera, forma eta kolorea aldatzeko teknika aurreratuak hautatzea eta aplikatzea, eta eskakizunak aztertzea, ilean estilo aldaketa berriak diseinatzeko eta antolatzeko.

j) Teknikak eta kosmetikoak hautatzea, eta behar bereziak dituzten bezeroei ile-protesiak aplikatzea, organo kutaneoaren ezaugarriak eta aldaketak aztertuta, betiere ile-zaintzak aholkatzeko.

k) Orrazkera eta orrazkera bilduen muntaia-prozedurak aplikatzea ikus-entzunezko produkzioetarako, publizitate-produkzioetarako eta modako produkzioetarako, tresna eta erreminta egokiak erabilita, sormeneko orrazkerak gainbegiratzeko eta egiteko.

l) Ile-soluzioak definitzea eta baliabideak koordinatzea, ilearen tratamenduak gainbegiratzeko eta aplikatzeko.

m) Publizitate-teknikak eta salmenta- eta merchandising-eragiketak identifikatzea, eta, horretarako, merkatuaren ezaugarriak eta eskariak ebaluatzea, irudi pertsonaleko produktuak eta zerbitzuak merkaturatzeko.

n) Prozesuak ebaluatzeko eta kontrolatzeko programak ezartzea eta neurri zuzentzaileak aztertzea, ezarritako prozesuetan gerta daitezkeen desbideratzeak diagnostikatzeko.

ñ) Kosmetikoak formulatzeko eta lantzeko eragiketak identifikatzea eta kosmetiko horien printzipio aktiboen ezaugarriak, efektuak eta aplikazioak aztertzea, produktu kosmetikoei buruzko aholkuak emateko erabiltzaileei eta profesionalei.

o) Prozesu estetikoen bideragarritasuna identifikatzea eta oinarri anatomo-fisiologikoekin, ohitura osasungarriekin eta dagozkien patologia nagusiekin lotzea, erabiltzaileei eta profesionalei produktu kosmetikoen eta ilearen tratamenduen inguruko aholkuak emateko.

p) Sektoreko bilakaera zientifikoarekin, teknologikoarekin eta antolamendukoarekin lotzen diren ikaskuntza-baliabideak eta -aukerak aztertzea eta erabiltzea, baita informazioaren eta komunikazioaren teknologiak ere, eguneratze-izpirituari eusteko eta laneko egoera berrietara eta egoera pertsonal berrietara egokitzeko.

q) Sormena eta berrikuntzarako gogoa garatzea, laneko prozesuetan eta antolamenduan nahiz bizitza pertsonalean agertzen diren erronkei erantzuteko.

r) Erabakiak arrazoituta hartzea eta, horretarako, inplikatutako aldagaiak aztertzea, hainbat esparrutako jakintzak integratzea eta arriskuak eta erabaki okerrak hartzeko aukera onartzea; hala, askotariko egoerei, arazoei edo gorabeherei aurre egitea eta irtenbidea ematea.

s) Lidergo, motibazio, gainbegiratze eta komunikazioko teknikak garatzea talde-laneko testuinguruetan, betiere lan-taldeen antolamendua eta koordinazioa errazteko.

t) Komunikazio-estrategiak eta teknikak aplikatzea eta transmitituko diren edukietara, xedera eta hartzaileen ezaugarrietara egokitzea, komunikazio-prozesuen eraginkortasuna ziurtatzeko.

u) Laneko arriskuen prebentzioko eta ingurumen-babeseko egoerak ebaluatzea, norberaren eta taldearen prebentziorako neurriak proposatuz eta aplikatuz, lan-prozesuetan aplikatzekoa den araudiaren arabera, betiere ingurune seguruak bermatzeko.

v) Irisgarritasun unibertsalari eta «denontzako diseinuari» erantzuteko beharrezkoak diren teknikak aplikatzea eta aztertzea.

w) Kalitate-parametroak identifikatzea eta aplikatzea ikaskuntza-prozesuan egindako lanetan eta jardueretan, eta, hartara, ebaluazioaren eta kalitatearen kultura balioestea eta kalitate-kudeaketako prozedurak gainbegiratu eta hobetu ahal izatea.

x) Ekintzailetzako, enpresako eta ekimen pertsonaleko kulturarekin lotzen diren prozedurak erabiltzea, enpresa txiki baten oinarrizko kudeaketa egiteko edo lan bat egiteko.

y) Baldintza sozialak eta lanekoak arautzen dituen lege-esparrua kontuan harturik, gizarteko agente aktibo gisa dituen eskubideak eta betebeharrak zein diren jakitea, herritar demokratiko gisa parte hartzeko.

2.– Honakoa da heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluen zerrenda:

a) Dermotrikologia.

b) Baliabide teknikoak eta kosmetikoak.

c) Ilearen tratamenduak.

d) Ile-apainketako prozedurak eta teknikak.

e) Ikus-entzunezko eta modako produkzioetarako orrazkerak.

f) Ile-apainketako estilismoa.

g) Irudiaren azterketa.

h) Zuzendaritza eta merkaturatzea.

i) Zainketa berezietako ile-apainketa.

j) Irudi pertsonaleko prozesu fisiologikoak eta higienekoak.

k) Ile-apainketako estilismo- eta zuzendaritza-proiektua.

l) Ingeles teknikoa.

m) Laneko prestakuntza eta orientabidea.

n) Enpresa eta ekimen sortzailea.

ñ) Lantokiko prestakuntza.

I. eranskinean zehaztu da lanbide-moduluen ordu-esleipena eta lanbide-moduluak zein kurtsotan eman beharko diren.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak arautu ditzakeen heziketa-eskaintzen arabera egokitu ahal izango da moduluen ordu-esleipena eta moduluak zein kurtsotan emango diren, dekretu honen 11. artikuluan xedatutakoarekin bat eginik.

3.– Lanbide-modulu bakoitzerako, ikaskuntzaren emaitzak (prestakuntzaldia amaitzean ikasleak jakin, ulertu eta egin dezan espero dena deskribatzen dutenak), eta ebaluazio-irizpideak eta eman beharreko edukiak ezartzen dira. II. eranskinean ezarri da hori guztia.

4.– Lantokiko prestakuntzako modulua, bestalde, bigarren kurtsoko azken hamahiru asteetan garatuko da, eta ikastetxean egindako lanbide-modulu guztien ebaluazio positiboa lortu ondoren egingo da.

5.– Europako Batzordeak ezarritako oinarrizko konpetentziak garatzeko eta sakontzeko gomendioei jarraituz eta lehentasuneko arloekin lotzen den prestakuntzaren garapenaren indarrez, curriculumean Ingeles teknikoa modulua txertatuta landuko da heziketa-ziklo horretan atzerriko hizkuntza, betiere Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

6. artikulua.– Espazioak eta ekipamenduak.

Prestakuntza garatzeko, eta ezarritako emaitzak eta konpetentziak lortzeko gutxieneko espazioak eta ekipamenduak III. eranskinean zehaztu dira.

7. artikulua.–Irakasleak.

1.– Heziketa-zikloko lanbide-modulu bakoitzerako irakasleen espezialitateak eta irakasteko eskumena IV. eranskinaren 1. atalean ezarri dira.

2.– Irakaskuntza-kidegoetako irakasleei oro har eskatzen zaizkien titulazioak otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak dira. Izan ere, Errege Dekretu horrek onartzen du Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetako espezialitate berrietan sartzeko eta eskuratzeko araudia, eta arautzen du Lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako aldi baterako erregimena. Irakasleen espezialitateetarako 1. paragrafoan adierazten diren titulazio baliokideak (irakaskuntzaren ondorioetarako) IV. eranskinaren 2. atalean jaso dira.

3.– Hezkuntzakoaz bestelako administrazioetan barnean hartuta dauden titulartasun pribatuko nahiz titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat, titulua osatzen duten lanbide-moduluak emateko beharrezko titulazioak eta eskakizunak Dekretu honen IV. eranskinaren 3. atalean eman dira aditzera. Nolanahi ere, aditzera emandako titulazio horiek lortzeko irakaskuntzek lanbide-moduluen helburuak bete beharko dituzte. Helburu horiek barnean hartuta ez badaude, titulazioaz gain, lanbide-arlo horrekin lotzen den sektorean gutxienez hiru urteko lan-esperientzia frogatu beharko da «ziurtagiri» bidez –ikaskuntzaren emaitzekin inplizituki lotzen diren enpresetan produkzio-jarduerak garatzen hiru urteko esperientzia frogatu beharko du ziurtagiriak–.

IV. KAPITULUA
BESTE IKASKETA BATZUETARAKO SARBIDEAK ETA LOTURA. BALIOZKOTZEAK, SALBUESPENAK ETA EGOKITASUNAK. BALIOKIDETASUNAK, ETA ONDORIO AKADEMIKOAK ETA PROFESIONALAK. URRUTIKO ESKAINTZA ETA BESTELAKO MODALITATEAK

8. artikulua.– Prestakuntza-ziklo honetara sartzeko lehentasuna, batxilergoan ikasitako modalitateak eta ikasgaiak aintzat hartuta.

Heziketa-ziklo honetara sartzeko lehentasuna izango dute batxilergoan Zientzia eta Teknologiaren modalitatea edo Giza eta Gizarte Zientzien modalitatea ikasi dutenek.

9. artikulua.– Beste ikasketa batzuetarako sarbideak eta lotura.

1.– Ile-apainketako estilismo eta zuzendaritzako goi-mailako teknikariaren tituluak aukera ematen du goi-mailako edozein heziketa-ziklotara zuzenean sartzeko, betiere horretarako ezartzen diren onarpen-baldintzetan.

2.– Ile-apainketako estilismo eta zuzendaritzako goi-mailako teknikariaren tituluak aukera ematen du graduko unibertsitate-tituluak eskuratzeko ikasketetara zuzenean sartzeko, betiere horretarako ezartzen diren onarpen-baldintzetan.

3.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak baliozkotze-araubidea ezarriko du Ile-apainketako estilismo eta zuzendaritzako goi-mailako teknikari-titulua dutenen eta horrekin lotutako graduko unibertsitate-titulua dutenen artean. Baliozkotze-araubidea errazteko asmoz, dekretu honetan ezarritako irakasgaietan 120 ECTS kreditu esleitu dira prestakuntza-ziklo honetako lanbide-moduluen artean.

10. artikulua.– Baliozkotzeak, salbuespenak eta egokitasunak.

1.– Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua edo Enpresa eta ekimen sortzailea modulua gaindituta dituenak modulu horiek baliozkotuta izango ditu lege horren babespeko beste edozein ziklotan.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 27. artikuluan ezarritakoaren arabera, Lantokiko prestakuntza lanbide-modulua osorik edo zati batean salbuestea erabaki ahal izango da, baldin eta heziketa-ziklo honekin lotutako lan-esperientzia egiaztatzen bada, artikulu horretan jasotako baldintzen arabera.

3.– Laneko esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak aintzat hartzeko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan ezarritako prozeduraren bitartez, titulu honetan barnean hartzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta:

– Urtebeteko lan-esperientzia, gutxienez, egiaztatzen badute.

– Jarduera prebentiboaren oinarrizko funtzioak betetzeko ezarritako prestakuntzaren egiaztagiria badute –Prebentzio-zerbitzuen erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera emandako egiaztagiria izango da–.

4.– Titulu honen profilarekin lotzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek Ingeles teknikoko modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta proiektuko lanbide-modulua gainditzen badute. Edonola ere, gutxienez 3 urteko lan-esperientzia egiaztatu beharko dute, uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 40.5 artikuluan xedatutakoaren indarrez.

5.– Ile-apainketako estilismo eta zuzendaritzako goi-mailako tituluaren irakaskuntzak osatzen dituzten lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna –horiek baliozkotzeko edo salbuesteko– eta titulu honetako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna –horiek egiaztatzeko– V. eranskinean jasotzen dira.

11. artikulua.– Urrutiko eskaintza eta bestelako modalitateak.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak arautu egingo ditu ziklo honetako irakaskuntzak eskaini ahal izateko baimena eta eskaintza horren oinarrizko alderdiak (hala nola moduluen iraupena eta sekuentziazioa), araubide orokorrean ezarritakoaz bestelako eskaintza osoaren modalitatean eta urrutiko irakaskuntzan edo beste modalitate batzuetan.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Titulazio baliokideak eta lanbide-trebakuntzekiko lotespena.

1.– Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hamaikagarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, Hezkuntzari eta Hezkuntzako Erreforma Finantzatzeari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Lege Orokorreko teknikari espezialistaren tituluek azaroaren 4ko 1577/2011 Errege Dekretuan ezarritako Ile-apainketako estilismo eta zuzendaritzako goi-mailako teknikariaren tituluaren ondorio profesional berberak izango dituzte. Hona aipatutako tituluak: Ile-apainketako teknikari espezialista; adarra: ile-apainketa eta estetika.

2.– Laneko prestakuntza eta orientabidea lanbide-modulurako dekretu honetan ezarritako prestakuntzak trebatu egiten du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako jardueretarako urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarritako lanbide-erantzukizunez arduratzeko, baldin eta gutxienez 45 eskola-ordu ematen badira. Errege-dekretu horrek prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen du.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzak aukera izango du dekretu honen I. eranskinean ezarritakoaz bestelako iraupena duten proiektuak baimentzeko, baldin eta moduluen kurtsokako banaketa aldatzen ez bada eta titulua sortzeko errege-dekretuan modulu bakoitzari esleitutako gutxieneko orduak errespetatzen badira.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean jarriko da indarrean.

Donostian, 2013ko abuztuaren 30ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

UZTAILAREN 30EKO 402/2013 DEKRETUAREN I. ERANSKINA
LANBIDE MODULUEN ZERRENDA, ORDU-ESLEIPENA ETA KURTSOA
(Ikus .PDF)
ABUZTUAREN 30EKO 402/2013 DEKRETUAREN II. ERANSKINA
LANBIDE MODULUAK: IKASKUNTZAREN EMAITZAK, EBALUAZIO IRIZPIDEAK ETA EDUKIAK
(Ikus .PDF)
ABUZTUAREN 30EKO 402/2013 DEKRETUAREN III. ERANSKINA
GUTXIENEKO ESPAZIOAK ETA EKIPAMENDUAK
(Ikus .PDF)
ABUZTUAREN 30EKO 402/2013 DEKRETUAREN IV. ERANSKINA
IRAKASLEAK
(Ikus .PDF)
ABUZTUAREN 30EKO 402/2013 DEKRETUAREN V. ERANSKINA
KONPETENTZIA ATALEN ETA MODULUEN ARTEKO EGOKITASUNA (HORIEK BALIOZKOTZEKO), ETA LANBIDE MODULUEN ETA KONPETENTZIA ATALEN ARTEKO EGOKITASUNA (HORIEK EGIAZTATZEKO)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala