Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2013ko ekainaren 25a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
2883

EBAZPENA, 2013ko ekainaren 10ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, agindua emateko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHUko) irakasle eta ikertzaileak ikerguneetara atxikitzeko arautegiaren aldaketa.

2013ko maiatzaren 29an egindako bileran, Gobernu Kontseiluak onartu zuen Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHUko) irakasle eta ikertzaileak ikerguneetara atxikitzeko arautegiaren aldaketa.

2004ko martxoaren 12an, Euskal Unibertsitate Sistemaren 2004ko otsailaren 25eko 3/2005 Legea argitaratu zen EHAAn. Lege horretako 10. artikuluak honela dio: «Antolaketaren eta jarduteko moduaren gainean unibertsitate publikoko gobernu organoek emandako estatutuak eta arauak, baita horien gaineko aldaketak eta orokorrean aplikatzekoak diren xedapenak ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, eta ez dira indarrean jarriko harik eta testuak oso-osorik argitaratu arte».

Horrela, bada, Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legeak 10.2 artikuluan zehaztutakoa betetzeko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Bakarra.– Agintzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHUko) irakasle eta ikertzaileak ikerguneetara atxikitzeko arautegiaren aldaketa, eranskinean jasotako eran.

Leioa, 2013ko ekainaren 10a.

Idazkari nagusia,

JOSE LUIS MARTÍN GONZÁLEZ.

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEKO (UPV/EHUko) IRAKASLE ETA IKERTZAILEAK IKERGUNEETARA ATXIKITZEKO ARAUTEGIAREN ALDAKETA

Unibertsitateak, bere helburuak eraginkortasunez lortzeko formula berriak bilatu eta aurkitzearren, garapen handiagoa izan du azken urteotan, bertan osatu eta beronek parte hartutako egituren bidez, unibertsitatearen ohiko egitura gainditzen duten egituren bidez. Egitura horietako batzuek ehuTALDEA osatzen dute eta definizioz, talde hori erakunde multzo bat, non UPV/EHUk ondare bidezko partaidetza daukan edo erabakimena duten organoetako kideak izendatzen dituen edo erreferente zientifiko eta teknologikoa den. Bai batera, bai bestera, UPV/EHUk eragin handia dauka erakunde horietan guztietan, eta lankidetza horiei esker, gaur, EHU Taldea daukagu. Beste erakunde batzuetan, baina, unibertsitateak oso eragin txikia dauka, edo oso partaidetza txikia. Kasu guztietan oro, UPV/EHUk borondatea du I+G+B-rako beste erakunde horiekin batera lan egiteko proiektu komunak sortzen, eta, elkarketaren bidez, zientzia, teknologia eta jakintzaren bikaintasuneko ingurune bat eratzeko.

Helburu hori lortzeko ardatz nagusietako bat da ikertzaileen mugikortasuna, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legeak honela dio mugikortasunaren inguruan 17.1 artikuluan:

«1.– Unibertsitate publikoek, estatuko administrazio orokorreko ikerketako erakunde publikoek, beste administrazio publiko batzuetako ikerketako erakundeek eta estatuko osasun sistemako zentroek (sistema horri lotutakoek zein itunduek) mugikortasuna bultzatuko dute, lurralde artekoa, sektore artekoa eta diziplina artekoa, eta, era berean, alor publiko eta pribatuaren arteko mugikortasuna ere bultzatuko dute, guztia artikulu honi jarraituz; bestalde, mugikortasuna ikertzaileen ezagupen zientifikoaren eta garapen profesionalaren onuragarri izan dela ulertuko da. Mugikortasunari balio hori aitortze aldera, mugikortasuna kontuan hartuko da hautaketa prozesuetan eta ebaluazio profesionalean.

Horrela, bada, ikertzaileen mugikortasuna eta ikertzaile trukeak sustatuko dira estatuko erakundeen artean (publikoak zein pribatuak), Europako Batasunaren eremuan eta oinarri hartuta nazioarteko lankidetzarako akordioak eta erakunde publiko eta pribatuen arteko lankidetza hitzarmenak. Hori guztia zientziaren eta teknologiaren edo berrikuntzaren arloko estatuko estrategiaren babesean eta lege honetan eta arloan ezar daitekeen gainontzeko arauetan zehaztutakoari jarraituz.»

Bestalde, zientziari, teknologiari eta berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 legeak zehazten du unibertsitate publikoek baimena eman ahal dutela bere ikertzaileak ikerketako beste eragile publiko eta irabazi asmorik gabeko bestelako eragile pribatuetara atxikitzeko, baldin eta erakunde publiko horiek eragile hauen gobernu organoetan parte hartzen badute. Ikerketa zientifiko eta teknikoari, garapen teknologikoari, jakintzaren transferentziari edo zabalkundeari dagozkion eginkizunetan edo ikerguneetako, zientzia instalazioetako edo zientzia programa eta proiektuetako zuzendaritzan jardutea izango da atxikipenaren helburua, eta ikerketa proiektua amaitu arteko denborarako egingo da, unibertsitateak emandako aldeko txostena aurrez dela eta, behar izanez gero, estatutuek atxikipenerako prozedura eta ondorioei buruz diotenarekin bat etorrita (17.2 artikulua).

Bestetik, Euskal Herriko Unibertsitatearen estatutuak onartu zituen otsailaren 15eko 17/2011 dekretuaren 92.3 artikuluak dio: «UPV/EHUk lankidetza hitzarmenak egin ahal izango ditu erakunde publiko zein pribatuekin, azpiegiturak erabiltzeko, langileak trukatzeko edo ikerketa proiektuak egiteko.» Testu bereko 25.2 artikuluan jasota dago Gobernu Kontseilua dela organo eskuduna ikerketaren alorreko betebeharrak zehazteko.

Hortaz, eta 14/2011 Legearen 17.2 artikuluarekin bat etorrita, arautegi honen bidez UPV/EHUko ikertzaileak aipatutako ikerguneetara atxikitzeko prozedura zehaztuko da, bai eta atxikipen horren ondorioak ere, eta, bestalde, egoera horretan dauden irakasle eta ikertzaileentzako Estatutuetako 25.2 artikuluan zehaztutako betebeharrak ere zehaztuko dira.

1. artikulua.– Atxikipenaren eremu orokorra.

1.1.– Arautegi honen bidez ezarriko dira jarraitu beharreko prozedurak eta bete beharreko baldintzak UPV/EHUk baimena eman dezan irakasle eta ikertzaileak ikerketako beste erakunde publikoetara edo irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuetara atxikitzeko, betiere, unibertsitatea erakunde horietako gobernu organoetako partaide bada.

1.2.– Atxikipenaren helburua izango da ikerketa zientifikoa eta teknikoa egitea, garapen teknologikoa, jakintzaren transferentzia edo zabalkundea edo ikerguneetako, zientzi instalazioetako edo zientzi programa eta proiektuetako zuzendaritzan jardutea. Atxikipenak kasuan kasuko eginkizuna amaitu arteko iraupena izango du.

2. artikulua.– Atxikipenerako irizpideak.

UPV/EHUk baimena eman ahal izango du baldin eta atxikipena zientziaren edo irakaskuntzaren arloan onuragarri baldin bada UPV/EHUrako zein bere irakasle eta ikertzaileentzako.

2.1.– UPV/EHUri, atxikipenak, hobekuntza ekarri behar dio unibertsitatean sortutako ikerketaren kantitatean edo kalitatean, edo gizartera transferitutako ikerketa emaitzetan.

2.2.–Irakasle eta ikertzaileentzako onuragarri izan behar da giro egokiagoan garatzeko bere ikerketa gaitasuna edo ikerlerro zehatzagoak lortzeko edo finantziazio handiagoa eskuratzeko.

3. artikulua.– Atxikipenerako prozedura.

3.1.– UPV/EHUko irakasle edo ikertzaile bat nortasun juridiko propiodun ikerketa erakunde batera atxikitzeko, erakundeak, irakasle edo ikertzailearekin batera, eskaria aurkeztu beharko dio UPV/EHUri. UPV/EHUk baimena eman ahal izango du aldez aurretik Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordea ados agertu bada eta irakasle edo ikertzailearen saileko kontseiluak aldeko iritzia eman badu.

Eskariarekin batera txosten bat aurkeztu beharko da azalduz, zehatz eta mehats, ikergunean egingo diren jarduerak, zenbat denborarako egingo den atxikipena eta luzatzeko aukerarik egongo den, eta jarduera horiek zein onura ekarriko dioten UPV/EHU eta irakasleari edo ikertzaileari.

3.2.– Atxikipena UPV/EHUren eta ikergunearen arteko hitzarmenaren bidez gauzatuko da, eta hitzarmenean jasota ageri beharko dira atxikipenaren nondik norakoak eta baldintzak, eta beren-beregi adierazi beharko da arautegi honi jarraituko zaiola.

4. artikulua.– Iraupena.

4.1.– Atxikipena gehienez ere hiru urterako izango da, baina urtean-urtean luzatu ahal izango da gehienez ere guztira bost urte bete arte. Horrek, edozelan ere, ez dio kalterik egingo hurrengo paragrafoan zehaztutakoari. Luzapenerako eskariarekin batera luzapen hori justifikatzeko memoria aurkeztu beharko da.

Atxikipena ehuTALDEko erakunderen batera egingo bada, atxikipenak kasuan kasuko eginkizuna amaitu arteko iraupena izango du, hau da: ikerketa zientifikoa eta teknikoa, garapen teknologikoa, jakintzaren transferentzia edo zabalkundea edo ikerguneetako, zientzi instalazioetako edo zientzi programa eta proiektuetako zuzendaritza lana amaitu arte iraungo du. Edozelan ere, hiru urterik behin, atxikipen hori justifikatzeko memoria aurkeztu beharko zaio ikerketaren arloko eskumena daukan errektoreordeari, memoria hori oinarri hartuta ebaluatzeko ordura arte egindako lanak, etorkizunean egingo direnak, eta atxikipenak UPV/EHUri eta irakasle edo ikertzaileari ordura arte ekarri dion onura eta ekarriko diona. Atxikipenarekin jarraitzeko, ebaluazio hori aldekoa izan beharko da.

4.2.– UPV/EHUko irakasle edo ikertzaileak ikergunearekin daukan atxikipena bertan behera geratu ahal izango da hitzarmenean zehaztutako data baino lehen, baldin eta UPV/EHUk, ikerguneak edo interesatuak horretarako eskaria egiten badu edo irakasleak edo ikertzaileak unibertsitatearekin daukan lotura galtzen badu.

4.3.– Atxikipena behin bukatuta, UPV/EHUko irakasle edo ikertzaileak unibertsitatean daukan jardun akademikoarekin jarraituko du bere lanpostuari dagozkion eginkizunetan.

5. artikulua.– Atxikipenaren ondorioak.

5.1.– Ikergunera atxikitako UPV/EHUko irakasle edo ikertzaileak UPV/EHUko kide izaten jarraituko du, eta, beraz, UPV/EHUko langileek dituzten eskubide eta betebehar berberak izango ditu.

5.2.– Irakasle edo ikertzaileak ikerguneak gestionatuta egiten dituen proiektu, kontratu eta hitzarmen guztien berri izan behar du UPV/EHUk.

Hori berariaz agertu beharko da jasota hitzarmenean eta alde biek ezarri beharko dute informazio hori gestionatzeko sistema.

5.3.– Ikerguneak gestionatu arren UPV/EHUko irakasle edo ikertzaileak egiten dituen proiektu, kontratu eta hitzarmenak baliogarri dira ebaluazioen ondorioetako, bai irakasle edo ikertzaile horri dagokion egituraren ebaluaziorako, bai UPV/EHU osoaren ebaluaziorako; beraz, jasota egon beharko dira UPV/EHUren I+G+B adierazleetan.

Atxikipena amaitzean, atxikipenaren luzapena eskatzean edo, hala badagokio, hiru urterik behin, atxikipenak iraun bitartean irakasle edo ikertzaileak egin dituen jardueren justifikazioa jasoko duen memoria aurkeztu beharko da. Memoria horrek aukera eman behar du ebaluatzeko ordura arte egindako lanak eta etorkizunean egingo direnak, eta atxikipenak UPV/EHUri eta irakasle edo ikertzaileari ordura arte ekarri dion onura eta ekarriko diona. Hori guztiak berariaz ageri beharko da jasota hitzarmenean.

5.4.– Irakasle eta ikertzaileek UPV/EHUrekin duten harremanaren araberako ordainsariak jasotzen jarraituko dute.

Halaber, hitzarmenean atxikipen kontzeptupean zehaztu ahal izango da UPV/EHUri finantziazioa emango zaiola irakasle eta ikertzaileen ordainsarien gastuetarako. Hori guztia bat etorrita pertsona fisiko zein juridikoekin, unibertsitateekin edo erakunde publiko zein pribatuekin lankidetzan arituta egiten diren zientzia, teknika, arte eta giza zientzien arloko lanak edo prestakuntza bereziko jarduerak gautzeko egiten diren kontratuei buruz unibertsitateko arautegian jasotakoarekin.

Era berean, zehaztuta egon beharko da atxikipenak UPV/EHUri eragingo dion kostu akademikoa nola beteko den.

Irakasle eta ikertzaile horiek, era berean, Unibertsitateen Lege Organikoko 83. artikuluan eta lege honen garapen arauetan jasotako kontratuak garatu izan ahalko dituzte; salbuespena izango dira atxikita dauden erakundearekin egiten dituztenak.

5.5.– Ikerketaren arloko errektoreordeak, edo organo eskudunak, egoki diren txostenak bilduta, erabakiko du ikergunera atxikitako UPV/EHUko irakasle edo ikertzaileak izango dituen gune edo laguntzak, horien bidez atxikipenak dirauen bitartean unibertsitateko kasuan kasuko egiturari lotutako jarduera akademikoak bete ditzan. Guneak eta laguntzak esleitzerakoan, kontuan hartuko du ikergunea EHUTaldekoa den edo ez, eta zenbatekoa den unibertsitateak atxikipenean daukan interesa; guztia unibertsitateak arlorako dituen irizpideei jarraituz.

Horiek guztiak gorabehera, zehaztu ahal izango da atxikipena bukatzean azpiegiturak erabiltzen jarraitu ahal izango dela.

Bestalde, ikergunean egin beharreko zientzia, teknika, arte eta giza zientzien arloko lanak edo garapen teknologikokoak edo transferentziakoak egiteko UPV/EHUko instalazioak edo ekipamendua erabili behar denean, horiek erabiltzeko baldintzak hitzarmenean jasota ageri beharko dira eta bi erakundeen artean adostutako protokoloei jarraitu beharko zaie. Horrelakoetan, kasuan kasuko programan edo proiektuan adierazita egon beharko da azpiegitura horiek erabili direla.

6. artikulua.– Xedapen orokorrak.

1.– UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileek argi adierazi behar dute unibertsitatekoak direla ikerketatik sortutako jakintza hedatu edo ustiatzeko egiten dituzten argitalpen guztietan edo bestelako ekimenetan (kongresu, hitzaldi, patente, prototipo edo erabilpen ereduetan), eta unibertsitatearen irudia ageri beharko da horretarako ezarrita dauden irizpideei jarraituz; dena dela, hori ez da traba izango beste erakunde batzuenak ere agertzeko. Ikergunera atxikita dagoen UPV/EHUko irakasle edo ikertzailearen ardura izango da UPV/EHUko ikerketako datu basean sartzea bere lanaren bidez ekoiztutakoa. Hori betetzea ezinbesteko baldintza izango da atxikipenarekin jarraitzeko edo atxikipena berritzeko.

2.– UPV/EHUn sortu eta lortutako jakintza konfidentzialtasunaren printzipioaren menpe dago, bai bertako pertsonalari nola jakintza honen berri luketen pertsonei dagokienez eta UPV/EHUren eskumena da jakintza hau baliatzeko aukerak xedatzea.

3.– Ikerketa erakundearekiko hitzarmenean bestela ezarri ezean, UPV/EHUko kideek lortutako emaitzen jabetza intelektualeko eskubideak eta jabetza industrialaren titularitatea unibertsitatearenak izango dira, bai eta eskubideon babes juridikorako tituluak eskatzeko eskubidea ere, betiere unibertsitatearen barne arautegian zehaztutako baldintzetan.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Irakasle eta ikertzaileek beren ikerketa jarduera 1. artikuluan jasota ez dagoen erakunderen batean betez gero, Euskal Herriko Unibertsitateko Estatutuetako 92.3 artikuluan zehaztutakoa bete beharko da.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

5.4 atalean zehaztutakoari jarraituz, hitzarmenean jasota baldin badago erakundera atxikitako irakaslearen edo ikertzailearen irakats lana egiteko kontratazioa egingo dela, atxikitako irakasle edo ikertzailea irakats betebeharretatik salbuetsita egongo da kontratazio horrek dirauen bitartean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) pertsonal irakasle eta ikertzaileak ikerkuntza guneei adskribitzeko arautegia, 2012ko maiatzaren 8an argitaratua EHAAn.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean sartuko da indarrean.


Azterketa dokumentala