Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

85. zk., 2013ko maiatzaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2130

AGINDUA, 2013ko maiatzaren 2koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateetan Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) garatzeko diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.

Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen. Dekretu horren 10. artikuluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari, besteak beste, honako hauen inguruko egitekoak izendatu zizkion: hizkuntza politika eta euskararen sustapena.

Bestalde, 193/2013 Dekretuak, apirilaren 9koak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituenak, honako zeregin hau ezarri zion Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari bere 21.1.h artikuluan (EHAA, apirilaren 24koa, 78. zk.): azaroaren 24ko 10/1982 Legea, Euskararen erabilera arautzekoa, eta gainerako xedapen osagarriak egoki garatzen eta aplikatzen direla zaintzea, hargatik eragotzi gabe administrazioko beste organo batzuek horretarako berariaz izendatuta dituzten funtzioak.

Halaber, HPSk bere egiten ditu Euskararen Aholku Batzordearen «Euskara 21, Itun Berritu Baterantz» izenburudun liburuan jasotako XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren lehentasunezko ildoak.

Jarriak dauzkan zereginak betetze aldera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak urtero-urtero sustatu, deitu eta ebatzi izan ditu Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateetan Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (aurrerantzean EBPN) garatzeko diru-laguntzak.

Eusko Legebiltzarrak, 1999ko abenduaren 10ean egindako osoko bilkuran, EBPN berretsi zuen. Plan hori HPSk Euskararen Aholku Batzordearekin elkarlanean burutu zuen eta Eusko Jaurlaritzak onartu zuen 1998ko uztailaren 28an.

EBPNren helburu nagusia hauxe da: «Euskaraz bizi nahi duten herritarrei horretarako aukerak eskaintzeko behar diren hizkuntza politikako neurriak erabakitzea eta bultzatzea; maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean, euskararen berreskurapen osoa lortzeko euskararen aldeko urratsak areagotzea». Hori horrela, toki-entitateek barruko jardunari begira egiteko nagusia dute: herri administrazioetan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana onartzea eta garatzea. Kanpoko jardunari begira, berriz, hiru eginbehar nagusi dituzte: hiztunek euskara ikastea edota duten gaitasuna sendotzea; harreman-sare euskaldunak egituratzen laguntzea, eta euskarazko produktuak eta zerbitzuak zein horien gaineko informazio zehatza bideratzea.

Hori guztia kontuan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateetan EBPN garatzeko diru-laguntzak emateko modua arautzea eta 2013rako deia egitea da.

2.– Agindu honen bidez ezarritako diru-laguntzetarako kopurua 1.385.500 eurokoa da.

2. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Agindu honek araututako diru-laguntzen onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateak eta, euren xedeen artean hizkuntza normalizazioa izanez gero, toki-entitateen mendeko edo haiei lotutako zuzenbide publikoko entitateak izan daitezke; era berean, onuradun izan daitezke xede horrekin lankidetza-hitzarmen bidez elkartutako toki-entitateak.

Laguntza-deialdi honetatik kanpo geratzen dira euskara zerbitzua lurralde historiko batean baino gehiagotan eskaintzen duten toki-erakundeak.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu behar da onuradunei diru-laguntzak eman eta, kasua balitz, ordaindu ahal izateko.

3.– Laguntza deialdi honetara ezin izango dira aurkeztu honako pertsona juridikoak: zigor eta administrazioaren arloan diru-laguntza publikoak jasotzeko debekua dutenak, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen duten legezko debekuetan sartuta daudenak ere. Era berean, ezin izango da aurkeztu sexu arrazoiengatik bereizkeria egitearren zigortua dena, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, xedatutakoaren arabera.

4.– Eskatzailea udalaz gaindiko toki-entitatea izanez gero, eskaerak zehaztu behar du zein udalek parte hartzen duten jardueretan.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesuari buruzko apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuari jarraituz, eskatzaileak ezinbestekoa izango du lanpostu-zerrendan hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun datak ezarrita izatea. Era berean, entitate bakoitzak Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana onartu eta gauzatu beharko du, betiere derrigorrezko indizea betez.

6.– Eskatzailea toki-entitate baten mendeko edo toki-entitate bati lotutako zuzenbide publikoko entitatea izanez gero, artikulu honen 3. eta 5. idatz-zatietan adierazitako betekizunak dagokion toki-entitateak ere betetzen dituela frogatu behar du.

7.– Eskatzaileek beren administrazioetan EBPNren plan estrategikoa onartuta, indarrean eta HPSra bidalita izan behar dute. Horrez gain, 2013. urteari dagokion kudeaketa plana egoki beteta eduki behar dute IRATI aplikazioan, hau da, deialdira aurkezten diren ekintzek marko orokorreko kodifikazioa eduki behar dute, eta deskribapen eta xede-taldearen eremuak beteta. EBPNren diseinua lehenengo aldiz egiteko aurkezten direnek ez dituzte baldintza horiek bete behar. Bestetik, eskatzaile guztiek Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana 2013. urtea amaitu baino lehen onartzeko konpromisoa hartuko dute, 86/1997 Dekretuak 19. artikuluan ezartzen duena betez. Baldintza hauek bete ezean, diru-laguntza eskabidea bazterrean geratuko da.

8.– Laguntza deialdi honetatik kanpo geratzen dira ondoren adieraziko diren estatu laguntza erregimenaren bidez legez kanpoko eta bateraezinak diren diru-laguntzak jaso dituzten erakundeak: Araba I, Araba II eta Araba III (CR 48/99, CR 49/99 eta CR 58/99); Gipuzkoa I, Gipuzkoa II eta Gipuzkoa III (CR 50/99, CR 53/99 eta CR 59/00) eta Bizkaia I, Bizkaia II eta Bizkaia III (CR 52/99, CR 54/99 eta CR 60/00), baldin eta jasotako diru-laguntza eta dagozkion interesak blokeatutako diru-kontu batera itzuli ez badituzte.

3. artikulua.– Diru-laguntzen organo kudeatzailea.

Honako deialdi honen kudeaketa Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzari dagokio.

4. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Entitate interesdunek bide elektronikoak erabili behar dituzte prozedurako izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko eta eskatzeko. Ez da bestelako bitartekorik onartuko.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta bestelako ereduen gaineko zehaztapenak euskadi.net-eko egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri:

https://euskadi.net/diru_laguntza/-/2013/ebpn/

Eskaeraren ondorengo izapideak honako gunearen bitartez egin beharko dira: http://www.euskadi.net/nirekudeaketak

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea, epeak, denbora barrutia eta dokumentazioa.

1.– Laguntza deialdi honek 2013an burutuko diren egitasmoak baino ez ditu kontuan hartuko. Hori dela eta, deialdi honetara jotzen duten egitasmoak gauzatzearen ondorioz eskaini, eman edota gizarteratu beharreko jarduerak, zerbitzuak eta produktuak 2013ko abenduaren 31 baino lehen eskaini, eman edota gizarteratuko dira.

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

3.– Entitate eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkez ditzakete laguntza eskaerak eta haiei lotutako dokumentazioa. Halaber, laguntza eskaeraren ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilpena Arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarri den bezala.

4.– Eskabidea honako dokumentuokin batera aurkeztu beharko da:

Eskatzaile guztiek aurkeztu beharrekoa.

a) Diruz lagundu daitekeen egitasmoaren kostua egiaztatzen duen aurrekontua.

b) 2013ko EBPNren kudeaketa plana (IRATI aplikazioan), EBPNren diseinua lehenengo aldiz egin behar dutenek izan ezik.

Kasuan-kasuan aurkeztu beharrekoa:

c) Jarduera berri, aitzindari edo originalen zerrenda.

d) Jardueretan parte hartzen duten udalerrien zerrenda. Soilik mankomunitate edo kuadrillen kasuan.

e) Indarrean dagoen EBPNren plan estrategikoa toki-erakundeak onartu zuela adierazten duen ziurtagiria (baldin eta Administrazioaren esku ez badago).

6. artikulua.– Entitate eskatzaileak dituen betebeharren egiaztapena.

1.– Entitate eskatzaileak espresuki baimendu dezake emandako datu edo dokumentuak organo kudeatzaileak lortu edo egiazta ditzan, Herri Administrazioari dagokion egiaztapen, kontrol eta ikuskaritza ahalmenari kalterik egin gabe.

2.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.6 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, eskabide normalizatuan ondorengo inguruabarrak egiaztatuko dira:

– Eskatzaileak beste herri administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik diru-laguntza, laguntza, sarrera edo beste baliabide batzuk jaso dituen ala ez.

– Eskatzaileak ez duela diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapen edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere.

3.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 51.1 bis artikuluan ezarritakoa aplikatuz, eskabide normalizatuan ondorengo inguruabarrak egiaztatuko dira:

– Eskatzailea prest dagoela HPSko balorazio batzordeari behar duen informazioa emateko, dokumentazioaren inguruan sortutako zalantzak argitze aldera.

– Eskatzaileak EBPNren Plan Estrategikoa onartu duela, indarrean dagoela eta HPSra bidali duela.

– Eskatzaileak 2013ko kudeaketa plana egoki bete duela IRATI aplikazioan.

– Eskatzaileak aurrekontu doitua (kreditu doitua eta sarrera doituak) betetzerakoan lanpostu zerrendako pertsonalaren gastuari dagokion zenbatekoa kendu egin duela.

– Eskatzaileak Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana 2013. urtean zehar onartuko duela.

– Eskatzaileak, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuari jarraituz, lanpostu zerrendan hizkuntza eskakizunak eta derrigortasun datak ezarri dituela, betiere derrigorrezko indizea eta Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana betez.

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko, indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen direla.

4.– Erregistratuta egon ezean, edo Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero, hirugarrenen erregistro telematikora sartu eta berari dagozkion eragiketak egin behar ditu.

7. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean eginiko akatsen zuzenketa.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen diren dokumentuetako bat falta dela edo forma akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar (10) egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

8. artikulua.– Hauek dira diruz lagunduko diren egitasmoak.

1.– EBPNren diseinua lehenengoz egitea, onartuta ez dutenen kasuan.

2.– EBPN garatzeko burutzen diren ekintzak, ondorengo eremuetakoak direnean:

a) Irakaskuntza (Euskara sustatzeko aurrekontuaren 1. ataleko 1. eremua). Soilik eskola orduz kanpo garatzen diren egitasmoak.

b) Euskalduntze-Alfabetatzea (Euskara sustatzeko aurrekontuaren 1. ataleko 2. eremua). Soilik ‘Mintzalaguna’ egitasmoa.

c) Familia bidezko jarraipena (Euskara sustatzeko aurrekontuaren 1. ataleko 3. eremua).

d) Administrazioa (Euskara sustatzeko aurrekontuaren 1. ataleko 4. eremua). Soilik egitasmo aitzindariak.

e) Teknologia berriak (Euskara sustatzeko aurrekontuaren 1. ataleko 5. eremua). Soilik IKT deialditik laguntzen ez diren egitasmoak.

f) Lan arloa (Euskara sustatzeko aurrekontuaren 1. ataleko 6. eremua). LanHitz eremuko egitasmoak ez direnak.

g) Aisia, kirola eta erlijioa (Euskara sustatzeko aurrekontuaren 1. ataleko 7. eremua). Ludotekak eta udaleku irekiak lagunduko dira euskaldunen portzentajea % 70etik beherakoa duten toki-entitateetan, azpiko taularen arabera.

h) Corpus plangintza eta euskararen kalitatea (Euskara sustatzeko aurrekontuaren 1. ataleko 8. eremua).

i) Liburugintza (Euskara sustatzeko aurrekontuaren 1. ataleko 10. eremua).

j) Publizitatea (Euskara sustatzeko aurrekontuaren 1. ataleko 11. eremua).

k) Kulturgintza (Euskara sustatzeko aurrekontuaren 1. ataleko 12. eremua). Soilik euskarazko kultur ekoizpenak eta sormena bultzatzeko egitasmoak, eta, gainera, euskaldunen portzentajea %70etik beherakoa duten toki-entitateetan, azpiko taularen arabera.

l) Hizkuntza diagnostiko eta planifikaziorako ikerketa orokorrak (Euskara sustatzeko aurrekontuaren 1. ataleko 15. eremua).

m) Informazio, sentsibilizazio eta komunikazio ekintza orokorrak (Euskara sustatzeko aurrekontuaren 1. ataleko 16. eremua).

Bi egitasmo multzoren finantziazioa kalkulatzeko (ludotekak eta udaleku irekiak bultzatzeko egitasmoak, batetik; euskarazko kultur ekoizpenak eta sormena bultzatzeko egitasmoak, bestetik) beheko taula erabiliko da:

(Ikus .PDF)

(*) Euskaldunen portzentajearen datuak EUSTATetik hartu dira, honako txostenetik: «2 urte eta gehiagoko biztanleria, lurralde-eremu eta euskara-maila orokorraren arabera. 2006».

3.– Laguntza deialdi honetan tokia izan dezaketen arren, kanpoan utziko dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko HPSk beste diru-laguntzetarako deialdien bidez 2013an diruz laguntzen dituen egitasmoak, bai eta zuzenean diruz lagundutakoak ere.

4.– Lanpostu zerrendako pertsonalari dagozkion gastuak ere diru-laguntzatik kanpo utziko dira.

9. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko prozedura.

1.– Laguntza proposamena lantzeko berariaz eratutako balorazio batzordeak, eskabideei buruzko ebazpen proposamena landu eta diruzko zenbatekoak finkatze aldera, honako prozedura hau beteko du:

1.1.– Aurrekontuari eta diru-eskabideari dagokienez:

a) Eskabidean aurkeztutako aurrekontua eta egindako diru eskabidea hartuko ditu abiapuntutzat.

b) 8. artikuluan finkatutakoaren haritik, laguntza deialdi honekin bat ez datozen gastuak alde batera utziko ditu.

c) Aurreko eragiketaren ondorioz, diru-laguntza kalkulatzeko garaian aurrekontu araztua hartuko da oinarri.

d) Aurrekontua arazten den bakoitzean, entitate eskatzaileak egindako diru eskabidea egokituko da, betiere, aurrekontua egokitu den maila berean.

1.2.– Puntuei dagokienez:

a) Esleipen prozedurari ekin aurretik, balorazio fasera igarotako egitasmoak baloratuko dira, agindu honen 10. artikuluan finkatutako irizpideen arabera.

b) Puntu horiek araztutako aurrekontuaren estalpen indizea zehaztuko dute. Estalpen indize hori balorazio-batzordeak zehaztuko du, betiere puntu-tarteak finkatu eta gero. Horretarako, gutxieneko eta gehienezko muga hauek kontuan izango dira: 26 puntu dituen egitasmoari onartutako gastu-aurrekontuaren % 10eko estalpen indizea legokioke eta 90 puntu edo gehiago dituenari, berriz, gastu-aurrekontuaren % 40koa. Proportzionaltasunaren irizpidea erabiliko da gainerakoak kalkulatzeko.

c) EBPNren diseinua lehen aldiz egiteko aurkezten diren toki-erakundeen kasuan % 40ko estalpen indizea ezarriko da.

2.– Toki-entitate bakoitzari esleitu beharreko laguntzaren kopurua zehazteko garaian, 11. artikuluan finkatutako mugak gordeko dira.

3.– Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da. Diru-laguntzak esleitzerakoan, agindu honetako 10. artikuluan ezarritako diru-laguntzak esleitzeko irizpideen arabera eskabideen arteko hurrenkera finkatzeko aurkeztutako eskabideak elkarren artean erkatuko dira, eta esleipenak balorazioan 25 puntutik gora lortu dutenen artean egingo dira.

4.– Diru-laguntzak esleitzeko hurrenkera:

– Lehenik aztertuko dira soilik EBPNren diseinua lehenengoz egiteko aurkeztutako egitasmoak. Diru nahikorik ez badago, hainbanaketa egingo da erakunde onuradunen artean.

– Ondoren EBPNren ekintzak garatzeko aurkeztutako egitasmoak aztertuko dira, eta, halaber, diru nahikorik ez badago, hainbanaketa egingo da erakunde onuradunen artean.

10. artikulua.– Diru-laguntza esleitzeko irizpideak.

Diru-laguntzei buruzko zenbatekoa esleitu, finkatu eta ebazpen proposamena egiteko, balorazio batzordeak irizpide hauek erabiliko ditu:

1.– Soilik EBPNren diseinua lehenengoz egiteko eskatzen duten toki-entitateen kasuan, aurkeztutako egitasmo guztiek gehiengo puntuazioa (100 puntu) izango dute.

2.– EBPNren ekintzak garatzeko eskatzen duten toki-entitateen kasuan, baita EBPNren diseinua lehenengoz 2013. urtean, eskabideak egiteko azken egunaren aurretik, onartzen dutenen kasuan, puntuazioa honela banatuko da:

a) Kudeaketa plana (75 puntu). Honela banatuta: landutako esparru kopurua (25 puntu); landutako ekintza kopurua (25 puntu); ekintzen berritasuna eta originaltasuna, EBPNren marko orokorra kontuan izanik (25 puntu).

b) Aurrekontua (25 puntu): toki-entitatearen euskararen aurrekontua biztanleko (25 puntu).

Horrezaz gain, beste bi irizpide hauek aplikatuko dira toki-entitateen ezaugarri berezien arabera:

c) 5.000 biztanletik beherako udal euskaldunenei (% 70etik gorako euskaldunak dituztenei) eta erdaldunenei (% 30etik beherako euskaldunak dituztenei) eskaera baloratzeko garaian % 25eko puntuazio gehigarria emango zaie.

d) Dentsitate gutxiko mankomunitateetan edo kuadrilletan (km2-ko 120 biztanle baino gutxiago dituztenak) euskararen aurrekontua 5 000 euroko gehigarri batez lagunduko da. Kopuru hori a) eta b) ataletan zehaztutako irizpideen arabera emandakoari gehituko zaio.

e) EBPN garatzeko asmoz deialdira aurkezten diren toki-entitate guztiek gutxienik 1.000 euroko diru-laguntza izango dute, baldin eta esleipenean 25 puntutik gora lortzen badute eta toki-erakundearen aurrekontu doitua 2.500 eurotik gorakoa bada. Kontuan hartu beharko da, dena den, 15. artikuluko 2. puntuan adierazten dena.

3.– Biztanle kopuruaren gaineko datuak, euskara mailaren gaineko datuak eta azaleraren hedaduraren gaineko datuak Eustatek modu ofizialean argitara emandako erroldako datuetatik eskuratuko dira, zehatz-mehatz, honako txosten hauetatik, hurrenez hurren: «Euskal AEko biztanleria lurralde-eremuaren eta jaioterriaren arabera. 1-1-2011», «2 urte eta gehiagoko biztanleria, lurralde-eremu eta euskara-maila orokorraren arabera. 2006» eta «Azaleraren hedadura eta altitudea, lurralde-eremuei jarraiki. 2011».

4.– Balorazio batzordeak abiapuntutzat hartuko duen informazioak IRATI aplikazioan egon beharko du eskabideak aurkezteko azken egunaren hurrengo egunean.

5.– Kasu guztietan, aurkeztutako kudeaketa planaren kalitatea balioesteko idatzizko txostena egingo du Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzak. Txostenetan adierazitakoa aintzat hartuta, balorazio batzordeak proiektuaren kalitateagatik emandako puntuazioa finkatuko du.

11. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa eta bateragarritasuna.

1.– Diru-laguntzaren zenbatekoa: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko HPSk ez du inoiz ere toki-entitateak berak egitasmo osoa aurrera eramateko erabilitako diru-kopurua baino kopuru handiagoa emango, 10.2 artikuluan d) atalean aipatzen diren toki-entitateen kasuan izan ezik.

2.– Toki-entitate bakoitzari agindutako guztirako diru-kopuruak ezingo du 60.000 euroko muga gainditu.

3.– Gehienezko muga horren azpian tarteko gehienezko mugak ezarriko dira, kasuan kasuko biztanleria kontuan izanda. Muga horiek hauek izango dira: <5.000 biztanle (10.000 euro); <10.000 biztanle (17.500 euro); <20.000 biztanle (25.000 euro);<30.000 biztanle (32.500 euro); <40.000 biztanle (40.000 euro);<50.000 (47.500) =50.000 biztanle (60.000 euro).

4.– Biztanle kopuruaren gaineko datuak Eustatek modu ofizialean argitara emandako erroldako datuetatik eskuratuko dira, zehatz-mehatz, honako txosten honetatik: «Euskal AEko biztanleria espazio-eremuaren eta jaioterriaren arabera. 2011-01-01».

5.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna: deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak beste edozein erakunde publiko zein pribatuk xede berbererako eman ditzaketenekin bateragarriak dira, betiere gainfinantzaketarik eragiten ez badute. Gainfinantzaketa badago, diru-laguntzatik dagokion kopurua kendu egingo zaio onuradunari lagundutako jardueraren kostu araztu osoari egokitu arte.

12. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Eskabideak aztertu eta baloratzeko ondorengo mahaikideez osatutako balorazio batzordea eratuko da:

a) Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria, Ángel Lobera Revilla, balorazio batzordearen buru izango da. Beraren ordezkoa: Joseba Erkizia Itoiz.

b) HPSko Euskara Sustatzeko zuzendaria, Jokin Azkue Arrastoa. Beraren ordezkoa: Edurne Basoa González.

c) Bizkaiko Foru Aldundiko Hizkuntza Gizarteratzeko Atalaren burua, Patxi Alberdi Asteinza. Beraren ordezkoa: Gotzon Egia Goienetxea (Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaria).

d) Euskal Udalen Elkartearen (Eudel) ordezkaria, Josu Lartategi Yustos. Beraren ordezkoa: Mónica Martínez Mosquera.

e) Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzako erabilera planak jarraitzeko arduraduna, M.Ş José Arrieta Sagarna. Beraren ordezkoa: M.Ş Jesús Sánchez Castańares.

f) Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzako teknikaria, Jose Luis Ugarte Garrido. Beraren ordezkoa: Arantza Fernández Maiztegi. Idazkari lanetan arituko da, iritzia emateko ahalmenarekin, baina bozkatzeko eskubiderik gabe.

2.– Balorazio batzordeak, diru-laguntzak esleitzeko irizpideetan oinarrituz, Hizkuntza Politikarako sailburuordeari ebazpen proposamena aurkeztuko dio.

3.– Balorazio batzordearen osaeran errespetatu egingo da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan parte ez hartzeari eta errefusatzeari buruz ezarritakoa.

4.– Balorazio batzordea osatzeko orduan, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, bere 3.7 artikuluan dioena beteko da.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Balorazio batzordearen proposamena ikusita, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak agindu honek arautzen dituen diru-laguntzak esleitzeko ebazpena emango du. Ebazpen hori interesdunei jakinaraziko die agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasi eta sei hilabeteko epean.

2.– Aurrekoari kalterik egin gabe, ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da herritar orok jakin dezan.

3.– Ezarritako epean interesdunak ez badu ebazpenaren jakinarazpenik jaso, eskabidea gaitzetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

4.– Laguntza-eskatzaileren bat hartutako ebazpenarekin ados ez badago eta gora jo nahi badu, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabeteko epean Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari gorako errekurtsoa aurkezteko aukera izango du.

14. artikulua.– Diru-laguntzaren onarpena.

Ebazpena jakinarazten den egunean hasi eta ondorengo hamar (10) egun baliodunetako epean diru-laguntzaren eskatzaileak berariaz eta idatziz uko egin ezean, diru-laguntza onartutzat hartuko da.

15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzen entitate onuradunak betebehar hauek ditu:

1.– Onuradunak bestelako entitate publiko zein pribatuei eskatutako diru-laguntzen egoeran edota zenbatekoan gertatutako edozein aldaketaren berri eman behar dio Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzari.

2.– Toki-entitate onuradunek proiektuen aurrekontuan % 40ko ekarpena egin behar dute gutxienez, 10.2 artikuluko d) atalean aipatzen diren toki-entitateen kasuan izan ezik.

3.– Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio funtzioak betetze aldera eskatutako informazio guztia eman behar dute.

4.– Diru-laguntza erabili behar dute eskabide orrian zehaztutako helburu zehatzetarako.

5.– Eskabide orrian aurkeztutako egitasmoa bere osotasunean gauzatu behar dute.

6.– Indarrean dauden lege eskakizunak bete behar dituzte jabego intelektualari, egile-eskubideei, lege-gordailuari, banaketari eta abarri dagokienez.

7.– Laguntzagai diren egitasmoek giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetasun balioak errespetatu behar dituzte. Ondorioz, egitasmo horiek ezin izango dute herritarrei iraingarri gerta dakiekeen ikur edo elementurik jaso, ezta beraien duintasunari kalte egiten dieten edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duten ikur edo elementuetarik bat ere.

8.– Adierazpen- eta informazio-askatasunari begirunea erakustea. Horretarako, nork bere deontologiako arauak beteko ditu, eta, aldi berean, politika-aniztasuna eta politika-, gizarte- eta kultura-taldeei zor zaien aukera berdintasuna bermatuko duen informazio egiazkoa eta objektiboa sustatuko du.

9.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, hizkera sexistarik ez erabiltzea, eta, gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez egitea.

10.– Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mendeko HPSk emandako babesaren berri adieraztea, betiere 16. artikuluan esandakoaren arabera.

16. artikulua.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren aipamena.

Toki-entitate onuradunek agerpen publikoetan erabiltzeko diren iragarki txarteletan, argazkietan eta gainerako material idatzietan, ikus-entzunezkoetan edo elektronikoetan Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eskainitako babesa adierazi behar dute. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua erabili behar dute.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Betebeharrak bete gabetzat joko dira honako kasu hauetan:

a) Jasotako diru-laguntza, osorik zein zatika, agindu honetan zehaztutakoez beste jardueretarako erabiltzea.

b) Honako agindu honen 15. artikuluan zehaztutako betebeharrak ez betetzea.

c) Hala badagokio, likidazio ebazpenak zehaztutako kopurua ez itzultzea horretarako emandako epean.

d) Beste xedapen batean, orokorrean, nahitaezkotzat jotzen diren gainerako egitekoak ez betetzea.

2.– Lehen ezarritako ez-betetzeak gertatzen badira, edo Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, edo agindu honetan ezarritakoak betetzen ez badira, diru-laguntzaren onuradunak itzuli beharko du berari eman eta berak hartutako diru-laguntza, bai eta aplikatu behar diren lege korrituak ere. Balizko horietan jokatuko da abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua arabera; izan ere, dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren diru-laguntzen berme eta itzulketen araubide orokorra araupetzen du, eta haien kudeaketan esku hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen ditu.

18. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.

Ordainketa bi zatitan egingo da:

a) Lehenengo ordainketan diru-laguntza osoaren ehuneko berrogeita hamabosta (% 55) ordainduko da, ebazpena jakinarazi eta hamar (10) egun balioduneko epea amaitzen denetik bi (2) hilabeteko epean. Dena den, hamar (10) egun balioduneko epe hori baino lehen HPSn onarpen-agiria jasotzen bada, ordainketa bideratzen hasiko da.

b) Bigarren ordainketan, hala badagokio, gainerako ehuneko berrogeita bosta (% 45) ordainduko da, diru-laguntza justifikatzeko agiri guztiak jaso eta ontzat hartu ondoren, hilabeteko epean. Bigarren ordainketa 2014. urtean egingo da.

19. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

2014ko apirilaren 10a baino lehen aurkeztu beharreko dokumentazioa:

1. EBPNren diseinua, lehenengoz egin den kasuetan.

1.1. EBPNren diseinua eta 2014ko kudeaketa plana Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzara bidali beharko dira, udalbatzaren onarpenari atxikita. EBPNren diseinua eta berari dagokion kudeaketa plana helarazteko, HPSk EBPNren kudeaketarako eta jarraipenerako eskaintzen duen IRATI aplikazioa erabili behar da.

1.2. EBPNren diseinua lehen aldiz egiteko aurrekontu likidatua, entitate onuraduneko idazkariak edo idazkari kontu-hartzaileak egiaztatua.

2. EBPNko ekintzak garatu diren kasuetan.

2.1.– IRATI aplikazioan adierazi beharko da EBPN garatzeko ekintza bakoitzaren betetze maila.

2.2.– Materiala sortzen denean (katalogoak, kartelak, agiri grafikoak etab.), sortzen den materialaren ale bana bidali behar da, euskarri elektronikoan edo paperean. Horretarako IRATI aplikazioa erabil daiteke, ekintza bakoitzaren barnean dagoen «Jarraipena/Dokumentazioa» atala, hain zuzen ere. Horrez gain, Justifikazioa-Materiala izeneko orria bete behar da.

2.3.– Euskara sustatzeko aurrekontu likidatua, entitate onuraduneko idazkari kontu-hartzaileak edo kontu-hartzaileak egiaztatua.

Era berean, xede berbererako jasotako bestelako diru-laguntzak adierazi behar dira, baldin eta aurretik adierazi ez badira, eskatzaileak eskabidea aurkezterakoan haren eragina ezagutzen ez zuelako.

20. artikulua.– Jarraipen-batzordea.

Beraren zeregin nagusia izango da justifikaziorako aurkeztutako dokumentazio guztia aztertu eta ontzat hartzea, bai eta azterketa horren ondorioz bideratutako ordainketa osoa edota likidazio ebazpenaren inguruko proposamenak Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egitea. Honako hauek osatuko dute jarraipen batzordea:

– Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria, batzordearen buru.

– Herri administrazioetan erabilera planak jarraitzeko arduraduna.

– Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzako teknikaria.

21. artikulua.– Ebazpenaren aldaketa eta likidazio ebazpena.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen bada, diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen dela, diru-laguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da. Hori dela eta, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak bidezko likidazio ebazpena emango du, eta, ebazpen horretan, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berregokituko da.

2.– Honako agindu honen pentzudan emandako diru-laguntzaren onuradunak eman eta eskuratutako zenbatekoa eta legez aplikagarriak izan daitezkeen interesak itzuli behar ditu, honako kasu hauetakoren bat gertatuz gero: diru-laguntza horretarako eskatu eta eman zeneko zertarakoetarako ez erabiltzea, diru-laguntzaren jatorri izan zen ekintzarako ez erabiltzea, horietarako eskatu zeneko helburu jakinetan erabili dela ez justifikatzea edo, oro har, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuena) 50.2 artikuluan ezartzen diren eginbeharrak ez betetzea. Aurreko hori abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan esandakoaren arabera egingo da, non EAEren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen baitu eta horien kudeaketan parte hartzen duten Entitate Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen baititu.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Lehenengoa.– 1. artikuluan jaso den guztirako zenbatekoa aldatu ahal izango da, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailean beste programa batzuk bideratu ondoren aurrekontuak agortu gabe geratu badira. Adierazitako aldaketa gertatuz gero, haren berri Hizkuntza Politikarako sailburuordearen ebazpen baten eman beharko da, laguntzak ebatzi baino lehen.

Bigarrena.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzak jakinarazten dizu eman dituzun eta zure eskabidean agertzen diren datuak Eusko Jaurlaritzaren «Ayudas y Subven. Planes de Euskera» izeneko fitxategian sartu direla. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritza da fitxategi horren titularra eta 2006ko uztailaren 27ko Aginduan sortzeko arauan araututa dago. Fitxategiak laguntza emateko espedienteak kudeatzea du helburu. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Agentziari eman zaio horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun neurriak ezarrita ditu. Fitxategiaren datuak, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik.

Datu pertsonalen babesari buruz indarrean dauden arauei jarraiki, eskatzaileak badu sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideez baliatzea, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoak berariaz aitortzen duen bezala. Horretarako, baduzu Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzara jotzea (Donostia kalea, 1, 01010, Gasteiz).

Herri Administrazioak erkatu ahal izango ditu adierazitako datuak, eta berariazko egiaztapenak egin ahal izango ditu laguntzak behar bezala esleitzeko.

Hirugarrena.– Toki-entitateek bidalitako dokumentazioaren inguruan sor litezkeen zalantzak argitze aldera, HPSk informazio gehigarria eskatu ahal izango du.

Ebazteko eskumena daukan organoak uste badu ez daukala eskabide bat ebazteko behar duen informazio guztia, beharrezko informazio gehigarria eskatu ahal izango dio eskatzaileari.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka interesdunak aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzen-zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietarako Salan bi hilabeteko epean, honako agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena.– Agindu honetako euskarazko eta gaztelaniazko testuen artean interpretazio auzia sortuko balitz, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, hura hartuko litzateke aintzat.

Hirugarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean izango du eragina agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko maiatzaren 2a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala