Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

237. zk., 2012ko abenduaren 10a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
5469

3/2012 FORU DEKRETU-ARAUA, uztailaren 27koa, Zergadun Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zerga, Balio Erantsiaren gaineko Zerga, zerga bereziak eta Jokoaren gaineko Zerga aldatzen dituena.

Berriki hiru xedapen onartu eta argitaratu dira estatuan: batetik, maiatzaren 11ko 18/2012 Errege Dekretu Legea, finantza sektoreko aktibo higiezinen saneamendu eta salmentari buruzkoa; bestetik, ekainaren 29ko 2/2012 Legea, Estatuaren 2012. urterako Aurrekontu Orokorrak onar-tzen dituena; eta, azkenik, uztailaren 13ko 20/2012 Errege Dekretu Legea, aurrekontu egonkortasuna bermatu eta lehiakortasuna sustatzeko neurriei buruzkoa. Eta horrek aldaketak eragin ditu Zergadun Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergan, Balio Erantsiaren gaineko Zergan eta zerga berezietan.

Zehazki, maiatzaren 11ko 18/2012 Errege Dekretu Legeak, amaierako bigarren xedapenaren bitartez, aldaketa bat sartu du martxoaren 5eko 5/2004 Errege Dekretu Legegilean, Zergadun Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren Legearen testu bategina onartzekoan. Aldaketa horren xedea da Espainian establezimendu iraunkorrik gabe lortzen diren ondare irabaziak partzialki salbuestea aipatutako errege dekretu legea indarrean jartzen denetik 2012ko abenduaren 31ra bitartean eskuratutako hiri ondasun higiezinen eskualdaketatik datozenean.

Estatuaren 2012. urterako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen ekainaren 29ko 2/2012 Legeak ere zenbait aldaketa sartu ditu Zergadun Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergan, betiere indarrean dagoen araudia Europar Batasuneko ordenamendura egokitze aldera. Besteak beste ezarri du Espainian egoiliar diren sozietate filialek Europar Batasuneko beste estatu bateko sozietate nagusien alde banatutako etekinei aplikatzen zaien salbuespena Europako Espazio Ekonomikoko estatuetara ere zabalduko dela.

Balio Erantsiaren gaineko Zergan eta zerga berezietan sartu diren aldaketak 2/2012 Legean dauden jasota, eta izaera teknikoa dute. Kasu bietan, Espainiako ordenamendua Europar Batasuneko araudira nahitaez egokitu beharrak eragin ditu aldaketa horiek.

Uztailaren 13ko 20/2012 Errege Dekretu Legeak, aurrekontu egonkortasuna bermatu eta lehiakortasuna sustatzeko neurriei buruzkoak, aldaketak sartzen ditu Balio Erantsiaren gaineko Zergan eta Tabako Laboreen gaineko Zerga Berezian. Hala ere, Foru Dekretu Arau honek soilik onartuko ditu berehala aplikagarri diren neurri fiskalak, hau da, Tabako Laboreen gaineko Zerga Bereziari dagozkionak.

Zerga honi dagokionez, 2012ko uztailaren 15etik aurrera, gutxieneko tasa bat ezartzen da zigarro eta zigarrotxoetarako, eta gutxieneko tasa igotzen da tabako xehearen kasuan.

Maiatzaren 23ko 12/2002 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Ekonomia Ituna onartzen duenak, 21., 26. eta 33. artikuluetan hurrenez hurren jasotzen duenez, Zergadun Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zerga, Balio Erantsiaren gaineko Zerga eta zerga bereziak tributu itunduak dira. Bertan xedatutakoaren arabera, lurralde historikoetako erakunde eskudunek Estatuak une bakoitzean ezarrita dituen edukizko eta formazko arau berberak aplikatu behar dituzte zerga horiek kudeatzeko, salbuespen bat eginda: egoitza atzerrian duten pertsona edo entitateek Euskal Autonomia Erkidegoan helbideratuta dituzten establezimendu iraunkorren Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari dagokionez, haiei Sozietateen gaineko Zergaren araudi autonomoa aplikatuko zaie.

Aurreko horretan oinarritua, beharrezkoa da maiatzaren 11ko 18/2012 Errege Dekretu Legean, ekainaren 29ko 2/2012 Legean eta uztailaren 13ko 20/2012 Errege Dekretu Legean sartu diren aldaketak Gipuzkoako zerga araudira ekartzea.

Bestetik, Jokoaren gaineko Zergari dagokionez, beharrezkoa da bingo elektronikoaren tribu­tazioa arautzea, datorren abuztuaren 14an amaituko baita joko modalitate horretarako indarrean dagoen frogaldia, hain zuzen Eusko Jaurlaritzako Hauteskunde Administrazioaren, Jokoaren eta Ikuskizunen Zuzendaritzak ezarria. Hori dela eta, presazkoa da joko mota horretarako tributazio araubide bat sortzea, zerga horren araudian ez baitago horrelako bat jasota.

Uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 14. artikuluan xedatzen du presazko arrazoiak daudenean Diputatuen Kontseiluak behin-behineko arau xedapenak eman ahal izango dituela; xedapen berezi horiek foru dekretu arauak izango dira eta ezin eragingo diete foru organoen antolaketari, araubideari eta funtzionamenduari.

Foru dekretu arauak Batzar Nagusietan eztabaidatu eta osorik bozkatu behar dira berehala, berretsiak izateko.

Horiek horrela, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Zergadun Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zerga aldatzea.

Aldaketa hauek egiten dira Zergadun Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren apirilaren 26ko 2/1999 Foru Arauan:

Bat.– 2012ko uztailaren 1etik aurrerako ondorioekin, honela idatzita geratzen da 13. artikuluaren 1. apartatuko g) letra:

«g) Lurralde espainiarrean egoitza duten sozietate filialek Europar Batasuneko beste estatu batzuetako sozietate nagusi egoiliarrei edo hauek beste estatu kide batzuetan dituzten establezimendu iraunkorrei banatutako mozkinak, beharkizun hauek betetzen badira:

1.– Sozietate biak Europar Batasuneko estatuetan entitate juridikoen mozkinak kargatzen dituzten zergetako bati lotuta eta ez salbuetsita egotea (mozkin horiek Europako Kontseiluaren 1990eko uztailaren 23ko 90/435/EEE Zuzentarauak, estatu kide desberdinetako sozietate nagusi eta filialen araubideari buruzkoak, 2.c) artikuluan aipatuak dira), eta establezimendu iraunkorrak zergari lotuta eta salbuetsi gabe egotea horiek kokatuta dauden estatuan.

2.– Mozkinaren banaketa sozietate filiala likidatzearen ondorioa ez izatea.

3.– Sozietate biek Europako Kontseiluaren 1990eko uztailaren 23ko 90/435/EEE Zuzentarauak, estatu kide desberdinetako sozietate nagusi eta filialen araubideari buruzkoak (abenduaren 22ko 2003/123/EEE Zuzentarauaren bidez aldatuak), eranskinean jasotako formetako bat hartzea.

Beste sozietate baten kapitalean gutxienez zuzeneko edo zeharkako 100eko 5eko partaidetza duen entitatea hartuko da sozietate nagusitzat. Beste entitatea, berriz, sozietate filiala izango da. Beharrezkoa izango da aipatutako partaidetza etenik gabe eduki izana banatzen den mozkina exijigarri den egunaren aurreko urtean edo, bestela, behar den denboran eduki beharko da urtebetea osatu arte. Azken kasu horretan, ordaindutako epe hori amaitu ondoren itzuliko da zerga kuota.

Orobat, entitate bat sozietate nagusi dela joko da baldin eta, aipatutako partaidetza portzentajea aurretik izan duelarik, eta partaidetza hori eskualdatu gabe, portzentaje hori gutxienez 100eko 3raino murriztu badu eragiketa hauetako bat egin delako: Sozietate filialak bat egitea, bereiztea, aktiboak ekartzea edo baloreak trukatzea, europar sozietate baten edo europar sozietate kooperatibo baten zerga helbidea horrelako eragiketetarako Sozietateen gaineko Zergan ezartzen den zerga araubide berezira bildutako Europar Batasuneko estatu batetik beste batera aldatzea, edo baloreak eskuratzeko eskaintza publikoen arloko eragiketa bat egitea. Sozietate nagusiaren izaera hori hiru urtez mantenduko da, eragiketa egiten denetik aurrera, betiere mozkinak banatzen diren ekitaldian partaidetza oso-osorik eskualdatzen ez bada edo partaidetza ehuneko 3ko gutxieneko portzentajearen azpitik geratzen bada.

Estatu kidean indarrean dauden legeen arabera zehaztuko da egoitza, zergapetze bikoitza saihesteko hitzarmenetan ezarritakoa eragotzi gabe.

Aurrekoa hala izanik ere, Ekonomia eta Ogasun Ministroak aitortu ahal izango du, elkarrekiko­tasun baldintzapean, g) letra honetan jasotakoa ondoko hauei ere aplikatu ahal izango zaiela: zuzentarauaren eranskinean jasotakoa ez bezalako forma juridikoa duten sozietate filialei batetik, eta sozietate nagusiei banatutako mozkinei bestetik, baldin eta, azken kasu horretan, sozietate nagusiak Espainian egoiliarra den sozietate filial baten kapitalean zuzenean edo zeharka duen gutxieneko partaidetza 100eko 5ekoa bada. Gutxieneko partaidetza hori 100eko 3koa izan daiteke eragiketa hauen kasuan: sozietate filialak bat egitea, bereiztea, aktiboak ekartzea edo baloreak trukatzea, europar sozietate baten edo europar sozietate kooperatibo baten zerga helbidea horrelako eragiketetarako Sozietateen gaineko Zergan ezartzen den zerga araubide berezira bildutako Europar Batasuneko estatu batetik beste batera aldatzea, edo baloreak eskuratzeko eskaintza publikoen arloko eragiketa bat egitea, betiere g) letra honetan ezartzen diren gainerako baldintza guztiak betetzen badira.

Sozietate nagusiko boto eskubiderik gehiena, zuzenean edo zeharka, Europar Batasuneko estatuetan egoiliar ez diren pertsona fisiko edo juridikoen esku daudenean ez da aplikatuko g) letra honetan jasotakoa. Dena den, salbuespena egingo da sozietate nagusiak sozietate filialaren jarduera enpresarialekin zer ikusia duen jarduera enpresarial bat egiten duenean, bere helburua sozietate filiala bitarteko materialak eta giza baliabideak egoki antolatuz zuzentzea eta kudeatzea denean edota, azkenik, frogaturik uzten duenean sozietate filiala arrazoi ekonomiko zuzenengatik eratu dela eta ez, ordea, g) letra honetan jasotako araubideaz behar ez bezala gozatu nahi izateagatik.

Gainera, g) letra honetan xedatutakoa lurralde espainiarrean egoitza duten sozietate filialek Europako Espazio Ekonomikoko estatuetan dituzten sozietate nagusi egoiliarrei edo horiek beste estatu kide batzuetan dituzten establezimendu iraunkorrei banatutako mozkinei ere aplikatuko zaie, beharkizun hauek betetzen badira:

1.– Sozietate filialek egoitza duten Europako Espazio Ekonomikoko estatuek Espainiarekin izenpetzea nazioarteko zergapetze bikoitza saihesteko hitzarmen bat, informazioa trukatzeko klausula duena, edo bestela, zerga informazioa trukatzeko akordio bat.

2.– Sozietate horiek Europar Batasuneko estatuetan entitate juridikoen mozkinak kargatzen dituzten zergen baliokide den bati lotuta eta salbuetsi gabe egotea (mozkin horiek Europako Kontseiluaren 1990eko uztailaren 23ko 90/435/EEE Zuzentarauak, estatu kide desberdinetako sozietate nagusi eta filialen araubideari buruzkoak, 2.c) artikuluan aipatuak dira), eta establezimendu iraunkorrak zergari lotuta eta salbuetsi gabe egotea horiek kokatuta dauden estatuan.

3.– Europako Espazio Ekonomikoko kide diren estatuetan egoiliar diren sozietate nagusiek Europako Kontseiluaren 1990eko uztailaren 23ko 90/435/EEE Zuzentarauak, estatu kide desberdinetako sozietate nagusi eta filialen araubideari buruzkoak (abenduaren 22ko 2003/123/EEE Zuzentarauaren bidez aldatuak), eranskinean jasotako formen baliokideetako bat hartzea.

4.– g) letra honetan jarritako gaineko beharkizunak betetzea.»

Bi.– 2012ko maiatzaren 12tik aurrerako ondorioekin, xedapen gehigarri berria eransten da; hona hemen bere edukia:

«Bosgarrena.– Salbuespen partziala ondasun higiezin jakin batzuen eskualdaketatik eratorritako ondare irabazietan.

Ehuneko % 50eko salbuespena izango dute lurralde espainiarreko establezimendu iraunkorrik gabeko bitartekaritzarik gabe lortu diren eta Gipuzkoan kokatutako ondasun higiezinen besterentzetik eratorriak diren ondare irabaziek, baldin eta 2012ko maiatzaren 12tik aurrera eta 2012ko abenduaren 31ra bitartean eskuratu badira.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa ez da aplikagarria izango, kasu hauetan:

a) Pertsona fisikoak izanez gero, eskuratu edo eskualdatu bazaio ondasun higiezina ezkontideari, zergadunarekin zuzenean edo zeharka, odolkidetasunez edo ezkontza bidez, bigarren mailaraino, hori barne, ahaidetasun bidez lotutako edozein pertsonari, zergadunarekin edo aurretik aipatutako edozein pertsonarekin Merkataritza Kodearen 42. artikuluan jasotako zirkunstantzietako bat gertatzen den entitate bati, bizilekua edo urteko kontu bateratuak egiteko obligazioa kontuan hartu gabe.

b) Entitateak izanez gero, ondasun higiezina eskuratu edo eskualdatu zaionean zergadunarekin edo aurretik aipatutako edozein pertsonarekin Merkataritza Kodearen 42. artikuluan jasotako zirkunstantzietako bat gertatzen den pertsona edo entitate bati, bizilekua edo urteko kontu bateratuak egiteko obligazioa kontuan hartu gabe, edo aurretik aipatutako pertsonaren ezkontideari edo harekin zuzenean edo zeharka, odolkidetasunez edo ezkontza bidez, bigarren mailaraino, hori barne, ahaidetasun bidez lotutako edozein pertsonari.»

2. artikulua.– Balio Erantsiaren gaineko Zerga aldatzea.

2012ko uztailaren 1etik aurrerako ondorioekin, xedapen hauek aldatzen dira Gipuzkoako zerga araudia Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legera egokitzen duen abenduaren 29ko 102/1992 Foru Dekretuan:

Bat.– Honela idatzita geratzen da 13. artikuluaren 1. zenbakiko g) letra:

«g) Batasunaren lurraldean kokatutako gas naturaleko sare baten bidez edo sare horri lotutako edozein sareren bidez egiten diren gas salmentei, elektrizitate entregei edo berotze edo hozte sareen bidez egiten diren bero edo hotz entregei dagozkien ondasun eskurapenak, betiere 68. artikuluaren zazpi apartatuaren arabera zergaren aplikazio lurraldean egindakotzat jotzen direnean.»

Bi.– Honela idatzita geratzen da 70. artikuluaren bat apartatuko 5. zenbakiko A) letra:

«5. A) Jatetxe eta catering zerbitzuak, ondorengo kasuotan:

a) Europar Batasunaren barruan bidaiariak garraiatzean, garraio zati horretan itsasontzi, hegazkin edo trenean ematen zaizkien zerbitzuak, bidaiaren irteera lekua zergaren aplikazio lurraldean dagoenean. Joan-etorriko garraioa denean, itzulerako bidaia bestelako garraiotzat hartuko da.

b) Gainerako jatetxe eta catering zerbitzuak, materialki zergaren aplikazio lurraldean egiten direnean.»

Hiru.– Honela idatzita geratzen da 84. artikuluaren lehen apartatuko 4. zenbakia:

«4.– Aurreko zenbakietan xedatutakoa eragotzi gabe, 68. artikuluaren zazpigarren apartatuan ezarritakoagatik zergaren aplikazio lurraldean egindakotzat jotzen diren gas eta argindar salmentak edo berotze edo hozte sareen bidez egiten diren bero edo hotz entregak jasotzen dituzten enpresari edo profesionalak eta, orobat, enpresari edo profesional moduan jarduten ez duten pertsona juridikoak, baldin eta salmenta hori lurralde horretan finkaturik ez dagoen enpresari edo profesional batek egiten badu eta hartzaile horiek jakinarazi badiote zer identifikazio zenbaki eman dien Espainiako Administrazioak Balio Erantsiaren gaineko Zergaren ondorioetarako.»

3. artikulua.– Zerga bereziak aldatzea.

Lehenengoa.– 2012ko uztailaren 1etik aurrerako ondorioekin, honela aldatzen da martxoaren 3ko 20/1998 Foru Dekretua, Gipuzkoako zerga araudia Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legean xedatutakora egokitzen duena:

Bat.– Honela idatzita geratzen da Hidrokarburoen gaineko Zergaren 1. tarifaren 1.2.1 epigrafea, 50.1 artikuluan jasota dagoena:

«1.2.1 epigrafea. Berunik gabeko gasolinak, 98 oktanaje indizea edo handiagoa dutenak: 431,92 euro 1.000 litro bakoitzeko.»

Bi.– Honela idatzita geratzen da Hidrokarburoen gaineko Zergaren 1. tarifaren 1.11 epigrafea, 50.1 artikuluan jasota dagoena:

«1.11 epigrafea. Erabilera orokorreko kerosenoa: 306 euro 1.000 litro bakoitzeko.»

Bigarrena.– 2012ko uztailaren 15etik aurrerako ondorioekin, honela idatzita geratzen dira Gipuzkoako zerga araudia Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legean xedatutakora egokitzen duen martxoaren 3ko 20/1998 Foru Dekretuko 60. artikuluaren 1. eta 3. epigrafeak:

«1. epigrafea. Zigarroak eta zigarrotxoak: salbu hurrengo paragrafoan araututakoa aplikagarri zaien kasuetan, zigarroak eta zigarrotxoak 100eko 15,8an zergapetuko dira.

Zigarroak eta zigarrotxoak 32 euroko tasa bakarrean zergapetuko dira 1.000 unitate bakoitzeko, aurreko portzentajezko tasa aplikatuta ateratzen den kuota tasa bakarraren zenbatekoa baino txikiagoa denean.»

«3. epigrafea. Tabako xehea: hurrengo paragrafoa aplikagarria den kasuak kenduta, tabako xehea tasa hauek aplikatuta zergapetuko da aldi berean:

a) Tasa proportzionala: 100eko 41,5.

b) Berariazko tasa: 8 euro kilogramoko.

Tabako xehea 80 euroko tasa bakarrarekin zergapetuko dira kilogramoko, aurreko a) eta b) letretako tasak aplikatuta ateratzen diren kuoten batura tasa bakarraren zenbatekoa baino txikiagoa denean.»

Artikulu 4.– Jokoaren gaineko Zergaren aldatzea.

2012ko abuztuaren 15etik aurrerako ondorioekin, honela aldatzen da Gipuzkoako Jokoaren gaineko Zergaren otsailaren 1eko 1/2005 Foru Araua:

Bat.– Honela idatzita geratzen da 3. artikulua:

«3. artikulua.– Zerga-gaia.

Jokoaren gaineko Zergaren zerga-gaia izango da ondoko joko hauek antolatzea edo egitea, edozein izanik horiek egiteko eskuzko bitartekoa, teknikoa, telematikoa edo interaktiboa:

– Kasino jokoak.

– Bingoa, bingo elektronikoaren modalitatea barne.

– Apustuak.

– Boletoak.

– Joko makinak.

– Errifak.

– Tonbolak.

– Ausazko konbinazioak.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Joko Katalogoan sartuta dagoen beste edozein joko.»

Bi.– Honela idatzita geratzen da 7. artikuluaren bigarren apartatuko b) letra:

«b) Bingo jokoan, oinarri ezargarria izango da jokalariek kartoiak erosteagatik ordaindu duten kopuru osoa, inolako murrizpenik egin gabe. Bingo elektronikoko jokoaren modalitatean, oinarri ezargarria izango da jokatutako zenbatekoaren eta sarietara zuzendutako zenbatekoaren arteko diferentzia, jokoa egiten den areto edo lokal bakoitzari egotzi dakiokeena.»

Hiru.– Honela idatzita geratzen 8 bis artikulua:

«8 bis artikulua.– Bingo jokoari aplikatzeko zerga tasak.

Bingo jokoaren zerga tasa 100eko 18,4 izango da. Bingo elektronikoko jokoaren modalitatetan, zerga tasa 100eko 25 izango da.»

AMAIERAKO XEDAPENA

Foru dekretu-arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean, bere xedapenetan espresuki jasotzen diren ondorioak eragotzi gabe.

Donostia, 2012ko uztailaren 27a.

Diputatu nagusia,

MARTIN GARITANO LARRAÑAGA.

Ogasuna eta Finantza Departamentuko foru-diputatua,

HELENA FRANCO IBARZABAL.


Azterketa dokumentala