Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

101. zk., 2011ko maiatzaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia eta Herri Administrazio Saila
2841

AGINDUA, 2011ko maiatzaren 4koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, «Fundación Zain Fundazioa» Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

«Fundación Zain Fundazioa» Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea ikusi eta aztertu da.

AURREKARIAK

1.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Gasteizko Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateak, 2011ko apirilaren 26an, «Fundación Zain Fundazioa» eratu dute, eta espedientean den dokumentazioa aurkeztu dute.

2.- Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoa bildu zen fundazioaren helburuak zilegi eta guztiontzako onuragarri direla egiaztatzeko, eta 2011ko maiatzaren 4an, fundazioa erregistroan inskribatzearen aldeko txostena eman du.

3.- «Fundación Zain Fundazioa»ren estatutuetako 3. artikuluan ezartzen denez, kultura-ondarearen arloko zientzien gaineko estudioak eta ikerketa sustatzea du helburu delako fundazioak. Eta helburu hori lortzearren, fundazioak, besteak beste, honako jarduerak burutuko ditu:

1) Teknologia erakarri eta transferitzeko zentro bat mantentzea, zertarako-eta kultura-ondarearen arloko zientzien gaineko estudioak eta ikerketa gauzatzeko, eta, halaber, ondare hori garatu eta kontserbatzearen arloan.

2) Goi-mailako hezkuntzaren europar espazio berriaren markoan graduondoko ikaskuntzak ematea, eta kurtsoak, mintegiak eta biltzarrak antolatzea.

3) Aipatu ikerketa-zentroaren bitartez, direlako materiei dagokienez, aholkularitza- eta informazio-zerbitzuak ematea, nori-eta enpresa publiko eta pribatuei, elkarteei eta interesik duten gainontzeko pertsona eta entitateei.

4) Arloan espezializatutako aldizkariak eta argitalpenak editatuko dira.

5) Beka edo laguntza, sari eta abarrak sustatzea.

6) Fundazioaren helburuak gauzatzeko lagungarri izan daitekeen beste edozein.

4.- Estatutuetako 5. eta 6. artikuluetan xedatzen denarekin bat etorriaz, Maturana Berastegi Jauregian, Gasteizko gune historikoan (Araba), kokatuko da Fundazioaren egoitza. Euskal Autonomia Erkidegoan nagusiki burutuko ditu bere jarduerak Fundazioak. Hala ere, bere helburua eta bere hartu-eman zientifikoak eta administratiboak direla-eta, eremu hura Estatutura, Europar Batasunera eta, oro har, nazioartera hedatzen da.

5.- Hasierako dotazioa 30.000 eurokoa da. Kopuru hori ordaindu dela -agiri biez- jasota geratu da erregistro-inskripzioko espedientea, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak 37.1.c) artikuluan.

6.- Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek dohainik beteko dituzte beren egitekoak, fundazioaren estatutuetan xedatutakoaren arabera.

7.- Patronatuko kideak, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hasieran hauek izango dira (2016-04-15era arteko iraupena izango dute karguok):

- Antonio Rivera Blanco, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordea, Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuordeak izendatua.

- Jose Luis Iparragirre Mujika, Kultura Ondarearen zuzendaria, Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuak izendatua.

- Maite Berrocal Cebrián, Vitoria-Gasteizko alkateak izendatua.

- Begoña Anda Apodaca, Vitoria-Gasteizko alkateak izendatua.

- Eugenio Ruiz Urrestarazu, Arabako Campuseko erretoreordea, Euskal Herriko Unibertsitateko erretoreak izendatua.

- Miguel Ángel Gutiérrez Ortiz, Ikerketako erretoreordea, Euskal Herriko Unibertsitateko erretoreak izendatua.

Guztiek onartu dituzte dagozkien karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan ezarritako moduetariko baten arabera. Patronatuko kargudunak izendatzea, eta izendatzen diren pertsonek haiek onartzea, Patronatuaren lehen batzarrean gauzatuko da.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.- Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari dagokio Fundazioaren eraketa inskribatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala agintzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan, eta Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuaren 4. artikuluan.

Bigarrena.- Horretarako legitimazioa daukan pertsona batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki bete egin dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36. artikulutik 39.era bitartekoetan ezarritako eskakizunak.

Aipatutako arauak eta, oro har, kasu honetan aplika daitezkeen gainerakoak ikusirik, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- Gaur, F-297 zenbakiaz, Vitoria-Gasteizko (Araba) «Fundación Zain Fundazioa» Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea, bai eta patronatuko hasierako osaera ere. Patronatuko kideak zazpigarren egitate-aurrekarian aipatzen dira, eta guztiek modu adieraziz onartu dituzte beren karguak, hain zuzen ere Euskal Autonomia Erkidegoko Elkargoko notario den Alfredo Pérez Ávila jaunaren aurrean, 2011ko apirilaren 26an, egiletsitako eskritura publikoan jasotako zehaztapenekin bat etorriaz (Protokolo.zk.: 1102).

Bigarrena.- Fundazio hori, bere helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 1. sekzioan inskribatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Hirugarrena.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta fundazioari bidaltzea.

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio; eta beraz, bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari, agindua jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera hil biko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko maiatzaren 4a.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala