Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

243. zk., 2009ko abenduaren 18a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
6638

608/2009 DEKRETUA, azaroaren 24koa, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreko arlo zientifiko eta teknologikoan eta enpresa-arloan ikertzaile eta teknologo gazteak prestatzeko laguntzak ematen zituen Dekretua aldatzen duena.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak badaki garrantzitsua dela teknikariak gaitzea EuskalaAutonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreko ikerketa, garapen eta berrikuntzaren arloan, bai alderdi teknologikoei dagokienez bai merkatuei, marketing-ari eta enpresa-antolakuntzari dagokienez proposatutako helburuak lortzeko.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak eskaintzen dituen laguntza batzuen esparru generikoa finkatzen du urriaren 23ko 185/2007 Dekretuak. Laguntza horien bitartez, enpresetara teknologoak sar daitezen bultzatu nahi du Sailak, hartara sektorera teknologia berriak hurbiltzeko eta, aldi berean, giro berritzailea sortzeko, hala enpresetako lehiakortasuna areagotu bailiteke.

Goi Hezkuntzako Europako Esparrua eraikitzeko prozesutik datozkigun arautegi akademikoaren aldaketak direla medio, beharrezkoa da laguntzen programa araudi berri horretara egokitzea.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Dekretu hau prestatu du Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22.era bitartean xedatutakoa kontuan harturik.

Beraz, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak halaxe proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2009ko azaroaren 24an egindako bileran gaia aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Lehenengo artikulua.- Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikadura sektoreko esparru zientifiko eta teknologikoan eta enpresetan ikertzaile eta teknologo gazteak trebatzeko laguntzak arautzen zituen urriaren 23ko 185/2007 Dekretuaren azalpen-zatia aldatzea.

Azalpen-zatiko 3. paragrafoaren hasiera honela gelditzen da idatzita:

«Prestakuntza-ekintza hauen bidez, batetik, teknologia- eta ikerketa-zentroetan eta enpresetan funtsean ikerketa eta garapen teknologikoko jarduerak egiteko langile tekniko eta zientifikoak espezializatu nahi dira, sektorerako interes handikoak diren eta etorkizuna duten lehentasunezko ildoetan ikerketa-taldeak finkatzeko beharrari erantzuna emateko; eta, bestetik, teknologoak gaitu nahi dira sektoreko enpresetan, nagusiki garapen teknologikoko eta enpresa-berrikuntzako arloetan. Hala, enpresetan teknologoak sartzea bultzatu nahi da, hartara sektorea teknologia berrietara hurbilaraz dezaten eta, era berean, enpresen lehiakortasuna areagotu lezakeen berrikuntza-giroa bultzatzeko».

Bigarren artikulua.- Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikadura sektoreko esparru zientifiko eta teknologikoan eta enpresetan ikertzaile eta teknologo gazteak trebatzeko laguntzak arautzen zituen urriaren 23ko 185/2007 Dekretuaren 1. artikulua aldatzea. Xedea.

1. artikuluko 2. paragrafoa honela idatzita gelditzen da:

«2.- Prestakuntzarako laguntza hauek goi-mailako tituluak, erdi mailakoak eta Lanbide Heziketako 2. zikloak egin dituzten gazteentzako dira, eta lagungarri izango zaizkie Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektorekako lehentasunezko gaietan gaitu eta espezializa daitezen, doktorego-tesiak eginda edo ikerketa, garapen teknologiko eta berrikuntza proiektuak eginda. Bi laguntza-programa ezarri dira:

A) Prestatzen ari diren ikertzaile gazteentzako laguntza-programa.

B) Prestatzen ari den teknologo gazteentzako laguntza-programa.

Eskatzaileak goi- edo erdi-mailako titulua badu, bi programatan parte hartzea eskatu ahal izango du, eta LH II-ko titulua badu, teknologoen programan baino ez. Hala ere, ematen zaion laguntza horietako bakarra garatzeko baino ez da izango».

Hirugarren artikulua.- Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikadura sektoreko esparru zientifiko eta teknologikoan eta enpresetan ikertzaile eta teknologo gazteak trebatzeko laguntzak arautzen zituen urriaren 23ko 185/2007 Dekretuaren 5. artikulua aldatzea. Onuradunak.

5. artikuluko c) idatz-zatia honela idatzita gelditzen da:

«c) Prestatzen ari diren ikertzaile gazteentzako laguntzak eskuratzeko behar den goi-mailako unibertsitate-titulua edukitzea edo doktoretza egitea eskatu ahal izateko baldintzak betetzea.

Teknologoak trebatzeko laguntzak jaso ahal izango dituzte goi- edo erdi-mailako unibertsitate-tituluak dituztenek, eta goi-mailako heziketa-zikloa edo bigarren zikloko lanbide heziketa (LHII) egin dutenek. Titulu guztiek ofizialki onartutakoetara homologatuta egon behar dute».

Laugarren artikulua.- Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikadura sektoreko esparru zientifiko eta teknologikoan eta enpresetan ikertzaile eta teknologo gazteak trebatzeko laguntzak arautzen zituen urriaren 23ko 185/2007 Dekretuaren 8. artikulua aldatzea. Iraupena.

8. artikuluaren 1. ataleko lehen paragrafoa honela idatzita gelditzen da:

«1.-Laguntzek ondoz ondoko lau urteko iraupena dute, prestatzen ari diren ikertzaile gazteen kasuan; ondoz ondoko bi urtekoa edo urtebetekoa teknologo gazteak prestatzeko laguntzen kasuan; LHII titulua dutenen kasuan, urtebetekoa izango da».

AZKEN XEDAPENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean Dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2009ko azaroaren 24an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Ingurumen, Lurralde Plangintza,

Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.


Azterketa dokumentala